Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

6/1986 Legea, maiatzaren 27koa, "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren kontseilua"-ri buruzkoa.

1986-05-29

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1986/6/11, 113. zk.; EAO, 2012/3/30, 77. zk.

§ 82. 6/1986 LEGEA, MAIATZAREN 27KOA, CONSEJO DE LA JUVENTUD DE EUSKADI-EUSKADIKO GAZTERIAREN KONTSEILUARI BURUZKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Gernikako Autonomia-Estatutoaren 10.39 Atalak dionaren arauera, Euskal Herriko Autonomia-Elkarteak bakarreango agintepidea du Elkarte-Garakuntzaren, Emakumearen, eta Haurtzaroari, Gaztaroari eta Zahartzaroari buruzko Politikabidetan.

 

Erresumak kultura-alorreko Egiteko eta Zerbitzuak Euskal Autonomia-Elkarteari eskuratzezko Irailaren 26ko 3.069/1980 Errege-Dekretoaren Eraskineko d) zatiko 9garren txatalak dionez, Euskal Autonomia-Elkarteak beretzat hartzen ditu Errege-Dekreto hori indarrean jarri arte Gazteriaren eta Gizarte-Kulturazko Garapenaren Artezkaritza Nagusiari izendatuta zeuden agintepide guztiak.

 

Honek guzti honek, gazteria suzpertzeko neurri guztiak hartu ahal izateaz gainera, Euskal Herri-Arduralaritzaren gizarte-sail hori gara-arazteko, suztatzeko eta indartzeko ekintzaren esparrua osatu dezaten artezpideak jarri ditzan gazteriarekiko politika zehazteko ahalmena ematen die Autonomia-Elkarteko Erakundeei.

 

Bide eta ahalmen hoiek ez dira arriskurik gabeak. Horri, Autonomiazko Erakundeek, gazteriarekiko politika hori gertatzeko, gaztez osatuta egon eta alor horretan hartu beharreko neurriei buruzko iritzi garbia eta sendoa izan dezan Kontseilu baten laguntza eta aholkuak izatearen komenigarritasuna dario.

 

Ondorioz, Legeak, azterlanak eginaz, erizpenak emanaz eta bestelako bideez baliatuz, Arduralaritzari gazteen arazoei eta zuduei buruzko neurrien saloak eta buzipenak egiteko lana izendatzen dio Kontseiluari.

 

Halaber, Gazteriaren arazoei eta zuduei artez datxekien ezein manu baitetsi baino lehen haren iritzia entzun beharko da.

 

Bestalde, Kontseiluaren helburua bikoitza da: Gazteriak Euskadiren politikaren, gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren aldetatikako aurrerakuntzan eskuhar dezaneko bide bakarra ez bainan beinena izan nahiz sortzeaz gainera, gazteak askatasunaren, bakearen eta giza-eskubideen aldezpenaren balioez jabe-araztea eta herrialde eta aberri guztietako gazteak elkarri hurbiltzea ditu bere xede nagusiak.

 

Kontseilua herri-legepeko izaiki gisa sortarazten da, berenezko lege-nortasundun eta bere helburuak betetzeko erabateko gaitasunaren jabe, Autonomia-Elkarteko Erakundegoren-mailako Arduralaritzako erakundeei buruzko manuetatik iare gelditzen dela berariz erasota utziz.

 

I ATALBURUA

ZERMUGAPENA ETA EGITEKOAK

 

Lehenengo Atala

 

1.- Lege honen bidez "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua" sortarazten da, berenezko lege-nortasundun eta bere helburuak betetzeko erabateko gaitasunaren jabe.

 

2.- Honako hauek ditu "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua"-k bere egiteko:

 

a) Gazteriak Euskadiren politika, gizarte, ekonomia eta kultura-alorretako garakuntzan eskuhar dezala errazteko, nahi dezanari bide bat eskaintzea.

b) Askatasunaren, bakearen eta giza-eskubideen aldezpenaren balioa gazteei ezagutaraztea, eta bai herri eta aberri guztietako gazteak elkarregandik hurbiltzeari indar ematea ere.

 

3.- Euskal Herriko Autonomia-Elkarteko Arduralaritzak "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua" onartutako solaskide izango du, gazteriari dagozkion arazo guztietarako horrekingo harremanak Gazteriaren alorreko agintepideak eman dakizkion Sailaren bidez izanaz.

 

2. Atala

 

1.2 Atalean esandako helburuen barruan, honako egiteko hauek "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua"-ri dagozkio:

 

a) Gazteri-bazkunak suztatzea, hoiek gehitzea bultzatu eta horretarako eskatu dakion laguntza eta babesa emanaz, eta Euskadiko gaztetalde eta bazkunekin etengabeko harremanetan egonaz.

b) Gazteriaren arazoei eta zuduei datxezkien azterlanak eginaz, erizpenak emanaz, edo bestela, eskatu dakizkiokeen edo berak bere arioz erabaki ditzan edonolako neurrien saloak eta buzipenak Arduralaritzari egitea.

c) Gazteriaren arazoei eta zuduei artez datxekiekeen ezein manu ontzat eman baino lehen bere iritzia ematea.

d) Euskal Autonomia-Elkarteak gazteen arazoen erabilpenerako eratu dezan ezein Kontseilu edo Aholkularitza-Erakundetan partzuer izatea.

e) Bere esku izan ditzan bide guztiez baliatuz Autonomia-Elkarteko Lurralde-Izaiki berezietako gazte-erakundeen arteko harremanak, atxikipena eta elkarpideak suztatzea eta, berariz, gazteriaren ordezkaritza izatea eta horren izenean eskuhartzea xede izan dezaten Bazkun-arteko Erakundeen artekoak.

f) Gazteriaren arazoez arduratu daitezen elkarrizketa-sail guztietan, hoiek har dezaten eremua dena dela, Euskal Herriko Autonomia-Elkarteko gazteriaren ordezkari izatea.

g) Beste Autonomia-Elkarte batzuetako Gazteri-Kontseiluekingo harremanak suztatzea.

h) Kontseiluan ordezkaririk izan ez dezaten norbanako edo taldeetan sor daitezkeen arioak eta buzipenak jaso eta hoiei bideak ematea.

i) Euskal gazteriarengan euskeraren eta Euskal Herriaren kultura eta kondairaren ezagutza eta garapena suztatzea.

j) Gazteriarengan izadiaren eta ingurugiroaren babesa eta bizitza-mailaren aldezpena suztatzea.

k) Gazteriaren eskubideen herri-agintaritzen aurreango aldezpena suztatzea.

l) Herri-agintaritzari, bere dituen helburuei datxezkien neurriak har ditzateneko saloak egitea.

m) Eman dakizkiokeen gazteriari datxezkion beste egiteko guztiak.

n) Gazteri-erakundeentzako dirulaguntzak ematea araupetu dezan lege-araupidetza ontzat eman baino lehen bere iritzia entzungo da. Orobat gazteen arazoei buruzko ituneak egin baino lehen ere.

 

3. Atala

 

1.- Honako hauek izan ahal izango dute "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilu"-ko berenezko kide:

 

a) Gazte-Bazkunek edo hoiek eratutako Baterakundeek, honako baldintza hauek bete ditzatenaren baldintzapean:

1. Behar bezala eratuta eta errolderatuta egotea.

2. Jarraiango ihardunean aritzea.

3. Irabazte-xederik gabekoak izatea.

4. Indarrean dagoen lege-erapidetzaren arauera demokraziazko barne-egitura eta ihardutze-jaurpideak izatea.

5. Araudi bidez jarri dedin bazkide-zenbatekoa izatea eta hori egiaztatzea.

b) Honako baldintza hauek bete ditzaten legez eratutako beste bazkun batzuetako gazteri-sailek:

1. Bertako sail direneko Bazkunaren ihardutze-sail bereziak izatea, gazteri-ekintzen azterpenari, argipideketari, egitaraugintzari eta artezkaritzari buruzkoetan ihardutzeko erabateko burujabe, eta bai beste batzuekin harremanak izateko eta hoien aurreango ordezkaritzarako ere, berariz dagozkien gaietan.

2. Lehenengo idatzati horretakoxe a) zatiko 2, 3, 4 eta 5 baldintzak betetzea.

c) Gazteariari zerbitzu egitekoak izan eta araudi-bidez jarritako gutxienezko baldintzak bete ditzaten horrelako Bazkunek eta Erakundeek.

 

2.- Baterakunde bat "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilu"-an sartzeak hartako kideak banaka egon ezina dakar.

 

3.- "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua"-k kide begirariak onartu ahal izango ditu; hoien eskubideak eta eginbeharrak araudi-bidez zehaztuko dira.

 

4. Atala

 

Aurreko Atalean esandako Antolakunde eta Erakundeek "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilu"-ko kide izan ahal izango dute, Batzorde Iraunkorrari kide izateko jarritako baldintza eta betebeharrak betetzen direnaren egiaztapena egitezko eske-idazkia aurkeztu ondoren. Batzorde Iraunkorrak behin-behingorako sarrera emango du, hori hurrengo Biltzar Nagusiaren lehenengo bilkuran sendetsi beharko dela.

 

5. Atala

 

1.- Honako hauek utziko diote "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilu"-ko kide izateari:

 

a) Bere borondatez erabaki dezatenek.

b) 3garren Ataleko baldintzak bete ez ditzatenek.

c) Biltzarraren bi herenen iritziz Kontseiluaren iritzien edo helburuen aurkako jokabideak edo jarrerak izan ditzatenek.

 

2.- Toki-uztearen era eta ondorioak Kontseiluaren Barne-Araudian zehaztuko dira.

 

3.- Kontseilutik ateratzeak edo bertatikako egozketak ez du horren zio izandakoak deuseztu daitezenean berriz bertaratzea eragotziko.

 

II ATALBURUA

KONTSEILUKO IHARDUTZE-SAILAK

 

6. Atala

 

Kontseiluak honako Ihardutze-Sail hauek izango ditu:

 

a) Biltzar Nagusia.

b) Batzorde Iraunkorra.

c) Lan-Batzordeak.

 

7. Atala

 

1.- Biltzar Nagusia du Kontseiluak bere goreneko ihardutze-saila, eta 3.3 Atalean esandakoetako begirari izan ez daitezen Kontseilukideek osatuko dute. Biltzarrera, Lege honen 3garren Atalaren lehenengo zatiko a), b) eta c) txataletan esandako kide bakoitzeko ordezkari batetik lauraino joan ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzak araudibidez finkatu dezanaren arauera.

 

2.- Biltzar Nagusira joan daitezen Ordezkariek, haien ordezkotza izan dezateneko Bazkun edo Erakundeek bakoitzak bere Araudiak jartzen duen eran horretarako hautatu edo izendatu dituenaren egiaztapena egin beharko dute. Ordezkari hoiek ezingo dute inoiz 30 urtetik gora izan.

 

3.- Ordezkari bakoitzak inori horretarako ordezkotza eman ezineko boto bat izango du.

 

8. Atala

 

Biltzar Nagusiaren egitekoak honako hauek dira:

 

a) Kontseiluari bere ekintzarako artezpideak jartzea.

b) Batzorde Iraunkorrak eta Lan-Batzordeak aurkeztutako argipide-txostenak eztabaidatzea eta hala badagokie ontzat ematea.

c) "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gaztediaren Kontseilua"-ren urteko diruegitamuak eta aurreko ekonomia-urteko kontu-garbiketa ontzat ematea.

d) Batzorde Iraunkorraren saloz urteko txostena eta ekintza-egitaraua ontzat ematea.

e) Barne-Araudia eta Kontseiluaren gainontzeko ihardutze-arauak eta hoien aldaketak ontzat ematea.

f) Batzorde Iraunkorrari dagokion kide berriak hartzezko erabakia hala badagokio sendestea.

g) 5garren Atalean ohartemandako Kontseiluko kideen toki-uzte eta egozpenari buruzko ebazpena.

h) Beharrezko eritzitako Lan-Batzordeak sortaraztea.

i) Batzorde Iraunkorreko kideak hautatzea eta kentzea.

j) Kontseiluko Lehendakaria hautatzea eta kentzea.

k) Batzorde Iraunkorraren saloz beharrezko eritzitako Kontseiluko lan-tokiak urteko Diruegitamuen pentzutan sortaraztea eta betetzea.

 

9. Atala

 

1.- Biltzar Nagusia urtean behin bilduko da, gutxienez, agizko bilkura egiteko.

 

2.- Biltzar Nagusiak, Kontseiluko kideen erabateko gehiengoak edo Batzorde Iraunkorraren erabateko gehiengoak eska dezanean, berenezko bilkurak egingo ditu.

 

3.- Nolanahi ere, Batzorde Iraunkorrak bilkuretarako deia 20 egun aurrez gutxienez egingo du, gai-zerrenda aldean izango duen idatziz.

 

10. Atala

 

1.- Biltzar Nagusiak, bertako kideen artetik, Lehendakari bat, bi Lehendakariorde, Idazkari bat, Diruzain bat eta sei Batzordekide hautatuko ditu bi urterako, gehiengo soilez eta bere kideen artezko eta isilpeko botoz, "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilu"-ko kide direla Batzorde Iraunkorra osa dezaten.

 

2.- Biltzar Nagusiko Lehendakariak "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua"-ren ordezkotza izango du horren izenean eskuhar dezaneko egintza eta hitzarmen guztietan.

 

Horren egitekoa Biltzar Nagusiko azterketak eta Batzorde Iraunkorraren bilkurak arteztea eta zentzaraztea izango da.

 

3.- Batzorde Iraunkorreko kide bakoitzaren egitekoak Kontseiluaren Barne-Araudian zehaztuko dira.

 

11. Atala

 

1.- Batzorde Iraunkorra, Biltzar Nagusiaren erabakiak egiteratzea, Kontseiluaren ekintzapide guztiak antolakidetzea, eta Biltzarra bilduta egon ez dedinean horren Artezkaritza egitea bere gain duen Ihardutze-Saila da.

 

2.- Batzorde Iraunkorrak beste egiteko hauek ere izango ditu:

 

a) Biltzar Nagusia gertatzea eta horretarako deia egitea.

b) Biltzar Nagusiari Urteko Txostena, Kontseiluaren Diruegitamu-egitasmoa eta horren kontu-garbiketa aurkeztea.

c) Biltzar Nagusiak eskatu diezaizkion argipideak ematea eta horri, bere arioz, komenigarri eritzitako neurri eta erabaki guztien saloak egitea.

d) Lan-Batzordeak antolakidetzea.

e) Biltzar Nagusiak eman diezaizkion guztiak.

 

12. Atala

 

1.- Lan-Batzordeak ditu Kontseiluak bere egitekoak betetzeko agizko ihardutze-sail Biltzarraren eta Batzorde Iraunkorraren agintepideen kaltetan gabe. Hoien egitekoak, egitura, osatze-modua eta kide-zenbatekoa Biltzar Nagusiak zehaztuko ditu, eratzerakoan bertan

 

2.- Batzorde Iraunkorreko bilkuretara Lan-Batzorde bakoitzaren izeneko batek joan ahal izango du, hitz egiteko eskubidez bainan botoa ematekorik gabe, Batzorde Iraunkorrak nahi dezanean edo Lan-Batzordeak eskatuta.

 

13. Atala

 

1.- "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua"-ren Ihardutze-Sailak balio osoz eratzeko, kideen erdia eta bat gutxienez bertan izatea beharko da.

 

2.- "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan" Ihardutze-Sailen erabakiak, bertan egon daitezenen gehiengo soilez hartuko dira, Lege honen 5.1 c) atalean agintzen dena salbu.

 

14. Atala

 

1.- Beti ere, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkari batek bai Biltzar Nagusira bai Batzorde Iraunkorrera joan ahal izango du, hitz egiteko eskubidez bainan botoa ematekorik gabe. Halaber, Lan-Batzordeen bilkuretara ere joan ahal izango du, hoiek eskatu dezatenean.

 

2.- Halaber, Arduralaritzaren alor berezietako ordezkariak eta hala egokituz gero Kontseiluari dagozkion gaietan aituak izan eta dagokion Ihardutze-Sailak egoki eritzitako ordezkariek ere eskuartu ahal izango dute aldi baterako "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua"-ren ezein Ihardutze-sailetan, Kontseiluaren arioz eta hitz egiteko eskubidez baina botoa ematekorik gabe.

 

3.- "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilu"-ak, bere helburuak lortzeko, Gazteriari artez datxezkion gaiei buruzko argipideak eskatu ahal izango dizkio Euskal Herriko Autonomia-Elkarteko Arduralaritzari.

 

III ATALBURUA

DIRU-ESKUARTEEZ

 

15. Atala

 

1.- "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilu"-ak honako diru-eskuarte hauek izango ditu:

 

a) Euskal Herriko Autonomia-Elkarteagandik eta beste Herri-Erakunde batzuegandik har ditzakeen dirulaguntzak.

b) Barne-Araudiak agindu dezanaren arauera:

1. Kideen bazkide-sariak.

2. Norbanako-alorreko gizabanako edo Erakundeen opariak.

3. Bere ondaretikako irabaziak.

4. Kontseiluaren beraren ihardunak ekar ditzakeen irabaziak.

c) Legez edo Araudi-bidez eman dakizkien beste guztiak.

 

2.- "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilu"-ak, urteoro, eta alor horretan erabilgarri diren legepideen arauera, bere diruegitamuaren egiterapenarekiko kontuak emango ditu.

 

3.- "Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua", jadanik egon edo etorkizunean jarri daitezkeen Autonomia-Elkartearentzako zergetatik iare egongo da, hoiegatikako berarizko zergadurua Kontseilua bera izan dedinaren baldintzapean, zerga-zorra inori leporatzea legez egin ezinekoa dela.

 

16. Atala

 

"Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua" Autonomia-Elkarteko Erakundegoren-mailako Erakundeei buruzko erabakietatik iare geldituko da.

 

IV ATALBURUA

GORADEIAK

 

17. Atala

 

"Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua"-ren egintzak, arduralaritza-legepean egon daitezenetan, arduralaritza-bideak bukatu egiten dituzte; hoiei arduralaritza-auzipideetatik jazarri ahal izango zaie, Aginte eremu horren Antolatze-Legearen arauera.

 

Behin-Behingo Erabakiak

 

Lehenengoa

 

Lehenengo Biltzar Nagusia eratu eta dagokion Batzorde Iraunkorra hautatu dedin artean, Izapide-Batzorde bat sortaraziko da; hori Kultura eta Turismo-Sailburuak ihardutze-arauak eta egitekoak zehaztuko dituen Aginduz eratuko du.

 

Bigarrena

 

Izapide-Batzordeak, Lege honen 4garren atalean esandako kideak Kontseiluan sartu daitezen beharrezko bideak indarrean jartzeko, Sail horrekin elkar hartuko du. Halaber, lehenengo Biltzar Nagusirako deiari eta gai-zerrendari buruz ere elkar hartuko dute.

 

Hirugarrena

 

Lehenengo Biltzar Nagusiak izendatu dezan Batzorde Iraunkorrak, sei hilabeteko epearen barruan, Biltzar Nagusiari Kontseiluaren Barne-Araudia aurkeztuko dio, onar dezan.

 

Hori onartu ondoren, Barne-Araudia Eusko Jaurlaritzari bidaliko zaio, Kultura eta Turismo-Sailaren bidez, dagokion legetasun-egiaztapena egin ondoren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea agindu dezan.

 

Azken Erabakiak

 

Lehenengoa

Eusko Jaurlaritzak Lege hau osabideratzeko eta egiteratzeko beharrezko izan daitezen manuak emango ditu.

 

Bigarrena

 

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dedin egunean bertan jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra