Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

15/1988 Legea, azaroaren 11koa, Drogamenpekoen alorreko aurre-hartze, laguntza eta birgizarteratzeari buruzkoa.

1988-11-11

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1988/12/12, 232. zk.; EAO, 2012/3/17, 66. zk.

Indargabetua: 1998-07-15

 

§ 111. 15/1988 LEGEA, AZAROAREN 11KOA, DROGAMENPEKOEN ALORREKO AURRE-HARTZE, LAGUNTZA ETA BIRGIZARTERATZEARI BURUZKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Gaurko mendebaldeko gizarteak, azken urteotan batez ere, herri-osasun mailako arazo bihurtu den gizarte-joeraz jabetu dira, hain zuzen ere, drogamenpekotasuna sortu dezaketen zenbait gai erabiltzeari eta neurriz gaindik hartzeari darionaz.

 

Joera hori ez da arrotz Euskal Herrian. Aitzitik, egon ba dauden xehapenek erakusten digutenez, norbanakoen eta gizartearen osasunerako kaltegarri diren erabiltze eta neurriz gaindik erabiltzeko ohiturak ditugu, oso herrotuak batzutan -alkohola, tabakoa, sendagaiak-, eta bapatean sartu-berriak -kanabisa, kokaina eta heroinatik eratorriak- bestetan.

 

Egoera honen aurrean eta, legeak eman ahal izateko, arazoak eta hauei aurre egiteko bideak ere argi eta garbi ezagutu beharraz jabetuta, araugintza-ahaleginak egin behar ditugu, erakundegoren mailako egitasmo zehatz bat, alor honekiko Euskal Herri-Arduralaritzaren jokabidea finkatu eta gizarte osoa jokabide horren helburuak lortzeko lankide bihurtu dezan egitasmo bat, alegia, aurkeztuz.

 

Lege hau Autonomi Estatutuak Euskal Autonomi Elkarteari ematen dizkion agintepideei egokitzen zaie, hots, Osasunketa, Gizarte-Sorozpidetza, Hezkuntza, Toki-Jaurpide, Gazte, Merkataritza, Herrizaingo, Espetxe-Erakunde eta Adingabe-Zentzategi, Iragarkuntza, Estadistika eta Ikerkuntza-alorretakoei, besteak beste.

 

Legeak bere osoan hartzen du arazoa, hori gertakariez jabetzera jotzezko ikuspegitik abiatuz, alkohola, tabakoa eta sendagaiak nahiz legez kanpoko drogak deriztenak gaizki edo neurriz gaindik erabiltzeari darizkion arazo guztiei aurre egin nahi izatea dela ulertuz.

 

Izan ere, alor ezberdinetan egindako azterpenek argi erakusten dutenez, gai horietako batzuk hartzeak elkarrekiko lotura dute, eta egoera horri buruz, orobarnezko arauak ematearen egokitasuna idarokitzen. Orohartzezko jokabidean, bada, alor ezberdinetako jokabideak, bakoitza bere benetako neurrian agertu behar dira, adibidez alkohola -euskal gizartean arazorik larrienen sorburu dena- gai duten ekintzapideak, tabako eta sendagaiekikoak, eta drogamenpekotasuna sortu dezaketen gainontzekoekikoak.

 

Antolakuntzari gagozkiola, Legeari darion erizpidearen arauera, drogamenpekotasuna sortzen duten gaiak hartzetik datorren egoerari erantzuna Gizarteak dituen agizko egituretatik eman behar zaio, hots, Osasun, Hezkuntza, Gizarte-Zerbitzu, etabarretatik, bateratuta egon ez daitezen egiturak sortzeko edo horiei eusteko biderik eman gabe, beraz.

 

Alor honetan izan ohi diren hiru ekintzapide-esparruei, aurre hartze, laguntza eta berriro gizarteratzeari, alegia, gagozkiela, herritar guztiak dira, bereizkeriarik egin gabe, legearen ekintzapideen gai, aurre hartzezko jokabideari, haur, gazte eta ezinduekikoan batipat lehentasuna emanez, gizartea joera honen ondorioez jabetzen ez bada, honekiko jarrerak eta ondoriozko jokaerak aldatzerik ez dagoela ulertuz.

 

Horretako, drogamenpekotasunaren sorburuen ugariaz jabetuta, artez datxezkion alderdiei begira (eskaintza, hartzea, etabar ...) nahiz artezko zerikusirik ez duten arren lagungarri diren alderdiei begira (eskolan porrot egitea, itxurazko etorkizunik eza, gizarte eta kultura-antolapideen urria, hiri-tajuketa nekagarria,...) aurre hartzezko jokabideak maila ezberdinetatik hartzen du ekintzapide-sorta, hots, Osasun, Hezkuntza, Herrizaingo, Gazte, Zuzentza, Gizarte-Zerbitzu, etabarretik, eta irakaste-xedez, legeari darioneantxe; ondorioz drogamenpekotasuna sortu dezaketen gaien suztapen, iragarkuntza, zuzkiketa eta salmentarekiko zaingo-neurri garrantzitsuak hartu eta dagozkien zigorrak adierazten direla. Halaber, babeste-neurriak hartzen ditu gai horien zuzkiketa galerazteko edo 18 urtetik beherakoei, hau da, gara-adinera iristen ez denari, horiek hartzea, eta gai horiek suztatzera jotzezko ekintzetan sartzea debekatzeko xedez. Legez kanpoko drogak deriztenen salerosketari gagozkiola, hertsapeko neurriak jartzen dira Lege honen aginte-eremuaren barruan.

 

Sorozpidetza-mailari dagokionez, drogamenpekotasunak gaisotasunetan sartzen dira, lehentasuna laguntza-sare orokorrean egon dauden baliabideei emanez, eta Herri nahiz norbanakoen ekinbideak elkarrekin lankide izateko bideak jarriz. Sendabidea borondatezkoa izatea eta laguntza-xehetasunen erabileran isilpekotasuna bermatzea azpimarratzen dira oinarri-irizpide gisa.

 

Drogekiko menpetasuna gainditu ondoren, norbanakoa gizarteratzeari buruzkoan, Legea norbanako hauek lanbide, hezkuntza, etxebizitza, gizarte-zerbitzu, etabarreko egitamu orokorretara iristeari lehentasuna emanezko politikaren aldekoa da.

 

Azkenik, alor honetan ari diren Herri nahiz Norbanako-erakundeak antolatzeko, antolakidetzeko eta horien dirubideak egiteko artezpideak ematen dira, drogamenpekotasunen aurkako ekintzan aitu ezberdinek eskuhartu behar dutela, eta bai Arduralaritzaren maila eta erakunde ezberdinetakoek, moeta honetako herri-ekinbideen suztatzaile eta bermatzaile direnez, bere gain hartu behar duten beharkuna erakunde askoren gaitasunari dagokiona ere ba dela nabarmenduz.

 

Idazkera honetan kontu haundia izan da drogamenpekotasunak hartutakoei mesedezko traturik ez eskaintzen edo horretarako biderik ez ematen, hori beste norbanako edo giza-taldeekiko bereizkeriazko jokabide bait liteke; hori dela eta, erakundeen jokabide orokorretara jo beharra aipatzen da behin eta berriz, laguntza-alorrean zein arazoa gainditu duena gizarteratzekoan.

 

Legea, agerkai honi buruzko batzutariko neurriak baino hartu ezin ditzakeenaz jabetuta -agerkai korapilotsu honek beste batzurekin zerikusi sakona bait du-, egon dauden orotariko legeen barruan kokatzen da eta hor hartzen du bere benetako garrantzia eta, bereziki, osasun eta gizarte-zerbitzuen alorrekoen barruan.

 

Egiaztatutako nazioarteko saioek, eta Euskal Autonomi Elkartekoak berak, gagozkion alorrean batez ere argi erakusten dutenez, agintaritza-ekintzetarako politikabide-ereduaren eginkortasuna gizarte-solaskide ezberdinek politikabide horiek onartzen dituzten neurrian eta, azken batez, gizartearen ekintza sortarazteko gaitasunaren neurrian lortuko da. Beraz, gizarte-ekinbidearekin bat etortzea agertzen da herri-osasuna hobetzea eta biztanlegoaren ongundea lortzea xede dituen araugintza-ario honen helburu nagusienetakotzat.

 

Lege hau gertatzekoan, nazioarteko, Erresumako eta autonomi mailako legeak, eta Europako Elkarte-mailakoak ere hartu dira kontutan eta, bereziki, mundu-mailako Osasun-Erakundearen irizpideei jarraitu zaie. Gertakari honekiko gizarte-iritziari buruz Euskal Autonomi Elkartean egin diren azterlanek osatu dituzte idazkera hau gertatzeko erabili diren argipideak.

 

Drogamenpekotasunaren arazoa nazioartean zabalduta dagoenez gero, Lege hau irizpide ireki eta zabalez betearazi beharko da, Erresumako ekintzapideekin eta nazioarteko erakundeen gomendioekin behar bezala antolakidetuz.

 

AINTZIN-IZENBURUA

LEGEAREN XEDEAZ

 

Lehenengo Atala - Legearen xedea

 

1.- Lege honek, Estatutuaren arauera, Euskal Autonomi Elkarteari dagozkion agintepideen eta bere lurraldearen barruan, drogamenpekotasunari aurre hartzeko eta drogamenpekoei laguntzeko eta horiek gizarteratzeko ekintzapide-sorta bat araupetzea du xede.

 

2.- Xedeak, halaber, drogak hartzeagatik kalterik egin dakiekeen gainontzekoak babesteko ekintzapideak ere hartzen ditu.

 

2. Atala - Adimugapenak

 

1.- Lege honen ondorioetarako, gorputzean sartuz gero, jokaera-aldaketak sortarazteko, osasunaren kalterako ondorioak edo menpekotasuna sortzeko gauza diren gaiak jotzen dira drogatzat. Honako hauek jotzen dira:

 

a) Sorgorgarriak eta sikotropoak, hots, Ginebrako 1961.eko Sorgorgarriei buruzko Bilkurako eta Vienako 1961.eko Sikotropia-gaiei buruzko Ituneko Zerrendetan eta Eraskinetan horrelakotzat jotzen diren eta zaindu behar izatearen menpe dauden gaiak edo nahasketak.

b) Alkoholdun edariak.

c) Tabakoa.

d) Industrirako edo gauza askotarako erabiltzen diren ekoizki jakin batzuk.

e) Hartzen badira, menpekotasuna, jokaera-aldaketak edo osasunerako ondorio kaltegarriak ekar ditzaketen besteak, hona nola, soinean harnas-bidez sartzen direnak eta eraskaiak.

 

2.- Honako hauek zehazten dira:

 

a) Menpekotasuna: Gaia behin eta berriz hartu izanaren ondoriozko gorputz eta adimen-egoera, horren ezaugarri, hori etengabe hartzera bultzatzezko zenbait indar gorputzean sortzea izanez.

b) Aurre hartzea: Ondorengoetara jotzen duen ekintzapide-sorta:

1. Droga-eskea eta horren erabilera gutxitzera.

2. Gizartean dagoen droga-eskaintza gutxitu edo murriztera.

3. Horien erabileratik erator daitezkeen ondorioak gutxitzera.

c) Pozoigabetzea: Gorputzaz kanpoko gai batek sortutako pozoidura geldiarazteko sendabidea.

d) Ohituragabetzea eta onbideratzea: Menpekotasuna kentzeko eta gorputz eta gogo-osasuna berreskuratzeko sendabidea.

e) Berriro gizarteratzea: Pertsona bat, herritar arduratsu eta burujabe izanik, bere ohizko inguruan berriro sartzea.

 

I IZENBURUA

DROGAMENPEKOTASUNEI AURRE HARTZEAZ

 

I ATALBURUA

HELBURU NAGUSIEZ

 

3. Atala - Helburu nagusiak

 

Bere aginte-eremuaren barruan, herri-agintariei dagokie ondoren adierazten direnak gai dituzten egitarauak eta ekintzapideak egiteratzea, suztatzea, laguntzea, antolakidetzea eta bere emaitzak ikuskatzea:

 

a) Menpekotasuna ekar dezaketen gaiei buruz herritar guztiei argipide egokiak ematea.

b) Osasunerako hezkuntza ematea eta alor horretan lanbidedunak gaitzea.

c) Menpekotasuna sortarazteko gauza diren gaien erabilpenean eraginik duten gizarte-egoerei buruzkoan eskuhartzea.

d) Drogak hartzetik, ez droga-hartzaileentzat bakarrik, baita besteentzat ere, osasunerako datozen kalteak galerazteko neurriak hartzea.

e) Drogak, eta horien suztapena eta salmenta gizartetik kentzea eta, hala dagokionean, murriztea.

 

II ATALBURUA

GAI POZOITSUAK HARTZEARI AURRE HARTZEZKO OROTARIKO NEURRIEZ

 

4. Atala - Argipideak

 

1.- Osasunketa-Arduralaritzak Izurri-argipide eta zaintze-bideez baliatuz zehaztuko ditu menpekotasunagatikako laguntza-sarritasuna, eritasun eta heriotza-heina.

 

2.- Drogamenpekotasunei aurre hartzeari eta horien sendabideei buruzko aholku eta argipideak eman ditzaten sorozpidetza-sareetan sartutako argipide-zerbitzuak sortzea eta hauen kokatze-lekua Osasunketa-egitamugintzako eta gizarte-zerbitzuetako ihardutze-sail arduradunek erabakiko dute.

 

3.- Osasunketa-Arduralaritzak uneangotutako argipideak gertatuko ditu menpekotasunaren sorburu diren gaiei buruz, eta osasunketa-zerbitzuetako bezeroei eta osasunketa-lanbidedunei eskuratuko dizkie.

 

4.- Lan-Arduralaritzak, Laneko Segurantza eta Osasunbiderako Urgazlaritzen bidez, droga hartzearen ondorioei buruz, langile, sindikatuetako ordezkari eta enpresarientzako argipideak ematezko eta gaikuntzarako ekintzapideak egiteratuko ditu. Halaber, enpresek bere kontura egin ditzaten argipideketa-ekintzei ere laguntza emango zaie.

 

5.- Herri-Arduralaritzek, droga hartzearekiko jokabideak eta ohiturak aldatzeko xedez, drogen eraginei buruzko argipide-ekintzaldiak egitea bultzatuko dute eta mezubideei osasunaren aldeko eritziak sortzen lankide izateko eskatuko zaie.

 

5. Atala - Osasunerako hezkuntza

 

1.- Hezkuntza-arduralaritza osasunketakoarekin batera arduratuko da Eskoletan "Osasunerako Hezkuntza" egitaraua sartzeaz, baita, drogak hartzeari aurre hartzeko xedez, Eskola-Osasunari buruzko ekainaren 30eko 7/1982 euskal Legean ohartemandako gaikuntzarako egitarauak egiteratzeaz ere.

 

2.- Eusko Jaurlaritzak, unibertsitateko ikasketa-egitarauetan, osasunerako hezkuntza eta drogamenpekotasunaren alderdi ezberdinekikoan hezkuntza egokia emateko eta, hala badagokio, berarizko gaitasundunak gaitzeko beharrezko izan daitezen beste gai guztiak sartzearen aldeko neurri egokiak hartuko ditu.

 

3.- Euskal Herriko Herri-Arduralaritzek, osasun-alorreko eta gizarte-zerbitzuetako lanariak, hezitzaileak, Autonomi Elkarteko Ertzaintza eta lanbidezko iharduna drogamenpekotasun-gaiei datxekiena duen beste edozein lanari anitz alderditatik gaitzeko beharrezko egitarauak zehaztuko dituzte.

 

6. Atala - Gizarte-egoerarekiko ekintzak

 

1.- Gizarte-zerbitzuei buruzko maiatzaren 20ko 6/1982 Legearen 3. atalak dioenaren ondorioetarako, zerbitzu hauen ekintzetatik drogamenpekotasunei aurre hartzera jo dezatenei lehentasunezko ekintza-alor eritziko zaie, eta egon dauden gizarte-zerbitzuei buruzko egitarauen barruan hobetu beharko dira. Horretarako, drogamenpekotasuna sortzeko gauza diren gaiak hartzeko zerikusirik duten bizimoduak hobetzera eta bakoitzaren nahiz familia-mailako bazterkeria-alderdiak gainditzera jo dezaten aurre hartzezko ekintzak bultzatuko dira.

 

2.- Arriskupeko giza-taldeen artean elkarteak sortarazteko ekintzak bultzatuko dira, batez ere adingabekoen eta gazteen artean, gazteen elkarteak, eta bai aribide, atseden, kirol edo kultura-egitarauetan eskuhartzea ere suztatuz.

 

3.- Gizarte eta kultura-zerbitzuen antolapideek garrantzizko eragina dute drogamenpekotasunaren lagungarri diren alderdiak gainditzeko. Beraz, lurralde osoan zerbitzuen egitamugintzan, beharrezko oreka eta aukera-berdintasuna lortzeko ahaleginak egingo dira.

 

4.- Eskolan porrot egitea eta lanbide-eskaintzarik eza drogamenpekotasunak azaltzeko alderdi direnez gero, lanbide-hezkuntzako, lehen-lanbiderako, norbere konturako lanerako eta enpresaritza-suztapenerako aukera suztatuko dira gazteen artean.

 

5.- Drogamenpekotasunen agerkuntzan eraginik duten arrazoiak gainditzeko, hiri-hazkuntza alderdi orekagarri denez, gaitasuna duten Herri-Arduralaritzek, hirigintza-egitamuketa eta osabideraketa kidetasun, berdintasun eta egokitasun-irizpideei atxikizkoa izan dadineko ardura izango dute.

 

III ATALBURUA

SORGORGARRIEN ETA SIKOTROPIA-GAIEN ZAINGOAZ

 

7. Atala - Zaingoa eta ikuskaketa

 

1.- Osasunketa-Arduralaritzak, indarreango legeen barruan, sorgorgarriak eta sikotropia-gaiak ekoizte eta zabaltze-aldietan zaintzeari eta ikuskatzeari arreta berezia egingo dio.

 

2.- Banaketa eta eskuraketa-tegiak sortzea eta horien iharduera aldezaurreko baimena ematearen baldintzapean egongo da, eta bai zaingo nahiz ikuskaketaren menpe ere.

 

3.- 2. ataleko 1 lerroaldiko a) zatian aipatzen diren gaiak edo nahasketak dituzten sendagaiak sendatzekoez bestetarako erabiltzea eragozteko, senda-txartel bakar baten bidez aginduko dira; txartel hori, gai edo nahasketa haiek agintzeko, arauzkotze-irizpide orokorren arauera egingo da eta nahitaez erabili beharrekoa izango. Senda-txartel hori izuntzea eragotzi edo zail egin dezaten gaiak erabiliz egingo da, eta hor, agindu eta eskuraketaren zaingoa egin ahal izateko xehetasunak jasoko dira.

 

8. Atala - Ertzaintzaren ekintzak

 

1.- Salataritzak eta Epailaritzak finkatutako irizpideen arauera, Autonomi Elkarteko Ertzaintzak arreta berezia egingo die legez kontrako droga-salerosketa ikertzeko eta honi jazartzeko ekintzei, honako hauek irizpide nagusi izanik:

 

a) Banakuntza-sareekikoan, hauen lehenengo urratsetan batipat ihardunaz, debekuzko salgaien aztarnak hartuz, horiei jazarriz eta droga-salerosketatik ateratzen diren diru-ordainak ikertuz.

b) Droga-gai bakoitzaren legez kontrako salerosketari, gai horien arriskuaren, pozointasunaren, sortzen duten menpekotasun-indarraren, menpekotasuna sortzeko gaitasun eta bizkortasunaren heinean jazarriz.

 

2.- Autonomi Elkarteko Ertzaintzaren barruan, droga-salerosketaren aurkako sail berezia sortzeko beharrezko neurriak hartuko dira. Sail horrek, alor honetan, Ertzaintzaren ekintzen artezkaritza bere gain hartuko du eta, Euskal Herriko Segurantza-Batzordeak jarri dezan modu eta neurritan, Autonomi Elkarteko Ertzaintzaren eta Erresumako Segurantza-Sail eta Indarren arteko antolakidetza bermatuko.

 

3.- Osasunketa-arduralaritzak biltegi batzuk jarriko ditu, hor Euskal Herriko Autonomi Elkartean egin daitezen droga-bahiketak, horiek epailarien esku egon daitezen bitartean uzteko. Hor utzitako droga-hainbatekoen berri, legeetan eta nazioarteko ituneetan ohartematen diren ondorioetarako, Osasunketa eta Egaripen-Ministeritzari emango dio.

 

Halaber, bahikuntzen usiak jasotzeko, aztertzeko eta, hala behar izanez gero, ezabatzeko era ere finkatuko du.

 

IV ATALBURUA

ALKOHOLDUN EDARI ETA TABAKOAREN SUZTAPEN, IRAGARKUNTZA, SALMENTA ETA EGARIPENAREN ZAINGO-NEURRIEZ

 

I SAILA

ALKOHOLDUN EDARIEN ETA TABAKOAREN-SUZTAPEN ETA IRAGARKUNTZARAKO MUGAPENAK

 

9. Atala - Iragarkuntzarako baldintzak

 

Gezurrezko Iragarkuntzari buruzko irailaren 9ko 5/86 Legegintza-Dekretoan jarritakoaren kaltetan gabe, alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkuntza, ondorengo mugen barruan egongo da beti:

 

a) Iragarki horietan ez da adingabekoenganako arrazoirik erabiliko, eta horiek egaritzea gizarterako eragingarri delakoan nahiz adore-erakusgarri, bihotz-berogarri, sorgarri edo atsegingarri direlakoan oinarriturik ere. Bestetik, horien egaripena ez da gizarte, hezkuntza, osasunketa edo kirol-alorreko jokaerekin batera agertzerik ere izango. Alkoholaren egaripena ez da ibilgailuekin edo iskiluekin batera agertzerik izango.

b) Halaber, debekatu egiten da 18 urtetik beherakoek alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkuntzan eskuhartzea.

c) Merkatal-ikurra edo izena irudiz agertzen den guztietan, dagokion edariaren alkohol-graduak eta tabakoetan horien nikotina eta alkitran-zenbatekoa ere, argi ikusteko moduan adieraziko dira.

 

10. Atala - Suztapena

 

Azokak, erakustaldiak eta antzeko ihardunaldiak direla eta, alkoholdun edarien eta tabakoaren egaripena jendartean suztatu dadinetan, suztatze hori leku bereizi eta bakanduetan egingo da, 18 urtetik beherakoak hor sartzea debekatuta dutela.

 

11. Atala - Kanpo-iragarkuntza

 

Debekatuta geratzen da alkoholdun edarien eta tabakoaren kanpo-iragarkuntza, hor irudi edo hotsez baliatuz, guztientzako erabilgarri diren tokietan edo leku zabaletan egon nahiz ibiltzen direnen gogoa hartu dezakeena sartzen dela.

 

Legezko baimena izan dezaten ekoiztegien eta saltokien ezaugarritarako iragarkiak debeku honetatik kanpo gelditzen dira; hauek, halabaina, 9. atalean adierazten den muga izango dute.

 

12. Atala - Debekuak

 

1.- Alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkuntza debekatuta egongo da ondorengo jendearentzako tokietan:

 

a) 18 urtetik beherakoek, gehienbat, erabiltzekoetan.

b) Kiroletarako antolapide eta kiroldegi, osasundegi eta ikastegietan, eta horietarako helbideetan.

c) Zine eta ikuskizundegietan, ikuskizunak 18 urtetik gorakoentzat izan daitezentean salbu.

d) Bidari-ibilgailuetan, geltokietan eta portu nahiz aideportuetako jendearentzako tegietan.

 

2.- Debekatu egiten da alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkuntza, iragarkien banaketa gutunontzirik-gutunontzi, posta-bidez, telefonoz, etabar, mezuak etxera bidaliz egin dadinetan, mezu horiek 18 urtetik gorakoen izenean joan daitezenetan salbu.

 

13. Atala - Mezubideetako iragarkuntza

 

1.- Euskal Herrian kokatutako egunkariek, aldizkariek eta bestelako argitalpenek, nahiz irudi edo hotsezko beste edozein irarpide eta argitarapideek honako muga hauek izango dituzte:

 

a) Debekatu egiten da mezubide horietan alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkiak sartzea, 18 urtetik beherakoentzat egin dadinetan.

b) Gainontzekoetan, alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkuntza lehenengo orrialdean, kirol-orrialdeetan, 18 urtetik beherakoentzako sailak jartzen direnekoetan eta denbora-pasakoetan egitea debekatzen da.

 

2.- Debekatuta gelditzen da Euskal Herriko Irratetxe eta telebista-etxeetatik, goizeko 8etatik gabeko 10ak artekoan, alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkuntza egitea.

 

14. Atala - Zeharkako iragarkuntza

 

1.- Beren izena, erabilitako hitzak, irudiak, aurkezteko era edo beste edozer arrazoi dela eta, alkoholdun edarien edo tabakoaren zeharkako edo izkutuko iragarkuntza bilakatu daitezkeen gauza edo ekoizkiei buruzko iragarkuntza egitea ez da zilegi izango.

 

2.- Saioko aurkezlea edo mintzaikideak erretzen edo alkoholdun edarien, tabakoaren nahiz hauen izenen aipamenen ondoan agertu daitezeneko telebista-saioak Euskal Herriko Autonomi Elkartean egitea debekatu egiten da.

 

3.- Kirol, hezkuntza, kultura edo gizarte-ekintzak direla eta, edo horien laguntzaile izateagatik, edo suztatzezko lehiaketen, zozketen edo horiek egaritzera joaraztezko antzerakoen bidez ere, alkoholdun edarien edo tabakoaren iragarkuntzarik egitea debekatu egiten da.

 

Euskal Herrian kokatutako irratetxeek euren irrati-kateekin bat egitearen ondoriozko, zabalkundegintzarako berarizkoak ez diren saioetatik eratorrizkoa izan daitekeen zabalkunde-modua kanpo geratzen da.

 

II SAILA

ALKOHOLDUN EDARIEN ETA TABAKOAREN ZUZKIKETA ETA SALMENTARAKO MUGAK

 

15. Atala - Alkoholdun edariak

 

1.- Alkoholdun edarien zuzkiketa eta salmenta mugatzea xede izanez, Toki-Arduralaritzek edaritegien ugariari, nongoari, elkarren arteko tarteari, ezaugarriei eta nolakoei buruz, erizpide egokiak ezarriko dituzte.

 

2.- Ez da honako hauei alkoholdun edaririk saltzerik, ez eta eskuratzerik ere izango:

 

a) 18 urtetik beherakoei.

b) 17. ataleko 1 zatian aipatzen diren lanbidedunei, zerbitzugintzan diharduten bitartean.

 

3.- Debekatuta gelditzen da alkoholdun edariak makinen bitartez saltzea edo eskuratzea, makina horiek tegi itxietan, eta aurreko zatian adierazten diren debekuak betetzeko ardura dezanak ikusteko moduan ez badaude behintzat.

 

4.- Alkoholdun edariak saltzea edo eskuratzea debekatuta egongo da ondorengo tokietan:

 

a) 18 urtetik beherakoentzat gehienbat diren tegi eta etxeetan.

b) Oinarrizko eta Erdi-mailako Irakaskuntzatan diharduten ikastegietan.

c) Kirol-antolapideetan.

d) Osasun-etxeetan.

 

5.- Ondorengo tokietan ez da ehuneko 18 gradu baino gehiagoko alkoholdun edaririk eskuratzen eta saltzen utziko:

 

a) Goi-mailako eta Unibertsitate-mailako Irakastegietan.

b) Herri-Arduralaritzen etxalekuetan.

c) Autobide eta bidegurenetako zerbitzu-toki eta aldeetan.

 

16. Atala - Tabakoa

 

1.- Debekatu egiten da tabako edo honetatik ateratzen diren ekoizkiak, eta bai horiek erabiltzera bultzatzeko izan daitezkeen tabakoaren antzekoak ere 18 urtetik beherakoei saltzea.

 

2.- Tabakoa saltzea debekatzen da:

 

a) Makinen bitartez, tegi itxietan eta aurreko zatian egiten den debekua betetzeko ardura izango duenak ikusteko moduan ez baldin badaude behintzat.

b) Osasundegietan, Oinarrizko eta Erdi-mailako Hezkuntzako Ikastegietan, eta batzuren eta besteen etxalekuetan.

c) Kirol-antolapideetan.

d) Gehienbat 18 urtetik beherakoak ibiltzen direnetako etxe eta tegietan.

 

III SAILA

ALKOHOLDUN EDARI, TABAKO ETA BESTELAKO DROGEN EGARIPENAREN ZAINGOA, BESTE INOREN KALTETAN DOAN NEURRIAN

 

17. Atala - Alkoholdun edarien egaripena

 

1.- Zerbitzuan edo zerbitzu egiteko moduan egon daitezenetan debekatu egiten zaie alkoholdun edarien eraginpean (ehuneko 80 miligramo alkohol odolean) egotea honako hauei: herri-zerbitzuko ibilgailuen gidariei, osasunketa-lanariei, gudarozte-kideei eta, orohar, lanbidedun guztiei, horien lana, alkoholdun edarien eraginpean eginez gero, pertsonen bizitzaren edo segurtasunaren kaltetan joan daitekeenetan.

 

2.- Bai Ertzaintzari, eta bai edozein eratako ibilgailu-goaiaren zaingorako ardura duten beste zaindariei ere, alkoholdun edariak edo jokaerarekiko antzeko eraginak dituzten gaiak hartutakoari gidatzea galerazi eta eragozteko teknika-eskuarte egokiak emango zaizkie.

 

18. Atala - Tabakoaren egaripena

 

1.- Erretzea debekatzen da:

 

a) Hiriko nahiz hiriarteko bateango garraio-ibilgailuetan.

b) Aski haizebide izan ez dezaten jendearentzako tegi itxietan. Eusko Jaurlaritzak araudiz finkatuko ditu tegi baten erre ahal izateko beharrezko haizeztatze-mailak, beti ere segurantza-neurrien arauera egin ahal izanez gero.

c) Osasundegietan eta horien etxalekuetan.

d) Ikastegietan eta horien etxalekuetan.

e) Elikagaiak eratzen, eraldatzen, gertatzen, erabiltzen edo saltzen diren tegietan.

 

2.- Aurreko lerroaldietan aipatzen diren toki guztiak behar bezala iragarrita egongo dira, araudi-bidez zehaztu dadin moduan, eta tegi bakoitzeko Zuzendaritzak, b), c) eta d) lerroaldietan esaten diren tegi eta etxeetan, erretzaileentzako areto egokiak gauzatuko ditu.

 

V ATALBURUA

GAINONTZEKO MENPEKOTASUNEI AURRE HARTZEAZ

 

19. Atala - Bestelako gaiak

 

1.- Ez da inolaz ere saltzea onartuta egon eta osasunerako eragin pozoigarri edo kaltegarria izan eta menpekotasuna edo bihotza berotzeko edo gain-beheratzeko eragina sortarazten duten industria-gai edo ekoizkiak 18 urtetik beherakoei ematen eta saltzen utziko.

 

2.- Eusko Jaurlaritzak araudiz zehaztuko du 1 idazatian aipatzen diren gaien zerrenda, eta gai horien pozoigarritasun edo arriskuaren berri ematezko osagarrizko txartelen erabilera suztatuko du.

 

3.- Halaber, ekoizki horiek modu arriskugarrian erabiltzetik urruntzera joaraz dezaten moduan, ekoizki horietan erabiltzaileentzako eragin kaltegarririk izan ez dezaten gehigarrizko gaiak erabiltzea bultzatuko da.

 

II IZENBURUA

DROGAMENPEKOENTZAKO LAGUNTZA ETA ETA GIZARTERATZEA

 

I ATALBURUA

ARTEZPIDE OROKORRAK

 

20. Atala - Artezpide orokorrak

 

1.- Euskal Herriko Autonomi Elkartean drogamenpekotasunak hartutakoei begira egiteratu daitezen ekintzek honako hauek izango dituzte xede:

 

a) Osasunketa eta gizarte-aldetik drogamenpekoari laguntza gainontzeko herritarrei eskaintzen zaien moduantxe bermatzea.

b) Laguntza hori eskaintzean, osasunketa eta gizarte-zerbitzuen arteko antolakideketa bermatzea.

 

2.- Drogamenpekoari laguntza eman dakion guztietan, Osasunketari buruzko Lege Orokorrak eta Gizarte-Zerbitzuei buruzkoak zerbitzu hauen bezeroentzat finkatzen dituzten eskubide eta betebeharrak gordeko dituzte osasun eta gizarte-zerbitzuek.

 

II ATALBURUA

OSASUNKETA-LAGUNTZAZ

 

21. Atala - Oinarrizko irizpideak

 

1.- Drogamenpekoari osasunketa-laguntza ematean, honako eskubide hauek gorde beharko dira bereziki:

 

a) Erabil ditzakeen zerbitzuei buruzko argipide izatekoa, eta haren sendabiderako eskakizun eta betebeharrei buruzkoa.

b) Isilpekotasunerakoa.

c) Sendabideetatik nahi duena aukeratzekoa.

d) Sendabideari uko egitekoa, indarreango legeek adierazitakoetan salbu.

 

2.- Euskal Autonomi Elkarteko herri-agintariek, edozein herritarri bermatzen zaion moduan, drogamenpekoari ere osasunketa-zerbitzu egokiak herri-sarearen pentzutan bermatzeko, beharrezko ekintzapideak suztatuko dituzte.

 

22. Atala - Ihardutze-irizpideak

 

Drogamenpekoarekiko osasunketa-iharduerak Euskal Herriko Autonomi Elkarteko osasun-zerbitzuei guztiz dagokiela, eta gaiso drogamenpekoa osasunketa-zerbitzuen beharreko beste guztiekin berdintzea oinarri izanez, zerbitzu hauek ondorengo irizpideak izango dituzte bere ihardueran:

 

a) Drogamenpekoen osasun-arazoekiko sorozpideak elkarte-mailan batipat egingo dira, eritetxeez kanpoko laguntza-baliapideak eta bai aldika eritetxeratze eta etxeango laguntza-bideak ere suztatuz, ahalik eta eritetxeratu behar gutxien izateko moduan.

b) Gaisoak eritetxeratu behar daitezenetan, hori egoki izan daitezen eritetxeetako sailetan egingo da.

c) Sendabide-eskaintzak egon daitezen elkarte eta gizarte-eskuarteak izango ditu oinarri, eskuarte horiek eta osasunketa-zerbitzuak elkarri egokituz, esandako eskaintza erabatekoa eta guztizkoa izan dadin moduan.

 

23. Atala - Bateratutako egitarauak

 

Osakidetzak drogamenpekotasunak hartutakoak pozoigabetzeko eta ohituragabetze-onbideratzeko behar daitezen laguntza-ekintzak, gai pozoigarri ezberdinen pozoigarritasunaren, menpekotasuna sortarazteko gaitasunaren edo horien eraginezko jokaera-aldaketen eta horiek gizartean duten eraginaren eretzean, 22. atalean finkatutako sorozpidetza-irizpideei jarraiki egiteratuko ditu.

 

Horretarako, bateratutako sendabide-egitarauak gertatuko dira eta lanbidedun-talde egokien bitartez eskainiko. Zerbitzuen lurraldekako banaketa berdintasunezkoa izango da.

 

24. Atala - Ituneak

 

Osasunketa-zerbitzu egokiak bermatzeko eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko eremuan dauden baliapide guztiak elkarri egokituz aritzea lortzeko xedez, Osakidetza-Euskal Osasun-Zerbitzuak norbanako-mailako gaitz-igartzeko, pozoigabetzeko eta ohituragabetze-onbideratzeko tegiekin lankidetza-ituneak egin ahal izango ditu, eta horiek osagarritarakoak izango dira. Ituneak egiteko orduan, aukera-berdintasunez gerta daitezenan, irabazte-xederik gabeko tegiei emango zaie lehentasuna.

 

Guztien zuduak aholkagarri egin dezanean, Osasunketa-Arduralaritzak, indarreango legeei atxikiz, diru-laguntzak eman ahal izango ditu.

 

25. Atala - Baimena eta errolderatzea

 

1.- Gaitz-igartze, pozoigabetze eta ohituragabetze-onbideratzezko osasunketa-laguntza eman dezaten osasundegiek, Eusko Jaurlaritzaren Osasunketa eta Egaripen-Sailaren 1988.eko maiatzaren 30eko Aginduan agintzen denaren arauera, aldezaurretik baimenaren jabe izan eta errolderatuta egon beharko dute.

 

2.- Osasundegi horiek, beti ere, indarreango legeek jartzen dituzten estadistika eta osasunketa-aldetikako ikuskaketa, zaingo ete argipide-neurrien menpe egongo dira.

 

26. Atala - Giltzapeko drogamenpekoak

 

1.- Zigorraren baldintzapeko barkapen-neurrietan saru gabeko giltzapeko drogamenpekoentzako erabateko sorozpidetzarako, adimen-sendabidezko sorozpidetza barne, egitarauak gertatuko dira.

 

Era berean, babestetxe edo tegien menpeko drogazale eta adingabekoak zentzaarazteko xedez, izaera bereko egitarauak gertatuko dira.

 

2.- Zigorraren baldintzapeko barkapenari darizkion sendabide-neurritan sartutako Euskal Herriko Autonomi Elkarteko giltzapeko drogamenpekoek sendabidea dauden tokian izan dezaten, beharrezko diren gauzazko eskuarteak jarriko dira.

 

III ATALBURUA

GIZARTE-ZERBITZUEK EMAN BEHARREKO LAGUNTZAZ

 

27. Atala - Gizarte-zerbitzuak

 

Drogamenpekoak gizarte-beharrei erantzutea Gizarte-Zerbitzuei buruzko 1982.eko maiatzaren 20ko Legean zehazten diren irizpide orokorren arauera egingo da.

 

Alde honetatik, drogamenpekoen pozoigabetzea eta onbideratzea horren familia eta gizarte-inguruan egin daitezela erreztera joko da.

 

28. Atala - Berriro gizarteratzea

 

1.- Gizarte-zerbitzuak, Gizarte-Zerbitzuei buruzko 1982.eko maiatzaren 20ko Legearen 5. ataleko 4 idazatian berariz ohartematen denaren arauera, drogamenpekoa berriro gizarteratzea berorren giza-elkarte inguruan egin dadin arduratuko dira.

 

2.- Gazteriaren alorrean, aurre hartzezko egiteko garrantzitsua betetzez gainera, gure gizartetik bazter utzita dauden gazteak gizarteratzeko tresna bilakatuko diren taldeak sortzea suztaarazteko ekintzak bultzatuko dira. Honetarako, hezkuntza, lanbide-gaikuntza, lanbide eta etxebizitza-gaietako egitarau orrokorrez, eta gizarte-zerbitzuen sareaz baliatuko da.

 

29. Atala - Atxilotutakoarentzako laguntza

 

Eusko Jaurlaritzak, beharrezko legebideez baliatuz, atxilotuarentzako gizarte-laguntza eta bideratze-zerbitzua sortzeari bultz egingo dio. Zerbitzu honen bitartez, drogamenpekoari, edozein atxiloturi bezala, berehalako laguntza emateko, ahal den bezain laister agizko oinarrizko gizarte-zerbitzuetara bideratzeko eta atxilotuen lege-egoerari, eta agian espetxeratu beharrean, bestelako neurriak hartzeari buruzko erabakirik hartu behar dezaten epailaritzei beharrezko argipideak emateko.

 

30. Atala - Norbere-laguntzako elkarteak

 

Legez eratutako norbere-laguntzako elkarteak eta, orohar, antzeko egitekoa bete dezaten guztiak, laguntzen eta diru-laguntzen bidez, gizarte-zerbitzuen suztapenaren gai izango dira, alor honetan gizarte-zerbitzuekin antolakidetuta ihardun dezaten neurrian.

 

III IZENBURUA

ANTOLAKUNTZAZ ETA GIZARTEAREN ESKUHARTZEAZ

 

I ATALBURUA

EUSKAL AUTONOMI-ELKARTEKO ARDURALARITZEN ARTEKO ANTOLAKETA ETA ANTOLAKIDEKETA

 

31. Atala - Agintepideak

 

1.- Eusko Jaurlaritzak, Foru-Dipitazioek eta Udalek egiteratuko dituzte Lege hau egiteratzeari darizkiokeen herri-ekintzak eta araugintza-garapena, hori guzti hori, hezkuntza, kultura, herrizaingo, merkataritza, osasunketa, gizarte-zerbitzu eta bestelako alorretan dagozkien agintepideen arauera.

 

2.- Beti ere, Eusko Jaurlaritzari dagokio Lege honetan araupetzen diren ekintzapideen egitamugintza eta antolakideketa.

 

3.- Udaletatik eta udalez gainekoetatik, bere eremuaren barruan, bultz egingo zaio Lege honetan ohartemandako ekintzapideen antolakidetzari, norbere-laguntzazko erakundeei laguntzeari eta gizarte-arioz eskuhartzeari.

 

32. Atala - Egitamugintza

 

1.- Euskal Herriko Arduralaritzek, zehaztu dadin epearen barruan egin beharreko aurre hartzezko eta laguntzarako ekintzak elkarri egokituta eta bere osoan jaso ditzan Drogamenpekotasunei buruzko Egitamua Eusko Jaurlaritzak gertatu eta, onarpen-eske, Eusko Legebiltzarrera igorriko du.

 

2.- Egitamu hori gertatzeko aldian, drogamenpekotasunei aurre hartze eta laguntzaren alorrean diharduten Arduralaritzei eta bestelako erakundeei hizpide emango zaie.

 

II ATALBURUA

EUSKAL AUTONOMI ELKARTEKO ARDURALARITZA

 

33. Atala - Antolakidetze-saila

 

Drogamenpekotasunen gaietango politikabideak zehazteko aholkulari eta Jaurlaritzaren alor honetako ihardunak antolakidetzeko eta hauen arta egiteko laguntzaile, Ihardutze-sail laguntzaile bat sortu ahal izango da. Beronen egitura eta egitekoak araudiz finkatuko dira.

 

34. Atala - Sailen arteko Batzordea

 

Drogamenpekotasunen gaietango Sailarteko Batzorde bat eratuko da Eusko Jaurlaritzaren baitan. 33. atalean aipatzen den Ihardutze-saileko burua izango da, hala behar izanez gero, honetan ere batzordeburu, edo Lehendakariak izendatutako ordezkaria, eta hor eskuhartzen duten sailen Sailburuorde-mailako ordezkariek osatuko dute.

 

35. Atala - Aholkularitza-Batzordea

 

Herri-Arduralaritzen, Gizarte-Erakundeen eta, orohar, herritarren arteko antolakidetzazko ekintzaren onerako, bertan Euskal Arduralaritzek, gai horretako elkarte-erakundeek, sindikaritza-elkarteek, enpresaritza-antolakuntzek eta lanbide-elkarteek ordezkariak izanezko aholkalaritzako Aholku-Batzordea eratuko da. Horren egitura, erakuntza eta ahalpideak araudi-bidez zehatuko dira.

 

36. Atala - Iragarkuntza-Batzordea

 

Gezurrezko Zabalkundeari buruzko 5/1986 legegintza-Dekretoan ohartemandako sailarteko ihardutze-saila arduratuko da, hor ezarritako modu eta neurritan, alkoholdun edarien eta tabakoaren suztapena eta iragarkuntza mugatzen dituzten manuak betetzen direla ikuskatzeaz eta betearazteaz.

 

Horretarako, horren osakeran 33. atalean ohartemandako Ihardutze-sail antolakideak izendatutako ordezkaria sartuko da.

 

III ATALBURUA

GIZARTEAK ESKUHARTZEAZ

 

37. Atala - Gizartearen ekinbidea

 

1.- Herri-erakundeek, indarreango osasunketa-alorreko legeen arauera, legez eratuta eta behar bezala errolderatutako norbanako-jabetzapeko erakundeei zerbitzu egiteko ituneak egin eta diru-laguntzak eman ahal izango dituzte, erakundeok ondorengo baldintzak betetzen baldin badituzte:

 

a) Arduralaritzaren arauei eta egitarauei egokituak izatea.

b) Beren egitarauak eta jaso ditzaten herri-dirulaguntzen erabilera Arduralaritzaren zaingoaren menpe jarriak izatea.

c) Indarreango eta osasunketazko ikuskaketa, zaingo eta argipideen menpe egotea.

d) Horko eraentza-sailen osakeran eta ihardunean barne-demokraziaz jokatuko dela bermatzea.

 

38. Atala - Oldezko gizabanakoak

 

1.- Herri-Arduralaritzei edo norbanako-jabetzapeko erakundeei aurre hartze, laguntza eta birgizarteratze-zerbitzuetan laguntza emango dien gizartearen oldezko aribidez suztatuko da.

 

2.- Aurreko idazatian ohartematen diren oldezkoen lanak ez da diruz ordaintzerik izango.

 

3.- Honako hauek izango dira gizarte-arioaren ekintzarako lehentasunezko eremuak:

 

a) Drogamenpekotasunen arazoaren inguruan, gizartea horretzaz jabetu-araztea.

b) Irizpideak zabaltzea.

c) Birgizarteratzeari laguntzea, eta

d) Elkarte-eremuan aurre hartzea.

 

39. Atala - Irabazte-xederik gabeko erakundeak

 

Drogamenpekotasunen alorrean irabazte-xederik gabe Herri-Arduralaritzekin lankide izan daitezen izaiki eta erakundeak, horri buruzko arauek diotenaren arauera, onespen eta gorespen bereziaren gai izango dira.

 

IV ATALBURUA

IKERKETAZ

 

40. Atala - Ikerketa eta agiriak

 

1.- Eusko Jaurlaritzak honako hauek suztatuko ditu:

 

a) Drogamenpekotasunaren eragina, garrantzia eta arazoak ezagutzeko xedez, aldian-aldiko itaunketak eta izurri, ekonomi eta gizarte-azterlanak.

b) Drogamenpekotasunarekiko gizarte, osasunketa eta ekonomi arazoari doazkion ikertze, aztertze eta gaitze-joerak.

c) Aurre hartze eta laguntza-egitarauen haztapena.

d) Drogamenpekotasunaren alorreko agiri-baliabideak hobetzea, herri eta norbanako-alorreko erakundeei eta horren azterketa eta ikerketa egin nahi dezaten guztiei baliabide horiek erabiltzea ere bermatuz.

 

2.- Jarritako helburuak egiteratzen laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak egoki izan daitezen lankidetza-ituneak egin ahal izango ditu, horietako lehentasuna Euskal Herriko Unibertsitateak izango duela.

 

V ATALBURUA

DIRUBIDEEZ

 

41. Atala - Diruegitamu-betebeharrak

 

Eusko Jaurlaritzako Sail ezberdinen, horren Erakunde Burujabeen eta Foru-Diputazioen nahiz Udalen urte bakoitzeko diruegitamuetan Lege honetan araupetzen diren ekintzapideetatik dagozkienak egiteratzeko beharrezko diru-izendapenak oharteman beharko dira.

 

IV IZENBURUA

ARAU-HAUSPENAK ETA ZIGORRAK

 

42. Atala - Hauspenak

 

1.- Honako hauei eritziko zaie Lege honek dioenaren hauspen:

 

a) 9, 10, 11, 12, 13, 14, 15, 16, 17, 18, 19 eta 25. ataletan jarritakoa ez betetzeari.

b) Xehetasunik ez emateari edo argibide, zaingo eta ikuskatze-egitekoak ez errazteari, edota horretarako eragozpenak jartzeari.

c) Lege honetan eta hau osabideratzen duten manuetan jarritako baldintza eta betebeharrak ez betetzeari.

 

2.- 10, 12.2, 15, 16, 17.1, 18 eta 19. ataletan jarritakoa ez betetzeari hauspen arin eritziko zaio.

 

3.- 9, 11, 12.1, 13 eta 14 ataletan jarritakoa ez betetzeari hauspen larri eritziko zaio.

 

1 idazatiko b) eta c) lerroaldietan ohartemandakoei eta hauspen arinak behin eta berriz egiteari ere hauspen larri eritziko zaie.

 

4.- 25. atalean esaten dena ez betetzeari eta hauspen larriak behin eta berriz egiteari oso hauspen larri eritziko zaie.

 

5.- Hauspena egin duena lehendik hauspen beragatik, lehengoa bezain larri edo larriago batengatik edo bi hauspen arinagogatik edo gehiagorengatik ere, azken hiru urteetan zigortua izan baledi, orduan gertatuko da birrauspena.

 

6.- Debekatutako ekintzak egin izanaren erantzukizuna duten norbanakoak ere egile nagusi direnez zigortuko dira, hauspenak larriak eta oso larriak izan daitezenetan.

 

43. Atala - Zigorrak

 

1.- Lege honekiko hauspenak, hala behar izanez gero, isun-bidez, iharduna aldi batean utzaraziz edo etxea, tegia edo enpresa itxiz zigortuko dira.

 

2.- Zigorren maila honako irizpide hauei atxikizkoa izango da:

 

a) Hauspenaren larria.

b) Gizartearentzako garrantzia.

c) Osasunarekiko arriskua.

d) Hauslearen merkatuango maila.

e) Asmoaren nolakoa.

 

3.- Isunen maila honako honi egokituko zaio:

 

a) Hauspen arinagatik, 5.000tik 25.000 pezetarainoko isuna.

b) Hauspen larriagatik, 25.000tik 100.000 pezetarainoko isuna.

c) Oso hauspen larriagatik, 100.000tik 250.000 pezetarainoko isuna.

 

4.- Hauspen larri-larriak bereziki, setakeriazko birrauspen eta/edo osasunerako ondorio nabarmen eta larri gerta daitezenetan, tegia, antolapidea edo zerbitzua gehienez ere 5 urteko itxiz zigortuko dira hauspen larri-larriak.

 

5.- Aurreko idazatian aipatzen direnetan, zigor osagarri gisa, norbanako edo erakunde hausleak Euskal Autonomi Elkarteko Herri-Arduralaritzarengandik lortu edo horri eskatutako dirubidezko edozein moetatako laguntza berezi, osoan edo zati baten kendu, baliogabetu edo geldiarazi egingo zaio hausleari.

 

44. Atala - Zigortze-ahalmena

 

1.- Lege honek dioena betetzeko ardura eta zigorrak jartzeko ahalmena, 36. atalak Zabalkunde-Batzordeari ematen dizkion aginteen kaltetan gabe, honako ihardutze-sailei dagokie:

 

a) Hauspen arinegatikako zigorrak jartzeko, Eusko Jaurlaritzaren Sailetako lurralde-ordezkariei, bakoitzaren agintepideen eremuan.

b) Eusko Jaurlaritzaren Sailetako Artezkariei, horien aginte-eremuari balegokio edo araudi-bidez horretarako ahalmena emango balitzaie, hauspen larri eta oso larriengatikako zigorrak jartzea, baita hauspenaren gai diren salgaien badaezbadako bahikuntza agintzea ere.

c) Erretoreei eta unibertsitateko bestelako irakaskuntza-agintedunei egokituko zaie, bere aginte-eremuaren barruan, hauspen arin, larri eta oso larriengatikako zigorrak jartzea, baita hauspenaren gai diren salgaien badaezbadako bahikuntza agintzea ere.

d) Eusko Jaurlaritzako Sailburuei egokituko zaie, doazkien agintepideen barruan, hauspenaren gai diren salgaien bahikuntza, zigor osagarri gisa, agintzea.

e) Jaurlaritza-Batzarrari egokituko zaio, doakion Sailburuaren saloz, 43. ataleko 4 eta 5 idazatietan ohartemandako zigorrak erabakitzea.

f) Diputazioei eta Toki-Erakundeei egokituko zaie, bere aginte-eremuen barruan, zigortze-bideak bideratzea.

 

2.- Zigortze-zehaztapidei ekiteko agindua emateko ahalmena, aurreko idazatiko lerroaldi berezietan aipatutako ihardutze-sailetako edozeini dagokio.

 

3.- Alor honetako indarreango manuek ohartematen duten moduan, zigortze-ahalmena norbaiten esku utzi ahal izango da.

 

4.- Beharrezko baimenik ez duten tegiak isteko edo ihardunei uzteko ebazpenak ez dira, akatsak zuzendu edo eskakizunak bete arte, zigortzat hartuko. Horrelakoetan, isteko edo uzteko ebazpenarekin batera, hauspenari, halakorik balego, dagokion isuna jarriko zaio.

 

5.- Legean Herri-Arduralaritzaren eta norbanako-alorraren zerbitzurako lanarientzat jartzen diren mugak hausteagatikako zigorrak lanari hauen zentzabide duten arauei atxikiz jarriko dira.

 

45. Atala - Zigortze-bidea

 

Legean finkatutako zigorrak arduralaritza-bidean jartzeko eta birraztertzeko ihardueraren arauketa Arduralaritza-Bidetarako Legeari egokituko zaio.

 

46. Atala - Indar-galtzea

 

1.- Legean aipatzen diren hauspenek bere indarra honako epe hauen buruan galduko dute:

 

a) Sei hilabete igaro ondoren, hauspen arinek.

b) Bost urte igaro ondoren, hauspen larriek eta oso larriek.

 

2.- Indargabetzeko epea hauspena egin den egunetik hasiko da kontatzen eta ustezko hauslearen aurkako zigortze-bidea hasteko unean etenda geratuko.

 

3.- Isunen lakapena egin ahal izateko aldiak Zergapideei buruzko Lege Orokorraren 64. atalean jarritako epeen arauera bukatuko dira.

 

Borondatezko aldian ordaindu gabeko isunetarako, Arduralaritzak hertsipen-bideak erabili ahal izango ditu.

 

Erabaki Gehigarriak

 

Lehenengoa

 

Lege honetako 3, 4, 17.1, 20.1.a), 21, 25.1 eta 37. atalek, legegintza-ihardupidearen ondorioz, Erresumaren oinarrizko edo bakarreango legeen alderdi batzuk daramatzate bere baitan. Atal horiek, beraz, Erresumako legeak birraztertu daitezeneko une berean besterik gabe aldatuko dira.

 

Oinarrizko legeak aldatzekotan, Autonomi Elkartearen legeak haiei berariz egokitu arte, indarrean jarraituko dute Erresumaren lege-irizpide berriekin bateragarri izan edo horien ariora uler daitezkeen manuek.

 

Bigarrena

 

Eusko Jaurlaritzak hiru urtez behin berrituko ditu 43. ataleko 3 idazatian finkatutako gutxienezko eta gehienezko zenbatekoak.

 

Aldi Baterako Erabakiak

 

Lehenengoa

 

Zaingoa mugatzezko arauak Lege hau indarrean jarri eta lau hilabete igaro ondoren hasiko dira erabili beharreko izaten.

 

Bigarrena

 

Iragarkuntzarekiko debekuak Legea indarrean jartzetik urtebete igaro ondoren erabiliko dira. 9, 11, 12.1, 13 eta 14. ataletan agindutakoak eragina izan, Legea indarrean jarri ondoren akuratutako iragarkuntzan baino ez du izango.

 

Hirugarrena

 

Doakien iragarkuntza-enpresek eta mezubideek, egiterakizun dituzten betebeharren zerrenda, Eusko Jaurlaritzari, Lege hau indarrean jartzetik hilabeteko epearen barruan bidaliko diote.

 

Azken Erabakiak

 

Lehenengoa

 

Legea indarrean jartzetik hasi eta bederatzi hilabeteko epearen barruan, Jaurlaritzak Legebiltzarrera, 32. atalean esaten den Drogamenpekotasun-Egitamua igorriko du.

 

Bigarrena

 

Legea osabideratzeko eta egiteratzeko beharrezko izan daitezen arauak emateko esku ematen zaio Eusko Jaurlaritzari.

 

Hirugarrena

 

Lege hau Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamonean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra