Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

4/1998 Legea, martxoaren 6koa, zergapideen elkar-egokitasun, erakidetasun eta lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legea aldatzekoa.

1998-03-06

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1998/3/30, 60. zk.; EAO, 2011/12/23, 308. zk.

 

§ 210. 4/1998 LEGEA, MARTXOAREN 6KOA, ZERGAPIDEEN ELKAR-EGOKITASUN, ERAKIDETASUN ETA LANKIDETASUNARI BURUZKO MAIATZAREN 30EKO ALDATZEKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

Zergapideen Elkar-egokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legea onartu zen garaiko asmoa lurralde historikoetako erakundeek gai honi buruz daramaten jardunbidea arautzeko printzipioak lege batean gorpuztu eta antolatzeko beharrizana betetzea izan zen. Izan ere, gure Autonomia Estatutuaren arabera, erakunde horiek dute eskumena, zeinek bere lurraldean, zerga-sistema arautu, ezarri eta mantentzeko. Autonomia Estatutuan bertan zehazten da, halaber, lurralde historikoetako erakundeek men egin behar dietela Eusko Legebiltzarrak zerga-harmonizazio, koordinazio eta lankidetzarako ematen dituen arauei.

Aipaturiko 3/1989 Legea, haren aioen adierazpenean aitortzen zenez, harmonizazioaren bidetik abiatu zen, lurralde historikoetako erakundeen eskumenak errespetatuz, eta lurraldeen zerga-sistemak erabat bateratzen saiatu gabe.

Lege horren ataletan zehazten da orokorrean zeintzuk diren Eusko Legebiltzarrak harmoniza ditzakeen gaiak. Gai horiek eragina dute zenbait zerga-figuraren funtsezko ataletan; foru-erakundeek, legea onartu zen garaian, beren esku zituzten zerga-figuren ataletan, hain zuzen ere.

Eusko Legebiltzarraren borondatea hurrengo bi puntu hauen haritik doa: batetik, lurralde historikoetako erakundeen ahalmenari zor zaion begirunea bermatu eta, bestetik, haietatik sortzen diren zerga-araudien arteko lotura eta komunztadura lortu gura du.

Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomi Itunaren aldaketa onartzen duen abuztuaren 4ko 38/1997 lege berrian gure itun-sistema historikoa sakonki landu da, hots, Estatuko Administrazioarekiko finantza zein zerga-harremanak arautzen dituen sistema. Gure foru-ogasunek arauak emateko zein zergak ordainarazteko dituzten ahalmenak nabarmen handitu dira, eta, gainera, hainbat aldaketa tekniko burutu da Itunaren gaurkotasuna ziurtatzeari begira. Horrek guztiak badu eragina Legebiltzarrak harmonizazio, koordinazio eta lankidetza arloetan dituen ahalmenetan.

Lege honen bidez zehaztuko da zein gai harmonizatu behar den, Euskadiko erakundeek, Ituna aldatzearen ondorioz, jaso dituzten arau-eskumen edo tributu berriak direla-eta. 1989. urtean abiaburu-esparrua ezartzeko erabili zen bide bera erabiltzen da orain ere, zerga-figura bakoitzaren funtsezko atalak hartzen baditu ere, erabat bateratzeko edo berdintzeko asmorik gabe.

1. Atala

Zergapideen Elkar-egokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen 2. atala honela geratuko da:

"2. Atala - Elkar-egokitasuna

Kondaira-lurraldeetako zerga-arauek, dirubidezko elkar-egokitasunari buruzko gaietan, Ekonomi Ituneko legean daudenez gain, Eusko Legebiltzarreko legeek ezar ditzaten arauak beteko dituzte, lege honetan aipatutako eraginarekin.

Autonomi Elkarte osorako erakundeen eta horko Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 14. atalaren 3. zatian ohartemandakoa betez, Ekonomi Itunean aitortutako arauak emateko aginpidea egiteratzean, kondaira-lurraldeetako foruzko jardute-sail eskudunek eman ditzaketen manuek zerga ezberdinen funtsezko alderdiak era bateratuz arautuko dituzte.

Lortutako elkar-egokitasun mailak kondaira-lurraldeetan araupidetza ezberdinak izatea erraztuko du, beti ere, orokorrean, Autonomi Elkarte osorako zerga-saka baliokidea bermatzen badute behintzat".

2. Atala

Zergapideen Elkar-egokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen 4. atala honela geratuko da:

"4. Atala

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez, hurrengo alderdi hauek harmonizatuko dira, bidezkoa denean:

a) Zerga horren honako atal hauek zehaztea:

1.- Aplikazio-esparrua.

2.- Egitate zergagarria. Batez ere, salbuespenak ezarri, kendu eta luzatzea, bai eta zergapetu gabeko errentak zehaztea ere.

3.- Subjektu pasiboa.

4.- Zerga-oinarria. Batez ere:

- Plan bereziak ezartzea. Enpresarien eta profesionalen jarduerak burutzeari atxikitako aktiboak amortizatzeko gehienezko eta gutxienezko koefizienteak ezartzea.

- Errenta zehazteko estimazio objektiboaren erregimenak.

5.- Likidazio-oinarria.

6.- Zergaren tarifa.

7.- Kuotaren kenketak.

8.- Sortzapena.

9.- Atxikipenak, kontura egindako sarrerak eta zatikako ordainketak.

b) Enpresarien edo profesionalen jarduerak burutzeari atxikitako aktibo finkoen baloreak erregularizatzea edo eguneratzea".

3. Atala

Zergapideen Elkar-egokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen 4 bis atala honela geratuko da:

"4 bis Atala

Ondarearen gaineko Zergari dagokionez, hurrengo alderdi hauek harmonizatuko dira, bidezkoa denean:

1.- Aplikazio-esparrua.

2.- Egitate zergagarria. Batez ere, salbuespenak ezarri, kendu eta luzatzea.

3.- Subjektu pasiboa.

4.- Zerga-oinarria.

5.- Likidazio-oinarria.

6.- Zergaren tarifa.

7.- Kuotaren kenketak.

8.- Sortzapena".

4. Atala

Zergapideen Elkar-egokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen 5. atala honela geratuko da:

"5. Atala

Baltzuen gaineko Zergari dagokionez, hurrengo alderdi hauek harmonizatuko dira, bidezkoa denean:

a) Zergaren oinarrizko atal hauek zehaztea:

1.- Aplikazio-esparrua.

2.- Egitate zergagarria. Batez ere, salbuespenak ezarri, kendu eta luzatzea.

3.- Subjektu pasiboa.

4.- Zerga-oinarria. Batez ere, plan bereziak ezartzea eta aktiboak amortizatzeko gehienezko nahiz gutxienezko koefizienteak ezartzea.

5.- Likidazio-oinarria.

6.- Karga-mota.

7.- Kuotaren kenketak.

8.- Sortzapena.

9.- Atxikipenak eta kontura egindako sarrerak zein ordainketak.

10.- Erregimen bereziak.

b) Aktiboen baloreak erregularizatu eta eguneratzea.

c) Ekonomi Ituneko 18. atalean eta hurrengoetan dioena erabiliz, Euskadiri dagokion diru-kopurua foru-aldundien artean banatzea.

d) Foru-aldundi bakoitzari dagokion diru-kopurua zehaztea, zergaduruak, agizko lurraldean ari gabe, lurralde batean baino gehiagotan lan egin dezanean.

e) Egoitzadunak ez direnen entitateen Ondasun Higiezinen gaineko Karga Berezia".

5. Atala

Zergapideen Elkar-egokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen 6 bis atala honela geratuko da:

"6 bis Atala

Jokoaren gaineko Tasari dagokionez, hurrengo alderdi hauek harmonizatuko dira, bidezkoa denean:

a) Zergaren oinarrizko atal hauek zehaztea:

1.- Aplikazio-esparrua.

2.- Zerga-oinarria.

3.- Karga-mota.

4.- Sortzapena.

b) Salbuespenak, murrizketak eta gainerako zerga-hobariak ezarri, kendu eta luzatzea".

6. Atala

Zergapideen Elkar-egokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen 8. atala honela geratuko da:

"8. Atala

1.- Baltzuekiko Zergaren edo Balio Erantsiaren zergaduruek, baita kondaira-lurralde batean baino gehiagotan ari izanda Norbanakoen Urte-Irabaziekiko Zergaren eta Baltzuekiko Zergaren konturako atxikipenak edo sarrerak egin behar dituztenek ere, zerga horiei dagozkien dirubidezko beharkizunak zergapide-egoitza datzaneko kondaira-lurraldean edo, horren ezean, Euskal Herri barruan antolapide nagusia duteneko lurraldean bete ahal izango dituzte. Euskal Herrian ez zergapide-egoitzarik, ez eraikuntzarik ez baleuka, toki batean bi!tze hori edozein lurraldetan egin ahal izango da, zergaduruaren aukeran.

Beharkizun horiek betetzeko toki batean biltze horrek norbere kitapenetatik sortzen diren zerga-zorrak ordaintzea hartzen du, baina ez da dagozkien Foru-Aldundiek egindako behin behineko edo behin betiko kitapenetatik sortutako zerga-zorrik ordaindu behar izatera iristen.

2.- Bere zerga-beharkizunak betetzeko toki batean bildu aurretik, zergaduruak eta atxikipenak edo konturako sarrerak egin behar dituztenek era horretako aitorpena aurkeztu beharko diete doakien Foru-Aldundiei".

7. Atala

Zergapideen Elkar-egokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen 9. atala honela geratuko da:

"9. Atala

1.- Zergaduruak eta atxikipenak edo konturako sarrerak egin behar dituztenek zerga aldetik zituzten beharkizunak betetzeko erabili dituzten Foru-Aldundiak, aurreko atalean agindutakoarekin bat etorriz, aitorpena egin ondorengo hilean, zergaduruak edo atxikipenak egin dituenak aurkeztutako agiriak, toki batean biltzea aukeratu izan ez balu, Aldundi horietan aurkeztu behar izango zituzkeenak, hain zuzen, dagozkien beste Foru-Aldundiei bidaliko dizkie.

Halaber, sarrera egin ondorengo hilaren barruan kitatuko ditu beste Foru-Aldundien alde zergaduruak edo atxikipenak egin dituenak egindako sarreretatik, berak egindako kitapenaren arabera, bakoitzari dagokiona. Sarreraren egunetik kitapena egiten den bitartean igarotako denborari dagozkion korrituak kontatu egingo dira kitapenean.

2.- Ekonomi Itunaren 18 eta 28. ataletan aipatzen diren eragiketen kopuruan aldaketak gertatzen badira, eta horien ondorioz, Baltzuen gaineko Zergaren edo Balio Erantsiaren gaineko Zergaren aitorpena dela-eta, diru-sarrerak egin behar badira foru-aldundi batean edo gehiagotan eta, aldi berean, itzultzeko zenbatekoak ere jaso behar badira foru-aldundi beretan, zenbatekoen arteko konpentsazioa egingo da.

Zerga itzuli behar duen aldundiak (dela bat edo gehiago) konpentsaturiko zenbatekoak abonatuko dizkio diru-sarrera egin beharreko aldundiari edo aldundiei. Abonua zerga horien araubidean ezarritako epearen barruan burutuko da, zergaduruei itzulketak egin ahal izateko. Aipaturiko epeak gaindituz gero, dagozkien interesak ere ordaindu beharko dira, itzulketak gauzatu behar izan ziren egunetik hasita".

8. Atala

Zergapideen Elkar-egokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen 10. atala honela geratuko da:

"10. Atala

Kondaira-Lurraldeetako Arduralaritzen arteko harremanak errazteko, bere zerga beharkizunak betetzeko lurralde bakar batean biltzea erabaki duten zergaduruak eta atxikipenak nahiz diru-sarrerak egin behar dituztenak errolda berezi batean erroldatuko dira; eta hori lege honen 1. atalean ohartemandako Zerga-Kidekaketarako Sailean egingo da".

Azken Xedapena

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra