Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

4/2010 Legea, urriaren 21ekoa, 2010-2012 Euskal Estatistika Planarena.

2010-10-21

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2010/11/5, 213. zk.; EAO, 2010/12/11, 301. zk.

§ 323. 4/2010 LEGEA, URRIAren 21EKOA, 2010-2012 EUSKAL ESTATISTIKA PLANARena

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

       Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak ondokoa xedatzen du 10. artikuluko 37. puntuan: "Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak bakarreko eskumena du honako gai hauetan: (…) 37. Euskal Herriko estatistika, bere helburu eta eskumenetarako".

 

       Artikulu hori aplikatuz, Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea onartu zuen. Lege horretan, Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera arautzen da; horrekin batera, erakunde bat sortzen da, arlo horretan lan egingo duena eta lurralde historikoetako estatistikak eta Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan dauden beste ente publiko batzuen estatistikak arautuko dituena. Legea, hortaz, beharrezko eta ezinbesteko abiaburua da.

 

       Nolanahi ere, estatistika-jardueraren arauketa ez du arau horrek agortzen, jarduera hori antolatuko duen tresna Euskal Estatistika Plana izan dadila aurreikusten baita. Plan horretan bilduko dira legearen indarraldian egin beharreko estatistikak eta izaera bereko beste jarduerak, eta lege bidez onartu beharko da. Plana jardun-esparruaren gorengo erpina da, eta urteko estatistika-planen bidez garatuko da.

 

       Aurreko planak (1989-1992, 1993-1996, 1997-2000, 2001-2004 eta 2005-2008) urteko estatistika-programetan garatu ziren, eta aldi horietarako zein estatistika egin behar ziren, nork eta zein baldintza teknikotan egingo zituen zehaztu zuten. Plan horietako azkena iritsia zen amaierara, eta ondorioz, beharrezkoa da Eusko Legebiltzarrak beste bat onartzea.

 

       Aurrekoarekin bat etorriz, lege honen bidez 2010-2012 Euskal Estatistika Plana onartzen da, non jasoko baitira hiru urte horietan Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-erakundeak egikaritu beharreko estatistikak eta izaera horretako beste jarduerak.

 

       Ondorioz, legean bertan dago legea definitu eta mugatuko duten koordenatu materialaren eta tenporalaren definizioa.

 

       Legearen eremu materiala 1. artikuluan mugatzen da, eta testu artikulatuaren eranskinean zehazten diren estatistikak eta izaera bereko beste jarduera batzuk egikaritzean datza. Eranskina legean integratzen da, haren balio arauemaile berarekin.

 

       Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 6.2 artikuluak xedatzen du estatistikak eta izaera bereko beste jarduerak jasoko direla planean. 2010-2012 Euskal Estatistika Plana aipamen labur horretaz harago doa, eta eragiketa bakoitzaren ezaugarri nagusiak zehazten ditu, horiek sartzea beharrezkotzat jotzen baita eragiketak hobeto definitzeko. Hala ere, horrek ez du urteko estatistika-programen eraginkortasuna ezabatuko, zeren programon barruan egingo baitira eragiketa bakoitzari buruz beharrezkoak diren zehaztapenak.

 

       Hori dela eta, eranskinak ez du eragiketak zerrendatu bakarrik egiten, horietako bakoitzarentzat ondoko ezaugarriak ere azaltzen baititu:

 

a)    Helburu orokorrak. Urteko estatistika-programetan garatuko dira, eta ikertu beharreko aldagaiak ere programa horietan zehaztu eta definituko dira.

b)    Erakunde arduraduna. Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak II. tituluko III. kapituluan aipatzen duen eskumena dauka. Eskumen hori legeko 35. artikuluan jasotzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-erakundearen esparruko organo eta erakundeei ematen zaie soilik.

c)     Beste erakunde parte-hartzaile batzuk. Partaide gisa aritzeko aukera dute, bai eragiketa osoan zehar, bai eragiketaren faseren batean.

d)    Gai-eremua. Ikerketa zein jarduera-esparrutakoa den zehaztea da kontua.

e)     Egoera. Jakin behar da estatistika-eragiketa lehenagotik esperimentaturik dagoen, hots, behin eta berriz eginik dagoen, edo lehenengo saiakuntza den.

f)     Emaitzak zein maiztasunekin zabalduko diren. Emaitzen berri zein maiztasunekin izango duten jakinarazten zaie herritarrei, lana egiteko maiztasuna alde batera utzita (informazioa behin eta berriz bilduz edo datuak behin eta berriz landuz lortutako emaitzak izan daitezke).

g)    Eragiketa-mota. Estatistika zein motatakoa den azaldu nahi da, batez ere informazio-bilketarik ote dakarren berekin (direktorioa, zentsua, inkesta), edo abiapuntu izan diren informazioei baliorik gehitzen zaien (bilketa, sintesia), edo tresna osagarriren bat ote den eta normalizazioa, metodologia hobetzea edo estatistika garatzea ote dakarren.

 

       4. artikuluak xedatzen du erakundeak, pertsona fisikoak eta pertsona juridikoak behartuta daudela plan honetan araututako estatistikak egikaritze aldera eskatzen zaien informazioa ematera.

 

       Halaber, ezin dugu ahantzi Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak defendatzen duela estatistikak datu administratiboekin egin behar direla, Administrazio publikoak bere prozedurak berritzeko egiten dituen ahaleginei atarramenturik handiena ateratzeko; horrela, kudeaketa- eta estatistika-xedeak aldi berean betetzen dira, eta herritarrei ez zaie bi aldiz eskatzen informazio bera.

 

       Azkenik, lege honetako azken xedapenak planak dituen funtsezko koordenatuetako bati buruzkoak dira, koordenatu tenporalari buruzkoak. Legearen indarraldiaren amaiera 2012ko abenduaren 31n jartzen da, data hori bat baitator aurrekontu-ekitaldien amaierarekin; halaber, plan hau luzatu egingo dela ezartzen du, baldin eta bere indarraldia amaitzerakoan ez bada beste bat onartu.

 

1. Artikulua. Onespena eta edukia

 

       1.    2010-2012 Euskal Estatistika Plana onesten da.

 

       2.    Plan hori da Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera 2010-2012 aldian antolatuko duen tresna, nahiz eta indarraldi-luzapena ere eduki dezakeen.

 

Planaren edukia da lege honen eranskinean jasota dauden estatistikak eta izaera bereko beste jarduera batzuk egitea.

 

2. Artikulua. Urteko estatistika-programak

 

       1.    2010-2012 Euskal Estatistika Plan hau urteko estatistika-programen bidez garatu eta burutuko da.

 

       2.    Urteko estatistika-programetan zehaztu eta definituko dira estatistika-eragiketa horiek izango dituzten ezaugarriak, aurrekontuetako zuzkidurak aintzat hartuz.

 

       3.    Urteko estatistika-programek aldatu ahal izango dute, salbuespen gisa, plan honen eranskinean aurreikusitako ezaugarrietakoren bat, aurretiaz aldeko txostena eginda Euskal Estatistika Batzordeak. Aldaketa hori arrazoitua izan beharko da eta ezin ukitu izango ditu eragiketaren izaera eta helburuak.

 

3. Artikulua. Estatistika-jardunaren araubide juridikoa

 

       1.    Planaren ondoriozko estatistika-jarduna beharko zaie lotu Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 2. artikuluan dakartzan arauei, eta lege honi.

 

       2.    Plana garatu eta betetzeko onesten diren urteko estatistika-programak Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 2. artikuluko 1. paragrafoan aipatzen diren erregelamendu-xedapenen parte izango dira.

 

       3.    Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduerak kontuan izan beharko ditu Estatistika Europarren Praktika Onen Kodeko printzipioak, zeinak aurreikusi baitira Batzordeak Europako Legebiltzarrari eta Kontseiluari estatu kideetako eta Erkidegoko agintarien independentzia, zintzotasun eta erantzukizunari buruz bidalitako komunikazioan, eta Batzordeak estatu kideetako eta Erkidegoko agintarien independentzia, zintzotasun eta erantzukizunari buruz egindako gomendioan (COM 2005, 217 azkena, 2005eko maiatzaren 25ekoa).

 

4. Artikulua. Nahitaez erantzun beharra

 

       1.    2010-2012 Euskal Estatistika Plan honetan jasotzen diren estatistikak nahitaez egin beharrekoak dira.

 

       2.    Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeko 10.2 artikuluan aipatzen diren pertsonek eta erakundeek eman beharra daukaten datuen artean, arraza-jatorriari, osasunari eta bizitza sexualari buruzko datu pertsonalak sartuko dira.

 

       3.    Betebehar hori kaltetu gabe, nahitaezkoa izango da ukitutako pertsonak berariaz eta idatziz baimena ematea izaera pertsonaleko datuak tratatu ahal izateko, baldin eta datu horiek ezagutarazten badituzte ideologia, afiliazio sindikala, erlijioa eta sinesteak, eta orobat, araudian ezarritakoaren arabera, intimitate pertsonala edo familiarra ukitu dezakeen zirkunstantzia oro.

 

       4.    Dena den, estatistika-erakundeari emandako datuak sekretu estatistikoaren menpean geldituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeko 19-23 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

 

Azken Xedapenak

 

Lehena. Kredituen afektazioak eta aldaketak

 

       Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege hau egikaritu eta martxan jartzeko beharrezkoak diren kreditu-afektazio eta -aldaketa guztiak egin ditzan, inolako mugarik gabe. Jarduketa horiei buruz informazioa emango zaio Legebiltzarrari, egiten direnetik hilabetera gehienez ere, eta xehetasun nahikoarekin azalduko dira afektatutako programa, atal eta kapituluak.

 

Bigarrena. Planaren indarraldia

 

       2010-2012 Euskal Estatistika Plana indarrean sartzen denetik 2012ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.

 

Hirugarrena. Luzapena

 

       Plan honen epea amaitu eta ez bada beste euskal estatistika-plan bat onartu, besterik gabe luzatuko da plan hau hurrengoa indarrean sartu arte, salbu eta ezarritako epe edo aldien arabera kanpo utzi behar diren estatistika-jarduerei dagokien hartan.

 

Laugarrena. Indarrean sartzea

 

       Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra