Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

5/2003 Legea, abenduaren 15koa, Euskadiko Garraio Agintaritzarena

2003-12-15

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2003/12/24, 251. zk.; EAO, 2011/11/25, 284. zk.

§ 255. 5/2003 LEGEA, ABENDUAREN 15EKOA, EUSKADIKO GARRAIO AGINTARITZARENA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

"Garraio Jasangarriaren Gidaplana-Garraio-politika erkidea Euskadin, 2002-2012" delakoak, Eusko Jaurlaritzak 2002ko azaroaren 19an onartutakoak, bost helburu ditu, argi-argiak, Europako Batasunaren Garraioaren Liburu Zuriarekin bat datozenak: 1. Ekonomia-garapenaren eta garraio-eskaeraren hazkundearen arteko lotura etetea; 2. Irisgarritasun unibertsala eta jasangarria erdiestea; 3. Garraiobideen arteko oreka berria sustatzea; 4. Euskadik Europan duen kokaleku estrategikoa indartzea 5. Garraio jasangarrirako bidean aurrera egitea.

 

Helburu horiek lortuko badira, jasangarritasunaren kultura sustatu behar da, eta garraioaren planifikazioa eta antolamendua horretan zerikusia duten herri-administrazio guztien arteko koordinazioaren bidez egin. Helburu horiek erdiestearren, estrategia eta ekintza-ildo batzuk ezarri dira garraioaren arlorako, gure Autonomia Erkidego honetan 10 urteko epean gauzatzeko.

 

Gidaplan hori garatzeko oinarrietako bat da Garraio Agintaritza eratzea; antolamendu-, planifikazio- eta koordinazio-organoa izango da bera, eta aipatutako gidaplan horretan ezarritako helburu eta estrategiak gauzatzeko langintza hartuko du bere gain. Euskadiko Garraio Agintaritza tresna ezinbestekoa izango da gidaplanak eragingo duen egoera berria koordinatu eta koherentziaz hornitzeko; izan ere, ezarri beharreko aldaketa horiek ezartzeko beharrezkoa da administrazio guztiek zuzen-zuzenean parte hartzea.

 

Euskadiren errealitate geografikoa zaila da: orografia gaitza du, demografia-dentsitate handia eta administrazio-antolaketako sistema berezia, eta horrek, denboraren joanean, hiri-sistema gune anitzekoa deritzona ekarri du -horrela deitzen diote Lurraldearen Antolamenduko Artezpideek-; sistema horrek, mugikortasunaren halabeharrarengatik, garraio-eskari handiko joan-etorri bizi-biziak eragiten ditu, udalerri eta eskualde-egiturez gaindikoak, eta are lurralde historikoez gaindikoak ere; horri, gainera, Euskadiren kokaleku geoestrategikoaren ondorio, mugaz gaindiko joan-etorriak gehitu behar zaizkio.

 

Historian zehar, garraiobide bakoitzean, era bateko eta besteko konponbideak eman izan zaizkie kontu batzuetan eta besteetan sortu izan diren arazoei, direla eskumenen inguruko arazoak, titulartasunaren ingurukoak, eginkizunei dagozkienak -eskaintzak elkarren gainera pilatzea, garraioen arteko loturarik eza- edo tarifen ingurukoak, eta komeni da horiek guztiak bateratu eta arrazionalizatzea; batez ere, norberaren ibilgailua erabiltzeko joera goraka doan honetan, azpiegiturak itoaraziz eta sistema jasangaitz bihurraraziz.

 

Garraio-sistema bateratua ezartzeko kezka hori engoitik bazen 1975 urtean Bizkaiko Garraioen Partzuergoa Sortzeko Legea egin zenean; lege horretan aurreikusten zenez, erakunde horrek lurreko garraioa koordinatu zezakeen lurralde historiko guztian.

 

Lege horretako aurreikuspen hori gorabehera, zail da garraio guztien antolaketa-, koordinazio- eta planifikazio-erakunde bat eratzea, gai horretako eskumenak administrazio askoren artean baitaude barreiatuta, eta zerbitzu publiko horren kudeaketa era bateko eta besteko enpresen artean -publiko zein pribatu- egiten baita.

 

Eskua duten administrazioak eurak, horren zailtasunaz jabetuta, hainbat urtean ahaleginetan ibili dira zerbitzua eraginkortasun handiagoz emateko elkarren arteko estrategia bat ezarri nahian, legediak administrazioen arteko lankidetza eta koordinaziorako eskaintzen dituen tresnak baliatuz (tresna horiexek dira lege honen beronen oinarri).

 

Horrela bada, Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen Arteko Harremanen gaineko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko harremanak lankidetza- eta elkartasun-printzipioetan oinarrituko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren baitako era bateko eta besteko administrazioek, nork bere eskumenak darabiltzalarik, eraginkortasun- eta koordinazio-printzipioen arabera jokatuko dute.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatuko 10. artikuluko 32. eta 34. paragrafoetan oinarrituta sortzen da Euskadiko Garraio Agintaritza; izan ere, paragrafo horien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du gai hauetan: trenbideak, lurreko garraioa, itsasokoa, ibaietakoa eta kable bidezkoa, portuak, heliportuak, aireportuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Meteorologia Zerbitzua -Konstituzioko 149.1.20.ean ezarritakoaren kalterik gabe-, garraioaren arloko kontratazio-zentroak eta kargalekuak. Era berean, Autonomia Estatutuko 12.9 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena izango da salgaien eta bidaiarien garraioaren antolamenduaren arloko Estatuaren legeria betearaztea, garraio hori Autonomia Erkidegoaren lurraldearen baitan hasi eta amaitzen denean, nahiz eta garraio hori Konstituzioko 149. artikuluko 1. paragrafoko 21 zenbakian aipatutako Estatuaren titularitateko azpiegiturak erabiliz egin; hala ere, horrek ez dio kalterik eragingo Estatuak beretzat gorde dezakeen zuzeneko betearazpenari.

 

Bestalde, Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanen gaineko azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, foru-erakundeek eskumen esklusiboa dute bide eta errepideen planifikazio, egitasmo, eraikuntza, artatze, aldaketa, finantzaketa, erabilera eta ustiapenaren arloetan; eskumen hori Autonomia Erkidegoko erakunde erkideek onartutako Errepide Plan Nagusiaren baitan erabiliko dute, eta guztia Autonomia Estatuko 10.34 artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe. Horrez gain, lege horretako 10. artikuluan ezartzen denez, Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei dagozkie errepideko garraiobide mekanikoen arloko legegintza, erregelamendu bidezko garapena, goi-mailako ikuskaritza, plangintza eta koordinazioa, eta lurralde historikoek, aldiz, lege hura onartu zenean indarrean ziren Estatuarekiko hitzarmenen ondorioz Arabak bere lurraldean zituen ahalmenak erabiliko dituzte beren lurraldeetan, ahalmen berberak eta izaera berekoak.

 

Gai honetan eskumena hainbat administraziok dutela eta horiek elkarren artean koordinatu behar dutela jabetuta, hortixe sortzen da lege-mailako arau baten beharra, haren bidez Euskal Autonomia Erkidego osorako garraio-sistema bateratu bat eratu ahal izateko tresna eta mekanismoak sortzeari ekiteko. Lege honen helburua da garraioaren gure antolaketa instituzionala harmonizatu eta orekatzea. Euskadiko garraio-politikaren eraginkortasunak eta eragimenak -beharrizanen araberakoek- eskatzen dute hori, eta Europar Batasunaren garraioaren arloko politika erkidearen paradigmetara doitu beharrak ere bai.

 

Oinarri horien gainean sortzen da Euskadiko Garraio Agintaritza, garraioaren antolamenduaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren aholku- eta koordinazio-organo goren gisa, Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan Sailari atxikia.

 

Legearen I. kapituluak Euskadiko Garraio Agintaritzaren xedea eta eremua arautzen ditu, eta herri-administrazioen arteko lankidetza-printzipioa jasotzen du.

 

II. kapituluak Euskadiko Garraio Agintaritzaren helburuak, eginkizunak, antolaketa eta jarduteko modua arautzen ditu. Eginkizunak honela banatzen dira: antolaketakoak, koordinaziokoak, plangintzakoak, goi-mailako ikuskaritzakoak eta aholkularitzakoak.

 

III. kapituluan zehazten denez, Euskadiko Garraio Agintaritzak, eskumena duten instituzioen eta erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenen bitartez, garraioaren lurralde-agintaritzak sortzea sustatuko du.

 

I. KAPITULUA

XEDEA ETA EREMUA

 

1. Artikulua - Xedea

 

1.- Lege honen xedea da Euskadiko Garraio Agintaritza sortzea; agintaritza hori izango da garraioaren antolamenduaren eta garraio-azpiegituren gaietan Euskal Autonomia Erkidegoaren koordinazio- eta aholku-erakunde gorena, eta lege honetan esleitutako eskumenak eta eginkizunak izango ditu, bai eta beste edozein lege- edo erregelamendu-xedapenek eslei diezazkiokeenak ere. Garraio-sistema bateratu bat benetan ezartzeko bidea irekitzearren eratzen da erakunde berri hau.

 

2.- Euskadiko Garraio Agintaritza garraio-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da, eta sail horrek haren eskura jarriko ditu esleituta dituen eginkizunak betetzeko behar dituen langileak eta bitarteko materialak.

 

2. Artikulua - Eremua

 

Euskadiko Garraio Agintaritzak arlo hauetan beteko ditu bere eginkizunak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren heinean: trenbide, errepide, itsaso, ibai eta kable bidezko garraioa; portu, heliportu eta aireportuak, eta garraioaren jarduera lagungarri eta osagarriak, arlo honetan beste administrazioek dituzten eskumenei kalterik egin gabe.

 

3. Artikulua - Herri-administrazioen arteko lankidetzaren printzipioa

 

Euskadiko Garraio Agintaritzan parte hartzen duten herri-administrazioek betebehar hauek izango dituzte euren arteko harremanetan: elkarri informazioa ematea, elkarren arteko lankidetza eta koordinazioa eta elkarrenganako begirunea.

 

II. KAPITULUA

EUSKADIKO GARRAIO AGINTARITZA

 

4. Artikulua - Helburuak

 

Hauek dira Euskadiko Garraio Agintaritzaren helburuak:

 

a) Zeregin hauetan lagundu behar du: garraioa antolatzeko politikak zehazten, garraio-politika erkidea koordinatzen, era bateko eta besteko garraiobideak planifikatzen, garraio-politikak lurralde-orekaren arabera doitzen, eta, oro har, garapen jasangarria lortzen eta garraioaren arloko politika erkideak gauzatzen eta betearazten.

b) Garraioaren arloan eskumena duten erakunde guztiek beren ahalmen publikoak koordinatuki erabil ditzaten sustatzea eta erraztea; administrazioen arteko lankidetza bere gain hartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan garraio-politikei buruz biltzen diren interes askotarikoak batzea.

c) Zerbitzu, sare eta tarifen arteko koordinazioa sustatu eta laguntzea, eta erabiltzailearen eskura eskaintza hobea jartzea, azken xedea garraio kolektiboaren erabilera indartu eta eragitea izanik.

d) Garraio sare bakar eta osoa sustatzea.

e) Garraio arrazionalago eta eraginkorragoa erdiets dadin saiatzea, garapen jasangarriaren gizarte, ingurumen, eta ekonomiaren alderdiak aintzat hartu eta erabat bateratuta.

f) Baliabide publiko eta pribatuak ahalik eta ondoen erabiltzea, era bateko eta besteko garraiobideak elkarren artean lotzeko gaitasuna indartzearren eta Europako garraio-sisteman sartzearren.

 

5. Artikulua - Eginkizunak

 

1.- Euskadiko Garraio Agintaritzak eginkizun hauek izango ditu:

 

1.1. Antolatzekoak.

 

a) Garraioa antolatzeko politikaren irizpide oinarrizkoak lantzea, Autonomia Estatutuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoaren arabera.

b) Garraioren antolamenduaren arloan arauak egin edo aldatzeko proposamenak egitea.

 

1.2. Plangintzakoak.

 

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan garraio-zerbitzu eta -azpiegituren plangintza koordinatua egiten laguntzea.

b) Autonomia Erkidegoaz gaindiko eta mugaz gaindiko garraioaren plangintzan laguntzea esparru horietako agintariekin batera.

 

1.3. Koordinaziokoak.

 

a) Beharrezko diren neurriak proposatzea garraioaren arloan eragina duten lurralde-plangintzako ekintzak koordinatzeko nahiz Jaurlaritzako sailek eta garraioaren arloan eskumena duten administrazioek ekintza horiek gauza ditzaten.

b) Garraioaz besteko gai batzuetan eskumenak dituzten organismo eta erakundeekin koordinatzeko mekanismoak proposatzea garraioaren arloan eragin dezaketen ekinbideak gauzatzen dituztenerako.

c) Garraioari eragiten dioten jardueretan ari diren zernahi gisatako erakundeekiko lankidetza proposatzea akordio, hitzarmen eta programa-kontratuen bitartez; orobat beste herri-administrazio batzuekin, Garraio Agintaritzaren eginkizun-eremuari dagozkion gaien inguruan.

d) Garraioaren lurralde-agintaritzei -eratutakoan- beren lurralde historikoetako edo jardute-eremuetako garraioaren egoerari buruzko informazioa eskatzea.

e) Garraio-zerbitzu publikoen gaineko informazioa sustatzea.

f) Urtero txosten bat ematea Euskal Autonomia Erkidegoko garraioaren egoeraren gainean.

 

1.4. Goi-mailako ikuskaritzakoak.

 

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren baitako goi-mailako ikuskaritza-eginkizunak bateratzea bermatzeko oinarrizko irizpideak proposatzea.

b) Ikuskaritzako urteroko planetarako irizpideak ezartzea ikuskaritzaren arloan eskumena duten erakundeekin koordinatuta.

c) Ikuskaritzako ekinaldi orokor eta zehatzak egitea proposatzea.

 

1.5. Kontsultakoak.

 

Gai hauen inguruko txostenak ematea dagokio Euskadiko Garraio Agintaritzari:

 

a) Errepide-planen gaineko txostenak egitea, hala plan orokorren gainekoak nola lurraldearen arloko planen gainekoak.

b) Trenbide, portu, aireportu, heliportu, gune logistiko eta askotariko garraiobideen guneen gaineko lurraldearen arloko planen gainean txostenak egitea.

c) Eratzen diren Garraioaren lurralde-agintaritzen estatutuen gaineko txostenak egitea.

d) Lurralde-antolamenduko tresnen gainean txostenak egitea, garraioan eragina izan dezaketen alderdiei buruz.

e) Zerbitzuak ustiatzeko administrazio-emakiden esleipen, aldaketa edo amaitzeei buruzko espedienteen gainean txostenak egitea, baldin eta zerbitzu horiek lurralde historiko batean baino gehiagotan badute eragina edo beste garraio-modu batzuek ematen dituztenekin bat badatoz.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta garraioen arloan garrantzi berezia duten beste administrazio batzuen arteko lankidetzarako proposamen eta akordioen gainean txostenak egitea.

g) Indarrean dagoen legeriaren arabera aginduzkoak diren txostenak egitea, eta, bereziki, Lurreko Garraioen Antolamenduaren gaineko Legeak eta hura garatzeko arauek Lurreko Garraioen Estatuko Kontseiluari esleitzen dizkioten eginkizunak betetzea Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenetan.

 

2.- Horiez gain, Euskadiko Garraio Agintaritzak lege- edo erregelamendu-xedapenen bidez berari esleitutako beste edozein eginkizun beteko du.

 

6. Artikulua - Txostenak

 

1.- Garraio Agintaritzak gehienez hiru hilabeteko epea izango du, eskabidea jasotzen duenetik kontatzen hasita, lege honen arabera ematea dagozkion txostenak emateko.

 

2.- Aurreko artikuluko 1.5 paragrafoan aipatutako txostenak aginduzkoak dira.

 

7. Artikulua - Euskadiko Garraio Agintaritzaren antolamenduaz

 

1.- Euskadiko Garraio Agintaritza Osoko Bilkuraren, atalen eta txosten-batzordeen bidez jardun ahal izango da.

 

2.- Osoko Bilkura hiru hilabeterik behin bilduko da gutxienez, aldez aurretik Osoko Bilkurako buruak deituta edo Osoko Bilkurako kideen laurdenek eskatuta.

 

8. Artikulua - Osoko Bilkuraren osaera

 

1.- Euskadiko Garraio Agintaritzaren Osoko Bilkura honela osatuko da:

 

- Burua: Garraio eta Herri Lan sailburua.

- Buruordea: Garraio eta Herri Lan sailburuordea.

- Kideak:

- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren 8 ordezkari.

- Foru-aldundien 6 ordezkari:

- Arabako Foru Aldundiaren 2 ordezkari.

- Bizkaiko Foru Aldundiaren 2 ordezkari.

- Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2 ordezkari.

- Udalen 4 ordezkari:

- Bilboko Udalaren ordezkari 1.

- Donostiako Udalaren ordezkari 1.

- Gasteizko Udalaren ordezkari 1.

- Euskal Autonomia Erkidegoko udal gehien ordezkatzen dituen udalen elkarteak aukeraturiko ordezkari 1.

 

2.- Buruak beste pertsona batzuk edo beste erakunde batzuetako ordezkariak gonbidatu ahal izango ditu Agintaritzaren osoko bilkuretara etor daitezen, hitzarekin eta botorik gabe parte hartzera, aztertu beharreko gaiaren inguruan jakintza handia dutelako edo gai horretan nabarmendu egiten direlako.

 

3.- Euskadiko Garraio Agintaritzaren Osoko Bilkurak idazkari bat izango du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko kideetako batek beteko du kargu hori.

 

9. Artikulua - Idazkaritza Teknikoa

 

1.- Euskadiko Garraio Agintaritzaren Idazkaritza Teknikoa Garraio eta Herri Lan Sailean gai horren inguruko eskumena duen zuzendaritzari dagokio.

 

2.- Idazkaritza horri dagokio gaiak prestatzea eta, hala behar balitz, lege honetako 5. artikuluan aipatutako txosten-proposamenak egitea, non eta eginkizun hori ez den berariaz txosten-batzorde baten edo beste organo baten gain utzi, gaiaren berezitasuna dela-eta.

 

10. Artikulua - Osoko Bilkuraren eginkizunak

 

Osoko Bilkurari dagokio:

 

a) Euskadiko Garraio Agintaritzari esleitutako eginkizunak garatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzea.

b) Lege- edo erregelamendu-mailako xedapenen bidez esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.

 

11. Artikulua - Osoko Bilkurako buruaren eginkizunak

 

1.- Osoko Bilkurako buruari dagokio:

 

a) Euskadiko Garraio Agintaritzaren ordezkari izatea.

b) Osoko bilkuretarako deialdia egitea, bilkuretan buru izatea eta gai-zerrenda ezartzea; baita kide anitzeko organo bateko buruari dagozkion eginkizunak betetzea ere, hala nola bozetan berdinketa gertatzen bada kalitateko bozarekin ebaztea.

c) Garraioaren lurralde-agintaritzekiko harremanak zuzentzea, bai eta, Garraio Agintaritzaren eginkizunen eremuko gaietan, herri-administrazioetako organo betearazleekiko harremanak ere.

d) Garraio Agintaritzaren administrazio-jarduera eta jarduera teknikoa zuzendu eta gainbegiratzea.

e) Osoko Bilkurari Euskadiko Garraio Agintaritzaren antolaketaren eta jarduteko moduaren erregelamendua proposatzea, onar dezan.

f) Lege- edo erregelamendu-mailako xedapenen bidez esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.

 

2.- Burua ez dagoenean, buruordeak beteko ditu haren eginkizunak.

 

12. Artikulua - Jarduteko modua

 

1.- Euskadiko Garraio Agintaritzak erregelamendu bat landu eta onartuko du bere antolaketaren eta jarduteko moduaren araubidea ezartzeko, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

 

2.- Osoko bilkuran eztabaidak egin eta erabakiak hartzeko, hauek egon beharko dute bertan: buruak edo haren ordezkoak, Osoko Bilkurako kideen erdiek eta idazkariak edo haren ordezkoak.

 

3.- Bertaratutakoen botoen erabateko gehiengoa beharko da erabakiak hartzeko.

 

13. Artikulua - Atalak eta txosten-batzordeak

 

Osoko Bilkurak egoki deritzen atalak eta txosten-batzordeak sortu ahal izango ditu, Euskadiko Garraio Agintaritzak eraginkortasunez jardun dezan.

 

III. KAPITULUA

GARRAIOAREN LURRALDE AGINTARITZAK

 

14. Artikulua - Garraioaren lurralde-agintaritzak sortzea

 

Euskadiko Garraio Agintaritzak, bere ekimenez edo interesa duten foru- eta toki-erakundeek eskatuta, garraioaren lurralde-agintaritzak sortzea sustatuko du, eskumena duten erakunde eta entitateen artean lankidetza-hitzarmenak eginez; garraioaren lurralde-agintaritza horiek kasuan kasuko erabide juridikoa izango dute.

 

15. Artikulua - Garraioaren lurralde-agintaritzen araubidea

 

Garraioaren lurralde-agintaritzen izaera, helburuak, eginkizunak, egitura, antolaketa eta finantzaketa haien sorrera-agirian egongo dira ezarrita.

 

16. Artikulua - Jarduteko irizpideak

 

Garraioaren lurralde-agintaritzek Euskadiko Garraio Agintaritzak emandako oinarrizko irizpideen arabera beteko dituzte euren eginkizunak.

 

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

 

Indargabe geratzen da lege honetan xedatutakoaren aurka doan maila bereko edo apalagoko xedapen oro.

 

AZKEN XEDAPENAK

 

Lehenengoa

 

Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari lege hau garatu eta ezartzeko beharrezko diren xedapenak eman ditzan.

 

Bigarrena

 

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da indarra izaten.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra