Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

4/1984 Legea, azaroaren 15ekoa, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte-Arazoetarako Batzordeaz.

1984-11-15

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1984/12/6, 207. zk.

 

§ 65. 4/1984 LEGEA, AZAROAREN 15EKOA, EUSKADIKO EKONOMIA ETA GIZARTE-ARAZOETARAKO BATZORDEAZ

 

      Oraingo Ekonomia eta Gizarte-Batzordeen aintzindariak mundu-mailako lehengo gudua bukatu ondorengo lehenengo urtetakoak dira. 1919garrenean Lanaren Nazioarteko Idazgua sortarazten da, Jaurlaritzek, langileek eta enpresariek bertan eskuhartzen zuteneko eta guztien artean lan-aukerak hobe zitzan nazioarteko legeak egiteko nazioarteko biltzar gisa. Hortik abiatuz azaldu ziren, esan dugunez, oraingo Ekonomia eta Gizarte-Batzordeen aintzindari izan ziren lehenengo antolaketa-sailek. Lehenengo erakundea Frantzian sortu zen, 1925garrenean, eta gero antzerako beste hainbat agertu ziren Europako beste erresuma batzutan, mundu-mailako bigarren gerratea bukatu zenez gero batipat. Sarri, Kontseilu hoiek Konstituzioan bertan agertzen dira. Europako Ekonomia-Elkarteak berak, bere ihardutze-sail nagusienen artean, Ekonomia eta Gizarte-Lantalde bat sortarazten du. Hoiek guzti hoiek, zerdenari eta egitekoei buruzkoetan funtsean bat datoz: Gizarte eta ekonomia-zududun berezien ordezkariek bertan eskuhartu ahal dezateneko, eta hoien arteko elkarrizketa eta lankidetza-bide izan daitezen aholkularitza-sailak dira. Halaber, Kontseilu hoien jarrera ez da entzute hutsezkoa, dagokien Jaurlaritzek kontutan izan beharreko buzipenak edo erabakiak agertzeko berenezko arioaren jabe baizik. Aholkularitza-sail direnez, bere buruaren jabe eta Jaurlaritzagandik iare dira, eta hoien argipideak behartze-indarrekoak ez direnarren, askotan arauz egin beharrekoak dira eta, beti, kontutan izan beharreko iritzi.

      Funtsezko berdintasun horren aurrean, osatze-moduei dagozkienetan Ekonomia eta Gizarte Batzorde hoiek elkarregandik oso bereziak dira. Ba dira Jaurlaritza bertan artez dagoeneko Batzordeak, eta bai hori debekatuta dagoenekoak ere; Batzorde batzutan, politika-atxikitasunik gabeko aituak bertan egotea aberasgarritzat jotzen da, eta beste batzutan berriz aitu hoientzako tokirik ez dago eta, lehenengotakoetan, kideak batzutan elkar hartuz izendatzen direla eta beste batzutan berriz, gehienetan, Jaurlaritzak berak, artez edo aurrez iritziak eskatuz. Bereiztasun hoiek bateratze-modu garbi batera iristeko eragozpen gertatzen dira; horregatik Jaurlaritzak, Lege-egitasmo hau aurkeztu baino lehen, eta argitasun osoz, politika, sindikaritza eta enpresaritzataldeekin harremanak izan ditu Euskadiko politikaren, ekonomiaren eta gizartearen aldetatikako benetako egoerari ahalik eta ondoen egokitu dakizkion erapideak antolatzeko. Hoiek izan ditu Jaurlaritzak garrantzi nabarmenekotzat jotzen duen Lege-egitasmo hau gertatzeko aintzin-irizpideak. Jaurlaritza lehen ere elkarpide-sailak sortaraztezko bide horri ekin zitzaion, 1981garrenean, sindikaritza-elkarteen eta enpresarien arteko lan-alorreko arazoekiko elkarrizketa ihardutze-sail honetan egon ez eta Jaurlaritzagandik iare den Lan-Harremanetarako Batzordea sortaraziz. Oraingo Lege honek sortarazten duen Batzordeak ez du hura aldatzen eta ez dio hari eragiten; alderantziz, eta hain zuzen, berenez dagokion ihardunerako indartuta gelditzen da, Lege-egitasmoa bikoizkeriak eragozteaz eta Batzorde biri bakoitzaren zerdenaren arauerako agintepideak emateaz baizik arduratzen ez dela.

      Euskadiko Ekonomia eta Gizarte-Arazoetarako Batzordea, gure herriko ekonomia eta gizartezududun bereziek benetan eskuhartu dezateneko Jaurlaritzaren aholkularitza-izaiki gisa sortarazten da, berenezko lege-nortasunaren jabe eta, jakina, bere ihardunean Jaurlaritzagandik iare dela.

      Izendatzen zaizkion egitekoak helburu horri egokitzen zaizkio, Batzordeak Autonomia-Elkarteko herri-alorraren ekonomia-ihardunaren egitamuketan duen ario-ahalmena eta nahitaezko bertangotasuna nabarmengarri direla.

      Eztabaidaketa-gai izan den honen osatze-moduari gagozkiola, Europan gehienetan dagoela esan daitekeenari egokitzea nahi izan da, aipatutako iritzi berezien kaltetan gabe. Jaurlaritzak ez du, ez artez ez zeharka, 28 kidek osatzen duten Batzordean eskuhartzen; hoietatik zazpi langileen Sindikaritza-Elkarteen izenekoak dira, beste zazpi enpresarienak, hoien Elkarteango erakunde-mailako ordezkaritzaren bitartez, beste zazpi ekonomia eta Gizarte-Bazkun edo erakundeenak, eta gainontzeko zazpiak, berriz, irakaskuntzaren, ikerketaren eta gizarte-zientzien alorretakoak Batzordean egon daitezeneko bide izango diren atxikitasunik gabeko zazpi aitu izango dira.

      Legegintzaldiarena bezalako lau urteko iraute-aldia jartzen zaio Batzordeari; beraz, bertako ezein kide-aldakuntza epe hori bete arterako izango litzateke.

      Batzordeak osoko bilkuran eta lan-taldeka ihardungo du, ihardutze-arauei dagozkienetarako, Legeak, Batzordeak berak erabaki dezan ihardutze-araudira jo-arazten duela; hala ere, babestu behar den herri-zudua eta, horren baitan, bat ez datozenak gehiengoaren ustearekiko bere iritzia agertu ahal izatearen beharra edo Batzordekideek elkarri botoa emateko eskua ema-teko debekua kontutan izanik, araudi honek gutxienezko arau batzuei men egin beharko die.

      Batzordeak, Jaurlaritzako Lehendakariak Batzordearen beraren saloz izendatutako Batzordeburu bat izango du, eta bai Idazkari bat ere, Batzordeak berak izendatzea erabaki dezan gainontzeko teknikari eta herrilanariez gainera.

      Bukatzeko, gastu-egitasmotzakoa Batzordeak berak egiten du, Diruegitamuen behin-betiko onarpena Eusko Legebiltzarrak egitearen kaltetan gabe.

I IDAZPURUA

OROTARIKO ERABAKIAK

Lehenengo Atala - Sortzea, izena eta egoitza

      EUSKADIKO EKONOMIA ETA GIZARTE-ARAZOETARAKO BATZORDEA-CONSEJO ECONOMICO SOCIAL VASCO (aurrerantzean Batzordea) sortarazten da, Lege honetan zehazten diren egiteko, osatze-modu eta egiturarekin.

      Batzordeak Bilbon izango du bere egoitza.

2. Atala - Zerdena

      1.-     Ekonomia eta gizarte-zududun bereziak Euskal Herriko ekonomiarekiko politikan eskuhartu dezateneko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren aholkularitza-izaiki bat da Batzordea.

      2.-     Batzordeak, berenezko eta Autonomia-Elkarteko Arduralaritzarenaz besteko legezko herri-nortasuna izango du eta, Lege honek jarritako modu eta neurritan, bere egitekoak betetzeko ahalmen osoa.

      3.-     Batzordea, bere ihardunean, Jaurlaritzarengandik eta Legebiltzarrarengandik iare da.

3. Atala - Egitekoak

      1.-     Bere izakeraren arauera, Batzordeari honako egiteko hauek dagozkio:

a)   Ekonomia eta gizarte-politikari datxezkon Lege eta Dekreto-egitasmoei buruz bere iritzia arauz ematea. Autonomia-Elkartearen Guztizko Diruegitamuen Lege-egitasmoak aldezaurreko iritzi-emate horretatik kanpo gelditzen dira, Jaurlaritzak hoien edukiarekiko argipideak ematearen kaltetan gabe. Jaurlaritzak erizpen-eskea egin eta 30 egun ondoren, erizpen hori eman ez bada, legepide hori betetakotzat joko da, Batzordeak, gero, eta egoki baderitza Jaurlaritzari bidali ahal izatearen kaltetan gabe.

b)   Jaurlaritzari aurreko zatian esandako gaiei buruzko saloak egitea.

c)   Bere arioz nahiz Jaurlaritzak eskatuta, aurreko a) zatian aipatutako gaiei buruzko erizpenak, erabakiak edo argipide-txostenak egitea. Legebiltzarrak ere, bertako agizko Batzordeek aurrez erabakirik, inoren iritziak eskatu ahal izango ditu.

d)   Jaurlaritzak egin dezan Autonomia-Elkarteko herri-alorraren ekononomia-ekintzaren egitamuketan eskuhartzea.

      2.-     Jaurlaritzak, sei hilabetez behin, Autonomia-Elkartearen ekonomiazko egoerari eta Jaurlaritzaren ekonomia-politikari buruzko argipide-txosten bat bidaliko dio Batzordeari.

      3.-     Jaurlaritzak, aurreko 1.a) zatian esandako Lege-Egitasmoak Legebiltzarrari bidaltzerakoan, hala egokitu eta Batzordeak egindako argipide-txostena erantsiko die.

II IDAZPURUA

OSATZE-MODUA ETA IZENDAPENA

4. Atala - Osatze-modua

      1.-     Honako 28 kide hauek osatuko dute Batzordea:

a)   Ordezkatze-indarra duten Sindikaritza-Elkarteek bere indarraren heinean izendatutako zazpi kidek.

b)   Euskal Enpresari-Elkarteak izendatutako zazpi kidek.

c)   Autonomia-Elkarteko alor, iraskunde, erakunde edo bazkun hauetako bakoitzak bana izendatutako zazpi kidek: Merkataritza, Industria eta Itsasketa-Bazkundeek; Aurrezki-Kutxek; Koperatibek; Arrantzu-Kofradiak, Nekazaritza-Erakundeek, Bezero-Erakundeek eta Euskal Herriko Unibersitateak.

d)   Gaitasuna eta irakaskuntzan, ikerketan, ekonomian edo gizarte-zientzietan haztura aitortzen zaizkien artetik izendatutako zazpi aituk.

      2.-     Batzordekide bakoitzak boto bat izango du, aurreko 1 lerroaldiko d) idatzatian aipatzen direnak izan ezik, hauek hizpidea bai, baina botorik ez dute izango.

      3.-     Batzordeak Batzordeburu bat eta idazkari bat izango ditu.

5. Atala - Izendapena

      1.-     Batzordekideak honela izendatuko dira:

a)   Aurreko ataleko a) eta b) zatietan daudenak, dagozkien Elkarkundeen izendapenez, Sindikaritza-Elkarteen ordezkatze-indarra neurtzeko, Lege honen Bigarren Aldibaterako Erabakiak dion eran, sindikaritza-hauteskundeen sendetsitako emaitzak erabiltzen direla.

b)   Aurreko ataleko c) zatian sartutakoak, honela: Bere egoitza Autonomia-Elkartean duten Merkataritza-Bazkunde eta Aurrezki-Kutxa, Arrantzu-Kofradia eta Nekazaritza-Erakundeen ordezkariak, hoien talde bakoitzaren barruango elkar hartzez; Koperatiben ordezkaria, Euskadiko Koperatiben Kontseilu Nagusiak izendatuta; Bezero-Erakundeena, Euskadiko Bezero-Elkarteen Baterakundearen izendapenaz; eta Euskal Herriko Unibersitatearen ordezkaria, bertako Jaurtze-Batzordeak izendatuta.

      Esandako Erakunde hoiek bat ez etortzea edo dagokien ordezkaria izendatzea ezinezko egin dezan ezein gorabehera gertatuz gero, Lehendakariak, Behin-behingo Lehenengo Erabakian ohartematen den epea bukatu ondoren, eta dagokien Erakundeen iritziak entzun ondoren, zio eta guztizko erabakiz izendapena egingo du.

c)   Aurreko ataleko d) lerroaldian esandakoak, Jaurlaritzak Legebiltzar-Taldeen iritzia entzun ondoren hartutako erabakiz.

      2.-     a), b) eta c) zatietan esandakoak gertatuz gero, berenezko kide hainbat ordezko izendatuko dira. Ordezkoek berenezko kideen ordez bilkuretara joan ahal izango dute.

6. Atala - Izendapena

      5garren atalak dionez aukeratutako Batzordekideen izendapena Lehendakariak egingo du.

7. Atala - Iraupena

      Birrautatu ahal izatearen kaltetan gabe, Batzordeko kideen izendapena lau urterakoa izango da.

      Hala ere, Batzordean ordezkariak dituzten Erakunde, Bazkun edo Izaikiek, berenezko nahiz ordezko kidetarako izendatutakoak ordezkatu egin ahal izango dituzte. Honela izendatutakoa, ordezkatzen duenari aurreko lerroaldian esandako lau urteko aldia bete arte falta zaion aldian egongo da kargu horretan.

      Lege honen 4garren atalaren a) zatiaren gai diren kideekin, gainera, Behin-behingo Bigarren Erabakiak diona egingo da.

8. Atala - Elkartuezinak

      Honako hauek ezingo dute Batzordeko kide izan:

a)   Jaurlaritzako Lehendakari, Lehendakariorde, Sailburu eta goren-kargudunak.

b)   Gorte Nagusietako edo Eusko Legebiltzarreko Legebiltzarkideak.

c)   Foru-Diputazioetako Ahaldun Nagusi, Foru-Diputatu eta goren-kargudunak.

d)   Kondaira-Lurraldeetako Biltzar Nagusietako Kideak.

e)   Herri-Dirubidetzen Euskal Kontseiluko kideak.

III IDAZPURUA

IHARDUNA

9. Atala - Batzordearen Ihardutze-Sailak

      Osoko Bilkura eta Lantaldeak ditu bere Ihardutze-Sail Batzordeak.

10. Atala - Osoko Bilkura

      Osoko Bilkura, Lege honen 4garren Atalean esandako 28 kideek eta hoietako bat kide ez bada Batzordeburuak osatuko dute Batzordearen Osoko Bilkura.

11. Atala - Lan-Taldeak

      Batzordearen Osoko Bilkurak komenigarri eritzitako lan-talde iraunkorrak edo gai zehatz baterakoak eratu ahal izango ditu, hoien zenbatekoa, osatze-modua eta ihardutze-era erabakiz. Nolanahi ere, hoietan, Lege honen 4garren Atalean aipatutako lan-taldeen ordezkariak egongo dira.

12. Atala - Osoko Bilkuraren agintepideak

      1.-     Osoko Bilkurak honako agintepide hauek izango ditu:

a)      Lehendakariari Batzordeburutarakoaren saloa egitea.

b)      Hala egokituz gero, Batzordean ordezkariak dituzten taldeetako bakoitzaren Batzordeburuordeak izendatzea.

c)       Bere ihardunerako Barne-Araudiagertatzea eta ontzat ematea, hurrengo atalari darizkion modutan.

d)      Lege honen 3garren Atalaren gai diren egitekoen egiterapenari buruz dagozkion erabakiak hartzea.

e)       Batzordearen Araudiak dionari darizkion beste guztiak

      2.-     Osoko Bilkurak, bere ardurapeko izan daitezen arazoei buruzko argipideak emateko Jaurlaritza aurrera etor dakiola eskatu ahal izango du.

13. Atala - Ihardutze-Araudia

      Batzordeak bere ihardunerako Araudia gertatuko du, eta bai bere agintepeko gaietan erabakiak gehiengoz hartzeko era ere.

      Araudia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

      Nolanahi ere, Araudiak, dagokion erabakiari erantsi beharko zaizkion botoei eusteko edo bat ez etortzezko iritziak emateko eskubidea aitortuko die bat ez datozenei; eta akordio, erabaki edo erizpenetarako bideak finkatuko ditu, Jaurlaritzak hori eskatzea gertatuz gero hoiek egiteko 15 egunetik gora gabeko epearen barruan burutu beharreko presako bide bat araupetuz.

      Urte bakoitzaren barruan agizko osoko sei bilkura gutxienez egin beharko direla Araudiz aginduko da.

14. Atala - Lehendakaria

      1.-     Batzordeko Lehendakaria Jaurlaritzako Lehendakariak Batzordearen beraren saloz aukeratuko du, gaitasuna aitortzen zaienen artetik, eta 7garren atalean jarritako aldia bete izanagatik Batzordeko kideak aldatu daitezenerarte iraungo du bere karguan, birrautatu ahal izatearen kaltetan gabe.

      Lehendakaria Batzordeko kide ez denen bat izan daiteke; hori gertatuz gero, hitz egiteko eskubidez bainan botoa ematekorik gabe eskuhartuko du Osoko Bilkuran.

      2.-     Honako hauek dira Lehendakariaren egitekoak:

a)   Batzordearen ordezkotza izatea

b)   Bilkuretarako deiak egitea, hoietan mahaipuru izan eta eztabaidaketen erazkotasu-naz arduratzea

c)   Araudiak esan dezan moduan bilkuretarako gai-zerrendak jartzea.

d)   Batzordearen erabakiak argitaratzea, bete daitezela agintzea eta bilkura-agiriak ontzat emata.

e)   Araudiak eman dakizkion gainontzeko egitekoak.

15. Atala - Idazkaria

      Batzordeak, bere kideen artean, Osoko Bilkuretarako Idazkari bat hautatuko du.

      Batzordearen Araudiak, bertan esan dedin eran izendatu eta bertan zehaztu daitezen egitekoak izango dituen Idazkari Nagusi bat jarri ahal izango du.

16. Atala - Batzordeko lanarigoarentzako jaurpideak

      Batzordearen zerbitzurako lanariak Batzordeak berak aukeratuko ditu, eta Autonomia-Elkarteko Norbanako-alorreko Legepeko Herri-Izaikiei zerbitzu egiten dieten lanariek dituzten jaurpideak heurak izango dituzte.

17. Atala - Dirubideak

      Batzordearen ihardunerako gastuetarako dirubideak, Autonomia-Elkartearen Guztizko Diruegitamuen berarizko diru-atal baten agertuko dira.

      Batzordeak berak bere gastuen zehaztapen-zerrendaren Aintzin-Egitasmoa egin eta Jaurlaritzari bidaliko dio, horrek ontzat eman eta Autonomia-Elkartearen Guztizko Diruegita-muetan sar ditzan.

      Jaurlaritzak Batzordeak egindako Aintzin-Egitasmoan aldaketak egitea gertatuz gero, Legebiltzarrari bidali diezaion diruegitamu-agirisortarekin batean Aintzin-Egitasmoa bidali beharko du, eraskin gisa; ezein legebiltzar-taldek Diruegitamuetan Batzordeak aurkeztutakoan zati bat edo osorik sarrarazi-nahizko zuzenketa-eskeren bat aurkezten badu, dagokion Legebiltzar-Batzordeak Batzordeko Lehendakariari dei egin beharko dio, izan ditzan arrazoiak agertu ditzan.

18. Atala - Batzordearen bilkura eta lanen agirikotasuna

      1.-     Batzordearen bilkurak ez dira jendaurrekoak izango. Araudiak, hala ere, bertako kide guztien ahobatezko erabakia beharrezko izango duten salbuespenak egin ahal izango ditu.

      2.-     Batzordearen erabaki, argipide-txosten edo erizpenek, Batzordeak erabaki dezan zabalkundea izango dute.

Aldi Baterako Erabakiak

Lehenengoa

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hogeita hamar eguneko epearen barruan, Batzordeko kideak Lege honek dionez aukeratzea egingo da.

      Izenak Jaurlaritzako Lehendakariari ezagutarazi ondoren horrek, hurrengo hogeita hamar egunen barruan, izendapenak egin eta Batzordea eratzeko bilkurarako deia egingo du. Eratzeko bilkura honetan, Batzordeko Lehendakaritzarako egoki izan daitezen eskaintzak egingo dira, eta Lehendakaria aukeratu dedin arte, kiderik zaharrena izango da Batzordeko Mahaipuru, Idazkaritza kiderik gazteenak egiten duela.

Bigarrena

      Lege honen 4garren Atalaren a) zatian ohartemandakotarako, langileen enpresango ordezkaritza-sailetarako hauteskundeetan, Eusko Jaurlaritzak egindako kontaketa eta sendespenaren arauera, ordezkarien ehuneko 10tik gora ateratako Sindikaritza-Elkarteek izango dute ordezkariak izendatzeko eskubidea.

      Orobat egingo da ondorengo Batzorde-berriztapenetan ere.

      7garren Atalean jarritako epearen barruan beste hauteskunde-aldi bat izatea gertatuz gero, horretan ateratakoak argitaratu eta hurrengo hilabetearen barruan, hala behar izanez gero 4garren Atalaren a) zatian esandako kide-banaketa birregituratu egingo da.

Hirugarrena

      Izaiki honen Diruegitamuak onartu daitezen artean Batzordearen ihardunerako beharrezko izan daitezen gastuetarako diruzko horniketa 99garren Sailaren pentzutan egiteko eskua ematen zaio Jaurlaritzari. Erabaki hori Legebiltzarreko dagokion Batzordeari jakinaraziko zaio.

Erabaki Gehigarriak

Lehenengoa

      Lan-Harremanen Kontseiluari buruzko Irailaren 30eko 9/1981 Legearen 2garren Atala aldatu, eta honela idatzita uzten da:

      1.-     Lan-Harremanen alorrean hitzarmenetara iristeko bide izan dedin sindikaritza-erakundeen eta ugazaba-bazkunen arteko etengabeango elkarrizketa egingarri egitea du aurreneko xede Kontseiluak. Halaber, Autonomia-Elkarteango gizarte eta lan-politikabideei buruzko arazoetarako sail aholkuemaile gisa eratzen da.

      2.-     Honako egiteko hauek dagozkio bereziki Kontseiluari:

a)   Jaurlaritzari edo Jaurlaritzako Sailei lan-politikabideei buruzko saloak egitea.

b)   Lan-arazoei buruzko erizpenak, erabakiak, argipide-txostenak edo azterlanak bere arioz egitea gizarte eta langaiei buruzkoan, Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari aholku emateko duen egitekoa egipideratzea.

c)   Bateango lan-hitzarmenbideak suztatzea, eta Autonomia-Elkartearen eremuko lan-hitzarmenek, lurraldekako nahiz lan-alorkako direla, egitura egoki bat izan dezaten indar egitea.

d)   Auzikideek eskatuta, bateango lan-auzietan Arartekotza eta ebazpen-bidea suztatzea.

e)   Enpresa edo Elkarte-mailako Berdineango Batzordeak sortu daitezela suztatzea, alorkako nahiz orokor direla.

f)    Gai zehatzei buruzko lanbidearteko hitzarmenen alde egitea.

g)   Horretarako berarizko zailtasunak egon daitezeneko alorretan Itunebide-Batzordea sortarazi dedinaren alde egitea.

      3.-     Jaurlaritzak, sei hilabetez behin, Autonomia-Elkartearen ekonomia-egoerari, eta Batzordearen beraren gaiei buruzko argipide-txostena bidaliko du.

Bigarrena

      Lege hau osatzeko eta egiteratzeko beharrezkoak izan daitezen manuak egiteko eskua ematen zaio Jaurlaritzari.

Azken Erabakia

      Lege hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dedin egunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra