Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

13/2012 Legea, ekainaren 28koa, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoa

2012-06-28

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2012/7/4, 130. zk.; EAO, 2012/7/19, 172. zk.

§ 344. 13/2012 LEGEA, EKAINAREN 28KOA, UNIBASQ-EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN KALITATE AGENTZIARI BURUZKOA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Goi-mailako hezkuntzaren Europako esparrua funtsezko erreferentzia bat da gure herrian goi-mailako irakaskuntza garatzeko. Proiektu horretan, funtsezko osagaitzat hartzen da unibertsitatearen jardueraren kalitatea bermatzea, eta, horretarako, kalitatea ebaluatu eta egiaztatzeko agentziak sortu dira.

 

       Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak ezartzen duenez, unibertsitate-politikaren funtsezko helburuetako bat unibertsitateen kalitatea sustatu eta bermatzea da. Lege horretan bertan, agentziei unibertsitatearen jarduera ebaluatzeko ardura ematen zaie.

 

       Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainiako Konstituzioak eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak irakaskuntzari dagokionez ematen dituzten eskumenekin bat etorriz, otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena, onartu zen (2004ko martxoaren 12ko EHAA, 50. zenbakia). Lege horrek, 79. artikuluan, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia sortu zuen, eta agentzia 2005eko apirilaren 4an jarri zen martxan, Administrazio Kontseilua eratu zenean.

 

       Bolognako adierazpena sinatu zuten Europako hezkuntza-ministroek, Berlinen 2003an egindako bileran, European Network for Quality Assurance in Higher Education (ENQA) erakundeari eskatu zioten gara zezala, kalitatea ziurtatzeko beste elkarte batzuekin batera, "kalitatea bermatzeko irizpide, prozedura eta jarraibideen multzo adostu bat", eta "azter zezala zer bitarteko behar den berdinen arteko ikuskapen-sistema egoki bat bermatzeko, zeinek balioko baitu kalitatea bermatzeko edo/eta egiaztatze-agentzietarako edo –erakundeetarako, eta haren berri eman ziezaiela ministroei 2005ean, Bolognako Jarraipen Taldearen (Bologna Follow-Up Group) bitartez".

 

       Gonbidapen horren emaitza izan zen goi-mailako hezkuntzaren Europako esparruan kalitatea bermatzeko irizpideak eta jarraibideak txostena, 2005ean onartua.

 

       Dokumentu horren hirugarren atalean adierazita daude zein diren Europako irizpide eta jarraibide gomendatuak kalitatearen kanpo-bermerako agentzientzat, irizpide eta jarraibide horiek osatzen baitute agentzia orok Europako esparruan homologazioa izateko jarraitu beharreko oinarrizko gida.

 

       Agentziak maila ofiziala izango du eta erakundeak ebaluatzeko eginkizunak beteko ditu; egindako lanen berri emango die bai Eusko Jaurlaritzari eta baita gizarteari ere; argi eta garbi eta bere kabuz definitu behar du bere zeregina, eta behar beste giza baliabide nahiz baliabide material izango ditu zeregin hori betetzeko. Zeregin hori gobernu- eta unibertsitate-agintarietatik aparte egin behar da, prozedura eta irizpide objektibo, publiko eta nazioartean parekatzeko modukoekin bat etorriz.

 

       Prozesu horren azken helburua da Europan kalitatea egiaztatzeko ardura duten erakundeek irizpide eta prozedura berak izatea eta irizpide eta prozedura horiek publikoak eta gardenak izatea, horrela, agentziek egindako ebaluazio-prozesuak elkarri onartze aldera.

 

       Unibasq Agentziak ENQAko eskubide osoko kide izateko eskaera egin behar du, bai eta Kalitatea Bermatzeko Agentzien Europako Erregistroan (EQAR, European Quality Assurance Register) inskribatuta egotekoa ere.

 

       Erregistroak Europako kalitate-agentziei buruzko informazioa ematen du, hain zuzen ere, kalitatearen bermerako Europako irizpide eta gidalerroak betetzen dituzten aditu independienteek egindako kanpo-ebaluazio batean behar bezalako sinesgarritasuna erakustea lortu duten kalitate-agentziei buruzkoa.

 

       Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia irizpide eta gidalerro horietara egokitzeko, nahitaezkoa da agentzia horren legezko araubidea aldatzea, agentziarentzako berariazko lege baten bidez. Horri esker, agentziaren independentziari buruzko irizpidea beteko da, gobernu-eginkizunak eta ebaluazio-eginkizunak bereiziko baitira, eta agentziak, goi-mailako hezkuntzaren esparruan kalitatea bermatzeari dagokionez, hezkuntza arloko agintariak aholkatzeko organo gisa daukan zeregina sendotuko baita.

 

       Bestetik, beharrezkoa da lege hau egitea, goi-mailako hezkuntzaren Europako esparrua sortzean, goi-mailako irakaskuntzan kalitatearen bermea bultzatzearekin batera, ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-eginkizunek hartu duten garrantzia azpimarratzeko.

 

       Dagoen arauditik abiatuta, betebehar batzuk sartu dira goi-mailako hezkuntzaren Europako esparruan kalitatea bermatzeko irizpideekiko eta jarraibideekiko konpromisoa erakusteko.

 

       Lege honetan agentziaren izena aldatzen da, ematen zaizkion eginkizunekiko konpromisoa agerian uzteko; izan ere, irakasleen eta titulazioen egiaztapenari eta ziurtapenari dagozkionak baino eginkizun gehiago ditu agentziak.

 

       Gizarteari kontuak eman beharrari buruzko erreferentzia bat sartu da, jarduera-eremua zabaldu da goi-mailako hezkuntzaren Europako esparruaren eta Europako ikerketa-esparruaren barruan, eta argiago definitu dira eginkizunak.

 

       Ebaluazio-jardueraren eta kontuak emateko prozeduraren funtsezko printzipioak jasotzen dituzten bi artikulu sartzen dira, horiekiko konpromisoari lege-maila emateko.

 

       Gobernu-eginkizunak eta ebaluazio-eginkizunak bereiziz, agentziak bere ebaluazio-zereginetan izan behar duen independentzia-printzipioa bete nahi da. Horrela, Gobernu Kontseiluak unibertsitateen eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak izango ditu, eta agentziaren gobernamendu estrategikoaz eta helburuen definizioaz arduratuko da. Bestetik, Aholku Batzordea ebaluazioa planifikatu eta antolatzeaz eta erabaki estrategikoak garatzeaz arduratuko da.

 

       Agentziaren organoen osaera aldatuta, euskal unibertsitate-sistema kanpora begira irekiagoa izatea lortu nahi da. Era berean, ikasleek agentziaren organoetan parte hartuz, bete egiten da ENQAk bere kideei emandako beste gomendioetako bat. Azkenik, lege honek, agentziako organoen osaerari dagokionez, gizon eta emakumeen berdintasunari buruzko legerian ezarritakoa jasotzen du.

 

1. artikulua. Izaera eta araubide juridikoa

 

       1.    Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia, hemendik aurrera, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia deituko da.

 

       2.    Agentziak zuzenbide pribatuko ente publiko gisa betetzen ditu bere eginkizunak; unibertsitate-gaietan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da, eta berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu, bai eta bere eginkizunak betetzeko berezko ondarea ere, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

 

       3.    Agentziaren estatutuak Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartuko dira, unibertsitate-gaietan eskumena duen sailburuak proposatuta. Estatutuek hau zehaztu beharko dute gutxienez: agentziako gobernu-organoen eginkizunak, organo-egitura, jarduteko arauak, haren egintzen aurka jotzeko araubidea, haren ondare-erantzukizunaren araubidea eta Eusko Jaurlaritzari eta gizarteari kontuak emateko prozedurak.

 

       4.    Agentziaren jarduera, kanpoko harremanetan, oro har, Zuzenbide zibilaren, Merkataritza Zuzenbidearen eta Lan Zuzenbidearen pean egongo da, ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-egintzetan eta ahal publikoak erabiltzea dakarten egintzetan izan ezik, horiek Zuzenbide publikoaren pean izango baitira.

 

2. artikulua. Xedea

 

       1.    Agentziaren xedea da euskal unibertsitate-sistemaren baitan kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea, Espainiako, Europako eta nazioarteko esparruak aintzat hartuta.

 

       2.    Era berean, o goi-mailako hezkuntzaren Europako esparruaren barruan, agentziak ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-jardueretan parte har dezake Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko unibertsitateen eta goi-mailako hezkuntzako zentroen esparruan, baina kasuan kasuko akordioak sinatu ostean Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko beste agentzia, unibertsitate edo hezkuntza arloko agintaritzekin.

 

       3.    Agentziak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sistemaren beste jarduera eta eragile batzuen ebaluazioan parte hartu ahal izango du. Era berean, agentziak eginkizun berberak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bete ahal izango ditu, Europako ikerketa-esparruaren barruan, baina kasuan kasuko akordioak sinatu ostean Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko beste agentzia, unibertsitate edo hezkuntza arloko agintaritzekin.

 

       4.    Agentziak lankidetzarako, elkarlanerako, ebaluazio-, egiaztatze- eta ziurtatze-prozesuak aitortzeko eta informazio-trukerako harremanak ezarri ahal izango ditu autonomia-erkidegoetako, Estatuko edo atzerriko beste agentzia batzuekin, goi-mailako hezkuntzaren kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzeko eginkizunak badituzte.

 

3. artikulua. Xedea eta eginkizunak

 

       1.    Agentziaren eginkizunak aurrera eramatean, xede hauek lortu nahi dira:

 

a)  Euskal unibertsitate-sistemaren esparruan kalitatea sustatu eta bermatzea, Espainiako, Europako eta nazioarteko esparruak aintzat hartuta.

b)  Euskal unibertsitate-sistemaren kalitatea hobetzen laguntzea.

c)  Gizarteari agentziak garatutako jardueren emaitzen berri ematea.

d)  Administrazio publikoei, unibertsitateei eta hezkuntzako beste eragile batzuei edo beste eragile zientifiko-teknologiko batzuei informazioa eta irizpideak ematea agentziak dituen eginkizunen gaineko erabakiak hartzeko prozesuetan.

 

       2.    Agentziak, bere helburua lortzeko, eginkizun hauek beteko ditu, indarrean den legeriak ematen dizkion eskumenekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzaren eta beste ebaluazio-agentzia batzuen eskumenak eta unibertsitate-autonomia errespetatuz:

 

a)  Irakasleak eta ikertzaileak ebaluatzea eta egiaztapena ematea.

b)  Unibertsitate-ikasketak ebaluatzea.

c)  Irakasleen eta ikerlarien ikerketako meritu indibidualak ebaluatzea, ordainsari osagarriak esleitzeko eta legez emandako eskumenen arabera egiaztatzeko, baita Eusko Jaurlaritzak ikerketa-jarduerarako ezartzen dituen helburuen betetzearen ebaluatzea ere.

d)  Erakundeak ebaluatzea eta ziurtapena ematea.

e)  Euskal unibertsitate-sistemaren kalitateari buruzko gaietan aholkuak ematea.

f) Agentziaren helburuarekin lotuta dagoen eta bere jarduera-esparruaren barruan dagoen beste edozein eginkizun, baldin eta unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak agindutakoa bada.

 

4. artikulua. Ebaluazioaren printzipioak

 

       1.    Agentziak betetzen dituen ebaluazio-, egiaztatze- eta ziurtatze-prozesuak etengabe egokitu behar dira gizartearen eskarietara, unibertsitate-jardueraren kalitate-betekizun iraunkorretara eta goi-mailako hezkuntza etengabe hobetzera, Europako kasuan kasuko esparruaren barruan.

 

       2.    Agentziak, ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-jarduerak betetzean, independentzia eta objektibotasun osoz jardun behar du.

 

       3.    Erabili beharreko irizpideak eta prozedurak agentziak finkatu eta argitaratuko ditu, eta objektiboak eta nazioartean erabiltzen direnekin bat datozenak izango dira.

 

       4.    Ebaluazio-batzordeek independentzia osoz jardun behar dute eta ebaluazioen emaitzak ezin ditu agentziaren beste ezein organok aldatu.

 

       5.    Ebaluazio-protokoloak, erabili beharreko irizpideak eta ebaluazio-batzordeen osaera ebaluazio-prozesuen deialdia egin aurretik jakinarazi behar dira.

 

       6.    Jardueren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatzeko, agentziak etika-kode publiko bat ezarriko du.

 

       7.    Agentziak hartu beharreko neurriak hartuko ditu, aurkezten diren eskaerak behar bezala ebaluatuko direla bermatzeko, eskaeren hizkuntza ofiziala edozein izanik ere.

 

5. artikulua. Kontuak ematea

 

       Egindako lanaren emaitzen berri eman behar die agentziak bere barne-organoei, Eusko Jaurlaritzari eta, orokorrean, gizarte osoari. Kontuak emateko prozesua gauzatzeko, honako hauek egingo dira gutxienez:

 

       1.    Agentziak hainbat urtetarako programa-kontratu bat sinatuko du unibertsitate-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekin. Kontratu horretan agentziaren finantziazioa ezartzen da, helburu batzuk betetzearekin lotuta. Agentziak, urtero, gastuen berri eman eta aipatutako helburuak noraino bete diren jakinaraziko du.

 

       2.    Agentziak, urtero, txosten bat egin eta argitaratuko du, eta horren barruan kudeaketa-plana eta plan hori bete den aztertzeko lana argitaratuko da.

 

       3.    Urtero, kontuen kanpoko auditoria bat egingo da, eta emaitzak argitaratu egingo dira.

 

       4.    Ebaluazio-, egiaztatze- eta ziurtatze-prozesuen emaitzak argitaratu egingo dira, datuen babesari buruzko araudia errespetatuz.

 

       5.    Agentziari, bost urterik behin, nazioarteko adituen parte-hartzea izango duen kanpo-ebaluazio bat egingo zaio.

 

       6.    Agentziak lau urterako plan estrategikoa egingo du, eta plan horren arabera egin beharko da urteko kudeaketa-plana eta haren betetzeari buruzko azterketa.

 

6. artikulua. Egitura

 

       1.    Agentziaren gobernu-organoak Gobernu Kontseilua eta Zuzendaria dira.

 

       2.    Organo teknikoak Aholku Batzordea eta EbaluazioBatzordeak dira.

 

       3.    Agentziako organo guztietako kideak aukeratzean, gizon eta emakumeen presentzia orekatua izatea bultzatuko da, sexu bakoitzeko kideak gutxienez % 40 izatea bermatu dadin.

 

       4.    Agentziako organo guztietako kideek gaitasun eta prestakuntza egokia izan beharko dute beren egitekoak aurrera eramateko.

 

       5.    Gobernu-organoetan eta organo zientifiko-teknikoetan egotea bateraezina da agentziak ebaluatu ditzakeen erakundeetan kide bakarreko kudeaketa-karguak izatearekin, euskal unibertsitate sistemako unibertsitateetako hiru errektoreen kasuan izan ezik, 7. artikuluan esaten denaz bat.

 

       6.    Agentziako organoetako kideek beren izenean jarduten dute, beren irizpidearekin, ez beren kolektiboaren ordezkari gisa.

 

       7.    Agentziaren gobernu-organoetako kide diren pertsonek karguak utziko dituzte ondorengo egoeretakoren bat gertatzen denean:

 

a)  Agintaldia amaitzen denean.

b)  Uko egitean.

c)  Ezintasun iraunkorren kasuan edo heriotzagatik.

d)  Bateraezintasun sortuberriagatik.

e)  Eginkizunak eta betebeharrak modu larrian, behin eta berriz eta nahita ez betetzeagatik.

 

7. artikulua. Gobernu Kontseilua

 

       1.    Hauek osatzen dute Gobernu Kontseilua:

 

a)  Lehendakariak; Eusko Jaurlaritzan unibertsitate-gaietan eskumena duen saileko sailburua, edo hark eskuordetzen duena, izango da lehendakaria.

b)  Eusko Jaurlaritzan unibertsitate-gaietan eskumena duen saileko sailburuordeak, edo hark eskuordetzen duenak.

c)  Agentziaren zuzendariak.

d)  Euskal unibertsitate sistemako unibertsitateetako errektoreek.

e)  Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak izendatutako pertsona batek (merezimendu akademiko aitortuak izan beharko ditu).

f) Unibertsitateen Euskal Kontseiluak izendatutako sei pertsonak; kontseiluko kideen hiru bostenen gehiengoak izendatu beharko ditu. Izendatutako pertsonen artean kontuan izan behar da:

- Izendatutako sei pertsonetatik hiruk Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin behar dutela lan, eta hiru horietako batek, gutxienez, Espainiatik kanpo.

- Izendatutako sei pertsonetatik bik unibertsitate-esparrutik kanpo egin behar dutela lan.

g)  Ikasle bat, Euskadiko unibertsitate-ikasleek parte hartzeko organo espezifikoak hautatua.

 

       2.    Gobernu Kontseilua osatzen duten pertsonek ezin dute inolako ebaluazio-, egiaztatze- edo ziurtatze-zereginik bete agentzia honetan.

 

       3.    Gobernu Kontseiluari dagokio agentzia gobernatzea arlo estrategikoari eta egitura-arloari dagokienez. Hona hemen eginkizun zehatzak:

 

a)  Agentziaren estatutuen proposamena idatzi eta onartzea, behin betiko onar daitezen lege honen 1.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

b)  Agentziaren zuzendaria izendatzea, bai eta zuzendaria kargutik kentzea ere, bere gestioa txarra izan delako edo bere eginbeharrak bete ez dituelako.

c)  Agentziaren zuzendariak proposatuta, aukera izango du zuzendariaren alboko bat izendatzeko, eta pertsona horren egitekoa agentziako langileen koordinazioaz eta agentziaren zuzendariak emandako eginkizunez arduratzea izango da.

d)  Agentzia gobernatzea eta plan estrategikoa eta urteko kudeaketa-plana onartzea.

e)  Agentziaren aurrekontuen aurreproiektua onartzea.

f) Zuzendariari proposatzea Aholku Batzordeko kideak izendatzea eta, hala behar duenean, kargutik kentzea.

g)  Lege honek ematen dion beste edozein, edo agentziako beste organo batzuei berariaz esleitutakoak ez direnak, baldin eta agentziaren gobernu-ildo estrategikoekin zerikusirik badute.

 

       4.    Agentziaren Gobernu Kontseiluko kideak hiru urterako izendatuko dituzte, eta bi aldi jarraitutan egoteko aukera izango dute, salbu eta izendapen hori duten karguaren ondoriozkoa bada. Bestalde, ezin izango dituzte nahierara kargutik kendu.

 

8. artikulua. Zuzendaria

 

       1.    Zuzendaria agentziaren Gobernu Kontseiluak izendatuko du, lehendakariak proposatuta, lau urterako, gaitasuna eta esperientzia kontuan hartuta. Izendapen hori beste aldi batez luzatzeko aukera egongo da, lehendakariak hala proposatzen badu eta agentziaren Gobernu Kontseilua ados baldin bada.

 

       2.    Agentziaren zuzendari kargua zuzenbide pribatuko ente publiko baten zuzendaritzako kargu bati dagokiona da, eta ondorioz, zuzendaritzako erantzukizunak hartu eta agentziako lanetan dedikazio absolutu eta esklusiboa izatea eskatzen du.

 

       3.    Hauek dira zuzendariaren eginkizunak:

 

a)  Agentziaren zuzendaritzaz arduratzea esparru guztietan.

b)  Agentzia ordezkatzea.

c)  Gobernu Kontseiluaren akordioak betearaztea, Aholku Batzordearen gomendioen jarraipena egitea eta ebaluazio-batzordeen erabakiak garatzea.

d)  Aholku Batzordeko kideak izendatzea eta kargutik kentzea, Gobernu Kontseiluaren iritzia entzunda, baita ebaluazio-batzordeetako kideak izendatzea eta kargutik kentzea, Aholku Batzordeak proposatuta.

e)  Lege honetan, edo legearen arauzko garapenean, esleitzen zaion beste edozein, edo agentziako beste organo batzuei berariaz esleitutakoak ez direnak, baldin eta agentziaren zuzendaritzarekin zerikusia badute.

 

       4.    Zuzendaria ezin izango du Gobernu Kontseiluko lehendakariak kargutik nahierara kendu, agintaldia indarrean duen artean.

 

9. artikulua. Aholku Batzordea

 

       1.    Hauek osatuko dute Aholku Batzordea: agentziaren zuzendariak (batzordearen buru izango da) eta unibertsitatearen eta ebaluazioaren esparruan ospe handia duten hamar pertsonak, agentziaren zuzendariak izendatutakoak. Kide horietako gehienek euskal unibertsitate sistematik kanpokoak izan behar dute, eta gutxienez ikasle batek eta kideetako hiruk Espainiatik kanpo bete behar dituzte beren zereginak.

 

       2.    Aholku Batzordea organo teknikoa da, eta bere eginkizuna agentziaren jardueren kalitatea eta sinesgarritasuna bermatzea da. Hona hemen Aholku Batzordearen eginkizun zehatzak:

 

a)  Gobernu Kontseiluari eta agentziaren zuzendariari eginkizunak betetzeko aholkuak ematea.

b)  Agentziak erabili beharreko ebaluazio-irizpideak eta -protokoloak onartzea. Irizpide horiek objektiboak, publikoak eta goi-mailako hezkuntzaren Europako esparruan erabiltzen direnekin homologatzeko modukoak izan beharko dute.

c)  Agentziaren zuzendariari proposamenak aurkeztea, ebaluazio-batzordeetako kideak izendatu eta, hala beharko balu, kargutik kentzeko.

d)  Ebaluazio-, egiaztatze- eta ziurtatze-prozesuak inpartzialak eta objektiboak izan daitezen zaintzea.

e)  Lege honek ematen dion beste edozein, edo agentziako beste organo batzuei berariaz esleitutakoak ez direnak, baldin eta ebaluazio-prozesuekin zerikusia badute.

 

       3.    Aholku Batzordeko kideak gehienez ere hiru urterako izendatuko dituzte. Batzorde horretako kideak berritzeko, bi urtean behin ehuneko berrogeita hamarra aldatuko dute.

 

10. artikulua. Ebaluazio-batzordeak

 

       1.    Ebaluazio-batzordeak organo zientifiko-teknikoak dira, eta horien bidez garatzen ditu agentziak ebaluazio-, egiaztatze- eta ziurtatze-prozesuak.

 

       2.    Honako hauek osatzen dituzte ebaluazio-batzordeak:

 

- Ospe handiko akademikoek. Batzorde bakoitzean gehiengoa izan beharko dute euskal unibertsitate-sistematik kanpoko akademikoek.

- Ebaluatu beharreko arloetako ikasleek, ikasleen gaineko eragin zuzena duten programa eta jardueretan. Ikasleok Euskadiko unibertsitate-ikasleek parte hartzeko duten berariazko organoak izendatuko ditu.

- Ebaluatu beharreko arloetako ospe handiko profesionalek, titulazioak ebaluatzeko programetan.

 

       3.    Ikasleek eta profesionalek ebaluazio-jardueretan nola parte hartuko duten arautzen du agentziak, zein programatan parte har dezaketen zehaztuz. Ikasleen kasuan, bermatuta izan beharko dute ebaluaketa instituzionalean eta irakasgaienetan behintzat parte hartu ahal izatea, eta ezin izango dute parte hartu irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ebaluaketa eta egiaztapena egitean.

 

       4.    Ebaluazio-batzordeetako kideak hiru urterako izendatuko dituzte, eta ezin izango dituzte berriz izendatu kargua uzten dutenetik hiru urte igaro arte.

 

       5.    Ebaluazio-batzordeetako kideei, behin izendatuta, eta honelakorik eskatzen badute, ebaluazio-eginkizuna burutzeko gutxieneko prestakuntza espezifikoa emango die agentziak.

 

11. artikulua. Agentziako langileak

 

       1.    Agentziak bere langileak bere kabuz kontratatzeko, kudeatzeko eta prestatzeko ardura dauka.

 

       2.    Hauek dira agentziako langileak:

 

a)  Agentziako bertako langileak, Lan Zuzenbidearen arabera kontratatutakoak, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak errespetatuz.

b)  Agentziari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoko langileak eta Espainiako unibertsitate publikoetako langileak.

 

       3.    Agentziak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko du kanpoko harremanetan. Agentziarekiko harremanak, idatziz zein ahoz, euskaraz eta gazteleraz izateko eskubidea bermatuko zaie pertsona fisiko zein juridikoei.

 

12. artikulua. Finantzaketa

 

       1.    Agentziak bere aurrekontua dauka, bere kabuz kudeatzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion araudiarekin bat etorriz.

 

       2.    Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan, agentziari bere eginkizunak betetzeko behar dituen baliabideak esleituko zaizkio. Hainbat urtetarako programa-kontratu baten bidez ezarriko dira baliabide horiek. Dena dela, beste diru-sarrera batzuk ere eduki ahal izango ditu, bere jardueretatik ateratakoak barne.

 

       3.    Agentziak, bere jarduerak betetzean, ezin izango du, inolaz ere, ebaluatu behar dituen erakundeetatik dirurik jaso, non eta ez diren ebaluazioak, egiaztapenak eta erakunde horiek agindutako beste zerbitzu batzuk ordaintzeko ezar daitezkeen tasa edo prezioak.

 

       4.    Lege honetan agentziarentzat ezarritako araubide juridikoarekin bat etorriz, agentziaren funtzionamendu ekonomiko eta finantzarioa eta diru-kontuen kontrola Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion araudiaren araberakoak izango dira.

 

13. artikulua. Ondarea

 

       Euskal Autonomia Erkidegoak agentziari eginkizunak betetzeko behar dituen ondasunak eta ondarea atxikiko dizkio.

 

       Agentziaren ondarea Euskal Autonomia Erkidearen ondarearen zati da, eta ondareari ezartzekoa zaion araudiak arautzen du.

 

Xedapen Gehigarria

 

       Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legean edo beste xedapen batzuetan Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziari egindako arau-erreferentzia guztiak Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari egindakotzat joko dira.

 

Lehen Xedapen Iragankorra. Agentziaren organoen osaera

 

       Agentziaren organoak lege hau argitaratu eta hiru hilabeteko epean egokituko dira lege honetan ezarritakora.

 

Bigarren Xedapen Iragankorra

 

       Bere estatutuak egokitu eta hiru urteren barruan, gehienez, Unibasq Agentziak bere prozedurak, jarduera eta lege-esparrua egokitu beharko ditu ENQAn eskubide osoko kide gisa sartzeko eta inskribatuta egon beharko du Kalitatea Bermatzeko Agentzien Europako Erregistroan.

 

       Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrera bidaliko ditu lege honek behar dituen egokitzapenak.

 

Xedapen Indargabetzailea

 

       Indarrik gabe geratuko dira:

 

a)  Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 79tik 88ra bitarteko artikuluak.

b)  Lege honetan ezarritakoaren aurka dauden gainerako xedapen guztiak.

 

Azken Xedapenetako Lehena

 

       Lege hau argitaratu eta sei hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzak legea garatzeko beharrezko arau guztiak idatziko ditu, bai eta Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren estatutuak legearen arabera egokituko ere.

 

Azken Xedapenetako Bigarrena

 

       Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean lege hau.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra