Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

10/2016 Legea, ekainaren 30ekoa, Legegintzako Herri Ekimena Arautzeari buruzkoa

2016-06-30

Erakundea: Euskal Autonomia Erkidegoa

Argitalpena: EHAA, 2016/07/07, 129. zk. eta EAO, 2016/07/21, 175. zk.

EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA

2016ko uztailaren 7a, 129. zenbakia

 

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA

3010

10/2016 LEGEA, ekainaren 30ekoa, Legegintzako Herri Ekimena arautzeari buruzkoa.

Eusko Legebiltzarrak 10/2016 Legea, ekainaren 30ekoa, Legegintzako Herri Ekimena arautzeari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

Euskal Herriko Legegintzako Herri Ekimenari buruzko ekainaren 26ko 8/1986 Legeak arautzen du zer modutan hartuko duten parte Autonomia Erkidegoko herritarrek legegintzan. Mende-laurden bat baino gehiago igaro da geroztik, eta denbora horretan ikusi da legea sobera murrizgarria eta eraginkortasun gutxikoa gertatu dela. Gainera, bitarte honetan oso aldaketa handiak izan dira gizartean, batez ere azken urteetan. Herritarrek adierazi dute ez daudela gustura sistema demokratikoaren gabeziekin eta hertsitasunekin, eta zuzenean parte hartu nahi dutela gai publikoetan. Hori dela eta, beharrezko da neurri berriak hartzea, edo lehendik ditugun tresnak hobetzea, erakundeak herritarrei hurbiltzeko eta eragiten dieten gai guztietan parte hartzera bultzatzeko edo parte-hartze hori errazteko.

Legegintzako herri-ekimena arautzen duen legea erreformatzeko proposamen honen bitartez lortu nahi da herritarrek eta gizarte-taldeek legegintzan errazago parte hartzea, gero Legebiltzarrean eztabaidatuko diren ekimenak proposatzeko aukera errazagoa emanez eta murriztapenak gutxituz.

Alde batetik, proposatzen da Ganberan legegintzako herri-ekimen (LHE) bat aurkezteko behar den sinadura-kopurua gutxitzea. Bestetik, gutxitu egin nahi dira LHE batean aurkezteko baztertuta dauden gaiak. Gainera, zabaldu egiten da eskaerak sina ditzaketen pertsonen aukera. Eta, azkenik, proposatzen da sustatzaileek hitza izan dezatela LHE bat Legebiltzarrean eztabaidatzen denean.

Neurri horiekin aukera emango litzaieke herritarrei gehiago parte hartzeko Legebiltzarrari dagokion legegintza-funtzioan, erakundeak herritarrei hurbilduz, eta, oro har, sistema demokratikoaren funtzionamendua hobetuz.

1. artikulua.– Legearen xedea eta pertsona legitimatuak.

1.– Lege honen xedea da Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 27.4 artikuluan aurreikusitako legegintzako herri-ekimena baliatzeko aukera arautzea.

2.– Euskal herritarraren izate politikoa daukaten eta hautesle-erroldan izena emanik dauden herritarrek legegintzako herri-ekimena baliatzeko aukera dute, lege honetan ezarritakoaren arabera.

3.– Era berean, legegintzako herri-ekimena gauzatzeko legitimaturik daude beren eskubide politikoez gabeturik ez dauden pertsonak, hauteskunde-legerian sufragio-eskubidea baliatzeko ezartzen den gutxieneko adina badute, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean helbidedun gisa behar bezala izena emanda badaude, Europar Batasuneko estatu kideetako herritarrak badira eta bizilekua atzerritartasunari dagokionez indarrean den legeriaren arabera badute.

2. artikulua.– Legegintzako herri-ekimenetik kanpo gelditzen diren gaiak.

Legegintzako herri-ekimenetik kanpo gelditzen dira gai hauek:

a) Autonomia Erkidegoaren legegintza-eskumenik gabeko gaiak, bai eta Autonomia Erkidegoko instituzio erkideen antolaketari, araubide juridikoari eta eskumenei eta lurralde historikoetako instituzioen eskumenei buruzkoak eta Autonomia Erkidegoaren lurralde-antolaketari dagozkion gaiak ere. Edonola ere, onargarriak izango dira honako helburu hau duten legegintzako herri-ekimenak: Autonomia Erkidegoari Konstituzioan aitortzen zaizkion ekimena izateko gaitasunak beste organo legegileen aurrean baliatzea.

b) Tributu-gaiak.

c) Autonomia Estatutuaren erreforma.

d) Jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzkoak.

e) Legegintza-ekimena eta -prozedura.

f) Hauteskunde-araubidea.

g) Autonomia Estatutuaren edo legeen arabera, Eusko Jaurlaritzaren ekimenekoak diren gaiak.

h) Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren edo gure ordenamendu juridikoaren parte diren giza eskubideei eta oinarrizko eskubideei buruzko nazioarteko beste itun eta akordioen aurka doazen ekimenak, bai eta aipatutako tresna horietan jasotzen diren eskubide zibil, politiko, ekonomiko sozial edo kulturalak deuseztatu nahi dituzten ekimenak ere.

3. artikulua.– Legegintzako herri-ekimenaren baldintzak.

Legegintzako herri-ekimena baliatzeko, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari aurkeztu behar zaizkio lege-proposamenak, gutxienez hamar mila herritarrek sinaturik. Sinatzaileek 1. artikuluko baldintzak bete behar dituzte, eta sinadurak lege honetan zehaztutakoaren arabera autentifikatu behar dira.

4. artikulua.– Prozeduraren hasiera.

1.– Prozedura hasteko, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari idazki bat aurkeztu beharko zaio, Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusiaren bidez. Idazki horretan honako hauek jasoko dira:

a) Proposatutako herri-ekimenaren xedea eta helburuak. Idazkian jasoko dira araugintzako ekimenaren edo lege-proposamenaren testu artikulatua, eta, horren aurretik, zioen azalpena.

b) Sinatzen dutenen arrazoiak, proposatutako araua tramitatzeko eta onartzeko. Horiekin batera, hala badagokio, arau horri eusteko asmoz egindako azterlan teknikoak, zientifikoak edo bestelako dokumentuak.

c) Proposatutako herri-ekimenaren babes- eta finantziazio-iturriak. Informazio hau aldian-aldian eguneratu beharko da, prozesuak irauten duen bitartean.

d) Herri-ekimenaren sustapen-batzordea osatzen duten pertsonen zerrenda. Horien guztien datu pertsonalak adierazi behar dira, eta baita nortzuk diren batzordearen ordezkaria eta ordezkariordea ere, lege honetan aurreikusita dauden ondorioetarako eta jakinarazpenak posible egiteko.

2.– Idazkiak bere baitan izango ditu aipatutako guztiak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean idatzita egon beharko da. Idazki hori sustapen-batzordeko kideek sinatu beharko dute, fisikoki edo elektronikoki.

3.– Eusko Legebiltzarreko zerbitzu-juridikoek aholkua emango diete sustapen-batzordeko kideei lege honetan ezartzen diren baldintza formal guztiak betetzeari dagokionez.

4.– Ekimena Legebiltzarraren bilkura-aldietatik kanpo aurkezten bada, epeak kontatzen hasiko dira dokumentazioa aurkeztu den bilkura-aldiaren hurrengo bilkura-aldia hasten denetik.

5.– Sustapen-batzordeak honako hauek zaindu beharko ditu:

a) Ekimenaren finantziazioa gardena izatea, eta lortutako diru-sarrerak zuzentasunez erabiltzea ekimenaren helburua betetzeko.

b) Datu pertsonalak modu egokian jaso, zaindu eta erabiltzea, aintzat hartuta bai indarrean dauden arauak, bai datu horiek jasotzeko helburuak.

c) Dagokion kanpainako adierazpenetan ez izatea difamaziorik, kalumniarik, gezurrik edo, beste moduren batean, hitz kaltegarririk.

Ondorioz, apartatu honetan zehaztutako eskubide eta betebeharrak behatzeko ardura izango du sustapen-batzordeak. Bere ardura izango dira, halaber, araugintzako edo legegintzako herri-ekimen bat antolatzearen ondorioz gertatu daitezkeen kalteak, eta sustatzaileei legez dagozkien isunak ezarri ahal izango zaizkie.

6.– Sustapen-batzordea hiru pertsonak, gutxienez, osatuko dute, zeinek bete beharko dituzten 1. artikuluan ezarritako baldintzak eta, gainera, beste hauek ere bai:

a) Hauteskunde-legerian sufragio-eskubidea baliatzeko ezarritako gutxieneko adina edukitzea.

b) Eusko Jaurlaritzako edo Legebiltzarreko kideak ez izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako aldundietako edo batzar nagusietako kideak ez izatea.

d) Gorte Nagusietako kideak ez izatea.

e) Europako Parlamentuko kideak ez izatea.

f) Udaletako kideak ez izatea.

7.– Sustapen-batzordeak ordezkari bat eta ordezkariorde bat izendatuko ditu. Prozesu osoan zehar, ordezkari horiek izango dira batzordearen eta Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen arteko bitartekariak, eta gaituta egongo dira batzordearen izenean hitz egiteko eta jarduteko.

5. artikulua.– Onartzeko tramitea.

1.– Eusko Legebiltzarreko Erregistro Orokorrak:

a) Proposatutako herri-ekimena erregistro-zenbaki bakar batez erregistratuko du.

b) Erregistro-baieztapena bidaliko dio sustapen-batzordeari.

2.– Legebiltzarreko Mahaiak:

a) Aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du.

b) Aurkeztutako dokumentazioaren azterketaren arabera erabakiko du ekimena tramitatzeko onartzea edo ez onartzea.

3.– Egiaztatuko balitz Legebiltzarrean tramitatzen ari dela lege-proiektu edo lege-proposamen bat herri-ekimenaren gai berarekin, Legebiltzarreko Mahaiak aukera izango du gai bereko ekimenaren legegintza-prozedura etetea erabakitzeko eta Legebiltzarrean dagokion batzordearen aurrean agerraldia egitea eskatzeko herri-ekimenaren sustapen-batzordeari. Legebiltzarreko tramiteak aurrera jarraituko du agerraldi hori egindakoan edo sustapen-batzordea hiru aldiz deitu eta hiruretan ez agertzea gertatu arte.

4.– Herri-ekimena tramitatzeko onartzen bada, Legebiltzarreko Mahaiak dagokion batzorde parlamentarioaren aurrean egin beharreko agerraldiak eskatu ahal izango ditu Osoko Bilkurak herri-ekimena aintzat hartu aurreko epean, eta orobat eskatu ahal izango ditu erregistratutako legegintza-ekimenen kostuari eta bideragarritasunari buruzko azterlan eta txosten teknikoak. Aipatutako azterlan eta txostenak Legebiltzarreko Osoko Bilkurak ekimena aintzat hartu aurretik argibideak emateko erabiliko dira.

5.– Azterlanak eta txostenak ikusita, aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du Legebiltzarreko Mahaiak. Eta ekimena erregistratu ondorengo hogeita hamar eguneko epean ekimena onartzen duen ala ez adieraziko du, horren ondorioz tramitatu ahal izateko, lege honetan ezarritakoari jarraituz. Sustapen-batzordeari jakinaraziko zaizkio bai hartutako ebazpena bai jasotako azterlanak eta txostenak, ondorio guztietarako. Ekimena ez bada onartzen, ukatzeko arrazoien berri emango zaio sustapen-batzordeari eta, horrekin batera, jakitera emango zaio zein baliabide dituen eskura epaitegien aurrean eta epaitegietatik kanpo ere.

6.– Proposamena ez onartzeko kausa izango dira:

a) Gaia lege honen 2. artikuluan baztertuetako bati buruzkoa izatea.

b) Lege honen 4. artikuluko baldintzak ez betetzea. Hala ere, izandako akatsa konpontzeko modukoa bada, Legebiltzarreko Mahaiak hala jakinaraziko dio sustapen-batzordeari, hilabeteko epean konpon dezan, hala badagokio.

c) Testuaren gaiak askotarikoak edo elkarrekin homogeneotasunik ez dutenak izatea.

d) Legegintzaldi berean aurkeztu eta eztabaidatu den beste herri-ekimen baten eduki bera edo funtsean berdina izatea.

e) Legebiltzarrean tramitatzen egotea lege-proiektu edo lege-proposamen bat herri-ekimenaren gai berarekin.

7.– Proposatutako herritarren ekimenak, erregistratzen direnean, argitaratu egingo dira horretarako ezarritako mekanismoen bidez eta komunikatu egingo dira. Jasotako dokumentazioaren kopia bat bidaliko zaie Eusko Jaurlaritzari eta ekimenak eragin ditzakeen erakundeei edo administrazioei. Betiere, datu pertsonalen babeserako arauen ondoriozko pertsonen eskubideak urratu gabe, interesatuek eskatu ahal izango dute beren datu pertsonalak kentzea ezarriko den erregistrotik, proposatutako herri-ekimen bat erregistratzen denetik bi urteko epea amaitu eta gero.

8.– Mahaiak uko egindako proposamenei buruzko erabakiei babes-eskeko errekurtsoak jarri ahal izango zaizkie, Konstituzio Auzitegiaren aurrean. Dagokion ebazpena Eusko Jaurlaritzari ere jakinaraziko zaio, eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta bertan adieraziko da noiz eman zaion horren berri sustapen-batzordeari.

9.– Babes-eskeko bidean Konstituzio Auzitegiak erabakiko baldin balu proposamenak ez duela, artikulu honetan zehaztutakoari jarraituz, uko egiteko arrazoirik, prozedimenduak aurrera jarraituko du. Auzitegiak alderantzizkoa erabakiko balu, alegia, proposamenak bere alderdi batzuetan irregulartasunik izan baduela, halaxe jakinaraziko die dagokion organo parlamentarioak sustatzaileei, haiek erabaki ahal izan dezaten proposamena bertan behera uztea edo, dagozkion aldaketak egin ondoren, proposamenari eustea. Azken kasu horretan, Legebiltzarreko Mahaiak ebazpen berri bat emango du, ekimenaren onargarritasunari buruzkoa.

10.– Sustapen-batzordeak atzera bota ahal izango du erregistratutako herri-ekimen bat, edozein unetan, betiere Legebiltzarrak –Ganberako Erregelamenduak horretarako ezarritako moduan– proposamen hori aintzat hartu aurretik. Hala baldin bada, Eusko Legebiltzarreko Erregistroan horren berri emango da.

11.– Herri-ekimen batek ez baditu betetzen bera erregulatzen duten arauetan ezartzen diren baldintzak, eta horren ondorioz onartzen ez baldin bada, sinatzaileen eskariz eske bihurtu ahal izango da Administrazioari edo Legebiltzarrari egiteko. Horretarako, eskea egiteko eskubidearen arauetan ezarritako baldintzak jarraituko ditu. Ekimena onartzen baldin bada, baina ez badu dagokion epe barruan 3. artikuluan ezarritako sinadura-kopurua lortzen, aurreko bera aplikatuko zaio.

6. artikulua.– Prozeduraren hasiera eta sinadurak jasotzeko epea.

1.– Proposamena onartu ondoren Legebiltzarreko Mahaiak Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko dio, eta batzorde horrek sinadurak biltzeko erabilitako eraren arauzkotasuna bermatuko du.

2.– Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak sustapen-batzordeari proposamena onartuta dagoela jakinaraziko dio, eskatzen diren sinaduren bilketa egin dezan.

3.– Prozedurak bukatu beharko du bildutako sinadurak Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari ematen zaizkionean. Sinadurak lau hilabeteko epean bildu beharko dira aurreko apartatuan aipatutako jakinarazpena egiten denetik kontatzen hasita. Epe hori bukatzen bada sinadurak eman gabe, edo, nolanahi ere, 9. artikuluko 2. apartatuan aurreikusten diren akreditazioak lortu eta hurrengo berrogeita zortzi orduko epearen barruan, ekimena baliogabetuta geldituko da.

4.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren iritziz ezinbestekoa gertatzen bada, sinadura-bilketa egiteko aldia bi hilabetez luzatu ahal izango da.

7. artikulua.– Sinadurak jasotzeko orriak.

1.– Babes-adierazpenak jasotzeko, ezarritako eredu ofizialetara egokitutako formulario edo orriak baino ezingo dira erabili, eta sustapen-batzordeak bete beharko ditu, bertan azaldutako jarraibideen arabera. Orrietan jasotako informazioa bat etorriko da Eusko Legebiltzarreko Erregistroan dagoen informazioarekin.

2.– Proposamena onartzearen jakinarazpena jasotzen duenean, sustapen-batzordeak Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari aurkeztu beharko dizkio sinadurak jasotzeko beharrezko orriak, paper arruntean. Orri horietan proposamenaren testu osoa errepikatuko da.

Proposamenaren testua orri bakoitzaren hiru orrialdeak baino handiagoa izango balitz, aparteko orriak erantsiko zaizkio, eta sinadurak jasoko dituenari lotuko zaizkio, banatzea ezinezko izan dadin. Orriek zigilua eta numerazioa izango dute, hurrengo apartatuan zehaztutakoaren arabera.

Edonola ere, orriak erregistroari buruzko erreferentziak izango ditu eta, hala badagokio, aurreko 4.1 eta 5.5 artikuluetan adierazitako informazio guztia argitaratuko duen webguneari buruzkoak ere bai.

3.– Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak orriak jaso eta, hurrengo berrogeita zortzi orduko epearen barruan, zigilua eta numerazioa ezarri eta sustapen-batzordeari itzuliko dizkio. Era berean, modu elektronikoz jasotako sinadurei zigilu digitala jarriko zaie, eta hala egin dela egiaztatzen duen agiria bidaliko zaio sustapen-batzordeari.

4.– Sinatzaileek babes-adierazpena bete beharko dute, sustatzaileek emandako orri edo formularioan. Egiaztatzeko beharrezkoak diren datu pertsonalak baino ez dituzte adieraziko, eta pertsona legitimatuaren sinadurarekin batera izen-abizenak adierazi beharko dira. Herritarrek ezingo dute herritarren ekimenezko proposamen bera behin baino gehiagotan sinatu.

5.– Sustatzaileek babes-adierazpenak jaso ahal izango dituzte, bai paperean bai elektronikoki. Lege honen ondorioetarako, elektronikoki sinatutako babes-adierazpenak paperean jasotakoak bezala hartuko dira aintzat.

Babes-adierazpenak sinadura elektroniko aurreratuaren bidez edo web orrien bitartez jasotzen direnean, 8. artikulua aplikatuko da. Artikulu honetan aurreikusitakoak ez du kentzen hurrengo artikuluko 3. apartatuan aipatutako autentifikatze-beharra.

8. artikulua.– Sinadurak autentifikatzea.

1.– Pertsona legitimatuaren sinadurarekin batera haren izen-abizenak jarriko dira, nortasun-agiri nazionalaren edo atzerritarraren nortasun-txartelaren zenbakia eta erroldatuta dagoen udalerria.

2.– Sinadura edo babes-adierazpena autentifikatu egin beharko du notario batek, kontsul batek, idazkari judizial batek edo sinatzailea inskribaturik dagoen udalerriko hauteskunde-erroldari edo udal-erroldari dagokion udal-idazkariak, edo sustapen-batzordeak izendaturiko fede-emaile bereziek.

Gainera, sinadura guztiak edo haietako zenbait web bidez jasotzen badira, sustapen-batzordeak adierazi beharko du, tramite honen barruan, zein sistema erabiliko duen web orrien bidez sinadurak jasotzeko. Sistema horrek egiaztaturik egon beharko du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko otsailaren 16ko 22/2011 Erregelamenduak herritarren ekimenari buruz aurreikusten duenaren arabera.

Fede-emaile bereziak notario aurreko eskritura publikoan izendatuko dira, eta legegintzako herri-ekimena baliatzeko pertsona legitimatuak izan beharko dute, lege honen 1. artikuluari jarraituz, eta aurrekari penalik ez dutenak.

Fede-emaile bereziek, faltsutasuna gertatzen bada, legean aurreikusitako erantzukizun penalak izango dituzte.

Autentifikazioak data eraman beharko du, eta taldekoa izan ahalko da, orriz orri adierazita ere. Kasu horretan, dataren ondoan, orrian zenbat sinadura doazen adierazi beharko da.

3.– Behin lege honetan ezarritakoaren araberako beharrezko babes-adierazpenak jaso ondoren, sustatzaileek Legebiltzarrean aurkeztuko dituzte paperean edo formatu elektronikoan, eta, horrekin batera, ekimenaren inguruan lortutako laguntzei eta finantziazioari buruzko informazioa emango diote sustatzaileek Legebiltzarrari. Informazio hori dagokion bide ofizialean argitaratuko da.

4.– Horretarako, jasotako babes-adierazpenak bereizi egingo dituzte sustatzaileek, honela: paperean jasotakoak, sinadura digital aurreratuaz elektronikoki sinatutakoak eta web orrien bidez bildutakoak.

5.– Jasotako babesen eta finantziazioaren gainean –edozein dela ere babes eta finantziazio horien iturria– informazioak eman beharrari dagokionez, alderdi politikoen finantziazioari buruz ezarrita dagoen zenbateko bera gainditzen den unetik hasiko da.

9. artikulua.– Hauteskunde- edo udal-erroldako izen-ematea akreditatzea.

1.– Bildutako sinadurak jasotzen dituzten orriekin batera joango dira sinatzaileek hauteskunde-erroldan edo dagokien udal-erroldan izena eman dutela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako akreditaziorako behar den denbora ez da kontuan hartuko 6. artikuluan sinadurak biltzeko aipatzen den epearen barruan. Horretarako, epea bukatu ondorengo 15 egun baliodunetan, gehienez, eman beharko dira, eta egiaztatzeko ardura duen organoak agertuko du noiz eskatu eta noiz eman diren ziurtagiriak.

10. artikulua.– Sinadurak aurkeztu, egiaztatu eta kontatzea.

1.– Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak egiaztatu eta behin betiko kontatuko ditu bidaltzen zaizkion orriak eta/edo informazio-artxiboak.

2.– Lege honetan jarritako baldintzak betetzen ez dituzten sinadurak, baliorik gabekotzat joko dira eta ez dira kontatuko.

3.– Proposamena balioz aurkezteko bete behar diren baldintzak bete direla egiaztatu ondoren, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak balio duten sinaduren kopurua egiaztatzen duen ziurtagiria bidaliko dio Legebiltzarrari, eta bere esku dituen sinadura-orriak suntsituko ditu.

11. artikulua.– Legebiltzarreko tramitazioa.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak behar den sinadura-kopurua bildu delako ziurtagiria jasotzen duenean, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduak lege-proposamenetarako ezartzen duen tramitazioari jarraituko zaio, salbuespen batekin kasu honetan: osoko bilkurako eztabaidari hasiera emango zaio sustapen-batzordearen ordezkari batek ekimena aldezten duelarik. Sustapen-batzordeak, gainera, agerraldiak egin ahal izango ditu ponentzian hala eskatzen duenean ponentzian ordezkaritza duten legebiltzarkideen gehiengoak, boto haztatuaren arabera. Halaber, sustapen-batzordeak parte hartu ahal izango du Legebiltzarreko batzordean, hizpidea bai baina botorik izan gabe, bere iritzia finkatzeko ponentziaren txostenari buruz.

Azkenik, sustapen-batzordeko kide batek parte hartu ahal izango du osoko bilkuran, hizpidea bai baina botorik izan gabe, sustapen-batzordearen azken jarrera finkatzeko.

12. artikulua.– Proposamenak ez baliogabetzea Legebiltzarra desegiten bada.

Legebiltzarra desegiteko unean bere bideak egiten ari bada legegintzako herri-ekimena, ez da horregatik baliogabetuko. Legebiltzarra berriz osatutakoan, Mahaiak legegintza-bideei zer izapidetatik berrekingo zaien erabakiko du, eta ez da inola ere beharrezkoa izango ekimena berriz baliatzea.

13. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

1.– Lege honetan araututakoarekin bat datozen datu pertsonalak direnean, herritarren ekimen baten sustatzaileek eta eskumena duten autoritateek datu pertsonalen babeserako legeetan aurreikusitakoa bete beharko dute. Lege horien aurrean, euren esku dauden datuen tratamenduaren arduraduntzat hartuko dira.

2.– Sustapen-batzordeak bermatuko du ekimenaren inguruan bildutako datu pertsonal guztiak ez direla erabiltzen ekimen horri agertutako babesaz bestelako helburuetarako, eta ekimen horren babes-adierazpen guztiak suntsituko ditu, gehienez ere hilabeteko epean ekimena aurkeztu zenetik edo sinadurak biltzeko epea amaitu zenetik.

3.– Sustapen-batzordeak egoki diren neurri teknikoak eta antolaketa-neurriak aplikatu beharko ditu datu pertsonalak babesteko, ez daitezen ustekabean edo zilegi ez den eran suntsitu, ustekabean galdu, aldatu, hedatu edo irispidean izan, hartarako baimenik gabe, bereziki tratamenduak berekin dakarrenean datuak sare baten barruan transmititzea, eta babesteko, halaber, zilegi ez den beste inolako tratamendurik izan ez dezaten.

14. artikulua.– Egindako gastuen konpentsazioa.

1.– Sustapen-batzordeak proposamenari zabalkundea emateak eta sinadurak biltzeak ekarritako gastuak Eusko Legebiltzarraren aurrekontuen kargura ordainduko dira, baldin eta betetzen badira lege honetan eskatzen diren baldintzak eta Legebiltzarraren Osoko Bilkurak proposamena kontuan hartu badu, eta 18.000 euroko mugarekin.

2.– Sustapen-batzordeak formaz justifikatu beharko ditu gastuak Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean. Ganberaren aurrekontuetan horretarako gaitutako aurrekontu-sailaren kargura ordainduko dira gastuak, eta Legebiltzarrak berrikusi egingo du, urtez urte, halako gastuetara bideratutako zenbatekoa.

3.– Legebiltzarreko Mahaiak, proposamena onartutakoan, erabaki dezake aurrerakin bat ematea, gehienez ere 2.000 eurokoa, sinadura-bilketaren lehenbiziko gastuei aurre egiteko, sustapen-batzordeak eskaturik, eta xedea behar bezala justifikaturik beti.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Sinadurak biltzeko prozeduraren hasieran, eta, betiere sustapen-batzordeak eskatzen badu, eskura jarriko zaizkio, dagokion udalaren aukeren eta baldintzen arabera, bere funtzio legalak bete ditzan beharko duen tokia.

Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzak, lege hau garatzeko erregelamenduan, sustapen-batzordeak erabili beharreko formularioak prestatuko ditu, bai Eusko Legebiltzarreko Erregistroan ekimena aurkezteko behar dena, lege honetako 4. artikuluan aipatutakoa, baita lege honetako 7. artikuluan aipatzen diren sinadurak jasotzeko orrienak ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen da Legegintzako Herri Ekimenari buruzko ekainaren 26ko 8/1986 Legea.

AZKEN XEDAPENA

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 1a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

 
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
www.euskadi.net

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra