Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarena

2007-12-28

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2008/1/9, 6. zk.; EAO, 2011/10/26, 258. zk.

§ 296. 14/2007 LEGEA, ABENDUAREN 28KOA, HERRIALDE POBRETUEKIKO JUSTIZIA ETA ELKARTASUNERAKO GUTUNARENA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Iparraldeko herrialde edo herrialde garatuen eta Hegoaldeko herrialde edo herrialde pobretuenen arteko harremanetan ez dago orekarik. Ezinbesteakoa da Iparraldeko eta Hegoaldeko herrialdeen arteko desberdintasunei eusten dieten arrazoiak sakon aztertzea. Azken herri horiek lapurretak eta injustizia jasan dituzte, eta kanpoko zorra haien garapenerako oztopo nagusietako bat da. Nazioarteko merkataritzan ezarritako harreman bidegabeek desberdintasuna areagotu egiten dute egunez egun. Iparraldeko herrialdeetako gehiegizko kontsumo zentzurik gabeak agortu egiten du baliabideak eta ondasunen lapurreta bultzatzen du. Gainera, gaurko finantza-erakundeek, oreka bilatu eta desberdintasunak arindu beharrean, areagotu egiten dituzte eta instituzioen babesa ematen diete.

 

       Nazio Batuek antolatuta 2000ko irailean egindako Milurteko Goi Bileran, Nazio Batuetako 189 estatu kideek berretsi egin zuten beste mundu baten alde borrokatzeko konpromisoa, non lehentasun handiena izango luketen pobrezia desagerrarazteak eta garapen iraunkorrak. Milurtekoaren Adierazpena 147 estatuburuk sinatu zuten eta aho batez onetsi zuten Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiko kideek. Milurtekoaren garapen-helburuak, Nazio Batuek azken urteotan antolatutako munduko biltzarren erabaki eta ebazpenetatik eratorriak, onartuak izan dira oro har garapenaren alorreko aurrerapenak neurtzeko esparru gisa. Helburuek pertsonen bizitzan hobekuntza handiak eta neurgarriak sartzeko zeregina jartzen diote munduko komunitateari.

 

       Hori guztia dela eta, lagundu egin behar dugu nahitaez Autonomia Erkidegotik beste garapen-eredu bat eraikitzen, hala giza eskubide zibil eta politikoetan nola giza eskubide sozial, ekonomiko eta kulturaletan oinarritua, probreziari eta bazterkeriari orori behin betiko amaiera emateko. Egoera horri aurre egiteko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarteak konpromisoa har dezan herrialde aberatsen eta pobretuen arteko harremanen garapen justuago batean, bidezko iruditu zaigu herrialde pobretuekiko justizia- eta elkartasun-gutun bat sortzea, nahiz eta jakin badakigun gure lege-proposamenak gabeziak dituela, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoak nazioarteko gaietan duen eskumen faltagatik.

 

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

1. Artikulua - Lege honen helburua

 

       Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan gutun bat ezartzea munduko pertsona eta herrialde pobretuekin elkartasunez eta justiziaz jokatzeko. Gutun horren, gaur egun nazioarteko harremanetan dauden justizia- eta elkartasun-bidez faltak eragindako alderdi nagusiak jorratuz eta leuntzen lagunduz, planeta osorako giza garapen jasangarri eta orekatua lortzen hasiko gara.

 

2. Artikulua - Lege honen erabakiak eta elkartasun konpromisoak

 

       1.    Herrialde pobretuek herrialde aberastuekin, nazioarteko bankuekin eta nazioarteko finantza-erakundeekin duten kanpoko zorra erabat ezabatzeko hartu beharreko neurri guztiak sustatzea.

 

       2.    Kontsumo arduratsua, ekonomia solidarioa eta energia berriztagarrien garapena bultzatzea,  eta zor ekologikoa eragiten duten produktuei debekua jartzea.

 

       3.    Munduko herrialde guztien arteko merkataritza-harreman justuagoak ezartzeko neurriak sustatzea, "merkataritza desorekatua" deitutakoari amaiera eman eta "bidezko merkataritza" deitutakoaren garapena bultzatzeko.

 

       4.    "Bakearen dibidendua" delakoa, garai batean Nazio Batuek proposatutakoa, martxan jar dadin bultzatzea. Hau da, egun armada-gastuetan inbertitutako baliabide guztiak edo parte handi bat eta gizartearenk, gizakien eta ingumenaren beharrizanak asetzeko erabiltzea, bai herrialde aberastuetan bai pobretuetan. "Bakearen dibidendua" delako horrek, "gerran" inbertitu beharrean, bake-kultura sortzen lagunduko du eta gatazkek sortzen dituzten injustiziak eta gatazken arrazoiak ezabatzeko apustua eginen du.

 

       5.    Nazioarteko finantza-erakundeen errotiko aldaketa edo, beharrezkoa izanez gero, desagerpena bultzatzea (Nazioarteko Moneta Funtsa, Munduko Bankua, Merkataritzaren Munduko Erakundea eta garapenerako eskualde-bankuak), hori izanen bailitzateke erakunde horiek herrialde pobretuei ezarritako "egituren egokitzapen-planen" amaiera. Izan ere, plan horiek eragin latzak dituzte, zuzenean zein zeharka, herrien eskubide ekonomiko eta sozialetan.

 

       6.    Borroka egitea etorkinek gure eskubide berberak izan ditzaten eta beren bizi-baldintzak, duintasun, parekotasun eta justizia aldetik, egokiak izan daitezen.

 

       Justiziaren eta herrialde pobretuekiko elkartasunaren aldeko heziketa eta sentsibilizazioa bultzatzea.

 

       8.    Helburu hauek guztiak betetzeko, kontuan hartuko da beti emakumezkoek jasaten duten baztertze-egoera berezia. Horretarako, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen esparruan, ekintza eta proiektu guztiek genero-ikuspegia izan beharko dute eta orobat izango dituzte beren baitan emakumeen desberdintasun-egoera aldatzeko beharrezko ekintza positiboko neurriak.

 

3. Artikulua - Jarduketak eta hitzamenak

 

       Aurreikusitako helburuak behar bezala betetzeko, honako jarduketa eta hitzarmen hauek jarriko dira martxan:

 

       1.    Eusko Jaurlaritzak, urte askotako plan baten bidez eta hamar urtean zehar, aurrekontu-sail berezi bat bideratuko du herrialde pobretuek Espainiako Estatuarekin duten kanpoko zorra ezabatzeko. Partida hori Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko berariazko hitzarmen baten bidez kudeatuko da, hurrengo puntu hauek bermatuz:

 

a)  Herrialde txiroenen zorraren ezabaketak lehentasuna izango du.

b)  Zor publikoaren ezabaketari lehentasuna emango zaio.

c)  Zor bakoitzaren ezabaketa herrialde onuradunek dituzten behar sozial premiazkoenei hobetu erantzuteko izan dadin bilatuko da.

 

       Euskal Erkidego Autonomoari dagokion zenbatekoa, hain zuzen, aurreko lerroaldean adierazitako zorraren % 6,24 da, edo, halakorik bada, Kupoaren Bost Urteko Legean ezartzen den indizea.

 

       2.    Eusko Jaurlaritzak eta toki-entitateek Euskal Autonomia Erkidegoan "bidezko merkataritza" delakoaren garapena sustatuko dute eta, halaber, administrazioaren zerbitzu eta egoitzetan produktu horiek sartzen saiatuko dira. Horretarako, zerbitzuak esleitzeko lehiaketa publikoetan, lehentasuna emanen zaie bidezko merkataritzatik eratorritako produktuen eskaintzei eta erabilerari.

 

       3.    Enpresak lagundu eta sustatzeko politikan, Eusko Jaurlaritza ez da inolaz ere elkarlanean arituko armen ekoizpen, merkaturaketa eta finantzaketan ari diren pertsona fisiko edo juridikoekin.

 

       4.    Eusko Jaurlaritzak bere funtzio politiko eta diplomatikoak garatzen dituen esparru guztietan (Erkidegoan, Estatuan eta nazioartean) lege honetako 2. artikuluko helburu guztiak betetzeko behar diren ekintzak sustatuko ditu.

 

II. KAPITULUA

FINANTZAKETA

 

4. Artikulua

 

       Lege honetan hartutako neurriak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu arruntetatik ordainduko dira.

 

Azken Xedapenetakoak

 

Lehenengoa

 

       Hamabi hilabeteko epean lege hau hobeki bete eta garatzeko erregelamenduzko xedapenak eta xedapen osagarriak emanen dira.

 

Bigarrena

 

       Lege honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

 

Xedapen Indargabetzailea

 

       Lege honi kontra egiten dioten xedapen guztiak indargabetu egiten dira.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra