Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

14/2008 Legea, abenduaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala Sortzekoa

2008-12-12

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2008/12/24, 246. zk.; EAO, 2011/10/7, 242. zk.

§ 311. 14/2008 LEGEA, abenduAREN 12KOA, Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo OFIZIALa SORtzekoA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio, eta ez beste inori, profesionalen elkargoen eta lanbide tituludunen gaineko eskumen osoa, betiere Konstituzioaren 36 eta 139. artikuluetan ezarritakoaren aurkakoa ez den heinean. Estatutuko artikulu horri jarraiki onartu zen 18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa, eta, lege horrek 29. artikuluan dioenez, profesionalen elkargo berriak sortzeko beharrezkoa izango da Eusko Legebiltzarraren legea, arlo jakin bakoitzeko profesional interesatuek, behar besteko eta behar bezala egiaztatutako ordezkaritzaren bidez, hala eskatu dutelako emana.

 

       Euskadiko Giza Elikaduran eta Dietetikan Diplomatuen Elkarteak (EGEDDE) eskaria egin zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala sor zedin. Horren ondorioz, izapideak abiatu dira, eskaera horren oinarria eta legez bete beharreko baldintzak egiaztatzeko; baldintza horien artean azpimarragarriena, lanbidea elkargoan biltzea justifikatzen duten herri-intereseko nahikoa arrazoi izatea.

 

       433/1998 Errege Dekretuan, martxoaren 20koan, unibertsitate-titulu ofiziala ezarri zen: Giza Nutrizio eta Dietetikako Diplomaduna, gizakiarentzat nutrizioaren aldetik aproposak diren elikadura-erregimenak egiteko oinarri teoriko eta tekniko egokiak irakasteko ikasbideak ematen dituen titulua, hain zuzen.

 

       Beste alde batetik, azaroaren 21eko 44/2003 Legeak, Osasun arloko Lanbideak Antolatzen dituenak, Giza Nutrizio eta Dietetikako diplomadunak zer diren ezartzen du, alegia: osasun-arloko profesionalak, pertsona edo pertsona-taldeak elikatzeko jarduerak garatzeko funtzio espezifikoa dutenak, betiere jarduerok premia fisiologikoetarako eta, hala balegokio, patologikoetarako egokiturik, eta prebentzio- eta osasun publikoko printzipioei jarraitu.

 

       Egungo gizartean lanbide horrek gero eta garrantzi handiagoa hartu duenez, horren kontrol eta garapen egokia bermatu eta zaindu beharra dago. Horrek, hain justu, elkargo-erakundea eratzeko eskaera ekarri du, elkargokideen interes profesionalei modu eraginkorrean erantzuteko.

 

       Interes publikoaren aldetik begiratuta, lanbidea behar bezala antolatzea eta gizartearen zerbitzurako izango den araudi deontologikoa egitea, besteak beste, badira nahikoa arrazoi borondatezko atxikipeneko lanbide-korporazio hau eratu beharra justifikatzeko.

 

       Adierazitako guztiarengatik, lege honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala sortuko da.

 

1. Artikulua - Sorrera

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala sortzen da: zuzenbide publikoko korporazioa, nortasun juridiko propioa duena, eta bere helburuak gauzatzeko zein eginkizunak betetzeko jarduteko gaitasun osoa duena, legearen arabera betiere.

 

       2.    Lege honetan xedatutakoari jarraiki gobernu-organoak eratzen direnetik aurrera, elkargoak nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa eskuratuko ditu.

 

2. Artikulua - Lurralde-eremua

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialeko lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da.

 

3. Artikulua - Profesionalen Kontseiluaren funtzioak betetzea

 

       Elkargoaren lurralde-eremua kontuan izanda eta Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 41.4 artikuluan ezarritakoari jarraiki, Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialak lege horrek profesionalen kontseiluei esleitzen dizkien funtzioak beteko ditu, lurralde-eremu horretan diharduen artean.

 

4. Artikulua - Kideak

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialean ondorengo profesional guztiak sartu ahal izango dira baldintza berberetan:

 

a)  Martxoaren 20ko 433/1998 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz Giza Nutrizio eta Dietetikako Unibertsitate Diplomadunaren titulua lortu dutenak.

b)  Aipatutakoaren baliokide den unibertsitate-titulua dutenak, agintaritza eskudunak aitortua edo homologatua.

 

5. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko harremanak

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialak harremana izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin; bere lanbidearen edukiei dagozkien gaietan, osasun-arloko eskumenak dituen sailaren bidez, eta gai profesional orokor, instituzional zein korporatiboei dagokienetan, justizia-arloan eskuduna den sailaren bidez.

 

Xedapen Iragankorrak

 

Lehenengoa - Kudeaketa Batzordea

 

       1.    Kudeaketa Batzordea eratuko da, eta Euskadiko Giza Elikaduran eta Dietetikan Diplomatuen Elkarteak (EGEDDE) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateak izendatutako bina pertsonak osatuko dute.

 

       2.    Batzordean orekatua izango da gizonezko eta emakumezkoen arteko proportzioa. Euskadiko Giza Elikaduran eta Dietetikan Diplomatuen Elkarteak (EGEDDE) izendatutako kideetariko bat izango da batzordeburu: Kudeaketa Batzordearen lanak antolatu eta bultzatuko ditu, eta, berdinketa egonez gero, haren botoak ebatziko du.

 

       3.    Batzordeak honako funtzio hauek izango ditu, bes­teak beste:

 

a)  Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren lehen estatutuak idaztea.

b)  Elkargoko kide egiteko epea irekitzea eta arautzea.

c)  Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren osoko bilkurarako deia egitea.

 

Bigarrena - Elkargoko kide egiteko epea

 

       Elkargoaren estatutuak argitaratu eta hiru hilabete igarota, Kudeaketa Batzordeak elkargoko kide egiteko epea irekiko du, lege honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten profesional guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialean sartzeko aukera izan dezaten. Horretarako, baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte profesional horiek.

 

       Hala nahi dutenei elkargoko kide egiteko bidea errazte aldera, Kudeaketa Batzordeak horretarako nora jo behar duten eta epea noiz zabalduko den argitaratuko du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoan gehien irakurtzen diren egunkarietatik bitan, gutxienez.

 

Hirugarrena - Osoko bilkurarako deia

 

       1.    Elkargoko kide egiteko epea zabaltzen denetik bederatzi hilabete igarota, Kudeaketa Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren osoko bilkurarako deia egingo du, gobernu-organoetako kideak hautatzeko.

 

       2.    Gobernu-organoen eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

 

Azken Xedapena

 

       Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra