Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

2/1992 Legea, maiatzaren 8koa, Lan-Harremanetarako Batzordearen zerbitzupeko langilegoa antolatzeko dena.

1992-05-08

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1992/6/11, 111. zk.; EAO, 2012/2/15, 39. zk.

 

§ 137. 2/1992 LEGEA, MAIATZAREN 8KOA, LAN-HARREMANETARAKO BATZORDEAREN ZERBITZUPEKO LANGILEGOAREN ANTOLAKETARAKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

      Irailaren 30eko 9/1981 Legeak, "Lan-Harremanetarako Batzordea"ri buruzkoak, autonomia osoa eman zion Batzordeari, lan-harremanen alorrean elkarrizketa, kontsulta eta erabakietarako organo lez bere egitekoak bete ditzan.

      Autonomia horren babesean, 9/1981 Legeko 11. atalean Batzordeak bere zerbitzupeko langilegoa izango zuela oharteman zen, zeina Autonomi Elkarteko Administrazioaren zerbitzupeko langilegoari ezarri dakiokeen araubide berari lotuko bait zitzaion.

      Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea onartu zenean, arau-esparru bateratua ezarri zen, Euskal Administrazio Publikoentzat funtzio publikorako euskal eredua lortzeko helburuarekin, aipatu legearen ezarpen-esparruan, 2.1 c) atalean, Lan-Harremanetarako Batzordearen zerbitzupeko langilegoa sartu zelarik.

      Araudi hori horrela, nabaria da Batzordearen zerbitzupeko langilegoak Autonomi Elkarteko Administrazioan diharduenaren lege-araubide eta lan-baldintza berdinak izateko dagoen borondatea.

      Legeak Euskal Funtzio Publikoaren egitura bateratuaren alde berariz egiten badu ere, badira antolakera bakoitzaren berezko berezitasunak errespetatuz osatu beharreko alderdiak, eta hauek zerbitzu bakoitzaren esparruak dituen apartekotasunetara egokitzen saiatu beharko da.

      Hain zuzen ere, 6/1989 Legeko 12. atalean ezarritakoaren arabera, eskuduntzen banaketari dagokionez, Administrazio bakoitzaren barnean gai honen gainean eman beharreko eskurantzetan eragiten duten zehaztapen horiek.

      Bestalde baldintza berak hala behartzen duenez, hasierako esparruaren garapen armonikoa burutzeko bide jakin batzuk ohartematen ditu Legeak, eta bere 40. atalean agintzen du funtzionarien kidegoak edo mailak Eusko Legebiltzarraren Legez sortu, aldatu edo kenduko direla.

      Lege honekin arazo biei erantzuna eman nahi zaie, baita arau-esparrurik ez izateagatik Batzordean aldibaterako egoeraz ihardun beharra izan zuen langilegoarentzat lan-harreman egonkorra lortzea ere.

      Horiek horrela, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean jasotako aurrikuspenetara egokitze jakin batzuk burutzea da Lege honen funtsezko helburua, Lan-Harremanetarako Batzordearen zerbitzupeko langilegoari ezarri dakion, beronen egitura eta jardunbidea kontutan hartu ondoren.

Lehenengo Atala

      1.-     Honako hauek osatzen dute Lan-Harremanetarako Batzordearen zerbitzupeko langilegoa, Lege honen ezarpen-esparruan sartutakoa hain zuzen:

a.      Karrerako funtzionariek.

b.      Bitarteko funtzionariek.

c.       Behin-behingoko langilegoak.

d.      Langilego laboralak.

      2.-     Lan-Harremanetarako Batzordeko lanpostuak funtzionariek beteko dituzte normalean. Kasu batzutan, salbuezpenez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean adierazitako era eta baldintzekin, funtzionari ez direnek ere bete ahal izango dituzte lanpostu horiek.

2. Atala

      Batzordeko Batzarrari dagokio:

a)   Batzordeko Lehendakariaren proposamenez, Lan-Harremanetarako Batzordeko langilegoari buruzko politika orokorra ezartzea.

b)   Idazkari nagusiaren proposamenez, aurrekontuetan sartutako langile-zerrendak eta Batzordeko lanpostuen zerrendak prestatzea.

c)   Idazkari nagusiaren proposamenez, Batzordearen urteroko lan-eskaintza publikoa onartzea, Jaurlaritzak onartutako erizpide nagusiei jarraiki.

d)   Batzordeko Lehendakariaren proposamenez, karrerako funtzionari edota langile laboral finko izateko egin beharreko hautaketa-saioen oinarriak, programak eta edukiak onartzea, saio horietarako deia egitea eta epaimahaiak izendatzea.

e)   Funtzionarientzat gordetako lanpostuak betetzeko lehendakariak aurkezten dituen proposamenak onartzea.

f)    Lan-Harremanetarako Batzordearen zerbitzurako funtzionarien ordainketarako araubidea eta gainontzeko langileen lansari-baldintzak ezartzeko beharrezko neurriak hartzea.

g)   Batzordeko ordezkariek funtzionarien ordezkariekin lan-baldintzen gainean egin beharreko negoziazioetan eta langilego laboralarekin egin beharreko negoziazio kolektiboetan kontutan izan beharko dituzten ohar, norabide eta erizpideak ezartzea, Batzordearen ordezkaritza hori zehaztea eta, hala balegokio, lortutako akordioak onartu, sendetsi eta gauzatzea.

h)   Lan-Harremanetarako Batzordeko funtzionariei hasitako zigor-espedienteen ebazpen-proposamenak erabakitzea, zerbitzutik behin betirako botatzeko zigorra denean.

i)    Irailaren 30eko 9/1981 Legeak aitortzen dizkion egiteko guztiak betetzea, baita Batzordeko beste atal batzuri berariaz aitortu gabekoak ere.

3. Atala

      Batzordeko Lehendakariari dagokio:

a)   Batzordeko langilegoari buruzko politika garatzea, bultzatzea, koordinatzea eta zaintzea.

b)   Idazkari nagusiak Batzordeko Batzarrak onar ditzan aurkeztu beharreko proposamenei aurretiaz bere oneritzia ematea.

c)   Batzordeko batzarrari karrerako funtzionari edota langile laboral finko izateko egin beharreko hautaketa-saioetako oinarriak, programak eta edukiak proposatzea, baita deialdia eta epaimahai kalifikatzaileen osakera ere, eta saioak gainditu dituztenak izendatu, postuaren jabe egin edo, hala balegokio, kontratatzea.

d)   Batzarrari funtzionarientzat gordetako lanpostuak, deialdi publikoa egin ondoren, merezimendu-lehiaketaz nahiz aukerazko izendapenez betetzeko proposamena egitea.

e)   Funtzionarien administrazio egoerak aditzera ematea eta iharduneango zerbitzuan berriro hasteko baimena ematea.

f)    Behin-behingoko langilegoa eta bitarteko funtzionariak izendatzea eta horiei postua utzeraztea, baita, Batzarrak oneritzia agertu ondoren, aldirako lan-itunepeko langilegoa kontratatzea ere, indarreango araudiari jarraiki lan-utzeraztea berez eta besterik gabe ematen den kasuen kaltetan gabe.

g)   Derrigorrezko erretiroak eta ezintasun fisikoak eragindakoak adieraztea.

h)   Langilego laboral finkoaren kontratuen iraungipena, arrazoizko kausek nahiz zigor-egozteak eraginda, erabakitzea, eta, bidezko den kasuetan, beroriek indargabetzea.

i)    Zerbitzu-eginkizunak ematea eta lanposturen bati behin-behinean atxikitzea.

j)    Maila pertsonalen eskuratze eta aldaketak onartzea, baita, hirurtekoen ondorioetarako, lehendik Administrazioan emandako zerbitzuak ere.

k)   Produktibitate osagarriagatik banakakotutako zenbatekoak izendatzea eta ohiz kanpoko zerbitzuengatik hobariak ematea, Batzordeko Batzarrak onartutako banaketa irizpideekin bat etorriz.

l)    Batzarrak ordezkotzan ematen dizkion egitekoak betetzea.

4. Aatala

      Idazkari Nagusiari dagokio:

a)   Ordainketa araubidearen ezarpena eta Batzordeko Batzarrak aurrekontuetan sartutako langile-zerrenda, lanpostuen zerrenda eta lan-eskaintza publikoa onar ditzala proposatzea.

b)   Zerbitzuaren emankortasuna eta langilegoaren sustapena eta gaikuntza hobetzeko neurriak eta ekimenak bultzatzea, koordinatzea eta, hala behar izan ezkero, burutzea.

c)   Langilegoari dagozkionetan ikuskatze-lanak egitea eta funtzio publikoaren alorrean orohar ezar daitezkeen arauak betetzen direla zaintzea.

d)   Funtzio publikoaren alorrean beste administrazioetan aginpidedun diren organoen aurrean Batzordea ordezkatzea.

e)   Bateragarritasun-espedienteak erabakitzea.

f)    Indarrean dauden xedapenen arabera zigortzeko ahalmenez baliatzea, langilego laboralaren kasuan zerbitzua behin betiko utzeraztekoaz eta egoztekoaz salbu.

g)   Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak hizkuntza normalkuntzarako egiten dituen aurrikuspenak Batzordean betetzeko beharrezko neurriak hartzea.

h)   Lizentziak ematea.

i)    Orohar, langilegoaren buruzagitza eta ohizko administrazio eta kudeaketa ekintzak.

5. Atala

      1.-     Lan-Harremanetarako Batzordeko funtzionariak, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeko 43. atalean erabakitakoarekin bat etorriz, ondoren aipatzen diren Kidegoen barne geldituko dira, adierazten diren taldeetan bildurik:

A TALDEA

A-1 Administrazio Goi Mailako Kidegoa.

A-2 Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa.

B TALDEA

B-1 Administrazio Kudeaketa Kidegoa.

B-2 Erdi Mailako Teknikarien Kidegoa.

C TALDEA

C-1 Administrazio Kidegoa.

C-2 Teknikari Laguntzaileen Kidegoa.

D TALDEA

D-1 Administrari Laguntzaile Kidegoa.

E TALDEA

E-1 Menpekoen Kidegoa.

      2.-     Hona hemen Kidegoei dagozkien oinarrizko eginkizunak:

a)   Administrazio Goi Mailako Kidegoari: programaketa, kudeaketa, egiteratze, ikuskatze nahiz zaintze alorretako goi mailako azterlan edota proposamenak egitea, administrazioaren iharduerari dagozkionak hain zuzen.

      Kidego honetan sartu ahal izateko, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeko 43. atalean A Taldearentzat ezarritako titulua izatea eskatuko da.

b)   Kudeaketa Kideagoari: goi mailako eginkizunetan lankidetza eskaintzea, araudia ezartzea, espediente normalizatuen erabaki-proposamena egitea eta goi mailakoei ez dagozkien azterlan eta txostenak prestatzea.

      Kidego honetan sartu ahal izateko, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeko 43. atalean B Taldearentzat ezarritako titulua izatea eskatuko da.

c)   Administrazio Kidegoari: goi mailako eginkizunen prestaketarako nahiz berorien ondoriozko elkarlanak burutzea, dokumentazioa egiaztatzea eta bere konplexutasunagatik Goi Mailako Kidegoei ez dagokiena prestatzea; horiez gain, Kidego honi dagokio, halaber, mekanografia-lanak, eskulanak edota zenbaki-hainbaketa lanak egitea, baita jendeari argibideak eman eta harrera egitea ere.

      Kidego honetan sartu ahal izateko, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeko 43. atalean C Taldearentzat ezarritako titulua izatea eskatuko da.

d)   Administrari Laguntzaile Kidegoari: administrazioaren iharduera alorretan laguntzaile lanak egitea; makinaz idaztea eta gutunak bidaltzea; kalkulu bakuna; dokumentuak transkribatzea; artxibatze-, sailkatze eta erregistro-lanak; fitxategiak zaintzea eta jendeari harrera egitea, eta antzekoak.

      Kidego honetan sartu ahal izateko, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeko 43. atalean D Taldearentzat ezarritako titulua izatea eskatuko da.

e)   Menpekoen Kidegoari: ondasun publikoak jagotea eta zaintzea; bulego nahiz zentru publikoetara joandako pertsonen kontrola; aretoen kokapenari buruzko informazioa ematea; langai, altzari eta instalazioak zaintzea; eskutitzak sailkatzea eta banatzea; makina birproduzitzaileak erabiltzea; dokumentuak eta espedienteak igortzea, jakinerazpenak ematea, eta, orohar, jagole-etxezainaren berezko eginkizunak.

      Kidego honetan sartu ahal izateko, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeko 43. atalean E Taldearentzat ezarritako titulua izatea eskatuko da.

f)    Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoari, Erdi Mailako Teknikarien Kidegoari eta Teknikari Laguntzaileenari: Kidego horietan sartu ahal izateko eskatutako tituluak lanbide bat egiteko esku ematen dionez, lanbide horretako eginkizunak betetzea, bai eta ikasketa jakin batzuk emandako ezaguera berariazkoa eta zehatza eskatzen duten eginkizunak ere.

      Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoan, Erdi Mailako Teknikarien Kidegoan eta Teknikari Laguntzaileen Kidegoan sartu ahal izateko, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeko 43. atalean A, B, eta C Taldeentzat ezarritako titulua izatea eskatuko da, hurrenez hurren. Kidego horiei dagozkien aurrekontuetan sartutako langile-zerrendek adieraziko dute titulazio jakin bati nahiz, hala balegokie, titulazio batzuei zenbat lanpostu dagozkien.

      3.-     Nolanahi ere, titulazio bera eskatzen duten lanpostuak deialdi bateratuez eta hautaketa-saio amankomunez beteko dira.

      4.-     Sortzen diren Kidegoen berezko eginkizunek inolaz ere ez dute esan nahiko lanpostu jakin batzuk Kidego horiei gordetzen zaizkienik.

Gehigarrizko Xedapena

      1.-     Lan-Harremanetarako Batzordeko funtzionariei Gizarte Segurantzaren errejimen orokorra ezarriko zaie.

      2.-     Legez ezarritako mugikortasun bideen ondorioz beste Administrazioetatik Batzordean sartzen diren funtzionariek jatorrizko gizarte aurrikuspenezko errejimena izango dute.

Aldi Baterako Xedapenak

Lehenengoa

      Lan-Harremanetarako Batzordeak, Lege hau indarrean jartzen den egunetik hasita sei hilabeteko epean eta bertan adierazitako aginduekin bat etorriz, bertako lanpostuen eginkizunak aztertu eta sailkatuko ditu, funtzionariei, langilego laboralari eta behin-behingoko langilegoari dagozkionak zehaztuko dituelarik; hori ezezik, lanpostuen zerrendak prestatu eta onartuko ditu, bakoitzari izendatutako lantoki-osagarria eta, hala badagokio, osagarri berezia zenbatekoa den adieraziko duelarik, eta horren arabera, kidegoen eta langilego laboralaren aurrekontuetan sartutako langile-zerrenda ezarriko du.

Bigarrena

      1.-     Abuztuaren 2ko 30/1984 Legeko Aldibaterako Seigarren Xedapenaren laugarren idazatian erabakitakoaren babesean, aldibaterako lankidetza kontratu administratiboa izanik funtzio publikorako sarbidearen zain Lan-Harremanetarako Batzordearen zerbitzupean dagoen langilegoak funtzionari edota langile laboral finko izaera lor dezake, bere eginkizunen sailkapenaren arabera, horretarako antolatutako saio osagarrien bitartez. Saio horien edukia lehiakideak bete beharreko eginkizunei lotuko zaie, horretarako ezartzen diren merezimenduak eta baldintzak egiaztatuaz.

      2.-     Aurreko idazatian ohartemandako ondorioetarako, Lan-Harremanetarako Batzordeak merezimenduen lehiaketarako deia egingo du, lanpostuen zerrenda onartu ondoren; lehiaketa horretan parte hartu ahal izango dute iharduneango zerbitzu egoeran daudenek eta borondatezko lan-utzialdian edota zerbitzu bereziak eskaintzen daudenek.

      Lehiakidea hautaketa prozesura azaltzen ez bada edota berori gainditzen ez badu, kontratu harremana berez eta besterik gabe amaitzea erabakiko da; nolanahi ere, erabaki hori lehiaketa erabakitzen den egunetik hasi eta handik hiru hilabeteko epe barruan gauzatu beharko da. Alabaina, doakion langilegoak funtzio publikorako sarbiderako hurrengo deialdietan parte har dezake, eta lehendik emandako zerbitzuak baloratu egingo zaizkio, funtzio publikoaren esparruak hartzen duen langilegoarentzat Aldibaterako Hirugarren Erabakian ohartemandako baldintza eta muga berberekin.

      3.-     Hautaketa prozesua gainditurik, funtzionari edota langile laboral finko izatea lortzen duten lehiakideek lehendik izendatuak zituzten lanpostuak beteko dituzte.

      4.-     Aurreko idazatietan agindutakoa bete arte, aldibaterako kontratudun langilegoak egingo zerbitzu-harremanari eutsiko dio, lehendik betetzen ari zen lanpostuan segituko du, lanpostu horiei emandako izaera alde batera, eta dagozkion ordainketak Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean ezarritako errejimenera egokituko zaizkio.

Hirugarrena

      1.-     Lege hau indarrean jartzen denean Lan-Harremanetarako Batzordean bitarteko legez diharduen langilegoak funtzionari edota langile laboral finko izatea lor dezake, bere eginkizunen sailkapenen arabera, Lan-Harremanetarako Batzordeak horretarako deitutako lehiaketa-norgehiagoka libreko prozedura bidez; prozedura horretan, langilego horrek edozein Administrazio Publikotan lehendik emandako zerbitzuak baloratuko dira, norgehiagoka aldian atera daitezkeen puntuen ehuneko berrogeitabostekin gehienez.

      Lege hau indarrean jartzen denetik egiten diren lehendabiziko hiru lan-eskaintza publikoen ondorioz egindako deialdietan ezarriko da balorazio hori.

      Aurreko idazatian aipatzen diren deialdiak bete ondoren funtzionari edota langile laboral finko izatea lortzen ez duten langileek Lan-Harremanetarako Batzordeko zerbitzua utziko dute, azken deialdia erabakitzen den egunetik hasita hiru hilabeteko epe barruan.

      2.-     Aurreko idazatietan agindutakoa bete arte, bitarteko kontratudun langilegoak egungo zerbitzu-harremanari eutsiko dio, lehendik betetzen ari zen lanpostuan segituko du eta dagozkion ordainketak Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean ezarritako errejimenera egokituko zaizkio.

Laugarrena

      Lehen adierazitako aldibaterako xedapenen babesean funtzionari edota langile laboral finko izatea lortzen duten langileei edozein Administrazio Publikotan emandako zerbitzuak aitortuko zaizkie, hirurtekoen eta aintzinatasunaren ondorioetarako.

Indargabetzeko Xedapena

      Indargabeturik gelditzen dira Lege honen aurkakoak diren xedapen guztiak, maila berekoak zein txikiagokoak izan.

Azken Xedapena

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamonean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra