Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

3/2008 Legea, ekainaren 13koa, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legea bigarrenez aldatzekoa.

2008-06-13

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2008/6/23, 118. zk.; EAO, 2011/9/3, 212. zk.

§ 300. 3/2008 LEGEA, EKAINAREN 13KOA, EUSKAL ESKOLA PUBLIKOARI BURUZKO LEGEA BIGARRENEZ ALDATZEKOA

 

ZIOEN AZALPENA

 

      Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak euskal eskola publikoko ikastetxeetako zuzendarien eskumenak arautzen ditu hainbat artikulutan, baita haiek aukeratzeko, izendatzeko eta kargutik kentzeko baldintzak eta prozedura ere.

 

      Hamalau urte baino gehiago igaro dira legea onartu zenetik, eta urte horietan bildutako esperientziak, gaiari buruzko hainbat foro, mintegi eta lan-taldeetako ondorioak eta euskal eskola publikoko ikastetxeetako zuzendarien elkarteek eta ikasleen gurasoen elkarteek hezkuntza Administrazioari helarazitako dokumentuek erakusten dutenez, indarrean dagoen araudia aldatu beharra dago, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak dioena garatzeko.

 

      Beharrezkotzat jotzen da zuzendariaren irudia indartzea eta kargu hori betetzeko pertsonarik egokiena izendatzeko hautaketa-sistema ezartzea. Izan ere, funtsezko garrantzia duen kargua da euskal eskola publikoko ikastetxeen antolaketa eta jardunbiderako, haietan emandako irakaskuntzaren kalitaterako eta haien autonomia behar bezala garatu eta baliatzeko. Hori guztia, ikastetxe bakoitzean eskuratu nahi diren emaitza akademikoak eta hezkuntzakoak lortzea ahalbidetuko duen kohesio-, elkarbizitza- eta lan-giroa sortzeko asmoarekin.

 

      Horrela, bada, Euskadiko ikastetxe publikoetako zuzendariak izendatzeko hautaketa-sistemak berdintasun, publikotasun, meritu eta gaitasun printzipioak izango ditu oinarri, lanbide mailan egokienak diren eta hezkuntza-komunitatearen babes handiena lortzen duten hautagaiak aukeratzeko.

 

      Ikastetxeari esleitutako irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako irakasle funtzionarioen arteko meritu-lehiaketa bidez egingo da hautaketa.

 

      Era berean, ikastetxeetako zuzendaritza-karguak, eta batez ere zuzendariak, egoki balioesteko neurriak ezarriko dira. Izan ere, ikastetxe publikoetako kalitatea eta jardunbide egokia bermatzeko lan hain garrantzitsua behar bezala aitortu eta balioetsi beharreko lana dela uste da.

 

      Horrela, bada, zuzendaritza-karguak eta, bereziki, zuzendari kargua betetzeko zeregina bereiz ordainduko da, exijitutako erantzukizuna eta arduraldia kontuan hartuta, Jaurlaritzak ezarritako osagarrietarako finkatzen dituen kopuruei jarraiki.

 

      Era berean, zuzendaritza-karguak eta, bereziki, zuzendari kargua betetzeko zeregina bereziki balioetsiko da irakaskuntzako funtzio publikoan dauden lanpostuen horniduraren ondorioetarako eta, batez ere, Hezkuntzako Ikuskaritzan sartzeko.

 

      Bestalde, zuzendariak, ikasketa-buruak eta idazkariak agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira eta ebaluazio positiboa lortzen dutenek aitormen pertsonala eta profesionala jasoko dute, araudi bidez ezarritako baldintzetan.

 

      Halaber, euskal eskola publikoko ikastetxeetako zuzendariek, araudi bidez finkatzen den denboraldian kargua balioespen positiboarekin bete dutenean, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dute aktibo dauden bitartean, betiere, araudi bidez finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.

 

      Zuzendarien eskumenei buruzko artikulua ere aldatu egin da, haien figura indartu eta bultzatzeko eta duten zeregina behar bezala burutzeko beharrezko ahalmenez hornitzeko.

 

      Azkenik, xedapen gehigarri bidez ezartzen da Euskal Eskola Publikoari buruzko Legea Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuei ere aplikatuko zaiela, Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoa aplikagarri gerta daitekeen alderdi zehatzetan izan ezik.

 

Lehenengo artikulua. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 30. artikuluko 3. paragrafoa aldatzen da, eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:

 

"30.3 artikulua. Kide bakarreko organoen agintaldia 33. eta 40. artikuluetan ezarriko du lege honek kasu bakoitzerako. Hautapenezko kide anitzeko organoak bi urtez behin berrituko dira, ikastetxearen antolaketa eta jardunbiderako erregelamenduak kasu bakoitzerako ezarritako aurreikuspenen arabera, epe horretan gerta daitezen hutsuneak betetzearen kaltetan gabe".

 

Bigarren artikulua. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 31.2 artikuluko e) idatz-zatia aldatzen da, eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:

 

"31.2.e) artikulua. Ikastetxeko zuzendaria hautatzeko prozesuan parte hartzea. Kideen bi hereneko gehiengoz onartuta, zuzendariaren izendapena ezeztatzea proposatzea, karguari datxezkion funtzioen ez-betetze larririk balitz".

 

Hirugarren artikulua. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 31.2 artikuluko g) idatz-zatia aldatzen da, eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:

 

"31.2.g) artikulua. Ikastetxeetan bizikidetza arloko neurri zuzentzaileak ezagutzea eta berrikustea, ikasleen eskubideak eta betebeharrak arautzen dituzten arauekin bat etorriz".

 

Laugarren artikulua. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 33. artikulua aldatzen da, eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:

 

"1.  Zuzendaria ikastetxearen kudeaketa orokor eta jardueraren arduraduna da, irakas-jarduerarena bereziki, ordezkaritza-organo gorenak emandako jarraibideen arabera jokatuz.

 

2.   Hezkuntza-komunitatearen eta hezkuntza Administrazioaren parte hartzea izango duen prozesu baten bidez hautatuko da zuzendaria. Prozesu horrek aukera eman behar du lanbide mailan egokienak diren eta hezkuntza-komunitatearen babes handiena lortzen duten hautagaiak aukeratzeko.

 

3.   Ikastetxe publikoetako zuzendariak ikastetxeari esleitutako irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako irakasle funtzionarioen arteko meritu-lehiaketa bidez hautatu eta izendatuko dira. Hautaketak berdintasun, publikotasun, meritu eta gaitasun printzipioak izango ditu oinarri.

 

4.   Meritu-lehiaketan parte hartzeko baldintzak honako hauek izango dira:

 

a) Irakaskuntzako funtzio publikoan gutxienez bost urteko antzinatasuna izatea karrerako funtzionario gisa.

b) Iraupen bereko aldi batean ikastetxeak eskaintzen duen irakaskuntzaren batean karrerako funtzionario gisa zuzeneko irakaskuntza eman izana.

c) Euskadiko Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko batean, lehiaketaren xede den ikastetxeak eskaintzen duen irakaskuntzaren batean lan egitea, gutxienez ikasturte oso bateko esperientziarekin deialdia argitaratzean.

d) Zuzendaritza-proiektu bat aurkeztea. Proiektu horrek helburuak, jardun-ildoak eta ebaluazioa jasoko ditu, besteak beste, baita ikastetxeko kide bakarreko beste organoetan jarduteko proposatzen diren pertsonen izena ere.

 

5.   Haur Hezkuntzako berariazko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiago dituzten Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, eta arte-irakaskuntza profesionalak, kirol-irakaskuntzak, hizkuntzen irakaskuntzak edo helduei zuzendutakoak ematen dituzten eta zortzi irakasle baino gutxiago dituzten ikastetxeetan, hezkuntza gaietan eskumena duen sailak aurreko paragrafoan ezarritako baldintzaren bat betetzeaz salbuetsi ahal izango du zuzendarigaia, beti ere, araudi bidez ezarritakoaren arabera".

 

Bosgarren artikulua. 33 bis artikulua gehitzen zaio Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeari, ondoko titulua izan eta hauxe esango duena:

 

"Hautatzeko prozedura

 

1.     Euskal eskola publikoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko, hezkuntza gaietan eskumena duen sailak dagozkion meritu-lehiaketak deituko ditu eta zuzendarigaien merituak eta aurkeztutako proiektuak balioesteko irizpide objektiboak eta prozedura ezarriko ditu.

 

2.     Hautaketa ikastetxean bertan egingo du hezkuntza gaietan eskumena duen saileko ordezkariz eta dena delako ikastetxeko ordezkariz osatutako batzorde batek. Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak batzordekideen guztizko kopurua finkatu beharko du. Batzordeko kideen herena, gutxienez, klaustroak izendatutako ikastetxeko irakasleek osatuko dute, eta beste heren bat, gutxienez, irakasle ez diren ikastetxeko ordezkaritza organo goreneko kideek izendatuko dute euren artean.

 

3.     Zuzendarigaiek egiaztatutako ikasketa-merituen eta lanbide-merituen balioespen objektiboa eta zuzendaritza-proiektuaren balioespena hartuko dira kontuan. Hautaketa, nolanahi ere, demokratikoki erabakiko dute batzordeko kideek, hezkuntza gaietan eskumena duen sailak ezarritako irizpideei jarraiki.

 

4.     Hautaketa egiteko, ikastetxeko irakasleen kandidaturak hartuko dira kontuan lehenik, horiek lehentasuna izango baitute. Ikastetxeko izangairik ez dagoenean edo ikastetxeko izangaiak hautatzen ez direnean, beste ikastetxe batzuetako irakasleen kandidaturak balioetsiko ditu batzordeak".

 

Seigarren artikulua. 33 ter artikulua gehitzen zaio Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeari, ondoko titulua izan eta hauxe esango duena:

 

"Izendapena

 

1.   Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak antolatutako hasierako prestakuntzako programa bat gainditu beharko dute hautatutako zuzendarigaiek. Zuzendaritza-lanean gutxienez bi urteko esperientzia dutela frogatzen duten zuzendarigai hautatuak salbuetsita egongo dira hasierako prestakuntzako programa hori egiteaz, zuzendaritza-lanak betetzeko hezkuntza Administrazioak antolatuko dituen eguneratze- eta hobekuntza-ikastaroak eta beste jarduera batzuetan parte hartzeko zuzendaritza-kargu guztiek daukaten betebeharrari kalterik egin gabe.

 

2.   Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak dena delako ikastetxeko zuzendari izendatuko du, lau urtez, hasierako prestakuntza-programa gainditu duen zuzendarigaia.

 

3.   Zuzendarien izendapena iraupen bereko aldietarako berritu ahal izango da, betiere, aldi bakoitza amaitzean egindako lanak ebaluazio positiboa jasotzen badu. Ebaluazio horren irizpideak eta prozedurak publikoak izango dira. Horretarako, zuzendariak berariaz eskatu beharko du eta zuzendaritza programako bidezko eguneratzeak aurkeztuko ditu.

 

4.   Zuzendariak, ikastetxeko zuzendaritzan ondoz ondoko bi agintaldi egin ondoren, karguan jarraitu ahal izateko kandidatura aurkeztu beharko du berriz ere dagokion meritu-lehiaketan. Berriz ere hautatua izango balitz, agintaldia iraupen bereko aldietarako berritu ahal izango da, beti ere aldi bakoitza amaitzean egindako lanak ebaluazio positiboa jasotzen badu. Prozedura hori mugagabe errepikatu ahal izango da, eta pertsona berak ondoz ondoko bi agintaldi egin ondoren beti egin beharko da beste meritu lehiaketa bat.

 

5.   Zuzendarigairik ez dagoenean, ikastetxe sortu berrien kasuan edo batzordeak ezein zuzendarigai hautatzen ez duenean edo hautatuak ez badu gainditu hasierako prestakuntza-programa, hezkuntza gaietan eskumena duen sailak irakasle bat izendatuko du zuzendari, lau urteko aldi baterako gehienez".

 

Zazpigarren artikulua. 33 quater artikulua gehitzen zaio Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeari, ondoko titulua izan eta hauxe esango duena:

 

"Zuzendariak kargua uztea

 

Zuzendariak honako kasu hauetan utziko du bere kargua:

 

a) Izendapenari dagokion aldia eta, hala badagokio, aldi horren luzapena amaitzen denean.

b) Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak onartutako uko arrazoituaren kasuan.

c) Gerora sortutako ezintasun fisikoaren edo psikikoaren kasuan.

 

Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak bere ekimenez edo ikastetxeko ordezkaritza organo gorenaren proposamen arrazoitu bidez, kideen bi hereneko gehiengoz onartuta, zuzendari karguari datxezkion funtzioen ez-betetze larriagatik era arrazoituan kargutik kentzen duenean. Nolanahi ere, kargutik kentzeari buruzko ebazpena kontraesaneko espedientea bideratutakoan emango da, interesdunari eta ordezkaritza-organo gorenari entzun ondoren".

 

Zortzigarren artikulua. 33 quinquies artikulua gehitzen zaio Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeari, ondoko titulua izan eta hauxe esango duena:

 

"Zuzendariordea

 

Araudi bidez ezarri ahal izango da zuzendariorde bat izatea. Kasu hauetan zuzendariordea zuzendaritza-taldeko kide izango da eta, besteak beste, zuzendaria ordezkatuko du hura gaixotzen edo kanpoan bada, kargualdian eten edo kargugabetzen badute, legez ezarritako prozedura bidez ordezkorik izendatu arte, hain zuzen. Zuzendariordearen kargua ez dagoen ikastetxeetan, ikastetxeko ikasketaburuak ordezkatuko du zuzendaria gorago aipatutako kasuetan".

 

Bederatzigarren artikulua. 33 sexies artikulua gehitzen zaio Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeari, ondoko titulua izan eta hauxe esango duena:

 

"Zuzendariaren funtzioaren aitormena

 

1.   Zuzendari kargua betetzeko zeregina bereiz ordainduko da, exijitutako erantzukizuna eta arduraldia kontuan hartuta, Jaurlaritzak ezarritako osagarrietarako finkatzen dituzten kopuruei jarraiki.

 

2.   Era berean, zuzendari kargua betetzeko zeregina bereziki balioetsiko da irakaskuntzako funtzio publikoan dauden lanpostuen horniduraren ondorioetarako eta, batez ere, hezkuntzako ikuskaritzan sartzeko.

 

3.   Bestalde, zuzendariak agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira. Ebaluazio positiboa lortzen dutenek aitormen pertsonala eta profesionala jasoko dute, araudi bidez ezarritako baldintzetan.

 

4.   Euskal eskola publikoko ikastetxeetako zuzendariek, araudi bidez finkatzen den denboraldian kargua balioespen positiboarekin bete dutenean, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dute aktibo dauden bitartean, betiere, araudi bidez finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta".

 

Hamargarren artikulua. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 34. artikulua aldatzen da, eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:

 

"34. artikulua. Zuzendariari dagokio:

 

a) Ikastetxearen ordezkaritza izatea, ikastetxean hezkuntza Administrazioa ordezkatzea, eta Administrazio horri hezkuntza-komunitatearen planteamenduak, asmoak eta premiak helaraztea.

b) Ikastetxearen jarduera guztiak zuzentzea eta koordinatzea, irakasleen klaustroari eta ordezkaritza-organo gorenari esleitutako eskumenak aparte utzi gabe.

c) Zuzendaritza pedagogikoa gauzatzea, hezkuntza-berrikuntza sustatzea eta ikastetxearen heziketa-proiektuaren helburuak lortzeko planak bultzatzea.

d) Legeen eta indarrean dauden gainerako xedapenen betetzea bermatzea.

Ikastetxeari atxikitako langile guztien buru izatea.

f)  Ikastetxeko elkarbizitza hobetzea, gatazkak konpontzeko bitartekotza bermatzea eta ikasleei dagozkien neurri zuzentzaileak ezartzea indarrean dagoen araudia beteta, gai honetan ordezkaritza-organo gorenari esleitutako eskumenak aparte utzi gabe. Horretarako, ikastetxeetan gatazkak konpontzeko prozedurak bizkortzea sustatuko da.

g) Ikastetxearen eta ingurunearen arteko harremana sendotzeko, familiekin, erakundeekin eta organismoekin lankidetza bultzatzea, eta eskola-giroa sustatzea, ikasleek jakintzetan eta balioetan prestakuntza integrala jasotzeko eta ikasketa-ohiturak sustatzeko lagungarri izan daitezkeen jardun guztiak garatze aldera.

h) Ikastetxearen barneko ebaluazioak bultzatzea eta kanpoko ebaluazioetan eta irakasleen ebaluazioan laguntzea.

i)  Ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenaren eta irakasleen klaustroaren egintza akademikoetarako eta bilkuretarako deialdia egitea, egintza-bilkura horiek zuzentzea eta aipatutako erakundeek beren eskumenen eremuan hartutako erabakiak betearaztea eta betetzen diren zaintzea.

j)  Lege honen 63. atalak aipatzen dituen obren, zerbitzuen eta horniduren kontratazioak egitea, gastuak baimentzea ikastetxearen urteko kudeaketa-programarekin bat etorriz, ordainketak agintzea eta ikastetxearen ziurtagiriei eta dokumentuei oniritzia ematea, hori guztia araudi bidez ezarritakoari jarraiki.

k) Hezkuntza gaietan eskumena duen sailari ikastetxeko zuzendaritza-taldeko beste kideen izendapena eta kargu-uztea proposatzea, irakasleen klaustroari eta ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenari jakinarazi ondoren.

l)  Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak esleitzen dizkion guztiak, beste arau batzuk esleitzen dizkionak eta ikastetxearen antolaketa eta jardunbiderako erregelamenduak ezartzen dizkionak".

 

Hamaikagarren artikulua. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 36. artikuluari 4. paragrafoa gehitzen zaio, eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:

 

"36.4 artikulua. Zuzendariaren kargua ez diren ikastetxeko beste zuzendaritza-karguak betetzeko zeregina bereiz ordainduko da, exijitutako erantzukizuna eta arduraldia kontuan hartuta, Jaurlaritzak ezarritako osagarrietarako finkatzen dituen kopuruei jarraiki.

 

Era berean, zuzendaritza-karguak betetzeko zeregina bereziki balioetsiko da irakaskuntzako funtzio publikoan dauden lanpostuen horniduraren ondorioetarako eta, batez ere, Hezkuntzako Ikuskaritzan sartzeko.

 

Bestalde, ikasketa-buruak eta idazkariak agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira. Ebaluazio positiboa lortzen dutenek aitormen pertsonala eta profesionala jasoko dute, araudi bidez ezarritako baldintzetan".

 

Zazpigarren artikulua. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 40. artikulua aldatzen da, eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:

 

"40.1 artikulua. Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak, ikastetxeko zuzendariak proposatuta, ikastetxeko irakasleen artean izendatuko ditu ikastetxeko zuzendaritza-taldeko beste kideak, proposatu dituen zuzendariaren agintaldi bererako, hain zuzen.

 

2.     Ikastetxeko zuzendaritza-taldeko kideek, zuzendariak ezik, honako kasu hauetan utziko dute beren kargua:

 

a) Izendapenari dagokion aldia amaitzean.

b) Ikastetxeko zuzendariak kargua uzten duenean.

c) Ikastetxeko zuzendariak proposatuta, hezkuntza gaietan eskumena duen sailak kargutik kentzen dituztenean.

d) Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak onartutako uko arrazoituaren kasuan.

e) Gerora sortutako ezintasun fisikoaren edo psikikoaren kasuan.

f) Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak bere ekimenez edo ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenaren proposamen arrazoitu bidez zuzendari karguari datxezkion funtzioen ez-betetze larriagatik era arrazoituan kargutik kentzen dituztenean. Nolanahi ere, kargutik kentzeari buruzko ebazpena kontraesaneko espedientea bideratutakoan emango da, interesdunari, ikastetxeko zuzendariari eta ordezkaritza-organo gorenari entzun ondoren".

 

Xedapen Gehigarriak

 

      Lehena. Lan-legepeko pertsonala irakasle guztien ehuneko berrogeita hamarra, gutxienez, den euskal eskola publikoko ikastetxe horietan, aukeratze-prozesu arruntean ez bada hautagai-zerrendarik aurkezten edo, aurkeztu arren, aukeratzen ez bada, ikastetxearen titularra den Administrazio publikoaren menpeko lan-legepeko pertsonal finkoaren artean aukeratu ahal izango da zuzendaria, ohiko prozeduraren antzeko baten bidez, berdintasun, publizitate, merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera.

 

      Bigarrena. Euskal Eskola Publikoari buruzko Legea Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuei ere aplikatuko zaie, Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoa zein lege organiko hori garatuko duten eta oinarrizko izaera duten arauak aplikagarri gerta daitezkeen alderdi zehatzetan izan ezik.

 

Azken Xedapena

 

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra