Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

4/1992 Legea, uztailaren 17koa, Euskal Herriko Poliziari buruzkoa.

1992-07-17

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1992/8/11, 155. zk.; EAO, 2012/2/15, 39. zk.

§ 139. 4/1992 LEGEA, UZTAILAREN 17KOA, EUSKAL HERRIKO POLIZIARI BURUZKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

I

      Euskal Herriko polizia erakundeak tratamendu nabaria eta berezia merezi izan zuen Estatutuan: Estatutuaren atalik luzeenetako batek, hamazazpigarrenak, gai honi buruz Autonomi Elkarteak duen aginpidea arautzeko helburua zuen bere osoan, eta aldi baterako laugarren xedapenak ahalmen zenbait organo bitariko baterako, Segurtasun-Batzorderako, gordetzea aurrikusten zuen, bai eta nolabaiteko nagusien lanpostuak betetzeko araubidea ere. Gure Elkartearen Oinarrizko Erakunde-Arauean dauden bi puntu horiek Euskadi instituzionalizatzeko prozesuan Polizia Autonomoaren araubideari dagokion egoera berezia egoki bermatzen eta adierazten dute.

      Dena dela, Polizia-erakunde bat ezin da egun batetik bestera eratu. Euskal Herrian ere, nahiz eta urrutiko zein hurbileko aurrekari oso nabariak izan, hala nola Lurralde Historikoetako Miñoiak, Foralak eta Mikeleteak edo zenbait Udaltzaingo oso garrantzizkoak, Polizia bat osoa, demokratikoa, zibila eta eraginkorra egituratzea zeregin gaitza da eta eguneroko ahaleginik handiena eskatzen duena.

      Hamar urte baino gehiago igaro dira inguru sozio-politiko guztiz nahasi batean eratze-prozesu hau hasi zenetik. Laster berebat hamar urte beteko dira lehen ikastaldiko ertzainak beren karguez jabetu ziren egunetik. Aldi luzea, zalantzarik gabe; eta aldi luze horretan zehar, Estatutuaren testutik beretik abiaturiko prozesuak mugarri garrantzitsu asko izan ditu bitarteko: 290/1980 Errege Dekretua, Mikeleteak, Foralak eta Miñoiak berrezartzeko eta eguneratzekoa; Euskal Herriko Autonomia-Elkarteko Ertzaintzaren Araudia, 1982koa; Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko oinarrizko legearen azken xedapenetako lehenengoa; Eusko Legebiltzarreko Erakunde eta Herrizaingo Batzordearen Ebazpena, 1990.eko apirilaren 5ekoa, Ertzaintzaren alorrean Estatutua garatzeko irizpideei buruzkoa; Zerbitzuen Mugaketari buruzko Akordioa, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen eta Ertzaintzaren artekoa; beste hainbat iharduketa eta erabaki ondorio handikoak. Horien artean, Polizia Autonomoko Kidegoa, Ertzaintza, finkatzeko prozesuak aipamen berezia merezi du beharbada; Ertzaintzaren finkapena zenbait pertsona eta talde hartara bilduz gertatu da; pertsona eta talde horiek, Kidegoa martxan jartzeko modu eta baldintzei buruzko zalantza-inguru batean, eta politika eta gizarte giroa nolabaitekoa zelarik, jaio berriak ziren euskal erakundeen segurtasuna bermatzeko eta babesteko zeregin zaila bete dute lehen momentutik. Biltze hori arau-esparru egokirik gabe egin behar izan zen, eta, beraz, egoeraren berezitasuna kontuan hartzen zuten ohiz kanpoko tratamenduak erabiltzera behartu zuen.

      Beste alde batetik, prozesu honek hurbileko etorkizuneranzko jarraibidea izan dezan, Ertzaintzaren zabalkundea amaitzeko konpromezua dakarkigu, bere ondorio eta eskakizun guztiekin.

      Orain arte aipatu diren aurrekari eta gerorako ikuspegiei nahi die erantzun lege honek. Horri begira taiutu da Ertzaintzaren antolakuntza, Ertzaintza Polizia Kidego bat osoa izan dadin, Autonomi Elkarteko lurralde guztiaren segurtasunaren erantzukizuna hartzen duena eta prest dagoena bai lege-hausteen ikerketan bai errudunak zigortzen epaile eta auzitegiei eraginkortasunez laguntzeko. Dagokion eta behar duen mailako estatutu-araubide bat ere ezartzen du legeak, Euskal Herriko polizia guztientzat balio izatea eta Autonomi Elkarteko funtzionarien araubide orokorretik ahalik eta hurbilen egotea nahi dena. Ertzaintzako funtzionarien eskubide sindikalak arautzen dira, bai eta funtzionari horiei interesatzen zaizkien gai publikoetan parte hartzeko modua ere, eta, azkenik, segurtasunerako administrazio-sistema baten taiukera orokorra ezartzen da, poliziaren zereginari lotuta eta harekin erlazionatuta daudenek behar bezalako koordinaketa eta partaidetasunaz, eta erakunde guztien aginpideei begirunea erakutsiz, ihardutea bermatuko duena.

II

      1.-     Euskal Herriko polizia-erakundearen foru-jatorria ukaezina da. Foru-araubidearen eguneratzea kasu honetan aginpide berarizko baten oinarria izateaz gain, Ertzaintza eratzeko modua berezi bihurtzen duena da. Ez genuke ahaztu beharko, halere, Poliziaz ari garelarik, eskubide historikoa elkartearen aginpide baten iturri eta sorburu bilakatu dela. Honegatik behar die lege honek Estatutuaren hamazazpigarren ataleko boskarren idazatiak ireki zituen ahalbideei erantzun. Hori dela eta, arrazoizkotasunak eta eraginkortasunak eskaturik, Miñoiak, Foralak eta Mikeleteak Ertzaintzako Kidegoan sartzea erabakitzen da, baina, Mikeleteen, Foralen eta Miñoien sekzioak mantenduta, lurralde-foralitatearen gaurko irudia zehazki errespetatuz; Mikeleteen, Foralen eta Miñoien sekzioei beren ordezkaritza-zereginak eta usadiozkoak aitortzen zaizkie, eta foru-organoek atxikipen funtzional horri dagozkion aginpide eta ahalmenei eutsiko diete. Miñoien Kidegoan gaur egun dauden funtzionarien bidezko eskubide eta itxarobideei begirunea erakusten zaiela gaineratu behar da, oinarrizko erabaki haren ikuspegitik ahal den eta egoki den punturaino.

      Legeak, bestalde, Udalek segurtasun eta poliziari buruz behar duten autonomia eta arlo horietan euskal Administrazioen iharduketa eraginkortasunez antolatzeko eskaria bata bestearekin lotzeko premiaren aurrean jarrera hartzen du. Ildo berean, egungo egoeraren ezaugarriak kontutan harturik, eta Udaltzaingoen ohizko esparru funtzionalaren barruan, udaltzainen eta ertzainen heziketa eta estatutua berdinak direla nabarmentzen da biziki. Arau horiek aplikatzeko, heziketarako eta birgaikuntzarako ahalegin handia beharko da, ezpairik gabe. Baina hori da, ziur aski, modurik onena geroari begira polizia guztiak beren iharduna burutzeko gai izango direla bermatzeko eta Euskal Herriko Polizia Kidegoen arteko kidetasuna eta komunikazioa lortzeko.

      Era berean, kidetzeko beharrezko diren arauak aurrikusten dira eta ekintza-mailaraino doazen koordinaketa eta lankidetza bideak ezartzen, lurralde berean aritzen diren polizia kidegoen aniztasunak askatasunak bermatzeko eta lege-hausteei aurre hartzeko eraginkortasun -maila txikiagotzerik ekarri ez dezan.

      2.-     Lege honek Euskal Herriko Polizien iharduneko arau nagusiak jasotzen ditu, Polizia demokratiko baten iharduera muin-muinetik ezaugarritu behar dutenak. Jokabide-arautegi labur bat da, gure artean nolabaiteko tradizioa hartzen ari dena, ez bait da ahaztekoa puntu honetan Ertzaintzaren Araudiak duen aitzindari-izaera, dirudienez garrantzizko garapenak izango dituena.

      Euskal Herriko polizien estatutu-araubidea ere luze-zabal arautzen da, bai eta haien eskubide sindikalak eta interesatzen zaizkien gaietan parte hartzeko modua ere. Ez dago azpimarratu beharrik estatutu-araubide ondo atondu eta zehatz batek pertsonen erakunde baten funtzionamenduan duen garrantzia, eta batez ere erakunde hori izatez mailakatua bada eta bere gain askatasunak bermatzea bezalako zeregin guztiz ardurazkoa badu. Lege hau erronka horri erantzuten saiatu da euskal funtzio publikoaren araubide orokorretik, premia berezien kaltetan gabe, ahal den hurbilena dagoen lege-araubide egoki batez, eta, bestalde, zuzenean doakienen arteko adostasunik handiena bilatuz, zeinen partaidetzarik gabe nekez lor dezakeen arrakasta pertsonak eta haien askatasun eta ondasunak babesteko asmoak.

      Kidegoen barneko egitura eta polizia-karrera arautzeak bai kidegoen dimentsio eta jarrera, bai lanbide honek bere kideak hezi eta garatzeko agertzen dituen berezitasunak kontutan hartu behar izan ditu.

      3.-     Euskal Herriko Polizi-Ikastegiari ageriko leku bat dagokio legearen sisteman eta euskal Poliziaren eratze-prozesuan.

      Polizia bat ezin da eraginkorra izan bertako kideek heziketa ona, burutu beharreko zereginarekin egokitua eta etengabe eguneratua izan ezean. Gainera, polizia ihardunak agenteen hizkuntz gaitasun egokia eskatzen du, herritarren hizkuntz eskubideei erantzun ahal izateko.

      Heziketarako eta gaikuntzarako eginkizun garrantzitsu hori, Ertzaintzara ez ezik, Udaltzaingoetara ere hedatu beharra dago, eta horrek erakunde autonomo bat eratzea aholkatu du, zeinaren organo araupetzaile gorenek partaidetasun zabala onartuko duten eta egokiro hornitua eta zaindua izan beharko duen.

ATARIKO IDAZPURUA

Lehenengo Atala

      Honako hauek dira lege honen helburuak: Euskal Herriko Autonomi Elkarteko segurantza -administrazioa antolatzea, udaltzaingoen arteko koordinaketa bideratzea eta euskal herri-administrazioen menpeko Polozia-Kidegoetako langilegoaren berarizko jaurpidea araupetzea.

2. Atala

      Lege hau ezarriko zaie ondoren adierazten diren Administrazioen menpeko Polizia Kidegoei:

a)   Autonomi Elkarteko Administrazioa.

b)   Toki-Administrazioa.

3. Atala

      Euskal Herriko Polizia Kidegoek, pertsonak beren eskubide eta askatasunez baliatu ahal izan daitezen babes-neurriak hartzea eta herritarren segurtasuna bermatzea dute beren egiteko, horretarako, legearen arauera, pakezko elkarbizitza eta pertsonak eta horien ondasunak babesteaz arduratu behar dute.

4. Atala

      Herritarren sagurtasunerako Euskal Autonomi Elkarteko politika, gizarte-ongundea lortzera bideratuko da. Horretarako, gizarte-bazterketari aurre egiteko Euskal Herriko administrazio ezberdinek burutu ditzaten besteekin koordinatuko da eta agente sozial desberdinen eskakizunak hartuko ditu kontutan.

I IDAZPURUA

SEGURTASUN-ADMINISTRAZIOARI BURUZ

I ATALBURUA

ORGANOAK ETA HAIEN AGINPIDEAK

I SAILA

HERRIZAINGO SAILA

5. Atala

      1.-     Herrizaingo Saila da herritarren segurtasunerako Autonomi Elkarteko politikaren organo arduraduna, Jaurlaritzak ezarritako helburu orokorren arabera.

      2.-     Jaurlaritza goren aginpidedun izanik, hori Lehendakariaren bidez egiteratzen duela, Herrizaingo-Sailari dagokio Ertzaintzaren eta honen lagungarritarako zerbitzuen burugoa eta goren zuzendaritza ere, zerbitzu horiei buruzkoan honako zeregin hauetan aritzen dela:

a)   Zerbitzuak zuzentzea, koordinatzea eta ikuskatzea.

b)   Egitamuketa orokorra eta egitamu tekniko-operatiboen koordinaketa tekniko-operatiboa egiten.

c)   Ekonomi iharduerako planak eta egitasmoak prestatzea eta horiek koordinatu eta burutzea, indarrean dagoen legediaren arabera, Gobernu-Kontseiluari edo bestelako organoei dagozkienak izan ezik.

d)   Ikerketa orokorrak egitea, antolakuntzari, koordinaketari eta garapenari buruz.

e)   Ertzaintzako funtzionarien estatutu-araubidea aplikatu eta ikuskatzea, lege honek agintzen duenaren indarrez Gobernu-Kontseiluari dagozkion ahalmenak edo beste organo batzuei eman zaizkienak izan ezik, eta Autonomi Elkarteko Administrazioaren ordezkaritza zehaztea funtzionarien ordezkariekin negoziaketan aritzeko.

f)    Ertzaintzaren laguntzarako zerbitzuei atxikitako langilegoa kudeatzen, Euskal Herriko funtzio publiko osoari ezartzekoak diren oinarri-irizpide nagusiei jarraiki.

      3.-     Herrizaingo-Sailari dagokio Ertzaintzaren eta honen lagungarritarako zerbitzuen eta Udaltzaingoen arteko koordinazioa sustatzea, beti ere, azken hauen egitura eta aribide-aldetikako burujabetasunari begirune izanez.

      4.-     Aurreko idazatian ohartemandako aginpideak, indarrean dagoen araubideak ematen dizkion bestelako aginpideen kaltetan gabe ulertuko dira, eta Herrizaingo Saileko organoek egiteratu beharko dituzte haren Egitura Organikoaren Dekretuan horretarako ezartzen den banaketaren arabera.

II SAILA

EUSKAL HERRIKO POLIZI-IKASTEGIA

6. Atala

      1.-     Euskal Herriko Polizi-Ikastegia eratzen da, administrazio-izaera duen eta Herri-zaingo Sailari atxikita dagoen erakunde autonomo gisa, zeinak bere zereginak bete ahal izateko berezko lege-nortasuna eta iharduteko gaitasun osoa duen.

      2.-     Ikastegi horren jaurtze-organoak hauexek dira:

a)   Kontseilu Araupetzailea.

b)   Zuzendaria.

7. Atala

      1.-     Euskal Herriko Polizi-Ikastegiari dagokio:

a)   Ertzaintzako eskala eta kategorietara sartzeko aukeraketa-bidearen oinarriak ezartzea, aukeraketa-bide horretarako deialdia egitea, epaimahai kalifikatzailea izendatzea eta, orohar, aukeraketa burutu ahal izateko bete beharreko esleipen oro betetzea.

b)   Toki-Administrazioaren menpeko Polizia Kidegoetako eskala eta kategoria desberdinetan sartzeko oinarrizko arauak taiutzea, zeinak Ertzaintzako eskala eta kategoria baliokideentzat ezarritakoen pareko irizpideetara egokituko diren, eta, bereziki, guztiek nahitanahiez egin beharrekoak gerta litezkeen aukeraketa-saioetako programak, edukia eta egitura prestatzea.

c)   Euskal Herriko Polizia osatzen duten Polizia Kidegoetako eskala eta kategorietara sartu aurretik egin beharreko heziketa ikastaroak eta praktika aldiak nahiz haien heziketa eta trebakuntzarako egin beharreko beste edozein programatzea, antolatzea eta burutzea. Horretarako, aldian-aldiro aipatu Kidegoen heziketa beharrak aztertuko ditu Institutuak.

d)   Udalbatzen menpeko Polizia Kidegoentzako heziketa-planek bete beharreko oinarrizko irizpideak taiutzea, horien garapena koordinatzea eta udalerri horiei laguntzea plan horien egiterapenean.

e)   Dagokion Udalbatzak haren gain uzten duenean, toki-Administrazioaren menpeko Polizia Kidegoetako eskala eta kategorietara sartzeko aukeraketa-bideak burutzea. Honako hau ere egin ahal izango du: Udalerriei beren Polizia Kidegoetako funtzionarien aukeraketari buruzko laguntza eta sorospen teknikoa ematea, eta era berean, epaimahaiei beren zeregina behar bezala burutzeko laguntza eta sorospide teknikoa ematea toki-Administrazioek deitutako aukeraketa-bideetan.

f)    Autonomi Elkartean herritarrak babestu eta laguntzeko zereginak dituzten erakunde publiko nahiz pribatuekin lankidetzan aritzea, hauen helburuak lortzeko egokiak izan daitezkeen ekintzak, heziketa eta zabalkunde alorrekoak, sustatu eta burutuz.

g)   Euskal Herriko Poliziako funtzionarientzat, hezitzeko eta informazioa emateko izango diren aldian-aldiko argitalpenak gertatzea eta, orohar, Euskal Herriko Poliziako funtzionariak profesional mailan kualifikatzeko ekintzak egitea, beren zereginak betetzeak kasu bakoitzean eskatzen duen ezagupen eta espezializazioa emango zaielarik.

h)   Lege honek izenda diezazkion edo beste lege nahiz manuek aitor diezazkioten gainerakoak.

      2.-     Euskal Herriko Polizi-Ikastegiak, hala eskatzen dioten toki-erakundeen heziketa-zentruen gain utz dezake haien menpeko Polizia Kidegoetako eskala eta kategorietara sartu aurretik egin beharreko heziketa-ikastaroen eta praktika-aldien antolakuntza eta burutzapena.

      3.-     Euskal Herriko Polizi-Ikastegia segurtasun-alorrean arduradun diren organoekin lankidetzan arituko da, Herrizaingo Sailak ematen dituen artezpide orokorrak jarraituz.

8. Atala

      1.-     Honako hauek izango dira Kontseilu Araupetzaileko kide:

a)   Herrizaingo Sailburua, Lehendakari izango dena.

b)   Herrizaingo Saileko hiru ordezkari, Herrizaingo Sailburuak izendatuko dituenak goi-kargudun nahiz Autonomi Elkarteko Administrazioko karrerako funtzionari direnen artean.

c)   Euskal Herriko Polizi-Ikastegiko Zuzendaria, Idazkari izango dena.

d)   Udalerrietako hiru ordezkari, Autonomi Elkartean indar gehien duen Euskal Herriko Udalen Elkarteak edo Federakundeak izendatuko dituenak, Udaltzainen egoera ezberdinen ugaria kontutan izanik.

e)   Ertzaintzako funtzionarien ordezkari bat, Kidego horretan indarrik gehien duen sindikatuak izendatuko duena, eta Udal Polizietako funtzionarien beste ordezkari bat, Euskal Herriko Udal Administrazioan indarrik gehien duen sindikatuak izendatuko duena. Dagokion Kidegoaren barruan, iharduneko zerbitzu egoeran edo bigarren iharduera egoeran dauden karrerako funtzionarien artean egingo dira izendapenok.

      2.-     Honako zeregin hauek ditu Kontseilu Araupetzaileak:

a)   Institutuaren aurrekontuen aurregitasmoari buruzko txostena egitea eta haren urteroko memoria onestea.

b)   Institutuak burutu beharreko urteroko ekintza-plana onestea, zuzendariak proposaturik, eta aldizka-aldizka plan horren garapenaren jarraipena egitea.

c)   Ikastegiko barne-jaurpideari buruzko erabaki orokorrak onartu aurretik, horiei buruzko txostena egitea.

d)   Zuzendaritzaren saloz, aukeraketako eta gaikuntzako plan orokorrak, eta bai Ikastegiak, bere egitekoen eremuan, beste erakunde publiko nahiz pribatuekin izenpetu ditzakeen ituneak ere, onartzea.

e)   Bere antolakuntza eta funtzionamendurako arauak onestea. Akordioen araubideari dagokionean, arau horiek Administrazioaren ihardunbidea arautzeko legepidean organo kolejiatuentzat ezarritakoari lotuko zaizkio.

f)    Institutuari esleitu zaizkion zereginen esparruan, bere kideetako edozeinek haren iritzipean jartzen dituen gai oro aztertu eta ondoren horri buruzko txostena egitea, eta egoki erizten dien ekintzak Zuzendaritzari eskatzea eta proposatzea.

9. Atala

      1.-     Zuzendariak dauka Euskal Herriko Polizi-Ikastegiko legezko ordezkotza, eta berari dagokio haren zerbitzu eta ekintzak zuzentzea, kudeatzea, koordinatzea eta ikuskatzea, hala nola erakunde autonomoari egotzitako helburuak lortzeko ahalmen guztiez baliatzea, beste organo batzuei eman ez zaizkien ahalmenez alegia.

      2.-     Ikastegiko Zuzendaria, Herrizaingo-Sailburuaren saloz, Jaurlaritzaren dekretuz izendatuko eta kenduko da kargutik.

10. Atala

      1.-     Euskal Herriko Polizi-Ikastegiko lanpostuak lan-itunepeko langilegoarentzat gordetakoen artean sailkatuko dira. Eman beharreko irakaspenen eduki edo espezialitateari begira, irakaskuntzarako izan, aukeraketa nahiz heziketa arlokoa, eta Euskal Herriko Poliziako funtzionarientzat gordeko diren lanpostuak zehaztuko dira.

      2.-     Era berean, aldi baterako irakasle-lanak egotzi ahal izango zaizkie Euskal Herriko Poliziako funtzionariei; lan horiek zerbitzu-manualdi gisa egingo dira, horiek emateko publizitate, merezimendu eta gaitasun-irizpideei jarraituko zaielarik.

      3.-     Aurreko zatian aipatutako zerbitzu manualdiak lau urte baino gehiago luzatuko ez den eperako izango dira, eta gehieneko epe bereko beste aldi baterako luzatu ahalko dira, zerbitzu horiek bete ditzaten funtzionariek euren jatorrizko lanpostuetan zehaztutako lan-sariak jaso ahal izango dituztelarik. Halere, aipatu lan-sariak bete beharreko lanpostuei dagozkienak baino txikiagoak izan edo bete beharreko egitekoak bateragarriak gerta daitezenean, doakionak horien biren aldaroaren hainako osagarria jasoko du.

11. Atala

      1.-     Euskal Herriko Polizi-Ikastegiaren ogasuna eta baliabideak hauek izango dira:

a)   Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorretan sartutako kredituak.

b)   Bereak dituen edo atxiki zaizkion ondasunak eta eskubideak, eta horien ekoizkin eta etekinak.

c)   Erakunde publiko nahiz pribatuen edo partikularren dirulaguntzak, ekarketak eta maileguak.

d)   Ikastegiaren ekintzek haren aginpideen eremuan ekar ditzaketen diru-sarrerak.

e)   Egotz lekizkiokeen bestelako baliabideak.

      2.-     Autonomi Elkartearen Administrazioaren jabetzakoak diren mota guztietako ondare zein eskubideak Ikastegiaren menpe geldituko dira baldin eta lege honetan Ikastegi honi ematen zaizkion zereginak betetzeari lotuta badaude.

II ATALBURUA

POLIZI-ZERBITZURAKO DATU-BILKETARAKO ZENTRUA

12. Atala

      Herrizaingo Sailaren egitura organikoaren baitan Polizi-Zerbitzurako Datu-Bilketarako Zentrua eratzen da, beren zereginak betetzeko, baita baimenaren jabe direnei horiek jakitera emateko ere, polizia zerbitzuei beharrezko zaizkien datuak bildu, jaso, gertatu, sailkatu eta gordetzeko izango den administrazio-organo gisa. Hori, euskarri fisikodun fitxategi automatizatuen bidez egingo da.

13. Atala

      1.-     Polizi-Zerbitzurako Datu Bilketarako Zentruaren funtzionamendua indarrean dauden nazioarte-mailako ituneetan agindutakoari, norbanako-mailako datuen erabilera automatikotua arautu dezan Lege Organikoari eta Euskal Herriko erakundeek fitxategi publikoen araupeketarako eman ditzaten legepideari egokituko zaie.

      2.-     Araudiz zedarritu ahal izango da Polizi-Zerbitzurako Datu-Bilketarako Zentrua osa osa dezaten fitxategietako organu arduraduna, baita horren egituraketa eta osotasun eta segurantzako baldintzak ere, eta guztia, aurreko zenbakian esandako legepidean ezarritakoari jarraiki.

14. Atala

      1.-     Polizi-helburutarako bilbutako norbanako-mailako datuen argipideak jakitera ematean erasota utzi beharko da jakitera ematearen gai diren datu eta argibideen zehaztasun eta fidagarritasun maila.

      2.-     Polizi-helburutarakotzat izendatutako norbanako-mailako datuetarako sarrera eskatu ahal izango dute:

a)   Epailariak, Epaimahaiak nahiz Herri-Salataritzako kideak, beren aginpideen eremuan sartzen den ikerlana aurrera eramateko.

b)   Auzi-Poliziaren Banakoko Buruak, legeen arabera honi dagozkion egitekoen eremuan aurrera eramandako ikerlan-aldian bidezko interesik egon dadinean.

c)   Beste polizi-banakoko Buruak edo banakoetako buruek, herritarren segurtasunerako arrisku zehatzei aurre hartu ahal izateko, bere egitekoetan dihardutela argipide horiek beharrezko izan ditzatenean eta legeek beren gain uzten dituzten aginpide eta gaitasunen esparruan.

      Beste polizi-taldeetako kideek sartu ahal izatea erabili beharrezko lankidetasun-irizpideei atxikiz gauzatuko da eta irizpideok, beti ere, aurreko b) eta c) hizkietan ematen diren oinarri-irizpideei egokituko zaizkie.

      3.-     Atal honetako 1 idazatian esandako datuak administrazioko beste organuei nahiz norbanakoei jakitera eman, aurreko 13. ataleko 1 idazatian esandako legepidean zedarri daitezen baldintza eta kasuetan eman ahal izango dira, beste inoiz ez.

15. Atala

      1.-     Eusko Legebiltzarreko Batzorde bat arduratuko da aurreko 13. atalean adierazitako aginduak bete daitezenaz eta emango ditu egoki izan daitezen baimen eta oharpideak.

      2.-     Aurreko idazatian aipatzen den kontrol hori, programak aldizka-aldizka egiaztatuz egingo da eta eska ditzann eta emango zaizkion datu nahiz informazioaren bidez, zoriz aterako direnak eta izen-erreferentziarik izango ez dutenak.

      3.-     Batzordeak agindu ahal izango du Datu Bilketarako Zentruan jasota dauden datuen artetik gezurrezkoak edo akasdunak direnak nahiz, jasoak egoteagatik, administrazio-egintza horrek kaltetuak gertatzen diren funtsezko eskubideen aurrikuspen araupetzaileak hausten dituzten datuak kentzeko, zuzentzeko edo sartzeko.

III ATALBURUA

EUSKAL POLIZIA KONTSEILUA

16. Atala

      1.-     Ertzaintzaren Kontseilua sortzen da, berdineango erakunde gisa, Ertzaintzaren proposamen eta kontsultatarako.

      2.-     Kontseiluak Herrizaingo Sailburua izango du buru, eta Herrizaingo-Saileko bost ordezkarik eta Kidegoko beste bost funtzionarik osatuko dute.

      3.-     Herrizaingo Sailburuari dagokio Herrizaingo Saileko ordezkariak izendatzea eta kargutik kentzea.

      4.-     Funtzionarien ordezkariak hauteskunde-ordezkaritza sistemaren bidez izendatuko dira, atalburu honetan eta bere egiterapenerako ematen den araudian ezarritakoaren arabera.

17. Atala

      Honako zeregin hauek ditu Ertzaintzaren Kontseiluak:

a)   Lanpostuak betetzeko egiten diren lehiaketak burutzeko erabili beharreko irizpideei buruzko proposamenak egitea.

b)   Lanbide estatutuari buruzko kontsultei erantzutea.

c)   Lan-teknika eta metodoak berritzeko programen prestakuntzan laguntzea.

d)   Egoki den erabakia hartu aurretik, hutsegite oso astunak direla eta Kidegoko funtzionarien kontra izapidetzen diren diziplinazko espedienteetan hala nola Kidegoaren ordezkarien edo delegatu sindikalen kontra izapidetzen diren espediente guztietan txostenak egitea. Era berean, aldian-aldiro Kidegoko funtzionarien aurka hasitako diziplinazko espedieenten eta horiei buruzko erabakiaren eta birgaikuntzen berri izango du.

e)   Estatutu araubidearen inguruko alorrei eragiten dien lege aurregitasmo eta xedapen orokorren egitasmoei buruzko txostenak egitea hilabeteko epean.

f)    Bere antolakuntza eta funtzionamendurako arauak onestea. Akordioen araubideari dagokionean, arau horiek, Administrazioaren ihardunbidea arautzeko indarrean dagoen araudian organo kolegiatuentzat ezarritakoari lotuko zaizkio.

g)   Ertzaintzako langilego-politikari buruzko neurriak eztabaidatu eta proposatzea, batez ere, sarrerako sistemei, lantokien zerrendei, sustapenari eta lanbide-karrerari, eta lansarien ezarpenari lotutako arloetan, baita berarizko eta ekoizkortasunagatikako osagarriak zedarritzeko irizpide nagusiei buruzko argipideak ematea ere.

h)   Kontseiluko edozein kidek Kontseiluaren aginpidekoak diren arloen inguruko edozein gairi buruzko iritzia eskatzen duenean, hori aztertu eta dagokion txostena egitea, eta egoki erizten dien neurriak proposatzea.

i)    Zerbitzu-egintza aitortzen duten espedienteetan entzuna izatea.

j)    Bigarren lanbideko egoerara aldatzera behartzekoak diren ezintasunen taula araupetzekoak diren araudizko manuei buruzko txostenak egitea.

k)   Lege eta xedapen orokorrek egozten dizkioten bestelako zereginak burutzea.

18. Atala

      1.-     Herrizaingo Sailaren ordezkariak izendatzea eta kargutik kentzea horko buruari dagokio.

      2.-     Lege honen 99. atalak dioenaren arabera ordezkariak lor ditzaten sindikatuei dagokie funtzionarien ordezkariak izendatzea, horietako bakoitzak lortutako botoen arauera eta aipatu manuaren seigarren zatian ezarritako arauei begira. Nolanahi ere, iharduneko zerbitzu egoeran edo bigarren iharduera egoeran dauden Kidegoko karrerako funtzionarien artean egin beharko da izendapena.

19. Atala

      1.-     Funtzionarien ordezkariek honako arrazoi hauengatik utziko diote ordezkari izateari:

a)   Lau urtez luzatuko den manualdia bukatzeagatik. Halere, epe hori bukatuta oraindik ordezkari berriak izendatzeke badaude, izendapen horiek egin artean aginteal-dia luzatzen dela ulertuko da.

b)   Funtzionari izateari uzteagatik.

c)   Iharduneko zerbitzuko edo bigarren iharduerako egoera ez den beste edozein administrazio-egoeratara igarotzeagatik.

d)   Hiltzeagatik.

e)   Karguari uko egiteagatik. Hori, Kontseiluko Lehendakariari bidalitako idazki baten bidez adierazi beharko da.

f)    Izendatu dituen sindikatuak berak ordezkari horiek kendu izanagatik. Horiek kentzeko erabakia Kontseiluko Lehendakariari bidalitako idazki baten bidez adierazi beharko da.

      2.-     Aurreko idazatian ohartemandako kasuetan, bete gabe dagoen ordezkari lanpostua, hori dagokion sindikatuak izendatutako hautagaiak beteko du. Ordezko horrek agintealdia bukatu arte ihardungo du.

IV ATALBURUA

EUSKAL ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ARTEKO ELKARLANA ETA LANKIDETZA

20. Atala

      Toki-erakundeek eta Herrizaingo Sailak, bakoitzaren aginpideen esparruan, beren iharduketak koordinatu egin beharko dituzte lege honetan ohartemandako helburuetarako. Ondorioz, bakoitzaren Polizia Kidegoek behar duten informazioa eman beharko diote elkarri eta Polizia Kidego horiek elkarlanean burutuko dituzte beren zereginak.

21. Atala

      1.-     Segurtasunerako Euskal Batzordea eratzen da, topaketarako eta ideia nahiz esperientzien elkartrukaketarako organo gisa, eta segurtasun-politikarekin zerikusia duten edo hark eragiten dien erakunde eta instituzioen iharduketen koherentzia errazteko. Honako Administrazio hauetako ordezkariek parte hartu ahal izango dute Batzorde horretan:

a)   Autonomi Elkarteko Administrazioak, honen ordezkarien artean nahitanahiez Herrizaingo Sailak egon beharko duelarik.

b)   Estatuko Administrazioak.

c)   Toki-Administrazioak.

d)   Foru-Administrazioak.

e)   Euskal Herriko Zuzentza-Administrazioak.

      Era berean, haren bilkuretan parte hartu ahal izango dute Batzordearen helburuetarako interesgarriak diren gizabanako eta erakundeek, publikoak nahiz pribatuak direla.

      2.-     Segurtasunerako Euskal Batzordearen eraketa, osakera eta funtzionamendua zuzenduko duten arauak araudiz ezarriko dira.

22. Atala

      Polizierako iharduketak burutzerakoan polizia zerbitzuak koordinatu eta haiekin elkarlanean iharduteko organo gisa, toki mailako koordinaketa-batzordeak sortu ahal izango dira araudiz ezarritako arauetan oinarrituta. Hori guztia, Autonomi Estatutuaren 17. ataleko 4. idazatian Ertzaintzaren eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen arteko koordinaketari dagokionean ezarrita dagoenaren kaltetan gabe.

V ATALBURUA

POLIZIA ZERBITZUAK HOBETZEKO EKIMEN-BULEGOA

23. Atala

      1.-     Herrizaingo Sailean, Zerbitzua Hobetzeko Ekimen-Bulegoa egongo da, eta hauxe izango du bere zeregina: edozein administratuk, legeek agintzen dituzten betekizun eta mugei lotuz, polizia zerbitzuen funtzionamendua hobetzeko aurkezten dituen ekimenak aztertzea, eta zerbitzua hobetzeko egoki erizten dien neurriak har daitezela proposatzea.

      2.-     Ekimen horiek edozein polizia egoitzatan aurkeztu ahal izango dira, eta bertako arduraduna den funtzionaria behartuta egongo da hartu duela adieraztera eta Bulegora bidaltzera.

      3.-     Atalburu honen esparrutik at gelditzen dira berarizko araubidea duten administrazio-ekintzen, zigor-legezkoen edo bestelakoen ondorioz egindako eskaerak.

      4.-     Jasotako ekimen guztien berri Segurantzako Euskal Batzordeari emango zaio.

II IDAZPURUA

EUSKAL HERRIKO POLIZIARI BURUZ

I ATALBURUA

XEDAPEN OROKORRAK

24. Atala

      1.-     Lege honetan ohartemandako ondorioetarako, Autonomi Elkartearen Administrazioaren menpeko eta toki-erakundeen menpeko Polizia Kidegoek osatzen dute Euskal Herriko Polizia.

      2.-     Ertzaintza Kidego bakar moduan eratzen da organikoki, eta bertan sartzen dira, Euskal Herriko Estatutuaren 17.5 atalak dioenaren arabera, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen Kidegoak. Halere, Lurralde Historiko bakoitzean egongo da honako izen hau duen Ertzaintzaren zerbitzu bat:

·   Arabako Foru Aldundiko Miñoien Sekzioa.

·   Bizkaiko Foru Aldundiko Foralen Sekzioa.

·   Gipuzkoako Foru Aldundiko Mikeleteen Sekzioa.

      3.-     Euskal Autonomi Elkarteko udalerri bakoitzaren udaltzaingoko zerbitzu eta langileak udal-Kidego bakar batean sartuko dira.

25. Atala

      Euskal Herriko Polizia osatzen duten Kidegoak herri-legezko izaera eta mailakaturiko egitura eta antolakuntza duten institutu armatuak dira. Horietako kideak, Autonomi Elkarteko Administrazioko edo dagokien udalerrietako funtzionari publiko izango dira, eta beren zereginak betetzerakoan agintaritzaren agente-izaera izango dute lege mailako ondorio guztietarako.

26. Atala

      1.-     Euskal Autonomi Elkarteak dituen aginpideen esparruaren baitan, Ertzaintzaren funtsezko zereginak dira pertsonak eta ondasunak babestea, haiek beren eskubide eta askatasunez baliatu ahal izan daitezen bermatzea eta Euskal Autonomi Elkarteko lurralde-eremu osoan herritarren segurtasunaren alde lan egitea. Horretarako, lege-antolakuntzak Segurtasun-Kidegoei egozten dizkien zereginak betetzen ditu.

      2.-     Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioek lege honetan berariz esleitzen zaizkien zereginak beteko dituzte.

27. Atala

      1.-     Udaltzaingoek zeregin hauek betetzen dituzte:

a)   Udalerrietako agintariak babestea eta haien eraikuntza eta instalakuntzak jagon edo zaintzea.

b)   Hiriguneko zirkulazioa antolatu, seinalizatu eta zuzentzea, zirkulazio-arauetan ezarritakoaren arabera.

c)   Hirigunean gertatzen diren zirkulazio-istripuen ondoko argiketak izapidatzea.

d)   Ordenantza, Bando eta gainerako udal xedapen eta ekintzei buruzko Administrazio-Polizia lanak, eta baita ingurugiroari eta bazter-txokoei kasu egiteko indarrean dagoen legedia bete dadin ardura hartzea ere, gai horiekikoan toki-erakundeek dituzten aginpideen eremuan.

e)   Auzi-Poliziaren zereginetan parte hartzea, Auzi-Poliziako Unitateei lagunduz.

f)    Istripuak, hondamendiak edo ezbehar publikoak gertatzen direnean laguntza ematea, legeetan ohartematen den moduan herri-babeseko planak burutzerakoan esku hartuz.

g)   Aurrea hartzeko eginbideak eta lege-hauste diren egintzak eragoztera zuzendutako iharduketa oro burutzea.

h)   Leku publikoak zaintzea eta manifestazioak babesten, hala nola jende-bilera handietako ordena mantentzen laguntzea, hori egiteko eskatzen zaienean.

i)    Gatazka pribatuei irtenbidea bilatzen laguntzea, hori egiteko eskatzen zaienean.

      2.-     Aurreko idazatiaren c) eta g) lerroaldietan ohartemandakoaren indarrez egindako iharduketen berri emango zaio alor horretan aginpide orokorra duen Segurtasun Indar edo Kidegoari.

      3.-     Toki-erakundearen lurralde-eremuan ihardungo dute haren menpekoak diren Udaltzaingoek, eta lurralde-eremu horretatik kanpora ere ihardun ahal izango dute larrialdi edo premiazko egoeretan, aginpidedun agintariak hala eskatuta, dagokion Alkateak horretarako baimena ematen dien kasuetan.

II ATALBURUA

DEONTOLOGIAKO ARAU-BILDUMA

28. Atala

      Zaintzako herri-zerbitzua Konstituzioarekiko, Autonomi Estatutuarekiko eta gainontzeko lege-antolakuntzarekiko begirunerik handiena izanez egiteratuko da, eta horri dagokio legeak ezartzen dizkion betebeharrak betetzea, Autonomi Elkartearen alde lan eginez eta pertsona guztiak, beren eskubide eta askatasunez baliatzea galerazi diezaieten legez kontrako ekintzetatik babestuz.

29. Atala

      Euskal Herriko Poliziako kideek Auzitegietako agintaritzari men egingo diote, eta Auzi-Polizia diren aldetik bete behar dituzten zereginetan, Zuzentza-Administrazioaren esanetara eta haren menpe egongo dira legeek ezarritako modu eta neurrietan.

30. Atala

      1.-     Euskal Herriko Poliziako kideen jokabidea hobespen politikorik eta alderdikeriarik gabekoa izango da guztiz, eta gehiegikeriazko eta bidegabeko edozein ekintza galeraziko dute, berdintasun eta bereizkeriarik ezarekiko sortarauei eta Konstituzioan eta Giza Eskubideei buruzko Mundu-mailako Adierazpenean aipatzen diren beste guztiei uneoro begirune izanez.

      2.-     Zintzo eta duintasunez jokatu beharko dute beti, eta beren zereginei zor zaien uste ona eta itzala galtzea nahiz zerbitzuaren edo Administrazioaren izen ona edo eraginkortasuna arriskuan jartzea ekar dezaketen jokabide orori itzuri egin beharko diote. Ustelkeria-ekintza guztietatik bereziki jare izan eta horrelakoen aurka erabaki sendoz jokatu behar dute.

      3.-     Herritarrekin dituzten harremanetan jokabide zuzena eta arretazkoa izan beharko dute, eta esku hartzen dutenean zergatik eta zein helbururekin egiten duten ahalik eta argibide gehienez azaldu beharko dute. Hala behar izanez gero, eta beren iharduketekin zerikusia duten pertsonek hala eskatzen badiete, poliziak direla egiaztatu beharko dute.

31. Atala

      Beren lanbideko iharduketan mailaketa eta menpekotasun printzipioen arabera ihardungo dute; beraz, agintariei eta beren gainetik daudenei begirunea zor diete eta haiek esandakoari men egin beharko diote. Halere, argi eta garbi lege-hauste edo legeen aurkakoak diren aginduak ez dituzte bete beharko, eta hori gertatuz gero, ez da inolako diziplinazko neurririk hartuko.

32. Atala

      Beren zereginak direla eta dakizkiten gertakariak oro isilpean gorde beharko dituzte, zeregin horien egiterapenak edo legearen manuek bestela jokatzeko agintzen ez badiete.

33. Atala

      Polizi lanak berezkoak dituen eginkizunak lanetik kanpo daudela ere zaindu behar dituzte Euskal Herriko Poliziako kideek beti legearen eta herritarren segurtasunaren alde eskuhartu beharko dutela, eta istripuak, ezbehar publikoak nahiz zorigaitz partikularrak gertatzen direnean ere lagundu egin beharko dute.

34. Atala

      1.-     Euskal Herriko Poliziako kideek, beren zereginak betetzerakoan, behar den kemenez ihardungo dute, eta arrazoizkoa denean bakarrik baliatuko dira indarraz. Beren esku dauden baliabideak erabiltzeko orduan, egokitasun, premia eta heintasun printzipioak hartuko dituzte kontutan.

      2.-     Ezingo dituzte armak erabili beren edo besteren biziarentzat nahiz gorputz-osotasunarentzat arrisku larria dagoenean edo herritarren segurtasunarentzako arrisku larriko kasuetan izan ezik. Erabili behar izanez gero, aurreko idazatian aipatzen diren printzipioen arabera egingo dute. Su-armak erabiltzea azken neurritzat joko da, eta armatua dagoen norbaitek kontra egiten duenean edo poliziaren nahiz beste norbaiten bizia nola edo hala arriskuan jartzen denean bakarrik erabili ahal izango dira, bestelako neurriak erabiliz atxilotzea edo menderatzea lortzen ez bada.

35. Atala

      Norbait atxilotzen dutenean, behar bezala egiaztatu beharko dute Euskal Herriko Poliziako kide direla eta lege-antolakuntzak eskatzen dituen izapide, epe eta eskakizunak arretaz beteko dituzte.

36. Atala

      1.-     Euskal Herriko Poliziako kideek atxilotzen dituzten pertsonen eta bere zainpean dituztenen bizia eta gorputz-osotasuna zainduko dituzte, eta beraien ohore eta duintasuna eta legez dagozkien eskubideak errespetatuko.

      2.-     Ezingo dute hildurazko edo bestelako tratu anker, giza duintasunaren aurkako edo lotsagarririk eman, eman erazi edo onartu, ez eta aitzakiatzat jarri gaineko norbaiten agindurik edo gerra sortzeko nahiz Estatuko segurtasunarentzako arriskua bezalako egoera berezirik.

      3.-     Beren zainpean daudenen osasuna behar bezala babesten dela bermatu beharko dute. Haien osasun-egoerak hala eskatzen baldin badu, medikuaren laguntza izan dezaten arduratuko dira eta kontu egiten dienaren esanak beteko dituzte, beti ere zainpean daudenen jagotaldia bermatzeko beharrezko diren neurriak gutxitu gabe.

37. Atala

      1.-     Euskal Herriko Poliziako kideek iharduketaren bat legezko eta araudizko arauak hautsiz edo urratuz egiten badute, horren arduradun zuzena norbera izango da, Administrazioari horren ondorioz legokiokeen ondarezko erantzukizunaren kaltetan izan gabe.

      2.-     Halere, beren zereginak betetzerakoan egindako egintzengatik erantzukizuna eskatzen dieten auzibide guztietan, profesional batek ordezkatuak eta defendatuak izateko eskubidea izango dute Euskal Herriko Poliziako kideek. Hori, beren gainetik duten Administrazio publikoaren kontura izango da eta hark izendatuko ditu profesionalak.

      Sendetsitako epailetza-ebazpenak, erantzukizuna eskatzea ekarri duten egintzak polizia iharduketa araupetzen duten arauak hautsiz egin dela egiaztatzea gertatuz gero, Administrazioa dagokion atzerabideko eskubideaz baliatu ahal izango da.

38. Atala

      Honako arau-bilduma honetan ezarritako zerbait hautsi dela edo hautsiko dela uste izateko funtsezko arrazoirik baldin badute, beren gainetik dituztenei eta, hala behar izanez gero, zigortzeko ahalmena duen edozein agintariri jakin erazi beharko diote.

III ATALBURUA

ETENGABEKO HEZIKETA, EUSKALDUNTZEA

39. Atala

      1.-     Euskal Herriko Poliziako kideek beren zereginak egoki betetzea bermatuko duen etengabeko lanbide heziketa eta gaikuntza izango dute. Era berean, Euskal Administrazio publikoak beren menpeko poliziako funtzionariek behar bezalako hizkuntz gaitasuna lor dezaten saiatuko dira.

      2.-     Euskal Polizi-Ikastegiak heziketarako ekintzak prestatuko ditu aldizkako programen bidez, lanbiderako ahalmena eta gaitasuna iraun arazi eta hobetzeko; aipatu programak aldian-aldikoak, orokorrak eta Euskal Herriko Poliziako funtzionari guztientzat izango dira.

      3.-     Heziketarako ekintzen hartzaileak zein izango diren, helburuen eta polizi zerbitzuetan sortutako beharren arabera zehaztuko dira. Ekintza horiek hartzaile diren langile guztiek egin beharko dituzte, polizia zerbitzuak behar bezala betetzearen kaltetan gabe.

      4.-     Aginduzkotzat ezartzen diren ekintzak nahitanahiez egin beharko dituzte hartzaile diren funtzionariek, eta ateratako etekina doakionaren espedientean erasota utziko da.

      5.-     Heziketazko edozein ekintza burutzeak eta, hala egokituz gero, gainditzeak ez du, berez, lanpostu zehatz bati atxikitzeko eskubiderik emango. Halere, eta deialdian berariz hala ohartematen denean, lortutako heziketa eta ezagupenak beharrezko dituzten lanpostu huts guztiak eskatu beharko dituzte ekintza gainditzen duten funtzionariek, egiten den lehenengo deialdian eta lehentasunez; hala ez badute egiten, derrigorrez horietako edozein lanposturi atxikiak izan daitezke.

40. Atala

      1.-     Euskal Herriko Polizi-Ikastegia bere menpeko irakastegietan egindako ikasketak aginpidedun Administrazioak baliokidetu ditzan arduratuko da. Horretarako, kontutan hartuko da ikasketa horien izaera eta iraupena, hala nola ikastaro bakoitzean parte hartzeko eskatzen den titulazioa, eta erakunde mailako laguntza sustatuko da, Hezkuntz Administrazioarena, Unibertsitatearena, Epai-Agintaritzarena, eta irakaskuntza-gaiekin zerikusia duten bestelako erakunde, etxe edo tegiena.

      2.-     Ikastegiak, bertan eman ditzan ikastaroetan, beste ikastetxe ofizialetan aurrez gainditu dituztela egiaztatu dezatenak, horiek ikasten ari behar izatetik jare utziko ditu, eta hori araudiz erabaki dadin eran egingo du.

IV ATALBURUA

LANPOSTU-ZERRENDAK

41. Atala

      1.-     Lanpostu-zerrendetan agertzen dira hurrenkeran jarrita Euskal Herriko Polizia Kidegoetako eskala eta kategoria desberdinetako funtzionarientzako gordeta dauden lanpostuak.

      2.-     Lanpostu-zerrendek honako xehetasun hauek adierazi beharko dituzte gutxienez:

a)   Lanpostuaren izena.

b)   Betetzeko sistema.

c)   Lanpostuan iharduteko izan behar den eskala edo kategoria.

d)   Lanpostuan iharduteko eskatzen diren eskakizunak; horien artean nahitanahiez hizkuntz eskakizunak egon beharko du eta, hala egokituz gero, aginduzko izaten hasten den egunak.

e)   Lan-izendapenagatik dagokion osagarri-maila eta, hala egokituz gero, berarizko osagarria.

f)    Bete beharreko gutxieneko iraunaldia, baldin eta lanpostuan iharduteak eskatzen dituen heziketazko eta gaikuntzazko ezaugarri berezietan oinarritzen bada ekonomi eta eraginkortasun arrazoiengatik.

g)   Bete beharreko gehieneko iraunaldia, burutu behar diren zereginen ezaugarri bereziek eragindakoa, baldin eta gaitasun fisikoari edo oreka psikikoari buruzko arrazoiek hala aholkatzen badute.

      3.-     Era berean, lanpostu-zerrendek zehaztuko dituzte, bertan agertzen diren lanpostuen artean, bigarren iharduerako egoeran dauden langileek betetzeko modukoak direnak.

      4.-     Lanpostu-zerrenden bidez sortu, aldatu, bateratu eta ezabatuko dira lanpostuak.

      5.-     Atal honetan ezarritakoa toki-Administrazioari dagokionean, lanpostu-zerrendak prestatzeari buruz Toki-Araubideko Oinarriak araupetzeko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 90.2 atalean ohartemandakoa aplikatuz eman daitezkeen arauen kaltetan gabe ulertuko da.

42. Atala

      1.-     Ertzaintzari dagokionez, Herrizaingo Sailari dagokio lanpostu-zerrendak onestea, eta toki-Administrazioaren menpeko Polizi Kidegoei dagokienez berriz, dagokion toki-erakundeko aginpidedun organoari. Nolanahi ere, lanpostu-zerrendak aurrekontuetako aurrikuspenei egokituko zaizkie, eta bertan ezingo da agertu dagokion urteko ekitaldirako aurrekontu-zerrendetan ohartemandako kredituen bidez ordaindu ezin den lanposturik.

      2.-     Lanpostu-zerrendak, hala nola bertan egindako aldaketak, Ertzaintzaren Albistarian argitaratuko dira, edo dagokion Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean toki-erakundeetakoak baldin badira.

43. Atala

      1.-     Lanpostuak maila desberdinetan sailkatuko dira eta funtzionari orok maila horietakoren bati dagokion norbere gradua izango du.

      2.-     Orohar Autonomi Elkarteko Administrazioko funtzionarientzat ezarritakoaren arabera araupetuko da norbere gradua, honako lege honetan eta honen egiterapenerako emandako xedapenetan berariz ohartemandakoan izan ezik.

      3.-     Ertzaintzako funtzionariek norbere gradua lortzea ahalbideratuko duten berarizko ikastaroak edo bestelako eskakizun objetiboak Herrizaingo Sailak zehaztuko ditu. Ikastaroetan parte hartu ahal izateko prozedura eta bestelako eskakizun objetiboak finkatzea merezimendu eta gaitasun irizpideetan soilik oinarrituko dira.

V ATALBURUA

AUKERAKETA

I SAILA

XEDAPEN OROKORRAK

44. Atala

      1.-     Euskal Herriko Polizia osatzen duten Kidegoetako funtzionarien aukeraketa dagokion Administrazio publikoak burutuko du deialdi publiko bidez, eta esku-hartze librearen, berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak, hala nola aukeraketa-bidearen iragarkuntzarena betetzen direla bermatuko du.

      2.-     Egin beharreko proba-moten eta bete beharreko zereginen edukien arteko egokitasuna zainduko dute aukeraketa-bideek, eta horretarako, sartu ahal izango dira ezagupen orokor edo berarizkoei buruzko ariketak, teorikoak nahiz praktikoak, test psikoteknikoak, ahalmen fisikoei buruzko probak, elkarrizketak, heziketa-ikastaroak, praktika-aldiak, eta zereginak betetzeko ezagumenik eta baldintza psikiko eta fisikorik aproposenak dituzten pertsonen aukeraketa bermatzeko egokia den bestelako edozein sistema.

45. Atala

      1.-     Polizia Kidegoetan sartzeko deialdien edukiak, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen V. Idazpuruan ezarritako oharpenei egokituko zaizkie, eska daitezkeen euskararen hizkuntz gaitasun mailei dagokienean eta hizkuntza hori jakiteari eman beharko litzaiokeen balioari dagokionean.

      2.-     Hizkuntz eskakizunak egiaztatzeko egiten diren proben eduki eta moduak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ezarritako aginduei atxikiko zaizkie. Proba horietan, aipatu erakundeko ordezkari bat epaimahai kalifikatzaileko kide izango da.

46. Atala

      Bete beharreko lanpostu hutsen izaerari begira, aukeraketa-bideetan sartu ahal izango dira lanpostu horietan iharduteak eskatzen duen ahalmen bereziari egokitutako berarizko probak, dagokion eskala edo kategoriara sartzeko eska daitekeen egokitasun orokorra neurtzeko beharrezko direnen kaltetan gabe. Deialdi horien ondorioz sartzen diren funtzionariak haiek sortu dituzten lanpostu hutsei atxikiko zaizkie, lehen lan-izendapen gisa, berezitasun hori etorkizunean bete ditzaketenen kaltetarako izan gabe.

47. Atala

      1.-     Aukeraketa-bideetarako deialdiak, hala nola haien oinarri-arauak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, edo dagokion Lurralde Historikoko Aldizkarian toki-erakundeetakoak baldin badira.

      2.-     Deialdiaren oinarri-arauek honako hauek jaso beharko dituzte nahitanahiez:

a)   Lanpostuen zehaztapena, Kidegoa, eskala eta kategoria, nahiz titulazio-taldea adieraziz.

b)   Izangaiek bete beharreko eskakizunak.

c)   Probak, programak eta, hala egokituz gero, merezimenduen zerrenda, hala nola baloraziorako irizpide eta arauak.

d)   Epaimahaiaren osakera.

e)   Heziketa-ikastaroaren eta praktika-aldiaren ezaugarrien zehaztapena.

f)    Araudiz ezartzen diren gainerako xehetasunak.

      3.-     Deialdiek bete behar diren lanpostuak zehaztuko dituzte, eska daitezkeen hizkuntz eskakizunak eta barne-aurrerabiderako gordetzen diren lanpostuak adieraziko dituztelarik.

      4.-     Administrazio publiko bakoitzeko organo aginpidedunek onetsi ahal izango dituzte, bakoitzari dagozkion eremuetan, ondorengo deialdietan aplikatzeko oinarri-arau orokorrak. Oinarri-arau horiek argitaratuak daudenean, dagozkien deialdiek adierazi gabe utzi ahal izango dituzte, noiz eta zein Aldizkari Ofizialetan argitaratu ziren jartzen baldin bada.

48. Atala

      1.-     Aukeraketa-sistema osatzen duten proben garapena eta neurketa epaimahaiei dagokie, horretarako guztizko autonomia funtzionalaz baliatuko direlarik; aukeraketa-bidearen objetibotasunaren arduradun izango dira eta deialdiaren oinarri-arauak betetzen direla bermatuko dute.

      2.-     Epaimahaien izendapenak berezitasun-printzipioa betetzen dela bermatuko du. Horren indarrez, botoa emateko eskubidea duten epaimahaiko kide guztiek, sartzeko eskatzen den ikasketa maila-berari edo goragokoari dagokion titulazioa izan beharko dute, eta horietatik erdiak, gutxienez, ezagupen-alor berari dagokiona. Dena dela, Euskal Herriko Polizi-Ikastegiak izendatutako ordezkari bat egongo da epaimahaietan.

      3.-     Epaimahaiek erabaki ahal izango dute beren lanetara aholkulari espezialistak sartzea, aukeraketa-bidea osatzen duten proba guztietarako nahiz batzuetarako, beren aholkularitza eta laguntza teknikoa ematera mugatuko direnak beren espezialitateei dagozkienetan.

49. Atala

      1.-     Epaimahaien ebazpenak behartze-indarrekoak izango dira funtzionari-izendapena egitea dagokion organoarentzat, horrek, baliogabetu ditzakeen araugabetasunen bat gertatuz gero, Administrazioaren ihardunbidea araupetzen duten arauen arabera berraztertu ahal izatearen kaltetan gabe.

      2.-     Epaimahaiek ezingo dute dei egindako lanpostuak baino izangai gehiago aukeratu gisa aldarrikatu, mugapen hori hausten duten proposamenak erabat eta berez baliogabeak izango bait dira.

50. Atala

      1.-     Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko Polizi-Ikastegiak eskatuta, toki-Administrazioaren menpeko Polizia Kidegoetako eskala eta kategorietara sartzeko oinarri-arauak zehaztuko ditu, zeinak Ertzaintzako eskala eta kategoria baliokideentzat ezarritakokoen pareko irizpideetara egokituko diren, eta, bereziki, aukeraketa-saioetako programak, edukia eta egitura mugatuko ditu.

      2.-     Esandako Ikastegiak gauzatu ahal izango ditu toki-Administrazioaren menpeko Polizia Kidegoetako eskala eta kategorietara sartzeko aukeraketa-bideak, dagokion udalerriak hala egozten dionean. Nolanahi ere Institutu horri dagokio sartu aurretik egin beharreko heziketa-ikastaroak eta praktika-aldiak antolatu eta burutzea, lege honetako 7. atalaren 2. idazatian ezarritakoaren kaltetan gabe.

II SAILA

AUKERAKETA-SISTEMAK

51. Atala

      1.-     Euskal Herriko Polizia osatzen duten Kidegoetan sartzeko, norgehiagoka, lehiaketa edo lehiaketa-norgehiagoka sistemak erabiliko dira, eta horiek aukeraketa-bidearen beste aldi bat izango diren heziketa-ikastaro eta praktika-aldiekin osatuko dira.

      2.-     Aukeraketa-probak lehiaketa-norgehiagoka sistemaren bidez egiten direnean, lehiaketa-aldiaren balorazioak ezingo du gainditu norgehiagokan lor daitekeen gehieneko puntuazioaren ehuneko berrogeitabost, eta lehiaketan lortutako puntuazioa ezingo da erabili norgehiagokako ariketak gainditzeko edo horietan lortutako kalifikazioak aldatzeko.

52. Atala

      1.-     Heziketa-ikastaroak eta praktika-aldiak ezingo dira aldi berean burutu, eta bakoitzak nahiz biek elkarturik ezingo dute hogeitamar hilabete baino gehiago iraun.

      2.-     Beren iharduketa-alorren arabera izangaiaren osoko heziketa alde batetik, eta, bestetik, lan-izendapeneko haren Administrazioaren polizia zerbitzuen egitura eta funtzionamenduaren berarizko ezagupena lortzeko egokienak diren etxe eta egoitzetan burutuko dira praktika-aldiak.

53. Atala

      1.-     Heziketa-ikastaroak eta praktika-aldiak baztertze-indarrekoak izango dira, banaka hartuta, eta haiek ez gainditzeak ekarriko du izangaia, berez eta besterik gabe, aukeraketa-bidetik kanpo uztea eta dagokion eskala edo kategoriara sartzeko izan zitzakeen eskubideak oro galtzea.

      2.-     Aurreko idazatian adierazitakoa horrela izanik ere, ezinbesteko arrazoiak direla eta heziketa-ikastarora edo praktika-aldira sartzen ez diren izangaiek edo horiek bukatzen ez dituztenek burutzen diren hurrengoetan parte hartu ahal izango dute, eragozpenak desagertu ondoren. Ikastaroa eta praktikak antolatu eta burutzeaz arduratzen den organoari dagokio arrazoiak balioestea, eta berak hartu beharko du egoki den erabakia.

54. Atala

      1.-     Heziketa-ikastaroetara eta praktika-aldietara iristen diren izangaiak praktika-aldiko funtzionari izendatuko dira, eta egoera horretan egongo dira ikastaroa nahiz praktika-aldia hasten denetik harik eta karrerako funtzionari izendatzen diren arte edo aukeraketa-bidetik baztertzen diren arte.

      2.-     Praktika-aldiko funtzionariak direla, sartu nahi duten kategoriako sailkapen-taldeari dagozkion soldata eta ordainketa berezia adinako lansaria jasoko dute, eta horri, praktikak lanpostu batean ihardunez betetzen badira, lanpostu horrentzat esleitutako lansari osagarria gehituko zaio. Hala ere, jadanik Kidego bereko beste kategoria batekoak direnek, bertan iharduneko zerbitzuan ari direlarik, beren jatorriko lanpostuek adierazita lituzketen lansari berak izango dituzte, baldin eta idazati honetan ohartemandakoak jasotzea aukeratzen ez badute.

      3.-     Ikastaroak eta praktika-aldiak dirauten bitartean, edo horiek bukatzerakoan, behar adina medikuntza-alorreko proba egitera behartu ahal izango dira izangaiak, kategoriara sartu ahal izateko ezarrita dagoen medikuntza-arrazoiengatiko bazterketen taulari egokitzen zaizkion ala ez egiaztatzeko. Egindako probetatik bazterketarako arrazoiren bat dagoelako ondorioa ateratzen baldin bada, izangaia aukeraketa-bidetik baztertzeko proposatu ahal izango du organo arduradunak, gaixotasunaren edo akats fisikoaren larritasunaren arabera, eta izendapena egitea dagokion organoak hartuko du egoki den erabakia.

55. Atala

      Ikastaroaren eta praktiken arduradunak diren heziketa-etxeek emandako kalifikazioak behartze-indarrekoak izango dira karrerako funtzionari izendatzea dagokien Administrazioko organoentzat, horrek Administrazioaren ihardunbidea araupetzen duten arauen arabera berraztertu ahal izatearen kaltetan gabe.

III SAILA

EUSKAL HERRIKO POLIZIA KIDEGOETAN SARTZEA

56. Atala

      1.-     Euskal Herriko Polizia osatzen duten Kidegoetako Agente-kategoriara sartzea norgehiagoka edo lehiaketa-norgehiagoka libre bidez egingo da.

      2.-     Agente Lehen, Ofiziale-ondoko eta Ofiziale kategorietara sartzea barne-aurrerabidez egingo da, eta norgehiagoka, lehiaketa edo lehiaketa-norgehiagoka sistemen bidez.

      3.-     Komisario-ondoko kategoriara sartzea barne-aurrerabidez eta txanda librez egingo da norgehiagoka, lehiaketa eta lehiaketa-norgehiagoka sistemen bidez. Dauden lanpostu hutsetatik ehuneko berrogeitamarreraino gorde ahal izango dira txanda librez bete daitezen.

      4.-     Komisario, Intendente eta Intendenteburu kategorietara sartzea barne-aurrerabidez egingo da, norgehiagoka, lehialeta edo lehiaketa-norgehiagoka sistemen bidez.

      5.-     Ertzaintzako Fakultatibo eta Teknikarien Eskalara sartzea barne-aurrerago da, norgehiagoka, lehiaketa eta lehiaketa-norgehiagoka sistemen bidez. Halere, lanpostu hutsak barne-aurrerabidez betetzen ez badira, txanda libreko deialdia egin ahal izango da horietarako.

57. Atala

      Barne-aurrerabideko txandan betetzen ez diren lanpostuek txanda libreko deialdikoen kopurua gehituko dute, azken sistema hori aplikatzea dagokionean. Txanda librean bete gabe gelditzen diren lanpostuak barne-aurrerabideko txandako deialdikoei gehituko zaizkie.

58. Atala

      Barne-aurrerabidez sartzeak txanda librean sartzeko ezarrita dauden proba berberak gainditzea eskatuko du. Halere, barne-aurrerabidez lehiatzen diren funtzionariak libre gelditu ahal izango dira jatorriko kategorian sartzeko eskatutako ezagupenak egiaztatzeko nahiz beren zereginak burutzerakoan ziurtatuak dituzten ezagupenak egiaztatzeko egiten diren proba edo heziketarako iharduketa teoriko-praktikoak egitetik, baldin eta deialdiaren oinarri-arauetan horrela zehaztuta badago.

59. Atala

      1.-     Barne-aurrerabideko txandaz lehiatzeko, eta dagokion kategoriara sartzeko ezarritako eskakizun orokorren kaltetan izan gabe, funtzionariek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a)   Agente Lehen kategoriara sartzeko, Agente-kategorian iharduneko zerbitzuan aritzea, bertan bi urteko benetako zerbitzu-aldia bete izana eta hutsegite astun edo oso astunak egiteagatik zigortua ez izana, ezarritako zigorra baliogabetu ez bada.

b)   Ofiziale-ondoko eta Ofiziale kategorietara sartzeko, dagokion eskalako hurrengo kategoria apalagoan iharduneko zerbitzuan aritzea, Ofiziale-ondokoen lanpostu hutsak betetzerakoan Agente Lehenarena izango delarik, bertan lau urteko benetako zerbitzu-aldia bete izana eta hutsegite astun edo oso astunak egiteagatik zigortua ez izana, ezarritako zigorra baliogabetu ez bada.

c)   Komisario eta Komisario-ondoko kategorietara sartzeko, dagokion eskalako hurrengo kategoria apalagoan iharduneko zerbitzuan aritzea, Komisario-ondoko lanpostu hutsak betetzerakoan Ofizialearena izango delarik, bertan lau urteko benetako zerbitzu-aldia bete izana eta hutsegite astun edo oso astunak egiteagatik zigortua ez izana, ezarritako zigorra baliogabetu ez bada.

d)   Intendente eta Intendenteburu kategorietara sartzeko, dagokion eskalako hurrengo kategoria apalagoan iharduneko zerbitzuan aritzea, Intendente lanpostu hutsak betetzerakoan Komisarioarena izango delarik, bertan bost urteko benetako zerbitzu-aldia bete izana eta hutsegite astun edo oso astunak egiteagatik zigortua ez izana, ezarritako zigorra baliogabetu ez bada.

e)   Ertzaintzako Fakultatibo eta Teknikarien Eskalara sartzeko, Kidegoko beste eskalaren batean iharduneko zerbitzuan aritzea, bertan bi urteko benetako zerbitzu-aldia bete izana eta hutsegite astun edo oso astunak egiteagatik zigortua ez izana, ezarritako zigorra baliogabetu ez bada.

      2.-     Halaber, barne-aurrerabideko txandaz lehiatu ahal izango dira kategoria batera sartzeko beharrezko titulaziorik ez dutenak ere, baldin eta, kategoria hura dagoen sailkapen-taldearen hurrengo sailkapen-talde apalagoko titulazioa izanik, aurreko idazatian ezarritako eskakizunak betetzen badituzte eta Eusko Jaurlaritzak zehazten dituen gaikuntza-ikastaroak gainditu badituzte, horien antolakuntza eta garapeneko ardura Euskal Herriko Polizi-Ikastegiarena izango dela. Idazati honetan ezarritakoa ez da aplikatuko Ertzaintzako Fakultatibo eta Teknikarien Eskalara sartzeko.

      3.-     Jatorriko kategorian benetako zerbitzu-aldian emandako denbora kontatzeko, iharduneko zerbitzuko egoeran emandako denboraldiari, aukeraketa-bidea gainditu bada behintzat, kategoria horretan sartu aurretik egindako praktika-aldian igarotakoa gehituko zaio, eta kendu, gaixotasunek edo lanetik kanpoko istripuek eragindako bajan emandako denboraldia, lizentziez baliatzen emandakoa eta kategoriak bere dituen zereginak ez betetzea dakarren beste edozein egoeratan emandakoa.

      4.-     Funtzionariek, gehienez, hiru deialditan parte hartu ahal izango dute eskala eta kategoria berera barne-aurrerabideko txandaz sartzeko. Deialdi bat agortutzat, eta honenbestez kontagaitzat, joko da funtzionaria deialdi horretan parte hartzeko onartua izaten denean. Ez da horrela izango ordea, deia egiten duen organoak libreki balioetsiko duen nahi gabeko eta behar bezala justifikatutako arrazoiren batengatik ez aurkeztea edo aukeraketa-bidea ez bukatzea gertatzen bada. Fakultatibo eta Teknikarien Eskalako lanpostuetarako sarrera ez da idazati honetan ohartemandakoaren menpe egongo.

III IDAZPURUA

EUSKAL HERRIKO POLIZIAKO KIDEEN ESTATUTU-ARAUBIDEA

I ATALBURUA

FUNTZIONARI IZATERA IRISTEA ETA FUNTZIONARI IZATEARI UZTEA

60. Atala

      Euskal Herriko Polizia Kidego desberdinetako karrerako funtzionari izatera, haietako eskala edo kategorietakoak diren eta aurrekontuetan diruz hornituta dauden lanpostuetara sartzerakoan iristen da, honako eskakizun hauek bata bestearen ondotik bete beharko direlarik:

a)   Aukeraketa-bidea gainditzea.

b)   Aginpidedun agintariak izendapena egitea.

c)   Lanpostuaz jabetzea araudiz ezarrita dagoen epearen barruan.

61. Atala

      1.-     Funtzionari izateari, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen III. Idazpuruko II. Atalburuaren 37. atalaren lehen idazatian ohartemandako arrazoiren batengatik utziko zaio.

      2.-     Honako hauek ere utziko diote funtzionari izateari:

a)   Edozein administrazio-egoeratan gehieneko iraunaldia bete ondoren edo hori aldarrikatzea eragin zuen arrazoia desagertu ondoren iharduneko zerbitzura nahiz bigarren iharduerara itzultzea eskatzen ez dutenek, norbere interesagatiko borondatezko lan-utzialdiko egoera lortzeko beharrezkoa den benetako zerbitzu-aldirik ez dutelarik.

b)   Derrigorrezko lan-utzialdiko egoeran daudelarik, lanpostuak betetzeko lehiaketetan parte hartzen ez dutenek edo iharduneko zerbitzura nahiz bigarren iharduerara itzultzen ez direnek, Administrazioak hala agindu arren, norbere interesagatiko borondatezko lan-utzialdiko egoera lortzeko beharrezkoa den benetako zerbitzu-aldirik ez dutelarik.

62. Atala

      1.-     Derrigorrezko erretiroa ofizioz adieraziko da funtzionariak legez ezarritako adina betetzen duenean. Salbuespen gisa, iharduneko zerbitzuan jarraitzea luzatu ahal izango da erretiro-saria jasotzeko eskubidea izateko kontagai diren gutxieneko zerbitzuak egin arte, aplikatzea dagokion gizarte-aurrezaintzaren araubidearen arabera, baldin eta interesduna bere zereginak behar bezala betetzeko gai bada.

      2.-     Derrigorrezko erretiroa ofizioz edo interesdunak eskatuta, eta dagokion espedientea izapidatu ondoren adierazi ahal izango da, funtzionaria legez ezarritako adinera iritsi aurretik ezintasun fisikoagatik edo ahalmenak gutxituak izateagatik bere zereginak betetzeko betirako ezinduta gelditzen denean.

63. Atala

      1.-     Diziplinazko zigor baten ondorioz funtzionari izateari uzten diotenak funtzionaritzarako birgaitu ahal izango dira, Kidegora itzuliz jatorriko eskala eta kategoria berean. Horretarako, zigor-legezko aurrekinak, horrelakorik izanez gero, baliogabetu direla egiaztatu beharko dute, bere gain hartu behar izan dituzten erantzukizunak bete dituztela eta birgaikuntza erabakitzeko aginpidedun den organoaren ustez onura hori merezi izateko jokabidea izan dutela.

      2.-     Herrizaingo Sailburuak edo dagokion toki-erakundeko Alkateak erabakiko du birgaikuntza, eta ezingo da eman diziplinazko zigorra sendetsi eta sei urte igaro arte. Birgaikuntzarako eskaera ezesten baldin bada, ezingo da berriz egin bi urte pasa arte.

      3.-     Interesdunak gehienez hilabeteko epearen barruan itzuli beharko du iharduneko zerbitzura, birgaikuntza agintzen duen erabakia edo ebazpena jakin erazi ondoko egunetik kontatzen hasita. Horrela egin ezik, eta ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, bere eskubidea galduko du eta emandako birgaikuntza baliorik gabe geldituko da.

II ATALBURUA

LANPOSTUAK BETETZEA

64. Atala

      Orohar, lanpostuen atxikipena lanpostuei dagozkien eskala eta kategoria dituzten funtzionari guztien artean bereizketarik gabe egingo da, haiek betetzeko eska daitezkeen betekizun berezien, burutu beharreko zereginen izaeraren ondorio izan eta dagozkien lanpostu-zerrendetan ohartemandakoen kaltetan gabe.

65. Atala

      1.-     Lanpostu-betetzea merezimendu-lehiaketa eta izendapen librea deritzen sistemen bidez egingo da, lanpostu-zerrendetan ezarritakoaren arabera.

      2.-     Lehiaketa da lanpostuak betetzeko sistema normala. Bertan deialdiak ezarritako merezimenduen balioa neurtuko da; merezimendu horien artean, eta lanpostuen ezaugarrien arabera egokiak izan litezkeen beste batzuen kaltetan gabe, antzinatasunaz gainera, hurrengo hauek dira agertu beharrekoak: norbere gradu jakin baten jabe izatea, egindako lanaren balio-espena, heziketa eta trebakuntza ikastaroak, eta ikasketa titulu eta graduak. Era berean, eta bete beharreko zereginen izaeraren arabera, lanpostuaren ezaugarri berezietara izangaia zein neurritan egokitzen den neurtzeko asmoz egin beharreko erizten zaien probak burutu behar direla ezar dezakete deialdiek.

      3.-     lanpostu-zerrendetan zedarri daitezen lantokiak, zuzendaritzazko izaera edo erantzukizun berezia dutelakoari jaramon eginez, salbuezpenez, izendapen librearen bidez beteko dira.

      Araudiz zehaztuko da, langile-errolde osoaren eretzean, izendapen libreen bidez bete ahal izango diren lantokien gehienerako hainbatekoa.

      4.-     Merezimendu-lehiaketaz lortutako lan-izendapenei ezingo zaie uko egin, eta jabetza hartzen denetik bi urte igaro artean ezin izango da horrelako lehiaketetan parte hartu. Behin-behineko atxikipeneko egoeran daudenei ez zaie epe hori aplikatuko, egoera hori 70.2 ataleko c) lerroaldian ezarritakoaren arabera lanpostuari uko egiteak sortua ez bada behintzat.

      5.-     Lanpostu bati atxikitako funtzionariek, lanpostu hori gutxieneko iraunaldi berezi baten menpean dagoenean, ezin izango dute lanpostuak betetzeko beste deialdietan parte hartu, kasu bakoitzerako ezarritako denboran, aurreko idazatian aipatutako salbuespena gertatzen ez bada, edo funtzionariek menpekotasunaren ezaugarri eta arrazoi berberak dituen beste lanpostu bat lortu nahi ez badute behintzat.

66. Atala

      Bigarren iharduerako langilegoak bete ditzakeen lanpostuak izendatzeko orduan, lehentasuna izango dute aipatu administrazio-egoeran dauden funtzionariek, eta horien barruan, lan-istripuaren ondorioz betiko eta guztiz ezinduta dauden horiek.

67. Atala

      1.-     Lanpostuak betetzeko deialdiak, lehiaketaren bidezkoak nahiz izendapen librearen bidezkoak, Ertzaintzaren Albistarian argitaratuko dira, edo, deialdia toki-erakunde batena denean, dagokion Lurralde Historikoko Aldizkarian, eta nahitanahiez honako puntu hauek jasoko dituzte:

a)   Lanpostuaren izena, kokapena, maila eta berarizko osagarria.

b)   Lanpostuan iharduteko eskatzen diren betekizunak.

c)   Eskaerak aurkezteko epea; horrek, dagokion Aldizkarian argitaratuko den egunetik hasi eta hamabost egun baino gutxiagokoa izaterik ez du izango.

d)   Merezimenduen balio-taula, egin beharreko berarizko probak, lanpostua betetzeko eskatutako gutxieneko puntuazioa eta aukeraketa-batzordearen osakera.

      2.-     Deialdiaren ebazpena aurreko idazatian ohartemandako moduan argitaratuko da, berariz salbuesten diren lanpostuena izan ezik. Salbuesten diren lanpostu horien ebazpena ez da argitaratuko, lanpostu horietan burutu beharreko zereginen berezko izaerak isilpean eta ezkutuan gorde beharra berekin badakar, doakienei banakako jakinerazpena egitearen kaltetan gabe.

68. Atala

      1.-     Lanpostu berezitutzat joko dira beren edukiarengatik edo haietan iharduteko eskatzen diren baldintza bereziengatik dagozkien lanpostu-zerrendetan banakatzen direnak edo gainerako lanpostuetatik desberdintzen direnak.

      2.-     Berezitu gabeko lanpostuetan diharduten funtzionariak eskala eta kategoria bereko beste lanpostu baterako izenda daitezke zerbitzuaren premiengatik; lanpostu hori maila eta berarizko osagarri berekoa izango da eta ezin izango du bizileku ofizialaren aldaketarik berekin ekarri.

69. Atala

      1.-     Sartu berri diren funtzionariak lanpostuei atxikiko zaizkie aukeraketa-bidearen behin -betiko sailkapeneko lehentasun-hurrenkerari jarraiki, eta funtzionariek adierazitako lehentasunen arabera, baldin eta lanpostuak betetzeko eska daitezkeen beharkizunak betetzen badituzte.

      2.-     Barne-aurrerabidez iristen diren funtzionariak eskala eta kategoria berriei dagozkien lanpostuei atxikiko zaizkie, eta txanda libretik heldutako izangaien aldean lehentasuna izango dute bete beharko liratekeen lanpostu hutsen artean aukeratzerakoan.

      3.-     Aurreko idazatietan aipatu diren funtzionariek ezin izango dute parte hartu lanpostuak betetzeko egiten diren hurrengo deialdietan haien jabetza hartutako unetik bi urte igaro artean. Behin-behineko atxikipeneko egoeran daudenei ez zaie epe hori aplikatuko, egoera hori 70. ataleko 2 c) lerroaldian ezarritakoaren arabera lanpostuari uko egiteak sortua ez bada behintzat.

70. Atala

      1.-     Estatutuzko erlazioaren egonkortasunaren kaltetan izan gabe, lanpostu batean ihardutea ez da funtzionariaren eskubide bereganatua.

      2.-     Lanpostu batekiko atxikipena uzteko arrazoiak hurrengo hauek izango dira:

a)   Lanpostu-zerrenda bidez ezabatzea.

b)   Beste lanpostu baterako izendatzea.

c)   Lanpostuari uko egitea, aginpidedun organoak onartzen badu.

d)   Iharduneko zerbitzuko edo bigarren iharduerako egoera uztea, hiru salbuespen dituela: zerbitzu berezietara igarotzen diren funtzionariak, sei hilabete baino epe laburragoko sendetsitako zeregin-geldialdia izan dutenak eta haur bat zaintzeagatik hartutako borondatezko lan-utzialdiko lehen urtean daudenak.

e)   Bigarren iharduerako egoerara igarotzea, edozein izanik ere funtzionariaren administrazio-egoera eta lanpostua gordetzeaz egoera horri aitortzen zaion esku-bidea, funtzionariak zuen lanpostuan bigarren iharduerako langileek ihardun ez badezakete behintzat.

f)    Gehieneko iraunaldia betetzea.

g)   Enkaitzea.

      3.-     Lanpostu bati uko egiteko eskabideak eta onarpenak arrazoituak izan beharko dute, eta ohiz kanpoko kasuetan eta lanpostuko iharduna eraginkortasunez burutu ezina ziurtatzen bada bakarrik erabaki daiteke onarpena.

      4.-     Lehiaketa bidez lanpostu batera iristen diren funtzionariak gersortutako arrazoiengatik enkaitu daitezke: batetik, deialdiaren oinarri izandako baldintzak eta lanpostuaren edukia lanpostu-zerrenden bidez aldarazten dituen aldaketa batetik sortutako arrazoiengatik; edo, bestetik, lanpostuak izendatuak dituen zereginak eraginkortasunez betetzea galerazten duen eta emankortasun urrian ezagun den gaitasun-faltagatik. Enkaitzea izendapena egin zuen organoaren arrazoitutako ebazpen bidez burutuko da, kontraesanezko espedientearen ondoren.

      5.-     Bigarren iharduerako langileek iharduteko moduko lanpostuak dituzten funtzionariak beren postuetatik enkaitu daitezke Kidegoaren premia organiko eta funtzionalek hala eskatzen dutenean, kontutan izanik lege honetako 88. atalaren lehen idazatian ohartemandako erabilgaitasun-egoeran dauden langileak. Izendapena egin zuen organoaren arrazoitutako ebazpen bitartez gauzatuko da enkaitzea, lanpostua bigarren iharduerako langileek iharduteko moduko lanpostu gisa aurretik zehaztua dagoenean bakarrik erabaki daitekeena.

      6.-     Izendapen librearen bidez lanpostu bati atxikita dauden funtzionariak aukerakotasunez enkaitu daitezke beren lanpostuetatik.

71. Atala

      1.-     Lege honetako 70. ataleko 2. idazatiaren a), c), f) eta g) lerroaldietan eta 6. idazatian xedatutakoaren indarrez beren lanpostua utzi behar duten funtzionariak dagozkien eskala eta kategoriako beste lanpostu bateko ihardunari atxikiko zaizkio behin-behineko.

      2.-     Funtzionariak, lehengo lanpostua utzi edo enkaituak izan direlako, postua ezabatu delako edo gehieneko iraunaldia bete delako, lanpostu bati behin-behineko atxikita daudenean, egiten den hurrengo lehiaketan, eta behin soilik, lehentasun-eskubidea izango dute herri berean suertatzen diren lanpostu hutsak betetzeko, baldin eta lanpostu huts horiek ezabatutako edo lehen izandako postuaren lan-izendapenagatiko osagarri-maila bera edo txikiagoa badute.

      3.-     Funtzionariek, lanpostu bateko behin-behineko ihardunean dauden bitartean, lanpostu horri dagozkion lansari osagarriak eta, beti ere, norbere graduari dagokion lan-izendapenagatiko osagarria jasoko dituzte.

      Aurreko lerroaldian ohartemandakoaren kaltetan gabe, behin-behineko atxikipena lehen izandako lanpostuaren ezabaketak dakarrenean eta berriari dagozkion lansariak ezabatutakoarenak baino txikiagoak direnean, bien artean dagoen aldeagatik aldi baterako osagarri bat jasoko du funtzionariak. Osagarri horrek doakionak parte hartzen duen edo parte har zezakeen lehen lehiaketa ebatzi arte iraungo du.

      4.-     Behin-behineko atxikipeneko egoeran dauden funtzionariak, egoera horretan daudeino, behartuta daude beren Kidego edo eskalari dagozkion lanpostuak betetzeko deitzen diren lehiaketetan parte hartzera, bete ditzaketen lanpostu huts guztiak eskatuz. Honela egin ezean, haietako edozeini atxiki dakizkioke derrigortasunez.

72. Atala

      1.-     Ohiz kanpoko kasuetan, eta lanpostuak gordetzen zaizkiela, funtzionariak zerbitzu-manualdirako izenda daitezke beren eskala edo kategoriako beste lanpostuetan iharduteko edo atxikita dauden lanpostuko berarizko zereginak ez diren beste batzuk burutzeko. Halaber, eskala eta kategoria batean behar hainbat funtzionari ez badago, eta zerbitzuaren premiek hala eskatzen badute, zerbitzu-manualdiak eman daitezke funtzionariak berea ez duen kategoria bateko lanpostuetan edo zereginetan ihardun dezan, baina beti ere eskala berean edo gaineko hurrengoan aritu beharko du.

      2.-     Zerbitzu-manualdian norbere gogoz ihardungo da, baina, hala ezin izango balitz, derrigortasunez eman litezke, beharrizanak premiazkoak eta luza ezinezkoak direnetan eta doakionaren entzunaldiaren ondotik.

      3.-     Zerbitzu manualdiaren iraupena ez da hiru urte baino gehiagokoa izango, berarizko zerbitzuetan duharduen titularraren lantokietakoa denean salbu, eta jaurpide horretan izendatu beharreko lanpostuak agirikoak izango dira, ustez horiek bete nahiko dituztenek ezagun ditzaten.

      4.-     Zerbitzu-manualdian dagoen funtzionariak bere kategoriari dagozkion oinarrizko lansariak eta iharduten den lanpostuari dagozkion sari osagarriak jasoko ditu. Hala ere, manu-aldia derrigortasunez eman balitzaio eta iharduten den lanpostuan bere lanpostuarena baino lansari txikiagoa balu, bien artean legokeen aldeagatik osagarri bat jasoko luke doakionak egoera honetan diraueno.

      5.-     Zerbitzu-manualdia, lanpostu bati zehazki esleituta ez dauden zeregin bereziak burutzeko edo dagozkien lanpostuen jabeek egoera jakin batean ezin burutu dituzten zereginak egiteko ematen denean, funtzionariak bere lanpostuak izendatuta dauzkan lansariak jasoko ditu.

      6.-     Zerbitzu-manualdia aukerakotasunez ezeztatu dezake eman zuen organoak, eta honela beteta egon diren lanpostuak beren araudiaren arabera betetzeko eskaini beharko dira egiten den lehen lehiaketan.

73. Atala

      1.-     Ertzaintzako eta Udaltzaingoetako lanpostuak, bateko zein besteko funtzionariek bete ditzakete, lanpostu-zerrendetan zehazki ohartemanda dauden baldintzen pean, baldin eta, atal honen 3. idazatiak dioenaren arabera, haien kategoria lanpostu hutseko ihardunarentzat jarritakoaren baliokidea bada eta kasurako ezartzen den heziketa-maila badu.

      2.-     Funtzionariek, aurreko idazatian ohartemandakoaren indarrez beste Administrazio publiko bateko lanpostu bat betetzera igarotzen badira, jatorriko Administrazioko funtzionari-egoera gordeko dute.

      Funtzionariak lan-izendapeneko Administrazioarekin bere erlazio funtzionalari eusten dion bitartean, azken honetan indarrean dagoen legedia aplikatuko zaio eta, bereziki, lanbide-aurrerapenari, administrazio-egoerei eta lansari eta diziplina araubideari buruzko arauak, zerbitzutik behin-betirako baztertzeko zigorra izan ezik, hau jatorriko Administrazioko aginpidedun organoak erabaki beharko bait du.

      Dena dela, funtzionariak lan-izendapeneko Administrazioarekin duen erlazioa berez eta besterik gabe iraungita geldituko da, legez ezarritako mugikortasun-bideen indarrez beste Administrazio publiko bateko lanpostu batean ihardutera igarotzen denean.

      3.-     Eusko Jaurlaritzak araudiz zehaztuko du Euskal Herriko Polizia Kidego guztietako kategorien arteko baliokidetasuna, bai eta jatorrikoa ez den beste Kidego batean kategoria bereko lanpostuak betetzeko eska daitekeen heziketa-maila. Poliziara sartzeko gainditu diren betekizun eta probei nahiz egin nahi diren heziketa eta trebakuntza aldiei begira zehaztuko da heziketa-maila, ezarri daitezen gaikuntza-ikastaro osagarrien kaltetan gabe; gaikuntza-ikastaro horien antolakuntza Euskal Herriko Polizi-Ikastegiari dagokiola.

III ATALBURUA

LANSARIAK

74. Atala

      Euskal Herriko Polizia osatzen duten Kidegoetako funtzionarien lansarien egitura eta araubidea Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen III. Idazpuruko VII. Atalburuan ezarritakoak araupetuko ditu.

IV ATALBURUA

ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

75. Atala

      Euskal Herriko Polizia Kidegoak osatzen dituzten funtzionariek honako hauetarako eskubidea izango dute:

a)   Kargua izateko eta beren lanpostuan irauteko, lege honetan ohartemandako mugen eta baldintzen barruan.

b)   Lansariak jasotzeko, iharduten diren lanpostuaren eta dagokien gizarte-aurrezaintzako araubidearen arabera.

c)   Administrazio-karrerarako eta barne-aurrerabiderako.

d)   Etengabeko lanbide-heziketarako.

e)   Beren lan-baldintzak zehazten direnean informatuak egoteko eta parte hartzeko, legeek ezarritakoaren arabera.

f)    Osasun-sorospiderako eta aitortzen zaizkien gizarte-laguntzetarako, eta laneko segurtasun eta garbitasunerako.

g)   Norbere espedientea libreki ezagutu eta iristeko.

h)   Eskubide eta askatasun sindikalez baliatzeko, legeek ezarritakoaren arabera.

i)    Iharduneko zerbitzuan emandako urte oso bakoitzagatik, gutxienez hilabeteko oporrak, edo, ihardunean emandako denbora laburrago denean, horren heinean dagozkien egunetakoak hartzeko. Oporrak noiz hartu, zerbitzuen premien menpean geldituko da.

j)    Euskal Funtzio Publikoari buruzko legean orokortasunez ezarritako lizentziak izateko, funtzionarien lanbide-estatutu bereziaren ondorioz araudiz egin daitezkeen egokipenen kaltetan gabe.

k)   Beren bizitza-maila eta gizarte-baldintzak hobetzeko, dagozkien Administrazioek sustatutako gizarte-laguntzari buruzko neurri zehatzen bidez.

76. Atala

      Lege honetan ohartemandako deontologiako arau-bildumak eta bestelako arauek ezartzen dizkieten eginbeharrak betetzearen kaltetan gabe, bizilekuarekiko betebeharra dute Euskal Herriko Polizia Kidegoak osatzen dituzten funtzionariek. Bizilekuarekiko betebeharra betetzeko, Herrizaingo Sailak, edo dagokion toki-erakundeko aginpidedun organoak, kasu bakoitzean gertatzen diren geografia eta azpiegiturei buruzko baldintzak aintzat hartuz, lurralde-eremua edo barrutia zehaztuko du, eta funtzionariak bertan izan beharko du bizilekua.

77. Atala

      1.-     Herrizaingo Sailak edo kasuari dagokion toki-erakundeko aginpidedun organoak lanaldiaren iraupena eta antolaketa zehaztuko ditu, bai eta atseden, ordutegi eta jaien araubidea ere.

      2.-     Ohiz besteko kasuetan, zerbitzu arrazoiek aholkatuz gero, funtzionariei lanegunetik kanpo dei dakieke zerbitzurako. Era berean, eta arrazoi berak direla eta, poliziaren dependentzietan egoteko betebeharra ezarri dakieke, edo gertutasun-egoeran egotekoa.

78. Atala

      1.-     Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionariak indarrean dagoen legedian ezarritako elkartezintasun-araubidea zehazki betetzera behartuta daude, eta, era berean, euskal Administrazio publikoak hala bete dadin eskatzera.

      2.-     Sektore publikoan edo pribatuan bigarren lanpostu batean edo bigarren iharduera batean aritzeko beharrezkoa izango da, beti ere, berariz eta aurretik egindako elkargarritasun-adierazpena, indarrean dagoen legediak ohartematen dituen kasuetan bakarrik emango dena.

V ATALBURUA

ZERBITZU-EGINTZA

79. Atala

      1.-     Funtzionari batek, herriarentzat lanean ari dela, beste norbaiten alde, bere bizitza arriskuan ipinirik ere, ohiz kanpoko polizia iharduketa bat burutzen duenean, eta horrek bere-biziko tasunak -bere burua eskaintzea, ausardia, gizabidea edo gizartearenganako elkartasuna- agerian jartzen dituenean, zerbitzu-egintzatzat jo daiteke polizia-iharduketa hori.

      2.-     Funtzionari baten istripuzko heriotza edo beste ezein indarkeriazko heriotze, zerbitzu egiten edo bere zereginak betetzen ari dela gertatzen bada, zerbitzu-egintzatzat joko da.

80. Atala

      1.-     Zerbitzu-egintza den ala ez erabakitzea Herrizaingo Sailburuari dagokio, Euskal Polizia Kontseiluari edo dagokion Udalbatzari, sindikaritza-ordezkaritzari entzun ondoren.

      2.-     Zerbitzu-egintzatzat jotzeak berekin dakartzan ondorioak araudiz zehaztuko dira.

VI ATALBURUA

ADMINISTRAZIO-EGOERAK

81. Atala

      1.-     Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionariak ondoren aipatuko diren administrazio-egoeretakoren batean egongo dira:

a)   Iharduneko zerbitzuan.

b)   Beste euskal Administrazio publiko bateko zerbitzuan.

c)   Zerbitzu berezietan.

d)   Derrigorrezko edo borondatezko lan-utzialdian.

e)   Geldialdian.

f)    Bigarren ihardueran.

      2.-     Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen III. Idazpuruko V. Atalburuan ezarritakoak eta atalburu honek dituen xehetasunek araupetuko dituzte arestian aipatu diren egoerak.

82. Atala

      1.-     Ordezkaritza-organo publikoetarako hauteskunde batzuetan hautagai izan nahi duten funtzionariak norbere borondatezko lan-utzialdiko funtzionaritzat joko dira, iharduneko zerbitzuan edo bigarren ihardueran ari direnak hautaezinak bait dira. Kargurako hautatuak izanez gero, legeen arabera dagokien administrazio-egoerara igaroko dira. Hautatuak ez baldin badira, iharduneko zerbitzura edo bigarren iharduerara itzultzeko eskatu beharko dute hogeitamar eguneko epean gehienera, eta, horrela egin ezean, norbere interesagatiko borondatezko lan-utzialdira igaroko dira, baldin eta horretarako eskatzen diren beharkizunak betetzen badituzte.

      2.-     Aurreko idazatian ohartemandako borondatezko lan-utzialdiko egoeran dauden funtzionariek ez dute inolako lansaririk jasoko horretan dauden bitartean. Hala ere, lanpostua gordetzeko eskubidea izango dute, eta egoera horretan emandako denbora kontagai izango da hirurtekoetarako, norbere gradua finkatzeko eta gozamen-sarien eskubideetarako.

83. Atala

      Zeregin-geldialdia behin-behinekoa edo sendetsia izan daiteke, eta dirauen bitartean funtzionaria bere zereginez eta bere egoerari dagozkion eskubideez gabetuko da, 84. atalaren 3. idazatian erabakitakoaren kaltetan gabe.

84. Atala

      1.-     Salbuespen gisa, diziplinazko edo auzibidezko prozedura bat izapidatzen den bitartean behin-behineko geldialdia erabaki daiteke bermezko neurri gisa, aginpidedun organoaren arrazoitutako ebazpen bidez, interes publikoaren babesak hala eskatzen duenean, eta geldialdia adieraztea aginduzkoa izango da funtzionaria espetxeratzeko ebazpenik izan bada.

      2.-     Behin-behineko geldialdiko denbora ezingo da sei hilabetekoa baino luzeagoa izan, ondoko kasuotan ezik: diziplinazko espedienteak doakionari egotz dakiokeen etenaldia izan badu edo, espedientea amaitzeko, egintza berengatik marrukeriazko lege-haustea dela eta izapidatzen den zigor-legezko prozeduraren azken ebazpena bakarrik falta bada, diziplinazko espedientea bukatu arte luza daitekeelarik, azken kasu honetan, geldialdiko denbora. Geldialdia funtzionaria espetxeratzeko ebazpenaren ondorioz gertatu denean, epaia jaso arte edo askatzeko agintzen den arte luzatuko da.

      3.-     Behin-behineko geldialdia duenak oinarrizko lansariak eta familiarengatiko laguntzak jasotzeko eskubidea izango du, diziplinazko espedientea dela eta doakiona ez agertzea edo berari egotz dakiokeen espediente-atzeratzea gertatu ezik, bi kasuok edozein lansari jasotzeko eskubidea galeraziko bait dute.

      4.-     Espedientea ebatzi ondoren, geldialdia ez bada sendetsitzat jotzen, ez eta zerbitzutik baztertzea erabakitzen, funtzionaria bere lanpostura berehala itzuliko da, jaso ez dituen lansariak emango zaizkio eta behin-behineko geldialdiko egoeran eman duen denbora iharduneko zerbitzutzat hartuko zaio.

85. Atala

      Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionariak, Ertzaintzaren Fakultatibo eta Teknikarien Eskalako funtzionariak salbuesten direlarik, bigarren iharduerako egoerara igaro daitezke ondoren aipatuko diren zioak direla eta:

a)   Eusko Legebiltzarrak legez kategoria bakoitzerako zehaztuko duen adina betetzea.

b)   Kategoriako berezko zereginetan eraginkortasunez iharduteko ahalmen fisiko edo psikikoen gutxiegitasun ageriko eta itxuraz iraunkorra, 87. atalean ohartemandakoarekin bat etorriaz.

86. Atala

      1.-     Adinagatik bigarren iharduerako egoerara igarotzea, funtzionariak duen administrazio-egoera zein den berdin delarik, ofizioz adieraziko da, baina, egoera hau iharduneko zerbitzukoa ez bada, bertan jarrai dezake. Kasu horretan, lanpostua gordetzeko eskubidea, eskubide hori dagokien egoeretan, aurretik zuen lanpostuko iharduna bigarren iharduerako egoeran burutu ahal izateak ala ez izateak baldintzatuko du.

      2.-     Aurreko idazatian esandakoa horrela izanik ere, eta Kidegoan dauden langileen erabilgaitasunari eta Kidegoaren premia organiko eta funtzionalei erantzunez, bigarren iharduerako egoerara igaro daitezkeen funtzionarien gehieneko kopurua muga dezakete, urte eta kategoria bakoitzerako, Herrizaingo Sailak eta toki-erakundeetako aginpidedun organoek, eta finkatutako kopurutik kanpo gelditzen direnei iharduneko zerbitzuan irautea luza diezaiekete adina betetzen den egunen hurrenkerari atzekoz aurrera jarraituz. Orobat, bigarren iharduerako egoerara igarotzea luza daiteke, urte beteko aldietarako, doakionak berarizko eskaera egiten duenean eta hurrengo atalaren bigarren idazatian aipatuko den Mediku-Epaimahaiaren aldeko txostena bitarteko denean.

87. Atala

      1.-     Beren zereginak egiteko beharrezko ahalmen fisiko edo psikikoen gutxitze agerikoa duten funtzionariak bigarren iharduerako egoerara igaroko dira, bai arauzko adina bete aurretik, bai adina beterik, iharduneko zerbitzuko egoeran jarraitzeko luzapena lortu badute; ageriko gutxitze horrek, polizia-lanbidearen oinarrizko egitekoak eraginkortasunez burutzea galerazi gabe, bere kategoriako berezko zereginak osorik gauzatzeko ahalmenaren urritze iraunkorra ekarri beharko du berekin. Atal honetan azaldu bezala bigarren iharduerako egoerara igarotzea funtzionaria iharduneko zerbitzuan ari denean bakarrik gerta daiteke.

      2.-     Prozedura ofizioz edo doakionaren erabakiz hasiko da, eta hiru sendagilek osatutako Mediku-Epaimahai batek balioetsiko du ezintasuna, hiru sendagileak Herrizaingo Sailak edo dagokion toki-erakundeko aginpidedun organoak izendatuko ditu, horietako bat sindikaritza-ordezkaritzaren proposamenez. Epaimahaiak, bere egitekoa zuzen burutzeko asmoz, beharrezko erizten dien sendagile espezialduen partaidetza eska dezake, eta helburu horretarako premiazkotzat jotzen dituen medikuntza-alorreko proba, ikuskapen edo azterketa guztiak egitea erabaki dezake.

      3.-     Mediku-Epaimahaiak ematen dituen erizpenek aginpidedun organoarentzat behartze-indarra izango dute bigarren iharduerako egoera adierazterakoan, Administrazioaren ihardun-bidea araupetzen duten arauen arabera organo horrek berrazterketa egiteko aukeraren kaltetan gabe, baldin prozesua baliogabetu dezakeen araugabetasunen bat sumatuko balu.

      4.-     Baldin eta Epaimahaiak, egindako ikuskapenen ondorioz, funtzionariarengan ezintasun fisikorik edo bere zereginetan iharduteko ezintasun iraunkorra dakarkion ahalmen-gutxitzerik sumatzen badu, aginpidedun organoari aditzera emango dio dagokion ezintasun-espedientea eta, hala beharko balitz, derrigorrezko erretiroa izapidatzeko.

      5.-     Eusko Jaurlaritzak bigarren iharduerako egoerara igarotzera behartzen duten ezintasunen taula zehaztuko du araudiz kategoria bakoitzerako.

88. Atala

      1.-     Bigarren iharduerako egoerara igaro erazitako funtzionariak Herrizaingo Sailaren edo kasuari dagokion toki-erakundeko aginpidedun organoaren esku geldituko dira, eta ohizko polizia zereginak burutu beharko dituzte zerbitzu-arrazoiek hala eskatzen dutenean eta arrazoi horiek dirauten bitartean.

      2.-     Halaber, bigarren iharduerako egoeran dauden langileek egiteko moduko zereginak dituzten lanpostuak bete ditzakete, lege honetako III. Idazpuruko II. Atalburuan ohartemandakoaren barruan eta lanpostu-zerrendetan ezarritakoaren arabera.

      3.-     Bigarren iharduerako egoeran egon bitartean, funtzionariek beren kategoriako oinarrizko lansariak jasoko dituzte, eta baita norbere ezaugarriengatik aitortuta dituztenak ere, horien artean egoera honetan ere hobetzen segituko duten hirurtekoei dagozkienak daudelarik. Hurrengo idazatian ezarritakoaren kaltetan gabe, lanpostu bat dutenean, lanpostu horri ezarritako lansari osagarriak jasoko dituzte, eta, baldin zerbitzu-arrazoiengatik ohizko polizia zereginak burutu beharko balituzte, zeregin horiek dagozkion lanpostuarenak jasoko lituzkete, egiteko horietan benetan emandako denboraren heinean.

      4.-     Gizarte Segurantzako aginpidedun organoek funtzionaria ezintasun iraunkorreko egoeran dagoela adierazten dutenean, eta derrigorrezko erretiroa eman ezin denean, jasotzen dituen lansari osagarrietatik ezintasun iraunkorragatik aitorturik duen aldizkako ordainketako laguntzari dagokion kopurua kenduko da.

89. Atala

      1.-     Lanpostua eta lan-izendapena gorderik ez dutenak iharduneko zerbitzuko edo bigarren iharduerako egoerara itzultzeko, lanpostuak betetzeko deialdietan parte hartu beharko dute, eta lehiaketa edo izendapen librearen bitartez itzul daitezke. Era berean, itzultzea lanpostu bati behin-behineko atxikita egin daiteke, lanpostu hutsa dagoela eta.

      2.-     Bigarren iharduerako egoera ezintasun fisiko edo psikikoarengatik adierazi bazen, egoera honetatik iharduneko zerbitzuko egoerara itzultzeko, funtzionaria zeharo sendatu dela sinesgarriro ziurtatu behar da, 87. atalaren bigarren idazatian aipatzen den Mediku-Epaimahaiak aldeko erizpena eman ondoren.

VII ATALBURUA

DIZIPLINAZKO ARAUBIDEA

90. Atala

      1.-     Atalburu honetan ezartzen den diziplinazko araubidea Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionariei aplikatuko zaie, haien administrazio-egoera dena dela.

      2.-     Ebazpena erabakitzen den momentuan funtzionaria zigorra betetzea galerazten dion administrazio-egoeran baldin badago, egoera-aldaketak zilegitzen duenean beteko da zigorra.

      3.-     Ezingo da diziplinazko erantzukizunik eskatu funtzionari izan aurretik edo izateari utzi ondoren egindako ekintzengatik, hurrengo lerroaldian ezarritakoaren kaltetan gabe.

      4.-     Praktika-aldiko funtzionariak dagokien polizia heziketako etxearen arautegian ezarritako diziplinazko araubidearen menpe egongo dira, bai eta, osagarritasunez, atalburu honetan eta honen garapenerako ematen diren xedapenen menpe ere.

91. Atala

      1.-     Euskal Herriko Polizia Kidegoen funtzionariak beren egiteko eta betebeharrak ez betetzeagatik, ez betetze hori diziplinazko hutsegitea denetan bakarrik izango dira zigortuak.

      2.-     Diziplinazko erantzukizuna funtzionariak izan dezakeen herri-legezko edo zigor-legezko erantzukizunaren kaltetan gabe ulertuko da.

      3.-     Diziplinazko erantzukizuna izango dute, hutsegite baten egileek ez ezik, onartzen duten nagusiek eta egin erazten duten funtzionariek, bai eta hutsegitea ezkutatzen dutenek ere.

      4.-     Diziplinazko espedientea izapidatzea eragin duten egintzak lege-hauste izan daitezkeela uste denean, Zuzentza-Administrazioari aditzera emango zaio berehala.

      5.-     Euskal Herriko Poliziako kideen kontra zigor-legezko prozedura hasteak ez du galeraziko egintza berengatik aldez aurreko informazioa edo dagokion diziplinazko espedientea izapidatzerik, eta, hala badagokio, espedientepekoei aldi baterako geldialdia ezarriko zaie eta egoki diren bestelako bermezko neurriak ere hartuko dira. Hala ere, aipatutako prozedura horiek zigor-legez emandako epaia sendetsia denean bakarrik erabaki ahal izango dira, aipatzen dituen ekintza frogatuen adierazpenak Administrazioa lotzen duela.

92. Atala

      1.-     Diziplinazko hutsegiteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

      2.-     Honako hauek dira hutsegite oso astunak:

a)   Maltzurkeriazko lege-hauste izan daitekeen edozein jokabide, baldin askatasunaz gabetzeko zigorra berekin badarama.

b)   Herritarrei, menpekoei edo Administrazioari kalte larria eragiten dien agintekeria, bai eta beren zainpean dauden pertsonak hilduratzea edo horiekin giza duintasunaren aurkako jokabidea, lotsagarria, bereizkeriazkoa edo iraingarria izatea.

c)   Zerbitzuan ari direla edo ohituraz mozkortzea nahiz droga toxikoak, sorgorgarriak edo gai psikotropikoak hartzea, hala nola, normaltasun fisiko edo psikikorik eza nabaria denean, dagozkion egiaztapen teknikoak egiteari uko egitea.

d)   Lanbide-isiltasuna haustea eta poliziaren lanaren edo edozein pertsonaren kalterako izan daitezkeen eta bere kargua dela medio dakizkien gaiak behar den bezala ez ezkutatzea.

e)   Grebetan, horien ordezko ekintzetan, edo zerbitzuen ohizko funtzionamendua haustekotan pentsatutako iharduketetan parte hartzea.

f)    Agintarien edo nagusien kontra banaka zein taldeka oldartzea, bai eta haiek legez emandako agindu edo manuak ez betetzea ere.

g)   Zuritu gabeko emankortasun-falta nabari iraunkorra, eta betekizunak zabarkeriaz, utzikeriaz edo axolagabekeriaz burutzea, honela behin eta berriz jokatzen bada edo herritarrei nahiz zerbitzuen eraginkortasunari kalte larria egiten bazaie.

h)   Beharrezko egiten duen inolako ziorik gabe eta edozein pertsonari kalte larria emanez zein Kidegoaren izen ona larriki itzaliz, arauzko arma edo karguaren bereizgarriak harrokeriaz erakustea, bai eta arauzko arma zerbitzutik kanpo erabiltzea ere, 34. atalean ohartemandako kasuetan salbu.

i)    Zuritu ezineko zabarkeriaz armak galtzea edo bestek lapurtzea.

j)    Funtzionariak ihardutea derrigorrezkoa duen egintza edo egoera larrietan berehala ez laguntzea.

k)   Beste Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideekin lankidetzan nabarmenki ez aritzea.

l)    Hutsegite astuna egitea, administrazio-bidean sendespena iritsi duten ebazpenen indarrez beste bi hutsegite astunengatik aldez aurretik zigortua izan bada, eta bi hutsegite horien adierazpenak baliogabetua izateko beharkizunak betetzen ez baditu.

m)  Aurreko puntuetan aipatu gabe egon eta euskal Administrazio publikoetako funtzionarien araudi orokorrean hutsegite oso astuntzat jotzen diren beste jokabideak.

      3.-     Hutsegite astun eta arinak araudiz zehaztuko dira 94. ataleko irizpideen arabera.

93. Atala

      Atalburu honetan aipatzen diren hutsegiteengatik honako zigor hauek jarri ahal izango dira:

      1.-     Hutsegite oso astunengatik:

a)   Zerbitzutik baztertzea.

b)   Bi urtetik lau urterako zeregin-geldialdia.

      2.-     Hutsegite astunengatik:

a)   Bost egunetik bi urterako funtzio suspentsioa.

b)   Toki-aldaketa.

      3.-     Hutsegite arinengatik:

a)   Oharteraztea.

b)   Egun batetik lauerako lansaria kenduzko zeregin-geldialdia, antzinatasunaren galerarik gabe.

94. Atala

      Hutsegitearen astunaren maila zehazteko eta jarri beharreko zigorra neurtzeko, objetiboki egin dena edo egin gabe utzi dena ez ezik, eta heintasun-printzipioaren menpean jokatuz, hurrengo irizpideak hartuko dira kontutan:

a)   Funtzionariak zuen asmoa.

b)   Egitean edo egin gabe uztean izan duen parte-hartze maila.

c)   Administrazioaren eta polizia zerbitzuen ohizko funtzionamenduan eragin lezakeen nahasmendua.

d)   Herritar nahiz menpekoentzat ekar litzakeen gaitz eta kalteak zein begirunerik eza.

e)   Diziplina, mailaketa eta lankidetza printzipioak haustea.

f)    Behin baino gehiagotan huts egitea.

g)   Administrazioaren eta Polizi-Zerbitzuen itxura lardaskatu izana.

h)   Orohar, herritarren segurtasunerako izan dezakeen eragina.

95. Atala

      1.-     Ezin da hutsegite astun edo oso astunengatik zigorrik jarri, horretarako izapidatutako espedientearen indarrez ez bada. Hutsegite arinengatik zigorrak jartzeko ez da aginduzkoa aurretik espedientea izapidatzea, entzunaldia salbu.

      2.-     Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarien zigortze-prozedura araudiz ezarriko da hurrengo printzipioak oinarri dituela: ofiziozko ekimena, alderdikeriarik eza, arintasuna, eraginkortasuna, iragarkuntza eta kontraesantasuna; eta hurrengo eskubideak bereziki barruan dituela: informazioa, defentsa, entzunaldia eta espedientearen agerikotasuna.

      3.-     Diziplinazko espedienteari hasiera ematearekin batera, edo hasiera eman ondoren edozein momentutan, aginpidedun agintaritzak, lege honetako 84. atalean ezarritakoaren arabera, funtzionarien behin-behineko geldialdia erabaki dezake, eta beharrezkoak diren bestelako bermezko neurriak har ditzake, jasotzen den ebazpenaren eraginkortasuna edo zerbitzua eraginkortasunez betetzea ziurtatzeko.

      4.-     Udaltzaingo Kidegoetako funtzionarien aurka diziplinazko espedienteei hasiera ematearen eta horien erabakiaren berri lanarigo ordezkaritza organuei emango zaie.

      5.-     Diziplinazko zigorrak ezartzen diren erabakiaren arauera beteko dira, eta gehienez ere hiru hilabeteko epean. Hori horrela izanik ere, organu zigor-jartzaileak, doakionarekin aurrez bat etorriz, hori baliorik gabe uzteko legez jarritakoa baino luzeagoa izango ez den aldiz, horren egiterapena bete gabe aldi baterako uzteko erabakia hartu ahal izango du.

96. Atala

      1.-     Ertzaintzako kideei diziplinazko zigorrak jartzeko aginpidedun organoak hauek dira:

a)   Herrizaingo Sailburua, zerbitzutik baztertzeko zigorrerako.

b)   Segurtasun Sailburuordea, hutsegite astun eta oso astunen zigorretarako.

c)   Hutsegite arinengatik zigorrak jartzeko, arestian aipatutako organoez gain, hutsegileek zerbitzua burutzen duten egoitza edo unitateen Buruzagiak ere aginpidedunak izango dira.

      2.-     Udaltzaingoetako kideei diziplinazko zigorrak jartzeko aginpidedun organoak toki-araubideari buruzko legedian ezarritakoak dira.

      3.-     Lege honetako 111. atalean, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioei atxikitako funtzionariak direla eta, Diputatu Nagusiei ematen zaien aginpidearen kaltetan gabe ulertu behar da aurreko idazatian esandakoa.

97. Atala

      1.-     Zigorra betetzeak, heriotzak, hutsegitea edo zigorra iraungitzeak, zigor-barkamenak edo amnistiak deuseztatzen dute diziplinazko erantzukizuna.

      2.-     Hutsegite oso astunak sei urtera iraungiko dira, astunak bi urtera eta arinak hilabetera. Iraungipen-epea hutsegitea egin denetik kontatuko da.

      3.-     Hutsegite oso astunengatik jarritako zigorrak sei urtera iraungiko dira, hutsegite astunengatik jarritakoak bi urtera, eta hutsegite arinengatik jarritakoak hilabetera. Iraungipen-epea zigorrak jartzen dituen ebazpenak sendespena hartzen duen egunaren biharamunetik kontatuko da.

      4.-     Diziplinazko zigorren adierazpenak langile-erroldan idatziko dira. Adierazpen horiek denboraldi bat igaro ondoren, ofizioz baliogabetuko dira, baldin eta denboraldi horretan zigortuak ez badu bide eman zigorra jarriz amaitu den beste diziplinazko prozedurarako. Denboraldi horrek, hutsegite astun edo oso astunengatik jarritako zigorrak direnetan, iraungipen-epearen iraupena izango du, eta, hutsegite arinengatik jarritakoetan hiru hilabetekoa izango da, dagokion zigorra betetzen den unetik kontatzen hasita.

VIII ATALBURUA

ORDEZKARITZA ETA PARTE-HARTZEA LAN-BALDINTZAK ZEHAZTERAKOAN

98. Atala

      1.-     Lanbidezko, ekonomiazko eta gizarte-interesak ordezkatzeko, defendatzeko eta bultzatzeko, Ertzaintzako funtzionariek eurek aukeratutako sindikatuetan, sindikaritza-federazio edo bazkunetan bazkidetu ahal izango dira.

      2.-     Askatasun sindikalaz baliatzean, Autonomi Elkarteko Polizia Kidegoko funtzionariek lege honetan ezarri den deontologiako arau-bildumari erabateko errespetoa diotela jokatu beharko dute, eta eskubide eta askatasun publikoen bermearekiko begirune bereziz.

99. Atala

      1.-     Sindikatuen ordezkari-kopuruarekiko eskubidea ondoren jartzen diren mailen arabera izango da, barruti bakoitzean, horien aukeraketa atal honetan eta honen garapenerako ematen diren arauen arabera izango delarik:

a)   Mila funtzionari arte, hautatzaile egoeran daudenen artetik: 14.

b)   1.001etik gora: 3 ordezkari mila funtzionariko edo zatikako hautatzaile egoeran daudenetatik.

      2.-     Ertzaintzako ordezkaritza duten sindikatuek proposatuta, Herrizaingo Sailburuak ordezkariak hautatzeko deia egingo du, haien agintaldia bukatu aurretik hiru hilabeteren barruan egin beharko dena.

      3.-     Hautatzaile eta hautagai honako hauek izango dira, hauteskunde-bideari hasiera ematen zaion eguna abiapuntutzat harturik: zerbitzu egoeran edo bigarren iharduerako egoeran ari diren karrerako funtzionariak, aldi baterako funtzionariak, eta hezkuntza-kurtsoa gainditu eta praktiketan ari diren saioaldiango funtzionariak.

      4.-     Legez-eratutako sindikatuek bultzatu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak. Hautagai-zerrenda bakoitzak hautatu beharreko ordezkari beste hautagai jarriko ditu.

      5.-     Hauteskunde-barruti bat izango da Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Kondaira Lurralde bakoitzean.

      6.-     Heineango ordezkaritza-sistemaren bidez, ehuneko 5 baino boto gehiago edo %5 lortu dituzten zerrenden baliozko botoak zati bete beharreko tokiaren arabera emango zaizkio zerrenda bakoitzari dagozkion tokiak. Bete gabeko postuak, hala gertatuz gero, bakoitzak lortutako botoen gainontzekoaren arabera zerrendei emango zaizkie, goitik beherako hurrenkeran.

      7.-     Ordezkarien agintaldia hautatutakoen aldarrikapena egiten denetik hasiko da, lau urte ondoren bukatuko delarik. Hala ere, epe horren bukaeran hautatutako hautagaien aldarrikapenik egin ez bada, agintaldia hura egin arte luzatu egiten dela ulertuko da.

      8.-     Ordezkariek honako arrazoi hauengatik galduko dute euren egoera:

a)   Agintaldia bukatzeagatik.

b)   Funtzionari izateari uzteagatik.

c)   Iharduneko zerbitzua edo bigarren iharduera egoera ez den beste edozein administrazio-egoeratara igarotzeagatik.

d)   Hiltzeagatik.

e)   Karguari uko egiteagatik. Hori, Kontseiluko Lehendakariari bidalitako idazki baten bidez adierazi beharko da.

f)    Izendatu dituen sindikatuak berak ordezkari horiek kendu izanagatik. Horiek kentzeko erabakia Kontseiluko Lehendakariari bidalitako idazki baten bidez adierazi beharko da.

      9.-     Aurreko idazatian ohartemandako kasuetan, bete gabe dagoen ordezkari lanpostua automatikoki beteko du ordezkatutakoaren zerrenda berekoa den hurrengo hautagaiak, edo hala badagokio, ordezkoak. Ordezko horrek agintaldia bukatu arte ihardungo du.

100. Atala

      1.-     Sindikatuek sindikaritza-sekziotarako ordezkariak izendatu ahal izango dituzte, horiek osatzea gertatuz gero. Eskubide horren kaltetan gabe, eta lege honen 101. atalak ohartemandako eskubide eta bermen eraentzapideaz baliatzeko bakar-bakarrik, aurreko atalak jarritakoaren arabera ordezkariak lortu dituzten sindikatuek ordezkariak izateko eskubidea izango dute hautatzaile baldintza dutenen 250 funtzionariko edo frakzioko bi, 5.000 arte, eta aurreko guztizkotik gorakoetatik 200 edo frakzioko ordezkari bat gehiago. Ordezkariak sindikatu bakoitzari atxikiko zaizkio egiazta dezaketen bazkidetzaren arabera, atal honek dioena eta horren garapenerako eman daitezkeen arauak kontutan izanik.

      2.-     Ordezkarien eratxikipena eta sindikatuek horiek izendatzea ordezkariak hautatzeko hauteskundeen emaitzen aldarrikapena publikoa egiten den egunetik hogeitamar egunetara egingo da.

      3.-     Sindikatu bakoitzaren bazkideen kopurua ordezkariak hautatzeko ekinpideari hasiera ematen zaion eguneko egoeraren arabera finkatuko da, zerbitzuko egoeran edo bigarren ihardueran ari diren karrerako Funtzionariak, aldi baterako funtzionariak, eta hezkuntza-kurtsoa gainditu eta praktiketan ari diren saioaldiango funtzionariak bakarrik kontutan izango delarik. Horren egiaztapena, baita sindikatu bakoitzari dagozkion ordezkarien atxikipena ere, Lan-Harremanetako Kontseiluaren proposamenez Herrizaingo Sailburuak izendatu eta frogatutako gaitasuna eta alderkeriarik gabeko hiru pertsonak osatutako batzorde batek egingo du.

      4.-     Aurreko idazatian ohartemandakoaren ondoriotarako sindikatuek eta Herrizaingo Sailak batzordeari eskatu hainbat agiripaper edo xehetasunak emango dizkiote. Bai batzordeko kideek zein, hala gertatuz gero, laguntasuna ematen dien lanarigoak, ezagutu ditzaketen datuekiko lanbide-isilpekotasunaren menpe geldituko dira.

      5.-     Heineango ordezkaritza-sistemaren bidez eratxikiko zaizkio sindikatu bakoitzari dagozkion ordezkari-kopurua, bazkide guztien kopurua zati bete beharreko postuaren arabera. Gainontzeko postuak, hala gertatuz gero, sindikatuei eratxikiko zaizkie, goitik beherako hurrenkeran, bakoitzaren gainontzeko bazkideen arabera.

      6.-     Sindikatu bakoitzarena izango da eratxikitzen zaizkion ordezkarien izendapena, zerbitzuko egoeran edo bigarren ihardueran ari diren karrerako funtzionariak, aldi baterako funtzionariak, eta hezkuntza-kurtsoa gainditu eta praktiketan ari diren saioaldiango funtzionariak bakarrik izendatu daitezkeelarik.

101. Atala

      1.-     Sindikatuetako ordezkariek eta ordezkoek beren zereginak betetzeko honako berme eta eskubideak izango dituzte:

a)   Poliziaren egoitzetara sartzea eta horietan eragozpenik gabe ibiltzea, aginpidedun agintariari esan eta agintariak adostasuna agertu ondoren, beti ere polizia zerbitzuaren ohizko Funtzionamendua oztopatu gabe.

b)   Lanbideko auziei edo gai sindikalei buruzko edozein argitalpen zabaltzea.

c)   Agintealdian eta hurrengo urtean hasiera emandako diziplinazko espedienteei buruz dagokion erabakia hartu aurretik Ertzaintzaren Kontseiluak egin beharreko txostenarekiko eskubidea.

d)   Hileroko berrogei ordu, lan-orduen barruan eta benetako lan-orduak bailiran ordaindutakoak. Sindikatuek, dagokion organuari adierazi ondoren, euren sindikatuetako ordezkariei eta ordezkoei dagozkien orduen pilaketa egin ahal izango dute, hau aldi baterako funtzionariei edo praktiketan ari direnei ez dagokiela, ezta izendapen librearen bitartez betetako lan-postuetako Funtzionariei dagokienean hilero hamar ordu baino gehiago ezin izango dela.

e)   Karguan dauden bitartean eta utzi ondorengo hurrengo urtean zehar lekuz aldatuak edo zigortuak ez izatea, lekuz aldatzea edo zigortzea beren ordezkaritza-iharduerarako ekintzek eragiten badute.

f)    Ordezkaritza-iharduerengatik, hain zuzen ere, beren hobekuntzan ekonomi edo lanbide bereizkeriarik ez jasatea.

      2.-     Sindikatuen iharduera errazteko asmoz, berrehun eta berrogeitamar funtzionari baino gehiago dituzten polizia egoitzetan gela bat prestatuko zaie; gelaren erabilera sindikatuen arteko adostasunez antolatuko da. Era berean, polizia egoitza guztietan sindikaritza-iragarkiak jartzeko tokiak egongo dira, eta funtzionariek behar den moduan ikus ditzaten kokatuko dira.

      3.-     Aurreko idazatietan jarritako eskubide eta bermeak sindikatuekin izenpetutako akordioetan adieraz daitezkeen beste berme eta eskubideak, edo haietaz baliatzeko baldintzarik egokienak, gordez eta hauen kaltetan gabe ulertuko dira. Aipatutako akordio horien edukia izenpetu dituzten sindikatuentzako eta, hala gertatuz gero, horiei eratxikitzen zaizkienentzako izango dira erabili beharreko.

102. Atala

      1.-     Sindikatuek, beren ordezkarien edo ordezkoen bitartez, polizia egoitzetan bilerak antola ditzakete; bilerak zerbitzuko orduetatik kanpo egingo dira, eta aginpidedun agintariak baimendu ondoren. Bilera egiteak ezin izango du inolaz ere eraginik izan zerbitzuak betetzean.

      2.-     Bilera egiteko baimena idazki bidez eskatu beharko da eta gutxienez lau egutegi-egun aurretik; eskaeran bilerarako eguna, ordua, lekua eta gai-zerrenda jarri beharko dira. Baldin eta bilera egiteko ipinitako eguna baino hogeitalau ordu lehenago dagokion ebazpena ez bada jakin erazi, bilera egin ahal izango da, beti ere zerbitzuen ihardunean eraginik izan beharko ez duela.

      3.-     Bilerarako deia egin dutenek bilera arazorik gabe burutzearen erantzukizuna dute.

103. Atala

      1.-     Ertzaintzako funtzionariei beren lan-baldintzak zehazteko dagokien parte hartzea, atal honen hurrengo lerroaldian aipatzen den ordezkotza egiaztatzen duten sindikatuen bidez egingo da.

      2.-     Aurreko lerroaldian esaten dena gauzatzeko, negoziazio-mahai bat antolatuko da Ertzaintzan, Autonomi Elkarteko Administrazioaren ordezkariek eta Ertzaintzan ordezkotza duten sindikatuen ordezkariek osatua; ordezkotzadun sindikatotzat hartuko dira bakarrik, lege honen 99. atalean ezarritakoaren arabera hauteskundeak egin eta ordezkarien ehuneko hamar gutxienez lortu dutenak.

      Ertzaintzaren negoziazio-mahaiari dagokio alor horretako funtzionarien lan-baldintzak zehaztea; hala ere, Autonomi Elkarteko Administrazioaren funtzionari guztientzako lan-baldintzak zehazteko osatutako negoziazio mahai orokorrak onartzen dituen erabakiei lotuko zaie ondoko gaietan:

a)   Urteko gehienezko lanordu-kopurua eta lansarien handitze orokorra.

b)   Lanpostuen zerrendak atontzeko irizpide orokorrak.

c)   Sindikaritza-eskubideen arileku orokorra.

d)   Lan-osasun politika.

      3.-     Autonomi Elkarteko Administrazioaren aginpideei buruz, hauexek izango dira negoziazio-gaiak:

a)   Lansariak gehitu, zehaztu eta gauzatzea, eta lansarien arauketa egokitzea.

b)   Barne sustapen, prestakuntza eta hobekuntzarako egitarauak eta dirutzak zehaztea, lege honen 7. atalean xedaturiko aginpideak ukitu gabe.

c)   Sindikaritza-eskubideei eta partaidetza-eskubideei buruzko proposamenak.

d)   Lan-osasun neurriak.

e)   Gizarte laguntzak eta bizileku-beharkizuna errazteko neurriak.

f)    77. atalean aipatzen diren laneguna, lan-egutegia eta oporren arauketa, eta atal horren bigarren lerroaldian ohartemandako kasuei dagozkien ordainezkoak.

g)   Lizentzia eta baimenak.

h)   Lanpostuen sailkapena eta lanean aritzeko profesional-baldintzak.

i)    Lanean sartu, lanpostua bete eta lantokian gora egiteko bideak.

104. Atala

      1.-     Administrazioaren eta aurreko atalean aipatzen diren sindikatuen ordezkariek aurreko atalean ohartemandako gaiei buruzko ituneak eta akordioak egin ahal izango dituzte.

      2.-     Akordioek erabiliko dituzten gaiak Gobernu-Kontseiluaren aginpide izango dira, eta, baliagarri eta eraginkorrak izateko, aipatutako organoaren berarizko eta erazko onarpena beharrezkoa izango da.

      3.-     Ituneak, izenpetzen dituen organoaren aginpide-eremuari egokitzen zaizkion gaiei buruzkoak izango dira, eta esku hartu duten parteentzat behartze-indarrekoak izango dira zuzenean.

      4.-     Negoziazioan adostasunik lortzen ez denetan edo atal honetako bigarren idazatian aipatzen den berarizko eta erazko onarpena iristen ez denetan, Gobernu-Kontseiluak zehaztuko ditu lan-baldintzak.

      5.-     Autonomi Elkarteko Administrazioak eta sindikatuek prozedurak ezarriko dituzte, horretarako izenpetutako akordioen bidez, lan-baldintzen zehaztapenean sortu diren gatazkei edo ituneak nahiz akordioak ez betetzeei irtenbidea emateko.

IV IDAZPURUA

ERTZAINTZAKO FUNTZIONARIEI BURUZ

I ATALBURUA

LANBIDE-EGITURA

I SAILA

ESKALAK ETA KATEGORIAK

105. Atala

      1.-     Ertzaintza osatzen dute Eskala Gorenak, Egiterapen-Eskalak, Ikuskapen-Eskalak eta Oinarrizko Eskalak. Eskala horiek, sartzeko eskatzen den titulazioaren arabera, euskal Administrazio publikoetako funtzionariak A, B, C eta D sailkapen-taldeei dagozkie hurrenez hurren.

      2.-     Eskalen barruan honako kategoria hauek daude:

a)   Eskala Gorenean, Intendenteburua eta Intendentea.

b)   Egiterapen-Eskalan, Komisarioa eta Komisario-ondokoa.

c)   Ikuskapen-Eskalan, Ofizialea eta Ofiziale-ondokoa.

d)   Oinarrizko Eskalan, Agente Lehena eta Agentea.

      3.-     Ertzaintzan Fakultatibo eta Teknikarien Eskala ere egongo da, eta horko lanpostuak, kasu bakoitzerako eskatzen den titulazioaren arabera, A, B, C eta D sailkapen-taldeei egokituko zaizkie.

II SAILA

ZEREGINAK

106. Atala

      1.-     Batez ere Eskala Goreneko langilegoari dagozkio ekintza-unitateen zuzendaritzazko, bideraketazko eta koordinaketazko zereginak, bai eta segurtasun publikoari berariz dagozkion beste zereginak ere, bereziki ikertze-lanari arreta ematen zaiolarik.

      Batez ere Egiterapen-Eskalako langilegoari dagozkio poliziaren ekintza-zentru edo taldeekiko koordinaketazko eta agintezko zereginak, hala badagokio, Eskala Gorenaren zuzendaritzapean daudelarik.

      Ikuskapen-Eskalako langilegoari dagokio Herritarren Segurtasuneko, Informazioko eta Ikerketako Unitateen barruko azpitaldeen erantzukizuna.

      Oinarrizko Eskalako langilegoari dagozkio polizia zereginek eskatzen dituzten egiterapen-eginkizunak eta ekintza-zerbitzuan ari diren Eskalako funtzionari batekiko edo gehiagorekiko aginte-eginkizunak.

      2.-     Fakultatibo eta Teknikarien Eskalari dagozkio sartzeko eskatzen den titulazioak gaitzen duen lanbideari dagozkion egitekoak polizia zereginaren laguntzarako burutzea eta heziketa akademiko zehatz batek emandako ezagupen berarizkoak eskatzen dituzten zereginetan ihardutea.

      3.-     Aurreko idazatietan ohartemandakoa gorabehera, polizia zerbitzuen egiterapenak eta herritarren segurtasunaren premiek eskatzen dituzten egitekoak burutu beharrean daude funtzionariak.

II ATALBURUA

ALORRAK ETA EGITURA

I SAILA

XEDAPEN OROKORRAK

107. Atala

      1.-     Ertzaintzako eskala eta kategorietako lanpostu-zerrendek ezingo dute gainditu aurrekontuetako langile-zerrendek ezartzen duten kopurua.

      2.-     Herrizaingo Sailburuak onartuko du Ertzaintzaren egitura organikoa eta hau osatzen duten dibisio, unitate, sekzio, talde eta zerbitzuetan banatuko ditu lanpostuak, Ertzaintzarentzat orokortasunez onartu diren izendapenen eta kide-kopuruaren arabera.

      3.-     Aipatutako egitura hori honako alor hauetaz arduratuko da: herritarren segurtasunaz, administrazio-poliziaz, gaizkintza-ikerketaz, ekintza-baliabideez eta, orohar, Ertzaintzaren zereginen eremuan poliziaren administrazioaz gizarte-errealitateak une bakoitzean eskatzen dituen alorrez.

      4.-     Nolanahi ere, Ertzaintzaren egitura organikoak honako zerbitzu hauek daudela kontutan hartuko du, kasu bakoitzean zehaztutako maila organikoa eta lurralde-antolakuntza dituztelarik:

·   Arabako Miñoien Sekzioa.

·   Bizkaiko Foralen Sekzioa.

·   Gipuzkoako Mikeleteen Sekzioa.

II SAILA

MIÑOIAK, FORALAK ETA MIKELETEAK

108. Atala

      Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioen egitura organikoa, lanpostu-zerrendak eta langile-zerrendak sekzio bakoitzari dagokion Foru Aldundiari kontsulta egin ondoren zehaztuko dira.

109. Atala

      1.-     Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioek honako zeregin hauek burutuko dituzte:

a)   Foru-erakundeak ordezkatzea.

b)   Foru-agintariak babestea.

c)   Foru-ondarearen ondasunak babestea eta zaintzea, horren instalakuntza eta zerbitzuen baliatzaileen segurtasuna bermatuz.

d)   Legez indarra erabiltzea, Lurralde Historikoaren aginpide diren zereginak nahitaez burutu daitezen, zeregin horiek Ertzaintzaren beste zerbitzu bati ez badagozkio.

e)   Kidegoko gainerako unitate edo zerbitzuei laguntzea, Herrizaingo Sailak emandako arauekin bat etorriaz.

      2.-     Era berean, polizi zereginak burutu ditzakete errepidezko garraioa jagon eta ikuskatzeari, errepideak zaintzeari eta errepide-poliziari dagokionez.

110. Atala

      Aurreko atalean aipatu diren zereginak betetzerakoan, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioetako funtzionariak, ihardutez, dagokien Foru Aldundiaren menpe egongo dira. Orohar, Foru Aldundiei dagokie aipatutako zerbitzuak burutzerakoan zuzeneko agintea izatea eta zerbitzuak burutzeko araubidea edo zerbitzurako oharpideak zehaztea, Eusko Jaurlaritzak eta Herrizaingo Sailak dituzten ahalmenen kaltetan gabe, bereziki hiru egiteko hauek dituztelarik:

a)   Sekzioaren barruan zerbitzu-manualdiak ematea.

b)   Oporrak baimentzea.

c)   Baimenak eta lizentziak ematea.

111. Atala

      Dagokion Aldun Nagusiak aginpidea izango du Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioetan aritzen diren Ertzaintzako kideen kontra diziplinazko espedienteak hasteko, espedientea izapidatzeko beharrezko diren ekintza guztiak egin daitezen agintzeko eta hutsegite astun eta arinengatik zigorrak jartzeko.

III SAILA

AUZI-POLIZIA

112. Atala

      1.-     Ertzaintzaren egitura organikoaren barruan Auzi-Poliziako Unitatea sortzen da Konstituzioaren 126. atalean eta Epai-Agintaritzari buruzko oinarrizko legearen 443. eta 445. ataletan ohartemandako zereginak bete ditzan.

      2.-     Aipatu den oinarrizko legearen 444.1 atalak dioenaren arabera, Auzi-Poliziako Unitateari atxikitako agenteak, beren zereginak betetzerakoan, ihardutez, ikerketaren gai den auziaz arduratzen diren Epaileen, Auzitegien edo Akusatzaile Publikoen menpe egongo dira.

      3.-     Auzi-Poliziako Unitatearen Buruzagia izango da epai-agintariengandik eta Akusatzaile Publikoengandik datozen agintezko eskaerak bideratzeko aginpidedun organoa, Unitate horretako funtzionariek edo baliabideek ikerketan parte har dezaten.

      4.-     Herrizaingo Sailak, iharduketen erritmoak eta lanari-erroldeko eskuarteak kontutan izanik, Auzi-Poliziako Unitateko zerbitzuak, sekzioak edo taldeak atxiki ahal izango dizkie zenbait Epaitegi edo Auzitegiri edo Akusatzaile Publikori, behin-betiko eta era iraunkorrez.

113. Atala

      Auzi-Poliziako Unitateari atxikitako funtzionarien heziketa berezia Euskal Herriko Polizi -Ikastegiaren bidez egingo da, eta, hala badagokio, praktika-aldiak ere egingo dira, zeinetan Epaileek eta Akusatzaile Publikoek parte har dezaketen.

      Dagokion diploma edukitzea beharrezkoa da Auzi-Poliziako Unitatean lanpostuak betetzeko.

114. Atala

      1.-     Auzi-Poliziako Unitateari atxikitako funtzionariek zeregin hori beteko dute soilik, nahiz eta, egoerak hala eskatuta, Ertzaintzaren egitekoen artetik agintzen dizkieten beste batzuk burutu ahal izan, hala nola lege-hausteei aurre hartzekoak.

      2.-     Gaitasunaren jabe den epaileak nahiz salatariak aginduta, ikerketa baten ardura duten funtzionariak, 112. atalean aipatu diren zereginak betetzerakoan, Epai-Agintaritzari buruzko oinarrizko legearen 446.2 atalean esandakoaren arabera bakarrik enkaitu edo baztertu daitezke agindu zaien ikerketatik.

      3.-     Zigorbidezko gaiei buruzko Epaile eta Auzitegiek eta Akusatzaile Publikoek Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/86 Oinarrizko Legearen 35. atalean aitortzen zaizkien ahalmen berberak izango dituzte Auzi-Poliziako Unitatetik iraunkortasunez atxikitzen zaizkien funtzionariei buruz.

      4.-     Auzi-Poliziako Unitateko funtzionari baten kontra diziplinazko espedientea eragin duten ekintzek burutzen ari zen ikerketarekin zerikusi zuzena dutenean, funtzionaria menpeko duen Epaile, Auzitegi edo Akusatzaile Publikoaren txostena eskatuko da, bidaltzea egoki deritzen beste batzuen kaltetan gabe.

      5.-     Sail honetan ezarritakoa izan ezik, Auzi-Poliziako Unitateko kideen araubidea lege honetan Ertzaintzarentzat orokortasunez ohartemandakoa izango da.

115. Atala

      Auzi-Poliziako Unitatearen antolakuntza eta funtzionamendua egokiak izateko beharrezkoak diren arauak Jaurlaritzak emango ditu dekretu bidez.

V IDAZPURUA

UDALTZAINGOEI BURUZ

I ATALBURUA

XEDAPEN OROKORRAK

116. Atala

      1.-     Bost mila biztanle edo gehiago duten Euskal Herriko udalerriek beren Polizia Kidegoak sor ditzakete.

      2.-     Salbuespen gisa, bost mila biztanle baino gutxiago duten udalerriek sor ditzakete beren Udaltzaingoak, zalantzarik gabe premiazkoak edo egokiak direnean. Kasu horretan, Kidegoa sortzeko Eusko Jaurlaritzak baimena eman beharko du aurretik.

      3.-     Nolanahi ere, Udaltzaingoak sortzeko erabakiek Udalbatzako kideen legezko kopuruak gehiengo osoz aldeko botoa ematea eskatzen dute.

      4.-     Udaltzaingoek ezein kasutan ere ez dute izango antolakunde eta ihardute-menpekotasunik Eusko Jaurlaritzarekiko edo euskal Autonomi Elkarteko Administrazioarekiko, ez eta honen esanerako Kidegoarekiko ere, horren menpekotasuna bakoitzaren udalerrikoarena soilik izango da baizik.

117. Atala

      1.-     Polizia Kidegorik ez duten udalerrietan, 28.1 ataleko a), b), d), f) eta i) lerroaldietan ezarritakoaren arabera horrelako Kidegoei dagozkien zereginak zaindari, jagole, aguazil edo beste izenez ondasunak, zerbitzuak eta instalakuntzak babesten eta jagoten dituzten toki-erakundeko langileek burutuko dituzte, bete behar dituzten beste zereginen kaltetan gabe.

      2.-     Toki-erakundeek Ertzaintzaren laguntza eskatu ahal izango diote Herrizaingo Sailari Udaltzaingoenak diren polizia zereginetan, baita herritik barrenako bideetan bidegoaia antolatzeko eta zuzentzeko ere, baldin eta Udaltzaingorik ez badute edo, izanik ere, aginpidean dauzkaten zerbitzu guztietarako nahiko kiderik ez badute. Azken kasu honetan, lankidetza hori ez da iraunkorra izango.

II ATALBURUA

EGITURA

118. Atala

      1.-     Udaltzaingoak ondoren aipatzen diren eskala eta kategorietan egituratzen dira, eskalak eta kategoriak sartzeko eska daitekeen titulazioaren araberako sailkapen-taldeei egokitzen zaizkielarik:

a)   Eskala Teknikoa, hiru kategoriarekin: Intendentea, A Taldeari dagokiona, eta Komisario eta Komisario-ondokoa, B Taldeari dagozkionak.

b)   Ikuskapen-Eskala, bi kategoriarekin: Ofizialea eta Ofiziale-ondokoa, C Taldeari dagozkionak.

c)   Oinarrizko Eskala, bi kategoriarekin: Agente Lehena eta Agentea, D Taldeari dagozkionak.

      2.-     Eskala Teknikoa ehun mila biztanle baino gehiago duten udalerrietan bakarrik sor daiteke, eta Intendentearen kategoria hirurehun mila biztanle baino gehiago eta laurehun funtzionari edo gehiagoko Polizia Kidegoa duten udalerrietan.

III ATALBURUA

UDALTZAINGOEN KOORDINAKETA

119. Atala

      Atalburu honen ondorioetarako, koordinaketa esaten denean, informazio-trukaketa, langile eta eskuarte izendapen kidekoa eta elkarrekiko ekintza bideratzen dituzten harreman-bideak zehaztea helburu duten iharduerak ulertu behar da, horrela udalerrien eta Autonomi Elkartearen iharduketen batasuna lortzeko.

120. Atala

      1.-     Udaltzaingoen ihardueraren koordinaketak, lege honetan ohartemandako bestelakoen kaltetan gabe, honako zeregin hauek hartu behar ditu:

a)   Udaltzaingoen antolakuntzako eta funtzionamenduko araudiak lotuko zaizkion esparru-araua ezartzea.

b)   Udaltzaingoen arteko kidetasuna ezartzea, langile-zerrendei, baliabide teknikoei, irudi-batasunari eta egiaztabideei buruz.

c)   Udalerrien arteko lankidetza aurrikusi eta arautzea, egoera berezi edo ohiz kanpokoetan gertatzen diren premiei erantzuteko.

d)   Lege honetako 21. atalean ohartemandako informazio-trukaketa ahalbidetzen duten irizpide, prozedura eta bideak finkatzea.

e)   Eskatzen duten toki-erakundeei gai hauei buruz aholku ematea.

f)    Koordinaketa-zereginetarako behar diren ikuskapen-bideez baliatzea.

      2.-     Udaltzaingoari buruz udalerriek dituzten aginpideei begirunea izanez burutuko dira koordinaketa-zereginak.

121. Atala

      1.-     Euskal Herriko Udaltzaingoen Koordinaketa-Batzordea sortzen da, Udaltzaingoen koordinaketari buruzko organo aholku-emaile gisa, eta Herrizaingo Sailari atxikita.

      2.-     Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

a)   Herrizaingo Sailburua, lehendakaria izango dena.

b)   Herrizaingo Saileko hiru ordezkari, horko buruak izendatuko dituenak.

c)   Udalerrietako zazpi ordezkari, Autonomi Elkartean hedapen handiena duen Euskal Herriko Udalen Elkarteak edo Federazioak izendatuko dituenak Alkate direnen artetik.

d)   Euskal Herriko Toki Administrazioan ordezkotzarik handiena duen sindikatuak izendaturiko ordezkaria.

e)   Autonomi Elkarteko Administrazioko karrerako funtzionari bat; Herrizaingo Sailak izendatuko du Zuzenbidean Lizentziatuak direnen artetik, eta Idazkari lana egingo du, hizpidearekin baina botorik gabe.

      3.-     Deitzen zaien aholkulari eta espezialistak Batzordearen bileretan egon daitezke, hizpidea dutela baina boto-eskubiderik gabe.

      4.-     Batzordeak txostenak egingo ditu, derrigorrez, aurreko atalean aipatzen diren gaiei buruzko erabaki nagusien egitasmoez, orobat Toki Administrazioko Polizia Kidegoetako eskola eta kategorietara sartzeko oinarrizko arauez ere. Halaber, Udaltzaingoen koordinaketa hobetzeko proposamenak eta iradokizunak egin ahal izango ditu.

      5.-     Aurreko idazatian aipatutako txostenak hilabeteko epean egin beharko dira.

      6.-     Batzordeak bere funtzionamendu-arauak taiutu eta onetsiko ditu.

Gehigarrizko Xedapenak

Lehenengoa

      Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 31.2 atalean ezarritakoaren arabera Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagokion ordezkaritza Euskal Herriko Polizi-Ikastegiak beteko du Toki-Administrazioaren menpeko Polizia Kidegoetan sartzeko dei egindako aukeraketa-probetako epaimahaietan.

Bigarrena

      II. eta III. Idazpuruetan ezarritakoa, azken honetako VIII. Atalburua izan ezik, hala nola haiei buruzko xedapen gehigarriak, aldi baterakoak eta azken xedapenak aplikatu ahal izango zaizkie udaltzainei.

Hirugarrena

      1.-     Euskal Herriko Udaltzaingoetako funtzionariak lege honetako 118. atalean adierazitako kategorietara sartzen dira, honako erregela hauen arabera:

a)   Intendente-kategoriara sartuko dira hirurehun mila biztanletik gorako udalerrietan Inspektore-lanbidea dutenak, horietako Polizia Kidegoa laurehun funtzionari edo gehiagok osatzen badute.

b)   Komisario-kategoriara sartuko dira Inspektore-lanbidea dutenak, Intendente nahiz Inspektore-ondoko kategorietara sartu ez daitezkeenean.

c)   Komisario-ondoko kategoriara sartuko dira Ofiziale-lanbidea dutenak.

d)   Ofiziale-kategoriara sartuko dira Ofiziale-ondoko lanbidea dutenak.

e)   Ofiziale-ondoko kategoriara, Sarjentu-lanbidea dutenak.

f)    Agente Lehen eta Agente kategorietara, Kabu eta Goardia lanbidea dutenak.

      2.-     Aurreko idazatiak dioenaren ondorioz bertan aipatzen diren kategorietara sartzen diren funtzionariek, nolanahi ere, lehen zuten lanbideari zegokion sailkapen-taldea eta horri dagozkion eskubide ekonomikoak eta bestelakoak gordeko dituzte.

Laugarrena

      Lege honetako 56. atalaren 2. idazatian ezarritakoa hala izanik ere, hirurogei mila biztanletik beherako udalerrietako Polizia Kidegoetan barne-aurrerabidez eta txanda librez sartu ahal izango da Ofiziale-ondoko eta Ofiziale kategorietara, norgehiagoka edo lehiaketa-norgehiagoka sistemen bidez.

Boskarrena

      Sei hilabeteko epean Herrizango Sailak Ertzaintzaren Albistaria sortuko du Saileko iragarkuntza-aldizkari ofizial gisa, eta honako eduki hauek izango ditu:

a)   Herritarren segurtasunarentzat orohar eta Euskal Herriko Poliziarentzat edo horko kideentzat kide diren neurrian interesgarri izan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Kondaira-Lurraldeetako Aldizkari Ofizialetan edo Estatuko Boletin Ofizialean argitaratutako xedapenak, ematen dituen organoak ematen dituela. Xedapen horiek dagokion Aldizkari Ofizialetik dauden bezalaxe hartuta argitaratuko dira, arau horiek diotena zabaltzeko helburuarekin.

b)   Herrizaingo Sailburuaren aginduak eta Herrizango Saileko beste edozein organoren ebazpenak, lege honek ezarritakoaren arabera edo izaera orokorreko xedapenek diotenaren arabera bertan argitaratzea aginduzkoa bada.

c)   Ertzaintzarentzat interesgarri izan daitekeen bestelako edozein informazio.

Seigarrena

      Ertzaintzako funtzionariek polizi Administrazioko lanpostuak bete ahal izango dituzte, lanpostu-zerrendetan zehazten diren kasu eta baldintzetan, baina bertan emandako aldia ezingo da kontatu norbere gradua finkatzeko.

Zazpigarrena

      Lege honetako 42. atalaren 1. idazatian ezarritakoaren kaltetan gabe, Ertzaintzako lanpostuei jartzen zaizkien hizkuntz eskakizunak onestea Gobernu-Kontseiluari dagokio.

Zortzigarrena

      Eusko Jaurlaritzak zehaztuko du araudiz Euskal Herriko Polizia osatzen duten Kidegoetan sartzeko medikutza-arrazoiengatiko bazterketen taula, hala nola eska daitezkeen baldintzak, bai adinarena eta bai garaierarena.

Bederatzigarrena

      Lege honetan ohartemandako ondorioetarako, unibertsitateko diplomatu-tituluaren baliokidetzat joko da lizentziaturako hiru ikastaro oso gainditu izana.

Hamargarrena

      Ertzaintzako funtzionariak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorraren menpe egongo dira eta hark babestuko ditu.

Hamaikagarrena

      Ertzaintzako funtzionariei hirurogeitabost urte betetzen dutenean etorriko zaie derrigorrez erretiratzeko garaia.

Hamabigarrena

      1.-     Ertzaintzaren gaur egungo lanbide eta kategorietakoak diren funtzionariak, hala nola Miñoien, Foralen eta Mikeleteen Kidegoetakoak, honela sartzen dira lege honek sortu dituen Ertzaintzako eskala eta kategorietara:

a)   Oinarrizko Eskalako Agente-kategoriara, Polizia eta Miñoi lanbidea dutenak.

b)   Oinarrizko Eskalako Agente Lehen kategoriara, Kabu-lanbidea dutenak.

c)   Ikuskapen-Eskalako Ofiziale-ondoko kategoriara, Inspektore eta Kabu Lehen lanbidea dutenak.

d)   Ikuskapen-Eskalako Ofiziale-kategoriara, Sarjentu-lanbidea dutenak.

e)   Egiterapen-Eskalako Komisario-ondoko kategoriara, Sarjentu Nagusi eta Brigada lanbidea dutenak.

      Kategoria horietan sartzea dagokie, Ertzaintzako funtzionarien kasuan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako behin-betiko azken mailaketaren arabera lanpostu horietan dihardutenei, eta, Miñoien Kidegotik datozen funtzionarien kasuan berriz, lanpostuak Foru Aldundiak onetsitako lanpostu eta langile zerrenden arabera betetzen dituztenei.

      Bakoitzean dagokion eskalan sartzeko orohar ezarritako titulu-baldintzak ez dira erabili beharreko izango xedapen honetan araututako sartzeekikoan.

      2.-     Gaur egungo Arabako Miñoien kidegoetakoak diren funtzionariek oso-osoan mantenduko dute jatorrian zuten gizarte-aurrerazaintzaren araubidea, baldin eta Lege honetan Ertzaintzaren funtzionarientzat ezarritakoaren menpe geratzea aukeratzen ez badute; orobat, kasua balitz, aitortuak dituzten hirurtekoak eta antzinatasuna; halaber, Arabako Foru Aldundiko Miñoien Sailean duten destinoa ere, Euskal Herriko Polizia Kidegoetan beste destino batzu betetzeko duten eskubidea baldintzatu edo kaltetu gabe.

      Era berean mantenduko dituzte Arabako Foru Aldundian aitortuak zituzten urteko lan-orduen kopurua, lansariak eta gizarte-onurak, baldin eta kontu guzti horietarako Ertzaintzarentzat erabakirikora lotzea aukeratzen ez badute. Aukera hori behin bakarrik erabiliko da eta behin betikoa izango da.

      Aipatu funtzionariek bete ahal izango dituzte, hala balegokio, Arabako Foru Aldundiko lanpostuak, erakunde honek zehaztuko dituen kasu eta baldintzetan.

      3.-     Ertzaintzako Musika Bandan egun diren lanpostuak Fakultatibo eta Teknikarien Eskalara sartuko dira, A klasifikazio taldean Zuzendaria, eta D klasifikazio taldean musikariak.

      4.-     Baldin eta, Ertzaintzako funtzionarientzako xedapen gehigarri honetan ezarritakoaren ondorioz, desagertu den lanbideagatik funtzionariak jasotzen zituen lansari finko eta aldizkakoetan murrizketarik gertatuko balitz, kaltetutako lanariak aldeagatik osagarri pertsonal eta aldibaterako bat jasotzeko eskubidea izango du, irensgarria izango dena.

Hamahirugarrena

      1.-     Herrizaingo Sailak zehaztuko ditu, alde batetik, janzkiak, arauzko armak, eta Ertzaintzako funtzionarien irudi-batasunari dagozkion gainerako langai eta gauzak, eta, bestetik, horien nortasuna egiaztatzen duten baliabideak, kategoria bakoitzaren bereizgarriak, hala nola horien erabilera araupetuko luketen arauak. Era berean, Herrizaingo Sailari dagokio polizi egoitzetan, autoetan eta bestelako ibilgailuetan agertu beharreko zeinu bereizgarriak eta jendaurreko adierazpideetako agerraldietan erabili beharrekoak zehaztea.

      2.-     Miñoi, Foral eta Mikelete zerbitzuei atxikitako funtzionarien irudi-batasunari dagozkion janzki, langai eta bestelako gauzen deskribapena, diseinua eta ezaugarri teknikoak, nolanahi ere, dagokion Diputatu Nagusiak horri buruz ematen dituen aginduei lotu beharko zaizkie.

Hamalaugarrena

      1.-     Autonomi Elkarteko Administrazioari dagozkion segurtasun-lanak egiteko diren komunikazio eta informatika zerbitzu eta ondasunak erosteko, inorentzakotzeko, alogeratan hartzeko eta zaintzeko ekintza eta kontratuak, Jaurlaritzaren dekretuz arautuko dira berariaz.

      2.-     Informatizazio plan eta egitarauak eta segurtasun lanetarako komunikazio sistemak Herrizaingo Sailak jarriko ditu, eta hartarako egin beharrekoak ere horietan jasota izango dira.

      3.-     Euskal Herriko Administrazioari orokorrean aplikatzen zaion kontratazio-araubide organikoaren kaltetan izan gabe, Herrizaingo Sailak kontratazio-mahai bat izango du Herri-zaingo Sailburuak eta Ogasun eta Finantza Sailburuak proposatuta dekretu bidez zehazten diren helburu, osakera eta aginpideekin. Ertzaintzaren garapen, funtzionamendu eta ezarketarako beharrezko diren administrazio-kontratazioko espedienteak berarizkotasunez kudeatu eta izapidatzeko izango da kontratazio-mahai hori.

Hamaboskarrena

      1.-     Lege honen 99. atalean xedaturikoaren arabera aukeratuak diren ordezkarien ordezkotza, Autonomi Elkarteko Administrazioaren funtzionarien lan-baldintzak zehaztuko dituen negoziazio-mahai orokorraren osaketa erabakitzeko, eta Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluan lanarien ordezkaritza finkatzeko izango da.

      2.-     Aurreko lerrokadan aipaturiko Mahai Orokorrak gaitasuna izango du Ertzaintzaren mahaian eramango den negoziazio kolektiboaren bilakaerari buruz azterketa egin eta erabakiak hartzeko.

      3.-     Aldika jakinaraziko zaizkio Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluari, Estatutuaren arabera Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionariei dagozkien gaiak ukitzen dituzten xedapen orokorrak.

Hamaseigarrena

      Negoziazio kolektiboak, Ertzaintzak eta Euskal Herriko Udaltzaingoek nork bere barrutian gauzatuko dutenak, finkatuko du, dagozkien aditu-txostenen bidez ebaluatu ondoren, adinagatik edo erabateko ezintasun iraunkorragatik bigarren iharduerara pasatzen diren kasuei dagozkien osagarrizko aseguratze-moduak.

Hamazazpigarrena

      1.-     Euskal Herriko Autonomi Estatutuaren 17. atalean agindutakoaz baliaturik eta Segurtasun Indar eta Kidegoekiko martxoaren 13ko 1/1986 eta Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Oinarrizko Legeetan jarritakoari jarraiki, Herrizaingo Sailburua eta Sail horretako ihardute-sailen buruzagiak dira aginpidea daukaten agintariak segurtasunaren arloan eta herritarren segurtasuna begiratzeko eta berriz ezartzeko egin beharreko eginbideak agintzeko, dagozkion legezko eta araudi bidezko xedapenen arauera.

      2.-     Jaurlaritza-Batzarrak eta aurreko zatian aitaturiko ihardute-sailek, herritarren segurtasunaren arloan legez zernolakoturiko arau-hausteei dagozkien zigorrak eta gainerako neurriak jartzeko aginpidea ere izango dute.

a)   Jaurlaritza-Batzarrak, ehun miloi pezetarainoko isunak eta arlo honetan araudi bidez ohartemandako beste edozein zigor jartzeko.

b)   Herrizaingo Sailburuak, berrogeitamar miloi pezetarainoko isunak eta ohartemandako beste edozein zigor jartzeko.

c)   Atal honetako 1. zatiak aipu dituen gainerako ihardute-sailek, 10 miloi pezetarainoko isunak eta legez ohartemandako beste edozein zigor jartzeko.

      3.-     Xedapen honetako 1. eta 2. zatietan arauturiko aginpideak, Ertzaintzarentzat eta Estatuaren Segurtasun Indar eta Kidegoentzat Autonomi Estatutuaren esanetan jarritako hedatze-bideari eta eginkizun-banaketari jarraiki beteko dira.

Hemezortzigarrena

      1.-     Euskal Herriko Polizi-kideek ez dute herri-zerbitzuan dihardutela lortutako xehetasunik ageri daiteneko fitxategien jabe izaterik ez eta horiek edukitzerik ere izango.

      2.-     Gaizkintza-modu jakin batzuri buruzkoan, horien arriskugarritasuna edo gizarterako berarizko garrantzia dutelako, segurtasun eta isilpekotasun-arrazoiengatik sor daitezkeen eskutako artxibategien egitekoa berenezko jaurpidepeko izango da, horretan, gutxienik bederen, organu baimen-emalea, bere menpeko izango deneko agintaria, antolakuntza eta irispide-jaurpidea adieraziko direla.

Aldi Baterako Xedapenak

Lehenengoa

      Ertzaintzaren Albistaria sortu arte, bertan argitaratu beharreko xedapen eta egintzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Bigarrena

      1.-     Euskal Herriko Polizi-Ikastegia Herrizaingo Sailburuak agindu bidez, lege hau indarrean jartzetik gehienez 8 hilabetetik gora gabeko aldian hasiko da iharduten.

      Hasi arte, horrenak diren aginpideak Euskadiko Poliziaren Ikastegiak beteko ditu.

      2.-     Euskal Herriko Polizi-Ikastegia ihardunean hasten den ekitaldi ekonomikoari dagokion aurrekontua Gobernu-Kontseiluak onetsiko du, eta 15 eguneko epean Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Herriogasun eta Diruegitamuen Batzordeari horren berri emango dio. Honako lege hau indarrean jartzerakoan Aurrekontu Orokorretan Euskadiko Poliziaren Ikastegiaren menpe legozkeen partida guztiak batuz prestatuko da aurrekontu hori, langileei eta eskuarteei dagozkienak ere sartuz.

      3.-     Euskal Herriko Polizi-Ikastegiari atxikiko zaizkio honako lege hau indarrean jartzerakoan Euskadiko Poliziaren Ikastegiko lanposturen batean diharduten edo beren zereginak han betetzen dituzten lan-itunepeko langile finkoak, karrerako funtzionariak, hala nola lan-itunepeko aldi baterako langileak eta bitarteko funtzionariak.

      Lege hau indarrean jartzean karrerako funtzionarientzat gordetako lanpostu gisa geratzen diren Euskadiko Poliziaren Ikastegiko lanpostuek, horrela beteak badaude, izaera horri eutsiko diote ezabakizun direla zehaztuta.

Hirugarrena

      1.-     Lege hau indarrean jarri eta bost urteko epean, Herrizaingo Sailak lanpostuak sailkatu, lanpostu-zerrendak taiutu eta onetsiko ditu, eta Ertzaintzaren ordainketa-araubidea lege honetan ohartemandakoaren arabera egokituko du. Epe horretan ez da derrigorrezkoa izango lege honen 76. atalean aipaturiko bizileku-beharkizuna, ezta gauzatuko 72. atalaren hirugarren lerroaldian ohartematen direnak.

      2.-     Lege hau indarrean jartzen denetik hasita kontatuko den urtebeteren barruan egokituko da Ertzaintzakoko lanari-erroldea izendapen libreko lantokien gehienerako hainbatekoa ehuneko hamarrekora doitzeko.

      Hainbateko hori, aldi baterako xedapen honetako 1. idazatian adierazitako epearen barruan, 65.3 atalean erabakitako eran berrikuskatuko da.

Laugarrena

      Gaur egun burutzen ari diren aukeraketa-bideak deitu zireneko araubideari jarraiki araupetuko dira aurrerantzean ere.

Boskarrena

      Ertzaintzako lanpostu-zerrendak onetsi artean, zeinak hizkuntz eskakizunei dagokienean azken xedapenetako lehenengoaren 2. idazatian adierazitako araudian ohartematen denari jarraituko zaizkion, euskaraz jakitea merezimendu izango da Kidegoan sartzeko edo lanpostuak betetzeko egiten diren deialdietan. Balioespenaren portzentaia ezingo da izan inola ere gainerako aukeraketa eta betetze bidean lor daitekeen gehieneko puntuazioaren ehuneko bost baino txikiagoa eta ehuneko hamar baino handiagoa.

Seigarrena

      Lege hau indarrean jartzen denetik kategoria bakoitzarentzat egiten diren hiru lehenengo deialdietan, barne promozioz sartzeko bete behar den gutxieneko iraunaldia eskatuko da, Polizia Kidego horren garapenak eskatzen dituen beharrak kontuan izanik Herrizaingo Sailak eta dagokion toki erakundeko agintepidedun organoak ezartzen duten neurrian.

      Deialdi horietan barne promozioko txandan lehiatu ahal izango dute, lege honen 59. atalean aipaturiko funtzionariez gainera, hurren beherago dagoen Eskalako ezein Kategoriatakoak direnak ere, ondoko baldintza hauek betetzen badituzte:

a)   Kasuan kasuko kategorian sartzeko eska daitezkeen tituluen jabea izatea.

b)   Jatorrizko eskalan zerbitzu baliagarrietan Herrizaingo Sailak edo kasuan kasuko toki erakundeko organoak zehazturiko denboraldia bete izana; denboraldi hori inola ere ez da izango hurren beherago dagoen Kategoriatik lehiatu ahal izateko eska daitekeena baino laburragoa.

c)   Oker larririk edo oso larririk egitearren zigortua ez izana, edo bestelakoan, ezarririko zigorra baliogabetzea lortu izana.

Zazpigarrena

      Administrazio-egoeren araubide berriak eragiten dien funtzionariek beren egoera arauzkotu dadin eskatu beharko dute bi hilabeteko epean.

Zortzigarrena

      Honako arau hau indarrean jartzerakoan izapidatzen ari diren diziplinazko espedienteak aurretik zeuden xedapenen arabera araupetuko dira, honetan xedatutakoa espedientepekoarentzat mesedegarriagoa ez bada behintzat. Diziplinazko araubidearen garapena araudiz burutu arte, eta lege honetan zuzenki araupetuta ez dauden gauzetan, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako kideei diziplinazko araubideko indarrean dauden xedapenak aplikatzen jarraituko da, xedapen horiek lege honetan ezarritako diziplinazko araubiderako gogoan izandako printzipioen arabera ulertuko direla.

Bederatzigarrena

      1.-     Lanpostua Musika-Bandan betetzen duten eta polizia funtzionari izatera Unitate hartan sartzeko egindako berarizko deialdien ondorioz iritsi diren Ertzaintzako kideak Fakultatibo eta Teknikarien Eskalara sartuko dira D sailkapen-taldean.

      2.-     Izaera orokorreko sarrera-deialdietatik datozen eta lege hau indarrean jartzerakoan Musika-Bandan lanpostu bat betetzen duten edo bete duten Ertzaintzako kideak, nahiz zereginak aldi batean bertan betetzeko zerbitzu-manualdirako izendatuak izan direnak, Fakultatibo eta Teknikarien Eskalara sartu ahal izango dira, dagokion D sailkapen-taldean, baldin eta Jaurlaritzak zehazten dituen arte-irakaskuntzako titulazioen jabe badira. Interesdunak ez sartzea gertatuz gero, beren gogoz hala erabaki dutelako edo eskatzen diren beharkizunak betetzen ez dituztelako, lege honetan ohartemandako araubide orokorraren arabera dagozkien eskala eta kategorietara sartuko dira.

Hamargarrena

      Ertzaintzako agintari-lanpostuak Segurtasun-Batzordean 1990eko abuztuaren 29an erabaki zenaren arabera beteko dira.

      Aldi baterako xedapen honen indarraldiari dagokionean, polizia alorrean Estatutua garatzeko Legebiltzarrak dituen irizpideei buruzko Ebazpenean ezarritakoa hartuko da kontutan, hau da, Eusko Legebiltzarreko Erakunde eta Herrizaingo Batzordearen 1990.eko apirilaren 5eko Ebazpenean ezarritakoa.

Hamaikagarrena

      1.-     Lege hau indarrean jarri eta bederatzi hilabeteko epearen barruan, Herrizaingo Sailburuak Ertzaintzako ordezkariak hautatzeko lehendabiziko hauteskundeetarako deia egingo du, eta lege honen 100. atalak agindutakoaren arauera, sindikatu bakoitzari dagokion ordezkari-kopurua zehaztu eta hautagaiak izendatzeko beharrezko neurriak bultzatuko ditu.

      2.-     Lege honen 99. atalak agindutakoa gorabehera, erabaki gehigarri honek oharteman legez hautatutako ordezkarien agintaldia, lege hau indarrean jarri eta Administrazio Publikoen zerbitzuko langilegoaren ordezkotza-organoak hautatzeko lehendabiziko deialdia egitean bukatuko da.

Hamabigarrena

      92.3 atalean ohartemandako araudia egiten ez den bitartean, Ertzaintzaren oraingo araudian huts larri nahiz arinetan zermugatutakoak horrelakoetan ezartzeari jarraituko zaio.

Indargabetzeko Xedapena

      Indargabeturik gelditzen dira lege honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko arauak.

Azken Xedapenak

Lehenengoa

      1.-     Ertzaintzako eta Udaltzaingoko funtzionariak, bere estatutu-araubideari dagokionean, Euskal Funtzio Publikoaren legedi orokorrean ezarritakoaren arabera araupetuko dira osagarri moduan.

      2.-     Ertzaintzaren hizkuntz normalkuntza Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen V. Idazpuruan ezarritakoaren arabera araupetuko da berariz. Eusko Jaurlaritzak, Ertzaintzaren izaera eta berezitasun funtzionalak direla eta, sektore horretan burutuko den hizkuntz normalkuntzaren prozesua araupetuko du, aldi baterako hirugarren xedapenean adierazten den epean.

Bigarrena

      Lege hau egiteratzeko beharrezko liratekeen xedapen oro emateko baimena dauka Jaurlaritzak.

Hirugarrena

      Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean lege hau.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra