Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

2004-02-25

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2004/3/12, 50. zk.; EAO, 2011/11/19, 279. zk.

§ 261. 3/2004 LEGEA, OTSAILAREN 25EKOA, EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMARENA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

I

 

      Euskal unibertsitate-sistemak, dinamikoa eta konplexua denez, kalitate-maila handiagoak lortu eta nazioartera zabaltzea nahi du; horrek, ordea, erregulazio orokorra eta sistematikoa eskatzen du, batez ere gure Autonomia Erkidegoan, Euskal Autonomia Estatutuaren arabera eskumen osoak baititu hezkuntza eta ikerketako gaietan. Bestalde, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, bertako erabaki asko eta askotan aurreko araubidearen jarraipena nabarmentzen badu ere, hainbat alderdi sartu dira beharrezkoa egiten dutenak Euskal Autonomia Erkidegoan lege bat egitea, batez ere, unibertsitate publikoari dagokionez, irakasle eta ikertzaile kontratatuen gainean, eta oro har, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia sortu eta bere araubide juridikoa eta eginkizunak zehazteko.

 

      Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikotik sortutako alderdiak arautzeko unean, bideragarria zen puntu berriak arautzera mugatuko zen lege bat egitea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzeko ekainaren 29ko 19/1998 Legea premiazkoa zenetan aldatzea; eta ahalmena ematen zitzaion Eusko Jaurlaritzari bi legeok testu bakar batean biltzeko. Bestalde, 19/1998 Legea ona izan arren -eta horren lekuko da bertako hainbat ideia Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan sartu izana-, komenigarria da bertako zenbait alderdi aldatzea. Hala eta guztiz ere, arrazoizkoagoa dirudi lege bakar bat onartzea, bertan, eskarmentuak aholkatutako aldaketak sartuz, Gizarte Kontseilua ere arautzeko. Modu horretan, lege bakar batean zehazten da euskal unibertsitate-sistemaren eredua, nahiz eta onartu lege honetan jasotako alderdi asko eta asko Unibertsitatea Antolatzeko ekainaren 29ko 19/1998 Legean termino beretan edo bertsuetan aurreikusita zeudela.

 

II

 

      Legeak oinarrian duen printzipioa da unibertsitateak unibertsitate-sistema bateratu gisa ikusi behar direla, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitate guztien artean osatutako unibertsitate-sistema bateratu gisa, alegia.

 

      Unibertsitate publikoen eta unibertsitate ez publikoen araubide juridikoen artean dauden ezberdintasunak legedi organikotik datoz eta funtsezkoak dira alderdi asko eta askotan, baina ez dira eragozpen horiek guztiak adierazi dugun era horretan ikusteko. Guztiek ematen diete zerbitzua euskal gizarteari eta pertsonei, prestakuntza, jakintza eta gizarte-ongizatea gehitzearen alde eginez, eta guztiei onartu behar zaie aniztasunetik betetzen ari diren betebehar soziala. Azpimarragarria da, hala ere, Euskal Herriko Unibertsitateak funtsezko papera jokatzen duela sistema horretan, bera baita goi-mailako hezkuntzaren eta ikerketaren zerbitzu publikoaren adierazle nagusia eta bermatzailea, bai bere ikasle-kopuruagatik, bai bere profesionalen ikerkuntza eta gaitasun mailagatik, bai eta eskaintzen dituen tituluen aniztasunagatik ere. Hori dela eta, nabarmentzekoa da, orobat, herri-aginteek Euskal Herriko Unibertsitateari behar adinako finantzaketa egonkorra emateko ardura eta konpromisoa dutela; gainerako unibertsitateekin, berriz, ez dute halako konpromisorik.

 

      Alde horretatik, oinarrizkoa da Euskadiko Unibertsitate Kontseilua, lankidetzarekin eta indarrak koordinatuz sistema hori taxutzeko, eta bere eginkizunak indartuta aterako dira arauketa berri honekin. Aldi berean, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak betebehar erabakitzailea izan behar du euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sartzeko, lege honetako 1. artikuluan zehaztutako moduan Euskal Herriko unibertsitateari buruzko politikaren egiturazko helburuetako bat baita hori.

 

      Legeak oinarrian hartzen du jakintza unibertsala dela, eta berariaz nahi du euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzaren Europako sisteman sartzea, langileen eta profesionalen erreferentzia-eremu eta mugikortasunaren esparru izan dadin. Gaur egun asko dira Europako zuzentarauak Europako ekonomia-gunearen eremu osoan goi-mailako irakaskuntzako tituluak parekidetzeko eta homologatzeko. Aldi berean, ikaskuntzaren diseinu berri baten aldeko lanak egiten ari dira, ikasgelako irakaskuntza eta curriculum-irakaskuntza bera ere gainditzeko. Ingurumari horretan, unibertsitateak kredituak berriz ere taxutzen ari dira, ikasleek kredituok gainditzeko benetan egindako lanean oinarrituta; eta ez, egun Espainiako Estatuko esparruan gertatzen ari den bezala, ikasgelan egindako ordu-kopuruan oinarrituta. Gizartea eraberritzeko erronka berri baten aurrean gaude, eta euskal unibertsitate-sistemak horretara azkar egokitzeko egoeran egon behar du.

 

III

 

      Unibertsitateen autonomia-printzipioa eta autonomia-eskubidea bermatzen ditu legeak, batetik, katedra, ikasketa eta ikerketako askatasunen berme bezala, eta bestetik, kudeaketarako autonomia bezala.

 

      Legeak aurrerapausoak ematen ditu aipatutako eremua zehazten. Batetik, unibertsitatearen printzipio gidari bezala aipatzen ditu printzipio demokratikoak, lehenengo eta behin, unibertsitatearen barruan oinarrizko eskubide guztien onarpenean eta bermean oinarrituta, eta hurren, unibertsitate-erkidegoak unibertsitatearen kudeaketan parte hartu eta kudeaketa kontrolatzeko eskubidean oinarrituta. Legeak, bestetik, goi-mailako prestakuntza zerbitzu publikoa dela ulertzen du, eta beraz, herri-aginteek eta unibertsitateek elkarrekin ezarri behar dituztela zerbitzu horren oinarrizko ezaugarriak, helburu orokorrak eta gida-lerro nagusiak, bakoitzak bere eskumenen esparruan.

 

IV

 

      Legeko II. titulua unibertsitate-erkidegoari buruzkoa da. Ikasleei dagokienez, berdina da erregulazioa unibertsitate guztientzat, eta legeak ikasleen oinarrizko eskubide eta betebeharren zerrenda luzea egin du; era berean, unibertsitateko zerbitzuaren oinarrizko hartzaile unibertsitateko ikasleak direnez, legean jasotako programazio-irizpide asko eta asko ulertzeko erarik osoena kalitateko irakaskuntza eta ikaskuntza nahi direla jakitea da.

 

      Unibertsitate-erkidegoaren erregulazioan jasotako berrikuntzarik nabarmenena irakasle eta ikertzaile kontratatuei buruzkoa da. Kontratatutako langile-tipoek, batez ere kontratatutako irakasle doktorearenak, langileei buruzko politika propioa taxutzeko aukera-eremu zabala ematen dute.

 

      Irakasle kontratatuei dagokienez legeak egindako taxuketan aurrekari hauek hartu dira kontuan:

 

      1.-   Unibertsitate-karreraren definizioa. Eremu horretan, laguntzailea aipatzean, prestakuntzan ari den langileari buruz ari da, ia besterik gabe doktore-tesia egiten ari dena; eta doktore den irakasle laguntzailea aipatzean -legean irakasle atxiki esaten zaio-, unibertsitate-karrera hartu dutenentzat gordetako kategoriari buruz ari da. Aldi berean, oinarrizko legedi organikoan jasotako figura bat, doktore den irakasle kontratatuarena, bi kategoriatan egituratzen da, irakasle oso eta irakasle agregatu bezala, eta eskakizunak ere ezberdinak dira kategoria bakoitzera iristeko.

 

      2.-   Orokorrean, lehia publikoen bidezko sistema bat ezarri da langile kontratatu guztien lanpostuak betetzeko, publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarrituta. Hala ere, aski nabariak diren salbuespen batzuk alde batera utzita, irakasle bisitarien eta irakasle emerituen kasuan gertatzen den moduan, araubide horri larregiko zurruntasuna dario, eta atzeratu egingo lituzke onartutako ospea eta merezimendu nabariak dituzten zenbait pertsona unibertsitatean sartzeko orduan; eta hala litzateke atzerrian diharduten irakasleen eta ikertzaileen kasuan, biluzik dauden jakintza-arloak indartzeko, interes estrategikoko ikerketa-proiektuak bultzatu eta koordinatzeko, sortzen ari diren ikerketa-taldeak sendotzeko, zein sendotutako ikerketa-taldeak indartzeko, pertsona horiek unibertsitatean sartzea komenigarri jo izan arren. Eskarmentua ikusita, arrazoizko jo da pertsona horien hautaketa lehiaketa-sistematik kanpo uztea; hala ere, horiek ere ebaluatu beharko dituzte kalitate-agentziek. Nolanahi ere, salbuespeneko prozedura da, eta kontratatutako irakasle guztien ehuneko 15era mugatzen da.

 

      3.-    Irakasle-kategoria bakoitzari dagokionez, beren eginkizunen oinarrizko ezaugarriak zehazten ditu legeak, eta bereizi egiten ditu irakaskuntzako eginkizunak baino ez dituzten kategoriak, irakaskuntza eta ikerketako eginkizunak dituztenak, eta gehienbat ikerketakoak dituztenak edo ikerketakoak baino ez dituztenak.

 

      4.-    Azkenik, unibertsitatearen eremuan irakasle batzuk administrazio-zuzenbideko araubidearen menpe daudenez, eta beste batzuk lan-zuzenbideko araubidearen menpe, harmonizatzeko zail diren kudeaketa-arazoak sor daitezke. Horregatik, bada, oinarrizko legedian aurreikusitakoaren eremuan, lan-kontratuko langileei irakasleen kidegoetakoen araubide juridikoa luzatzen die legeak, urteko ordu-kopuruari dagokionez, eta lizentzia, baimen eta oporrei dagokienez.

 

V

 

      Lege honek Gizarte Kontseilua ere arautu du, Euskal Herriko Unibertsitatearen gobernuan gizarteak parte hartzeko organo bezala. Gizarte Kontseiluari emandako araudi berrian, eskarmentuak erakutsitako eskakizunei eta ardurei erantzun zaie, eta gai horren gainean beste autonomia-erkidego batzuk araututakoa aurrean jarri eta hartu da kontuan. Sartu diren aldaketak gehienbat eginkizunei eta osaerari dagozkie.

 

      Osaeraz den bezainbatean, praktikak eta zuzenbide erkatuak irizpide objektiboak sartzeko aholkua eman dute, eta, sartu ere, Gizarte Kontseiluko kideek bete beharreko ezaugarri moduan sartzeko, hartara, izendatu dituzten instituzioen zein erakundeen ordezkari-izaera baino gehiago, hainbat eremutan onartutako beren profesionaltasuna egiaztatzeko, eta, oro har, gizartearen interesak ordezkatuak izateko. Eskakizun horiek osatzeko, bateraezintasunen araubidea sartu da, iritzi-independentzia bermatzeko.

 

      Aurreikusita utzi da, halaber, Gizarte Kontseiluak eztabaidarako topaguneak sor ditzakeela, osaeran beren esperientzia eta jakintza ekar dezaketen beste pertsona batzuei zabalduta. Interes guztiak ordezkatzen dituzten gizarte-erakundeetatik sortutako informazioa eta irizpideak jaso nahi dira, ekarpena handiagoa izanik, Gizarte Kontseiluak gizartearen eta unibertsitatearen artean duen bitartekotza-lana indartzeko.

 

      Era berean, berriz egituratu dira Gizarte Kontseiluaren eginkizunak, eta garrantzi gehiago eman zaie unibertsitate-politikaren helburuak zehazterakoan gizartearen partaidetzak dituen eginkizun orokorrei, baina, jakina, ez zaie indarrik kendu legeak unibertsitateko beste organo batzuei egotzitakoei.

 

      Egiturari dagokionez, garrantzizko azken gaia da Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia sortzea eta bere eginkizunak zehaztea. Agentziari berezko nortasun juridikoa ematerakoan, berezko araubide bat aukeratu da, berari agindutako eginkizun-motetarako egokiena dela uste izan delako.

 

      Eta hori guztia, Europar Batasunaren baitako elkarganatzea iristeko Eusko Jaurlaritzaren xede orokorra iristea herri honetako Herri Administrazioaren konpromisoa dela jakinik, hori abiapuntu delarik.

 

VI

 

      Legeak euskal unibertsitate-sistema osoaren kalitatea hobetzen lagunduko duten eskubide eta eskakizunak ezartzen ditu publikoak ez diren unibertsitateentzat.

 

ATARIKO TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

1. Artikulua - Xedea

 

      Kontuan harturik Euskal Herriak hezkuntza-sistema nazionala izateko eskubidea duela, euskal unibertsitate-sistema, euskal hezkuntza-sistemaren atal gisa hartuta, goi-mailako irakaskuntzaren Europako sistemaren eremuan arautzea da lege honen xedea, Euskal Autonomia Estatutuko 16. artikuluan onartutako eskumena garatze bidean.

 

2. Artikulua - Euskal unibertsitate-sistema

 

      Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egoitza duten unibertsitate guztien artean osatzen dute unibertsitate-sistema, eta Eusko Legebiltzarrak etorkizunean sortu zein onar ditzanak ere sistema horretan batera bilduko dira. Era berean, sistemaren barruan harremanak eta lankidetza sustatuko dira euskararen erabilera bultzatzeko etorkizuneko proiektua edo euskararen kultura partekatzen duten beste lurralde batzuetan kokaturiko beste unibertsitate-erakunde batzuekin; sustatze-lan hori irakaskuntza, ikerketa eta ekimen kulturalak koordinatuz egingo da, eta aipatutako unibertsitate-erakundeetako ikasle zein irakasleen arteko mugikortasunaren bidez, euskararen erabilera bultzatzeko, eta hori guztia Europako nazioen eremuan. Lehentasunezko harremanak ezarriko dira Euskal Herrian kokaturiko gainerako unibertsitateekin.

 

I. TITULUA

EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMA

LEHENENGO KAPITULUA

UNIBERTSITATE-SISTEMAREN PRINTZIPIOAK, HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK

 

3. Artikulua - Gizartearen zerbitzura

 

      1.-    Euskal unibertsitate-sistemari dagokio, euskal hezkuntza-sistemaren ikuskera integral baten barruan, goi-mailako unibertsitateko hezkuntza ematea, zerbitzu publikoaren moduan, irakaskuntzaren, ikasketen, etenik gabeko prestakuntzaren eta ikerketaren bidez, eta jakintzak eta teknologia gizartearen eskueran jarriz.

 

      2.-    Euskal unibertsitate-sistemak eta bera osatzen duten guztiek, diren titulartasun publikoko edo ez publikoko unibertsitateak, euskal gizarteari ekonomiaren, zientziaren eta kulturaren garapenean lagunduko diote, bai eta kohesioa eta herritarren ongizatea lortzen ere, bidezkoago eta solidarioagoa izango den gizartearen bidean.

 

      3.-    Era berean, unibertsitateek giza eskubideen errespetuaren gaineko hezkuntza eta demokraziaren eta justizia sozialaren baloreen gainekoa sustatu behar dute. Ohiko irakaskuntzaren osagarri diren ekimenak indartu beharko dituzte, eta horiei laguntza eman, giza duintasunari eta herri eta kultura guztien arteko elkartasunari dagozkien balioak transmititzen dituzten heinean. Gainera, orokorrean euskal kultur ondarearen gaineko defentsa, azterlana eta sustapena bultzatuko dituzte, eta bereziki euskararena.

 

      4.-    Unibertsitateak, gizartearen zein pertsonaren pentsamendu librea, sormen librea eta garapen librea bultzatzeko gunea izanik, bermatu egin behar ditu oinarrizko eskubide eta askatasunak, eta ikasleen, irakasleen eta langileen gaineko kontrol soziala ezetsi egin behar du, bakean eta askatasunean oinarritutako elkarbizitza lortzeko asmoz.

 

4. Artikulua - Autonomia

 

      1.-    Unibertsitatearen autonomiaren oinarria askatasun akademikoa da, eta ikasketa, ikerketa eta katedrako askatasunak dira askatasun horren adierazgarri.

 

      Herri-aginteek eta, era berean, unibertsitateetako gobernu-organoek errespetatu eta sustatu egin behar dituzte esandako askatasun horiek; eta, beharrezkoa bada, askatasun horietaz baliatzeko eragozpen diren oztopoak kendu behar dituzte.

 

      2.-    Unibertsitateak, halaber, bere helburuak, bere interesak eta bere zerbitzuak kudeatzeko autonomia du, ordenamendu juridikoan ezarritako eremuaren barruan.

 

      3.-    Unibertsitate-autonomiak eskatzen eta ahalbidetzen du irakasleek, ikertzaileek eta ikasleek beren erantzukizunak betetzea, gizarteak hezkuntza, zientzia eta lanbide arloan dituen beharrak aseta izan ditzan, bai eta unibertsitateek gizarteari kontuak ematea ere beren bitarteko eta baliabideez.

 

5. Artikulua - Jarduera demokratikoa

 

      1.-    Unibertsitatearen antolaketa eta jarduera demokrazian oinarrituko dira, bere antolaketaren baitan diren arauen arabera.

 

      2.-    Unibertsitatearen antolaketak eta jarduerak unibertsitatearen barruan oinarrizko eskubideez eta askatasun publikoez baliatzeko bermea eskatzen dute; eta berekin dakarte, era berean, unibertsitate-erkidegoak unibertsitatearen kudeaketan eta kudeaketa horren kontrolean parte hartzeko eskubidea, indarrean dagoen araudi juridikoan ezarritako moduan.

 

6. Artikulua - Euskal unibertsitate-sistemaren helburuak

 

      1.-    Hauek dira euskal unibertsitate-sistemaren oinarrizko helburuak:

 

a)   Zientziak, humanitateak, teknikak, arteak eta kultura sortu, garatu, transmititu, zabaldu eta kritikatzea.

b)   Ikasleen prestakuntza intelektuala, zientifikoa, humanistikoa eta teknikoa eta beren lanbide-trebakuntza; eta pertsonen bizitza osoan etenik gabeko prestakuntzan laguntzea.

c)   Gizartearen kohesioan laguntzea, euskal ondare intelektuala, humanistikoa, artistikoa, kulturala, teknikoa eta zientzietakoa indartuz eta haziz.

d)   Pentsamendu eta adierazpen askatasun demokratikoen eta inoren ideologiarik kontuan hartzen ez duen berdintasun politikoaren errespetuan oinarritutako heziketa.

e)   Jakintza-arlo guztietan euskara sartuz joatea, euskararen erabileraren normalizazioari laguntzeko.

f)         Euskal unibertsitate-sistemaren eta lanaren, produkzioaren eta/edo enpresaren arteko lotura ezartzea.

g)   Gizarte eta kulturako desberdintasunak gutxitzen eta gizonezkoen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzen laguntzea, borondatea eta gaitasuna duten pertsona guztiei unibertsitate-heziketara iristeko bidea erraztuz.

h)   Nazioarteko trukaketa eta lankidetza laguntzea.

 

      2.-    Bai unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak, eta bai unibertsitateek berek ere, beren autonomiaz baliatuz, aipatutako helburuak lortzeko egoki deritzeten kontratuak eta hitzarmenak egin ahal izango dituzte, hala beren artean nola beste unibertsitate nahiz erakunde publiko eta pribatu batzuekin, diren Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak.

 

7. Artikulua - Printzipio gidariak

 

      Hauek dira euskal unibertsitate-sistemaren antolaketak oinarri dituen printzipioak:

 

a)   Unibertsitatearen autonomiaren erabateko onarpena, eta autonomia horrek oinarri dituen eskubideen eta askatasunen berme osoa.

b)   Jakintzaren unibertsaltasuna, eta metodo zientifikoa edozein eragozpen politiko zein ideologikotik askatuta aplikatzea.

c)   Irakaskuntza eta ikerketa unibertsitatearen jardueraren berezko eta funtsezko osagaitzat hartzea.

d)   Irakaskuntzan eta ikerketan kalitatea eta bikaintasuna bultzatzea, eta jarduera horiek euskal gizartearen eta bertan bizi diren pertsonen gizarteko, kulturako eta ekonomiako interesetara egokitzea.

e)   Unibertsitate-heziketa eta euskal unibertsitate-sistema hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrera biltzea.

f)    Unibertsitateko irakaskuntza euskaraz jasotzeko eskubidea benetan beteko dela bermatzeko eta zaintzeko herri-aginteek duten erantzukizuna; horretarako, beharrezko deritzeten arau bidezko garapenak eta ekintza positiboko neurriak sustatu beharko dituzte, unibertsitate-politika orokorraren barruan.

g)   Gizarteak goi-mailako heziketari buruz dituen eskaera eta beharrizanei erantzutea, ikasleek, gizarte-eragileek eta lan-merkatuak adierazitakoei, alegia.

h)   Ikasketa-eskaintza eta ikasketa-plan malguak, ikasleek aukera zabalak izan ditzaten, baliabide publikoak eraginkor erabiliko direla bermatuz.

i)    Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateekiko elkarlan eta koordinazio hitzarmenak bultzatzea eta garatzea, unibertsitate horiek horrela nahi izanez gero, batez ere ikasleen zirkulazio libreari dagokionez, unibertsitate horietako ikasleak euskal unibertsitate-sisteman onartzeko bide normalizatuak ezarriz.

j)    Ikasketa-ibilbide malguak indartzea.

k)   Herritarrek bizitza osoan zehar ikasten jarraitu ahal izateko aukera garatzen parte hartzea.

l)    Gizarte eta kulturako desberdintasunak gutxitzen eta gizonezkoen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzen laguntzea, borondatea eta gaitasuna duten pertsona guztiei araututako unibertsitate-heziketara eta etenik gabeko lanbide-heziketara iristeko bideak erraztuz.

m)  Androzentrikoa ez den jakintza ekoizten laguntzea, unibertsitateek egoki iritzitako ekintza positiboko neurriak babestuz, emakumeei unibertsitatean sartzeko bidea errazteko eta emakumeak jakintza-arlo guztietan aritzea bultzatzeko.

n)   Goi-mailako irakaskuntzako Europako esparrua eratzen parte hartzea eta bertara biltzea, eta euskal unibertsitate-sistema Europan eta munduan sustatzea.

ñ)   Lege honen ezarpen-eremuan, unibertsitateko irakaskuntzaren garapen orekatua.

o)   Unibertsitatea aurrerapenaren eta gizarte-ongizatearen gizarte-eragiletzat hartzea.

p)   Irakaskuntzaren, ikerketaren eta unibertsitateko zerbitzuen kudeaketaren kalitatea ebaluatzeko, nazioartean erabilitakoen pareko sistemak eta metodoak aplikatzea.

q)   Gutxi garatutako eta garatze bidean diren herrialdeekin elkartasun-lankidetza izatea.

 

8. Artikulua - Irakaskuntza jaso eta aukera-berdintasuna izateko eskubidea

 

      1.-    Duten nazionalitatea dutela, pertsona guztiek dute unibertsitatean ikasteko eskubidea, legearen arabera ezarritako baldintzak betetzen badituzte, eta unibertsitateek beren eskumenen eremuan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

 

      Unibertsitatean, unibertsitateak emandako irakaskuntza edo tituluetara iristeko bidea honen arabera ezarriko da: goi-mailako irakaskuntzaren programazio orokorraren, gizarteak eskatutako prestakuntzaren eta unibertsitateak instalazio eta irakasletan duen gaitasunaren arabera.

 

      2.-    Ekonomiako arrazoiengatik, askatasunik ezagatik, osasun edo elbarritasun arazoengatik edo beste era bateko arrazoiengatik euskal unibertsitate-sistematik inor ere ez dadin baztertuta gera, Jaurlaritzak arau bidezko garapenari ekingo dio eta aukera-berdintasuneko politikak bultzatuko ditu ikasleei bekak, laguntzak eta maileguak eskainiz, eta gizarteko, ekonomiako eta geografiako oztopoak ezabatzeko politikak garatuz.

 

      3.-    Politika hauek lagundu nahi diren unibertsitate-eskaintzen izaera publiko edo pribatuaren araberako arauen bidez garatuko dira, eta bakoitzari dagozkion baldintzen eta betebeharren araberako arauen bidez.

 

BIGARREN KAPITULUA

UNIBERTSITATEEN ARAUBIDE JURIDIKOA

 

9. Artikulua - Xedapen orokorra

 

      1.-    Unibertsitateen autonomia legeen eremuan eta legeok garatzeko arauen eremuan, zein unibertsitateen antolaketaren eta jarduteko moduaren gaineko estatutu eta arauen eremuan gauzatuko da.

 

      2.-    Aginduta dituen eginkizunen eremuan, unibertsitateari dagokio legeetan eta horiek garatzeko erregelamenduetan arautu gabeko eta beste organo zein instituzio batzuei egotzi gabeko gaiak arautzea eta horien garapeneko arauak egitea.

 

10. Artikulua - Estatutuak eta antolaketaren eta jarduteko moduaren gaineko arauak

 

      1.-    Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutu eta gainerako arauak eta publikoak ez diren unibertsitateen antolaketa eta jarduteko moduaren gaineko arauak egin, onartu eta argitaratzea ordenamendu juridikoan aurreikusitakoarekin bat etorriz egingo da, eta orobat horien guztien aldaketak.

 

      2.-    Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

 

      3.-    Euskal unibertsitate-sisteman dauden unibertsitate ez publikoen antolaketa eta jarduera arauak, bai eta horien aldaketak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Gobernu-organoek emandako ebazpen orokorrak unibertsitate-erkidegoko kideek horien berri jakiteko moduan egongo dira.

 

HIRUGARREN KAPITULUA

UNIBERTSITATEAN ERABILTZEKO HIZKUNTZAK

 

11. Artikulua - Hizkuntzen erabilera

 

      1.-    Euskara, Euskal Herriko berezko hizkuntza denez, eta gaztelania hizkuntza ofizialak dira euskal unibertsitate-sisteman.

 

      2.-    Herri-aginteei dagokie hizkuntza-normalizazioa bermatzea, euskararen aldeko ekintza positiboko hizkuntza-politikaren oinarriak ezarrita.

 

      3.-    Unibertsitateek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte, araudian eta berariazko planetan gai honi buruz ezarritakoarekin bat etorriz, bere osotasunean bermatuz euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea.

 

      4.-    Irakasle eta ikertzaileei dagokienez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen (uztailaren 6ko 6/89 Legearen) 2. artikuluaren aplikazioari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzako eskumena duen sailak proposaturikoaren arabera, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren berezitasunei egokitzeko arau espezifikoak onartuko ditu. Eusko Jaurlaritzak eta unibertsitateak, indarrean dagoen araudia kontuan hartuta, hautaketa, sarbide eta ebaluaketa prozesuak arau horiei egokiturik egotea bermatu behar dute.

 

      5.-    Euskal Herriko Unibertsitateko administrazioko eta zerbitzuetako langile guztiei, bestalde, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean herri-administrazioen zerbitzura diharduten langileentzat aurreikusitakoa aplikatuko zaie.

 

      6.-    Unibertsitateen gaian eskumena duen sailak eta unibertsitateek eurek zientziarako erabiltzen diren beste hizkuntza batzuk jakitea sustatuko dute, eta unibertsitatearen jarduera akademikoetan sartuko dute hizkuntza horien erabilera

 

II. TITULUA

UNIBERTSITATE ERKIDEGOA

LEHENENGO KAPITULUA

UNIBERTSITATE-ERKIDEGOAREN DEFINIZIOA

 

12 Artikulua - Unibertsitate-erkidegoa

 

      Unibertsitate-erkidegoa honako hauek osatzen dute: euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateetan ematen diren ikasketetan matrikulatutako ikasleek; prestaldian diren ikertzaileek; irakasleek eta ikertzaileek, eta euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateei atxikitako administrazioko eta zerbitzuetako langileek.

 

BIGARREN KAPITULUA

UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IKERTZAILEAK

LEHENENGO ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

 

13. Artikulua - Osaera

 

      1.-    Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-taldea osatzen dute unibertsitateko irakasleen kidegoetako irakasleek eta lan-zuzenbideko araubidearen arabera kontratatutako irakasleek eta ikertzaileek.

 

      2.-    Euskal Herriko Unibertsitateko estatutuetan bermatu egin behar da kontratatutako langileak unibertsitateko irakasleen kidegoetako langileen antzeko baldintzetan egongo direla gobernu-organoetan.

 

14. Artikulua - Irakasle eta ikertzaile kontratatuen kategoriak

 

      1.-    Hauek dira irakasle eta ikertzaile kontratatuen kategoriak:

 

a)   Irakasle osoa.

b)   Irakasle agregatua.

c)   Irakasle atxikia.

d)   Irakasle laguntzailea.

e)   Irakasle elkartua.

f)         Irakasle bisitaria.

g)   Irakasle emeritua.

h)   Laguntzailea.

 

      2.-    Halaber, lan eta zerbitzu jakinetarako irakasle eta ikertzaileak nahiz teknikari edo bestelako langileak ere kontratatu ahal izango dira, zientzia eta teknika ikerketako proiektu jakinak egiteko.

 

15. Artikulua - Irakasle eta ikertzaile kontratatuen ehunekoa

 

      1.-    Oinarrizko legedian ezarritakoaren ondorioetarako, hauek izango dira unibertsitateko funtzionarioen kidegoetako langileen arteko eta irakasle eta ikertzaile kontratatuen arteko ehunekoa zehazteko irizpideak:

 

a)   Unibertsitate osoa kontuan hartuta kalkulatuko da. Horretarako, unibertsitateko plantilla osoa hartuko da, onartutako lanpostuen zerrenden arabera, lanpostu hutsak barne direla, erregelamenduz ezarritako salbuespenak salbuespen.

b)   Zenbaketa egiteko, denbora osoa izango da neurria, eta denbora-zati batez diharduten irakasleen eragina haztatu egingo da.

c)   Ez dira kontratatutako irakasle moduan zenbatuko titulu ofizialak lortzeko bideratutako irakaskuntza ofizialak irakasten ez dituztenak. Ez dira zenbatuko ehuneko horretan Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoko 12. xedapen gehigarrian aipatzen diren unibertsitateari atxikitako ikerketa-institutuetako langileak ere, ez ikertzaile lotetsiak, ez irakasle elkartuak.

 

      2.-    Unibertsitateko gobernu-kontseiluak, oinarrizko legedian finkatutako ehunekotik urrundu gabe, unibertsitateko premia orokorrak kontuan hartuta zenbait zentro edo sailetarako kontratuetarako baldintzak eta mugak jarri ahal izango ditu, eta, zehazki, titulazio berrietako irakasle-premiei aurre egiteko.

 

BIGARREN ATALA

IRAKASLE ETA IKERTZAILE KONTRATATUEN HAUTAKETA

 

16. Artikulua - Lehiaketa publikoa

 

      1.-    Unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen kontratazioa lehiaketa publikoz egingo da, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak errespetatuz. Lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritako eskakizunak eta deialdi bakoitzean ezarritako eskakizun zehatzak betetzen dituzten pertsona guztiek har dezakete parte, edozein nazionalitate dutela ere.

 

      2.-    Ondorengo kasu hauetan ez da lehiaketa-araubidea aplikatuko, eta zuzeneko kontratazioa egingo da irakasle bisitarien eta irakasle emerituen kasuan. Nolanahi ere, irakasle horien kopuru osoa kontratatutako irakasleen ehuneko bostekoa izango da gehienez ere.

 

17. Artikulua - Deialdia

 

      1.-    Kontratatutako irakasleen eta ikertzaileen lanpostuak betetzeko lehiaketa publikoetarako deialdia unibertsitateko errektoreak onartu behar du, lehiaketako oinarriak jaso behar dira bertan, eta dagokion zabalkundea eman beharko zaio. Zerrenda zehaztugabe baten bidez betetzekoak diren lanpostuetarako deialdia denean, errektoreak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin aginduko du.

 

      2.-    Ezin izango da inolako lanpostutarako deialdirik egin, lanpostuen zerrendan lanpostu hutsik ez badago eta aurrekontuko diru-izendapenik ez badago. Horretarako, deialdia egin aurretik, errektoreak txostena eskatuko dio kudeatzaileari eta loteslea izango da alderdi horietan.

 

18. Artikulua - Hautaketa-batzordeak

 

      1.-    Kontratatutako irakasleen eta ikertzaileen hautaketa lanpostuaren jakintza-arloko edo, bestela, horren gertuko jakintza-arlo bateko irakaslez osatutako batzordeek egingo dute, Jaurlaritzak erregelamenduz zehaztutako moduan, unibertsitateen gainean eskumenak dituen sailak proposatuta.

 

      2.-    Hautaketa-batzordeetako kideen izendapena zozketaz egingo da iraunkorrak diren lanpostu edo plaza guztietarako. Zozketa publikoa izango da, eta gutxienez batzordekide-kopurua halako hiru dituen zerrenda bat erabiliz egingo da, dagokion jakintza-arloan dauden aukeren arabera.

 

      3.-    Irakasle osoen zein irakasle agregatuen kategorietara iristeko hautaketa-batzordeak unibertsitateko katedradunek eta irakasle kontratatu doktoreek osatuko dituzte, goi-mailako irakaskuntzako Europako esparruko unibertsitate publikoetako kide direnek nolanahi ere. Horietako bat, gehienez, Euskal Herriko Unibertsitateko plantillako kide izan daiteke, non eta lanpostuak nahitaez euskaraz jakin beharrekoak ez diren, zeren eta orduan sistema malgutu egin ahal izango baita erregelamendu bidez, hautaprobak euskaraz egin ahal izan daitezen. Era berean, irakasle agregatuak hautatzeko hautaketa-batzordeetan irakasle titularrek edo irakasle agregatuek parte hartzea ezar dezake Gobernuak. Bestalde, ordezkaritza sindikalak izendaturiko langileen ordezkariak ere parte hartuko du hautaketa-batzordeetan, betiere indarrean dagoen legeriarekin bat.

 

      4.-    Gainerako irakasle eta ikertzaileak, bai eta laguntzaileak ere, katedradun, irakasle titular, irakasle oso eta irakasle agregatuek osatutako batzordeek hautatuko dituzte, betiere jardunean badaude eta Euskal Herriko Unibertsitateko plantillako kide badira; hala ere, irakasle laguntzaile iraunkorrak hautatu behar direnean, hautaketa-batzordeetan unibertsitatetik kanpoko irakasleek parte hartzea ezarri ahal izango da erregelamendu bidez.

 

      5.-    Hautaketa-batzordeek izangai guztien merezimenduak eta jarritako proben emaitzak baloratu beharko dituzte, eta lehenesteen eta bakoitzari zenbakitan emandako balorazioaren gaineko arrazoiak azaldu egin beharko dituzte. Aginduzkoa da merezimenduen artean Euskadiko hizkuntza ofizialak jakitea balora dadin, eta lanpostuen zerrendan elebidun izendatutako lanpostu guztietan aginduzkoa izango da euskara jakitea.

 

      6.-    Hautaketa-batzordeen erabakiak lotesleak dira izendapena egiteko eskumenak dituen organoarentzat, hurrengo paragrafoan aurreikusitakoaren aurka jarri gabe.

 

      7.-    Unibertsitateko estatutuetan erreklamazioetarako araubide bat aurreikusi behar da, hautaketa-batzordeen erabakiei aurre egin ahal izateko; erreklamazioak jasoko dituen organoak bere independentzia eta inpartzialtasuna bermatu behar ditu, eta deuseztatu egin ahal izango ditu errekurtsoz aurkatutako erabakiak.

 

HIRUGARREN ATALA

IRAKASLE KONTRATATUEN KATEGORIAK ETA HORIETARA IRISTEKO ESKAKIZUNAK

 

19. Artikulua - Irakasle osoa

 

      1.-    Irakasle osoen lanpostuetara iritsi nahi duten hautagaiek eskakizun hauek bete eta egiaztatu behar dituzte:

 

a)   Doktore-titulua beharrezkoa duten unibertsitateko irakasle-kidegoetakoren batekoa izatea, edo lege honen arabera irakasle agregatua izatea, eta gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzea unibertsitateko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan.

b)   Irakaskuntza eta ikerketa jarduera horien gaineko ebaluazio positiboa edukitzea, hain zuzen ere Gobernuak erregelamendu bidez ezarritakoa, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren txostenaz edo Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak onartutako antzeko erakunde batenaz egiaztatuta.

 

      2.-    Hautaketa-prozesuak hiru aldi izango ditu. Lehenengo aldian, hautaketa-batzordeari aurkeztuko zaizkio hautagaiak irakasle zein ikertzaile moduan eta bere lanbidean dituen merezimenduak eta historiala, eta batzordearekin horien gainean eztabaida egingo da. Bigarren aldian, batzordeari aurkeztu eta berarekin eztabaidatuko dira proposatutako irakaskuntza-programa eta ikerketa-proiektua edo proiektuak. Hirugarren aldian, bestalde, lanpostuari dagokion jakintza-arloko jatorrizko ikerketa-lan bat aurkeztu eta eztabaidatuko da.

 

      3.-    Mota honetako irakasleen kontratuek epe-mugarik gabeko iraupena izango dute.

 

 

20. Artikulua - Irakasle agregatua

 

      1.-    Irakasle agregatu izatera iritsi nahi duten hautagaiek eskakizun hauek bete behar dituzte:

 

a)   Doktore-titulua izatea.

b)   Gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzea unibertsitateko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan.

c)   Irakaskuntza eta ikerketa jarduera horien gaineko ebaluazio positiboa edukitzea, hain zuzen ere Gobernuak erregelamendu bidez ezarritakoa Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren txostenaz edo Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak onartutako antzeko erakunde batenaz egiaztatuta.

 

      2.-    Irakasle agregatu izatera iristeko probak hiru aldi izango ditu. Lehenengo aldian, batzordeari aurkeztuko zaizkio, eta berarekin eztabaidatuko, hautagaiaren merezimenduak eta ikasle, irakasle eta ikertzaile moduan duen historiala, baita irakaskuntzarako eta ikerketarako bere proiektua ere, dena delako jakintza-arloko gaietako edo espezialitateetako baten programa barnean dela. Bigarren aldian, batzordearen aurrean azaldu beharko da, eta harekin eztabaidatu, hautagaiak aurkeztutako programatik zozketaz ateratako hiru gaietatik bat, berak aukeratutakoa. Hirugarren aldian, batzordeari aurkeztutako jatorrizko ikerketa-lan bat eztabaidatuko da berarekin.

 

      3.-    Mota honetako irakasleen kontratuek epe-mugarik gabeko iraupena izango dute.

 

21. Artikulua - Irakasle atxikia

 

      1.-    Irakasle atxikiek irakaskuntza eta ikerketako eginkizunak betetzen dituzte. Karrera akademikoa hasten dutenentzat gordeko du unibertsitateak kontratazio-mota hau.

 

      2.-    Kategoria honetara iristeko, hauek behar dira:

 

a)   Doktore-titulua izatea.

b)   Euskal Herriko Unibertsitatearekin gutxienez bi urtez loturarik ez dutela izan egiaztatzea, ez kontratu bidez, ez estatutu bidez ezta beka bidez ere, eta aldi horretan unibertsitate horri lotuta ez dauden zentroetan egin dituztela irakaskuntza-lanak zein ikerketa-lanak edo doktore-titulua beste unibertsitate batek eman diela.

c)   Lanpostua atxikita duen sailak emandako aldeko txostena, hautagaiaren irakaskuntzarako eta ikerketarako gaitasunaren gainean.

d)   Irakaskuntza eta ikerketa jarduera horien gaineko ebaluazio positiboa edukitzea, Gobernuak erregelamendu bidez ezarritakoa, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren txostenaz edo Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak onartutako antzeko erakunde batenaz egiaztatuta.

e)   Irakaskuntza eta ikerketa arloetako merezimenduak hautaketa-batzordeari azaldu eta berarekin eztabaidatzea, eta berdin kontratua indarrean den aldian egingo dituen irakaskuntza-programa eta ikerketa-proiektua edo proiektuak ere.

 

      3.-    Unibertsitateak gehienez ere lau urterako kontratatuko ditu irakasle atxikiak, eta urte horiek ez dute zertan bata bestearen segidakoak izan. Kontratuak dirauen artean aita edo ama izatea gertatzen bada, erditu ondoko hamabi hilabeteak ez dira kontuan hartuko agindu honetan aipatutako muga-epe hori zenbatzeko.

 

22. Artikulua - Irakasle laguntzailea

 

      1.-    Unibertsitateak irakasle laguntzaileak kontratatu ahal izango ditu irakaskuntza-lanak betetzeko, lizentziatu, arkitekto eta ingeniari nahiz unibertsitate-diplomadun, arkitekto tekniko edo ingeniari teknikoen artean, hala epe-mugarik gabe nola aldi baterako.

 

      2.-    Nolanahi ere, kategoria horretara iristeko, beharrezkoa izango da Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren edo antzeko erakunde baten aldeko txostena, erregelamendu bidez ezarritako eran egina.

 

      3.-    Epe-mugarik gabe kontratatu beharreko irakasle laguntzailearen hautaketa-proban, hautaketa-batzordeari aurkeztu eta berarekin eztabaidatuko da izangaiaren irakaskuntza-programa, eta, zehazki, zozketaz bere programatik ateratako hiru ataletatik berak aukeratutako atal bati buruzko azalpena eta eztabaida egingo da.

 

23. Artikulua - Irakasle elkartua

 

      1.-    Irakasle elkartuak zati bateko lanaldirako kontratatzen dira, irakaskuntza zehatzetan irakaskuntza-zereginak betetzeko ez beste ezertarako, beren lanbide-jarduera unibertsitatetik kanpo betetzen dutela egiaztatzen duten gaitasun ezagutuko espezialisten artean hautatuta.

 

      2.-    Kategoria honetara iritsi ahal izateko, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren aldeko txostena edo Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak onartutako antzeko erakunde batena behar da, gaitasun ezagutuko espezialista dela esanez.

 

      3.-    Kontratu horien gehieneko iraupena hiru urtekoa izango da, nahiz eta kontratua amaitu ondoren, lanposturako deialdia egiten denean, hautagaiak beste kontratu bat lortu ahal izango duen irakasle elkartu moduan lanpostu horretan bertan zein besteren batean. Ez dago mugarik bata bestearen atzean kontratuak egiteko.

 

24. Artikulua - Irakasle emeritua eta irakasle bisitaria

 

      1.-    Unibertsitateak, bere estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz, irakasle emerituak kontratatu ahal izango ditu Euskal Herriko Unibertsitatean edo beste batean zerbitzu nabarmen aipagarriak egin dituzten irakasle erretiratuen artean, diren funtzionario edo kontratatuak, betiere hirurogeita hamabost urte baino gutxiago badute.

 

      2.-    Era berean, unibertsitateak irakasle bisitariak kontratatu ahal izango ditu aldi baterako, ospe zientifiko zein tekniko ezagutua duten irakasleen eta ikertzaileen artean, beste unibertsitate edo ikerketa-zentro publiko zein pribatu batzuetatik badatoz.

 

      3.-    Kontratuon iraupena hiru urtekoa izango da gehienez ere, nahiz eta kontratua amaitzean beste kontratu bat izenpetu ahal izango den. Irakasle emerituen kontratuak irakasleek hirurogeita hamabost urte betetzen dituztenean amaituko dira nolanahi ere, eta baldintza honen berariazko aipamena jaso behar da kontratuotan.

 

 

 

 

25. Artikulua - Bestelako irakasleak

 

      Lanpostuen zerrendetako lanposturen bat hutsik gelditzen bada, bai heriotzaren bat gertatu delako edo beste arrazoiren bat egon delako, bai lizentzia izateagatik zein legean aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik norbait kanpoan delako, eta lanpostu hori atxikita dagoen jakintza-arloko irakasleek irakaskuntzako premiei erantzun ezin badiete, unibertsitateak ordezkoak kontratatu ahal izango ditu, behar den beste denborarako, aplikatzekoa den lan-kontratuarekin bat etorriz, betiere plantillen taxuketa orok eskatzen duen arrazionaltasuna, eraginkortasuna eta eragimena kontuan hartuta.

 

LAUGARREN ATALA

KONTRATATU GABEKO IKERTZAILEAK

 

26. Artikulua - Kontratatu gabeko ikertzaileak

 

      1.-    Ikertzaile hasiberriak, hain zuzen, euskal unibertsitate-sistemako doktoretzako bekadunak izango dira; hala ere, hori ez dute oztopo izango laguntzaile gisa kontratatu ahal izateko. Unibertsitateek bere barne-araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izango dituzte, eta, hala dagokionean, ondorengo gaietan: hautaketa, bekaren iraupena, osasun eta istripu estaldura eta beren prestakuntzari inolaz ere kalterik ekarriko ez dioten ikerketa eta irakaskuntzako jarduera osagarrietan lankidetzan aritzea.

 

      2.-    Ikertzaile esperientziadunak, hain zuzen, itun, hitzarmen edo bestelako lankidetza-mota baten bitartez unibertsitatean ari diren doktore ikertzaileak izango dira. Indarrean dauden arauetan eta unibertsitate bakoitzaren estatutuetan ezarritako baldintza eta eskubideekin bat etorriz atxikiko zaizkio unibertsitateari.

 

27. Artikulua - Ikertzaileak kontratatuak

 

      1.-    14.1 artikuluan aipatutako irakasle-kategoriei ere ikertzeko eskumena aitortzen zaien arren, ikertzaile kontratatuak, doktore ikertzaileak eta ikerketako irakasleak ikerkuntzan arituko dira batez ere.

 

      2.-    Ikertzaile kontratatuak kontratatu aurretik, beharrezkoa izango da Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak aldeko ebaluazioa egitea, Euskadiko Ikerketa Kontseiluarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan horretarako leudekeen beste erakundeekin koordinatuta.

 

      3.-    Ebaluatu eta Egiaztatzeko Euskadiko Agentziak akreditatutako hautagaiak kontratatzeko, unibertsitateak araudi bat egingo du, gardentasuna ziurtatze aldera.

 

      4.-    Doktore ikertzaileek irakasle agregatuek dituzten eskubide berak izango dituzte. Ikerketako irakasleek ere irakasle osoek dituzten eskubide berak izango dituzte.

 

BOSGARREN ATALA

UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLEEN ETA IKERTZAILEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

 

28. Artikulua - Xedapen orokorra

 

      1.-    Irakasle eta ikertzaileek, diren funtzionario nahiz lan-kontratudun, hemen dituzte zehaztuta euren eskubide eta betebeharrak: lege honetan eta aplikatzekoak zaizkien gainerako arauetan -bakoitzaren enplegu-lotura, funtzionarioena zein lan-kontratupekoa, kontuan hartuta-, unibertsitateko estatutuetan eta lan-baldintzak arautzen dituen akordioan edo hitzarmen kolektiboan eta laneko kontratuan.

 

      2.-    Irakasleek eta ikertzaileek, bai funtzionarioen kasuan zein kontratatuen kasuan, unibertsitateak aginduko dizkien irakaskuntzako eta ikerketako betebeharrak izango dituzte. Berenaz besteko antzeko beste jakintza-arlo batzuetan irakaskuntza-jardueretan aritzeko izan daitezke izendatuak, horretarako arrazoiak azalduta.

 

29. Artikulua - Kontratatutako irakasle eta ikertzaileen dedikazio-araubidea

 

      Irakasle oso, irakasle agregatu edo irakasle atxikiaren moduan kontratatutako irakasle eta ikertzaileek denbora osoko araubidearen arabera beteko dituzte beren eginkizunak, ahal dela. Irakasle elkartuek, aldiz, denbora-zati bateko lanaldia izango dute. Irakasle laguntzaileen lanaldi-mota irakaskuntzako beharrizanen arabera zehaztuko da.

 

30. Artikulua - Irakasle eta ikertzaile kontratatuen araubide juridikoa

 

      1.-    Denbora osoko dedikazioko irakasle eta ikertzaile kontratatuek irakasleen kidegoetako irakasleen araubide berbera izango dute gai hauei dagokienean: urteko lan-orduak, asteko lan-orduak eta orduen banaketa, lizentzien eta baimenen araubidea eta opor-egunak.

 

      2.-    Denbora-zati bateko kontratuko irakasle eta ikertzaileek beren kontratuan aipatutako irakaskuntzako -eta, hala balegokio, ikerketako- betebeharrak izango dituzte, lege honetan eta bera garatzeko emandako erregelamenduetan ezarritakoaren barruan.

 

      3.-    Langile kontratatuei indarrean dagoen lan-araudian eta dagokien hitzarmen kolektiboan aurreikusitako diziplina-araubidea aplikatuko zaie.

 

31. Artikulua - Kontratuen edukia

 

      1.-    Lehiaketetarako deialdietako oinarrietan alderdi hauek aipatu behar dira nahitaez:

 

a)   Kontratua epe-mugarik gabekoa den edo aldi baterako den; aldi baterako kontratuen kasuan, iraupena zehaztu behar da.

b)   Dedikazio-araubidea.

c)   Arloa eta saila.

d)   Zer eginkizun izango dituen; zehaztu egin behar da eginkizun horiek soil-soilik irakaskuntzakoak diren, tutoretzako jarduerak barne hartuta, edo ikertzeko betebeharra ere haiekin batera doan.

e)   Zein hizkuntza erabiliko den edo diren irakaskuntza emateko.

f)         Lanpostuaren ezaugarriak zehaztu ditzakeen eta kontratuan sartu beharrekoa den beste edozein alderdi.

 

      2.-    Aipatutako alderdiak lan-kontratuko klausuletan sartu behar dira, lan-legerian edo legeri berezian eskatutako zehaztasunak albora utzi gabe, beti ere kontratu-motaren arabera.

 

32. Artikulua - Lizentziak eta lan-utzialdiak

 

      Irakasleei eta ikertzaileei dagozkien gainerako lizentziak baztertu gabe, irakaskuntza eta ikerketa garatzeko jardueretarako lizentziak edo lan-utzialdiak emateko beharrezko diren tresnak arautuko dira; denbora osoko dedikazioz eta doktore-titulua izanda beren jarduerak funtzionario zein kontratatu moduan betetzen dituztenei aplikatzekoak zaizkien arauekin bat etorriz arautuko dira tresna horiek.

 

      Zehazki, aparteko begiramena izango dute unibertsitate-erkidegoko kideei zuzendutako lizentziek eta lan-utzialdiek, unibertsitatearen inguruko instituzioren batekin lankidetzan aritzeko proiektuak badituzte.

 

SEIGARREN ATALA

IRAKASLEEN ETA IKERTZAILEEN ORDAINKETA-ARAUBIDEA

 

33. Artikulua - Xedapen orokorra

 

      1.-    Unibertsitateko funtzionarioen kidegoetako langileei oinarrizko legedian eta lege honetan ezarritako kontzeptuengatik ordainduko zaie.

 

      2.-    Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez zehaztuko du irakasle eta ikertzaile kontratatuen ordainketa-araubidea. Irakasleen zein ikertzaileen kategoria bakoitzaren baitan mailak ezarri ahal izango dira, baita maila batetik bestera igotzeko eskakizunak eta prozedura ere, eta ordainketetan izango dituen ondorioak.

 

      Irakasle kontratatu osoen eta agregatuen kategoriak arautzeko, katedratikoentzat eta irakasle titularrentzat ezarritako irizpideen homogeneoak erabiliko dira.

 

      3.-    Irakasle elkartuen ordainketa-araubidea kopuru proportzionalean oinarrituko da; irakasleei eskatutako dedikazioaren araberakoa izango da soldata, eta denbora osoko dedikazioari dagokion soldata hartuko da erreferentziatzat.

 

34. Artikulua - Ordainsari gehigarriak

 

      1.-    Jaurlaritzak ordainsari osagarriak ezarri ahal izango ditu irakasle eta ikertzaileentzat, diren funtzionario edo kontratatuak, irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketaren inguruan egoki iritzitako irizpideen arabera; irizpide horien artean hizkuntza-merezimenduak ere izango dira.

 

      2.-    Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak proposatuta, Eusko Jaurlaritzari dagokio ordainsari horien mugak ezartzea, eraginkortasun eta eragimen irizpideen arabera, eta Gizarte Kontseiluari, unibertsitateko gobernu-kontseiluak proposaturik, muga horiek bana-banaka esleitzea behin merezimenduak Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatzeko Agentziak baloratu eta gero.

 

      3.-    Oro har unibertsitateko irakasleen kidegoei dagozkien osagarrien antzekoak ezarri ahal izango ditu Jaurlaritzak, bai kopuruetan zein baldintzetan, lege honetako 14.1 artikuluko kategorietako irakasle kontratatu iraunkorrentzat, baita bereak dituen ikertzaileentzat ere.

 

HIRUGARREN KAPITULUA

UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEAK

 

35. Artikulua - Osaera eta araubide juridikoa

 

      1.-    Unibertsitate publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileen taldea unibertsitate publikoko berezko eskaletako funtzionarioez eta unibertsitateak kontratatutako langileez dago osatua.

 

      2.-    Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileei dagozkie hauek guztiak: agintari akademikoei sostengua, laguntza eta aholkularitza ematea; kudeaketa eta administrazioko lanak egitea, batez ere giza baliabideen, administrazio-antolaketaren, ekonomia-gaien, informatikaren, artxiboen, liburutegien, informazioaren eta zerbitzu orokorren arloetan, eta unibertsitateak bere helburuak betetzeko beharrezkotzat jotako beste edozein prozesu burutzea administrazio-kudeaketan eta euskarri-lanetan.

 

      3.-    Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioen araubide juridikoa honako hauek osatzen dute: aplikatzekoa den oinarrizko legedi organikoan horri buruz aurreikusitakoak, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak eta bera garatzen duten arauek, lege honek beronek eta unibertsitateko estatutuek eta barne-araubideko arauek, bai eta funtzionarioen eta lan-kontratudunen lan-baldintzak arautzen dituzten hitzarmen eta unibertsitateak berak hartutako erabakiek ere.

 

36. Artikulua - Ordainsariak

 

      1.-    Administrazio eta zerbitzuetako langileei unibertsitateko aurrekontuaren kontura ordainduko zaie.

 

      2.-    Unibertsitateari dagokio bertako funtzionarioen eta lan-kontratudunen zein administrazio eta zerbitzuetako langileen ordainketa-araubidea finkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoak zehaztutako ordainsarien gehieneko mugaren barruan. Eusko Jaurlaritzari dagokio, kasu guztietan, administrazio eta zerbitzuetako langile guztien ordainsarien zenbateko metatu osoa baimentzea.

 

LAUGARREN KAPITULUA

EUSKAL UNIBERTSITATE-SISTEMAKO IKASLEAK

LEHENENGO ATALA

ARAUBIDE OROKORRA

 

37. Artikulua - Unibertsitatera sartzea

 

      1.-    Unibertsitateei dagokie ikasleak onartzea.

 

      2.-    Unibertsitatera sartzeak berdintasuna, merezimendua eta gaitasuna errespetatu behar ditu printzipio moduan.

 

      3.-    Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmenak egin ditzake beste unibertsitate publiko batzuekin, bereziki Euskal Herrian kokatuta daudenekin, unibertsitatera sartzeko sistemak homologatzeko eta aipatutako probak gainditzea elkarri onartzeko, unibertsitate batean sartzeko balio izateak besteetan ere sartzeko balio dezan.

 

38. Artikulua - Bekak, kredituak eta ikasketetarako laguntzak

 

      1.-    Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio oinarrizko legedian bekei, kredituei eta ikasketetarako laguntzei buruz ezarritako sistema orokorra arau bidez garatzea, baita sistema orokorra Euskal Herriko gizarte-, ekonomia eta lurralde premietara egokitzeko berezko araubide bat ezarri eta arautzea ere, unibertsitateko ikasketak probetxuz egiteko baldintzak betetzen dituen inor arrazoi ekonomiko edo sozialak direla-eta kanpoan gera ez dadin.

 

      Deialdian zehaztuko dira, halaber, funts publikoekin emandako beken eta laguntzen informazioa, egiaztapena eta kontrola egiteko sistema, baita kasu bakoitzean bidezko izan litezkeen zigorrak ere. Emandako bekaren zein laguntzaren gaineko eskubidea eta eskabide berriak egiteko eskubidea galtzea ekar liezaiokete zigor horiek ikasleari, baita bidegabe jasotako laguntzen legezko interesak ordaindu beharra ere.

 

      2.-    Programa bereziak ezarriko dira deialdian:

 

a)   Doktorego aurreko ikerketa-prestakuntzari buruz.

b)   Gizatalde ahulenei emango zaien diru-laguntzari buruz.

c)   Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpotik datozen ikasleentzako euskarazko unibertsitate-ikasketei buruz (bakoitzaren maila sozioekonomikoaren arabera).

d)   Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten dituzten unibertsitate-ikasketei buruz (bakoitzaren maila sozio- ekonomikoaren arabera eta kasuan kasuko aginduek arautzen duten eran).

e)   Ikasleei unibertsitate-garraiorako emango zaien diru-laguntzari buruz.

 

      3.-    Unibertsitateek, bestalde, beka, kreditu eta ikasketetarako laguntzak emateko beren sistema garatu ahal izango dute.

 

      4.-    Unibertsitateek eta unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren bidez koordinatuko dituzte beken, kredituen eta ikasketetarako laguntzen gaineko beren politikak.

 

39. Artikulua - Prezio publikoen gaineko salbuespenak eta murriztapenak

 

      1.-    Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek Lege honetako 95. artikuluak aipatzen dituen prezioak ordaintzetik salbuetsiak izateko eskubidea izango dute, edo prezio horien gain murriztapenak egin dakizkien eskubidea izango dute, erregelamenduz ezarritakoaren esparruan:

 

a)   Prezio horiek ordaintzetik erabat salbuetsiko dira, ohorezko eta lehen mailako familia ugarietako kide direnean, eta ezinduren bat duten familietako kide direnean; orobat terrorismoaren biktima izan direnak eta haien senitartekoak.

b)   Ehuneko berrogeita hamarreko salbuespena egingo zaie, bigarren mailako familia ugarietakoak eta guraso bakarreko familietakoak badira.

 

      2.-    Prezio publikoak onartzeko agindu edo erabakian, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak zehaztu ez ezik, beste salbuespen batzuk ere ezarri ahal izango dira, erabatekoak edo zati batekoak, betiere arbitrariotasunezko bazterkeriarik eragiten ez badute.

 

      3.-    Eusko Jaurlaritzak egoki deritzen hitzarmenak egin ahal izango ditu publikoak ez diren unibertsitateetako ikasleei tasa akademikoentzat ehuneko jakin bateko diru-laguntzak Emate aldera. Hitzarmen horiek, irizpideei dagokienez, artikulu honetako lehenengo paragrafoak jasotako irizpideei egokituko zaizkie, eta, zenbatekoei dagokienez, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleentzako tasa-salbuespenak arautzen dituzten irizpideei.

 

BIGARREN ATALA

IKASLEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

 

40. Artikulua - Xedapen orokorra

 

      1.-    Euskal unibertsitate-sistemako ikasleek izango dituzten eskubideak eta betebeharrak oinarrizko legediko arauetan eta unibertsitateen antolaketaren eta jarduteko moduaren gaineko estatutu eta arauetan ezarritakoak dira.

 

      2.-    Inori ere ezin izango zaio bereizkeriarik egin arraza, generoa, sexu-joera, iritzia, erlijioa, hizkuntza, nazionalitatea, gutxiengoren batekoa izatea zein pertsona moduan, gizartean nahiz ekonomian beste edozein ezaugarri izatea aitzakia hartuta. Unibertsitateek berariazko programak ezarriko dituzte ezinduek unibertsitateko hezkuntzarako duten eskubidea erabat gauzatu ahal izan dezaten.

 

      3.-    Euskal Herriko Unibertsitateko estatutuek eta publikoak ez diren unibertsitateen antolaketaren eta jarduteko moduaren gaineko arauek garatuko dituzte ikasleen eskubideak eta betebeharrak, horiek bermatzeko eta eraginkor bihurtzeko xedapen, neurri eta prozedurarik egokienak ezarriz.

 

41. Artikulua - Oinarrizko eskubideak

 

      Euskal unibertsitate-sistemako ikasleek oinarrizko eskubide hauek dituzte:

 

a)   Beren ikasketak aukeratu eta egiteko eskubidea, indarrean dagoen legedian eta unibertsitatean egoteko arauetan ezarritako eran; matrikula zein irakaskuntza jasotzeko egin zuten, irakaskuntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoan ofizial diren hizkuntzetako edozeinetan jasotzeko eskubidea, horretarako xedatutako baliabideak erabiliz; orobat bere prestakuntzaren prozesuan aktiboki parte hartzeko eskubidea.

b)   Irakaskuntzak askatasunez aukeratzeko eskubidea, ikasketa-plan bakoitzaren arabera. Unibertsitateko ikastetxeek, beren ahalbideen heinean, irakaskuntza antolatzen saiatuko dira irakaslea askatasunez aukeratzeko bidea uzteko eran.

c)   Programa bakoitzean finkatutako edukien eta helburuen barruan, ikasketak askatasunez egiteko eskubidea.

d)   Bekak, laguntzak eta ikasketetarako kredituak jasotzeko eskubidea, herri-aginteek eta unibertsitateek xedatzen duten eran (zeinek bere eskumenen esparruan).

e)   Irakasleentzat unibertsitatean egoteko ezarrita dagoen ordutegiaren barruan, tutoretza-sistema eraginkor batez baliatuta laguntza jasotzeko eskubidea, eta irakaskuntzak ematen dizkietenen eta ikerketa-lanetan lehenengo urratsak egitera bultzatzen dituztenen aldetik aholkua zuzenean hartzeko eskubidea.

f)    Kalifikazio objektiboa jasotzeko eskubidea, eta jaso, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen artean aukeratzen duten hartan jasotzekoa; orobat, kalifikazioak berriro ikustea eskatzeko eskubidea eta, unibertsitateak ezarritako prozeduraren bidez, kalifikazioen aurka egiteko dagozkion bitartekoak erabiltzekoa, direlako kalifikazio horiek behin betiko bilakatu baino lehen; hori guztia, unibertsitate-planaren arabera eta unibertsitateak dituen baliabideen arabera.

g)   Ikasturtea amaitzen denean irakasle bakoitzaren gainean ebaluazioa egiten parte hartzeko eskubidea, unibertsitate bakoitzak aurreikusitako eran.

h)   Emandako irakaskuntzaren kalitateari buruzko erreklamazioak eta kexak agintari akademikoei jartzeko eskubidea.

i)    Hautazko eta aukera askeko irakasgaietan, behar adinako eskaintza bermatuta izateko eskubidea.

j)    Klasera ez joateko eskubidea.

k)   Beren interesak zainduko dituzten elkarteak sortzeko eskubidea.

l)    Elkarteak egiteko askatasuna, adierazpen-askatasuna eta batzarrean biltzeko askatasuna. Unibertsitateak erraztasunak emango ditu elkarteei buruz dituzten eskubideak bete daitezen, ahal duen neurrian eta bere estatutu eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorriz.

m)  Unibertsitateko kide anitzeko organoetan hautesle eta hautagai izateko eskubidea, oinarrizko legedian, unibertsitateen antolaketa eta jarduteko moduaren gaineko estatutu eta arauetan ezarritakoarekin bat etorriz.

n)   Beren eskubide guztiak bermatuta izateko eskubidea, prozedura egokiak erabiliz, eta, beharrezkoa bada, ikasleen arartekoari kexak eta erreklamazioak aurkeztuta.

ñ)   Lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan onartutako zein ezarritako beste guztiak.

 

42. Artikulua - Oinarrizko betebeharrak

 

      1.-    Euskal unibertsitate-sistemako ikasleek oinarrizko betebehar hauek dituzte:

 

a)   Unibertsitateko helburuak lortzeko, gainerako unibertsitate-erkidegoarekin lankidetzan aritzeko betebeharra.

b)   Ikasketa-plan bakoitzaren arabera ikasketak eta ikerketak egiteko betebeharra.

c)   Unibertsitate-erkidegoko kide guztien oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak eta gainerako eskubideak errespetatu beharra, eta besteek beren betebeharrak betetzeari errespetua izatea.

d)   Unibertsitateko zentro eta zerbitzuetan indarrean dauden arauak errespetatu eta unibertsitatearen ondarea eta beren eskura jarritako baliabideak zuzen erabili beharra.

e)   Hautatu izan direnean, ordezkari moduan dagozkien zereginak bete beharra.

f)         Diziplina akademikoko arauak eta estatutuetan ezarritako beste guztiak bete beharra.

 

      2.-    Unibertsitateek egin eta onar ditzaten diziplina-araudiek egoki bermatu behar dituzte arau-hausteen eta zigorren tipikotasun-printzipioa, arau-hausteen eta zigorren arteko heinekotasuna eta espedientea irekita duen edonori entzuteko eskubidea, egotzi zaizkion portaeren gainean alegazioak egin eta frogak aurkeztu ahal izan ditzan, kasuan kasuko erabakia hartu aurretik.

 

43. Artikulua - Informazio akademikoa jasotzeko eskubidea

 

      Sailek edo horien pareko organoek eta, kasua hau bada, unibertsitate-institutuek ondorengoak jakinaraziko dituzte, behar besteko publizitatea emanez, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan:

 

a)   Irakasgai, materia edo jakintzagai bakoitzaren programa, horietako bakoitza enborrekoa, nahitaezkoa, hautazkoa edo aukera askekoa den adierazita; bakoitzari dagozkion kredituak; bibliografia, metodoak eta helburuak.

b)   Irakasle-eskaintza, irakaskuntzak emango dituzten irakasleak zeintzuk diren eta irakaskuntza horiek zein hizkuntzatan emango diren zehaztuta; irakaslea askatasunez aukeratzea bermatzen ez denean, irakasgaiak emango dituen taldea.

c)   Irakasgai, materia edo jakintzagai bakoitza berariaz ebaluatzeko irizpideak.

 

44 Artikulua - Bekak eta kredituak jasotzeko eskubidea

 

      1.-    Indarrean dagoen legeriaren arabera, Eusko Jaurlaritzak ikasteko beketarako araubidea finkatuko du, bekadunen ehunekoari dagokionez Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeekin bat egiteko helburuarekin, eta kreditu-sistema bat zehaztuko du unibertsitateko jendearentzat, goi-mailako irakaskuntza jasotzeko eta arrazoi ekonomikoak direla kasua diskriminatuak ez izateko eskubidea egiazki bermatzeagatik.

 

      2.-    Programa honetan hirugarren zikloko ikasleentzako laguntzak izango dira kontuan bereziki, kontratatu gabeko ikertzaileen ikerlana eta bizimodua hobetzea sustatzeko.

 

III. TITULUA

IRAKASKUNTZA, IKASKETAK ETA IKERKETA

LEHENENGO KAPITULUA

IRAKASKUNTZA

 

45. Artikulua - Printzipio orokorrak

 

      1.-    Ikasleen lanbide, zientzia, teknika, arte eta kultura arloetako prestakuntza eta giza prestakuntza dira ikerketarekin batera euskal unibertsitate-sistemak gizarteari ematen dion zerbitzuaren edukiaren parte funtsezkoa.

 

      2.-    Unibertsitateko irakaskuntza irakasleen eskubidea eta betebeharra da, eta eragimenik eta zorroztasun zientifikorik handienarekin erantzun behar diote.

 

46. Artikulua - Tituluak

 

      1.-    Unibertsitateek emandako irakaskuntzak titulu hauek eskuratzeko bide dira:

 

a)   Estatuak homologatutako titulu ofizialak.

b)   Unibertsitateen berezko tituluak eta diplomak, beren estatutuetan araututako moduan.

c)   Unibertsitateen berezko tituluak, Euskal Autonomia Erkidegoak onartu, eta erregelamendu bidez ezarritakoarekin bat etorriz antolatu eta irakatsiak.

d)   Unibertsitateen berezko tituluak, beste autonomia-erkidego batzuetan ofizialki onartu, eta horretarako izenpetutako hitzarmenekin bat etorriz antolatu eta irakatsiak.

e)   Europako unibertsitate entzutetsuek emandako beste titulu ofizial batzuekin homologatu daitezkeen tituluak, beren edukiek horretarako balio dutelako; Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak interes berezikotzat jo beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegorako, erregelamendu bidez ezarritakoarekin bat etorriz.

f)    Europako beste unibertsitate batzuetako titulu ofizialekin homologatu daitezkeen tituluak, irakasgaiak prozedura telematikoen bidez ikasiaz lortzen direnak, betiere erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

 

      2.-    Era berean, lege honen eta aplikatzekoak diren arauen esparruan, unibertsitateek tituluaren Europako gehigarriaren diploma eman ahal izango dute.

 

      3.-    Funts publikoz finantzatutako titulu berriak ezartzerakoan, taldeak finkatzeko euskara erabiliko da lehentasuneko irizpide.

 

47. Artikulua - Ikasketa-planak

 

      Unibertsitateen gainean eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek ikasketa-planak egiterakoan neurri hauek sustatu eta bultzatuko dituzte, betiere indarrean dauden arauak beteta:

 

a)   Ikasketak amaitzen dituztenean beren lanbideetan sartzeko gaitasun nahikoa izateko eta beren tituluei dagozkien gaietan iritzi autonomoak emateko adina ikas dezaten saiatzea.

b)   Ikasketa-planak Europako titulu-esparruko eskakizunetara egokitzea, tituludunek Europar Batasunean mugitzeko aukerak izan ditzaten, eta aldi berean Europako kreditu-sistema bereganatzeko.

c)   Ikasketetarako zeharkakotasun-irizpideak onartzea, ikasketa horiekin, batez ere lehenengo ziklokoekin, ikasleak beste ikasketa batzuetara aldatu ahal izan daitezen, eta etorkizunean profesionalak izango direnak lan ezberdinak egiteko nahiz askotariko gaitasunak hartzeko prest egon daitezen.

d)   Hala ikasketa-planen malgutasuna eta etenik gabeko egokitzapena nola kredituen mugikortasuna ahalbidetzeko irizpideak onartzea.

e)   Europako unibertsitateekin trukaketa eta mugikortasuna bultzatzea.

f)    Kredituak lortzeko, egoki konbinatzea irakaskuntza teorikoa, praktikak, mintegiak, irakurketa osagarriak eta ikaskuntzarako beste baliabide guztiak, baita ikasgelako eta ikasgelatik kanpoko irakaskuntzak ere.

g)   Informazio-teknologiak ikasteari bultzada ematea.

h)   Hizkuntzak ikasteari indar ematea.

 

48. Artikulua - Ikasketa-planak egin eta onartzea

 

      Ikasketa-planak egin eta onartzea aplikatzekoa den oinarrizko legediaren menpe dago. Hala ere, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren txostena beharko da beti.

 

49. Artikulua - Irakaskuntza praktikoak emateko hitzarmenak

 

      Irakaskuntza praktikoak emateko, unibertsitateek hitzarmenak egin ahal izango dituzte instituzio publiko eta pribatuekin, enpresak eta profesionalen bulegoak barne hartuta, estatutuetan antolaketaren eta jarduteko moduaren gaineko arauetan aurreikusitako irismen, baldintza eta kontrol-sistemekin.

 

50. Artikulua - Goi-mailako hezkuntza bizitza osoan

 

      Unibertsitateek, berez zein beste instituzio edo erakunde publiko edo pribatu batzuekin hitzarmenak eginez, bizitza osoan jakintzak eta gaitasunak eguneratzeko programak eskaini ahal izango dituzte. Irakaskuntza horiek emateko ikasgelatik kanpoko baliabideak erabil daitezke lehentasunez edo bete-betean.

 

51. Artikulua - Europako unibertsitate-esparrura egokitzea

 

      1.-    Zeinek bere eskumenen esparruan, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sartzeko eta tituluaren Europako gehigarriaren diploma emateko nahitaezko egokitzapenak bultzatuko dituzte ikasketa-planetan eta kredituen eta balorazioen sistemetan, eta haiekin batera beharrezkoak diren gainerako neurriak.

 

      2.-    Ikasleek eta tituludunek Europako esparruan mugikortasuna izan dezaten, unibertsitateek xede hauetara zuzendutako neurriak hartuko dituzte beren tituluei buruz, indarrean dauden arauekin bat etorriz:

 

a)   Irakaskuntzetako modalitate ziklikoak goi-mailako irakaskuntzako Europako esparruaren lerro nagusietara egokitzera zuzendutako neurriak.

b)   Tituluen izenak egokitzera zuzendutako neurriak.

c)   Ikasketa-planetako irakaskuntzen balorazio-unitatea Europako kreditu-araubidera edo goi-mailako irakaskuntzako Europako esparruan onar daitekeen beste edozein unitatera egokitzera zuzendutako neurriak.

 

      3.-    Zeinek bere eskumenen esparruan, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek ikasleek goi-mailako irakaskuntzako Europako esparruan mugikortasuna izatea bultzatuko dute. Hartarako, bekak eta ikasketetarako laguntza eta kredituak emateko programak zabalduko dituzte, edo, kasua hala bada, Europar Batasunaren beka eta laguntza programak osatuko.

 

      4.-    Zeinek bere eskumenen esparruan, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek irakasleek goi-mailako irakaskuntzako Europako esparruan mugikortasuna izatea bultzatuko dute berariazko programa edo hitzarmenen bidez zein Europar Batasunaren beraren programa edo hitzarmenen bidez.

 

BIGARREN KAPITULUA

IKERKETA

LEHENENGO ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

 

52. Artikulua - Unibertsitatearen lana

 

      1.-    Ikertzea eta ikertzaile berriak ikerketan sartzea unibertsitateen funtsezko zereginak dira.

 

      2.-    Kontzientzia-askatasunean oinarritutako ikerketa-askatasunak ez du mugarik izango, legeetan, nazioarteko itun zein hitzarmenetan eta zientzialari-erkidegoek onartutako kode edo arau deontologikoetan ezarritakoetatik aparte.

 

      3.-    Unibertsitateak ikerketa, garapen eta berrikuntzako euskal sistemaren oinarrizko parte dira. Instituzio publikoek programa-kontratuak eta beste mota batzuetako hitzarmenak izenpetu ahal izango dituzte unibertsitateetan dauden ikerketa-taldeekin eta unibertsitateetako ikerketako sail eta institutuekin, ikerketa-jarduera zehatzak egiteko eta/edo jakintzak eta teknologia gizartearen eskueran jartzeko.

 

53. Artikulua - Teknologia eta jakintzak gizartearen eskueran jartzea

 

      1.-    Eusko Jaurlaritzak eta unibertsitateek unibertsitateko ikerketaren eta ekoizpen-sistemaren arteko loturak egituratzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte, unibertsitateetan garatutako jakintzak eta zientzia eta teknologiako berrikuntzak gizartearen eskueran jarriko direla bermatzeko, eta ikerketa-lanetarako baliabide pribatuak lortzeko.

 

      2.-    Unibertsitateek enpresak eta zientzia-guneak nahiz teknologia-guneak sor ditzakete, edo, bestela, sortzen parte hartu; irakasleek eta ikertzaileek horien jardueretan parte hartu ahal izango dute xede hauekin:

 

a)   Unibertsitateko ikerketa sustatu eta horren alde egiteko, eta ikerketaren emaitzak zabaltzeko.

b)   Enpresetan kalitatearen eta berrikuntzaren aldeko jarrerak bizteko.

c)   Teknologia-hobekuntzarekin eta berrikuntzarekin, enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

 

 

 

54. Artikulua - Itundutako ikerketa

 

      1.-    Unibertsitateek harremanak izan ditzakete teknologia-guneekin, enpresetako (I+G) ikerketa eta garapeneko lan-taldeekin, zientzia-elkarteekin zein berrikuntza-jarduerak egiteko xedea duten erakundeekin. Elkarren arteko harreman horiek azpiegitura berberak erabiliaz, langileak elkarren artean trukatuz, ikerketa-proiektuak batera eginez, zein lortu nahi diren helburuetarako egoki den beste edozein molde erabiliz gauzatuko dira.

 

      2.-    Unibertsitateek, barne-arautegiarekin bat etorriz, ikerketa-proiektuak eta ikerketa-hitzarmenak itundu ditzakete beste pertsona fisiko edo juridiko batzuekin. Unibertsitateek zehaztuko dituzte itundutako ikerketa baimentzeko irizpideak, eta prestaldian diren ikertzaileak horretara biltzen ahaleginduko dira.

 

55 Artikulua - Euskal Herriko Unibertsitatea, ikerketako agentea

 

      Kalitate-irizpideak, produkzio-mailak eta garatzen diren ikerketa oinarrizko eta aplikatuko arloak kontuan izanik, Euskal Herriko Unibertsitatea oinarrizko eragilea da ikerketa, garapen eta berrikuntzako euskal sisteman. Haren ikerketa-jarduerak bultzatzea, beraz, instituzio publikoek hartu beharreko helburua da.

 

56 Artikulua - Euskadiko Ikerketa Kontseilua

 

      Jaurlaritzak Euskadiko Ikerketa Kontseilua sortuko du ikerketa, garapnea eta berrikuntza behatu, koordinatu eta sustatzeko. Eusakal Herriko Unibertsitateak Euskadiko I+D+b sistemaren oinarrizko eragile gisa parte hartuko du kontseilu horretan.

 

BIGARREN ATALA

UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKERKETA

 

57. Artikulua - Ikertzaileen kidegoaren osaera

 

      Unibertsitateetako ikertzaile-multzoa honako hauek osatzen dute: doktore-titulua beharrezko duten lanpostuetako langileek, ikertzaile laguntzaileek eta ikerketako beka duten ikertzaile hasiberriek eta ikertzaile esperimentatuek.

 

58. Artikulua - Irakasleak eta ikerketa

 

      1.-    Ikertzaileek bakarka zein taldean ikerketa-jarduerak egiteko eskubidea eta betebeharra dute.

 

      2.-    Irakasleak irakaskuntza-lanetatik liberatu ahal izango dira aldi batean ikerketa-zereginetan aritzeko, unibertsitatearen estatutuek ezarriko dituzten gobernu-organoen baimenarekin. Baimen hori urtero berritu ahal izango da, betiere betetzen ari diren ikerketa-lanengatik giza baliabiderik kontratatu behar ez bada nahitaez.

 

59. Artikulua - Ikerketaren egitura

 

      1.-    Irakasle edo ikertzaile bakoitza egiten ari den ikerketen aurka jarri gabe, ikerketa-taldeetan, sailetan, ikerketako unibertsitate-institutuetan eta enpresetan zein teknologia-guneetan egin behar da ikerketa, edo itunduta, 54. artikuluan ezarritako moduan.

 

      2.-    Sail bakar bateko zein hainbateko kideek osa ditzakete ikerketa-taldeak. Era berean, euskal unibertsitate-sistemako edozein unibertsitatetako irakasle eta ikertzaile aldeetara bil daitezke, edo Espainiako nahiz beste herrialde bateko zeinahi unibertsitatetakora, baldin eta horrek osagarritasunari edo ikerketaren kalitateari laguntzen badio.

 

60. Artikulua - Ebaluazioa

 

      Ikerketa-taldeek, sailek eta unibertsitate-institutuek urtero aurkeztuko diote unibertsitateari egin dituzten ikerketa-jardueren eta ikertzaile-prestakuntzaren txostena, estatutuetan zehaztutako eran.

 

IV. TITULUA

EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN ANTOLAMENDUA

LEHENENGO KAPITULUA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDE ETA ORGANOEI DAGOZKIEN AHALMENAK EUSKAL UNIBERTSITATE-SISTEMA ANTOLATZEKO

 

61. Artikulua - Unibertsitateak sortu, ezabatu eta onartzea

 

      Eusko Legebiltzarrari ez beste inori dagokio unibertsitate publikoak sortu eta ezabatzea, bai eta unibertsitate pribatuak onartzea eta, hala balegokio, horiei lehenago emandako onarpena kentzea ere.

 

62. Artikulua - Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailaren ahalmenak

 

      1.-    Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan diren araututako ikasketa guztiak arrazoizko eran antolatu eta gizartearen beharrizanetara egokitzeko tresnak taxutzea. Berari dagokio, orobat, beste unibertsitate batzuekiko koordinazioa eta elkarlana hedatzea gai hauetan osagarritasuna lortze aldera: tituluen eskaintzan, euskararen irakaskuntzan, ikerketan eta unibertsitate-politikarako ezarritako xedeak iriste aldera interesgarri izan daitekeen beste edozein arlotan.

 

      2.-    Autonomia Erkidegoaren lurraldean kokatutako unibertsitate publikoei dagokienean, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari dagozkio ahalmen hauek, lege honetan eta aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren barruan:

 

a)   Unibertsitate publikoak sortzeko edo ezabatzeko beharrezkoa den lege-egitasmoa egitea, eta hura Eusko Jaurlaritzari proposatzea.

b)   Unibertsitateen jarduerak hasteko baimena ematea, indarrean dagoen legerian eta sortzeko legean aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatu eta gero.

c)   Honako hauek sortu, aldatu eta ezabatzea: fakultateak, goi-mailako eskola tekniko edo politeknikoak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-eskola politeknikoak, ikerketako unibertsitate-institutuak edo ikasgelatik kanpoko irakaskuntza antolatzen duten beste erakunde edo ikastetxe batzuk.

d)   Euskal Autonomia Erkidegoak onartutako titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak, ikasgela barrukoak edo birtualak, ezarri edo ezabatzea.

e)   Ikastetxe publiko publikoak eta publiko ez direnak, unibertsitateko titulu ofizialen ikasketak eskain ditzaten, unibertsitate publikoari atxikitzea onestea, edo atxikipena kentzea.

f)    Unibertsitateak ikasketa-planak onartu ondoren, plan horien gaineko txostena egitea, titulua homologatu aurretik; horretarako, plan horiek ekonomiaren aldetik bideragarriak diren aztertu beharko du sailak, bai eta lege honetan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritako oinarrizko eskakizunei egokitzen zaizkien edo ez.

g)   Titulua homologatu ondoren, ikasketa-planetako jarduerei ekiteko baimena ematea.

h)   Lege honetan aurreikusitako gainerako eginkizunak, edo, betearazpen hutseko eskumenak izanik, Estatuko antolamenduak Euskal Autonomia Erkidegoari aitortzen dizkionak.

 

      3.-    Unibertsitate pribatuei eta dagokion heinean Eliza Katolikoaren unibertsitateei buruz, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak ahalmen hauek ditu:

 

a)   Unibertsitate horiek onartzeko lege-egitasmoa egitea, edo, hala balegokio, onarpen hori kentzekoa, eta hala bata nola bestea Eusko Jaurlaritzari proposatzea.

b)   Aurreko 2. paragrafoko c), d), g) eta h) idatz-zatietan aipatzen direnak.

c)   Lege honetan aurreikusitako gainerako ahalmenak, edo betearazpen hutseko eskumenak izanik Estatuko antolamenduak Euskal Autonomia Erkidegoari aitortzen dizkionak.

 

      4.-    Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari dagokio, halaber, atzerriko hezkuntza-sistemen arabera irakasten duten ikastetxeei baimena ematea, bai eta horrelakoetan aplikatzekoa den antolamendu juridikoaren arabera dagozkiokeen gainerako ahalmenak ere.

 

63. Artikulua - Ikuskatzeko eginkizuna

 

      Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari dagokio lege honetan eta aplikatzekoa den gainerako ordenamendu juridikoan ezarritakoa unibertsitateek betetzen dutenetz zaintzea.

 

64 Artikulua - Unibertsitateko Arartekoa

 

      Unibertsitate organo eta zerbitzuen jardueren aurrean irakasleen, ikasleen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen eskubide eta askatasunen errepestua babesteko, euskal unibertsitateek Unibertsitateko Arartekoa eratuko dute beren antolamendu-egituraren barruan. Arartekoaren jarduerak independentziaren eta autonomia funtzionalaren printzipioen araberakoak izango dira.

 

BIGARREN KAPITULUA

EUSKADIKO UNIBERTSITATE KONTSEILUA

 

65. Artikulua - Eginkizunak

 

      1.-    Euskadiko Unibertsitate Kontseilua euskal unibertsitate-sistema koordinatzeko erakundea da, eta, orobat, Eusko Jaurlaritzaren kontsulta eta aholku erakundea unibertsitate-gaietarako.

 

      2.-    Hauek dira Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren eginkizunak:

 

a)   Jaurlaritzari, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari eta unibertsitate bakoitzari aholku ematea, iritzia emateko aurkezten zaizkion gai guztietan.

b)   Lege hau garatzeko eman daitezkeen xedapen orokorren proiektuak aztertzea.

c)   Unibertsitate berriak sortu edo onartzeko lege-egitasmoak aztertzea, Jaurlaritzari igorri baino lehen.

d)   Unibertsitate-mailako jakintzaren eta prestakuntzaren arloan zer beharrizan dagoen eta horien gizarte-eskaria zenbateraino asetzen den aztertzea, eta horren gaineko txostena egitea.

e)   Unibertsitate bakoitzaren tituluen eta ikasketa-planen egoera eta bilakaera aztertzea eta horien gaineko txostena egitea, eta, bereziki, hemengo titulazio-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sar dadin sustatzea.

f)    Unibertsitateen arteko informazio-trukerako bidea jartzea.

g)   Unibertsitateak elkarrekin jardun daitezen egitasmoak bultzatzea, gehienbat ikerketaren arloan eta irakaskuntzan eta kudeaketan kalitatea ezartzearen arloan, eta unibertsitateak zientzia, teknologia eta berrikuntzaren Europako sisteman sar daitezen sustatzea.

h)   Beste unibertsitate batzuekin euskal kulturaren arloan elkarlanean aritzeko egitasmoak bultzatzea.

i)    Unibertsitateen eta beste instituzio publiko eta pribatu batzuen arteko elkarlana sustatzea, interes orokorreko egitasmoak gauzatzeko. Bereziki, unibertsitateen eta enpresen arteko harremanak bultzatzea, eta Jaurlaritzak arlo horretan sustatutako ekimenen gaineko txostena egitea.

j)    Ikasketetarako beka eta diru-laguntzen arloko gidalerroen inguruan txostenak egitea.

k)   Oro har, unibertsitateen arteko elkarlanaren eta unibertsitate-sistemaren kalitatearen eta egokitasunaren inguruan interesgarri iritzitako gaiak aztertu edo proposatzea, edo gai horien gainean txostenak egitea.

l)    Unibertsitate-erakundeen arteko euskal sarea bultzatzea, irakaskuntza, ikerkuntza eta ekimen kulturalen koordinazioaren eta aipatu unibertsitate-erakundeeako ikasle eta irakasleen mugikortasunarez bidez, euskara eta euskal kultura bultzatzeko asmoz.

 

      3.-    Unibertsitateen gaietan eskuduna den sailarenak edo Eusko Jaurlaritzarenak diren gaien inguruan egindako txostenek ez dute Jaurlaritza lotuko. Gainerako erabakiek, aho batez hartzen direnean, kasuan-kasuan dagokien eraginkortasuna izango dute, eta ez dute Jaurlaritza lotuko, inoiz ere ez.

 

66. Artikulua - Osaera eta jarduteko modua

 

      1.-    Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren buru unibertsitateen gaietan eskumenak dituen saileko sailburua izango da, eta unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburuordea izango da kontseilu-buruordea. Kide hauetaz osatuko da Euskadiko Unibertsitate Kontseilua:

 

a)   Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen saileko sailburuak izendatuta, bost kide, horien artean unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburuordea.

b)   Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.

c)   Euskal unibertsitate-sistema osatzen duten gainerako unibertsitateetako errektoreak.

d)   Unibertsitateetako gizarte-kontseiluetako edo indarrean dauden legeen arabera eratutako antzeko organoetako lehendakariak.

e)   Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak izendatutako bi kide.

f)         Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru lurralde historikoetako ahaldun nagusiak edo horien eskuordeak.

g)   Euskadiko Udalen Elkarteko (Eudel) ordezkari bat.

h)   Gizarteko kide bat, unibertsitate-erkidegokotik kanpokoa. Kontseiluburuak proposatuko du eta kontseiluak osoko bilkuran izendatuko, eta unibertsitateen ordezkaria izango da.

i)          Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluko lehendakaria.

 

      2.-    Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburua izango da batzorde iraunkorraren buru; kide hauetaz osatuko da batzorde iraunkorra:

 

a)   Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburuak izendatutako bost kide.

b)   Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.

c)   Euskal unibertsitate-sistema osatzen duten gainerako unibertsitateetako errektoreak.

d)   Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluko lehendakaria.

e)   Hiru foru-aldundien izenean ordezkari bat.

 

      Batzorde iraunkorraren eginkizunak izango dira aholku ematea, kontseiluaren egitasmoak eta harremanak sustatzea eta horien gainean txostenak egitea. Zehatz esateko, berari dagokio kontseiluaren osoko bilkurari onar ditzan aurkeztu behar zaizkion txostenak egin eta proposamenak lantzea.

 

      3.-    Berariazko batzorde bat egongo da, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburua buru duela, eginkizun hauek izango dituena: goi-mailako irakaskuntzaren Europako sistemaren nondik norakoari beha egotea, unibertsitateak eta haien ikasketa-planak egokitzeko neurriak proposatu eta bultzatzea, Europako sistema hori eraikitzeko foroetan parte hartzea, Europako unibertsitateen eta euskal unibertsitate-sistemaren arteko harremanak sustatzea, eta, oro har, Euskal Herriko Unibertsitateak goi-mailako irakaskuntzaren Europako esparruan erabat sartzen lagunduko duen eginkizun oro. Berariazko batzorde horren barruan azpibatzorde bat eratuko da, unibertsitate-erakundeen arteko euskal sareraren sorrera bultzatzeko. Horretarako, irakaskuntza, ikerkuntza eta ekimen kulturalen koordinazioa eta aipatu unibertsitate-erakundeetako ikasle eta irakasleen mugikortasuna sustatuko ditu, euskara eta euskal kultura bultzatzeko asmoz.

 

      4.-    Kontseiluak berariazko lan-batzordeak sortu ahal izango ditu, gizartearen, lanbideen, irakaskuntzaren edo sindikatuen edo ekonomiaren arloetako interesak ordezkatzen dituzten pertsona eta erakundeek parte har dezaten, baldin eta, pertsona edo erakunde horiek, beren gaitasun, jarduera, jakintza edo esperientziarengatik, kontseiluaren gain utzitako eginkizunak hobeto betetzen lagun badezakete.

 

      5.-    Kontseiluaren osoko bilkura hiru hilabeterik behin egingo da, gutxienez; orobat kontseiluko buruak edo gutxienez kontseiluko bost kidek eskatzen dutenean.

 

HIRUGARREN KAPITULUA

EUSKAL UNIBERTSITATE-SISTEMAREN ANTOLAMENDURAKO TRESNAK

 

67. Artikulua - Unibertsitate-plana

 

      1.-    Unibertsitate-plana da euskal unibertsitate-sistema antolatzeko Jaurlaritzak onartutako berariazko tresna.

 

      2.-    Unibertsitate-planak lau urteko iraupena izango du, eta beraren bitartez eginbehar hauei guztiei erantzungo zaie: unibertsitateko irakaskuntzaren egoera ebaluatu, unibertsitateko irakaskuntzaren beharrizanak zehaztu, indarrean egongo den aldi horretarako helburu eta lehentasunak ezarri, eta, orobat, finantzaketa-beharrizanak eta aurreikus daitezkeen diru-sarrerak zehaztu, Euskal Herriko Unibertsitateari helburuak betetzeko eta kalitatea hobetzeko besteko finantzaketa-eredu bat bermatuz.

 

      3.-    Jaurlaritzak lehentasunezko ikerketa arlo edo gaiak zehaztu ahal izango ditu, eta horiek berariazko programa-kontratuz hornitu, Euskal Autonomia Erkidegorako duten interes estrategikoarengatik edo zientziaren, artearen edo gizartearen alderako interesarengatik.

 

68. Artikulua - Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua

 

      1.-    Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua da unibertsitate-sistema publikoaren helburuak zehazteko zeregina duen koordinazio, aholkularitza eta parte-hartzerako erakundea.

 

      2.-    Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen saileko sailburua edo berak izendatutako ordezkaria izango da kontseiluaren buru, eta, horrez gain, beste kide hauek izango ditu:

 

a)   Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailaren ordezkari, sei kide, sailburuak izendatuta.

b)   Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkari, sei kide:

-  Errektorea.

-  Gobernu-kontseiluko hiru kide, errektoreak izendatuta, irakasleen, ikasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari.

-  Gizarte Kontseiluak bere kideen artetik aukeratutako bi kide.

 

      3.-    Kontseiluak berak onartuko ditu jarduteko bere arauak.

 

V. TITULUA

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN GIZARTE KONTSEILUA

 

69. Artikulua - Izaera

 

      1.-    Gizarte Kontseilua da gizarteak unibertsitatearen gobernu eta zuzendaritzan parte hartzeko eratutako unibertsitatearen organoa.

 

      2.-    Gizarte Kontseiluak pertsonen eta erakundeen parte-hartzea sustatuko du; pertsona horiek -unibertsitate-erkidegoaren baitakoak ere izan daitezke- eta erakunde horiek gizartearen, lanbideen, irakaskuntzaren edo ekonomiaren arloetako interesen ordezkari izan beharko dute, eta beren gaitasun, jarduera, jakintza edo esperientziagatik kontseiluaren eginkizunak hobeto betetzen lagun dezaketenak izan behar dute.

 

70. Artikulua - Eginkizunak

 

      Gizarte Kontseiluari eginkizun hauek dagozkio:

 

a)   Gizarteak eta haren ordezkari diren erakunde eta entitateek unibertsitatearen helburuak gizarte-interesei egokitzeko zereginean parte har dezaten sustatzea, eta, orobat, gizarteak unibertsitatearen jardueren finantzaketan eta jarduera horiei babes ematen parte har dezan sustatzea. Era berean, unibertsitatearen eta gizartearen ordezkaritza duten entitate eta korporazioen arteko elkarlanerako formulak ere berak sustatu behar ditu.

b)   Unibertsitatearen gobernu-kontseiluari eta/edo unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari proposamen hauek egitea: titulu ofizialak edo Euskal Autonomia Erkidegoak onartutakoak lortzera bideratutako irakaskuntzak ezarri, aldatu edo kentzea; unibertsitateko ikastetxeak edo ikerketa-institutuak sortu, aldatu edo kentzea; unibertsitateari ikastetxeak edo ikerketa-zentroak atxikitzea edo atxikipen horiek kentzea.

c)   Unibertsitatearen eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuen arteko elkarlana sustatzea, ikasleen prestakuntza osatze aldera eta baita ikasleak eta tituludunak lan-merkatuan errazago sar daitezen laguntze aldera ere.

d)   Unibertsitatearen gobernu-kontseiluak proposatuta, ikasleek unibertsitateko mailetan gora egin ahal izateko eta unibertsitatean jarraitu ahal izateko bete behar dituzten arauak onartzea, ikasketa-mota bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz eta ikasleen artean bereizkeriarik eragin gabe.

e)   Gobernu-kontseiluak egindako unibertsitatearen aurrekontua eztabaidatu eta, hala balegokio, onartzea, edo berriz egin dezan gobernu-kontseiluari itzultzea; berriz egiteko itzuliz gero, horretarako izan den arrazoia adierazi beharko zaio.

f)    Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazio ikuskatua onartzea, orobat ekitaldiko egoera-balantzea eta memoria ekonomikoa.

g)   Euskal Herriko Unibertsitateko gobernu-kontseiluak proposatuta, unibertsitatearen helburuak sustatu eta gauzatzeko eratutako erakunde juridikoen eratze, aldatze edo desegitea onartzea, eta, orobat, unibertsitateak beste erakunde publiko zein pribatu batzuetan parte hartzeari onarpena ematea.

h)   Fakultateak, goi-eskola teknikoak, unibertsitate-eskolak eta unibertsitate-institutuak sortu eta ezabatzeko proposamenak egitea unibertsitateen gaietan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari.

i)    Ikerketarako edo artea sortzeko instituzio eta zentro publiko zein pribatuak unibertsitate-institutuen gisara unibertsitateari atxikitzeko hitzarmenak proposatzea unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari, onar ditzan. Sailak proposamena onartutakoan, unibertsitateak dagokion hitzarmena egin ahal izango du.

j)    Ikasleentzako beka, laguntza eta kredituen politika bat taxutzea, hala balegokio, eta tasa akademikoak ordaintzeko betebeharraren erabateko edo zati bateko salbuespenaren moduak ezartzea.

k)   Unibertsitateko irakasleen plantillako aldaketak erabakitzea, legez ezarritako mugen barruan.

l)    Jaurlaritzak ezarritako mugen barruan, unibertsitateko gobernu-kontseiluak proposatuta eta aldez aurretik Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatzeko Agentziaren ziurtagiria izanik, unibertsitateko irakasle bakoitzari eta irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa merezimenduen arabera ordainsari gehigarriak ematea erabakitzea.

m)  Euskal Herriko Unibertsitate gobernu-kontseiluak proposatuta, unibertsitatearen hainbat urteko inbertsio-programaren proposamena onartzea.

n)   Tasa akademikoak ezartzea, bai eta titulu ofizialetarako ez diren ikasketengatik ordaindu beharrekoak ere.

ñ)   Gastu arruntetatik kapital-gastuetarako transferentziak erabakitzea, bai eta, Eusko Jaurlaritzak baimena eman ondoren, kapital-gastuetatik beste edozein kapitulutarako transferentziak ere, lege honetako 107. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

o)   Izaera ekonomikoa duten unibertsitatearen jarduerak ikuskatzea, bai eta haren zerbitzuen errendimendua ere.

p)   Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari proposatzea atxiki dakizkiola unibertsitateari ikastetxe edo ikerketa-zentro publiko zein pribatuak unibertsitate-titulu ofizialak emateko, edo atxikipen hori ken diezaiela.

q)   Euskal Herriko Unibertsitatearen kudeatzailea izendatzeko orduan entzuna izatea.

r)    Lege honek, unibertsitateen gaineko oinarrizko legeriak eta estatutuek esleitutako gainerako eginkizunak.

 

 

71. Artikulua - Osaera

 

      1.-    Gizarte Kontseilua hogeita lau kidez osatuko da; hona hemen nola osatuko den:

 

- Kontseiluburu bat izango du, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen saileko sailburuak proposatu eta lehendakariak izendatuta; lau urteko agintaldia izango da harena, eta beste lau urterako berriz izendatzea ere izango da.

- Unibertsitate-erkidegoko sei ordezkari, abenduaren 21eko 6/2001 Legeko 14.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

- Hamazazpi pertsona, gizarte-interesen ordezkari.

 

      2.-    Gizarte-interesen ordezkaritza honela osatuko da:

 

a)   Eusko Legebiltzarrak zortzi pertsona izendatuko ditu.

b)   Lurralde historiko bakoitzeko Biltzar Nagusiek hiru pertsona izendatuko dituzte, bakoitzak bana.

c)   Izendapena egin aurreko azken sindikatu-hauteskundeetan emaitza ofizialen arabera Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkari gehien eskuratu dituzten sindikatuek hiru pertsona izendatuko dituzte, beren gobernu-erakundeen bitartez.

d)   Euskal Enpresarien Konfederazioaren kide anitzeko gobernu-organoak hiru pertsona izendatuko ditu.

 

      3.-    Kideok gizartean, kulturan, artean, zientzian, ekonomian eta sindikatuetan edo lanbideen arloan izen ona duten pertsonen artean izendatu beharko dira; gainera, zientzia, teknologia, herri-administrazio, enpresen zuzendaritza edo lanbide-jardueraren arloetan esperientzia duten pertsonak izan beharko dute.

 

72. Artikulua - Bateraezintasunak

 

      1.-    Gizarte-interesen ordezkariak ezin izango dira lege honetan definitutako unibertsitate-erkidegoko parte izan.

 

      2.-    Eusko Legebiltzarrak edo Biltzar Nagusiek izendatutako pertsonak ezin dira legebiltzarkide edo biltzarkide izan, ez eta erakundeetako kargudun ere.

 

      3.-    Gizarte Kontseiluko kideak ezin dira izan, ez zuzenean ez eta norbaiten bitartez ere, unibertsitateak obrak, zerbitzuak edo hornikuntzak egiteko kontratatzen dituen enpresetako zuzendari, eta, orobat, ezin dute eduki horrelako enpresetako kapitalaren ehuneko 10 baino gehiago. Horrez gain, Gizarte Kontseiluko kideek ezin dute inolako eginkizunik bete enpresa edo teknologia-parkeetan, unibertsitateak berak sortu baditu edo unibertsitatea horien kapitalaren zati baten jabe bada, zati hori edozelakoa dela ere.

 

73. Artikulua - Gizarte Kontseiluko kideak izendatzea eta haien agintaldiaren iraupena

 

      1.-    Unibertsitateak Gizarte Kontseiluan eduki beharreko ordezkariak estatutuetan ezarritakoari jarraituz aukeratu eta izendatuko dira; estatutuetan zehaztu beharko da, orobat, agintaldiaren iraupena eta ordezkapenak egiteko araubidea.

 

      2.-    Gizarte-interesen ordezkariak unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburuak izendatuko ditu, agindu bidez, ordezkariak aukeratzeko eskumena duten erakundeek aukeraketa egin ondoren.

 

      3.-    Gizarte Kontseiluko buruaren agintaldia lau urtekoa izango da, eta beste agintaldi bakar batez luzatu ahal izango da, segitakoa nahiz alternatiboa izan. Nolanahi ere, ezin izango du kontseilukide zortzi urte edo gehiagoan izan.

 

      4.-    Gizarte Kontseiluan gizarte-interesen ordezkari diren gainerako kideen agintaldia lau urtekoa izango da, beren izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita. Gizarte Kontseiluko kideak beste lau urteko agintaldi baterako baizik ezingo dira berriz aukeratu, den aurreko agintaldiaren segidan edo beste noizbait. Edonola ere, ezingo dira, guztira, zortzi urte baino luzaroago Gizarte Kontseiluko kide izan.

 

      5.-    Gizarte Kontseiluan gizarte-interesak ordezkatzen dituzten kideen lekuak hutsik gelditzen badira, heriotzagatik, dimisioagatik, izendatu ondoren agertutako bateraezintasunagatik edo kargua behartuta uzteagatik gertatu denean beteko dira berriro, beste inoiz ere ez. Lekua hutsik utzi duen kidea aukeratu zuen erakundeari dagokio leku horretarako beste kide bat aukeratzea. Lekua hutsik utzi zuen pertsonak agintaldia osatzeko behar zuen aldia iraungo du kide berri horren agintaldiak. Horrelakoetan, ordea, kide berria aukeratu behar duten erakunde edo instituzioek ez dute beste aukeraketa-prozesu bat egin beharrik izango, ez behintzat harik eta hasierako agintaldia amaitzen den arte.

 

74. Artikulua - Antolaketa

 

      1.-    Gizarte Kontseiluko buruak kide anitzeko administrazio-organoetako buruek bete ohi dituzten eginkizun berak beteko ditu, bai eta unibertsitatearen estatutuek eta kontseiluaren antolaketa-araudiak esleitzen dizkiotenak ere.

 

      Gizarte Kontseiluari esleitutako eginkizunak betetzeko behar adina informazio eskatu ahal izango die Gizarte Kontseiluko buruak unibertsitateko organoei, bai eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziari ere, eskatutako informazioa agentzia horren egitekoei dagokien bezainbatean. Unibertsitateko eta agentziako organoek eman egin beharko dute informazio hori.

 

      2.-    Gizarte Kontseiluaren administrazio-egitura idazkari nagusiaren menpean dago eratuta; kontseiluburuak izendatzen eta kentzen du kargutik idazkari nagusia, askatasunez, eta unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioen kidegoan A maila duten langile kualifikatuen artean aukeratuko du, edo Euskal Autonomia Erkidegoko A mailako funtzionarioen kidegoetako funtzionarioen artean.

 

      Idazkari nagusiak kontseiluburuaren zuzendaritzaren pean beteko du bere lana. Edonola ere, kide anitzeko administrazio-organoetako idazkariek izan ohi dituzten eginkizunak dagozkio berari ere.

 

      3.-    Gizarte Kontseiluak osoko bilkuraren eta batzordeen bitartez egingo du lan.

 

      4.-    Gizarte Kontseiluak aholku-batzordeak eratu ahal izango ditu, eta batzorde horretan lege honetako 64.2 artikuluan aipatutako ezaugarriak dituzten pertsona eta erakundeek hartu ahal izango dute parte.

 

75. Artikulua - Aurrekontua

 

      Gizarte Kontseiluak berezko aurrekontua izango du, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekarpen gisa esleitua. Aurrekontuaren kudeaketa administrazio publikoei ezartzekoak diren arau eta prozeduren arabera egingo da, eta kontseiluaren araudiak zehaztuko du zein organori dagokion edo dagokien kudeaketa hori egitea.

 

76. Artikulua - Barne-araudia

 

      1.-    Gizarte Kontseiluak antolaketa eta jardunbiderako barne-araudi bat izango du, eta araudi hori, onartutakoan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

 

      2.-    Araudi horretan, beren eginkizunak -bereziki, deitzen zaien bileretara ez joatekoa- behin eta berriz betetzen ez dituzten kontseiluko kideak kargutik kentzeko prozedura arautuko da.

 

      3.-    Lege honetan eta Gizarte Kontseiluaren barne-araudian aipatzen ez diren gaietan 30/92 Legeak -Herri Administrazioen Araubide eta Administrazio Prozedura Erkidearen gainekoak- orokortasunez xedatutakoa aplikatuko da.

 

77 Artikulua - Barne-araudia

 

      Publikoak ez diren unibertsitateek gizarteak unibertsitatean parte hartzeko organoak sortu ahal izango dituzte, abenduaren 21eko 6/2001 Legearen arabera. Publikoak ez diren unibertsitateek arautu egingo dituzte organo horien jarduteko modua eta osaera, eta Eusko Jaurlaritzak onartuko ditu.

 

VI. TITULUA

KALITATEA EBALUATU ETA EGIAZTATZEA

LEHENENGO KAPITULUA

KALITATEA

 

78. Artikulua - Eginkizun partekatua

 

      1.-    Kalitatea sustatu eta bermatzea unibertsitate bakoitzaren eta unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailaren eginkizuna da, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziari eta kalitatea ebaluatu eta egiaztatzeko beste agentzia batzuei esleitutako eginkizunen kalterik gabe.

 

      2.-    Kalitatea sustatu eta bermatzeko eginkizun hori honetara zuzenduko da: gizarte-eskariei etengabe egokitzera, unibertsitateko prestakuntzaren eskakizunei erantzutera eta prestakuntza horren prozedurak etengabe hobetzera.

 

      3.-    Helburu programatuekin zerikusia duten ebaluazio eta ikuskaritza sistemak, barnekoak zein kanpokoak, ezarriko dira. Programa-kontratuek beren ebaluazioa ahalbidetuko duten helburuak, adierazleak eta finantzaketa baldintzatua zehaztu beharko dituzte. Ebaluazioen emaitzak eta gomendioak agerikoak izango dira.

 

BIGARREN KAPITULUA

EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN KALITATEA EBALUATU ETA EGIAZTATZEKO AGENTZIA

LEHENENGO ATALA

IZAERA, ARAUBIDE JURIDIKOA ETA EGINKIZUNAK

 

79. Artikulua - Izaera eta araubide juridikoa

 

      1.-    Honen bidez Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia sortzen da, Zuzenbide pribatuko ente publiko gisa; unibertsitateen gaietan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da, eta berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu, bai eta bere eginkizunak betetzeko berezko ondarea ere, eta oro lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

 

      2.-    Agentziaren estatutuak Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartuko dira, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburuak proposatuta. Estatutuek hau zehaztu beharko dute, gutxienean: agentziaren gobernu-organoen eginkizunak, organo-egitura, jarduteko arauak, haren egintzen aurka jotzeko araubidea eta haren ondare-erantzukizunaren araubidea.

 

      3.-    Agentziaren jarduera, kanporako harremanetan, Zuzenbide zibilaren, Merkataritza Zuzenbidearen eta Lan Zuzenbidearen pean egongo dira, oro har, ebaluazio-, egiaztapen eta ziurtatze egintzetan eta ahal publikoak erabiltzea dakarten egintzetan izan ezik, horiek Zuzenbide publikoaren pean izango baitira.

 

      4.-    Agentziako langileak bi eratakoak izango dira:

 

a)   Berezko langileak, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak begiratuz lan-zuzenbidearen pean kontratatutakoak.

b)   Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako langileak eta Espainiako unibertsitate publikoetako langileetatik berari atxikitzen zaizkionak.

 

80. Artikulua - Xedea eta eginkizunak

 

      1.-    Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren xedea da euskal unibertsitate-sistemaren eremuan kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea, nazioarteko europar eremua kontuan izanda.

 

      2.-    Agentziaren helburuak dira:

 

a)   Euskal unibertsitate-sistemaren kalitatea hobetzen laguntzea, irakaskuntzaren edo ikaskuntzaren, ikerketaren eta kudeaketaren arloetan.

b)   Gizarteari eta pertsonei informazioa ematea.

c)   Administrazio publikoei eta unibertsitateei informazioa eta irizpideak ematea erabakiak hartzeko euren prozesuetarako.

 

      3.-    Helburu horiek eskuratze aldera, agentziak eginkizun hauek beteko ditu, kalitatea ebaluatu eta egiaztatzeko beste agentzia batzuei dagozkien eginkizunen kalterik gabe:

 

a)   Unibertsitateen, goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeen eta ikerketako unibertsitate-institutuen jardueren, programen, unibertsitate-zerbitzuen eta kudeaketaren kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea.

b)   Ikasketa-planak edo horietan egin beharreko aldaketak onartu aurretik, beren kalitatea ebaluatu eta egiaztatzea.

c)   Unibertsitateek eta goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeek eskaintzen dituzten titulu ofizial eta berezkoak eskuratzeko ikasketen kalitatea ebaluatu eta egiaztatzea, baita goi-mailako unibertsitate-hezkuntzako atzerriko tituluak eskuratzeko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeena ere.

d)   Irakaskuntzen egiaztapena egitea, kalitatearen europar esparrua kontuan izanda.

e)   Unibertsitateek beren kalitatea ebaluatzeko dituzten sistema eta prozedurak ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea.

f)         Unibertsitate publikoak irakasleak eta ikertzaileak kontratatu behar dituenerako, lege honek aurreikusten dituen txostenak ematea, horien merezimenduak ebaluatuz.

g)   Irakasle irakurleak kontratatzeko txostenak egitea.

h)   Txostenak egitea unibertsitateentzat, hezkuntza-administrazioarentzat, gizarte-eragileentzat eta, oro har, gizartearentzat.

i)         Lege honetako 34. artikuluan Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileentzat aurreikusitako ordainsari-osagarriak esleitu ahal izate aldera, irakaskuntzako, ikerketako eta kudeaketako merezimenduak ebaluatzea.

j)         Irakasle bakoitzak -funtzionario zein kontratatutako- arlo hauetan egin dituen merezimenduak baloratzea: euskara unibertsitateko jarduera guztietan benetan sartzeari begira egindako jardueretan, eta, bereziki, irakaskuntzako, zientzia gizartera zabaltzeko eta ikerketa-jarduera gizartera hedatzeko materialen prestaketa eta kudeaketan, orobat espezializatutako glosarioenean.

k)   Publikoak ez diren unibertsitateetako irakasleen irakaskuntza eta ikerketa jarduera ebaluatzea.

l)         Ikerketaren kalitatea ebaluatzea.

m)  Ebaluatze-, ziurtatze eta egiaztatze ereduak hobetu eta berriztatzeko azterlanak egitea.

n)   Ebaluazioa eta kalitate-irizpideak nazioarteko eta Europako esparruan alderatuz sustatzea.

ñ)   Hezkuntza-administrazioa, unibertsitateak eta gainerako erakundeak beren eginkizunen eremuan aholkatzea.

o)   Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek agindutako lanak.

p)   Bere jardute-eremuarekin zerikusia duelako esleitutako beste edozein eginkizun.

 

      4.-    Beste autonomia-erkidego batzuetan, Estatuan edo atzerrian unibertsitateen kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzeko eginkizunak dituzten beste agentzia batzuekin harremanak lotu ahal izango ditu agentzia horrek, elkarlanerako, lankidetzarako eta elkarren artean informazioa trukatzeko.

 

      5.-    Irakasleen egokitasuna zaintze aldera egindako prozeduretako probak jendaurrekoak izango dira, eta ezagutua izan dadin nahi den kategoria bereko edo goragoko irakasleez osatutako batzordeek epaituko dituzte; batzorde horietako kideen erdiak, gutxienez, ebaluatutako irakaslearenaz besteko unibertsitate publiko edo pribatuetan jardun behar du zerbitzu ematen.

 

BIGARREN ATALA

EGITURA ETA JARDUNBIDEA

 

81. Artikulua - Egitura

 

      1.-    Hauek dira agentziaren gobernu-erakundeak: administrazio-kontseilua eta zuzendaria.

 

      2.-    Agentziak adituen batzorde bat izango du kide anitzeko organo tekniko gisa.

 

82. Artikulua - Administrazio-kontseiluaren osaera

 

      Honela osatuko da administrazio-kontseilua:

 

a)   Kontseiluburua, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburua edo berak eskuorde izendatutakoa.

b)   Agentziako zuzendaria.

c)   Unibertsitateen gaietan eskumena duen sailburuak izendatutako hiru pertsona.

d)   Lehendakariak izendatutako hiru pertsona ospekoak.

e)   Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.

f)    Euskal unibertsitate-sistemako gainerako unibertsitateetako errektoreak.

g)   Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak izendatutako bost pertsona ospe jakinekoak.

 

      Administrazio-kontseiluko kideak ezin izango dira izan batzorde iraunkorretako kide, eta ezin izango dute inolako ebaluatze-, egiaztatze edo ziurtatze lanik egin.

 

83. Artikulua - Administrazio-kontseiluaren eskumenak

 

      Administrazio-kontseiluari eginkizun hauek dagozkio:

 

a)   Agentziaren estatutuak egin eta onartzea.

b)   Agentzia zuzendu eta ordezkatzea eta agentziaren kudeaketa eta jarduera planak onartzea.

c)   Ebaluazioa, egiaztapena eta ziurtapena egiteko irizpide edo adierazle orokorrak onartzea; irizpide edo adierazle horiek nazioartean onartuak izan behar dute. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira adierazleak.

d)   Agentziaren aurrekontu-aurreproiektua onartzea.

e)   Bere jardute-eremuarekin zerikusia duelako esleitutako beste edozein eginkizun.

 

84. Artikulua - Zuzendaria

 

      Agentziako zuzendariak agentzia ordezkatu eta zuzendu egingo du; lanak agindu eta antolatuko ditu, eta, oro har, aurreko eginkizun horiek ahalik eta ondoen betetzeko behar dituen ahalak erabiliko ditu, bai eta estatutuetan esleitutako gainerako eginkizunak bete ere.

 

      Administrazio-kontseiluko buruak proposatuta, administrazio-kontseiluak izendatuko du zuzendaria, sei urtetarako.

 

85 Artikulua - Adituen Batzordea

 

      1.-    Adituen Batzordea agentziaren izaera teknikoko kide anitzeko organo gisa eratzen da.

 

      2.-    Batzordeburu agentziako zuzendaria izango da, eta estatutuetan aurreikusitako osaera, eginkizunak eta jarduteko moduaren araubidea izango ditu.

 

      3.-    Agentziaren jarduera-esparru batzuetan eta besteetan onartutako ospea duten ikertzaile eta irakasleez osatua izango da, eta bateraezintasun-araubide zorrotz baten mende egongo dira.

 

      4.-    Ebaluazio, egiaztapen eta ziurtapen adierazle edo irizpideak sortuko ditu. Irizpide horiek objektiboak, agerikoak eta nazioarteko komunitate zientifikoak hartutakoekin bat datozenak izango dira.

 

      5.-    Ebaluazio, egiaztapen eta ziurtapen prozesuak inpartzialak eta objektiboak izan daitezen zainduko du.

 

86. Artikulua - Finantzaketa

 

      Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jarriko dira agentziak bere eginkizunak betetzeko behar dituen baliabideak, eta hori ez da eragozpen izango agentziak beste diru-sarrera batzuk ere eduki ahal izateko, bere eginkizunak betez sortzen direnak barne.

 

      Inolaz ere ez du dirurik jasotzerik izango, bere jardunagatik, ebaluatu beharreko entitateen eskutik.

 

      Agentziarentzat lege honetan ezarritako araubide juridikoarekin bat etorriz, haren jardun ekonomikoa eta finantzazkoa zein haren kontuen kontrola Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion araudiari egokituko zaizkio.

 

87. Artikulua - Ondarea

 

      Eginkizunak betetzeko beharrezko dituen ondasun eta ondarea izendatuko ditu Jaurlaritzak agentziarentzat.

 

      Agentziaren ondarearen araubidea Euskadiko Ondarearen Legeari egokitu beharko zaio.

 

88 Artikulua - Kode etikoa

 

      Agentziaren jardueren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatzeko, kode etiko bat ezarriko du. Kodea agerikoa izango da.

 

VII. TITULUA

EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN EKONOMIA ETA FINANTZA ARAUBIDEA

LEHENENGO KAPITULUA

EUSKAL UNIBERTSITATE-SISTEMA

 

89. Artikulua - Printzipio orokorrak

 

      Unibertsitatea autonomoa da bere kudeaketa egiteko, eta eragimen, eraginkortasun eta kalitatea hobetzearen printzipioen pean jarduten da.

 

      Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak, Jaurlaritzaren ordezkari gisa, dagokion unibertsitatearekin programa-kontratuak hitzartu ahal izango ditu, lankidetza-formulatzat; programa-kontratu horiek administrazio-izaera izango dute, eta berez diru-laguntzak izango dira.

 

      Unibertsitate publikoaz gain, publikoak ez diren eta jarduerak Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak ebaluatzen dizkien unibertsitateek ere kontratu-programak hitzartu ahal izango dituzte.

 

      Kontratu-programak hitzartzeko orduan, publikoak ez diren unibertsitateei ezarritako baldintzak, gutxienez, unibertsitate publikoari ezarritako berberak izango dira.

 

 

 

BIGARREN KAPITULUA

UNIBERTSITATE PUBLIKOA

LEHENENGO ATALA

AURREKONTU OROKORREN KONTURA EGINDAKO HORNIDURA

 

90. Artikulua - Egitura

 

      1.-    Urteko hornidura, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura, lege honetan eta unibertsitate-planean ezarritako irizpideen arabera zehaztuko da.

 

      2.-    Jaurlaritzak erabakiko du unibertsitaterako hornidura aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburuak proposatuta, unibertsitateari entzun eta Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak txostena egin ondoren; hornidura hori Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-egitasmoan egongo da sartuta.

 

      3.-    Unibertsitatearentzako aurrekontu-hornidura hiru ekarpen-motaz dago egituratuta:

 

a)   Ekarpen arrunta, askitasun-printzipioari begira ezarritako irizpideen araberakoa.

b)   Ekarpen osagarria, unibertsitateen gaietan eskumena duen sailak ezarritako berariazko irizpideen araberakoa, Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluaren iritzia entzun ondoren erabakita.

c)   Inbertsio eta azpiegituretarako hainbat urtetarako programa hornitzeko behar diren kredituak.

 

91. Artikulua - Ekarpen arrunta

 

      Ekarpen arrunta Jaurlaritzak ezarritako irizpideen arabera kalkulatuko da; Jaurlaritzak Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluaren txostena baliatuko du irizpide horiek ezartzeko.

 

92. Artikulua - Programa-kontratuak

 

      1.-    Programa-kontratuak baldintzapeko finantzaketa-era bat dira. Xede jakin batzuetara zuzendutako jarduera zehatz batzuen arabera eta adierazleen bidez neurtutako emaitzen arabera zehaztuko da programa-kontratua.

 

      2.-    Programa-kontratuek beren guztiko kostuaren aurreikuspena eduki beharko dute, bai eta beste finantzaketa-iturri batzuena eta ustez izango dituen diru-sarreren zenbatekoena ere. Era berean, gastu arrunta eta kapital-gastua bereizi beharko dituzte, eta honako gai hauek zehaztu: programa bakoitzerako izendatutako funtsak, baita, hala balegokio, ikerketarako edo hezkuntzaren berrikuntzarako ordainsaritzat eman daitezkeen diru-kopuruak ere; ebaluazio-irizpideak; programa-kontratuen indarraldia; programa-kontratua iraungiarazteko arrazoiak, eta programa-kontratua ez betetzeak eragingo dituen erantzukizunak, eskualdatutako funtsak itzultzeko betebeharra barne.

 

      3.-    Programa-kontratuak urtero-urtero berrikusiko dira, helburuen betetze-mailaren arabera; eta, hala balegokio, bertan behera utzi ere egin ahal izango dira, aurreikusitako helburuak lortzen ez badira.

 

 

93. Artikulua - Inbertsio eta azpiegituretarako hainbat urtetarako programa

 

      1.-    Azpiegitura materiala garatu, hobetu eta egokitzea da inbertsio eta azpiegituretako hainbat urtetarako programaren xedea.

 

      Programak obren beharrizanak antzeman eta beharrizan horiek arrazoitu egin beharko ditu, eta alderdi hauek zehaztu: zein campusetan gauzatu behar diren, obren kostua, inbertsioa egiteko aldien banaketa eta beharrezkoak diren gainerako ezaugarriak.

 

      2.-    Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari aurkeztuko dio unibertsitateak inbertsio eta azpiegituren hainbat urtetarako programa, eztabaidatu eta onartzeko.

 

      3.-    Unibertsitateari dagokio administrazio publikoen kontratuen legerian ezarritakoaren pean programa hori gauzatzea. Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak programa nola gauzatzen den ikuskatuko du, eta programa hori betetzeko beharrezko deritzen neurriak hartu ahal izango ditu, eta, hala behar balitz, programa hori bertan behera utzarazi ere egin ahal izango du.

 

BIGARREN ATALA

ZUZENBIDE PUBLIKO EDO PRIBATUKO BESTE DIRU-SARRERA BATZUK

 

94. Artikulua - Araubide orokorra

 

      Unibertsitateko aurrekontuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren kontura egindako horniduraz gain, ordenamendu juridikoan aurreikusitako Zuzenbide publiko edo pribatuko beste diru-sarrera batzuekin ere osatuko dira.

 

95. Artikulua - Prezio publikoak

 

      1.-    Prezio publikoen gaineko indarreko araudiak arautuko ditu irakaskuntza-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezio publikoak eta legez ezarritako gainerako ordainkizunak, eta unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburuak onartu beharko ditu horiek.

 

      2.-    Aurreko paragrafo horretan aurreikusitakoaren barruan sartzen dira:

 

a)   Titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzen prezioak; Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak ezarritako mugen barruan finkatuko dira prezio horiek.

b)   Aipatutako titulu horiek emateagatik, ikasketak baliozkotzeagatik, edozein eratako ziurtagiriengatik, agiriak jatorrizkoekin erkatzeagatik eta idazkaritza-lanengatik eskatuko diren prezioak.

 

      3.-    Irakaskuntzari dagozkion prezioak zehazteko, honako oinarrizko irizpide hauei jarraituko zaie:

 

a)   Ikasgai bakoitzaren kreditu-kopurua, ikasgaiaren esperimentaltasun-mailaren barruan, eta lehenbiziko, bigarren, hirugarren edo hortik aurrerako matrikula den kontuan hartuta.

b)   Matrikula kurtso osokoa den edo ikasgaika egindakoa den, edo, hala balegokio, kreditu bereizikakoa.

c)   Ikasgaia enborrekoa, nahitaezkoa edo aukerakoa den.

d)   Ikasgaia urte osokoa, lau hilabetekoa edo hiru hilabetekoa den.

e)   Zikloa.

 

96. Artikulua - Irakaskuntzengatik eskatuko diren beste prezio batzuk

 

      Gizarte Kontseiluak ezarriko ditu prezioak, bai unibertsitatearen berezko irakaskuntzen kasuan -Euskal Autonomia Erkidegoak onartutako titulu edo diplomak horien artean direla- zein espezializazio-ikastaroen eta unibertsitateak eskainitako prestakuntzako bestelako jardueren kasuan.

 

97. Artikulua - Beste erakunde edo pertsona fisiko batzuekiko kontratuak

 

      1.-    Euskal Herriko Unibertsitateak erakunde publiko eta pribatuekin edo pertsona fisikoekin egin beharreko kontratuetarako baimena estatutuetan ezarritako prozedurei jarraituz emango da, aplikatzekoak diren oinarrizko arauen pean; estatutuek eurek ezarriko dute kontratuen bidez eskuratutako ondasun eta baliabideak zertarako erabiliko diren.

 

      2.-    Kontratu horiek eragindako diru-ordainak unibertsitatearen diru-sarreratzat joko dira, eta haren diru-sarreren aurrekontuan agertu beharko dira. Diru-sarrera horien likidazioa unibertsitatearen aurrekontuen likidazioaren barruan agertu beharko da.

 

      3.-    Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, gai horren inguruan oinarrizko legeriak eta unibertsitatearen estatutuek aurreikusitakoarekin bat etorriz, irakasleek eta ikertzaileek ordainsari osagarriak eskuratu ahal izango dituzte kontratu horien kontura.

 

      4.-    Unibertsitateak erantzukizuna izango du kontratuak ez badira betetzen; hala ere, zuzeneko erantzuleen aurka jo ahal izango du atzera itzultzeko akzioaren bidez, eta legozkiokeen diziplina-akzioak ere erabili ahal izango ditu.

 

HIRUGARREN ATALA

LANPOSTUEN ZERRENDAK

 

98. Artikulua - Esanahia eta edukia

 

      1.-    Lanpostuen zerrenda unibertsitatearen tresna bat da, bere barruko egiturak arrazoizko eran eratu eta antolatu, zenbat langile behar dituen erabaki, lanpostuak betetzeko eskakizunak zehaztu eta lanpostu bakoitza sailkatzeko.

 

      2.-    Aurrekontuetan diru-hornidura duten lanpostu guztiak sartu beharko dira lanpostuen zerrendetan.

 

      3.-    Bestalde, unibertsitatearen zerbitzu orokorretako lanpostuen zerrenda bereizia izango da; zerrenda horretan, unibertsitatearen gobernu-organo orokorrei eta campus bakoitzeko gobernu-organo orokorrei atxikitako lanpostuetako langileak sartuko dira.

 

99. Artikulua - Lanpostu-zerrenden edukia

 

      1.-    Administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostuen zerrendak Euskal Funtzio Publikoaren gaineko uztailaren 6ko 6/1989 Legean (lege horretan azaroaren 7ko 16/1997 Legeak sartutako aldaketak kontuan hartuta) herri-administrazioetarako orokortasunez ezarritakoari egokituko zaizkio.

 

      2.-    Irakasleen eta ikertzaileen lanpostuen zerrendetan hau zehaztu beharko da, gutxienez:

 

a)   Lanpostu bakoitzari dagokion izena eta kategoria. Irakasleen kidegokoa edo kontratudunena den.

b)   Zein sail edo ikerketa-instituturi atxikita dagoen.

c)   Dedikazio-araubidea.

d)   Ordainsari-araubidea, oinarrizko soldata eta dagozkion ordainsari-osagarriak aipatuz, irakaskuntza edo ikerketako merezimenduengatik dagozkionak alde batera utzita.

e)   Euskarazko hizkuntza-gaitasunaren maila baloratzeko eta nahitaez eskatzeko araubide orokorra; lege honen 11. artikuluari lotuz garatuko da araubide hori. Hizkuntza-gaitasuna egiaztatzen ez duenak ezingo inolaz ere euskaraz irakatsi beharra duen lanpostu bat bete.

 

      3.-    Lanpostuen zerrendak aurrekontuetako aurreikuspenei egokitu beharko zaizkie, halako moldez non aurrekontu-plantillan kreditu-hornidurarik ez daukan lanposturik ezingo den agertu.

 

      4.-    Unibertsitateko gobernu-kontseiluari dagokio aurrekontu-aurreikuspenen esparruan lanpostuen zerrendak egitea.

 

      5.-    Lanpostuen zerrendak eta haien aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

 

LAUGARREN ATALA

ONDAREA ETA KONTRATAZIOA

 

100. Artikulua - Ondarea

 

      1.-    Ondarea eskuratu, norabaiterako izendatu eta kudeatzeari dagokiona arau hauen pean egongo da: lege hau eta unibertsitateen gaineko oinarrizko legeria, Euskadiko Ondarearen Legea, administrazio publikoen ondarea arautzen duen araudia eta unibertsitatearen estatutu eta aplikatzekoak diren gainerako barne-arauak.

 

      2.-    Unibertsitate publikoaren ondasun eta eskubideak, zerbitzu publikoari atxikiak daudenak, jabari publikoko ondasunak direla joko da.

 

      Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoak eta administrazio publikoek badaukate ondasunak eta eskubideak unibertsitateari lagatzea, jabetza beretzat gorderik, ondasun eta eskubide horiek ez direnean unibertsitatearentzako bakar-bakarrik edo horiek aldi baterako erabiltzeko lagatzen direnean.

 

      3.-    Gizarte Kontseiluari dagokio ondasunak jabari publikotik kentzeko erabakia hartzea, bai eta ondasun horietaz xedatzeko erabakia hartzea ere; horretarako, ordea, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak baimena eman behar du aldez aurretik. Ondasun horietaz xedatuta ateratzen den etekina Gizarte Kontseiluak erabakiko du zertarako erabili behar den.

 

      4.-    Euskal unibertsitate-sistemaren zerbitzu publikoari atxikita ez dauden ondasun eta eskubideak ondare-ondasunak direla joko da. Halako ondasunak eskuratu, kudeatu eta horietaz xedatzeko egintzak administrazio publikoei ezartzekoa den araudiaren pean egongo dira; orobat, ondasun horiek eskuratu eta horietaz xedatzeko eskumena duten unibertsitate-organoek jarraitu beharreko prozeduraren eta gehienezko mugen gainean Gizarte Kontseiluak araudi horren esparruan erabakitakoaren pean.

 

101. Artikulua - Ondarearen inbentarioa

 

      Unibertsitateak bere ondasun eta eskubideen inbentarioa egin beharko du, eta eguneratuta eduki, erregelamendu bidez ezarritako moduan.

 

102. Artikulua - Kontratazioaren araubide orokorra

 

      Hala unibertsitateak nola berak baliatzeko sortutako enteak herri-administrazioen kontratuen gaineko legeriak kasu bakoitzerako ezarritakoaren pean egongo dira; hala ere, zientzia, teknika edo arte lanak egiteko kontratuek nahiz espezializazio-irakaskuntzak edo prestakuntza-ekintza zehatzak emateko egindakoek berezitasunak izan ditzakete.

 

103. Artikulua - Jabetza nahitaez kentzea

 

      1.-    Jabetza nahitaez kentzearen inguruko legeriaren ondorioetarako, unibertsitatea onuradun dela joko da.

 

      2.-    Unibertsitate zerbitzu eta ekipamenduak -teknologia-parkeak barne- ipini, handitu eta hobetzeko obren proiektuak herri-onurakoak direla joko da, proiektu horietarako behar diren ondasun eta eskubideen jabetza nahitaez kentzea dela-eta.

 

      3.-    Jaurlaritzak obra-proiektu horiek onartzeak herri-onurakotzat jotzea eta ondasun eta eskubideak okupatu beharra dakar berekin. Dena delako obra-proiektua onartzeko erabakiak ondasun eta eskubide guztien eta horien jabeen zerrenda osoa jaso beharko du, jendaurrean erakutsi beharko da hamabost egunez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, dagokion lurralde historikoaren aldizkari ofizialean eta dagokion lurralde historikoan hedapen handienetakoa duen egunkari batean gutxienez argitaratu beharko da.

 

BOSGARREN ATALA

AURREKONTUA

 

104. Artikulua - Aurrekontu eta kontabilitate araubidea

 

      1.-    Unibertsitatearen aurrekontua publikoa, bakarra eta orekatua izango da, eta bere diru-sarrera eta gastu guzti-guztiak agertu beharko dira bertan. Urteko bat egingo da, eta urte naturalaren iraupena izango du.

 

      2.-    Finantza-, aurrekontu- eta kontabilitate-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziorako orokortasunez ezarritakoari egokituko zaio. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak egingo du egokitze hori, unibertsitateen gaietan eta aurrekontu eta kontrol ekonomikoarenetan eskumenak dituzten sailen bitartez; egokitze horrek unibertsitate publikoaren aurrekontuaren egitura, haren kontabilitate-sistema eta urteko kontuek eduki beharreko agiriak hartuko ditu bere baitan.

 

      Era berean, aurrekontuaren orekaren gaian Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuta dituen konpromisoei egokituko zaie unibertsitatea. Gai honen inguruko informazioaren gaineko eskakizunak baliteke ez etortzea bat lege honetako 106. artikuluan kontuen kontrolaren gainean ezarritako urteroko aurreikuspenekin, ez edukiaren aldetik, ez denboraren aldetik, ez eta aldizkakotasunaren aldetik ere.

 

      3.-    Unibertsitateak unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari igorriko dio, ezarritako aldizkakotasunarekin, aurrekontu eta finantza gauzapenaren gainean beharrezkoa den informazioa, hartara artikulu honetan ezarritakoa betetze aldera.

 

105. Artikulua - Langile-kostuetarako baimena

 

      1.-    Langile-kostuetarako baimena eskuratze aldera, unibertsitateak agiri hauek helarazi beharko ditu urtero, maiatzaren 31 baino lehen:

 

a)   Ezabatu diren lanpostuen zerrenda; betetzeko eskakizunak aldatu eta gastua gehitzea eragin duten lanpostuen zerrenda, edo irakasleen kidegoetatik kontratatzekoetara edo alderantziz aldatu diren lanpostuena; berrian berri sortu eta hurrengo aurrekontu-ekitaldian unibertsitateko irakasleen kidegoei edo kontratatzekoei dagozkien enplegu-eskaintzetan aterako diren lanpostuen zerrenda. Lanpostuak kategoria hauetan sailkatuz egingo da zerrenda: unibertsitateko irakasleen kidegoetako lanpostuak, irakaskuntzako langile kontratatuen lanpostuak, berezko ikertzaileen lanpostuak eta administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostuak. Era berean, lanpostu horiek guztiek eragingo duten gastu gehitzea edo gutxitzea zenbatekoa den ere zehaztu beharko da.

b)   Hurrengo urteko aurrekontu-ekitaldirako talde hauei dagokien orotarako kostuen zerrenda, ordainsari-mota eta osagarri guztiak zehaztuta eta talde bakoitzari dagokiona adierazita: unibertsitateko irakasleen kidegoetakoak, kategoriatan sailkatuta; irakasle eta ikertzaile kontratatuak, kategoriatan sailkatuta; administrazio eta zerbitzuetako langileak, dagokien sailkapen-taldearen arabera bereizita; kudeaketa-eginkizunak dituzten irakasleak eta ikertzaileak, irakaskuntza edo ikerketa zereginik gabeak.

 

      2.-    Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eman beharko du baimena hala irakasleen eta ikertzaileen nola administrazio eta zerbitzuetako langileen kostuetarako, bai eta lanpostuen eta kontratuen aurreikuspenetarako ere.

 

106. Artikulua - Kontuak fiskalizatzea

 

      1.-    Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokio Euskal Herriko Unibertsitatearen, haren Gizarte Kontseiluaren eta, oro har, erakunde publiko zein pribatuek egiten duten herri-funtsen erabileraren fiskalizazioa egitea, unibertsitateak berak egin nahi dituen ikuskaritzak alde batera utzita.

 

      2.-    Errektoreak bidaliko die aurrekontua unibertsitateen gaietan eta aurrekontuen zein kontrol ekonomikoarenetan eskumenak dituzten sailei, agiri osagarri guztiekin batera; hilabeteko epea izango du horretarako, aurrekontua onartu zenetik kontatzen hasita.

 

      Era berean, urtero-urtero lehenbiziko sei hilabeteen barruan, aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazio ikuskatua, ekitaldi-amaierako egoera-balantzea eta memoria ekonomikoa igorriko dizkie sail horiei.

 

      3.-    Era berean, unibertsitatea erakunde baten kapitalaren edo horren pareko ondare-funtsaren gehiengoaren jabe bada, Gizarte Kontseiluko buruak erakunde horren urteko aurrekontu eta agiri osagarriak igorri beharko dizkie sail horiei, horrelako parte-hartzea duen erakunde guztienak, hain zuzen ere. Baita erakunde horien aurreko ekitaldiko aurrekontuen likidazioa ere, behar bezala ikuskatutako aurrekontuena, alegia. Aurreko lerroaldean aipatutako epea izango dute horretarako.

 

 

107. Artikulua - Kreditu-transferentziak, zorpetzeak eta bermeak

 

      Lege honetan aurreikusitakoez gain, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari eginkizun hauek dagozkio, Ogasun eta Herri Administrazio Sailarekin batera:

 

a)   Kapital-eragiketetako kredituak gastu arruntetako eragiketetara aldatzeko baimena ematea. Baimen horren ondoren Gizarte Kontseiluaren erabakia behar izango da, lege honetako 70.ñ) artikuluan ezarritakoaren arabera.

b)   Zorpetzeko eta abalak eskatzeko eragiketetarako baimena ematea.

 

VIII. TITULUA

PUBLIKOAK EZ DIREN UNIBERTSITATEAK

 

108. Artikulua - Baldintzak

 

      1.-    Edozein pertsona fisiko edo juridikok sustatu ahal izango du publikoak ez diren unibertsitateen onarpena, horretarako muga edo debeku bakarrak unibertsitateen gaineko oinarrizko legerian ezarritakoak izango dira. Onarpenak berekin dakar unibertsitatea gizarte-intereseko eta herri-onurako erakundetzat jotzea, bai eta onuradun izatea jabetza nahitaez kentzeko legeriaren ondorioei dagokienez.

 

      2.-    Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak egingo du espedientea, eta unibertsitateak onartzeko eskatzen diren legezko eskakizunak betetzen direla egiaztatu beharko du espediente horretan.

 

      3.-    Publikoak ez diren unibertsitateek berezko nortasun juridikoa izango dute, sustatzaileenaz bestekoa. Jarduerak hasteko baimena eman aurretik egiaztatu beharko da betekizun hori betetzen dela.

 

      4.-    Unibertsitatea sortu ahal izateko, diru-bermea eskatuko da, eta ezingo da izan hiru milioi eurotik beherakoa. Unibertsitatearen sustatzailea merkataritza-sozietatea bada, ez da beharrezkoa izango diru-bermerik jartzea, betiere eratze-agirian ageri den sozietatearen hasierako kapitala hiru milioi eurotik beherakoa ez bada eta bazkide bakoitzari dagokion zatia zehaztuta agertzen bada.

 

      Hasieran ordaindutako sozietatearen kapitala ezin izango da izan kapital osoaren erdia baino gutxiago, eta, edonola ere, hasierako jarduerak hitzartutako eran gauzatzeko bestekoa izan beharko du.

 

109. Artikulua - Onartzea

 

      1.-    Unibertsitate pribatuen onarpena legez egingo da.

 

      2.-    Onarpena emateko legeak ezarriko du unibertsitate berriak nahitaez utzi beharko duela bere jarduerak Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak ebaluatzea.

 

      3.-    Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburuak erabakiko du, agindu bidez, unibertsitatearen jardueren hasiera; sei hilabeteko epea izango du horretarako, unibertsitatea onartzeko legea indarrean sartzen denetik kontatzen hasita. Horretarako, ordea, aipatutako epearen barruan bere titulu ofizialak homologatu beharko ditu eta gainerako legezko eskakizunak bete dituela egiaztatu.

 

110. Artikulua - Kontrola

 

      1.-    Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak, aldiro-aldiro, ikuskatu egin beharko du publikoak ez diren unibertsitateek aplikatzekoak diren arauak eta onarpena lortzeko beren gain hartu zituzten konpromisoak betetzen dituzten.

 

      2.-    Baldin eta, jarduerak hasi ondoren, ikusten bada dena delako unibertsitateak legezko eskakizunen bat edo hartutako konpromisoren bat ez duela betetzen, sailak hiru hilabeteko epea emango dio, gehienez, bete gabekoa bete dezan. Epe hori igaro eta dena delako unibertsitateak ez badu artean hutsa konpondu, Jaurlaritzak, sailak proposatuta eta unibertsitateari, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari eta dagokien erakundeei entzun ondoren, bertan behera utziko du unibertsitatearen jarduera guztia edo jardueraren zati bat, eta, hala balegokio, lege-egitasmo bat igorriko du Eusko Legebiltzarrera unibertsitate horri emandako onarpena kentze aldera.

 

      3.-    Bai publikoak ez diren unibertsitateek, bai unibertsitate publikoei atxikitako ikastetxe pribatuek, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailaren aldez aurreko baimena beharko dute ondoko ekintza hauetarako:

 

a)   Nortasun juridikoa aldatzeko.

b)   Unibertsitateen izaeran eta egituran aldaketak egiteko.

c)   Publikoak ez diren unibertsitateen gainean pertsona fisikoek edo juridikoek duten titulartasun osoa edo haren zati bat dohainik edo ordain trukean eskualdatzea edo lagatzea dakarten egintza edo negozio juridikoak egiteko, dela negozio edo egintza hori inter vivos erakoa edo mortis causa erakoa, baldin eta titulartasuna daukan erakundearen administrazio-kontseiluan lekua izateko eskubidea ematen badute.

d)   Sozietatearen kapitala ordezkatzen duten tituluak kargatzeko.

e)   Obligazioak edo antzeko tituluak jaulkitzeko.

 

      4.-    Baimenaren ukapena araututako egintza bat izan behar da, eta honako arrazoi hauengatik baino ezingo da ukatu: lege honetan, onarpena emateko legean edo dena delako nortasun juridiko mota horri aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitakoa ez betetzea; unibertsitateen gaineko oinarrizko legerian ezarritako debekuak ez betetzea eta unibertsitatea onartzeko eskatzerakoan edo ikastetxe pribatua unibertsitate publikoari atxikitzeko hitzarmena sinatzerakoan hartutako konpromisoak betetzeko emandako bermeak nahikoa ez izatea.

 

      5.-    Aurreko 4. paragrafo horretan aurreikusitako arau-hausteek, onarpena edo atxikipena emanda gero gertatzen badira, aldaketa eragingo dute funtsezko baldintzetan. Unibertsitateen gaietan eskuduna den sailburuak egingo du arau-hausteari dagokion espedientearen instrukzioa, artikulu honetako 2. paragrafoan aurreikusitako prozeduraren eta ondorioen arabera.

 

      6.-    Titulartasunaren aldaketa gertatzen denean, titular berriak hartuko ditu bere gain aurreko titularraren eskubide eta obligazioak.

 

      7.-    Publikoak ez diren unibertsitateek laguntza publikorik jasotzen badute, Gobernuak unibertsitate publikoari eskatzen zaizkion baldintzen antzekoen araubidea ezarriko du.

 

111. Artikulua - Ikastetxeak eta tituluak onartu eta ezabatzea

 

      1.-    Antolamendu juridikoak ikastetxeen egiturari, titulazioei eta mailei buruz eskatzen dituen gutxieneko eskakizunak bete beharko dituzte, uneoro, publikoak ez diren unibertsitateek.

 

      2.-    Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailaren aldez aurreko baimena behar izango da honako hauetarako:

 

a)   Fakultateak, goi-mailako eskola tekniko edo politeknikoak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-eskola politeknikoak, ikerketako institutuak edo ikasgelatik kanpoko irakaskuntza antolatzen duten beste zentro edo egitura batzuk sortu eta ezabatzeko.

b)   Titulu ofizialak edo Euskal Autonomia Erkidegoak onartutakoak lortzeko irakaskuntzak, ikasgela barrukoak nahiz birtualak, ezarri edo ezabatzeko.

c)   Unibertsitate-ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeak unibertsitate publikora, unibertsitatearen berezko ikastetxe gisa biltzeko.

d)   Ikasketa-planen gaineko txostenak egiteko, unibertsitateak horiek onartu eta gero, baina titulua homologatu eta ikasketa-planak abiatzeko baimena eman baino lehen.

 

      3.-    Ezin izango dira tituluak ezabatu titulu horietan matrikulatutako ikasleek beren ikasketak amaitzen ez dituzten bitartean, lege honetako 110. artikuluan aurreikusitako hartan izan ezean.

 

      4.-    Baimenak esleituko badira, aurreko paragrafo horretan ezarritakoa bermatuta egon beharko da, eta indarreko legeriak ezarritako gainerako eskakizunak bete beharko dira.

 

112. Artikulua - Publikoak ez diren unibertsitate-ikastetxeak

 

      Publikoak ez diren unibertsitate-ikastetxeek publikoa ez den unibersitate baten baitan egon beharko dute sartuta, horien berezko ikastetxe gisa, edo, bestela, unibertsitate publiko bati atxikiak.

 

113. Artikulua - Publikoak ez diren unibertsitateetako irakasleak

 

      1.-    Abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 72.2 artikuluan aurreikusitako %25a kalkulatzeko erabili behar den irakasle guztien kopuruaren zenbaketarako, denbora osoa izango da neurria, eta denbora-zati batez diharduten irakasleen eragina haztatu egingo da.

 

      2.-    Publikoak ez diren unibertsitateek, abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak beren irakasleen kanpo-ebaluaziorako ezarritako baldintzak betetzeko, ebaluazio hori garatzeko hitzarmenak egin beharko dituzte Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehenengoa - Unibertsitateko irakaskuntza-kidegoetako lanpostuetarako deialdiak

 

      Unibertsitateko irakaskuntza-kidegoetako lanpostuetarako deialdietan, lege honetako 16. artikuluan kontratatutako irakasle eta ikertzaileentzat ezarritakoa aplikatuko da.

 

 

 

Bigarrena - Beste hezkuntza-maila batzuetako irakasleak unibertsitatean sartzea

 

      Euskal Autonomia Erkidegoak unibertsitateekiko hitzarmenak sustatuko ditu, indarrean dauden hezkuntza-legeek aipatzen dituzten kidegoetako irakasleak unibertsitateko sailetan errazago sartu ahal izateko.

 

Hirugarrena - Izendapenaren erabilera esklusiboa

 

      1.-    Unibertsitate izena edo unibertsitate-legerian aipatzen diren ikastetxe, ikasketa, titulu ofizial eta kide bakarreko gobernu-erakundeen berezko izenak erabiliko badira, horiek denak unibertsitate-legeriaren arabera sortu edo onartuak behar dute izan. Unibertsitate publikoen, publiko ez direnen edo publikoei atxikitakoen ikastetxeetarako ez bestetarako erabili ahal izango dira izen horiek edo horien antzekoak nahiz eratorriak.

 

      2.-    Aurreko paragrafo horretan ezarritakoa haustea, edo, oro har, unibertsitateak eta unibertsitateko ikastetxeak sortu eta onartzearen inguruko Estatuaren edo Euskal Autonomia Erkidegoaren mailako araudian aurreikusitakoa haustea hutsegite oso larria dela joko da, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

 

Laugarrena - Esperimentaltasun-koefizientea

 

      Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburuak onartutako dekretuaren bidez zehaztuko dira titulu ofizialen esperimentaltasun-koefizienteak.

 

Bosgarrena - Publikoak ez diren unibertsitateak

 

      Publikoak ez diren unibertsitateen artetik lege hau indarrean sartzean jardunean direnek legean aurreikusitako eskubideak, onurak eta ustea izango dituzte, lehendik onartuta zituzten eskubideen kalterik gabe.

 

Seigarrena - Eliza katolikoaren unibertsitateak

 

      Lege honetan Eliza katolikoaren unibertsitateetarako ezarritakoa Espainiako Estatuak eta Egoitza Santuak egindako itunei egokituko zaie.

 

Zazpigarrena - Hitzarmenak negoziatzeko egitura teknikoa

 

      Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak egitura tekniko bat eratzea sustatu behar dute, hitzarmen, akordio edo itun kolektiboen negoziazioan alderdi publikoaren ordezkaritza bere gain har dezan eta elkar-hartze horien jarraipena egin dezan.

 

Zortzigarrena - Aukera berdintasuna gizonen eta emakumeen artean

 

      Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna sendotzeko ekimenak bultzatuko ditu unibertsitateko arlo guztietan.

 

Bederatzigarrena - Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordainsariak

 

      Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordainsariei buruzko 36. artikuluari dagokionez, indarrean dirau Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta sindikatuek 1986ko ekainaren 17an soldatak parekatzeko sinatu zuten akordioa.

 

Hamargarrena - Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea

 

      1.-    Kultura Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak batera proposatuta, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen iritzia entzun ondoren, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea Euskal Herriko Unibertsitatera bilduko da 2005/2006 ikasturterako, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Legean, lege honetan eta beste garapen-xedapenetan ezarritakoaren arabera.

 

      2.-    Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Legean, lege honetan eta beste garapen-xedapenetan ezarritakoaren arabera, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea Euskal Herriko Unibertsitatera biltzen den unerako doktore-titulua eskuratua duten erakunde horretako irakasleak beren jakintza-arloaren arabera irakasle kontratatu doktore agregatuen hezkuntza-kategorian birsailkatuak izango dira ondorio guztietarako, baldin eta irakaskuntza-lanetan gutxienez hiru urtez aritu izana edo doktoregoa lortu ondoren batez ere ikerketa-lanetan aritu izana egiaztatzen badute eta Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak edo lege honek ezartzen duen kanpoko ebaluazio-organoak haien jarduerari buruz ebaluazio positiboa egin badu.

 

      Irakaskuntzako kontratu-kategoria horretan sartuko dira, era berean, lege hau indarrean sartzen den egunaren biharamunetik hasita bost urteko epean doktore-titulua eskuratzen badute eta aurreko lerroaldean adierazitako beste baldintzak betetzen badituzte. Kasu horretan, lehen aipatutako baldintzak betetzean egingo da sailkatze berria.

 

      3.-    Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea Euskal Herriko Unibertsitatera biltzen den unerako doktore-titulua eskuratua ez duten irakasle kontratatuak, irakasle laguntzaile moduan birsailkatuak izango dira, uztailaren 26ko 774/2002 Errege Dekretuaren VI. eranskinean aurreikusitako jakintza-arloren bati atxikita, baldin eta Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak edo lege honek ezartzen duen kanpoko ebaluazio-organoak haiei buruz aldeko txostena egin badu.

 

      Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea Euskal Herriko Unibertsitatera biltzen den unerako aurreko lerroaldearen arabera birsailkatu ezin diren gainerako irakasle kontratatuak iraungitzekotzat joko dira, jatorrizko kategoriari dagozkion eskubideak mantenduz.

 

      4.-    Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea Euskal Herriko Unibertsitatera biltzen den unean erakunde horretan lanean diharduten eta irakasle ez diren langile kontratatuek beren zerbitzu-harremana mantenduko dute. Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea Euskal Herriko Unibersitatera biltzen den unean erakunde horretan lanean diharduten eta irakasle ez diren funtzionarioak aplikatu behar zaien legerian aurreikusitako egoera administratiboan geratuko dira.

 

      5.-    Xedapen gehigarri honetan aurreikusitakoak aurrera eraman ahal izateko, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari helburu horretarako behar diren arau eta aurrekontu garapen guztiak egin ditzan.

 

      6.-    Xedapen gehigarri honen arabera jokatuko da lege hau indarrean sartu aurretik egindako deialdietan plazarik eskuratzen duten irakasleekin eta irakasle ez diren langileekin.

 

 

 

 

 

 

Aldi Baterako Xedapenak

 

Lehenengoa - Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseilua berritzea

 

      Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseilua lege honetan ezarritakoari jarraituz eratuko da; sei hilabeteko epea izango da gehienez horretarako, lege hau indarrean sartzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Horrela hautatutako kide berriek kargua hartu bitartean, orain arte kide izan direnek jarraituko dute eginkizun horretan.

 

Bigarrena - Unibertsitateen gaineko 6/2001 Lege Organikoa indarrean sartzean denbora osoko irakasle elkartuak zirenak

 

      Lege hau indarrean sartzen den unean denbora osoko dedikazioko irakasle elkartu edo irakasle elkartu doktore bezala kontratatuta dauden Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak irakasle laguntzaile edo irakasle atxiki bezala kontratatuak izango dira, beren doktore-egoeraren arabera, baldin eta unibertsitate horretan gutxienez bost urtean irakasle edo ikertzaile lanetan aritu direla egiaztatzen badute eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren aldez aurreko txostena baldin badute.

 

      Lege hau indarrean sartzen den unean kontratatuak izan arren aurreko lerroaldean ezarritako denbora-baldintza egiaztatzen ez duten Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, edo antzinatasun hori izan arren legea indarrean sartzean Euskal Herriko Unibertsitateak kontratatuta ez dauden irakasleak, aldi baterako irakasle laguntzaile moduan edo irakasle atxiki moduan izango dira kontratatuak, beren doktore-egoeraren arabera. Legea indarrean sartzean kontratatuta ez dauden irakasleei dagokienez, xedapen honek bi urteko indarraldia izango du, lege hau argitaratzen denetik kontatzen hasita. Horiek guztiek Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzien ebaluazioa pasa beharko dute, beren titulazioaren arabera kontratatu iraunkorren figura batzuetara edo besteetara iritsi ahal izateko.

 

Hirugarrena - Kalitatea ebaluatzeko kasuan kasuko agentziaren ebaluariorik gabe ari diren irakasle laguntzaileak

 

      Lege hau indarrean jartzen den unean irakasle laguntzaile gisa lanean ari direnek, baina kalitatea ebaluatzeko kasuan kasuko agentziaren aldeko txostenik eduki gabe, segitu ahal izango dute lan hori egiten, dagokien hezkuntza-arloan, euren eskaera Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak ebatzi arte.

 

Laugarrena - Administrazio eta zerbitzuetako langileak

 

      1.-    Lege hau indarrean sartzen denean behin-behinekoak edo aldi bateko lan-kontratudunak diren Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileak, beren egitekoak nola sailkatu diren kontuan harturik, funtzionario edo behin betiko lan-kontratupekoak izatera iritsi ahal izango dira, oposizio-lehiaketa libreko prozeduraren bidez, non langile horiek Euskal Herriko Unibertsitatean prestaturiko zerbitzuak baloratuko diren, gehien jota oposizioan lor daitekeen puntuazioaren ehuneko 45ekoa izanik.

 

      Legea indarrean sartzen denetik izandako lan-eskaintza publikoko lehenengo hiru deialdietan aplikatuko da balorazio hori.

 

      2.-    Aurreko atalean agindutakoa bete arte, behin-behineko edo aldi bateko lan-kontratadun langileek oraingo zerbitzu-harremanari eutsiko diote, betetzen ari diren lanpostuetan iraungo dute eta beren soldatak legeak aurreikusitako erregimenari egokitu zaizkio.

 

Bosgarrena - Karrerako funtzionarioak eta lan-kontratuko langile finkoak

 

      1.-    Funtzionario edo lan-kontratuko langile finko izanik, beren zerbitzu-harremanari dagokionaz bestelako izaerakotzat sailkaturiko lanpostuak dituzten Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileak, hurrenez hurren, eta betiere horretarako eskaturiko titulazio-baldintzak betetzen badituzte, plantilla laboralean sartu edo dagokien kidegoko funtzionario izatera iritsi ahal izango dira, salbuespen gisa konbokatuko diren hautatze-proba murriztuen bidez.

 

      Lege hau argitaratu eta hurrengo sei hilabeteko epearen barruan egingo da deialdia. Hautaketa-prozesuan, hautagaiak egindako zerbitzuak eta hautagaiaren gaitasuna edo egokitasuna egiaztatzeko bideraturiko beste edozein merezimendu balioztatuko da. Horrez gainera, hautagaiaren ezagupenak egiaztatzeko beharrezko irizten diren beste proba batzuk ere jarri ahal izango dira.

 

      Hautatze-proba horietan parte hartu ez dutenek, edo proba horiek gainditzen ez dituztenek, ordura arte zuten harremanarekin jarraituko dute Euskal Herriko Unibertsitatearen zerbitzuan.

 

      2.-    Aurreko paragrafoan aipaturiko hautaketa-prozesuaren ondorioz funtzionario edo lan-kontratuko langile finko izatera iristeak, besterik gabe, lanpostuz aldatzea ekarriko du eta, kasuan batean, dagokion kidegoaren plantillan eta, beste kasuan, lan-kontratudunen zerrendan sartuko dira.

 

Seigarrena - Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia eratzea

 

      Legea indarrean sartzen denetik kontatzen hasita, hiru hilabeteko epearen barruan eratuko da Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia.

 

Xedapen Indargabetzailea

 

      Indarrik gabe uzten dira:

 

a)   Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate Antolamenduko ekainaren 29ko 19/1998 Legea.

b)   Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren gaineko ekainaren 27ko 6/1985 Legea.

c)   Lege honetan aurreikusitakoaren aurka doazen gainerako xedapen guztiak.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa - Erregelamendu bidezko garapena

 

      Lege hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren arauak emateko ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari.

 

Bigarrena - Indarrean sartzea

 

      Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta handik hogei egunera sartuko da indarrean lege hau.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra