Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

3/2002 Legea, martxoaren 27koa, ikastolak legez normalizatu aurretik ikastetxe horietan irakasten aritutakoak aintzat hartzeari eta ordaina emateari buruzkoa.

2002-03-27

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2002/4/10, 67. zk.; EAO, 2011/12/3, 291. zk.

§ 245. 3/2002 LEGEA, MARTXOAREN 27KOA, IKASTOLAK LEGEZ NORMALIZATU AURRETIK IKASTETXE HORIETAN IRAKASTEN ARITUTAKOAK AINTZAT HARTZEARI ETA ORDAINA EMATEARI BURUZ

ZIOEN ADIERAZPENA

      Gaur egun, euskara irakaskuntzan (unibertsitatea barne), hedabideetan eta kulturaren nahiz gizartearen gainerako eremuetan bizirik dagoenez, goretsi beharrekoak dira frankismoaren garaian, oso baliabide gutxirekin eta gorabehera asko kontra zituztela, euskal eskola abian jartzea lortu zuten aurreneko irakasleen idealismoa, kemena eta lana.

      Lege-esparruak euskara eskoletan sartzeko modurik ematen ez zuela ikusita, esperientzia arriskutsu bat sortu zen, urte askoan erabateko klandestinitatean egin zena eta pertsona haiek beren bizitzan eta beren lan-eremuan egindako sakrifizioari esker gauzatu zena.

      Orduko irakasle haiek baliabide urriak izaten zituzten, ikasleen familiek emanak gehienbat, eskolak emateko erabiltzen zen lokalaren alokairua ordaintzeko, materiala erosteko eta soldata txiki bat jasotzeko. Oporretan ez zuten inolako soldatarik izaten. Gainera, Gizarte Segurantzari ezin zioten ezertxo ere ordaindu, eta orduan kotizatu ez izana gaur egun kaltegarria zaie beren eskubide pasiboetarako.

      Klandestinitate latz hura hirurogeiko hamarkadako azken urteetaraino luzatu zen, orduan hasi baitzen euskarazko irakaskuntzaren egoera hobetzen: garai horretan ikastolek legeztatu gabe jarraitzen zuten, baina nolabait ere toleratzen zituzten.

      Aldi berri horretan sortu ziren guraso-elkarteak, eta ikastegien gai ekonomikoak kudeatzeari ekin zioten. Horren ondorioz, irakasleen lan-baldintza eskasak hobetu egin ziren, baina, baliabide ekonomiko urriak zituztenez, hainbat urtetan ezin izan zuten Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaindu. Ikastola bakoitzak ahal izan zuenean eman zien alta bere irakasleei.

      Lege honen bidez, aintzat hartu nahi dira irakasle haiek, nahiko merezimendu badute eta; izan ere, lan handia egin zuten euskara berreskuratzen eta iraunarazten, jakintza eta kultura zabaltzeko tresna den aldetik. Horrekin batera, lege honen berariazko xedea da, batetik, Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaindu ez izanak kaltea eragin dien irakasleei halako ordain bat ematea eta, bestetik, beren lan-bizitza ohiko erretiro-adinetik aurrera luzatu beharrik ez izatea.

      Hori dela eta, ordainaren zenbatekoa txikiagoa izango da lan-baldintzak eta gizarte-aurreikuspeneko baldintzak hobeak izan ziren neurrian, aldi berean beste jarduera batean aritu zirelako edo ikastolan egindako lanari beste itxura bat eman ziotelako. Izan ere, kasu horietan klandestinitateak ez die kalterik eragiten eskubide pasiboei.

      Legeak irakasle haiei edo haien alargunei bakarrik aitortzen die eskubide hori, batez ere haiek hartu zutelako lan haren nekea, edo haiengandik hurbil egon zirelako, eta haien eskubide pasiboei bakarrik eragiten zaielako.

      Gainerakoan, legeak ordainaren funtsezko ezaugarriak adierazten ditu, ordain horren zenbatekoa araudi bidez zehazteko utzita. Era berean, legeak erraztasuna ematen du ikastaroak, alderdi askotatik era informalean bada ere, benetan eman zirela egiaztatzeko; hala, ikastaro horiek emandakotzat joko dira, baldin eta ikerketa zientifiko edo kulturaletan jasota badago eman zirela. Ekimen hau instituzioek aintzat hartu beharreko gai batean gizarteak duen interesaren beste erakusgarri bat da.

LEGE PROPOSAMENA

1. Artikulua - Helburua

      Ordain ekonomikoa jasotzeko eskubidea aitortzen zaie ikastoletan 1967-1968 ikasturtera arte irakasle aritu zirela egiaztatzen dutenei, lege honetan eta lege hau garatzen duten xedapenetan aurreikusitako moduan eta baldintzetan.

2. Artikulua - Onuradunak

      Honako hauek izango dira lege honetan aurreikusitako ordainaren onuradunak: eskolaurreko, lehen mailako edo bigarren mailako hezkuntzan euskaraz irakasten aritu zirela egiaztatzen dutenak, baldin eta irakaskuntza ofizialean ezarritako irakastaldien iraupen berdintsuko aldietan aritu baziren, edo haien ezkontideak, lege hau indarrean sartzean alargun badira.

3. Artikulua - Ordainaren edukia

      1.-     Ordainaren zenbatekoa dekretu bidez zehaztuko da, 1967-1968 ikasturtera arte emandako ikastaroen kopuruaren arabera.

      2.-     Zenbatekoa txikiagoa izango da, baldin eta irakasle aritu zena inoiz edozein gizarte-asegurutan, Gizarte Segurantzaren erregimenen batean edo haren ordezkoren batean alta emanda edo altaren pareko egoeran egon bazen, edo edozein arrazoirengatik Gizarte Segurantzaren erregimen batean sartu badute.

      3.-     Aurreko artikuluan aipatzen diren irakasleek prestakuntzan emandako dedikazio osoko aldiak irakaskuntzan emandakotzat hartuko dira.

4. Artikulua - Eskariak

      Eskariak sei hileko epean aurkeztu beharko dira, lege hau garatzen duen dekretua indarrean sartzen den egunetik kontatzen hasita.

5. Artikulua - Frogabideak

      1.-     Ikastaroak eman izana frogatzeko, zuzenbidean onartutako edozein bide erabil daiteke.

      2.-     Garapen-dekretuan zehatz daitezke onargarritzat jotzen diren zenbait frogabide.

      3.-     Ikastaroak emandakotzat joko dira baldin eta ikerketa zientifiko edo kulturaletan jasota daudela egiaztatzen bada eta ikerketa horiek lege hau indarrean sartu baino lehen argitaratu edo erregistratuta badaude.

6. Artikulua - Ebazteko eta jakinarazteko epea

      Prozeduretan, ebazpena emateko eta jakinarazteko epea bederatzi hilekoa izango da, eskaria ebatzi behar duen organoan sartzen den egunetik kontatzen hasita.

Azken Xedapenak

Lehenengoa - Garapen-dekretua

      Lege hau garatzeko dekretua sei hileko epean emango du Jaurlaritzak, legea indarrean sartzen den egunetik kontatzen hasita.

Bigarrena - Indarrean sartzea

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra