Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

11/1994 Legea, ekainaren 17koa, Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorakoa dena.

1994-06-18

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1994/7/15, 135. zk.; EAO, 2012/2/4, 30. zk.

§ 163. 11/1994 LEGEA, EKAINAREN 17KOA, EUSKAL AUTONOMI ELKARTEKO ORDENAZIO FARMAZEUTIKORAKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

      Politika farmazeutikoen formulazio eta aplikazioak, osasun-politika baten zati osagarri bezala, garai eta une bakoitzean egokitzat jotzen diren osasun helburuak lortzera bideratua egon behar du. Eta hori guztia, kontuan hartuz osasuna prozesu aktibo bat dela, eskura dauden baliabide guztiak aplikatzearen ondorioz lortu beharrekoa, osasun-baliabideek zeregin garrantzitsua jokatu behar dutelarik guzti horretan.

      Bestalde, kontuan eduki beharra dago:

a)   Atentzio farmazeutikoaren zati handi bat ezinbestean farmazi bulegoen bitartez eman behar dela.

b)   Farmazi bulegoen titularitate eta jabetza publikoa gauza ezinezkoa dela ikuspegi juridiko batetik.

      Bi baldintzapen horiek beharrezkoa egiten dute ordenazio farmazeutikoak gainerantzeko establezimendu eta zerbitzu sanitarioek ez bezalako tratamendu desberdindua edukitzea.

      Eta arauketa horri ekiteko eskuduntza-eremuari dagokionez, Euskal Herrirako Autonomi Estatutuaren 10.15 atalak Autonomi Elkarteari eskuduntza esklusiboak esleitzen dizkio ordenazio edo antolamendu farmazeutikoari dagokionez, Konstituzioaren 149.1.16 atalean xedatutakoaren arabera, eta Estatuaren beraren 18. atalean xedatutakoa kontuan hartuz.

      18. atalak, bere aldetik, Euskal Herriari egozten dio legeen garapena eta Estatuak barruko osasunari dagokionez duen oinarrizko legeriaren egikaritza, eta baita Estatuak produktu farmazeutikoei buruz duen legeria egikaritzea ere.

      Horrela bada, aipatu eskuduntza-eremuaren barruan, lege honek establezimendu eta zerbitzu sanitario-farmazeutikoen eginkizunak, zuzkidura eta banaketa arautuz lortu nahi duen oinarrizko helburua hiritar guztiei atentzio farmazeutiko egokia garantizatzea besterik ez da.

      Atentzio hori egokitzat jo daiteke, baldin eta ondorengo premisak betetzen badira:

a)   Medikamentua erraz eta bizkor eskuratzea.

b)   Establezimendu farmazeutikoak arrazoiz banatuak egotea.

c)   Botikak behar adinako kontroleko eta erabiltzailearekiko informazioko garantiarekin dispentsatzea.

d)   Atentzio farmazeutikoko establezimendu eta zerbitzuak helburu horietarako beharrezkoak diren baliabide gizakizko eta materialekin zuzkituak egotea.

      Legeak, bestalde, beste helburu garrantzitsu bat ere bete nahi du, botiken erabilera razionala, zeinak, Osasunaren Munduko Erakundearen hitzetan, preskripzio edo agindu egokia, xedapen bidezkoa, prezio neurrizkoa, dispentsazio zuzena eta agindutako dosi, bitarte eta denboren araberako aplikazioa beharrezkoak baititu. Medikamentuak, gainera, eraginkorra izan behar du eta kalitatearen ikuspegitik onartua eta segurua.

      Ez dago inolako zalantzarik, esparru honetan botikarien iharduera, botikaren profesional tekniko sanitarioak diren neurrian, erabakiorra gertatzen dela.

      Dena den, ez da langintza erraza atentzio farmazeutikoa definitzea, bere horretan. Horrela ere, esan beharra dago lege honek interes publikoko zerbitzu bat bezala kalifikatzen duela, eta horrek posible egiten du profesio sanitarioen egikaritza librea botere publikoen arrazoizko eskuhartzearekin batera joatea, hiritarren osasunarekin hain lotua dagoen alor honetan.

      I. atalburuan atentzio farmazeutikoa definitu ondoren eta II. atalburuan establezimendu eta zerbitzu sanitario-farmazeutikoak aipatu ondoren, legeak bere III-VII. atalburuak horietako bakoitzaren erregulazioari eskaintzen dizkio.

      III. atalburua farmazi bulegoei eskainia dago. Azpimarratzeko modukoa da bulego horien banaketa egokia, demografikoa bezala baita geografikoa ere, egiterakoan udalerria albo batera utzi dela planifikazio-unitate bezala eta zona farmazeutiko izeneko beste unitate bat hartu dela.

      Zona farmazeutikoa bi lurralde-eremu desberdin, osasun-zona eta udalerria alegia, elkarrekin harremanetan jartzearen ondorioz sortzen da, atentzio sanitarioaren planifikazioa inspiratzen duten irizpide tekniko-sanitarioei lehentasuna emanez, udalerri mailako banaketaren oinarrian dauden irizpide politiko-administratiboen gainetik.

      Farmazi bulego bakoitzeko lege honetan ezartzen diren biztanleen proportzioak gure inguruko herrialdeetan indarrean daudenen oso antzekoak dira, nahiz eta proportzio horietara iritsi ahal izateko horretarako bideratuak dauden neurri-sail bat hartu behar izan, kontuan hartzen bada, egungo errealitatearen azterketak adierazten duen bezala, zona farmazeutiko jakin batzuetan farmazi bulego gehiegi daudela.

      Ildo honetatik, azken erabakiak ahala ematen dio administrazioari, osasun-zonaren batean lege honen aurrikuspenen arabera farmazi bulegoen gehiegikeriaren bat agertuko balitz, erregelamenduz farmazi bulegoen kopurua murriztera bideratutako neurriak hartzeko, horrekin atentzio farmazeutiko egokiari inolako kalterik sortu gabe.

      Aldi berean, eta farmazi bulego berriak irekitzeari dagokionez, bi fase ezartzen dira. Lehenengoak egungo errealitatea legearen aurrikuspenekin bat egitea edo egokitzea hartuko luke barne. Eta horretarako, erabaki gehiagarrietako hirugarrenean, daudenak birbanatzeko asmoa duen sistema bat planteatzen da.

      Bigarren fase batean, etorkizuneko instalazio berriek gainerantzeko planifikazio sanitarioarekin ados dauden irizpideetan oinarritutako planifikazioari erantzungo diote, III. Atalburuko II. sekzioan xedatutakoari jarraiki.

      Osasun Lege Orokorraren 103.4 atalari jarraituz, botikariak soilik izan daitezke jendearentzat irekiak dauden farmazi bulegoen jabeak eta titularrak.

      Hala bada, farmazi bulegoaren jabetzaren eta titularitatearen arteko bateratze horrek ekarri du berorri aplikatzeko bi arau-talde desberdin egotea: zuzenbide publikokoak batetik eta izaera pribatukoak bestetik, eta horien bateratzea ez da samurra izaten zenbait kasutan.

      Lege honek, bere izaera nabarmenki sanitarioari jarraituz, farmazi bulegoak arautzen ditu, interes publikoko zerbitzu bat ematen duten heinean. Hala ere, eta posible den neurriraino, bi arau-talde horien aldi bereko aplikazioa batera egiten saiatzea da bere asmoa, puntu honetan Osasun Lege Orokorrak Estatuaren oinarrizko arauaren izaera duela kontuan hartuz, gainera.

      Legearen berrikuntzetako bat gutxieneko populazio kontzentrazioa ezartzea da, farmazi bulegoen bitartez atentzio farmazeutikoaren estaldura egokitzat jotzeko, eta botikinak kontsideratzen dira osasun-establezimendurik hoberenak bezala atenditu beharreko biztanleen kopuruak ez dituenean 800 gainditzen. lege honetan bultzatu nahi den botikinak, jakina, atentzio farmazeutikoaren maila altua eman behar du, atenditutako populazioaren beharrizanak garantizatzeko.

      Osakidetzako lehen mailako atentzioko farmazi zerbitzuak ere arautzen dira, maila honetan atentzio farmazeutikoa Eusko Legebiltzarrak "Osasuna Zainduz"-en inguruan emandako erabakietako planteamenduetara eta etorkizunean sanitateak Euskal Herrian erabiliko duen marko legalera egokitu daitezen oinarriak ezarriz.

      Zentro sozio-sanitarioak ere inkorporatzen dira, beren ezaugarrien arabera, hala dagokionean, farmazi zerbitzuz hornitu beharko duten establezimendu bezala.

      Azkenik, eta kasu hauetan normala den bezala, legeak bere VII-XIV. atalburuetan atentzio farmazeutikoko establezimendu eta zerbitzu farmazeutikoak baimentzeko betebehar eta prozedurak jasotzen ditu, bateraezintasunen erregimena eta baita zigor-erregimena ere.

I ATALBURUA

ATENTZIO FARMAZEUTIKOA

Lehenengo Atala

      1.-     Lege honek hiritarrei eman beharreko atentzio farmazeutikoa arautzea du helburu gisa, Euskal Herriko Autonomi Estatutuaren 10.15 eta 18. ataletan xedatutakoaren arabera.

      2.-     Autonomi Elkarteko Administrazioari dagokio bere lurralde-esparruaren barruan atentzio farmazeutikoa emango dela garantizatzea.

2. Atala

      Atentzio farmazeutikoa interes publikoko zerbitzu bat bezala ulertzen da, indarrean dagoen legerian ezartzen diren baldintzetan, profesional sanitarioek establezimendu eta zerbitzu farmazeutikoetan, botikari baten ardurapean, bete behar dituzten iharduera-multzoa, asistentzi mailakoak bezala baita osasun publikoaren mailakoak ere, bere baitan hartzen dituena.

II ATALBURUA

ATENTZIO FARMAZEUTIKOKO ESTABLEZIMENDU ETA ZERBITZUAK

3. Atala

      1.-     Lege honen ondorioetarako, eta apirilaren 25eko 14/1986 Osasun Lege Orokorraren eta abenduaren 20ko 25/1990 Medikamentuaren legearen arabera, atentzio farmazeutikoko establezimendu eta zerbitzuak dira:

a)   Dispentsaziokoak:

1.   Farmazi bulegoak.

2.   Botikinak.

3.   Osakidetzako osasun-zentroetako eta lehen mailako atentzioko osasun-egituretako farmazi zerbitzuak.

4.   Ospitale eta zentro sozio-sanitarioetako farmazi zerbitzuak.

5.   Ospitale eta zentro sozio-sanitarioetako botikategiak.

b)   Banaketakoak: produktu farmazeutikoen banaketako handizkako almazenak.

      2.-     Albaiterotzako medikamentu edo botiken dispentsazioa abenduaren 20ko 25/1990 Medikamentuaren legearen 50. atalean aurrikusitako terminoetan egingo da.

4. Atala

      Medikamentuen dispentsazioa helburu horretarako aurreko atalean aurrikusitako establezimenduetan soilik egin ahal izango da eta horien baimena ematerakoan ezarritako baldintzen barruan.

      Oinarrizko legeriari jarraituz espreski debekatua geratzen da medikamentuen kalez kaleko salmenta, etxez etxeko salmenta, posta bidezkoa edota jendaurrean egin daitekeen beste edozein merkataritza-modu.

III ATALBURUA

FARMAZI BULEGOAK

I SEKZIOA

XEDAPEN OROKORRAK

5. Atala

      1.-     Hiritar guztiek farmazi bulegoa askatasun osoz aukeratzeko eskubidea dute.

      2.-     Farmazi bulegoak establezimendu sanitarioak dira, eta horietan, beren interes publikoko zerbitzu-izaeragatik, ondorengo eginkizunak garatzen dira:

a)   Medikamentuen eskuratzea, kontserbatzea eta zaintza.

b)   Pazienteei botika edo medikamentuak botikari batek dispentsatzea, edota hark gainbegiratuta, erantzukizun osoz.

      Errezetarik gabe baimendutako botikak botikari batek dispentsatuko ditu ardura osoz, edota hark gainbegiratuta, zientzia eta arte farmazeutikoaren jarraipideen arabera.

      Botika guztiak zuzen erabiltzeko argibideak, aholkuak eta aginduak ematea nahitanahiez botikari baten eginkizuna izango da.

c)   Formula magistral eta bulego-prestakinen elaborazioa.

d)   Medikamentuei buruzko informazioko eta farmakozaintzako programetan osasun administrazioarekiko lankidetza.

e)   Osasun-administrazioarekiko lankidetza emandako zerbitzuen kalitate-kontrolari buruzko programetan, medikamentuaren publizitateari buruzkoetan, osasun eta heziketa sanitarioaren sustapen eta babeskuntzakoetan eta medikamentuaren erabilera razionalari eta berorren neurriz gaineko erabileraren prebentzioari buruzko programetan.

f)    Pazienteei medikazioari buruzko informazioa eman eta tratamenduen jarraipena egitea.

g)   Dispentsatutako errezeten behaketa, kontrola eta zaintza.

      3.-     Farmazi bulegoek beste eginkizun eta iharduera profesional eta sanitario batzuk ere bete ahal izango dituzte, ohituraz edo arau berezietan jasota egoteagatik botikariak egin ditzakeenak.

6. Atala

      1.-     Botikariak bakarrik izan daitezke jendearentzat irekiak dauden farmazi bulegoen titular eta jabe. Botikari bakoitza farmazi bulego bakarraren jabe edo jabekide, eta titular edo titularkide, besterik ezin izango da. Titularkide izateko jabekide ere izan beharko da nahitaez, eta alderantziz.

      2.-     Titularraren edota titularkideen presentzia eta iharduketa profesionala derrigorrezko betebeharra da 5. atalean aurrikusitako eginkizunak garatzeko.

      Bere egitekoetan diharduen botikaria dagokion profesional-bereizgarri eta guzti ibiliko da, eta hori farmazi bulegoaren baliatzaileak argi ikusteko moduan agerian eramango du.

      3.-     Beharrezkoa izango da botikari erregente bat izendatzea lege honetan mugatutako kasuetan, titularrari dagozkion erantzukizunak bere gain har ditzan.

      4.-     Aldi baterako, eta erregelamenduan aurrikusten diren suposamenduetarako, botikari ordezko bat izendatu ahal izango da, titularrari dagozkion eginkizunen erantzukizuna bere gain har ditzan.

      5.-     Bai titularrek eta baita erregente eta ordezkoek ere botikari laguntzaileen eta pertsonal laguntzailearen lankidetza eduki ahal izango dute.

      6.-     Erregelamenduz zehaztuko dira hainbat suposamendu, eta horietan, titularraren, erregentearen edo ordezkoaren adina dela medio, zein 5. ataleko 2. eta 3. idazatietan esaten diren egitekoetan aritzeagatik zehaztutako iharduera-maila kontuan izanik, botikari laguntzaileen presentzia beharrezkoa izango da. Iharduera-maila aurreko ataleko azken idazatian esaten den diren egiteko eta ihardueretan aritzeagatikakoa baino izan ez dadinean, botikari laguntzailea izendatu ordez, egiteko horietan aritzeko gaitasunaren jabe den beste osasun-profesional tituludun batena aurrikusi ahal izango da.

      7.-     Erregentearen, ordezkoaren edo laguntzailearen izendapena egiteko baimena, lege honetan eta erregelamenduan ezarritako kasuetan eta zehaztutako prozeduraz, osasun-administrazioak emango du, titularrak, oinordekoek edo legezko ordezkotza duenak izendatutakoak eskatzen diren baldintzak betetzen dituela ziurtatu ondoren.

7. Atala

      1.-     Farmazi bulegoetako lokal eta instalazioek atentzio farmazeutiko egokia eman ahal izateko beharrezko baldintza higieniko-sanitarioak bete beharko dituzte.

      2.-     Atentzio farmazeutikoa emateko, farmazi bulegoek 75 metro karratuko azalera erabilgarria beharko dute eduki gutxienez eta ondorengo zona hauek edukiko dituzte, besteren artean:

a)   Erabiltzailea atenditzeko zona.

b)   Medikamentuak eta produktu sanitarioak hartu, berrikusi eta gordetzeko zona.

c)   Laborategia, formula magistralak eta bulego-prestakinak elaboratzeko.

d)   Botikariaren bulegoa, edota atentzio indibidualizatua posible egingo duen zona berezitu bat behintzat.

e)   Komuna, farmazi bulegoko pertsonalak erabiltzeko.

      3.-     Farmazi bulegoek sarrera zuzena, librea eta etengabea edukiko dute bide publikotik.

      4.-     Erregelamenduz zehaztuko dira farmazi bulegoen betebehar tekniko eta materialak, bai eta azaleraren banaketa eta bertan eduki behar duten tresneria ere.

8. Atala

      1.-     Farmazi bulegoek etengabe eskaini behar diete atentzio farmazeutikoa hiritarrei.

      2.-     Horretarako, jendearentzat irekiak egongo dira osasun-agintaritzak ezartzen duen ordutegi arruntean, behin Botikarien Kolegio Ofizialak entzun ondoren. Ordutegi hau zehazteko lurralde bakoitzeko berezitasunak kontuan izan beharko dira; horregatik, bada, ordutegi horrek ez du Autonomi Elkarte osorako berdina izaterik izango.

      3.-     Ordutegi arrunt horrek posible egingo du, hala ere, zenbait kasutan atentzio farmazeutikoaren prestazio egokia ematea horretarako farmazi bulego guztiak jendearentzat irekiak egon gabe ere.

      Suposamendu honetan, farmazi bulegoek aukera edukiko dute beren borondatez itxita egoteko, beti ere irekita daudenekin behar adina estaltzen badira osasun-agintariek aurrikusitako atentzio farmazeutikoko beharrizanak.

      Horrela gertatzen ez bada, Botikarien Kolegio Ofizialei dagokie farmazi bulegoen irekiera-txandak ezarri eta finkatzea, idazati honetan jasotzen diren ordutegi arrunteko egoera salbuespenezkoetan.

      Txandak behar bezala antolatuko direla garantizatzeko, idazati honetan aurrikusitako aukera urte naturalen arabera burutuko da.

      4.-     Ordutegi horretatik kanpo, atentzio farmazeutikoa urgentziako erregimenean soilik emango da, eta kasu horietan errezeta mediko baten bidez agindutako botika eta produktu sanitarioak banatuko dira derrigor, baita, botikari arduradunak baloratu eta gero, une horretan urgente edo beharrezko bezala kalifikatuak izatea merezi duten besteak ere.

      5.-     Urgentzi erregimena txandakako sistema bidez moldatu eta beteko da, eta sistema hori Botikarien Kolegio Ofizialek finkatuko dute, Osasun Sailak mugatutako irizpideen arabera.

      6.-     Farmazi bulegoek aldi baterako bere iharduerak eten ahal izango dituzte, oporraldi-bitartean, beti ere Osasun-Sailak zehaztutako atentzio farmazeutikoko beharrizanak errespetatuz gero. Botikarien Kolegio Ofizialei dagokie oporretako txandak antolatzea, horietaz gozatzeko interesa duten botikarien artean.

      7.-     Urgentziako botika-zerbitzuari buruzko argibideak farmazi bulego bakoitzean agerian egongo dira, Autonomi Elkarteko bi hizkuntza ofizialetan idatzirik.

II SEKZIOA

FARMAZI BULEGOEN PLANIFIKAZIOA

9. Atala

      1.-     Farmazi bulegoen planifikazioa lurralde-mugape jakin bateko biztanleen atentzio farmazeutikoko beharrizanetan oinarrituz egingo da.

      2.-     Aurreko idazatian aipatutako lurralde-mugape horri zona farmazeutiko esango zaio, eta osasun-zona bakarrak edo bat baino gehiagok osatua egongo da.

10. Atala

      1.-     Zona farmazeutikoak ondorengo irizpideen arabera sailkatuko dira:

a)   Udalerri bat, lurraldearen ikuspegitik, osasun-zona bat baino handiagoa den kasuetan, zona farmazeutikotzat udalerriaren mugapea hartuko da.

      Salbuespen gisa, a) idazati honetan aipatzen den zona farmazeutikoaren barruan sartuta dagoen udalerri bakar bezala konputatzen jarraituko da berorren osasun-zonetako baten batek beste udalerri bat edo batzuk, edota horietakoren baten zati bat, barne hartzen dituzten kasuak.

b)   Osasun-zona batek udalerri bakar baten osotasuna hartzen duen kasuetan, zona farmazeutikoak osasun-zonarekin eta udalerriarekin kointzidituko du, lurraldearen ikuspegitik.

c)   Osasun-zona batek udalerri bat baino gehiago hartzen dituen kasuetan, osorik edo zatika, zona farmazeutikotzat osasun-zonaren mugapea hartuko da.

      2.-     Osasun Sailak, aldizka, jendaurrean emango du ezagutzera zona farmazeutikoen sailkapena, horietako bakoitzak barne hartzen dituen udalerriekin.

11. Atala

      1.-     Aurreko atalaren a) idazatiko suposamenduetan, farmazi bulegoen kopurua batekoa izango da, gehienez ere, zona farmazeutiko horretan erroldaturik dauden 3.200 biztanleko. Behin proportzio hori bete ondoren, beste farmazi bulego bat ezarri ahal izango da, beti ere proportzio hori 2.500 biztanletik gorakoa bada.

      2.-     Aurreko atalaren b) idazatiko suposamenduetan, farmazi bulegoen kopurua batekoa izango da, gehienez ere, zona farmazeutiko horretan erroldaturik dauden 2.800 biztanleko. Behin proportzio hori bete ondoren, beste farmazi bulego bat ezarri ahal izango da, beti ere proportzio hori 2.500 biztanletik gorakoa bada.

      3.-     Aurreko atalaren c) idazatiko suposamenduetan, farmazi bulegoen kopurua batekoa izango da, gehienez ere, zona farmazeutiko horretako gertatzezko 2.500 biztanleko, zona osatzen duten udalerrietako batek bertako biztanleen %75 gutxienez ere kontzentratzen duen kasuetan izan ezik. Kasu honetan, zona hori aurreko ataleko b) taldekoa bezala sailkatua izango da.

      4.-     Lege honetan biztanleei buruz egiten diren erreferentzia guztiak, eskaria aurkezteko unean indarrean dagoen udal-erroldaren azken berrikuspenean agertzen den populazioari begira eginak bezala ulertuko dira.

12. Atala

      1.-     Zona farmazeutiko bateko biztanle bezala hartuko dira berori osatzen duten udalerriko edota udalerrietako edota horien zatietako erroldan horrelaxe inskribatuak agertzen direnak soilik.

      2.-     Aurreko atalaren 1, 2 eta 3 idazatietan ezartzen den farmazi bulegoko biztanle-kopurua behin bete ondoren, hurrengo farmazi bulegoari baimena emango zaio baldin eta ondorengo ratioak betetzen badira (ZFko Bizt. Kop. zona farmazeutikoan erroldaturik dauden biztanleen kopurua izanik, eta ZFko FB Kop., zona farmazeutikoko farmazi bulegoen kopurua):

a)   Aurreko atalaren 1 idazatiko suposamenduetan:

      ZFko Bizt. Kop. > (ZFko FB Kop. x 3.200) + 2.500

b)   Aurreko atalaren 2 idazatiko suposamenduetan:

      ZFko Bizt. Kop. > (ZFko FB Kop. x 2.800) + 2.500

c)   Aurreko atalaren 3 idazatiko suposamenduetan:

      ZFko Bizt. Kop. > (ZFko FB Kop. x 2.500) + 2.500

13. Atala

      Aurreko irizpideen arabera farmazi bulego berri bat ezartzeko aukera sortuz gero, kokalekua ondorengo arauen arabera egingo da:

a)   10.1.a) atalaren suposamenduetan, farmazi bulegoa kokatuko da:

1.   Zona farmazeutikoak bi osasun-zona hartzen baditu, zona farmazeutikoko edozein tokitan, lehendik ezarriak daudenekiko distantziak errespetatuz.

2.   Zona farmazeutikoak hiru, lau edo bost osasun-zona hartzen baditu, azkeneko erroldaren arabera farmazi bulegoko biztanle-proportzio handiena mantentzen duten bi osasun-zonetako batean, lehendik ezarriak daudenekiko distantziak errespetatuz.

3.   Zona farmazeutikoak sei osasun-zona edo gehiago hartzen baditu, azkeneko erroldaren arabera farmazi bulegoko biztanle-proportziorik handiena mantentzen duten hiru osasun-zonetako batean, lehendik ezarriak daudenekiko distantziak errespetatuz.

b)   10.1.b) atalaren suposamenduetan, farmazi bulegoa udalerriko edozein lekutan kokatuko da, lehendik ezarriak daudenekiko distantziak errespetatuz, zona farmazeutikoa 11.3 atalean aurrikusitako portzentaia udalerri bakar batean kontzentratzearen ondorioz 10.1.b) atalean aurrikusitako motakoa bezala sailkatua izan den kasuan izan ezik. Kasu horretan, eta nahiz eta zona farmazeutikoa 10.1.b) atalean aurrikusitako motakoa izan, farmazi bulegoa kokatzeko arauak 10.1.c) atalean aurrikusitako zona farmazeutikoetako farmazi bulegoen kokapenari dagozkionak izango dira.

c)   10.1.c) atalaren suposamenduetan, farmazi bulegoa kokatuko da:

1.   Farmazi bulegorik gabeko udalerri batean, gutxienez 800 biztanle baldin baditu.

2.   Aurreko parrafoan adierazitako egoerarik gertatzen ez den suposamenduan, lehendik ere farmazi bulegoa baduen zona farmazeutikoko edozein udalerritan, beti ere ezarpen berriak ez badu udalerri horretan erroldaturik dauden 2.500 biztanleko farmazi bulego baten proportzioa gutxitzen.

3.   1. edo 2. parrafoetako suposamenduak bete ezingo balira, farmazi bulegoa ezartzeko eskariari ezezkoa emango litzaioke.

14. Atala

      1.-     Ez da baimenduko farmazi bulegorik 800 biztanletik beherako udalerrietan, eta bere kasuan atentzio farmazeutikoa 25. atalean aurrikusitakoaren arabera emango da.

      2.-     Salbuespen gisa, bereziki lurjotako zenbait alde sustatzeko egitarauetan, tokiko administrazioek eskatuta, neurri gehiagoren artean, farmazi bulegoak sortzea kontuan izatea aurrikusten denean, sortze hori 800 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan egiteko baimena eman ahal izango da.

      Erregelamendu bidez finkatuko dira horien baimenerako prozedura eta baremoa.

15. Atala

      1.-     Farmazi bulego berri baten kokalekuak 250 metroko distantzia bat gorde beharko du, gutxienez, hurbilen dagoen bulegoarekiko, dela osasun-zona berekoa dela beste zona batekoa.

      2.-     Salbuespen gisa, kilometro koadroko 4.000 biztanletik gorako dentsitatea duten farmazi zonetan, osasun-zona bakoitzeko dentsitatearen eretzean, zona horietan kokatutako farmazi bulegoen arteko distantzia gutxienez 150 metrokoa izatera murriztu ahal izateko eskala erregelamenduz ezarri ahal izango da, horiekin mugakide diren osasun-zonetako farmazi bulegoei buruz orokorki ezarritako distantzia errespetatuz.

      3.-     Instalazio berria edo lekualdaketa dela eta farmazi bulego berri bat jartzerakoan, 150 metro baino gutxiagokoa ez den distantzia gorde beharko da hurbilen dagoen Servicio Vasco de Salud-Osakidetzaren menpeko beste edozein osasun-zentrorekiko.

      4.-     Farmazia bakarra duten udalerrietan ez da irizpide hori jarraituko.

      5.-     Erregelamenduz finkatuko da farmazi bulegoen arteko eta hauen eta osasun-etxeen arteko distantziak neurtzeko prozedura.

III SEKZIOA

FARMAZI BULEGOEN LEKUALDAKETA

16. Atala

      1.-     Farmazi bulegoak kokatuak daudeneko zona farmazeutikoaren barruan bakarrik lekuz aldatu ahal izango dira.

      2.-     10.1.a) atalean aurrikusitako zona farmazeutiko batean ezarriak dauden farmazi bulegoek beren kokalekua aldatu ahal izango dute:

a)   Beren osasun-zonaren barruan, beti ere kokaleku berriak lege honetan aurrikusitako betebeharrak betetzen baditu.

b)   Beste osasun-zona batera, baldin eta ondorengo baldintzak betetzen badira:

1.   Kokaleku berriak bete ditzala lege honetan aurrikusitako betebeharrak.

2.   Farmazi bulegoko biztanleen proportzioa, lekuz aldatu nahi dueneko osasun-zona horretan, ez dadila izan farmazi bulegoko 2.500 biztanlekoa baino txikiagoa, behin lekualdaketa egin ondoren.

3.   Jatorrizko osasun-zona ez dadila geratu farmazi bulegorik gabe.

      3.-     10.1.b) atalean aurrikusitako zona farmazeutiko batean ezarriak dauden farmazi bulegoek beren kokalekua aldatu ahal izango dute:

a)   Udalerri bakarreko zona farmazeutikoa baldin bada, udalerri bereko edozein lekutan, beti ere lege honen betebeharrak betetzen baditu.

b)   Udalerri bat baino gehiago dituen zona farmazeutikoa baldin bada, 11.3 atalean jasotako salbuespenaren ondoriozkoa, kokapen berria atal honen 4. idazatian xedatutakora egokituko da.

      4.-     10.1.c) atalean aurrikusitako zona farmazeutiko batean ezarriak dauden farmazi bulegoek beren kokalekua aldatu ahal izango dute:

a)   Udalerri beraren barruan, beti ere kokaleku berriak lege honetan aurrikusitako betebeharrak betetzen baditu.

b)   Zona farmazeutiko bereko beste udalerri batera, baldin eta ondorengo betebeharrak betetzen badira:

1.   Kokaleku berriak bete ditzala lege honetan aurrikusitako betebeharrak.

2.   Farmazi bulegoko biztanleen proportzioa, lekuz aldatu nahi dueneko udalerri horretan, ez dadila izan farmazi bulegoko 2.500 biztanlekoa baino txikiagoa, behin lekualdaketa egin ondoren.

3.   Jatorrizko udalerria ez dadila geratu farmazi bulegorik gabe, salbu 800 biztanle baino gutxiago baldin baditu.

      5.-     Erregelamenduz mugatuko dira nahitaezko lekualdaketaren suposamenduak, dela behin-betikoa dela behin-behinekoa. Kasu bietan lehendik badauden bulegoekiko distantzia txikiago bat finkatu ahal izango da, baina inoiz ere ez 125 metro baino txikiagoa.

IV SEKZIOA

FARMAZI BULEGOEN ESKUALDATZEA

17. Atala

      1.-     Farmazi bulegoen eskualdatzea, irekieratik edo azkeneko eskualdatzetik gutxienez hiru urte pasa direnean bakarrik egin ahal izango da, botikari titularraren heriotza, jubilazioa, gaitasun-gabetzea edota ausentziako deklarazio judiziala gertatzen den kasuetan izan ezik.

      2.-     Farmazi bulegoen eskualdatzea egiteko Osasun Sailaren baimena beharko da aldez aurretik. Atal honetako 3. zenbakian aurrikusi gabeko kostubidezko eskualdatzeak egin baino lehen, eskualdatzaileak osasun-administrazioari jakinaraziko dizkio eskualdatzearen prezioa eta gainontzeko baldintza orokorrak.

      Osasun-administrazioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarriz emango du jakitera meritu-lehiaketaren hasiera, eta hori, eskualdatzaileak egindako eskaintzaren -hau administrazio-espedientean azaltzen den esate-modu eta neurri beretakoa izango da- baldintzak onartzen dituzten guztien artean lehentasun-hurrenkera zehaztu ahal izateko. Eskualdatzea egiteko baimena, eske-egileen merituak haztatu ondoren, puntu gehien lortzen dituenaren alde emango da. Lehiaketa horietan parte hartzeko, atentzio farmazeutikoarekin zerikusirik duten zerbitzuetakoren batean profesional-lanean hiru urte bete izana ziurtatu beharko dute ezin-bestez lehiatzaileek.

      3.-     Hala doako eskualdatzeak oro, nola botikari titularraren seme-alaba, guraso, biloba, anai-arreba, senar edo emaztearentzako kostubidezko eskualdatzeak, erregelamendu bidez ezarriko den prozedurari jarraiki baimenduko dira.

18. Atala

      1.-     Jubilazio, gaitasun-gabetze edo ausentziako deklarazio judizialarenkasuetan, erregente bat izendatu beharko da farmazi bulegoak atentzio farmazeutikoa ematen jarraitzeko modurik eduki dezan.

      2.-     Erregentea izendatzeko eskaria edota, bere kasuan, farmazi bulegoa ixteko eskaria jubilazio, gaitasun-gabetze edo ausentziako deklarazioa pasa eta 10 eguneko gehienezko epean formulatu beharko da.

      3.-     Aurreko idazatian aipatzen den eskaririk gertatuko ez balitz, ofizioz hasiko da farmazi bulegoaren itxiera-espedientea.

      4.-     Ausentziako deklarazio judizialaren gaitasun-gabetzeen kasuetan, erregentziak 10 urteko iraupena edukiko du gehienez ere, salbu ausente edo gaitasun-gabetu deklaratua izan denak 65 urte baino gehiago dituenean deklarazio-datan, eta kasu horietan erregentziaren gehienezko iraupena bost urtekoa izango da.

      Behin epe hori pasa ondoren, 18 hilabeteko beste epe bat emango da farmazi bulegoaren eskualdatzea edo itxiera gauzatzeko.

      5.-     Jubilazio-kasuetan, erregentziak bost urteko iraupena izango du gehienez ere, eta denboraldi horretan formalizatu beharko da farmazi bulegoaren eskualdatzea edo itxiera.

19. Atala

      1.-     Farmazi bulegoko botikari titularraren heriotza gertatuz gero, oinordekoek osasun-administrazioari aditzera eman beharko diote farmazi bulegoa behin-betiko ixteko edota esku-aldatzeko beren borondatea.

      Aditzera emate hori 10 eguneko epean egingo da gehienez ere eta horrekin batera erregentea izendatzeko proposamena ere aurkeztuko da.

      Aipatu jakinarazpen hori egin gabe epea pasa ondoren, osasun-administrazioak ofizioz hasiko du farmazi bulegoaren itxiera-espedientea.

      2.-     Atal honetan araututako erregentziak 18 hilabeteko iraupena edukiko du gehienez ere. Farmazi bulegoaren eskualdatze edo itxierarik eskatu gabe epe hori pasa ondoren iraungi egingo da daukan baimen administratiboa, eta berorren itxiera-espedientea ofizioz tramitatzen hasiko da.

20. Atala

      1.-     Farmazi bulego bateko botikari titularraren heriotza gertatzen denean bere ezkontideak edo seme-alabetakoren batek oinordekotasuna edukiko balu, farmazi fakultateren batean matrikulatua egon eta behin bere ikasketak amaitu eta gero kausatzailearen farmazi bulegoan profesioa egikaritzeko bere borondatea agertuko balu, farmazi bulego horrek iharduera jarraitzeko baimena eduki lezake, beti ere oinordekoek eskualdatzeko beren borondatea osasun-administrazioari jakinaraziz gero, aurreko atalaren 1. idazatian aurrikusitakoaren arabera.

      Baldin eta hildako botikariaren oinordeko guztiek onuradun bakarraren edo batzuen aldeko eskaria aurretiaz egiten badute, farmazi bulegoaren funtzionamendu-jarraipena baimenduko da, sei urteko denboraldi batez gehienez ere, segun eta zein ikasturtetan dagoen, botikari titularraren heriotza-unetik aurrera.

      Epe horretan, farmazi bulegoak derrigor beharko du botikari erregente baten iharduketa profesionala.

      Jarraitzeko baimena eskatzeko epea bederatzi hilabetekoa izango da kausatzailearen heriotza gertatzen denetik aurrera.

      Baimen horren betebeharrak eta baldintzak erregelamendu bidez finkatu edo zehaztuko dira.

      2.-     Farmazi lizentziaturako ikasketak amaitu ondoren, jarraitzeko baimenaren onuradunak edo onuradunek farmazi bulegoaren jabetza ere kreditatu beharko du.

      Ikasketak heriotza gertatu eta 18 hilabete baino lehenagoko epean bukatuz gero, jabetza lortzeko 18 hilabeteko epea edukitzen jarraituko du.

      Behin lizentziatura lortu eta farmazi bulegoaren jabetza eskuratu ondoren hiru hilabeteko epea edukiko du gehienez ere farmazi bulegoaren eskualdatzea bere mesedetan eskatzeko.

      3.-     Farmazi lizentziaturako ikasketak amaitzerakoan ez balu oraindik lortu farmazi bulegoaren jabetzarik, oinordekoek hiru hilabeteko epea edukiko dute eskualdatzea edo itxiera burutzeko.

21. Atala

      1.-     Farmazi bulegoaren zatigabeko atala hirugarren ez-oinordeko bati eskualdatzen zaionean, botikari jabekideek legezko atzera-eskuratze eskubidea egikaritu ahal izango dute Kode Zibilean aurrikusitako terminoetan.

      2.-     Farmazi bulego baten zatigabeko atal baten gainontzeko eskualdatzeak, edozein delarik ere bere modalitatea, farmazi bulego bakoitzaren eskualdatzeko 17. atalean deskribatutako arau berberen bidez eraenduko dira, erregentearen izendapena izan ezik, ez baita beharrezkoa izango gainerantzeko titularkideen iharduketa profesionalak jarraitzen duen bitartean.

22. Atala

      Oinordekotzat joko dira lege honen ondorioetarako farmazi bulegoa edo berorren zatigabeko atala barne hartzen duen herentzi zatiaren oinordekoak direnak.

V SEKZIOA

OBRAK FARMAZI BULEGOETAN

23. Atala

      1.-     Lege honen ondorioetarako, obra bezala hartua izango da farmazi bulegoko lokalaren itxura aldatzen duen edozein lan.

      2.-     Osasun Sailaren aldez aurretiko baimena beharko dute sarrerari eragiten dioten obrak, azaleraren handitzea edo txikitzea eta ordurarteko egitura aldatzea suposatzen duten barne-banaketaren aldaketa guztiak.

      Gainerantzeko obren berri osasun-administrazioari eman beharko zaio, obra horiek egin aurretik.

      3.-     Obren ezaugarrien arabera eta obra horiek atentzio farmazeutikoa eskaintzeko orduan eduki dezaketen eraginaren arabera, osasun-agintaritzak farmazi bulegoaren aldi baterako itxiera erabakitzeko ahala edukiko du edota, kasua denean, behin-behineko lekualdaketa baimentzekoa.

      4.-     Lege hau indarrean jarri baino lehen irekitako farmazi bulegoen egitura aldatzea dakarten eta 7. atalean aurrikusitako baldintzetara egokitzea xede duten lanak ez dira 15. atalean esaten diren distantzien neurketa berriak egitearen menpe egongo.

      5.-     Erregelamenduz finkatuko dira atal honetan aipatzen diren obrak baimentzeko eta jakinarazteko prozedurak.

VI SEKZIOA

FARMAZI BULEGOEN ITXIERA

24. Atala

      1.-     Beharrezkoa izango da baimen administratibo-sanitarioa eskatzea farmazi bulegoan behin-betiko itxiera borondatez egin ahal izateko.

      2.-     Erregelamenduz finkatuko dira farmazi bulegoen aldi baterako itxiera baimendu ahal izateko arrazoiak. Itxiera hori borondatezkoa nahiz nahitaezkoa izan daiteke.

      3.-     Farmazi bulegoen behin-betiko itxiera, edota aldi baterakoa bere kasuan, hala hiritarren atentzio farmazeutikoa nola medikamentuen eta gainerako produktu sanitarioen zaintza, kontserbazioa eta, kasua denean, itzulketa edo suntsipena garantizatzera joko duten neurri egokiak hartu ondoren bakarrik egin ahal izango da.

IV ATALBURUA

BOTIKINAK

25. Atala

      1.-     800 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan eta, nahiz eta farmazi bulegoz hornituak egon, urruntasunagatik, gertueneko establezimenduarekin harremanetan jartzeko zailtasunagatik edota aldi baterako kontzentrazio-arrazoiengatik atentzio farmazeutikorako osasun-zentro edo establezimenduren bat egotea gomendagarria egiten duten zonak edo auzuneak dituzten udalerrietan, botikin bat ezartzea baimendu ahal izango da.

      2.-     Botikinak, edozein kasutan, zona farmazeutiko bereko edo udalerri bereko, segun eta egoera nolakoa den, farmazi bulego batekin lotetsiak egongo dira.

      3.-     Dispentsazioa, botikari baten eskutik egingo dena, medikamentuetara eta Osasun sailburuaren agindu bidez finkatuko diren produktu sanitarioetara mugatua geratuko da.

      4.-     Erregelamenduz zehaztuko dira botikinak funtzionatu ahal izateko baldintzak, baimentzeko, sortzeko eta ixteko prozedurak eta baita funtzionamendu-erregimena ere.

      5.-     Baimendutako botikin bat itxi egingo da:

a)   Farmazi bulegorik ez baina botikin baimendua duen udalerri batean 800 biztanletik gora edukitzearen ondorioz, edo lege honen 14.2 atalean xedatutakoaren ondorioz, farmazi bulego batek funtzionatzeko baimena ematen denean.

b)   Lehendik ere farmazi bulegoa bazuen udalerriren bateko zona edo auzune batean botikin bat baimentzea gomendatu zuten arrazoiak desagertzen direnean.

V ATALBURUA

OSAKIDETZAKO LEHEN MAILAKO ATENTZIOKO EGITURA SANITARIOETAKO ETA OSASUN-ZENTROETAKO FARMAZI ZERBITZUAK

26. Atala

      1.-     Lehen mailako atentzioko farmazi zerbitzuek medikamentuen erabilerarekin zerikusia duten eginkizun eta iharduerak barne hartu eta egituratuko dituzte, ikuspegi kualitatibotik bezala baita kuantitatibotik ere, Osakidetzako lehen mailako atentzioan medikamentuen erabilera ahalik eta razionalena izan dadin, osasun-administrazioak ezarritako gidalerroen arabera.

      2.-     Osakidetzan lehen mailako atentzioko zerbitzu sanitarioak ematen dituzten erakundeek farmazi zerbitzu espezifikoz hornituak egon beharko dute.

      3.-     Lehen mailako atentzioko farmazi zerbitzuak horiek eskaintzen dituzten erakundeetako asistentzi zerbitzuen multzoaren barruan egongo dira. Botikari baten ardura eta zuzendaritzapean egongo dira, eta, behar izanez gero, beste botikari laguntzaile batzuen lankidetza izango du botikari horrek.

      4.-     Farmazi zerbitzu bat ezarriko da, gutxienez, osasun-eskualde bakoitzeko.

      5.-     Erregelamenduz finkatuko dira lehen mailako atentzioko farmazi zerbitzuek bete beharko dituzten betebehar materialak eta baldintza teknikoak.

      6.-     Lehen mailako atentzioko farmazi zerbitzuek ondorengo eginkizunak beteko dituzte:

a)   Beren eraginpeko eremuan medikamentuen erabilera aztertu eta etengabe ebaluatzea.

b)   Talde asistentzialeko gainerantzekoekin koordinatuak egotea, medikamentuen erabilera razionalari buruzko programak aplikatzeko.

c)   Osasun-profesionalak informatu eta heztea medikamentuen erabileran.

d)   Populazioaren heziketa sanitarioa egitea medikamentuen inguruan.

e)   Farmakozaintzako programetan kolaboratzea.

f)    Medikamentuak eskuratu, almazenatu, zaindu, kontserbatu eta dispentsatzearen erantzukizun teknikoa garantizatu eta bere gain hartzea, lehen mailako atentzioko egituren barruan aplikatzeko edota behaketa, gainbegiratze edo kontrol berezia eskatzen dutenentzat, apirilaren 25eko Osasun Lege Orokorraren 103. atalean adierazitakoaren arabera.

g)   Lehen mailako atentzioko gainerantzeko zerbitzuekin batera osasunaren prebentzio, babeskuntza eta sustapeneko programen elaborazio eta egikaritzan, hala nola ikerketa sanitarioan, parte hartzea.

      7.-     Lehen mailako atentzioko zerbitzu farmazeutikoei dagokie farmazi bulegoen eta lehen mailako atentzioko pertsonalaren arteko koordinazioa, medikamentuaren erabilera razionalaren, osasun-sustapenaren, gaixotasunen prebentzioaren eta heziketa sanitarioaren inguruan sortu edo bultzatuko diren iharduerak egikaritzeko.

VI ATALBURUA

ATENTZIO FARMAZEUTIKOA OSPITALEETAN ETA ZENTRO SOZIO-SANITARIOETAN

27. Atala

      1.-     3. atalean xedatutakoaren arabera, ospitale eta, hala badagokio, zentro sozio-sanitarioetako atentzio farmazeutikoa ospitaleko farmazi zerbitzuen eta medikamentu-gordailuen bitartez emango da.

      2.-     Derrigorrezkoa izango da ospitaleko farmazi zerbitzu bat ezartzea:

a)   Ehun ohe edo gehiago dituzten ospitale guztietan.

b)   Ehun ohetik behera eduki arren, beren tipologia eta iharduera asistentzialaren munta dela medio, medikamentuen erabileran kualifikazio espeziala dutelako erregelamenduz finkatzen den ospitaleetan.

      3.-     Derrigorrezkoa izango da medikamentuen gordailu bat ezartzea ehun ohetik behera duten ospitaleetan, beti ere beren borondatez edota aurreko idazatiaren b) puntuan sartuak egoteagatik ospitaleko farmazi zerbitzurik martxan jarrita ez baldin badute.

      4.-     Lege honen ondorioetarako honako hauek joko dira zentro sozio-sanitariotzat: zenbait biztanle-sailen, hala nola, zaharren, baliogutxituen eta beren osasun-egoerak, zentroak ematen dizkieten gizarte-zerbitzuez gainera, osasun-asistentzia jakin baten beharrean aurkitzen den beste edozein atenditzen aritzen direnak.

      Zentro hauek, alor horretan aginpideak dituzten sailen proposamenez erregelamendu bidez zehaztutako kasu eta moduetan, farmazi zerbitzuak edo medikamentu-gordailuak jartzera behartuta egongo dira, zentroen ahalbideen eta atenditzeko populazioak behar duen medikutza edo farmakologi aldetikako atentzioaren eretzean.

28. Atala

      1.-     Ospitale eta, hala badagokio, zentro sozio-sanitarioetako farmazi zerbitzuek ondorengo eginkizunak bete beharko dituzte:

a)   Ospitalerako beharrezkoak diren medikamentuen hautespenerako disziplinarteko prozesuan parte hartzea, eraginkortasun, segurtasun, kalitate eta kostuaren irizpideen arabera.

b)   Ospitale barruko ihardueretarako beharrezkoak diren botikak eskuratzeko, kalitatea kontrolatzeko, beharrizanak asetzeko, almazenatzeko, berorien baliotasun-epea, kontserbazioa, zaintza, formula magistralak edota bulego-prestakinak prestatzeko eta horiek dispentsatzeko eginkizunen erantzukizun teknikoa garantizatu eta beren gain hartzea, eta baita ospitalez kanpoko tratamenduetarako behaketa, gainbegiratze eta kontrol berezia eskatzen duten medikamentuena ere.

c)   Medikamentuen banaketarako sistema razional bat ezartzea, prozesuaren segurtasuna, azkartasuna eta kontrola garantizatzeko moduan.

d)   Ikerketa klinikoaren fasean dauden produktuak zaindu eta dispentsatzea.

e)   Medikamentuei buruzko informazio-sistema egokia martxan jartzea, bai pertsonal sanitarioari eta baita populazio asistituari ere datu objektiboak eskaini ahal izateko.

f)    Sorgorgarriei eta psikotropoei buruzko legeria eta baita kontrol berezia behar duen beste edozein medikamenturena ere bete dadin saiatzea.

g)   Ospitale barruko farmakozaintza-sistema bat ezartzea eta medikamentuak erabiltzeko ikerketa sistematikoak eta, bere kasuan, farmakozinetika klinikoko iharduerak aurrera eramatea.

h)   Medikamentuen eta produktu sanitarioen ebaluazio zientifikorako botikari baten ezagutzak baliagarriak izan daitezkeen kasuetan ospitaleko batzordeetan parte hartzea.

i)    Medikamentu berrien ikerketa-programak garatzea eta botika horien entseiu klinikoetan parte hartzea.

j)    Bere eskuduntzakoak diren arazoetan heziketa mailako iharduerak burutzea, pertsonal sanitarioari bezala baita ospitaleko erabiltzaileei ere zuzenduak.

k)   Medikamentuaren legeko 87. atalean aipatzen diren egitekoak betetzeko, zonako lehen mailako atentzioaren eta espezialitateen egiturarekin lankidetzan aritzea.

      2.-     Ospitaleko farmazi zerbitzuaren arduraduna ospitale-farmazian espezialista den botikari bat izango da, eta bere erantzukizunaren azpian garatuko dira aurreko idazatian aurrikusi-tako eginkizunak.

      3.-     Osasun-zentroa zein motatakoa den eta bertan egiten den iharduerak zein neurri duen kontu, erregelamenduz finkatuko da ospitaleko farmazian espezialista diren botikari laguntzaileen eta pertsonal laguntzailearen beharrizana farmazi zerbitzuan.

      4.-     Farmazi zerbitzua irekia dagoen bitartean, bertan gutxienez ospitaleko farmazian espezialista den botikari batek egon beharko du. Hala ere, farmazi zerbitzuen antolamenduak eta funtzionamendu-erregimenak posible egin beharko du medikamentuak eguneko 24orduetan erabili ahal izatea.

29. Atala

      1.-     Ospitale eta, hala badagokio, zentro sozio-sanitarioetako medikamentu-gordailuak botikari baten ardurapean egongo dira, eta bere presentzia eta iharduketa profesionalaren pean eramango dira aurrera, gordailuak funtzionatzen duen bitartean, lege honetan aurrikusitako eginkizunak.

      2.-     Erregelamenduz, eta aipatu zentroek dituzten ezaugarrien arabera, finkatuko da medikamentu-gordailuak funtzionatzeko gutxieneko denbora, zentroaren funtzionamendu-erregimenak eguneko 24 orduetan botikak erabiltzeko modua egin behar duela ahaztu gabe.

      3.-     Medikamentu-gordailuek, gutxienez ere, 28. atalaren a)-tik f)-rako txataletan ospitale eta zentro sozio-sanitarioetako ospitale-farmaziako zerbitzuentzat adierazten diren eginkizunak bete beharko dituzte.

30. Atala

      1.-     Bai farmazi zerbitzuek eta baita medikamentu-gordailuek ere kokaleku egokia eduki beharko dute, eta barne-komunikazio egokia.

      2.-     Erregelamenduz finkatuko dira horiek osatu behar dituzten area edo eremuak, hala nola hartu behar duten azalera ere, esleitutako eginkizunak behar bezala bete ahal izateko.

VII ATALBURUA

PRODUKTU FARMAZEUTIKOEN BANAKETA

31. Atala

      1.-     Produktu farmazeutikoak lege honen 3.1.a) atalean aurrikusitako atentzio farmazeutikoko establezimendu eta zerbitzuetara banatzeko, banaketako almazenen bitartekaritza erabili ahal izango da.

      2.-     Banaketako almazenek baliabide pertsonal, material eta teknikoz behar adina hornitutako instalazioak edukiko dituzte, medikamentuen identitatea, kalitatea eta gutxienezko izakinak garantizatu ahal izateko, eta baita botika horien almazenamendua, kontserbazioa, zaintza eta banaketa garantizatzeko modukoa den sistema eraginkor bat ere.

      3.-     Banaketako almazenek zuzendari tekniko farmazeutiko bat edukiko dute, eta berori izango da bertan egiten diren lan tekniko-sanitario guztien arduraduna.

      Iharduera-bolumenaren arabera finkatuko da botikari laguntzaileen beharrizana, zeina erregelamenduz arautuko den.

      4.-     Abenduaren 20ko 25/1990 Medikamentuaren legearen 79.2 atalean xedatutakoarentzat inolako kalterik gabe, erregelamenduz finkatuko dira establezimendu hauen instalazioei eta funtzionamenduari dagozkien beharrezko betebeharrak, atentzio farmazeutikoaren prestazioko jarraipenaren printzipioa betetzeko moduan.

VIII ATALBURUA

ATENTZIO FARMAZEUTIKOKO ESTABLEZIMENDU ETA ZERBITZUEN BALDINTZAK

32. Atala

      Lege honetan arautzen diren atentzio farmazeutikoko establezimendu eta zerbitzuak ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

a)   Osasun Sailaren aurretiazko baimen administratibo-sanitarioa, bere sorkuntza, eskualdatze, obra, lekualdaketa edo itxierarako.

b)   Funtzionatzeko baimena, Osasun Sailak emango duena, behin ikuskapen-akta egokiaren bitartez a) idazatian aipatzen den baimenaren baldintza eta betebeharrak behar bezala betetzen direla egiaztatu ondoren.

c)   Erregistroa eta katalogazioa.

d)   Eskatzen zaizkien osasun-informazio eta -estatistikak elaboratu eta osasun-administrazioari bidaltzea.

e)   Solidaritate eta integrazio sanitarioaren printzipiotik eratorritako betebehar guztiak betetzea, larritasun-kasuan edota osasun publikoarentzat arriskuren bat agertzen denean.

f)    Indarrean dagoen arautegiak eskatutako betebeharren kontrola eta horiek betetzen direla ikuskatzea.

33. Atala

      Atentzio farmazeutikoko establezimendu eta zerbitzuak baimentzeko prozedurak lege honetan xedatutakora, prozedura administratiboaren arau orokorretara eta erregelamenduz gai honen inguruan finkatzen denera egokituko dira.

IX ATALBURUA

FARMAZI BULEGOEI DAGOZKIEN BAIMENEN BALDINTZA ESPEZIFIKOAK

34. Atala

      1.-     Farmazi bulego berrien baimenerako prozedurari ofizioz ekingo zaio, Osasun Sailak berak hasita, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako deialdiaren bidez.

      Dagokion deialdia edo, hala badagokio, farmazi bulego berrien beharrik ez dagoelako iragarkia, biztanleen udal-erroldaren berrikustetik ateratako datuak ezagutu ondoren, urtearen lehen seihilabetekoaren barruan egingo da.

      2.-     Farmazi bulego baten titulartasuna eskuratu ahal izateko, eta eskari bat baino gehiago formulatu diren kasuetan, erregelamenduz baremo bat ezarriko da, baldintza eta meritu profesional eta akademikoen arabera.

      Prozedura horiek 65 urte baino gehiagoko botikarien edo farmazi zona berean kokatutako farmazi bulegoetako titularren edo titularkideen alde erabaki, espediente berean beste inoren eskaririk ez dagoenean erabaki ahal izango dira, beste inoiz ez.

      Farmazi bulego berria sortu eta bertan lan egiteko baimena eman zaienek sortze horretarako espedientean azaldutako merezimenduak ez dira aintzat hartuko aurrerantzean farmazi bulegoak sortzeko egiten diren espedienteetan.

      3.-     Erregelamenduaz finkatuko da sortze-eta lekualdatze-prozedurak ebazteko lehentasunezko ordena, beti ere aipatu eskariak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako deialdi-iragarkian aurrikusitako epearen barruan aurkeztu baldin badira.

35. Atala

      1.-     16. atalaren 2, 3 eta 4. idazatietan aurrikusitako lekualdaketa-kasuetan, prozedura botikari interesatuaren eskariz hasiko da.

      2.-     Farmazi bulegoen nahitaezko lekualdaketak, behin-betikoak bezala baita behin-behinekoak ere, osasun-administrazioak hasiko ditu ofizioz, behin lekualdaketa hori eragiten duten arrazoien berri eduki ondoren, aldez aurretik interesatuak hasi ez badu, noski.

36. Atala

      Erregelamenduz finkatuko da farmazi bulegoak behin-betiko edo aldi baterako ixteko prozedura.

      Aldi baterako borondatezko itxiera-kasuetan, eta berorren iraupenaren arabera, baimen-erregimen bat eta aurretiazko jakinarazpen-erregimen bat bereizi ahal izango dira.

X ATALBURUA

ATENTZIO FARMAZEUTIKOKO ESTABLEZIMENDU ETA OSASUN-ZERBITZUEN ERREGISTROA

37. Atala

      1.-     Osasun Sailak atentzio farmazeutikoko establezimendu eta zerbitzuen erregistro bat jarriko du martxan, ordenazio farmazeutikoari dagokionez osasun-politikak modurik gokienean elaboratu eta aplikatzeko beharrezko informazioa eskuratzeko.

      2.-     Erregelamenduz finkatuko da erregistroaren antolamendua eta funtzionamendu-erregimena.

XI ATALBURUA

ETENGABEKO FORMAZIOA

38. Atala

      Osasun Sailak, Botikarien Kolegio Ofizialekin eta gainerako erakunde interesatuekin batera, botikarien eta atentzio farmazeutikoko establezimendu eta zerbitzuetako pertsonal laguntzailearen etengabeko formazioa bultzatuko du.

XII ATALBURUA

MEDIKAMENTUEN SUSTAPENA ETA PUBLIZITATEA

39. Atala

      1.-     Osasun Saila arduratuko da medikamentuen eta produktu sanitarioen informazioa, sustapena eta publizitatea, osasun-profesionalei zuzendua bezala baita populazioari oro har zuzendua dagoena ere, egiazkotasun-irizpideetara lotu dadin eta publizitate horrek kontsumoa bultzatu ez dezan.

      2.-     Jendeari zuzendua dagoen produktu farmazeutikoen publizitatea, Euskal Autonomi Elkartearen esparruan baino zabaltzen ez denean edota egoitza Elkartean duten idatzizko zein ikus-entzunezko komunikabideetan argitaratzen denean, Osasun Sailak baimendu beharko du. Erregelamenduz finkatuko da baimen hori lortzeko prozedura.

XIII ATALBURUA

BATERAEZINTASUNEN ERREGIMENA

40. Atala

      1.-     Indarrean dauden izaera orokorreko bateraezintasunen kalterik gabe, botikariaren egikaritza profesionala 3.1.a) atalean aurrikusitako atentzio farmazeutikoko establezimendu eta zerbitzuetan bateraezina da laborategi farmazeutikoetan eduki dezakeen era guztietako zuzeneko interes ekonomikoekin.

      2.-     Botikariaren egikaritza profesionala farmazi bulegoan, bere modalitateetako edozeinetan, bateraezina da:

a)   Atentzio farmazeutikoko gainerako establezimendu eta zerbitzuetan, botikinetan eta medikamentu-gordailuetan izan ezik, gauzatutako egikaritza profesionalarekin.

b)   Medikutza, odontologia eta albaiterotzaren egikaritza klinikoarekin.

c)   Beste edonolako iharduera profesionalekin, baldin eta oro har botikariari ez badio uzten jendeari atenditzeko ohizko ordutegian bertan izaten.

      3.-     Aurreko 2 a) idazatian finkatutakoa ez zaie aplikatuko ez botikari ordezkoei eta ezta denbora partzialerako kontratatuak izan diren laguntzaileei ere.

XIV ATALBURUA

ZIGOR-ERREGIMENA

41. Atala

      1.-     Lege honen arauak eta berori garatzeko emandako arautegia urratzeak zigor administratiboa ekarriko du, aldez aurretik espediente egokia instruitu ondoren, gerta daitezkeen erantzukizun zibil, penal edo bestelakoen kalterik gabe.

      2.-     Lege-urratzeak arin, larri edo oso larri bezala kalifikatuko dira, ondorengo irizpideei begiratuz: osasunarentzat dakarten arriskua, zilegi ez den moduan lortutako onuraren munta, intentzio-maila, eragindako kalteak gizartean duen eraginaren maila eta lege-urratzean berrerortzea.

      3.-     Lege-urratze arin bezala kalifikatuko dira:

a)   Indarreango osasun-arautegia betetzeari buruzkoan egindako irregulartasun soilak, osasun publikoarentzat zuzeneko eraginik ez dutenean.

b)   Osasun-dministrazioarekin produktu farmazeutikoen ebaluazio eta kontroleko informazio-lanetan lankidetzan iharduteko betebeharrean egindako irregulartasunak.

c)   Administrazioari ikuskapen eta kontroleko eginkizunak errazteko betebeharrari buruzkoan egindako irregulartasunak.

d)   Aplikatzeko modukoa den arautegi espezifikoan lege-urratze arinaren kalifikazioa duen beste edozein iharduketa.

e)   Lege honek eta bere garapenean ematen diren xedapenek ezarritako betebehar, baldintza, obligazio edo debekuak ez betetzea, baldin eta lege-urratze arin bezala kalifikatu behar bada atal honen irizpideen arabera eta lehendik ez bada hutsegite larri edo oso larri bezala kalifikatua izan.

      4.-     Lege-urratze larri bezala kalifikatuko dira:

a)   Atentzio farmazeutikoko establezimendu eta zerbitzuek botikari titularraren, titularkideen edo, kasua denean, berorren arduradunaren presentzia eta iharduketa profesionalik gabe funtzionatzea.

b)   Farmazi zerbitzuak edo, bere kasuan, medikamentu-gordailuak edukitzera behartuta dauden ospitale eta zentro sozio-sanitarioetan horietakorik ez egotea.

c)   Indarrean dagoen arautegiaren arabera, atentzio farmazeutikoko establezimendu eta zerbitzuei dagozkien eginkizunak ez betetzea.

d)   Lege honen eta bere garapenean ematen den arautegiaren arabera kasu bakoitzean zerbitzuari dagozkion iharduerak aurrera eramateko beharrezkoak diren baliabide gizakizko eta teknikoak eskura ez edukitzea.

e)   Medikamentuak dispentsatzeari arrazoirik gabeko ezetza ematea edota indarrean dagoen arautegiak xedatutakoa ez betez dispentsatzea.

f)    Medikamentuak eskatzen dituen baldintzak bete gabe kontserbatu, zaindu edo dispentsatzea.

g)   Formula magistralak eta bulego-prestakinak legez eskatzen diren prozedura eta kalitate-kontrolak bete gabe elaboratzea.

h)   Indarrean dagoen arautegiak eskatutako betebeharrak betetzen ez dituen medikamentuei buruzko informazio, sustapen eta publizitatea egitea.

i)    Urgentzi zerbitzuak ez betetzea.

j)    Farmakozaintza-betebeharra ez betetzea.

k)   Bere iharduketa atentzio farmazeutikoko establezimendu eta zerbitzuetan burutzen duen pertsonalaren bateraezintasunei buruz lege honetan dauden arauak ez betetzea.

l)    Pertsonal sanitarioaren aldetik errezetak eta agindu medikoak tramitatzean pazienteen konfidentzialtasuna eta intimitatea garantizatu beharra ez betetzea.

m)  Lege-urratze arinetan behin eta berriz erortzea.

n)   Aplikatzeko modukoa den arautegi espezifikoan lege-urratze larriaren kalifikazioa duen beste edozein iharduketa.

      5.-     Lege-urratze oso larri bezala kalifikatuko dira:

a)   Jakinaren gainean eta deliberatuki egiten direnak, beti ere kalte larria eragiten denean.

b)   Osasun-administrazioak formulatutako errekerimenduak behin eta berriz ez betetzea.

c)   Beste lege-urratze sanitario larriekin batera gertatzen direnak edota horiek egitea errazteko edo estaltzeko balio izan dutenak.

d)   Kontrol eta ikuskaritzako zerbitzuei informazioa emateko edota lankidetza eskaintzeko ezezko biribila.

e)   Osasun-agintarien aurrean erakutsitako erresistentzia, bortxa, mehatxu, errepresalia, desmen-egite edo bestelako edozein presio-modu.

f)    Atal honetan jasotako osagaien arabera, eta beren errepika-mailaren arabera oso larrien kalifikazioa merezi dutenak, edota arin edo larri bezala kalifikatu ezin daitezkeenak.

g)   Azken bost urteetan hutsegite larriak behin eta berriz egitea.

h)   Kasuari aplikatzeko modukoa den arautegi espezifikoan hutsegite oso larriaren kalifikazioa duen beste edozein iharduketa.

42. Atala

      1.-     Lege honetan adierazitako arau-urratzeak atal honetan xedatutakoaren arabera izango dira zigortuak, urratze-maila bakoitzari graduazio txikiena, ertaina edo handiena aplikatuz, hainbat faktoreren arabera: zabarkeria, intentzio-maila, konibentzi maila, iruzurra, aldez aurretik egindako abisuei kasurik ez egitea, entitatearen negozio-munta, eragindako kaltea, erasandako pertsonen kopurua, lege-urratzearekin lortutako onurak, eta bai arriskuen iraupen edo iragankortasuna ere.

      2.-     a)   Lege-urratze arinak:

1.   Maila minimoa: 100.000 pezeta bitartean.

2.   Maila ertaina: 100.001etik 300.000 pezeta bitartean.

3.   Maila maximoa: 300.001etik 500.000 pezeta bitartean.

b)   Lege-urratze larriak:

1.   Maila minimoa: 500.001etik 1.150.000 pezeta bitartean.

2.   Maila ertaina: 1.150.001etik 1.800.000 pezeta bitartean.

3.   Maila maximoa: 1.800.001etik 2.500.000 pezeta bitartean, baina kopuru hori gainditu daiteke lege-urratzearen arrazoia diren produktu edo zerbitzuen balioa halako bost iristeraino.

c)   Lege-urratze oso larriak:

1.   Maila minimoa: 2.500.001etik 35.000.000 pezeta bitartean.

2.   Maila ertaina: 35.000.001etik 67.500.000 pezeta bitartean.

3.   Maila maximoa: 67.500.001etik 100.000.000 pezeta bitartean, baina kopuru hori gainditu daiteke lege-urratzearen arrazoia diren produktu edo zerbitzuen balioa halako bost iristeraino.

      3.-     Horretaz gainera, lege-urratze oso larrien suposamenduetan Gobernu Batzarrak establezimendua edo zerbitzua aldi baterako ixtea erabaki dezake, gehienez ere bost urterako.

      4.-     Eusko Jaurlaritzak arestian aipatu diren kopuruak eguneratzeko ahala izango du.

43. Atala

      1.-     Lege honetan aipatzen diren arau-urratzeei dagokienez, arin bezala kalifikatuek urtebetera preskribituko dute, larritzat jotakoek bi urtera eta oso larri bezala kalifikatuek bost urtera.

      2.-     Lege-urratzeen preskripzioaren epea lege-urratzea egindako egunean bertan hasiko da korritzen eta prozedura ustezko lege-urratzailearen kontra gidatzen den unetik beretik etengo da.

      Zigorren preskripzioaren epea zigor hori ezartzen duen ebazpenak irmotasuna lortutako egunaren biharamunetik beretik hasiko da kontatzen.

44. Atala

      Osasun-sailburuak eskubidea du, nahiz eta zigor-izaerarik gabeko erabakia izxango den, aurretiazko baimenik edota beharrezko osasun-erregistrorik ez duten atentzio farmazeutikoko establezimendu edo zerbitzuak klausuratu eta ixteko, edota berorien funtzionamendua geldiarazteko, akatsak konpontzen ez diren bitartean, edota osasun, higiene edo segurtasunezko arrazoiengatik eskatutako betebeharrak betetzen ez diren bitartean.

Erabaki Gehigarriak

Lehenengoa

      Gobernu Batzarraren aurretiazko baimenarekin, Osasun-sailburuak Euskal Herriko Botikarien Kolegio Ofizialen esku utzi ahal izango ditu, osorik edo partzialki, farmazi bulegoak eta botikinak irekitzeko, sortzeko, lekuz aldatzeko, obrak egiteko, eskualdatzeko eta ixteko baimen-eskuduntzak.

Bigarrena

      Lege honen 5. atalean aurrikusitako farmazi bulegoen eta osasun-administrazioaren arteko lankidetza instrumentatu asmoz, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango ditu sektoreko ordezkariak diren erakunde eta organizazio profesionalekin.

Hirugarrena

      1.-     Lege hau indarrean jartzean, eta bere 11. atalean ezarritako irizpideak aplikatzearen ondorioz, farmazi bulego berriak ezartzeko modurik balego, osasun-administrazioak, horien kopurua eta kokalekua finkatu ondoren, ofizioz hasiko ditu baimenak emateko beharrezko espedienteak.

      2.-     Espediente horietan farmaziako lizentziatu guztiek parte hartu ahal izango dute ondorengo lehentasunekin:

A)   Lehendik ere Euskal Herriko Autonomi Elkartean instalatuak dauden botikariek, beti ere ondorengo betebeharrak betetzen badituzte:

a)   Beren farmazi bulegoaren kokapenari dagokionez:

a.1.-  Bere farmazi bulegoa 10.1.a) atalean aurrikusitako zona farmazeutikoko osasun-zona batean kokatua egotea, bertako biztanle-proportzioa 2.500etik beherakoa izanik farmazi bulego bakoitzeko.

a.2.-  Bere farmazi bulegoa 10.1.b) atalean aurrikusitako zona farmazeutiko batean kokatua egotea, udalerri bakarrarekin, biztanle-proportzioa 2.500etik beherakoa izanik bertako farmazi bulego bakoitzeko .

a.3.-  Bere farmazi bulegoa 10.1.b) atalean aurrikusitako zona farmazeutiko batean kokatua egotea, udalerri bat baino gehiagorekin, edota 10.1.c) atalean aurrikusitako zona farmazeutiko batean, bertako biztanleen proportzioa 2.500etik beherakoa izanik farmazi bulego bakoitzeko, beti ere kokatua dagoen udalerria asistentzi farmazeutikorik gabe uzten ez duenean, salbu 800 biztanle baino gutxiago dituen udalerri batean kokatua baldin badago eta hiru urte badaramatza funtzionamenduan lege hau indarrean jartzeko datan.

a.4.-  Bere farmazi bulegoa 800 biztanle baino gutxiago dituen udalerri batean kokatua egotea, beti ere lege hau indarrean jartzean gutxienez ere hiru urte badaramatza funtzionamenduan.

b)   Farmazi bulego berriek funtzionatu ahal izateko baimena eman aurretik titular zireneko farmazi bulegoen behin-betiko itxierak gertatzea.

B)   A idazatiak aipatutako farmazi bulegoko titularren eskariak behin aintzat hartuta, oraindik modurik balego farmazi bulego berriak ezartzeko, farmazi bulegoen titularrak ez diren farmaziako lizentziatuen eskariak hartuko dira aintzat lehentasunez.

      3.-     Erregelamenduz finkatuko da farmazi bulegoei baimena emateko zer baremo erabili lehentasun-maila bakoitzaren barruan, meritu, gaitasun eta, hala balegokio, titularrak direneko farmazi bulegoen kokaleku mailako irizpideetan oinarrituta.

Laugarrena

      7. atalean aipatzen den gutxienezko azalera erabilgarria ezin eskatu ahal izango zaie lege hau indarrean jarri aurretik baimendutako farmazi bulegoei, lekualdaketetan izan ezik.

Bosgarrena

      Erregelamenduz arautuko dira espetxeetako medikamentu-gordailuak.

Aldi Baterako Erabakiak

Lehenengoa

      1.-     Lege hau indarrean jarri baino lehen hasitako espedienteak, horiek farmazi bulegoen sorkuntza, lekualdaketa, eskualdatze, obra edo itxierari buruzko ebazpen administratiborik eduki baldin badute, lege honen aurretik indarrean zegoen arautegiaren arabera eraenduko dira aurrerantzean ere.

      2.-     Lege hau indarrean jarri baino lehen hasitako espedienteek, horiek inolako ebazpen administratiborik eduki ez baldin badute, beren tramitazioa egiten jarraituko dute, baina lege honen arabera eraenduko dira, erabaki gehigarrietako hirugarrenean aipatzen diren espedienteek afektatutako zona farmazeutikoetako irekiera berriei, eskualdaketei edo itxierei dagozkien espedienteak izan ezik. Kasu hauetan, espedienteak tramitazioa jarraitzea erabaki gehigarrietako hirugarren horretan aipatzen diren espedienteak, behin-betirako, administrazio-bidez konpontzera baldintzatua geratuko da.

Bigarrena

      Jendearen atentziorako farmazi bulegoen ordutegi arrunta, hala nola urgentziako eta oporretako txandak finkatu ahal izateko aukera emango duen atentzio farmazeutikoko beharrizanen estaldura-erregimena erabakitzen ez diren bitartean, ekainaren 30eko 186/1992 Dekretuaren bidez egindako delegaziotik ateratzen den erregimenak jarraituko du indarrean.

Hirugarrena

      Asistentzi zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeei 26. ataletik ateratzen diren obligazioak eskatuko zaizkie Euskal Herriko ordenazio sanitarioa ezarriko duen legea indarrean jartzen den unetik, berorren garapenerako ezarriko den erregelamenduaren arabera.

Laugarrena

      Titularkidetasun-erregimeneko farmazi bulegoek gehienez ere sei hilabeteko epea izango dute, lege hau indarrean jartzen denetik aurrera kontatuta, osasun-agintaritzari titularkide bakoitzak daukan jabekidetasun-kuota jakinarazteko.

Indargabetzeko Erabakia

      1.-     Indargabetuak gelditzen dira, osorik edo partzialki, lege honetan xedatutakoaren lerrun berekoak edo txikiagokoak diren xedapen guztiak.

      2.-     Indarrean deklaratzen dira, partzialki bada ere, lege honetan xedatutakoarekin bateragarriak diren neurrian:

-  206/82 Dekretua, azaroaren 2koa, osasunketa-zerbitzu, tegi eta etxeei buruzkoa.

-  271/85 Dekretua, irailaren 10ekoa, osasunketa asistentziarako zerbitzuen, eritegien eta tegien baimenei buruzkoa.

-  249/1986 Dekretua, azaroaren 18koa, Lan, Osasunketa eta Gizartesegurantza-Sailburuak, sendagaitegiak sortu, eraiki, aldatu, egokitu edo kentzeko baimena emateko agintepidearen egiterapena Euskal Autonomia-Elkarteko Kondaira-Lurraldeetako Sendagailarien Elkarte Ofizialen esku uzteko baimena emanez.

-  550/1991 Dekretua, urriaren 15ekoa, osasunbide publizitatea araupetzeko dena.

-  186/1992 Dekretua, ekainaren 30ekoa, Farmazia Bulegoen ihardun erregimena antolatzeko hainbat ahalmenez eta horiekin zerikusirik duten zehapen-ahalmenez baliatzea, Farmazilarien Euskal Autonomi Elkarteko Kolegio Ofizialen esku uzten duena.

-  83/1993 Dekretua, martxoaren 30ekoa, animalien produkzioan erabiltzen diren produktu zoosanitarioen eta beste sustantzia batzuren establezimenduen eta zerbitzuen baimen eta kontrolari buruzkoa.

-  243/1992 Dekretua, irailaren 1ekoa, Euskal Autonomi Elkarteko ospitaleetako farmazia-zerbitzuak eratzen dituena.

-  1986.eko azaroaren 28ko Agindua, farmazia-bulegoak irekitzeko baimenaren agintepidea gauzatzea Euskal Autonomia Elkarteko Farmazeutikoen Kolegio Ofizialei eskuratuz eta egitekoen eskuratze hori gauzatzea arautuz.

-  1989.eko urtarrilaren 24ko Agindua, Osasunketa eta Kontsumo Sailburuarena, Euskal Herriko Farmakozainketa-Zentrua sortuz.

Azken Erabakia

Bakarra

      1.-     Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio farmazi bulegoen amortizazioa eta bategitea erraztuko duten arauak emateko, beti ere osasun-zonaren batean lege honetan farmazi bulego bakoitzeko aurrikusten diren biztanle-proportzioak iristen ez badira.

      2.-     Era berean, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege honen garapen eta aplikaziorako beharrezkoak diren arauak eman ditzan.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra