Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

16/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, arrantzaleen kofradiei buruzkoa.

1998-06-25

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1998/7/10, 129. zk.; EAO, 2011/12/31, 315. zk.

§ 222. 16/1998 LEGEA, EKAINAREN 25EKOA, ARRANTZALEEN KOFRADIEI BURUZKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

Euskal Herriko arrantzaleen kofradiak gremioen garaitik datozen erakundeak dira. Kofradiek, bestetik, mendeetan zehar mantendu dituzte oinarrizko antolamendu egiturak, eta eragin handia izan dute euskal kostaldeko hainbat tokitako bizitza politiko, ekonomiko eta sozialean.

Erakunde hauek ondo asko jakin dute sortuz joan diren gizarte prozesu aldakorretara egokitzen; erakundeok, baina, jarduketa modu berrietara egokitu behar dira, Europako Erkidegoaren marko berrian eta arrantza produktuen merkatu irekiago eta lehiakorragoen testuinguruan jardungo badute.

Hala ere, beharrezkoa da, testuinguru berri honetan, aspaldiko gremioek defendaturiko eduki sozialari eta garapen ekonomiko zein sozialari eustea. Eta, aldi berean, horrek ez du esan nahi zirkunstantzia berriek gomendatzen ez dutenik zeregin berriei ekitea, kofradiek modua izan dezaten beste erakunde batzuekiko elkartze prozesuak eta prozesu komertzialak bultzatzeko; izan ere, horrela jokatuta, bermeak jarriko dira arrantzako produktuen eraldaketa eta merkaturatze prozesuetan partaidetza handiagoa lortzeko, eta produktu horien merkatuetan eragin handiagoa izateko.

Bestalde, korporazio hauek arautzeko lege eta estatutu izaerako arauen urritasunaren ondorioz sortutako egiturazko arazo batzuk desagertaraztea da lege honen helburuetako bat, kofradien jardunerako baliozkotzat hartu diren kontzeptuak baztertu gabe.

Horrengatik guztiagatik, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.21 atalak ezarritakoaren ondorioz -eskumen esklusiboa ematen baitio Autonomia Erkidegoari arrantzaleen kofradien alorrean-, lege hau egin da, lege marko egokia eratzeko xedeaz. Izan ere, marko horretan zehaztuko dira kofradiek herri administrazioekiko harremanetan izan behar duten lankidetza eta partaidetza, eta bazkideen interes orokorrak defendatzeko eta bazkideei aholkuak emateko modua.

I ATALBURUA

IZAERA, EGINKIZUNAK ETA LURRALDE EREMUA

1. Atala - Izaera

Arrantzaleen kofradiak Zuzenbide publikoko korporazioak dira, nortasun juridikoa dutenak, eta -beren xedeak betetzeko- jarduteko gaitasuna dutenak. Kofradiak legez eratzen dira, arrantza sektoreak parte hartzeko eta elkarlanean aritzeko modua eduki dezan herri administrazioekiko harremanetan, zertarako eta arrantzaren, itsaski bilketaren eta akuikulturaren interes orokorra defendatzeko eta arrantzako produktuen antolamendu eta merkaturatze egokia defendatzeko.

2. Atala - Aplikatzeko arauak

1.- Eukal Herriko arrantzaleen kofradiak ondoko hauen arabera eraenduko dira: lege honen, bera garatzeko arauen eta berek libreki xedatzen dituzten estatutuen arabera.

2.- Kofradiek autonomia izango dute beren interes eta baliabide propioak kudeatzeko, eta kofradien jarduna Zuzenbide pribatuaren menpean egongo da. Hori guztia gorabehera, Zuzenbide publikoak arautuko ditu kofradien eraketa, antolamendu eta hauteskunde prozedurarekin zerikusia duten egintzak, baita Zuzenbide publikoko korporazioa izatearen ondorioz egiten diren egintza administratiboak ere. Egintza horien aurka, errekurtso arrunta jarri ahal izango zaio arrantza arloan eskuduna den Sailari, eta errekurtso horrek administrazio bidea agortuko du.

3.- Arrantza arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako Sailaren babesaren pean egongo dira kofradiak.

3. Atala - Estatutuak

Kofradien estatutuak biltzar orokorreko kideen gehiengo absolutuaz onetsi behar dira. Estatutuek, gutxienez, ondoko kontu hauek arautu behar dituzte:

a) Izena.

b) Lurralde eremua.

c) Egoitza.

d) Kideen eskubide eta betebeharrak, eta zehapen araubidea.

e) Artezkaritza organoen osaera, araubidea eta eskurantzak.

f) Hauteskunde araubidea, lege honetan eta bera garatzeko xedapenetan beren-beregi arautzen ez den guztian.

g) Baliabideak eta ekonomi araubidea.

h) Ondarea.

i) Desegiteko arrazoiak eta ondareari eman beharreko erabilera, eta normaltasunez jarduteko behar diren gainerako kontu guztiak.

4. Atala - Eginkizunak

Arrantzaleen kofradien eginkizunak hauek dira:

a) Herri administrazioekiko elkarlanerako eta kontsultarako erakunde izatea, hala arrantza jardunari nola arrantza, itsaski bilketa eta akuikulturako produktuak merkaturatzeari dagokienez.

b) Bazkideek arrantza eta merkaturatze jardueretan dituzten interes orokorrak defendatzea.

c) Kofradiako kideei informazioa eta orientazioa ematea, hala lege arauei buruz nola herri administrazioek arrantza arloan hartzen dituzten neurri egiturazko edo sozioekonomikoei buruz.

d) Arrantzako produktuak antolatu eta merkaturatzeko sistemak ezartzea, lege arauekin bat etorriz, eta ekoizpenaren bolumena merkatuaren eskakizunetara egokitzea.

e) Lege xedapenei, neurri egiturazko eta sozioekonomikoei, jarduera planei eta arrantzako produktuen merkatua arautu eta antolatzeari buruzko txostena eta proposamenak egitea eta Administrazioari igortzea.

f) Finantza erakundeekiko akordioak sustatzea, arrantza jardunaren garapenean finantza tresnak ahalik eta ondoen erabil daitezen.

g) Elkartze prozesuak bultzatzea eta lankidetza komertzialerako hitzarmenak edo lanbidearteko akordioak formalizatzea beste erakunde eta enpresa batzuekin, arrantzaren eraginkortasun eta errentagarritasuna lortzeko eta baita arrantzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko prozesuetan parte handiagoa izateko ere.

h) Herri administrazioekiko hitzarmenak formalizatzea, merkatuak identifikatzeko kanpainak eta Euskal Herriko arrantza produktuen zabalkunde eta sustapenerako kanpainak egiteko.

i) Kideei zuzendutako prestakuntza jarduerak, jolas eta kultur jarduerak eta jarduera sozialak sustatu eta garatzea.

j) Herri administrazioek -arrantza profesionalean eragina duten gaietan- eskuordeturiko eginkizunak betetzea, zeinek bere lurralde eremuaren barruan.

k) Kofradien beren ondasun eta eskubideak eta edozein tituluren bidez eskuratzen dituztenak kudeatu eta administratzea.

l) Arrainak harrapatu eta kontserbatzeko prozesua teknifikatzera eta kalitate oneko arrantza-produktuak aurkeztu, normalizatu eta merkaturatzera jotzen duten neurriak bultzatzea.

m) Arrantzako produktuak legez ezarritzako arauekin bat etorriz lehorreratu eta saltzeko behar diren neurriak hartzea.

n) Harrapatu eta saldutako kopuruei buruzko estatistikak egin eta aurkeztea, arrantza arloan eskuduna den Sailaren jarraibideen arabera.

ñ) Bazkideek -banan-banan edo taldeka- arrantza baliabiderik kofradien esku utziz gero, baliabide horiek kudeatzea.

o) Estatutuek edo antolamendu juridikoak esleitzen dizkieten gainerako eginkizunak.

5. Atala - Lurralde eremua

1.- Arrantzaleen kofradiek Euskal Herriko lurralde eremuaren barruan jardungo dute; horrek ez du baztertzen, baina, lurralde eremu horretatik kanpo jarduteko aukera, hala arrantzaren, itsaski bilketaren eta akuikulturaren arautzea eta antolamendua nola jarduera horien produktuak merkaturatzeko prozesuena defendatzeko.

2.- Kofradia jakin bati atxikitako ontzien egoitza portua dagoen udalerriaren muga geografikoek zehazten dute delako kofradia horren lurralde eremua. Hala ere, kofradia jakin batek beste lurralde eremu zabalago batean ere jardun dezake, egoitza portua eremu horretako udalerrietan duten ontzien jabeen gehiengo absolutuaketa ontzi horietako lan-kontratupeko langileen gehiengo absolutuek hala erabaki badezate.

3.- Kofradia bakoitzaren lurralde eremua kofradiaren beraren estatutuetan zehaztuko da; edonola ere, ez da posible kofradia bik batera eremu berean jardutea.

II ATALBURUA

KOFRADIEN ERAKETA ETA ANTOLAMENDUA

I SEKZIOA

ERAKETA

6. Atala - Osaera

1.- Egoitza portua kofradiaren lurralde eremuan duten ontzien jabeek eta haien menpean dauden lan-kontratupeko langileek osatuko dituzte arrantzaleen kofradiak, baldin eta jarduera profesionaltzat badute arrantza.

2.- Horrez gain, jardun profesionalaren azken bost urteetan kofradietako kideak izan diren eta erabateko elbarritasun egoeran edo jubilaturik dauden pertsonak kofradietako kide izan daitezke, bazkide laguntzaile gisa, hitza bai baina botorik ez dutela.

7. Atala - Nola lortzen den kofradia bateko kide izatea

Kofradia bateko kidea izateko, eskabidea egin behar da, eta, gainera, zuzendaritza batzordeak, korporazioaren estatutuetan ezarritako eskakizunak aztertu ondoren, kide berria onartzearen aldeko erabakia hartu behar du.

8. Atala - Nola uzten zaion kofradia bateko kide izateari

Jarduera profesionalari utziz gero, hilez gero, baja borondatez hartuz gero edota zuzendaritza batzordeak kanporatze espendientea hastea erabaki eta biltzar orokorrak erabaki hori berretsiz gero utziko zaio kofradiako kidea izateari.

9. Atala - Kofradia bateko kide izateari eusteaz

1.- Aurrekoa gorabehera, aldi batez langabezian egonagatik, epe hori urtebetetik gorakoa ez bada, kide izaerari eutsiko zaio, eta berdin gertatuko da aldi baterako ezintasun egoeran edo ezintasun iraunkorrean egonagatik, baldin eta arrantzatze lanetik kanpoko lan ordaindurik egiten ez bada.

2.- Halaber, bateraezintasun araubideak kontrakoa xedatu ezik, ez dute kide izaera galduko herri ordezkaritzako karguren bat betetzen ari direnek edota kofradia edo federazioko lehendakari edo lehendakariorde eginkizunak betetzen ari direnek.

10. Atala - Eraketarako eskakizunak

1.- Kofradia berri bat eratu ahal izateko, beharrezkoa da egoitza portua kofradia berriaren lurralde eremuan duten ontziekin arrantzan diharduten ontzi-jabeek eta haien menpeko lan-kontratupeko langileek gehiengo absolutuaz hala erabaki dezaten. Beharrezkoa da, halaber, lurraldeko kofradien federazioak aldez aurretik txostena egin dezan, nahiz eta txosten hori loteslea izango ez den.

2.- Sustatzaileek osatutako biltzar eratzaileak kofradiaren estatutuak onetsiko ditu eta kofradia eratzeko behar diren erabakiak hartuko ditu.

3.- Sustatzaileek kofradia bateko kideei exigitzen zaizkien eskakizunak bete behar dituzte, eta lehendakaria eta zuzendaritza batzordea aukeratuko dituzte beren artetik.

4.- Biltzarraren aktak, gutxienez, ondoko kontu hauek jaso behar ditu: bileraren tokia eta data; bilerara azaltzen direnen zerrenda, sektoreka adierazita; deliberazioen laburpena; botazioaren emaitza, eta hartutako erabakiak.

5.- Biltzarreko idazkariaren eginkizunak behin-behingoz betetzen dituen sustatzaileak luzatuko du aktaren ziurtapena, biltzarreko lehendakariaren oniritziarekin.

11. Atala - Aldaketa eta bat-egitea

Euskal Herriko kofradien lurralde eremua aldatu ahal izateko, eta kofradia batzuek bat egin ahal izateko beharrezkoa da kofradia bakoitzaren biltzar orokorreko kideen gehiengo absolutuak hala erabaki dezan.

12. Atala - Lankidetzarako akordioak

1.- Euskal Herriko arrantzaleen kofradiek zerbitzu komunen kudeaketari edo interes orokorren defentsari buruzko akordioak itundu ahal izango dituzte beren artean, eta horrek ez du esan nahi kofradia horiek bat egin behar dutenik.

2.- Lankidetzarako akordio horiek kofradia bakoitzaren biltzarreko kideen gehiengo soilaz itunduko dira.

13. Atala - Desegitea

Arrantzaleen kofradia bat desegiteko, biltzar orokorraren aparteko bilkura egin behar da, eta biltzarkideen bi herenen adostasuna lortu behar da.

14. Atala - Ezabatzea

Arrantza arloan eskuduna den Sailak arrantzaleen edozein kofradia ezabatu ahal izango du, delako kofradia horrek legez esleitu zaizkion xedeak betetzeari uzten badio. Horretarako, aldez aurretik prozedura egokia instruitu behar du, eta prozedura horren baitan interesaturiko kofradiari eta lurraldeko kofradien federazioari entzun behar die.

II SEKZIOA

ANTOLAMENDUA

15. Atala - Artezkaritza organoak

Arrantzaleen kofradien artezkaritza organoak biltzar orokorra, zuzendaritza batzordea eta lehendakaria dira.

16. Atala - Agintaldiaren iraupena

Artezkaritza organoak lau urteko eperako aukeratuko dira. Hala ere, organo horietako kideen agintaldia arinago amaitu ahal izango da baten bat kargutik kenduz gero, edo baten batek kargua utzi edo kide izaera galduz gero, edota kofradiaren bat-egite, desegite edo ezabatzea suertatuz gero.

17. Atala - Biltzar orokorra

1.- Kide guztien ordezkaritza organo nagusia eta gainerako artezkaritza organoen kontrolerako organo nagusia da.

2.- Ontzi-jabeen eta haien menpeko lan-kontratupeko langileen ordezkariek osatuko dute, sektore bien ordezkaritza parekidearen irizpidearen arabera. Hala ere, kofradiaren biltzar orokorra kofradiako kide guztiek osaturik egon daiteke, estatutuek horrela xedatuz gero; edonola ere, botoa emateko, parekidea izango da sektore bien ordezkaritza.

3.- Bazkide laguntzaileak biltzar orokorrera joan ahal izango dira estatutuetan ezarritakoaren arabera.

18. Atala - Biltzar orokorraren eskumenak

Biltzar orokorrari eginkizun hauek dagozkio:

a) Kofradien estatutuak onestea.

b) Biltzarkideen artetik zuzendaritza batzordea, lehendakaria, lehendakariordea eta ordezkoak aukeratzea. Horiek guztiak izendatzea eta kargutik kentzea.

c) Sarrera eta gastuen aurrekontuak onestea eta langileak kontratatzeko irizpideak finkatzea.

d) Kuotak edo derramak onestea.

e) Aurrekontu ekitaldiko balantzea eta finantza orriak edo ustiapen kontuak onestea.

f) Ondasun higiezinez baliatzeko egintzak eta lankidetzarako akordioak onestea.

g) Arrantzale kofradien eta beren lurralde eremuen aldaketa, desegitea eta bat-egitea onestea.

h) Kofradiek, beren kabuz edo federazioen bidez, beste enpresa batzuetan edo lurraldeko, Estatuko, Europako Erkidegoko eta nazioarteko beste erakunde batzuetan izan behar duten partaidetza onestea.

i) Gainerako artezkaritza organoen jarduna kontrolatzea.

j) Kofradiaren memoriak, egitasmoak eta jarduteko programak onestea.

k) Estatutuek, lege honek edo bera garatzeko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

19. Atala - Zuzendaritza batzordea

1.- Kofradien zuzendaritzarako, administraziorako eta kudeaketarako organoa da.

2.- Lehendakariak, lehendakariordeak eta biltzar orokorreko zenbait kidek osatuko dute zuzendaritza batzordea. Azken horiek biltzar orokorrak berak aukeratuko ditu, biltzarrean aurreikusitako ordezkaritza parekidearen irizpide berberei jarraituz.

20. Atala - Zuzendaritza batzordearen eskumenak

Zuzendaritza batzordeari eginkizun hauek dagozkio:

a) Biltzar orokorraren erabakiak bete eta betearaztea.

b) Kofradiaren jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

c) Kofradiaren memoria, egitasmoak eta programak, balantzea eta emaitzen kontua, eta sarrera eta gastuen aurrekontua biltzar orokorrari aurkeztea, berak onets ditzan.

d) Kuotak eta derramak proposatzea.

e) Kofradiaren menpeko lan-kontratupeko langileak kontratatu eta kaleratzea, eta langileen antolamendu funtzionala finkatzea.

f) Xedeak betetzeko, batzordeak eta ordezkaritzak izendatzea.

g) Ondasun higikorrak eta zerbitzuak eskuratu eta erabiltzeari buruzko erabakiak hartzea.

h) Kofradietako kideen alta, baja edo bateraezintasunei buruzko erabakiak hartzea.

i) Kofradiaren sarrera eta gastuen aldez aurretiko ikuskapen eta kontrola egitea, baita balantzearena eta finantza orri edo ustiapen kontuarena ere.

j) Estatutuek edo antolamendu juridikoak esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

21. Atala - Lehendakariaren eskumenak

Lehendakariari eginkizun hauek dagozkio:

a) Zuzendaritza batzordearen jarduna zuzentzea.

b) Kofradia ordezkatzea, bai administrazioetan eta epai-organoetan, bai beste edozein erakunde edo enpresa publiko zein pribatutan -direla Estatukoak, direla Europako Erkidegokoak edo nazioartekoak-, eta auzi eta arazo orokorretarako ahalorde orokorrak emateko ahalmena ematea.

c) Artezkaritza organoen bilkuretarako deia egitea, bilera-buru jardutea, bilkurak eten eta bukatutzat ematea eta organo horien deliberazioak gidatzea.

d) Kofradien izenean akordio eta hitzarmenak formalizatzea eta kofradiek enpresa publiko zein pribatuetan edo Estatuko, Europako Erkidegoko edo nazioarteko erakundeetan izan behar duten partaidetza formalizatzea.

e) Ondasun eta zerbitzuak eskuratu edo erabiltzeko kontratuak formalizatzea.

f) Gastuetarako baimena eta ordainketa-aginduak ematea.

g) Langileen kontratazioa formalizatzea eta langileen arau-urratze arinak zehatzea.

h) Botazioetan suertatzen diren hainbanakoak bere botoaz ebaztea.

i) Aktak sinatu eta kautotzea.

j) Estatutuek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

22. Atala - Lehendakariordearen eskumenak

1.- Lehendakariak kargua utz badeza, edo hil badadi, edo absente edo gaixorik egon badadi, lehendakariordeak lehendakariaren eginkizunak beteko ditu.

2.- Aipaturiko egoera horietariko edozein gerta badadi, lehendakariodeak, hiru hilabetetik zortzi hilabetera bitarteko epearen barruan, biltzar orokorrerako deia egingo du, lehendakari berria aukeratzeko. Lehendakari berria lehengoaren sektore beretik aukeratuko da, organo horrek agintaldia urtebeteko epearen barruan bukatu ezik.

3.- Lehendakariordea atal honen lehenengo lerroaldean aurreikusitako egoera batean egon badadi, zuzendaritza batzordeko kide batek ordeztuko du, sektore profesional berekoa izanik, botazioan boto gehien lortu dituenak, hain zuzen ere.

4.- Lehendakariak edo lehendakariordeak kargua utziz gero, ezin aurkez daitezke beste hauteskunde batera, harik eta kargua utzi duteneko agintaldia agortu arte.

III ATALBURUA

HAUTESKUNDE PROZEDURA

23. Atala - Hautesleak

Hautesle izan ahal izateko, eskakizun hauek bete behar dira:

a) Kofradiako kide izatea, eta horrela agertzea behin betiko hauteskunde zerrendan.

b) Organo eskudunaren erabaki edo epaiaren bidez eskubide hau erabiltzeko gauzaezturik edo ezgaiturik ez egotea.

24. Atala - Hauta daitezkeenak

1.- Harako kofradiaren biltzar orokorreko kidea izateko, arrantzaleen kofradiako kidea izateaz gain, ordezkaritza kargu hori betetzeko hautatua edo izendatua izan behar da, 17.2 atalean ezarritakoa aplikatzekoa izan ezik.

2.- Zuzendaritza batzordeko kidea izateko, lehenengo lerroaldean adierazitakoaz gain, hauek dira bete beharreko eskakizunak: hauteskundeak egitean delako kideak kofradiako kide legez bi urte edo gehiagoko antzinatasuna bazuela egiaztatzea; hauteskunde garaian 65 urte baino gehiago ez izatea, eta ordezkaritza kargu bat betetzeko gauzaezturik edo ezgaiturik ez egotea. Hala ere, bi urteko antzinatasuna ez da eskatuko kofradia berri bat eratzen denean.

3.- Zuzendaritza batzordeko kideren batek 65 urte betetzen baditu batzordekidea den bitartean, agintaldia agortu arte jarraitu ahal izango du.

25. Atala - Hauteskunde batzordea

1.- Kofradiaren biltzar orokorra hautatzeko, hauteskunde batzordea eratuko da. Hauteskunde batzordeak hauteskundeetarako plana eta egutegia gertatuko ditu.

2.- Kofradiako lehendakaria arituko da hauteskunde batzordeko lehendakari. Hauteskunde batzordea, gainera, zuzendaritza batzordeak eta kofradiako idazkariak osatuko dute.

26. Atala - Behin-behineko zerrendak

1.- Artezkaritza organoen legezko agintaldia amaitu aurreko hilabetean, hauteskunde batzordeko lehendakariak kofradiako kideen behin-behineko zerrendak jarriko ditu iragarki oholean, eta zortzi eguneko epea emango da zerrenda horien aurkako erreklamazio eta errekurtsoak aurkezteko.

2.- Hauteskunde batzordeak ebatziko ditu erreklamazio edo errekurtsoak, aurkeztu eta zortzi eguneko epearen barruan.

27. Atala - Behin betiko zerrendak

1.- Legez ezarritako epea erreklamazio edo errekurtsorik aurkeztu gabe igaroz gero, edota erreklamazio edo errekurtsoak ebatzitakoan, berehala argitaratuko dira behin betiko zerrendak, hamabost eguneko epea jarriko da hautagaiak aurkezteko eta hautagaiak biltzar orokorreko kide aukeratzeko eguna, ordua eta tokia zehaztuko dira.

2.- Behin betiko zerrenden aurka, zortzi eguneko epearen barruan errekurtsoa jarri ahal izango zaio arrantza arloan eskuduna den Sailari. Errekurtsoa ebazteko epea beste horrenbestekoa izango da.

28. Atala - Biltzar orokorrerako hautagaiak aurkeztu eta hautatzeko modua

1.- Ezarritako epearen barruan, ontzi-jabeek eta arrantza-ontziren batean diharduten lan-kontratupeko langileek hautagaiak aurkeztu ahal izango dituzte -zeinek bere sektore profesionalaren baitan-, biltzar orokorrean ontzi-jabe edo langileen ordezkari izan daitezen.

2.- Hauteskundeak lanbide-sektoreka egingo dira eta boto gehien lortzen dituzten hautagaiak izendatuko dira.

3.- Aurkeztutako hautagaien kopurua eta sektore profesional bakoitzean aukeratu beharreko ordezkarien kopurua bat badatoz, ez da beharrezkoa izango hauteskunderik egitea, eta hauteskunde batzordeak biltzar orokorreko kide izendatuko ditu hautagaiak.

29. Atala - Hauteskunde batzordearen eginkizunak

1.- Hauteskunde batzordearen ardura izango da botazioaren zuzentasuna jagotea, ordena zaintzea, zenbaketa egitea eta hauteskundeen legezkotasuna jagotea. Batzordeko burua arituko da hauteskundeetako buru.

2.- Hauteskunde batzordeak behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu, eta, emaitzok argitaratzen direnetik, zortzi eguneko epea emango du erreklamazio eta errekurtsoak aurkezteko. Erreklamazio edo errekurtso horiek beste horrenbesteko epearen barruan ebatzi beharko ditu batzordeak.

3.- Batzordearen erabakiaren aurka, arrantza arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako Sailari errekurtsoa jarri ahal izango zaio zortzi eguneko epearen barruan.

30. Atala - Emaitzen argitalpena eta biltzar orokorrerako deia

1.- Ezarritako epea erreklamazio edo errekurtsorik aurkeztu gabe igaroz gero, edota erreklamazio edo errekurtsoak ebatzitakoan, biltzar orokorra osatuko duten kideen behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta biltzarrerako deia egingo da, biltzarkide hautetsiak karguaz jabetu daitezen, eta gainerako artezkaritza organoak hauta daitezen.

2.- Behin betiko zerrenda argitaratu eta hurrengo 15 egunen barruan egingo da aipaturiko deialdi hori.

31. Atala - Biltzar orokorraren eraketa

1.- Kofradiako jarduneko lehendakaria arituko da biltzar orokorreko buru, kofradiako idazkaria lagun duelarik. Idazkariak botazioen emaitzak irakurriko ditu eta biltzarkideak karguaz jabetzen direnean egingo den akta sinatuko du.

2.- Biltzarrean boto eskubidea erabili ahal izateko, eta gainerako artezkaritza organoetan hautetsi-karguak bete ahal izateko, ezinbestekoa da biltzarkideak karguaz jabetzea.

32. Atala - Zuzendaritza batzordearen, lehendakariaren eta lehendakariordearen hautapena

1.- Karguaz jabetutakoan, biltzar orokorreko edozein kidek aurkez diezaioke biltzarreko jarduneko lehendakariari kofradiako zuzendaritza batzorderako, lehendakaritzarako eta lehendakariordetzarako hautagaien zerrenda bat; zerrendarekin batera, gutxienez %20 biltzarkideren sinadurak aurkeztu behar dira. Aurrekoa gorabehera, estatutuetan hautagaiak aurkezteko beste edozein sistema ezarri ahal izango da.

2.- Botazio zuzen eta sekretua egingo da, eta aldeko boto gehien lortzen dituzten hautagaiak aukeratuko dira. Hainbanakorik gertatuz gero, estatutuetan xedatzen dena izango da aginduzko. Aurrekoaren ezean, adinez zaharrena den kidea aukeratuko da. Ekitaldi berean, zuzendaritza batzorderako ordezkoak aukeratuko dira.

3.- Zuzendaritza batzordean ordezkaritza parekidea mantenduko da, eta lehendakaria ontzi-jabeen sektorekoa bada, lehendakariordea lan-kontratupeko langileen sektorekoa izango da, edo alderantziz. Zuzendaritza batzordeko gainerako kideekin era berean jokatuko da.

33. Atala - Eginkizunen luzapena

Hauteskunde prozesuan zehar artezkaritza organoak eta lehendakariordea jardunean egongo dira, eta bakar-bakarrik tramite edo kudeaketa soileko lanak egin ditzakete. Artezkaritza organo berriak eta lehendakariorde berria karguaz jabetzearekin batera amaituko da jardunekoen agintaldia. Karguaz jabetu, berriz, biltzar orkorrerako deia egin eta urtebeteko epearen barruan jabetu beharko dute.

34. Atala - Lehendakaria edo lehendakariordea kargutik kentzeko modua

1.- Lehendakaria edo lehendakariordea kargutik kentzeko, biltzar orokorra deitu behar da, eta, horretarako, beharrezkoa da biltzarkideen herenek edo gehiagok eskabidea egitea.

2.- Biltzarrean eskatzaileen arrazoiak azalduko dira, eta hitza emango zaie lehendakariari eta lehendakariordeari beren eskubideak defendatzeko arrazoiak azal ditzaten.

3.- Alderdien esku-hartzeak amaitutakoan, banakako botazio zuzen eta sekretua egingo da, eta ukiturikoak kargutik kenduko dira emandako botoen gehiengoz hala erabaki baledi.

IV ATALBURUA

KOFRADIEN FEDERAZIOA

I SEKZIOA

ERAKETA, IZAERA ETA EGINKIZUNAK

35. Atala - Eraketa

Euskal Herriko arrantzaleen kofradiek, beren xedeak betetzeko, kofradien federazioa era dezakete Bizkaiko edo Gipuzkoako Lurralde Historikoan, eta, halaber, Euskal Herriko Kofradien Federazioa osa dezakete.

36. Atala - Izaera

Kofradien federazioek nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa dute, eta erabateko autonomia dute beren baliabideak kudeatzeko. Federazioen egintzak Zuzenbide publiko ala pribatuaren menpean egongo dira, egintzen ezaugarrien arabera.

37. Atala - Estatutuak

Federazioen estatutuek, gutxienez, lege honetan jasotzen ez diren eta ondoko alderdiokin zerikusia duten inguruabarrak arautuko dituzte: estatutuen onespen eta aldaketa, egoitza, federazioko organoen antolamendu eta funtzionamendua, hauteskundeetarako arauak, kideen eskubide eta betebeharrak, kideen ordezpena, erabakiak hartzeko modua, desegitea eta ondarearen erabilera, eta federazioak behar bezala funtzionatzeko premiazkotzat hartzen den guztia.

38. Atala - Eginkizunak

Kofradien eginkizunen kaltetan jo gabe, eta eginkizun horiek federazioei kofradien ordezkari diren aldetik esleitzen zaizkiela, hauek dira federazioen eginkizunak:

a) Arrantzaleen kofradien interes orokorrak defendatu eta ordezkatzea.

b) Kofradien jarduna koordinatzea, beharrezko zerbitzuak hobeto egiteko; bestetik, aseguru edo finantza erakundeekiko akordioak bultzatzea, baliabide ekonomikoak edo finantza tresnak ahalik eta ondoen erabil daitezen.

c) Kofradien artean sortzen diren gatazketan bitartekari aritzea.

d) Arrantzan, arrantza merkaturatzeko bideetan eta arrantza sektorean eragina eduki dezaketen arau edo manu guztiei buruzko informazioa ematea kofradiei.

e) Kofradia berriei buruzko txostenak egitea, direlako kofradia horiek eratu baino lehen.

f) Estatutuek esleitzen dizkieten gainerako eginkizun guztiak.

II SEKZIOA

FEDERAZIOEN OSAERA ETA FEDERAZIOETAN PARTE HARTZEKO MODUA

39. Atala - Osaera

1.- Lurraldean lurraldeko kofradiak izan daitezke federazioko kideak, kasuan kasuko kofradiaren biltzar orokorrak aldeko erabakia hartuz gero.

2.- Euskal Herriko Kofradien Federazioa Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioek osatuko dute, bi federazio horien biltzar orokorrek aldeko erabakia hartuz gero.

40. Atala - Federazioetan parte hartzeko modua

1.- Arrantzaleen kofradiek lurraldeko kofradien federazioan parte hartuko dute, zeinek bere lurraldekoan, hain zuzen ere. Horretarako, proportzionaltasunaren irizpidea begiratuko da, kofradia bakoitzaren kide kopuruaren arabera. Edonola ere, kofradia batek federazioan duen partaidetza ezin izan daiteke %47tik gorakoa.

2.- Kofradia bakoitzaren partaidetza-portzentaiari dagokion boto haztatuaren arabera hartuko dira erabakiak, aurreko lerroaldean ezarritakoa kontutan hartuta.

3.- Lurraldeetako federazioek Euskal Herriko Kofradien Federazioan izango duten partaidetza parekidea izango da.

III SEKZIOA

ANTOLAMENDUA

41. Atala - Artezkaritza organoak

Federazioen artezkaritza organoak biltzar orokorra, zuzendaritza batzordea eta lehendakaria dira.

42. Atala - Biltzar orokorra

1.- Federazioa ordezkatzeko eta zuzendaritza batzordea eta lehendakaria kontrolatzeko organo nagusia da.

2.- Federazioko lehendakariak eta lehendakariordeak, kofradietako lehendakariek eta lehendakariordeek eta kofradia bakoitzeko zenbait ordezkarik osatuko dute biltzar orokorra. Ordezkari horiek zuzendaritza batzordeek aukeratuko dituzte parekidetasunaren irizpidea errespetatuz eta kofradia bakoitzak federazioan duen partaidetza-portzentaiaren arabera.

3.- Kofradietako idazkariak biltzar orokorrera joan daitezke; bertan hitza izango dute, baina botorik ez.

43. Atala - Zuzendaritza batzordea

1.- Federazioaren zuzendaritzarako, administraziorako eta kudeaketarako organoa da.

2.- Federazioko lehendakariak eta lehendakariordeak eta federazioko kofradietako lehendakari eta lehendakariordeek osatuko dute zuzendaritza batzordea.

3.- Kofradietako idazkariak ere zuzendaritza batzordeen bileretara joan daitezke, kofradiako lehendakariak deituz gero. Idazkariok hitza izango dute, baina botorik ez.

44. Atala - Lehendakaria eta lehendakariordea

1.- Biltzar orokorrak biltzarkideen artetik hautatuko ditu federazioko lehendakaria eta lehendakariordea, lau urteko eperako hautatu ere.

2.- Hautatutako lehendakaria ontzi-jabea bada, lehendakariordea lan-kontratupeko langileen sektorekoa izango da, edo alderantziz.

3.- Hainbanakorik gertatuz gero, estatutuetan xedatzen dena izango da aginduzko. Aurrekoaren ezean, adinez zaharrena den kidea aukeratuko da.

45. Atala - Hautatuak izateko eskakizunak

Lehendakari eta lehendakariorde izateko hautagaiek bete behar dituzten baldintzak hauek dira:

a) Federazioko biltzar orokorreko kide izatea.

b) Hauteskundea egiten denean adinez nagusiak izatea eta 65 urtetik gorakoak ez izatea.

c) Lurraldeko arrantzaleen kofradiaren bateko kide legez bi urte edo gehiagoko antzinatasuna egiaztatzea.

d) Ordezkaritza kargu bat betetzeko gauzaezturik edo ezgaiturik ez egotea.

e) Hoben oso astunengatiko zehapenik jaso ez izana ezein kofradia edo federaziotan.

IV SEKZIOA

HAUTESKUNDE PROZEDURA

46. Atala - Lehendakariaren eta lehendakariordearen hautapena

1.- Lehendakaria eta lehendakariordea hautatzeko, hauteskunde batzordea eratuko da, eta batzorde horrek hauteskundeetarako plana eta egutegia gertatuko ditu.

2.- Federazioko jarduneko lehendakaria arituko da hauteskunde batzordeko lehendakari. Hauteskunde batzordea, gainera, lehendakariordeak, zuzendaritza batzordeak eta idazkariak osatuko dute.

3.- Lehendakariaren agintaldia agortu edo lehendakaria kargutik kendu eta hilabeteko epearen barruan, hauteskunde batzordeak hautatzaileen zerrenda argitaratuko du, lehendakaritza eta lehendakariordetzarako hautagaiak aurkezteko epea ezarriko du eta hauteskundeetarako eguna, ordua eta tokia zehaztuko ditu. Agintaldia agortu eta sei hilabeteko epearen barruan egingo dira hauteskundeak.

47. Atala - Hautagaiak proposatzeko modua

Arrantzaleen kofradietako zuzendaritza batzordeek edota edozein kofradiatako biltzar orokorreko %20 kidek proposa ditzakete kofradien federazioetako lehendakari eta lehendakariorde izateko hautagaiak, ezarritako hauteskunde epearen barruan betiere.

48. Atala - Hautagaien aldarrikapena eta biltzar orokorrerako deia

1.- Hauteskunde garaia igarotakoan, hauteskunde batzordeko lehendakariak jendaurrean emango du aurkezturiko hautagaien berri, eta biltzar orokorrerako deia egingo du. Biltzar horretarako aztergai bakarra lehendakari eta lehendakariordearen hautapena izango da.

2.- Lehenengo hauteskunde saioan, kideen botoen gehiengoa eta partaidetza-portzentaiaren gehiengoa (azkeneko hau kofradiek federazioan duten boto haztatuaren arabera) lortzen duten hautagaiak aukeratuko dira lehendakari eta lehendakariorde izateko. Lehendabizi lehendakaria aukeratuko da.

3.- Bigarren saioan, partaidetza-portzentaiaren gehiengoa lortzen duten hautagaiak aukeratuko dira, kofradiek federazioan duten boto haztatuaren arabera.

4.- Hauteskunde batzordearen erabakien aurka errekurtsoa jar dakioke, lehenengo auzialdian, batzordeari berari, eta, bigarren auzialdian, arrantza arloan eskuduna den Sailari. Auzialdi bietan, errekurtsoak aurkeztu eta ebazteko epeak zortzi egunekoak izango dira.

49. Atala - Lehendakaria edo lehendakariordea kargutik kentzeko modua

Lehendakaria edo lehendakariordea kargutik kentzeko, 34. atalean ezarritako prozedura beteko da. Erabakia, edonola ere, boto haztatuaren araberako partaidetza-portzentaiaren gehiengoaz hartuko da.

V ATALBURUA

KOFRADIA ETA FEDERAZIOETAKO LANGILE LAGUNTZAILEAK

50. Atala - Lan-kontratupeko langileak

Arrantzaleen kofradiek eta federazioek, beren xedeak betetzeko, lan-kontratupeko langileak kontratatu ahal izango dituzte, beharrizan eta aurrekontuen arabera.

51. Atala - Idazkaria

Idazkariaren eginkizuna izango da kofradia edo federazioaren langile, zerbitzu eta bulegoak zuzendu eta koordinatzea.

52. Atala - Idazkariaren eginkizunak

Kofradia edo federazioko lehendakariak emandako agindu eta jarraibideen arabera jardungo du idazkariak bere eginkizunetan, eta, gainera, beste egiteko hauek izango ditu:

a) Artezkaritza organoen bileretan hartutako erabakien aktak egitea eta zaintzea. Bileretan hitza izango du, baina botorik ez.

b) Artezkaritza organoei indarreko arauen gaineko aholkuak ematea, eta izan litezkeen arau-hausteez ohartaraztea.

c) Artezkaritza organoek baimendutako kobrantzak eta ordainketak.

d) Kofradia edo federazioaren memoria, jarduteko egitasmo eta programak eta sarrera eta gastuen urteko aurrekontua egitea, zuzendaritza batzordeak ezarritako irizpideen arabera betiere.

e) Herri administrazio edo agintariek eskaturik, edota interesatuek eskaera arrazoitua eginik, luzatu beharreko agiri eta ziurtagiriak luzatzea, lehendakariaren oniritziarekin.

f) Kontabilitate liburuak behar bezala edukitzea.

g) Estatutuek eta aplikatzekoak diren xedapen arau-emaileek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

53. Atala - Langileak kontratatu eta kaleratzeko modua

Federazioak lan-kontratupeko langileak kontratatu eta kaleratzeko, federazioko zuzendaritza batzordeak onespena eta baimena eman behar du.

VI ATALBURUA

ARAU OROKORRAK

54. Atala - Eraketarako quoruma

1.- Biltzar orokorra eta zuzendaritza batzordea baliozkotasunez eratu ahal izateko, lehenengo deialdian, beharrezkoa da kideen legezko gehiengo absolutua bilkurara azaltzea. Bigarren deialdian, ordea, bertaratutako kideen kopurua edozein delarik ere eratu ahal izango dira.

2.- Federazioen kasuan, botorako eskubidea duen proportziozko partaidetza-portzentaiaren gehiengo absolutua ordezkatu behar du kideen legezko gehiengo absolutuak. Bigarren deialdian, nahikoa izango da proportziozko partaidetza-portzentaiaren legezko gehiengo absolutua.

3.- Deialdietan aztergaien zerrenda zehaztu behar da.

55. Atala - Deialdiak

1.- Biltzar orokorrerako deia, ohiko nahiz ezohiko batzarrerakoa, beranduen jota, biltzeko aurreikusitako data baino 15 egun lehenago egin behar da, eta deia egitean biltzarrerako lekua, eguna eta ordua adierazi behar dira, hala lehenengo deialdirako nola bigarrenerako. Dei hori jendaurrean jarriko da, kofradia eta federazioaren iragarki oholean.

2.- Estatutuetan zehaztuko da zuzendaritza batzordearen bilerarako deia, ohiko nahiz ezohiko bilerarakoa, egiteko era.

56. Atala - Kofradia edo federazioaren biltzar orokor edo zuzendaritza batzorderako deia egiteko ekimena

1.- Artezkaritza organoei esleitutako ahalmenen kaltetan jo gabe, kofradiako lehendakariak biltzar orokorra edo zuzendaritza batzordea biltzeko deia egin behar du, baldin eta kofradiako kideen herenek kofradiako idazkariarengana azaldu eta, idatziz, hala egiteko egiteko eskatzen badiote. Aztergaien zerrendan eskaeraren arrazoia adierazi behar da.

Eskabidea egin eta hilabeteko epearen barruan, lehendakariak biltzar orokorra edo zuzendaritza batzordea biltzeko deia egin ez badeza, arrantza arloan eskuduna den Sailari eskatu ahal izango zaio deia egiteko. Sail horrek, orduan, deia egitea bidezkoa den erabakiko du, eta kofradiako kide bat aukeratuko du, bilkurako buru jardun dezan.

2.- Federazioen biltzar eta zuzendaritza batzordeen kasuan, kideen herenek, gutxienez, proportzio berbera ordezkatu behar dute botorako eskubidea duen proportziozko partaidetza-portzentaian.

57. Atala - Erabakiak hartzeko modua

1.- Artezkaritza organoen erabakiak, hartu ere, emandako botoen gehiengoaz hartuko dira, edo, federazioen kasuan, boto horiek organoan ordezkatzen duten partaidetza-portzentaiaren gehiengoaz, legez edo estatutuetan bestelako portzentaia eta gehiengoak exigitu ezik.

2.- Ezin da aztergaien zerrendan ez dagoen gairik aztertu, eta ezin da halako ezein gairi buruzko erabakirik hartu, artezkaritza organoaren kide guztiak bulkuran egon eta gaia presazkotzat jo ezik organoko kideen eta, federazioen kasuan, partaidetza-portzentaiaren gehiengoaren aldeko botoaz.

58. Atala - Artezkaritza organoen bilkurak eta erabakien aurka egiteko modua

1.- Artezkaritza organoen bilkuretan, lehendakaria edo lehendakariordea arituko dira bilkuretako buru, edo, horien ezean, adinez zaharrena den kidea.

2.- Idazkariak akta egingo du, eta bertan ondoko zertzelada hauek jasoko dira: bilkuraren eguna, lekua eta ordua, bertaratu direnen izen-abizenak, aztertutako gaien laburpena, hartutako erabakiak eta egokitzat hartzen diren gainerako kontu guztiak.

3.- Biltzar orokorren aktak artezkaritza organoko lehendakariaren oniritzia jasoko du. Akta horrek, gainera, kofradiaren bulegoetan egon behar du, kofradiako kide guztien esku.

4.- Hartutako erabakien aurka, interesatuek, beste instantzia batera jo aurretik, erreklamazioa azaldu ahal izango diote erabakia hartu duen organoari, erabakia hartu eta 15 eguneko epearen barruan.

59. Atala - Zehapenak ezartzeko modua

1.- Arrantzaleen kofradiek eta federazioek zehapenak ezar diezazkiekete kofradia edo federazioetako kideei, estatutuetan zehaztutako arau-urratzeen ondorioz.

2.- Zehatzeko ahalgoa erabili ahal izateko, zehapen prozedura ireki behar da, eta, prozedura horren barruan, interesatuari entzun behar zaio.

60. Atala - Zehapenak ezartzeko organo eskuduna

Zehapenak ezartzeko organo eskuduna kofradia edo federazioko lehendakaria da hoben arinen kasuan, eta zuzendaritza batzordeak hoben astun edo oso astunen kasuan.

61. Atala - Baliabideak

Arrantzaleen kofradiek eta kofradien federazioek, beren xedeak betetzeko, baliabide hauek edukiko dituzte:

a) Herri administrazioek ezarritako dirulaguntzak.

b) Biltzar orokorrek edo osoko bilkurek erabakitako kuota eta derramak.

c) Beren ondarearen errentak eta produktuak.

d) Egokitzen zaizkien dohaintza, legatu, laguntza eta gainerako baliabideak.

e) Arrantzan eta arrantzako produktuak merkaturatzeko prozesuan egindako zerbitzu orokorren ondoriozko sarrerak.

f) Lege edo estatutuko xedapenen baten ondorioz eskuratutako beste edozein baliabide.

62. Atala - Aurrekontuak

Biltzar orokorrek, berariazko deialdian, aurrekontu ekitaldiaren itxiera eta igarotzen ari den urteko sarrera eta gastuen aurrekontua onetsiko dituzte urtearen lehenengo hiruhilekoan. Horretarako, memoria eta legezko xedapenen arabera exigi daitezkeen gainerako kontabilitate agiriak erantsiko dituzte.

63. Atala - Aurrekontuen onespenaren jakinarazpena

Korporazio hauetako lehendakariak, bi hilabeteko eparen barruan, ziurtagiri bat bidaliko dio arrantza arloan eskuduna den Sailari. Bertan egiaztatuko da ezen biltzar orokorrak onespena eman diela aurrekontu itxierari, memoriari, eta aribideko urteko sarrera eta gastuen aurrekontuari.

64. Atala - Kontuen kanpo auditoretza

Arrantzaleen kofradiek eta federazioek kontuen kanpo auditoretza onartu behar dute, arrantza arloan eskuduna den Sailak hala egiteko eskatuz gero. Betebehar hori, edonola ere, Euskal Herriko aurrekontu orokorren edo Europako Erkidegoaren fondoen konturako dirulaguntzen onuradunak direnean egokitzen zaizkien betebeharren kaltetan jo gabe ulertuko da.

65. Atala - Dirulaguntzen edo transferentzien galera

Aurreko betebeharra urratuz gero, edo laguntza publikoak ematen dituzten organoek egin beharreko egiaztapen lanak eta Ekonomi Kontrolerako Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko kontrol lanak oztopatu, ukatu edo eragotziz gero, arrantzaleen kofradiek eta kofradien federazioek ezin izango dute inolako dirulaguntzarik edo transferentziarik jaso Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurrekontu orokorren kontura. Horrek ez du baztertzen, gainera, laguntza eta subentzioei buruzko legeriaren araberako beste zehapenik ezartzeko aukera.

66. Atala - Kide izateari uztearen ondorioak

Kofradia edo kofradien federazio bateko edozein kidek kide izateari utz badiezaio, bazkide gisa jarritako eskubide ekonomikoak edo ondarezkoak galduko ditu.

VII ATALBURUA

ERREGISTROA

67. Atala - Sorkuntza eta edukia

1.- Arrantza arloko eskumena duen Sailak erregistro bat ezarriko du, eta bertan hauek guztiak inskribatuko dira: kofradien eta federazioen estatutuak; artezkaritza organoen eraketa eta titulartasunarekin eta kofradien aldaketa, bat-egite, desegite edo ezabatzearekin zerikusia duten erabakiak, eta, interes orokorrak defendatzeko, haien artean edo beste erakunde batzuekin formalizatzen dituzten akordio edo hitzarmenak.

2.- Kofradien eta federazioen estatutuak, aldaketak eta akordioak edo hitzarmenak erregistroan inskribatu ahal izateko, beharrezkoa da Industri, Nekazaritza eta Arrantza Saileko organo eskudunak aldez aurretik berrets ditzan.

3.- Erregistroan inskribatzea bete beharreko eskakizuna da aurreko lerroaldean aipaturikoek existitzeko modua eta baliozkotasun juridikoa izan dezaten.

68. Atala - Antolamendua

Erregistroa honela antolatuko da: batetik, liburu bat edukiko da, orrialdeak zenbakiturik eta zigilaturik izango dituena, eta, bestetik, artxibo bat eratuko da, inskribatzen diren agiri guztiak gordetzeko. Horrez gain, prozedura informatikoak erabili ahal izango dira, baina bermatu behar da, betiere, idatzitakoa ezin ezaba daitekeela.

69. Atala - Txosten juridikoak eta txosten tekniko-ekonomikoak

1.- Kofradia bat edo kofradien federazio bat sortu, aldatu, batu edo desegiteko akordioak eta haien hitzarmenak txosten juridiko eta tekniko-ekonomikoez hornitu behar dira, onetsitako akordio edo hitzarmena baliozkoa, beharrezkoa eta bideragarria dela frogatzeko. Txosten horietan kontu hauek aztertu behar dira: bai deialdia, bai esku hartzen duten sektoreen ordezkaritza, bai botazioak eta hartzen diren erabakiak legezkoak ote diren, akordio eta hitzarmenak bete beharreko eginkizunetarako premiazkoak eta bideragarriak ote diren, eta legez edo araudi bidez ezartzen diren gainerako eskakizunak.

2.- Arrantza arloan eskuduna den Sailak, txosten horiek aztertutakoan, akordioa edo hitzarmena berretsi eta erregistroan inskribatuko du, edo, bestela, ukatu egingo du.

70. Atala - Ziurtagiriak

Erregistroko arduradunak ziurtagiriak luzatuko ditu epai-agintariek edo Administrazioko agintariek horrela eskatuz gero, edota norbanako batek eskaera arrazoitua eginez gero.

Xedapen Gehigarriak

Lehenengoa

Arrantza arloan eskuduna den Sailak, 14. atalean xedatutakoaren kaltetan jo gabe, batzorde kudeatzaileak eratu ahal izango ditu lege-urratzeak gertatzen direnean, edota kofradia zein federazioen funtzionamendu egokian eragin oker nabaria duten zirkunstantziak gertatzen direnean.

Bigarrena

Salbuespenez, kofradia edo federazioko lehendakari edo lehendakariorde karguak betetzeko hautagairik ez badago, erabateko elbarritasun egoeran edo jubilaturik dauden pertsonak aukeratu ahal izango dira kargu horiek betetzeko, baldin eta jardunaldi profesionalaren azken bost urteetan kofradia edo federazio bateko kideak izan badira, eta lege honetan ezartzen diren gainerako eskakizunak betetzen badituzte. Xedapen hau kofradia eta federazioen estatutuetan jaso behar da.

Hirugarrena

Arrantzaleen kofradiek eta kofradien federazioek neurri egokiak hartuko dituzte beren jardunean euskararen erabilera normalizatzeko, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzezko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen ondoriozko betebeharrak betetzeko xedeaz.

Xedapen Iragankorrak

Lehenengoa

Arrantza arloan eskuduna den Sailak bere arioz inskribatuko ditu Kofradien eta Federazioen Erregistroan egun diren kofradia eta federazioak, baita haien gobernu eta administraziorako organoak ere, kofradia edo federazio bakoitzak bere estatutuak egokitu eta bi hilabeteko epearen barruan.

Bigarrena

Lege hau argitaratu arte kofradietako bazkide izan diren lan-kontratupeko langileek kofradietako kide izaten jarraituko dute jubilatu arte.

Hirugarrena

Arrantzaleen kofradiei eta kofradien federazioei atxikitako funtzionarioek beren araubide eta egoera juridiko-administratiboari eutsiko diote.

Azken Xedapenak

Lehenengoa

Kofradien estatutuak lege honen arabera egokitu behar dira urtebeteko epearen barruan, eta, gero, arrantza arloan eskuduna den Sailera igorriko dira, berrespena jaso eta eraginkortasun juridikoa lortzeko.

Aipaturiko epearen barruan estatutuak lege honen arabera egokitzen ez dituzten kofradiak, edota estatutu horiek -berrespena jaso dezaten- arrantza arloan eskuduna den Sailera igortzen ez dituztenak, deseginik geratuko dira ondore guztietarako eta likidazio epean sartuko dira. Administrazioak bere arioz idatziko du erregistroan halako kofradien desegitea.

Kofradiaren titulartasuneko ondarearekin estatutuetan xedatutakoa egingo da.

Bigarrena

Lege honetan aurreikusten ez den guztiari dagokionez, martxoaren 11ko 670/1978 Errege Dekretuan eta bera garatzeko xedapenetan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

Hirugarrena

Arrantza arloko eskumena duen sailburuari ahalmena ematen zaio lege hau garatzeko behar diren arau guztiak eman ditzan.

Laugarrena

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunen buruan jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra