Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

3/2017 Legea, azaroaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzen duena

2017-11-02

Erakundea: Euskal Autonomia Erkidegoa

Argitalpena: EHAA, 2017/11/07, 212. zk. eta EAO, 2017/11/30, 291. zk.

EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA

2017ko azaroaren 7a, 212. zenbakia

 

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA

5313

3/2017 LEGEA, azaroaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzen duena.

Eusko Legebiltzarrak 3/2017 Legea, azaroaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzen duena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legearen hamabigarren xedapen gehigarriak dioenez, ohiz kanpoko ordainsari bat ordainduko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateetako langileei, 2012ko abenduan aparteko ordainsaria kendu zenean jaso ez zituzten zenbatekoen truke; horren zenbatekoa aparteko ordainsari haren sortzapen aldiko 48 eguni dagokien parte proportzionala izango da.

Hala ere, 2007tik 2016rarteko ekitaldietako kupo likidoak eta finantza-konpentsazioak behin betiko likidatzearen ondorioz egin diren ekarpen handiagoek eman dituzten diru-sarrerei esker –zeinek gainditzen baitituzte Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urterako Aurrekontu Orokorraren diru-sarreren egoera-orrian jasotako kopuruak–, oso-osorik berreskura daiteke 2012ko abenduan aparteko ordainsaritik zor ziren kopuru guztiak, hargatik urratu gabe 2017ko ekitaldiko sarrera-gastuen aurrekontu-oreka.

Beraz, lege honek aldatu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legearen hamabigarren xedapen gehigarriaren idazketa, eta helburua du aukera ematea indarrean dagoen ekitaldi honetan Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateetako langileei ordaintzeko 2012ko abenduan aparteko ordainsaria kendu zenean jaso ez zituzten zenbatekoetatik oraindik berreskuratu ez dituzten diru-kopuruak. Aparteko ordainsaria bertan behera gelditu zen, ordaindu gabe, Aurrekontu-egonkortasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua aplikatzearen ondorioz.

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legearen aldaketa.

Hamabigarren xedapen gehigarrian 1. zenbakiaren azken tartekia ezabatu da, eta hona nola gelditzen den idatzita xedapen hori:

«1.– Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegorako 2017ko Aurrekontu Orokorren kontura eta aplikagarria den araudiarekin bat, kopuru hauek ordainduko dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen zerbitzuko langileei ohiz kanpoko ordainsari gisa: Aurrekontu Egonkortasuna eta Lehiakortasuna Bultzatzeko Neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren aplikazioaren ondorioz kendu zirenean 2012ko abenduari zegozkien aparteko ordainsaria, berariazko osagarriaren ordainsari gehigarria edo ordainsari gehigarriak, benetan jaso ez zituzten zenbatekoetatik oraindik errekuperatu gabe dituztenak.

2.– Horretarako, Gobernu Kontseiluak zehaztuko du, Gobernantza Publiko eta Autogobernu, eta Ogasun eta Ekonomia sailek proposatuta, zein zehaztapen, baldintza eta epetan ordainduko zaizkien ordainsari hori, aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera, haiek jasotzeko eskubidea zuten langileei; ordainketa horrek, baina, ez du eragingo 2017ko ekitaldirako ezarritako ordainsariak handitzea.»

XEDAPEN GEHIGARRIA

2012ko abenduan aparteko ordainsaria kendu zenean jaso ez ziren zenbatekoetatik oraindik berreskuratu ez diren diru-kopuruak ordaintzeko behar diren kreditu gehigarriak honela finantzatuko dira: 2007tik 2016rarteko ekitaldietako kupo likidoak eta finantza-konpentsazioak behin betiko likidatzearen ondorioz egin diren ekarpen handiagoek eman dituzten diru-sarreren kontura; izan ere, diru-sarrera horiek gainditu egiten dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urterako Aurrekontu Orokorraren diru-sarreren egoera-orrian jasotako kopuruak.

AZKEN XEDAPENETIK LEHENA.– Garapena eta betearazpena.

Gobernuari baimena ematen zaio, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, lege hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 6.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

 
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
www.euskadi.net

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra