Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

2/1999 Legea, ekainaren 25ekoa, Ekonomiaren, Aurrekontuen eta Finantziazioaren arloan 1999. urterako Neurri Osagarriak ezartzekoa.

1999-06-25

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1999/6/28, 121. zk.; EAO, 2011/12/17, 303. zk.

 

§ 228. 2/1999 LEGEA, EKAINAREN 25EKOA, EKONOMIAREN, AURREKONTUEN ETA FINANTZAZIOAREN ARLOAN 1999. URTERAKO NEURRI OSAGARRIAK EZARTZEKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

Hauteskundeetarako deialdia zela eta, Eusko Legebiltzarra desegin egin zenez, ezinezkoa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoko 1999rako Aurrekontu Orokorrak Legebiltzarrari epe barruan aurkeztea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 6.4 artikuluaren eta irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren 62. artikuluaren arabera. 1/1997 Legegintza Dekretuak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen du; eta 1/1994 Legegintza Dekretuak Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz Indarrean dauden Lege Xedapenen Bateratutako Testua onartzen du. Horrenbestez, horrek eragin du aipatutako irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuko IX. tituluan jasotzen den luzapen-erregimena martxan jartzea.

Hain zuzen ere, ekonomi urtealdi bat hasterako dagozkion aurrekontu orokorrak oraindik onartu gabe baldin badaude, aurreko urtealdiko aurrekontu orokorren indarraldia luzatzeko aukera jasotzen du arau horrek. Hala ere, indarraldia luzatu ahal izateko, oso kontuan eduki behar da, nolanahi ere, luzapen-erregimen orokorra erregulatzen duen araudia.

Irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuko IX. tituluaren xedea da aurrekontu orokorren luzapena orokorrean erregulatzea, egoera horietan sortu daitezkeen arazoak saihestuz. Erregulazio horrek nolabaiteko tartea ematen du aurrekontuak gauzatzeko, bai egiturako gastuen estaldurari dagokionez (langileen eta funtzionamenduaren gastuak), eta bai aurreko urtealdietatik eratorritako aurrekontu-konpromisoei dagokienez, eta luzatutako urtealdian amaitu behar izan ez duten programei edo jarduerei dagokienez. Baina, bestalde, erregulazioa behin-behinekoa da eta horrek esan nahi du betearazteko zurruntasun handiagoa dagoela, batez ere gastuen egoerari dagokionez. Horrek praktikan dakarren ondorioetako bat da, besteak beste, honako hauen izozketa: pentsioak, gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko aurrekontu-dotazioak, aurrekontuen kontura finantzatzen diren erakundeetarako eta entitateetarako aurrekontu-dotazioak, hezkuntzako itunen moduluen osagaiak, eta gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrerak. Beste ondorio bat da ezinezkoa dela garatzea aurreko urtealdiko aurrekontuetan aurreikusi ez diren jarduerak.

Hori horrela, kontuan hartuta tartean diren aparteko gorabeherak, eta bai atzeratu ezin diren hainbat jarduera premiaz burutu beharra ere, ezinbestekoa da aurrekontu-jarduerari hainbat neurri osagarri egituratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan hurrengo aurrekontu orokorrak onartzen dituen legea aldarrikatzen den arteko denbora-tarterako.

Aipatutako eraginetarako, beraz, lege honen xedea da luzapenak eragindako arazo batzuk konpontzea, konponbidea atzeraezina delako. Arazoak hauek dira: Eusko Legebiltzarrerako eta UPV/EHUrako aurrekontu-dotazioa ezartzea, gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko aurrekontu-dotazioa gehitzea eta pentsioak, hezkuntza-itunen moduluen osagaiak eta gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrerak eguneratzea. Lege honen xedea da, baita ere, interpretazio zehatzagoa behar duten arazoak konpontzea: laguntzak eta dirulaguntzak zuzenean ematea, eta inbertsio errealetarako gastuak. Halaber, hainbat neurri hartu behar dira aurreko urtealdiko aurrekontuetan, arrazoi nabariak zirela medio, aurreikusi ez ziren jarduerak kontuan hartzeko, uneko gorabeherak eta jarduera horiek burutzeko premiak hala eskatzen dutelako. Nolanahi ere, nahiz eta luzapen-epean egon, beharrezkoa den oreka bilatu behar da aurrekontuaren erabileraren artean, plangintza baten eta koiunturakoak ez diren neurri batzuen zerbitzuan dagoen ekonomi politikarako tresna denez, eta Legebiltzarrari zor zaion errespetuaren artean; hain zuzen ere, Legebiltzarra baita ekonomi urtealdiko gastuei aurre egiteko kredituak baimentzeko eskumena duen erakundea.

Arauaren eduki zehatzari dagokionez, honako alderdi hauek nabarmendu daitezke.

Lehenengo, sektore publikoaren ordainsariei dagokienez, nahiz eta luzapen-erregimenak beharrezkoa den estaldura eskaini ordainsariak eguneratu ahal izateko, egokiagotzat jo da ordainsarien igoeraren gehienezko portzentajea ezartzea, inflazioak izan duen bilakaerara egokituta. Horrekin batera, beharrezkoa den estaldura eskaini da unibertsitatekoak ez diren irakasleen ordainsari osagarriei 1994tik 1998ra bitartean dagokien egokitzapena egiteko. Hartzeko pasiboen erregimenari dagokienez ere antzera jokatu da eta pentsio publikoak igo egin dira.

Bestalde, egoki iritzi zaio, baita ere, itunpeko ikastetxeei eusteko ekonomi moduluen osagaien urteko zenbatekoak eguneratzeari, indarrean dauden eskola- unitateen egokitzapenak estali ahal izateko, 1998-1999 ikasturterako.

Gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrerari dagokionez, 1998rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak Onartzen dituen abenduaren 23ko 21/1997 Legearen indarraldiaren luzapena Gizarte Bazterkeriaren Aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legera egokitzeko beharrezkoak diren neurriak hartu dira. Eta gizarte-prestazio horren hileroko zenbatekoa ezarri da 1999. urterako. Bestalde, gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko aurrekontu-dotazioa gehitu egin da.

Dirulaguntzetarako gastuen baimenen luzapen-erregimenari dagokionez, Eusko Legebiltzarrerako eta Euskal Herriko Unibertsitaterako aurrekontu-dotazioak ezarri dira, 1999. urteko jarduera finantzatu ahal izateko. Gobernu-batzordeak eskumena du luzapen-erregimenean laguntzak eta dirulaguntzak zuzenean emateko, arlo honetan indarrean dagoen lege-erregimenarekin bat. Azkenik, beharrezkoa den gaikuntza eman zaio diruz lagundu daitezkeen programak erregulatzen dituzten xedapenak eta hitzarmenak aldatu ahal izateko, baldin eta diruz lagundu daitezkeen programa horiek mailegu-eragiketen finantza-zamak murriztearen bitartez gauzatzen badira, interes-motaren egungo bilakaerara egokitzeko. Gaikuntza horrek ez dakar berekin gehiago gastatzeko baimenik.

Inbertsio errealetarako gastuen baimenen luzapen-erregimenari dagokionez, Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz Indarrean dauden Lege Xedapenen Bateratutako Testua Onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren 128. artikuluko e) idatz-zatiaren edukia zehazten eta mugatzen da. Izan ere, luzapen horretan sartzen dira zenbatekoa, batetik, eta aurreko ekitaldiko urtekako banaketa, bestetik; betiere, gastuak baimentzea, jardueren ezaugarriak direla eta, urte horretan amaitu behar ez ziren jarduerak finantzatzeko ordainketa-kredituei edo konpromisozko kredituei dagokienean.

Azkenik, koiunturako eta sustapeneko hainbat neurri hartu dira luzatutako aurrekontuaren gastuen egoera osatzeko, aurreko urtealdiko aurrekontuetan aurreikusi ez ziren hainbat jarduera garatu ahal izateko.

Lehenik eta behin, kontuan hartuta "Euskadi XXI" Azpiegituren Erakundearteko Plana aurreko urtealdian amaitu zela, egoki iritzi zaio 1999an mugitzeari eta aparteko fondo bat sortzeari, azpiegiturei buruzko inbertsio-proiektuak finantzatu ahal izateko, Legearen eranskinean adierazten den banaketaren arabera. Horrek ez du alde batera uzten, hala ere, Ekonomiako eta Gizarteko Azpiegituren Erakundearteko Plan berri bat gauzatu ahal izateko aukera.

Bigarrenez, Industriarako eta Ekonomi Sustapenerako Erakundearteko Plana gauzatzen ez den bitartean, Gobernu-batzordeak ekonomi sustapena, lurraldeen arteko oreka eta, bereziki, gune kaltetuenen garapena laguntzeko jarduerak sustatzeko ezar ditzakeen neurriak finantzatzeko beharrezkoa den gastua baimendu da.

Hirugarrenik eta azkenik, lan-antolaketaren modernizazioa bultzatu nahi da, formula malguekin; eta Enplegua eta Prestakuntza Sustatzeko Erakundearteko Plana gauzatzen ez den bitartean, arlo horretako baliabideak eta herri-politikak integratzeko eta koordinatzeko, Gobernu-batzordeak enpleguaren aldeko jarduerak sustatzeko egoki iritzi dituen neurriak finantzatzeko beharrezkoa den gastua baimentzea aurreikusten da, hala nola errelebu-kontratua, aparteko orduen murrizketa eta ezabapena, edo antzeko beste batzuk.

Araua osatzeko, bertan jasotzen diren neurriak betearazteko beharrezkoa den finantzaketa aurreikusten da. Finantzaketa hori diruzaintzako gaineratikoen kontura egingo da, eta baita luzapen-epean aportazioen erregimenaren aplikaziotik eratorritako diru-sarreren kontura ere. Hori horrela egingo da Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz Indarrean dauden Lege Xedapenen Bateratutako Testua Onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuko 133. artikuluaren arabera; eta Herri Finantzen Euskal Kontseiluak horri buruz 1998ko urriaren 5ean aurtengo urterako hartutako Erabakiaren arabera.

1. Artikulua - Xedea

Lege honen xedea hainbat xedapen osagarri ezartzea da Euskal Autonomia Erkidegoko 1998rako Aurrekontu Orokorren luzapen-erregimenari, 1999. Urterako; baita abenduaren 23ko 21/1997 Legeari ere; lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen ditu 1998. urterako eta indarraldia luzatu egiten du 1999. urtera.

2. Artikulua - Ordainsarien erregimena eta hartzeko pasiboak

1.- Irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren (Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz Indarrean dauden Lege Xedapenen Bateratutako Testua onartzen baitu) 129. artikuluan ezarritakoaren eraginetarako, abenduaren 23ko 21/1997 Legearen 18. artikuluko 1. eta 9. paragrafoetan eta 19. artikuluan adierazten diren langileentzako ordainsarien igoera-portzentajea gehienez ere %1,8koa izango da, 1998rako ezarritako ordainsariei dagokienez. Gobernuak aplikatuko ditu igoera horiek.

2.- Aurreko paragrafoan adierazitako portzentaje berbera aplikatuko du Gobernuak, gehienez ere, 1999rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak Onartzen dituen abenduaren 23ko 21/1997 Legearen 18. artikuluko 6. Paragrafoan adierazten diren langileen soldata-kostuaren igoerarako, 1998rako ezarritakoari dagokionez.

3.- Lehenengo paragrafoan ezarritakoak ez ditu kaltetuko unibertsitatekoak ez diren irakasleen ordainsari osagarrien egokitzapenak, 1994. urtetik 1998.era dagozkienak, Gobernu-batzordeak xedatu ditzakeen baldintzetan eta hitzetan.

4.- Maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintza Dekretua aplikatzearen ondorioz eskatutako gabealdiak bete dituzten langileei aitortutako hartzeko pasiboak %1,8ko portzentajean igoko dira eta igoera horrek 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera izango du eragina.

3. Artikulua - Itunpeko hezkuntza-ikastetxeei eusteko ekonomi modulua

Hezkuntza-maila anitzetako itunpeko ikastetxeetako eskola-unitate bakoitzeko ekonomi moduluen osagaien urteko kopuruek, 1998ko abenduaren 31koek, %1,8ko igoera izango dute 1999rako, irakasleei 1998. urteari dagokion soldata-berdinketa gauzatu ondoren, eta 1998-99 ikasturterako indarrean dauden eskola-unitateen egokitzapenak egin ondoren.

4. Artikulua - Gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera eta gizarte-larrialdietarako laguntzak

1.- Pertsona bakar batez osatutako bizikidetzako ekonomi unitate bereizi baterako gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren hileroko zenbatekoa, Gizarte Bazterkeriaren Aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legean egituratzen den modura, 46.150 pezetakoa (277,37 euro) izango da, 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera.

2.- Bizikidetzako ekonomi unitate bereizia pertsona bat baino gehiagoz osatuta dagoenean, aurreko kopuruari kopuruaren beraren 0,3 batuko zaio onuradunarekin bizi den lehenengo kidearentzat; 0,2 bigarren, hirugarren eta laugarren kideentzat; eta 0,1 gainerako kideentzat.

3.- Gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko 1999 ekitaldirako izendatu den aurrekontu-dotazioa 2.000.000.000 pezetakoa da (12.020.242,09 euro).

5. Artikulua - Eskualdatzeko eta dirulaguntzetarako gastuen luzapen-erregimena

1.- Eusko Legebiltzarrak 2.914 milioi pezetako aurrekontu-dotazioa ezarriko du 1999. urterako (17.513.492,72 euro).

2.- Euskal Autonomia Erkidegoak Euskal Herriko Unibertsitateari eman beharreko aurrekontuko dotazioa 1999. urterako 24.209.860.000 pezetakoa izango da (145.504.189,05 euro). Kontzeptu hauetan banakatuko da dotazioa:

- Dirulaguntza arrunta: 22.000.000.000 pezeta (132.222.662,96 euro).

- Kontratu-programak gauzatzeko kredituetarako: 500.000.000 pezeta (3.005.060,52 euro).

- Inbertsio eta azpiegituretarako urte anitzeko programen kredituetarako: 1.709.860.000 pezeta (10.276.465,57 euro).

3.- Gobernu-batzordeak 1999. urtean zehar dirulaguntzak eman ahal izango ditu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 49.7 artikuluan jasotzen diren hitzetan; legegintza-dekretu horrek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen du.

4.- Euskal Autonomia Erkidegoko 1998rako Aurrekontu Orokorren 1999rako luzapen-erregimenak indarrean jarraitzen duen bitartean, diruz lagundu daitezkeen programen interes-moten egungo bilakaera egokitu ahal izango da; betiere, mailegu-eragiketen finantza-zamaren murrizketaren bitartez egiten denean. Eragin horietarako, dagozkion xedapenak eta hitzarmenak aldatu ahal izango dira. Beharrezko arau erregulatzaileak eman ahal izango dira, halaber, aurreko urteko laguntzak egokitu ahal izateko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari lotuta dauden bestelako entitate publikoek izenpetutako hitzarmenetara.

6. Artikulua - Inbertsio errealetarako gastuen luzapen-erregimena

Euskal Autonomia Erkidegoko 1998rako Aurrekontu Orokorren 1999rako luzapen-erregimenak indarrean jarraitzen duen bitartean, eta irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren (Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz Indarrean dauden Lege Xedapenen Bateratutako Testua onartzen baitu) 128.e) artikuluan ezarritakoaren eraginetarako, inbertsio errealetarako gastuen baimenak luzatu egin direla ulertuko da, aurreko urteko kopuru berberetan eta urtekako banaketa berean; betiere, jardueren ezaugarriak direla eta urte horretan amaitu behar ez ziren ordainketa-kredituei edo konpromisozko kredituei dagokienean.

7. Artikulua - Koiunturako eta sustapeneko neurriak

1.- 1999. urtean, Ekonomiako eta Gizarteko Azpiegituren Erakundearteko Plan berria gauzatzen ez den bitartean, Gobernuak "Euskadi XXI" Azpiegituren Erakundearteko Plana mugituko du eta inbertsio bereziak egin ahal izango ditu, hurrengo paragrafoetan adierazten den modura.

Horretarako, aparteko fondoa eratuko da hainbat azpiegituratako inbertsio-proiektuak finantzatzeko: garraioa, gizartea, telekomunikazioak, ingurugiroa eta hiri-berrikuntza. Finantzaketa horiek hitzarmen bidez gauzatu ahal izango dira beste herri-administrazio batzuekin. Hala ere, horrek ez du kaltetuko luzapen-erregimenean aipatutako planeko konpromisozko aurrekontuetatik eratortzen diren jarduerekin segi ahal izatea.

Aparteko fondoaren hasierako dotazioa 10.000 milioi pezatakoa izango da (60.101.210,44 euro). Lege honen eranskinean azaltzen da dotazio horren banakapen desagregatua.

2.- Industriarako eta Ekonomi Sustapenerako Erakundearteko Plana gauzatzen ez den bitartean, 3.000 milioi pezetako (18.030.363,13 euro) kreditua emango da, Gobernu-batzordeak ekonomi sustapena, lurraldeen arteko oreka eta gune kaltetuenen garapena laguntzeko jarduerak sustatzeko ezar ditzakeen neurriak finantzatzeko.

3.- Enplegua eta Prestakuntza Sustatzeko Erakundearteko Plana gauzatzen ez den bitartean, 2.500 milioi pezetako (15.025.302,61 euro) kreditua emango da, Gobernu-batzordeak enpleguaren aldeko jarduerak sustatzeko ezar ditzakeen neurriak finantzatzeko; bereziki, langileak errelebatzeko edo ordezkatzeko diren kontratazioak, eta baita aparteko orduak murrizteko eta ezabatzeko direnak ere.

8. Artikulua - Finantzaketa

Lege honetan jasotako neurrien finantzaketa irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuko 133. artikuluaren arabera egingo da. Legegintza-dekretu horrek Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz Indarrean dauden Lege Xedapenen Bateratutako Testua onartzen du. Eta, hala egokituz gero, diruzaintzako gaineratikoarekin egingo da.

Xedapen Gehigarri Bakarra

1.- Gobernu-batzordeak lege honetako 7. artikulutik eratorritako programetan aurretik kontsignatutako kredituak aldatu eta urteka banatu ahal izango ditu, gastuaren premiak hala eskatzen duenean eta baimendutako kreditu osoa gainditzen ez duenean; horretarako, baimendu ahal izango ditu dagozkion konpromisozko kredituak.

2.- Xedapen honen babesean gauzatutako eragiketak Legebiltzarrari azaldu beharko zaizkio.

Azken Xedapenak

Lehenengoa - Baimena

Gobernuak baimena du lege honetan aurreikusten den guztia garatzeko eta betearazteko beharrezko xedapenak emateko.

Bigarrena - Indarrean jartzea

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

ERANSKINA

INBERTSIOEN ETA KAPITAL GASTUEN ALDI BATERAKO PLANA

(Milioika pezetatan)

 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATEAK ETA IKERKETA

* Ikastetxeetako obrak 500

* Lanbide Heziketari buruzko Euskal Plana 500

Guztira: 1.000

HERRIZAINGOA

* Makineria eta komunikazio instalazioak 640

* Informazioa prozesatzeko ekipoak 360

Guztira: 1.000

OSASUNA

* Osakidetzako ospitaleetako obrak eta hornikuntzak 1.000

KULTURA

* EITB EUSKALTEL, S.A.ren kapital-gehikuntza 223

Iurretako zentro emisorearen handitzea 100

Miramongo ekoizpen-zentroaren handitzea 160

Irrati-telebistaren digitalizazioa 215

Unitate mugikorrak 427

Informatika 75

ETBren korrespontsaliak 80

* SHEE 40

* KULTURA ONDAREA 110

* Hizkuntza Politikako garapen informatikoak 150

Guztira: 1.600

LURRALDE ANTOLAMENDUA, ETXEBIZITZA ETA INGURUGIROA

* Etxebizitzen eraikuntza 1.500

* Lurzoruaren eskurapena 500

* IHOBE, S.A.ren kapital-gehikuntza 500

Guztira: 2.500

GARRAIOAK ETA HERRILANAK

* Bilboko Hiri Metroaren II. linea 2.200

NEKAZARITZA ETA ARRANTZA

* Nekazaritzako elikagaien transformazioan egindako inbertsioak 700

GUZTIRA 10.000

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra