Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

18/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Ekonomialarien eta Merkataritza Tituludunen Elkargoak Bateratzekoa

2012-06-28

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2012/7/6, 132. zk.; EAO, 2012/7/19, 172. zk.

§ 349. 18/2012 LEGEA, EKAINAREN 28KOA, EUSKADIKO EKONOMIALARIEN ETA MERKATARITZA TITULUDUNEN ELKARGOAK BATERATZEKOA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Ekonomialarien Kontseilu Nagusia (ekonomialarien elkargoen eta merkataritza-tituludunen elkargoen baterakuntza) sortzen duen Gorte Nagusien urriaren 4ko 30/2011 Legeak xedatzen du ezen, kontseilu nagusi horren gobernu-organoak eratzen diren unean, deuseztatu egingo direla Espainiako Ekonomialarien Elkargoen Kontseilu Nagusia eta Espainiako Merkataritza Tituludunen Elkargo Ofizialen Kontseilu Gorena.

 

       Lege horrek, gainera, hala xedatzen du: "Ekonomialarien elkargoen kontseilu autonomikoak eta merkataritza-tituludunenak bateratzeko prozesuen araubidea, bai eta ekonomialarien elkargoak eta merkataritza-tituludunen elkargo ofizialak bateratzekoena ere, elkargo horiei aplikatzekoa den lanbide-elkargoei buruzko Estatuko edo autonomia-erkidegoko legerian xedatutakoa izango da". Eta eransten du: elkargo eta kontseilu autonomiko horiek "beren bateratzea sustatuko dute dagokien autonomia-erkidegoan, aplikatzekoa den araudi autonomikoan aurreikusitakoaren arabera" (3. artikulua).

 

       Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluak Autonomia Erkidego honi eskumen esklusiboa esleitzen dio lanbide-elkargoen eta lanbide tituludunen jardueraren arloan, Konstituzioaren 36 eta 139. artikuluetan xedatutakoari kalterik eragin gabe.

 

       Eskumen hori baliatuz, Eusko Legebiltzarrak Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea onetsi zuen.

 

       Ekonomialarien Euskal Elkargoak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialek bateratzea erabaki dute, haietako bakoitzaren Batzar Orokorrak hartutako erabakiaren bitartez.

 

       Aurretiko jarduketetan hainbat formula hartu dira kontuan bateratze hori gauzatzeko balio lezaketenak. Horien artean, bat-egitearen formulak egokiagoa zirudien elkargo berri bat sortzeko helburua lortzeari begira, oraingo lau elkargoen ordez (egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoa eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen hiru elkargo ofizialak).

 

       Baina bateratzetik sortutako elkargo berri horrek Ekonomialarien Euskal Elkargoa izan behar du izena, kontseilu nagusi berriarentzat hartutako izenaren ildotik, eta, beraz, elkargo bateratu berriaren izena ordeztu beharreko egungo elkargoetako baten izen bera izango litzateke, oraindainokoan Ekonomialarien Euskal Elkargoa esan izan zaiona, eta horrek nolabaiteko nahasketa sortzea dakar.

 

       Bestalde, bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal Elkargo berriaren eta oraindainoko Ekonomialarien Euskal Elkargoaren arteko desberdintasunak behartu egiten zuen oraindainokoaren ondarea eta langileria elkargo berriari pasatzera. Horrek guztiak halako konplexutasun bat dakar, alferrikakoa baldin eta kontuan hartzen bada izen berarekin identifikatu behar direla.

 

       Anomaliarik gerta ez dadin, eta izen bera luketenez gero bateratzetik sortutako elkargoak eta oraindaino zeuden elkargoetako batek, erabaki da egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoa erabiltzea haren barruan merkataritza-tituludunaren lanbidea eta merkataritza-tituludunak hartzeko, hartara elkargo bateratu berri bat sortzea aurreikusita erdietsiko zatekeen emaitza bera lortzearren. Dena ere, xedatzen den bateratze hori errazagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

 

       Xedapen iragankorren bidez bateratze-sistema arautzen da, eta, horretarako, bi sistema aurreikusten dira, lehentasunezkoa bat eta ordezkoa bestea.

 

       Sistema biek, erreferentzia gisa, hainbat gai jasotzen dituen bateratze-proiektu bera daukate, bigarren xedapen iragankorrean azaltzen dena.

 

       Lehentasunezko bateratze-sisteman, bateratzen diren lau elkargoen gobernu-batzordeek, denak ados direla, behin-behineko erregelamendu bat onesten dute bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal Elkargoaren abiarazte, antolaketa eta funtzionamendurako, harik eta beraren estatutu berriak onetsi eta indarrean diren arte. Hirugarren xedapen iragankorrak bateratze-sistema hori arautzen du.

 

       Baina gobernu-batzorde guztien onespen hori falta izanez gero, gerta daiteke sistema hori ez aplikatzea; horregatik, beste bateratze-sistema bat aurreikusi behar da, aurrekoaren ordez aplikatzekoa, lau elkargo inplikatuen erabateko adostasunik ez dagoelako hura indarrean ezin jarri den kasurako. Laugarren xedapen iragankorrak ordezko bateratze-sistema hori arautzen du, eta, horretarako, bi organo espezifiko sortzen ditu: Batzar Kudeatzailea eta Batzorde Kudeatzailea.

 

- Batzar Kudeatzailean, bateratzen diren elkargoetako kide guztiak biltzen dira, eta edozein elkargoren Batzar Orokorrak berezko dituen eskumenak esleitzen zaizkio, baina bateratzeari dagokion bezainbatean; hala, Batzar Kudeatzaile horrek batzar orokor bateratu bati legokiokeen lekua hartzen du, bateratze-prozesuak irauten duen bitartean, eta aukera ematen du bateratzen diren lau elkargoetako kide guztiek erabaki horietan parte hartzeko.

- Batzorde Kudeatzailea egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialek izendatutako kideek osatzen dute, eta 30/2011 Legeak ezarritako proportzionaltasuna gordetzen du, hain zuzen ere ekonomialarien erakundeak eta merkataritza-tituludunenak izendatutako kideei dagokienez lege horrek sortu zuen Batzorde Kudeatzailearentzat ezarritako bera.

 

       Adierazitako guztiaren arabera, xedatzen da bateratzea Euskadiko ekonomialarien eta merkataritza-tituludunen lanbide-elkargoak, segidan azaltzen den moduan.

 

Artikulu bakarra. Elkargoak bateratzea

 

       1.    Xedatzen da bateratzea Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomialarien eta merkataritza-tituludunen elkargoak.

 

       2.    Horrek eragina izan dezan, egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoak zabaldu egiten du bere eremua, beraren barruan hartzeko merkataritza-tituludunaren lanbidea eta merkataritza-tituludunak, halako eran non Euskadiko elkargo bakarra izango baita ekonomialarientzat eta merkataritza-tituludunentzat.

 

       3.    Bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal Elkargoak ekonomialariak eta merkataritza-tituludunak biltzen ditu, edozein dela ere lanbidean sartzeko baliatu duten titulazioa, eta elkargoko kide bakoitzak eskubide eta betebehar berdinak izango ditu haren barruan, batzuetakoa nahiz besteetakoa izan.

 

       4.    Elkargoen bateratze honek ez du eraginik izango ekonomialarientzat eta merkataritza-tituludunentzat onartuta dauden lanbide-eginkizunetan.

 

Xedapen Iragankorrak

 

Lehenengoa. Bateratze-prozesua

 

       1.    Egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoa bateratze-prozesutik sortutakoa izatera pasatuko da, hirugarren xedapen iragankorraren azken paragrafoan adierazten den egunean edo laugarren xedapen iragankorraren azken paragrafoan adierazten den egunean, aplikatzen den dataren arabera.

 

       Ordu arte, egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialek, eta orobat Euskadiko Merkataritza Tituludunen Lanbide Kontseiluak, lege hau indarrean sartzen den egunean indarrean duten arauketaren arabera funtzionatzen jarraituko dute.

 

       2.    Bateratzearen ondorioz, Ekonomialarien Euskal Elkargoa subrogatuko da Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialen eta, beraz, Euskadiko Merkataritza Tutuludunen Lanbide Kontseiluaren ondarearen, langileriaren, eskubideen eta betebeharren titulartasunean. Subrogatuko da, bereziki, beste elkargo horiek beren kideei buruz dituzten eskubide eta eginbehar guztietan.

 

Bigarrena. Bateratze-proiektua

 

       1.    Bateratze-proiektuan gai hauek sartuko dira:

 

a)  Egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoaren estatutuetan sartu beharreko aldaketak, bateratzetik sortutako elkargoa izan dadin.

b)  Deialdia, bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal Elkargoaren Gobernu Batzordea osorik berritzeko, eta horretarako hauteskunde-araubidearen zehaztapena.

c)  Egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoaren aurrekontuan sartu beharreko aldaketak, bateratzetik sortutako elkargoa izan dadin.

d)  Egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoaren ondarean, langilerian, eskubideetan eta betebeharretan sartu beharreko aldaketak, bateratzetik sortutako elkargoa izan dadin. Horretarako, zehaztu egin beharko dira bateratzearen ondorioz Ekonomialarien Euskal Elkargoa titulartasunean subrogatzen zaien Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialen ondarea, langileria, eskubideak eta betebeharrak.

 

       2.    Bateratze-proiektua onesteko, aukeratzen den bateratze-sistemarako xedatutakoari jarraituko zaio.

 

Hirugarrena. Lehentasunezko bateratze-sistema

 

       1.    Bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal Elkargoaren araubidea, haren estatutu berriak onetsi eta indarrean izan arteko abiarazte, antolaketa eta funtzionamenduari dagokion guztian, behin-behineko erregelamendu bat izango da, bateratzen diren aurreko elkargo guztien gobernu-batzorde guztiek (egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoarenak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen hiru elkargo ofizialenek) onetsia.

 

       2.    Behin-behineko erregelamendu horretan, bigarren xedapen iragankorrean azaltzen den bateratze-proiektuaren osagaiak jasoko dira.

 

       3.    Aurreko bigarren xedapen iragankorraren a) letran aipatzen diren estatutuetan sartu beharreko aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak onetsiko ditu behin betiko, elkargoen estatutuen aldaketetarako ezarrita dagoen arauketaren arabera.

 

       4.    Aurreko bigarren xedapen iragankorraren b) letran aipatzen den Gobernu Batzordea osorik berritzeko hauteskunde-araubidea behin-behineko erregelamendu horretan zehazten dena izango da, eta egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoaren estatutuetako arauketan inspiratuta egon beharko du. Halako zehaztapenik ez badago, Gobernu Batzordea osorik berritzeko hauteskunde-araubidea egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoaren estatutuetakoa izango da.

 

       5.    Bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal Elkargoaren organoak aurreko paragrafoen arabera eratzen diren egunean, bete-betean halako elkargo gisa funtzionatzen hasiko da hura. Une horretara arte, aurreko elkargoek eta kontseiluak jarraituko dute bete-betean funtzionatzen, diren elkargo eta kontseilu gisa. Une horretan bertan, deuseztatuta geldituko dira Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialak eta, beraz, Euskadiko Merkataritza Tituludunen Lanbide Kontseilua, eta Ekonomialarien Euskal Elkargoa subrogatuko da elkargo horien eta kontseiluaren ondarean, langilerian, eskubideetan eta betebeharretan.

 

Laugarrena. Ordezko bateratze-sistema

 

       1.    Baldin eta hirugarren xedapen iragankorrean aurreikusitako behin-behineko erregelamendua onesten ez bada lege hau indarrean sartu eta hilabeteko epean, laugarren xedapen iragankor honetan aurreikusitako bateratze-sistemari jarraituko zaio.

 

       2.    Horretarako, organo hauek sortzen dira:

 

a)  Batzar Kudeatzailea, egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoko eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialetako kide guztiek osatua.

b)  Batzorde Kudeatzailea, bost kidek osatua. Kideotako hiru egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoaren Gobernu Batzordeak izendatuko ditu, eta bi Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialen hiru gobernu-batzordeek aho batez, aurreko 1. paragrafoan aurreikusitako hilabetea igarotzen denetik hilabeteko epean. Gainera, Batzorde Kudeatzailea osatzen dutenen artean izango dira lehendakaria eta lehendakariordea.

c)  Organo bietako lehendakari, lege hau indarrean sartzen den egunean Ekonomialarien Euskal Elkargoko lehendakari dena izango da; eta organo bietako lehendakariorde, egun horretan Bizkaiko Merkataritza Tituludunen Elkargo Ofizialeko lehendakari dena, azken horren kargua Gipuzkoako elkargokoak eta Arabakoak hartzen dutelarik, hurrenez hurren, bakante, gaixotasun, absentzia edo legezko eragozpen baten kasuetan.

 

       3.    Eratzen denetik hiru hilabeteko epean, Batzorde Kudeatzaileak egingo du, gehiengo soilez, bigarren xedapen iragankorrean azaltzen den bateratze-proiektua.

 

       Egin eta gero, Batzorde Kudeatzaileak Batzar Kudeatzaileari bidaliko dio bateratze-proiektua, eztabaidatu eta, hala badagokio, onets dezan.

 

       Aurreko bigarren xedapen iragankorraren a) letran aipatzen diren estatutuetan sartu beharreko aldaketak, Batzar Kudeatzaileak onetsi ondoren, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak onetsiko ditu behin betiko, elkargoen estatutuen aldaketetarako ezarrita dagoen arauketaren arabera.

 

       4.    Batzorde Kudeatzaileak, egungo Ekonomialarien Euskal Elkargoak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialetako bakoitzak Batzar Kudeatzaileari proposatu ahalko diote, edozein unetan, bateratze-prozesuari buruzko zeinahi kontu.

 

       5.    Bateratzetik sortutako Ekonomialarien Euskal Elkargoaren organoak aurreko paragrafoen arabera eratzen diren egunean, bete-betean halako elkargo gisa funtzionatzen hasiko da hura. Une horretara arte, aurreko elkargoek eta kontseiluak jarraituko dute bete-betean funtzionatzen, diren elkargo eta kontseilu gisa. Une horretan bertan, deuseztatuta geldituko dira Batzar Kudeatzailea eta Batzorde Kudeatzailea, eta orobat Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-tituludunen elkargo ofizialak eta, beraz, Euskadiko Merkataritza Tituludunen Lanbide Kontseilua, eta Ekonomialarien Euskal Elkargoa subrogatuko da elkargo horien eta kontseiluaren ondarean, langilerian, eskubideetan eta betebeharretan.

 

Azken Xedapen Bakarra

 

Indarrean sartzea

 

       Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra