Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

19/1998 Legea, ekainaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzekoa.

1998-06-29

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1998/7/16, 133. zk.; EAO, 2011/12/31, 315. zk.

Indargabetua: 2004-04-01

§ 225. 19/1998 LEGEA, EKAINAREN 29KOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO UNIBERTSITATEA ANTOLATZEKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

Gure unibertsitateak zeresan handia izan du Euskal Herriko gizartearen, herri-bizitzaren, zientziaren eta teknologiaren garapenean. Bide eman du milaka pertsonak prestakuntza izan zezaten, gure herritarren ezaguera-maila hobetuz. Horrela hezitako profesionalek, produkzio eta zerbitzuen sisteman sartuz, gizarte aberatsagoa, zuzenagoa eta berdintasun handiagokoa sortarazi dute.

Nolanahi ere, unibertsitatea prozesu konplexu batean murgilduta dago. Prozesu horrek, gure bilakaera historikoaren emaitza besterik ez bada ere, ez dio beti bide berdinari jarraitu.

Ezarri den unibertsitate-eredua gure herria gizarte moderno bihurtzeko alderdi nabarmen eta osagai adierazgarria izan da, eta herritar guztiei irekita egoteagatik ere ez doa, eta ez du zertan joan, kalitatearen eta bikaintasunaren aurka.

Aurkezten dugun lege honek ezin du ahantzi XXI. mendearen atarira heldu arte ez diogula ekin unibertsitate-sistemaren emaitzak ebaluatzeari. Gure inguruko gizarteetan, aldiz, sistema berraztertzen ari diren arren, unibertsitate-tradizio luzea daukate. Euskal gizartea bere geroari buruz ari da pentsatzen, eta pentsamendu horren barruan ezinbestekoa da unibertsitateari buruzko gogoetak egitea eta unibertsitate-bikaintasuna arrazoizkotzeko moduak zehaztea ezaguera-gizarteak agertzen dituen erronken aurrean.

Botere publikoaren, unibertsitatearen eta euskal gizartearen arteko kontratu sozialaren oinarriak jartzea da legearen helburua. Kontratu horrek, bestetik, ateak ireki behar dizkie berrikuntzei, kalitateari eta ezaguera-bilaketari.

Autonomia Estatutuari esker Euskal Herriak eskumen zabalak hartu zituen irakaskuntzaren arloan -maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan- Estatuak beretzat gorde zituen eskumenei eta legegileek unibertsitateari eman zioten autonomiari kalterik egin gabe.

Bestaldetik, euskal unibertsitate-sistemak hiru unibertsitate hartzen ditu bere baitan: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea. Aniztasun horrek, gure gizartearen ezaugarria denak, konplexutasuna eta aberastasuna ematen dio euskal unibertsitate-sareari. Legegileen ahalmenak ere ezberdinak dira kasu batzuetan eta besteetan, dagozkien eskumenak ere ezberdinak baitira.

Autonomia Erkidegoak unibertsitatearen onerako legeak egiteko daukan ahalmena mugatua da. Unibertsitate barruko araudia Unibertsitatearen Erreformarako Legearen oinarrizko legediaren menpe geratu da. Oinarrizko eta garrantzizko hainbat gai Autonomia Erkidegoaren ahalmen arau-emailetik kanpo daude: besteak beste, irakasle-funtzioaren estatutua; irakaslego-sistema, eta titulu ofizialak lortzea helburu duten ikasketa-planak egin eta onartzea.

Horiek guztiak dira legearen aldetik ditugun mugak. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoak baditu nahiko eskumen guztion onerako esparrua taiutzeko.

Legearen helburuak honako hauek dira: unibertsitate-sistemaren koordinazioa, unibertsitate-ikasketen eskaintzaren programazio eta plangintza estrategikoa, euskararen erabilera sustatzea irakaskuntzan, ikerkuntzan, administrazioan eta zerbitzuetan, ikerketa-politika, eta eraginkortasun, nahikotasun eta segurtasun finantzarioaren printzipioetan eta ekintzen kalitatean eta etengabeko ebaluazioan oinarritutako sistema sortzea unibertsitatea finantzatzeko.

Atariko tituluan xedapen orokorrak jaso dira. Xedapen horietan, Autonomiaren jabetzapeko zerbitzu publikotzat jotzen da unibertsitatea. Horrela, Euskal Herrian prestazioak bermatzeko azken erantzukizuna Autonomia Erkidegoari dagokio. Zerbitzu publikoa horrela ulertuta, legeak unibertsitatearen eginkizunak eta herritar guztien eskubideak zehazten ditu; izan ere, herritarrek hezkuntza jasotzeko eskubidea daukate, eta, horretarako, aukera-berdintasuna bermatuko da, bai eta oinarrizko eskubideak gauzatzeko dirulaguntzen programa ere. Bestaldetik ere, legeak gogoan dauka legediak unibertsitate-erakundearen autonomia zedarritzen eta sustatzen duela.

Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzeko Legeak Euskadiko Unibertsitate-Kontseilua sortu du. Kontseilu hori, autonomia-lurraldean kokatutako unibertsitate publiko eta pribatuen lankidetza, aholkularitza eta partaidetzarako organoa da. Unibertsitatearen jarduera bermatzea Autonomia Erkidegoari dagokio, eta unibertsitateari, zerbitzu publikoa den aldetik, euskal gizartearen interes orokorrei erantzutea. Horiek horrela, beharrezkoa da organo koordinatzaileak egotea, unibertsitateen informazio-trukea errazteko, betiere unibertsitate bakoitzaren eskumenei kalterik egin gabe, hartara lege honen helburu den sistema hobeto planifikatu ahal izateko.

Legeak, Autonomia-Estatutuak eta Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak abiarazitako bideari jarraiki, unibertsitate publikoak hezkuntza-eskaintza elebiduna emateko oinarriak jarri nahi ditu.

Euskalduntzeko berariazko programak sortzea hautatzen du legeak arlo honetako unibertsitate-planei bultzatzen laguntzeko, garrantzizko irizpide batzuen menpe jarriz. Horri dagokionez, gure helburua hau da: guztion legezko eskubideak bermatzen dituen hezkuntza elebiduna eskainiko duen unibertsitateari eustea, betiere unibertsitate berean hizkuntza-ereduen araberako bi azpiunibertsitate sortu gabe. Hizkuntza-aniztasunaren helburua irakaskuntzaren kalitatea eta ikasleen prestakuntza bermatzea besterik ez da.

Lehenengo titulua unibertsitate publikoari buruzkoa da. Unibertsitate-antolamenduaren helburua betetzeari begira, legeak Unibertsitate-Planaren figura sortu du. Plan hori unibertsitateko irakaskuntza publikoa antolatzeko berariazko tresna da. Plan horretan hainbat programa zehaztuko dira lortu beharreko helburuak, indarraldia eta unibertsitateko ekintza-arlo batzuk kontuan hartuz. Planak, antolatzeko tresna denez, irizpide objektiboak proposatzen ditu, bai titulazio eta ikastetxeei dagokienez, bai lurralde historikoei dagokienez ere.

Legea bere eskumen-esparruaren barruan mugitzen da bete-betean, unibertsitatearen autonomia errespetatuz. Gobernuari dagokio legezko testu honetan aurreikusitako programa-kontratuen bidez finantzatu ahal izango diren jarduketak zehaztea, Gobernu-Kontseiluan onartutako plana indarrean jartzea unibertsitatearen esku utziz.

Legeak kalitatea eskatzen du unibertsitateko ekintza eta arlo guztietan. Hori dela eta, banan-banako ordainsari osagarriak sortzeko asmoa dauka, irakaslana, ikerketa-lana edo garrantzizko bestelako merezimenduak saritzeko.

Gobernuaren eta unibertsitate publikoaren arteko elkarlanaren bila, legeak Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua sortu du, Gobernuaren eta unibertsitatearen partaidetzaz. Kontseilu horren helburua da unibertsitatearen arloko ekintza guztien koordinazioa eta zerikusia duten guztien arteko akordioa batzuengana eta besteengana helaraztea, bai eta erakunde horren aholkularitza eta partaidetza bermatzea ere unibertsitate-sistema publikoaren xedeak eta helburuak zehazteko garaian.

Legean badago kapitulu bat ikasleen betebeharrak eta eskubideak jasotzen dituena. Eskubideak azpimarratzen dira bereziki, batez ere hezkuntza jasotzeko eskubidea eta ikasteko askatasuna, betiere honako hauek bermatzen direla: kontzientzia- eta adierazpen-askatasuna, ebaluazio objektiboa izateko eta ebaluazioaren aurka jotzeko eskubidea -ikaslea zuzena edo egokia ez delakoan badago- eta ikasgai bakoitzaren edukiak, helburuak, metodologia, programa, bibliografia zein diren jakiteko eskubidea. Legearen nahia da ikasteko askatasunak bere baitan jasotzea irakasleak hautatzeko eskubidea. Unibertsitateari dagokio, bere egoera eta posibilitateen arabera, aukera hori ebaluatzea titulazio bakoitzaren ezaugarrien eta eskueran dituen baliabideekin bat etorriz.

Legeak arreta berezia eskaintzen dio ikerketa-arloari. Izan ere, ikerketak gero eta garrantzi handiagoa hartu du irakasleen lanean, departamentuetan eta institutuetan. Legeak ikerketaren alde egiten du unibertsitateko berariazko egitekotzat hartuz. Oinarrizko ikerketak eta ikerketa aplikatuak elkar osatzen dute zenbait ezaguera-esparru eta espezialitate zientifiko eta akademikoren mugak argi bereizita ez dauden neurrian.

Aldi berean, baina, legeak enpresekin eta teknologia-zentroekin hitzartutako ikerketa bultzatu nahi du. Halaber, oztopoak gainditzeko bideak jartzen ditu, finantza-laguntzarako programak aurreikusten eta hitzartutako ikerketa sustatzeko aukerak zabaltzen. Helburu beraren bila, esparru malgua zehaztu da unibertsitate publikoak aukera izan dezan aholkularitza-, laguntza- eta zerbitzu-kontratuetan parte hartzeko, bai erakunde pribatuentzat bai administrazio publikoentzat.

Adierazitako helburuak betetzeko, beharrezkoa da euskal gizarteak unibertsitate publikoari agintzen dion zerbitzua bermatzeko finantzazio-sistema publiko bat sortzea.

Legeak proposatzen duen finantzazio-eredua hiru kontzeptutan banatzen da argi eta garbi: dirulaguntza arrunta, hau da, dirulaguntza orokorra; programa-kontratuen bidezko finantzazioa, eta inbertsiorako eta azpiegituretarako urte anitzeko programa berdintzeko kontu-atala. Dirulaguntza arrunta aurretik finkatutako parametro batzuen arabera kalkulatzen da. Programa-kontratuek, aitzitik, Unibertsitate-Planean aurreikusitako programak eta ekintzak finantzatzen dituzte aurretik finkatutako helburuen arabera. Azkenik, azpiegituretarako programak unibertsitateko azpiegitura materialen beharrei erantzun nahi die, programa horren indarraldian burutu beharreko ekintzak azpimarratuz.

Bigarren tituluan unibertsitate pribatuen aitorpen-prozesua arautzen da, ikastetxeak sortzeko askatasunaren oinarrizko eskubidetik datorren prozesua alegia, eta eskubide hori arautzeko irizpideak eta baldintzak ezartzen ditu legean aurreikusitako baliabideak erabiliz.

Unibertsitate pribatuen aitorpenerako, hasieran eman beharreko titulazioei dagokienez, unibertsitate publikoak sortzeko eskatzen diren baldintza berdinak bete behar dira. Legean ezarritako irizpidearen arabera, unibertsitate horiek gutxienezko titulazio-kopurua mantendu beharko dute. Horrek ez du esan nahi hasierakoak beste batzuekin ordezkatzea ez dagoenik, baina bai ezingo direla ezabatu matrikula egin dutenek ikasketa akademikoak amaitu arte. Legeak, bestetik, honako hauek ere zehazten ditu, entitate titularrari eusten dioten interesak gardenak izan daitezen: nortasun juridikoa -sustatzaileenaz bestelakoa-, gutxienezko baltzu-kapitala, eta kapital hori uztea edo eskualdatzea nahiz zerga-egintzak kontrolatzeko bideak zehazten ditu.

Legeak gure unibertsitate-sistemaren kalitatea egiaztatzeko eta birsortzeko bidea izan nahi du. Izan ere, kalitatea ziurtatzeko modurik onena unibertsitateak burutzen dituen ekintza guztien kanpoko ebaluazioan datza.

ATARIKO TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. Artikulua - Zerbitzu publikoa

Unibertsitateari dagokio irakaskuntza, ikasketa eta ikerketaren bitartez unibertsitate-hezkuntzaren zerbitzu publikoa garatzea.

2. Artikulua - Unibertsitatearen egitekoak

Gizartearen zerbitzura diharduen unibertsitatearen egitekoak honako hauek dira:

a) Zientzia, teknika eta kultura sortu, garatu, zabaldu eta kritikatu.

b) Prestakuntza zientifikoa eta teknikoa eman, eta unibertsitateko ikasleek gaitasun profesionala lor dezaten bideak jarri.

c) Oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua sustatu.

d) Profesionalak eta espezializaziorako eta ezaguerak eguneratzeko goi-mailako prestakuntza eskatzen duten beste gizataldeak etengabe prestatu.

e) Gizartean ezaguera zabaldu, bereziki euskal kulturarena eta euskararena.

f) Hezkuntza-sistemaren maila ezberdinen arteko koordinazioan parte hartu, batez ere bigarren hezkuntzan eta goi-mailako lanbide-prestakuntzan.

g) Unibertsitate-sistema produkzio- eta eta enpresa-munduarekin lotu.

h) Desberdintasun sozialak eta kulturalak murrizteko eta emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko laguntza eman, borondatea eta gaitasuna duten pertsona guztiei unibertsitate-prestakuntzan sartzea bermatuz.

i) Nazioarteko trukaketa eta lankidetzarako laguntza eman.

3. Artikulua - Unibertsitate-irakaskuntzarako eta aukera-berdintasunerako eskubidea

1.- Legez ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek unibertsitatean ikasteko eskubidea daukate berdintasunez, unibertsitateek -bere eskumen-esparruaren barruan- goi-mailako irakaskuntzaren programazio orokorragatik, prestakuntzaren eskaera sozialagatik eta unibertsitate eta ikastetxeen instalazio- eta irakasle-baliabideengatik zehazten dituzten irizpideen arabera.

2.- Gobernuak, bai eta unibertsitateak ere, arrazoi ekonomikoak edo beste jatorrizko desberdintasunak direla-eta inor bazterturik gera ez dadin, benetako aukera-berdintasun politikak bultzatuko ditu, ikasleei bekak, laguntzak eta kredituak eskainiz, eta campusetan behar hainbateko laguntza-politika bat aurrera eramanez, oztopo ekonomikoak eta geografikoak murriztearren.

4. Artikulua - Unibertsitatearen autonomia eta erregimen juridikoa

1.- Botere publikoen unibertsitate arloko esku-hartzeak eta, orokorrean, lege honetako xedapenek eta garatuko duten gainerako arauek errespetatu egingo dute legeek bermatutako unibertsitate-autonomia.

2.- Unibertsitatearen autonomia askatasun akademikoaren printzipioan oinarritzen da. Printzipio hori ikasketa-, ikerketa- eta katedra-askatasunean adierazten da.

3.- Unibertsitatearen autonomiak irakasle, ikertzaile eta ikasleei beren erantzukizunak betetzeko eskatzen die, gizarteak hezkuntza, kultura, zientzia eta lanbidearen arloan dituen beharrei erantzuteari begira.

4.- Unibertsitatearen autonomia legeen eta horiek garatzen dituzten arauen esparruaren barruan gauzatzen da, eta unibertsitatearen estatutuen esparruan.

5.- Unibertsitateari dagokio, bere eskumen-esparruaren barruan, legeetan eta garapen-erregelamenduetan araututa ez dauden eta beste organo edo erakundeen ardurapean ez dauden gaiak erregulatzea eta garapen-arauak ematea.

6.- Unibertsitatearen estatutuak onartzea Gobernuari dagokio. Gobernuak ezin izango du aldaketarik sartzeko eskatu edo onarpenari uko egin, behar bezala arrazoitutako legezkotasun-irizpideengatik ez bada.

7.- Unibertsitateko gobernu-organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak, baita ikasleen eskubideen eta betebeharren garapena arautzen duten arauak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira eta ez dira indarrean jarriko beren testu osoak argitaratu arte.

5. Artikulua - Hizkuntzen ofizialkidetasuna eta normalizazioa

1.- Unibertsitate publikoak behar diren neurriak hartuko ditu unibertsitate-irakaskuntzan, zientzia-ikerketan eta administrazio- eta zerbitzu-jardueran euskararen erabilera berdintasun eta kalitatezko baldintzetan normalizatzeko, betiere Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean hizkuntza-arrazoiengatik soilik zatiketarik ez sortzeko irizpidea errespetatuz.

2.- Unibertsitate publikoak euskalduntze-programak egingo ditu Unibertsitate-Planean jasoko diren titulazioetarako. Programa horiek programa-kontratuen kontura finantzatuko dira.

3.- Euskalduntze-programek honako irizpide hauekin bat etorri beharko dute:

a) Euskarazko unibertsitate-ikasketen eskaintza ikasleen eskaerari egokitu behar zaio.

b) Gutxienezko ikasle-kopuru bat finkatu behar da euskarazko ikasketak ematen hasteko edo aurretik daudenei eusteko. Era berean, euskaldundu beharreko titulazio eta jakintzagaiak zehaztuko dira, bai eta horien derrigorrezko edo aukerako ardaztasuna ere.

c) Ondo prestatutako irakasleak egoteko bideak jarri eta alde horretatik izan daitezkeen beharrak aurreikusi beharko dira.

4.- Unibertsitate publikoaren administrazio eta zerbitzuetako langileei Euskeraren Erabilpena Arauzkotzezko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean administrazio publikoen zerbitzupeko langileentzat zehaztutakoa ezarriko zaie.

6. Artikulua - Euskadiko Unibertsitate-Kontseilua

1.- Euskadiko Unibertsitate-Kontseilua unibertsitate publiko eta pribatuen lankidetza, aholkularitza eta partaidetzarako organo gisa sortzen da, eta egiteko hauek izango ditu:

a) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari aholku ematea unibertsitate-sistemarentzat interes orokorrekoak diren gai guztietan, sailburu horrek hala eskatzen dionean.

b) Unibertsitateko ezaguera- eta prestakuntza-beharren berri izan eta horiei buruzko txostena egitea, bai eta alderdi horiei dagokienez gizartearen eskaerari noraino erantzuten zaion jakin eta horretaz txostena egitea ere.

c) Unibertsitate bakoitzean ezarritako titulazio eta ikasketa-planen egoera eta bilakaeraren jakitun izan eta horiei buruzko txostena egitea.

d) Ikasketa eta ikerketarako beka eta dirulaguntzen arloko oinarrizko jarraibideen jakitun izan eta horiei buruzko txostena egitea.

e) Unibertsitate eta enpresen arteko harremanei eta Gobernuak horretarako proposatzen dituen neurriei buruzko txostena egitea.

f) Orokorrean, unibertsitateen arteko elkarlanari eta unibertsitate-sistemaren kalitate eta nahikotasunari dagokienez interesgarritzat jotzen diren gaiak ezagutu, proposatu eta horiei buruzko txostena egitea.

2.- Euskadiko Unibertsitate-Kontseiluak Hezkuntza, Unibertsitate era Ikerketa sailburua izango du buru. Gainontzeko kideak honako hauek izango dira:

a) Lau kide, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak izendatuta.

b) Unibertsitateen errektoreak.

c) Unibertsitateetako gizarte-kontseiluen presidenteak edo maila bereko kargudunak.

d) Bi kide, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen errektoreak izendatuta.

3.- Euskadiko Unibertsitate-Kontseilua argibideak emateko eta eztabaidatzeko organoa da. Kontseiluak, egoki irizten dien lan-batzordeak eratu ahal izango ditu jarduera ahalik eta onena izan dadin.

4.- Kontseilua, gutxienez, sei hilabetean behin elkartuko da, edo gutxienez bost kidek eskatzen dutenean.

I TITULUA

UNIBERTSITATE PUBLIKOA

I KAPITULUA

UNIBERTSITATEAREN ANTOLAMENDUA

I SEKZIOA

UNIBERTSITATE-PLANA

7. Artikulua - Antolamenduaren helburua

Unibertsitate-irakaskuntzaren antolamenduaren helburuak honako hauek dira:

a) Unibertsitate-irakaskuntza publikoaren zerbitzuaren kalitatea eta Euskal Herriko eta bertan bizi diren pertsonen interes ekonomiko, sozial eta kulturalekiko egokitzapena bermatu.

b) Unibertsitate-programazioa eta hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorra bateratu.

c) Gizarteak eskatzen eta ikasleek adierazten duten ikasketa-eskaerari eta lan-merkatuaren beharrei erantzun.

d) Unibertsitate-irakaskuntza lurralde historikoetan orekaz garatu.

8. Artikulua - Unibertsitate-Plana

1.- Unibertsitate-Plana unibertsitate-irakaskuntza publikoa antolatzeko Gobernuak onartutako berariazko tresna da.

2.- Unibertsitate-Planaren indarraldia lau urtekoa izango da eta unibertsitate-irakaskuntzaren egoera ebaluatuko du, bere beharrak zehaztuko, eta indarraldirako helburuak eta lehentasunak ezarriko, bai eta finantzazio-beharrak eta aurreikusitako dirusarrerak ere.

3.- Planaren jarduera-programak hura indarrean den bitartean lortu beharreko helburuen arabera zehaztuko dira. Plan honek ohiko finantzazioez gaindiko jarduera guztiak subentzionatuko ditu.

4.- Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak, ikasturte bakoitza amaitzerakoan, txosten bat egingo du planean aurreikusitako helburuak noraino bete diren eta aldaketak sartzea beharrezko edo egoki den ebaluatuz.

9. Artikulua - Unibertsitate-Planaren programak

Unibertsitate-Planak, gutxienez, programa hauek ezarriko ditu:

1.- Unibertsitateko ziklo guztietan irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko programak.

2.- Titulazio eta espezialitate berriak ezartzeko berariazko programak, haiek guztiz garatu arte, bai eta, hala badagokio, aurrekoak eraldatzekoak eta ezabatzekoak ere; orobat, fakultateak, goi-mailako eskola teknikoak eta unibertsitate-eskolak sortzeko eta ezabatzeko berariazko programak.

3.- Ikerketa-programa bereziak: euskal enpresei zuzendutako ikerketa-programa, errendimendu handiko ikerketa-taldeentzako programa eta ikerketa-talde berriak garatzeko programa. Zientifikoak eta teknikariak prestatu eta lortzeko eta unibertsitate-ikerketarako behar den ekipamendu zientifikoa eskuratzeko programak. Elkarlanean egindako ikerketa-proiektuei, bereziki unibertsitateaz kanpoko ikerketa-erakundeekin egindakoei, laguntzeko jarduketak.

4.- Berariazko euskalduntze-programak, unibertsitateak arlo horretan dituen planak bultzatzeko.

5.- Unibertsitatearen kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa hobetzeko programa, dirulaguntza arruntean jaso ez diren jarduketei dagokienez.

6.- Irakasleak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak prestatzeko programa, dirulaguntza arruntean jaso ez diren jarduketei dagokienez.

7.- Unibertsitatearentzat, botere publikoentzat edo gizartearentzat garrantzizkoak diren jarduketei buruzko programak.

10. Artikulua - Unibertsitate-antolamenduko irizpide eta helburuak

1.- Titulazioei dagokienez, Unibertsitate-Plana honako irizpide eta helburuei egokituko zaie:

a) Ikasleek unibertsitate aurreko hezkuntza-mailetan egindako ikasketak eta aukerabideak eta unibertsitateak eskaintzen dituen titulazioak elkarri egokitzen saiatuko da.

b) Lanbide-jarduerarako bide ematen duten lehen zikloko titulazioak garatuko dira lehentasunez, bai eta bigarren zikloko ikasketei jarraipena ematen dietenak ere.

c) Titulazio berriak ezartzerakoan eta aurreko titulazioak aldatzerakoan, gizarte-, produkzio- eta zerbitzu-ingurunearen beharrei erantzungo zaie.

d) Titulazio berriak ezartzerakoan, bestetik, kontuan hartuko da proposatutako titulazioei dagozkien ezaguera-arloetarako irakasle gaituak eta ikerketa-taldeak dauden.

Titulazio berri bat ezartzea komenigarria dela ikusten bada, baina horretarako irakasle gaiturik ez badago, titulazioa ezarri aurretik irakasleak prestatzeko programa bat burutu beharko da.

2.- Ikastetxeei dagokienez:

a) Bi zikloko edo bakarrik bigarren zikloko titulu berriak ezartzen direnean, ahalik eta ikastetxe berri gutxien sortzera joko da, baldin eta proposatutako tituluaren ezaguera-arlo bereko tituluak lortzeko ikasketen administrazio-kudeaketaz eta antolakuntzaz arduratzen diren ikastetxeak badaude.

Proposatutako ezarpena proposatutako tituluen ezaguera-arlo bereko titulurik ez daukan campus batean egiten bada, bi aukera daude: aurretik dagoen ikastetxeren bat eraldatzea edo berri bat sortzea.

b) Orokorrean, ikastetxeen egitura antolatzerakoan ikastetxe bakoitzak titulazio bat baino gehiago -ziklo bateko eta bikoak- eskaintzera joko da, unibertsitate-eskaintzak ahalik eta errentagarritasun handiena izan dezan.

3.- Titulazioen lurralde-banaketari dagokionez:

a) lurralde historiko bakoitzeko egoera sozioekonomikotik eta hori garatzeko planetatik datorren titulazio-eskaera kontuan hartuko da.

b) lehen zikloko tituluak lortzeko bide ematen duten ikasketak lurralde historiko batean baino gehiagotan ezarri ahal izango dira, eskaeraren arabera eta lurralde historiko bakoitzean lanbide-prestakuntza garatzeko jarraibideak kontuan hartuz.

Bigarren eta hirugarren zikloko espezializazioa campus bakoitzean garatuko da, bertan ematen diren titulazioen arabera.

c) Campus bakoitzean eskainiko den toki-kopurua lurralde historikoaren biztanleria eta bilakaera demografikoaren arabera zehaztuko da.

11. Artikulua - Unibertsitate-Plana gertatzeko prozedura

1.- Gizarte-Kontseiluak, dagokion eskumen-esparruan eta Gobernu-Batzordearen proposamenez, Unibertsitate-Planaren aurrerapen bat onartuko du eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari bidaliko dio. Egitasmo horretan, lege honetan aurreikusitako egitura eta edukiak jasoko dira.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Unibertsitate-Plana egiteari begira, lege honetan aurreikusitako programa-kontratuen bidez finantzatu litezkeen jarduketak bidaliko dizkio unibertsitateari.

2.- Unibertsitate Planaren aurrerapena aurkeztu eta hiru hilabeteko epean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak unibertsitateak onartutako aurrerapen horri buruzko txostena egingo du.

3.- Aurreko idatz-zatian aipatutako txostena egin eta hilabeteko epean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua biltzeko deia egingo du, planari buruzko txostena egin dezan. Erabakiak kontseiluko kideen gehiengo osoz hartuko dira, eta kontseiluko buruaren botoak ez du ebazte-indarrik izango boto-berdintasuna izanez gero.

4.- Unibertsitate-Plana onartzea Gobernuari dagokio, eta Eusko Legebiltzarrari bidali beharko zaio arauzko tramitazioa komunikazio gisa egiteko.

5.- Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak, urtero, txosten bat egingo du programen helburuak noraino bete diren eta planean aldaketak edo zuzenketak sartzea beharrezko edo egoki den ebaluatuz. Unibertsitate-Planean egindako aldaketek gastuaren igoera badakarte, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak Gobernu-Kontseiluari aurkeztu beharko dizkio, eta honek ezetsi edo onartu egingo ditu.

II SEKZIOA

UNIBERTSITATEAREN EGITURA

12. Artikulua - Ikastetxeak sortzea eta ezabatzea

Fakultateak, Goi-eskola teknikoak, unibertsitate-eskolak eta unibertsitate-institutuak sortzea edo ezabatzea Gobernuari dagokio, Gizarte-Kontseiluaren proposamenez eta Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak eta Unibertsitate-Kontseiluak txostena egin eta gero. Onartzeko, beharrezkoa izango da Unibertsitate-Planak ikastetxe hori sortzeko edo ezabatzeko aukera aurreikusi izana.

13. Artikulua - Ikastetxeak atxikitzea

1.- Gobernuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeak unibertsitateari atxikitzeko baldintzak eta prozedurak ezarriko ditu, unibertsitatearen egituraren barruan ez badaude.

2.- Titularitate publiko edo pribatuko ikerketa-zentroak edo arte-sormenerako ikastegiak unibertsitate-institutu gisa atxiki ditzake Unibertsitateak. Atxikitzea hitzarmen bidez arautuko da, Unibertsitateko Gizarte-Kontseiluaren proposamenez, eta Gobernu-Kontseiluak onartuko du, Unibertsitate-Kontseiluak txostena egin eta gero.

Atxikitako ikastetxe eta ikerketa-zentroetan, unibertsitateak bere dituen tituluak lortzeko bide ematen duten irakaskuntzak eman ahal izango dira, betiere atxikipen-hitzarmenean horrela hitzartu bada.

3.- Era berean, Gobernuari dagokio, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, oinarrizko legedian ezarritako baldintzak bete ondoren, goi-mailako ikastetxe jakin batzuk unibertsitate bati atxikitzea onartzea, baldin eta ikastetxe horien irakaskuntzek bide ematen badute beste estatu batzuetan indarrean dauden hezkuntza-sistemen arabera lege honen 17. artikuluko a) letran jasotako tituluekin homologagarriak diren tituluak lortzeko. Atxikipena, onartu eta gero, ikastetxe eta unibertsitatearen arteko hitzarmenaz burutuko da. Atxikipenak balioa izan dezan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak onartu beharko du berariaz.

III SEKZIOA

KOORDINAZIOA

14. Artikulua - Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua

1.- Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua sortzen da, aholkularitza eta partaidetzako organo gisa, unibertsitate publikoko sistemaren xedeak eta helburuak zehazteko. Ondorengoak dira bere egitekoak:

a) Unibertsitate-Planari buruzko txostena egitea lege honetan ezarritakoaren arabera eta Gobernuak behin betiko onartu aurretik.

b) Titulazioak ezartzeko edo ezabatzeko proposamenei buruzko txostenak egitea, baita ere ikasketa-planak egiteko eta aldatzeko proposamenei eta ikastetxeak sortzeko edo ezabatzeko proposamenei buruzkoak.

c) Unibertsitate-Plana nola gauzatzen den aztertzea eta bete dadin zaintzea, eta, hala badagokio, beharrezkoak diren aldaketak proposatzea.

d) Unibertsitateak bere aurrekontuak egiterakoan, irakasleen eta administrazioko eta zerbitzuetako langilen zerrenda taiutzerakoan eta inbertsiorako eta azpiegituretarako urte anitzeko programa burutzerakoan erabilitako irizpideen berri izatea.

e) Lege hau garatzeko ematen diren Gobernuaren xedapen orokorren egitasmoei buruzko txostenak egitea.

f) Unibertsitate berriak sortzeko eta aitortzeko prozedurei buruzko txostena egitea, dagokion lege-egitasmoa Gobernuari bidali baino lehen.

g) Unibertsitate eta enpresen artean harremanak sustatzea, horretarako bideak eta neurriak proposatzea eta Gobernuak proposatzen dituen neurriei buruzko txostena egitea.

h) Ikasketa eta ikerketarako beka eta dirulaguntzen arloko oinarrizko jarraibideei buruzko txostena egitea.

i) Lege honek eta ordezkatutako erakunde eta organoek, bere egitekoekin bat etorriz, ematen dizkiotenak.

2.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua edo horren ordezkaria izango da kontseiluko burua. Kontseiluko kideak honako hauek izango dira:

a) Kontseiluko burua.

b) Bost kide, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ordez, sailaren titularrak izendatuta.

c) Sei kide, unibertsitatearen ordez:

- Unibertsitatearen errektorea.

- Unibertsitateko hiru kide, errektoreak izendatuta.

- Gizarte-Kontseiluko presidentea.

- Gizarte-Kontseiluko kide bat, interes sozialen ordezkarien artetik aukeratuta eta ordezkariek berek izendatuta.

3.- Koordinazio-Kontseiluaren jarduera-arauak kontseiluaren beraren erabakiz onartuko dira, eta presidentearen botoak ez du ebazte-indarrik izango boto-berdintasuna gertatuz gero.

II KAPITULUA

IKASKUNTZA ETA IRAKASKUNTZA

I SEKZIOA

IRAKASKUNTZA

15. Artikulua - Irakaskuntzaren kalitatea

1.- Ikasleak lanbide, zientzia, teknika, arte eta kulturaren arloan prestatzea eta ikerlanak egitea unibertsitateak gizarteari ematen dion zerbitzuaren edukien zati funtsezkoa dira.

2.- Unibertsitateak, ikasketa-planak proposatu, egin, onartu eta ezartzerakoan, ezaguera-eskaerari eta inguru sozioekonomiko eta profesionalaren beharrei erantzungo die. Bestetik, irakaskuntza teoriko eta praktikoak irakasleen betebehar eta ikasleen betebehar eta eskubide direnez uztartu beharko ditu.

Irakaskuntza praktikoak programatzerakoan enpresa-elkarteen, administrazio publikoen eta elkargo profesionalen laguntza jaso ahal izango da.

3.- Unibertsitateak, Gizarte-Kontseiluaren laguntzarekin, irakaskuntza hobetzeko eta irakaskuntzen kalitatea ebaluatzeko programak egin eta onartuko ditu, bere jarduera guztien kalitatea kontrolatzeko programen barruan. Programa horietan unibertsitateaz kanpoko aditu eta profesionalek parte hartuko dute.

4.- Ebaluazioak kontuan hartuko dira irakaskuntza-osagarriak mantendu, kendu edo berritzerakoan, bai eta ezar litezkeen beste ordainsari osagarrien ondorioetarako.

Ebaluazio horiek kontuan hartuko dira, halaber, ematen diren irakaskuntzen kalitatean ikusten diren hutsuneak zuzentzeko.

16. Artikulua - Unibertsitateko funtzioaren kalitate-osagarriak

Gizarte-Kontseiluak, Gobernu-Batzordearen proposamenez, irakaskuntza eta ikerketaren beharrak zehaztuko ditu. Era berean, irakaskuntzaren, ikerketaren eta erakunde-jardueraren arloan irakasleek banakako ordainsari osagarriak jasotzeko eskubidea ematen duten garrantzizko merezimenduak zehaztuko ditu.

17. Artikulua - Titulazioak

Unibertsitateak ematen dituen irakaskuntzek honako titulu hauek ematea ekarriko dute:

a) Estatuak homologatutako titulu ofizialak.

b) Unibertsitateak bere dituen titulu eta diplomak, bere estatutuetan araututa.

c) Unibertsitateak bere dituen tituluak, Autonomia Erkidegoaren aitorpena daukatenak eta erregelamenduz zehaztutakoaren arabera ezarritako jarraibideekin bat etorriz antolatu eta eman direnak.

II SEKZIOA

IKASLEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK

18. Artikulua - Xedapen orokorra

1.- Unibertsitateko ikasleek sekzio honetan jasotako eskubide eta betebeharrak izango dituzte, haiek berek edo haiek askatasun osoz aukeratutako ordezkariek bete ditzaketenak.

2.- Ezin izango da inor baztertu diru, arraza, sexu, sexu-joera, pentsakera, erlijio, naziotasun edo beste edozein arrazoi pertsonal edo sozialengatik.

3.- Unibertsitatearen estatutuek ikasleen eskubide eta betebeharrak garatuko dituzte, horiek bermatzeko eta betetzeko xedapen, neurri eta prozedura egokienak ezarriz.

19. Artikulua - Oinarrizko eskubideak

Ikasle guztiek unibertsitateen estatutuetan zehaztutako eskubideak dituzte. Besteak beste, honako hauek:

a) Ikasketak aukeratzeko eta burutzeko eskubidea, indarrean dagoen legediak eta unibertsitatearen arauek ezarritakoen arabera. Horretarako, Autonomia-Erkidegoak eta unibertsitateak, ahal duten neurrian, laguntzeko politikak egin eta onartuko dituzte inor diru-ezagatik baztertuta gera ez dadin.

b) Matrikulatutako ikasketak jasotzeko eskubidea, horretarako jarritako baliabideekin, eta prestakuntza-prozesuan biziki parte hartzeko eskubidea.

c) Irakaskuntzak ikasketa-planaren arabera askatasunez aukeratzeko eskubidea. Ikasketxeak, ahal duten neurrian, irakaskuntza ikasleek irakaslea askatasunez aukeratzeko moduan antolatzen saiatuko dira.

d) Askatasunez ikasteko eskubidea, dagokion programan finkatutako edukien eta helburuen arabera.

e) Unibertsitatean laguntza jasotzeko eskubidea, irakasleek tutoretza-sistema eginkor baten bitartez horretarako ezarrita duten ordutegian. Era berean, irakasleengandik eta ikerketa-lanen zuzendariengandik zuzeneko laguntza jasotzeko eskubidea.

f) Kalifikazio objektiboak jasotzeko eskubidea, kalifikazioak berraztertzeko eskatzeko eta, unibertsitateak ezarritako prozeduraren arabera, kalifikazioa behin betikoa izan aurretik aurkatzeko bideak erabiltzeko eskubidea.

g) Agintari akademikoei ematen den irakaskuntzaren kalitateari buruzko erreklamazioak eta kexak egiteko eskubidea.

h) Aukerako irakasgaien eta irakasgai libreen behar adinako eskaintza bermatuta izateko eskubidea.

i) Unibertsitatearen barruan elkartzeko eta adierazpenak eta bilerak egiteko eskubidea, muga bakarrak jarduera akademikoaren ohiko funtzionamenduarenak izango direla. Unibertsitateak erraztasunak emango ditu ikasle-elkarteek gelak eta diru-baliabideak izan ditzaten euren ekintzak garatzeari begira.

j) Unibertsitateko organo guztien hautesle eta hautagai izateko eskubidea, sufragio unibertsal, zuzen, berdin eta isilpekoaz.

k) Unibertsitatea zuzentzeko eta kudeatzeko organoetan, ikastegietan, departamentuetan eta institutuetan askatasunez hautatutako ordezkarien bitartez parte hartzeko eskubidea. Era berean, ikasketa-, administrazio- edo ekonomia-kontuei buruz edozein kide anitzeko edo kide bakarreko organori eskatutakoen berri jasotzeko eskubidea izango dute.

l) Lege honetan eta gainontzeko antolamendu juridikoan aitortutako edo ezarritako eskubideak.

20. Artikulua - Betebeharrak

1.- Ikasle guztiek unibertsitateen estatutuetan zehaztutako betebeharrak dituzte. Besteak beste, honako hauek:

a) Gainontzeko unibertsitate-elkartearekin elkarlanean aritzea unibertsitatearen helburuak lortzeari begira.

b) Ikastea eta ikertzea, dagozkion ikasketa-planekin bat etorriz.

c) Besteen legezko eskubideak errespetatzea eta besteek beren betebeharrak bete ditzaten errespetatzea.

d) Unibertsitateko zentro eta zerbitzuetan indarrean dauden arauak betetzea, bai eta unibertsitatearen ondarea eta haien esku jarritako baliabideak egoki erabiltzea ere.

e) Ordezkari gisa dagozkien eginkizunak betetzea.

f) Diziplina akademikorako arauak eta estatutuetan ezarritakoak betetzea.

2.- Unibertsitateek egin eta onartutako diziplina-erregelamenduek honako hauek bermatuko dituzte: huts eta zigorren sailkaketa-printzipioa, horien arteko heintasun-irizpideak, eta espedientatuaren entzunaldi-eskubidea, leporatzen zaizkion auziei buruzko arrazoibideak eman eta probak proposatzeko modua izan dezan, bidezkoa den erabakia hartu baino lehen.

21. Artikulua - Ikasketei buruzko argibideak jasotzeko eskubidea

Departamentuek edo organo baliokideek eta, hala badagokio, unibertsitate-institutuek honako hauek behar bezala jakinarazi beharko dituzte matrikulatzeko epea ireki baino lehen:

a)      Irakasgai edo jakintzagai bakoitzaren programa, gai bakoitzari dagokionez honakook adieraziz: ardatzekoa, derrigorrezkoa, aukerakoa edo librea den; dagozkion kredituak; bibliografia, metodoak eta helburuak.

b)      Irakaskuntza-eskaintza, batez ere irakaskuntzak ematen dituzten irakasleak zeintzuk diren adieraziz eta, irakaslea aukeratzea bermatuta ez dagoenean, irakaskuntzak zein taldetan emango dituzten azalduz.

c)       Irakasgai edo jakintzagai bakoitza berariaz ebaluatzeko irizpideak.

22. Artikulua - Irakaskuntzaren ebaluazioan parte hartzeko eskubidea

1.- Ikasleek, ikasturte bakoitzaren amaieran, irakasleek emandako irakaskuntzaren kalitatea ebaluatuko dute unibertsitateak horretarako egindako proba-sistemaren arabera. Ikasleen ordezkariek parte hartuko dute proben edukia egiterakoan.

Ikasleek egindako ebaluazioak kontuan hartuko dira lege honen 15.4 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

2.- Departamentuen bitartez, ebaluazioen emaitzen, kexen eta erreklamazioen berri emango zaie irakasleei, egoki diren arrazoibideak emateko aukera izan dezaten.

III KAPITULUA

IKERKETA UNIBERTSITATEAN

23. Artikulua - Unibertsitatearen zeregina

Departamentuek, unibertsitate-institutuek eta irakasleek burututako ikerketak bultzatu, finantzatu eta ebaluatuko egingo ditu unibertsitateak.

24. Artikulua - Ikertzeko askatasuna

Irakasle eta ikertzaileei, ikerketa-lanetan parte hartzen duten ikasleak barne, ikertzeko askatasuna bermatzen zaie kontzientzia-askatasunaren indarrez, legeek eta elkarte zientifikoaren kode edo arau deontologikoek ezarritakoez beste mugarik gabe.

25. Artikulua - Ikerketa departamentu eta institutuetan

1.- Beren jakintza-eremuari dagozkion ikerketa eta irakaskuntzak antolatu eta garatzeko oinarrizko unitateak dira departamentuak.

2.- Unibertsitate-institutuak, funtsez, ikerketa-zentroak dira. Institutu horiek sortzeko edo unibertsitatean sartzeko honako hauek bete beharko dira:

a) Izen handiko ikertzaileen zientzia-taldeak aldez aurretik egotea, egiaztatutako ikerketa-irizpideak dituztenak.

b) Kalitate bikaina egiaztatzea unibertsitateaz kanpoko ebaluazio baten bitartez.

c) Unibertsitate-institutuan ordezkatutako zientzia-ezagueraren helburuaren interes estrategikoa.

d) Dirulaguntza arruntaz kanpoko diru-baliabideak, erakunde publiko edo pribatuekin izenpetutako ikerketa-kontratu edo -proiektuen bitartez lortutakoak.

e) Institutua sortuz lortu nahi diren helburu zientifikoak unibertsitate-departamentu batean lortu ezinaren zergatia.

3.- Unibertsitate-institutuak sortzea eta ezabatzea Gobernu-Kontseiluari dagokio, Unibertsitateko Gizarte-Kontseiluaren proposamenez eta Unibertsitate-Kontseiluak txostena egin eta gero.

26. Artikulua - Irakasleak eta ikerketa

1.- Irakasle doktoreek departamentu eta institutuetan ikerketa-lanak egiteko eskubide eta betebeharra daukate, banaka edo beste ikertzaile edo irakasleen laguntzaz.

2.- Departamentuek, aldi batean, irakaslanetik libre utz ditzakete irakasleak, egiten ari diren ikerketengatik, betiere indarrean dagoen antolamendu juridikoan zehaztutakoaren arabera.

3.- Indarrean dagoen antolamendu juridikoan aurreikusitakoaz gain, unibertsitatearen errektoreak, irakasleak aldi batean -urtebetez gehienez ere- beste unibertsitate edo ikerketa-zentro publiko edo pribatuetara lekualdatzea erabaki dezake unibertsitatearen edo departamentu eta institutuen aurrekontuen kontura, ikerketa, garapen edo berrikuntzarako lanak egiteko, edo horrelako lanak egiteko baliagarriak diren ezaguerak hartzeko. Proposamena egitea, nolanahi ere, irakaslearen departamentuari dagokio, eta arrazoiak emanez egin beharko du.

Horretan emandako denbora lanalditzat joko da ondorio guztietarako.

4.- Unibertsitateak ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu lan berezi eta denboraldi jakinetarako. Ikerketa-proiektuen zuzendaritza-lanen kasuan, ikertzaile horiek doktore-titulua izan beharko dute ezinbestean. Hautaketa, ahal dela, lehiaketa publikoaren bitartez egingo da.

27. Artikulua - Ikerketa hitzartua

1.- Unibertsitateak harremanak izan ditzake Euskal Herriko teknologi zentroekin, enpresen eta baltzu zientifikoen ikerketa eta garapenerako (I+Grako) unitateekin eta berrikuntza-jarduerak helburu dituzten bestelako erakundeekin. Elkarlan hori hainbat modutan gauza daiteke: azpiegiturak batera erabiliz, langileak trukatuz, ikerketa-proiektuak elkarrekin eginez, edo lortu beharreko helburuetarako egokiak den beste edozein ekintza burutuz.

2.- Unibertsitateak, bere barne-araudiaren arabera, ikerketarako proiektu edo hitzarmenak hitzartu ditzake beste pertsona fisiko edo juridikoekin.

Unibertsitateak, hitzartutako ikerketa baimentzeko irizpideak zehaztuko ditu, gazte ikertzaileak bertara sartzeari lehentasuna ematen saiatuz, eta ekintza horiek ukatzeko ahalmena izango du departamentu edo institutuaren irakaskuntza- eta ikerketa-eginkizunak behar bezala bermatzen ez badira.

3.- Hitzartutako ikerketa-hitzarmenak unibertsitatearen estatutuetan horretarako zehaztutako ordezkariek izenpetu beharko dituzte. Hitzarmen horietatik etorritako diru-kopuruak unibertsitatearen aurrekontuan sartuko dira.

28. Artikulua - Ebaluazioa

1.- Departamentuek eta unibertsitate-institutuek, urtero, burututako ikerketa-ekintzei buruzko txosten bat aurkeztuko diote unibertsitateari, estatutuetan araututakoaren arabera. Txostena ikasturte bati buruzkoa izango da eta urtea amaitzerakoan aurkeztuko da.

2.- Txosten horiek dagokion ezaguera-esparruko zientzia-elkarteko kideek osatutako batzorde burujabeek ebaluatuko dituzte bi urtez behin, irizpide objektiboekin. Zientzialari horiek unibertsitatetik eta departamentu edo institutuarekin harremanetan dauden edo egon diren zentroetatik kanpokoak izango dira.

3.- Unibertsitateak ebaluazioen emaitzak argitara emango ditu Gizarte-Kontseiluaren bitartez, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari bidaliko dizkio ebaluaturiko biurtekoa amaitu eta hurrengo zortzi hilabeteen barruan. Ebaluazioak kontuan hartuko dira Unibertsitate-Planean jasotako eta programa-kontratuen kontura finantzatutako ikerketa-programetarako finantzabideei eutsi, baimena eman eta uko egiterakoan.

IV KAPITULUA

FINANTZAZIOA

I SEKZIOA

DIRULAGUNTZA PUBLIKOA

29. Artikulua - Aurrekontu-dotazioa

1.- Gobernuak erabakiko du, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, unibertsitateari entzun ondoren, aurrekontu-urte bakoitzean unibertsitateari eman beharreko dirulaguntza, eta dotazio hori Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-egitasmoan jasoko da eztabaidatzeko eta onartzeko.

2.- Unibertsitateari dagokion aurrekontu-dotazioa hiru kontzeptutan banatuko da argi eta garbi:

- Dirulaguntza arrunta, orokorra, irakaskuntza eta ikerketa arruntaren ohiko jarduera bermatzeko xedez.

- Programa-kontratuak burutzeko kredituak, Unibertsitate-Planean jasotako helburu zehatzen arabera.

- Inbertsiorako eta azpiegituretarako urte anitzeko programa hornitzeko kredituak.

30. Artikulua - Dirulaguntza arrunta

1.- Titulazio bakoitzeko lehen kurtsoan sartu berriak diren ikasleen kopuruaren eta titulazio bakoitzerako ikasleko batez besteko kostuaren arabera kalkulatuko da dirulaguntza arrunta.

2.- Titulazio bakoitzerako ikasleko dirulaguntza Aurrekontu Orokorrekin batera doan unibertsitateari buruzko urteko txostenean jasoko da, eta honako parametro hauek kontuan izanda zehaztuko da:

a) Irakaskuntza ezberdinen esperimentaltasun-mailari dagokion esperimentaltasun-koefizientea.

b) Lehen kurtsoko ikasle-kopurua eta kopuru horren proiekzioa ikasketak amaitzeko aurreikusitako urteetarako. Horretarako, beharrezkoak diren zuzenketak egingo dira, titulazio eta ziklo bakoitzerako errepikatzeko eta ikasketak bertan behera uzteko ezarritako koefizienteen arabera.

c) Taldeko ikasle-kopurua, matrikulatutako kreditu-kopurua ikasleko, irakasleen irakas-zama, irakasleen banaketa kategoria ezberdinetan, eta irakasleen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen arteko harremanak.

d) Irakasleen batez besteko banakako kostua.

e) Administrazioko eta zerbitzuetako langileen batez besteko banakako kostua.

3.- Artikulu honetan ezarritako batez besteko kostua kalkulatzeko prozedura erregelamenduz zehaztuko da unibertsitatearen eta Gizarte-Kontseiluaren iritzia entzun eta Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoaren Koordinazio-Kontseiluak txostena egin eta gero. Aurreko idatz-zatian adierazitako parametro bakoitzari ezarri beharreko balioa zehaztuko du batez ere. Dena den, ateratzen den batez besteko kostua zuzentzeko beste indize batzuk ezar ditzake, bereziki irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko.

31. Artikulua - Programa-kontratuak

1.- Programa-kontratuek Unibertsitate-Planean jasotako programak eta ekintzak finantzatuko dituzte. Sortzen diren ikastetxe eta titulazio berriak programa-kontratuen kontura finantzatuko dira, guztiz ezarri arte. Gero, dirulaguntza arruntaren kontura finantzatuko dira.

2.- Programa-kontratuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Gobernuaren ordez, eta unibertsitatearen errektoreak izenpetuko dituzte, 11. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3.- Programa-kontratu ezberdinen kostuak, aurreikusitako finantzazio-iturriak eta programaren indarraldirako aurreikusitako dirusarrera-kopurua balioztatuta, dirulaguntzak emango dira gastu arrunten eta kapital-gastuen kontu-atalak bereiziz. Kontratuetan honako hauek zehaztuko dira: programa bakoitzaren gaietarako izendatutako fondoak eta, hala badagokio, lansari gisa izenda daitezkeen diru-kopuruak programen helburua ikerketa edo hezkuntza-berrikuntza denean; ebaluazio instituzionalaren irizpideak; indarraldia; suntsiarazteko arrazoiak, eta ez betetzeagatiko erantzukizunak, transferitutako fondoen itzulketa barne.

4.- Programa-kontratuetatik datozen konpromiso finantzarioak Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen onarpenaren menpe egongo dira. Urtesari bakoitza dagokion aurrekontuan jasoko da.

5.- Programa-kontratuek administrazio-izaera izango dute eta dirulaguntzen kontura finantzatuko dira. Urtero berraztertuko dira lortutako helburuen arabera, eta, hala badagokio, aurreikusitako helburuak bete ez badira, deuseztatu ahal izango dira.

32. Artikulua - Inbertsiorako eta azpiegituretarako urte anitzeko programa

1.- Inbertsiorako eta azpiegituretarako urte anitzeko programaren helburua azpiegitura materiala garatzea, hobetzea eta egokitzea da.

Programak honako hauek zeinkatu eta arrazoitu beharko ditu: obren beharra, inbertsioa jasoko duen campusa, inbertsioaren zenbatekoa eta aldiaren araberako sailkaketa eta beharrezkoak diren gainontzeko ezaugarriak.

2.- Inbertsiorako eta azpiegituretarako urte anitzeko programa unibertsitateak eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bitartez, Gobernuak hitzartuko dute. Programa hori, unibertsitatearen aurrekontu-egitasmoari erantsirik, Gizarte-Kontseiluak onartuko du.

3.- Unibertsitateari dagokio programa burutzea Herri-Administrazioen Kontratuen Legean ezarritakoaren menpe. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak programa nola gauzatzen den ikuskatuko du, eta betetzeko egoki irizten dien neurriak hartu ahalko ditu.

II SEKZIOA

TASA AKADEMIKOAK

33. Artikulua - Herri-prezioak

1.- Unibertsitatearen Erreformarako abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren 54.3 b) artikuluan aipatutako tasa akademikoak eta gainontzeko eskubideak herri-preziotzat joko dira eta tasa eta herri-prezioei buruzko legezko antolamenduaren menpe egongo dira.

2.- Zenbatekoa honela ezarri edo aldatuko da:

a)      Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aginduz, lege honen 17. artikuluko a) eta b) letretan adierazitako tituluak lortzeko bide ematen duten irakaskuntzen kasuan, betiere Unibertsitate-Kontseiluak ezarritako mugen barruan; baita ere titulu ofizialak emateari, ikasketa-konbalidazioei, edozein egiaztapen-motari, konpultsei eta idazkaritza-lanei dagozkien prezioen kasuan ere.

b)      Gizarte-Kontseiluaren erabakiz unibertsitateak bere dituen eta 17. artikuluko b) eta c) letretan aurreikusita dauden titulu eta diplomei dagokienez.

34. Artikulua - Zenbatekoak zehaztea

Irakaskuntzari dagozkion tasa akademikoak zehazteko, oinarrizko irizpide hauek erabiliko dira:

a) Irakasgai bakoitzari esleitutako kreditu-kopurua, dagokion esperimentaltasun-mailaren barruan eta zenbatgarren matrikula den kontuan hartuta (lehenengoa, bigarrena, hirugarrena...).

b) Ikasturte osoko edo irakasgaiko matrikula, edo, hala badagokio, kreditu solteak.

c) Irakasgaia ardatzekoa, derrigorrezkoa edo aukerakoa den.

d) Irakasgaiaren iraupena urtebetekoa, lauhilekoa edo hiruhilekoa den.

e) Zikloa.

35. Artikulua - Matrikula-salbuespenak

1.- Kide ugariko familia ohorezko nahiz bigarren mailakoetako ikasleek ez dute tasa akademikorik ordaindu beharko.

2.- Kide ugariko lehen mailako familia duten ikasleek matrikularen tasa akademikoen ehuneko 50a baino ez dute ordaindu beharko.

3.- Tasak onartzeko aginduan edo akordioan bestelako salbuespen osoak edo partzialak ezar daitezke, betiere arrazoirik gabeko bereizkeria ez badakarte beren baitan.

V KAPITULUA

ADMINISTRAZIO-ERREGIMENA

36. Artikulua - Aurrekontu- eta kontabilitate-erregimena

1.- Gobernuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak proposatutako dekretuaren bidez, Unibertsitatearen Erreformarako abuztuaren 25eko 11/1983 Legean aurreikusitako unibertsitatearen aurrekontu- eta kontabilitate-erregimena onartuko du, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ezarritako irizpide berdinak erabiliz.

2.- Transferentzien erregimena Unibertsitatearen Erreformarako Legearen 55. artikuluan zehaztutakoaren menpe egongo da.

37. Artikulua - Kontratazio-erregimen orokorra

1.- Unibertsitatea, bai eta horren jardurte-mailako erakundeak ere, Herri-Administrazioen Kontratuen Legean ezarritakoen menpe egongo dira.

2.- Unibertsitateek negoziazio bidezko jardunbidez eskuratu ahal izango dituzte euren ikerketa-programak garatzeko beharrezkoak diren ekipamendu-ondasunak, Gizarte-Kontseiluak horretarako baimena eman eta gero.

38. Artikulua - Unibertsitatearen Erreformarako Legearen babespeko kontratuak

1.- Unibertsitatearen Erreformarako abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren 11. artikuluaren babespean erakunde publiko edo pribatuekin izenpetutako kontratuak unibertsitatearen estatutuetan zehaztutakoaren arabera egingo dira.

2.- Gerta litezkeen diru-ordainak unibertsitateko dirusarreratzat joko dira eta dirusarreren aurrekontuan azaldu beharko dira Unibertsitatearen Erreformarako Legearen 54.3. artikuluan eta unibertsitatearen estatutuetan ezarritakoaren ildotik.

3.- Aurreko idatz-zatian zehaztutakoak ez die kalterik egingo irakasleek edo ikertzaileek oinarrizko legediaren arabera kontratu horien kontura jaso litzaketen lansari osagarriei.

4.- Unibertsitateak kontratuak ez betetzeaz erantzungo du, erantzuleen aurka jotzeko eta bidezko diziplinazko ekintzak hartzeko eskubideari kalterik egin gabe.

39. Artikulua - Nahitaezko desjabetzea eta herri-onura

1.- Unibertsitatea onuraduntzat joko da nahitaezko desjabetzeari buruzko legediaren ondorioetarako.

2.- Unibertsitateko zerbitzuak eta ekipamenduak jartzeko, zabaltzeko eta hobetzeko obra-proiektuak herri-onurakotzat joko dira ondasunen nahitaezko desjabetzearen eta jartzeko beharrezkoak diren eskubideen ondorioetarako.

3.- Obra-proiektua Gobernuak onartu beharko du, eta onarpen horrek bere baitan ekarriko du herri-onurakotzat jotzea eta okupazio-beharra adieraztea. Nolanahi ere, ondasun, eskubideen eta horien jabeen zerrenda osoa jaso beharko duen onarpen-akordio hori jendaurrean agertuko da hamabost egunetan, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta, gutxienez, dagokion lurralde historikoan gehien zabaltzen diren egunkarietako batean argitaratuko da.

II TITULUA

UNIBERTSITATE PRIBATUAK

40. Artikulua - Unibertsitate pribatuak

1.- Edozein pertsona fisiko edo juridikok sustatu ahal izango du unibertsitate pribatuen aitorpena.

2.- Horretarako, beharrezkoa izango da oinarrizko legedian ezarritako tramiteak eta baldintzak betetzea.

3.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bideratuko du espedientea, eta aitortzeko beharrezkoak diren legezko eskakizunak betetzen diren egiaztatuko du.

4.- Unibertsitate pribatuek berezko nortasun juridikoa izango dute, euren sustatzaileenaz bestelakoa. Ekintzak hasteko baimena eman baino lehen, baldintza hori bete dela egiaztatu beharko da. Unibertsitatea sortzeko behar den berme finantzarioa ezin izango da bostehun milioi pezetatik beherakoa izan. Sustatzailea merkataritza-baltzua bada, berme finantzarioa ordezkatu ahal izango da, betiere eratze-agirian baltzuaren hasierako kapitala (bostehun milioikoa gutxienez) eta bazkide bakoitzaren partizipazioa agertzen baziren. Hasiera batean baltzuan jarritako kapitala ezingo da guztizkoaren ehuneko 50etik beherakoa izan, eta, nolanahi ere, hasierako ekintzak erabakitakoaren arabera burutzeko beste izan beharko du.

41. Artikulua - Aitorpena

1.- Unibertsitate pribatuen aitorpena legez egingo da, Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak, hala behar izanez gero, txostena egin eta gero.

2.- Aitorpenak bere baitan darama erakundea gizarte-interesekotzat eta herri-onurakotzat jotzea, bai eta nahitaezko desjabetzeari buruzko legediaren ondorioetarako onuraduntzat jotzea ere.

42. Artikulua - Ekintzak hastea

Ekintzen hasiera Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aginduz erabakiko da aitorpen-legea indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean, betiere epe horretan titulu ofizialak homologatu eta gainontzeko legezko eskakizunak bete direla egiaztatu bada.

43. Artikulua - Kontrola

1.- Unibertsitate pribatuek bete beharreko arauak eta aitorpenerako bere gain hartutako konpromisoak betetzen dituzten ikuskatuko du aldian-aldian Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak.

Ekintzak hasi eta gero legezko baldintzaren bat edo hartutako konpromisoren bat betetzen ez dela egiaztatzen bada, sailak hiru hilabeteko epea emango du arauz kontrakoak zuzentzeko. Epe horretan zuzendu ez badira, unibertsitateari, Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta bidezkoak diren gainontzeko erakundeei entzun eta gero, sailak ekintzak geldiarazi egingo ditu, guztiz edo zati batean, eta horren berri emango dio Legebiltzarrari, hiru hilabeteko epean, hala badagokio, aitorpena indargabe dezan.

2.- Honako hauek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren aurretiazko baimena behar duten ekintzak dira:

a) Pertsona fisiko edo juridikoek unibertsitate pribatuen gainean dituzten titularitatea guztiz edo zati batean eskualdatzea edo uztea dakarten egintza edo negozio juridikoak, baldin eta kostubidez edo doan, inter vivos edo mortis causa, erakunde titularraren administrazio-batzordeko kide izateko eskubidea ematen badute.

b) Baltzu-kapitala ordezkatzen duten jabe-agirien zerga-egintzak.

c) Obligazioen edo antzeko jabe-agirien jaulkipena.

Idatz-zati honetan unibertsitate pribatuentzat ezarritakoa unibertsitate publikoei atxikitako ikastetxeei ere aplikatzekoa da.

3.- Aurreko idatz-zatian zehaztutakoa betetzen ez bada, aitorpen edo atxikipenaren funtsezko baldintzak aldatu egingo dira. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak arau-hausteagatik bideratu beharreko espedientea bideratuko du, eta, unibertsitateari entzun ondoren eta Euskadiko Unibertsitate-Kontseiluak txostena egin eta gero, ekintzak geldiaraz ditzake, eta, hala badagokio, horren berri emango dio Legebiltzarrari aitorpena indargabe dezan. Hori guztia hala bada ere, aipaturiko ez-betetze horien ondorioz etor litezkeen erantzukizun guztiak gauzatu ahal izango dira, diren arlokoak direla (administraziokoak, merkataritzakoak, arlo zibil edo penalekoak).

4.- Titularitatea guztiz edo zati batean aldatzeak ez du inoiz ere aitorpen-baldintzen eta hartutako konpromisoen aldaketarik ekarriko.

44. Artikulua - Ikastetxe eta titulazioak aitortzea eta ezabatzea

1.- Unibertsitate pribatuek bete egin beharko dituzte antolamendu juridikoak, egiturari dagokionez, ikastetxe, titulazio eta mailetarako eskatzen dituen gutxienezko baldintzak. Nolanahi ere, egitura hori aldatu ahal izango da ikastetxe berriak aitortuz eta ezabatutako titulazioak ordezkatzen dituzten titulazio berriak homologatuz.

Ezingo da inoiz ere titulazio jakin bat ezabatu, harik eta titulazio horretan matrikulatutako ikasleek ikasketak amaitu arte.

2.- Ikastetxeak aitortzeko edo ezabatzeko, bai eta titulazioak ezabatzeko ere, beharrezkoa izango da aurretik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren baimena. Baimenak emateko ezinbestekoa da aurreko idatz-zatian ezarritakoa bermatzea eta, hala egokituz gero, indarrean dagoen legediak ezarritako gainontzeko baldintzak betetzea.

Xedapen Gehigarriak

Lehenengoa - Unibertsitate pribatuak

1.- Unibertsitate pribatuei zuzenean ezarriko zaie lege honen atariko tituluan jasotakoa (4.5, 4.6 eta 5. artikuluan ezarritakoa salbu) eta 15.1, 18, 19, 20 eta 21. artikuluetan jasotakoa.

2.- Lege hau indarrean jarri aurretik indarrean zeuden unibertsitate pribatuek lege honen 41.2 artikuluan jasotako eskubideak, onurak eta izaera izango dituzte, aurretik aitortuta zeuzkaten gainontzeko eskubideei kalterik egin gabe.

3.- Lege hau Eliza Katolikoaren unibertsitateei aplikatzeko, Espainiako Estatuaren eta Vatikanoaren arteko akordioetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Bigarrena - Izendapenen bakarreango erabilera

1.- Unibertsitate gisa sortu edo aintzakotzat aitortutakoak baino ez dira unibertsitateak, eta, horiek bestek ezin dute unibertsitate-izena erabili Autonomia Erkidegoan. Beraz, unibertsitate publiko edo pribatuen barne dauden ikastetxeek edo unibertsitate publikoei atxikitakoek bestek ezingo dute izendapen hori edo antzekorik erabili, ez eta izendapen horretatik eratorritako hitzik ere.

2.- Aurreko idatz-zatian zehaztutakoa eta, orokorrean, unibertsitateak eta Unibertsitate-Ikastetxeak Sortzeko eta Aitortzeko apirilaren 12ko 557/1991 Errege-Dekretuaren 2. artikuluan zehaztutakoa ez betetzea oso arau-hauste larritzat joko da Kontsumitzaile eta Erabiltzaileak Babesteko uztailaren 19ko 26/1984 Legearen 36. artikuluan ezarritakoen ondorioetarako, Bezeroaren Araudiari buruzko azaroaren 18ko 10/1981 Legearen azken xedapenean berariaz zehaztutakoaren arabera.

Hirugarrena - Atzerriko unibertsitateetan homologagarriak diren irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe pribatuak

1.- Unibertsitateetatik eta unibertsitatei atxikitako ikastetxeetatik kanpoko ikastegi pribatuetan tituluak lortzeko edo beste herrialdeetan edo atzerriko unibertsitateetan indarrean dauden hezkuntza-sistemen arabera tituluak konbalidatzeko edo homologatzeko emandako irakaskuntzek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren baimena beharko dute, Estatuko legedian atzerriko ikastetxeak ezartzeko zehaztutako baldintza berdinekin.

2.- Baimena eman aurretik honako hauek egiaztatu beharko dira:

a) Estatuko oinarrizko legeetan ezarritako baldintzak betetzen diren;

b) ikastetxe horietan ikasten dutenek dagokion atzerriko ikastetxe edo unibertsitatean ikasketa horiek egiteko behar diren baldintzak betetzen dituzten;

c) tituluak eman, konbalidatu edo homologatzen dituen ikastetxe edo unibertsitateak baliabide eta irakasleei dagokienez eskatzen dituen baldintzak ikastetxeak betetzen dituen.

3.- Xedapen honetan aipatutako ikastetxeek, lege hau indarrean jartzen denetik hasita, gehienez urtebeteko epea izango dute aurreko baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko.

Baimena lortzen ez duten bitartean, ezingo dute ikasleak bereganatzeko publizitatean edo kanpainetan atzerriko tituluak edo titulu horien homologazio edo konbalidazioa aipatu.

4.- Aurreko paragrafoan zehaztutakoa betetzen ez bada, ikastetxea itxi egingo da, baldin eta arau-hausteaz ohartarazi ondoren, ematen dituen tituluen homologazioa edo konbalidazioa publizitatean edo inprimakietan aipatzen jarraitzen badu.

Laugarrena - Unibertsitateko funtzio publikoa

Euskal Herriko Unibertsitatearen zerbitzupeko langileei euskal funtzio publikoari buruzko xedapenak ezarriko zaizkio, Unibertsitatearen Erreformarako Legean ezarritakoei kalterik egin gabe.

Bosgarrena - Estatuak unibertsitateak sortzea eta aitortzea

1.- Eusko Jaurlaritzari dagokio Unibertsitatearen Erreformarako abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren 5.1 b) eta 58.1 b) artikuluetan aipatutako akordioak onartzea.

2.- Unibertsitate publikoei dagokienez, onespena emateko ezinbestekoa izango da Euskadiko Unibertsitate-Planean Estatuak sortzea aurreikusi izana.

Seigarrena - Unibertsitate publikoei atxikitako ikastetxeetako ikasleen tasak

Unibertsitate publikoei atxikitako ikastetxe edo institutuetako ikasleek atxikipen-hitzarmenaren arabera dagokion diru-kopurua ordainduko diete unibertsitateei ikasketa-espedientea eta ebaluazio-proba direla-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak onartzen duen tasa eta herri-prezioen aginduan zehaztutakoari jarraiki.

Zazpigarrena - Esperimentaltasun-koefizientea

Titulazio ofizialen esperimentaltasun-koefizienteak dekretu bidez zehaztuko dira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta eta unibertsitateak txostena egin ondoren.

Zortzigarrena - Euskadiko zientzia- eta teknologia-planekiko koordinazioa

Unibertsitateak indarrean dagoen 1997-2000 Zientzi eta Teknologi Planaren eta ondorengo planen esparruan jardungo du. Plan horren eremuan ikerketa-programak eta sustapen-neurriak bultzatu eta koordinatuko dira unibertsitate, enpresa, teknologi zentroen eta Euskadiko Teknologi Sareko beste erakunde batzuen artean hitzartutako ikerketaren arloan.

Azken Xedapenak

Lehenengoa - Erregelamendu Bidezko Garapena

Ahalmena ematen zaio Gobernuari lege hau garatzeko beharrezkoak diren erregelamenduak egiteko.

Bigarrena - Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak lege honetan ezarritakoari egokitzea

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak, urtebeteko epean, lege honetan zehaztutakoari egokituko dizkio bere estatutuak. Nolanahi ere, legea berehala aplikatuko da estatutuen aurka doan guztian.

Hirugarrena - Xedapen orokorrak argitaratzea

Lege hau argitaratzen denetik hasi eta gehienez hiru hilabeteko epean, Unibertsitateko idazkari nagusiak xedapen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu.

Epe hori amaitu eta gero ez dute inolako indarrik izango, harik eta argitaratzen diren arte.

Laugarrena - Unibertsitate pribatuak aitortzeko berme finantzarioa eguneratzea

Baimena ematen zaio Gobernuari unibertsitate pribatuak aitortzeko 40.4 artikuluan ezarritako berme finantzarioa eguneratzeko.

Bosgarrena - Indarrean jartzea

1.- Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunetara jarriko da indarrean.

2.- Lehenengo Unibertsitate-Plana lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean onartuko da. Unibertsitate-Plana onartzen ez den bitartean eta dirulaguntza publikoa zehazteari begira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lege honetan ezarritako printzipio eta irizpideetan oinarritutako behin-behineko sistema bat egin eta onartuko du, programa-kontratuak berehala negoziatu eta izenpetzeko ahalmenari kalterik egin gabe.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra