Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

16/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzekoa

2012-06-28

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2012/7/6, 132. zk.; EAO, 2012/7/19, 172. zk.

§ 347. 16/2012 LEGEA, EKAINAREN 28KOA, Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzEKOa

 

ZIOEN AZALPENA

 

I

 

       Euskadi ekintzaileen lurraldea izan da beti. Berrikuntzarako grina, balio erantsia sortzea eta mundura irekitzea izan dira ekintzaile horien balio nabarmenenetako batzuk. Beren bultzadaz, Euskadi Estatuko eta Europako lurralde aberatsenetako bat izatea lortu zuten.

 

       Historiografia existitzen denetik egon dira ekintzaileak Euskadiko historian. Erdi Aroaz geroztik euskal herritarrek espiritu ekintzailea erakutsi zuten hainbat sektoretan; besteak beste, burdinoletan, mekanikan eta nazioarteko merkataritzan. Bizkaian, XIX. mendeko burdingintza indartsuaren aitzindari izan ziren burdinola eta gabiekin; Gipuzkoako industriak armak fabrikatzen zituen XV. mendetik XIX. mendera artean, eta ondoren Europako errege-erreginentzako luxuzko damaskinatuak ekoizteari ekin zion; edo, XIII. mendeaz geroztik, Arabako leinuek Gaztelako artilea erosten zuten, euskal portuetan barna Europa iparraldeko merkatuetara esportatzeko. Geroko mendeetan ere, ekintzaile-ospea lagun izan zuten euskal herritarrek, baita etorkin gisa iritsi ziren lurraldeetan ere. Halaber, ezin da iragan hurbila ahaztu: Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak ezagutza eta talentua erakartzen lagundu zuen, euskal ustiapen ekonomikoen teknikak modernizatze aldera; XIX. mendeko euskal industrialari eta finantzari handiak, berriz, aita Arizmendiarrietarekin batera eta horrek XX. mendearen bigarren zatian euskal kooperatibismoari emandako bultzadarekin batera, gure historiaren zati dira, ezinbestekoak gure lurraldeak gaur egun duen garapen ekonomikoaren maila ulertzeko.

 

       Euskal ekonomia soldatako langileen, autonomoen, enpresarien eta enpresa txiki eta ertainen arteko ahaleginean oinarritzen da.

 

       Ekintzaileak funtsezkoak dira ekonomiaren hazkunderako eta berrikuntzarako. Batez ere haien bidez transmititzen dira ezagutza eta berrikuntza, haien bidez erabiltzen, batik bat, balio erantsi handiagoa sortzen duten produkzio-jardueretan, eta, ondorioz, berak dira ekonomiaren eraginkortasunerako bitarteko nagusiak. Enpresarien eta enpresa txiki eta ertainen ekintzailetza-jardueraren bidez, I+Gn, berrikuntzan eta prestakuntzan egiten den inbertsioa merkatura daitezkeen berrikuntzetan gauzatzen da; hala, epe luzeko hazkundearen erritmoari begira erabakigarria da jarduera hori. Horregatik guztiagatik, ekonomia ororen lehiakortasuna eta oparotasuna eraikitzeko oinarrietako bat ekintzailetza-jarduera bermatzea da.

 

       Beraz, botere publikoen betebeharra eta erantzukizuna da esparru egoki bat bultzatzea ekintzaileek beren gaitasunak garatu ahal izan ditzaten enpresa-jarduera iraunkor bat garatuz, hitzaren esanahi betean, hots, alderdi soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa barne direla, eta orobat ekintzaileek sortutako aberastasunak eragina izan dezan gizarte osoan eta gizarte-ongizatearen hobetzean eta mantentzean.

 

       Ekintzailetza-maila altuenak dituzten ekonomiak dira munduan aberats eta berritzaileenak. Gainera, halako ekonomia guztietan agertzen dira bi ezaugarri: enpresariaren figuraren aitorpen sozial zabala eta enpresariaren jarduera garatzeko esparru egokia.

 

       Ez da kasualitatea Ameriketako Estatu Batuek jadanik 1953an Small Business Act aldarrikatu izana botere publikoek enpresari txikiei laguntza emateko.

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak sortzeko prozesuari eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko lege hau Europar Batasuneko arau-esparruari egokitzen zaio, eta 2008ko Small Business Act for Europe-ren bidez adierazitako helburuei jarraitzen die.

 

II

 

       Espainiako Konstituzioaren 38. artikuluak enpresa-askatasuna aitortzen du, merkatu-ekonomiaren esparruan, eta botere publikoek askatasun hori bermatu eta babesten dutela, ekonomia orokorraren eta, hala badagokio, plangintzaren eskakizunen arabera.

 

       Euskal Herrirako Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10. artikuluko 25. paragrafoan jasotzen denez, Autonomia Erkidego honek eskumen esklusiboa du gai honetan: "Euskal Herriko ekonomiaren sustapena, garapena eta plangintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat". Halaber, artikulu horren 30. paragrafoan jasotzen denez, Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du gai honetan: "Industria, salbu eta arau berezien peko industriak ezartzea, handitzea eta lekualdatzea, dela segurtasunagatik, armadaren eta osasunaren interesagatik edota eginkizunotarako legeria berezia behar dutenak eta atzerriko teknologia eskuratzeko aurretiazko kontratuak behar dituztenak. Industria-sektoreen berregituraketan, Euskal Herriari dagokio Estatuak erabakitako planak garatu eta gauzatzea".

 

III

 

       Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko lege honen helburua –Europako arauketaren "think small first" printzipioan oinarrituta–, espiritu ekintzailea bere zentzu sakonenean sustatzea da, hau da, pertsonaren jarrerei, lehentasunei eta gaitasunei dagokienez, eta horrek espiritu haren alde egiten duten balioak indartzea eskatzen du, era honetara faboratuz gizarte osoaren aurrerapen sozial eta ekonomikoa, bereziki baliabide eta aukera gutxien dauzkaten sektoreena. Bestalde, ekintzailetzako ideiak eta trebetasunak balioa sortuko duten jardueretara bideratzeko pizgarri-sistema egoki bat eratzea du helburu.

 

IV

 

       Lege honek bost kapitulu ditu.

 

       I. kapituluan, beren jarduera garatzeko ekintzaileek dituzten baldintzak hobetzeko helburua jasotzen du legeak. Jarraian pertsona ekintzaileak definitzen ditu; hala, pertsona horiek dira legearen oinarri nagusia eta Euskal Autonomia Erkidegoko garapen ekonomiko eta sozialerako eragile nagusiak.

 

       II. kapituluan, irakaskuntza arautuen curriculuma ezartzen duten dekretuetan ezaugarri jakineko eduki batzuk sartzeko eskakizuna arautzen da, edukiok espiritu ekintzailea sustatu beharko baitute eta enpresa gehiago sortzea ahalbidetuko duten trebetasunez hornitu. Lanbide Heziketak eta unibertsitateak bete beharreko eginkizunaren aipamen berezia egiten da.

 

       III. kapituluan, sinplifikazio administratiborako tresnak sortzea jasotzen da, erraztasun handiagoak ekarriko baitizkiete euskal enpresa txikiei. Tresna horien artean dago enpresa-jardueraren gaineko eragina aztertuko duen txosten bat egitea, nahitaez, edozein arau onartu aurretik, eta, halaber, karga administratiboa neurtzeko tresna batzuk lantzea, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko beste herrialde batzuetakoen parekoak izango direnak.

 

       IV. kapituluan, administrazio publikoen eraginkortasunaren aldeko neurri multzoa jasotzen da, enpresei eta beren jarduerari dagokienez. Euskal administrazioen arteko lehia desleiala saihesteko tresnak arautzen dira eta Eusko Jaurlaritzak ekintzaileei laguntzera bideratzen dituen baliabide publikoen koordinazioa hobetzeko mekanismoak zehazten dira, baita laguntzarako programen eta jarduketen aurreikuspena ere.

 

       Kapitulu honetan, halaber, enpresa bat sortu nahi dutenei finantziazio handiagoa lortzea ahalbidetuko dieten hainbat jarduketa arautzen dira. Lehenik eta behin, langabezia-prestazioaren kapitalizazio osoa bermatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan, enpresak sortzea sustatze aldera, eta, bigarrenik, sistema bat ezartzen da ekintzaileek beren jarduera hasten dutenean ordaindu beharreko udal-tasak konpentsatzeko, hirigintza-lizentziak, besteak beste, jarduera abiatzeko kostuak arintzeko tresna gisa. Era berean, zerga alorreko neurriak eta diru-laguntza ildoak sartzen dira, egoera horretan ekintzaile berritzaileei laguntzeko; nabarmentzekoak dira, horien artean, Hazi Kapital Misto Publiko-Pribatuko Funtsaren sorrera eta mikrokredituen ildoa.

 

       V. kapituluan, Espainian neurri aitzindari gisa, "business angels" izaera informaleko inbertitzaile pribatuen figura arautzen da direktorio baten bidez, zeinak ezabatzen baititu euskal ekintzaileentzat aukera ugari eskain ditzakeen enpresak finantzatzeko modu horren ziurgabetasunak. Testuinguru honetan, mota horretako inbertsio pribatua sustatzeko erabakigarria da laguntza ematea inbertitzaile eta ekintzaileen arteko kapital-eskaintza eta -eskariaren elkargune eta egokitze-puntu gisa jarduten diren "business angel"en sareei.

 

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

1. artikulua. Legearen xedea

 

       1.    Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan ekintzailetza-jarduera bultzatzea eta sustatzea, enpresa- eta kokatze-askatasunaren eta zerbitzu-jardueretara eta jarduera horiek gauzatzera askatasunez iristeko esparruaren barruan, eta indarrean dauden arauek, interes orokorreko arrazoi bazterrezinengatik, ezartzen dituzten betebeharrak betetzea eragotzi gabe.

 

       2.    Helburu hori bete dadin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak saihestu egingo ditu ekintzaileei behargabeko kostu burokratikoak eragingo dizkieten arauketa guztiak, bai eta jarduera ekonomikoaren sustagarri izan ordez hartarako oztopo diren legeria konplexuak ere.

 

2. artikulua. Ekintzailetza-jarduera

 

       1.    Lege honen ondorioetarako, ekintzailetza-jarduera da prozesu bat zeinaren bidez pertsona fisiko batek, enpresa berri batek edo merkatuan lehendik dagoen enpresa batek produkzio-jarduera berri bat hasten baitu.

 

       2.    Lege honen ondorioetarako, ekintzaileak dira Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan jarduera ekonomiko bat garatu ahal izateko aurretiazko tramiteak egiten ari diren pertsona fisikoak, forma juridikoa edozein izanda ere, edo jardueraren bat betetzen dutenak autonomo gisa, kooperatibista gisa edo mikroenpresetako nahiz enpresa txiki eta ertainetako edo lan-sozietateetako bazkide gisa edo bestelako merkataritza-formula baten bidez, beren helbide fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan dutela.

 

       Halaber, lege honen ondorioetarako, ekintzaileak dira euren jardunean etengabeko konpromiso etikoa mantentzen eta garatzen duten pertsonak, besteak beste, lurraldearekiko atxikimenduan eta jarduera mantentzeko konpromisoan islatzen dena.

 

       3.    Mikroenpresei dagokienez, halakotzat joko dira 2003/361/EE Gomendioan definitutakoak.

 

II. KAPITULUA

HEZKUNTZA SISTEMA

 

3. artikulua. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa

 

       1.    Bigarren Hezkuntzaren eta Lanbide Heziketaren eremuan, hezkuntzako Administrazioak lagundu egingo du espiritu berritzaile eta enpresariala sustatzen, espiritu hori unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako curriculum-garapenean integratuz dagokion hezkuntza-zikloaren arabera eta honako helburu hauek aintzat harturik:

 

a)  Etika enpresarialaren kontzeptua jakintzaren adar guztietan sustatzea eta jasotzea. Ikuspegi etiko hau curriculumaren zehar-lerroa izango da, eta, besteak beste, lurraldearekiko atxikimenduan, erantzunkidetasunean, lurraldeko beste agenteekin lankidetzan aritzearen garrantzian eta gizarte-ekonomiaren eta ekonomia solidarioaren balioen irakaskuntzan oinarrituko da. Halaber, kode deontologikoa garatzearen eta betetzearen garrantzia azpimarratuko da.

b)  Sustatzea erantzukizun sozialeko balioetan oinarritutako heziketa, balio horiek baitira enpresariak enpleguaren sorreran eta jarduera ekonomikoaren motor gisa betetzen duen egitekoaren ezaugarri, eta sustatzea orobat ekintzailetza-jardueraren ezaugarri diren balioetan (ahalegina, errealizazio pertsonala, lidergoa, giza ekipoen kudeaketa, gatazken konponketa, ikaskuntza, kooperazioa, arriskuak hartzeko gaitasuna, eta abar) oinarritutako heziketa.

c)  Sendotzea enpresa-munduaren eta hezkuntza-sistemaren arteko lokarriak komunitate enpresarialarekiko kooperazioaren bidez, espiritu enpresarialaren osaera maila guztietan gara dadin eta enpresariek ikasgeletan parte har dezaten beren balioak, esperientziak eta ilusioa transmititzeko.

d)  Bermatzea espiritu enpresarialaren garrantzia egokiro islatuko dela ikasmaterialetan eta irakasleen prestakuntzan.

 

       2.    Lanbide Heziketaren eremu espezifikoan, hezkuntzako Administrazioak etengabe egokituko du prestakuntzako eskaintza enpresen eta langileen, hala soldatakoen nola autonomoen, prestakuntza-beharrizan orokor eta espezifikoetara; sustatu eta bultzatuko du lanbide-heziketaren papera berrikuntzaren eta ekintzailetza-ekimenaren arloetan; eta, laneko Administrazioarekin batera, lankidetza sustatuko du produkzio-sektoreetako enpresekin berrikuntza, ezagutzaren transferentzia eta lanbide-heziketaren arloan espezializazioa indartzeko.

 

4. artikulua. Euskal unibertsitate-sistema

 

       1.    Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean ezarritakoa hala bada ere, unibertsitateko prestakuntzak, ekintzailetza-jarduerari bere ekarpena egitea bermatzeko eta ikuspegi etikoa txertatuz, aintzat hartuko du besteak beste honako helburu hauek lortzea:

 

a)  Bere ikasketa-planetan sartzea abilezia eta trebetasun batzuk berrikuntzara, sormenaren sustapenera, ekintzailetzara eta espiritu enpresarialera zuzendutakoak.

b)  Unibertsitateko ikasketak modernizatzea, bai eta egokitzea ere ekonomian eta gizartean berritzaileak diren produktu-ekoizpen, zerbitzu, planteamendu eta metodoetara.

c)  Unibertsitateko tituludunak lan-merkatuan modu efektiboan sar daitezen sustatzea, unibertsitatearen eta enpresaren arteko loturak sendotuz, arreta berezia jarrita ekimen enpresarialerako eta autoenplegurako gaitasunen sustapenean.

 

       2.    Unibertsitateek, administrazio publikoek eta enpresek, zientzia- eta teknologia-parke unibertsitarioen eta campus unibertsitarioen esparruan, kultura akademikoaren eta kultura enpresarialaren interakzioa bultzatuko dute, espiritu ekintzailea susta dadin unibertsitate-inguruneko irakasle, ikertzaile, bekadun eta ikasleen artean eta lagun egin dadin proiektuak heltzerakoan eta merkatura ateratzerakoan.

 

       3.    Euskal unibertsitate-sistemak indartu egingo du ezagutza gizarteari transferitzea, ongizatea eta lehiakortasuna hobetze aldera, proiektuak eta ekimenak garatuz sektore produktiboarekin elkarlanean. Adibidez, oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak eratzea; berrikuntza-poloak sortzea, hartarako unibertsitate-zentroak eta enpresak espazio fisiko berean bilduz; edo erakunde batzuk abian jartzea berrikuntzen, ezagupen zientifikoen eta ikerketa-agenteek eta unibertsitateek lortu eta garatutako emaitzen erabilera eta aprobetxamendu industrial edo komertzialerako.

 

III. KAPITULUA

SINPLIFIKAZIO ADMINISTRATIBOA

 

5. artikulua. Karga administratiboak murriztea

 

       1.    Sinplifikazio- eta arrazionalizazio-prozesuaren esparruan, euskal administrazio publikoek, zeinek bere jardute-eremuan, jarduketako lehentasunezko arloak zehaztuko dituzte, ekintzailetza-jarduerari kostu handiagoa sorrarazten dioten karga administratiboak modu progresiboan gutxitzeari eta ezabatzeari ekiteko.

 

       2.    Hartarako garatuko diren jarduketek irizpide hauek izango dituzte gidari:

 

a)  Prozedura luzatzea dakarten tramiteak murriztea eta kentzea, betiere tramite horiek kalterik egiten ez badiete interesdunen bermeei; adibidez, kontrol-bikoiztasuna kentzea edo txostenak azkartzea, besterik gabe ezabatuz edo ahal denean bisatuekin ordezkatuz.

b)  Agiriak aurkeztearen ordez erantzukizunpeko adierazpena egitea, halakotzat ulertuz interesdunak sinatutako agiri bat non deklaratzen baitu, bere erantzukizunpean, eskuratuak dituela aplikatzekoa den araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak.

c)  Baimenen ordez interesdunak aurretiaz adierazpenak edo komunikazioak egitea, zeinak ondoren egiaztatuko baitira.

d)  Ezabatzea jada Administrazioaren eskuetan dauden, Administrazioak berak sortzen dituen edo Administrazioak beste administrazio batzuekin datuak trukatuz lor ditzakeen agiriak interesdunari eskatzea. Agiri horiek ofizioz txertatu beharko dira bitarteko telematikoen bidez, betiere, izaera pertsonaleko datuen kasuan, interesdunaren onespena izanez gero.

e)  Gehienezko epeak murriztea prozeduren tramitazio, ebazpen eta jakinarazpenari dagokionez.

f)   Ofiziozko jarduketak bultzatzea interesdunak eskatutako jarduketaren ordez, herritarrari ez harrarazteko Administrazioak berak har ditzakeen kargak.

g)  Prozedura administratiboen tramitazio telematikoa bultzatzea.

h)  Agiri-produkzioa homogeneizatzea eta normalizatzea, hartarako ezarriz prozedura administratiboen katalogo eguneratuak, eskaerak egiteko eskuliburuak eta eredu normalizatuak, barruan sartuta administrazio publikoek eta haien menpeko erakundeek eman behar dituzten datuak eta ziurtagiriak lortzeko baimena ematea.

i)   Antzeko izaera duten eta tratamendu bera daukaten prozedurak bateratzea.

j)   Erabiltzea hizkera administratibo bat argia, erraza, ulergarria eta herritarrak Administrazioarekin benetan trabarik gabeko harremanak izatera bideratua.

 

6. artikulua. Enpresaren gaineko eraginari buruzko txostena

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoak sustatutako edozein arauketa edo arau berri bideratu aurretik, Eusko Jaurlaritzak bere zerbitzu juridikoen bidez ebaluazio-txostena egingo du enpresak sortzearen, abian jartzearen eta haien funtzionamenduaren gaineko eraginari buruz.

 

       2.    Txostena nahitaezkoa izango da izaera orokorreko xedapenak lantzeko prozeduran, eta, nolanahi ere, lege-proiektuekin batera Legebiltzarrari igorri beharko zaio.

 

7. artikulua. Arauen eskuragarritasuna

 

       1.    Arauak ahalik eta hobekien eskuratzen direla bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak indarrean diren xedapenen testu bateratuak argitaratuko ditu, eta horietan sartuko dira izandako aldaketa eta indargabetze guztiak.

 

       2.    Argitalpena euskarri informatikoan egingo da, eta arauak gehiago eta hobekiago eskuratzea ahalbidetuko duten sare telematikoen bidez.

 

8. artikulua. Euskadiko karga eta sinplifikazio administratiboaren indizea

 

       1.    Eusko Jaurlaritzak, Euskal Estatistika Erakundearen bidez, Euskadiko enpresen karga eta sinplifikazio administratiboaren urteko indize bat diseinatu eta landuko du. Indize horrek euskal ekintzaileek jasaten dituzten eta Euskadiko edozein administrazio-maila eskudunetan sortutako karga administratibo guztiak jaso beharko ditu.

 

       2.    Euskadiko karga eta sinplifikazio administratiboaren indizea Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko beste herrialde batzuek karga administratiboaren inguruan egindako neurketen pareko baldintzetan egingo da, eta administrazio-arauketak enpresei eta autonomoei ezartzen dizkien kostuak eta epeak balioesteko metodoa izango da.

 

9. artikulua. Ekintzaileentzako aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako guneak

 

       1.    Eusko Jaurlaritzak, Estatuko eta tokiko administrazioekin elkarlanean arituz, aurrera eramango du ekintzaileentzako aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako guneak deritzenak abian jartzeko lana.

 

       2.    Ekintzaileentzako aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako guneak enpresa berriak sortzen laguntzeaz arduratuko dira, informazioa eskainiz, dokumentazioa tramitatuz, aholkularitza eta prestakuntza emanez eta enpresa-finantziazioan lagunduz.

 

IV. KAPITULUA

EKINTZAILETZA JARDUERARI LAGUNTZEA

 

10. artikulua. Leihatila bakarra

 

       1.    Euskal administrazio publikoek herritarrei eta enpresei bermatu egingo diete ekintzailetza-jarduera hasi, garatu eta amaitzeko behar diren prozedurei buruzko informazio ororen eskuragarritasuna, leihatila bakarraren bidez eta bitarteko elektronikoen bidez, bai eta horretarako nahitaezko tramiteak egiteko bidea ere.

 

       2.    Leihatila bakarrera irispidea izateko, euskararen eta gaztelaniaren erabilera bermatu beharko da, bai eta, posible balitz, Europar Batasuneko beste zenbait hizkuntzarena ere.

 

       3.    Halaber, euskal administrazio publikoek sistema batzuen eta besteen arteko elkarreragingarritasuna bermatzeko behar diren neurriak hartu eta beharrezko teknologiak txertatuko dituzte, zeinek bere eremuan.

 

11. artikulua. Lehiaren eta enpresa-askatasunaren gaineko eraginari buruzko txostena

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak eta sektore publikoak lehiaren eta enpresa-askatasunaren gaineko eraginari buruzko txostena eskatuko dio Lehiaren Euskal Agintaritzari, ondorengo kasuetan:

 

a)  Oro har, azken hartzaileak herritarrak dituzten eta sektore pribatuak egin ditzakeen eta herritarrek nahitaez eskatu edo jaso behar ez dituzten zerbitzuak martxan jarri aurretik.

b)  Sektore pribatuak egin ditzakeen zerbitzuak merkatukotzat jotako baldintzetan egiten dituenari baliabideak eman aurretik, euskal sektore publikoak zuzenean nahiz partaidetzadun enpresen bidez.

 

       2.    Lehiaren eta enpresa-askatasunaren gaineko eraginari buruzko txostena aurretikoa eta nahitaezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoarentzat eta sektore publikoarentzat, aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan.

 

       3.    Lehiaren Euskal Agintaritzak landutako lehiaren eta enpresa-askatasunaren gaineko eraginari buruzko txostenak ondorengo gorabeherak gertatzen diren aztertuko du:

 

a)  Administrazio-egintza horrek merkatuko lehia-baldintzak larriki aldatu ahal izatea.

b)  Aldaketa larri horrek interes publikoari eragitea.

 

       4.    Eusko Jaurlaritzak, urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen, artikulu honetan aipatu eta urte horretan egiten diren txosten guztiak igorriko dizkio Eusko Legebiltzarrari.

 

12. artikulua. Ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko politikak

 

       Ekintzaileei eta enpresa txikiei laguntzeko politika guztiak Ekintzailetzaren Sailarteko Mahaitik koordinatuko dira.

 

13. artikulua. Ekintzailetza Jarduerari Laguntzeko Plana

 

       1.    Eusko Jaurlaritzak ekintzailetza-jarduerari laguntzeko erakunde arteko eta lau urterako plan bat egingo du, non modu koordinatu eta globalean jasoko baitira Euskadiko administrazioek esparru hori indartu, bultzatu eta sustatzeko egingo dituzten programa eta jarduketak, betiere zehazten den denbora-tartean.

 

       2.    Plan horrek ondorengo helburuak bete beharko ditu:

 

a)  Euskal Autonomia Erkidegoan enpresak sortzen lagunduko duen esparru ekonomiko bat bultzatzea.

b)  Euskadin ekintzaileei laguntzeko gaur egun dauden politikak koordinatzea.

c)  Ekintzaileei laguntzeko zerbitzu bakoitzaren errentagarritasuna eta kalitatea identifikatuko dituzten adierazle komunen taula osatzea, eta emandako diruarekiko erlazioa neurtzea eta sortutako enpleguaren, fakturazioaren, biziraupen-adie­razlearen eta internazionalizazio-mailaren datuekin alderatzea.

d)  Ekintzaileen jardueren finantziazioa erraztea, ekintzaileei laguntzeko ildo espezifikoak sortuz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren eta sektore publikoaren partaidetza duten elkarren bermerako sozietateetan eta finantza-erakunde kreditu-emaileetan, edo bestelako kreditu-erakundeekin akordioak erdietsiz.

e)  Giza kapitala, talentua eta sormena indartzen laguntzea, giza baliabideen kualifikazio profesional tekniko eta enpresariala hobetuz eta giza kapitalaren mugikortasuna eta talentuaren erakarpena erraztuz.

f)   Ikerketa eta garapenaren inguruko proiektuetara bideratutako finantziazio-ildoen sorrera bultzatzea.

g)  Euskadira talentua etor dadin sustatzea, pizgarriak erabiliz ekintzaileak erakartzeko programen bidez.

h)  Enpresak sortzea eta enpresa horiek Euskadi osoko balio erantsi handiko segmentuetan eta teknologia-oinarria duten jardueretan haztea bultzatzeko laguntza ematea.

 

       3.    Plana egiteko lanetan, inplikatutako agente sozial eta ekonomiko guztiek hartuko dute parte, eta, prozesu horretan, ekintzailetza-jarduera bultzatzen eta sustatzen jarduten diren administrazio eta erakundeei entzungo zaie. Edonola ere, ahalegina egingo da plana Europar Batasunean planteatzen diren helburu eta xede berdineko plan eta ekimenekin batera gerta dadin.

 

       4.    Eusko Jaurlaritzak komunikazio gisa bidaliko du plana Eusko Legebiltzarrera, bertan osoko bilkuran edo batzordean eztabaida dadin, eta planaren betetze-mailari buruzko ebaluazioa egingo du aldian behin.

 

14. artikulua. Ekintzailetza-jarduerari laguntzeko programen eta jarduketen helburuak

 

       Lehiakortasunean, produktibitatean, elkartasunean eta lurralde arteko orekan aurrera egiteko bidea emango duen hazkunde iraunkorraren eredu ekonomiko baten garapenean laguntze aldera, ekintzailetza-jarduera sustatu eta laguntzeko botere publikoek egindako programa eta jarduketak funtsezko helburu hauek lortzera bideratuko dira:

 

a)  Ekintzailetza-jarduerari bidea erraztuko dion eta espiritu ekintzailea sarituko duen esparru ekonomikoa bultzatzea, ekintzailetza-jardueren sorrera, garapen eta jarraipenari bidea emanez.

b)  Ekintzailetza-jarduerari laguntzeko botere publikoen politika, programa eta jarduketak koordinatzea, bai eta arlo horretan aritzen diren Euskadiko agenteen arteko lankidetza eta kooperazioa ere.

c)  Ekintzailetzaren kultura eta espiritua zabaltzea, erantzukizun sozial korporatiboa sustatzeari utzi gabe.

d)  Ekintzailetza-jarduera behar bezala finantzatzea, tamaina txiki eta ertaineko enpresetan arreta berezia jarrita, honako bide hauek erabiliz: finantziazio-moduei buruzko informazioa, orientazioa, analisia edo aholkularitza eskaintzea; zorra birfinantzatu edo berregituratzeko jarduketak sustatzea, ekintzailetza-jarduerei epe ertainean finantza-egonkortasuna izateko aukera emango dietenak; irispidea erraztea zenbait finantziazio-modutara (arrisku-kapitala, mikrokredituak, burtsa-merkatu alternatiboa eta abar), edo zenbait figuraren bidez ("business angels", "venture capital", "crowdfunding" eta abar) inbertitzaile pribatuen finantziazioa bideratzen saiatzea.

e)  Euskal enpresek berek ekintzailetza-ekimen berriak sortu eta garatzea, ekimen berritzaileak bereziki, enpresen arteko kooperazioa sustatuz eta barneko ekintzailetzaren kultura bultzatuz.

f)   Ekintzailetza-jarduerarako informazio- eta orientazio-sistema integratu bat garatzea, euskal administrazio publiko guztien lankidetzarekin.

g)  Enpresen lehiakortasunaren hobekuntza eta balio erantsi handiko segmentuetan hazkundea sustatzea, ekintzailetza-jardueraren berrikuntza eta garapen teknologikoaren bidez.

h)  Ekintzailetza-jarduera nazioartera zabaltzea, eta, horretarako, kanpoko merkatuetan sar dadin sustatzea eta nazioarteko proiekzioa izan dezan bultzatzea, atzerrian ezarrita edo atzerriko enpresekin lankidetzan arituta.

 

15. artikulua. Ekintzailetza-jarduerari laguntzeko programak eta jarduketak

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, zeinek bere eskumenen eremuan, ekintzailetza-jarduerari laguntzeko programa eta jarduketa egokiak egingo dituzte, aurreko artikuluan aipatu diren helburuak lortzeko.

 

       2.    Ekintzailetza-jarduerari laguntzeko programak eta jarduketak lehiaren defentsari buruzko indarreko legediaren menpe izango dira, eta laguntzen, pizgarri publikoen eta bestelako neurrien bitartez bideratuko dira, araudi espezifiko bakoitzak xedatutako moduan.

 

16. artikulua. Langabezia-prestazioaren kapitalizazio osorako laguntza osagarria, kapitalizazio hori enpresa-proiektu batean erabiltzeko

 

       1.    Beren jarduera langile autonomo gisa egin asmo duten eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari langabezia-prestazioaren kapitalizazioa edo ordainketa bakarra eskatu dioten eta eskuratu duten ekintzaileek, behar izanez gero, aldez aurretik prestazioaren kopuru osoa eskuratu ahal izatea bermatuko du Eusko Jaurlaritzak.

 

       2.    Berme hori gauzatu dadin, ondorengo neurriak hartuko dira:

 

a)  Langabezia-prestazioaren kopuru osoa osatzeko behar duen kantitatea ordainketa bakar batean aurreratuko dio Eusko Jaurlaritzak ekintzaile autonomoari.

b)  Eusko Jaurlaritzak langile autonomoarekin adostuko du aurreratutako kopurua ordaintzeko egutegia.

c)  Eusko Jaurlaritzak behar diren komunikazio-bideak ezarriko ditu Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin, eta egoki den erakunde guztiekin, neurri honek ekintzaile autonomoari eragin diezaiokeen karga administratiboa murrizteko beharrezkoak diren informazio-trukeak egite aldera.

 

17. artikulua. Enpresa-jardueraren hasierari lotutako udal-tasen konpentsazioa

 

       1.    Eusko Jaurlaritzak laguntza-ildo bat arautuko du jarduera ekonomikoak abiatzen dituzten pertsona fisikoek eta mikroenpresek beren jarduera profesional edo enpresarialak abiatzeari lotutako tokiko tasak ordaintzean egiten dituzten gastuak pagatzeko, baldin eta tasa horiek adierazitako jarduerak abiatzeari lotuta badaude.

 

       Udal-tasen konpentsazioa dela-eta ezarritako laguntza-ildoaren arauketak urtebeteko iraupena izango du jarduera ekonomikoa hasten denetik.

 

       2.    Konpentsazioaren onuradun izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera enpresarial edo profesional bat abiatzen duten pertsona fisikoak, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak.

 

       3.    Laguntzen xede izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko udalek ezarritako tokiko tasak ordaintzean egiten diren gastuak, baldin eta ordainketa hori beharrezkoa bada interesdunek beren jarduera profesional eta enpresarialak abiatu ahal izateko. Laguntzaren zenbatekoa onuradunek autolikidazio- zein likidazio-sistemaren bidez ordaindutako tasen kuoten % 100era iritsiko da.

 

       4.    Bereziki, toki-erakundeek ondorengo kasuetarako ezarritako tasen kuotak ordaintzeko eman beharko da diru-laguntza:

 

a)  Tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aparteko aprobetxamendua egiten deneko kasuak, Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren 20. artikuluko 3. paragrafoko e), g), h), i), j), l), m), n), ñ), r) eta s) idatz-zatietan arautuak.

b)  Tokiko eskumenekoak diren zerbitzu-emateak edo administrazio-jarduerak egiten direneko kasuak, Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren 20. artikuluko 4. paragrafoko a), b), c), f), h), i), j), m), u) eta x) idatz-zatietan arautuak.

 

18. artikulua. Ekintzaile berritzaileei laguntzeko neurriak

 

       Eusko Jaurlaritzak martxan jarriko ditu izaera berritzailea duten ekintzaileei diru-laguntzak emateko laguntza-ildoak. Burtsa-merkatu alternatiboan sartzeak berezkoak dituen gastuetarako izango dira diru-laguntzak, enpresa sortu berrien kapitalizazioa errazte aldera, eta, halaber, mikroenpresek beren langile ikertzaileengatik pagatzen dituzten gizarte-segurantzaren kopuruak ordaintzeko.

 

19. artikulua. Hazi Kapital Misto Publiko-Pribatuko Funtsa sortzea

 

       1.    Hazi-kapital misto publiko-pribatuko funts bat sortzen da, proiektu berritzaileak dituzten ekintzaileei laguntzera bideratuko dena, bai kapitalean parte hartuz eta bai enpresaren kudeaketan lagunduz. Erregelamendu bidez zehaztuko da funtsaren egitura eta funtzionamendua, eta bertan parte hartuko dute enpresari gazteen elkarteek, ekintzailetzarekin eta desgaitasunarekin erlazionatutako fundazioek eta parte hartu nahi duten erakunde publiko eta pribatu guztiek.

 

       2.    Hazi-kapitaleko funts horiekin, Jaurlaritzak lehentasuna emango dio deialdia egin aurretik gehienez hiru urte lehenago ikasketak amaitu dituzten ekintzaileen enpresa-proiektuak finantzatzen laguntzeari; ikasketak batxilergoa, goi-mailako lanbide-heziketako ikasketak edo unibertsitate-ikasketak izan daitezke, eta azken horien maila, berriz, lizentziatura, ingeniaritza, gradua, masterra –ofiziala zein titulu propioa– edo doktoregoa. Arreta berezia eskainiko die emakumeek eta 35 urtetik beherako gazteek egindako proiektuei.

 

       Halaber, funtsaren baliabideen zati bat desgaitasuna duten ekintzaileei edo enpresen erantzukizun sozialari eta desgaitasunari buruz ezarritakoa betetzen duten ekintzaileei laguntzeko hornituko da, arlo horretan dagoeneko lanean ari diren desgaituen fundazioekin elkarlanean arituz.

 

       3.    Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko urteroko Aurrekontu Orokorretan finkatuko du Hazi Kapitaleko Funts Misto Publiko-Pribatuari egin behar dion ekarpenaren hornidura.

 

20. artikulua. Mikrokredituak

 

       1.    Eusko Jaurlaritzak kopuru bat ezarriko du, urtero, jardunean hiru urte baino gutxiago daramaten ekintzaile eta mikroenpresei zuzendutako mikrokredituetarako, kredituok negozioa birfinantzatzeko ez direla betiere. Batik bat, emakumeentzat, gazteentzat eta pertsona desgaituentzat sustatuko dira mikrokredituak, familiaren edo norberaren egoera dela-eta bestelako finantziaziorik ezin lortu dutenean.

 

       2.    Mikrokredituen interes-tasak diru-laguntza izango du, eta haien iraupena bost urtera iritsiko da gehienez ere. Mikrokredituen gainerako ezaugarriak lege hau garatuko duen araudian zehaztuko dira.

 

V. KAPITULUA

IZAERA INFORMALEKO INBERTITZAILE PRIBATUAK

 

21. artikulua. "Business angels" deritzen izaera informaleko inbertitzaile pribatuak

 

       1.    Lege honen ondorioetarako, "business angels" izaera informaleko inbertitzaile pribatuak dira enpresa sortu berrietan partaidetza minoritarioak hartzen dituzten eta, kapitalarekin ez ezik, enpresa horien hazkundea beren enpresa-esperientziarekin laguntzen duten pertsonak.

 

       2.    Lege honen ondorioetarako, "business angel"en sareak dira inbertitzaile pribatuak biltzea helburu duten erakundeak, inbertitzaile horien eta proiektu berritzaileei ekiteko baliabideak behar dituzten enpresen finantziazio-eskaeraren arteko bitartekaritza-lana eginez. Bitartekaritza-lan hori kapitala eskaintzen eta eskatzen duten pertsonei informazio-, zabalkunde-, azterketa- eta aholkularitza-zerbitzuak eskainiz gauzatzen da.

 

22. artikulua. Izaera informaleko inbertitzaile pribatuen sareentzako laguntzak

 

       1.    Eusko Jaurlaritzak izaera informaleko inbertsio pribatua sustatuko du, eta, lehiarako araubideari jarraikiz, "business angel"en sareak lagunduko ditu diru-laguntzak emateko deialdi baten bidez.

 

       2.    Diru-laguntzen xedea "business angel"en sare gisa jarduten diren erakundeei laguntzea izango da, enpresa berritzaile txiki eta ertainek enpresa horietan aritzen diren inbertitzaile pribatuen finantziazioa errazago eskura dezaten.

 

       3.    Diru-laguntza emateko, beharrezkoa izango da hurrengo artikuluan definitzen den direktorioan izena ematea.

 

       4.    Eusko Jaurlaritzak ere, funts baten bitartez, inbertitu egingo du oinarri teknologikodun eta berritzaile diren enpresetan inbertitzen duten sareetan, baldin eta sareok inbertitzaile pribatuen sareen euskal direktorioko kide badira eta arrisku-maila egokia hartuta itzulera handiko eragiketetan inbertitzen dutenen profila badute.

 

       Horretarako, egiaztagiria eskatzen duten inbertitzaileek bermatu beharko dute jakite-maila egokia dutela negozioari, merkatuari eta teknologiari buruz, eta halaber partaidetzadun enpresei gai horietan aholku emateko konpromisoa dutela.

 

23. artikulua. "Business angels" izaera informaleko inbertitzaile pribatuen sareen euskal direktorioa

 

       Eusko Jaurlaritzak izaera informaleko inbertitzaile pribatuen sareen euskal direktorio bat sortuko du, ondorengo ezaugarriak dituzten erakundeei zuzenduta:

 

a)  Nortasun juridiko propioa izatea eta inbertitzaile berriak erakartzeko ikusgarriak, irisgarriak eta nahikoa aktiboak izatea.

b)  Profesional-egitura egokia izatea eta beren jardueraren emaitzak erregulartasunez ebaluatzea, haien berri emanez.

c)  Izaera informaleko inbertitzaile pribatuen sareen euskal direktorioaren kode deontologikoari atxikitzea.

d)  Izaera informaleko inbertitzaile pribatuen sareen euskal direktorioak sor daitezkeen eztabaidetan arbitro gisa duen eginkizuna aitortzea.

 

24. artikulua. "Business angels" izaera informaleko inbertitzaile pribatuen sareen euskal direktorioaren eginkizunak

 

       Honako hauek dira izaera informaleko inbertitzaile pribatuen sareen euskal direktorioaren eginkizunak:

 

a)  Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten diren edo jardun daitezkeen izaera informaleko inbertitzaile pribatuen sareen direktorio bat mantentzea.

b)  Direktorioan jasotzen diren datuak argitara ematea.

c)  Izaera informaleko inbertitzaile pribatuen sareek ondo funtzionatzen dutela zaintzea.

d)  Izaera informaleko inbertitzaile pribatuen figura hedatzeko beharrezko ekintzak egitea eta Euskadiko administrazio publikoei neurriak proposatzea, beren eskumenen eremuan izaera informaleko inbertitzaile pribatuen figura sustatzeko neurriak hartu ahal izateko.

e)  Kode deontologikoa aplikatzearen ondorioz sor daitezkeen eztabaidetan arbitro gisa jardutea.

f)   Direktorioaren kode deontologikoa onartu eta eguneratzea.

g)  Lankidetza-akordioak koordinatu eta sinatzea nazio mailan eta Europan badauden edo eratuko diren beste direktorio batzuekin (e-ban sarea, es-ban, eta abar).

 

Azken xedapenak

 

Lehenengoa. Lege hau indarrean sartu eta hurrengo urtean zehar, Eusko Jaurlaritzak legea garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamendu guztiak onartuko ditu.

 

Bigarrena. Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra