Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

2/1991 Legea, azaroaren 8koa, Euskal Herriko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen duen Legea aldatzekoa.

1991-11-08

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1991/11/25, 237. zk.; EAO, 2012/2/24, 47. zk.

 

§ 132. 2/1991 LEGEA, AZAROAREN 8KOA, EUSKAL HERRIKO ERREPIDEEN EGITAMU NAGUSIA ARAUPETZEN DUEN LEGEA ALDATZEKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Euskal Herriko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen zuen maiatzaren 30eko 2/1989 Legeak, ekainaren 9ko 109 zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zenak, Egitamuaren gai zen Sarearen Zerrenda jasotzen zuen Eraskinean, bere seigarren ataleko bigarren parrafoko a) zatian eta zazpigarren ataleko parrafo berdineko bigarren zatian ohartemandakoa betez.

 

Argitaratu zenetik nabarmenki azkartu dira Autonomi Elkarteko eta Aldundietako Administrazioak aldundien titularitateko errepideen izendapenei buruzko azterketak burutzeko egiten ari diren ahaleginak, aipatutako 2/1989 Legearen seigarren atalarekin eta bateragarriekin bat etorriz, autonomi-aurretiko aldian hauen administrazioaren egoerak hain ezberdinak zirenez.

 

Honen emaitza bezala etorri dira, batez ere, bide zatien luzeerari buruzko datuak ezartzea, edo hauen hasiera eta bukaera puntuak mugatzea ere, Legearen Eraskineko Egitamuaren gai den Sarearen Zerrendan azalduko direlarik.

 

Hala eta guztiz ere, Egitamuaren gai den Sarearen zerrenda ez da bukatutzat ematen hobekuntza honekin; hori lortu ahal izateko egokitzat jo da Zerrenda aldakorrak diren zirkunstantzia batzutara egokitzeko araubidea arintzea, horretarako, aurretik Euskal Autonomi Elkarteko Errepideen Egitamu Nagusiaren Batzordeak txostena egin ondoren, aldakuntza teknikoak egiteko ahalmena emanez.

 

Legearen testuak hiru atal, indargabetze xedapen bat, azken xedapen bat eta Eraskina izango ditu.

 

Lehenengo Atala

 

Euskal Herriko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen zazpigarren atala honela gelditzen da:

 

"1.- Euskal Herriko Errepideen Egitamu Nagusia izango da, Autonomi Elkarteko errepideen sareak elkarri behar bezala egokituzkoak direla ziurtatzeko, Euskal Herri-Administraritzek euren sareetako indarrean jarriko dituzten teknikazko eta seinaleak jartzeko arauak finkatuko dituen, eta aintzin-neurriak, helburuak, lehentasunak eta Egitamuaren Gai den Sarean gutxienez egin beharreko hobekuntzak zehaztuko dituen agiria.

2.- Egitamuaren Gai den Sarean, Kondaira-Lurraldeak elkarri edo Autonomi Elkartekoez besteko Administraritzetako errepideekin elkartzekoak diren errepideak ere, horietako bide-goaiaren garrantziaren arauera sartuko dira.

3.- Egitamuaren Gai den Sareko errepideen zerrenda Lege honen eraskin gisa jasotakoa, eta hori aldatzeko gai Euskal Autonomi Elkarteko Legebiltzarra izango da, teknikazko aldakuntzetarako hurrengo parrafoan ezarritakoa izan ezik.

4.- Eraskineko Egitamuaren Gai den Sareko errepideen teknikazko aldaketak, oinarrizko aldaketarik eta/edo Zerrendako bidezatiak kendu edo berriak ezartzerik ez dakarten guztietan, Eusko Jaurlaritzaren Dekretuz egingo dira, Euskal Herriko Errepideen Egitamu Nagusiaren Batzordeak aurretik txostena eman eta gero.

Txostena eskatzen denetik kontatzen hasi eta hilabeteko epearen barruan egin beharko da gehienez; hilabete igarota, txostena aldekotzat hartuko da".

 

2. Atala

 

Euskal Herriko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen hamabosgarren ataleko hirugarren parrafoa honela gelditzen da:

 

"3.- Kondaira-Lurraldeetako foruzko ihardutze-sailek, Errepideen Egitamu Nagusiko ekintza-egitarauetan nahitaez bete beharrekoa benetan beteko dela bermatzeko aurrekontu eta ekonomi-alorreko neurriak, Lege honetako erabaki gehigarrietako lehenengoan eta Autonomi Estatutuko 10.25 atalean agindutakoa kontutan izanez eratuko dituzte."

 

3. Atala

 

Maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen Eraskinaren ordez honako Eraskin hau ezarriko da.

 

Indargabetze Xedapena

 

Indargabe gelditzen dira Euskal Herriko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen zazpigarren atala, hamabostgarren ataleko hirugarren parrafoa eta Eraskina, eta baita bertan ezarritakoaren aurka doan beste edozein ere.

 

Azken Xedapena

 

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra