Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

12/1994 Legea, ekainaren 17koa, Euskal Autonomi Elkarteko Fundazioei buruzkoa.

1994-06-18

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1994/7/15, 135. zk.; EAO, 2012/2/4, 30. zk.

§ 164. 12/1994 LEGEA, EKAINAREN 17KOA, EUSKAL AUTONOMI ELKARTEKO FUNDAZIOEI BURUZKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

I

 

       Autonomi Estatutuaren 10.13 atalean zehaztutakoaren indarrez Autonomi Elkarteak du, eta ez beste inork, fundazio-arloko aginpidea, fundazioen iharduna batez ere Euskal Herrian garatzen bada. Aginpide hori erabiliz onartu da lege hau, eta esparru arau-emailea eskaintzea dauka helburu eta, horretarako, askatasun-irizpidea hartu du oinarritzat, Konstituzioak aitortutako irabazi-asmorik gabeko erakundeok babestu, bultzatu eta sustatzeari begira.

 

       Fundazioak eratzeko eskubidea Konstituzioaren 34. atalean arautzen da labur-labur, bi muga baino ez dituela -legez arautu beharra eta interes orokorra izatea helburu- eta 22. ataleko 2. eta 4. zatietan zehaztutakora igortzen duela. Igorpen horren bitartez, fundazioa, ohizko irizpidearen arabera, Elkarteen Zuzenbidearen ondoriotzat jotzen da, bi alderdi nagusitan haren berme-jaurbide bera ezartzen baitzaio: batetik, eratzeko debekua delitutzat jotako helburuak edo baliabideak badituzte eta, bestetik, epailearen erabaki arrazoituaren beharra, fundazioa desegin edo iharduerak bertan behera utzi nahi badira.

 

       Legez arautu beharrari dagokionez, lege autonomikoaren bitartez betetzen da behar bezala. Lege horrek, nolanahi ere, fundazioak eratzeko eskubidearen funtsezko edukia bete beharko du, E.K.aren 53.1 atalean zehaztutakoa betez.

 

       Eta funtsezko eduki horrezaz gain, ez dago fundazio-arloan Estatuko legeen ondoriozko beste funtsezko oinarri edo irizpiderik bete beharrik. Arlo horretan Autonomi Elkarteak dauka aginpide osoa, bere legeek Konstituzioak ezarritako baldintzak betetzen dituzten neurrian.

 

       Bestaldetik, nabarmendu beharrekoa da Kode Zibilak, Konstituzioaren antzera, zuzenbidezko pertsona den aldetik baino ez duela fundazioa aipatzen, -Europako Zuzenbide Erkatuak egiten duen bezalaxe-, bere sorrera -Zuzenbidea betez- eta bere iraungipena arautuz. Hori izan da, hain zuzen ere, aurrerapausu haundienetako bat: berez zibilak diren arauak besterik ez sartzea, gainontzeko arauak kanpoan utziz. Arauok, lege bereziek eta egiturazko eta administrazio-izaerazko lege osagarriek eta beharrezkoek erabakitzen dutenaren menpe egongo dira.

 

       Hori da fundazioak eratzeko eskubidearen bikoiztasunaren arrazoia, eta bertan biltzen dira publikotasun eta pribatutasunaren artean dabiltzan hainbat alderdi politiko, administratibo, zibil.... Horri dagokionez, azpimarratzekoa da fundazioak zuzenbide pribatuko pertsona juridikoak direla, baina guztion onerako sortuak, esaterako, irakaskuntza, arte, ongizate, laguntzaren eta antzeko arloko beharrei aurre egiteko. Guzti horren ondorioz ezinbestekoa da fundazioak herri-aginteen zaingo eta babespenaren menpe jartzea, fundazioaren nahia betetzen dela bermatzeko, interes orokorra helburu duela.

 

       Hori dela eta, fundazio pribatuen antolamendua ez da Kode Zibileko eduki orokorrean zehazten, eta herri- edo administrazio-mailako antolaketa behar du, lege berezia bailitzan. Nolanahi ere, Kode Zibilak batzuetan lege-arloko zenbait agindu arautzen ditu albotik, eta horiek figuraren funtsezko ezaugarriak taiutzeko balio dute ezinbestean. Horren arrazoia espezialitate-irizpidean datza. Irizpide hori idazpuruen ezarpenak sortutako auziei irtenbidea emateko giltza denez gero, Konstituzio Auzitegiak askotan erabili izan du (besteak beste, 71/1982; 48/1988; 62/1991; 120/1992 epaiak).

 

       Ondorioz, fundazioak eratzeko eskubideari buruz Konstituzioak ematen duen definizioa eta indarrean dagoen zuzenbidezko antolamenduak eragindako funtsezko muina edo edukiarekiko begirunea abiapuntutzat harturik, lege honetan jasotako arauketari ekin zaio, Euskal Autonomi Elkarteari gaur egungo errealitate soziologikoari eta fundazio-arloan dauden eskaerei aurre egingo dion araubide berezia emateko xedez. Egia esan, fundazio-arloak lege-esparru berri eta eragile baten beharra dauka, Estatuan indarrean dagoen sistemak gabezia eta huts ugari edukitzeaz gain kritika zorrotzak jaso baititu aitortutako hainbat doktrina-arlotatik.

 

       Izan ere, iraganaldiko irizpide eta aurre iritzi zaharrak gaindituta, legegileak egungo egoerari zuzendu behar dio bere arreta, fundazioek helburu duten interes orokorraren arloaren barruan. Fundazioa tresna egokia da gizartearen partaidetza kultura, zientzia, ongizate eta beste arlo batzuetan bideratzeko eta fundaziokideen gogoaren -besteren onerakoa eta elkartasunezkoa- adierazpen sortzaile gisa azaltzen da. Beraz, fundazioak, gero eta gehiago, irabazi-asmorik gabeko elkarteak dira, Gizarte eta Zuzenbideko Estatuaren esparruan eginkizun berezia bete behar dutenak.

 

       Guzti horregatik, lege honek, egun nagusi diren murriztapenak ikusita, askatasun-, erantzukizun- eta malgutasun-irizpideetan oinarrituta arautu nahi ditu Euskal Autonomi Elkarteko fundazioak. Elkarte horiek, erkaketa eginda, abantailak dituztela kontuan izanik, elkarteok bultzatzeko asmoa dago eta garatzeko eta ugaltzeko bide ematen duten arauak emango ditu legeak. Horrela, bereizketa-indarra lortu nahi da, irabazi-asmorik gabeko elkarte horiei beren lurralde-esparruan nortasuna emateko eta bertan sartzea errazteko.

 

       Bestalde, erabilitako aginpide-tituluari hala dagokionez eta interes orokorreko ihardueretako partaidetza pribatuarentzako etekin edo zerga-eragingarriak arautzeko gaitasuna izanez zerga-arauak emateko Autonomi Elkartean dauden ahalmenen esparru guztiak ahalik eta gehien errespetatuz -mezenasgoa deitu ohi dena-, lege honek ez dauka inolako aipamenik fundazioen zerga-tratamenduari buruz; beraz, eta bidezkoa denez, arlo honetan kasu bakoitzean Estatuko zein foru-legeak ezarri beharko dira.

 

II

 

       Horri dagokionez, lege hau zehazten duten alderdi nabarmenak hauek dira:

 

- Beste inorena ez den aginpidea oinarritzat harturik, fundazioen zuzenbidezko eta administraziozko alderdiak arautzen dira, eta alderdi zibilak albotik besterik ez dira aztertzen. Azterketa honek, legegilearentzat beharrezko gertatzez gainera, berebiziko garrantzia hartzen du Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko uztailaren 1eko 3/1992 Legea ezarri behar denean.

- Saihestu egiten da, nahita, Fundazioa legez zehaztea, kontzeptu hori doktrinan eta jurisprudentzian mugatuta baitago (49/1988 KAE).

- Hartutako filosofia batipat liberalaren arabera, bi jarraibide nagusiri begira egituratzen da fundazioaren zuzenbidezko figura. Alde batetik, fundatzailearen borondatearekiko begirunea eta, bestetik, Babesletzari ematen zaion egituraketa berria. Izan ere, ohizko baimen-sistematik ("ex ante" kontrola) onarpen- eta jakinarazpen-sistemara ("ex post") pasatu da, fundazioei autonomia haundia emanez, nagusien eta kudeatzaileen erantzukizunekin lotuta.

- Gehienbat EAEn aritzen diren fundazioei ezartzekoa da, fundazio-egintzan edo estatutuetan zehaztutakoaren arabera.

- Zuzenbidezko pertsona publikoek fundazioak eratzeko eskubidea daukate, bai bakarka, bai beste erakundeek edo norbanakoek parte hartuz.

- Eratze-agiria Fundazioen Erregistroan sartzen denetik hartzen du zuzenbidezko nortasuna fundazioak, indarrean dauden erkaketa-ereduei jarraiki.

- Diru-izendapenari dagokionez, elementu berriak sartu dira, fundazioak eratzeko eskubidea malgutasun eta eginkortasun haundiz gauzatzeko bide emango dutenak. Lehenengo iharduera-egitaraua garatzeko behar beste ondasun edo eskubide jarrita, ondorengo ekarpenak egin daitezke, horiek egiteko epe malgu bat ezarriz ondasunen izaeraren arabera.

- Fundazio-organoari dagokionez, kide anitzeko legezko eraketa aukeratu da, gutxienez hiru pertsonek osatua, fundatzaileak aurkakoa erabaki ezean. Eskatzen den askatasun eta gaurkotasunarekin bat etorriz, legeak, lehen ez bezala, ez du "Zaingo Batzorde" izena aipatzen, baina erabiltzeko bide ematen du.

- Fundazio-ondareari buruzko atalburua, ekonomiaren aldetik balioetsi daitezkeen ondasun eta eskubideek osatua, irizpide liberalaren arrazoietan oinarritzen da eta, horregatik, dauden ereduetatik aldentzen neurri haundiago batean. Aurretiazko baimenak orain jakinarazpen xume bihurtu dira; horrela xedapen-egintzetan eta liberalitateetan zeuden administrazio-traba guztiak ezabatu egin dira. Beraz, nahikoa arindu da ondare-kudeaketa, autonomia emanez.

- Merkataritza- eta industria-iharduerei dagokienez, inguruari etengabe egokitzen zaion ondare dinamikoaren ideia hartzen da, kapital izoztu eta estatikoaren erabateko gogorkeriaren aurka. Horrela, iharduera horiek burutzeko baimena ematen zaie fundazioei, bai zuzenean, bai baltzuen bitartez, baldin eta erantzukizuna mugatuta badaukate, enpresa-arriskuek ez dutela fundazioa galbidean jarriko bermatzeko. Bestaldetik, ekonomiaren aldetik garrantzitsutat jotako fundazioak kanpoko kontu-ikuskaritza baten menpe jarri beharko dira.

- Babesletzari dagokionez, legearen sorburua den filosofiatik Babesletza azkarra eta modernoa besterik ezin zen espero, fundazioei fundazio-helburuak eraginkortasunez burutzen laguntzeko asmoz. Hori dela eta, aholkularitza eta informaziorako administrazio-organo gisa egituratzen da, fundazioak, guztion ona helburu duenez, eskatzen dituen ikuskatzailetza-eginkizunen kaltetan gabe. Fundazioaren ihardueraren, aurrekontuaren, kontuen eta txosten guztien berri izateko eskubidea izango du, bai eta auzibidera jo eta dagozkion ekintzak eragiteko ere (erantzukizun- eta ordezkatze-egintzak, etab.), interes orokorra zaintzeko, hori betetzen dela bermatu behar baitu. Horrela, administrazioaren ahalmena eskuhartze judiziala sustatzera mugatuta dago, Zuzenbidezko Estatuaren giltza den benetako zaintza judizialaren irizpideari begira.

- Bestaldetik, benetako eraginkortasuna erakutsi duten beste autonomi ereduei jarraiki, Babesletza bakarreko sistema aukeratu da, Zuzentza Sailaren bitartez, eta fundazioen arloko esparruan aginpideak dituzten sailen eginkizunen kaltetan gabe. Sail horiek Aholku Batzordean sartzea aurrikusten da, Babesletzari laguntzeko eta erregistroan sartu baino lehenago txostena egiteko.

- Azkenik, Fundazioen Erregistroa Babesletzarako ezarritako sistemarekin bat etorriz diseinatu da, nortasun bakarrez, gaur egun arlo horretan aginpidea daukaten sailen artean dagoen barreiakuntza gaindituz".

 

I ATALBURUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

Lehenengo Atala - Xedea

 

       Lege honek Euskal Autonomi Elkartearen agintepeko fundazioak arautzea dauka helburu, Autonomi Estatutuaren 10.13 atalean ezarritakoaren arabera.

 

2. Atala - Ezarpen-eremua

 

       Batez ere Euskal Autonomi Elkartean diharduten fundazioak arautuko ditu lege honek. Horretarako, estatutuek edo eratze-agiriak zehaztutakoa bete beharko da, 7. ataleko 1 c) eta d) idazatietan ezarritakoarekin bat etorriz.

 

3. Atala - Zertarakoa eta onuradunak

 

       1.-   Fundazioaren zertarakoak legezkoa eta interes orokorrekoa izan behar du, eta ezin da norbanako jakinen onerako izan.

 

       2.-   Ezin izango da inoiz fundaziorik sortu ezkontideei edo fundatzailearen laugarren mailarainoko, hau barne, familiartekoei laguntzeko.

 

II ATALBURUA

FUNDAZIOEN ERAKETA

 

4. Atala - Fundatzaileak

 

       1.-   Edozein pertsona fisikok edo zuzenbidezko pertsonak, publikoa nahiz pribatua izan, era ditzake lege honen eremuan sartzen diren fundazioak.

 

       2.-   Pertsona fisikoek, legeek eskatzen dutenaren arabera, iharduteko gaitasun osoa izan beharko dute, hornidurako ondasunak eta eskubideak dohainik erabiltzeko.

 

       3.-   Zuzenbidezko pertsonek horretarako ahalmena duen organoaren onarpena beharko dute, eta bertan fundazioa eratzeko borondatea eta pertsona horien ordezkariak adieraziko dira.

 

       4.-   Zuzenbidezko pertsona publikoek fundazioak sortzeko edo beste erakunde edo pertsonekin fundazioen eraketan parte hartzeko, horretarako ezarritako legeak edo xedapenak bete beharko dituzte eta, horien ezean, jarritako ondasun edo eskubideak dohainik erabiltzeko arauak.

 

5. Atala - Eratze-moduak

 

       1.-   "Inter vivos" edo "mortis causa" egintzen bidez era daiteke fundazioa. Bi kasuotan, eskribau-eskrituraren bitartez gauzatu beharko da, hurrengo atalean ezarritako baldintzak betez.

 

       "Mortis causa" eratze-egintzaren kasuan, fundatzaileak berak egin dezake eskribau-eskritura edo nork egin behar duen izenda dezake. Fundatzaileak fundazioa eratzeko eta emandako ondasunak erabiltzeko borondatea besterik ez bazuen adierazi, lege honek eskatzen dituen gainontzeko baldintzak jasotzen dituen eskribau-agiria foru-komisariak, testamentu-albazeak eta, horien ezean, oinordekoek edo ezargarri den legedi zibilaren arabera testamentua edo bestelako 'mortis causa' xedapenen bat gauzatu behar dutenek egingo dute.

 

       2.-   Eratze-agiria Fundazioen Erregistroan jaso eta hortik aurrera izango dute fundazioek zuzenbidezko nortasuna.

 

       3.-   Eratutako erakundeak lege honetan edo ezargarri den legedian zehaztutako baldintzak betetzen ez dituenean, eta orduan bakarrik, ukatuko da erregistroan jasotzea; eta arrazoitutako erabaki baten bitartez adieraziko da ukapena. Nolanahi ere, akatsa konpontzerik badago, epe bat emango da horretarako, 40. atalean zehaztutakoarekin bat etorriz arau bidez erabakiko dena.

 

6. Atala - Eratze-eskritura

 

       Eratzeko eskribau-eskriturak jarraian adierazten diren betekizunak hartuko ditu baitan, fundatzaileek ezarritako bidezko xedapenen kalterik gabe:

 

a)  Pertsona fisikoak edo zuzenbidezko pertsonak izan, fundatzaileen nortasuna eta fundazioa eratzeko beren ahalmena egiaztatzen duten alderdiak, eta bai horien herritasuna, helbidea, auzotasuna eta, hala badagokio, ezkontzako ekonomia-jaurpidea ere.

b)  Fundazioa eratzeko borondatea lege honetako xedapenak betez.

c)  Fundazioaren hasierako ondare-ekarpena, ondarea osatzen duten ondasunen eta eskubideen zehaztapena eta izaera, titularitatea, kargak eta ekarpen-titulua adieraziz, eta bai 9. atalean ezarritakoaren arabera eskatzen diren gainontzeko elementuak ere.

d)  Fundazioaren estatutuak, 7.1 atalean adierazitako alderdiak jaso beharko dituztenak.

e)  Gobernu-organoa osatzen duten pertsonak eta, hala badagokio, karguaren onarpena, baldin eta eratze-egintzan egiten bada.

f)   Fundatzaileak edo fundatzaileek eratze-agiriaren izaera eman ahal izango diote eskribau-eskriturari, hala beste pertsona batzuk ere fundatzaile gisa sartu ahal daitezen. Hala gertatuz gero, epe bat jarriko da atxikimendu hori egiteko.

 

7. Atala - Estatutuak

 

       1.-   Fundazioaren estatutuek, gutxienez, honako hauek jaso beharko dituzte:

 

a)  Erakundearen izena, "fundación" edo "fundazioa" edo "iraskundea" izenak agertu beharko duela. Fundazioak ezin izango du Fundazioen Erregistroan lehendik jasotako beste fundazio baten izen bera hartu.

b)  Fundazioaren helburuak.

c)  Fundazioaren helbidea, Euskal Autonomi Elkartean egon beharko duela kokatuta.

d)  Egoitzarik edo ordezkaritzarik balitz, horien kokalekua erabakitzeko ahalmena izango duen organoa.

e)  Zein lurralde-esparrutan gauzatu behar dituen, nagusiki, bere iharduerak.

f)   Baliabideak fundazioaren helburuei begira erabiltzeko eta onuradunak zehazteko oinarrizko arauak.

g)  Gobernu eta ordezkapeneko organoa, zeinek osatzen duen, kideak izendatzeko eta ordezkatzeko arauak, kentze-arrazoiak, ahalmenak eta erabakiak hartzeko eta onartzeko modua.

h)  Fundazioaren laguntzailerik balitz, horien zuzenbidezko jaurbidea eta horiek fundazioaren gobernu-organoetan izango duten partaidetza arautzea.

 

       2.-   Estatutuetan, bestalde, estatutuak aldatzeari eta fundazioa batzeari edo amaitzeari buruzko arau bereziak jaso daitezke, bai eta fundatzaileek ezarri nahi dituzten bidezko hitzarkinak edo baldintzak ere.

 

       3.-   Fundazioaren estatutuetako xedapenen batek edo fundatzailearen borondatearen adierazpenen batek, lege honen aurkakoa izanik, fundazioaren eratze-balioari eragiten ez badio, jarri gabekotzat joko da 5.3 atalean zehaztutako zuzentze-epea amaitu eta konpontzeko edo egokitzeko asmorik agertu ez bada. Kasu horretan, Fundazioen Erregistroan jasoko da.

 

       "Mortis causa" eratze-moduaren kasuan, fundatzaileak aginpideak eman diezazkieke foru -komisariari edo testamentu-albazeei, erregistroan jasotzearen ondorioz sor daitezkeenak neurtzeko, beti ere, fundazioaren helburua kontuan izan beharko dutela.

 

8. Atala - Behin-behineko ahalmenak

 

       Erregistroan jasotze-bidean dauden fundazioen kasuan, eratze-eskritura egin eta gero, gobernu-organoek, 12. atalean ezarritakoaren arabera beren karguak onartu ondoren eta horiek ematen dizkieten ahalmenen barruan, egintzak gauzatu, ondasun edo eskubideak erosi eta betebeharrak bere gain hartu ahal izango dituzte fundazioaren izenean, luzaezinekoak direlakoan badaude. Guzti horiek fundazioak hartuko ditu bere gain erregistroan izena eman bezain laster. Erregistroan jasotzen ez bada, fundazioaren ondarearekin egingo zaie aurre hartutako zorpideei eta, horren ezean, gobernu-organoak osatzen dituzten pertsonena izango da erantzukizuna solidarioki, aurreko horiek onartzeari aurka ez bazioten egin.

 

9. Atala - Ondarezko diru-izendapena

 

       1.-   Ondarezko diru-izendapena edozein eratako ondasun eta eskubideek osa dezakete. Horiek aurreneko ihardute-egitaraua garatzeko behar bestekoak izan beharko dute. Egitarau hori eratze-eskrituran azaldu beharko da ekonomia-txosten batekin batera, eta baliabide horiek bakarrik erabilita egitaraua aurrera eraman ahal izango dela egiaztatu beharko da txosten horretan.

 

       2.-   Ondarezko diru-izendapenaren ekarpenak bata bestearen ondoren egin daitezke. Kasu horretan, hasierako ekarpena ez da eratze-borondateak ohartemandako guztizkoaren % hogeita hamarra baino txikiagoa izango, eta gainontzekoa, eratzeko eskribau-eskritura egin eta bost urtetako epean jarri beharko da. Nolanahi ere, eskubideen kasuan eta horien izaera kontuan, epe hori luzatzerik izango da, baina beharrezkoak diren bermeak jarri beharko dira gauzatuko direla ziurtatzeko.

 

       3.-   Atal honetan ezarritakoaren ondorioetarako, beste batzuek hitzartutako ekarpenak ere diru-izendapentzat jo daitezke, bermatuta badaude. Dohaintzak biltzeko asmoa ez da inoiz ere ekarpentzat joko.

 

III ATALBURUA

FUNDAZIOAREN GOBERNUA

 

10. Atala - Gobernu-organoa

 

       1.-   Lege honen eremuan sartzen diren fundazio guztiek gobernu-organo bat izan beharko dute, eta horrek zaingo-batzordea edota antzeko izena har dezake.

 

       2.-   Gobernu-organoak fundazioa ordezkatuko du eta fundazioaren helburuak gauzatzeko beharrezkoak diren ahalmen guztiak erabiliko ditu. Hau da, fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak administratuko ditu.

 

       3.-   Fundatzaileak beste osakera bat ezartzen ez badu, gobernu-organoa kide anitzekoa izango da eta hiru kidek osatuko dute, gutxienez. Horien artetik organo-burua hautatuko da, aurretik izendatuta ez badago.

 

       4.-   Fundatzailea pertsona fisikoa bada, beretzat gorde ahal izango ditu hil arte, fundazioko gobernu-organoari aitortutako aginpide guztiak.

 

11. Atala - Ahalmenak

 

       1.-   Fundazioko gobernu-organoko kideak pertsona fisikoak edo zuzenbidezko pertsonak izan daitezke.

 

       2.-   Pertsona fisikoak badira, iharduteko nahikoa gaitasun izan eta kargu publikoetan aritzeko gaiturik egon beharko dute. Nolanahi ere, pertsona ez-gaituren batek berezko kidea izan behar badu, lege-ordezkari batek ihardungo du bere izenean.

 

       3.-   Zuzenbidezko pertsonen ordezkotza gobernu-organoan pertsona fisiko batek izango du.

 

       4.-   Kargua pertsona fisiko bati badagokio, berak bete beharko du eta ezin izango du ordezkaririk izan. Nolanahi ere, kargua kargudun publiko edo pribatu bati ematen zaionean, pertsona bat izenda dezake bere izenean ihardun dezan.

 

12. Atala - Onarpena

 

       Eratze-organoko kideak kargua berariaz onartu eta gero hasiko dira lanean. Onarpen hori Fundazioen Erregistroan jasoko da eta honela gauzatu ahal izango da:

 

a)         Eratzeko eskribau-eskrituran bertan edo beste eskritura batean.

b)         Agiri pribatu batean eskribauak legeztatutako izenpearekin.

c)         Erregistroko arduradunarengana joanda eta berari aurkeztuta.

 

13. Atala - Betebeharrak

 

       Fundazioko gobernu-organoko kideak behartuta daude:

 

a)  Fundazioaren helburuak oso-osorik betetzera eta betearaztera, legean eta fundazioaren estatutuetan zehaztutakoarekin bat etorriz.

b)  Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak administratzera eta horien emankortasunari bete-betean eustera, kudeatzaile on baten ekonomia-irizpideen arabera.

c)  Kargua arduraz betetzera, ordezkari leial bati dagokion moduan.

 

14. Atala - Autokontratazioaren debekua

 

       Babesletzak baimenik ematen ez badie behintzat, gobernu-organoko kideek ezin izango dute kontraturik egin fundazioarekin, ez norberaren izenean, ezta beste baten izenean ere.

 

15. Atala - Erantzukizuna

 

       1.-   Gobernu-organoko kideak erantzule dira fundazioaren aurrean, legeek ezarritako modu eta neurrietan.

 

       2.-   Ez dute erantzukizunik izango erantzukizuna sortzeko erabakiaren aurka agertu zirenek edo erantzukizunaren onarpenean parte hartu ez zutenek, non eta ez den frogatzen erabakiaren berri izanda ez zutela aurkako iritzirik agertu.

 

       3.-   Gobernu-organoen erantzukizuna eskatzeko behar den egintza, agizko legemendeari aurkeztutakoa, eta behin-betiko epaia Fundazioen Erregistroan jaso beharko dira.

 

       4.-   Babesletzak, bere kabuz edo legezko interesdunaren arrazoizko eskariz gauzatu ahal izango du erantzukizun-egintza hori. Fundatzaileak ere gauzatu ahal izango du aipatu egintza, gobernu-organoko kideen jokabidea fundazioaren helburuen aurkakoa edo horien kalterako bada.

 

16. Atala - Ordezkatzea, kentzea eta eginkizunez gabetzea

 

       1.-   Gobernu-organoko kideak estatutuetan zehaztutako moduan ordezkatuko dira, 38. atalean ohartemandakoaren kaltetan gabe.

 

       2.-   Honako hauek ekarriko dute gobernu-organoko kideak kentzea:

 

a)  Heriotzak edo hildakotzat jotzeak, hala nola zuzenbidezko nortasuna iraungitzeak ere.

b)  Legean ezarritakoaren arabera gertatutako gaieztasunak, gaitasun-kentzeak edo elkartezintasunak.

c)  Kargua 13. atalean aurrikusitako arduraz ez betetzeak, epailearen ebazpenak hala ebatziz gero.

d)  Estatutuetan legez ezarritako zioak.

e)  Beraren aurka burutu eta aurreko atalean zehaztutako erantzukizun-egintza jasotzen duen epailearen behin-betiko ebazpenak.

f)   Epea igarotzeak, denboraldi jakin baterako izendatuta izanez gero.

g)  Izendatzeko arrazoi izan zen kargua uzteak.

h)  12. atalean jasotako bideen bitartez egindako ukoak.

 

       3.-   Gobernu-organoko kideen aurka atal honetako 2.c) idazatian adierazitako erantzukizun-egintza jartzen denean, epaileak kideak eginkizunez gabetzea erabaki dezake.

 

       4.-   Gobernu-organoko kideen ordezkatzea, kentzea eta eginkizunez gabetzea Fundazioen Erregistroan jasoko da.

 

17. Atala - Ordezkotzako ahalmenak eta kudeaketakoak

 

       1.-   Estatutuek kontrakorik jaso ezean, gobernu-organoak ordezko batzorde edo batzorde eragile bat baino gehiago izenda dezake, kasu bakoitzerako erabakitzen dituen ahalmenekin. Bestetik ere, kide baten edo gehiagoren esku utz dezake ahalmenen ordezkotza eta eskudun orokorrak edo bereziak izenda ditzake eginkizun eta erantzukizun amankomunatu eta solidarioekin. Ezin izango dira ordezkotzan eman kontuen eta aurrekontuaren onarpena, kudeaketa arruntetik gain dauden egintzak edo Babesletzaren baimena behar dutenak eta fundatzaileak edo estatutuek berariaz debekatutakoak.

 

       2.-   Ordezkotzak eta esku-emate orokorrak, auzietarako direnean salbu, bai eta horien ezeztapenak ere, Fundazioen Erregistroan jaso beharko dira.

 

18. Atala - Karguen doakotasuna

 

       Fundatzaileak besterik zehaztu ezean, gobernu-organoko kideek dohainik beteko dute beren kargua. Nolanahi ere, badago ordaintzerik kargua betetzean sor daitezkeen gastuak, behar bezala egiaztatuz gero.

 

19. Atala - Fundazioaren zerbitzupeko langileak

 

       1.-   Estatutuek edo eratze-agiriak besterik ezarri ezean, fundazioek gobernu-organoko kide edo beste pertsona baten esku utz dezakete kudeatzailetza, kudeaketa edo beste iharduera batzuen ardura fundazioaren izenean, eginkizun horiek behar bezala ordainduz. Horrezaz gain, organo-kidea ez den bat izenda dezakete organoko idazkari.

 

       2.-   Ordainketa horiek eta, hala badagokio, aurreko atalean jasotako diru-zenbatekoak administrazio-gastutzat joko dira lege honen 30.2 atalean ezarritako ondorioetarako.

 

IV ATALBURUA

ONDAREA

 

20. Atala - Osakera eta administrazioa

 

       1.-   Diruz neur daitezkeen edozein eratako ondasun eta eskubideek osatzen dute fundazioaren ondarea.

 

       2.-   Gobernu-organoari dagokio ondarea administratzea eta erabiltzea estatutuetan ezarritako moduan eta lege honetan zehaztutakoa betez.

 

21. Atala - Liberalitateak

 

       Fundazioko ordezkariek jaraunspenak, agintzak edo dohaintzak onartu edo arbuiatu ahal izango dituzte, baldin eta fundazioarentzat ona dela baderitze. Nolanahi ere, hartzen duten erabakiaren berri Babesletzari eman beharko diote. Babesletzak, epaitegien bitartez, bidezko diren erantzukizun-egintzak burutu ahal izango ditu gobernu-organoko kideen aurka, baldin eta kideen ihardunak kalte egiten badio fundazioari.

 

22. Atala - Erabiltze-egintzak eta zergapetzea

 

       1.-   Honako hauen berri eman beharko zaio Babesletzari: ondarea osatzen duten ondasun edo eskubideen gaineko erabiltze-egintzak edo zergapetze-egintzak; helburuak zuzen-zuzenean betetzeko direnen erabiltze-egintzak edo zergapetze-egintzak; fundazioak azken urtean izan duen balantzearen aktiboaren ehuneko hogeia baino gehiagoko balioa duten ondasun edo eskubideen gaineko erabiltze-egintzak edo zergapetze-egintzak.

 

       2.-   Aurreko idazatiak aipatzen dituen ondasunak eta eskubideak arbitraian edo eskualdaketan jartzeko ere jakinarazi beharko zaio Babesletzari.

 

       3.-   Interes orokorreko helburuak dituzten ondasunei ezarritako karga iraunkorrak ordaintzea eskatu eta kontrolatuko du Babesletzak.

 

       4.-   Atal honetan azaltzen diren egintzak, horrenbestez, Fundazioen Erregistroan jaso beharko dira. Hala ere, eta bidezkoa denean, dagokion erregistroan ere eman beharko dute izena. Egintzetan biltzen diren baldintzak eta inguruabarrak egiaztatzea eskatu ahal izango du Babesletzak eta, hala dagokionean, bidezkotzat jotzen dituen erantzukizun-egintzak burutu ahal izango ditu gobernu-organoen aurka.

 

23. Atala - Fundazioaren ondasun eta eskubideen zerrenda eta erregistroa

 

       Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunek eta eskubideek, fundazioaren izenean egoteaz gain, zerrendan ere azaldu beharko dute eta, behar denean, dagozkien erregistroan izena emanda.

 

V ATALBURUA

IHARDUERAK GARATZEA

 

24. Atala - Publizitatea eta objetibotasuna

 

       Fundazioek beren helburuen eta ihardueren berri zabala eman beharko dute, horrela, balizko onuradunek eta interesdunek ezagutuko baitituzte.

 

       Onuradunak hautatzeko, halaber, objetibotasun-irizpideak erabili beharko dituzte, eta beren estatutuetako arauak bete ere bai.

 

25. Atala - Enpresa-iharduerak

 

       1.-   Fundazioek, beren kabuz, merkataritzako edo industriako iharduerak egin ahal izango dituzte, baldin eta iharduerok fundazioaren helburuekin bat edo helburuon esanetara badaude.

 

       2.-   Gainerako kasu guztietan, bazkideen erantzukizun mugatua duten baltzuen bidez egin beharko dituzte iharduera guztiak. Baltzu horien barruan gizarte-ekonomiakoak ere sartzen dira.

 

       3.-   Atal honetan azaltzen diren ihardueren berri Babesletzari eman beharko zaio.

 

26. Atala - Kontabilitatea eta aurrekontuak

 

       1.-   Gobernu-organoak, urtero, ondasun eta eskubideen zerrenda, egoera-balantzea eta emaitzei buruzko kontua prestatu beharko ditu; horietan fundazioaren ondarearen, ekonomiaren eta finantzen egoera adierazi beharko da, bai eta ekonomia-urtean burututako ihardueren txostena ere, nahikoa izango dena fundazioaren helburuak betetzen diren ala ez jakin eta argitzeko. Txostenak, ezinbestez, finantza-taula jaso beharko du, eta horrekin batera, ondarean, gobernu-organoan edo zuzendaritzan aldaketarik izan ote den ere.

 

       2.-   Fundazioek, orobat, hurrengo ekonomia-urteari dagozkion gastuen eta diru-sarreren aurrekontua egin beharko dute urtero. Aurrekontu hori, azalpen-txostenarekin batera, onartu den urteko azken hiruhilekoan aurkeztu beharko zaio Babesletzari.

 

       3.-   Fundazioek, egiten dituzten ihardueren arabera, ezartzekoak diren arauei eta zergalegeek eskatzen dutenari jarraiki gauzatu beharko dute kontabilitatea.

 

27. Atala - Kontuak ematea

 

       1.-   Gobernu-organoak ziurtatu egin beharko du fundazioaren helburuen arabera burutu duela kudeaketa. Horretarako, honako hauek aurkeztuko dizkio Babesletzari urteko lehen seihilekoaren barruan:

 

a)  Ondasun eta eskubideen zerrenda, egoera-balantzea eta aurreko ekonomia-urteko emaitzen kontua, eta guzti-guztiek estatutuetan adierazten den egunean eta, hori ezean, abenduaren 31n itxita egon beharko dute.

b)  Aurreko urtean fundazioak egin dituen ihardueren azalpen-txostena, beti ere, 26.1 atalak zehazten duen moduan.

c)  Aurreko ekonomia-urteko gastuen eta diru-sarreren aurrekontuen kitapena.

 

       2.-   Legearen 24. atalak dioena betetzeko, 1. atalak aipatzen dituen agiriak Fundazioen Erregistroan gorde beharko dira.

 

28. Atala - Kontu-ikuskaritza

 

       1.-   Ekonomia-garrantzi handiko fundazioek kontuen kanpo-ikuskaritza egin diezaieten onartu beharko dute.

 

       2.-   Araudi bidez zehaztuko dira zein baldintza bete behar diren ekonomia-garrantzi handiko fundaziotzat hartzeko. Besteak beste honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

 

a)  Fundazioaren ondarearen balioa.

b)  Kudeatutako ihardueren kopurua.

c)  Merkataritza-baltzuetako partaidetza.

d)  Onuradun-kopurua.

e)  Onuradunek ordaindutako zerbitzuak.

 

       3.-   Beti ere, honako hauek joko dira horrelako fundaziotzat: akziokako baltzuak, horiek arautzeko legearen arabera, kontu-ikuskaritza egitera behartzen dituzten zernolakoak dituztenak.

 

       4.-   Fundazioaren ekonomia-garrantziaren ezaugarriak Fundazioen Erregistroan azalduko beharko du.

 

       5.-   Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzko lege arau-emaileak ezarritakoarekin bat, gorago erabakitakoak ez dio kalterik egingo aipatutako Euskal Epaitegiaren ikuskatze-funtzioari; hain zuzen ere, Autonomi Elkarteko herri-administrazioek edonolako fundazioei ematen dizkieten laguntzak eta dirulaguntzak zuzen erabiltzeari dagokionez.

 

29. Atala - Ordaindutako zerbitzuak

 

       Fundazioek onuradunei ematen dizkieten zerbitzuak ordaintzekoak izan daitezke baldin eta:

 

a)  Fundazioaren borondatearen aurkakoa ez bada.

b)  Lortutako dirua fundazioaren helburuak erdiesteko erabiltzen bada, eta

c)  Balizko onuradunen parte hartzeari pisu handiko muga ezartzen ez badio.

 

30. Atala - Diru-sarreren zertarakoa

 

       1.-   Fundazioak edozein bidez lortutako diru-sarreren ehuneko hirurogeita hamarra, gutxienez, fundazioaren borondateak ezarritako helburuak betetzeko erabili behar da, baldin eta eratzeko unean edo geroago ondarezko diru-izendapen gisa egindako ekarpenak ez badira.

 

       2.-   Administrazio-gastuak kendu ostean, gainerakoa, fundazioaren diru-izendapena handitzeko erabiliko da. Nolanahi ere, administrazio-gastu horiek ezingo dute araudi bidez zehaztuko den proportzioa baino handiagoak izan. Bestalde, administrazio-gastuetarako erabiliko diren partidak araudi bidez ezarriko dira.

 

       3.-   Fundazioak atal honetan adierazten diren errenten eta diru-sarreren proportzioa erabiltzerik izango du horiek lortu eta hiru urteren buruan.

 

VI ATALBURUA

ALDATZEA, BATZEA, AMAITZEA ETA KITATZEA

 

31. Atala - Aldatzea

 

       1.-   Gobernu-organoak fundazioaren estatutuak aldatzea erabaki ahal izango du, baldin eta fundazioaren helburuari men egiten bazaio eta fundatzaileak debekatzen ez badu.

 

       2.-   Fundazioaren sorrera ekarri zuten inguruabarrek aldaketa sakona jasan badute eta horregatik fundazioak hasierako estatutuen arabera behar bezala iharduterik ez badu, gobernu-organoak estatutuak aldatzea erabaki beharko du. Horrek guztiak salbuespena izango du, alegia, fundatzaileak zenbait kasutan fundazioa amaitzea ezarri duenean.

 

       3.-   Gobernu-organoak aurreko idazatian ezarritakoa betetzen ez badu, Babesletzak, besterik gabe, epaileei eskatu ahal izango die bidezkoa den aldaketa agindu dezaten; nolanahi ere, aipatutako organoko kideen aurkako erantzukizun-egintzarik ere egin ahal izango du.

 

       4.-   Aldaketa-erabakia, arrazoitua izan beharko duena, eskribau-eskrituraren bidez gauzatu beharko da; halaber, Babesletzaren oniritzia izan beharko du eta Fundazioen Erregistroan jasoa izan.

 

32. Atala - Batzea

 

       1.-   Gobernu-organoak beste fundazio batekin edo batzuekin batzea proposa dezake, beti ere aurreko ataleko 1. zenbakian adierazitako inguruabarrak biltzen badira.

 

       Fundazio interesdunek arrazoiez hornituriko batze-erabakia hartuko dute eta Babesletzak onartu beharko du.

 

       2.-   Babesletzak honako kasuetan eskatu ahal izango die epaileei fundazioak batzea: Euskal Autonomi Elkartearen barruan dagozkien helburuak bete ezin dituztenean, antzeko helburuak dituztenean, gobernu-organoen arteko aurkakotasunik dagoenean eta fundatzaileak debekatu ez duenean.

 

       3.-   Fundazioen batzea eskribau-eskrituraren bidez gauzatu beharko da eta Fundazioen Erregistroan jaso.

 

33. Atala - Amaitzea

 

       Fundazioak honako kasuetan amaituko dira:

 

a)  Beren estatutuek edo eratze-agiriek hala ezartzen dutenean.

b)  Kode Zibilaren 39. atalak edo beste legeren batek aurrikusitako arrazoiren bat gertatzen denean.

c)  Aurreko atalean ezarritakoarekin bat erabaki den batze-bideak horretara eramaten duenean.

d)  Epaileen behin-betiko erabakiren batek desegiten dituenean.

 

34. Atala - Amaitze-moduak

 

       1.-   Aurreko ataleko a) eta b) idazatietako kasuetan fundazioa amaitzeko beharrezkoa izango da gobernu-organoaren erabakia, Babesletzak berretsia gainera.

 

       2.-   Amaitzeko erabakia arrazoiz hornituko da eta, bertan, ondarearen egoera eta kitapenaren programa zertan datzaten azaldu beharko da.

 

       3.-   Gobernu-organoaren erabakirik ez badago, edo erabakia Babesletzak onartzen ez badu, fundazioa amaitzeko beharrezkoa izango da epaileen erabaki arrazoitua. Erabaki arrazoitu hori Babesletzak edo fundazioaren gobernu-organoak eskatu ahal izango du.

 

       4.-   Fundazioa amaitzeko erabakia edo, hala bada, epaileen erabaki arrazoitua Fundazioen Erregistroan jaso beharko dira.

 

35. Atala - Kitatzea

 

       1.-   Fundazioak batzen direnean ezik, amaitzeko erabakiak edo, hala bada, epaileen erabakiak azkena emango die ordurarteko iharduera guztiei eta kitapen-lanak egiten hasiko dira. Gobernu-organoak egingo ditu kitapen-lan horiek, beti ere Babesletzaren kontrolpean.

 

       2.-   Fundazioaren kitapenetik sortzen diren ondasunak eta eskubideak interes orokorreko erakundeetarako edo ihardueretarako erabiliko dira; fundatzaileak edo estatutuek agindutakoak edo fundazioko gobernu-organoko kideek zehaztutakoak izan beharko dute erakunde edo iharduera horiek. Azken kasu honetan, fundatzaileak edo estatutuek emandako baimena beharrezkoa izango da. Fundatzaileak eratze-egintzan edo, bestela, estatutuek, atal honek ezarritakoaren barruan, pertsona, kargu edo erakunderen bat izenda dezakete ondoriozko ondasunak banatzeko. Aurrekoaren ezean, amaitutako fundazioaren antzeko helburuak dituzten fundazioei edo erakundeei emango dizkie Babesletzak ondasunak eta eskubideak, beren egoitza udal berean edo, bestela, lurralde historiko berean dutenei baino lehentasun haundiagoa emanez.

 

       3.-   Zuzenbidezko pertsona publikoek osatutako fundazioek beren estatutu edo eratze-klausuletan aurrikus dezakete, honenbestez, kitapenetik datozen ondasunak eta eskubideak antzeko helburuak dituzten herri-erakundeei, fundazio ez direnei, ematea.

 

VII ATALBURUA

BABESLETZA ETA FUNDAZIOEN ERREGISTROA

 

36. Atala - Babesletza

 

       1.-   Babesletza administrazio-organoa da; aholkuak eman, laguntza teknikoa eskaini eta kontrola egiten die fundazioei. Organo horrek fundazio-zuzenbidearen antolamendu zuzena erraztu eta bultzatuko du, bai eta fundazioek legearen arabera eratu eta ihardungo dutela bermatu ere.

 

       2.-   Ondoren zehazten dira Babesletzaren eginkizunak:

 

a)  Fundazioen Erregistroan izena emandako fundazioei eta eratze-bidean daudenei argibideak eta aholkuak ematea, hain zuzen ere, fundazioei ezar dakiekeen zuzenbidezko antolamendu orokorrari eta zerga-antolamenduari buruz.

b)  Fundazioen Erregistroaren ardura izatea.

c)  Fundazio bakoitzaren helburuak bene-benetan beteko direla begiratzea, beti ere fundatzaileak adierazitako borondatearen arabera; beharrezko denean ere, borondate hori interpretatu, ordezkatu eta osatzea.

d)  Fundazioen diru-baliabideak fundazioen helburuak eta lege honetan aurrikusitako eginbeharrak betetzeko erabili ote diren egiaztatzea.

e)  Fundazioko gobernu-organoko kideen aurkako erantzukizun-egintza gauzatzea, lege honetan ezarritakoarekin bat.

f)   Fundazioei eta beren iharduerei behar besteko zabalkundea ematea, balizko onuradunek jakin dezaten.

g)  Lege honek edo besteren batek aitortuko dizkien eginkizun guztiak betetzea.

 

       3.-   Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorrak bere gain hartuko du Babesletzaren ekimena Zuzentza Sailaren bidez, eta Aholku Batzordea izango du lagun eginkizun horretan. Fundazioen iharduera-arloetan aginpideak dituzten sailek osatuko dute batzordea, eta laguntza teknikoa eskainiko dio administrazioari.

 

       4.-   Hona hemen sailoi dagozkien lanak: dagozkien aginpideen barruan, betetze-indarra duen txostena eman beharko dute, hain zuzen ere atal honetako bigarren zenbakiko c) eta d) idazatietan adierazitako eginkizunei buruz; halaber, Babesletzari eskatu beharko diote e) idazatiak aipatzen duen erantzukizun-egintza gauzatu dezan, bai eta fundazioak bultzatu, lagundu eta koordinatzeko eginkizunak susta ditzan ere, fundazio bakoitzaren helburuak aintzat hartuko direla. Horri begira, erregistroan sartzen diren fundazioen datuak jakinarazi beharko dizkie Babesletzak.

 

       5.-   Babesletzaren eta Aholku Batzordearen egitura eta iharduteko modua araudi bidez zehaztuko dira.

 

37. Atala - Ustezko egintzak

 

       1.-   Lege honetako 14. atalean aurrikusitako autokontrataziorako baimena onartutzat joko da, eskabidea Babesletzari aurkezten zaionetik hiru hilabeteko epean berariazko erabakirik eman ez bada. Aipatutako epea eten egingo da eskabideak ezinbesteko baldintzak betetzen ez baditu edo behar diren agiri guztiak erantsirik ekarri ez baditu eta Babesletzak fundazioko gobernu-organoari horrela jakinarazten badio. Oker horiek zuzentzen diren egunetik bertatik hasiko da epe berria kontatzen.

 

       2.-   Baimena edo Babesletzaren onarpena eskatzen den gainerako kasuetan, baldin eta gorago esandako epearen barruan erabakirik eman ez bada, egindako eskabidea ukatutzat joko da.

 

38. Atala - Behin-behineko kudeaketa

 

       1.-   Babesletzak ekonomia-kudeaketan araugabekeria nabaria, fundazioaren jarraipenerako arriskua lekarkeena, edo fundazioaren helburuen eta egindako ihardueraren artean desbideraketa larria somatzen badu, araugabekeria hori zuzentzeko behar diren neurriak har ditzan eskatuko dio fundazioko gobernu-organoari; beti ere zuzendaritza-organoari entzunaldia eman ondoren.

 

       2.-   Aurreko idazatian egindako eskariari erantzungo ez balitzaio hilabeteko epean, Babesletzak Fundazioaren aurkako auzia aurkeztu ahal izango luke epai-agintaritzan. Epai-agintaritzak, fundazioaren zuzendaritza-organoari entzunaldia emanda, fundazioaren ihardunaren behin-behineko kudeaketarako baimena eman ahal izango lioke Babesletzari.

 

       3.-   Epaileak baimena emanez gero Babesletzari fundazioaren behin-behineko kudeaketa eramateko, Babesletzak hartuko ditu bere gain fundazioaren zuzendaritza-organoari dagozkion legeetako eta estatutuetako aginpide guztiak, epaileak ezarritako epean. Epe hori igarota, esku hartze hori ezeztatutzat joko da, non eta epaileak beste erabakiren baten bidez luzatzeko baimenik ematen ez duen.

 

       4.-   Fundazioak gobernu-organorik ez duenetan, edo epailearen erabakiz bere eginkizunez gabetu den kasuetan, Babesletzak, epailearen baimena izanda, bere gain har dezake behin-behinekoz fundazioaren ihardunaren kudeaketa. Dena den, egoera hori ezingo da bi urtetik gora luzatu. Bi urteko epe horren barruan, estatutuetan ohartemandako gobernu-organoez hornitu beharko da fundazioa edo, ezin bada, fundazioa desegin edo kitatu egin beharko da.

 

       5.-   Kasu bakoitzean aurkezten den auzi-eskea eta epailearen erabakia jasoko dira Fundazioen Erregistroan.

 

39. Atala - Errekurtsoak

 

       Indarrean dagoen legediaren arabera, administrazio-bidea agortzen duten egintzen aurka administrazioarekiko auzitarako legemendean ezarri ahal izango da auzia.

 

40. Atala - Fundazioen Erregistroa

 

       1.-   Eusko Jaurlaritzako Zuzentza Sailean eratuko da Fundazioen Erregistroa, eta bertan fundazioak zein lege honetan xedatzen denaren arabera jasotzekoak diren egintzak erregistratu beharko dira.

 

       2.-   Erregistroan jasotzeko, 6. atalean ezarrita dauden eginbeharrak bete beharko ditu fundazioak; nolanahi ere, ezinbestekoa izango da lege honetako 36.3 atalak aurrikusten duen Aholku Batzordeak emandako aldeko txostena.

 

       3.-   Erregistroa publikoa da. Hori dela eta, idazpenen egiaztagiriak egingo dira informazio-ohar hutsaren bidez edo gai horien kopia konpultsatuaren bidez.

 

       4.-   Erregistroak iharduteko modua eta izena emateko epeak araudi bidez zehaztuko dira.

 

Erabaki Gehigarriak

 

Lehenengoa - Autonomi Elkartearen eremuaz gaindiko fundazioak

 

       Lege honen ezarpen-eremutik kanpoko fundazioek beren iharduerak garatzeko Euskal Autonomi Elkartean dituzten ordezkaritzak edo egoitzak jaso ahal izango dituzte Fundazioen Erregistroan, 40. atalaren bidez sortutako horretan alegia.

 

Bigarrena - Administrazio-atxikipena

 

       Lege honen 36. eta 40. ataletan aurrikusten da zein sailari atxikiko zaizkion Babesletza eta Fundazioen Erregistroa; hori horrela izanik ere, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8 c) atalean ezarritakoaren kaltetan izan gabe ulertuko da.

 

Hirugarrena - Legea betetzea

 

       Lege honen ezarpen-eremuko fundazioekiko harremanetan administrazio publikoek eskatu eta bermatu egingo dute legeak ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzea.

 

Aldi Baterako Erabakiak

 

Lehenengoa - Estatutuen egokitzapena

 

       1.-   Lege hau indarrean jartzen denetik bi urteko epean, lege honen menpean egon eta aurretiaz eratu diren fundazioek xedapen berri hauei egokitu beharko dizkiete beren estatutuak. Hala ere, xedapen berri horietako batzuk ezartzeagatik, eta fundatzailearen borondatea horrelakoa delako, fundazioa desegitea ekarriko lukeen deuseztatze-erabakia bete behar bada, xedapen horiek ez dira ezarriko. Egokitzen diren estatutuak Fundazioen Erregistroan aurkeztu beharko dira epe horren barruan; epe hori iragandakoan, egokitzapenaren aurka doazen estatutu-xedapenak indarrik gabe geratuko dira.

 

       2.-   Babesletzak, salbuespen gisa, eta gobernu-organoaren arrazoitutako eskabiderik bada, aurreko idazatian adierazitako epea luzatzerik izango du, indarrean dauden legeek ezartzen dituzten baldintzetan.

 

Bigarrena - Fundazioen Erregistroak

 

       Lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako, 40. atalak aipatzen duen Fundazioen Erregistroa ihardunean hasten ez den bitartean, egun dauden Fundazioen Erregistroek indarrean jarraituko dute.

 

Hirugarrena - Administrazio-gastuak

 

       Lege honen 30. atalak aipatzen duen proportzioa araudi bidez zehazten ez den bitartean, administrazio-gastuek ezingo dute ehuneko hamabostetik gorakoak izan. Hala ere, proportzioa handiagoa izan daiteke, Babesletzak, aurretiaz indarrean egon den legediarekin bat, onartu badu.

 

Azken Erabakiak

 

Lehenengoa - Tasak

 

       Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren Tasa eta Jendearentzako Prezioei buruzko maiatzaren 31ko 3/1990 Legearen II. idazpuruko II. atalburuko lehenengo saila aldatzen denez, hona hemen testu berria:

 

'Lehenengo saila

 

02.01.-    ELKARTEEN ERREGISTROAREN ETA FUNDAZIOEN ERREGISTROAREN IHARDUKETEK ERAGINDAKO TASAK

 

47. Atala - Zergagaia

 

Tasaren zergagaia honako hau da: liburuen gaikuntza eta indarrean dauden xedapenen arabera Elkarteen Erregistroan eta Fundazioen Erregistroan gaitu edo jaso behar diren egintzen egitateen eta agirien izen-ematea, kontsulta, egiaztapena eta konpultsa.

 

48. Atala - Zergaduna

 

Aurreko atalean aipatutako zerbitzuetako bat edo batzuk eskatzen dituzten zuzenbidezko pertsonak edo pertsona fisikoak dira zergadunak.

 

49. Atala - Tasen ordainketa

 

Tasa honegatiko zerga-zorra zerbitzua egiten den unean ordainduko da. Ordainketa, hala ere, eskea egiten den unera aurreratu ahal izango da.

 

50. Atala - Kuota

 

Tasa honako tarifen arabera ezarriko da:

 

1.-   Elkarteen Erregistrorako:

1.1.-  Eratze-agiriaren izen-ematea:........................................................ 500 pta.

1.2.-  Herri-onuraren izen-ematea:...................................................... 1.000 pta.

1.3.-  Bestelako izen-emateak:................................................................ 400 pta.

1.4.-  Kontsulta, egiaztapen edo konpultsa:............................................ 380 pta.

1.5.-  Liburuaren gaikuntza:................................................................... 380 pta.

2.-   Fundazioen Erregistrorako:

       2.1.-  Eratze-agiriaren izen-ematea:.................................................... 6.000 pta.

       2.2.-  Estatutuak aldatu, fundazioak batu edo amaitzearen izen-emateak: 5.000 pta.

       2.3.-  Bestelako izen-emateak:............................................................. 2.500 pta.

       2.4.-  Egiaztagiriak edo konpultsak:.................................................... 1.000 pta.

       2.5.-  Liburuaren gaikuntza:................................................................... 600 pta.'

 

Bigarrena - Araudi bidez arautzea

 

       Jaurlaritzak ahalmena du lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko. Legea indarrean sartzen denetik hiru hilabeteren barruan, Babesletzaren eta Fundazioen Erregistroaren antolaketa eta ihardueraren araudia onartuko du Eusko Jaurlaritzak.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra