Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

19/2017 Errege Lege Dekretua, azaroaren 24koa, Oinarrizko ordainketa-kontuena, ordainketa-kontuen lekualdatzearena eta komisioen konparagarritasunarena

2017-11-24

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/11/25, 287. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

13644 19/2017 Errege Lege Dekretua, azaroaren 24koa, Oinarrizko ordainketa- kontuena, ordainketa-kontuen lekualdatzearena eta komisioen konparagarritasunarena.

ZIOEN AZALPENA

I

Errege lege-dekretuaren xedea da Espainiako ordenamendu juridikoan sartzea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 2014/92/EB Zuzentarauan aurreikusitako araubidea. Zuzentarau hori (aurrerantzean, Zuzentaraua) ordainketa-kontuekin lotutako komisioen konparagarritasunari, ordainketa-kontuak lekualdatzeari eta oinarrizko ordainketa-kontuak edukitzeari buruzkoa da.

Zuzentarau horrek osatu egiten ditu bai Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2007ko azaroaren 13ko 2007/64/EE Zuzentaraua, bai Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko azaroaren 25eko 2015/2366 (EB) Zuzentaraua; lehenengoa barne- merkatuko ordainketa-zerbitzuei buruzkoa da, eta bigarrenak oinarrizko betekizunak ezartzen ditu ordainketa-zerbitzuen hornitzaileek ordainketa-kontuekin lotuta eskainitako zerbitzuengatik aplikatzen dituzten komisioen gardentasunerako, eta indarrik gabe uzten du lehenengoa, ondoreak 2018ko urtarrilaren 13tik aurrera dituela.

Hiru dira Zuzentarauaren helburuak: oinarrizko banku-zerbitzuak eskuratzeko bideak erraztea balizko bezeroei, ordainketa-kontuei aplikatzen zaizkien komisioen gardentasuna eta konparagarritasuna hobetzea, eta ordainketa-kontuen lekualdaketa hobetzea.

Batzordearen 2011ko uztailaren 18ko 2011/442/EB Gomendioak, oinarrizko ordainketa- kontuak edukitzeari buruzkoak, erantzuna eman nahi izan zien zenbait egoerari, zeinetan balizko bezeroek ezin baitzuten ordainketa-konturik ireki, aukera hori ukatzen zitzaielako edo ez zitzaielako produktu egokirik eskaintzen. Gomendio horrek estatu kideei aholkatu zien behar ziren neurriak har zitzaten, gomendioa argitaratu eta, luzeen jota, handik sei hilabetera aplikatuko zela bermatzeko. Hala ere, estatu kide gutxi batzuek baino ez zituzten bete gomendio horren printzipio nagusiak. Horiek horrela, Zuzentarauak behin betiko konpontzen ditu finantza-inklusioaren arazoak, berariazko finantza-produktu bat sortuz, eta produktu horri oinarrizko ordainketa-kontua deitzen dio.

Kontuen lekualdaketari dagokionez, Europako Banku Sektorearen Batzordeak 2008an ezarritako printzipio erkideek jada ereduzko mekanismo bat aurreikusten zuten estatu kide berean kokatutako kreditu-erakundeek eskainitako ordainketa-kontuen arteko lekualdaketarako. Baina, lotesleak ez direnez, ganorarik gabe aplikatu dira Batasunean, oro har, eta ez dira eraginkorrak izan. Printzipio erkide horiek, gainera, ordainketa-kontuen arteko eskala nazionaleko lekualdaketari bakarrik heltzen zioten, eta ez kontuen mugaz haraindiko lekualdaketari. Zuzentaraua saiatzen da epe luzerako finantza-mugikortasun eraginkorra eta arina sustatzen, arau uniformeen multzo bat ezarriz, bezeroen mugikortasun urriari aurre egiten diotenak eta, batez ere, ordainketa-kontuetako zerbitzuen eta aplika daitezkeen komisioen arteko konparagarritasuna errazten dutenak, kontuak lekualdatzeko pizgarriak ematen dituztenak, eta mugaz haraindiko ordainketa-kontu bat ireki eta erabili nahi duten kontsumitzaileen artean bizilekua dela-eta bereizkeria egitea eragozten dutenak.

Komisioen gardentasunaren eta konparagarritasunaren gaiari, hasiera batean, Batasunaren eremuan, banku-sektoreak heldu zion, bere burua arautzeko ekimen baten bitartez. Hala ere, arlo horretan gutxieneko emaitza onargarririk lortu ez denez, zuzentarau honek gai horri buruzko berariazko arauak ezartzen ditu.

Azken batean, oinarrizko ordainketa-kontu bat edukitzeko eskubide unibertsala, ordainketa-kontuetako komisioei buruzko informazioaren gardentasuna eta kontu horiek lekualdatzeko aukerak direla medio, bezeroek errazago konparatu ahal izango dituzte produktuak, eta Batasunaren barruan mugitu ahal izango dira; horrenbestez, finantza- zerbitzuen arloko barne-merkatuaren onura jaso ahal izango dute.

II

Eremu objektiboa mugatzeko, nabarmendu beharra dago arauak oinarrizko ordainketa- kontuen berariazko erregulazioa ezartzen duela. Gainera, edozein ordainketa-kontutan, oinarrizkoa izan zein ez, emandako zerbitzuengatik aplikatzen diren komisioen konparagarritasuna eta lekualdaketa arautzen ditu.

Aipamen berezia merezi dute oinarrizko ordainketa-kontuek. Finantza-produktu estandarizatu gisa taxutzen dira, eta kreditu-erakunde guztiek eskaini behar dituzte, haiek ukatzea ahalbidetzen duten salbuespenezko kasu mugatu batzuetan izan ezik. Hori gorabehera, ordainketa-zerbitzu orokorrei buruzko araudia aplikatzen zaie, bereziki azaroaren 13ko 16/2009 Legea (ordainketa-zerbitzuena) eta ekainaren 14ko EHA/1608/2010 Agindua (ordainketa-zerbitzuei aplikatu beharreko informazio-baldintzen eta -betekizunen gardentasunari buruzkoa); eta horiei gehitu behar zaie urriaren 28ko EHA/2899/2011 Agindua (banku-zerbitzuen gardentasunarena eta bezeroen babesarena).

Eremu subjektiboari dagokionez, adierazi behar da beren merkataritza-jarduerarekin, enpresa-jarduerarekin, ogibidearekin edo lanbidearekin zerikusirik ez duen helburu baterako diharduten pertsona fisikoei aplikatzen zaizkiela arau honetako xedapenak, Zuzentarauak berak ematen duen definiziotik ondorioztatzen denez. Horrela, bada, ordainketa-kontuen lekualdaketaz, ordainketa-kontuetako zerbitzuen eta komisioen publizitateaz eta konparagarritasunaz edo oinarrizko banku-kontuak edukitzeko bideez Zuzentarauak ezartzen dituen babes-arauek ez diete eragiten ez pertsona juridikoei, ez beren merkataritza- zein enpresa-jardueraren, ogibidearen edo lanbidearen barruan dihardutenei. Muga hori, bestalde, bat dator finantza-inklusioaren helburuarekin, batetik, eta Europako txikizkako merkatua indartzeko helburuarekin, bestetik; Zuzentarauaren bidez bi helburu horiek lortu nahi dira.

Zerbitzu-eskaintzaileei dagokienez, arauaren aplikazio-eremua aldatu egiten da araututako gaiaren arabera. Hala, ordainketa-kontuetako zerbitzuen eta komisioen konparagarritasuna edo ordainketa-kontuen lekualdaketa direla-eta, transposizio-araudiak behartzen dituen subjektuak ordainketa-zerbitzuen hornitzaileak dira, eta kolektibo horren barruan daude, kreditu-erakundeak ez ezik, baita Barne-merkatuko ordainketa-zerbitzuei buruzko 2007/64/EE Zuzentarauaren 4.9 artikuluan aipatzen diren subjektu guztiak ere.

Oinarrizko ordainketa-kontuaren zerbitzua ematen denean, aldiz, zerbitzuaren aplikazio-eremua txikiagoa da, eta kreditu-erakundeei bakarrik eragiten die, Zuzentarauaren

16.artikuluak xedatzen duenez. Aukera nazional hori esandako moduan egikaritzean, joko- arau komunak ezarri nahi izan dira kreditu-erakunde guztientzat, ordainketa-kontu horiek eskaintzeko betebeharrari dagokionez. Aukera horrek neurri handiagoan gauzatzen du araugintza-neutraltasunaren printzipioa, eta arauak printzipio horri jarraitu behar dio.

III

Errege lege-dekretuak bost kapitulu ditu –arauketaren funtsezko ildoei dagozkienak–, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken lau xedapen.

I. kapituluak arauaren xedapen orokorrak biltzen ditu, arauaren xedea zehazten du eta bertan erabilitako terminoak ondo ulertzeko beharrezkoak diren definizioak ezartzen ditu.

II.kapituluak oinarrizko ordainketa-kontuei buruzko xedapenak biltzen ditu. Ordainketa- kontuak edukitzeko eskubidea arautzen du, eta zehazten du zer kasutan uka ditzaketen kreditu-erakundeek, eta ukatze hori nola jakinarazi behar dioten balizko bezeroari. Gainera, kreditu-erakundeek oinarrizko ordainketa-kontuen kontratuak suntsiarazteko aukera arautzen da, bai eta suntsiarazte horren jakinarazpena ere. Azkenik, kapitulu horretan

arautzen dira oinarrizko ordainketa-kontuei lotutako zerbitzuak, kreditu-erakundeek haiek ireki eta mantentzeagatik eta lotutako zerbitzuengatik kobra ditzaketen komisioak finkatzeko modua, eta, oro har, kreditu-erakundeek haiei buruz eman behar duten informazioa.

III.kapituluak aipagai ditu edozein ordainketa-kontu lekualdatzeko zerbitzua, ordainketa-zerbitzuen hornitzaileei ordainketa-kontuen lekualdaketa ukatzeko bidea ematen dieten inguruabarrak, ordainketa-zerbitzuen hornitzaileek lekualdaketarako bete behar duten prozedura eta bezeroari sor lekiokeen kalte finantzarioa. Saldoaren lekualdaketa ukatzeko aukera ere arautzen da, eska daitezkeen eta zordundu gabe dauden ordainketa-betebeharrak dauden kasuetarako; adibidez, erakundearen beraren txartelekin egindako diru-ateratzeetarako, bereziki.

Komisioen konparagarritasuna IV. kapituluan arautzen da. Zehazki, honako hauek arautzen dira: ordainketa-kontuari lotutako zerbitzu adierazgarrienak, komisioei buruzko informazio-agiria, komisioen egoera-orria, konparazioak egiteko webguneak, eta ordainketa-zerbitzuen hornitzaileek bezeroei eman behar dieten informazioa.

Azkenik, V. kapituluan zehapen-araubidea ezartzen da eta Espainiako Bankua izendatzen da agintaritza eskudun, errege lege-dekretuak sortzen dituen eskubide eta betebeharrak betetzen direla egiaztatzeari dagokionez. Ondore horietarako, errege lege- dekretu honetan ezarritako betebeharrak antolamendu- eta diziplina-arauak dira.

IV

Xedapen gehigarriak bi dira, eta eremu espezifikoak arautzen dituzte: Kreditu Ofizialeko Institutua legearen aplikazio-eremutik kanpo uztea, ez duelako jarduten txikizkako bezeroei, hau da, arauan jasotako erregulazioaren onuradunei, banku-zerbitzuak ematen; eta gatazkak judizioz kanpoko erreklamazioen bitartez ebaztea.

Xedapen iragankor bakarrak komisioen konparagarritasunerako egokitzapen-aldia ezartzen du. Horrela, Espainiako Bankuak erregelamendu bidezko garapena egin ahalko du errege lege-dekretua betearazteko. Xedapen iragankor horrek bidea emango ez balu, garapena ezinezkoa litzateke. Halaber, aurreikusten da errege lege-dekretu hau onartu arte indarrean egon den araubidea aplikatuko dela 9.2, 10.1 eta 13.6 artikuluetako gaietarako, harik eta artikulu horietan aipatzen den Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroaren agindua indarrean jarri arte.

Errege lege-dekretuak azken lau xedapen ditu. Lehenengoak aldatu egiten du azaroaren 13ko 16/2009 Legea (ordainketa-zerbitzuena), edozein ordainketa-konturen esparru-kontratuak suntsiarazteko prozedura azkarra eta erraza ezartzeko.

Azken xedapenetatik bigarrenak errege lege-dekretuaren eskumen-titulua jasotzen du, eta hirugarrenak adierazten du errege lege-dekretu honen bitartez Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen dela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 2014/92/EB Zuzentaraua, ordainketa-kontuekin lotutako komisioen konparagarritasunari, ordainketa-kontuak lekualdatzeari eta oinarrizko ordainketa-kontuak edukitzeari buruzkoa.

Amaitzeko, azken xedapenetatik laugarrenak errege lege-dekretua indarrean jartzeko data zehazten du.

V

Transposizioa egiteko tresna errege lege-dekretu bat izateari dagokionez, Konstituzio Auzitegiak urtarrilaren 13ko 1/2012 Epaian baieztatu du Konstituzioaren 86.1 artikuluan azaltzen den aparteko eta presako beharrizanaren baldintza betetzat ematen duela honako inguruabar hauek biltzen direnean: «transposizioaren atzerapen nabarmena», «ez-betetzeen ondorioz Espainiako Erresumaren kontrako prozedurak egotea», eta arautu behar den egoeraren garrantzi materiala. Kasu honetan badaude arrazoiak aise justifikatzen dutenak zuzentarauen transposizioa errege lege-dekretu honen bidez egiteko aparteko eta presako beharrizana.

Lehenengo eta behin, 2014/92/EB Zuzentarauaren transposizioa errege lege-dekretu honen bidez egiteko arrazoia da transposizioa egiteko epea amaitu dela. Izan ere, zuzentarau horren 29. artikuluaren arabera, estatu kideek luzeen jota 2016ko irailaren 18rako jarri behar zituzten indarrean bertan ezarritakoa betetzeko lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak.

Bigarrenik, arautu behar den egoera zehatzari dagokionez, oinarrizko ordainketa-kontu bat edukitzeko eskubide unibertsala, ordainketa-kontuetako komisioei buruzko informazioaren gardentasuna eta ordainketa-kontuak lekuz aldatzeko aukera bermatu beharra dago. Horrela bakarrik berma daiteke Espainiako Erresumaren betebeharra beteko dela, hau da, barne-merkatuaren funtzionamendu zuzena sendotuko dela eta ikuspuntu sozialetik modernoa eta integratzailea den ekonomia garatuko dela. Laburbilduz, Europar Batasuneko Zuzenbideak finantza-inklusioaren arloan ezarritako helburuak betetzeko, ordainketa-zerbitzuen prestazio unibertsalaren beharra dago, eta horregatik transposizio- araua presaz eta berehala onartzeko premia dago.

Azkenik, «ez-betetzeen ondorioz Espainiako Erresumaren kontrako prozedurak» egoteari dagokionez, kontuan hartu behar da Europako Batzordeak arau-haustearengatiko prozedura formal bat abiarazi zuela 2016ko azaroaren 23ko 2016/0741 epatze-gutunaren bidez. Gero, 2017ko apirilaren 27ko 2016/0741 irizpen arrazoituaren bidez, Batzordeak bi hilabeteko epea ezarri zuen, zuzentarauan ezarritakoa betetzeko behar diren lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak emateko. Geroago, 2017ko urriaren 4an, ikusirik Espainiak ez duela zuzentarau hori bere ordenamendu juridiko nazionalean txertatu, Komisarioen Elkargoak erabaki du demanda jartzea Europar Batasuneko Justizia Auzitegian. Ondorioz, aparteko eta presako beharrizana dago demanda Justizia Auzitegian formalizatu baino lehen transposizioa egiteko. Bestela gerta liteke prozeduraren amaierako epaiak deklaratzea Espainiako Erresumak ez dituela bete Europar Batasuneko Zuzenbidearen arabera dagozkion betebeharrak.

Horregatik guztiagatik, onartzen den neurriaren izaera eta xedea ikusirik, eta zer egoeratarako den kontuan hartuz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak honelako arau bat baliatu ahal izateko baldintza gisa eskatzen duen aparteko eta presako beharrizana gertatzen da.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliaturik, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroaren proposamenari jarraituz, eta Ministro Kontseiluak 2017ko azaroaren 24ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

AURKIBIDEA

I. kapitulua. Xedapen orokorrak.

1.artikulua. Xedea.

2.artikulua. Definizioak.

II. kapitulua. Oinarrizko ordainketa-kontuak.

3.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontua edukitzeko eskubidea.

4.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontua ukatzea.

5.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontua ukatzearen jakinarazpena.

6.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontuen kontratuak suntsiaraztea.

7.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontuen kontratuen suntsiarazpena jakinaraztea.

8.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontuei lotutako zerbitzuak.

9.artikulua. Lotutako komisio eta gastuak.

10.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontuei buruzko informazio orokorra.

III. kapitulua. Ordainketa-kontuak lekualdatzea.

11. artikulua. Ordainketa-kontuak lekualdatzeko zerbitzua.

12.artikulua. Saldoaren transferentzia ukatzea.

13.artikulua. Ordainketa-kontuak lekualdatzeko prozedura.

14.artikulua. Bezeroaren kalte finantzarioa.

IV. kapitulua. Ordainketa-kontuetako komisioen konparagarritasuna.

15.artikulua. Ordainketa-kontuei lotutako zerbitzu adierazgarrienak.

16.artikulua. Komisioei buruzko informazio-agiria.

17.artikulua. Komisioen egoera-orria.

18.artikulua. Konparazioetarako Espainiako Bankuaren webgunea.

19.artikulua. Konparazioetarako beste webgune batzuk.

20.artikulua. Bezeroentzako informazioa.

V. kapitulua. Zehapen-araubidea eta agintaritza eskuduna.

21.artikulua. Zehapen-araubidea.

22.artikulua. Agintaritza eskuduna eta lankidetza-araubidea.

Lehenengo xedapen gehigarria. Kreditu Ofizialeko Institutua.

Bigarren xedapen gehigarria. Judizioz kanpo erreklamatzeko prozedurak. Xedapen iragankor bakarra. Egokitzapen-aldia.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Azken xedapenetatik lehena. Azaroaren 13ko 16/2009 Legea (ordainketa- zerbitzuena) aldatzea.

Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-titulua.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Europar Batasuneko Zuzenbidea txertatzea. Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. XEDEA.

Errege lege-dekretu honen xedea honako hauek arautzea da:

a)Bezeroek edo balizko bezeroek oinarrizko ordainketa-kontuak irekitzeko eta erabiltzeko duten eskubidea.

b)Ordainketa-kontuen bezeroei edo balizko bezeroei aplikatzen zaizkien komisioen gardentasuna eta konparagarritasuna.

c)Ordainketa-kontuen Espainia barruko lekualdaketak, eta bezeroei edo balizko bezeroei mugaz haraindiko kontu-irekiera erraztea.

2.artikulua. DEFINIZIOAK.

Errege lege-dekretu honen ondorioetarako, definizio hauek erabiliko dira:

a)«Bezeroa edo balizko bezeroa». Bere merkataritza- edo enpresa-jardueraz, ogibideaz edo lanbideaz kanpoko helburuetarako diharduen pertsona fisiko oro.

b)«Ordainketa-kontua». Ordainketa-zerbitzuen erabiltzaile baten edo batzuen izenean irekitako kontua, ordaintze-eragiketak egiteko erabiltzen dena.

c)«Oinarrizko ordainketa-kontua». Kreditu-erakunde batean irekitako ordainketa- kontua, eurotan izendatua, gutxienez ere 8. artikuluan aipatzen diren zerbitzuak emateko balio duena, eta kreditu-erakundeek halakotzat identifikatuta dagoena.

d)«Ordainketa-zerbitzuen hornitzailea». Espainian edo Europar Batasuneko beste edozein estatutan ordainketa-zerbitzuak emateko baimenduta dauden organismo publikoak, entitateak eta enpresak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2007ko azaroaren 13ko 2007/64/EE Zuzentarauaren 26. artikuluan aurreikusitako salbuespenei

heldu nahiz ez (zuzentarau horren bidez 97/7/EE, 2002/65/EE, 2005/60/EE eta 2006/48/

EEzuzentarauak aldatu egin ziren eta 97/5/EE Zuzentaraua indargabetu egin zen), bai eta hirugarren herrialdeetakoak ere, ordainketa-zerbitzuak profesionalki ematen badituzte.

e)«Euskarri iraunkorra». Kontsumitzaileak pertsonalki ematen zaion informazioa gordetzeko erabil dezakeen tresna, kontsumitzaileari aukera ematen diona informazio hori bere xedeetarako egokia den denbora-tartean gordetzeko, aurrerago erraz berreskuratu ahal izateko moduan, eta gordetako informazio hori berdin-berdin kopiatzeko.

II. KAPITULUA

Oinarrizko ordainketa-kontuak

3.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontua edukitzeko eskubidea.

Ordainketa-kontuak eskaintzen dituzten kreditu-erakundeek balizko bezero hauei oinarrizko ordainketa-kontuak eskaini beharko dizkiete:

a)Europar Batasunean legez bizi direnak, egoitza finkorik ez duten bezeroak barne.

b)Asilo-eskatzaileak.

c)Bizileku-baimenik eduki ez arren, arrazoi juridikoengatik edo egitatezko arrazoiengatik kanporatu ezin direnak.

4.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontua ukatzea.

1.Kreditu-erakundeek oinarrizko ordainketa-kontua ukatu egingo dute inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a)Balizko bezeroak ez ematea kapitalak zuritzeko edo terrorismoa finantzatzeko arrisku-mailaren arabera erakundeak eskatutako informazioa, apirilaren 28ko 10/2010 Legearen (kapitalak zuritzearen eta terrorismoa finantzatzearen prebentzioarena) II. kapituluan eta hura garatzeko arauetan ezarritakoaren esparruan.

b)Kontua irekitzeak kalte egitea segurtasun nazionalaren edo ordena publikoaren interesei, legeetan, Europako arauetan edo Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzian definituta dauden horiei, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroaren proposamenari jarraituz Ministro Kontseiluak hala erabakia duen kasuetan.

c)Balizko bezeroa jada ordainketa-zerbitzuen hornitzaile bateko kontu baten titularra izatea Espainian, eta, kontu hori erabiliz, 8.1 artikuluan azaltzen diren zerbitzuak egin ahal izatea, salbu eta hornitzaileak ordainketa-kontuaren esparru-kontratua suntsiarazteko aldebakarreko erabakia jakinarazi dionean. Kasu horretan, oinarrizko ordainketa-kontua ireki baino lehen, kreditu-erakundeak ikertu ahal izango du bezeroak ba ote duen Espainian aipatutako zerbitzuak egitea ahalbidetzen dion konturik. Horretarako, kreditu-erakundeek oinarritzat hartu ahalko dute bezeroak berak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena.

Erakundeak gorde egingo ditu erabaki horren oinarri izandako analisia eta dokumentuak.

2.Ezingo da oinarrizko banku-kontua eduki ahal izateko baldintza gisa eskatu kreditu- erakundearen beste zerbitzu batzuk, kapitaleko partaidetzak edo antzeko tresnak eskuratzea, salbu eta aplikatu beharreko araudiak hala agintzen duenean edo erakundearen bezero guztientzat ezinbesteko baldintza denean.

5.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontua ukatzearen jakinarazpena.

1.Kreditu-erakundeak, oinarrizko ordainketa-kontua irekitzea ukatzen badio balizko bezero bati, horrela jakinarazi beharko dio, salbu eta jakinarazpen hori bateraezina denean apirilaren 28ko 10/2010 Legean ezarritakoarekin edo ukatzea eragin duten segurtasun nazionaleko nahiz ordena publikoko interesekin.

2.Ezetza idatziz eta doan jakinaraziko zaio balizko bezeroari, arrazoi zehatzak azalduta, justifikaziorik gabeko atzerapenik gabe, luzeen jota hamar egun balioduneko epean, eskabide osoa jasotzen den egunetik hasita.

3.Halaber, kontua irekitzeko eskaerari ezetza eman zaiola jakinaraztean, erakundeek balizko bezeroari informazioa emango diote horren aurkako erreklamazioa aurkezteko prozeduraz eta azaroaren 22ko 44/2002 Legearen (finantza-sistema erreformatzeko neurriena) 30. artikuluan eta hura garatzeko araudian aurreikusten den erreklamazio- prozedurara jotzeko duen eskubideaz.

6.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontuen kontratuak suntsiaraztea.

Kreditu-erakundeek alde bakarretik suntsiarazi ahalko dituzte oinarrizko ordainketa- kontuen esparru-kontratuak —ezertan eragotzi gabe azaroaren 13ko 16/2009 Legean (ordainketa-zerbitzuena) xedatutakoa—, honako baldintza hauetakoren bat betetzen denean:

a)Bezeroak, nahita, kontua zilegi ez diren helburuetarako erabiltzea.

b)Kontuan inolako eragiketarik ez egitea 24 hilabete baino gehiagoan jarraian.

c)Bezeroak, oinarrizko ordainketa-kontua lortzeko, gezurrezko informazioa ematea, egiazko informazioa emanez gero ez lukeelarik kontu horretarako eskubiderik izango.

d)Bezeroa Europar Batasunean legez ez bizitzea, 3.c) artikuluan aurreikusitako kasuan izan ezik.

e)Bezeroak geroago Espainian beste kontu bat irekitzea, 8. artikuluan azaldutako zerbitzuak erabiltzea ahalbidetzen diona.

f)Bezeroak ez aurkeztea negozio-harremanetan zehar eskatzen zaizkion agiriak edo informazioak, eta, ondorioz, ezin aplikatzea arreta egokirako neurriak edo apirilaren 28ko 10/2010 Legean ezarritako beste betebehar batzuk.

7.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontuen kontratuen suntsiarazpena jakinaraztea.

1.Kreditu-erakundeak, aurreko artikuluko b), d) eta e) letretan azaldutako arrazoietakoren batengatik, oinarrizko ordainketa-kontu baten kontratua suntsiarazten duenean, hutsaltze horren arrazoiak eta justifikazioa jakinaraziko dizkio bezeroari, doan eta idatziz, suntsiarazpenak ondorioak sortu baino bi hilabete lehenago, gutxienez.

Kreditu-erakundeak aurreko artikuluko a), c) eta f) letretan azaldutako arrazoiengatik suntsiarazten badu kontratua, suntsiarazpenak berehala sortuko ditu ondorioak, eta f) letrako kasuan, gainera, ez da justifikazioaren beharrik izango.

2.Suntsiarazpena jakinaraztean, bezeroari informazioa emango zaio suntsiarazpenaren aurkako erreklamazioa aurkezteko prozeduraz eta azaroaren 22ko 44/2002 Legearen 30. artikuluan eta hura garatzeko araudian aurreikusten den erreklamazio-sistemara jotzeko duen eskubideaz.

8.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontuei lotutako zerbitzuak.

1.Oinarrizko ordainketa-kontuek bezeroari aukera emango diote nahi adina eragiketa egiteko honako zerbitzu hauetan, gutxienez ere:

a)Kontua irekitzea, erabiltzea eta ixtea.

b)Funtsak gordailutzea.

c)Eskudirua ateratzea erakundearen bulegoetan edo kutxazain automatikoetan, Europar Batasunean.

d)Ordaintze-eragiketa hauek, Europar Batasunean:

1.a. Zordunketa helbideratuak.

2.a. Zordunketa- edo aurreordainketa-txartelen bidez ordaintzeko eragiketak, lineako ordainketak barne.

3.a. Transferentziak, agindu iraunkorrak barne, erakundearen bulegoetan, bai eta kreditu-erakundearen lineako zerbitzuen bidez ere, halakorik egonez gero.

2.Erakundeek zerbitzu horiek eskaini beharko dizkiete oinarrizko ordainketa-kontuak dituzten bezeroei, baldin eta bestelako kontuak dituzten bezeroei jada eskaintzen badizkiete.

3.Betiere, bezeroak oinarrizko ordainketa-kontuarekin lotutako ordaintze-eragiketak kudeatu eta egin ahalko ditu kontua irekita dagoen kreditu-erakundearen bulegoetan. Kreditu-erakundearen lineako banku-zerbitzuen bidez ere gauza bera egin ahalko du, erakundeak halako zerbitzurik izanez gero.

9.artikulua. Lotutako komisio eta gastuak.

1.Kreditu-erakundeek oinarrizko ordainketa-kontuekin lotuta ematen dituzten zerbitzuengatik jaso beharreko komisioak askatasunez itunduko dira erakunde horien eta bezeroen artean.

2.Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroak ezarriko du erakundeek gehienez zenbateko komisioak kobra ditzaketen aurreko apartatuan azaldutako zerbitzuengatik —tartean, bezeroak oinarrizko ordainketa-kontuaren kontratuan hartutako konpromisoak ez betetzearen ondorioz ordaindu behar duen gehieneko komisioa—, edo, bidezkoa denean, zerbitzu horiek inolako kargurik gabe emateko aginduko du.

3.Ezartzen diren gehieneko komisioak zentzuzkoak izango dira, eta irizpide hauetan oinarrituko dira:

a)Espainiako errenta-maila, beste estatu kide batzuen aldean.

b)Oinarrizko ordainketa-kontuez bestelako kontuetan kreditu-erakundeek zerbitzu horiengatik aplikatzen dituzten batez besteko komisioak.

c)Baldin eta, artikulu honi jarraituz, 8.1 artikuluko a), b), c) eta d) (2. puntua) letretan azaltzen diren zerbitzuengatik gehieneko komisio edo gastuak ezartzen badira, horrelakoetan ez da kontuan hartuko oinarrizko ordainketa-kontuarekin egindako eragiketen kopurua. Apartatu horretako gainerako zerbitzuetako bakoitzean, batez besteko erabilera pertsonalari dagokion gutxieneko eragiketa kopurua ezarriko da, komisiorik gabe edo zentzuzko komisioa ordainduta egin ahal izango dena. Gutxieneko kopuru horretatik gora, ezartzen diren gehieneko komisio edo gastuak ez dira izango erakunde bakoitzak aplikatzen dituen batez besteko komisioak baino handiagoak.

4.Komisioetan baldintza onuragarriagoak izateko araubideak ezarri ahal izango dira erregelamendu bidez, balizko bezeroen kalteberatasun-egoera berezia edo bazterketa finantzarioaren arriskua kontuan hartuta.

10.artikulua. Oinarrizko ordainketa-kontuei buruzko informazio orokorra.

1.Kreditu-erakundeek oinarrizko ordainketa-kontuen, komisio aplikagarrien eta horrelako kontuak edukitzeko eskubidea baliatzeko prozeduren berri eman beharko diete balizko bezeroei, eta auzien ebazpen alternatiborako prozeduretara jotzeko metodoei buruzko informazioa ere bai. Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroak zehaztuko du zer neurri ezarri beharko dituzten horretarako. Neurri horiek bereziki bermatu beharko dute kontsumitzaile kalteberak, bizileku mugikorra dutenak edo banku-konturik ez dutenak behar bezala informatzea.

2.Kreditu-erakundeek beren publizitatean, informazioan eta kontratu-agirietan «oinarrizko ordainketa-kontua» terminoa modu nabarmenean erabiliko dute. Gainera, kreditu-erakundeek ematen duten informazioan eta publizitatean argi adieraziko da oinarrizko ordainketa-kontu bat edukitzeko ez dagoela beste zerbitzu batzuk erosi beharrik.

3.Nolanahi ere, kreditu-erakundeek, kontsumitzaileentzako beren banaketa-bide guztietan, bezeroen eta balizko bezeroen eskura jarri beharko dituzte honako gai hauei buruzko informazioa eta laguntza, doan:

(i)Oinarrizko ordainketa-kontuetan sartuta dauden zerbitzu guztien ezaugarriak eta deskribapena.

(ii)Komisio edo gastuak: zerbitzu bakoitzari aplikatzen zaizkionak, edo zerbitzu multzoei, edo zerbitzu guztiei batera.

(iii)Zerbitzu bakoitza erabiltzeko baldintzak.

III. KAPITULUA

Ordainketa-kontuak lekualdatzea

11.artikulua. Ordainketa-kontuak lekualdatzeko zerbitzua.

1.Ordainketa-zerbitzuen hornitzaileek ordainketa-kontuen lekualdaketa eraginkorra eta azkarra ahalbidetu beharko dute. Horretarako elkarlan aktiboan jardungo dute, eta bai elkarrekin bai bezeroarekin berarekin behar adina informazio trukatuko dute hurrengo apartatuan aipatzen diren finantza-eragiketei buruz eta ordainketa-kontua euskarri duen beste edozein eragiketari buruz.

2.Ordainketa-zerbitzuen hornitzaile igorleek, bezeroak eskatuz gero, ahalbidetu egingo dute ordainketa-kontuak Espainian kokatuta dagoen ordainketa-zerbitzuen hornitzaile batetik beste batera lekualdatzea edo hornitzaile beraren barruan lekualdatzea.

Horretarako, bai bezeroari bai ordainketa-zerbitzuen hornitzaile hartzaileari informazio hau emango diete osorik edo zati batean:

a)Transferentzia-agindu iraunkorrak.

b)Aldian behingo zordunketa helbideratuak.

c)Ordainketa-kontuan aldian behin sartzen diren transferentziak.

Halaber, lekualdatzen den ordainketa-kontuaren saldo hartzekoduna ordaintzeko agindua beteko dute, halakorik bada.

3.Kapitulu honetan ezarritako betekizunak, prozedurak eta epeak betez egingo da ordainketa-kontuaren lekualdaketa, eta ez du nahitaez ekarriko lekualdatutako kontua ixtea, non eta bezeroak ez duen berariaz horrela eskatzen.

12.artikulua. Saldoaren transferentzia ukatzea.

Ordainketa-zerbitzuen hornitzaileak ordainketa-kontuaren saldo hartzekodunaren

transferentzia ukatu ahalko dio bezeroari, baldin eta bezeroak eska daitezkeen eta zordundu gabe dauden ordainketa-betebeharrak baditu kontu horretan, dela ordainketa- zerbitzuen hornitzailearen beraren alde, dela hirugarrenen alde.

13.artikulua. Ordainketa-kontuak lekualdatzeko prozedura.

1.Ordainketa-kontu bat lekualdatu ahal izateko, berariaz hala eskatu beharko dute kontuaren titular diren bezero guztiek. Bezeroak zehaztuko du kontuaren lekualdaketa egiteko eguna. Nolanahi ere, ordainketa-zerbitzuen hornitzaile hartzaileak, hurrengo apartatuetan xedatu bezala, ordainketa-zerbitzuen hornitzaile igorlearengandik behar den informazioa jasotzen duenetik egun horretara arte sei egun baliodun igaro beharko dira, gutxienez.

2.Ordainketa-zerbitzuen hornitzaile hartzaileak, bezeroaren baimena jasotzen duenetik bi egun balioduneko epea igaro baino lehen, kontuaren lekualdaketa egiteko behar den informazioa bidaltzeko eskatuko dio ordainketa-zerbitzuen hornitzaile igorleari.

3.Ordainketa-zerbitzuen hornitzaile hartzailearen eskaera jaso eta gero, ordainketa- zerbitzuen hornitzaile igorleak bost egun balioduneko epea izango du ordainketa-zerbitzuen hornitzaile hartzaileari behar den informazioa bidaltzeko.

4.Informazio hori jaso ondoren, ordainketa-zerbitzuen hornitzaile hartzaileak behar diren neurriak hartuko ditu kontuaren lekualdaketaren erabateko eraginkortasuna bermatzeko bezeroak adierazitako epean.

5.Azaroaren 13ko 16/2009 Legeak (ordainketa-zerbitzuena) 26.2 artikuluan xedatutakoa gorabehera, ordainketa-zerbitzuen hornitzaile igorleak ez ditu ordainketa- tresnak blokeatuko bezeroaren eskaeran zehaztutako egunera arte. Horrela, bezeroari ez zaizkio ordainketa-zerbitzuak etengo lekualdaketa-zerbitzua egiten den bitartean.

6.Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroak ezarriko ditu ordainketa- zerbitzuen hornitzaileek kontuak lekualdatzeko zerbitzua emateko prozesuan bete beharreko arauak eta prozedurak. Horien barruan egongo dira mugaz haraindiko kontu- irekiera, prozesuaren aurretik eta ondoren bezeroari eman beharreko informazioa, eta kontua lekualdatzeko zerbitzuarengatik aplikatu ahalko diren gehieneko komisioak. Lekualdaketa-zerbitzuan erakundeek komisioak ezartzen badituzte, ordainketa-zerbitzuen hornitzaileak benetan jasandako kostuen araberakoak izan beharko dute.

14.artikulua. Bezeroaren kalte finantzarioa.

1.Kontua lekualdatzeko prozesuan ordainketa-zerbitzuen hornitzaileak bere betebeharrak ez betetzearen ondorioz bezeroak kalte finantzarioren bat jasaten badu, ordainketa-zerbitzuen hornitzaileak ahalik eta arinen ordaindu beharko dio kalte hori, gastuak eta interesak barne.

2.Artikulu honetan aurreikusitako kalte-ordaina eman beharra ez da aplikatuko kasu hauetan:

a)Salbuespenezko eta ezusteko inguruabarrak gertatzen direnean, ordainketa- zerbitzuen hornitzailearen kontroletik kanpokoak eta arretarik handiena jarrita ere saihestu ezin direnak.

b)Ordainketa-zerbitzuen hornitzaileari legezko beste betebehar batzuek galarazten diotenean ordainketa-kontua lekualdatzeko eskaera behar den epean edo moduan betetzea.

IV. KAPITULUA

Ordainketa-kontuetako komisioen konparagarritasuna

15.artikulua. Ordainketa-kontuei lotutako zerbitzu adierazgarrienak.

Espainiako Bankuak ordainketa-kontuei lotutako zerbitzu adierazgarrienen zerrenda argitaratuko du eta eguneratuta edukiko du. Zerrenda horretan terminologia normalizatua jasoko du, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 2014/92/ EB Zuzentarauaren 3.4 artikuluak aipatzen duen egintza delegatuan ezarritakoa.

16.artikulua. Komisioei buruzko informazio-agiria.

1.Azaroaren 13ko 16/2009 Legean xedatutakoa ezertan galarazi gabe, ordainketa- zerbitzuen hornitzaileak bezeroari edo balizko bezeroari, doan eta ordainketa-kontuaren kontratua egiten den egunaren aurretik, behar beste denbora lehenago, komisioei buruzko informazio-agiria emango dio, paperean edo bestelako euskarri iraunkor batean. Bertan agertuko dira ordainketa-kontuari lotutako zerbitzu adierazgarrienen behin betiko zerrendako termino normalizatuak, aurreko artikuluan aipatutakoak, zerbitzu horietako bakoitzari aplikatu ahal zaizkien komisioekin batera, ordainketa-zerbitzuen hornitzaileak zerbitzu horiek eskaintzen baditu.

2.Komisioei buruzko informazio-agiriak betekizun hauek bete beharko ditu:

a)Agiri laburra eta independentea izango da.

b)Aurkezpen eta egitura argiak izango ditu, erraz irakurtzeko modukoak, eta karaktereek ondo irakurtzeko adinako neurria izango dute. Jatorrizkoa koloretan egina bada, ez da lausotu beharko zuri-beltzean inprimatzen edo fotokopiatzen denean.

c)Alderdiek adostutako hizkuntzan idatziko da.

d)Zehatza izango da, ez du nahasteko biderik emango.

e)Bertan ageri diren diru kopuruak ordainketa-kontuaren monetan adieraziko dira, edo alderdien artean itundutako Batasuneko beste moneta batean.

f)Lehenengo orrialdean, goian, «Komisioei buruzko informazio-agiria» izenburua edukiko du, eta ondoan ikur komun bat, agiri hori beste agiri batzuetatik bereiziko duena. Agiri horrek berariaz adieraziko du berak ordainketa-kontuari lotutako zerbitzu adierazgarrienei aplikatu ahal zaizkien komisioak dakartzala, eta eskaintzen den zerbitzu multzoari buruzko kontratu aurreko edo kontratuko informazio osoa beste agiri batzuetan dagoela.

3.Zerbitzuren bat ordainketa-kontu bati lotutako zerbitzu sorta baten parte gisa eskaintzen denean, komisioei buruzko informazio-agirian honako hauek jasoko dira: sorta osoarengatiko komisioa, sortan sartutako zerbitzuak eta horien zenbatekoa, eta sortarengatiko komisioak estalitako zenbatekoa gainditzen duen edozein zerbitzurengatik ordainduko den komisio gehigarria.

4.Espainiako Bankuari baimena ematen zaio komisioei buruzko informazio-agiri horrek bete beharko dituen betekizunak ezar ditzan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 2014/92/EB Zuzentarauaren 4.6 artikuluan aurreikusitako egintza delegatuarekin bat etorriz (ordainketa-kontuekin lotutako komisioen konparagarritasunari, ordainketa-kontuak lekualdatzeari eta oinarrizko ordainketa-kontuak edukitzeari buruzko zuzentaraua).

17.artikulua. KOMISIOEN EGOERA-ORRIA.

1.Azaroaren 13ko 16/2009 Legeak (ordainketa-zerbitzuena) ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, ordainketa-zerbitzuen hornitzaileek, urtean behin, gutxienez, eta doan, bezeroari honako hauek emango dizkiote: ordainketa-kontuari lotutako zerbitzuengatik aplikatu zaizkien komisio guztien egoera-orria, eta, kasua bada, artikulu honetako 2. apartatuko c) eta d) letretan aurreikusitako interes-tasei buruzko informazioa. Ordainketa- zerbitzuen hornitzaileek 15. artikuluan aipatzen den zerrendako terminologia normalizatua erabiliko dute, hala behar denean.

Bezeroarekin adostuko da zer komunikazio-bide erabiliko den komisioen egoera-orria berari helarazteko. Komisioen egoera-orria bezeroari paperean emango zaio berak hala eskatzen duenean, gutxienez ere.

2.Komisioen egoera-orrian informazio hau jasoko da, gutxienez:

a)Zerbitzu bakoitzari aplikatutako komisio unitarioa, eta erreferentziako epean zenbat aldiz erabili den zerbitzua; eta, sorta batean konbinatutako zerbitzuen kasuan, sorta osoari aplikatutako komisioa, erreferentziako epean zenbat aldiz kobratu den sortari dagokion komisioa, eta sortari aplikatutako komisioak estalitako zenbatekoa gainditzen duen edozein zerbitzurengatik kobratutako komisio gehigarria.

b)Emandako zerbitzu bakoitzarengatik, emandako zerbitzu sorta bakoitzarengatik eta sortari aplikatutako komisioak estalitako zenbatekoa gainditzen duten zerbitzuengatik erreferentziako epean aplikatu diren komisioen guztizko zenbatekoa.

c)Ordainketa-kontuari zorpekoetarako aplikatutako interes-tasa, eta erreferentziako epean zorpekoengatik kobratutako interesen guztizko zenbatekoa, halakorik izan bada.

d)Ordainketa-kontuari kredituetarako aplikatutako interes-tasa, eta erreferentziako epean sortutako interesen guztizko zenbatekoa, halakorik izan bada.

e)Emandako zerbitzu multzoarengatik erreferentziako epean aplikatu diren komisioen guztizko zenbatekoa.

3.Komisioen egoera-orriak betekizun hauek bete beharko ditu:

a)Aurkezpen eta egitura argiak izango ditu, erraz irakurtzeko modukoak, eta karaktereek ondo irakurtzeko adinako neurria izango dute.

b)Ordainketa-kontua eskaintzen den hizkuntza berean idatziko da, edo alderdiek adostutako beste hizkuntza batean.

c)Zehatza izango da, ez du nahasteko biderik emango.

d)Bertan ageri diren diru kopuruak ordainketa-kontuaren monetan adieraziko dira, edo alderdien artean itundutako beste moneta batean.

e)Lehenengo orrialdean, goian, «Komisioen egoera-orria» izenburua edukiko du, eta ondoan ikur komun bat, agiri hori beste agiri batzuetatik bereiziko duena.

4.Espainiako Bankuari baimena ematen zaio komisioen egoera-orri horrek bete beharko dituen betekizunak ezar ditzan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 2014/92/EB Zuzentarauaren 5.4 artikuluan aipatutako egintza delegatuarekin bat etorriz (ordainketa-kontuekin lotutako komisioen konparagarritasunari, ordainketa-kontuak lekualdatzeari eta oinarrizko ordainketa-kontuak edukitzeari buruzko zuzentaraua).

18.artikulua. Konparazioetarako Espainiako Bankuaren webgunea.

Espainiako Bankuak doako webgune bat edukiko du, ordainketa-zerbitzuen

hornitzaileek aplikatzen dituzten komisioak konparatzeko aukera emango duena, 15. artikuluan aipatutako zerrendan jasota dauden zerbitzuei dagokienez, gutxienez ere. Webgune horretan beraren azken eguneratzearen data agertuko da, eta bertatik osorik deskargatu ahal izango da aipatutako informazioa, unean unekoa, erabiltzaileek hura tratatu ahal izateko moduko formatuetan.

19.artikulua. Konparazioetarako beste webgune batzuk.

1.Espainiako Bankuaz gainera beste operadoreren batek ezarri nahi badu ordainketa-zerbitzuen hornitzaileek aplikatzen dituzten komisioak konparatzeko webgune bat, bere jarduera hasi baino lehen erantzukizunpeko adierazpena egin beharko du Espainiako Bankuaren aurrean, artikulu honetan jasotako betekizunak betetzen dituela esanez.

Espainiako Bankuak erantzukizunpeko adierazpenaren eduki zehatza ezarriko du, eta eskatutako betekizunak betetzen eta mantentzen direla egiaztatuko du. Bere eginkizunak egoki betetzeko beharrezkoa den informazioa eskatu ahal izango die operadoreei.

2.Nolanahi ere, konparazioetarako webgune guztiek baldintza hauek bete beharko

dituzte:

a)Funtzionalki independenteak izatea eta bilaketen emaitzetan ordainketa-zerbitzuen hornitzaile guztiek bidezko tratua jasotzen dutela bermatzea.

b)Argi adieraztea nortzuk diren jabeak.

c)Konparazioaren oinarri izango diren irizpide argi eta objektiboak ezartzea.

d)Hizkera erraza eta argia erabiltzea, eta, kasua bada, terminologia normalizatua erabiltzea, Espainiako Bankuak argitaratzen duen zerbitzu adierazgarrienen behin betiko zerrendan ezarritakoa, artikulu honetako lehenengo paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

e)Informazio zehatza eta eguneratua ematea, eta azken eguneratzea noiz egin den adieraztea.

f)Ordainketa-kontuen eskaintzen sorta handia jasotzea, merkatuaren zati adierazgarri bat hartzen duena, eta, aurkezten den informazioak merkatuaren ikuspegi osoa ematen ez duenean, hori argi ohartaraztea emaitzak erakutsi aurretik.

g)Argitaratutako komisioei buruzko informazioan egon daitezkeen akatsak jakinarazteko prozedura eraginkorra eskaintzea.

h)Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak independentziaren, objektibotasunaren eta gardentasunaren helburuak lortzeko ezartzen duen beste edozein baldintza.

20.artikulua. Bezeroentzako informazioa.

1. Ordainketa-zerbitzuen hornitzaileek, bezeroentzako kontratu-, merkataritza- eta

publizitate-informazioan, 15. artikuluan aipatzen den terminologia normalizatua erabiliko dute, hala behar denean.

2.Ordainketa-zerbitzuen hornitzaileek marken izenak erabili ahal izango dituzte, baldin eta, gainera, hala behar denean, 15. artikuluak aipatzen dituen termino normalizatuak argi identifikatzen badira:

a)Komisioei buruzko informazio-agirian eta komisioen egoera-orrian, zerbitzu horien bigarren mailako izendapen gisa.

b)Beren zerbitzuak izendatzeko, bezeroentzako kontratu-, merkataritza- eta publizitate-informazioan.

V. KAPITULUA

Zehapen-araubidea eta agintaritza eskuduna

21.artikulua. Zehapen-araubidea.

Errege lege-dekretu honetan bildutako xedapenak antolamenduko eta diziplinako arautzat hartuko dira. Haiek ez betetzea arau-hauste oso astuna izango da, ekainaren 26ko 10/2014 Legeak (kreditu-entitateen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenari buruzkoa) aurreikusitakoaren arabera, salbu eta noizbehinka edo aldi bakanetan egiten denean, horrelakoetan arau-hauste astuntzat zehatuko baita.

22.artikulua. Agintaritza eskuduna eta lankidetza-araubidea.

1.Espainiako Bankua agintaritza eskudun izendatzen da errege lege-dekretu honetan aurreikusitako betebeharrak beteko direla berma dezan.

2.Halaber, Espainiako Bankua Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako agintaritzekiko harremanetarako gune bakarra izango da, informazio-trukea errazteko. Horri dagokionez, ekainaren 26ko 10/2014 Legearen 61.1 eta 67.1 artikuluetan aurreikusitako araubidea aplikatuko da beste herrialde batzuetako agintaritzekin eta agintaritza nazionalekin elkarlanean jarduteko.

Lehenengo xedapen gehigarria. Kreditu Ofizialeko Institutua.

Errege lege-dekretu honetako xedapenak ez zaizkio aplikatuko Kreditu Ofizialeko Institutuari.

Bigarren xedapen gehigarria. Judizioz kanpo erreklamatzeko prozedurak.

1.Ordainketa-zerbitzuen hornitzaileek, ordainketa-zerbitzuen erabiltzaileekiko harremanetan, finantza-zerbitzuetako bezeroen babesari buruzko legedian ezarritako mekanismoen menpean egongo dira; zehazkiago, azaroaren 22ko 44/2002 Legeak (finantza-sistema erreformatzeko neurriena) 29. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

Ordainketa-zerbitzuen erabiltzaileak, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginaren arabera, zeina azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onartu baitzuen, kontsumitzaile diren kasuetan, alderdiek aukera izango dute Europako Batzordeari jakinarazitako erakundeengana jotzeko, azaroaren 2ko 7/2017 Legearen arabera. Lege horrek Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko

maiatzaren 21eko 2013/11/EB Zuzentaraua, kontsumo-arloko auzien ebazpen alternatiboari buruzkoa.

2.Mugaz haraindiko auziak sortzen direnean, finantza-zerbitzuetako bezeroen babesari buruzko legedian aurreikusitako organoek lankidetzan jardungo dute Europar Batasunean auzi horiek ebazteko eskumena duten organismoekin.

Xedapen iragankor bakarra. Egokitzapen-aldia.

1.Espainiako Bankuak hiru hilabeteko epea izango du 15. artikuluan ezarritakoa betetzeko, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita, ordurako argitaratuta baldin badago Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 2014/92/EB Zuzentarauak (ordainketa-kontuekin lotutako komisioen konparagarritasunari, ordainketa-kontuak lekualdatzeari eta oinarrizko ordainketa-kontuak edukitzeari buruzkoa) 3.4 artikuluan aipatzen duen egintza delegatua; edo, argitaratu gabe badago, argitaratzen denetik hasita.

2.Espainiako Bankuak bederatzi hilabeteko epea izango du 16.4, 17.4 eta 18. artikuluetan ezarritakoa betetzeko, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita, ordurako argitaratuta baldin badaude Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 2014/92/EB Zuzentarauak 3.4, 4.6 eta 5.4 artikuluetan aipatzen dituen egintza delegatuak; edo, argitaratu gabe badaude, argitaratzen direnetik hasita.

3.Errege lege-dekretu hau onartu arte indarrean egon den araubidea aplikatuko da 9.2, 10.1 eta 13.6 artikuluetako gaietarako, harik eta artikulu horietan aipatzen den Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroaren agindua indarrean jarri arte.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetatik lehena. Azaroaren 13ko 16/2009 Legea (ordainketa-zerbitzuena) aldatzea.

Aldatu egiten da azaroaren 13ko 16/2009 Legearen (ordainketa-zerbitzuena) 21. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«21. artikulua. Esparru-kontratua suntsiaraztea.

1.Ordainketa-zerbitzuaren erabiltzaileak noiznahi suntsiarazi ahal izango du esparru-kontratua, aurretik inolako abisurik eman gabe. Ordainketa-zerbitzuen hornitzaileak esparru-kontratua suntsiarazteko agindua bete beharko du erabiltzaileak eskaera egiten duenetik 24 ordu igaro baino lehen.

2.Ordainketa-kontu baten esparru-kontratua izanez gero, ordainketa- zerbitzuen hornitzaileak ordainketa-zerbitzuaren erabiltzailearen esku jarriko du ordainketa-kontuan haren alde dagoen saldoa, halakorik bada, eta erabiltzaileak ordainketa-kontuari lotutako ordainketa-tresna guztiak eman beharko dizkio ordainketa-zerbitzuen hornitzaileari, indargabetu ditzan.

Ez da aplikatuko 1. apartatuan ezarritakoa, ordea, erabiltzaileak beste finantza- produktu edo -zerbitzuren bat kontratatuta badauka ordainketa-zerbitzuen hornitzailearekin eta hura kudeatzeko beharrezkoa bada ordainketa-kontu bat irekita edukitzea ordainketa-zerbitzuen hornitzailearekin berarekin; ez eta erregelamendu bidez zehazten diren gainerako kasuetan ere.

Horrelakoetan, ordainketa-zerbitzuen hornitzaileak ezingo du ordainketa- kontuaren kostua alde bakarretik aldatu, ez eta erabiltzaileari 1. apartatuan aipatutako suntsiarazpen-eskaera egiterakoan indarrean egon dena baino kostu handiagoa dakarkion kontzepturik sartu ere, baldin eta ordainketa-zerbitzuen erabiltzaileak, ordainketa-kontua zer finantza-produktu edo -zerbitzu kudeatzeko

mantentzen den irekita, harexekin zerikusia duten helburuetarako soilik erabiltzen badu ordainketa-kontu hori.

3.Denbora-mugarik gabe edo sei hilabetetik gorako aldirako egindako esparru- kontratuaren suntsiarazpena doakoa izango da ordainketa-zerbitzuaren erabiltzailearentzat, lehenengo sei hilabeteak igaro eta gero egiten bada. Gainerako kasuetan, suntsiarazpenaren ondoriozko gastuak egokiak eta kostuen araberakoak izango dira.

4.Esparru-kontratuan hala adostuz gero, ordainketa-zerbitzuen hornitzaileak suntsiarazi ahal izango du denbora-mugarik gabe egindako esparru-kontratua, gutxienez bi hilabete lehenago abisatzen badu.

5.Ordainketa-zerbitzuengatik aldian behin kobratzen diren gastuetatik, ordainketa-zerbitzuen erabiltzaileak kontratua suntsiarazi arte zor duen zati proportzionala bakarrik ordainduko du. Komisio horiek aldez aurretik ordainduta badaude, itzuli beharreko zati proportzionala itzuliko da.

6.Artikulu honetako manuek ez dute ezertan eragotziko alderdiek esparru- kontratuaren deuseztasuna deklara dadila eskatzeko duten eskubideari buruz Kode Zibilean xedatutakoa.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 6., 11. eta 13. puntuetan xedatutakoaren babesean ematen da, zeinek Espainiako Estatuari esleitzen baitiote merkataritzako legegintzari, kreditua, bankuak eta aseguruak antolatzeko oinarriei eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriei eta koordinazioari buruzko eskumen esklusiboa, hurrenez hurren.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Europar Batasuneko Zuzenbidea txertatzea.

Errege lege-dekretu honen bidez Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 2014/92/EB Zuzentaraua, ordainketa-kontuekin lotutako komisioen konparagarritasunari, ordainketa- kontuak lekualdatzeari eta oinarrizko ordainketa-kontuak edukitzeari buruzkoa.

Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen den egunean.

Madrilen, 2017ko azaroaren 24an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra