Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

5/1993 Legea, uztailaren 16koa, Autonomi Elkarte Osorako Erakundeen eta Bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen arteko harremanei buruzko legea aldatzekoa.

1993-07-16

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1993/7/20, 136. zk.; EAO, 2012/2/10, 35. zk.

§ 148. 5/1993 LEGEA, UZTAILAREN 16KOA, AUTONOMI ELKARTE OSORAKO ERAKUNDEEN ETA BERTAKO KONDAIRA LURRALDEETAKO FORUZKO IHARDUTZE ERAKUNDEEN ARTEKO HARREMANEI BURUZKO LEGEA ALDATZEKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Autonomia-Elkarte osorako erakundeen eta bertako Kondaira Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 7.c) 5 atalean eskuduntza-eremuen banaketa egiten da lurraldea eta hirigintza antolatzeari dagozkionetan eta honako ahalmen hauek ematen zaizkie foru-organuei: goragoko maila duen planeamenduko xedapenen garapenbideak izan daitezen instrumentuei buruzko iniziatibak hartu, horiek izapidetu, onartu eta burutzezkoak hain zuzen.

 

Eskuduntzen banaketa horren ondorioz, zerbitzuen eskualdaketei buruzko dekretuak argitaratu ziren: Arabako Kondaira-Lurralderako, martxoaren 5eko 35/1985 Dekretua; Gipuzkoako Kondaira-Lurralderako, martxoaren 5eko 42/1985 Dekretua eta Bizkaiko Kondaira-Lurralderako, martxoaren 5eko 54/1985 Dekretua.

 

Euskal Autonomi Elkarte osorako erakundeek goragoko maila duen lurralde-planeamendua onartuta ez izan arren ere, lurralde historikoek beren hirigintza-egitekoak bete ditzaketenaren interpretazioa egiten da dekretu horietan. Kasu honetarako eta bakoitzari dagozkion eskuduntza-eremuak errespetatu ahal izateko, koordinazio-sistema bat arautzen da, Euskal Autonomi Elkarte osorako ahalmenak izango dituen organu batek arauzko eta bete beharreko txostenak emango dituela horretarako: Lurraldea Antolatzeko Batzordea.

 

Eskuduntza-eremu ezberdinak errespetatzeko sistema zail honek zerbitzu-eskualdaketei buruzko dekretu horiek onartu zirenetik hasita iraun du indarrean. Hala ere, eskualdaketei buruzko dekretu horiek oinarri hartzen duteneko printzipioen interpretazioa arazobide izan da, Euskal Autonomi Elkartean indarrean dauden hirigintza-arauak eztabaidapean jarri dira eta, honek, eragina izan du segurtasun juridikoari buruzko printzipioan.

 

Horiek horrela, 27/1983 Legeko 7.c) 5 atala aldatu egiten da lege honen bidez. Bi helburu lortu nahi dira aldaketa horren bidez.

 

Alde batetik, arlo honi buruz foru-erakundeek dituzten eskuduntzei buruz sor daitezkeen zalantza guztiak alboratzea.

 

Bigarren, eta segurtasun juridikoari buruzko printzipioa kontutan hartuz, lege honetako testuari atzera-eraginezko emankortasuna eskaintzea, 27/1983 Legea indarrean jarri zen egunetik hasita ekarriko dituela ondorioak. Era honetan, foru-erakundeen ihardutze-eremuari buruz sor daitekeen edozein eratako eskuduntza-eztabaida baztertuta geldituko da, izan ere, udal-planeamendurako instrumentu zehatzak onartzen baitira bertan, zerbitzuen eskualdaketei buruzko dekretuetan ezartzen denaren arabera.

 

Norbanakoen eskubide bereziak zigortze edo mugatze xedapenen atzera-eragina finkatzen da Konstituzioan. Eta lege honetan finkatzen den atzera-eraginak ez du ezertxo ere Konstituzioko agindu horren aurka, izan ere, lege honen izakera beste moetakoa baita. Euskal Autonomi Elkartearen eskuduntzen barne-banaketa arautzen da artez lege honetan. Ezarrita dagoen atzera-eragitearen ondorioak direla medio iraun dute indarrean, gaur arte sortu diren egoera juridikoek.

 

Atal Bakarra

 

Autonomia-Elkarte osorako erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 7.c) 5 atalari bi lerroaldi eransten zaizkio. Honako era honetan idatzita gelditzen da:

 

"7.c) 5 Atala

 

Goragoko maila duen planeamenduko xedapenak garatzeko xedez burutu eta xedapen horiek hartzen duten eremuaren barruan, Kondaira-Lurraldeei dagokie lurraldea eta hirigintza antolatzeko instrumentuei buruzko iniziatibak izan, horiek idatzi, burutu, kudeatu, fiskalizatu, informatu eta onartzeko ahalmena, hirigintza arloari dagozkionetan. Eta hori, beste izaiki publiko eta hirigintza-organu batzuek legez izan ditzaten eskuduntzen kaltetan gabe.

 

Lurraldea antolatzeko instrumentuetan jasotzen diren xedapenak joko dira goragoko maila duten planeamendutzat. Instrumentu horiek onartu arte, Euskal Autonomi Elkartea Antolatzeko Batzordeak eman ditzan irizpideek beteko dute egiteko hori, honako alde hauei dagozkienetan:

 

- etxebizitza, industri eta zerbitzu eremuen garapena zenbatzea

- azpiegiturak, ekipamenduak, errekurtso naturalak, ihardunak eta arloak, horien antolaketa, ekintza horien xedea kontutan hartuta, Kondaira-Lurraldeen eskuduntzapekoa izan ez dadin kasuetan.

 

Ondorioz, honako hau dagokie Kondaira-Lurraldeei: hirigintza antolatzeko instrumentu guztiei onarpena ematea hain zuzen. Ez dira horretan sartzen lurraldea edo hirigintza antolatzeko instrumentuak garatzen dituzten eta Euskal Autonomi Osorako diren Instituzioei izendatutako eskuduntza sektorialak burutzeko landutako plan bereziak".

 

Azken Xedapenetako

 

Lehenengoa

 

Lege honek 1983ko abenduaren 10a arteko atzera-eragina izango du.

 

Bigarrena

 

Lege hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egun berean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra