Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

17/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Etxebizitzaren Arloko Presako Neurriak eta Hirigintza Plangintzako zein Kudeaketako Tresnak Izapidetzeko Neurriak Zehazteari buruzkoa.

1994-06-30

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1994/8/1, 145. zk.; EAO, 2012/2/4, 30. zk.

Indargabetua: 2006-09-06

§ 169. 17/1994 LEGEA, EKAINAREN 30EKOA, ETXEBIZITZAREN ARLOKO PRESAKO NEURRIAK ETA HIRIGINTZA PLANGINTZAKO ZEIN KUDEAKETAKO TRESNAK IZAPIDETZEKO NEURRIAK ZEHAZTEARI BURUZKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

       1978.eko abenduaren 27ko Espainiako Konstituzioaren 148.1.3 atalak, Euskal Herriko Autonomi Estatutuaren 10.31 atalak eta Autonomi Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak ezartzen dutenaren arabera, Euskal Autonomi Elkarteari dagokio lurralde, hirigintza eta etxebizitzaren antolakuntza-arloko legegintza-ahalmena.

 

       Azken urteotan Euskal Autonomi Elkarteko etxebizitzak garestitu izana arazo larria eta orokorra da udal guztietan. Hori dela eta, herritarren ehuneko handi batek, gaur egun, ezin eskura dezake etxebizitzarik. Egoera horrek, ezinbestean, herri-agintariek neurriak hartzea eskatzen du, eta, horrela, Espainiako Konstituzioaren 47. atalak ezarritako hatsapena bete egingo da, hau da, pertsona guztiek eskubidea dutela etxebizitza duina izateko.

 

       Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legeak bere seigarren erabaki gehigarrian dioenez, udalek, baldin eta Lurralde Antolakuntzako Jarraibideek eta Lurraldeko Zati Planek babes ofizialeko edozein erregimenenpeko etxebizitzaren arloan ezarritako aurrikuspenak bete behar badituzte, hiri-lurretako, hirigintza-lanetarako lur programatuko edo hirigintza-lanetarako gai diren lurretako arloak edo sailak zedarritu eta zehaztu beharko dituzte Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorrean edo Udal Plangintzaren Arau Ordezkatzaileetan. Horretarako, aipatutako udalek behar izango den lurra sailkatu eta izendatuko dute. Halaber, 4/1990 Legeak aldi baterako laugarren erabakian ezartzen duenez, lurralde-antolakuntzako tresna horiek behin-betiko onartu bitartean, Euskal Herriko Lurralde-Antolakuntzako Batzordeak, seigarren erabaki gehigarriaren ondorioetarako, zehaztu beharko du zenbat etxebizitza diren babes ofizialekoak edo zenbat azken prezioaren muga dutenak.

 

       Hirigintza Jaurbidearen eta Lurren Balio Neurketaren Erreformari buruzko uztailaren 25eko 8/90 Legeak, batetik, eta 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako testu bateratuak, bestetik, tresna berriak ekarri zituzten indarrean zegoen lege-esparrura, hain zuzen ere, lurrarekiko lukurreria galarazteko eta herri-babeseko edozein erregimenenpeko etxebizitzak eraikitzera bultzatzeko.

 

       Lege honek, honenbestez, tresna berri bat dakarkigu herri-babeseko etxebizitzen eraikuntza sustatzeko: plangintzak derrigorrez eta berariaz izendatu beharko du lurren bat administrazioak balio-neurketa egingo duen etxebizitzak eraikitzeko.

 

       Plangintza orokorrak hiri-lurtzat, hirigintza-lanetarako lurtzat eta hirigintza-lanetarako gai diren lurtzat jotzen dituen lurrak hartzen ditu lege honen eragin-esparruak, izan ere, indarrean dagoen legediak nahikoa tresna eskaintzen baititu hirigintza-lanetarako ez diren lurretan lurreko udal-ondareak sortzeko.

 

       Udaletako biztanle-kopuruaren arabera, legeak eskuhartze motaren bat edo beste izango du. Legea, hortaz, 7.000 biztanle baino gehiagoko udalerri guztietan ezarri beharko da, herri hauetako etxebizitza-arazoak nabarmenagoak baitira; 7.000 biztanle baino gutxiagokoetan, berriz, aukerakoa izango da ezarri ala ez, herri horietako etxebizitza-gorabeherak hain nabariak ez dira eta. Horiek horrela, derrigorra edo aukera, kasuak kasu, ezartzen da udal-plangintzak egoitza-lurretako ehuneko jakin bat izenda dezan babes ofizialeko etxebizitzak eraiki ahal izateko. Ehuneko hori %20ra iristen da baldin eta hiri-lurreko burutze-unitateen bidez egiten diren barne-erreformako lan osatuak badira; lurra hirigintza-lanetarakoa bada edo hirigintza-lanetarako gai bada ezarriko den ehunekoa %65ekoa izango da. Ehunekook gutxienekotzat jotzen direnez, udalek handi ditzakete egoera zehatz-mehatz aztertu ondoren.

 

       Plangintza berraztertzeko bidea oso luzea eta korapilatsua da. Hori dela eta, plangintza berraztertu eta lege honi egokitzeko bidea bukatu arte legea ezarri gabe gera ez dadin, beharkun hau sartzen da: plangintza orokorraren egoitza-antolakuntzan funtsezko eragina duten aldaketek, baita horien garapenekoek ere, lege honen xedapenei men egin diezaietela.

 

       Garapen-plangintzako tresnak eta kudeaketa-tresnak arinago izapidetzeko asmoz, indarrean dagoen hirigintza-legediak ezartzen dituen epeak laburtzea aurrikusi du oraingo arauak.

 

       Azkenik, legearen testu bateratuaren aldi baterako lehenengo erabakiaren bigarren idazatiko d) puntuak aipatzen dituen udaletako hiri-lurretan beregana daitekeen aprobetxamendua kalkulatzeko sortu diren zalantzak direla eta, komenigarritzat jotzen da 8/1990 Legean azaldu eta 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuak berretsitako erizpidea baiestea. Hona hemen erizpidea: udal horietako hiri-lurretan beregana daitekeen aprobetxamendua kasuan kasuko aprobetxamenduaren %85ekoa da.

 

Lehenengo Atala

 

       Hona hemen legearen xedea:

 

       1.-   Herri-babeseko edozein erregimenenpeko etxebizitzak eraikitzeko lurra udal-plangintzan izendatu ahal izateko udalek hartu behar dituzten standarrak ezartzea.

 

       2.-   Garapenaren hirigintza-plangintza eta dagozkion kudeaketa-tresnak onartzeko epeak zehaztea.

 

       3.-   Beregana daitekeen hirigintza-aprobetxamendua finkatzea.

 

I ATALBURUA

HERRI-BABESPEKO ETXEBIZITZEN ESTANDARREZ

 

2. atala

 

       1.-   7.000 biztanle baino gehiagoko udaletako Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorrek eta Plangintzako Arau Ordezkatzaileek herri-babespeko etxebizitzak eraikitzeko lur-azalera zehaztu beharko dute. Azalera hori, beraz, gauzatu beharreko aprobetxamenduaren arabera, honako hau da:

 

- Hiri-lurrean: aurrikusitako egoitza-lurren %20, baldin eta hiri-lurreko burutze-unitateen bidez egin beharko diren barne-erreformako lan osatuak badira. Hala ere, arau honetatik kanpo geratuko dira honako iharduketa hauek: Lurren Jaurbide eta Hiri Antolakuntzari buruzko Legearen 143. atalak 1992.eko ekainaren 26ko testu bateratuan aipatzen dituen sistematik kanpoko iharduketak.

- Hiri-lanetarako lur programatuan, lau-urteko bakoitzeko, eta hirigintza-lanetarako gai den lurrean, lur-mota honetarako aurrikusitako egoitza-lurren %65.

 

       2.-   7.000 biztanle baino gutxiagoko udaletan, aurreko idazatian zehaztutako standarrak ez dira derrigorrez ezarri beharko.

 

       Nolanahi ere, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzako Batzordeak txostena eman ondoren, hirigintza eta etxebizitzaren arloan eginpidea duen sailburuak udal horietakoren batean derrigorrez ezartzea erabakiko du, baldin eta lurralde-antolakuntzak eta etxebizitza-merkatuaren egoerak horrela egitera bultzatzen badute. Horren jarraian hilabeteko epearen barruan, ukitutako udalei eta foru-aldundiari entzunaldia eman ondoren erabakia onartu egingo da.

 

3. Atala

 

       Bigarren atalean finkatutako standarrak ezarri beharko dituzten udaletako plangintza orokorrak aldatzeko espedienteek, baldin eta plangintza horretan bildutako egoitza-antolakuntza funtsean ukitzen duten zehaztapenak sortarazten badituzte, egiaztatu beharko dute standarrok lege honetan aurrikusitako moduan betetzen direla.

 

4. Atala

 

       Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorrak garatzeko prestatu eta onartuko diren Hirigintza Iharduketako Programek beren baitan izan beharko dituzte bigarren atalean ezarritako gutxieneko standarra betetzeko zehaztapenak, hain zuzen ere, hirigintza-lanetarako egoitza-lurrei dagozkienak.

 

5. Atala

 

       1.-   Plan orokorrek eta ukitutako hiri-lurrak dauden esparruetarako arau ordezkatzaileek, burutze-unitateen bidez ihardungo den esparruetarako Barne Erreformako Plan Bereziek eta hirigintza-lanetarako lur programatuko zati-planek beren baitan izan beharko dituzte bigarren atalean ezarri diren gutxieneko standarren kokagunearen zehaztapenak.

 

       2.-   Salbuespenez, udalen bateko hirigintza-inguruabarrek hala eskatzen badute, doakion udalaren eskariz, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzako Batzordeak txostena eman ondoren, hirigintza eta etxebizitzaren arloan aginpidea duen sailburuak aurreko idazatiak aipatzen dituen plangintza-tresnetarako baimena eman ahal izango du bigarren atalean ezarritako ehunekoak baino txikiagoak gauza daitezen, beti ere gutxieneko estandarrak oso-osorik betetzen direla egiaztatzen bada.

 

       Lege honetan orokorrerako ezarritako portzentaia horiek baino txikiagoak baimentzea edo horiei uko egitea doakion udalak eskatuta egingo da, eta hiruregoei eguneko epearen barruan sailburuak erantzunik ematen ez badu, aldekoa dela ulertuko da.

 

II ATALBURUA

HIRIGINTZAKO-PLANGINTZAREN IZAPIDETZEAZ

 

6. Atala

 

       Plangintza orokorreko zehaztapenak garatzen dituzten zati-planak eta plan bereziak izapidetzeko honako arau hauek hartu beharko dira aintzat:

 

a)  Plana prestatu duen administrazioak berak eman beharko du hasierako onarpena. Jarraian, dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta bertan hedatuenetarikoa den egunkari batean jakinarazi beharko da, plana jendaurrean jarriko dela gutxienez hamabost egunez.

     Ekimen publiko eta pribatuko planak badira, agiri guzti-guztiak udal-erregistroan aurkezten direnetik hiru hilabeteko epea izango da hasierako onarpena erabakitzeko edo ukatzeko.

b)  Jendaurrean jartzen den epearen buruan inork alegaziorik aurkeztu ez badu, hasierako onarpena duela ulertuko da, eta ondoren c) puntuan xedatutakoa bete beharko da.

     Bestelakoan, jendaurrean jarritako epearen buruan izandako alegazioak ikusirik, udalak behin-behinekoz onartuko du plana, bidezkoak diratekeen aldaketak barne. Aldaketa horiek funtsean aldatzen badute hasiera batez onartutakoa, behin-behineko onarpena eman baino lehenago jendaurrean jarriko da ostera ere.

     Ekimen publiko zein pribatuko planak direnean, behin-behineko onarpena erabakitzeko epea ez da sei hilabetekoa baino handiagoa izango hasierako onarpena ematen denetik.

c)  Behin-behineko onarpena emanda, foru-aldundiak behin-betiko onartzekoa bada plana, udalak, hamar eguneko epean, planaren espedientea igorriko dio dagokion foru-organoari.

     Udalak behin-betiko onartu behar dituen planek ez dute foru-aldundiaren behartze-indarrik gabeko txostenaren beharrik izango. Alegazioetarako epean egingo ditu foru-aldundiak, egoki baderitzo, bere ekarketak.

 

7. Atala

 

       1.-   Aginpidea duten udalek, hiru hilabeteko epean, hasiera batez onartuko dituzte ekimen pribatuko xehetasun-azterlanak eta hirigintza-egitasmoak.

 

       2.-   Hasierako onarpena eman ondoren, kasuan kasuko lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta bertan hedatuenetarikoa den egunkari batean jakinarazi beharko da, plana jendaurrean jarriko dela gutxienez hamabost egunez. Epe horretan aztertu ahal izango dira planok, eta, bide batez, bidezkotzat jotzen diren alegazioak aurkeztu ere bai.

 

8. Atala

 

       1.-   Plangintza orokorra garatzen duten zati-planak eta plan bereziak behin-betiko onartzeko epea bi hilabetekoa izango da, agiri guzti-guztiak aginpidea duen organoko erregistroan aurkezten direnetik. Epe hori bukatzen bada ezer adierazi gabe, isilbidez behin-betiko onartu dela esan nahi izango du.

 

       2.-   Udala bada zati-planak eta plan bereziak behin-betiko onartu behar dituena, epeak behin-behineko onarpena erabaki zenetik aurrera zenbatuko dira.

 

       3.-   Hirigintza-egitasmoak eta xehetasun-azterlanak behin-betiko onartzeko epea hiru hilekoa izango da hasierako onarpena eman denetik. Epe hori bukatzen bada erabakiaren berri eman gabe, administrazio-isilbidez behin-betiko onartu dela esan nahi izango du, beti ere epe horren barruan jendaurreko izapidea bukatu bada.

 

9. Atala

 

       Lur-sailak berriz zatitzeko espedienteen ihardunbide orokorrean, lur-sailak borondatez berriz zatitzeko ihardunbide laburretan eta ekonomiak eragindako birzatiketakoetan, jendaurreko izapidea eta interesdunei eman behar zaien entzunaldia egiteko epea hamabost egunekoa izango da.

 

10. Atala

 

       1.-   Konpentsazio-sisteman, alegazioen izapide-aldia, Konpentsazio Egitasmoaren Batzordea eratzeko ihardunbide orokorrerako sarrera eskatzeko epeak eta aipatutako batzordeak onartu baino lehenagoko entzunaldirako epea hamabost egunekoak izango dira.

 

       2.-   Estatutuen, iharduketa-oinarrien eta konpentsazioaren egitasmoak izapidetzeko ihardunbide laburrean eta, hala badagokio, hirigintza-egitasmoan, alegazioen eta entzunaldiaren izapidea hamabost egunekoa izango da. Bestalde, aipatutako egitasmoak behin-betiko onartu direla jakinarazten denetik zenbatzen den epeak batzordea eratzeko ere balio izango du.

 

III ATALBURUA

HIRIGINTZA-APROBETXAMENDUAZ

 

11. Atala

 

       Euskal Autonomi Elkarteko udalerri guztietako hiri-lurrean, legez ezarritako beharkizunak betez lur-sail bateko jabeak beregana dezakeen aprobetxamendua honako hau izango da:

 

a)  Ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretua oso-osorik ezarri behar den udaletan, jabearen lurrean dagokion banaketa-guneko aprobetxamendu-ereduaren %85 ezartzearen emaitza; edo, udal horietan aprobetxamendu-eredua finkatzen ez den bitartean, aipatutako lurrean dagokion burutze-unitateko batez besteko aprobetxamenduaren %85 ezartzearen emaitza. Bata zein bestea kalkulatzeko, legegintzako errege-dekretu horren bigarren erabaki gehigarriaren arabera egin beharko da.

b)  Ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretua oso-osorik ezarri behar ez den udaletan, jabearen lurrean dagokion burutze-unitateko batez besteko aprobetxamenduaren %85 ezartzearen emaitza. Emaitza hori kalkulatzeko, legegintzako errege-dekretu horren bigarren erabaki gehigarriaren arabera egin beharko da.

c)  Aurreko bi puntuetan sartzen diren udalerrietan, baldin eta jabearen lurra burutze-unitateren batean sarturik ez badago edo egon behar ez badu, jabearen lurrean indarrean dagoen plangintzak bertan baimentzen duen aprobetxamenduaren %85 ezartzearen emaitza.

 

Aldi Baterako Erabakia

 

Lehenengoa

 

       1.-   Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorrak eta Plangintzako Arau Ordezkatzaileak idazteko ihardunbideak, bai eta horien berrazterketak zein aldaketak egitekoak ere, baldin eta plangintzaren erizpideak, helburuak eta irtenbide orokorrak jendaurrean artean jarri ez badira lege hau indarrean jartzen denean, berez iraungiko dira legea indarrean sartzen denean, nahiz eta ekimen pribatuz irekita egon. Nolanahi ere, planon, arauon, berrazterketon eta aldaketon idazkera eta onarpena oso-osorik egokitu beharko zaizkio lege honi.

 

       2.-   Aurreko idazatiak hartzen ez dituen Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorrak eta arau ordezkatzaileak, bai eta horien berrazterketak eta aldaketak ere, lege honetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio.

 

Bigarrena

 

       1.-   Aldi baterako lehenengo erabakiaren 2. idazatian aurrikusten den egokitzapena burutzen ez den bitartean, hiri-antolakuntzarako plan orokorrak eta plangintzako arau ordezkatzaileak garatzen dituzten tresna guztiek, behar diren zehaztapenak gauzatuz, lege honetan ezarritako standarrak bete eta eraginkorrak direla ziurtatu beharko dute; edo, bestela, legearen 5.2 idazatian xedatutako moduan bete direla ziurtatu beharko dute.

 

       2.-   Lege hau indarrean jartzen denean hasierako onarpena eskuratu duten antolakuntza-tresnak salbuespenak izango dira aurreko idazatian xedatutakorako.

 

Hirugarrena

 

       Udal-antolakuntza orokorra garatzen duten plangintza-tresnak, baldin eta legea indarrean jartzen denean hasierako onarpena eskuratua badute, lege honen aurretik indarrean zegoen ihardunbide-arauekin bat burutuko dira oso-osorik.

 

Azken Erabakia

 

       1.-   Eusko Jaurlaritzak ahalmena du lege hau garatu eta ezartzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

 

       2.-   Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra