Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

11/2007 Legea, urriaren 26koa, Euskadiko Liburutegiei buruzkoa.

2007-10-26

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2007/11/19, 222. zk.; EAO, 2011/10/26, 258. zk.

§ 294. 11/2007 LEGEA, URRIAREN 26KOA, EUSKADIKO LIBURUTEGIEI BURUZKOA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.20 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du liburutegien alorrean horien titularra Estatua ez denean.

 

       Era berean, Autonomia Estatutuaren 10.4 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du toki-araubidearen alorrean, betiere Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan xedatutakoa errespetatuta.

 

       Ildo horretatik, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 26.1.b artikuluak dio 5.000 biztanletik gorako udalerriek liburutegi publikoko zerbitzuak eman behar dituztela.

 

       Gure lurralde-eremuan, eskumen horren aitortza Lurralde Historikoen Legean ezarritako eskumen-banaketaren arabera gauzatu behar da; izan ere, lege horrek eskumen osoa ematen die lurralde historikoei beren titulartasunpeko liburutegien alorrean.

 

       Arau horietan oinarriturik, Eusko Legebiltzarrak Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zuen, besteak beste gure bibliografia-ondarea eta liburutegiak arautzeko eta, Euskadiko Liburutegi Sistema Nazionala sortuz, euskal liburutegi-sistema propio baten oinarriak jarri ahal izateko, betiere administrazioen, erakundeen eta titular pribatuen arteko lankidetza bultzatzeko asmoarekin eta Euskadiko liburutegi-eskaintzak hobeto integratu, koordinatu eta optimizatzeko helburuarekin.

 

       Gaur egun, pilatutako esperientzia eta sektore honetako berezko beharren azterketa teknikoa kontuan hartuta, komenigarritzat jo da berariazko arau bat sortzea Euskadiko egungo liburutegi-sistema osotasunean berraztertzeko eta sistema horretan Europako esparruan berriki egin diren ekarpen tekniko eta doktrinazkoak sartzeko.

 

       Premisa horietatik abiatuta, lege honek sektorearen erregulazio zehatzagoa eskaini nahi du, Euskadik liburutegi-azpiegitura eta -zerbitzu moderno eta koordinatuak izan ditzan, herritar guztientzat irisgarri izango direnak. Horrela, gainera, optimizatu egingo dira herri-administrazioek establezimendu horietarako jartzen dituzten baliabide eta bitartekoak.

 

       Hortaz, teknologia-baliabide berriek eskaintzen dituzten aukerak eta aipatutako ekarpenak gehituz, legearekin, arlo honetako ordenamendu juridikoa eguneratu eta, aldi berean, osatu egin nahi da, hala kontzeptuen alorrean nola antolaketa, kudeaketa edo plangintzarenean, helburu jakin batekin: informazioaren gizarteak eskaintzen dituen tresnak pixkanaka ezarriz, Euskadiko liburutegi-baliabideak denon eskura jartzea era osoago eta eraginkorrago batean.

 

       Halaber, legeak jarduera publiko eta pribatuaren arteko lankidetza bultzatu nahi du, baita liburutegien alorreko plangintza sustatu ere, betiere kulturari buruzko interesa areagotzeko aukerak handituz, kultura pertsonaren eta gizarte osoaren berezko ondasuna denez gero. Horretarako, konpentsaziozko liburutegi-politika burutuko da, bai pertsonei dagokienez, egoera txarrenean dauden gizarte-sektoreei arreta berezia eskainiz, bai Euskadiko lurralde eta herriei dagokienez.

 

       Lege honen bitartez, oinarrizko eskubide diren adierazpen-askatasuna eta informaziorako irispide publikoa bermatu nahi dira, eta, azken batean, euskal gizartearen sektore guztietan zabaldu nahi da irakurzaletasuna, oinarrizko zutabea baita norbanakoaren prestakuntza, garapen eta heziketan. Horretarako, ordea, liburutegi publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuek herritarren aukera-berdintasuna bultzatu behar dute, nork bere askatasunetik aukera izan dezan bere burua lantzeko, literatura- eta kultura-interesak gauzatzeko, ezaupideak etengabe areagotzeko, pertsona edo herritar gisa dituen gaitasunak hobetzeko, nazioarteko errealitateetara iristeko eta bizitza osoan zehar ikasteko.

 

       Hori dela eta, funtsezkoa da liburutegi-erakundeari asmo handiagoko ikuspegi batekin heltzea, hezkuntza, kultura eta informazioaren benetako eragile izan dadin eta bakea, tolerantzia eta gizakumearen berezko balioak bultza ditzan. Ildo horretatik, aginte publikoek helburuak betetzeko behar diren bitartekoak bermatuko dituzte eta liburutegi-zerbitzuen titular diren administrazioen arteko koordinaziorik estu eta eraginkorrena bultzatuko dute.

 

       Euskadiko Liburutegi Sistema, hortaz, lankidetza-harremanen bitartez liburutegi-zerbitzuak emateko gai diren erakundeen multzoa da lege honen ikuspegitik. Hauek dira sistemaren oinarriak: informazio-politika, nazioarteko lankidetza, plangintza bibliotekario bat (administrazioen arteko koordinazioa) eta Euskadiko Liburutegiaren izatea bera.

 

       Irakurketa publikoko sarea oinarrizko eta ezinbesteko ekipamendua da informazioaren eta ezagutzaren gizartearen gizarte- eta kultura-garapenerako. Ildo horretatik, lege honetan liburutegien betekizunak aipatzen dira jende guztiak kultura- eta informazio-erregistroetara irispidea izateko duen eskubidea bermatzeko.

 

       Gainera, irakurketa publikoko sarea toki-administrazioen menpeko liburutegi-sareen bateratzea ere bada, eta bertan foru-aldundien eta Estatuaren liburutegiak eta liburutegi pribatuak ere sartu ahal izango dira beren borondatez, beren liburutegi-zerbitzuen multzoa herritar guztien eskura jartzen badute.

 

       Bibliografia- eta dokumentu-ondarea gizartearen kultura-ondarearen zati ordezkaezina da. Gainera, XX. mendean izandako aurrerapen teknologikoek ondorio garrantzitsuak izan dituzte informazioaren eta ezagutzaren munduan. Paperaren eta beste ohiko euskarrien ordez, euskarri magnetikoak eta optikoak erabiltzen dira; ondorioz, gaur egun, material inprimatuez gain, beste era batekoak ere badaude liburutegietan: argazkiak, ikus-entzunezkoak, multimediak eta dokumentu elektronikoak. Pentsatzekoa denez, XXI. mendean zehar beste euskarri eta edukitzaile batzuk sortuko dira eta horiek ere bibliografia-ondarearen zati izango dira.

 

       Aurrerapen aipagarrienetako bat, ondarearen esparruan izan duen eraginagatik, formatu digitalaren sorrera izan da; izan ere, zenbait argitalpen formatu horretan sortzen dira zuzenean, eta hori erronka bat da liburutegientzat hautaketa-, kontserbazio- eta zabalkunde-prozesuei begira.

 

       Ondarearen unibertsoa zabaldu egin da nabarmen, eta liburutegiek, ondare digitala berreskuratu, kontserbatu eta zabaldu ahal izateko, nahitaez arakatu behar dute teknologia. Hain zuzen ere, ondare digitala Euskadiko Liburutegiaren elementu adierazgarria izango da, zeren eta liburutegi horren ardura baita, Euskadiko bibliografia-gordailuaren zentroa den aldetik, besteak beste Euskadiko bibliografia-ekoizpena eta euskararen hizkuntza-esparruarekin erlazionatutakoa jasotzea, kontserbatzea eta zabaltzea. Beste erakunde batzuekin koordinatuko ditu euskal bibliografia-ondarea eskuratu, kontserbatu eta zabaltzeko lanak; izan ere, ondare hori kontserbatzeak balio handia du, zalantzarik gabe, informazio, hezkuntza eta ikerketarako eta kultura, oro har, eta oso bereziki euskal herriaren kultura, ezagutu eta garatzeko.

 

       Azkenik, legearen beste helburuetako bat da Euskadiko liburutegi-araubide juridikoa osatzea eta, horretarako, errealitate berrira egokitutako erregulazioa ezartzea arau-hauste eta zehapenetarako. Izan ere, lege-erreserbaren printzipioaren arabera, hori guztia maila honetako arau baten bitartez xedatu behar da, Euskadiko Liburutegi Sistemara eta irakurketa publikoko sarera irispidea izateko eskubidea eta horien funtzionamendua bermatzeko eta Euskadiko bibliografia-gordailuaren alorrean xedatutakoa betetzen dela ziurtatzeko.

 

       Helburu hori lortzeko tresna gisa, legeak bederatzi titulu eta berrogeita hamahiru artikulu ditu, eta, horrezaz gainera, lau xedapen gehigarri, bi iragankor, indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.

 

       I. tituluan xedapen orokorrak jasotzen dira, eta horietan legearen helburua eta aplikazio-eremua arautzen dira, liburutegien sailkapena egiten da eta lankidetza-printzipioa ezartzen da sistemaren oinarrizko elementu gisa.

 

       II eta III. tituluak Euskadiko Liburutegi Sistemari eta Euskadiko irakurketa publikoko sareari buruzkoak dira, hurrenez hurren. Arlo horretan, zehatz errespetatu dira euskal herri-administrazio batzuen eta besteen eskumen-esparruak eta bakoitzari bere bidea jarri zaio integratzeko eta liburutegien alorrean administrazioen arteko harremanak artikulatzeko, betiere tresna bideragarri bat ezartzearren liburutegien alorreko politika publikoen koordinazioa eta lankidetza aurrera eramateko eta, era horretan, legea eraginkortasunez gauzatu ahal izateko. Ildo horretatik, sarean eta sisteman integratzearen ondorioak zehazten dira, sareko liburutegien erregistroa sortzea aurreikusten da eta irakurketa-sare publikoko liburutegiek eman behar dituzten zerbitzuak eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak adierazten dira.

 

       Azkenik, liburutegien titularrei ematen zaien agindua azpimarratu behar da, hots, erabiltzaileei berma diezaietela liburutegietara berdintasun-egoeran eta inolako tratu diskriminatzailerik gabe irispidea izateko eskubidea.

 

       IV. titulua Euskadiko Liburutegiari buruzkoa da. Bertan xedatzen denez, Euskadiko Liburutegia Euskadiko Liburutegi Sistemaren buru izango da eta berak egingo ditu koordinazio-lanak euskal bibliografia-ondarea bildu, kontserbatu eta zabaltzeari begira. Euskadiko Liburutegiaren sorreran aintzat hartu da gainerako euskal herri-administrazioak arlo horretan egiten ari diren lana, eta, ildo horretatik, liburutegiak horiekin koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko borondatea du.

 

       V. tituluan, eskola-liburutegiek irakurketa publikoko sarean parte hartuko dutela aurreikusten da, unibertsitatez kanpoko ikastetxeek egiten duten heziketa-lanerako behar diren materialak eskaintzeko, kultura irispidean jartzeko, ikasleei liburutegien funtsak baliatzen erakusteko, bai eta ikasleen prestakuntza eta aisia osatu eta hedatzeko ere. Horrezaz gainera, eskola- eta unibertsitate-liburutegiak progresiboki eta beren borondatez sareratzen joatea ere aurreikusten da.

 

       VI. tituluan, Euskadiko bibliografia-gordailuari buruzkoan, bibliografia-lanak definitzen dira, eta kontzeptu horretan sartzen dira teknologia berriek sortutakoak eta bibliografia-interesekotzat jotzen diren lan eta bildumak. Euskadiko bibliografia-gordailua arautzeak aukera emango du euskal bibliografia-ondarea egituratzeko; horretarako, behar diren aleak bilduko dira Euskadiko bibliografia-produkziotik eta euskararen hizkuntza-esparruarekin erlazionatutako lanetatik, horien adierazpen-era dena dela, tradizionaletatik hasi eta berritzaileenetara. Titulu honetan bi araubide desberdin ezartzen dira, bata nahitaezko gordailuetarako eta bestea borondatezkoetarako; horien oinarrizko alderdiak ezartzen dira, baina zehaztasunak, entregatu behar diren aleen kopurua adibidez, geroago erregelamendu bidez finkatzeko uzten dira.

 

       VII. tituluan nazio-intereseko funtsak definitzen dira eta horien araubidea Euskal Kultura Ondarearen Legean sailkatutako ondasun higigarrientzat ezarritakoa izango dela xedatzen da. Halaber, horiek gure kulturaren erreferente gisa duten garrantzia kontuan hartuta, hainbat berariazko neurri ezartzen dira Euskadiko Liburutegiaren zuzeneko esku-hartzearen bitartez funts horien kontserbazioa bermatzeko.

 

       VIII. tituluan Liburutegien Aholku Batzordea sortzen da, liburutegi alorreko kide anitzeko kontsulta-organo gisa, eta horren eginkizunak eta osaera geroago erregelamendu bidez arautzeko uzten dira.

 

       IX. tituluan zehatzeko araubidea zehazten da. Tresna horren bitartez, hainbat helburu lortu nahi dira: herritarrei kalitateko liburutegi-zerbitzu publikoa jasotzeko eskubidea bermatzea, Euskadiko Liburutegi Sistemak eta irakurketa publikoko sareak funtziona dezaten ahaleginak egitea eta euskal bibliografia-ondarearen gordailuaren alorrean xedatutakoa betetzen dela ziurtatzea. Araubide horretan toki-erakundeen autonomiaren oinarrizko berme instituzionala ziurtatzen da, Konstituzioan eta Estatutuan jasota baitago; hala, ez da aldatzen, liburutegi batzuei eta besteei dagokienez, euskal administrazioek duten eskumen-araubidea, baina aukera ematen da zeinek bere esparruan modu bateratu eta eraginkorrean esku hartzeko markoa finkatzeko.

 

       Legeak lau xedapen gehigarri ditu. Lehenengoan, sei hilabeteko epea ezartzen da Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea eratzeko, eta, bigarrenean, urtebeteko epea, batzorde hori eratzen denetik kontatzen hasita, irakurketa publikoaren mapa onartzeko. Hirugarren xedapen gehigarrian, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden liburutegien arteko koordinazio eta informaziorako sareen sorrera bultzatzeko eginkizuna izendatzen zaio Eusko Jaurlaritzari, baldin eta liburutegi horiek euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutako funts garrantzitsuak badituzte. Laugarren xedapen gehigarrian, azkenik, 18 hilabeteko epea ezartzen da Euskadiko Liburutegia eratzeko.

 

       Bestalde, legearen lehenengo xedapen iragankorrean, Euskadiko udalerrietan sor daitezkeen arazoak ikusita, bost urteko epea ezartzen da udal-liburutegiak legean jarritako baldintzetara egokitzeko, eta, gainera, babestu egiten dira toki-erakundeek baldintza horiek betetzeko epe horretan burutu nahi dituzten ekimenak, betiere ordenamendu juridikoaren araberakoak badira. Bigarren xedapen iragankorrean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari hainbat eginkizun esleitzen zaizkio Euskadiko Liburutegia abian jarri arte.

 

       Legearen testua osatzeko, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen daude, eta horrelako xedapenetan ohikoa den edukia dute. Azken xedapenetako lehenengoaren bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 66. artikulua aldatzen da, euskal bibliografia-ondarearen definizioa eguneratzeko; xedapen indargabetzailearen bidez, berariaz indargabetzen dira lege horretako 67 eta 68. artikuluak eta IV. tituluko II. kapitulua, eta, gainera, lege honen aurka doazen arauak ere indarrik gabe uzten dira, ohiko formula erabiliz.

 

I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

1. Artikulua - Legearen xedea

 

       Lege honen xedea da funtsezko oinarri eta egiturak ezartzea Euskadiko Liburutegi Sistemaren planifikazio, sorrera, antolaketa, funtzionamendu eta koordinaziorako; liburutegien funtzionamendua erraztuko duten zerbitzuak bermatzea, eta herritarrek irakurtzeko eta, informazioaren eta teknologia berrien gizarte honetan, informazio-bide eta -edukietarako irispidea izateko duten eskubidea ziurtatzea. Era berean, lege honen xede da Euskadiko bibliografia-gordailua arautzea ere.

 

2. Artikulua - Aplikazio-eremua

 

       Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasun publikoko liburutegi guztiei aplikatuko zaie; baita Estatuaren edo foru-aldundien liburutegiei eta liburutegi pribatuei ere, baldin eta, beren borondatez, Euskadiko Liburutegi Sisteman edo Euskadiko irakurketa publikoko sarean sartzen badira. Horrezaz gainera, Euskadiko bibliografia-gordailuaren eta nazio-intereseko funtsen alorrean ere aplikatuko da, oro har.

 

3. Artikulua - Liburutegiaren kontzeptua

 

       1.    Lege honen ondorioetarako, hauxe joko da liburutegitzat: eskuz idatzitako, inprimatutako edo edozein euskarritan erreproduzitutako liburuen, aldizkako edo serieko argitalpenen, grabatuen, mapen, soinu-grabazioen, dokumentazio grafikoaren, argazkien, ikus-entzunezkoen, multimedia-materialen, dokumentazio elektronikoaren eta bestelako material edo informazio-iturrien edozein bilduma antolatu, baldin eta helburua bada horiek bildu eta kontserbatzea eta, bitarteko tekniko eta pertsonal egokiak erabiliz, horien erabilera erraztea, dela informaziorako, dela ikerketa, heziketa edo aisiarako.

 

       2.    Bolumen, eduki eta lotura aldetik zeinahi izaera dutela ere, liburutegiak mota hauetakoak izan daitezke lege honen ondorioetarako:

 

1.    Titulartasunaren arabera:

a) Liburutegi publikoa: titularrak herri-administrazio eta erakunde publikoak dira.

b) Liburutegi pribatua: titularrak pertsona edo entitate pribatuak dira.

 

2.  Erabileraren arabera:

a) Erabilera publiko orokorrekoak: guztientzat irekita daude eta, beraz, komunitate osoari eskaintzen diote irakurketa publikoko zerbitzua, inolako murrizketarik gabe funts eta zerbitzuen erabilerari dagokionez, salbu eta liburutegien ondarea osatzen duten funtsak kontserbatzeko eta zaintzeko beharrezko direnak.

b) Erabilera mugatukoak: erakunde baten edo erabiltzaile talde jakin baten zerbitzura daudelako; halakoak izango dira liburutegi espezializatuak, salbu eta haien titular direnek beren borondatez ez badute beren funtsetarako irispidea mugatzen.

 

4. Artikulua - Lankidetza-printzipioa

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak lankidetzan jardungo du toki-administrazioekin eta lurralde historikoetako, Estatuko, beste autonomia-erkidegoetako eta euskararen hizkuntza-esparruko liburutegi-erakundeekin, liburutegi-zerbitzuak sustatu eta hobetzeko.

 

5. Artikulua - Artxibo, liburutegi eta museoen konbergentzia

 

       Liburutegi-zerbitzuak ematerakoan, artxibo, liburutegi eta museoen sektoreetako erakundeen konbergentziara zuzenduriko informazio-politika egingo da.

 

II. TITULUA

EUSKADIKO LIBURUTEGI SISTEMA

 

6. Artikulua - Definizioa

 

       1.    Euskadiko Liburutegi Sistema Euskal Autonomia Erkidegoko organo, liburutegi eta liburutegi-zerbitzuen multzo antolatua da eta liburutegi-baliabide guztiak hobeto aprobetxatzea du helburu, elementu guztien koordinazioan eta lankidetzan oinarrituta.

 

       2.    Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailari dagokio Euskadiko Liburutegi Sistemak eskaintzen dituen liburutegi-zerbitzuen planifikazioa aurrera eramatea.

 

7. Artikulua - Osaera

 

       Hauek dira Euskadiko Liburutegi Sistema osatuko dutenak:

 

a)  Irakurketa publikoko sarea.

b)  Euskadiko Liburutegia.

c)  Unibertsitate eta ikastetxe publikoetako liburutegiak.

d)  Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren menpekoak izan arren, irakurketa publikoko sarean sartuta ez dauden liburutegiak.

e)  Irakurketa publikoko sareko kide izan gabe, Euskadiko Liburutegi Sisteman sartzen diren liburutegiak eta liburutegi espezializatuak. Sisteman sartzeko, liburutegiaren titularrak hitzarmen bat sinatu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kulturaren alorreko eskumenak dituen sailarekin.

f)   Liburutegien alorrean eskumenak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organoak.

g)  Liburutegien Aholku Batzordea.

 

8. Artikulua - Informatzeko eginbeharra

 

       Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegien titular edo arduradun publiko zein pribatuek hainbat gairi buruzko datuak eman beharko dizkiote Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailari, hala nola langileei, funtsei, aurrekontuei, instalazioei, ekipamenduei, zerbitzuei eta horien erabilerari buruzkoak, baita erregelamendu bidez eskatutako gainerakoak ere, ebaluatu eta zabaldu ahal izateko.

 

       Eskumena duen sailak baldintza egokiak sortuko ditu Euskadiko Liburutegi Sistemako kide ez diren liburutegi pribatu edo publikoek behar den informazioa eman dezaten, Euskadiko liburutegi-eskaintzari eta euskal kulturarentzako interesgarriak diren funtsak dituzten liburutegiei buruzko ezagutza osatzeko.

 

9. Artikulua - Bibliografia-informaziorako irispidea

 

       Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak bibliografia-informaziorako irispidea bermatuko die Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegiei, katalogo kolektibo bat sortuz. Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegiek, beren aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien erabilera bermatuko dute, ematen diren erregelamenduzko xedapenak beteko dituzte eta informazio-trukea ahalbidetzeko neurri teknikoak hartuko dituzte. Bereziki, lan teknikoak, katalogoak eta baliabide teknikoak bi hizkuntzatan izatea bermatuko dute.

 

       Halaber, herritarrei kulturarako irispidea bermatzeko, liburutegi publikoek beren funtsei buruzko informazioa eman beharko diete erabiltzaileei, eta funts horiek erabiltzen eta kontsultatzen utzi beharko diete, doan, nahiz eta erabilera muga daitekeen.

 

10. Artikulua - Euskadiko Liburutegi Sisteman sartzearen ondorioak

 

       Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak ahaleginak egingo ditu Euskadiko Liburutegi Sisteman sartzen diren kideek aukera izan dezaten politika bateratuei ekiteko, informazioa trukatzeko, liburutegien arteko maileguak koordinatzeko, edukiak sistema digitaletara edo bestelako euskarrietara pasatzeko prozesuak planifikatzeko, liburutegi-ikerketak egiteko eta liburutegietan informaziorako eta komunikaziorako irispidea izateko zerbitzuak garatzeko.

 

11. Artikulua - Euskadiko Liburutegi Sistemaren bitarteko eta baliabideak kudeatzeko printzipio gidariak

 

       Kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak Euskadiko Liburutegi Sistemaren bitarteko eta baliabideen kudeaketa bideratuko du, lankidetza-printzipioa kontuan izanez eta bitarteko eta baliabide horiek euskal bibliografia-ondarearen izaera eleaniztunari egokituz.

 

12 Artikulua - Liburutegi-zerbitzuen doakotasuna

 

       Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegiek betiere doan emango dituzte bai erreferentzia-lan nagusiak kontsultatzeko zerbitzuak, bai liburuak eta bestelako materialak norbanakoei maileguan uztekoak.

 

III. TITULUA

EUSKADIKO IRAKURKETA PUBLIKOKO SAREA

 

13. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sarearen kontzeptua, egitura eta helburuak

 

       1.    Erabilera publiko orokorreko liburutegi-zerbitzuen multzo antolatua da Euskadiko irakurketa publikoko sarea.

 

       2.    Liburutegi hauek sartzen dira Euskadiko irakurketa publikoko sarean:

 

a)  Udal-liburutegi publikoak.

b)  Hitzarmen bidez irakurketa publikoko sarean sartzen diren erabilera publiko orokorreko gainerako liburutegiak.

 

       3.    Ikastetxe publikoetako liburutegiak Euskadiko irakurketa publikoko sareko kide egin daitezke.

 

       4.    Euskadiko irakurketa publikoko sarearen helburu garrantzitsuena da herritarrei sareko kultura- eta informazio-erregistroetara iristeko aukera ematea, eta ahalik eta aukera zabalena eskaintzea kanpoko informazio- eta kultura-edukietara, erabilera publiko orokorreko liburutegien zerbitzuetan daudenetara, iritsi ahal izateko.

 

14. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegien betekizunak

 

       1.    Irakurketa publikoko sareko liburutegiek izaera orokorreko funtsak izango dituzte; kultura-, hezkuntza-, jolas- eta gizarte-informazioko zerbitzuak eta kontsulta- eta mailegu-zerbitzuak emango dituzte, eta herritar guztientzat irekita egongo dira, horien adina, arraza, sexua, erlijioa, nazionalitatea edo gizarte-maila dena dela.

 

       2.    Sareko liburutegiek doan emango dute kultura- eta informazio-erregistro guztietarako irispidea; salbuetsita geratzen dira, ordea, kostu bereziko zerbitzuak, hala nola erreprografia-zerbitzuak, liburutegien arteko maileguak eta datu-baseetarako irispidea.

 

       3.    Sareko liburutegiek zerbitzu berezituak emango dituzte helduentzat eta haurrentzat.

 

       4.    Halaber, sareko liburutegiek kontuan izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko egoera soziolinguistikoa, eta zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz emango dituzte, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

 

       5.    Sareko liburutegiek arreta berezia eskainiko diete desabantaila-egoeran dauden pertsona, gizarte-talde eta geografia-guneei, benetan haietara irispidea izan dezaten. Zerbitzu eta material bereziak eskainiko dizkiete ohiko zerbitzu eta materialak erabili ezin dituzten erabiltzaileei, eta, ildo horretatik, irakurtzeko zailtasunak dituztenen beharrei erantzuteko neurriak hartuko dituzte, soinudun liburuak eta ikus-entzunezko bestelako dokumentuak edo irakurketa errazteko bestelako material inprimatuak erabiliz, eta behar diren bitartekoak jarriko dituzte liburutegira joan ezin diren gaixo, minusbaliatu, adindu edo askatasungabetuek funtsetara irispidea izan dezaten.

 

       Era berean, informaziora iristeko bidea bermatuko zaie etorkinei, baita gizarteratzeko eta beren jatorrizko hizkuntza eta kultura gordetzeko baliagarri zaizkien informazio eta materialetara iristekoa ere. Gainera, haien hizkuntzan dauden materialak eta bildumak aukera eta eskain daitezen bultzatuko da.

 

       6.    Ez da eragozpenik izango sareko liburutegien funtsetara iristeko, ezta horiek maileguan hartzeko ere. Hala ere, segurtasun- eta kontserbazio-arrazoiengatik beharrezkoa denean, muga daiteke funts horien mailegua, bestelako euskarri baten bidez material horietara iristeko aukera emanez.

 

       7.    Sareko liburutegiek behar bezala egokitutako leku bat izango dute bertara joanda jasotzen diren zerbitzuetarako. Leku horren ezaugarriak erregelamenduz zehaztuko dira.

 

       8.    Sareko liburutegiek, materialak eskuratzerakoan eta baliabideetara iristeko bidea ematerakoan, kalitatea eta erabiltzaile-komunitatearen beharretara egokitzea izango dituzte irizpide.

 

15. Artikulua - Bildumen garapena

 

       1.    Liburutegi baten bildumaren garapena liburuzainaren irizpide profesional independentean oinarrituko da, merkataritza-eraginetatik at, eta erabiltzaileen ordezkaritza-organoei, tokiko kolektiboei eta bestelako hezkuntza-, kultura- eta informazio-erakundeei kontsultatuz egingo da.

 

       2.    Bildumen garapenerako politikak etengabe aztertuko dira, behar- eta aukera-aldaketen arabera egokitzeko. Bildumen garapenak prozesu gardena izan behar du, eta oinarritzat dituen politikak publiko egin beharko dira.

 

       3.    Sareko liburutegiak lankidetzan arituko dira bildumak eskuratu eta mailegatzeko. Halaber, beren inguruko kultura-, hezkuntza- eta informazio-erakundeekin elkarlanean arituko dira.

 

       4.    Liburutegiek beren bildumetan ez dituzten materialetara iristeko aukera emango dute. Horretarako, liburutegien arteko mailegu nazionalak eta nazioartekoak baliatuko dituzte, bai eta dokumentuak lortzeko zerbitzuak ere, informazio-zerbitzu elektronikoak eta informazio-sareak barne.

 

16. Artikulua - Sare elektronikoetarako irispidea

 

       Liburutegiek sare elektronikoetara iristeko aukera emango dute, eta, horretarako, irizpide hauek erabiliko dituzte:

 

       1.    Informazio-sareen ahalmena bete-betean baliatuko dute, bereziki Internetena.

 

       2.    Erabiltzaileei informazio-baliabideetara bide elektronikoz iristeko aukera emango diete, eta irisgune publikoak eskainiko dituzte, horietan informazio-sareak independentziaz erabili ahal izateko laguntza eta orientazio egokia emanez.

 

       3.    Internet erabiltzeko politikak prestatuko dituzte, eta sarean dagoen informaziora iristeko bide publikoen eskaintzaren inguruko helburu eta metodoak adierazi beharko dituzte horietan.

 

       4.    Erabiltzaileen eskubideak errespetatuko dituzte, isilpekotasunari eta intimitateari dagozkienak barne.

 

       5.    Etengabe eguneratuko dituzte Internetera sartzeko direktorioak, kontuan izanik bai erabiltzaileen tipologia eta bai zerbitzua ematen dioten komunitatearen errealitate soziala.

 

17. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegiek ematen dituzten zerbitzuen definizioa

 

       Hauek joko dira oinarrizko liburutegi-zerbitzutzat:

 

a)  Aretoan bertan, erreferentzia-lan nagusiak, argitalpen monografiko eta seriatuak eta dokumentu elektronikoak, ikus-entzunezkoak eta multimediak irakurri eta kontsultatzea.

b)  Informazio eta erreferentzia orokorrera eta tokikora irispidea izatea.

c)  Norbanakoei liburuak eta bestelako materialak maileguan uztea.

d)  Liburutegien arteko maileguak.

e)  Internetera eta lineako informazio-zerbitzuetara irispidea izatea.

f)   Erabiltzaileentzako prestakuntza-programak.

 

18. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

 

       1.    Erabiltzaileen eskubide orokorrak.

 

1.    Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegien erabiltzaileek eskubidea izango dute, gutxienez, liburutegietako oinarrizko zerbitzuak, instalazioak eta ekipamenduak izateko, baita horiek erabiltzeko aholkuak eta laguntza jasotzeko ere. Hala, honako hauek bermatuko dira:

 

a) Behar bereziak dituzten kolektiboentzako material eta zerbitzu egokituak.

b) Era guztietako euskarrietan dauden materialak kontsultatzeko bidea, baita informazio-sare telematikoetarako irispidea ere.

c)  Indarrean dagoen araudiari egokitutako instalazioak eta irisgarritasun-baldintzak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien erabilera.

 

2.    Gutxieneko ordutegiak eta liburutegi-zerbitzua emateko baldintza orokorrak erregelamendu bidez zehaztuko dira, Euskadiko irakurketa publikoko sarearen erabiltzaileen eskubideak bermatzeko.

 

       2.    Erabiltzaileen betebehar orokorrak.

 

       Euskadiko irakurketa publikoko sarearen erabiltzaileek sareko liburutegiek ondo funtzionatzeko behar den portaera zuzena eta egokia gordeko dute, betiere lege honetan, lege hau garatzeko arauetan eta liburutegien titularrek emandakoetan ezarritakoaren arabera. Zehazki, betebehar hauek izango dituzte:

 

a)  Sareko gainerako erabiltzaileen eskubideak errespetatzea, eta, ildo horretatik, behar den ordena, errespetua eta gizalegea gordetzea.

b)  Liburutegi-zentro edo -zerbitzuak ez erabiltzea, ez bertara joanda, ez urrutitik, erabiltzaile gisa bakoitzak dituen eskubideak gauzatzeko bestetarako.

c)  Erabiltzen diren liburutegi- eta informazio-materialak eta bestelakoak zaintzea.

d)  Sareko liburutegien eta liburutegi-zerbitzuen ondasun higigarri zein higiezinak zaintzea.

e)  Sareak eskaintzen dituen zerbitzuak ordaintzea, doakoak ez badira.

f)   Maileguan hartutako liburuei eta, oro har, materialei dagokienez, hartu ziren egoera berean itzultzea.

g)  Sarean diharduten langileek hala eskatzen dutenean, erabiltzaile-izaera egiaztatzea, bai aurrez aurre, bai urrutitik.

h)  Zentro edo zerbitzu bakoitzean ezarritako funtzionamendu-arauak bete eta errespetatzea eta sarean diharduten langileen oharrak eta aginduak betetzea.

 

19. Artikulua - Liburutegiak Euskadiko irakurketa publikoko sarean sartzea

 

       Lege honen 13. artikuluko 2. paragrafoko b) idatz-zatian aipatzen diren liburutegiak Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen saileko buruaren agindu baten bitartez sartuko dira Euskadiko irakurketa publikoko sarean, betiere lege honetako eta lege hau garatzeko arauetako betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren. Sailburuaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

 

20. Artikulua - Liburutegiak Euskadiko irakurketa publikoko sarean sartzeko baldintzak eta horren ondorioak

 

       1.    Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegiek Eusko Jaurlaritzak emandako erregelamenduak bete beharko dituzte.

 

       2.    Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegiek eskubidea izango dute Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak irakurketa publikoa bultzatzeko ematen dituen zerbitzuetara irispidea izateko. Funtsean, hauek izango dira zerbitzuak:

 

a)  Aholkularitza, lankidetza eta sostengua, funtsak eskuratzeko orduan.

b)  Langileak etengabe prestatzea eta beren lanbiderako birziklatzea.

c)  Bikoiztuta dauden edo sobera diren funtsen tratamendua.

d)  Liburutegiei laguntza teknikoa ematea.

e)  Euskadiko irakurketa publikoko sarearen katalogo kolektiboa prestatu eta kudeatzea.

f) Liburutegiak sustatzea.

g)  Informazio bibliografiko eta dokumental hautatua eskaintzea.

h)  Liburutegien arteko mailegua eta maileguaren laguntzarako funtsak koordinatzea.

 

       3.    Arau teknikoak eta telekomunikazioei, sare elektronikoei eta haiekin erlazionatutako ekipamenduari dagozkien arauak aplikatuko dira, hartara nazio eta nazioarte mailako informazio-trukea errazteko.

 

       4.    Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak, urtero, laguntza-programak eta zerbitzuak jarriko ditu liburutegientzat bere aurrekontuetan, bereziki informatika-sareak antolatzeko, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak egiteko, funtsak eskuratzeko eta beste helburu batzuetarako.

 

       5.    Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegiek lehentasuna izango dute Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak liburutegien alorrerako ematen dituen laguntzak eskuratzeko.

 

       6.    Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak, Euskadiko irakurketa publikoko sarean dauden liburutegiekin lankidetzan arituz, katalogazio zentralizatua egiteko behar diren mekanismoak jarriko ditu irakurketa publikoaren maparen esparruan.

 

21. Artikulua - Irakurketa publikoko sarearen ikuskapena

 

       Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak Euskadiko irakurketa publikoko sareko zentroei informazioa eskatzen badie indarrean dagoen araudia betetzen duten egiaztatzeko, zentroek eskatu zaien informazioa eman beharra izango dute, eta ez dute eragozpenik jarriko Kultura Saileko teknikariek haietara sarbidea izateko eta beren lana egiteko.

 

22. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegien erregistroa

 

       Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak Euskadiko irakurketa publikoko sarea osatzen duten liburutegien erregistro eguneratua izango du. Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez arautuko da.

 

23. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sarearen mapa

 

       1.    Irakurketa publikoko sarearen mapa liburutegi-plangintza estrategiko eta operatiborako tresna da, eta bertan jasotzen dira Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegiak, irakurketa publikoaren beharrak eta herrigune bakoitzari dagozkion zerbitzu-moduluak.

 

       2.    Irakurketa publikoko sarearen mapan hainbat irakurketa-barruti zehaztuko dira, eta sareko liburutegiak identifikatuko dira liburutegiek eman behar dituzten zerbitzuak eta horien finantziazio-beharrak aztertuta.

 

       3.    Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak, Liburutegien Aholku Batzordeari kontsultatu ondoren, irakurketa publikoaren mapa onartuko du eta eguneratuta izango du.

 

       4.    Irakurketa publikoaren mapan, emaitzen kalitatea neurtzeko jarraibideak ezarriko dira mota bateko eta besteko liburutegiei eta haien zereginei dagokienez.

 

       5.    Mapa aldian-aldian eguneratuko da, erregelamendu bidez zehazten denari jarraituz.

 

24. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sareko langileak

 

       1.    Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegiek langile egokiak izango dituzte, hau da, nork bere eginkizunak betetzeko behar duen prestakuntza eta maila teknikoa izango du, betiere irakurketa publikoaren maparen arabera.

 

       2.    Sareko liburutegietako langile teknikoen lanbide-baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira.

 

25. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sarearen katalogo kolektiboa

 

       Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegietako funtsen katalogazio bateratu eta partekatua egiteko irizpideak bermatzeko eta liburutegiok batak besteen funtsak ezagutzen dituztela ziurtatzeko, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak katalogo kolektiboa koordinatu eta kudeatuko du.

 

26. Artikulua - Irakurketa publikoko sarearen antolaketa

 

       1.    Zein arlotan diharduten kontuan hartuta, sareko liburutegiak eta liburutegi-zerbitzuak mota hauetakoak izan daitezke:

 

a)  Hiri-liburutegi nagusiak.

b)  Herrietako liburutegiak.

c)  Liburutegi-zerbitzu mugikorrak.

d)  Irakurketa publikoa bultzatzeko zentroak.

 

       2.    Hogeita hamar mila biztanletik gorako udalerriek hiri-liburutegi nagusiak izango dituzte. Horiek udalerriko beren liburutegi eta liburutegi-zerbitzuak koordinatuko dituzte.

 

       3.    Bost mila biztanletik gorako udalerriek herriko liburutegiak izango dituzte. Eusko Jaurlaritzak ahaleginak egingo ditu 3.000 eta 5.000 biztanle arteko udalerriek herriko liburutegiak izan ditzaten, eta, biztanle gutxiagoko udalerrien kasuan, horiek biltzea sustatuko du, liburutegi-zerbitzua eman ahal izan dezaten.

 

       4.    Liburutegi-zerbitzu mugikorrak: zerbitzuon helburua da informaziorako irispidea bermatzea eta zerbitzu egonkorrik ez duten alde edo herrietan irakurketa publikoko zerbitzua eskaintzea, betiere irakurketa publikoaren mapan zehaztutako moduan eta baldintzetan.

 

       5.    Irakurketa publikoa bultzatzeko zentroak: liburutegi-zerbitzu bat izatera behartuta ez dauden udalerrietan irakurketa publikoa sustatzeko sortutako zentroak dira.

 

IV. TITULUA

EUSKADIKO LIBURUTEGIA

 

27. Artikulua - Definizioa

 

       1.    Euskadiko Liburutegia sistemaren buru izango da eta bera arduratuko da Euskadin eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo ekoitzitako lanak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak –bereziki euskal autoreek egindakoak eta euskaraz egindakoak– bildu, kontserbatu eta zabaltzeaz, euskarria dena dela. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan alor honetan diharduten gainerako erakunde publikoekin koordinatuko da, horiek osagarri izango dituelarik.

 

       2.    Euskadiko Liburutegiak ahaleginak egingo ditu Euskadiko bibliografia-ondarea kontserba eta zabal dadin. Ondare horretan sartzen dira, 1. paragrafoan deskribatutako lanez gain, Euskadin egonik kultura- edo historia-balio nabarmenak dituzten bibliografia-lanak, kultura-ondareari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

 

       3.    Euskadiko Liburutegia, Autonomia Erkidegoko bibliografia-zentroa, euskal kulturaren nazioarteko kontsulta eta ikerketarako zentroa izango da, eskuratu beharreko lanak eskuratuz edo legerian aurreikusitako beste edozein bide erabiliz.

 

       4.    Euskadiko Liburutegia euskal ondare digitalaren egoitza izango da.

 

28. Artikulua - Izaera, egitura eta funtzionamendua

 

       Euskadiko Liburutegia Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailari atxikitako erakunde autonomoa da. Egitura eta funtzionamendua legez zehaztuko dira.

 

29. Artikulua - Eginkizunak

 

       1.    Euskadiko Liburutegiak eginkizun hauek izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan:

 

a)  Euskadin eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo ekoitzitako lan guztiak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak bildu, kontserbatu eta zabaltzea. Helburu hori lortzeko, Euskadiko bibliografia-gordailuaren jasotzaile izango da, eta bide horretatik heltzen ez zaizkion bibliografia-lanak, berriz, berak eskuratuko ditu.

b)  Euskal bibliografia-ondarea eskuratu, kontserbatu eta zabaltzeko, erakundeen arteko koordinazioa sustatzea.

c)  Euskal ondare digitala sortu, babestu eta zabaltzeko eta ondare horretarako irispidea bermatzeko mekanismo egokiak jartzea.

d)  Ondare digitalaren alorrean lankidetza-programak sustatzea.

e)  Euskal bibliografia egin, kudeatu eta zabaltzea, beste erakunde batzuekin batera.

f) Beste erakunde batzuekin batera, ahaleginak egitea euskal bibliografia-ondarea kontserba dadin, ondare horren euskarria dena dela.

g)  Bibliografia-ondarearen katalogo kolektiboa egitea, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailarekin batera.

h)  Euskadiko bibliografia-ondarea babesteko laguntza-zerbitzuak ematea, bereziki zaharberritzeko, erreproduzitzeko eta bikoiztuta dauden edo sobera diren lanak kudeatzeko zerbitzuak.

i) Beste euskal liburutegietatik datozen funtsen gordetzaile izatea.

j) Beste dokumentu-sistema batzuekin lankidetzan arituz, liburutegi- eta dokumentu-teknikei buruzko ikerketen aitzindari izatea.

k)  Euskal bibliografia-ondarea sustatzea, beraren bibliografia- eta dokumentu-funtsa osatzen duten materialen ikerketa, kontsulta, azterketa eta erreprodukzioaren bidez.

 

       2.    Euskadiko Liburutegiak nazioarteko bibliografia-arauak edota informazioa kudeatzeko bestelako estandarrak egokituko ditu, eta, hala badagokio, Euskadiko Liburutegi Sistema osorako katalogazio-arauak egingo ditu. Era berean, autoritateen katalogoa ikuskatu, baliozkotu eta zerrenda bakarrean bateratuko du.

 

       3.    Euskadiko Liburutegiak katalogoetan, argitalpenetan eta beraren jardueren zabalkundean elebitasuna kontuan har dadin bermatuko du.

 

30. Artikulua - Beste zentro batzuekin koordinatzea

 

       1.    Euskadiko Liburutegiak lankidetza- eta koordinazio-harremanak izango ditu bibliografia-intereseko funtsak dituzten beste zentro batzuekin.

 

       2.    Bere eginkizunak betetzeko orduan, Euskadiko Liburutegiak Euskadiko Liburutegi Sistemako gainerako elementuekin lankidetzan jardungo du.

 

V TITULUA

UNIBERTSITATE ETA ESKOLA LIBURUTEGIAK

 

31. Artikulua - Unibertsitate-liburutegi publikoak

 

       1.    Unibertsitate-liburutegi publikoek bibliografia-funts espezializatuak biltzen dituzte, eta unibertsitarioei eta ikertzaileei ematen diete zerbitzua, baita zerbitzua eskatu eta zentroaren baimena lortzen duten partikularrei ere.

 

       2.    Katalogatzeko, liburutegien arteko mailegurako eta historia- edo kultura-balio nabarmenak dituzten funtsak babesteko, unibertsitate-liburutegi publikoak Euskadiko Liburutegiaren bidez koordinatuko dira gainerako liburutegi-sistemarekin. Koordinazio horrezaz gainera, beste liburutegi batzuekin bestelako koordinazio-bideak ere ezarri ahal izango dituzte zerbitzu komunak emateko.

 

32. Artikulua - Unibertsitate- eta eskola-liburutegiak Euskadiko irakurketa publikoko sarean sartzea

 

       Kulturaren eta hezkuntzaren alorreko eskumenak dituzten sailek diseinatu eta aurrera eramango dute eskola-liburutegiak Euskadiko irakurketa publikoko sarean progresiboki eta beren borondatez sartzeko prozesua, liburutegi bakoitzak hurbilen duen lurralde-esparrutik hasiz.

 

VI. TITULUA

EUSKADIKO BIBLIOGRAFIA GORDAILUA

 

33. Artikulua - Bibliografia-lanak

 

       1.    Erabiltzeko edo zabaltzeko aurkeztutako lan guztiak izango dira bibliografia-lan, eta berdin da horien formatua analogikoa edo digitala izan eta euskarria paperezkoa, elektronikoa edo gerora sortuko den beste era batekoa izan. Bereziki, hauek joko dira bibliografia-lantzat:

 

a)  Liburuak eta antzeko materialak, hala nola opuskuluak, liburuxkak eta gainerako dokumentu unitarioak, elektronikoak barne, hala liburuki bakarrean nola faszikulutan edo emanalditan argitaratuak.

b)  Aldizkako argitalpenak, elektronikoak barne, hala nola egunkariak, astekariak, aldizkariak, buletinak eta maiztasun jakinarekin edo gabe, serie etengabean, izenburu berberarekin eta bata bestearen segidako zenbakiekin argitaratzen diren dokumentuak.

 

       2.    Lege honetan arautzen den Euskadiko bibliografia-gordailuari begira, bibliografia-lantzat joko dira, besteak beste, musika-partiturak, lan grafikoak, argazki-lanak, mapak eta planoak, soinuzko lanak, ikus-entzunezkoak, zinematografikoak eta multimedia-lanak, ekoizteko, argitaratzeko edo zabaltzeko prozedura teknikoa dena dela. Kanpoan gelditzen dira arte-grabaturik edo azalpen-testu tekniko edo literariorik ez duten gizarte- edo merkataritza-izaerako inprimakiak eta bulego-materialak.

 

34. Artikulua - Euskadiko Bibliografia Gordailua

 

       1.    Lege honen ondorioetarako, Euskadiko Bibliografia Gordailua Euskadiko eta euskararen hizkuntza-esparruko bibliografia-ekoizpen osoaren aleak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatuarenak jaso eta kontserbatzeko eratutakoa da. Gordailua Euskadiko Liburutegian edo lege hau garatzeko arauetan zehaztutako gordailu-zentroetan eratuko da.

 

       2.    Euskadiko Bibliografia Gordailua lege honetan ezartzen diren ondasunak entregatuz eratuko da.

 

       3.    Entregatu beharreko aleen kopurua eta baldintzak erregelamenduz ezarriko dira.

 

35. Artikulua - Gordailu-zentroak

 

       Euskadiko Bibliografia Gordailua Euskadiko Liburutegian eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osorako. Hala ere, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen saileko buruak beste zentro edo zerbitzu batzuk ere ezar ditzake horretarako, agindu bidez.

 

36. Artikulua - Euskadiko bibliografia-gordailu gisa jaso behar diren ondasunak

 

       1.    Euskadiko bibliografia-gordailu gisa ondasun hauek jaso behar dira:

 

a)  Lege honen 33. artikuluaren arabera bibliografia-lantzat jotzen direnak, Euskadin inprimatu, grabatu, ekoitzi edo argitaratu badira.

b)  Aurreko idatz-zatian aipatutakoak, baldin eta, Euskaditik kanpo inprimatu, grabatu, ekoitzi edo argitaratuak izan arren, euskal erakunde publiko batek edo egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko batek egin baditu eta, horretarako, diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso baditu edo edozein eratako onura fiskalak izan baditu, erregelamenduz ezartzen denaren arabera.

 

       2.    Zalantzarik badago, Euskadiko Liburutegiak zehaztuko du gordailua nahitaez egin behar den ala ez, artikulu honetan ezarritakoaren arabera.

 

37. Artikulua - Bibliografia-ondarea borondatez gordailutzea

 

       1.    Lege honen arabera nahitaez gordailutu behar ez diren ondasunen kasuan, borondatez gordailutu ahal izango dira Euskadiko Liburutegiari eskabidea eginda. Eskabidea egin eta sei hilabeteko epean berariazko ebazpenaren jakinarazpenik egin ez bada, interesatuak eskabidea ukatutzat jo dezake.

 

       2.    Bibliografia-ondarearen borondatezko gordailurako prozedura eta baldintzak erregelamenduz arautuko dira.

 

       3.    Berariazko araudirik ez badago, borondatez gordailutzeko ondasunei nahitaezko gordailuaren arauak aplikatuko zaizkie.

 

38. Artikulua - Euskadiko Bibliografia Gordailua egin behar dutenak

 

       Inprimatutako lanen kasuan, inprimatzaileek egin behar dute gordailua; bestelako lanen kasuan, berriz, ekoizleek.

 

39. Artikulua - Euskadiko Bibliografia Gordailuko ondasunak entregatzeko epea eta tokia

 

       1.    Nahitaezko gordailua osatzen duten ondasunak hiru hilabeteko epean entregatuko dira, gordailutu beharreko lana amaitzen denetik kontatuta.

 

       2.    Ondasunak Euskadiko Liburutegian edo 35. artikuluan adierazitako gordailu-zentroetan entregatuko dira.

 

40. Artikulua - Euskadiko Bibliografia Gordailuko funtsetarako irispidea

 

       Lege hau garatzeko erregelamenduetan finkatuko dira Euskadiko Bibliografia Gordailuko funtsetara irispidea izateko baldintzak.

 

VII. TITULUA

NAZIO INTERESEKO FUNTSAK

 

41. Artikulua - Nazio-intereseko funtsei buruzko adierazpena

 

       Liburutegietan dauden kultura-balio bereziko bibliografia-funtsak jo ahal izango dira nazio-interesekotzat. Ondasun horiei Euskal Kultura Ondarearen Legean sailkatutako ondasun higigarrientzat xedatutakoa aplikatuko zaie.

 

42. Artikulua - Adierazpenaren ondorioak

 

       1.    Funtsen bat nazio-interesekotzat jotzen bada, funts hori dagoen liburutegiaren titularrek betebehar hauek izango dituzte bibliografia-ondareari buruzko legerian ezarritakoez gain:

 

a)  Euskadiko Liburutegiarekin batera lan egitea funtsa katalogatzeko eta bibliografia-ondarearen dagokion katalogoan sartzeko.

b)  Euskadiko Liburutegiarekin batera lan egitea funtsa kontserbatu eta zabaltzeko.

 

       2.    Lehenengo paragrafoan ezarritako betebeharrak betetzeko, liburutegien titularrek Euskadiko Liburutegiaren laguntza tekniko eta ekonomikoa izango dute.

 

43. Artikulua - Funtsak kontserbatu eta erreproduzitzeko arauak

 

       1.    Euskadiko liburutegiek ahaleginak egingo dituzte dauzkaten nazio-intereseko funtsak kontserba eta babes daitezen, Euskal Kultura Ondarearen Legean ezarritakoaren arabera.

 

       2.    Funtsik erreproduzitu edo konbertitu nahi izanez gero, aldez aurretik Euskadiko Liburutegiari jakinaraziko zaio, behar diren segurtasun-neurriak jar ditzan.

 

       3.    Antzinako funtsak edo funts espezializatu, arraro edo baliotsuak dituzten liburutegiek, horiek kontserbatu eta ebaluatzeko bitartekorik ez badute, Euskadiko Liburutegira jo dezakete laguntza eta orientabide bila.

 

VIII. TITULUA

LIBURUTEGIEN AHOLKU BATZORDEA

 

44. Artikulua - Liburutegien Aholku Batzordea

 

       1.    Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea sortzen da, Eusko Jaurlaritzaren izaera teknikoko organo aholku-emaile izan dadin lege honi eta lege honen garapenari dagozkien gaietan.

 

       2.    Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea Euskadiko Liburutegi Sistemaren informazio-kontsulta- eta aholku-organoa izango da, eta liburutegien erregelamendu-proposamenei buruzko irizpena emango du nahitaez.

 

       3.    Hauek izango dira Liburutegien Aholku Batzordearen eginkizunak:

 

a)  Euskadiko Liburutegi Sistemaren informazio-, kontsulta- eta aholku-organo izatea.

b)  Liburutegien alorreko eskumenak dituen sailari neurriak proposatzea Euskadiko Liburutegi Sistemaren helburuak hobeto betetzeko.

c)  Euskadiko Liburutegi Sistemari buruzko planak ezagutzea eta horiei buruzko irizpenak ematea.

d)  Beharrezko iritzitako neurriak proposatzea irakurzaletasuna eta informazioaren erabilera sustatzeko.

e)  Liburutegiei buruzko erregelamenduzko arauen proposamenez irizpenak ematea.

 

       4.    Liburutegien Aholku Batzordearen barruan batzorde bereziak eratu ahal izango dira, lege hau garatzeko arauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Batzordeak berak erabakiko ditu horien osaera eta eginkizunak.

 

       5.    Osaera erregelamendu bidez arautuko da, Euskadiko Liburutegi Sistema osatzen duten sektore eta erakunde guztien partaidetza bermatuta, baita liburutegien eta bibliografia-ondarearen arloan ospea duten elkarte, entitate eta pertsonena ere.

 

IX. TITULUA

ZEHATZEKO ARAUBIDEA

 

45. Artikulua - Xedapen orokorrak

 

       1.    Euskal Kultura Ondarearen Legean aipatzen diren arau-hauste orokorrez gain, titulu honetan aipatzen diren egiteak eta ez-egiteak liburutegien alorreko arau-hauste administratibo berezitzat joko dira.

 

       2.    Legea garatzeko arauetan titulu honetan araututako arau-hauste tipoak zehaztu ahal izango dira, beren funtsezko elementuen arabera. Garapen-arauetan, ordea, ezin izango dira inolaz ere aldatu arau-hauste tipo horien izaera edo lege honetan zehaztutako mugak.

 

       3.    Euskadiko Liburutegi Sistemaren erabiltzaileen datu pertsonalekin zerikusia duten egiteak edo ez-egiteak datu pertsonalen babeserako araudiaren arabera zehatuko dira.

 

46. Artikulua - Arau-hausteen sailkapena

 

       Arau-hauste administratiboak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

 

47. Artikulua - Arau-hauste arinak

 

       Egite eta ez-egite hauek izango dira arau-hauste arinak:

 

       1.    Euskadiko Liburutegi Sistemako zerbitzuek ondo funtzionatzeko behar den portaera zuzen eta egokia gordetzeko betebeharra ez betetzea, lege honetan ezarritakoaren arabera, eta, zehazki, honako hauek:

 

a)  Beste erabiltzaileen eskubideak ez errespetatzea, portaera hori arau-hauste larria ez denean.

b)  Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegiak eta gainerako zerbitzuak erabiltzean, behar den ordena, errespetua eta gizalegea ez erakustea edo ordena hori edozein modutan haustea.

c)  Liburutegi-zentro edo -zerbitzuak, bertara joanda edo urrutitik, erabiltzaile-eskubideak gauzatzea ez den beste zerbaitetarako erabiltzea, hori arau-hauste larria ez denean.

d)  Liburutegi-materialak, informaziozkoak edo beste edozein material gaizki tratatzea edo hondatzea, hori arau-hauste larria ez denean.

e)  Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegien eta gainerako zerbitzuen ondasun higigarri zein higiezinak gaizki tratatzea edo hondatzea, hori arau-hauste larria ez denean.

f) Maileguan utzitako liburuak eta, oro har, materialak galtzea edo ez itzultzea.

g)  Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegietan eta gainerako zerbitzuetan lan egiten dutenek erabiltzaile-izaera egiaztatzeko eskatzen dutenean, horri uko egitea.

h)  Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegietan eta gainerako zerbitzuetan lan egiten dutenek emandako aginduak edo egindako oharrak ez betetzea eta, oro har, pertsona horiekin errespetuz ez jokatzea.

 

       2.    Lege honetan ezarritako edozein betebehar ez betetzea, baldin eta hori arau-hauste larria ez bada.

 

48. Artikulua - Arau-hauste larriak

 

       Hauek dira arau-hauste larriak:

 

       1.    Erabiltzaileek liburutegian bertan edo urrutitik informaziora irispidea izateko duten eskubidea arrazoi justifikaturik gabe urratu, mugatu edo edozein modutan laburtzen duten egiteak edo ez-egiteak.

 

       2.    Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegien eta gainerako zerbitzuen liburutegi-materialak edo informaziozkoak edo ondasun higigarri zein higiezinak galtzea, suntsitzea edo, oro har, erabilezin bihurtzea dakarten dolozko egiteak edo ez-egiteak.

 

       3.    Ikertzaileei Euskadiko Bibliografia Gordailuko ondasunetarako irispidea arrazoi justifikaturik gabe eragozten dieten egiteak edo ez-egiteak.

 

       4.    Euskadiko Liburutegi Sistemaren titular eta kudeatzaileentzat ezarritako betebeharrak direla-eta ikuskapenak egitera joaten direnean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko agintari eta funtzionarioei beren lana eragoztea edo oztopatzea.

 

       5.    Lege honen 8. artikuluan ezarritako informazio-betebeharra arrazoi justifikaturik gabe ez betetzea edo atzeratzea.

 

       6.    Lege honetan Euskadiko bibliografia-gordailua erregulatzeko ematen diren arauetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

 

       7.    Arau-hauste arin bat egitea inguruabar larrigarri bi edo gehiago daudenean eta aringarririk ez.

 

       Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegi bat ikuskatzean ondorioztatzen bada liburutegi hark ez duela betetzen araudia, hots, ez duela betetzen langileei, azpiegituren baldintza teknikoei, liburutegien kudeaketaren oinarri orokorrei eta funtzionamenduari, funtsen katalogazio eta sailkatzeari, Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegien koordinazioari edo irakurketa publikoko katalogo kolektiboaren mantentze-lanei buruzko araudia, kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak ezarritako neurri zuzentzaileak hartu beharko ditu liburutegiaren titularrak. Horrela egiten ez badu, galdu egingo du irakurketa publikoa bultzatzeko zerbitzuetara irispidea izateko eskubidea.

 

       8.    Liburutegi-zentro edo -zerbitzuak, bertara joanda edo urrutitik, erabiltzaile-eskubideak gauzatzea ez den beste zerbaitetarako erabiltzea, liburutegi-sisteman edo -zentroetan edozein eratako kalteak eragiteko asmoz.

 

49. Artikulua - Arau-hauste oso larriak

 

       Hauek dira arau-hauste oso larriak:

 

       1.    Erabiltzaileek liburutegian bertan edo urrutitik kultura- eta informazio-erregistroetara irispidea izateko duten eskubidea arrazoi justifikaturik gabe urratu, mugatu edo edozein modutan laburtzen duten egiteak edo ez-egiteak, baldin eta berdintasun-printzipioa hautsi bada bai ideologia, erlijioa, nazionalitatea, egoera juridikoa edo bestelako baldintza edo gorabehera sozial edo pertsonala dela-eta, bai erregistroen eduki erlijioso, ideologiko, moral edo politikoa dela-eta.

 

       2.    Arau-hauste larri bat egitea, inguruabar larrigarri bi edo gehiago daudenean eta aringarririk ez.

 

50. Artikulua - Arau-hausteen erantzuleak

 

       1.    Lege honetan tipifikatutako egiteak edo ez-egiteak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak izango dira arau-hausteen erantzule, baita ez-betetze mailan ere.

 

       2.    Liburutegien titularrak izango dira, administrazioaren aurrean, Euskadiko Liburutegi Sistemako erabiltzaileei zerbitzuak emateko hartutako langileen edo hirugarren pertsonen arau-hausteen erantzule, baldin eta pertsona horiek ez badute haiekin funtzionario- edo lan-lotura juridikorik.

 

       3.    Gurasoak, tutoreak edo erabiltzaile adingabearen zaintza egiten duten pertsonak izango dira hari ezartzen zaizkion diruzko zehapenen erantzule subsidiarioak

 

51. Artikulua - Arau-hausteen inguruabar larrigarriak eta aringarriak

 

       1.    Hauek dira inguruabar larrigarriak:

 

a)  Nahita egitea.

b)  Arau-hausteak beste erabiltzaileen eskubideetan duen eraginaren larritasuna.

c)  Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegien eta gainerako zerbitzuen liburutegi-materialak, informaziozkoak eta erabiltzen diren bestelakoak edo ondasun higigarri zein higiezinak gaizki tratatzearen edo hondatzearen larritasuna.

d)  Berrerortzea. Berrerortzea izango da urtebetean izaera berbereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz horrela deklaratu denean. Epea aurreko arau-hausteagatik ezarritako zehapena jakinarazi zenetik hasiko da kontatzen.

 

       2.    Arau-haustetzat jotzen direnak ezin izango dira inguruabar larrigarritzat jo.

 

       3.    Honako hauek inguruabar aringarritzat joko dira: adingabea izatea, eragindako kaltea edo galera eragileak bere kabuz berdintzea edo betebeharra zehapen-prozedura izapidetzen den bitartean betetzea.

 

       4.    Zehapenaren zenbatekoa edo iraupena zehazteko orduan, kontuan hartuko da inguruabar larrigarri edo aringarririk dagoen.

 

52. Artikulua - Zehapen motak

 

       1.    Lege honetan aurreikusitako arau-hausteengatik zehapen hauek jarriko dira:

 

a)  Zehapen nagusiak:

- Ohartarazpena.

- Isuna.

b)  Zehapen erantsiak:

- Erabiltzaile-eskubideak aldi baterako etetea.

- Euskadiko Liburutegi Sistemako edo irakurketa publikoko sareko kide izateak dakartzan onurak aldi baterako etetea.

 

       2.    Hauek ez dira zehapentzat joko:

 

a)  Erabiltzaile bat liburutegitik botatzea ematen den zerbitzuan ordena larriki hausteagatik.

b)  Ezarritako bermea konfiskatzea maileguan utzitako liburuak edo bestelako materialak itzultzeko betebeharra ez betetzeagatik.

c)  Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegien eta gainerako zerbitzuen liburutegi-materialak eta informaziozkoak edo bestelako ondasun higigarri zein higiezinak galdu, suntsitu edo, oro har, erabilezin bihurtzeak edo lege honetako betebeharrak ez betetzeak sortutako kalte eta galeren ordaina emateko betebeharra. Kalte-ordaina bermetik kenduko da hasiera batean, baina horrekin ezin bada dena ordaindu, gainerakoa ordaintzeko betebeharrak bere horretan jarraituko du eta ordaintzea eska daiteke.

 

53. Artikulua - Zehapenak

 

       1.    Arau-hauste arinengatik, ohartarazpena edo 3.000 eurorainoko isuna jarriko da zehapen modura. Zehapen erantsi gisa, erabiltzaile-eskubideak eten daitezke, sei hilabeterako gehienez.

 

       2.    Arau-hauste larriengatik, 3.001 eta 15.000 euro bitarteko isuna jarriko da. Zehapen erantsi gisa, erabiltzaile-eskubideak eten daitezke, urtebeterako gehienez, edo Euskadiko Liburutegi Sistemako kide izateak dakartzan onurak eten daitezke, bi urterako gehienez.

 

       3.    Arau-hauste oso larriengatik, 15.001 eta 60.000 euro bitarteko isuna jarriko da. Zehapen erantsi gisa, erabiltzaile-eskubideak eten daitezke, bi urterako gehienez ere, edo Euskadiko Liburutegi Sistemako kide izateak dakartzan onurak eten daitezke, hiru urterako gehienez ere.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehenengoa

 

       Lege hau indarrean sartu eta gehienez ere sei hilabeteko epean, Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea eratuko da.

 

Bigarrena

 

       Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea eratu eta gehienez ere urtebeteko epean, irakurketa publikoaren mapa onartuko da.

 

Hirugarrena

 

       Eusko Jaurlaritzak liburutegien arteko koordinazio eta informaziorako balioko duten sareak sor daitezen bultzatuko du, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden liburutegiei dagokienez, euskal etxeetakoei dagokienez bereziki, baldin eta liburutegi horiek euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutako funts garrantzitsuak badituzte.

 

Laugarrena

 

       Lege hau indarrean sartu eta gehienez ere 18 hilabetera eratuko da Euskadiko Liburutegia.

 

Xedapen Iragankorrak

 

Lehenengoa

 

       Udal-liburutegiek bost urteko epea izango dute, gehienez, irakurketa publikoaren mapa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik, Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegiei eskatzen zaizkien betekizunak guztiz betetzeko.

 

Bigarrena

 

       Euskadiko Liburutegia abian jarri arte, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuak beteko ditu haren eginkizunak.

 

Xedapen Indargabetzailea

 

       Indarrik gabe gelditzen dira Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 67 eta 68. artikuluak eta IV. tituluko II. kapitulua, bai eta lege honen aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa

 

       Aldatu egiten da Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 66. artikulua. Honela geldituko da:

 

"Bibliografia-ekoizpen hauek joko dira euskal bibliografia-ondaretzat: Euskadin eta euskararen lurraldeetan argitaratu edo ekoitzitako lanak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak, bereziki euskal autoreek egindakoak eta euskaraz egindakoak, horien euskarria dena dela.

 

Euskadiko bibliografia-ondarea, aurreko lerrokadan aipatutakoez gain, Euskadin dauden eta historia- edo kultura-balio nabarmenak dituzten bibliografia-lanek osatzen dute, horien euskarria dena dela".

 

Bigarrena

 

       Lege-gordailua behar duten ondasunak Euskadiko Bibliografia Gordailua osatzen dutenekin batera entregatu ahal izango dira, Estatuko araudian eta, hala badagokio, autonomia-erkidegokoan ezarritako araubide juridikoa aplikatu behar bazaie ere.

 

Hirugarrena

 

       Dekretu bidez, Jaurlaritzaren Kontseiluak lege honetan aurreikusi diren zehapenen zenbatekoak eguneratu ahal izango ditu.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra