Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

15/2008 Legea, abenduaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan zenbait irakasle-kidego sortzekoa

2008-12-19

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2008/12/29, 248. zk.; EAO, 2011/10/7, 242. zk.

§ 312. 15/2008 LEGEA, abenduAREN 19KOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO UNIBERTSITATEZ KANPOKO IRAKASKUNTZAN ZENBAIT IRAKASLE KIDEGO SORTZEKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

       Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako euskal funtzio publikoa antolatzeko eta arautzeko oinarriak Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legean zehaztu ziren. Kidegoak oinarrizko legedian nola zehazturik zeuden aintzat hartuta, irakaskuntzako kidego propioak sortzea izan zen lege haren abiapuntuko egituraren funtsa.

 

       Lege hori idatzi zen garaian, katedraduna izatea irakasle-karrerako merezimendu pertsonala zen, kidego hauetako baten baitan kontuan hartzen zena: Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegoan; eta, hortaz, katedra lortzen zuenak dena delako bere kidegoan jarraitzen zuen. Hala diseinaturik zegoen sistema, Hezkuntza Sistemaren Antolakuntza Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan eta Funtzio Publikoa Berritzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legean.

 

       Beste alde batetik, sistema haren arabera, Hezkuntzako Ikuskaritzaren eginkizunak irakaskuntzako kidego eta eskaletako funtzionarioek bete behar zituzten. Funtzionario horiek titulazioaren aldetik eta lanbidearen aldetik baldintza batzuk bete behar zituzten, baina, edonola ere, nahiz eta ikuskaritza-lanpostuak bete, jatorrizko kidegoetan jarraitzen zuten.

 

       Eta aipatu dugun 2/1993 legean ere hala geratu zen jasota, hau da, ordura arte bazirenekin bat zetozenak baino ez zituen kidego propio modura sortu.

 

       Harrez geroztik hainbat lege etorri da, eta poliki-poliki sistema aski aldaturik utzi dute, hainbat kidego berezi sortuz: Hezkuntzako Ikuskaritzaren eginkizunetarakoa, Bigarren Hezkuntzako Katedradunena, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunena, eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunena.

 

       Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoa, esate baterako, azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoan sortu zen, Ikastetxeen Parte-Hartzeari, Ebaluazioari eta Gobernuari buruzkoan alegia, eta beste hirurak, berriz, Hezkuntzaren Kalitateari buruzko abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoaren xedapen bidez sortu ziren. Eta gaur egun, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak irakaskuntzako funtzio publikoaren estatutu-araubidearen oinarriak definitzen dituenean, lau kidego horiek hortxe jarraitzen dute.

 

       Beraz, derrigorra da Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntzako kidego propioen osaera egokitzea eta oraindik sortzeke ditugunak sortzea, horretarako berariazko lege baten bidez.

 

1. Artikulua - Legearen xedea

 

       Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan lau irakasle-kidego sortzea, denak ere A taldekoak. Hauek hain zuzen ere:

 

. Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegoa.

. Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegoa.

. Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen Kidegoa.

. Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoa.

 

2. Artikulua - Eginkizunak betetzeko eremua

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegoko langileei dagokienez, arautegiak derrigorrezko bigarren hezkuntza, batxilergo eta lanbide-heziketarako izendatzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren hezkuntzako Irakasleen Kidegoko langileekin batera.

 

       2.    Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegoko langileei dagokienez, arautegiak arte plastikoen eta diseinuaren irakaskuntzetarako, kultura-ondasunak kontserbatu eta zaharberritzeko irakaskuntzetarako eta zehazten diren batxilergo barruko arte-modalitateen irakaskuntzetarako izendatzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko langileekin batera.

 

       3.    Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen Kidegoko langileei dagokienez, arautegiak hizkuntzen irakaskuntzetarako izendatzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegoko langileekin batera.

 

       4.    Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko langileei dagokienez, arautegiak Hezkuntzako Ikuskaritzari hezkuntza-sistemako osagai eta alderdi guztien gainean izendatzen dizkien eginkizunak beteko dituzte.

 

3. Artikulua - Sartzeko betekizunak

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegora sartzeko, beharrezkoa izango da Euskadiko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegokoa izatea, kidego horretako karrerako funtzionario modura gutxienez zortzi urteko antzinatasuna edukitzea, eta titulu hauetakoren bat edukitzea: doktorea, lizentziatua, arkitektoa, ingeniaria, edo dagokion gradu-titulua edo irakaskuntzarako balio duen titulazio baliokidea. Halaber, hautaketa-prozesua ere gainditu beharko da.

 

       2.    Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegora sartzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegokoa izatea, kidego horretako karrerako funtzionario modura gutxienez zortzi urteko antzinatasuna edukitzea, eta titulu hauetakoren bat edukitzea: doktorea, lizentziatua, arkitektoa, ingeniaria, edo dagokion gradu-titulua edo irakaskuntzarako balio duen titulazio baliokidea. Halaber, hautaketa-prozesua ere gainditu beharko da.

 

       3.    Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen Kidegora sartzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegokoa izatea, kidego horretako karrerako funtzionario modura gutxienez zortzi urteko antzinatasuna edukitzea, eta titulu hauetakoren bat edukitzea: doktorea, lizentziatua, arkitektoa, ingeniaria, edo dagokion gradu-titulua edo irakaskuntzarako balio duen titulazio baliokidea. Halaber, hautaketa-prozesua ere gainditu beharko da.

 

       4.    Euskal Autonomia Erkidegoko Ikuskatzaileen Kidegora sartzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Irakaskuntzako Funtzio Publikoa osatzen duten kidegoetakoren batekoa izatea, kidego horietakoren batean karrerako funtzionario modura gutxienez sei urteko antzinatasuna edukitzea, irakasle-lanetan ere esperientzia horixe izatea, eta titulu hauetakoren bat edukitzea: doktorea, lizentziatua, arkitektoa, ingeniaria, edo dagokion gradu-titulua edo irakaskuntzarako balio duen titulazio baliokidea. Halaber, hautaketa-prozesua ere gainditu beharko da.

 

4. Artikulua - Sartzeko sistema

 

       1.    Euskadiko Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegora sartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen kidegora sartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen kidegora sartzeko, lehiaketa egingo da, eta ez da praktikaldirik egongo.

 

       Deialdietan, gauza hauek baloratuko dira: eguneratze zientifiko eta didaktikoarekin zerikusia duten merezimenduak, hezkuntza-proiektuetan parte hartu izana, irakasle-lanaren ebaluazio positiboa, eta, hala badagokio hautagaien ibilbide artistikoa.

 

       Paragrafo honen lehenengo lerroaldean aipatutako kidegoetan, gehienez ere, jatorrizko dena delako kidegoan dagoen funtzionario-kopuruaren % 30 bezainbeste funtzionario egongo da.

 

       2.    Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegora sartzeko, oposizio-lehiaketa egin beharko da. Oposizio-lehiaketa horretan praktikaldia ere sartuko da eta hautespen-izaera edukiko du.

 

       Deialdietan, irizpide hauek bete beharko dira:

 

a)  Lehiaketaren fasean, honako alderdi hauek balioetsiko dira: hautagaien lanbide-ibilbidea, irakasle gisa egindako berariazko merituak, zuzendaritza-karguak ebaluazio positiboarekin bete izana, katedradunen kidegoetakoren batekoa izatea, eta, hala badagokio, ikuskaritza-lana betetzea.

b)  Oposizioaren fasean, berriz, proba bat egin beharko da. Proba horretan, jakintza pedagogikoak, administrazio-jakintzak, ikuskari-lanera egokitutako hezkuntza-legeriari buruzko jakintzak, eta lan hori betetzeko berariazko jakintzak eta teknikak balioetsiko dira.

c)  Nahi izanez gero, gehienez ere plaza guztien herena zuzendari-kargua bete izan duten irakasleentzat gorde daiteke. Baldintza orokorrak bete beharko dituzte, zuzendari modura gutxienez hiru agintaldi eduki beharko dituzte eginak balorazio positiboarekin, eta merezimendu-lehiaketa egin beharko dute.

 

5. Artikulua - Postuak betetzea

 

       1.    Euskadiko Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegoko langileek, Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegokoek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen Kidegokoek, lanpostuak betetzeko lehiaketetan, lanpostu huts berei dagozkien mailetako irakasle-kidegoetako langileekin hartuko dute parte. Alabaina, kontuan hartuko dira kidego haietakoak izateagatik aplikatzekoak zaizkien berariazko merezimenduak.

 

       2.    Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko langileek, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuak betetzeko lehiaketetan hartuko dute parte.

 

       3.    Estatu mailako lehiaketetan funtzionario irakasle guztiek parte ahal izango dute, berdin delarik zein hezkuntza-administrazioren menpe dauden edo zein hezkuntza-administraziotatik sartu diren, baldin eta Hezkuntzako Euskal Administrazioak dagozkien lanpostu-zerrenden arabera ezartzen dituen eskakizun orokor eta bereziak betetzen badituzte. Hori horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuak Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko funtzionario guztiek bete ahal izango dituzte, berdin delarik zein hezkuntza-administrazioren menpe dauden edo zein hezkuntza-administraziotatik sartu diren.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehena. Euskal Autonomia Erkidegoko langileak kidego hauetara biltzea

 

       Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen kidegoetako irakasle funtzionarioei dagokienez, bai eta Ikuskatzaileen Kidegoko irakasle funtzionarioei dagokienez ere, lege hau indarrean sartzen denean Autonomia Erkidegoaren menpekoak direnak, besterik gabe, legearen arabera Autonomia Erkidegoan sortutako kidegoetatik kasuan kasukora bilduta geratuko dira.

 

       Halakoetan, jatorrizko kidegoan zuten antzinatasun berbera izango dute, eta lehengo eskubide guztiak errespetatuko zaizkie, baita eskubide ekonomikoak ere, halakorik izatekotan. Era berean, kidego berrian sartu baino lehen izan zuten gizarte-aurreikuspeneko erregimena izaten jarraituko dute.

 

       Biltzen edo integratzen direnean duten lanpostura integratuko dira, eta izaera ere berbera izango dute.

 

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako gainerako irakaskuntza-kidegoen izenak

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen bidez sorturiko izen ofizialetan, gazteleraz, pertsonen forma maskulinoa eta femeninoa erabili beharko da, biak. Hortaz, gazteleraz, aurrerantzean izen hauek izango dituzte:

 

. Cuerpo de Maestros y Maestras de la Comunidad Autónoma del País Vasco.

. Cuerpo de Profesores y Profesoras de Enseñanza Secundaria de la Comunidad Autónoma del País Vasco.

. Cuerpo de Profesores Técnicos y Profesoras Técnicas de Formación Profesional de la Comunidad Autónoma del País Vasco.

. Cuerpo de Profesores y Profesoras de Música y Artes Escénicas de la Comunidad Autónoma del País Vasco.

. Cuerpo de Catedráticos y Catedráticas de Música y Artes Escénicas de la Comunidad Autónoma del País Vasco.

. Cuerpo de Profesores y Profesoras de Artes Plásticas y Diseño de la Comunidad Autónoma del País Vasco.

. Cuerpo de Maestros y Maestras de Taller de Artes Plásticas y Diseño de la Comunidad Autónoma del País Vasco.

. Cuerpo de Profesores y Profesoras de Escuelas Oficiales de Idiomas de la Comunidad Autónoma del País Vasco.

 

       2.    Euskal Autonomia Elkarteko Arte Plastiko eta Diseinuko Tailerreko Maisu Maistren Kidegoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen bidez sortutakoak, euskaraz izango duen izen ofizialari dagokionez, bere baitan bildutako pertsonen forma maskulinoz eta femeninoz osatuko da, berariaz.

 

Hirugarrena. Araubide aplikagarria

 

       Lege honetan aurreikusi ez den edozertan, irakaskuntzako funtzio publikoko arauak bete beharko dira, eta, halakorik ezean, funtzio publikoari buruzko arau orokorrak.

 

Xedapen Indargabetzailea

 

       Indarrik gabe geratzen dira honako arau hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeari dagokionez, 30, 31 eta 40. artikuluak; III. tituluko IV. kapituluan katedratiko-izaerari buruz egiten diren aipamenak; laugarren xedapen gehigarria, eta hamaseigarren xedapen gehigarrian eta zazpigarren xedapen iragankorrean Hezkuntzako Ikuskaritzaren zerbitzuei buruz egiten diren aipamenak. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeari dagokionez, hamahirugarren xedapen gehigarriko 3. paragrafoa. Eta orokorrean, lege honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

 

Azken Xedapena

 

Indarrean sartzea

 

       Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra