Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

12/2007 Legea, azaroaren 16koa, Autonomia Erkidegoko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren 125. eta 126. artikuluak aldatzeko

2007-11-16

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2007/12/5, 234. zk.; EAO, 2011/10/26, 258. zk.

Indargabetua: 2011-07-18

§ 295. 12/2007 LEGEA, AZAROAREN 16KOA, AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREKONTU ERREGIMENARI BURUZKO INDARREKO LEGE XEDAPENEN TESTU BATEGINA ONARTZEN DUEN IRAILAREN 27KO 1/1994 LEGEGINTZAKO DEKRETUAREN 125 ETA 126. ARTIKULUAK ALDATZEKOA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Aurrekontuen Legeak aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidaliko duela Herri Kontuen Euskal Epaitegiak fiskalizatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren likidazioa onesteko lege-proiektua.

 

       Alabaina, epe bakarra 1/1994 Legegintzako Dekretuko 125.1 artikuluan ezartzen da, hurrengo ekitaldiko uztailaren 31ko epea ezartzen baitu soilik likidazioari buruzko dokumentazioa egiteko.

 

       Herri Kontuen Epaitegiaren iritziz, likidazioaren fiskalizazioa atzeratzearen arrazoia da Jaurlaritzak agortu egiten duela lehen aipatutako epea eta, hala, eragotzi egiten duela epaitegiak urteko kontuak garaiz fiskalizatzea, taldeek aurrekontua aztertzerakoan aurreko ekitaldiko likidazio jadanik fiskalizatua ere aztertu ahal dezaten.

 

       Atzerapen hori gertatzen da Jaurlaritzak uste  duelako agortu egin behar duela Aurrekontuen Legeak ematen dion epea (uztailaren 31) eta gero bidali Kontuen Epaitegira (4 hilabete); beraz, urrirako ez dago fiskalizatuta.

 

       Izan ere, joan den 2006ko otsailean agerraldia egin zuen Kontuen Epaitegiko lehendakariak 2003 ekitaldiko fiskalizazioa azaltzeko.

 

       Bestalde, legeak ez du eperik ezartzen Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen likidazioaren lege-proiektua Legebiltzarrera bidaltzeko, eta, horren ondorioz, aurkeztu eta onetsitako azken likidazioa 1997ko ekitaldiari buruzkoa izan zen, ekainaren 29ko 5/2000 Legearen bitartez, eta orain arte Legebiltzarrak ez du likidazioaren beste ezein lege-proiekturik jaso.

 

       Beraz, hamar urte joan dira ia, Ibarretxe jauna Autonomia Erkidegoko lehendakaria denetik, aurrekontuen likidaziorik onetsi gabe. 

 

       Legearen xedea betetzeko, hau da, Legebiltzarrak aurrekontua egiteko beharrezko eta fiskalizatutako informazioa edukitzeko, behartu egin behar da Jaurlaritza Kontuen Epaitegiari aurreko ekitaldiari buruzko likidazioa fiskalizazio hori egin ahal izateko nahikoa denboraz bidaltzeko.

 

       Aspaldi jakinarazi zion Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Legebiltzarrari beharrezkoa zela erreforma hori egitea Aurrekontuen Legearen beraren xedea eta eskakizuna bete ahal izateko.

 

1. Artikulua

 

       Honela geldituko da 1/94 Legegintzako Dekretuko 125.1 artikulua:

 

"Aurrekontu Orokorren likidazioari buruzko dokumentazioa hurrengo ekitaldiko maiatzaren 31 baino lehen izango dute egina Ekonomia eta Ogasun Saileko zerbitzuek".

 

2. Artikulua

 

       Honela geldituko da 1/94 Legegintzako Dekretuko 126.1 artikulua:

 

"1.   Jaurlaritzak bi hilabeteko epea izango du, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ekitaldiaren fiskalizazio-txostena eman ondoren, Legebiltzarrari bidaltzeko Aurrekontu Orokorren likidazioari buruzko dokumentazioa, kasuan kasu eskatuko den Autonomia Erkidegoko finantzazko eta ondarezko egoeraren gaineko alderdiei buruzko informazioarekin batera, lege-proiektu baten bidez eztabaidatzeko eta onesteko".

 

Azken xedapena

 

       "Lege hau argitaratzen den egunean jarriko da indarrean".

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra