Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

5/1997 Legea, maiatzaren 30ekoa, gastu bereizietarako kredituak nola erabili eta kontrolatu arautzen duena.

1997-05-30

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1997/6/24, 119. zk.; EAO, 2012/1/11, 9. zk.

§ 190. 5/1997 LEGEA, MAIATZAREN 30EKOA, GASTU BEREIZIETARAKO KREDITUAK NOLA ERABILI ETA KONTROLATU ARAUTZEN DUENA

ZIOEN ADIERAZPENA

Herritarren segurtasuna zaindu eta herritar horien eta erakunde demokratikoen eskubide eta askatasunak defendatzeko, batez ere gaur egungo kriminalitate-modu antolatuen aurka borrokan egin ahal izateko, beharrezkoa da segurtasunaz arduratzen diren administrazioko atalen iharduera batzuk isilpean gordetzea eta, beraz, iharduera horiek aurrera eraman eta ordaintzeko aurrekontuko kredituak ere bereiziak izatea. Hori horrela izanik, aurrekontuei buruzko legerian gastua betearazi eta kontrolatzeko modu orokorrean jarrita dauden bide arruntek ez dute balio, ez baitira eraginkorrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan betidanik egon izan dira era horretako fondoak, gastu bereiziak izena zutela, baina, betidanik egonda ere, horri buruzko araudi juridikoa osotasunik gabea izan da, zatikakoa, eta zenbait muga baino ez zituen jartzen, nola eta zertan erabili kontuan izanda. Baina muga horiek ez dira behar bestekoak, aurrekontuko kontzeptua ez delako xehetasunez zehazten eta zein errejimen ezarri ere ez.

Aipatu ditugun hutsuneak direla eta, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan gastu bereiziak zeintzuk diren eta zein errejimen juridiko dagokien zehaztea. Horrekin batera, aurrekontuko zein partida berezi dauden eta ekonomiako eta kontularitzako kontrola egiteko zein bide erabili ere jakin beharko da, baina azkenengo horiek kontuan izan beharko dute ekintza jakin batzuen eta horietan diharduten pertsonen isilpekotasuna eta segurtasuna bermatu beharko dituztela.

Gastu bereizietarako erabiliko diren kredituek ezaugarri hauek dituzte: gastu horiek sekretupekoak dira eta horiekin ezin dira erabili gastua kontrolatzeko dauden bide arruntak. Bide arrunt horiek ekainaren 30eko 14/1994 Legean, Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzkoan, eta otsailaren 5eko 1/1988 Legean, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari buruzkoan, jarritakoak dira. Kontrolmodu horien ordez, oraingo lege honetan adieraziko den moduan erabili eta kontrolatuko dira gastu bereiziak.

Gastu bereizietarako erabiliko diren kredituak bereziak direla kontuan izanda, legeak muga batzuk jartzen ditu gastuen errejimenean, hau da, batez ere kredituak zehazterakoan, benetan bereziak izan beharko dute kreditu horiek ezaugarriei eta kopuruari dagokienez; printzipio hori bete beharko da, eta, beraz, kredituak zerbaiti erabat lotuta egon beharko du. Gainera, Eusko Legebiltzarrak hasiera batean baimendutako kredituak ezin izango dira handitu, aldez aurretik Legebiltzarrak horri buruzko iritzia ematen ez badu behintzat.

Helburu horiek lortzeko, legeak bide hauek aukeratu ditu:

a) gastu bereiziak izeneko kontzeptua zehaztu egin du, duten helburu edo jomuga kontuan izanda. Hori horrela izanda, gastuak bi modutan daude zehaztuta. Batetik, aurrekontuan aipatzen dira (alegia, Aurrekontuen Legean izen hori dutenak izango dira gastu bereizi) eta, bestetik, gastu horien helburu diren iharduerek ere adierazten dute zeintzuk diren gastu bereiziak (segurtasunaz arduratzen diren administrazioko atalek isilpean burutu beharreko iharduerak ordainduko dituztenak);

b) fondo horiek Herrizaingo Sailak baino ezin izango ditu eskuratu, beti ere finantzatu behar izango dituen ihardueren arabera;

c) gastu bereizietarako kreditu horiek mugatuak eta lotesle edo binkulanteak dira, gastuen egoera-orrian zatituta agertzen diren moduan agertuta. Ondorioz, aurrekontuetan aldaketaren bat egin nahi bada, legeetan jarritako bideak bete beharko dira horretarako baimena emateko;

d) aurrekontuetan aldaketaren bat egin eta horrek gastu bereizietarako kredituak handiagoak izatea baldin badakar, Eusko Legebiltzarraren baimena behar izango da aldaketa egiteko.

Kontrol-moduari dagokionez, Euskadiko Autonomi Estatutuaren 33.3 atalean esaten denaz bat, hau da, Gobernuaren eta Legebiltzarraren arteko harremanak legeetan zehaztuko direla esaten duenez Estatutuak, lege honetan Legebiltzarrari gastu bereizietarako kredituen kudeaketa zuzenean kontrolatzeko aukera ematen zaio, Legebiltzarreko organo berezi baten bidez. Organo horrek, sei hilean behin gutxienez, Herrizaingo Saileko sailburuak emandako informazioa jasoko du, legean aipatzen den ondareari buruzko aitorpen bereziaren berri ere izango du, eta, gainera, kredituak handitzea eragingo duten aurrekontuko aldaketei buruzko irizpena ere eman ahal izango du.

1. Atala - Legearen helburua eta esparrua

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, gastuen egoera-orrietan gastu bereizietan erabiltzeko dauden kredituak zer diren eta zein erabilera-, aurrekontu- eta kontrol-errejimen izango duten zehaztea da lege honen helburua.

2. Atala - Kontzeptua

1.- Gastu bereiziak izango dira Euskadiko aurrekontu orokorretan gastuen egoera-orrietan halakotzat hartuta daudenak. Gastu horiek kriminalitateari aurre hartu eta erreprimitzearekin eta delituak ikertzearekin zerikusia duten isilpeko iharduerak edo ekintzak aurrera eramatea ordaintzeko izango dira.

2.- Gainontzeko gastu publikoekin alderatuta, gastu horiek ezaugarri bereziak dituzte: ez dira denen ezagueran jartzen eta justifikatzeko eta kontrolatzeko sistema berezia dute, lege honetan jasota dagoenez.

3.- Gastu bereizietarako erabiliko diren kredituen inguruko informazio guztia, baita horien erabilerari dagokion guztia ere, isilpekoa edo sekretua izango da. Hori dela eta, autonomia erkidegoko administrazioan lanean iharduteagatik gai horien inguruko informazioa izan dezaketen langileek gaiaren inguruan ezertxo ere ez esateko betebeharra dute.

3. Atala - Kredituak nola erabili

1.- Herrizaingo Saileko sailburuaren eginkizuna izango da, eta harena baino ez, gastu bereizietarako kredituetatik eskuratutako fondoak lege honetako 2.1 atalean aipatutako iharduerak burutzeko baino erabil ez daitezen, beharrezko iruditzen zaizkion barne-arauak finkatzea. Horrekin batera, erabaki horiek aurrera eramateko aginpidea izango duten agintari edo erakundeak ere izendatuko ditu.

2.- Barne-arau horiek lege honetako 2.1 artikuluan sartzen diren ihardueren eta eragiketen barruko kategoriak zehaztuko dituzte, baita kontrolerako barne-ihardunbideak ere.

4. Atala - Aurrekontu-errejimena

Gastu bereizietarako diren kredituei irailaren 27ko 1/1994 Legegintza-Dekretuan orokorrean ezarritako aurrekontu-errejimena ezarriko zaie. Legegintza-dekretu horretan, Euskadiko aurrekontu-errejimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartu zen. Dena den, berezitasun hauek izango dituzte:

a) Gastu bereizietarako kredituak Herrizaingo Sailaren aurrekontuen sekzioko gastuen egoera-orrian baino ezin izango dira jaso.

b) Gastu bereizietarako izango diren kredituak zehazki finkatuko dira ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, eta lotesle edo binkulanteak izango dira, aurrekontuko gastuen egoera-orrian zatituta agertzen diren moduan agertuta, irailaren 27ko 1/1994 Legegintza-Dekretuaren 66.4 atalean erabakitakoaz bat. Legegintza-dekretu horretan Euskadiko aurrekontu-errejimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartu zen.

c) Aurrekontuetan aldaketaren bat egin eta kredituetan gastuak areagotu egin nahi badira, herrizaingoaren arloko aginpideak dituen Eusko Legebiltzarreko batzordeak horretarako baimena eman beharko du. Beraz, aldez aurretik, lege honetako 7. atalean aipatzen diren batzordekideek txostena aurkeztu beharko dute. Kasu horretan ez dira beteko irailaren 27ko 1/1994 Legegintza-Dekretuaren V. idazpuruan jasota dauden ihardunbideak. Legegintza-dekretu horretan Euskadiko aurrekontu-errejimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartu zen.

Azken idazati horretan jasota daudenetarako, kasuan kasuko aldaketari buruzko proposamena Eusko Legebiltzarrera bidaliko du Gobernu-Kontseiluak.

d) Euskadiko aurrekontu-errejimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartu zuen irailaren 27ko 1/1994 Legegintza-Dekretuak. Bada, legegintza-dekretu horretako 112. atalean aurrekontua betearazteari buruz aurreikusita dauden printzipioak ere ez dira ezarriko.

5. Atala - Ekonomi kontrolaren errejimena

1.- Gastu bereizien kontura burututako ekintzei ez zaie ezarriko ekainaren 30eko 14/1994 Legean, Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzkoan, aurreikusitako ekonomi kontrolaren eta kontularitzaren errejimena; ezta otsailaren 5eko 1/1988 Legean, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari buruzkoan, kanpoko kontrolari buruz aurreikusitako errejimena ere. Esandakoa dela eta, gastua baimendu edo erabili ahal izateak, obligazioa hartu ahal izateak edo horiei dagokien ordaintzeko proposamena egin ahal izateak ez du agiri bidezko justifikaziorik behar izango.

2.- Kontularitzako inputazioa egokia izan dadin, oinarriko agiri gisa, eskatutako zenbatekoaren berri emango duen agiria erabiliko da. Fondo horiek Euskadiko Diruzaintza Orokorretik ateratzeko aukera zein funtzionariok duen eta benetan atera dituela egiaztatuko dute agiri horiek. Dena den, kasu guztietan hartzekoduna Herrizaingo Saila izango da.

6. Atala - Ondarearen aitorpen berezia

1.- Herrizaingo Saileko sailburuak eta 3. atalaren arabera kreditu horien kontura diren fondoak erabiltzeko aukera duten agintari guztiek beren ondarearen egoerari buruzko aitorpen berezia egin beharko dute derrigorrez. Aitorpen hori karguaz jabetzean eta, gero, urtean behin egin beharko dute, ekainaren 15aren eta uztailaren 15aren artean.

2.- Aitorpen horrekin batera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kopia eta ondarearen gaineko zergaren kopia aurkeztu beharko dira urtealdi bakoitzean, eta horiek guztiak ondare-ondasunen eta ondare-eskubideen errolda batean jasoko dira.

7. Atala - Legebiltzarrak egindako kontrola

1.- Gastu bereiziak zertan erabiltzen diren jakiteko, Legebiltzarrak egingo duen kontrola herrizaingoaren arloko aginpideak dituen batzordearen eskuetan egongo da. Batzorde horretako buruak eta horretarako mandatua eman zaien bost legebiltzarkidek izango dute eginkizun hori. Pertsona horiek batzordeak berak aukeratuko ditu, berekideen artean, batzordekideen hiru bostenen bidez.

2.- Sei hilabetean behin eta mandatua eman zaienek horretarako eskea egiten diotenean, Herrizaingo Saileko sailburuak aurrekontuko fondo horiek zertan erabili diren jakinaraziko du, lege honetan aurreikusitakoarekin bat.

3.- Mandatua eman zaienek eskuratzen duten informazioa isilpean gorde beharko dute.

Xedapen Gehigarria

Lege honetan aipatzen diren aurrekontu-kredituen kudeaketari nahiz erabilerari buruzko gaiei dagokienez, agintari judizialak beren eskumenean aritzean agintari horiekin izango den lankidetzak Estatuan indarrean dauden legeetan xedatzen dena izango du araubide.

Indargabetzeko Xedapena

Indarrik gabe geratzen da otsailaren 5eko 1/1988 Legearen, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari buruzkoaren, xedapen gehigarri bakarra.

Azken Xedapenak

Lehenengoa

Gobernuak baimena izango du lege hau garatzeko beharrezko erabaki guztiak har ditzan.

Bigarrena

Gobernuaren dekretu bidez erabakiko da administrazioko zein organoren ardura izango den ondareei buruzko aitorpenak jaso eta erregistratzea. Justizi auzitegiek eta 7. atalean erabakitakoaren arabera aukeratutako legebiltzarkideek informazio horren berri jasotzeko eskubidea izango dute.

Hirugarrena

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra