Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

2/1996 Legea, maiatzaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Profesioarteko Erakundeei buruzkoa.

1996-05-10

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1996/5/31, 104. zk.; EAO, 2012/1/20, 17. zk.

 

§ 177. 2/1996 LEGEA, MAIATZAREN 10EKOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN PROFESIOARTEKO ERAKUNDEEI BURUZKOA

 

ZIOEN AZALPENA

 

1986. urteaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien sektorea Europako Batasuneko merkatuaren baldintzetara eta nekazaritzako politika komunera egokitu eta aldatzen izan da, aiseago edo nekezago, eta sektore horretako eremu guztietan izan diren aldaketen ondorioz, antzerako ezaugarriak dituzten estatu eta herrialdeen egoerara hurbildu da bertoko egoera. Hurbilketa hori, ageri denez, ez da maila berekoa izan nekazaritzako elikagaien sistemaren azpisektore guztietan, bakoitzaren ezaugarri bereziek eragina izan dute eta, nolanahi ere, esan daiteke azpisektore guztietan gertatu dela hein batean edo bestean.

 

Hala ere, Europako Batasuneko lehiakideekin edo garatuago eta lehiatsuago diren beste herrialdeetakoekin alderatuz gero, bada gabeziarik gurean, eta nabariena profesioarteko egitura pribaturik eza edo horrelako egituren garapen urria da, ezen egitura horiek baitira sektore garrantzitsu hau antola, egitura eta batera ekar dezaketenak, modernizazio, garapen eta lehiakortasun helburuak lortzeko laguntza eman dezaketenak.

 

Arazoari heltzean, nabarmena da arlo honetan oraindik ez dagoela arau-marko espezifikorik, Estatuko nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeak arautzeko legea 1994ko abenduaren 30ean onetsi baita, eta lehenago ez baita egitura horietarako arau espezifikorik izan; are gehiago, ezin esan gabe utzi profesionalen elkarteak arautzeko indarrean dagoen legeriak, apirilaren 1eko 19/1977 Legeak, aukera bakarra jasotzen duela: langileen elkarteak, batetik, eta enpresarien elkarteak, bestetik. Hori guztia dela eta, arlo honetan dagoen hutsunea bete nahi du honako lege honek, nekazaritzako elikagaien euskal sektorearen ezaugarri eta beharrizanei egokitutako marko juridikoa ezarriz, elkarlehiari buruzko arauak errespetatuz eta Europako Erkidegoko Itunaren 39. ataleko helburuekin bat etorriz.

 

1. Atala - Nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeen kontzeptua

 

1.- Lege honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeak arautzea da.

 

Lege honi dagokionez, legez ezarritako eretarik edozeinen arabera, legez eratu eta nortasun juridiko propioa duten erakunde pribatuak dira nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeak, baldin beren ihardun-eremuak ez badu Euskal Autonomia Erkidegoa gainditzen. Erakunde horiek, gainera, nekazaritzako elikagaien ekoizpen, eraldaketa eta merkaturatze arloetan behar adinako ordezkaritasuna izan behar dute, eta lege honetan aurrikusitako aintzatespena eta erregistroa lortu behar dute.

 

2.- Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta arrantzako gaien ekoizpena, eraldaketa eta merkaturatzea lege honen eremuaren barruan daudela ulertu behar da.

 

Jatorrizko izendazio eta izendazio espezifikoen, kalitate izendazio eta adierazpenen, edota geografi adierazpen edo izendazioen itzalpeko produktuak beraiei buruzko xedapen espezifikoen arabera eta beraiek kudeatu eta kontrolatzeko organoek hartutako erabakien arabera eraenduko dira. Lege honetan xedatutakoa aipatu xedapen eta erabaki horietan jasotzen ez diren alderdietan bakarrik aplikatuko zaie.

 

2. Atala - Helburuak

 

Nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeen helburuak ondoko hauetariko baten bat edo guztiak izango dira:

 

a) Merkatuen ezagutza, gardentasuna eta eraginkortasuna hobetzea.

b) Nekazaritzako elikagaien katearen prozesu eta produktuen kalitatea eta lehiatzeko gaitasuna hobetzea, haien jarraipen osoa eginez, ekoizpen-fasetik hasi eta azken kontsumitzaileagana heltzen diren arte.

c) Sektorean-sektorean ikerketa, garapen eta heziketarako egitarauak sustatzea.

d) Nekazaritzako elikagaien sektore eta produktuen ezagutza sustatu eta hedatzea.

e) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazio egiazko eta egokia ematea.

f) Natur ingurune eta natur baliabideen defentsaren hobekuntza sustatzea.

g) Nekazaritzako elikagaien sektoreko produktu eta enpresak merkatuaren beharrizanei egokitzea.

 

3. Atala - Aintzatespena

 

1.- Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunari dagokio nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeen aintzatespena, erakunde horiek horrela eskatuz gero. Erabakia baino lehen, sindikatuen iritzia jasoko da, eta derrigorrez beharko da ukitutako foru-aldundiek proposamenari buruz egindako txostena. Aintzatespen horrek 5. atalean arautzen den erregistroan inskribatzea ekarriko du berekin.

 

2.- Aintzatespena lortzeko beharkizunak hauek dira:

 

a) Izaera pribatuko nortasun juridiko propioa izatea, legez onartutako eretarik edozeinen arabera, bakar-bakarrik profesioarteko erakundeei onartutako helburuetarako, eta irabazasmorik ez izatea.

b) Araudi bidez ezarriko den eran, sektore edo produktu bati edo batzuei dagokienez, ekoizpenean eta, dagokion kasuan, eraldaketan eta merkaturatzean finkapen-maila adierazgarria izatea. Bidezko denean, eta ekoizpen bakoitzeko interesen ordezkaritasunaren arabera, kooperatiba, nekazari-sindikatu, ekoizpen, eraldaketa edo merkaturatzeko nekazaritza-sozietate eta gainerako elkarteen ordezkaritasuna ekoizpen, eraldaketa edo merkaturatzearen sektorean, edo aldi berean sektore horietako bat baino gehiagotan izan daiteke.

c) Erreferentzi eremua Euskal Autonomia Erkidegoan dagokion ekoizpen osoa izango du, baina azken helburuaren ondorioz edo kalitateagatiko bereizketaren ondorioz merkatu espezifikoa sortzen bada, erreferentzi eremua halako ekoizpenaren zati batera muga daiteke.

d) Estatutuetan ondoko beharkizun hauek betetzea:

1.- Kideak atxikitzeko eta erakundetik ateratzeko bideak arautzea, erakundearen estatutu eta erabakiak betetzeko konpromezua hartzen duen edozein entitateri sarbidea bermatuz, baldin Euskal Autonomia Erkidegoan bere adar profesionalaren %5a edo gehiago osatzen duela benetakotzen badu. Euskal Autonomia Erkidegoa baino lurralde-eremu txikiagoa duten entitateek, hauetakotzat lurralde historikoak eta eskualdeak ulertuz, beren lurralde-eremuan, adar profesionalaren %60a edo gehiago osatzen dutela benetakotu behar dute sarbidea bermaturik izateko; horrez gain, entitatea finkaturik dagoen lurralde-eremuko nekazaritzako azken ekoizpenaren %12ekoa izan behar da, gutxienez, aipatu eremu horretako sektore edo ekoizpena.

2.- Kide guztiei profesioarteko erakundeak hartutako erabakiak bete beharra ezartzea.

3.- Sektore ekoizleak, batetik, eta sektore eraldatzaileak eta sektore merkaturatzaileak, bestetik, profesioarteko erakundearen gobernamendu eta kudeaketan duten partaidetza arautzea, partaidetza hori parekidea izan dadin.

 

4. Atala - Erakunde-kopurua

 

Euskal Autonomia Erkidegorako nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakunde bakarra aintzatetsiko da sektore edo produktu bakoitzeko, 3.2 atalaren c) idazatian aurrikusitako inguruabar espezifikoak gertatzen direnetan izan ezik.

 

5. Atala - Erregistroa

 

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Profesioarteko Erakundeeen Erregistroa eratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeen aintzatespena emateko eskumena duen organoari atxikita. Araudi bidez ezarriko da nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakunde aintzatetsiak, haiek hartutako erabakiak eta zehazten den gainerako informazioa inskribatzeko era.

 

2.- Nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakunde aintzatetsiek, urtero-urtero, ihardueren urteko memoria, ekitaldiaren balantze eta likidazioa -auditoretza behar bezala eginda- eta sarrera eta gastuen urteko aurrekontua bidali behar dituzte erregistrora, erakundeetariko bakoitza onetsia izan eta hilabeteko epearen barruan. Profesioarteko erakundeetan finantza, kudeaketa eta funtzionamendu eragozpenekin zerikusia duten inguruabar jakin batzuk gertatzen direnean, informatzeko betebehar gehiago ezarri ahal izango da eragozpenei eta eragozpen horiek gainditzeko planteatu edo onetsi diren planei buruz.

 

6. Atala - Erabakiak

 

1.- Elkarlehiaren Defentsari buruzko uztailaren 17ko 16/1989 Legean ezarritakoaren eta Europako Batasunak arlo horretan xedatutakoen arabera hartuko dituzte erabakiak nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeek. Erakunde horiek 2. atalean ezarritako helburuei buruz hartzen dituzten erabakiak 5. atalean adierazitako erregistrora igorriko dira.

 

7. Atala - Arauen eraginaren zabalkundea

 

1.- Nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeek eskatu ahal izango diote Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunari beren arau edo erabaki guztien edo batzuen eragina produktu edo sektorearekin lotutako ekoizle eta ihardule guztiengana zabal dadin; horretarako, halako araua onesteko proposamena aurkeztuko dute. Araua eman baino lehenago, derrigorrez beharko da arauen eragina zabaltzeko proposamenei buruz ukitutako foru-aldundiek egindako txostena.

 

Arauen eragina zabaltzeko proposamenak ondoko gaiekin erlazionaturiko erregelei buruzkoak izan behar dira:

 

a) Produktuen kalitatea, normalizazioa, atondura eta ontziratzea, baldin arlo horretako xedapenik ez badago, edo, egonez gero, eskakizun zorrotzagoak ezartzea badakar proposamenak.

b) Natur ingurunearen babesaren hobekuntza.

c) Ekoizpen eta merkatuei buruzko ezagutza eta informazioaren hobekuntza.

d) Sektore edo produktuari onurarik ekartzen dioten sustapen-ekintzak.

 

2.- Arauen eragina zabaltzeko, araudi bidez ezarriko diren baldintzetan, nahitaezkoa izango da ukituriko adar profesionaletako ekoizle eta iharduleetarik, gutxienez, %60ak zabalkuntza horren alde egitea. Ekoizle eta ihardule horien ordezkaritasuna, halaber, ukituriko ekoizpenen bi herenen bestekoa izan behar da gutxienez.

 

3.- Araudi bidez ezarriko da arauen eragina zabaltzeko erabakiak betetzen direnentz egiaztatzeko kontrol eta jarraipena.

 

4.- Estatuko Administrazio zentralak, bere eskumenen eremuan, arauen eragina zabaltzeko ezartzen dituen erabakiak bete beharraren kalterik gabe ulertuko da atal honetan ezarritakoa. Kasu horietan Euskal Autonomia Erkidegoko profesioarteko erakundeek arauen eraginaren zabalkuntza erabaki eta lortu ahal izango dute, baldin arau horiek Estatuan ezarritako gutxienezkoak bete eta garatzen badituzte, halako sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen baldintza eta berezitasunei egokituz eta, hala badagokio, eskakizunak eta ekintzak gehituz.

 

8. Atala - Ekarpen ekonomikoa arauen eragina zabalduz gero

 

Aurreko atalean xedatutakoaren arabera, ukituriko gainerako ekoizle edo iharduleengana zabaltzen denean arauen eragina, profesioarteko erakundeek proposatu ahal izango diote Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari ekarpen ekonomikoak egin beharra ezar dakien erakunde horietan sartuta ez daudenei ere, egin beharreko iharduketen kostuaren proportzioz eta profesioarteko erakundeetako kideekiko bereizkeriarik sortu gabe. Horri dagokionez, profesioarteko erakundeen funtzionamendu-gastuak ez dira jasanaraztekoak izango, baldin ez badira aipatu iharduketen ondorio.

 

9. Atala - Interesatuei entzunaldia emango zaie

 

7 eta 8. ataletako balizkoetan, entzunaldia emango zaie interesatuei, profesioarteko erakundeek hartutako erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz. Interesatuek espedienteak kontsultatu ahal izango dituzte eta bidezkotzat hartzen dituzten alegazioak azaldu ahal izango dituzte, egokitzat hartzen dituzten dokumentu eta frogagiriak aurkeztuz, hori guztia hamabost eguneko epearen barruan.

 

Erabakia baino lehen, entzunaldia emango zaie ukituriko profesioarteko erakundeei, espedientea aztertzeko, alegazioak azaltzeko eta dokumentu eta frogagiriak aurkezteko modurik izan dezaten hamabost eguneko epearen barruan. Horren ostean, xedapen arau-emailea eman eta argitaratuko da.

 

10. Atala - Aintzatespenaren ezeztapena

 

Lege honen 3. ataleko beharkizunak betetzen ez dituzten profesioarteko erakundeen aintzatespena ezeztatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo eskudunak, aipatu erakunde horiei entzunaldia eman ondoren.

 

11. Atala - Entitate laguntzaileak

 

Nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakunde aintzatetsiak entitate laguntzailetzat hartu ahal izango dira lege honen 2. atalean ezarritako helburuak lortzea xedetzat duten laguntza eta subentzio publikoen onuradunei fondo publikoak eman eta banatzeko, administrazio publikoen aurrekontuen konturako laguntza eta subentzioei buruzko arauetan ezarritako terminoetan.

 

12. Atala- Nekazaritzako elikagaien profesioarteko beste erakunde batzuekiko harremanak

 

Lege honen arabera aintzatetsitako erakundeek elkartu eta bat egin ahal izango dute, ihardun-eremu ezberdinetakoak izan arren, antzerakoak diren beste erakunde batzuekin, direla Estatu mailakoak, direla ihardun-eremu txikiagokoak; aintzatetsitako erakundeek, halaber, bat egin ahal izango dute beste estatu batzuetako entitate izaera eta helburu beretsukoekin. Elkartu eta bat egiteko erabakiak 5. atalean ezarri den erregistrora igorriko dira.

 

13. Atala - Arau-hausteak

 

1.- Lege honetan xedatutakoaren aurkako arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izango dira.

 

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari informazioa eman eta dokumentuak bidaltzeari buruz lege honetan ezarri diren eginbeharrak betetzean atzerapen bidegaberik izanez gero, arau-hauste arintzat hartuko da atzerapen hori.

 

3.- Ondoko hauek arau-hauste larriak izango dira:

 

a) Urte batean zehar bi arau-hauste arin baino gehiago egitea, erabaki irmoaren bidez horrela gertatu dela ezarriz gero.

b) Erabakiak igorri beharra, 6. atalean ezarritakoa, ez betetzea.

 

4.- Ondoko hauek oso arau-hauste larriak izango dira:

 

a) Urte batean zehar izaera bereko arau-hauste larri bat baino gehiago egitea, erabaki irmoaren bidez horrela gertatu dela ezarriz gero.

b) 2. atalean ezarritakoak barik, beste helbururen bat duten iharduketak burutzea.

c) Arauen eragina zabaltzeagatiko ekarpen ekonomikoetarako 8. atalean ezarri den araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak onetsitakoak ez diren terminoetan aplikatzea.

d) Merkatuak zatikatu edo bakartzen dituzten erabakiak, edo ukituriko ekonomi agenteentzako bereizkeria dakartenak, hartzea.

e) Merkatuaren antolaketa komunen funtzionamendu egokia oztopatzea.

 

14. Atala - Zehapenak

 

1.- Aurreko atalean tipifikatutako arau-hauste administratiboek jarraian adieraziko diren zehapenetarik baten bat ezartzea ekar dezakete:

 

a) Arau-hauste arinengatik: 1.000.000 pezetarainoko isuna.

b) Arau-hauste larriengatik:

- 1.000.001 pezetatik 5.000.000ra bitarteko isuna.

- Erakundearen aintzatespenaren aldibaterako etendura, lege honetan ezarritakoari dagokionez, urtebetetik gorakoa izango ez den eperako, hain zuzen.

c) Oso arau-hauste larriengatik:

- 5.000.001 pezetatik 10.000.000ra bitarteko isuna.

- Erakundearen aintzatespenaren aldibaterako etendura, lege honetan ezarritakoari dagokionez, urtebetetik gorakoa eta hiru urtetik beherakoa izango den eperako, hain zuzen.

- Erakundearen aintzatespena behin-betiko kentzea, lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako.

 

2.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean finkatutako prozeduraren arabera ezarriko dira aipatu zehapenak.

 

3.- Urtean-urtean, Jaurlaritzaren Kontseiluak ezarritako isunen zenbatekoak eguneratu ahal izango ditu dekretu bidez, nekazaritzako elikagaien sektoreari buruzko ekonomi irizpide objektiboen arabera.

 

15. Atala - Nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeei buruzko kontsulta eta aholkularitza

 

1.- Nekazaritzarako Aholku Mahai Nazionalari dagokio nekazaritzako elikagaien sektoreari buruzko kontsulta eta aholkularitza eginkizun hauek burutzea:

 

a) Txostenak ematea, nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeak aintzatetsi edo ezeztatu baino lehen.

b) Txostenak ematea, arauen eragina zabaltzeko erabakiak eta erakundeetan sartuta ez daudenek ekarpen ekonomikoak egiteko erabakiak, 7 eta 8. ataletan aipatutakoak, alegia, onetsi baino lehen.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeei buruzko aholkuak ematea.

 

2.- Aholku-mahaiak aurreko idazatian jasotako gaiak aztertu behar dituenean, biltzeko deia egingo zaie ukituriko organismo, entitate, elkarte eta sektoreetako ordezkariei, araudi bidez ezarriko denaren arabera.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehenengoa

 

Elkarlehia Defendatzeko Auzitegiak nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakunde aintzatetsiren bati zehapenik ezarriz gero elkarlehia askearen aurkako arau-hausteengatik, emandako aintzatespena aldi baterako eten edo behin-betiko ken dakioke halako erakundeari, baldin arau-hauste horiek legen honen 2. atalean ezarritako helburuak zaurtzen badituzte.

 

Bigarrena

 

Erakunde profesionalek, bakoitzari dagokion ihardun-eremuaren barruan, administrazio publikoen aurrean ordezkaritzadun solaskide izateko egitekoak mantenduko dituzte.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa

 

Eskuespena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari, legen honetan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

 

Bigarrena

 

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra