Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

4/2004 Legea, martxoaren 18koa, Errepideko Bidaiari Garraioarena.

2004-03-18

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2004/3/29, 60. zk.; EAO, 2011/11/19, 279. zk.

§ 262. 4/2004 LEGEA, MARTXOAREN 18KOA, ERREPIDEKO BIDAIARI GARRAIOARENA

 

ZIOEN AZALPENA

 

      Lege honek errepideko bidaiari-garraioari erabateko erregulazio bat emateko premiari erantzuten dio, komunikabideena bezalako sektore estrategiko batean, sektore horren bilakaera guztiz lotuta baitago garapen ekonomikoarekin eta sozialarekin.

 

      Hori dela eta, bidaiari-garraio publikoaren funtsezko izaera aintzatesten da, Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen, ekonomiaren eta lurraldearen garapen eta kohesiorako sektore estrategiko eta oinarrizkoa baita, biztanleriaren mugikortasun-premia orokorrari erantzutera bideratua; hori guztia garapen jasangarriaren ikuspegitik. Zerbitzuaren segurtasuna eta kalitatea lehentasunezko elementuak dira bidaiarien garraio publikoaren antolamenduan.

 

      Lege honek Autonomia Estatutuko 10.32 artikuluan ezarritako eskumen esklusiboan du jatorria eta oinarria, betiere arlo horretako boterearen lurralde-banaketari buruzko konstituzionaltasun-multzoko agindu horri eta beste agindu batzuei buruz Konstituzio Auzitegiak (batez ere ekainaren 27ko 118/1996 epaian) egin duen interpretazio-ildoan.

 

      Gogorarazi behar da, gainera, uztailaren 30eko 16/1987 Legeak orokorrean heldu ziola estatu-eremuko lurreko garraioen antolaketari, legeria sakabanatu eta zatikatu -eta, neurri handi batean, zaharkitu- bat berritzeko asmoz. Bereziki adierazi behar da aipatutako lege horrek berariaz jorratu zituela garraioaren arloko eskumen-banaketa (Estatuko Administrazioaren eta autonomia-erkidegoen arteko banaketa) itxuratzen duten konstituzio-printzipio batzuk. Horren ondorioz, Konstituzio Auzitegiak, aipatutako epai horretan (ekainaren 27ko 118/1996), konstituziokontrakotzat -eta, ondorioz, deuseztzat- jo zituen legeko 2. artikuluko 1. paragrafoko 2. tartekia eta 2. paragrafoa, aplikazio-eremuari buruzkoak, bai eta 113. artikulutik 118. artikulura bitarteko artikuluak eta hamargarren xedapen iragankorra ere, azken horiek herri barruko garraioari buruzkoak.

 

      Aipatutako epai horretan adierazten dena aplikatuz, eta kontuan izanik egokia dela Euskal Autonomia Erkidegoko autobuseko bidaiari-garraioaren sektoreari erregulazio berezko bat ematea, lege hau egitea erabaki da. Hona hemen zein diren legearen irizpide orokorrak:

 

-  Xedea, definizioak, printzipio orokorrak eta eskumen-araubidea zehazten ditu.

-  Esku hartzeko ahalak zedarritzen ditu, intentsitate askotakoak, eta legeak erregulatzen duen garraioan, hau da, garraio-zerbitzu publikoan eta garraio-jardueren administrazio-antolaketan, esku hartzeko tituluak zedarritzen ditu.

-  Arau-esparru bat ezartzen du, bai terminologiari eta bai mamiari dagokionez, Estatuan dagoenarekin eta Europar Batasunetik datorrenarekin uztartua; horrela, beharrezkoak ez diren berrikuntzak saihesten ditu, eragile publikoen eta pribatuen jardunarentzat nahasbide -eta, beraz, kaltegarri- gerta baitaitezke.

-  Gai honen funtsari buruzko erregulazio osoa eta sakona egiten du, eta erregelamendu-garapenerako uzten ditu alderdi instrumentalak, bigarren mailakoak edo periferikoak.

 

      Legearen xedapen orokorrak xedeari, definizioei eta printzipio orokorrei buruzkoak dira. Legearen xedea da errepideko bidaiari-garraioa, herri barrukoa zein herri artekoa, erregulatzea. Garraio hori bidaiariak -eta, zenbait kasutan, fardelak edo mandatuak- garraiatzeko bereziki egokitutako ibilgailuetan egiten da, bederatzi jarlekutik gorako edukiera duten ibilgailuetan, gidaria barne dela. Jakina, legearen eremua oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik igarotzen den garraiora mugatzen da. Era berean, jarduera lagungarri eta osagarri gisa, bidaiari-geltokiak ere erregulatzen dira.

 

      Legeak erregulatzen dituen garraioak, bestalde, duten izaeraren, eragin-esparruaren eta aldizkakotasunaren arabera definitzen dira. Definizio horien artean, berariazko aipamena jasotzen dute bidaiari-garraio publiko erregularrek eta turismo-garraioek.

 

      Legearen xede den gaian herri-agenteen jarduna zein printzipio orokorretara egokituko den ezartzen da, uztailaren 30eko 16/1987 Legean agertzen diren oinarrizko printzipioei dagokienez; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Jasangarriaren Gidaplanean aipatzen diren jarraibideak jasotzen dira (plan hori 2002ko azaroaren 19an egin zuen bilkuran) onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak.

 

      Eskumen-araubideari dagokionez, legeak II. kapitulua eskaintzen dio araubide hori zehazteari, eta errespetu osoz agerrarazten du eskumen-banaketa. Banaketa hori azaroaren 25eko 27/1983 Legetik (Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzkotik) dator, bai eta gai horretan funtzioen eta zerbitzuen eskualdaketa arloan egin diren garapenetatik zein jatorria toki-erregimeneko legerian duten garapenetatik ere.

 

      III. kapitulua plangintzari eta koordinazioari eskaintzen zaie, eta aipamen berezia egiten zaie garraio-planei eta beste garraio-modalitate batzuekiko koordinazioari.

 

      "Erabiltzaileak" deitzen da IV. kapitulua. Kapitulu horretan, zabaltasunez eta zehaztasunez definitzen dira legean erregulatutako zerbitzuak edo jarduerak erabiltzen dituztenen eskubideak zein debekuak.

 

      V. kapituluak, berriz, jarduera horren araubide juridikoa erregulatzen du. Lanbide-prestakuntzaren eskakizunak bat datoz Europako Batasunaren garraio-politikaren printzipioekin, batez ere merkatuaren saneamenduari eta eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea hobetzeari dagokienez, betiere erabiltzaileen eta garraiolarien mesedetan.

 

      Administrazioaren esku-hartzea, berriz, jarduera egikaritzea ahalbidetzen duen titulu juridiko bat lortu beharrarekin osatzen da. Titulu hori modu arautuan esleitzen zaie, lanbidea egikaritzeko baldintza pertsonalak edukitzeaz gain, zerga, lan edo gizarte arloko eginbeharren jakitun daudenei.

 

      Titulu gaitzaileek administrazio-baimenen forma juridikoa daukate, zerbitzu publifikatuetan izan ezik, horiek zerbitzu publikorako administrazio-emakidaren bidez gauzatu ahal izango baitituzte partikularrek. Bikoiztasun horrek araubide juridiko desberdina dakar, zeren Administrazioaren ahalek izaera desberdina baitute zerbitzuaren titulartasunean oinarritzen direnean.

 

      Ildo horretatik, VI. eta VII. kapituluak bidaiari-garraioko herri arteko zerbitzu publikoari eta herri-intereseko garraio-zerbitzuei buruzko garraio-baimenei eskaintzen zaizkie. Lehenengo kasuan, zeharkako kudeaketaren aldeko lehentasuna sendesten da, bereziki zerbitzu publikoaren administrazio-emakidaren aldekoa, nahiz eta, salbuespen gisa, eskaintza publikoa eta zuzenekoa ere aurreikusita egon. VI. kapitulu horretan, uztailaren 30eko 16/1987 Legean biltzen diren emakiden araubideari buruzko oinarrizko alderdi batzuk jaso dira, proposatzen den erregulazioa hobeto uler dadin.

 

      Garraio-baimenei dagokienez, legeak baimen bereziak (erabilera txikiko zerbitzu publikoak, aldi baterako garraio erregularrak, erabilera bereziko garraio erregularrak) eta beste baimen batzuk bereizten ditu; azken horien artean, eskatu ahalako garraioa, turismo-garraioak eta garraio pribatu osagarriak sartzen dira.

 

      VIII. kapituluak herri barruko garraioa erregulatzen du, garraio horren araubide juridikoa ezartzen du, eta arreta berezia eskaintzen dio herri barruko eta herri arteko zerbitzu erregularren arteko beharrezko koordinazioari.

 

      IX. kapitulua bidaiari-geltokiei eskaintzen zaie, errepideko bidaiari-garraioaren jarduera lagungarria eta osagarria denez, eta arreta berezia eskaintzen zaie geltokien ezarpenari, ezartzeko ekimenari eta ustiapenari, kokalekuari eta erabilera-araubideari.

 

      Tarifa-araubidea X. kapituluan dago erregulatuta, eta aipatu behar da legeak arau batzuk ezartzeko ahalmena ematen diola Administrazioari. Tarifen berrikustea arau horietara egokitu beharko da, eta, erabilera orokorreko zerbitzu publiko erregularrak direnean, faktore objektiboekin batera, emakida bakoitzaren produktibitatea uztartuko dute.

 

      XI. kapitulua ikuskapen eta kontrol araubideari eskaintzen zaio, eta XII. kapitulua, zehatzeko araubideari; arau-hausteengatiko administrazio-erantzukizuna, arau-hausteen definizioa eta sailkapena, eta aplikatu beharreko zehapenak ezartzen dira, bai eta neurri osagarriak, preskripzioa, eta eskumena eta prozedura ere.

 

      Legeak, puntu horretan, erregulazio neurrikoa eta uztailaren 30eko 16/1987 Legeak ezartzen duenarekin arrazionalki lotua bilatu du, arau-hausteen eta zehapenen araubidearen behar ez bezalako zatikapena saihesteko. Hori guztia, gainera, zehapenak ezartzeko prozedurarekin uztartuko da, eta hori otsailaren 20ko 2/1998 Legean (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzkoan) xedatutakora egokitu beharko da.

 

      Legea hiru xedapen gehigarrirekin, bi xedapen iragankorrekin, xedapen indargabetzaile batekin eta azken xedapen batekin osatzen da.

 

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

1. Artikulua - Legearen xedea

 

      1.-  Lege honen xedea da errepideko bidaiari-garraioa erregulatzea, hala herri barrukoa nola herri artekoa; hain zuzen ere, bidaiariak -eta, zenbait kasutan, fardelak edo mandatuak- garraiatzeko bereziki egokitutako automobiletan, gidaria barne bederatzi jarlekutik gorako edukiera dutenetan, egiten den garraioa, oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik igarotzen dena.

 

      2.-  Era berean, aurreko paragrafoan definitu den garraioaren jarduera lagungarri eta osagarri gisa, bidaiari-geltokiak erregulatzen dira.

 

2. Artikulua - Definizioak

 

      1.-  Duten izaeraren arabera, lege honetan aipatzen diren garraioak publikoak edo pribatuak izan daitezke.

 

a)  Publikoak dira besteren kontura egiten direnak, ordainsari ekonomikoaren bitartez.

b)  Garraio pribatuak dira norberaren kontura egiten direnak. Garraio pribatuak bi modalitatetakoak izan daitezke:

-  Garraio pribatu partikularrak: garraio-mota horretakoak dira ibilgailuaren titularraren eta haren senideen izaera pertsonaleko edo partikularreko lekualdatze-premiak asetzeko egiten direnak. Horrelako garraioetarako erabiltzen diren ibilgailuek ez dute izango erregelamenduz ezarrita dagoen baino jarleku gehiago.

-  Garraio pribatu osagarriak: mota horretakoak dira enpresek edo establezimenduek, xede nagusitzat garraioa ez dutenek, beren jarduera nagusiaren barruan, jarduera nagusi horiek behar bezala garatzeko osagarri beharrezko edo egoki gisa egiten dituzten garraioak.

 

      2.-  Duten eragin-esparruari jarraiki, errepideko bidaiari-garraio publikoa herri barrukoa edo herri artekoa izan daiteke.

 

      Herri barrukoak dira oso-osorik udalerri beraren barruan egiten diren garraioak; gainerako garraioak, berriz, herri arteko garraiotzat jotzen dira.

 

      3.-  Eskainitako zerbitzuen aldizkakotasunaren arabera, lege honetan erregulatzen diren garraioak erregularrak edo eskatu ahalakoak izan daitezke.

 

a)  Erregularrak dira aurretik ezarritako ibilbideen barruan eta aurretik finkatutako egutegiei eta ordutegiei atxikita egiten direnak.

b)  Eskatu ahalakoak dira aurretik ezarritako ibilbide, egutegi edo ordutegi bati atxiki gabe egiten direnak.

 

      4.-  Bidaiari-garraio publiko erregularrak honelakoak izan daitezke:

 

a)  Jarraikortasunaren arabera, iraunkorrak edo aldi baterakoak:

-  Iraunkorrak dira, baldin eta, izaera egonkorreko premiei erantzuteko, modu jarraituan egiten badira.

-  Aldi baterakoak dira, baldin eta salbuespenezko edo unean uneko eta iraupen mugatuko izaera duten trafikoei erantzuteko badira, nahiz eta aldizka izan.

b)  Erabileraren arabera, erabilera orokorrekoak edo berezikoak dira:

-  Erabilera orokorrekoak dira, baldin eta eskari orokorrari erantzutera zuzentzen badira eta edozeinek erabili ahal baditu.

-  Erabilera berezikoak dira, baldin eta erabiltzaile-talde berariazko bat (hala nola ikasleak, eskola-umeak, langileak eta antzeko taldeak) eta ez besterik zerbitzatzeko bideratuta badaude.

 

      5.-  Turismo-garraioak dira, aldizkakoak izan edo ez, bidaia-agentzien bidez eskaintzen direnak, beste zerbitzu osagarri batzuekin batera, hala nola ostatua, mantenua, turismo-gidaritza, etabar. Garraio horiek jolaseko, kulturako eta aisiako jarduerei edo unean uneko beste arrazoi batzuei lotutako joan-etorriak egin behar dituzten pertsonen premiak oro har asetzeko egiten dira.

 

      6.-  Erabiltzaileak dira lege honetan erregulatutako zerbitzuak edo garraio-jarduerak baliatzen dituzten pertsona fisikoak nahiz juridikoak.

 

      7.-  Intermodalitatetzat hartuko da garraio-modu desberdinen arteko lotura, baldin eta modu batetik bestera aldatzean zirkulazio-fluxua eteten ez bada.

 

3. Artikulua - Printzipio orokorrak

 

      1.-  Bidaiarien garraio publikoaren politikaren oinarria hau izango da: garraio-mota hori funtsezkoa dela eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen, ekonomiaren eta lurraldearen garapen eta kohesiorako sektore estrategiko eta oinarrizkoa dela aitortzea; eta politika horren helburua izango da erkidegoaren beraren mugikortasun-premia orokorrak eta garraioaren erabiltzaileen premia partikularrak asetzea.

 

      2.-  Hemen arautzen den gai honetan, herri-aginteen jarduna ondorengo helburu eta printzipio orokor hauei egokituko zaie:

 

a)  Dauden mugikortasun-premiei erantzutea, ahalik eta eraginkortasun-maila handienarekin eta gizarte-kostu txikienarekin.

b)  Erabiltzaileen eskubideak eta eginbeharrak aintzatestea, kalitatezko garraio-zerbitzuak izateko duten eskubideaz baliatu ahal izan daitezen.

c)  Intermodalitatea sustatzea.

d)  Herri barruko eta herri arteko garraio kalitatezkoak garatzea.

e)  Teknologiaren garapena sustatzea, garraio garbi eta eraginkor baten alde.

f)   Garraio-sistema jasangarri bat sustatzea, ingurumenaren printzipio eta helburuekin bat etorriz.

 

II. KAPITULUA

ESKUMEN ARAUBIDEA

 

4. Artikulua - Eskumen-araubidea

 

      1.-  Eusko Jaurlaritzari dagozkio lanbide-trebakuntzaren aintzatesteari buruzko eskumenez baliatzea, legearen arau-garapena, bai eta koordinazioa eta goi-ikuskaritza ere. Ikuskaritza hori egiaztatze edo fiskalizazio jardueren bidez gauzatuko da, bai eta ikuskaritza-planak landuz eta koordinatuz ere.

 

      Eusko Jaurlaritzak, era berean, plangintza orokorra egingo du eta herri arteko garraioaren tarifak ezarriko ditu.

 

      2.-  Foru-aldundien eskumena da, ordea, aipatutako plangintzaren garapena, IX. kapituluan bidaiari-geltokien inguruan aurreikusten diren ahalmenez baliatzea, eta lege honetan araututako herri arteko garraioaren jardueran aritzeko administrazio-titulu gaitzaileak ematea.

 

      Zerbitzu publikorako administrazio-emakidetan, foru-aldundiek eskumena izango dute, kasu hauetan, zerbitzuak sortu, esleitu, bateratu, aldatu, ezabatu eta berreskuratzeko:

 

a)   Bidaiarien garraio-zerbitzua lurralde historikoaren barruan gauzatzen denean oso-osorik.

b)   Lurralde historikoaz gaindikoak izan arren, handik kanpora igarotzeko debekua dutenean.

c)   Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko zerbitzuak izanik, eta aurreko kasuetan sartzen ez direlarik, ibilbide-zatirik handiena lurralde historikoaren barruan dutenean.

 

      Foru-aldundiek, era berean, herri arteko garraiorako administrazio-baimenak esleituko dizkiete garraio-zerbitzuei, baimen horiek aginduzkoak direnean, nork bere lurralde historikoan egoitza duen garraio-zerbitzuari.

 

      Foru-aldundiek egingo dute herri arteko garraioaren zuzeneko ikuskapena, eta lurralde historikoaren barruan egindako arau-hausteengatik hasitako zehapen-espedienteak izapidetu eta ebatziko dituzte.

 

      3.-  Udalek eskumena izango dute, herri barruko garraioaren arloan, bidaiari-garraio publikoaren zerbitzuak antolatu, kudeatu eta ikuskatzeko eta dagozkion zehapenak ezartzeko; orobat, dagozkion titulu gaitzaileak esleitzeko eta tarifa-araubidea finkatzeko, gai horri buruzko legeria aplikagarrian xedatutakoari jarraituz. Era berean, bidaiari-geltokien inguruan IX. kapituluan ezartzen diren eskumenez ere baliatuko dira.

 

III. KAPITULUA

PLANGINTZA ETA KOORDINAZIOA

 

5. Artikulua - Plangintza

 

      1.-  Administrazioek, indarrean dagoen legeriak ematen dizkien eskumenak baliatuz, lege honetan araututako garraioaren bilakaera eta garapena planifikatu ahal izango dituzte, garraio-sistemaren multzoarekin uztartuz garapen harmoniko eta orekatu bat bultzatzeko.

 

      2.-  Garraio-planek gai hauen inguruko aurreikuspenak edukiko dituzte:

 

a)  Zuzeneko kudeatze publikoko zerbitzu edo jarduerak.

b)  Garraio erregularren sarearen edo horren oinarrizko ardatzen diseinu orokorra eta beste garraio-sistema batzuekiko integrazioa.

c)  Zona jakin baterako edo batzuetarako garraio debeku edo murrizketak, hala behar izanez gero.

d)  Garraioa edo garraio-mota batzuk sustatu eta laguntzeko neurriak, hala behar izanez gero.

 

      3.-  Planak lantzeko eta onartzeko prozedura erregelamendu bidez zehaztuko da.

 

6. Artikulua - Koordinazioa

 

      1.-  Lege honen xede diren errepideko bidaiari-garraioak beste garraio-modalitate batzuei dagozkien zerbitzuekin koordinatuko dira, horri buruz aplikagarria den legeriak xedatzen duenarekin bat etorriz.

 

      2.-  Eusko Jaurlaritzak, bere eskumen-eremuaren barruan, lege honek aipatzen dituen errepideko bidaiari-garraioak beste garraio-modalitate batzuei dagozkien zerbitzuekin koordinatuko ditu, bai eta garraioarekin lotutako Administrazioaren beste jarduera-eremu batzuekin ere, erregelamendu bidez zehazten den eran.

 

IV. KAPITULUA

ERABILTZAILEAK

 

7. Artikulua - Administrazio-jardunaren printzipio orokorrak

 

      1.-  Herri-administrazioek, lege honetan eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen legerian xedatutakoarekin bat etorriz, erabiltzaileen parte-hartzea ziurtatzen duten mekanismoak egituratuko dituzte; horrela, erabiltzaileek, beren ordezkaritza-antolakundeen bidez, garraioari buruzko Administrazioaren xedapenak eta ebazpenak (eurei dagozkienak) lantzeko eta aldatzeko prozeduran parte hartuko dute. Era berean, ordezkaritza-antolakunde horiek garraio-sistemaren plangintzan eta kudeaketan izango duten parte-hartzea sustatu eta bideratuko dute.

 

      2.-  Herri-administrazioek jakinaren gainean edukiko dituzte erabiltzaileak, eskueran dituzten garraio-sistemaren eskaintzei buruz, bai eta zerbitzu horien aldaketei buruz ere. Era berean, jakinaren gainean eduki beharko dituzte lege honen xede diren garraio-zerbitzuak eskaintzeko baldintzei buruz.

 

8. Artikulua - Eskubideak

 

      Lege honetan araututako zerbitzuak edo jarduerak erabiltzen dituztenek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen legerian jasotako eskubideak edukiko dituzte, eta, nolanahi ere, ondorengo hauek:

 

a)   Enpresetako langileengandik tratu zuzena jasotzeko eskubidea. Langile horiek erabiltzaileek eskatzen dizkieten laguntza eta informazio eskaerei erantzun beharko diete, zerbitzuarekin zerikusia duten gaietan.

b)   Ibilgailu eta ezarritako geltoki guztietan, erreklamazioen liburua eta/edo orria eskatzeko eta lortzeko eskubidea. Liburu edo orri horretan, zerbitzuaren eskaintzari buruzko edozein erreklamazio azaldu ahal izango dute.

c)   Ibilgailuak erosotasun, higiene eta segurtasun baldintzetan -eta, hala balegokio, behar bezalako irisgarritasun-baldintzetan- erabiltzeko eskubidea, bai eta zerbitzu erregularra eta puntuala lortzekoa ere.

d)   Zerbitzua bertan behera uzten bada, ordaindutakoa berriro jasotzeko eskubidea.

e)   Eskuko gauzakiak edo fardelak eramateko eskubidea, beste bidaiari batzuei enbarazurik edo arriskurik ez eragitekotan.

f)    Txartela edo ordainagiria jasotzeko eskubidea.

 

9. Artikulua - Debekuak

 

      Lege honetan araututako zerbitzuak edo jarduerak erabiltzen dituztenek ondorengo debeku hauek begiratu beharko dituzte:

 

a)   Ibilgailuetara edo ibilgailuetako edozein konpartimentutara sartzeko ateak irekitzeko edo ixteko mekanismoetan ibiltzea, edo mekanismo horien funtzionamendua eragoztea edo bortxatzea, garraio-enpresako langileek soilik eragitekoak direnean.

b)   Ibilgailuan larrialdietarako ezarrita dauden segurtasun edo sorospen mekanismoetako edozein bidezko arrazoirik gabe erabiltzea.

c)   Ibilgailua uztea edo ibilgailura sartzea horretarako ezarritako geltokietatik kanpo, edo ibilgailua mugitzen ari dela, bidezko arrazoirik egon ezean.

d)   Ibilgailua abian dela, gidariaren arreta galeraz dezakeen edo gidariaren lana oztopa dezakeen edozein ekintza egitea, bidezko arrazoirik gabe.

e)   Erabiltzaileentzat prestatuta ez dauden lekuetan bidaiatzea.

f)    Ibilgailuetan erretzea, edota garraio-geltokietan horretarako prestatuta dauden tokietatik kanpo ere, gai horren gaineko berariazko araudian ezarritako baldintzen arabera.

g)   Garraio-txartelik gabe bidaiatzea, edo bidaiaren ezaugarrien eta dagokion emakidan edo baimenean ezarritako erabilera-baldintzen arabera nahikoa ez den txartel batekin bidaiatzea, edota eskuratutako txartela behar bezala ez erabiltzea.

h)   Gainerako erabiltzaileen osotasun fisikoa arriskuan jar dezakeen jokabide oro, edota erabiltzaile horientzat edo garraio-enpresako langileentzat, bai eta bere zerbitzuak terminal edo bidaiari-geltokian eskaintzen dituen enpresako langileentzat ere, gogaikarria edo iraingarria gerta daitekeena.

i)    Ibilgailuak edo garraio-geltokiak hondatzea edo zikintzea eragin dezakeen ekintza oro.

j)    Zerbitzua behar bezala eskaintzearen inguruan eta zerbitzua eskaintzerakoan zaindu beharreko segurtasun-baldintzen inguruan dagokion emakidaren edo baimenaren titular den enpresako langileek egindako oharrei kasurik ez egitea, edota ibilgailuetan eta garraio-geltokietan horretarako agerian jarritako horma-irudietan ohartarazitakoari kasurik ez egitea.

k)   Herri-bidea hondatu edo zikindu ahal duten gauzak edota beste pertsona batzuei lesiorik eragin diezaieketenak ibilgailutik kanpora botatzea.

 

V. KAPITULUA

GARRAIO PUBLIKOKO JARDUERAREN ARAUBIDE JURIDIKOA

 

LEHENENGO ATALA

LANBIDEAN JARDUTEKO BALDINTZAK

 

10. Artikulua- Baldintza orokorrak

 

      1.-  Ondorengo paragrafoetan ezartzen diren baldintza subjektiboak eta objektiboak betetzen dituzten pertsonek egin ahal izango dute lege honetan erregulatzen den garraio publikoa.

 

      2.-  Baldintza subjektiboak honako hauek dira:

 

a)  Europar Batasuneko edozein estatutako nazionalitatea izatea, edota nazioarteko itunetan edo tratatuetan xedatutakoaren arabera baldintza hori eskatzerik ez dagoen estatu batekoa; edo, bestela, indarrean dagoen legeriaren arabera beharrezkoak diren baimenak edukitzea, lanerakoak eta bestelakoak.

b)  Lanbide-trebakuntza egokia egiaztatzea, hau da, garraiolaritzan jarduteko beharrezkoa den jakite-mailaren jabe dela egiaztatzea.

Beharrezkoa den gutxieneko jakite-maila, jakite-maila hori eskuratzeko modua, maila horren jabe dela egiaztatzeko Administrazioak erabiliko duen sistema, bai eta trebakuntza hori egiaztatzen duten dokumentuak ematea ere, horiek guztiak indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzen arabera eskatuko dira.

Taldekako enpresa edo erakundeetan, nahikoa izango da enpresa benetan eta jarraitasunez zuzentzen duten pertsonetako baten batek lanbide-trebakuntzaren eskakizuna betetzea.

Banakako enpresetan, titularrak lanbide-trebakuntzaren eskakizun hori betetzen ez badu, nahikoa izango da enpresa benetan eta jarraitasunez zuzentzen duen beste norbaitek eskakizun hori betetzea.

Eskakizun hori bete izan duen pertsona hilko balitz edo ezintasun fisikoren edo legezkoren batek joko balu, Administrazioak, erregelamendu bidez zehaztutako eran, jardueran jarraitzeko baimena eman dezake, gehienez ere hamabi hilabeteko aldi baterako (aldi hori beste sei hilabetez luza daiteke behar bezala justifikatutako kasu partikularretan), nahiz eta lanbide-trebakuntzaren eskakizuna bete ez.

c)  Ohoragarritasunaren baldintza betetzea, hau da, ondorengo egoera hauetako ezeinetan ez egotea:

1)   Doluzko delituengatik epai irmo baten bidez espetxe-zigorrarekin kondenatua izan izana, zigorraren ezereztatzea lortua ez duen bitartean.

2)   Epai irmo baten bidez ezgaitze edo etete zigorretara kondenatua izan izana, non eta zigor horiek ez ziren zigor erantsi gisa ezarri eta garraiolari-lanbideak egindako delituarekin zuzeneko loturarik ez zuen.

3)   Garraio arloko arau-hauste oso larriengatik, ebazpen irmo baten bidez, zehapena jaso izana behin baino gehiagotan, erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan.

Taldekako enpresa edo erakundeetan, enpresa jarraitasunez eta benetan zuzentzen duten pertsona guzti-guztiek bete beharko dute ohoragarritasun-baldintza.

 

      3.-  Gaitasun ekonomikoa da garraiolariaren lanbidean jarduteko baldintza objektiboa. Baldintza hori honetan datza: kasuan kasuko jarduera abian jartzeko eta behar bezala kudeatzeko beharrezkoak diren finantza-baliabideak eta bitarteko materialak edukitzean, erregelamendu bidez xedatzen den eran.

 

      4.-  Ez dira eskatuko baldintza horiek, lege honetako IX. kapituluan erregulatzen den jarduera (bidaiari-geltokiak) gauzatzeko.

 

11. Artikulua - Salbuespenak eta irizpideen modulazioa

 

      1.-  Jarduera nagusitzat garraiolariarena ez duten pertsona eta enpresek egiten dituzten garraioei dagokienez, edo izaera komertzialik izan ez eta garraioen merkatuan eragin txikia dutenei dagokienez, Administrazioak salbuetsi egin ditzake garraio horiek aurreko artikuluan aipatutako baldintzak edo baldintza horietakoren bat betetzetik, edota betetze hori egiaztatzeko prozedura laburtuak edo erraztuak ezarri ahal izango ditu kasu horietan.

 

      2.-  Gaitasun ekonomikoaren eta lanbide-trebakuntzaren baldintzak modulatu egin ahal izango dira, kasuan kasuko garraioaren berariazko izaeraren arabera, batez ere gauzatu nahi diren zerbitzuen edo jardueren izaerari, motari, intentsitateari, bolumenari eta eragin-esparruari jarraiki.

 

BIGARREN ATALA

ADMINISTRAZIO-TITULU GAITZAILEAK

 

12. Artikulua - Araubide juridikoa

 

      1.-  Lege honetan arautzen den jardueran aritzeko titulu gaitzaile bat beharko da. Titulu horrek administrazio-baimenaren edo zerbitzu publikorako administrazio-emakidaren forma juridikoa izango du.

 

      Titulu gaitzaileak esleitzea izaera arautuko administrazio-egintza izango da.

 

      2.-  Aurreko puntuak aipatzen duen titulua lortzeko, honako hauek bete beharko dira: kapitulu honetako lehenengo atalean ezarritako baldintzak, indarrean dagoen legeriak eskatzen dituen zerga, lan eta gizarte arloko eginbeharrak, eta zerbitzua behar bezala eskaintzeko edo jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren berariazko baldintza guztiak.

 

      3.-  Arestian aipatutako lehenbiziko atal horretako baldintzetako edozein galduz gero -10.2.b) artikuluan zehaztutako salbuespena alde batera utzita-, edo aurreko puntuan zehaztutako gainerako eginbeharretakoren bat behin eta berriz bete gabe utziz gero, Administrazioak ezeztatu egingo ditu titulu gaitzaileak.

 

13. Artikulua - Lehia askea

 

      1.-  Arau orokor gisa, garraio-eskaintzak lehia askeko sistemari jarraituko dio.

 

      2.-  Zerbitzu batzuen kasuan baino ez da emango esklusibotasunez jarduteko baimena; hau da, zerbitzuen izaeragatik edo ezaugarriengatik lehiazko araubidea baztertu egin behar denean, erkidegoaren beharrizanei era egokian erantzungo bazaie.

 

14. Artikulua - Neurri mugatzaileak

 

      1.-  Administrazioak, salbuespen gisa, Lege honetan araututako jardueretan hasi ahal izateko sistema murriztu edo baldintzatu egin ahal izango du, ondorengo kasu hauetan:

 

a)  Eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak eragindako merkatu-baldintzen ondorioz jarduerak edo zerbitzuak behar bezala eskainiko direla ziurtatu ezin denean.

b)  Merkatu orekatuko egoera batean eskaintza gehitzeak aurreko idatz-zatian azaldu diren desorekak eta disfuntzioak eragin ditzakeenean.

c)  Garraio-sistemaren funtzionamendu egokiak enpresen ahalmenaren neurri egokia eskatzen duenean.

d)  Garraio-sistemaren funtzionamendua, oro har, kaltetua gerta daitekeenean.

 

      2.-  Aurreko puntuan aipatutako neurri mugatzaileak orokorrak edo partzialak izan daitezke, zenbait zerbitzu edo jarduera motari dagokionez, edo eremu geografiko jakin batzuetara mugatutakoak. Hona hemen nola har daitezkeen neurri horiek:

 

a)  Tituluak baldintza, betebehar modal edo zirkulazio-murrizketa jakin batzuekin esleitzea.

b)  Zehaztutako epeetan emango diren era bateko eta besteko titulu gaitzaileen gehienezko kupo edo kontingenteak ezartzea.

c)  Titulu berrien esleipena aldi batez bertan behera uztea edo mugatzea.

 

      3.-  Aurreko puntuetan aurreikusten diren mugak ezartzen direnean, kupoen edo kontingenteen banaketa, edo baldintzak, eginbeharrak edo murrizketak finkatzea, modalitate bakoitzaren arabera, aldez aurretik ezarritako izaera objektiboko irizpideen arabera egingo da.

 

15. Artikulua - Eskuz aldatzea

 

      1.-  Titulu gaitzaileak eskuz aldatu ahal izango dira, ondorengo baldintza hauek betetzen direnean:

 

a)  Lege honetako 10. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonen alde egitea.

b)  Titulu gaitzaileen mota bakoitza eskuz aldatzeko aukeraren inguruan Administrazioak ezartzen dituen berariazko baldintzak betetzea.

c)  Garraio-modalitatearen izaeragatik eskuz aldatu ezinezko titulu gaitzailetzat ezarritakoetakoa ez izatea.

 

      2.-  Administrazioak, betiere, onetsi egin beharko du aldez aurretik dena delako eskualdaketa hori, eta, titulu gaitzailearen berritze subjektiboa egingo bada, aurreko puntuan aurreikusitako baldintzak bete beharko dira.

 

HIRUGARREN ATALA

JARDUERAK BETE BEHARREKO ESKAKIZUNAK

 

16. Artikulua - Erregistroa

 

      1.-  Administrazio-titulu gaitzaileak lortzen dituzten pertsonek dagokien foru-aldundiko garraiolarien erregistroan eman beharko dute izena.

 

      Izena ematea ezinbesteko baldintza izango da garraiolaritzan jarduteko.

 

      2.-  Erregistroa publikoa izango da, eta haren antolamendu eta funtzionamendua, bai eta hara sartzeko modua, izena ematerakoan jaso beharreko datuak zein izen-ematearen beraren gorabeherak, erregelamendu bidez ezarriko dira.

 

      3.-  Koordinazioari begira, erregistro horretan jasotzen den informazio guztia garraio arloan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailari igorriko zaio.

 

17. Artikulua - Fiantza

 

      Administrazioak, eskatu ahalako garraio-zerbitzuak eta garraio horren jarduera lagungarriak eta osagarriak egiteko titulu gaitzaileak esleitu aurreko baldintza gisa, betebehar hau ezarri ahal izango die titulu horiek esleitu zaizkien pertsonei, erregelamenduak hala aurreikusten duen kasuetan: zerbitzu eta jarduera horiei dagozkien administrazio betebehar eta erantzukizunak betetzea berma dezatela, fiantza bat jarriz edo beste moduren baten bidez.

 

18. Artikulua - Ibilgailuak

 

      1.-  Garraiatzaile gisa kontratua egin duten pertsonen zuzendaritzaren eta erantzukizunaren pean gauzatuko da garraio publikoa. Jarduera hori, indarrean dagoen legerian aurreikusitako lankidetza-kasuetan izan ezik (garraiolarien arteko lankidetza-kasuetan izan ezik), beren enpresa-antolakundearen bidez gauzatuko dute.

 

      2.-  Aurreko puntuan xedatutakoari dagokionez, ibilgailuak garraiolariaren enpresa-antolakundean sartuta egongo badira, edo garraiolariak bere jabetzakoak izan behar ditu, edo legez edo erregelamenduz ezartzen diren baldintzen arabera errentan hartuak izan behar ditu, edota juridikoki baliozkoa den beste edozein eskubidez ibilgailu horietaz baliatu ahal izan beharko du, Administrazioak zehaztutakoaren arabera garraioa egokiro antolatzeko besteko erabilera utziko dion eskubidez, alegia.

 

      3.-  Lege honetan araututako garraioak egiteko erabiltzen diren ibilgailuek indarrean dagoen legerian ezarritako baldintza teknikoak bete beharko dituzte, eta, betiere, irisgarritasuna sustatzeko legerian xedatutakoa errespetatu beharko dute.

 

      Era berean, instalatuta eta ibili dabiltzala eraman behar dituzte gidaldiak eta atsedenaldiak kontrolatzeko aparatuak eta gainerako kontrol-tresna guztiak, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, erregelamenduz salbuesten diren kasuetan izan ezik.

 

VI. KAPITULUA

BIDAIARIEN HERRI ARTEKO GARRAIO ZERBITZU PUBLIKOA

 

19. Artikulua - Irizpide orokorrak

 

      1.-  Erabilera orokorreko bidaiari-garraio publiko erregular iraunkorrek Administrazioa titular duten zerbitzu publikoen izaera dute, 34. artikuluan aurreikusitako kasuan izan ezik.

 

      2.-  Aurreko puntuan aipatzen diren zerbitzu horien kudeaketa, lege honetan eta lege hau garatzeko xedapenetan berariaz horri buruz aurreikusitako hartan izan ezik, administrazio-kontratazioa arautzen duten arau orokorren pean egongo da.

 

20.- Artikulua - Zerbitzua ezartzeko erabakia

 

      1.-  Erabilera orokorreko bidaiari-garraioko zerbitzu erregular iraunkorrak eskaintzen hasi aurretik, zerbitzu horiek ezartzeari eta sortzeari buruzko ebazpen oinarritua eman beharko du Administrazioak. Ebazpen horri, gainera, zerbitzuak eskaintzeko dagokion proiektuaren onespena erantsi beharko zaio.

 

      2.-  Administrazioak erabakiko du zerbitzua ezartzea edo sortzea, bere kabuz edo interesdunak eskatuta, eta horretarako kontuan izango ditu garraio-eskariak, une horretan daudenak eta aurrerantzean egon daitezkeenak, eskari horiei erantzuteko dauden bitartekoak, zerbitzu hori garraio-sarean sartzeak izango dituen eraginak, bai eta zerbitzua ezartze horri eragin diezaioketen gizarte-egoeraren gorabeherak zein ezartze horrek berak eragin ditzakeenak.

 

      3.-  Zerbitzu berriak sortzerakoan errespetatu egin beharko dira garraio-planetan ezarrita daudekeen aurreikuspenak.

 

21. Artikulua - Arau orokorra: administrazio-emakida

 

      1.-  Arau orokorra izango da bidaiarien garraio-zerbitzu publikoa administrazio-emakida baten bitartez gauzatzea.

 

      2.-  Ustiapena zerbitzu publikoak kudeatzeko aurreikusita dauden gainerako prozeduretako edozeinen bidez egin behar dela erabaki dezake Administrazioak, baldin eta horretarako nahikoa arrazoi badago; administrazio-kontratazioa arautzen duen legerian aurreikusitako prozeduretako edozeinen bidez, esan nahi da.

 

22. Artikulua - Zerbitzuaren eskaintza publiko eta zuzenekoa

 

      1.-  Aurreko artikuluan aurreikusitako araubide orokorraren salbuespen gisa, bidezkoa da, ondoko kasu hauetan, zerbitzuaren kudeaketa publiko eta zuzenekoa egitea, lehiaketarik egin gabe: zerbitzuaren izaera dela-eta zeharkako kudeaketa desegokia denean; haren bidez ezin direnean bete iritsi nahi diren helburu ekonomiko edo sozialak, edo interes publiko konkretuek edo izaera ekonomiko edo sozialeko arrazoiek hala eskatzen dutenean.

 

      2.-  Aurreko puntuan aurreikusitako gorabehera horiek agertzen direnean, Administrazioak zuzenean eskaini ahal izango ditu erabilera orokorreko garraio publikoen zerbitzu iraunkorrak, eta kudeaketarako, indarrean dagoen legeriak enpresa-kudeaketa publikoaren arloan onartzen dituen erabideetatik edozein erabiliko du.

 

23. Artikulua - Esklusibotasuna

 

      1.-  Bidaiarien errepideko garraio-zerbitzu publikoaren emakidak izaera esklusiboz esleitzen direla ulertuko da, eta, indarrean dauden bitartean, ezin izango dira ezarri linea bereko garraio-zerbitzuak betetzen dituzten beste emakida batzuk, interes publikoko arrazoi oinarrituengatik erregelamendu bidez salbuesten diren kasuak izan ezik.

 

      Berebat, erregelamenduz zehaztuko dira bi zerbitzuk linea bera erabiltzea noiz gertatzen den antzemateko zantzuak, eta arreta berezia eskainiko zaie zerbitzuen izaerari eta zerbitzuen eskaintzen antzekotasunari, eta, betiere, hirigune handien eragin-aldea, erregelamendu horretan ezarritako distantzien arabera zehaztutakoa, salbuetsi egingo da.

 

      2.-  Bi herriren arteko garraioa ibilbide batetik baino gehiagotatik egin daitekeenean, edo, errepide-sarean aldaketaren bat egin ondoren, lehendik dauden emakidek zerbitzatutako puntuen artean komunikazioa gertatzen denean, erregelamendu bidez zehaztuko dira, hala badagokie, linea bereko garraio-zerbitzua gertatzen den antzemateko baldintzak. Era berean, linea bereko garraio-zerbitzurik gertatzen denik antzeman ezean, ezarri beharko diren zerbitzu berrien inguruan araubide berri bat egin ahal izango da, kontuan hartuz berariaz lehendik zeuden emakiden titularren egoera.

 

24. Artikulua - Iraupena

 

      1.-  Emakiden iraupena emakida-tituluan ezarriko da, zerbitzuaren ezaugarriei eta premiei jarraiki, hartara erkidegoaren premiei behar bezala erantzuten zaiela ziurtatzeko, eta ibilgailuen eta instalazioen amortizazio-epeak kontuan hartuz. Iraupen hori ezin izango da izan bost urtetik beherakoa, ez eta hamar urtetik gorakoa ere.

 

      2.-  Emakidaren epea amaitzen bada eta artean zerbitzuaren hurrengo eskaintza zehazteko prozedura ebatzi gabe badago, emakidadun enpresak prozedura hori amaitu arte luzatuko du zerbitzuaren kudeaketa; dena dela, enpresa hori ez da behartuta egongo kudeaketa hori hamabi hilabete baino luzaroagoan jarraitzera.

 

25. Artikulua - Esleipena

 

      1.-  Dagokion emakida esleitzeko, lehiaketa-prozedurari jarraituko zaio.

 

      2.-  Aipatutako lehiaketa horretan, Administrazioak onartutako proiektua baliatuko da betebehar teknikoen eta klausula juridiko-administratiboen pleguaren oinarri gisa, eta hor zehaztuko dira hauek guztiak: zerbitzu oinarrizkoak eta osagarriak; ibilbideak; egin daitezkeen trafikoak; geltokiak; tarifa-araubidea; ibilgailuen gutxieneko kopurua, baldintzak eta amortizazio-epea; beharrezkoak diren instalazio finkoak, hala badagokio, eta zerbitzua zedarritzen duten eta zerbitzuaren eskaintza itxuratzen duten gainerako xedapenak.

 

      3.-  Aurreko puntuan aipatutako baldintzak eta zertzeladak gutxieneko baldintza gisa ezarri ahal izango dira baldintza-pleguetan, edo, bestela, jarraibide gisa. Lehiaketan parte hartzen duten enpresek, menturaz ezarrita leudekeen mugen barruan, dagokion pleguko baldintzei buruzko zehaztapen, hedapen edo aldaketak aurkeztu ahal izango dituzte euren eskaintzetan, betiere zerbitzuaren edo haren eskaintzaren funtsezko baldintzak aldatzen ez badituzte.

 

      4.-  Lehiaketa ebazterakoan, kontuan hartuko dira hala eskaintza bakoitzean nola aurkezten dituzten enpresetan ageri diren era guztietako zertzeladak; hori dela eta, orokorrean edo baldintza-pleguetan, balioespen-irizpide berariazkoak ezarri behar dira, eta arretaz begiratuko zaie kutsadurarik txikiena eragiten duten ibilgailu-ezaugarriei.

 

      5.-  Betiere, ezetsi egin behar dira baldintza ekonomiko ausartegiak edo teknikoki desegokiak ezartzen dituzten eskaintzak, edo zerbitzua baldintza egokietan eskaintzea eta zerbitzuaren jarraipena behar bezala ziurtatzen ez dutenak.

 

      6.-  Lege honetan ezarritakoaren ondorioz, ordu arte zerbitzua ustiatu duena ez den beste enpresa bat ateratzen bada emakidaren esleipendun, enpresa horrek aurrekoaren langileekiko harremanetan balizko subrogazioaren bidez har dezakeen lekuari dagokionez, lan-legerian ezarritako arauei jarraituko zaie.

 

      7.-  Enpresa emakidadun berriak ez du erantzungo zerbitzuak egiaz bere gain hartu aurretik sortu diren soldata-eskubideei buruz, ez eta Gizarte Segurantzarekiko zorrei, zerga-zorrei edo aurreko enpresaburuak bere gain hartuak zituen bestelako zorrei buruz ere.

 

26. Artikulua - Aldaketak

 

      1.-  Zerbitzua emakida-tituluan finkatutako baldintzetan eskaini beharko da. Titulu horrek baldintza-pleguan ezarritako baldintzak jasoko ditu, bai eta esleipendunak eskaini eta Administrazioak onartutako zehaztapen edo aldaketak ere.

 

      2.-  Erregelamendu bidez edo emakida-tituluan zehaztuko dira emakida duen enpresak, kudeaketa hobearen alde, zerbitzuaren eskaintzan askatasunez alda ditzakeen zertzeladak -titulu horretan bertan aipatzen direnen artekoak-; aldaketarik eginez gero, Administrazioari emango zaio horren berri, eta, herri-interesaren kontrakoak badira, debekatu egin ahal izango ditu hark, edo aldaketa horiek gauzatzeko muga zehatzak ezarri.

 

      3.-  Administrazioak, bere kabuz edo emakidadunek nahiz erabiltzaileek eskatuta, emakida-tituluan aurreikusita ez dauden aldaketak egin ahal izango ditu zerbitzua eskaintzeko baldintzetan, bai eta, zerbitzua hobeto eskaintzeko beharrezkoa edo komenigarria bada, tituluetako ibilbideak zabaldu, murriztu edo ordezkatu ere; baina, betiere, emakidaren oreka ekonomikoa errespetatu beharko du.

 

      4.-  Aldaketa horiek zabalkuntzak edo eranskinak badira, ustiapen-unitate gisa eskaini behar den zerbitzu nagusiaren luzakin huts direnean izango dira bidezko, edo ustiapen ekonomiko bereizia izateko nahiko muntarik ez dutenean, beste inoiz ez.

 

27. Artikulua - Trafikoaren areagotzeak

 

      1.-  Emakidari atxikitako ibilgailuek zerbitzatu ezin ditzaketen trafiko-areagotzeei aurre egiteko, ezaugarri baliokideak dituzten beste ibilgailu batzuk erabili ahal izango dira, bai enpresa emakidadunarenak, bai beste garraiolari batzuek edozein formula juridiko baliozkoren bidez lagatakoak (gidariarekin edo gidaririk gabe).

 

      Ibilgailu horiek, betiere, bidaiarien eskatu ahalako garraiorako baimen gaitzaileak (kasuan kasuko garraio mota eta eremurako baimen gaitzaileak) babestuta egongo dira eta emakida-titulua sorrarazi zuen baldintza-pleguan eskatutako xehetasun guztiak bete beharko dituzte.

 

      2.-  Zerbitzu horiek, betiere -bai harreman juridiko pribatuen ondorioetarako, bai administrazio-mailako eginbeharren eta erantzukizunen ondorioetarako-, zerbitzu erregularraren enpresa emakidadunak eskaintzen dituela joko da, eta beste garraiolari batzuek lagatako ibilgailuak haren antolakundean sartuta daudela joko da.

 

      3.-  Zerbitzu erregularren emakidei atxikitako ibilgailuek, era berean, eskatu ahalako zerbitzuak egin ahal izango dituzte, baldin eta zerbitzu horietarako baimen gaitzaileak badituzte eta zerbitzu erregularra zuzen eskaintzen dutela behar bezala ziurtatzen bada.

 

      4.-  Administrazioak, erregelamendu bidez erabakitzen denari jarraiki, ibilgailu bera hainbat zerbitzu erregularretarako erabiltzeko baimena eman ahal izango du, baldin eta zerbitzu horiek guztiak eskaintzea titular bati badagokio.

 

      5.-  Era berean, ibilgailuak titular ezberdinen bi emakida edo gehiagoren ibilbide-sarea zerbitzatzen erabiltzeko baimena eman ahal izango da, baldin eta ibilbide horiek elkar ukitzen badute gune batzuetan eta zerbitzua ibilbidean etenik egin gabe eskaintzen bada.

 

28. Artikulua - Emakidak bateratzea

 

      1.-  Hori justifikatzen duten herri-intereseko arrazoi objektiborik badago eta aurretik dauden zerbitzuak alde batera utzirik zerbitzu berri bat ezartzea bideragarria edo egokia ez denean, Administrazioak, bere kabuz edo interesdunak eskatuta, emakiden oreka ekonomikoa errespetatuz, emakida bereizietan esleitu diren zerbitzuak bateratzea erabaki ahal izango du, zerbitzu horien eskaintza enpresa-batasunaren bidez egin dadin. Zerbitzuak hainbat enpresari esleitutako emakidei dagozkienean, erregelamendu bidez ezarriko da kudeaketa-araubidea zehazteko erabili beharko den sistema.

 

      2.-  Zerbitzu bateratuak emakida berri baten babesean eskaintzen direla joko da eta haren iraupen-epea erregelamendu bidez zehaztutako irizpideen arabera finkatuko da. Batez ere kontuan hartuko dira bateratutako zerbitzuei dagozkien emakidei gelditzen zaizkien iraupen-epeak, baita emakiden trafikoak eta bateratzeak dakarren garraio-sistemaren hobekuntza ere.

 

      3.-  Emakiden bateratzeak egiten direnean, Administrazioak aldaketak egin ahal izango ditu ustiapenaren baldintzetan, hau da, zerbitzua egokiago eskaintzeko beharrezkoak diren aldaketak egin ahal izango ditu, emakida bateratuaren ezaugarrien arabera.

 

29.- Artikulua - Eskualdeko emakidak

 

      1.-  Arau orokor gisa, aurretik zehaztutako linea-zerbitzuetarako baino ez dira esleituko emakidak. Dena dela, Administrazioak eskualdeko emakidak ere esleitu ahal izango ditu. Emakida horien barruan eskualde jakin batean eskaini beharreko zerbitzu erregular iraunkor zein aldi baterako guztiak eta erabilera orokorreko nahiz bereziko guztiak sartuko dira, berariaz kanpoan uzten direnak izan ezik.

 

      2.-  Eskualdeko emakidetan linea-emakidetarako ezarritako araubide juridikoa aplikatuko da, haien izaera berariazkoarekin bateragarria den heinean.

 

      3.-  Administrazioak kasuan kasuko eskualderako onartutako ustiapen-plan bateko zehaztapenei egokitu beharko zaizkie eskualdeko emakidak; bere kabuz edo partikularrek eskatuta onartuko du plan hori Administrazioak; erregelamendu bidez adierazitako aurreikuspenak bilduko ditu, eta emakida-klausuletako osagai izango da.

 

      4.-  Herri-intereseko arrazoiak direla medio, Administrazioak garraio-eskualdeak eratu edo aldatu ahal izango ditu, eta ustiapen-planak ere aldatu ahal izango ditu, baina betiere aurretik dauden emakiden oreka ekonomikoa atxiki beharko du.

 

      5.-  Eskualdeko emakidak esleitzekotan, eskualde horretako lurraldean zehar -osoki edo zati batean- igarotzen diren lineako zerbitzu erregularren titularren eskubide ekonomikoak begiratu beharko dira, diren zerbitzuok iraunkorrak zein aldi baterakoak, erabilera orokorrekoak nahiz berezikoak.

 

      6.-  Lineako zerbitzu baten ibilbidea ehuneko berrogeita hamarretik gorako neurrian garraio eskualde edo gune batetik igarotzen bada, dagokion emakida edo baimen bereziaren iraupen-epea igarotakoan edo lehenago, eta besterik gabe, eskualde edo gune horretan sarraraziko da, ordain ekonomiko egoki baten bidez, betiere interes orokorrak hala eskatzen badu.

 

      7.-  Eskualdeko emakidetan, esleipen-araubideari eta berariaz aurreikusi gabeko gainerako gorabeherei dagokienez, kapitulu honetan ezarritako araubide orokorra aplikatuko da. Dena dela, garraio-sistemaren arrazoizko taxuerak hala eskatzen duenean, emakida horiek zuzenean esleitu ahal izango zaizkie artikulu honetako bosgarren puntuak aipatzen dituen zerbitzuen titularrei.

 

30. Artikulua - Emakidak iraungitzea

 

      Emakidak ondorengo arrazoi hauengatik iraungiko dira:

 

a)   Esleitu zirenean jarritako epea igaro denean.

b)   Lege honetako 58. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz iraungitzat jo direnean.

c)   Banakako enpresaburua hiltzen denean edo zerbitzua kudeatzen duen enpresa desegiten denean, non eta ez den enpresa eskuz aldatzen, erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan. Forma juridikoa aldatu besterik egin ez denean, enpresaren ekonomia eta lan ezaugarriei bere horretan eutsiz, ez da joko enpresaren desegitea gertatu denik.

d)   Enpresa emakidadunaren porrotagatik, edo zerbitzua eskaintzea eragozten duen ordainketa-etenduragatik.

e)   Herri-intereseko arrazoiak direla eta, Administrazioak zerbitzua ezabatzen duenean edo berreskuratzen duenean.

f)    Enpresa emakidadunak, lege edo erregelamendu bidez aurreikusitako kasuetan, uko egiten duenean.

g)   Administrazioa eta enpresa emakidaduna horretarako ados jartzen direnean.

h)   12.3 artikuluan aurreikusitako arrazoiengatik eta kontratuan berariaz ezarritakoengatik.

i)    Emakidak bateratzeagatik.

 

31. Artikulua - Berreskuratzea eta uko egitea

 

      1.-  Zerbitzua ezabatzea erabakitzen denean edo hori justifikatzen duten herri-intereseko arrazoiak daudenean, Administrazioak emakidak berreskuratu ahal izango ditu haien epea bete baino lehenago, edozein unetan, erregelamendu bidez zehaztutako eran.

 

      Berreskuratze horrek dagokion kalte-ordaina jasotzeko eskubidea emango du, non eta emakidadunak ez duen zehapen gisa iraungipena dakarren ez-betetzeren bat egin, lege honetako 58. artikuluan araututako moduan.

 

      2.-  Emakidadunak uko egin diezaioke zerbitzua ematen jarraitzeari, hamabi hilabeteko aurrerapenaz dagokion abisua emanez eta Administrazioak baimena eman ondoren.

 

32. Artikulua - Zerbitzuan esku hartzea

 

      1.-  Emakidadunaren kaudimen-gabeziako kasuren bat gertatzen bada zerbitzua behar bezala eskaintzeari eragiten diona, zerbitzua bertan behera uzten bada edo haren eskaintza eteten, edo zerbitzuak funtzionamendu txar nabarmena badu, Administrazioak zerbitzuaren eskaintzan esku hartu ahal izango du, eta zerbitzuaren zuzendaritza eta ustiapena bere gain hartu ahal izango ditu, gehienez ere sei hileko epe batean, eta ustiapen horretarako enpresa emakidadunaren bitarteko pertsonalak eta materialak erabili ahal izango ditu. Hala ere, horren ondoren ere, emaitza ekonomikoak enpresa horri egozten jarraituko da.

 

      2.-  Esku-hartzearen araubidea eta eragin ekonomikoak bertan behera geldituko dira, emakidadunak, 31. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz, uko egiten badio zerbitzua ematen jarraitzeari, edo emakida iraungitzat jotzen bada.

 

33. Artikulua - Bahikuntza

 

      Bidaiarien errepideko garraio-zerbitzu publiko erregular iraunkorren administrazio-emakidak eta horretarako erabiltzen diren ibilgailuak eta instalazioak ezin izango dira bahitu, nahiz eta epaileek zerbitzu horien ustiapenean esku hartu ahal izango duten eta diru-bilketaren zati bat zorra amortizatzeko erabili ahal izango den. Horretarako, hartzekodunaren gain eta galordean, kontu-hartzaile bat izendatu ahal izango da, lortzen den diru-bilketa egiazta dezan eta izendatutako zatiaz arduratu dadin; zati horrek ezin izango du gainditu erregelamendu bidez zehaztutako ehunekoa edo zenbatekoa.

 

VII. KAPITULUA

HERRI INTERESEKO GARRAIO ZERBITZU PUBLIKOEN ARAUBIDE JURIDIKOA: GARRAIO BAIMENAK

 

LEHENENGO ATALA

BAIMEN BEREZIAK

 

34. Artikulua - Erabilera txikiko zerbitzu publikoak

 

      1.-  Erabilera orokorreko garraio publiko erregular iraunkorrak, erabilera-indize txikikoak badira, baldintza malguagotan eskaini ahal izango dituzte zerbitzu horiek eskaintzeko gaitzen dituen beharrezko administrazio-baimen berezia lortzen dutenek. Izan ere, garraio horietan, errentagarritasun-eza dela eta, ez da posible izaten zerbitzua ezartzea edo ez da egoten ziurtatuta zerbitzua behar bezala egingo dela eta jarraipena izango duela, administrazio-emakidei dagozkien eskakizunak mantenduz.

 

      2.-  Arestian aurreikusitako baimen berezi horiek esleitzeko, ezinbesteko baldintza izango da aldez aurretik justifikatzea zerbitzuaren ustiapena ez dela bideragarria administrazio-emakiden inguruan ezarrita dauden baldintza orokorren arabera.

 

      3.-  Baimen berezi horiek lineako edo eskualdeko zerbitzuetarako izan ahal izango dira, eta gehienez ere bost urteko epe baterako emango dira (epea berritu ahal izango da).

 

      4.-  Erregelamendu bidez, baimen berezi horiek esleitzeko berariazko araubide bat ezarri ahal izango da, bai eta zerbitzuaren ustiapenerako baldintza bereziak ere. Espresuki aurreikusita ez dauden gauza guztietan, administrazio-emakiden araubide orokorra aplikatu beharko da.

 

35. Artikulua - Aldi baterako garraio erregularrak

 

      1.-  Administrazioak aldi baterako garraio erregularrak eskaintzea erabaki ahal izango du, garraio-eskaria aldi baterakoa edo ohiz kanpokoa delako, erabilera orokorreko garraio-zerbitzu bat ezartzeko premia justifikatuta dagoenean. Horrelako garraioak ezarriko dira, betiere kasuan kasuko garraio-premiak behar bezala zerbitzatu ahal izateko linea bereko erabilera orokorreko zerbitzu erregular iraunkorrik ez badago, edo, horrelako zerbitzuren bat egon arren, erantzun behar zaien garraio-premietara egokitzeak linea bereko zerbitzuaren ustiapen-baldintzen (dagokion emakidan ezarritako baldintzen) funtsezko aldaketa bat ekartzen badu. Era berean, erantzun beharreko garraio-premien berariazkotasuna dela-eta zerbitzu bereizi bat ezartzea komeni bada, horrelako garraioa ezarriko da.

 

      2.-  Aldi baterako garraio erregularrak zerbitzu horiek egiteko gaitzen dituen administrazio-baimen berezia lortzen duten pertsonek soilik eskaini ahal izango dituzte. Baimen horiek esleitzeko prozedura (publikoa eta objektiboa izango baita), bai eta zerbitzua eskaintzeko baldintzak eta zerbitzuaren iraupena ere, erregelamendu bidez ezarriko dira.

 

      3.-  Artikulu honetan erregulatzen diren zerbitzuak eskaintzeko, enpresaren ibilgailuak nahikoak ez direnean, eskatu ahalako garraiorako beharrezko baimena daukaten beste garraiolari batzuen ibilgailuak erabili ahal izango dira, erregelamendu bidez ezartzen den araubidearekin bat etorriz.

 

36. Artikulua - Erabilera bereziko garraio erregularrak

 

      1.-  Erabilera bereziko bidaiari-garraio erregularrak zerbitzu horietarako behar den baimen berezia dagoenean soilik eskaini ahal izango dira. Baimen berezi horiek Administrazioak esleitzen ditu.

 

      2.-  Erregelamendu bidez honako hauek erregulatuko dira:

 

-  Zeintzuk diren garraio horiei dagozkien baimenen esleipen-sistema, iraupena eta iraungipena.

-  Zein kasutan ez den baimendu behar erabilera bereziko zerbitzurik ezartzea, sortutako premiei behar bezala erantzun diezaiekeen linea bereko erabilera orokorreko beste zerbitzu bat egoteagatik.

-  Hala badagokio, zein baldintzatan egingo duen zerbitzuak kasuan kasuko taldeen berariazko garraioa.

 

      3.-  Artikulu honetan aipatzen diren zerbitzuak eskaintzeko, enpresaren ibilgailuak nahikoak ez direnean, eskatu ahalako garraiorako beharrezko baimena daukaten beste garraiolari batzuen ibilgailuak erabili ahal izango dira, erregelamendu bidez ezartzen den araubidearekin bat etorriz.

 

BIGARREN ATALA

BESTE BAIMEN BATZUK

 

37. Artikulua - Eskatu ahalako garraio publikoa

 

      1.-  Baimenek honetarako gaituko dute: bederatzi jarlekutik gora dituzten ibilgailuetan (gidaria barne) bidaiarien eskatu ahalako garraio publikoa egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

 

      2.-  Artikulu honetan aipatzen diren baimenek, edozein kasutan, baimentzen den eragin-esparrua zehaztu beharko dute, esparru horren arabera mota ezberdinak egon baitaitezke.

 

      3.-  Baimenak, espresuki kontrakoa ezartzen ez bada behintzat, baliozkotasun-epearen berariazko mugarik gabe esleituko dira; dena dela, aldian behin bisatu egin beharko dira, erregelamendu bidez ezartzen den eran.

 

      Herri-onurako edo gizarte-intereseko arrazoiengatik, dena dela, Administrazioak edozein unetan ezeztatu edo baldintzatu ahal izango ditu aurretik esleitu dituen baimenak. Ezeztapen hori baimenak erregelamendu bidez zehazten den antzinatasuna iritsi baino lehenago gauzatzen bada, Administrazioak dagokion kalte-ordaina ordaindu beharko dio titularrari.

 

      4.-  Bidaiarien eskatu ahalako garraioak, arau orokor gisa, kontratazio orokorraren bidez egin beharko dira, hau da, garraio-enpresak ibilgailuaren guztizko edukiera kontratatu beharko du. Erregelamendu bidez salbuespenezko kasu batzuk zehaztu ahal izango dira. Kasu horietan, garraio-sistema behar bezala antolatzeko arrazoiak direla eta, jarlekukako kontratazioa (banakako ordainketaz) onartuko da.

 

      5.-  Baimenek garraio-enpresa identifikatzeko beharrezkoak diren datuak adierazi beharko dituzte, bai eta gauzatu daitekeen garraio-zerbitzua zedarritu dezaketen gainerako baldintzak ere.

 

      6.-  Aurreko puntuetan erregulatzen den garraio-modalitatea gauzatzeko baimentzen diren enpresek unean-unean beren edukiera gainditzen duten garraio-eskariak ere zerbitzatu ahal izango dituzte, beharrezko bitartekoak dauzkaten beste garraiolari batzuen laguntza erabiliz, erregelamendu bidez ezartzen diren irizpideen arabera.

 

      7.-  Bidaiarien eskatu ahalako garraioak ezin izango dira egin aurrez ezarritako ibilbidea, egutegia eta ordutegia errepikatuz.

 

38. Artikulua - Turismo-garraioak

 

      1.-  Turismo-garraioak ibilbidea, egutegia eta ordutegia errepikatuz edo errepikatu gabe egin ahal izango dira. Behar bezala baimendutako bidaia-agentziarekiko kontratazioa banaka edo ibilgailuaren guztizko edukieragatik egin ahal izango da.

 

      2.-  Zerbitzuaren eskaintza bidaiarien eskatu ahalako garraiorako baimen gaitzaileak babestutako ibilgailu batekin egin beharko da.

 

      3.-  Administrazioak agindu ahal izango du turismo-garraio horiek beste zerbitzu osagarri batzuekin (gutxieneko izaerako zerbitzu konkretuekin) batera eskain daitezela, bai eta garraioaren prezioak ez dezala gainditu gauzatzen diren zerbitzuen multzoaren guztizko preziotik zehazten den ehunekoa.

 

      4.-  Turismo-garraioak, funtsean, erabilera orokorreko bidaiari-garraioko zerbitzu erregularrekin bat datozenean, garraio horien eta garraio horiei dagozkien zerbitzu osagarrien prezioa, erregelamendu bidez ezartzen den ehunekoan, kasuan kasuko linea erregularrean egiten den garraioarena baino handiagoa izango da. Hori alde batera utzita, baldintza hori betetzetik salbuetsi ahal izango ditu Administrazioak zenbait turismo-garraio; turismo-garraio horietan, bidaiarien homogeneotasuna, garraioaren izaera unean unekoa edo aldian behingoa eta berariazko beste zertzelada batzuk direla eta, nahikoa frogatuta geratu behar da ez dela egiten justifikaziorik gabeko lehiarik, eta lehia hori ez dela kaltegarria linea erregularraren interesentzat.

 

      5.-  Honako erregulazio hau erabiltzaileen eskubideak erregulatzen dituzten turismoko eta kontsumoko arauak aplikatzearen kalterik gabe ulertzen da.

 

39. Artikulua - Garraio pribatu osagarriak

 

      1.-  Lege honen ondorioetarako, 2. artikuluko 1. paragrafoan osagarri gisa definituta dauden garraioek soilik beharko dute administrazio-baimena, 40. artikuluan xedatutakoa salbuetsita.

 

      2.-  Lege hau garatzeko ematen diren xedapenek garraio pribatu osagarriei buruzko baimenak esleitzeko eskatzen diren baldintzak zehaztuko dituzte, eta zehaztuko dute zein kasutan hartuko den garraioa beste jarduera nagusiago baten (zuzeneko lotura duen beste jarduera baten) jarduera lagungarritzat edo osagarritzat. Bi jarduerek batera ondorengo baldintza hauek bete beharko dituzte:

 

a)  Erabiltzaileek dagokien lantokiko langileak edo lantoki horietako laguntzaileak izan beharko dute, erregelamendu bideaz ezartzen diren baldintzetan.

b)  Enpresek erabiltzen dituzten ibilgailuek, arau orokor gisa, enpresaren jabetzakoak izan beharko dute; era berean, errentan hartuak ere izan daitezke, erabakitzen denaren arabera.

c)  Ibilgailuek, edozein kasutan, enpresaren edo establezimenduaren beraren langileek gidatuta joan behar dute.

d)  Garraioa ezin izango da beregain kontratu. Beregain fakturatu ahal izango da, prezioak garraioaren kostu doia gainditzen ez badu.

 

      3.-  Administrazioko organoek egiten dituzten garraio ofizialak, organo horien barne-funtzionamenduan sartuta dauden jarduerak direnez, garraio pribatu osagarritzat hartuko dira baldin eta organo horien jarduerak eragin dituen pertsonen joan-etorri premiak konpontzera zuzenduta badaude.

 

HIRUGARREN ATALA

JARDUERA SALBUETSIAK

 

40. Artikulua - Jarduera salbuetsiak

 

      1.-  Ez dute beharko administrazio-baimenik ondoren adierazten diren bidaiari-garraio hauek:

 

a)  Garraio pribatu partikularrek, hau da, ibilgailuaren titularraren eta haren senideen izaera pertsonaleko edo partikularreko joan-etorri premiak asetzera bideratzen direnek.

b)  Aurreko artikuluko 3. paragrafoan aipatzen diren garraio ofizialek.

 

      2.-  Administrazio-baimenetik salbuetsi ahal izango dira, dituzten ezaugarriengatik edo eragin-esparruengatik, garraio-sisteman eragin txikia duten garraio pribatu osagarriak, erregelamendu bidez zehazten den eran.

 

VIII. KAPITULUA

HERRI BARRUKO GARRAIOA

 

41. Artikulua - Araubide juridikoa

 

      1.-  Lege honetako aginduak aplikagarriak izango dira herri barruko garraiorako, lege honetako 2. artikuluan zehazten den bezala. Erregelamendu bidez, legearen edukiaren egokitzapenak egin ahal izango dira, beharrezkoak badira, herri barruko garraioaren izaera bereziaren arabera.

 

      2.-  Bidaiari-garraioko herri barruko zerbitzuek udalerri mailakoak soilik diren interesak gainditzen dituztenean, kasuan kasuko udalaren eskumenak modu koordinatuan egikarituko dira, udalez gainetiko eremuko erakundeen eskumenekin koordinatuta, hain zuzen.

 

      3.-  Hiri alde edo aglomerazio batzuetan, udalerri bat baino gehiago -eta batzuetan, beste erakunde publiko batzuk- egoten dira, printzipioz eskumenak dituztenak. Duten biztanleria-kopuruagatik, hirigintza-antolaketagatik, edo maila fisikoko edo ekonomiko-sozialeko zertzelada bereziengatik, koordinazio-arazo larriak dauzkate beren garraio-sareetan; hori dela eta, alde horietan, berariazko araubide bat ezarri ahal izango da, eta araubide horrek, antolaketa bateratu baten bidez, sistema harmoniko eta koordinatu bat egongo dela ziurtatuko du.

 

      4.-  Aurreko puntuan aurreikusten den xedeari begira, udalerri edo erakunde eskumendunek hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte, bai eta kasuan kasuko inguruan dauden garraio-zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa bateratua egiten duen erakunde publiko bat sortu ere, edota antolaketa hori aurretik dagoen erakunde publikoren bati gomendatu.

 

42. Artikulua - Linea bereko trafikoak

 

      1.-  Zerbitzu erregular iraunkor edo aldi baterako batzuek aldez aurretik herri arteko beste zerbitzu erregular batzuek baimenduta dituzten linea bereko trafikoak eduki ditzakete. Udalerriek horrelako zerbitzuak ezartzeko, beharrezko izango da justifikatzea aurretik dagoen zerbitzua ez dela nahikoa erabiltzaileen premiak behar bezala asetzeko, eta, era berean, beharrezkoa izango da foru-aldundiak aldez aurretik onespena ematea; onespen hori, dena dela, aurretik bi zerbitzuen ustiapenaren koordinazio-plan bat onartzearen baldintzapean eman daiteke (plan hori lantzerakoan, herri arteko zerbitzu erregularrerako emakidaren enpresa titularraren iritzia ere entzun beharko da).

 

      2.-  Linea bereko trafikotzat hartuko dira geltokien (herri arteko zerbitzuak bidaiariak hartu edo uzteko baimena duen geltokien) edo geltokietatik hurbil dauden guneen artean egiten direnak, nahiz eta udalerri ezberdinetan egon.

 

IX. KAPITULUA

JARDUERA LAGUNGARRIAK ETA OSAGARRIAK:BIDAIARIENTZAKO GELTOKIAK

 

43. Artikulua - Bidaiarientzako geltokiak

 

      1.-  Garraio publikoko zerbitzuen irteerak, iritsierak eta joan-etorriak biltzeko zentroak dira bidaiarientzako geltokiak.

 

      2.-  Garajetarako edo ibilgailuak aparkatzeko bestetarako ez diren lurrak eta instalazioak ez dira geltokitzat hartuko.

 

      3.-  Leku bat bidaiarientzako geltokia izango bada, baldintza eta eskakizun batzuk bete behar ditu: bidaiarien garraioa behar bezala garatu ahal izateko eta erabiltzaileek zerbitzu hori erabili ahal izateko beharrezkoak direnak eta erregelamenduz ezarriko direnak, alegia.

 

44. Artikulua - Geltokia jartzea

 

      1.-  Dagokion foru-aldundiaren aldez aurreko onespena beharko da inon geltokiak jartzeko.

 

      Baimen hori lortzeko, udalak, ofizioz edo partikularren eskariz, erregelamendu bidez ezarritako aginduen arabera egindako egitasmo bat aurkeztu beharko du.

 

      2.-  Geltokia jartzea onartzeko, erabakigarriak izango dira irizpide hauek: garraioaren baldintzak hobetzeko komenigarria eta beharrezkoa izatea; kasuan kasuko inguruan dauden zirkulazio eta trafikoa; beste operadore eta garraiobide batzuekiko lotura, eta gizarteari ekarriko dion onura, baldin eta geltokiaren eraikuntza edo ustiapena diru publikoarekin ordaindu behar bada, zati batean bada ere.

 

45. Artikulua - Ekimena eta ustiatzea

 

      1.-  Geltokiak jartzeko ekimena tokian tokiko udalari dagokio. Ofizioz edo interesatuek eskaturik helduko dio ekimen horri, betiere aurreko artikuluan araututako aldez aurreko baimena lortu ondoren.

 

      2.-  Gehienetan, udalek eraikiko eta ustiatuko dituzte geltokiak, zeharkako kudeaketa erabilita, hau da, erregelamenduz ezarritako irizpide eta arauei jarraituz administrazio-emakida erakunde edo enpresa interesatuei lehiaketaren bidez esleituta. Ekimena sustatu duen eskari-egile partikularraren aldeko lehentasunezko baldintzak ere jar daitezke, batez ere geltokia bere gain eta galordean eta inolako diru-laguntza publikorik gabe eraikitzeko eta ustiatzeko hitza ematen badu.

 

      3.-  Arrazoi ekonomiko edo sozialak direla medio, ez bada aurreko puntuan aurreikusitako zeharkako kudeaketaren prozedura hori erabiltzen, edo lehiaketa hutsik geratu bada, udalek zuzenean eraiki edo ustiatu ahal izango dituzte geltokiak.

 

      Eusko Jaurlaritzak eta, hala badagokio, beste administrazio batzuek autobus-geltokiak eraikitzeko eta/edo ustiatzeko finantza-ekarpenak egin ahal izango dituzte. Hori horrela bada, ekarpenak egiten dituzten erakundeek geltokiaren administrazio-kudeaketan parte hartu ahal izango dute erregelamendu bidez zehazten den eran.

 

46. Artikulua - Geltokien kokalekua

 

      1.-  Geltokiak non egin erabakitzeko, geltoki horietaz baliatu behar duten zerbitzuak ustiatzeko zer komeni den begiratzeaz gain, beste garraiobideekiko koordinazioa ere kontuan hartuko da, diren lurrekoak, airekoak nahiz itsasokoak, bai eta dena delako herriaren barruko garraiobideekikoa ere. Non egin erabakitzeko, herriko hirigintzan, trafikoan, segurtasunean eta ingurumenean zein eragin duen ere hartu beharko da kontuan.

 

      2.-  Geltoki guztiek egon behar dute herri barruko garraioekin koordinaturik, baina herri handietako aldirietako zerbitzuak biltzen dituzten geltokiek beti egon beharko dute hiri-komunikazioetako guneetatik hurbil, ibilgailuz aldatzea eta trafiko-transferentziak errazago egite aldera.

 

47. Artikulua - Geltokiak erabiltzeko araubidea

 

      1.-  Geltokiek izan behar dituzten ezaugarriak eta zerbitzu nagusiak zein osagarriak erregelamendu bidez zehaztuko dira, eta, betiere, legeetan ezarritako segurtasun-baldintzak bete beharko dira, bai eta irisgarritasuna sustatzeko arauak ere.

 

      2.-  Orobat, geltokiak erabiltzeko araubidea arautuko da, eta garraio-mota baterako edo besterako nahitaez erabili beharrekoak ote diren ere bai.

 

      3.-  Geltoki publikoak edo enpresa jakin baten instalazioak erabiltzeagatik prezio edo tarifarik eskuratu behar bada, garraiolari eta erabiltzaileei benetan ematen dizkieten zerbitzuen araberakoak izan beharko dute prezio eta tarifa horiek.

 

X. KAPITULUA

TARIFEN ARAUBIDEA

 

48. Artikulua - Tarifak

 

      1.-  Lege honetan arauturik dauden garraio publikoko zerbitzuak eta jarduera lagungarriak eta osagarriak eskaintzen dituzten enpresek erabateko finantza-autonomiaz ustiatuko dituzte zerbitzu horiek, eta bere gain eta galordean kudeatuko dituzte, eta administrazio-emakidaren bitartez eskaintzen diren garraio publikoko zerbitzuetan, administrazio-kontratazioetarako xedapenak aplikatuko dira.

 

      2.-  Eskumena duen administrazioak, 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, garraio publikoetarako eta jarduera lagungarri eta osagarrietarako tarifak ezarri ahal izango ditu, nahitaezkoak nahiz erreferentziakoak.

 

      3.-  Aurreko paragrafoan aipatutako nahitaezko tarifa horiek jartzekotan, garraioa ondo antolatzeko behar du izan, hau da, beharrizan hauei erantzuteko: erabiltzaileak eta/edo garraiolariak babesteko, garraio-zerbitzuari edo garraio-jarduerei eutsi eta jarraitasuna emateko edo zerbitzu edo lan horiek baldintza egokietan egin ahal izateko.

 

      4.-  Tarifak batzuetan kopuru bakar bat izango dira, edo gehienezko kopuru bat, edo gutxieneko bat, edo bietako kopuruak. Tarifarik ez baldin badago, betiko prezioetan edo merkatuko prezioetan egingo da kontratazioa.

 

      5.-  Zerbitzuaren kostu guztiak ordaintzeko eta arrazoizko hainbesteko bat irabazteko adinakoa izango da tarifa. Segurtasuna eta kalitatea sustatzeari begira taxutuko da haren egitura.

 

      6.-  Administrazioak berrikusiko ditu tarifak, banan-banan nahiz orokorki. Batzuetan bere kabuz berrikusiko ditu, beste batzuetan emakida edo baimena jaso dutenen edo, halakorik baldin badago, profesionalen edo erabiltzaileen elkarteen eskariz, eta kostuen aldaketek zerbitzu edo jardueraren oreka ekonomikoa aldarazi dutenean izango da berrikuste hori egin beharrekoa.

 

      Erabilera orokorreko zerbitzu publiko erregular iraunkorretan, tarifak berrikusteko arauak ezar ditzake Administrazioak, eta faktore objektiboak ez ezik emakida bakoitzaren produktibitatea ere kontuan hartuko dituzte arau horiek.

 

      7.-  Baldin eta garraioen prezioa, politika ekonomikoko arrazoiengatik, prezioen araudi orokorrean zehaztutako esku-hartze moduren baten barruan badago, tarifak finkatzeko eskumena duen organoak prezio-kontrolerako eskumena duten organoei aurkeztu beharko die tarifak ezarri edo aldatzeko asmoa.

 

49. Artikulua - Araubide berezia

 

      1.-  Administrazioak zerbitzu publikoko hainbat betebehar ezar diezaieke bidaiari-zerbitzu erregularren enpresa titularrei, horretarako arrazoi sozialik egonez gero; zerbitzu publikoko betebeharrak dira enpresak merkataritzako interes soilari begiratuz gero bere gain hartuko ez lituzkeenak, edo neurri eta baldintza beretan hartuko ez lituzkeenak.

 

      2.-  Enpresei zerbitzu publikoko betebeharrak ezarriz gero, den tarifak jaitsaraztea edo tarifetan hobariak sarraraztea, den ekonomiaren aldetik arrazoizkoak ez diren zerbitzuak emanarazi edo jarduerak eginaraztea, Administrazioak betebehar horien kostuarengatik ordain bat eman beharko die enpresei, non eta titulu gaitzailean bertan ez den berariaz ezartzen betebehar hori ezingo dela tarifez besteko diru-ekarpenekin ordaindu.

 

XI. KAPITULUA

IKUSKAPEN ETA KONTROL ARAUBIDEA

 

50. Artikulua - Ikuskapen-araubidea

 

      1.-  Eskumena duten administrazio-organoek ikuskatuko dituzte lege honetan araututako zerbitzuak, 4. artikuluan xedatutakoaren arabera. Ikuskatze-lanak egiten dituzten funtzionarioak, ikuskatze-lan horietan ari direla, agintari publiko izango dira ondorio guztietarako, eta erabateko beregaintasuna izango dute beren jardunean.

 

      2.-  Ikuskatze-lanak egiteko ardura dutenek agiri bat eramango dute ardura hori egiaztatzeko. Lanean ari direla, inork agiri hori erakusteko eskatuz gero, erakutsi egin behar dute.

 

      3.-  Garraiolari eta gidariek, errepideko bidaiari-garraioan edo horrekin zerikusia duten jardueretan dabiltzan enpresen titularrek, erabiltzaileek eta, oro har, lege honetan araututako zerbitzuak eskaintzen parte hartzen dutenek edo legeko aginduen eraginpean daudenek ikuskaritza-lana egin behar dutenei ibilgailuak eta instalazioak eta nahitaezkoak diren agiriak ikusten uzteko betebeharra daukate.

 

      Betebehar hori, dena den, kudeaketa, kontrol edo estatistika liburu eta dokumentu guztiekin litzateke bete beharrekoa, liburu eta dokumentu horiek lehen aipatutako subjektuei aplikatu beharreko araubide ekonomiko, fiskal, sozial eta laboralak zein ingurumenekoak hala aginduta nahitaez bete edo eraman beharrekoak direnean.

 

      Hartarako, ikuskatze-lana egin behar duenak bere lana ondoen egiteko beharrezko dokumentazioa enpresan bertan eskatu ahal izango du; bestela, dokumentazio hori dagozkion bulego publikoetan aurkezteko eskatzea izango du, baita, kasua hori bada, enpresaburua edo haren ordezkaria bulego publikoetara ager dadila ere, administrazio-prozedurako legeetan ezarria dagoen eran agertu ere, hori egiteko eskatzen zaionean.

 

      Eta erabiltzaileak, berriz, nor diren adierazteko betebeharra daukate, ikuskatzaileek hala egiteko eskatuz gero.

 

      4.-  Garraioa zaintzeko ardura duten organoen laguntza ere izango dute ikuskatzaileek. Ikuskaritza-lana eta zaintza-lana koordinatu egin beharko dira.

 

      5.-  Ikuskaritzako zerbitzuen aktetan eta txostenetan jasotako egitateek froga-balioa izango dute. Horrek ez du esan nahi administratuek, beren eskubide eta interesak babeste aldera, beste frogarik erakutsi edo aurkeztu ezin dutenik.

 

51. Artikulua - Kontroleko agiriak

 

      1.-  Lege honetan jasota dauden zerbitzu eta jardueretan aritzen direnek erregelamenduz zehaztutako administrazio-kontroleko agiriak bete beharko dituzte eta, hala balegokio, lanean ari direla ibilgailuan eraman beharko dituzte. Eta zehaztuko diren administrazio eta estatistika agiriak bete beharko dituzte eta enpresaren egoitzan gorde; alegia, eskainitako zerbitzu, bildutako tarifa, garraiatutako bidaiari-kopuru, jasotako erreklamazio-kopuru eta segurtasunarekin zerikusia duen arazo edo gorabehera ororen gaineko datuak biltzen dituzten administrazio edo estatistika agiriak.

 

      2.-  Kontabilitatearen ondorioetarako, berriz, erabilera orokorreko bidaiari-garraio publiko erregularreko emakida edo baimenen titular diren enpresek jarduera bereizi gisa tratatu beharko du emakida edo baimen horietako bakoitza, kontabilitateko atal berezi modura kudeatuz, dabiltzan beste edozein jardueratatik bereiz, den bidaiarien garraioarekin zerikusia duen jarduera edo ez.

 

XII. KAPITULUA

ERREPIDEKO GARRAIOEN ETA HAIEN JARDUERA LAGUNGARRI ETA OSAGARRIEN ZEHAPEN ETA KONTROL ARAUBIDEA

 

52. Artikulua - Erantzukizuna

 

      1.-  Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoarekin bat, hona hemen, lege honetan zehazturik, nork duen arau-hausteen administrazio-erantzukizuna:

 

a)  Administrazioaren emakida edo baimenaren pean dauden garraio edo jardueretan egindako arau-hausteetan, emakidaren edo baimenaren titularra den pertsona fisikoa edo juridikoa izango da erantzule.

b)  Aginduzko administrazio-titulu gaitzailerik gabe egindako garraio edo jardueretan egindako arau-hausteetan, edo halako titulurik behar ez duten garraio edo jardueretan egindakoetan, ibilgailuaren jabe den pertsona fisiko edo juridikoa, edo ibilgailua errentan hartu duena, edo jarduera lagungarri edo osagarriaren titularra dena izango da erantzule.

Idatz-zati honetan aurreikusitako ondorioetarako, dena delako garraio edo jarduera ezkutukoaren titular direla joko da: garraio edo jarduera hori gauzatzen duen -bere izenean, gauzatu ere- pertsona fisiko edo juridikoa, garraio edo jarduera hori antolatzen duena edo dagokion enpresa-erantzukizuna bere gain hartzen duena, eta, soldatapeko edo menpeko langile izan gabe, garraio edo jarduera horretan laguntzen duen edonor.

c)  Erabiltzaileek eta, orokorrean, aurreko idatz-zatietan sartuta egon gabe, lege honen eraginpean dauden jardueretan aritzen diren beste batzuek egindako arau-hausteetan, hautsitako agindua bete behar zuen pertsona fisikoa edo juridikoa, edo, kasuan kasuko arauek erantzukizun hori nori egozten dioten, huraxe izango da erantzule.

 

      2.-  Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatutako pertsona fisiko edo juridikoei eskatuko zaie administrazio-erantzukizuna, eta berdin dio erantzukizun hori dakarten dena delako egite edo ez-egiteak eurek edo enpresako langileek egin dituzten. Hala ere, arau-hauste diren egite edo ez-egite horien gauzatzea nortzuei egotz dakiekeen, bidezko deritzeten akzioak erabili ahal izango dituzte haien aurka.

 

      3.-  Hautsitako aginduak berberak edo antzekoak izanagatik ere, arau-hausteak bidaldi ezberdinetan egin badira, bakoitza arau-hauste bat dela joko da.

 

      Hala ere, baldin eta erabilera orokorreko nahiz bereziko garraio-zerbitzu erregular bateko bidaldi batean egindako arau-haustearen egitateek zerikusi zuzena badute enpresaren bulegoetako administrazio-jarduerekin edo erabilitako ibilgailuarekin, eta frogatuta gelditzen bada egitate horiek ezin zirela zuzendu ibilgailua abiatu zen enpresa-egoitzara iritsi arte, egitate horiek arau-hauste bakarra osatzen dutela joko da, nahiz eta bitarte horretan egindako gainerako bidaldi partzialetan egitate horiek gertatzen jarraitu izan.

 

53. Artikulua - Arau-hausteen definizioa eta sailkapena

 

      Arau-hauste administratibo izango dira erantzuleen egite eta ez-egite lege honen arabera tipifikatu eta zehatutakoak.

 

      Errepideko bidaiari-garraioa arautzen duten arauen hausteak honela daude sailkatuta: oso larriak, larriak eta arinak.

 

54. Artikulua - Arau-hauste oso larriak

 

      Arau-hauste oso larriak dira:

 

      1.-  Emakida edo baimena beharrezkoa izanik, garraio publikoak edo lan horietarako jarduera lagungarri edo osagarrietakoren bat emakida edo baimen hori gabe egitea.

 

      Lege honetan arauturiko emakida edo baimen berezietakoren bat eta, aldi berean, eskatu ahalako garraio-lanetarako baimena ere behar izanez gero zerbitzuren bat eskaintzeko, eta bi horietako edozein eduki ezean, halako zerbitzu-eskaintza ere paragrafo honetan tipifikatutako arau-hausteen artean egongo da.

 

      Kalifikazioa zuzen egite aldera, egitate hauek paragrafo honetan sartzen direla joko da:

 

a)   Berariaz baimenduta duten baino urrunago doazen garraio publikoko zerbitzuak eskaintzea; Euskal Autonomia Erkidego barruan behar du izan.

b)   Erregelamenduak agindutako bisatua egin ez duela-eta, baimenik gabe egitea garraio publikoak edo horien jarduera lagungarri eta osagarrietakoren bat, non eta ez den arau-hauste arintzat jo behar, 56.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.

c)   Bidaiarien garraio-zerbitzu erregularrak antolatzea, ezartzea edo egitea, dagokion emakida edo baimen bereziaren titular izan gabe. Berdin dio zerbitzu horiek norberaren edo beste inoren baliabideak erabilita eskaintzen diren eta berdin dio eskatu ahalako garraioetarako baimena edukita ere.

d)   Bidaiarien garraio-zerbitzu erregularrak ematea, dagokion aginduzko emakida edo baimen berezirik izan gabe. Berdin dio dena delako enpresa horrek berak erabiltzaileekin kontraturik egiten ez badu ere eta garraioa antolatzen duenaren zuzendaritzapean jardun besterik egiten ez badu ere.

e)   Erabilera bereziko garraio erregular batean, baimenean berariaz zehazten direnez bestelako pertsona edo taldeak garraiatzea.

f)    Garraio pribatu osagarriko baimenen babesean, 2.1 eta 39. artikuluetan berariaz arauturiko baldintzetakoren bat bete gabe ematea zerbitzuak.

g)   Eskatu ahalako garraioetarako baimenen babes soilarekin, eta berariaz baimendutako kasuetatik at edo agindutako baldintzak bete gabe, banakakoei kobratzen zaizkien zerbitzuak, ibilbide errepikatua duten zerbitzuak edo zerbitzu turistikoak egitea.

h)   Ibilgailuan baimenaren jatorrizko kopia ziurtatua eraman gabe egitea garraio publikoa, edo garraioa legezkoa den kontrolatzeko beharrezkoak diren ziurtagiriak eraman gabe egitea, baimena ematerakoan garraioa zein ibilgailutan egin behar den zehaztu ez bazen.

i)    Garraio publikoak baimenik gabe egitea, nahiz eta ibilgailuan hauetakoren bat eraman: iraungitako baimena edo haren kopia, edo ezeztatutako baimena, edo beste edozein arrazoirengatik balioa galdua duena, edo Administrazioari itzulita egon behar zuena legez nahiz erregelamenduz ezarritako arauei jarraiki.

j)    Garraio publiko bat egitea, garraio horretarako ez beste era bateko garraio batzuetarako gaitasuna ematen duen baimenarekin.

 

      Paragrafo honetan zehaztutako arau-haustea ez da aintzakotzat hartuko artikulu honetako 2 eta 3. paragrafoetan zehaztutako arau-hausteekin batera gertatzen bada.

 

      2.-  Lege honetako 10. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat bete gabe egitea garraio publikoa edo haren jarduera lagungarri edo osagarrietakoren bat.

 

      3.-  Lege honetako 12.2 artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat bete gabe egitea garraio publikoa edo haren jarduera lagungarri edo osagarrietakoren bat.

 

      4.-  Titularrek titulu gaitzaileak beste norbaiti lagatzea edo beste inoren alde baimentzea, esanda nahiz esan gabe.

 

      5.-  Erregelamenduz zehaztutako aldi batez, bidaiari-garraio erregularreko emakidak bertan behera uztea edo emakida horietako zerbitzuak geldirik uztea arrazoirik gabe eta Administrazioak oniritzia eman gabe.

 

      6.-  Ikuskatzaileen lanari ezezkoa erantzutea edo trabak jartzea, eta, horrenbestez, legez edo erregelamendu bidez agindu zaizkien zereginak osorik edo zatiren batean bete ezinik uztea ikuskatzaile horiek, eta garraioko ikuskatzaileek edo garraioa zaintzeko ardura legez emana dutenek adierazitako jarraibideei edo egindako eskariei batere kasurik ez egitea edo neurri batean bakarrik egitea.

 

      7.-  Ibilgailuak gerarazteko edo ibilgailuak eta lokalak zigilatzeko aginduak urratzea edo 58.9 artikuluan zehaztutako eran Administrazioak egindako errekerimenduei kasurik ez egitea.

 

      8.-  Garraioak edo haien jarduera lagungarri edo osagarriren bat egiteko gaitzen duten administrazio-tituluak faltsifikatzea, edo titulu horietan agertu behar duten datuetakoren bat faltsifikatzea.

 

      Erantzukizuna, halakoetan, hauena izango da: bai titulua faltsifikatu edo faltsifikatzen nahiz merkaturatzen lagundu dutenena bai baimenik gabeko garraio edo jarduerak zuritzeko erabili dutenena.

 

      9.-  Administrazioak eskari-egileari eman beharreko edozein titulu, egiaztagiri edo agiritarako aurkeztu behar diren agiriak faltsifikatzea, edo agiri horietan agertu behar duten datuetako edozein faltsifikatzea.

 

      10.-  Gidatzen emandako denbora eta atsedenean emandako denbora kontrolatzeko tresnan edo tresna horren osagaietakoren batean, edo abiadura-mugatzailean edo ibilgailuan nahitaez instalaturik eraman behar diren kontroleko beste tresna edo baliabide batzuetan eskua sartzea, horien ohiko funtzionamendua aldatzeko, edo, dena delako kontroleko tresna behar bezala ibil ez dadin edo haren neurketak aldatzearren, elementu mekaniko, elektroniko edo beste edonolakoren bat instalatzea; berdin izango dio ikuskapena egiten den unean batzuk eta besteak martxan dauden edo ez.

 

      Erantzukizuna, halakoetan, hauena izango da: hala dena delako tresna horretan eskua sartu dutenena edo esku-sartze horretan, instalatzen edo merkaturatzen lagundu dutenena nola bere ibilgailuetan instalaturik daramatzan garraio-enpresarena.

 

      11.-  Ondoren aipatzen diren hauetakoren bat ez edukitzea: gidatzen emandako denbora eta atsedenean emandako denbora kontrolatzeko tresna, abiadura-mugatzailea, tresna horien osagaietakoren bat edo ibilgailuan instalaturik nahitaez eraman beharreko kontroleko beste tresna edo baliabide batzuk.

 

      12.-  Erregistroko orriak, gidari-txartelak edo ibilgailuan nahitaez eraman beharreko kontroleko beste elementu edo baliabide batzuk faltsifikatzea; orobat, halakoen edukietan gezurra jartzea edo erregistroko orrian edo gidari-txartelean nahitaez aipatu beharrekoak aldatzea.

 

      Erantzukizuna, halakoetan, hauena izango da: hala faltsifikazioa egin dutenena edo faltsifikazioa egiten, gezurra jartzen edo merkaturatzen lagundu dutenena nola ibilgailuan erabili dituen garraiolariarena.

 

      13.-  Enpresak nahitaez eraman behar duen kontularitzako, estatistikako edo kontroleko edozein agiri faltsifikatzea edo agiri horietako datuak faltsifikatzea.

 

      14.-  Erabilera orokorreko bidaiari-garraio publiko erregularra egitea, honako gorabeheraren bat tartean dela:

 

a)   Emakida jaso zuen enpresak berak ez ematea zerbitzua, berariaz baimendutako lankidetza-kasuetan izan ezik.

b)   Ezarritako trafiko, ibilbide, bidaldi edo geralekuak ez errespetatzea, non eta hori ez den emakida bertan behera uztea, artikulu honetako 5. zenbakian zehaztutako moduan.

c)   Baten bati txartelik saldu nahi ez izatea edo erosita duenari ibilgailuan sartzen ez uztea, batez ere mugikortasun urria duten pertsonei, baldin eta horretarako legez edo erregelamenduz ezarritako arrazoirik ez badago.

d)   Zerbitzua egitea bidaian zehar bidaiariak ibilgailu batetik bestera igaroaraziz arrazoirik gabe.

e)   Tarifa-araubidea ez betetzea.

 

      15.-  Erabilera bereziko bidaiari-garraio publiko erregularrak egitea, honako gorabeheraren bat tartean dela:

 

a)   Eskola-ume eta adingabeen erabilera bereziko garraioetan, adindun pertsona egoki bat ez izatea -eta ezin da gidariak izan-, adingabeak zaintzeko, eskola-umeen eta adingabeen garraiorako segurtasun-baldintzei buruzko arauetan xedatutakoaren arabera.

b)   Eskola-ume eta adingabeen erabilera bereziko garraioetan, adingabe bakoitzak bere lekua edo eserlekua ez izatea, eta ateen ondoan behar beste eserleku ez gordetzea mugikortasun urriko pertsonentzat.

c)   Errepideko bidaiari-garraio erregular eta erabilera berezikoa egitea dagokion baimenean ezinbestekotzat jotako baldintzetako edozein bete gabe, non eta arau-hauste hori ez dagoen berariaz beste era batera tipifikaturik lege honetan.

 

      16.-  Eskatu ahalako garraioak egitea, honako baldintza hauek bete gabe:

 

a)   Zerbitzuak ustiatzeko orduan, baimenaren titularrak beregaintasuna izatea, hala ekonomikoa nola zuzendaritzakoa, eta garraioa arriskua bere gain eta galordean kudeatu behar du, bere enpresa-antolakundeko bertako langile eta baliabideak erabiliz.

b)   Garraio-baimenaren titularrak garraiatzaile-zeregina bere gain hartu beharra baimen horren babespean egiten dituen garraio-kontratu guztietan.

 

      17.-  Gidatzeko gehienezko denbora-muga edo etenik gabe gidatzeko gehienezko denbora-muga gainditzea, ehuneko berrogeita hamar baino hein handiagoz, edo atsedenetarako gutxieneko denbora-muga ehuneko hori baino gehiago laburtzea.

 

      18.-  Dagokion erregistro-orria edo gidari-txartela ez eramatea gidatze-denbora eta atseden-denbora kontrolatzeko tresnan sartuta, hori nahitaezkoa denean; erregistro-orria gidariaren izen-abizenak zehaztu gabe eramatea, edo beste gidari bati dagozkion erregistro-orriak edo txartelak eramatea sarturik.

 

      19.-  Arloko legeriaren arabera aginduzkoak diren aseguruak ez hitzartzea.

 

      20.-  Gidatze-denbora eta atseden-denbora kontrolatzeko tresnako erregistro-orriak, ibilgailuan nahitaez eraman beharrekoak, ez edukitzea.

 

      Arau-hauste honetan egongo da sartuta, orobat, takografoa apurtuta dagoenean gidariak eskuz sartu behar dituen bere jardueraren gaineko datuak ez sartzea.

 

55. Artikulua - Arau-hauste larriak

 

      Arau-hauste larriak dira:

 

      1.-  Errepideko bidaiari-garraio publiko erregular eta erabilera orokorrekoa egitea, tartean gorabehera hauetakoren bat dela:

 

a)  Eskura eduki beharreko gutxieneko ibilgailu-kopurua ez edukitzea, edo ibilgailu horiek ez betetzea emakida-tituluan eskatzen diren baldintzak.

b)  Emakida lortu duenak ez betetzea emakidako tituluan jasota dauden eta hitzeman ere berak hitzeman zituen zerbitzu osagarriak.

c)  Nahitaezkoa den kasuetan eta ezarritako mugen barruan bidaiarien fardelak doan eramateko betebeharra ez betetzea.

d)  Emakida-tituluan baimendutakoa baino eserleku gehiago saltzea ibilgailu bakoitzeko.

e)  Errepideko bidaiari-garraio publiko erregular eta erabilera orokorrekoa egitea emakidan edo baimen berezian ezinbestekotzat zehazturiko baldintzetako edozein bete gabe, non eta arau-hauste hori ez den berariaz beste era batera tipifikatu lege honetan bertan.

 

      2.-  Garraio-baimen bat iraungitzen denean, ezeztatzen denean, edo legez edo erregelamenduz ezarritako beste arrazoiren bat gertatzen denean, baimen hori berori edo haren kopia bat edo guztiak Administrazioari itzultzeko betebeharra ez betetzea; betiere, dena delako agiri horrek baliozkoa den itxura eduki behar du.

 

      3.-  Gidaldiak eta atsedenaldiak kontrolatzeko aparatua, abiadura-mugatzailea nahiz horien osagaiak edo ibilgailuan nahitaez eraman beharreko beste kontrol tresna edo bitarteko batzuk ez ibiltzea behar bezala eta hori garraio-enpresari egoztekoa izatea, non eta arau-hauste hori ez den oso larritzat kalifikatu behar 54.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

 

      4.-  Gidatzen edo etenik gabe gidatzen eman daitezkeen gehienezko denborak gainditzea ehuneko hogei baino hein handiagoan, eta ezarritako atsedenaldien denbora ehuneko hori baino hein handiagoan laburtzea, non eta gainditze eta laburtze horiek ez diren jo behar arau-hauste oso larritzat 54.18 artikuluan ezarritakoaren arabera.

 

      5.-  Lanaldi baten baino gehiagotan erregistro-orri berbera erabiltzeagatik erregistroak elkarren gainean pilatzea eta, horren ondorioz, datuak irakurtzeko modurik ez egotea.

 

      6.-  Gidariak gidaldien eta atsedenaldien denborak kontrolatzeko orrietan edo erregistro-orrietan hainbat datu eskuz sartzeko betebeharra ez betetzea, betebehar hori legez edo erregelamenduz ezarrita dagoen kasuetan, betiere ez baldin bada arau-hauste hori oso larritzat jo behar lege honetako 54. artikuluko 19 eta 21. paragrafoetan ezarritakoaren arabera, edo arintzat 56.4 artikuluan aurreikusitako gorabeherak tartean direlako.

 

      7.-  Lanaldi bakar batean pertsona berak erregistro-orri bat baino gehiago erabili izana atsedenaldiak eta gidaldiak kontrolatzeko aparatuan, ibilgailua aldatu eta lehenbiziko ibilgailuaren aparatuan erabilitako erregistro-orria bigarren ibilgailuan erabiltzeko homologatuta ez dagoenean izan ezik.

 

      8.-  Ikuskaritza-zerbitzuen lana era larrian oztopatzea, non eta arau-hauste hori ez den oso larritzat kalifikatu behar 54.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.

 

      9.-  Gidaldiak eta atsedenaldiak kontrolatzeko aparatuko erregistro-orriak, enpresaren egoitzan Administrazioaren eskura gorde beharrekoak, ez edukitzea.

 

      10.-  Garraio pribatu bat baimenik gabe egitea, lege honen arabera baimena aginduzkoa denean, non eta arau-hauste hori ez den arintzat kalifikatu behar 56.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

 

      Baimenik ez duela joko da erregelamenduak agintzen duen bisatua egin ez bada, are 60.4 artikuluan araututakoagatik gertatzen bada ere.

 

      11.-  Garraio-zerbitzu publikoak bitartekaritzan aritzeko baimenik ez duten pertsona fisiko edo juridikoen bitartez egitea. Zernahi gisaz ere, horrela jarduten den bitartekariari zehapena ezarri ahal izango zaio 54.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

 

      12.-  Baimenik gabeko bitartekaritza-jardueretarako elkar hartzea edo lokal edo establezimendu publikoetan -dena dela leku horien helburua- baimenik gabeko bidaiarien garraio-zerbitzuetarako txartelak saltzeko elkar hartzea. Lokal hori atxikita dagoen industria edo zerbitzuaren titularrarena izango da erantzukizuna.

 

      13.-  Baimenik gabeko bidaiarien garraio-zerbitzuetarako bidaia-txartelak saltzea eta, oro har, baimenik gabeko zerbitzu edo jardueren inguruan bitartekaritzan aritzea; zernahi gisaz ere, arau-hauste hori oso larritzat jo ahal izango da 54.1 artikuluaren arabera, arau-hausleak bitartekaritza-jardueretarako titulu gaitzailerik ez badauka.

 

      14.-  Ezarritako egutegia bete gabe jardutea errepideko bidaiari-garraio publiko erregular eta erabilera orokorrekoan.

 

      15.-  Erregelamenduz ezarritako tarifa-araubidea ez betetzea, non eta ez den arau-hauste oso larritzat kalifikatu behar 54.15.e) artikuluan ezarritakoaren arabera, erabilera orokorreko garraio publiko erregular bat izateagatik.

 

      16.-  Bidaiarien garraio-zerbitzu publiko erregular eta erabilera orokorrekoen linea-buruetan hamabost minutu baino gehiagoko atzerapenak gertatzea behin eta berriro, erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera.

 

      17.-  Nahitaez bete behar diren kontrol, estatistika edo kontabilitate agirietan, ezinbestekoak diren datuak edo tramiteak falta izatea, agiri horiek ezkutatzea edo behar bezala ez gordetzea, edota horien edukia Administrazioari jakinarazteko betebeharra ez betetzea nahiz eginbehar horretan atzeratzea, erregelamenduak horren inguruan xedatutakoa bete gabe; betiere, arau-hauste hori ez bada oso larritzat jo behar 54. artikuluko 6, 14, 19 edo 21. paragrafoetan xedatutakoaren arabera.

 

      Betiere, paragrafo honetan egongo da sartuta erreklamazio-orriak ez edukitzea, edo erabiltzaileari horiek ez ematea edo erabiltzeko trabak jartzea, edota Administrazioari erreklamazioak ezkutatzea.

 

      18.-  Garraioa kontratatzea behar bezalako baimenik ez duten garraiolari edo bitartekariekin.

 

      19.-  Autobus-geltokien emakida-titulu, baimen edo ustiapen-erregelamenduetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

 

      20.-  Irisgarritasuna sustatzeari eta oztopoak kentzeari buruz aplikatu beharreko xedapenak betetzen ez dituzten ibilgailuetan ematea bidaiari-garraio publikoko zerbitzuak mugikortasun urria duten pertsonei.

 

      21.-  Aurreko artikuluan aurreikusitako arau-hausteetako edozein, bere izaera, gertatzeko era edo gorabeherengatik oso larritzat kalifikatu behar ez denean; gorabehera horiek gertatu izana justifikatu egin beharko da, eta dagokion ebazpena arrazoitu.

 

56. Artikulua - Arau-hauste arinak

 

      Arau-hauste arintzat joko dira:

 

      1.-  Lege honetako 16. artikuluan aipatutako erregistroan agertu beharreko datu edo zehaztasunen bat jakinarazi ez izana, orobat datu edo zehaztasun horiek beste arrazoiren batengatik jakinarazi behar bazaizkio Administrazioari, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

 

      2.-  Gidatzen edo etenik gabe gidatzen eman daitekeen gehienezko aldia gainditzea, orobat ezarritako atsedenaldien denbora laburragotzea, non eta hori ez den arau-hauste larri edo oso larritzat jo behar.

 

      3.-  Homologatu gabeko erregistro-orriak baliatzea, edo erabilitako kontrol-tresnarako egoki ez direnak erabiltzea; orobat, epez igarotako gidari-txartela erabiltzea.

 

      4.-  Gidatzen emandako denbora eta atsedenaldia kontrolatzeko tresnetan edo erregistro-orrietan gidariak berak eskuz sartu beharreko datu edo oharrak ez sartzea, betiere betebehar hori erregelamenduz ezarrita badago, eta, dagozkion ohar eta datu horiek eskuz sartu ez arren, takografotik bertatik edo aurreko eta ondoko erregistro-orrietatik datu eta ohar horiek nolakoak behar zuten ateratzerik badago.

 

      5.-  Arauak aginduta erabiltzaileen aurrean nahitaez ikusgai jarri beharrekoak diren errotulu edo ohartarazpenak ez edukitzea.

 

      6.-  Banaka ordaindutako jarlekua kontratatu duten bidaiarien herri arteko garraioetan, bidaia-txartela emateko betebeharra ez betetzea, bidaia-txartela nahitaezkoak diren datuak gabe ematea edota hura emateko edo itzultzeko ezarritako arauak ez betetzea.

 

      7.-  Garraio publiko edo pribatuetan edo horien lagungarri edo osagarri diren jardueretan aritzea horretarako aginduzko baimenik gabe; arau-hauste arina izango da baldin eta zehapen-espedientearen hasiera jakinarazi eta gehienez hamabost eguneko epearen barruan eskatu bada baimen hori, hura eskuratzeko beharrezkoak diren eskakizun guztiak betetzen direla egiaztatuta.

 

      8.-  Garraio publikoan edo pribatuan jardutea, jarduera horretarako legezko gaitasuna egiaztatzeko eta garraio-mota zehazteko eskatzen diren agiri formalak ibilgailuan eraman gabe; betiere, arau-hauste hori larritzat edo oso larritzat jotzekoa ez bada, lege honetako 54.1 eta 55.10 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

 

      9.-  Erabilera bereziko bidaiari-garraio publiko erregularrean jardutea, ezarritako ibilbideari jarraitu gabe edo ezarritako egutegi, ordutegi, bidaldi, geraleku nahiz erabilera berezirako baimenean ezarritako eskakizunen bat begiratu gabe.

 

      10.-  Bidaiarien garraioan, enpresako langileek garraioak erabiltzen dituzten pertsonei begirunerik ez gordetzea, hitzez nahiz egitez.

 

      11.-  Eskola-garraioan nahiz adingabekoen garraioan, garraio-enpresa kontratatu duen erakundeak ez eskatzea hari garraioen segurtasuna arautzen duten arauei jarraituz eskatu beharrekoak diren agiri eta egiaztagiriak. Halaber, ibilgailuak ikastetxean nola gelditu behar duten eta ikasleek ibilgailuetara nola sartu eta horietatik nola irten behar duten ezartzen duten berariazko betebeharrak ez betetzea, aplikatzekoa den araudian ezarritako eran. Garraioa kontratatu duen erakundeak izango du horren erantzukizuna, edo garraio-enpresak, baldin eta berak kontratatu badu bidaian laguntzeko pertsona.

 

      12.-  Errepideko bidaiari-garraio erregularrean jardutea, erabilera orokor nahiz berezikoan, emakidaren tituluan edo baimen berezian nahitaezko ez diren baldintzetako edozein bete gabe, betiere lege honek ez badu ez-betetze hori beste nolabait tipifikatzen berariaz.

 

      13.-  Emandako baimenaren arabera ibilgailuak egin ahal dituen garraioen izaera edo moten adierazgarri diren ezaugarri edo errotuluak, indarrean den araudiak eskatutakoak, ez edukitzea, edo ibilgailuan ikusteko moduko lekuan ez eramatea, edota nekez ikusteko eran eramatea; ezaugarri horiek era ezegokian erabiltzea, edo baimenik gabeko lurralde-eremuari edo garraio-motari dagokion ezaugarria eramatea ibilgailuan ikusgai.

 

      14.-  Garraio-erabiltzaileari, erregelamenduz zehaztutako kopuruaren barruan, txanpon edo bileteen kanbiorik ez ematea.

 

      15.-  Erabiltzaileek ez betetzea zerbitzuaren erabileraren gainean 9. artikuluan ezarritako arauak, betiere betebehar horiek aipatzen dituzten arauek ez badituzte berariaz larritzat jotzen arau-hauste horiek.

 

      16.-  Garraioa inoren ibilgailuekin egitea, ibilgailu horiek erabili ahal izateko legeak eskatzen dituen betekizunak bete gabe; edo, legeak horretarako ezarritako kasuetatik kanpo edo legez ezarritako betekizunak bete gabe, beste garraiolari batzuei errentan hartutako ibilgailua erabiltzea, edo haien lankidetzaz baliatzea garraioa egiteko; betiere, arau-hauste hori, 54. artikuluaren 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera, oso larritzat jo behar ez baldin bada. Berei dagozkien betebeharrak bete gabe lankidetza eskaintzen duten enpresek ere arau-hauste berbera egingo dute.

 

      17.-  Aurreko artikuluetan aipatzen diren arau-hausteak, beren izaera, jazotzeko era edo ezaugarriengatik larritzat jo behar ez direnean; arau-hausteak ezaugarri horiek izan baditu, frogatu egin beharko da, eta dagokion ebazpena arrazoitu egin beharko da.

 

57. Artikulua - Zehapenak

 

      1.-  Aurreko artikuluetan tipifikatutako arau-hausteengatik ezarri beharreko zehapenak mailakatu egingo dira ezaugarri hauen arabera: arau-hausteak gizartean duen eragina, nahita egin den edo ez, eragindako kalteen izaera, legez kontra ateratako onura zenbatekoa den eta arau-haustea ohikoa den edo behin baino gehiagotan egin den. Arau eta kopuru-muga hauen arabera ezarriko dira zehapenak:

 

a)  Lege honetako 56. artikuluko 13, 14, 15 eta 16. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak ohartarazpenaren bidez edo/eta 200 eurorainoko isunen bidez zehatuko dira.

b)  Lege honetako 56. artikuluko 7, 8, 9, 10, 11 eta 12. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak 201 eta 300 euro arteko isunen bidez zehatuko dira.

Aurreko a) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari, administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik lege honetan zehaztutako oso larrien artekoa.

c)  Lege honetako 56. artikuluko 1, 2, 3, 4, 5 eta 6. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak 301 eta 400 euro arteko isunen bidez zehatuko dira.

Aurreko b) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako isunarekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari, administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik lege honetan zehaztutako oso larrien artekoa.

d)  Lege honetako 55. artikuluko 18, 19 eta 20. zenbakietan ezarritako arau-hausteak 401 eta 1.000 euro bitarteko isunen bidez zehatuko dira.

Aurreko c) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari, administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik lege honetan zehaztutako oso larrien artekoa.

e)  Lege honetako 55. artikuluko 9, 10, 11, 12, 13, 14, 15, 16 eta 17. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak 1.001 eta 1.500 euro arteko isunen bidez zehatuko dira.

Aurreko d) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari, administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik, idatz-zati berean tipifikatutako larrietakoa edo lege honetan zehaztutako oso larrietakoa.

f)   Lege honetako 55. artikuluko 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 eta 8. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak 1.501 eta 2.000 euro arteko isunen bidez zehatuko dira.

Aurreko e) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari, administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik, idatz-zati berean tipifikatutako larrietakoa edo lege honetan zehaztutako oso larrietakoa.

g)  Lege honetako 54. artikuluko 20. zenbakian zehaztutako arau-hausteak 2.001 eta 3.300 euro bitarteko isunen bidez zehatuko dira.

Aurreko f) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari, administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio lehenago, aurreko hamabi hilabeteen barruan beste arau-hauste bat egin izateagatik, idatz-zati berean tipifikatutako larrietakoa edo lege honetan zehaztutako oso larrietakoa.

h)  Lege honetako 54. artikuluko 14, 15, 16, 17, 18 eta 19. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak 3.301 eta 4.600 euro arteko isunen bidez zehatuko dira.

Aurreko g) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari, administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik, lege honetan zehaztutako oso larrietakoa.

i)   Lege honetako 54. artikuluko 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12 eta 13. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak 4.601 eta 6.000 euro arteko isunen bidez zehatuko dira.

Aurreko h) letran adierazitako arau-hausteak zenbateko horrexetako isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari, administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik lege honetan zehaztutako oso larrietakoa.

j)   Aurreko i) letran adierazitako arau-hausteak 6.001 eta 18.000 euro arteko isunekin zehatuko dira, baldin eta, arau-hausteen arduradunari, administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren bitartez, zehapena ezarri bazaio lehenago, aurreko hamabi hilabeteetan beste arau-hauste bat egin izateagatik lege honetan zehaztutako oso larrietakoa.

k)  Lege honetako 55.21 eta 56.17 artikuluak aplikatu behar direnean, dagozkiekeen isunen zenbatekoak d), e) eta f) eta a), b) eta c) idatz-zatietan ezarritako mugen artean izango dira, hurrenez hurren.

 

      2.-  Dagozkion zehapenak ezartzeak ez du kenduko eragindako kalte eta galerak ordaintzeko izan daitekeen obligazioa.

 

58. Artikulua - Neurri osagarriak

 

      1.-  Lege honetako 54. artikuluko 2. zenbakian ezarritako arau-haustea eginez gero, arau-hausleari, dagokion isuna ezartzeaz gain, baliogabetu egingo zaizkio eskuratuak zituen baimenak, bete ez dituen betekizun horiek betetzea eskatzen zutenak.

 

      2.-  Lege honetako 54. artikuluaren 3. zenbakian ezarritako arau-haustea eginez gero -12.2 artikuluan ezarritako betekizunak bete ezean egiten da arau-hauste hori-, arau-hausleari, isuna ezartzeaz gain, baliogabetu egingo zaizkio titular gisa dituen baimen eta kopia ziurtatuak; behar adina baimen baliogabetuko zaizkio, hain zuzen ere, horiek eskuratu eta atxiki ahal izateko betekizunak betetzearen eta baimenen kopuruaren artean erregelamenduak eskatuta egon behar duen oreka berrezartzeko behar adina. Alabaina, dena delako betekizuna ez betetze horren mailak arau-hauslearen garraio-jarduera osoaren zati handi bati eragiten badio, bete gabe utzitako betekizun hori betetzea eskatzen zuten baimen guzti-guztiak, titular gisa dituenak, baliogabetu egin ahal izango zaizkio. Dena den, arau-hauste hori hamabi hilabetean bi aldiz egiten bada, arau-hausleari, isuna ezartzeaz gain, baliogabetu egingo zaizkio titular gisa dituen baimen guzti-guztiak.

 

      3.-  Lege honetako 54. artikuluaren 4. zenbakian ezarritako arau-haustea eginez gero, dagokion isuna ezartzeaz gain, garraio-enpresari baliogabetu egingo zaizkio Administrazioak emanda titular gisa dituen baimen eta kopia ziurtatuak, erabilitako baimenaren mota berekoak diren kopia guzti-guztiak.

 

      4.-  Lege honetako 54. artikuluko 5. zenbakian ezarritako arau-haustea eginez gero, dagokion isuna ezartzeaz gain, dena delako emakida iraungitzat joko da, eta erabilera orokorreko bidaiari-garraio publiko erregularrerako emakida edo baimenen titular izateko gaitasunaz bost urterako gabetua izatea ekarriko dio arau-hausleari. Horrez gain, gaitasunez gabetutako enpresak ezin izango du eduki era horretako emakida edo baimenak eskuratu nahi dituen beste enpresa batzuen kapitalean zatirik handiena.

 

      5.-  Lege honetako 54. artikuluaren 1 eta 8. zenbakietan zehaztutako arau-hausteak eginez gero, dagokion isuna ezartzeaz gainera, garraiorako erabilitako ibilgailuak zigilatu egin ahal izango dira, edo jarduera egin izan den lokala itxi, kasu bietan ere gehienez urtebeterako; hala ere, soldatak edo bidezko izan litezkeen kalte-ordainak ordaindu egin beharko dira, eta hori bermatzeko neurriak hartu.

 

      6.-  Baldin eta lege honetako 54. artikuluko 10. zenbakian zehaztutako arau-haustean baimena duten tailerrek esku hartu badute, dagokion isuna ezartzeaz gain, eskumena duen erakundeari baimen horiek kentzeko eskatuko zaio.

 

      7.-  Baldin eta zehapen-ebazpenean irizten bazaio 54. artikuluaren 14 eta 15. zenbakietan zehaztutako betekizunak behin eta berriro utzi direla bete gabe, ebazpen horretan, lege honen arabera dagozkiokeen isunak ezartzeaz gain, beste hau ere erabaki daiteke: dena delako emakida edo baimen berezia iraungitzat jotzea, eta fiantza galdutzat ematea; hala ere, soldatak ordaindu egin beharko dira, bai eta dagozkiokeen kalte-ordainak ere. Era berean, zehapen-ebazpen batean irizten bazaio 54. artikuluaren 16. zenbakian zehaztutako betekizunak behin eta berriro utzi direla bete gabe, arau-hausleari baliogabetu egingo zaizkio titular gisa dituen baimen guztiak.

 

      Paragrafo honetan zehaztutako ondorioetarako, honako kasuetan joko da ezbetetzea behin eta berriro gertatu dela: administrazio-bidea amaitzen duten ebazpenen bidez, dena delako garraio-enpresari, urtebeteko epearen barruan, zehapenak ezarri zaizkionean, 54. artikuluko 14, 15 eta 16. zenbakietan ezarritakoa hautsiz hiru arau-hauste oso larri edo gehiago egin izateagatik.

 

      8.-  Baldin eta inork, urtebeteko epearen barruan, 54. artikuluko 1, 2, 3, 4 eta 5. zenbakietan zehaztutako arau-hausteen arteko bi edo gehiago egiten baditu, garraio-jarduerarako edo garraioaren jarduera osagarri eta lagungarrietarako baimen edo emakida ororen titular izateko gaitasunaz gabetua izango da, eta orobat horrelako baimen eta emakiden titular diren enpresen administrazio-kontseilu edo pareko organoetan parte hartzeko gaitasunaz. Gaitasunez gabetuta egongo den aldi horretan, gaitasunez gabetuak ezingo dio bere lanbide-jakitatea eskaini garraioan edo garraioaren jarduera lagungarri edo osagarrietan aritzen den ezein enpresari.

 

      Gaitasun-gabetze horren ondorioz, iraungi egingo dira araua hautsi duen enpresak titular gisa dituen emakidak, eta baimenak baliorik gabe geldituko, betiko.

 

      Artikulu honetan aipatutako berrerortze hori gertatzekotan, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez ezarriak behar dute izan berortzeari buruz aintzat hartutako zehapenek. Gaitasunez gabetua egoteko aldia ebazpen irmo horietako azkena eman eta hurrengo egunetik hasiko da neurtzen.

 

      9.-  Baldin eta 54. artikuluko 10 eta 11. zenbakietan edo 55. artikuluko 1.a), 1.b) eta 3. zenbakietan tipifikatutako arau-hausteetakoren bat egin dela jakiten bada, zehapen-espedientearen jakinarazpenarekin batera errekerimendu bat egingo zaio jarduera horretan titular gisa ari denari, hilabeteko epearen barruan dena delako arau-haustea eragin duen akatsa zuzen dezan; zuzentzen ez badu, beste zehapen-espediente bati ekingo zaio 54. artikuluaren 7. zenbakian tipifikatutako arau-haustea egiteagatik, eta aurreko espedientetik bereiz izapidetuko da.

 

59. Artikulua - Preskripzioa

 

      1.-  Arau-hauste oso larriek hiru urteren buruan dute preskripzioa, larriek bi urteren buruan eta arinek urtebeteren buruan.

 

      2.-  Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenek hiru urteren buruan dute preskripzioa, arau-hauste larriengatik ezarritakoek bi urteren buruan, eta arau-hauste arinengatik ezarritakoek urtebeteren buruan.

 

      3.-  Hala arau-hausteen nola ezarritako zehapenen preskripzio-epea neurtzeari dagokionez, bai eta epea eten eta berriz hasteari dagokionez ere, otsailaren 20ko 2/1998 Legeak agindutakoari jarraituko zaio.

 

60. Artikulua - Eskumena eta prozedura

 

1.-  Lege honetan zehaztutako zehapenak horretarako eskumena duten administrazio-organoek ezarriko dituzte, 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.

 

      Edozelan ere, baimena eman zuen Administrazioak berak ezarriko du baimena kentzeko zehapena.

 

      2.-  Lege honetan aipatutako zehapenak ezarri eta betearazteko prozedura otsailaren 28ko 2/1998 Legean xedatutakoaren araberakoa izango da.

 

      Baldin eta 54. artikuluko 1, 4, 6, 8 eta 10. paragrafoetan ezarritakoaren arabera salatu beharreko arau-hausteetakoren bat antzematen bada errepidean gertatzen ari delarik, edota, gidaldiaren muga 54. artikuluko 17. paragrafoan, 55. artikuluko 4. paragrafoan edo 56. artikuluko 2. paragrafoan tipifikatutako eran gainditu dela antzematen bada, hiru horietako azken kasuan ibilgailua helburura iristeko 30 kilometro baino bide luzeagoa gelditzen delarik, kasu horietan, berehala gerarazi egin beharko da ibilgailua arau-haustea eragin duten arrazoiak ezabatu bitartean, segurtasunagatik komeni ez denean izan ezik. Horretarako, lurreko garraioko ikuskatzaileek edo garraio hori zaintzeko eginkizuna legez emana duten eta esku hartzen duten indarretako agenteek ibilgailuaren agiriak eta dagokion baimena hartu eta atxiki egingo dituzte, ibilgailua gerarazi beharra eragin zuten hutsegiteak zuzendu bitartean; dena dela, garraio-enpresarena berarena izango da ibilgailua eta ibilgailuaren gauzak zaintzeko erantzukizuna.

 

      Berdin jokatuko da esku hartzen duen ikuskaritzak garraioaldian gidaldien eta atsedenaldien denbora kontrolatzeko tresnan erabilitako erregistro-orria hartu eta enpresak haren ordezko bat ibilgailuan eramateko betebeharra bete ez badu.

 

      Era berean, errepidean arau-hauste diren jokabideak antzematen direnean eta jokabide horiek segurtasunerako arriskua eragin dezaketenean, gerarazi egin ahal izango da ibilgailua.

 

      Ibilgailua gerarazten denean, Administrazioak bidaiariei ahalik eta eragozpen gutxien jasanarazteko beharrezkoak diren neurriak har ditzake, baldin eta gerarazitako ibilgailuaren jabe den garraio-enpresak hartu ez baditu. Neurri horiek eragindako gastuak garraio-enpresaren kontura izango dira beti.

 

      3.-  Arau-hausteetan kapitulu honetan aipatutako berrerortze eta ohikotasun kasuak gertatzen direnetz egiaztatze aldera, lege honetan tipifikatutako arau-hausteengatik hasitako zehapen-prozedura orotan, Garraiolarien Erregistroan galdetu beharko da, lehenago bererrortzea edo ohikotasuna eragin dezakeen zehapenik ezarri denetz jakiteko.

 

      Lege honetan ezarritako arau-hausteak zehatzeko eskumena duten herri-administrazioetako organoek 16. artikuluan aipatutako Garraiolarien Erregistroari jakinarazi beharko dizkiote ezarritako zehapenak, zehapen-ebazpen irmoa ematen denetik kontatzen hasi eta 30 eguneko epearen barruan, dagokion idatzoharra egin dadin.

 

      4.-  Lege honetan zehaztutako isunak, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez ezarritakoak, ordaindu egin beharko dira, nahitaez, edozein eratako garraiorako edo garraioaren jarduera lagungarri edo osagarrietarako behar diren bisatu eta titulu gaitzaileak esleituko badira; orobat, arau-hausleak titular gisa dituen bisatu eta titulu gaitzaileak eskualdatzeko edo horietan aldaketak egin ahal izateko.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehenbizikoa

 

      Jatorria eta helburua Euskal Autonomia Erkidegoan duten garraio-zerbitzu erregularrei, beste autonomia-erkidego baten lurraldean zehar igaro behar dutenean, autonomia-erkidego horretan trafikoa debekatuta dagoela, lege honetako arauak aplikatuko zaizkie.

 

Bigarrena

 

      Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremua gainditzen duten garraio emakida edo zerbitzuei dagokienez, horien gainean Estatuko Administrazioarekin egin diren edo egingo diren hitzarmenetan esleitzen zaizkien eskumenak izango dituzte foru-aldundiek.

 

Hirugarrena

 

      Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari baimena ematen zaio isunen zenbatekoa kontsumoko prezioen indizearen bilakaeraren arabera doitu dezan.

 

Xedapen Iragankorrak

 

Lehenbizikoa

 

      Lege honetan aurreikusitako erregelamendu bidezko garapena egiten ez den artean, arlo honetan indarrean diren arauak aplikatuko dira, legearen kontra ez doazen neurrian.

 

Bigarrena

 

      Bidaiarien garraio erregularreko zerbitzu publikoko emakidek, lege hau onartu aurretik esleitutakoek, indarrean jarraituko dute esleitu zirenean ezarritako epea bete arte, eta bitartean lege honetan ezarritako araubidearen pean izango dira.

 

Xedapen Indargabetzailea

 

      Indarrik gabe uzten dira lege honen aurka doazen maila bereko edo apalagoko legezko xedapen guztiak.

 

Azken Xedapena

 

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da indarra izaten.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra