Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

4/2007 Legea, ekainaren 22koa, Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea eta Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea aldatzekoa.

2007-06-22

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2007/7/12, 134. zk.; EAO, 2011/10/17, 250. zk.

§ 287. 4/2007 LEGEA, EKAINAREN 22KOA, GIZARTE BAZTErKERIAREN AURKAKO MAIATZAREN 22KO 12/1998 LEGEA ETA gizarte eskubideen agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 legea aldatzeko

 

 

ZIOEN AZALPENA

 

I

 

         Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legearen lehenengo artikuluan adierazten denez, lege horren helburua hauxe da: "Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan bazterkeriaren (pertsonaren, gizartekoaren nahiz lanekoaren) arriskuari aurrea hartzeko eta bizitza independientea aurrera eramateko beharrezko baliabiderik (pertsonarenik, gizartekorik nahiz ekonomikorik) ez dutenei gizartean sartzen laguntzeko beharrezkoak diren tresnak (gizarte arlokoak zein laguntza ekonomikoak) arautzea".

 

         Gaur egun gizarte-desberdintasunei buruz egiten diren azterlanetan ezkutuko pobrezia mota guztiei erreparatzen zaie, eta ildo horretatik, problematikotzat jotzen dira zenbait egoera. Hau da, badira familia-unitate batzuk berez independenteak izan litezkeenak, baina, familia-unitate independente modura eratuz gero, pobrezian bizi beharrean egongo liratekeenak. Gazteen kolektiboari eragiten dioten inguruabarrak dira horiek.

 

         Kolektibo horren barruan okupatuen ehunekoa garrantzitsua bada ere, esanguratsua da halaber epe ertain edo luzera bizimodu beregaina egin nahi luketen gazte langabetuen edo inaktiboen kopurua. Horregatik, gazte horiei Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legea aplika lekieke, haietako bakoitzak bizimodu independentea egitea lortze aldera; horren ondorioz, lehen beharrezkoa zuten familia-errentak zama arinagoa izango luke.

 

         Kolektibo hori osatzen duten gazte gehientsuenek bi arrisku objektibo dituzte: pobrezia eta prekarietatea.

 

         Hartara, aipatutako azterlanetan agertzen denez, gazte hauek, 18 urtetik 23ra bitartekoak ere barne sartuta, Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legearen babesa eduki dezakeen talde bat osa dezakete, izan ere, lege horren zioen azalpenean jasotako bazterketa-kontzeptua honela adierazita baitago: "Bazterkeria gizarte-eskubideak gauzatzeko ezintasuna edo gaitasunik eza da, batez ere lan egiteko eskubideaz baliatzeko ezintasuna, baina baita ere hezkuntza eta prestakuntza jasotzeko eskubidea, kultura, osasuna, etxebizitza duina izateko eskubidea edo gizarte-babesa jasotzeko eskubidea". Eskubide horiek guztiak debekaturik dauzkate, alabaina, bizimodu independentea egin nahi arren egiterik ez dutenek; gainera, 23 urtetik beherakoak izateagatik Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legearen estaldura-mailatik baztertuta geratzen dira.

 

         Beraz, lege honen bidez aldatu egiten da 12/1998 Legearen 18.1.d) artikulua, ekainaren 25eko 4/2003 Legeak eta azaroaren 10eko 8/2000 Legeak (biak ere Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legea aldatzekoak) aldatutakoa.

 

II

 

         Estatistiken arabera, Euskal Herriak Estatuko lehen postua du errenta erabilgarriari dagokionez. Hitzaldi politikoen arabera, Europar Batasunarekin bat egin da errenta eta enpleguaren arloan. Eta, hala ere, egoera horrek ez die ongizate-maila bera ekarri euskal herritar guztiei.

 

         Duela gutxi, eta helburu horiek lortzeko, oinarrizko errentaren zenbatekoa onartzen duen ekimena onetsi da Legebiltzarrean.

 

         Horren ondorioz, zentzuzkoa dirudi onarpen hori lege bidez ere jasotzea, gizarte-kohesioa eta elkartasuna lor daitezen. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legea aldatzea, bai eta Gizarte Eskubideen Agiriaren Legea ere.

 

III

 

         Gizarte-bazterketari aurre egiteko tresnen artean oinarrizko bi laguntza mota daude: egungo oinarrizko errenta eta gizarte-larrialdietarako laguntzak. Legean adierazita dago Gobernuak, gizarte-laguntzaren arloan zuzenean jarduteko eskumena duenez, bere gain hartzen duela legean araututako laguntza ekonomikoen zenbatekoei aurre egiteko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoen finantziazioa. Baina, egia esateko, bi laguntza horien bilakaera ezberdina izaten ari da, hain zuzen ere, gizarte-larrialdietarako laguntzak aurrekontuen mende daude, aurrekontuek baldintzatuta daudelako, izan ere, legeak zehazten duenez, gizarte-larrialdietarako erabil daitezkeen gehieneko diru kopuruak, kontzeptuka erabil daitezkeen horiek, gutxitu ahal izango dira aurrekontu-baliabideen arabera.

 

         Ez dirudi arrazoizkoa denik laguntzen arteko desberdintasun horri eusten jarraitzeak, laguntza horiek premiazkoak eta behar-beharrezkoak dira eta.

 

         Sarri askotan eztabaidatu izan dugu Legebiltzarrean laguntza horien egungo eta etorkizuneko egoerari buruz, eta, halaber, Gobernuari eskatu zaio gizarte-larrialdietarako laguntzen estaldura-mailaren eta definizioaren berri eman dezala; argi eta garbi dagoenez, gizarte-larrialdietarako laguntzek ez dute behar besteko dotazio ekonomikorik, eta udalek, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean, ezohiko baliabideak erabiltzen dituzte laguntza horiek bideratzeko.

 

         Hori horrela izanik ere, laguntza horien premian diren herritar guztiek laguntza bi horiek jasotzeko eskubide bera izango dutela bermatu behar da.

 

1. Artikulua - Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea aldatzekoa

 

Lehenengoa - Aldatu egiten da Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen 18.1 artikuluko d) idatz-zatia. Honela idatzita geratuko da:

 

"d)   23 urte baino gehiago izatea. Hala ere, 23 urtetik beherakoak sartu ahal izango dira gainerako baldintzak betetzen badituzte eta premia larrian badaude, Eusko Jaurlaritzak arau bidez ezarritako moduan, eta, betiere, ekonomikoki beren ardurapean badituzte adingabeak nahiz ahalmen-urritasunen bat duten pertsonak; orobat, aitarik eta amarik gabeko umezurtzak badira, edo etxean tratu txarrak jasandakoak badira edota beste pertsona batekin ezkontzaz edo ezkontzaren antzeko harreman iraunkorrez loturik badaude sei hilabete lehenagotik gutxienez".

 

Bigarrena - Aldatu egiten da Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen 20. artikuluko 1. paragrafoa. Honela idatzita geratuko da:

 

"Pertsona bakar batez osaturiko elkarbizitzako unitate ekonomiko independente bakoitzak hilero jasoko duen gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren zenbatekoa Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legean oinarrizko errentarako ezarritakoa izango da".

 

Hirugarrena - Gehitu egiten zaio 5. paragrafoa Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen 28. artikuluari. Honako hau da testua:

 

"5.   Hala ere, legez ezarritako moduan, oinarrizko errentaren onuradunek laguntza horren subsidio osagarria jasoko dute, eta laguntza hori jasotzen duten modu berean, aurreko 2. paragrafoko a) idatz-zatian adierazitako gastuei aurre egiteko. Laguntza osagarri hori emateko arrazoiek irauten duten bitartean mantenduko da laguntza hori".

 

2. Artikulua - Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea aldatzekoa

 

         Aldatu egiten da Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legearen 7. artikuluko 1. paragrafoa. Honela idatzita geratuko da:

 

"Oinarrizko errentaren zenbatekoa honako urteko diru-sarrera hauek ziurtatzeko behar dena izango da: urteko lanbide arteko gutxieneko soldataren % 88, hamabi hilabetetan emana, pertsona bakar batentzat, gehi soldata horren % 25 bigarren pertsonarentzat, gehi soldata beraren % 10 hirugarren pertsonarentzat eta harengandik aurrerako bakoitzarentzat".

 

Xedapen Iragankorra

 

Bakarra - Lege hau indarrean jartzea gorabehera, 2. artikuluan zehaztutako oinarrizko errentaren zenbatekoak 2007ko urtarrilaren 1az geroztik izango ditu ondorio ekonomikoak.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa - Eusko Jaurlaritzari baimena eman zaio lege honetan xedaturikoa garatu eta ezartzeko beharrezko diren xedapenak eman ditzan.

 

Bigarrena - Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra