Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

3/2003 Legea, maiatzaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen Legea aldatzekoa.

2003-05-07

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2003/5/10, 90. zk.; EAO, 2011/11/25, 284. zk.

§ 253. 3/2003 LEGEA, MAIATZAREN 7KOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREZKI KUTXEN LEGEA ALDATZEKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

      Euskal Autonomia Estatutuak, bere 10.26 artikuluan, erabateko aginpidea ematen dio Autonomia Erkidegoari aurrezki-kutxen gainean, Estatuak kreditu eta banka antolaketari buruz ezarritako oinarrien eta moneta-politika orokorraren esparruan.

 

      Aipatutako eskumenen babespean ematen da lege hau, Autonomia Erkidegoko arauak Finantza Sistema Eraberritzeko Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legeak sartutako aldaketetara egokitzeko, bereziki, aurrezki-kutxei dagozkien gaietan.

 

      Lege honek hogeita bat artikulu ditu, lau xedapen iragankor eta azken xedapen bat.

 

      Legeak zehaztu egiten ditu aurrezki-kutxen eremuan jarduera publikoa bideratzeko printzipioak, aldatu egin du gobernu-organoen osaera, ehuneko berrogeita hamarrean finkatuz arlo publikoak organo horietan izan dezakeen gehieneko partaidetza, eta hauteskunde-araubide berri bat onartu du kutxen benetako jarduteko moduari erantzun ahal izateko.

 

      Era berean, kontseilari nagusien eta Administrazio Kontseiluko kideen izendapenak ezeztaezinak direla sartu du, eta, halaber, kontseilari eta kide horien agintaldien gehieneko iraupena eta berriz hautatzeko baldintzak zehaztu dira.

 

      Bestalde, bezeroak babesteko neurriak ere ezarri ditu, erakunde bakoitzean bezeroei jaramon egiteko zerbitzu bat eduki beharra nahitaezkoa eginez, eta bezeroaren defendatzailearen figura arautu du, kutxetako bezeroen erreklamazioei jaramon egiteko.

 

      Horiez gain, legeak zehapen-araubidea eguneratu du, arau-hausteen zerrenda eta arau-hausteei aplikatu beharreko zehapenen kopuruak aldatuta.

 

1. Artikulua

 

      Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxei buruzko azaroaren 8ko 3/1991 Legeko 3. artikulua honela idatzita utzi da:

 

"Euskal Autonomia Erkidegoak, aplikatzekoak diren arauen eremuan, aurrezki-kutxen babes eta kontrol publikoari dagozkion eginkizunak beteko ditu printzipio hauekin bat etorriz:

 

a)   Erraztasunak ematea ekonomia eta gizarte arloan garapena sustatzen lagundu dezakeen edozein jarduera egiteko.

b)   Aurrezki-kutxek ekonomian eta gizartean dituzten eginkizunak betetzen diren begiratzea, politika egokia erabil dezaten aurrezkiaren administrazioa eta inbertsioa egiten eta gaindikinak banatzen.

c)   Kutxen inbertsio-kudeaketa ikuskatzea, ongintza eta gizarte ekintzetan premiarik eta lehentasunik behinenak bideratzeko.

d)   Kutxen eta erakunde publikoen arteko harremanak sustatzea, ongintza, gizarte eta kultura ekintzak sortu eta mantentzeko.

e)   Gobernu-organoen hautaketan, osaeran eta jarduteko moduan demokrazia, profesionaltasuna, independentzia eta gardentasuna bete egingo diren printzipioak direla bermatzea.

f)    Aurrezki-kutxetako bezeroen eskubideak eta interesak babestea.

g)   Kreditu-erakundeei aplikatzekoak zaizkien antolaketa eta diziplinako arauak aurrezki-kutxek betetzen dituzten begiratzea".

 

2. Artikulua

 

      3/1991 Legeari 18 bis artikulu berria gehitu zaio, honela idatzita:

 

"18 bis artikulua.

 

1.-     Aurrezki-kutxak behartuta daude beren bezeroen saldo, egoera, transakzio eta gainerako eragiketei buruzko informazioa ezkutuan gordetzera; informazio hori ezin izango diete jakinarazi beste hirugarren batzuei, ez eta haren zabalkunderik egin ere.

 

2.-     Agindu horren salbuespen dira, bezeroak berak zein legeek baimenduta, beste hirugarren batzuei jakinarazi zein zabaldu diezazkieketen informazioak, baita ikuskapeneko agintariek eskatu dizkietelako bidali behar dizkietenak ere. Kasu horretan, informazioa ematen denean bezeroak berak zein legeek xedatutakoa bete beharko da.

 

3.-     Isilpekotasun-betebeharretik salbuetsita daude, halaber, talde finkagarri berekoak diren kreditu-etxeen arteko informazio-trukaketak".

 

3. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 21. artikuluko a) letra honela idatzita gelditu da:

 

"a)  Baimena beharrezkoa denean, Administrazioaren baimenik gabe edo baimen horretan finkatutako oinarrizko baldintzak bete gabe, edo aitorpen faltsuen edo beste modu irregularren baten bidez lortutako baimenarekin, baterakuntza, irenspena zein zatiketa gauzatzeko eragiketak egitea, beste kreditu-erakunde batzuk eskuratzea, erreserba-banaketak egitea eta atzerrian bulego operatiboak zabaltzea".

 

4. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 21. artikuluari l), m), n) eta ñ) letrak gehitu zaizkio, eta honela idatzita gelditu dira:

 

"l)   Kreditu-erakundeetan parte garrantzitsuak eskuratzea edo gehitzea, indarrean dagoen legediak ezarritakoa hautsiz egiten bada.

m)  Kreditu-erakunderen baten kudeaketa zintzo eta zuhurra arriskuan jartzea, parte garrantzitsu bat duen titularraren eraginez bada.

n)   Kutxak zein bere talde finkagarriak akatsak izatea administrazioko eta kontabilitateko antolaketan, barne-kontroleko prozeduretan, arriskuen kudeaketari buruzkoak ere barne direla, baldin eta akats horiekin erakundearen kaudimena zein bideragarritasuna arriskuan jartzen badira.

ñ)   Gobernu-organoak hautatu eta izendatzeko hauteskunde-prozesuak arautzen dituzten arauak haustea, hauteskunde-prozesuen emaitzetan eragina dutenean".

 

5. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 22. artikuluko a) eta d) letrak honela idatzita gelditu dira:

 

"a)  Baimena beharrezkoa denean, Administrazioaren baimenik gabe edo baimen horretan finkatutako oinarrizko baldintzak bete gabe, edo aitorpen faltsuen edo beste modu irregularren baten bidez lortutako baimenarekin, zenbait ekintza edo eragiketa egitea, arau-hauste oso larria denean salbu".

"d)  Arriskuen mugei buruz indarrean dauden arauak ez betetzea, zein zenbait eragiketa aktibo edo pasiboren bolumenari kantitatezko mugapen absolutu zein erlatiboak ezartzen dizkion beste edozein arau ez betetzea".

 

6. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 22. artikuluari n), ñ), o), p), q), r) eta s) letrak gehitu zaizkio, eta honela idatzita gelditu dira:

 

"n)  Eragiketen gardentasunari eta bezeroen babesari buruzko arauak bete gabe uztea dakarten ekintzak eta eragiketak egitea.

ñ)   Iruzurrezko ekintzak egitea edo tartean pertsona fisikoak edo juridikoak erabiltzea antolaketa eta zentzapidezko arauen kontrako emaitzak lortzeko, arau-hauste oso larritzat jotzen ez badira.

o)   Kutxak edo bere talde finkagarriak akatsak izatea administrazioko eta kontabilitateko antolaketan, edo barne-kontroleko prozeduretan, arriskuen kudeaketari buruzkoak ere barne direla, horrekin arau-hauste oso larririk egiten ez bada.

p)   Parte garrantzitsuren bat eskualdatzea zein gutxitzea, indarrean dagoen legedian ezarritakoa hausten bada.

q)   Kutxaren administrazioa zein zuzendaritza benetan gauzatzea, zuzenbidez kutxetan izaera horretako kargurik ez duten pertsonen kasuan.

r)    Lege honetako 18 bis artikuluan xedatutakoa ez betetzea.

s)    Gobernu-organoak hautatu eta izendatzeko hauteskunde-prozesuetako arauak haustea".

 

7. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 24. artikulua honela idatzita gelditu da:

 

"Aurreko artikuluetan aipatutako kasuetan, honako zehapen hauetako bat edo gehiago ezarri ahal izango zaizkio kutxari:

 

1.-  Arau-hauste oso larriak egiteagatik:

 

a)  Bere dituen eskuarteen 100eko 1erainoko isuna, edo 300.000 eurorainokoa esandako ehuneko hori kopuru hau baino txikiagoa bada.

b)  Erakundearen baimena indargabetzea, Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistrotik kenduta.

c)  Ohartarazpen publikoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

2.-  Arau-hauste larriak egiteagatik:

a)  Bere dituen eskuarteen 100eko 0,5erainoko isuna, edo 150.000 eurorainokoa esandako ehuneko hori kopuru hau baino txikiagoa bada.

b)  Ohartarazpen publikoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

3.-  Arau-hauste arinak egiteagatik:

a)  Ohartarazpen pribatua.

b)  60.000 eurorainoko isuna".

 

8. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 25. artikulua honela idatzita gelditu da:

 

"1.-    Aurreko artikuluan ohartemandako zehapenez gain, jarraian aipatutako zehapenetako bat ezarriko zaie egitez zein zuzenbidez administrazio edo zuzendaritzako karguak betetzen dihardutenei, arau-hauste baten erantzule baldin badira beren aritze-modu maltzur edo axolagabeagatik.

1.1.- Arau-hauste oso larriak egiteagatik:

a)   150.000 eurorainoko isuna.

b)   Kargurik gabe utziko da, hiru urte baino gehiagokoa ez den aldirako.

c)   Kargutik kanpo utziko da, kutxa berean administrazio edo zuzendaritzako karguetarako gaitasungabetuta, bost urteko aldirako gehienez ere.

d)   Kargutik kanpo utziko da, edozein kutxatan administrazio edo zuzendaritzako karguetarako gaitasungabetuta, hamar urteko aldirako gehienez ere.

1.2.- Arau-hauste larriak egiteagatik:

a)   90.000 eurorainoko isuna.

b)   Kargutik kanpo utziko da, edozein kutxatan administrazio edo zuzendaritzako karguetarako gaitasungabetuta, urtebeteko aldirako gehienez ere.

c)   Ohartarazpen publikoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

d)   Ohartarazpen pribatua.

 

2.-     Goiko 1.1 paragrafoko b), c) eta d) letretan eta 1.2 paragrafoko b) letran ohartemandako zehapenak bi paragrafootako a) letran ohartemandako zehapenekin batera ezarri ahal izango dira.

 

3.-     Ez dira hartuko kutxek edo kutxetako administrazio edo zuzendaritzako organoek egindako arau-hauste oso larrien zein larrien erantzuletzat, kasu hauetan:

 

a)   Arau-hausteak sorrarazi dituzten erabaki edo akordioei buruz aurkako botoa eman bazuten edo beren botoa askatu bazuten, edo kasuan kasuko bileretara bidezko arrazoiengatik joan gabe gelditu baziren.

b)   Arau-hauste horiek kutxan eginkizun betearazleak dituzten pertsonei bakarrik egoztekoak direnean".

 

9. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 28. artikulua honela idatzita gelditu da:

 

"1.-    Ogasun eta Herri Administrazio Sailak 150.000 eurorainoko isuna jarriko die, beharrezko baimenik gabe eta Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistroan edo Herri Aurrezkiko Kutxa Orokorren Erregistroan aurrezki-kutxa bezala erroldatuak izan gabe, Autonomia Erkidegoko lurraldean mota horretako erakundeei dagozkien eragiketak egiten dituzten pertsona edo erakundeei, edo baimendun aurrezki-kutxen jardunarekin nahasgarri izan daitezkeen izenak edo zabalkunde nahiz iragarpenetarako beste ezaugarri batzuk erabiltzen dituztenei.

 

2.-     Aurreko zenbakian adierazitako pertsona edo erakundeei izen horiek erabiltzeari edo ekintzak egiteari uzteko errekerimendua egin arren, pertsona edo erakunde horiek halakoak erabiltzen edo egiten jarraitzen badute, 300.000 eurorainoko isunaz zehatuko dira, eta berriro jarri ahal izango zaie isuna ondoren beste errekerimendurik egiten bazaie".

 

10. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 34. artikuluko 1. paragrafoko a), b), c) eta d) letrak honela idatzita gelditu dira:

 

"a)  Erakunde sortzaileak, 100eko 20ko ordezkaritzarekin.

b)   Aurrezki-kutxako diru-ezarleak, 100eko 43ko ordezkaritzarekin.

c)   Aurrezki-kutxako langileak, 100eko 7ko ordezkaritzarekin.

d)   Erakundeak bulegoren bat duen herrietako udal-korporazioak, 100eko 30eko ordezkaritzarekin".

 

11. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 36. artikulua honela idatzita gelditu da:

 

"1.-    Aurrezki-kutxako diru-ezarleen ordezkari izateko kontseilari nagusiak, eta horien ordezkoak -kopuru berdinean horiek ere-, konpromisarioek hautatuko dituzte beren artetik.

 

2.-     Kontseilariren batek kargua uzten badu, ordezko batek beteko du hark utzitakoa.

 

3.-     Autonomia-erkidego batean baino gehiagotan bulego operatiboak irekita dituzten kutxek kontseilari nagusien kopuru bat egotzi behar diote ezarleen izenean autonomia-erkidego bakoitzari; kopuru hori proportzionala izango da, erkidego guztietako bulegoen kopuru haztatuen aldean erkidego bakoitzean dauzkaten bulegoen kopuru haztatuaren proportzionala. Autonomia-erkidego bakoitzeko haztaketa lortzeko, lurralde horretako bulegoetako gordailuak errolda ofizialen araberako bertako biztanleen artean zatitu ondoren ateratzen den emaitza kutxaren bulego operatiboen kopuruarekin biderkatu behar da.

 

4.-     Konpromisarioak aukeratzeko, zerrenda bakarrean agertuko dira ezarleak, edo probintziaka, lurralde historikoka, eskualdeka, hiriburu-barrutika edo kutxek erabakitako barrutien arabera antolatutako zerrenda bakarretan, baina behin baino ezin izango dira agertu, bakoitzak duen kontu-kopurua edozein izanda ere, eta ezarleen eta konpromisarioen kopuruen arteko proportzionaltasuna errespetatu egin beharko da. Aukeraketa notarioaren aurrean egingo da, jendaurrean egindako zozketaren bidez".

 

12. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 38. artikulua honela idatzita gelditu da:

 

"1.-    Udal-korporazioen ordezkari izateko kontseilari nagusiak korporazio horiek izendatuko dituzte zuzenean, udalbatza osoaren erabakiz.

 

2.-     Kontseilari nagusi izateko ez da ezinbestekoa berak ordezkatzen duen udalerriko egoiliarra izatea.

 

3.-     Autonomia-erkidego batean baino gehiagotan bulego operatiboak irekita dituzten kutxek kontseilari nagusien kopuru bat egotzi behar diote udal-korporazioen izenean autonomia-erkidego bakoitzari; kopuru hori proportzionala izango da, erkidego guztietako bulegoen kopuru haztatuen aldean erkidego bakoitzean dauzkaten bulegoen kopuru haztatuaren proportzionala. Autonomia-erkidego bakoitzeko haztaketa lortzeko, lurralde horretako bulegoetako gordailuak errolda ofizialen araberako bertako biztanleen artean zatitu ondoren ateratzen den emaitza kutxaren bulego operatiboen kopuruarekin biderkatu behar da.

 

4.-     Autonomia-erkidego bakoitzean, kontseilari nagusiak izendatzeko eskubidea duten udal-korporazioak izendatzea honela egingo da hauteskunde bakoitzean, aurreko 3. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz dagokien kopurua errespetatuta:

 

a)   Udalerri bakoitzean irekitako bulegoen kopuruaren proportzioan banatuko da kontseilari nagusien 100eko 50a. Ondorio horietarako, batera metatu daitezke zenbait udalerritako bulegoak. Banaketa hori prozedura honen arabera egingo da:

 

Kalkulu hau egingo da:

 

            Ai

Xi= --------- x R, hau honela izanda:

            A

 

Xi, i udalerriari egotzi beharreko ordezkari-kopurua.

Ai, aurrezki-kutxak i udalerrian irekitako bulegoen kopurua.

A, banaketan parte har dezaketen udalerrietan aurrezki-kutxak irekitako bulegoen kopuru osoa.

R, banaketa horren arabera egotzi beharreko ordezkarien kopurua.

Hasieran udal-korporazio bakoitzari egotziko zaion ordezkari-kopurua Xi-ko parte osoari dagokion berbera izango da.

 

Oraingo 100eko 50 honetako gainerako ordezkariak, banatu beharreko kopurua osatu arte, Xi-ko parte hamartarraren arabera egotziko dira, handitik txikira behera eginez. Baldin eta udalerri biri edo gehiagori parte hamartar berbera badagokie, lehen aipatutako handitik txikirako hurrenkeran kokatzeko, aurrezki-kutxa bakoitzeko ezarle-kopuruaren arabera egingo da, handitik txikirako hurrenkeran.

b)   Kontseilari nagusien gainerako 100eko 50a txandaka beteko da hauteskunde bakoitzean, udalerri bakoitzean irekitako bulego-kopuruaren arabera handitik txikira antolatutako udalerrien zerrenda errespetatuz. Bulegoen kopuruari dagokionez berdintasunik bada, diru-ezarleen kopuruaren arabera egingo da hurrenkera. Udal-korporazio bakoitzak ordezkari bakar bat izendatuko du.

 

Hauteskundeak joan hauteskundeak etorri, aurreko lerroaldean ezarritakoaren arabera ordezkaria izendatzeko eskubidea duten udalerri guztiek ordezkaria izendatu ondoren, berriz hasiko da prozesua irizpide berberak aplikatuz.

 

Lege honetan ezarritakoaren arabera Batzar Orokorreko ordezkariak izendatzeko eskubidea duten udalerrien kopurua udal-korporazioen taldeak hautatu beharreko ordezkarien kopurua baino txikiagoa bada, bien arteko alde hori erakunde sortzaileari dagozkion ordezkarien kopuruari gehituko zaio".

 

13. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 41. artikuluko 2. paragrafoko d) letra honela idatzita gelditu da:

 

      "Hautatua izateko jarritako edozein eskakizun galtzen bada".

 

14. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 41. artikuluari 3 eta 4. paragrafoak gehitu zaizkio, honela idatzita:

 

"3.-    Ezeztaezina izango da kontseilarien izendapena; salbuespen izango dira, ordea, kasu hauek: bateraezintasuna sortzea, izendapena egiteko eskatutako edozein eskakizun galtzea, eta Batzar Orokorrak, arrazoi zuzenen bat ikusita, kargutik kentzeko erabakia hartzea.

 

Arrazoi zuzena dagoela uste izango da kontseilari nagusiak bere karguari darizkion betebeharrak betetzen ez dituenean, zein bere jarduera publiko nahiz pribatuarekin kutxaren ospeari, izen onari zein jardunari kalte egiten dionean.

 

Kontseilari nagusiren batek, bere agintaldia amaitu gabe, kargua uzten badu edo lege honetan aurreikusitako kasuetan kargutik kentzen badute, berari dagokion ordezkoak beteko du gelditzen den aldia, eta kanpoan gelditutako kontseilaria izendatu zuten instituzio, organismo edo erakunde berberek izendatuko dute ordezkoa ere. Ondorio horietarako, diru-ezarleen ordezkari diren kontseilari nagusietako bakoitzaren lekua aurretik kontseilari bakoitzarentzat hautatutako ordezkoak beteko du.

 

4.-     Agintaldiaren iraupenik luzeenak ezin izango ditu hamabi urte gainditu, kontseilariak duen ordezkaritza edozein izanda ere. Hamabi urteko agintaldia -jarraian nahiz aldika- bete eta gero, eta egun horretatik zortzi urte igaro ondoren, berriz hautatu ahal izango da, lege honetan ezarritako baldintzetan".

 

15. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 42. artikuluko 2. paragrafoko a) letra honela idatzita gelditu da:

 

"a)  Administrazio Kontseiluko kideak eta Kontrol Batzordeko kideak izendatzea, 51. artikuluko 2. paragrafoko bigarren lerroaldearekin bat etorriz Ogasun eta Herri Administrazio Sailak izendatutako ordezkaria izan ezik; baita kide horien agintaldia amaitu aurretik kargutik kentzeko erabakiak hartzea ere, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz".

 

16. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 44. artikuluko 2. paragrafoko bigarren lerroaldea honela idatzita gelditu da:

 

"Kontseilu-kideren batek kargua uzten badu edo kargutik kentzen badute, berari dagokion ordezkoak beteko du geratzen den aldia. Ordezkaritza-talde bakoitzean, kontseilu-kideak adina ordezko izendatuko dira horretarako, ez beste ezertarako, eta haientzako ere prozedura bera erabiliko da".

 

17. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 46. artikuluari bigarren lerroaldea gehitu zaio, honela idatzita:

 

"Betearazteko eginkizunak dituzten Administrazio Kontseiluko kideek behar adina ezagutza eta esperientzia ere izan beharko dute beren eginkizunak betetzeko".

 

18. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 48. artikuluko 4. paragrafoa honela idatzita gelditu da:

 

"4.-    Administrazio Kontseiluko kideen izendapena ezeztaezina izango da, eta lege honetako 41. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan kontseilari nagusientzat aurreikusitako salbuespen berberak aplikatuko zaizkie".

 

19. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 48. artikuluari 5. paragrafoa gehitu zaio, honela idatzita:

 

"5.-    Agintaldiaren iraupenik luzeenak ezin izango ditu hamabi urte gainditu, kontseilu-kideak duen ordezkaritza edozein izanda ere. Hamabi urteko agintaldia -jarraian nahiz aldika- bete eta gero, eta egun horretatik zortzi urte igaro ondoren, berriz hautatu ahal izango da, lege honetan ezarritako baldintzetan".

 

20. Artikulua

 

      3/1991 Legeko 51. artikuluko 2. paragrafoko lehenengo lerroaldea honela idatzita gelditu da:

 

"2.-    Kontrol Batzordeak ezin izango du berak ikuskatu eta kontrolatutako organoetako kiderik bere baitan eduki. Kontrol Batzordea zortzi kidek osatuko dute: bi, erakunde sortzaileen ordezkari; bi, udal-korporazioen ordezkari; hiru, diru-ezarleen ordezkari; eta bat, langileen ordezkari. Administrazio Kontseiluko kideentzat xedatutakoaz arautuko dira Kontrol Batzordeko kideen kargu-aldiaren iraupena, ordezkariak berriztatzea eta hautagaiak aurkeztea".

 

21. Artikulua

 

      3/1991 Legeko III. tituluari IV. kapitulua gehitu zaio, izen eta artikulu hauekin:

 

"IV. KAPITULUA.- BEZEROA BABESTEA

 

57. artikulua

 

Euskadin baltzu-egoitza duten aurrezki-kutxek bezeroentzako arreta-zerbitzu edo departamentu bat izan behar dute, finantza-zerbitzuen erabiltzaileek aurkez ditzaketen kexa eta erreklamazioei jaramon egin eta horiek erabakitzeko, legez onartutako beren interes eta eskubideekin zerikusia duten heinean.

 

58. artikulua

 

1.-     Euskadin baltzu-egoitza duten aurrezki-kutxek bezeroaren defendatzailea izendatu dezakete; bezeroen interesak eta eskubideak defendatzeaz arduratuko da aipatutako kutxetako edozeinekin izan ditzaten harremanei dagozkien gaietan.

 

2.-     Ospe ona duen erakunde edo aditu independentea izan behar du bezeroaren defendatzaileak, eta berari dagokio bere erabakipean jarritako erreklamazioei jaramon egin eta erabakitzea, eta gardentasuna, bezeroaren babesa eta finantzetako ohitura eta praktika onak gidatzeko arauak bete daitezela sustatzea.

 

3.-     Bezeroaren defendatzaileak erreklamazioaren gainean aldeko iritzia ematen badu, iritzi horrek lotu egingo du erakundea. Lotura hori ez da eragozpen izango, ordea, ez judizio-babes osoa izateko, ez gatazkak konpontzeko beste mekanismo batzuetara jo ahal izateko, ez administrazio-babesa jasotzeko".

 

Xedapen Iragankorrak

 

Lehenengoa

 

      Aurrezki-kutxek lege honetako xedapenetara egokitu beharko dituzte beren estatutuak eta araudiak, eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailari bidali behar dizkiote hiru hilabeteko epean, hark onar ditzan.

 

Bigarrena

 

      Ogasun eta Herri Administrazio Sailak aurrezki-kutxen estatutuak eta araudiak onartzen dituenetik sei hilabeteko epean, aurrezki-kutxa horiek Batzar Orokor berria eratu beharko dute, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz hautatuta; batzar horretan izendatuko dira Administrazio Kontseiluko kideak eta Kontrol Batzordeko kideak.

 

      Aurrezki-kutxen egungo gobernu-organoetako kideek beren karguak utziko dituzte lege honetan ezarritako arauen arabera eratutako organo berriak sortzen diren unean bertan.

 

Hirugarrena

 

      Lege hau indarrean jartzean karguan dauden kontseilari nagusiek, Administrazio Kontseiluko kideek eta Kontrol Batzordeko kideek, nahiz eta 41. artikuluko 4. paragrafoan, 48. artikuluko 5. paragrafoan eta 51. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako gehieneko epea beteta izan, zein 2003ko abenduaren 31n indarrean dagoen hauteskunde-aldian bete, karguan jarraitu ahal izango dute agintaldi horretan eta beste bat gehiagoan, egun daukaten ordezkaritzarako aukeratzen badituzte.

 

Laugarrena

 

      Salbuespenez, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz lehenengo hauteskundeak egiten direnean, urte bikoa izango da izendatutako kontseilari nagusien, Administrazio Kontseiluko kideen eta Kontrol Batzordeko kideen erdien agintaldia.

 

      Aurreko lerroaldean xedatutakoaren ondorioetarako, diru-ezarleen ordezkari diren kontseilari nagusiak hautatuko dira, eta bi halako lagun ordezkotan. Arlo horretako ordezkariak izendatu ondoren bi urte igaro eta gero, kide horien erdien lekuak, notarioaren aurrean egindako zozketaz zehaztuta, ordezkoek hartuko dituzte, eta horien agintaldia lau urtekoa izango da.

 

      Era berean, eta aipatutako ondorioetarako, izendatutako udal-korporazioek dagozkien kontseilari nagusiak aukeratuko dituzte. Udal-korporazioen ordezkari diren kontseilari nagusiak izendatu eta urte bi igaro ondoren, horien erdiek kargua utziko dute, notarioaren aurrean egindako zozketaz zehaztuta; kargu-uztaileok izendatzeko parte hartu zuten instituzio berberek izendatutako ordezkoak jarriko dira haien ordez, eta ordezkoon agintaldia lau urtekoa izango da.

 

      Gainerako arloetako ordezkariak izendatu eta urte bi igaro ondoren, horien erdiek kargua utziko dute; kargu-uztaileok izendatzeko parte hartu zuten berberek izendatutako ordezkoak jarriko dira haien ordez, eta ordezkoon agintaldia lau urtekoa izango da.

 

Azken Xedapena

 

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra