Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

3/1993 Legea, maiatzaren 20koa, Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia eta Enplegua sustatzea xedetzat duten aurrekontu eta finantza mailako ez-ohizko neurriei buruzkoa.

1993-05-25

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1993/5/28, 99. zk.; EAO, 2012/2/10, 35. zk.

 

§ 146. 3/1993 LEGEA, MAIATZAREN 20KOA, EUSKAL AUTONOMI ELKARTEKO EKONOMIA ETA ENPLEGUA SUSTATZEA XEDETZAT DUTEN AURREKONTU ETA FINANTZA MAILAKO EZ-OHIZKO NEURRIEI BURUZKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Hazkunde eta enpleguari buruzko estatistika ofizialek aditzera ematen dutenaren arabera, euskal ekonomia eta, bereziki, industria, krisialdi handi batetan sartu dira 1992. urtean zehar. Aldi berean, eragin handia duten industri sektoreak eta norbanakoen jabetzapeko hainbat eta hainbat enpresa jasaten ari diren egoera kritikoak okerrera eramango ditu EAEko ekonomia eta enplegua, epe laburrera gainera.

 

Garapena lortu duten gainontzeko herrien gain eragina duen krisi orokorrago baten barruan sartu behar da gure krisia. Jakina denez, gure ekonomia herri horietakoari lotuta dago eta krisia areagotu egingo da mugak kentzearen eta Europako Elkartea merkatu bakar baten pean jartzearen eraginez. Horiek horrela, ez da emango gure artean sustapenik, aldi berean gure inguruko ekonomien sustapena etortzen ez baldin bada.

 

Guztion gain eragina duen krisi-egoera horren barruan eta, ekonomi mailan elkarri lotuta gaudenez, ez dira nahiko izango estatu batek eta, are gutxiago, autonomi elkarte batek har ditzakeen neurri partikularrak, lurralde bakoitzaren ekonomia sustatu eta haren enplegu-problema gainditu ahal izateko. Bestalde, lurralde bakoitzaren ezintasuna areagotu egiten da Europako Baterakunde Hitzarmenak sortzen dituen konpromezuak onartzeak dakarren elkar-lotura politiko eta ekonomikoaren ondorioz; izan ere, hitzarmen horren eraginez, lurralde bakoitzak maniobrarako dituen posibilitateak murriztu egiten baitira nabarmenki.

 

Hala ere, EAEko izaiki instituzionalek hainbat aukera dituzte eskuartean, ekonomia eta enplegua sustatzea xedetzat duten bateratutako helburuak lortze-bideetan lagundu ahal izateko. Horretarako, helburu horiek guk geuk ditugun errekurtsoez baliatuz lortzeko bideetan izugarrizko laguntza eman dezaketen baliabideei buruzko akordioak lortu behar dira, instituzioek dituzten eskuduntzen eremuaren barruan.

 

Krisi honek bere gordintasuna erakutsi baino lehen, goreneko lehentasuna eman diote euskal instituzioek industria eta enplegua sustatzeari. Argi eta garbi espansiboak diren 1992 eta 1993 ekitaldietako aurrekontuak, txoke-bide gisa landu ziren, era horretan, indarra hartzen ari zen krisiaren aurka lan egin ahal izateko. Kontestu honen barruan ulertu behar da Legebiltzarrak 1992ko urtarrilean onartu eta 1993ko otsailean sendetsi zuen Industrian Iharduteko Esparru Marko Orokorra.

 

Hala eta guztiz ere, ikusten duguna zera da, krisiak gehiagora egin duela eta geroz eta lanpostu gehiago galtzen dela. Ondorioz, beharrezkoa zen sektore publikoek enplegua sortzea, merkatuaren ahultasuna arintzeko eskabideak ugariagotzea eta produkziorako inbertsioak indartzea helburutzat duten ez-ohizko eta osagarrizko neurriak hartzea.

 

Lanpostuak galtzea dakarren gaurregungo krisi ekonomikoak epe laburrera lanpostuak gehiagotzea ekarriko duten txoke-bideak jartzea eskatzen du. Egoera larri honek konpromezu bikoitzaren eskabidea egiten du: alde batetik, sustapen ekonomikoaren aldeko ahaleginak gauzatu behar direla enplegu produktiboa sortuz eta ongizate ekonomiko zein sozialari indarra emango dioten azpiegiturak jarriz eta garatuz; eta, bigarren, lanpostua dutenek, lanpostua izateko aukerarik izan ez dutenen aldeko edo, ekonomiaren eta enpresaren baldintzak asko aldatu izanaren ondorioz, beren lanpostua utzi behar izan dutenen aldeko solidaritate-ahalegina burutu behar dutela.

 

Ildo honetan, Eusko Jaurlaritzak eta lurralde historikoetako foru aldundiek, "Ekonomia eta Lanpostuak Sustatzeari buruzko Instituzioarteko Akordioa" izenpetu dute 1993ko apirilaren 6an. Gaurregungo krisi ekonomikoaren egoerak ez-ohizko hainbat neurri berehalaxe aplikatzea eskatzen zuela jabetu izanaren ondorioa izan da akordio hori. Akordio horren bidez, hainbat konpromezu bereganatzen dituzte instituzioek; besteak beste, enplegua sortzeko ez-ohizko neurri eta ekintzak bideratzekoa eta krisiaren ondorioei epe laburrean aurre egiteko bideak eskainiko dituzten izaera intentsiboko hainbat ekintza antolatzekoa. Horiek lortu ahal izateko, Ekonomia eta Lanpostuak Sustatzeko Fondo bat sortu da.

 

Ihardun hauei behar den bezalako arau mailako tratamendua eman behar zaie, 1993. urteko ekitaldirako indarrean dauden aurrekontu eta finantza mailako ekintzen artean behar den bezala sartu ahal izateko eta, bereziki, politika ekonomiko publikoari dagozkionetan goreneko maila duten Euskal Autonomi Elkarteko aurrekontu orokorretan sartzeko bideak finkatu ahal izateko.

 

Horiek horrela, honako hau da lege honen bidez lortu nahi dena: aurrekontu eta finantza arloekin lotura duten ez-ohizko neurriak finkatzea eta, bestalde, ekonomia eta enplegua sustatzeari dagozkionetan, Eusko Jaurlaritzak, bere ihardun ekonomikoan, bete behar dituen parametroak mugatzen lagunduko duten sektorekako neurri sustantiboak zehaztea.

 

Legearen formulazioak ez du inolako konplexutasunik, izan ere, Legebiltzarrak helburu jakin batzutarako baimenduta dituen aurrekontuetako kreditu batzuk birmoldatzea eta hainbat aldiz aipatzen den sustapen hori lortzeko garrantzizkotzat jotzen diren ekintzetarako izendatzea besterik ez baita egiten. Hori lortu ahal izateko, sekzio berri bat sortzen da aurrekontuetan eta prozedura-izapide batzuk errazteko bideak hartzen dira aurrekontuak gauzatzeari dagozkionetan, era honetan, lortzea nahi den helburua hobeto bete ahal izateko. Horiek horrela, ez dira alde batera uzten Euskal Autonomi Elkarteko administrazio publikoak burutu behar duen finantza-kudeaketa zuzenak bete behar dituen printzipioak.

 

Horiekin batera, prozedurak arintzea izenpean bildu daitezkeen neurri batzuk jasotzen dira lege honetan, bai kontratuei, bai desjabetze-espedienteei eta bai kudeaketarako neurri zehatzei dagozkienetan ere.

 

Lehenengo Atala - Sekzio berri bat sortzea

 

1.- Euskal Autonomi Elkartearen 1993. urteko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretako gastu-egoeraren barruan, aurrekontu-sekzio berri bat sortzen da, 22 zenbakiduna eta honako izen honen pean: "Ekonomia eta enplegua sustatzeko ez-ohizko fondoa."

 

2.- Bi programa izango ditu 22 zenbakidun sekzio honek: "Enpleguaren aldeko ekonomi sustapenerako programa" eta "Enpleguaren aldeko elkartasuneko programa".

 

3.- Lege honetako I. eraskinean zatika egiten den banaketaren arabera, honako hau da bi programek batera duten hastapeneko diru-zuzkidura:

 

- Ordainketa-kredituen guztirakoa 1993. urteko ekitaldirako: 14.218.800.000 PTA.

- Konpromezu-kredituen guztirakoa 1994. urteko ekitaldirako: 14.000.000.000 PTA.

 

4.- Aipatu diren ordainketa-kreditu guztiak gehigarriak dira eta Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko 31/1983 Legearen 26. atalean finkatzen den moduaren arabera finantzatuko dira gehiketa horiek beharrezkoa izan dadinean, Jaurlaritzak diruzaintzako gerakinak erabiltzearen kaltetan gabe.

 

5.- Euskadiko Autonomi Elkartearen 1993. ekonomi urterako Diruegitamu Nagusiak onartzen direneko 8/1992 Legearen 8.1 ataleko bigarren lerroaldian aipatu eta zuzenbide pribatupean jokatzen duten erakundeen kanpo-zorpetzearen muga, 12.384.000.000 PTAkoa izango da.

 

2. Atala - Finantzaketa

 

Lege honetako II. eraskinean jasotako kredituak 8.932.800.000 PTAtan gutxituz eta diru-zaintzan pilatutako 5.286.000.000 PTAko gerakinez finantzatuko da sekzio berri hau. Kredituok, Euskal Autonomi Elkartearen 1993ko Aurrekontu Orokorretan jasotako kredituei dagozkienak dira.

 

3. Atala - Instituzio mailako administrazioaren hainbat izaikitako aurrekontuetan izandako aldaketak

 

1993. urteko ekitaldiari dagozkion aurrekontuak, Euskal Autonomi Elkarteko instituzio mailako administrazioa osatzen duten izaikiei buruzkoak hain zuzen ere, lege honetako III. eraskinean jasotako eran aldatuko dira.

 

4. Atala - Kudeaketa eta jarraipena

 

Sekzio berri honen kredituen kudeaketari buruz sail bakoitzari dagozkion sektorekako eskuduntzen eta gaiaren arabera Ekonomia eta Ogasun Sailari dagozkion egitekoen kaltetan gabe, sortu berria den sekzioan jasotako aurrekontu-kredituak burutzeko orduan har daitezen ekimenen jarraipena egitea Lehendakaritzako Idazkaritzari dagokio.

 

5. Atala - Kreditu aldaketen erregimena

 

1.- Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko Legearen 83. atalean aipatzen diren murriztapen orokorrak, eskualdaketa-erregimenari buruzkoak, ez dira izango aplikagarriak, jatorria orain sortu berria den 22 sekzioan duten eskualdaketei eta bai sekzio hori helburutzat duten eskualdaketei dagozkienetan.

 

2.- Era guztietako kreditu-aldaketak ere egin daitezke sekzio berri honen barruan, ezelango mugarik gabe.

 

3.- 1993. urteko ekitaldia amaitutakoan 22 sekzioan agertzen diren aurrekontu-kredituek izan ditzaten gerakinak, Euskal Autonomi Elkartearen 1994ko aurrekontuari egotziko zaizkio, ekitaldi horretan zehar handitu ahal izango direla.

 

6. Atala - Sektorekako arauak

 

1.- 22 sekzioaren aurrekontu-atalekin finantzatzen diren kontratazio-espedienteak, presaka izapidetu beharrekotzat jotzen dira. Neurriak ahalik eraginkorrenak izan daitezen, baita ere, zuzeneko kontratazioa erabil dezakete kontratazioko ihardute-sailek, baldin eta aipatu sekzioan oinarritzen den finantzaketa duten kontratazio-espedienteak benetan premiazkoak badira.

 

2.- Desjabetze-prozedurak ekar ditzaketen iharduerak, sortu berria den 22 sekzioaren pentzutangoak alegia, herri-onurakotzat eta interes sozialekotzat jotzen dira. Eusko Jaurlaritzak, beraz, baimena du ondasunak okupatzeko eta iharduerak burutzeko nahitaezkoak diren eskubideak bereganatzeko.

 

7. Atala - Legebiltzarra jakinaren gainean jartzea

 

Euskadiko Autonomi Elkartearen 1993. urteko ekitaldirako Diruegitamu Nagusiak onartzen dituen 8/1992 Legearen 31. atalean ohartemandako ondorioetarako, 22 sekzioko aurrekontuak gauzatu direlako berri emango dio Jaurlaritzak Legebiltzarreko Ekonomi, Herriogasun eta Diruegitamuen batzordeari; berri emate honi dagozkion xehetasunak eta 1993. Urteko ekitaldirako indarrean dagoen aurrekontuaren beste edozein sekziori dagozkionak, maila berekoak izango dira.

 

Azken Xedapena

 

Lehenengoa

 

Lege hau garatzeko beharrezkoak diren behar-beste xedapen hartzeko baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari.

 

Bigarrena

 

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik izango du indarra lege honek.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra