Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

2/2008 Legea, maiatzaren 28koa, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen hirugarren aldaketarena.

2008-05-28

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2008/6/13, 112. zk.; EAO, 2011/9/3, 212. zk.

§ 299. 2/2008 LEGEA, MAIATZAREN 28KOA, EUSKAL HERRIKO POLIZIARI BURUZKO LEGEAREN HIRUGARREN ALDAKETARENA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak 105. artikuluan hauxe ezartzen du: Ertzaintza osatzen dute Eskala Gorenak, Ikuskapen Eskalak, Betearazpen Eskalak eta Oinarrizko Eskalak. Eskala horiek herri-administrazioetako funtzionarioen A, B, C eta D sailkapen-taldeei dagozkie hurrenez hurren, sartzeko eskatzen den titulazioaren arabera.

 

       Alabaina, azken urteetan herri-administrazioek hainbat arau-aldaketa burutu dituzte, sailkapeneko D taldeko poliziako funtzionarioei dagokienez. Arau-aldaketa horiek hainbat eduki eta ondorio ezberdin dituzte, hala ere denen lokarria da funtzionario horiek sailkapeneko D taldetik C taldera pasatzea.

 

       Birsailkatze hori Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan ordezkaritza duten sindikatuen aldarrikapen bihurtu da; izan ere, Ertzaintzaren eremu berezirako abenduaren 27ko 438/2005 Dekretuaren bidez onartutako lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 55. artikuluak jaso baititu; akordio horrek 2005, 2006 eta 2007. urteetarako indarraldia du.

 

       Eusko Legebiltzarrak, 2006ko ekainaren 30ean egindako osoko bilkuran legez besteko proposamen bat onestea erabaki zuen, honela zioena: "Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ezen, Ertzaintzaren lan-baldintzak arautzeko indarrean den akordioak esanikoari jarraiki Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agenteak C taldeari atxikitzeko aukera emateko arauak aldatzeko prozesuaren barruan, antzeko aldaketak bultza ditzala udaltzaingoen oinarrizko eskalarentzat ere, Eudelekin adostu bezala".

 

       Agindu hori betez, lege honek aldatu beharrekoa aldatzen du, Euskal Herriko polizia-kidegoetako oinarrizko eskalako funtzionarioen aipaturiko sailkapen-taldeaz aldatzea ahalbidetzeko, aldatu ere Eudel-Euskadiko Udalen Elkartea ados izanik, neurri horrek Euskal Herriko Polizia Kidegoa osatzen duten giza baliabideak modu zentzuzkoagoan kudeatzeko aukera emanen duen uste betean; halatan antolamendu juridikoak esleitzen dizkien egitekoak betetzean eraginkortasun eta efikazia gehiago ekarriko du ere.

 

Lehenengo Artikulua - Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 105. artikulua aldatzea

 

       Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 105. artikuluari 4. paragrafoa gehitu zaio, honela dioena:

 

"4.   Artikulu honetako lehenengo paragrafoan xedatutakoa xedaturik dagoela, sartzeko oinarrizko ikastaroa eta praktika-aldia gainditu eta gero, Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionario izendatutakoak euskal herri-administrazioetako funtzionarioen C sailkapen-taldean sailkatuta daudela ulertuko da.

 

Sailkatze horrek ondorio ekonomiko eta administratiboak izango ditu, Ertzaintzaren eremuari mugatuko direnak soilik, eta ez du izango inolako baliokiderik ezta errekonozimendurik ere arlo akademikoan, irakaskuntzakoan edo heziketakoan".

 

Bigarren Artikulua - Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 118. artikulua aldatzea

 

       118. artikuluari 2. paragrafo berria gehitzen zaio. Oraingo 2. paragrafoa 3. paragrafo bihurtzen da. Hona 2. paragrafoak zer esango duen:

 

"2.   Aurreko paragrafoan xedatutakoa xedaturik dagoela, sartzeko oinarrizko ikastaroa eta praktika-aldia gainditu eta gero, Tokiko Poliziaren kidegoetako oinarrizko eskalako funtzionario izendatutakoak euskal herri-administrazioetako funtzionarioen C sailkapen-taldean sailkatuta daudela ulertuko da.

 

Sailkatze horrek ondorio ekonomiko eta administratiboak izango ditu, soilik udalen mende diren polizia-kidegoen esparruan, eta ez du izango inolako baliokiderik ezta errekonozimendurik ere arlo akademikoan, irakaskuntzakoan edo heziketakoan".

 

Hirugarren Artikulua - Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeari hemeretzigarren xedapen gehigarria gehitzea

 

       Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeari hemeretzigarren xedapen gehigarria gehitu zaio, honela dioena:

 

"Hemeretzigarrena. Lege honen 59, 105 eta 118. artikuluetan adierazitako titulu-eskakizun orokorra betetzat joko da Euskal Herriko polizia-kidegoen oinarrizko eskalako funtzionarioak barne-sustapena bidez Ikuskapen Eskalan sartzeko prozeduran lehiatzen badira".

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehenengoa - Ordainsari osoen urteko kopurua ezin aldatzea

 

       Lege honetan aurreikusitakoa aplikatzeak ez du ekarriko gastu publikoa gehitzea ezta Euskal Herriko polizia-kidegoen oinarrizko eskala osatzen dutenek jasotzen dituzten ordainsari osoen urteko kopurua aldatzea ere, beraz aipatu aldaketak dakarren oinarrizko ordainsarien gehikuntza berariazko osagarriaren osagai orokorrean irentsiko da Ertzaintzaren kasuan, eta bestelako ordainsari osagarrietan Tokiko Poliziaren kasuan.

 

Bigarrena - Antzinatasuna baloratzea

 

       Ertzaintzako Oinarrizko Eskalan 2005eko urtarrilaren 1az gerozik osatutako hirurtekoak ordaintzeko ondorioei begira, euskal herri-administrazioetako funtzionarioen sailkapeneko C taldearen arabera baloratuko dira, talde horretan sailkatu baitira aipatutako eskalako funtzionarioak, lege honek Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 105. artikuluari gehitzen dion 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Balorazio horrek ez du inolaz ere aldatuko antzinatasuna dela-eta jasotako ordainsariak eta automatikoki ordainsari osagarri osoa irentsiko du, hain zuzen, aipatu egunetik aldi baterako ezarritakoa, sailkapeneko talde berriko hirurtekoaren eta aurreko sailkapen-taldeko hirurtekoaren artean dagoen balio-ezberdintasuna konpentsatzeko.

 

       Ertzaintzako Oinarrizko Eskalan 2005eko urtarrilaren 1a baino lehen osatutako hirurtekoak ordaintzeko ondorioei dagokienez, osatu ziren momentuan aipatu eskalari zegokion sailkapen-taldearen arabera baloratuko dira.

 

       Lege hau indarrean sartu ondoren Tokiko Poliziaren oinarrizko eskalan osatuko diren hirurtekoak, euskal herri-administrazioetako funtzionarioen sailkapeneko C taldearen arabera baloratuko dira, hor baitira sailkatuak eskala horretako funtzionarioak.

 

       Lege hau indarrean sartu baino lehen Tokiko Poliziaren oinarrizko eskalan osatutako hirurtekoak ordaintzeko ondorioei dagokienez, osatu ziren momentuan aipatu eskalari zegokion sailkapen-taldearen arabera baloratuko dira.

 

Hirugarrena - Titulazio-talde berriak

 

       Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak A, B, C eta D sailkapen-taldeak aipatzen dituen guztietan lanbide-sailkapeneko talde berriei egingo die erreferentzia, baliokidetasun hauen arabera:

 

       A taldea      A taldea, A1 azpitaldea

       B taldea      A taldea, A2 azpitaldea

       C taldea     C taldea, C1 azpitaldea

       D taldea      C taldea, C2 azpitaldea

 

Xedapen Iragankorra

 

       Lege honek adierazitakoa indarrean sartzean Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioak direnei ere aplikatuko zaie bai eta Tokiko Poliziaren kidegoetako oinarrizko eskalako funtzionarioei ere.

 

Azken Xedapena

 

       Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra