Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

20/1997 Legea, abenduaren 4koa, Irisgarritasuna Sustatzekoa.

1997-12-04

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1997/12/24, 246. zk.; EAO, 2012/1/14, 12. zk.

§ 205. 20/1997 LEGEA, ABENDUAREN 4KOA, IRISGARRITASUNA SUSTATZEKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

Bizitza sozialean eta komunitarioan sartzea eta parte hartzea, bidezko den helburua ez ezik, pertsona orok edozein gizarte aurreratutan duen nahia ere bada. Halere, sarri askotan, eskubide horietaz baliatzea zaildu eta eragotzi ere egiten dute fisikoak zein komunikaziozkoak diren oztopoek, pertsonak era normalean moldatzen ez baitute uzten. Gauzak horrela, ingurune fisikora eta komunikaziora irisgarritasuna izatea funtsezko elementuak dira, herritar guztiek oinarrizkotzat definitzen diren eskubideez gozatu dezaten ahalbideratzeko.

Gizarteak, orohar, eta botere publikoek haren ordezkari direnez, sustatu eta bermatu egin behar dute herritar guztiak ingure fisikora eta komunikaziora iristea. Botere publikoen ihardunak ezin du, inolaz ere, elkartearen ihardun zuzena ordeztu edo murriztu; alderantziz, inguru fisikora eta komunikaziora iristeko zailtasun handienak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea xede duten herritar-erakundeen ekimenak sustatu behar ditu.

Euskal Autonomi Elkartean etxegintza eta hirigintza-oztopoak kentzeari buruz indarrean dauden xedapenak, aurrerapausoa izan dira, eman zirenetik, aipatutako helburua lortzeko. Dena dela, zenbait aldetan izan den zehaztapen eskasak, eta jarraipena eta kontrola egiteko bideen faltak, behin eta berriro ez betetzea ekarri dute ondorio, eta xedapen horiek, azken finean, egun aurkezten diren helburuak lortzerakoan egoki ez diren egiterapide bihurtu dituzte.

Gaur egungo gizartean, gero eta biziraupen handiagoa dagoela eta istripuz edo gaixotasunez mugitu eta komunikatzeko gaitasuna murriztuta duten pertsona asko eta asko dagoela eta inoizka mugikortasuna mugatuta duen pertsona-kopuru garrantzitsua daukagula, irisgarritasun-baldintzak hobetzeak bizi-kalitate hobea ekarriko du ondorio gisa nola mugitzeko eta/edo komunikatzeko zailtasunik handienak dituzten pertsonentzat hala gizarte guztiarentzat.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak, 1993ko abenduaren 20ko 48/46 Erabakiz, arau estandarrak hartu zituen gutxituen aukeren berdintasunaren arloan, eta helburu orokortzat ezarri zuen pertsona horiek gainerako herritarrek dituzten eskubide eta betebehar berberez baliatzen direla bermatzea, izan ere, helburu hori Europako Batzordeak 1994ko uztailaren 27an onartutako "Europako Gizarte Politika-Batasunerantz Emandako Aurrerapausoa" Liburu Zurian jasotzen da.

Langileen funtsezko eskubide sozialei buruzko Elkarte Agiriak, Estrasburgoko Europako Kontseiluak 1989ko abenduaren 9an onartuak, ezartzen du minusbaliotasunen bat duen pertsona orok, horren jatorria eta izaera kontutan hartu gabe, integrazio profesional eta soziala ahalbideratzeko neurri gehigarriez baliatzeko aukera izan behar duela, neurriok, interesatuen ahalmenaren arabera, ergonomiari, irisgarritasunari, mugikortasunari, garraiobideei eta etxebizitzari buruzkoak izan behar dutelarik.

Europako Batasuneko Kontseiluaren eta horko kide diren estatuetako gobernuetako ordezkarien 1996ko abenduaren 20ko Erabakiak, minusbaliotasunak dituzten pertsonek aukera berdinak izateari buruzkoak, herritar guztiek aukera berdinak izateko printzipioa kide diren estatu guztien balio ukaezin komuna dela jotzen du, eta, ondorioz, aipatutako pertsonen aurka egindako bereizkeria negatiboari utzi eta horien bizi-kalitatea hobetu behar da, kide diren estatuei ahalbideratuz, helburu hori lortzerakoan, kasuan kasuko arauak eman ditzaten gizartearen baliabideek ahalbideratzen duten zabaltasunaz.

Adierazitakoari atxikiz, beharrezko da arautegi berria onartzea, aipatutako printzipioak gordez eta "etxegintza-oztopoak kentzea" kontzeptu klasikoa gaindituz eredu berri baten alde egingo duena, pertsonak ingurune sozial eta komunitarioan osoki eta libre garatzen direla bermatzea izanik helburua. Horretarako, gure Elkarteko pertsona guztiak ingurune fisikora eta komunikaziora iristen direla bermatu behar da, batez ere, mugaren bat duten pertsonak.

Ildo honetatik, lege hau beharrezko erreferentzia esparru gisa eratu da, botere publikoen iharduna bideratu eta koordinatzen duena, bere jarduera-esparruan sartuta dauden pertsonei dagokienez, nazioarteko antolamenduan jasotako aukera-berdintasunaren oinarrizko printzipioak, bai eta Konstituzioaren 14. atalean eta Autonomi Estatutuaren 9. atalean jasotzen den berdintasunaren printzipioa ere, gizartean desberdintasun-egoeran dauden gizataldeentzat ekintza positiboko neurriak hartuz, bermatzera bideratuta, lurraldearen antolamendu, hirigintza, etxebizitza edo garraioa bezalako arloetan estatutuen bidez Euskal Autonomi Elkarteari emandako berariazko aginpidetza garatu eta burutuz.

Testuaren arau-maila ere ezinbesteko elementua da, zigorbidezko erregimeneko arauak eransten baititu, eta horiek legea egoki ezarri eta bete egiten dela kontrolatzeko oinarrizko zutabe dira.

Aipatutako helburua lortzekotan, honelaxe egituratzen da legea: atariko idazpurua, legearen xedea eta aplikazio-esparrua jasotzen dituena, eta bost idazpuru, irisgarritasuna bermatzeko neurri orokorrak, kontrolerako neurriak, zigorbidezko erregimena eta Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua arautzen dituztenak.

ATARIKO IDAZPURUA

LEGEAREN XEDEA ETA APLIKAZIO ESPARRUA

1. Atala - Xedea

1.- Hona hemen lege honen xedea: hiri-ingurunearen, gune publikoen, eraikinen, garraiobideen eta komunikabideen irisgarritasuna bermatzea, pertsona guztiek eta, batez ere, mugikortasun murriztua, zailtasunak komunikazioan edo muga psikiko zein sentsoriala, aldi baterako zein betirako, dituztenek era autonomoan erabil eta goza ditzaten.

2.- Botere publikoek legea eraginkortasunez bete dadin beharrezkoak diren ekintza positiboko neurriak hartzea sustatuko dute, bai eta laguntza teknikoak erabiltzea ere, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko dutenak.

2. Atala - Legearen aplikazio-esparrua

Lege hau Euskal Autonomi Elkartearen esparruan ezarriko da, nortasun fisikoa edo juridikoa duen edozein sujetu publiko zein pribatuk egiten dituen jardueretan, hirigintza, eraikuntza, garraio eta komunikazio arloetan.

I IDAZPURUA

IRISGARRITASUNA BERMATZEKO NEURRIAK

I ATALBURUA

IRISGARRITASUNARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

3. Atala - Hirialdeen eta leku publikoen irisgarritasunari buruzko xedapen orokorrak

1.- a) Erabilera publikoko guneek, eta batez ere bide publikoek, parkeek eta plazek, bai eta horiei dagozkien elkarte-hornidurek ere, zerbitzu publikoen instalazioek eta hiriko altzariek, bermatu egingo dute euren irisgarritasuna lege honek eta berau garatzeko arauek ezartzen dutenaren arabera.

b) Botere publikoek sustatu egingo dute lehendik daudenak lege honen aginduetara pixkanaka-pixkanaka egoki daitezen.

c) Bide emango zaio Euskal Autonomi Elkarteko ondare historiko-artistikoa lege honek ezarritako irisgarritasun-irizpideetara arian-arian egokitzeari.

2.- Hirigintza-planeamendurako egiterapideek, batez ere azterlan zehatzek, eta urbanizatzeko eta lanak burutzeko proiektuek behar bezala bermatuko dute beren esparruan sartuta dauden urbanizazio-elementuek eta hiriko altzariek duten irisgarritasuna, eta ez dira ez onartu ez emango kasuan kasuko lizentziak, lege honetan eta berau garatzeko arauetan ezartzen diren oinarrizko betekizunak eta irizpideak betetzen ez badira.

4. Atala - Eraikuntzaren irisgarritasunari buruzko xedapen orokorrak

1.- Oin berriko eraikinak eraikitzeko lanak, lur azpikoak barne, familia bakarreko etxebizitzei dagozkienak izan ezik, lege honetan eta berau garatzeko arauetan ezartzen denaren arabera gauzatuko dira irisgarritasuna bermatzeko moduan.

2.- Egoitza gisa erabiltzeko diren oin berriko eraikinek bermatu egingo dute euren irisgarritasuna, honako irizpide hauen arabera:

a) Eraikinak bide publikoarekin, elkarte-erabilpena duten atxikitako zerbitzu edo eraikinekin, garajeekin eta inguruko eraikinekin dituen sarbideak eta komunikabideak edozein pertsonak era autonomoan erabiltzeko modukoak izango dira.

b) Etxebizitzek elementu komunekin, garajeekin, trastelekuekin eta atxikitako eranskinekin dituzten komunikabideak edozein pertsonak era autonomoan erabiltzeko modukoak izango dira.

3.- 1.- Ostalaritzan erabiltzeko diren oin berriko eraikin edo instalazioek honako irizpide hauen arabera bermatuko dute irisgarritasuna:

a) Eraikinak bide publikoarekin, elkarte-erabilpena duten atxikitako zerbitzu edo eraikinekin eta aparkalekuekin dituen sarbideak edozein pertsonak era autonomoan erabiltzeko modukoak izango dira.

b) Egonlekuek elementu komunekin dituzten komunikabideak, bai eta gordetako egonlekuen sarbidea eta erabilpena ere, edozein pertsonak era autonomoan erabiltzeko modukoak izango dira.

2.- Etxe partikularretarako edo nekazalturismoko egonlekuetarako eraikinak eraldatu, handiagotu edo aldatzeko lanetan, gutxienez unitate bat lege honetan jasotako irisgarritasun-irizpedeetara egokitzea gomendatzen da.

4.- Lehendik dauden erabilera edo zerbitzu publikoko eraikinetako eraldaketa, handitze edo aldaketa-lanak, hirigintzari buruzko arautegiak ematen dien izenaren arabera, betekizun funtzional eta neurrikoak betez gauzatuko dira, irisgarritasuna bermatzeko moduan, lege honetan eta berau garatzeko arauetan finkatutakoaren arabera. Gainerako kasuetan, lan horiek, eraikinen irisgarritasunari dagozkion elementuei eragiten dietenean, era berean betekizun funtzional eta neurrikoei egokituz gauzatu beharko dira, irisgarritasuna bermatzeko moduan aipatutakoaren arabera.

5. Atala - Garraioko irisgarritasunari buruzko xedapen orokorrak

1.- EAEko herri-administrazioen aginpidetzakoak diren bidaiarien garraio publikoek bermatu egingo dute euren irisgarritasuna lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ohartemandakoaren arabera.

2.- Bidaiarien garraio publikorako den material erosi berria araudiz ezarritako baldintza teknikoei egokitu beharko zaie. Baldintza horiek lege honen helburuekin bateragarri izan beharko dute.

3.- Bidaiarien garraio publikorako diren eraikin edo instalazioek informazio eta komunikazio akustiko, ikustezko eta sentsorialerako sistema egokiak izango dituzte, edozein pertsonak era autonomoan eta behar bezalako segurtasun-baldintzetan erabiltzeko modukoak.

4.- Garraio arloan aginpidedunak diren herri-administrazioek bidezko diren neurriak hartuko dituzte garraio publikoak, bai eta horiekin lotutako eraikin, zerbitzu, instalazio eta altzariak ere, lege honetako eta berau garatzen duten arauetako aginduei pixkanaka-pixkanaka egoki dakizkien.

5.- Garraio arloan aginpidedunak diren euskal herri-administrazioek bidezko diren neurriak hartuko dituzte atal honetan garraio publikoentzat jasotzen diren erregimen eta betebeharrak pixkanaka-pixkanaka garraio pribatuei aplika dakizkien.

6. Atala - Komunikazio-sistemetako irisgarritasunari buruzko xedapen orokorrak

1.- Komunikaziorako sistemak herritar guztiei izango zaizkie irisgarri, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ohartemandakoaren arabera.

2.- Komunikaziorako sistemetan egokienak diren baliabide teknikoak ezartzen direla bermatuko dute herri-administrazioek, herritar guztiei eta, batez ere, komunikazioan zailtasunak dituztenei, komunikaziorako duten eskubidea bermatzeko.

3.- Herri-administrazioek sustatu egingo dute keinuen lengoaiako interpretariak eta gor-itsuen gidari interpretariak heztea, komunikazioan zailtasunak dituzten pertsonekin komunikazio zuzena errazteko, eta funtzio publikora pixkanaka-pixkanaka sar daitezen ere bultzatuko dute.

4.- Titulartasun publikoa duten komunikabideek neurri teknikoen plan bat egingo dute, pixkana-pixkana herritar guztiek komunikaziorako duten eskubidea behar bezala bermatu ahal izango duena.

II ATALBURUA

ERRESERBAK

7. Atala - Erreserbak hirialdean, gune publikoetan eta erabilera publikoko eraikinetan

1.- Erabilera publikoko gune eta eraikinak:

a) Mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabiltzeko guneak izan beharko dituzte honako hauek: auditorio, kontzertu-areto, ikuskizun-areto, kiroldegi, gela eta jendea biltzen den antzeko guneek.

b) Araudiz finkatuko dira gordetako gune eta aldeek gutxienez izan behar duten proportzioa.

2.- Aparkalekuak:

a) Zabalguneetan eta erabilera publikoko garaje eta aparkalekuetarako diren eraikinetan, mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuentzako soilik izango diren plazak gordeko dira oinezkoentzako sarbideetatik hurbil.

b) Gorde beharreko plazen kopurua hauxe izango da: plaza bat 40 edo frakzio bakoitzeko.

3.- Komunak, aldagelak eta dutxak:

Gune publikoetan eta erabilera publikoko eta/edo jendeari zabaldutako eraikinetan kokatuta dauden komun, aldagela, dutxa eta antzeko elementuetan elementu bat gordeko da hamar edo frakzio bakoitzeko, sexu bakoitzerako, mugikortasun murriztua duten pertsonek erabiltzeko behar bezala egokituak. Eraikinetan elementuen pilatzearen arabera ezarriko da aipatutako proportzioa.

4.- Telefonoak:

a) Jendeak erabiltzeko diren telefono, mintzategi eta kabinetan eta/edo gune eta eraikin publikoetan jendeak erabiltzeko kokatuta daudenetan aparatu bat gordeko da hamar edo frakzio bakoitzeko, mugikortasun murriztua edo komunikaziorako zailtasunak dituzten pertsonek erabiltzeko behar bezala egokituta. Eraikinetan elementuen pilatzearen arabera ezarriko da aipatutako proportzioa.

b) Erabilera publikoko mintzategietan testu-telefono bat ezarriko da gutxienez.

8. Atala - Erreserbak turismo-egonleku eta beste establezimendu batzuetan

1.- Turismo-egonlekuetan kasuan kasuko erreserbak egingo dira mugikortasun murriztua edo komunikaziorako zailtasunak dituzten pertsonentzako, atal honetan xedatutakoaren arabera. Erreserba-gai diren egonleku-plazek behar bezalako irisgarritasun-baldintzak bete beharko dituzte, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ohartemandakoaren arabera.

2.- Sailkapen eta maila guztietako hotel eta ostatuetan egonleku bat gordeko da berrogeita hamar edo frakzio bakoitzeko, mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabil dezaten.

3.- Hotelak ez diren turismo-egonlekuetan honako erreserba hauek egingo dira, mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabil ditzaten:

a) Sailkapen eta maila guztietako turismo-kanpamendu edo kanpinetan plaza bat gordeko da berrogeita hamar edo frakzio bakoitzeko.

b) Maila guztietako turismo-apartamentuetan eta oporretarako turismo-etxebizitzetan plaza bat gordeko da berrogeita hamar edo frakzio bakoitzeko.

4.- Gazteentzako kanpamendu, aterpe, eskolako oporretarako egonleku eta antzekoetan plaza bat gordeko da berrogeita hamar edo frakzio bakoitzeko, mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabil dezaten.

5.- Turismo-egonlekuetan, hamar plaza edo frakzio bakoitzeko, beharrezkoak diren laguntza teknikoak egongo dira batean, komunikaziorako zailtasunak dituzten pertsonek egonleku bat era autonomoan erabil dezaten.

6.- Turismo-egonlekuetan aparkalekurik egonez gero, plaza bat gordeko da erreserba-gai den egonleku bakoitzeko.

9. Atala - Erreserbak etxebizitzetarako diren eraikinetan

1.- Etxebizitzetarako diren eraikinetan ondoan aipatzen diren erreserbak egingo dira betirako mugikortasun murriztua duten pertsonentzako. Pertsona bat erreserba-eskubide horretaz baliatzeko, minusbaliotasun kalifikatu eta baloratua egiaztatu beharko du, erreserbaren onuren arabera zein murriztapen eta zein mailatarainokoa duen zehaztuta, indarreango minusbaliotasunak baloratzeko erregimen orokorra betez.

a) Babes ofizialeko etxebizitzen sustaketetan etxebizitza bat gordeko da hogeita bost edo frakzio bakoitzeko. Onuradun izateko, indarreango arauetan horrelako etxebizitzak eskuratzeko ohartemandako betekizunak bete beharko dira betiere.

b) Etxebizitza libreen sustaketetan, berrogeita hamar etxebizitza baino gehiago badira, etxebizitza bat gordeko da berrogeita hamar edo frakzio bakoitzeko.

c) Horrelako pertsonek lehentasunez erosi edo alokatu ahal izango dituzte gordetako etxebizitzak. Horien ondoren, irabazizko xederik ez duten erakunde publiko edo pribatuek, talde hauetarako etxebizitza gisa erabiltzeko. Bestela, gordetako etxebizitzaren izaera galdu egingo dute.

2.- Araudiz finkatuko da erreserba-eskubideaz baliatzea arautzeko prozedura.

3.- Etxebizitzen sustatzaileek egokitu egin beharko dituzte gordetako etxebizitzak esleipendunaren ezaugarrietara. Araudiz finkatuko dira egin beharreko gutxienezko egokitzapenak zehazteko irizpide teknikoak.

10. Atala - Erreserbak garraioan

1.- Hiri eta hiriarteko garraiobide publiko kolektiboek, eta batez ere autobus, trenbide eta funikularrek, mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabil ditzaten, gutxienez gurpil-aulkietarako bi leku eta lau eserleku gorde beharko dituzte kotxe bakoitzeko, sartzeko ateetatik hurbil, behar bezala seinalizatuta eta txirrinak eta gelditzeko eskatzeko seinaleak eskuragarri daudela.

2.- Aipatutako garraiobideak irisgarriak izango zaizkie mugikortasun murriztua duten pertsonei; era berean, barrualdean lekuz aldatzeko behar bezalako segurtasun-baldintzak dituztela bermatu beharko dute, eta gorde egin beharko dute eragindako pertsonek eraman ditzaketen tresnak edo laguntza teknikoak eta/edo itsu-txakurra kokatzeko beharrezko den tokia.

3.- Mugikortasun murriztua duten pertsonek lekuz aldatzeko beharrizanak bete ditzaten, ibilgailu edo taxi egokitua egotea sustatuko dute hiru mila bizilagun baino gehiago duten herrietako udalek. Hala behar izanez gero, lizentzia berria eman daiteke horretarako.

11. Atala - Erreserbak komunikazio-sistemetan

Komunikaziorako zailtasunak dituzten pertsonek komunikazio-sistemetara irisgarritasuna dutela bermatzeko honako erreserba hauek ezarriko dira:

1.- Jendearentzako argibideak emateko eta/edo jendea hartzeko guneak kokatuta dauden tokietan, gutxienez bat horrelako pertsonek erabiltzeko moduan egongo da egokituta.

2.- Euskal Autonomi Elkartearen titulartasuneko ikus-entzutezko bideetan, gutxienez informatiboetako batean keinuen lengoaiako interpretari bat agertuko da azpitituluez gain, komunikaziorako zailtasunak dituzten pertsonek informaziorako duten eskubidea bermatzeko.

3.- Itsu-txakurra daramaten ikusmen urrikoek sarrera librea izango dute turismo-egonleku, ostalaritza-leku eta garraio publikoetara eta orohar erabilera edo zerbitzu publikoko gune eta eraikin guztietara.

12. Atala - Erreserbetan irisgarritasuna adierazteko betebeharra

Derrigorrez ezarri beharko da irisgarritasunaren nazioarteko ikurra erabilera publikoko gune, eraikin publiko, turismo-egonleku, garraio-instalazio, garraiobide eta informazio-sistemetan, erreserbak badituzte lege honetan ohartemandakoaren arabera.

II IDAZPURUA

SUSTATZEKO NEURRIAK

13. Atala - Irisgarritasunaren sustaketa

1.- Lehendik dauden titulartasun, erabilera edo zerbitzu publikoko hirialde, espazio publiko, eraikin, garraio eta informazio eta komunikazio-sistemetara irisgarritasuna bermatu eta sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, udalek eta gainerako herri-erakundeek lau urteko egitarauak egingo dituzte irisgarritasuna sustatzeko. Horien xedea aipatutako elementuak lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ohartemandako irisgarritasun-baldintzei pixkanaka-pixkanaka egokitzea izango da. Lehendabiziko lau urteko egitarauak eginda egon beharko du lege hau EHAAn argitaratzen denetik hasi eta bi urteko epean.

2.- Irisgarritasuna sustatzeko egitarauek honako agiri hauek jasoko dituzte:

a) Egokitzapen-gai diren kanpoko gune, eraikin, garraio eta komunikazioen inben-tarioa jasotzen duen katalogoa.

b) Jardueren hurrenkera, lehentasunen arabera, kontutan hartuko dituena eraginkortasun handiagoa eta biltzen duten jendetza.

c) Egitarau ekonomiko-finantzieroa, egokitzapenak egiteko bideratuko diren aurreikuspen ekonomikoak zehaztuta.

d) Egokitzapenak burutzeko egutegia.

3.- Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek irisgarritasuna sustatzeko egitarauak finantzatzeko partida zehatzak izendatuko dituzte bakoitzaren aurrekontuetan, euren aurrekontu diru-eskuartearen arabera.

14. Atala - Finantza-neurriak

1.- Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek, kasuan kasuko eskumenak garatu eta burutzean, irisgarritasuna sustatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea sustatuko dute.

2.- Arlo honentzako berariazko dirulaguntza-egitarauetan honako jarduera hauek jo ahal izango dituzte lehentasunezkotzat herri-administrazioek:

a) Lehendik dauden hirialdeak eta gune publikoak, eraikuntza, garraioa eta komunikazio-sistemak irisgarritasun-baldintzei egokitzea xede duten lanak.

b) Oin berriko, eraldaketako edo bereoneratzeko lanak, nahitaezko izan ez arren, horietan mugikortasun murriztua duten pertsonentzat gordetako etxebizitzak sartzen badira.

c) Eraldaketarako lanak, mugikortasun murriztua edo irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsonentzat etxebizitza, elkarte-zerbitzu edo hauetarako sarbideen egokitzapen funtzionalak egitea xede badute.

d) Ibilgailu pribatu eta taxiak edo erabilera publikoko ibilgailu pribatuak erosi eta irisgarritasun-baldintzei egokitzea.

e) Turismo-egonlekuetako oin berriko, eraldaketako eta bereoneratzeko lanak, nahitaezko izan ez arren, mugikortasun murriztua eta komunikaziorako zailtasunak edo orohar irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsonek lehentasunez erabil ditzaten gordetako egonlekuak sartzen badira.

f) Laguntza teknikoak eskuratzea, hirialdea, gune publikoak, eraikuntza, garraioa eta komunikazioa ezinezko denean irisgarritasun-baldintzei egokitzea.

g) Irisgarritasuna sustatzea xede duten beste jarduerak.

III IDAZPURUA

KONTROLATZEKO NEURRIAK

15. Atala - Lizentziak eta baimenak

1.- Lege honetako aginduak betetzea ezinbestekoa izango da hirigintza-planeamendurako egiterapideak eta horien burutzapena onesteko, bai eta Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak, foru-aldundiek eta udalek lizentziak, baimenak, kalifikazioak eta bestelako ekintzak eman ditzaten ere.

2.- Taxia erabiltzeko lizentzia lortzeko edo ibilgailua bera aldatzeko, egiaztatu egin beharko da horrek behar bezalako irisgarritasun-baldintzak betetzen dituela.

16. Atala - Administrazio-kontratuak

Administrazio-kontratuen baldintzek lege honi egokitzeko klausulak jaso behako dituzte, horien edukiek lege honetan xedatutakoari eragiten badiote.

17. Atala - Irisgarritasun-baldintzen kontrola

1.- Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, udalek eta lizentziak eta baimenak emateko, bai eta planeamendurako egiterapideak eta garraio eta komunikazio arloko proiektuak onesteko ere, aginpidetza duten gainerako herri-erakundeek egiaztatu egingo dute horien arauak lege honi egokitzen zaizkiola.

2.- Proiektuei dagozkien agirietan edo, hala badagokio, lizentzia, baimen edo emakida-eskabideetan, berariaz azalduko da lege honetan xedatutakoa betetzen dela.

IV IDAZPURUA

ZIGORBIDEZKO ERREGIMENA

18. Atala - Lege-hausteak

1.- Lege honetako I. idazpuruan jasotzen diren aginduak urratu edo horien aurka doazen egintza edo ez betetzeak lege-hausteak dira eta zigortu egingo dira, idazpuru honetan arautzen diren betekizun eta jardunbidearen arabera.

2.- Lege-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke:

a) Lege-hauste arinak dira:

- Lege honetan ohartematen denaren arabera irisgarritasun-baldintzak ez betetzea, erabilera publikoko guneetan, eraikuntzan, garraioan eta informazio eta komunikazio-sistemetan.

- Lege hau ezartzearen ondorio diren irisgarritasunerako elementuak andeatu edo ez erabiltzea, erruz edo arduragabekeriagatik.

- Lege honetan ohartemandakoaren eta araudiz ezartzen diren irisgarritasun-baldintzen aurka doazen egintza edo ez betetzeak, larritzat jotzen ez direnak.

b) Lege-hauste larriak dira:

- Lege hau ezartzearen ondorio diren irisgarritasunerako elementuak andeatu edo, engainuz, ez erabiltzea.

- Kanpoko guneetako eraikuntza berriko lanetan eta handitze, eraldaketa eta hobekuntza-lanetan hirigintzako eta hiri-altzarien elementuen irisgarritasun-baldintzak ez betetzea.

- Jendea biltzea ekartzen duen erabilerarako diren eraikinetako eraikuntza berriko lanetan eta handitze, eraldaketa, bereoneratze, hobekuntza, egokitzapen eta erabilera-aldaketa lanetan irisgarritasun-baldintzak ez betetzea.

- Etxebizitzaren erabilpen kolektiborako diren eraikin berriak eraikitzeko lanetan irisgarritasun-baldintzak ez betetzea, kanpoaldea eta barrualdea era irisgarrian lotuta ez daudelako, eta barrualdea eta etxebizitza, garaje, trasteleku eta eranskinak ere ez.

- Erosi berri diren garraiobide publikoetan irisgarritasun-baldintzak ez betetzea.

- Komunikabideetan irisgarritasun baldintzak ez betetzea.

- Lege honen I. idazpuruko II. atalburuan ezarritako erreserbak ez betetzea.

- Beste lege-hauste arin bat egitea hiru urteko epea igaro aurretik.

c) Oso lege-hauste larriak dira:

- Lege honek ezarritako betebeharrak iruzurrez edo agiriak faltsifikatuz ez betetzea.

- Lege-hauste larriak errepikatzea.

19. Atala - Zigorrak

1.- Honako zigor hauek ezarri ahal izango dira lege-haustearen kalifikazioaren arabera:

a) Lege-hauste arinak: 50.000 eta 500.000 pezeta bitarteko isunak.

b) Lege-hauste larriak: 500.001 eta 10.000.000 pezeta bitarteko isunak.

c) Oso lege-hauste larriak: 10.000.001 eta 20.000.000 pezeta bitarteko isunak.

2.- Isunaren zenbatekoa neurtzeko, honako hauek hartuko dira kontutan: lege-hauslearen erantzukizun-maila, egin beharreko irisgarritasun-lanetatik sortutako kostu ekonomikoa, sortarazi den kalte zuzena edo zeharkakoa, erantzuleek errepikatzea eta lege-hausle bakoitzaren partehartze-maila.

3.- Zigorra ezartzeak ez du esan nahi lege-hausleak birjartze-betebeharrik ez duenik edo, ez betetze kasuetan, proiektuaren aldaketa edo beharrezkoak diren egokitzapen-lanak egin behar ez dituenik araudi bidez ezarriko den epean.

4.- Lege-hauste beraren ondorioz pertsona desberdinei jartzen zaizkien isunek ez dute elkarren arteko loturarik izango.

5.- Atal honetan jasotzen diren zigorren zenbatekoak gaurkotu ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren dekretuz, kontsumo-prezioen indizeen aldaketaren arabera.

20. Atala - Zigorbidezko jardunbidea eta erregimena

1.- Lege honetan xedatutakoa ez betetzea zigortu egingo da zigorbidezko erregimenari buruz indarrean dauden xedapen orokorren arabera, aginpidedun den organoak kasuan kasuko espedientea izapidetu ondoren.

2.- Lege honen 1. atalean aipatzen diren pertsonak edo hauek osatzen dituzten elkarteak interesatutzat joko dira betiere administrazio-jardunbideetan.

3.- Elkarte horiek errekurtsoak edo, hala badagokio, bidezko deritzen ekintzak aurkezteko ahalmena izango dute legez, bai jarduerak artxibatzeko akordioaren aurka eta bai irisgarritasun-baldintzen kontrako balizko lege-hausteak salatzea edo Administrazioari jakinaraztea espresuki edo isilbidez ezetsi duen erabakiaren aurka.

21. Atala - Organo aginpidedunak

Honako hauek izango dira lege honen hausteak direla-eta zigorrak ezartzeko aginpidetza duten agintariak:

a) Alkateak, dituzten eskumenen esparruan, lege-hauste arinengatiko isunak eta larriengatiko 5.000.000 pezetarainokoak jartzeko, eskala honen arabera: 10.000 biztanletik beherako udalerrietan, 1.000.000 pezetaraino; 10.000 eta 50.000 biztanle bitarteko udalerrietan, 2.500.000 pezetaraino, eta 50.000 biztanletik gorako udalerrietan, 5.000.000 pezetaraino.

b) Gaian aginpidetza duten Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioko sailetako sailburuak, dituzten eskumenen esparruan, lege-hauste arinengatiko isunak eta larriengatiko 5.000.000 pezetarainokoak jartzeko, eta betiere lege-hauste larriengatiko 5.000.001 eta 10.000.000 pezeta bitarteko isunak eta oso lege-hauste larriengatikoak jartzeko.

22. Atala - Erantzuleak

1.- Nahitaezkoa den udal-lizentziarik gabe burutzen diren lan eta gainerako jardueretan, jarduera lege honetan agindutakoari egokitu behar zaionean, edo lege honek arautzen dituen gaiei dagokienez lizentziari buruzko klausulak bete gabe burututakoetan, zigortu egingo dira sustatzailea, proiektuaren egilea, obrak eraiki dituen enpresaria eta obren teknikari zuzendariak.

2.- Lege honen hauste larria edo oso larria den edukia duen udal-lizentzia baten babespeko lanetan, era berean, zigortu egingo dira proiektuaren aldeko irizpena eman duen teknikaria eta, nahitaezko txostenak aurretik izan gabe edo txostenok aipatutako lege-haustea dela-eta aurkakoak direnean, lizentziaren alde botoa eman duten udalbatzarreko kideak.

23. Atala - Preskripzioa

1.- Lege-hausteak:

Lege honetan ohartemandako lege-hausteek preskribitzeko epeak honako hauek izango dira:

a) Oso lege-hauste larriek bost urteko epean preskribitzen dute.

b) Lege-hauste larriek hiru urteko epean preskribitzen dute.

c) Lege-hauste arinek sei hilabeteko epean preskribitzen dute.

2.- Zigorrak:

Lege honetan ohartemandako zigorrek preskribitzeko epeak honako hauek izango dira:

a) Oso lege-hauste larriengatik ezarritako zigorrek hiru urteko epean preskribitzen dute.

b) Lege-hauste larriengatik ezarritako zigorrek bi urteko epean preskribitzen dute.

c) Lege-hauste arinengatik ezarritako zigorrek urtebeteko epean preskribitzen dute.

V IDAZPURUA

IRISGARRITASUNA SUSTATZEKO EUSKAL KONTSEILUA

24. Atala - Sorrera

Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua sortzen da, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari atxikitako aholku eta partehartze-organo gisa, eta bertan honako hauek egongo dira ordezkatuta: Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioak, irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsonen eskubideen alde jardutea xede duten elkarte-erakundeetatik ordezkaritza handiena dutenak, kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeak, sustatzaile eta eraikitzaileen elkarteetatik ordezkaritza handiena dutenak eta Arkitektoen, Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen eta Bide, Ubide eta Portu Ingeniarien elkargoak.

25. Atala - Osaera

Kontseiluak Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburua izango du buru, eta, gainera, honako beste hauek kide:

a) Eusko Jaurlaritzako ordezkari bat, gutxienez zuzendari-maila izango duena, honako arlo bakoitzeko: Lurralde Antolamendua eta Etxebizitza; Merkataritza eta Kontsumoa; Hezkuntza; Osasuna; Lana eta Gizarte Segurantza; Garraio eta Herrilanak; Ogasuna; Industria, eta Kultura.

b) Lurralde-historikoetako foru-aldundietako ordezkari bana.

c) Euskal Autonomi Elkarteko udaletako hiru ordezkari.

d) Irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsonak biltzen dituzten erakunde pribatuetatik ordezkaritza handiena dutenetako sei ordezkari.

e) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteetatik ordezkaritza handiena dutenetako bi ordezkari.

f) Sustatzaile eta eraikitzaileen elkarteetako bi ordezkari.

g) Arkitektoen Elkargoko ordezkari bat.

h) Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoko ordezkari bat.

i) Bide, Ubide eta Portu Ingeniarien Elkargoko ordezkari bat.

26. Atala - Egitekoak

Honako egiteko hauek izango ditu Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluak:

a) Urtean behin txosten bat egitea, lege honetan ohartemandakoa zein mailataraino betetzen den ezagutarazteko, eta gero Legebiltzarrera bidaltzea.

b) Irisgarritasun arloan aginpidedun diren organoei laguntza eman eta jarduteko irizpideak proposatzea, lege honetan xedatutakoaren arabera.

c) Horren antolamendu eta funtzionamendurako araudia onestea.

d) Bere esku uzten diren beste egiteko batzuk.

Aldibaterako Xedapenak

Lehenengoa

Lege honetan xedatutakoa ezargarri izango da indarrean jarri ondoren eskatzen diren baimen, emakida eta lizentzia-mota guztiak ematerakoan.

Bigarrena

Lege honetan xedatutakoa ezargarri izango zaie legea indarrean jartzen denean hasierako onespena jasota duten hirigintza-planeamendurako egiterapideei eta urbanizatze-proiektuei, behin-behineko edo behin betiko onespenaren zain daudenei. Hiru hilabeteko epea ezartzen da, egun horretatik hasita, agiria legearen aginduetara egokitzeko.

Indargabetze Xedapena Bakarra

Lege honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapenak indarrik gabe geratzen dira.

Azken Xedapenak

Lehenengoa

Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Bigarrena

Lege hau indarrean jartzen denetik sei hilabeteko epearen barruan, hirialdeen, gune publikoen, eraikuntzaren, garraiobideen eta informazio eta komunikazio-sistemen irisgarritasun-baldintzak finkatuko dituzten arau teknikoak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, irisgarritasunari eta hirigintza-oztopoak kentzeari buruz egun indarrean dauden arauen bidez araututako xedapenak bateratu egingo dira.

Hirugarrena

Lege hau indarrean jartzen denetik sei hilabeteko epearen barruan, onartu egingo da Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluaren antolamendu eta funtzionamendurako araudia.

Laugarrena

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik lau hilabete igarotakoan jarriko da indarrean lege hau.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra