Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

17/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, Itsu-txakurrena.

1997-11-21

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1997/12/11, 237. zk.; EAO, 2012/1/14, 12. zk.

Indargabetua: 2007-07-21

§ 202. 17/1997 LEGEA, AZAROAREN 21EKOA, ITSU TXAKURRENA

ZIOEN ADIERAZPENA

      Euskal Autonomia Estatutuaren 10.12 atalean jasota dagoenez, Euskal Autonomia Erkidegoak aginpide osoa du gizarte-laguntzaren arloan. Dena den, gai horren inguruan, kontuan izan behar da Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzko Legeak esaten duenaren arabera, lurralde historikoetako foru-organoen eginkizuna izango da, bakoitzak bere lurraldean jardunda, aginpide hori betearaztea.

      Bestalde, Euskal Estatutuaren 9.2 atalean esaten denez, euskal aginte publikoen eginkizuna izango da, bakoitzak bere aginpideen barruan jardunda, norbanakoaren eta taldeen arteko askatasuna eta berdintasuna lortzeko badintzak bultzatu eta oztopoak kentzen saiatzea, askatasun eta berdintasun hori eraginkorra eta benetakoa izateko. Era berean, herritar guztiek Euskadiko politikan, ekonomian, kulturan eta gizartean parte hartzea ere erraztu behar dute botere publikoek, eta hori guztia Konstituzioan esaten denaz bat. Izan ere, Konstituzioan jasota dagoenez, gizarte-politika gidatuko duten printzipioetako bat urritu fisiko eta sentsorialak integratzea eta babestea da, hain zuzen ere gainontzeko herritarrek dituzten eskubide berak izan ditzaten.

      Esandako guztiagatik, euskal erakundeek, aspaldidanik, hainbat ekintza burutu dute gizarte-integrazioko politika eraginkorra lortu ahal izateko. Horren erakusle ditugu maiatzaren 3ko 2/1990 Legea, Gizarteratzeko Gutxieneko Dirusarrerei buruzkoa, edo urriaren 18ko 5/1996 Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa, biak ala biak ere lehen pausoa gizarte-laguntzaren arloan politika orokorra aurrera eramateko. Era berean, eta gizarte-laguntza lan-esparru zabala dela kontuan izanda, zenbait ekintza burutu dira urritu fisiko edo sentsorialekiko bereizkeria ahal den neurrian desagertarazten saiatzeko. Horren froga ditugu 1981eko martxoaren 23ko 59/1981 Dekretua eta abenduaren 19ko 291/1983 Dekretua, arkitekturak eragindako oztopoak kentzeko araudiari buruzkoa.

      Urritu fisiko eta sentsorialak gizartean benetan integratzeko eta horien aldeko bereizkeria positiboa egiteko helburua duen araugintza horren ildo berekoa da oraingo lege hau, eta azpiegitura sozialik ez izateagatik sortutako trabak kentzea baldin bazen asmoa orain arte, lege honekin gizartea sentsibilizatzeko nahia ere badago, sarritan urrituei beren eskubideak benetan aurrera eramaten galarazten dielako gizarteak; oraingo honetan ikusteko arazoak dituztenez ari gara.

      Aipatu ditugun helburuak direla eta, lege honekin bi lortu nahi dira: batetik, arlokako araudia bateratu nahi da, batasunik gabe egon delako orain arte. Araudi batek ikusteko arazoak zituzten pertsonek itsu-txakurrak erabiltzeari zegokiona arautzen zuen, eta beste batek animalia horiek bete beharreko higiene- eta osasun-baldintzak. Baina garrantzitsuena zigor-sistema bat arautzea izan da, orain arte ez baitzegoen halakorik; horren bidez, arau honetan onartutako eskubideak benetan gauzatzea lortuko da.

      Bi atalburutan dago banatuta lege hau. Lehenengoa xedapen orokorrei buruzkoa da, eta hauek jasotzen ditu: itsu-txakur bihurtzeko zein baldintza bete behar diren -aginpide hori aldundien esku utzi da-, ikusteko arazoak dituzten pertsonek itsu-txakurrez lagunduta edozein leku publikotan edo erabilera publikoko edozein lekutan sartu, ibili eta egoteko duten eskubidea eta, azkenik, beste aldetik, pertsona horiek izango dituzten betebeharrak. II. atalburuan legean jasotako eskubide eta betebeharrak aurrera eramateko zigor-erregimena zehaztu da. Horretan ere zigortzeko ahalmena aldundien eskuetan geratu da.

I ATALBURUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. Atala - Helburua eta ezarpen-eremua

      Lege honen helburua da ikusteko arazoak dituzten pertsonek -itsu nahiz bestelakoek- itsu-txakurrez lagunduta, ezintasun hori ez duten pertsonen baldintza berekin, edozein leku publikotan edo erabilera publikoko edozein lekutan sartzeko duten eskubidea bermatzea.

2. Atala - Itsu-txakurra zer den

      Ikusteko arazoak dituzten pertsonei lagun egin, pertsona horiek gidatu eta laguntza emateko trebatutako txakurrak dira itsu-txakurrak, betiere balio ezaguneko zentro berezituetan prestatutakoak. Dena den, itsu-txakur gisa hurrengo atalean esaten den moduan errekonozitu eta identifikatutakoak izan beharko dute txakur horiek.

3. Atala - Errekonozitzea eta identifikatzea

      1.-     Itsu-txakur gisa errekonozitzeko, ondoren aipatzen diren betekizunak bete beharko dira:

a)   Txakurrak ikuste-arazoak dituzten pertsonei lagun egin, pertsona horiek gidatu eta laguntza emateko beharrezkoa den trebakuntza jaso duela dioen akreditazioa izatea.

b)   Ondorengo atalean aipatzen diren higiene eta osasun arloko baldintzak betetzen direla dioen akreditazioa edukitzea.

c)   Dena delako itsu-txakurra nork erabiliko duen identifikatzea.

      2.-     Itsu-txakurra dela onartu eta gero, ezaugarri hori bizitza osoan zehar gordeko du txakurrak, lege honen 6.4 atalean esaten dena kontuan izan beharko bada ere.

      3.-     Itsu-txakur bakoitza beti halakotzat identifikatzen duen ikurrarekin ibiliko da. Horrekin batera, txakur-espezieko animalia izateagatik eraman beharreko gainerako identifikazioak ere jarrita euki beharko ditu.

      4.-     Foru-aldundien eginkizuna izango da, bakoitzak bere lurraldean diharduela, itsu-txakurrak errekonozitu eta identifikatzea.

      Atal honetako 1. zenbakian aurreikusitako betekizunak betetzen direla dioen akreditaziorako prozedura ere foru-aldundiek xedatuko dute.

      5.-     Itsu-txakurraz baliatzen den pertsonari txakurraren egiaztagiriak aginpidea duen agintariak edo kasuan kasuko zerbitzuko arduradunak soilik eskatu ahal izango dio.

      6.-     Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez eta itsu-txakurrez baliatzen diren ikusmen-arazodunak Euskal Autonomia Erkidegoan aldi bateko egoten diren kasuetan, itsu-txakur gisa onartzeko dagokion administrazio publikoak emandako errekonozimendua eta ikurra izango dira baliozkoak.

4. Atala - Higiene- eta osasun-baldintzak

      1.-     Orokorrean etxeko animalia guztiek higiene eta osasun arloan bete beharreko baldintzez gainera, beste hauek ere bete beharko dituzte itsu-txakurrek:

a)   Ezin izango dute gizakiari kutsatzeko moduko gaixotasunik eduki. Gaixotasun horiek une bakoitzean indarrean dagoen antropozoonosien taulan jasotakoak izango dira.

b)   Errabiaren kontrako txertoa hartuta egon beharko dute, ekinokokosiaren aurkako tratamendua hartuta aldian-aldian; kanpoaldeko eta barrualdeko parasitorik ere ez dute izan beharko. Bestalde, leishmaniasia, leptospirosia eta bruzelosia duten edo ez ikusteko egindako probetan, emaitzak negatiboa izan beharko du.

      2.-     Aurreko lerroaldean aipatzen diren gaitzetako bat ere ez duela egiaztatzeko, albaitariaren egiaztagiria behar izango da.

      3.-     Itsu-txakur izaten jarraitzeko, sei hilean behin azterketa egingo zaio txakurrari, atal honetako 1. zenbakian aipatzen diren higiene eta osasun arloko baldintzak betetzen dituen edo ez ikusteko.

5. Atala - Leku publikoak edo erabilera publikoa dutenak zeintzuk diren zehaztea

      Lege honen 1. atalean esaten denaren ondorioetarako, hauek izango dira leku publikoak edo erabilera publikoa dutenak:

a)   Bideei buruz ezartzekoa den hirigintzako legerian oinezkoentzako pasabide, oinezkoentzako bide edo oinezkoek bakarrik erabiltzeko jotako bideak.

b)   Aire librean denbora emateko lekuak.

c)   Era guztietako zentro ofizialak, titularitatea edonolakoa dela ere, orokorrean herritarrek sartzeko debekurik ez baldin badute.

d)   Maila eta arlo guztietako ikastetxeak.

e)   Osasun- eta laguntza-zentroak.

f)    Kirol-instalazioak.

g)   Zaharren egoitza, zaharren etxeak eta zaharrei laguntzeko gainerako elkarteak.

h)   Erlijio-zentroak.

i)    Merkataritzako denda handi eta txikiak.

j)    Profesional liberalen bulegoak.

k)   Autobus, metro, tren eta garraio publikoko ibilgailu arinen geltokiak, aireportuak eta portuak.

l)    Azaroaren 10eko 4/1995 Legearen menpe dauden lokal eta instalazioak. Lege hori ikuskizun publiko eta jolas-ekintzei buruzkoa da.

m)  Hotelak, aterpeak, kanpamenduak, bungalow-ak, apartamentuak, opor-guneak, bainuetxeak, kanpinak eta diru-ordainaren truke pertsonei logelaren bat edo egoitza eskaintzeko diren establezimenduak. Baita turismoarekin zuzeneko zerikusia duten zerbitzuak eskaintzen dituzten bestelako jendaurreko zerbitzuak ere.

n)   Edozein garraio kolektibo publiko edo erabilera publikoko edozein garraio kolektibo eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen aginpidekoak diren hiriko edo hiriarteko ibilgailu arinen bidezko zerbitzuak.

ñ)   Orokorrean jardunda, beste edozein leku, lokal edo establezimendu, erabilera publikokoa edo jendeari kasu egitekoa baldin bada.

6. Atala - Eskubidea gauzatzea

      1.-     Lege honen 1. atalean aipatzen den hainbat lekutan sartu, ibili eta egoteko eskubideak itsu-txakurra denbora guztian jabe edo erabiltzailearen aldamenean egotea dakar. Horren salbuespena izango da hirugarren pertsona batentzat, txakurrak gidatzen duen pertsonarentzat edo txakurrarentzat berarentzat berehalako arrisku larria egotea.

      2.-     Garraiabideetan sartu, ibili eta egoteko eskubideak ondorio hauek izango ditu:

a)   Ikusteko arazoak dituelako txakurrak lagunduta doan pertsonak lehentasuna izango du jarlekurik zabalena aukeratzeko, inguruan leku libre zabalena duena aukeratzeko edo pasabidearen alboan dagoena aukeratzeko, betiere zein garraio-mota den kontuan izanda.

b)   Ibilgailu arinetan egindako hiri barruko edo hiri arteko garraio-zerbitzuetan, itsu-txakurrak atzeko aldean joango dira eskuarki, ikusteko arazoak dituen pertsonaren oinen alboan jarrita, eta betetako lekuak zenbatzerakoan, txakurra ere zenbatu egingo da.

      Dena den, eta ikusteko arazoak dituen pertsonak hala nahi badu, aurreneko lerroko eskuineko jarlekua hartu ahal izango du, txakurra oinen alboan jarrita duela, ondorengo kasuetan:

-  Ibilbide luzeko bidaietan.

-  Ikusteko arazoak dituzten bi pertsona, itsu-txakur banarekin, elkarrekin doazenean.

      3.-     Lege honetan aitortzen zaizkien eskubideak indarrik gabe geratuko dira, txakurrek gaixotasunenak izan daitezkeen ondorengo zantzuak baldin badituzte:

a)   Sukarraren zantzuak.

b)   Ilea normalean ez bezala galtzea.

c)   Kaka arina egitea.

d)   Jario anormalak izatea.

e)   Azaleko parasitosien zantzuak.

f)    Zauriak izatea, betiere neurriaren eta itxuraren arabera.

      4.-     Itsu-txakurrak gidari izatearen ezaugarria galdu ahal izango du dagozkion eginkizunak burutzeko gauza ez bada. Era berean, eraso egiteko jarreraren bat erakusten badu, gidari izatearen ezaugarria galdu ahal izango du.

      Lurralde bakoitzeko aldundiaren esku egongo da txakurrei gidari izatearen ezaugarria kentzea, erregelamendu bidez zehaztutako bidea jarraituta, baina kasu guztietan albaitariaren egiaztagiria behar izango da.

7. Atala - Gastu ekonomikoak

      Lege honetan onartutako eskubideez baliatzeak ez du eragingo, inoiz ere, itsu-txakurra erabiltzen duen pertsonarentzako gasturik.

8. Atala - Itsu-txakurra erabiltzen duen pertsonaren betebeharrak

      Itsu-txakurra erabiltzen duten pertsonek legeetan jasotakoak zaintzeko betebeharra dute, baina, bereziki, ondorengoak beteko dituzte:

a)   Txakurra itsu-txakurra dela erakusten duen agiria aldean eraman eta erakustea, hala eskatzen zaionean. Lehen aipatutako agiri-mota da.

b)   Itsu-txakurra erakutsi dizkioten eginkizun bereziak burutzeko baino ez erabiltzea.

c)   Bide eta leku publikoetan, edo erabilera publikokoetan, higiene- eta segurtasun-arauak bete eta errespetatzea, erabiltzaileak duen ezintasunak uzten dion neurrian.

d)   Erantzukizun zibila babestuko duen poliza izenpetuta edukitzea, itsu-txakurrak hirugarrenei egin diezaiekeen kaltea babestuta izateko.

II ATALBURUA

ZIGOR ERREGIMENA

9. Atala - Arauhausteak

      Lege honi dagokionez, legean esaten dena ez betetzea izango da administrazio-arauhaustea. Legean bertan zehaztuta dago zeintzuk diren arauhausteak.

      Jokabide horiek lege honetan xedatzen denaren arabera zigortuko dira.

10. Atala - Erantzukizuna duten pertsonak

      1.-     Lege honetan zehaztutako arauhausteen erantzule arauhauste horien egileak baino ez dira izango.

      2.-     Legean tipifikatutako gertakaria beren kasa, beste norbaitekin batera edo beste norbaitez baliatuz burutzen duten pertsona fisikoak edo juridikoak dira arauhausteen egileak, zor den lan-obedientzi kasuetan salbu.

      3.-     Era berean, egileak izango dira:

a)   Arauhaustea burutzeko ezinbestekoa den laguntza eman duten pertsonak.

b)   Jarduerak antolatu edo establezimenduak ustiatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, kasuan kasuko lizentziaren jabe diren pertsonak edo zerbitzuaren jabe den erakunde publiko edo pribatuaren arduradunak, baldin eta pertsona horiek ez badute galarazten beste norbaitek lege honetan jasota dauden arauhausteak burutzea.

11. Atala - Arauhausteen sailkapena

      1.-     Lege honetan jasotako arauhausteak hiru eratakoak izango dira: arinak, larriak eta oso larriak.

      2.-     Hauek dira arauhauste arinak:

a)   Lege honetan eta legea garatuko duen araudian jasotako xedapenak ez betetzea, horrek kalte larria sortzen ez badu eta hutsegite larri edo oso larritzat jotakoa ez bada. Era berean, arauhauste arinak izango dira aipatu dugun araudian onartzen diren eskubideak gauzatzeari oztopoak jartzeko asmoa duten jarrera guztiak.

b)   Txakurra itsu-txakurra dela erakusten duten agiriak nahierara eta arrazoirik gabe eskatzea eta lege honetan jasotakoez gainera beste baldintza batzuk betetzeko eskatzea ikusteko arazoak dituen pertsonari.

c)   Itsu-txakurraz baliatzen denak lege honetako 8. atalean aipatzen diren betebeharretakoren bat ez betetzea.

      3.-     Hauek dira arauhauste larriak:

a)   Itsu-txakurrarekin joan eta ikusteko arazoak dituzten pertsonei Hiru lege honetako 5. atalean aipatzen direnetako edozein leku publikotan edo erabilera publikokotan sartu, ibili edo egoten galaraztea, leku horiek titularitate pribatukoak izanda.

b)   Itsu-txakurrak nonbait sartzeagatik -lege honetan esandako baldintzak beteta bada ere- gastuak kobratzea.

c)   Hiru arauhauste arin egitea urtebetean. Hutsegite horiengatik zigorra jasota egon beharko da erabaki irmoa dela eta.

      4.-     Hauek dira arauhauste oso larriak:

a)   Itsu-txakurrarekin joan eta ikusteko arazoak dituzten pertsonei lege honetako 5. atalean aipatzen direnetako edozein leku publikotan edo erabilera publikokotan sartu, ibili edo egoten galaraztea, leku horiek titularitate publikokoak izanda.

b)   Hiru arauhauste larri egitea urtebetean. Hutsegite horiengatik zigorra jasota egon beharko da erabaki irmoa dela eta.

12. Atala - Zigorrak

      1.-     Arauhauste arinengatik 50.000 pezetarainoko zigorra jarriko da.

      2.-     Arauhauste larriengatik 50.001 pezetatik 500.000 pezetarainoko zigorra jarriko da.

      3.-     Arauhauste oso larriengatik 500.001 pezetatik 2.000.000 pezetarainoko zigorra jarriko da.

13. Atala - Erantzukizuna eta zigor-mailak

      Zigorra zenbatekoa den zehazteko, proportzionaltasunaren printzipioa izango da gogoan, baina, batez ere hauek hartuko dira kontuan: erruduntasuna eta intentzioa zenbatekoak izan diren, nolako galerak eragin diren, zenbateko arriskua sortu den eta lehenbiziko aldia den edo ez.

14. Atala - Aginpidea duten organoak

      Lege honetan jasotako arauhausteak direla-eta zigor-espedienteei hasiera ematea eta horietaz erabakitzea foru-aldundien eginkizuna izango da; aldundi bakoitzak bere lurralde-eremuan izandako arauhausteez erabakiko du.

15. Atala - Arauhausteek eta zigorrek preskribitzea

      1.-     Arauhauste oso larriek bi urteren buruan, larriek urtebetearen buruan eta arinek sei hilabeteren buruan preskribituko dute.

      2.-     Arauhauste oso larriei jarritako zigorrek bi urteren buruan, arauhauste larriei jarritako zigorrek urtebetearen buruan eta arauhauste arinei jarritako zigorrek sei hilabeteren buruan preskribituko dute.

      3.-     Arauhausteen preskripzio-epea arauhaustea bera burutu zen egunetik bertatik asiko da zenbatzen. Preskripzioaren epea zenbatzea eten egingo da zigor-jardunbideari hasiera eman eta interesatuari horren berri ematen bazaio. Dena den, ustezko erantzulearekin zerikusirik ez duen arrazoiren batengatik zigor-espedientea hiru hilabetez baino gehiagoan geldirik egoten bada, preskripzio-epea berriz ere abian jarriko da.

      4.-     Zigorra jarri duen erabakia irmoa izan den egunetik ez hurrengotik hasita, zigorra preskribitzeko epea zenbatzeari ekingo zaio. Interesatua jakinaren gainean egonda zigorra betearazteko jardunbidea hasteak eten egingo du preskripzio-epea zenbatzea, baina interesatuarekin zerikusirik ez duen arrazoiren batengatik betearazteko jardunbidea hiru hilabetez baino gehiagoan geldirik egoten bada, preskripzio-epea berriz ere abian jarriko da.

Xedapen Gehigarriak

Lehenengoa - Txakurren trebatzaileak

     Ikusteko arazoak izanik txakurrekin doazen pertsonei lege honetan aitortzen zaizkien eskubide berak izango dituzte animaliak trebatzeko balio ezaguneko zentroetako trebatzaileek, itsu-txakurrak trebatzen eta horien jarraipena egiten ari diren artean. Era berean, pertsona horiek izango dituzten betebehar berak ere edukiko dituzte.

Bigarrena - Txakurrak trebatzeko zentroak

      Animaliak trebatzeko balio ezaguneko zentroak Espainiako Itsuen Elkarteak -ONCEk- halakotzat jotakoak izango dira, lege honetan jasotakoetarako.

Hirugarrena - Informatzeko eta hezteko kanpainak

      Euskal administrazio publikoek herritar guztiak informatzeko eta hezteko kanpainak bultzatuko dituzte, ikusteko arazoak izan eta itsu-txakurren premia duten pertsonen egoeraz jabetzeko eta pertsona horiek benetan eta modu eraginkorrean integratzeko.

Aldibaterako Xedapen Bakarra

      Lege honetan itsu-txakurrak errekonozitu eta identifikatzeko jarri diren baldintzak betetzeko, sei hilabeteko epea izango dute txakurren arduradunek, baldintza horiek garatzeko erregelamendua -itsu-txakur gisa errekonozitzeko baldintzei buruzkoa eta ikur ofizialaren diseinuari buruzkoa- indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita.

Azken Xedapenak

Lehenengoa - Erregelamendu bidezko garapena

      Eusko Jaurlaritzak izango du ahalmena lege honetako 12. atalean zehaztutako zigorren zenbatekoak eguneratzeko, eta baita legea garatzeko beharrezko xedapenak emateko ere.

Bigarrena - Udal-ordenantzak egokitzea

      Udalek, beren aginpideen eremuan, sei hilabeteko epean egokituko dituzte lege honetako arauen alorreko udal-ordenantzak. Epea legea indarrean jartzeaz bat hasiko da kontatzen".

Hirugarrena - Ordezko erregimena

      Lege honetan ezarritako arauhausteengatik hasitako zigor-espedienteak izapidetzeko eta horiei buruzko erabakiak hartzeko, administrazioko zigor-jardunbidean esaten dena bete beharko da, lege honetan zehaztu gabekoetan.

Laugarrena - Indarrean jartzea

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra