Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.

1989-07-06

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1989/7/28, 144. zk.; EAO, 2012/3/10, 60. zk.

§ 119. 6/1989 LEGEA, UZTAILAREN 6KOA, EUSKAL FUNTZIO PUBLIKOARI BURUZKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

      I.-      Administrazio Publikoa, funtsezko elementu da, zalantzarik gabe, gizarte modernuen garapena, aurrerapena eta ongi izatea lortu ahal izateko. Biztanlegoaren beharrei erantzutea xede duten zerbitzu eta sorozpen mailako egitekoak direla eta, arrunt leku nabarmena lortu du Administrazioak, poliki-poliki, agintaritza publikoen artean, izan ere, gizarte-sail ezberdinetatik etengabe eskatzen zaizkion zerbitzuak oso ugariak bait dira.

      Euskal herritarren aurrerakoitasun eta ongi izateko itxaropenei erantzuna emateko ezinbesteko bidetzat jotzen da Administrazioa eta esanahi berezia hartzen du Euskadin, izan ere, eduki eta ekintza zehatzetan gauzatzen den eginkortasuna eman behar bait dio autogobernuari.

      Hala ere, Legearen justifikabide diren helburuak betetzeak eta, arazoei benetako irtenbideak emango dizkien bide publiko, bizkor, emankor eta horiengandik hurbileko gisa, Lege hori antolatzeak eragozpen nabarmenak dakartzate, beste kasu batzutan ematen diren eragozpenez gain. Izan ere, Administrazio modernu baten taiuketa antolatzen ahalegin haundia egin behar da, Administrazio hori ihardunean jarriko duten giza-baliabideez hornitu eta, dituen helburuak betetzeko prozedura eta metodo egokiz, zerbitzu publikoen kudeaketaren ardura hartuz. Gainera, Administrazio berria sortze eta sendotze-prozesuak sortarazi dituen beste arazo batzuri ere eman behar zaie irtenbide, Administrazio horren hazte-erritmoa ez bait da beti aurre-plangintzaren ondorio izan, autonomi garapenaren bultzakaden ondorio baizik. Egoera horrek, alde batetik, Estatuko eta horren Erakunde Burujabeetako eraketa periferikoek dituzten estamentuek autonomi Administrazioak eratutako zerbitzu eta organu berriekin batera jokatu beharra ekarri du eta, bestetik, Administrazio honen eta honen zerbitzuan diharduten langileen arteko zuzentza-mailako modu askotako harreman ugari, horien errejimenak eta egoerak, ahaleginak egin baldin badira ere, modu askotakoak izaten jarraitzen dutela.

      Bestalde, euskal Administrazio kontzeptuak, erabat garatu dadin, guztientzako diren Instituzioak ezezik, Autonomia osatzen duten beste Administrazioak ere hartu behar ditu bere baitan. Eztabaidagarri ez den premisa hau oinarritzat hartuz, Administrazio Publiko guztien euskarri diren langileei tratamendu berdina eman behar zaie, zerbitzu egiten dioten erakundearentzat eskatzen den izaeraren aurkako liratekeen talde itxiak alde batera utziz.

      Euskal herritarrek dituzten beharrei erantzuteko administrazio-emankortasunak duen ezinbesteko euskarri den giza-elementua hartzen du kontutan lege honek, Administrazioa bere osoan razionalizatzen ahaleginduz, egon dauden behar zehatzei erantzun ahal izateko, indarrean dauden legeek eskaintzen dituzten bideen barruan egokien diren formulak bilatuz. Lege honek, Autonomi Estatutuko 10.4 atalean ohartemandakoak garatuz, euskal funtzio publikoak izan behar dituen egitura-urratsak eman eta funtzionarien estatutu-errejimena finkatzen du, Estatuak emandako oinarrizko legeei konstituzioaren aldetik izan beharreko errespetua gordez. Horiek horrela izanik ere, ez da ahaztu behar, legea euskal Funtzio Publikoa behin-betiko eratzebidera eramango duen ildoa besterik ez dela eta orain hasten den prozesu honen azken emaitza zehaztuko duten elementuak Administrazio bakoitzaren eguneroko ekintzak, Eusko Jaurlaritzari ematen zaion arau-garapenerako gaitasuna eta Legeak ohartematen dituen gainontzeko mekanismoak erabiltzea direla.

      II.-     Euskal Administrazio Publikoentzat, Arauketa baterakoirik gabe, erabat lurjota geldituko litzatekeen Funtzio Publikoaren euskal eredu bat lortzeko, lege honek eredu hori bideratzeko funtsezko elementu izan nahi du, horretarako, behar hainbat instrumentu artikulatuz. Alde horretatik, euskal autonomia osatzen duten Administrazio guztietako ia langilego oro hartzen du haren aginte-eremuak eta, aldi berean, hasierako eremua orekaz garatzeko beharrezko diren mekanismoak egituratzen ditu, horrek organizazio bakoitzari datxezkon ezaugarriak errespetatuz, faktore berdinek ezarritako egitura izateko bideak sortzen bait ditu.

      Geroko euskal Funtzio Publikoaren eraikuntzaan ezinbesteko osagarritzat jotzen den Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundea sortzen da, prozesu horretan derrigorrez lankide ariak izango direnak bildu eta parte hartzeko gune izan eta euskal Administrazio Publiko guztien langilegoarekiko politika osatu beharko duten neurriekiko koordinaketa, aholkularitza eta proposamenak egiteko goi mailako organu gisa hartuz.

      Autonomi Elkarteko Funtzio Publikoaren batasuna sendotzeko funtsezko faktoreetako bat aukeraketa egitea denez, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeari ematen dio Legeak aukeraketa-prozesu ezberdinak kidekatzeko gaitasuna, bai nahitaez epaimahaietako kide izanez, baita, batez ere, Erakunde Burujabe horren bidez, arauak administrazio ezberdinei aukeraketa egiteko eskaintzen dien aukeraz ere. Azken mekanismo honen bidez, aukeraketak egiteko guztientzakoa izango den organu bakarra lortzeko bidea zabaltzen da, hori poliki-poliki ezartzea euskal Administrazioen beren borondateak finkatuko duela. Hain garrantzi handiko gai honetan komeniko litzatekeen erizpide-batasuna lortzeko bide hori, Kidegotan edo antzeko Eskaletan sartzeko prozesuak kidekatzeko gutxieneko edukiak finkatzeko Jaurlaritzari emandako gaitasunaz amaitzen da.

      III.-    Legeak sistemaren egituraketak oinarri duen muintzat jartzen ditu lanpostu-zerrendak, administrazio-karrerako funtsezko elementu, lansari-sistemaren muinik garrantzizkoen eta, batez ere, administrazio-egiturak arrazoibideratzeko eragile bilakatuz. Lanpostuak eratzeko erabili behar diren funtsezko irizpideak eta prozedura-bideak ezartzen ditu legeak, baina lanpostu-zerrenda horiek erakundearen beharren benetako adierazpide izan behar dute beti eta horretan datza horien indarra. Ondorioz, lanpostu-zerrenda horiek izakera dinamikoa dute eta horrek Administrazio Publikoaren helburuak betetzeak eskatzen duen etengabeko egokiketa-prozesuari jarraitu beharra dakar, beharrak aldatuz bait doaz.

      Era berean, funtzionariak Kidego eta Eskaletan biltzea ohartematen du legeak, horiek izatea lanpostu-zerrendak eratzeko beharrezko osagarri bait da eta honek sartzeko eta barne-mailatan gora egiteko guztientzako saioak arrazoibideratzeko bideak eskaintzen ditu. Argi eta garbi zehazten ditu legeak Sailen egitekoak eta hauek Funtzio Publikoaren egituran txertatzeko modua eta, aldi berean, agiango interes korporatibisten eraginak, iraganeko haizekeria patrimonialistak baztertuz, lanpostu-zerrendei, hauek euskal Funtzio Publikoaren lokarri-elementu direnez, ematen zaien lehentasuna bazter uztea eragozteko neurriak artikulatzen ditu. Gehigarrizko erabakietan, ematen zaizkien egitekoak kontutan hartuz onentzat jotzen diren Kidegoak sortzen ditu legeak, karrera edo lanbide batek bereak dituen eduki bateratzaileka eta administrazio-ihardun guztiei ohizkoak zaizkien kudeaketa-eginkizunak betetzearen arabera egituratuz.

      IV.-    Legeak, bere IV. Idazpuruan, funtzionari publikoen estatutu-errejimena jasotzen du, egoera horretara heltzeko eta funtzionari izatea galtzeko direlako moduak arautzen ditu eta hiru zutaberen gainean eraikitzen da administrazio-karrera: Gradua, barne-mailatan gora egitea eta tokiz aldatu ahal izatea. Azkenik, estatutu-errejimenari buruzko gainontzeko aldeak artikulatzen ditu, Funtzio Publikoaren beste ordenamenduetan ohizko izan denaren antzera, zenbait berarizkotasunen kaltetan gabe, eta horiek, garrantzi gutxikoak edo batipat teknika mailakoak direnez, ez dute beste inolako oharpiderik behar.

      V.-     Zerbitzu egiten dion herriaren bidezko eskabideei erantzungo dien elebidun Administrazioa sortzea ezin alboratuzko beharra denez, Funtzio Publikoaren hizkuntz normalkuntzari heltzen dio legeak bere V Idazpuruan. Horretako, bere formulazioa egiten du legeak, horrela, hizkuntz eskakizuna, lanpostuak berekin daraman elementutzat hartuz, oinarri izanik, aurreko legeetan egindako egiturari jarraiki. Ikuspuntu hau oinarritzat hartuz, funtzio publikoaren eremuari buruzko arau-formulazioak hiru alderi eragiten die: Agintze-indarra erabilgarri izan daitekeen uneari begira era ezberdina izango duen hizkuntz-eskakizuna lanpostuan sartzeko baldintza gisa sortzea; sartzeko deiak hizkuntz beharrei egokitzea, dauden eskabideei erantzuteko behar hainbateko giza-baliabidez hornitu ahal izateko Administrazioei bide emanez, eta, azkenik, hizkuntz eskakizuna eskatzerik ez denean, euskeraren ezagupena merezimendu gisa neurtzea.

      VI.-    Euskal Funtzio Publikoa osatzen duten langileen arauketa osatuz, lan-itunepeko eta behin-behingo langilegoa eta bitarteko funtzionariak hartzen ditu barne legeak. Estatutu-errejimena berdin ezartzea ohartematen da hauentzako, horien zerrendaren nolakoak berak dakartzan ezberdintasunak izan ezik, eta bestalde, aldi baterako sortu eta justifikatzen diren egoerek berenez ez duten iraupen-maila lortzea eragozteko beharrezko mekanismoak jartzen ditu.

      VII.- Aldi baterako erabakiek, funtsean, araupide-eremu berriari egokitzeko beharrezko neurriak, hori behin-betiko finkatu arteko aldi baterako errejimena eta, lege honek beteko duen araupide-eremurik ez zegoelako, haien lan-zerrendaren nolakoak eskatzen zuen estatutuan sartzerik izan ez zuten eta, beraz, Administrazioari aldi baterako zerbitzu egitera behartuta gelditutakoak euskal Funtzio Publikoan sartzeko bideei heltzen die. Era honetan, orain arte lan-zerrenda finkoan sartzea galerazia zutenen bidezko eskabideei erantzuten zaie, horretako, berarizko lege-manuz edo jurisprudentzia-erizpidez horiek justifikatzearen kaltetan gabe, behar bezala egiaztatutako gaitasun-gradua onartu eta ebaluatzeari bide emango dien prozedurak erabiliz.

I IDAZPURUA

EUSKAL ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEGOAZ

I ATALBURUA

ERABAKI NAGUSIAK

1. Atala

      1.-     Euskal Herriko Autonomi Estatutuko 10. atalaren 4. idazatiak dioenaren arabera, lege honen helburua euskal Funtzio Publikoaren eta hori osatzen duen langilegoaren errejimen juridikoaren eraketa eta arauketa egitea da.

      2.-     Egitekoak betetzeko inpartzialtasun eta profesionaltasun eta, interes orokorrak kudeatzeko, eragingarritasun eta objetibotasun-irizpideen arauera eratzen da euskal Funtzio Publikoa.

2. Atala

      1.-     Honako langilego haueiei ezarriko zaie lege hau:

a)   Euskadiko Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorraren eta honen Erakunde Burujabeen zerbitzukoari,

b)   Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren zerbitzukoari,

c)   Lan-Harremanetako Kontseiluaren zerbitzukoari,

d)   apirilaren 2ko 7/85 Legeko 5. atalak dioenaren arabera, foru eta toki-Administrazioen zerbitzuetakoari,

e)   abuztuaren 25eko, Unibertsitatearen Eraberrikuntzako 11/1983 Oinarri-Legean ohartemandakoen arabera, Euskal Herriko Unibertsitatearen zerbitzukoari, eta hori, unibertsitate-burujabetasunari begirune izatearen kaltetan gabe, eta

f)    Batzar Nagusien zerbitzukoari.

      2.-     Lan-itunepeko langilegoak lan-Zuzenbideko arauak eta hura berariz aipatzen duten lege honetako aginduak izango ditu jaurpide.

      3.-     Lege hau ezarriz, arau bereziak eman ahal izango dira, legea osasun, irakaskuntza eta ikerlaritza-langileen berezitasunei egokitu ahal izateko.

      4.-     Lege honek ordezkotza-izakera du, legearen ezarpen-eremuak hartzen ez dituen euskal Administrazio Publikoen zerbitzuan diharduten langile guztientzat.

      5.-     Lege honetako euskal Administrazio Publikoei buruzko aipamenak, atal honetako lehenengo idazatian jasotzen direnei buruzkotzat joko dira.

II ATALBURUA

EUSKAL ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEGOA

3. Atala

      Honako hauek osatzen dute lege honen ezarpen-eremuak hartzen duen euskal Administrazio Publikoen zerbitzuko langilegoa:

a)   karrerako funtzionariek,

b)   bitarteko funtzionariek,

c)   behin-behingo langileek, eta

d)   lan-itunepeko langileek.

III ATALBURUA

ORGANUAK ETA HORIEI DAGOZKIENAK

I SAILA

GOI MAILAKO ORGANUAK

4. Atala

      Funtzio publikoan honako hauek dira goi mailako organuak:

a)   Eusko Jaurlaritza,

b)   Lehendakaritza, Zuzentza eta Autonomi Garapeneko Saila, eta

c)   Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua.

II SAILA

EUSKO JAURLARITZA

5. Atala

      Honako hauek dagozkio Eusko Jaurlaritzari:

a)   funtzio publikoaren arloari buruzkoan legegintza eta araudigintzarako ahalmena baliatzea,

b)   titulazio-Talde bakoitzari dagozkion gutxieneko eta gehieneko mailak zehaztea,

c)   Lan eta Gizarte-segurantzako Sailak proposatuta eta gai den Administrazioaren eremuan ordezkotzarik haundiena duten sindikaritza-erakundeei iritzia eskatu ondoren, Euskal Administrazioen zerbitzuko langilegoak greba egin dezan kasuetako, gutxieneko zerbitzuak bermatzeko beharrezko neurriak hartzea,

d)   Lehendakaritza, Zuzentza eta Autonomi Garapeneko Sailburuak proposatuta, Autonomi Elkarteko Administrazioko langilegoari buruzko politika orokorra jartzea,

e)   Autonomi Elkarteko ordezkariek, lan-baldintzei buruz, funtzionarien ordezkariekin izan ditzaten negoziaketetan haiei atxiki beharko zaizkieneko jarraibideak eta artezpideak ematea eta, hala behar izanez gero, lortutako akordioei balioa eta indarra ematea,

f)    Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren ordezkariek langilegoarekiko harreman kolektiboetan erabili beharreko dituzten ekintza-erizpideak finkatzea eta lortutako akordioak onartzea,

g)   Euskal Autonomi Elkartearen zerbitzuko funtzionarien lansari-errejimenari eta gainontzeko langileen lansari-baldintzei ezartzeko arauak eta artezpideak urtero jartzea,

h)   Autonomi Elkarteko Administrazioaren eremuan, lanpostuen sailkapen-erizpideak finkatzea eta haien zerrendak onartzea,

i)    Autonomi Elkarteko Administrazioko enplegu publikoaren urteroko eskaintza onartzea,

j)    euskal Administrazio Publikoetako enplegu publikorako eskaintza bateratua onartu eta argitaratzeko, erizpide eta artezpide nagusiak, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluak proposatuta, jartzea,

k)   zerbitzutik behin-betiko aldentzeko zigorra ekar dezatenean, Autonomi Elkarteko Administrazioko funtzionarien aurka hasiera emandako zigor-espedienteekiko ebazpen-proposamenei erabakia ematea, eta

l)    indarrean dauden araupideek eman diezazkioten gainontzeko eginkizunak betetzea.

III SAILA

LEHENDAKARITZA, ZUZENTZA ETA AUTONOMI GARAPENEKO SAILA

6. Atala

      1.-     Honako hauek dagozkio Lehendakaritza, Zuzentza eta Autonomi Garapeneko Sailari:

a)   Funtzio Publikoari dagozkionetan arau orokorrei buruzko proiektuak eratzea eta, Funtzio Publikoaren gaiekiko arloei dagozkienetan, lege-aurreproiektuekiko eta manu orokorrei buruzko proiektuekiko txostena derrigorrez egitea,

b)   zerbitzuko etekina hobetzeko eta lagilegoak barne-mailatan gora egiteko diren neurriak eta arioak suztatzea, koordinatzea eta, hala behar izanez gero, egiteratzea,

c)   Autonomi Elkarteko Administrazioaren Funtzio Ppublikoari buruzko politika Jaurlaritzak emandako artezpideen arabera garatzea, bultzatzea, koordinatzea eta kontrolatzea,

d)   Autonomi Elkarteko Administrazioaren zerbitzuko funtzionarien lansari-errejimenaren eta gainontzeko langilegoaren lansari-baldintzen ezarpena Jaurlaritzari urtero proposatzea,

e)   enplegu publikoaren urteroko eskaintza eta lanpostuen zerrendak eratu eta Jaurlaritzari, horiek onar ditzan proposatzea,

f)    langilego-erroldearen ihardunerako arauak jartzea,

g)   langilego-arloan ikuskaritza orokorra egitea eta, Funtzio Publikoari dagozkionetan, ezarpen orokorreko arauak bete daitezen zaintzea,

h)   funtzionarien eta lan-itunepeko langilegoaren ordezkariekin negoziatzeko Autonomi Elkarteko Administrazioaren ordezkotza zehaztu eta hori gainontzeko Administrazioetako Funtzio Publikoaren arloan gaitasuna duten organuen aurrean izatea,

i)    karrerako funtzionari edo lan-itunepeko langile finko izatera iristeko baztertze-indarreko saioetarako oinarriak, egitarauak eta horien edukia jartzea, horietarako deia egitea, horietako epaimahaiak izendatzea eta saioak gainditu dituztenak izendatzea, jabetza ematea eta, hala behar izanez gero, akuratzea,

j)    funtzionarientzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko merezimendu-lehiaketetarako deiak egitea eta horiekiko ebazpena ematea,

k)   doakion Sailaren edo Erakunde Burujabearen txostena aztertu ondoren, funtzionarien administrazio-egoerak aldarrikatzea eta ihardunera berriro sartzeko baimena ematea,

l)    zergati objetiboegatik edo zigor-espediente bidez norbait kanporatu dutelako, lan-itunepeko langilego finkoaren akurapena amaitzeari eta, bidezkoa denetan, akurapena etetzeari buruzko ebazpena ematea,

m)  beste Administrazio Publikotan lan egiteko edo Sailez aldatzea dakarten zerbitzu-ordezkotzak ematea eta, funtzionari sartu-berriak lanposturako, baita Sailez aldatzea ekar dezanean ere, aldibatez atxikitzea,

n)   norbere mailak lortu eta aldatzeari eta, hirurtekoetako, Administrazioan lehen egindako zerbitzuei onarpena ematea,

ñ)   Jaurlaritzak onartutako banaketa-erizpideen arabera, emankortasun-osagarriagatikako zenbatekoak banan bana izendatzea eta egindako ohizkoez besteko zerbitzuengatik gain sariak ematea,

o)   bitarteko funtzionariak izendatzea eta lantokitik kentzea, eta

p)   indarrean dagoen araupideak eman diezazkion egiteko guztiak eta beste organu batzuri berariz eman gabe daudenak betetzea.

      2.-     Lehendakaritza, Zuzentza eta Autonomiaren Garapen-Saileko organuek beteko dituzte aurreko idazatian aipatzen diren egitekoak, Sail horren egitura organikoari buruzko dekretuan horretarako jar dadin egiteko-banaketaren arabera.

      3.-     Lehendakaritza, Zuzentza eta Autonomi Garapeneko Sailburuak eta doakion Saileko edo Erakunde Burujabeko arduradunak batera proposatuta, Jaurlaritzak, 1 idazatiko i), j), k), l), m), n), ñ) eta o) letretan, irakasle eta osasuneko langileei buruzkoan aipatzen diren agintepideak, zerbitzuen eginkortasunak hala eska dezanean, Sail edo Organu Burujabeei eman ahal izango dizkie.

IV SAILA

FUNTZIO PUBLIKOAREN EUSKAL KONTSEILUA

7. Atala

      1.-     Euskal Administrazio Publikoen arteko koordinakuntzako, aholkularitzako eta horietako langilego-politika osatzen duten neurriak proposatzeko eta Administrazio horien zerbitzuko langilegoaren partaidetzako goi mailako organu kolejiatua da Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua.

      2.-     Kontseiluaren txosten eta proposamenek ez dute behartze-indarrik izango.

      3.-     Kontseiluak eraketa eta ihardunerako bere arauak egin eta gai ezberdinetako adituekin lan-taldeak osatu ahal izango ditu.

8. Atala

      Honako hauek dagozkio Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluari:

a)   Funtzio Publikoaren alorreko lege-aurreproiektuekiko txostenak bi hilabeteko epearen barruan egitea,

b)   Funtzio Publikoaren arloko gaiei doazkienean, Jaurlaritzak onarpena eman beharreko erabaki-proiektu nagusiei, foru Erakundeek gerta ditzaketen erabakiei eta udal-Batzarrek osoko bilkuran onartu beharreko barne-jaurpideko araudiei buruzko txostenak hilabeteren barruan egitea,

c)   Funtzio Publikoaren arloan Estatuko Administrazioaren lege-aurreproiektuek eta erabaki nagusiek euskal Administrazio Publikoetan izan dezaketen eragina aztertzea eta koordinakuntzarako neurri egokiak proposatzea,

d)   Euskal Administrazio Publiko guztietako Funtzio Publikoa eta langilego-politika elkarri egokitzeko beharrezko diren neurriak eta, bereziki, langilego-erroldeari, sarrera-sistemei, lanpostuen zerrendei, gora egite eta administrazio-karrerari, funtzio eta lansari-mailako kidekaketari eta enpleguarekiko eskaintza publikoari buruzkoak eztabaidatzea eta proposatzea,

e)   Euskal Administrazio Publikoen zerbitzuko langilegoa euskalduntzeko eta Administrazio horien erakuntza eta iharduera hobetzeko neurriak proposatzea, eta

f)    Gai den organuak horrela eska dezanean, euskal Administrazio Publikoen langilegoari buruzko erabaki eta ebazpenekiko txostena ematea eta Administrazioetako kideren batek bete-betean dagozkion gaiei buruz, aztertzeko eman diezazkion gaiez arduratzea eta horiekiko txostena egitea.

9. Atala

      Honako hauek izango dira Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluko kide:

a)   Lehendakaritza, Zuzentza eta Autonomi Garapeneko Sailburua, hau buru izango dela,

b)   Administrazio eta Funtzio Publikorako Sailburuordea,

c)   Funtzio Publikoaren Zuzendaria, hau idazkari izango dela,

d)   Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaria,

e)   Osakidetza/Euskal Osasun-Zerbitzuko Langilegoaren Kudeaketako Zuzendaria,

f)    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa-Saileko Langilegoaren Kudeaketako Zuzendaria,

g)   Foru Diputazio bakoitzeko Foru Diputatu bana, Diputatu Nagusiak izendatuta,

h)   Udal-Batzarren hiru ordezkari, euskal toki-erakundeen elkarte edo federakuntzek bakoitzak duen ordezkotzaren heinean izendatuko dituztela, eta

i)    Sindikaritza-erakundeek euskal Administrazio Publikoetan duten ordezkotzaren heinean izendatuko dituzten hamabi langile-ordezkari.

V SAILA

SAILAK

10. Atala

      1.-     Honako hauek dagozkio Sail bakoitzari, honi atxikitako langilegoari dagozkionetan:

a)   Behin-behingo langileak izendatzea eta lan-itunepeko aldi baterako langileak akuratzea,

b)   Konpatibilitate-espedienteak ebaztea,

c)   Dei publikoa egin ondoren, izendapen jareko lanpostuak betetzea,

d)   Derrigorrezko eta gorputzeko ezinaren ondoriozko jubilazioak aldarrikatzea,

e)   Lanpostuen zerrendak proposatzea,

f)    Lanpostuak betetzeko aldi baterako izendatzea eta zerbitzu-ordezkotzak ematea, Sailez aldatzea ekar ez dezatenean,

g)   Funtzionarien eta lan-itunepeko langilegoaren ordezkariekin negoziatzeko Sailaren ordezkariak izendatzea,

h)   Indarrean dauden erabakien arabera, zentzapide-aginteez baliatzea, lan-itunepeko langileren bat zerbitzutik behin-betiko aldendu eta kanporatzea izan ezik,

i)    Baimenak ematea, eta

j)    Orohar, langilegoaren buruzagitza eta administrazio-ekintzak eta ohizko kudeaketa egitea, baita indarrean dauden araupideek eman diezazkioten beste ekintza guztiak ere.

      2.-     Saileko organuek beteko dituzte aurreko idazatian aipatzen diren egitekoak, egitura organikoari buruzko dekretuan horietarako jar dadin banaketaren arabera eta araudiz erabaki daitezen prozedura-arauei atxikiz.

      3.-     Atal honetan aipatzen diren egitekoak, behin-behingo langileak izendatzekoa ez besteak, Erakunde Burujabeetako Zuzendariei dagozkie, horiei atxikitako langilegoari dagozkionetan.

VI SAILA

HERRIOGASUN ETA DIRUBIDEETAKO SAILA

11. Atala

      Honako hauek dagozkio Herriogasun eta Dirubideetako Sailari:

a)   Autonomi Elkarteko Administrazioko langilegoaren gastuak atxiki beharko zaizkien artezpideak, ekonomia eta aurrekontu-politika orokorraren barruan, Jaurlaritzari proposatzea,

b)   Gastuetan aldaketaren bat ekar dezaketen lanarigoarekiko neurriei buruzko txostena egin eta, hala behar izanez gero, horiek arteztea, eta

c)   Aurrekontu-zerrendak Lehendakaritza, Zuzentza eta Autonomi Garapeneko Sailarekin eratzea.

VII SAILA

GAINONTZEKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO JAURTZE-ERAKUNDEAK

12. Atala

      Gainontzeko euskal Administrazio Publikoetan, horietako bakoitzeko jaurtze-erakundeak beteko ditu funtzio publikoari buruzko egitekoak, horiei ezarri beharreko berarizko arauetan aitorturik izan ditzaten ahalpideen arabera.

II IDAZPURUA

FUNTZIO PUBLIKOA EGITURATZEAZ ETA ANTOLATZEAZ

I ATALBURUA

LANPOSTU-ZERRENDAK

13. Atala

      Euskal Administrazio Publikoek bere barne-egiturak arrazoibideratu eta eratu, langilego-beharrak finkatu, lanpostuetan jarduteko eskatutako baldintzak zehaztu eta horietako bakoitza sailkatzeko baliabidea dituzte lanpostu-zerrendak.

14. Atala

      1.-     Lanpostu-zerrendek aurrekontuetan diruz hornitutako lanpostu guztiak hartu beharko dituzte, funtzionarientzat, lan-itunepeko lanari finkoentzat eta behin-behingoentzat gordetakoak bereiziz.

      2.-     Funtzionarientzat gordetako lanpostuetan beste Administrazio Publikoetako funtzionariek lor ditzaketen lanpostuak horiek betetzeko doakion sistemaz finkatuko dira.

15. Atala

      1.-     Lanpostu-zerrendek honako hauek adieraziko dituzte nahitaez horietako bakoitzeko:

a)   Izena,

b)   Atxikita dagoeneko Saila edo Zuzendaritza,

c)   Dedikazio-errejimena,

d)   Hori betetzeko eskatutako baldintzak, horien artean derrigorrez hizkuntz eskakizuna eta horrek indarra galtzen dueneko eguna, eta

e)   Bakoitzean beharrezko izan dadin zein Talde, Kidego edo Eskala edo lan-kategoriatan sartuta dagoen. Lanpostuak Talde bati baino gehiagori aukeran eman ahal izango zaizkie, beti ere horietako maila-artekoan sartutakoak balira behintzat.

      2.-     Funtzionarientzat gordetako lanpostuetan, honako hauek ere adieraziko dira:

a)   Lanpostuari eman zaion maila, 1etik 30era bitartekoa,

b)   Lanpostuak betetzeko sistema, eta

c)   Izendatua duten berarizko osagarria.

16. Atala

      Lanpostuen zerrendak, eta horietan izan daitezkeen aldaketak Euskal Agintaritza-Aldizkarian argitaratuko dira; edota, Foru Diputazioetakoak edo Udalbatzarretakoak direnean, Kondaira-Lurraldekoan.

17. Atala

      Aurrekontuetan ohartemandakoei egokituko zaizkie lanpostu-zerrendak, eta ez dute jasoko dagokion ekitaldirako aurrekontu-zerrendetan ohartemandako kredituek erantzun ezineko diru-hornidura duen lanposturik.

18. Atala

      Egitura organikoan egin daitezen aldaketak onartzeak, aldi berean, horiei dagozkien lanpostuen zerrendak onartzea ere eskatuko du. Nolanahi ere, lanpostuen zerrenden bidez sortu, aldatu edo kenduko dira lanpostuak.

19. Atala

      1.-     Euskal Administrazio Publikoetako lanpostuak funtzionariek beteko dituzte eskuarki.

      2.-     Lan-itunepeko langile finkoentzat honako hauek bakarrik gorde ahal izango dira:

a)   Egitekorik nagusiena ofizio batetan jardutea duten lanpostuak, eskuzko teknikak erabiltzea batez ere beharrezko izan eta horiek betetzeko ikasketa-titulaziorik behar ez dezanekoan,

b)   Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa-Sailaren menpeko ez diren irakaskuntza edo gaikuntza-zentruei atxikitako irakaskuntza-lanpostuak,

c)   Eraikuntzei, tresneriei eta antolapideei bere onean eusteko eta iraunarazteko alorrei, arte grafikoei eta inkestei dagozkien tresnerietako lanpostuak, horien egitekorik nagusiena zerbitzuek jarduteko beharrezko den azpegiturari berari eustea edo erabakiak hartzeko beharrezko diren azterlanak ahalbideratzeko datu objetiboak eskaintzea bait da,

d)   Izaera bereziko lanpostuak, horietan jarduteak heziketa akademiko zehatzik behar ez duenean, eta egon dauden Kidego edo Eskaletako langileek bete ezin dituztenean eta izan duten edukia dela eta Kidego edo Eskala berriak sortzea aholkagarri egin ez dezatenean,

e)   Kudeaketako organu bereziei, foru eta tokiko Erakunde Burujabeei eta Autonomia Elkarteko Administrazioaren merkataritzako Erakunde Burujabeei atxikitako lanpostuak, menpeko direneko Administrazioaren aldetiko agintaritza-iharduketa, nahitaezko lege-aholkularitza, herri-sendesmena, ikuskaketa, zaingoa edo ekonomi eta dirubide-kudeaketaren arakaketa dakartenak salbuetsiz, horrelakoetan funtzionarientzat gordeko bait dira, eta

f)    Duten izaera edo atxikita daudeneko organu edo banakoek bete dezaten zerbitzuaren zernolakoak kontutan izanik, Eusko Legebiltzarraren legez finka daitezen lanpostuak.

II ATALBURUA

AURREKONTU-ZERRENDAK

20. Atala

      Funtzionari Talde eta Kidego bakoitzari eta lan-itunepeko langilegoa sailkatuko deneko kategoria bakoitzari dagozkien aurrekontu-zerrendak edo hornitutako lanpostu-zerrenda euskal Administrazio Publikoetako aurrekontuek finkatuko dituzte.

21. Atala

      1.-     Funtzionariei dagozkien aurrekontu-zerrendek, ondoren aipatutako kontzeptuen arauera eratutako kreditu-horniduren zerrenda emango dute:

a)   Talde bakoitzari dagozkion oinarrizko lansariak,

b)   Maila bakoitzeko lanpostuei dagozkien lan-izendapenagatikako osagarriak,

c)   Izendatuak dituzten lanpostuen berarizko osagarriak, eta

d)   Emankortasun-osagarria, gastu-egitarau bakoitzak hartzen duen langilegoaren erabateko gostearen ehunekotan adierazia.

      2.-     Lan-itunepeko langilegoari dagokionez, dagozkien kreditu-hornidurak ere sartuko dituzte aurrekontu-zerrendek, ezarri beharreko izan daitezen itune kolektiboetan jarritakoaren arabera ordaingarriak diren lansari-kontzeptuei jarraiki eratuak.

      3.-     Langilegoaren eskubide izan litezen gain sariak eta kalte-ordainak ordaintzeko, orotariko hornidurak ere jarriko dira aurrekontuetan. Ekonomi eskubideak aitor ditzaten epaimahaiek sendetsitako epaiak betearazteko jarritako diruek ere azaldu beharko dute, baita iraunkortasunik edo aurrez ikusi gabeko lanpostuei ez dagozkien presakako edo noizbehinkako lanei aurre egiteko jarritakoek ere.

      4.-     Behin-behingo langilegoarentzako horniduretan lanpostu bakoitzarentzat finkatutako lansaria banaka adieraziko da.

III ATALBURUA

ENPLEGU PUBLIKORAKO ESKAINTZA

22. Atala

      1.-     Euskal Administrazio Publikoek urtearen lehenengo hiruhilabetekoaren edo, hala behar izanez gero, aurrekontuak onartu eta ondorengo hiru hilabeteen barruan onartuko eta emango dute argitara enplegu publikorako eskaintza.

      2.-     Enplegu publikorako eskaintzak, honako hauek adieraziko ditu:

a)   Aurrekontuetan diruz hornituta egon eta betetzeke dauden funtzionarien ta lan-itunepeko langile finkoen lanpostuen kopurua lan-kategoriaka edo funtzionari-Taldeka, Kidegoka eta Eskalaka sailkatuta, baita nahitaezko jubilazioz urte-barruan izan behar dutenena ere,

b)   Dagokion aurrekontu-urtean bete behar diren lanpostuak eta gainerakoak bete beharreko garaiaren aintzin-usteak, eta

c)   Araudiz finka daitezen gainerako xehetasunak.

      3.-     Enplegu publikorako eskaintzan betetzeko hitz emanik dauden lanpostuak ez da kentzerik edo eraldatzerik izango, ez eta horietaz bestelako lanpostuak betetzeko baztertze-indarreko saioetarako deirik egiterik ere.

23. Atala

      Enplegu publikorako eskaintza Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian argitaratuko da, edota foru Diputazioek nahiz Udalbatzarrek egina denean, dagokion Kondaira-Lurraldeko Aldizkarian.

24. Atala

      Enplegu publikorako egin duten eskaintza Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian argitaratu ondorengo hilabetearen barruan, dei horretan jasotako lanpostutarako baztertze-indarreko saioetarako dei egingo dute euskal Administrazio Publikoek.

IV ATALBURUA

LANGILEGOA AUKERATZEA

25. Atala

      1.-     Euskal Herri-Administrazioek ageriko deialdiz eta nornahirentzako norgehiagoka, lehiaketa edo norgehiagoka-lehiaketa bidez aukeratuko dute euren langilegoa, funtzionaria zein lan-itunepekoa izan, horietan, agiritasun, berdintasun, merezimendu eta gaitasun-erizpideak bermatuko direla.

      2.-     Egin beharreko saio-moeten eta bete beharreko egitekoen edukiaren arteko egokitzapena gordeko dute aukeraketa-prozedurek; horretarako, orotariko edo berarizko ezagupen-saio teorikoak eta praktikoak, test psikoteknikoak, elkarrizketak, baztertze-indarreko gaikuntza-ikastaroak, praktika-aldiak eta baztertze-indarreko prozeduraren objetibotasuna, zentzuzkotasuna eta funtzionaltasuna bermatzeko egokiak izan daitezen gainerako sistemak erabili ahal izango dira.

26. Atala

      1.-     Izan nahikoen jakite-maila zehazteko eta horiek aukeraketan duten lehentasun-hurrenkera finkatzeko, gaitasun-saio teorikoak eta praktikoak egitean datza norgehiagoka.

      2.-     Izan nahikoek emandako eta egiaztatutako merezimenduak dagokion deialdian ezarritako taularen arauera kalifikatzean datza, eta ez beste ezertan, lehiaketa, horiek aukeraketan duten lehentasun-hurrenkera finkatuz.

      3.-     Gorago aipatutako bi sistemok aukeraketa-prozeduran hurrenez-hurren gauzatzean datza norgehiagoka-lehiaketa, eta lehiaketa-aldiaren baloraketa ez da inoiz norgehiagokan lor daitekeen gehieneko puntuaketaren ehuneko berrogeita bostetik gorakoa izango.

27. Atala

      Karrerako funtzionariak eta langilego finkoa norgehiagoka bidez aukeratuko da, edo norgehiagoka-lehiaketa bidez, bete beharreko egitekoen nolakoa dela eta, merezimenduak edo esperientzia baloratzea egoki gertatuko balitz. Salbuespen gisa, aukeraketa lehiaketaz gauzatu daiteke, baldin eta, zernolako bereziak dituen lanpostua izanik, jakineko merezimenduak dituen, berarizko esperientzi maila edo ezagupenei buruzko saio objetiboen bidez ezin egiazta daitezkeen baldintzak dituen langilegoak bete behar baditu.

28. Atala

      Karrerako funtzionari izatera iristeko baztertze-indarreko saioetarako deiek, aurrez aipatutakoez gain, trebaketa-ikastaroak zein praktika-aldiak burutzea jarri ahal izango dute aukeraketa-prozedurako beste fase gisa.

      Ikastaroetara eta praktika-aldietara irits daitezen izan nahikoen kopurua ez da deian emandako lanpostuena baino haundiagoa izango eta praktiketan dabiltzan funtzionari izendatuko dira horiek. Egoera horretan dauden bitartean, nolanahi ere, titulodun Taldearen oinarrizko lansariak jasoko dituzte eta Talde horri emandako lan- izendapenagatikako osagarriaren gutxieneko mailaren baliokidea izango dute.

      Trebaketa-ikastaroak eta praktika-aldiak bat eginda ez dute hemezortzi hilabetetik gora iraungo eta, deian ohartemandako kalifikatze-prozeduraren arabera, horiek ez gainditzeak izan nahikoa aukeraketa-prozesutik kanpo uztea eta funtzionari izateko izan litzakeen eskubideak galtzea ekarriko du.

29. Atala

      1.-     Euskadiko Autonomi Elkarteko eta horko Erakunde Burujabeetako funtzionari izatera iritsi aurretiko baztertze-indarreko trebaketa-ikastaroak Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak emango ditu.

      2.-     Gainerako euskal Administrazio Publikoen zerbitzuko langilegoa aukeratzea edo, hala behar izanez gero, funtzionari izatera iritsi aurretiko baztertze-indarreko trebaketa-ikastaroak egitea, aipatu Erakundeak horretako izenpetutako itunez burutu ahal izango ditu.

      Itune horiek baliokidetzat aldarrikatutako Kidego eta Eskaletan sartzeko izenpetuko dira batipat.

30. Atala

      1.-     Euskal Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionari edo langile finko izateko baztertze-indarreko deiek, nahitaez, honako hauek jaso beharko dituzte:

a)   Lanpostu hutsen kopurua, Taldea, Kidegoa eta Eskala edo zein lan-kategoria dagokien eta barne-mailatan gora egiteko uzten den ehunekoa,

b)   Izan nahikoek bete behar dituzten baldintzak,

c)   Saioak, egitarauak eta, behar balitz, merezimenduen zerrenda, baita baloraketarako erizpideak eta arauak ere,

d)   Aukeraketarako epaimahaiaren edo teknika-organuaren osakera, eta

e)   Hala behar izanez gero, baztertze-indarreko ikastaroaren edo praktika-aldiaren zernolakoak finkatzea.

      2.-     Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluak proposatuta eta Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak erizpen-idazkia egin ondoren, karrerako funtzionari eta lan-itunepeko langile finko izatera iristeko berdinak izango diren gutxieneko egitarau eta eduki bateratzaileak jarriko ditu Jaurlaritzak, nolanahi ere, horietako bakoitzean sartzeko direnak errespetatuz.

31. Atala

      1.-     Aukeraketarako epaimahaiak edo teknika-organuak erabat burujabe izango dira euren egitekoetan, prozeduraren objetibotasunaren erantzukizuna izango dute eta deian ematen diren oinarriak beteko direla bermatuko dute.

      2.-     Epaimahaiak osatzean arreta haundiz zainduko da espezialitate-erizpidea betetzea. Epaimahaikideetatik erdiak behintzat izan beharko du sartzeko eskatutako ezagupen-alor bereko titulazioa, eta denek izan beharko dute ikasketa-maila bereko edo goragoko titulazioa. Epaimahaietan beti izango da Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak izendatutako ordezkari bat, eta beste bat langilegoarena, sindikatuetako ordezkaritzak izendatua.

      3.-     Aukeraketa-aldiak dituen saio guztietako edo batzuetako, epaimahaiek beren lanetarako aholkulariak hartu ahal izango dituzte, eta hauek beren teknika-berarizkotasunetan aritzera mugatuko dira.

32. Atala

      1.-     Aukeraketarako epaimahaiek edo teknika-organuek aukeratutako izan nahikoen kopurua eta deiaren gai den lanpostu-kopurua berdina izango da, mugapen hori hausten duten proposamenak erabat eta berez baliorik gabeak bait dira.

      2.-     Aukeraketarako epaimahaien edo teknika-organuen erabakiak izendaketa dagokion organuarentzat baztertze-indarrekoak izango dira, honek, Arduralaritza-Auzipidetarako legean ohartemandakoaren arauera, ikuskatu ahal izatearen kaltetan gabe.

33. Atala

      1.-     Bitarteko funtzionariak eta aldi baterako langilegoa arauz jarritako prozedurari jarraiki aukeratuko dira, agiritasun, berdintasun, merezimendu eta gaitasun-erizpideak kontutan izanik eta ahalik eta bizkorren jokatzen saiatuz. Dena dela, bitarteko eta aldi baterako langile-goak titulaziori buruzko eskakizun nagusiak eta aldikotasunez beteko duten lanpostura iristeko edo bete behar duten egitekorako eskatutako gainerako baldintzak bete beharko dituzte.

      2.-     Gizartetik baztertutako jendea birgizarteratzea suztatu ahal izateko, euskal Administrazio Publikoek bere aldi bateko lanbide-egitarauak jarri, edo herri nahiz norbanako-alorreko beste erakundeekin ituneak egin ahal izango dituzte.

V ATALBURUA

LANGILEGOAREN ERROLDEA

34. Atala

      1.-     Langilegoaren errolde bana izango dira euskal Administrazio Publikoetan, eta horien zerbitzuko langile guztiak sartuko dira errolde horietan.

      2.-     Errolderatutako langileen administrazio-zereginari doazkion gorabehera guztiak erasoko dira langileen erroldean, baina inola ere ez ordea arrazari, erlijioari edo iritziei buruzko oharrik.

      3.-     Nominan ez da inolako lansaririk jasotzerik izango, aurretiaz langile-erroldean horiek onartu dituen ekintza edo erabakia jasotzen ez baldin bada.

      4.-     Erroldean jasotako datuez baliatzea Konstituzioaren 18. ataleko 4. idazatian ohartemandako mugen baitakoa izango da. Errolderatutako langileak inolako trabarik gabe bere espedientera sartzeko eta horretan azaltzen diren alderdiei buruzko ziurtagiriak eskuratzeko eskubidea izango du.

      5.-     Langilego-erroldeen antolakuntza, iharduera eta edukia araudiz zehaztuko dira. Nolanahi ere, gutxieneko edukiera bateratzaileak, errolderatutako ekintza edo erabakia aldarrikatzen edo egiten duten ondorioak eta gainerako langilego-erroldeekiko koordinaketa berma dezaten neurri teknikoak ezarriko dira.

      6.-     Autonomi Elkarteko Administrazioaren zerbitzuko langilegoaren erroldea Lehendakaritza, Zuzentza eta Autonomi Garapeneko Sailari datxekio.

III IDAZPURURA

EUSKAL ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO FUNTZIONARIEI BURUZ

I ATALBURUA

ERABAKI NAGUSIAK

35. Atala

      Legezko izendapenez, administrazio-Zuzenbidez araututako lanbide-harremana dutela etengabeko zerbitzuak egin eta aurrekontu-diruz hornitutako lanpostuak betetzen dituzten edo lege honetan ohartemandako egoeraren baten daudenak dira karrerako funtzionari.

II ATALBURUA

FUNTZIONARITZA LORTZEA ETA GALTZEA

36. Atala

      1.-     Kidego edo Eskala bateko aurrekontu-zerrendako lanpostuetan sartuz lortzen da euskal Administrazio Publikoetako karrerako funtzionari izatea, ondorengo eskakizunak hurrenez hurren betez:

a)   baztertze-indarreko prozedura gainditzea,

b)   dagokion agintariak emandako izendapena, eta

c)   arauzko epearen barruan lanpostuaz jabetzea.

      2.-     Transferentzien ondorioz euskal Administrazio Publikoetan sartu diren edo sar daitezen beste Administrazio Publikoetako funtzionariek sartu direneko Administrazioko bereko funtzionari-egoera lortuko dute, lehen zuten Kidego edo Eskalako Taldea gordeko zaiela, baita aitorturik luketen bere mailari datxezkon diru-eskubideak ere.

37. Atala

      1.-     Honako arrazoi hauetakoren batengatik galtzen da euskal Administrazio Publikoetako funtzionari izatea:

a)   Doakionak idatziz uko eginez,

b)   Zerbitzutik behin-betiko kentzea ekar dezan sendetsitako zentzabide-zigorra,

c)   Erabateko edo kargu publikorako debeku berezia daraman pena nagusia edo gainerakoa,

d)   Espainiako naziotasuna galtzea,

e)   Derrigorrezko edo borondatezko jubilazioa, eta

f)    Heriotza.

      2.-     Funtzionari izatea galduko dute halaber:

a)   Bere zuduagatik borondatezko lan-utzialdian hamar urte etengabe egin ondoren, jarduneko zerbitzura itzultzea eskatu ez dutenek,

b)   Denbora igaro edo 61. atalaren lehenengo a) eta c) idazatietan ohartemandako zerbitzu berezietako edo borondatezko lan-utzialdian aldarrikatu zireneko egoera indargabetu ondoren, horretarako jarritako legezko epearen barruan, jarduneko zerbitzura itzultzeko eskabiderik egin ez eta, bere zuduagatik, borondatezko lan-utzialdiko egoeran sartzeko beharrezko den benetako zerbitzu-aldirik ez dutenek,

c)   Nahitaezko lan-utzialdian izan eta, 63. atalaren 3. idazatian ohartematen denez lanpostuak betetzeko lehiaketetan parte hartu ez dezatenek edo, Administrazioak hala agindu arren, iharduneko zerbitzura berriro sartu nahi ez eta, bere zuduagatik, borondatezko lan-utzialdiko egoeran sartzeko beharrezko den benetako zerbitzu-aldirik ez dutenek, eta

d)   Egitekoetatik kentze-zigorra bete ondoren, horretako ezarrita dagoen epearen barruan iharduneko zerbitzuan berriro sartzeko eskabiderik egin ez eta, bere zuduagatik, borondatezko lan-utzialdiko egoeran sartzeko beharrezko den benetako zerbitzu-aldirik ez dutenek.

38. Atala

      1.-     Funtzionariak legez ezarritako adina betetzean aldarrikatuko da ofizioz nahitaezko jubilazioa.

      Iharduneko zerbitzuan izatea, jubilazioko gozamen-saritarako eskubidea lortzeko kontagarri diren zerbitzuen gutxienekoa lortzen denean bakarrik luzatu ahal izango da, ezarri beharreko gizarte-emendioko errejimenaren arabera.

      2.-     Nahiataezko jubilazioa, ofizioz nahiz doakionak eskatuta, eta dagokion espedienteari hasera eman ondoren aldarrikatu ahal izango da, funtzionaria, legez ezarritako jubilazio-adina izan gabe, bere egitekoak betetzeko etengabe gai ez denean edo bere egitekoak egokiro betetzeko gorputzeko ezina edo ahalmenak gutxiturik dituenean.

III ATALBURUA

FUNTZIONARIEN SAILAK

39. Atala

      1.-     Funtzionariak, Kidegoan sartzeko eskatzen den titulazio-mailaren eta bete beharreko egitekoen bateratasunaren arabera, Kidegoka bilduko dira. Kidegoen barruan, egitekoen espezializazioa kontutan hartuz, Eskalak izan daitezke.

      2.-     Guztientzako sarrerako eta barne-mailatan gora egiteko frogak arrazoibideratu ahal izateko, lanpostu-zerrendak antolatzeko helburuak Kidegoek osatzen dituzte.

40. Atala

      1.-     Eusko Legebiltzarrak legez sortu, aldatu edo kenduko ditu Kidego eta Eskalak eta honako hauek zehaztu beharko ditu:

a)   horren izena,

b)   horietan sartzeko eskatuko den titulazioa,

c)   bete beharko dituzten egitekoen definizioa, horien artean administrazio-organuek izendatuta dituzten ahalmen, egiteko edo aginteak ez bait da sekula sartzerik izango, eta

d)   horiek dituzten egitekoen espezialitatea dela eta, tratamendu berezia behar duten gaien araudia garatzeko erizpideak ezartzea.

      2.-     Lehendik dauden beste batzuri izendatutakoen antzeko egitekoak edo berdinak betetzeko ez da Kidego edo Eskalarik sortzerik izango.

41. Atala

      Sailartekoak izango dira Autonomi Elkartearen Administrazioko Kidegoak, eta Lehendakaritza, Zuzentza eta Autonomi Garapeneko Sailaren menpe izango dira organikoki, Sail edo Erakunde Burujabe bakoitzarekiko iharduneko menpekotasunaren kaltetan gabe.

42. Atala

      Honako kasu honetan atxiki ahal izango zaizkio lanpostuak Kidego edo Eskala bakarrari, besteak bazter utziz: atxikipena haietan aurrera eraman beharreko egitekoen izaerari nahitaez darionean eta lanpostu-zerrendatan horrela ezarri dadinean. Kidego edo Eskala jakin bati lanpostuak gordetzeak ez ditu ohartematen lanpostu horiei izendatu beharreko osagarrizko lansariak, ez eta guztientzakoak edo gutxienezkoak finkatuko direnik bermatzen ere.

43. Atala

      Funtzionarien Kidegoak, sartzeko eskatutako titulazio-mailaren arabera, honako Talde hauetan bilduko dira:

A)   Doktore, Lizentziatu, Injeniari, Arkitektu titulua edo baliokidea.

B)   Teknika-Injeniari, Unibertsitate-Diplomadun, Teknika-Arkitektu, Lanbide-Hezkuntzako 3. mailako titulua edo baliokidea.

C)  Batxilergo, Lanbide-Hezkuntzako 2. mailako titulua edo baliokidea.

D)   Eskola-Gradudun, Lanbide-Hezkuntzako lehenengo mailako titulua edo baliokidea.

E)   Eskolaritate-egiaztagiria.

IV ATALBURUA

ADMINISTRAZIO-KARRERA

I SAILA

ERABAKI NAGUSIAK

44. Atala

      Funtzionarien administrazio-karrera norbere graduaren eta lehiaketaz edo izendapen jarez beste lanpostu batzuetara iristeko ahalbidez gauzatzen da, baita Talde bereko edo goragoko beste Kidego batzutara barne-mailako gora egiteez iristeko ahalbidez ere.

II SAILA

NORBERE GRADUA

45. Atala

      1.-     Funtzionari guztiek izango dute bere gradua, lanpostuak sailkatzen direneko hogeita hamar mailetariko bat hain zuzen.

      2.-     Dagokion mailako lanpostu bat edo gehiago bi urte edo gehiago jarraian edo hiru urte tarteak eginez betez eskuratzen da norbere gradua.

      Horrez gainera, Funtzio Publikoko Euskal Kontseiluaren txostena jaso ondoren Eusko Jaurlaritzak edo, dituzten aginte-eremuen barruan, gainerako euskal Administrazio Publikoetako jaurtze-erakundeek jar ditzaten berarizko ikastaroak edo gainerako baldintza objetiboak gaindituz ere lortuko da norbere gradua. Ikastaroetara joateko prozedura eta beste baldintza objetiboak finkatzea merezimendu eta gaitasun-erizpideetan bakarrik oinarrituko da.

      Deia eta ikastaro horietan egindako lanen emaitzak agirikoak izango dira.

      3.-     Norbere gradua sendotzeko ez da kontutan hartuko lanpostu batean behin-behingotasunez egindako zerbitzua, egoera hori aurrez zuena kenduz sortu ez bada behintzat. Honelakoan, parte har dezan edo dezakeen aurreneko lehiaketaren ebazpena jaso arte, eta graduari dagokionez, kendutako lanpostuaren maila sendotuz joango da funtzionaria.

      Lanpostu batean zerbitzu-aldian iraundako aldia, funtzionariaren beraren lanpostu-mailari dagokion norbere gradua sendotzeko kontutan hartuko da.

      4.-     Ezingo da inola ere sendotu funtzionaria sartuta dagoeneko Taldeari dagokion tartearen gehieneko mailaz goitiko norbere gradurik.

      5.-     Funtzionaria lanposturen baten ari dadin bitartean lanpostu horren maila aldatzen bada, hor izan den denbora lanpostu horrek izan duen sailkapen-mailarik haundienez neurtuko da.

      6.-     Euren graduari dagokionetik bi maila baino goragoko lanpostua izan dezaten funtzionariek duten gradua baino bi mailaz goragokoa sendotuko dute jarraian egindako bi urtez behingo zerbitzuegatik, betetako lanpostuarenari dagokionaz goragokoa inoiz izan ez daitekeela.

      7.-     Funtzionari batek sendotze-bidean dagoen graduaz goitiko mailako lanpostua lor dezanean, hartan emandako zerbitzuen denbora aipatutako sendotze horretarako kontatuko da, hala eskatzen badu. Kasu horretan, horrela kontatutako aldia ez da beste gradurik sendotzeko erabiliko.

      8.-     Lege honetan ezarritako prozedurez goragokorik lortu ez bitartean, haiei dauden Talderako ezarritako tartearen gutxieneko mailari dagokion norbere gradua izendatuko zaie.

      9.-     Barne-mailatan gora eginez beste Kidego eta Eskalatara iritsi daitezen funtzionariek aldez-aurretik sendotua zuten norbere gradua izango dute, gradu hori, Kidego edo Eskala berriak hartzen dituen Taldeari dagozkion mailen tartearen barruan badago.

      10.-  Zerbitzu berezietan eta nahitaezko lan-utzialdian eta 61. atalaren lehenengo idazatiko c) lerroaldian ohartemandako borondatezko lan-utzialdian emandako denbora, norbere gradua sendotzeko, jarduneango zerbitzuan betetako azken lanpostuan edo, haietako lehenengoan, hala egokituz gero, geroago lehiaketa bidez lortutakoan emandakotzat hartuko da.

III SAILA

LANPOSTUAK BETETZEA

46. Atala

      1.-     Funtzionarientzat gordetako lanpostuak, lanpostu-zerrendetan jarrita legokeena kontutan izanik, lehiaketez eta izendapen jarez baliatuz beteko dira.

      2.-     Izendapen jarez betetzeko honako hauek bakarrik gordeko dira:

a)   Autonomi Elkartearen Administrazioko Artezkariorde eta Lurralde-Ordezkaritzako lanpostuak,

b)   Gainerako Administrazio Publikoetako artezkaritza-mailako lanpostuak, beti ere, ierarkikoki aldi berean funtzionariarentzat gordetako beste baten menpeko ez badira behintzat,

c)   Autonomi Elkartearen Administrazioko goren-kargutako, edo hautatutako nahiz izendapenezko beste kargu publikoetako idazkari-lanpostuak, eta

d)   Lanpostuaren berarizkotasunagatik eta eskatuko den erantzukizun bereziagatik, lanpostu-zerrendetan horrelakotzat zehaztuko lanpostuak.

      3.-     Lehiaketa da lanpostuak betetzeko bide normala; eta horretan, bete nahi den lanpostuarekiko, dagokion deian emandako merezimenduak baloratuko dira, eta horien artean, jakineko norbere gradua izatea, antzinatasuna, tituluak eta ikasketa-graduak, Administrazio Publikoaren Eskoletan egindako gaitze edo trebatze-ikastaroak eta lehen bete dituen lanpostuen balorazioa nahitaez agertu beharko dute. Bete beharreko lanpostuen nolakoa dela eta, dagokion deian, prozedurako aldi bat gehiago gisa, lehiatzaileak lanpostuaren berarizko zernolakoei zenbateraino egokitzen zaizkien neurtzeko bide emango duten aritze-bidezko saioak, argipide-txostenak edo bakoitzarekin elkar-hizketak egin beharra jarri ahal izango da.

47. Atala

      1.-     Lanpostuak lehiaketaz edo izendapen jarez betetzeko deiak Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian argitaratuko dira eta, foru Diputazioetakoak edo Udalbatzarrenak direnean, dagokien Kondaira-Lurraldekoan, eta honako hauek izan beharko dituzte:

a)   Izena, tokia, maila eta lanpostuaren berarizko osagarria,

b)   Hori betetzeko eskatzen diren baldintzak, horien artean lanpostu-zerrendetan jasotakoak bakarrik azal daitezkeela, eta

c)   Eskabideak aurkezteko epea, eta hau ez da inola ere, Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian argitaratzeko egunetik hasita, hamabost lanegunetik beherakoa izango.

      2.-     Lehiaketarako deian, honako hauek sartuko dira: merezimenduen baremoa, sartutako berarizko saioak adieraziz, lanpostura iristeko eskatzen den gutxieneko puntuaketa eta aukeraketa-batzordearen osakideak, eta hor langilegoaren sindikatuetako ordezkaritzak izendatutako ordezkari batek izan beharko du.

      3.-     Deien ebazpenak Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian edo, beharrezko balitz, dagokion Kondaira-Lurraldekoan argitaratuko dira.

48. Atala

      1.-     Jarduneko zerbitzuko edo zerbitzu berezietan diharduten funtzionariek parte har dezakete lanpostuak betetzeko deietan. Halaber, gainerako Administrazio Publikoen zerbitzuan diharduten, edo derrigorrezko edo borondatezko lan-utzialdian daudenek ere parte har dezakete lehiaketan, prozedura hauen bidez jarduneko zerbitzura itzuliz, beti ere, borondatezko lan-utzialdiari dagokionez, horretan gutxieneko iraunaldia bete badute.

      2.-     Behin-behineko lan-izendapena duten funtzionariek, egoera horretan dirauten bitartean, derrigorrez parte hartu beharko dute beren Kidego edo Eskaletako lanpostuak betetzeko jarritako lehiaketetan.

      3.-     Lehiaketa bidez lanpostua lor dezaten funtzionariek ez dute hurrengo bi urteetan egingo diren deialdietakoetan parte hartzerik izango. Funtzionariak, epe hori igaro baino lehen, 50. ataleko 3 idazatiko eta 4. idazatiko a) lerroaldian agindutakoaren arabera lortutako lanposturako atxikipena galdu balu, denboraren mugapen hori ez da ezarriko.

49. Atala

      Lanpostuak lehiaketaz betetzeko deiak batera eta urtero egingo dira, eta garai horretan dauden hutsune guztiak hartu beharko dituzte, zerbitzu berezietan edo lanpostua gordetzea dakarren beste edozeinetan dauden funtzionarienak salbuetsiz.

50. Atala

      1.-     Estatutuko lanpostu-zerrendaren iraunkortasunaren kaltetan gabe, lanpostua betetzea ez da funtzionariaren sendetsitako eskubide izango.

      2.-     Lanpostuari izendapen jarez atxikitako funtzionariak lanpostu horretatik edonoiz aldatu ahal izango dira.

      3.-     Lanpostua lehiaketaz lortu duten funtzionariak aldatu ahal izango dira euren lanpostutik gerora sortutako arrazoiengatik, lanpostu-zerrenden bidez burututako edo horietan ohartemandako lanpostuaren edukia aldatu delako, horren eraginez deirako oinarri izan ziren agiangoak alda daitezenean, edo bizkar eman ez arren, lanpostuari izendatutako egitekoak eraginkortasunez burutzea galerazizko etekin eskasak ageriko egin duenez lanpostuan jarduteko ezgai egin delako. Horretarako espedientea egin eta langilegoaren ordezkapen-organuaren txostena jaso ondoren egingo da aldaketa, izendapena egin zuen organuaren zio eta guztiko erabakiz.

      4.-     Halaber, lanpostu baterako atxikipena galduko da:

a)   lanpostua kenduz gero,

b)   beste lanpostu baterako izendatua izanez gero,

c)   uko eginez, izendapena egin zuen organuak onartuz gero, eta

d)   jarduneko zerbitzuan izatea utziz gero, zerbitzu berezietako, sei hilabetez beherako aldian bere egitekoetan sendetsitako etena edo seme-alabaren bat zaintzeko borondatezko lan-utzialdiko egoera har dezatenak salbuetsiz, egoera horretan izandako aurreneko urtean.

      5.-     Betetzeko modua aldatuko zaien lanpostuez jabetuko diren funtzionariek lanpostuotan berotan jarraituko dute eta, horiek lanpostua utzi beharreko kasuetan, izendatu zireneko sistemako arauak izango dituzte jaurpide.

51. Atala

      1.-     Beren lanpostuak 50. ataleko 2, 3 idazatietan eta 4. idazatiko a) eta c) lerroaldietan agindutakoaren arabera utziko dituzten funtzionariak bere Kidego edo Eskalako beste lanpostuari atxikiko zaizkio aldi baterako.

      2.-     Lehen izandako lanpostua kendu izanaren ondorioz beste bati behin-behingoz atxikitako funtzionariek, egin dadin hurrengo lehiaketan eta behin bakarrik, herri berean egon daitezen, kendutako lanpostuak izendatua zuen lan-izendapenagatikako osagarriaren maila bereko edo apalagoko tokiak betetzeko lehentasun-eskubidea izango dute.

52. Atala

      1.-     Funtzionari sartu berriak edo jarduneko zerbitzura lanpostua gorde gabe izanik itzul daitezenak, hutsik dauden bere Kidego edo Eskalako lanpostuei atxikiko zaizkie behin-behingoz, behin-betiko lantokia lehiaketaz edo izendapen jarez lortu arte.

      2.-     Funtzionari sartu berriak hutsik dauden lanpostuei behin-behingoz atxiki, horiek adierazi dezaten lehentasun-hurrenkeraren arauera, aukeraketa-aldiko sailkapen-hurrenkerari jarraiki atxikiko zaizkie.

53. Atala

      1.-     Lanpostu baten behin-behingoz jardun dezaten bitartean, horri izendatutako lansari osagarriak jasoko dituzte funtzionariek eta, beti ere, bere graduari dagokion lantokiaren osagarria.

      2.-     Aurreko idazatian agindutakoaren kaltetan gabe, behin-behingo atxikipena lehendik betetako lanpostua kentzetik datorrenean eta lanpostu berriari jarritako lansariak kendutakoarenak baino txikiagoak izan daitezenean, aldeagatikako behin-behineko osagarria jasoko du funtzionariak. Doakionak parte hartuko duen edo parte har zezakeen lehenengo lehiaketa ebatzi arte iraungo du osagarri horrek.

54. Atala

      1.-     Kasu berezietan, eta duten lanpostua gordeta dutela, euren Kidego edo Eskalari dagozkien lanpostuetan jarduteko izenda daitezke funtzionariak zerbitzu-aldian, edo atxikitako lanpostuaren berarizkoez bestelako egitekoak burutzeko ere bai.

      2.-     Zerbitzu-aldia borondatezkoa izango da, hori ezinezkoa balitz, presako eta ezin atzeratuzko kasuak eman daitezenean, derrigorrez jartzearen kaltetan gabe, hori doakiona entzun eta langilegoaren ordezkapen Organuaren txostena jaso ondoren.

      3.-     Betetako lanpostuari izendatutako lansariak jasoko ditu zerbitzu-aldiango funtzionariak. Hala ere, zerbitzu-aldia derrigorrezkoa izan balitz, eta betetako lanpostuari izendatutako lansariak bere lanpostuari dagozkionak baino txikiagoak balira, hori doakionak aldeagatikako behin-behingo osagarria jasoko du egoera horretan iraun dezan bitartean.

      4.-     Zerbitzu-aldia lanpostu bati bereziki izendatu gabeko aparteko zereginak edo esleituta dituzten lanpostuetako titularrek aldian-aldiko bete ezin dituzten egitekoak burutzeko eman dadinean, bere lanpostuarentzat izendatutako lansariak jasoko ditu funtzionariak.

      5.-     Zerbitzu-aldiaren iraupena ez da bi urtez gorakoa izango, zerbitzu berezietan diharduenak duen lanpostua betetzeko eman behar izan ez bada.

IV SAILA

BARNE-MAILATAN GORA EGITEA

55. Atala

      Funtzionariak euren Taldeaz gorako edo Talde bereko beste Kidego eta Eskalatara barne-mailatan gora eginez sartu ahal izango dira.

56. Atala

      1.-     Barne-mailatan gora egiteko saioetan parte hartzeko, jatorrizko Kidegoan edo Eskalan jarduneko zerbitzuan edo zerbitzu berezietan ari, zerbitzu horretan karrerako funtzionaritzan bi urte beteta izan, eta lortu nahi duen Kidego edo Eskalarako jarritako gainerako eskakizunak eta tituluak izan beharko ditu funtzionariak.

      2.-     Lanpostua barne-mailatan gora eginez eskuratzeko, lortu nahi den Kidego edo Eskalan sartzeko deian ezarritako saio berak gainditu beharko dira. Hala ere, barne-mailatan gora egiteko txandan parte har dezaten izan nahikoak jatorrizko Kidego edo Eskalan sartzeko lehendik eskatutako ezagupenak egiaztatzeko saioak egin behar izatetik jare utzi ahal izango dira.

      3.-     Barne-mailatan gora egiteko gordetakoak izan eta bete gabe gelditu diren lanpostuak txanda jarean eskeinitakoei gehituko zaizkie.

      4.-     Barne-mailatan gora eginez beste Kidego edo Eskala batera iritsi daitezen funtzionariak, horien mailako lanpostu hutsei atxikiko zaizkie behin-behingoz, lehiaketaz edo izendapen jarez behin-betiko lanpostua lortu arte. Beti ere, parte hartzeko aukera izan dezaten lehenengo lehiaketan eskaini daitezen lanpostu hutsak betetzeko lehentasuna izango dute txanda jaretik datozen gainerako izan nahikoekiko.

V SAILA

HIGIKORTASUNA

57. Atala

      1.-     Lege honen eremuan sartzen diren funtzionariek lanpostuz aldatzeko duten eskubidea aitortzen da, lanpostu-zerrendetan zehaztu daitezen kasuetan eta abuztuaren 2ko 30/1984 Legean eta apirilaren 2ko 7/1985 Legean ohartemandakoaren arabera.

      2.-     Euskal Administrazio Publikoetako funtzionariek, lanpostuak betetzeko horietako edozeinek egindako deietan eskuhartu ahal izango dute.

      3.-     Halaber, euskal Administrazio Publikoek, lanpostu-zerrendetan horretako jarri dadinari jarraiki, beste Administraziotako diren funtzionariz bete ahal izango dituzte lanpostuak.

      4.-     Tokiz aldatzeko eskubidea erabiltzea ahalbideratzeko, horra sartzeko eskatu beharreko egitekoak eta titulu-maila antzekoak dituzten euskal Administrazio Publikoetako Kidego eta Eskalen arteko baliokidetasuna, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak erabakiko du.

58. Atala

      Aurreko atalean ohartemandakoaren arabera Euskal Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzera pasako diren funtzionariek, jatorrizko Administrazioko funtzionari izaten jarraituko dute.

      Lan-izendapeneko Administrazioan zerbitzuan jardun dezaten bitartean, hor indarrean dauden legeak ezarriko zaizkie eta lanbide-sustapenari, lansari-errejimenari, administrazio-egoerei eta zentzapide-errejimenari buruzko arauak batez ere, zerbitzutik behin-betiko aldentzeko zigorra izan ezik, hau jatorrizko Administrazioko agintedun sailak erabaki beharko bait du.

      Nolanahi ere legez ezarritako aldaketa-bideen arabera beste Administrazio Publikoetako lanposturen batera alda daitezenean, lan-izendapeneko Administrazioarekiko harremana besterik gabe ezabaturik geldituko da.

V ATALBURUA

ADMINISTRAZIO-EGOERAK

I SAILA

EGOERAK OROHAR

59. Atala

      Honako administrazio-egoera hauetan egon daitezke euskal Administrazio Publikoetako funtzionariak:

a)        jarduneko zerbitzuan,

b)        borondatezko lan-utzialdian,

c)         zerbitzu berezietan,

d)        derrigorrezko lan-utzialdian,

e)         egitekoak utziarazitakoan, eta

f)         beste Administrazio Publikoen zerbitzuan.

II SAILA

JARDUNEKO ZERBITZUA

60. Atala

      Aurrekontuetan diruz hornitutako zerrendako lanpostua betez funtzionariarentzat gordetako lanpostuan jardun edo zerbitzu-aldia eman zaienean izango dira funtzionariak jarduneko zerbitzuko.

III SAILA

BORONDATEZKO LAN-UTZIALDIA

61. Atala

      1.-     Honako hauetan joko dira borondatezko lan-utzialdiko funtzionaritzat:

a)   Edozein Administrazio Publikotako beste Kidego edo Eskala batean jarduneko zerbitzuan ari daitezenean, beharrezko egokigarritasuna eskuratua izatea edo herri-alorreko erakundeetan zerbitzuan aritzea salbuetsiz eta, lege honen arabera, beste egoerarik ez dagokienean hori sortu zuen zerbitzu-harremanak dirauen bitartean jarraitu ahal izango dute funtzionariek egoera horretan. Egoera horretatik irtenez gero, jarduneko zerbitzura itzultzeko eskabidea aurkeztu beharko dute 30 eguneko epearen barruan gehienera ere eta, eskabide hori aurkezten ez badute, borondatezko lan-utzialdiko egoeran bere zuduagatik daudela adieraziko zaie, beti ere, horregatik lege honetan eskatutakoak betetzen badituzte,

b)   Norbere zuduarengatik eska dezatenean. Honelakoan, zerbitzuaren aldian aldiko beharren menpe geratuko da lan-utzialdia ematea eta funtzionariak, Kidego edo Eskala lortu edo jarduneko zerbitzura itzuli zenetik kontatzen hasita, hiru urte bete arte, ez da lan-utzialdi hori aldarrikatzerik izango, eta egoera horretan ez da jarraian hamar urte baino gehiago, ez eta bi baino gutxiago ere, irauterik izango.

      Funtzionaria zentzapide-espedientepean edo zigorra bete gabe egon dadinean, bere zuduagatik ezin emango zaio borondatezko lan-utzialdirik, eta

c)   Seme-alabaren bat zaintzeaz arduratzeko, horren jaiotze-egunetik edo hori hartutako egunetik kontatzen hasi eta hiru urtetik gorakoa izango ez den aldirako. Ondorengo seme-alabengatik beste lan-utzialdirako eskubidea izango da, eta honek gozatzen ari zen aldiari amaiera emango dio. Aitak eta amak etxetik kanpo lan egin dezatenean, bietako batek bakarrik izango du eskubide horretaz baliatzerik.

      Jarduneko zerbitzuko egoerari utzi behar izatetik kontatzen hasita, urtebeteko aldian izango du funtzionariak lanpostua gordetzeko eskubidea. Aldi hori gradu, hirurteko eta gozamen-sarien eskubidetarako hartuko da kontutan.

      Lan-utzialdia emateko izan zen arrazoia ezabatu ondoren, edo horretan iraun beharreko gehieneko denbora pasa ondoren, jarduneko zerbitzura itzultzeko eskea gehienez hogeita hamar eguneko epearen barruan egin beharko da, horrela egiten ez bada, norbere zuduagatikako lan-utzialdiko egoerara pasatuz, beti ere, Lege honetan horretako eskatutakoak betez gero.

      2.-     Aurreko idazatiko c) lerroaldian ohartemandakoaren kaltetan gabe, borondatezko lan-utzialdiak ez du lanpostua gordetzerik ekarriko, eta egoera horretan egon dadineko denbora ez da gora egite, hirurteko eta gozamen-saritarako eskubideei dagozkienetarako kontutan izango. Borondatezko lan-utzialdian dagoen funtzionariak, egoera horretan dagoen bitartean, ez du lansaririk jasoko.

IV SAILA

ZERBITZU BEREZIAK

62. Atala

      1.-     Euskal Administrazio Publikoetako funtzionariak Zerbitzu berezietakotzat joko dira:

a)   Nazioarteko edo nazioz gorako erakundeetako funtzionari egin daitezenean,

b)   Nazioarteko erakundeetan, Atzerriko Gobernu edo izaiki publikoetan, edo nazioko edo nazioarteko lankidetza-egitarauetan sei hilabetez gorako denboraldian eginkizunak betetzeko Administrazioaren baimena izan dezatenean,

c)   Eusko Jaurlaritzako, Estatuko Gobernuko edo gainerako Autonomi Elkarteetako jaurtze-erakundeetako kide edo nahitaez funtzionari publikoek bete beharreko ez diren goi-kargudun izendatu daitezenean,

d)   Konstituzio-erakundeetako edo Legebiltzarrek hautatu beharreko organuetako kide izateko Gorte Nagusiek aukera ditzatenean,

e)   Europako Legebiltzarrak aukeratu beharreko erakundeetako kide izateko Legebiltzar horrek aukera ditzanean,

f)    Gorte Nagusietako Diputatu edo Senadore edo Europako Legebiltzarreko Diputatu izatera iritsi daitezenean,

g)   Eusko Legebiltzarreko, Kondaira-Lurraldeetako Batzar Nagusietako edo gainerako Autonomi Elkarteetako Legebiltzarretako kide izatera iritsi daitezenean, elkartu ezinak hartu ez eta jarduneko zerbitzuan jarraitzeko aukera egin dezatenetan izan ezik,

h)   Foru Diputazioetan eta Udalbatzarretan hautatutako karguak izan, eta karguok lansaridun eta dedikazio osoko izan daitezenean,

i)    Behin-behingo langileentzat gordetako lanpostuetan ari daitezenean,

j)    Funtzio Publikoan jardutearekin ezin elkartuzko den edozein kargu politikotarako izenda daitezenean,

k)   Soldaduzka edo horren ordezkoa betetzen ari daitezenean, horiek eta bere funtzionari-egitekoak elkartu daitezkeenak izan ezik,

l)    Konstituzio Epaitegiaren, Arartekoaren edo Herri-Babeslearen zerbitzuei atxikita egon daitezenean,

m)  Kontuen Euskal Epaitegiko kide egin daitezenean, eta

n)   Eusko Legebiltzarraren legez horrela finka dadin beste edozein kasutan.

      2.-     Zerbitzu berezietan dabiltzan funtzionariei lanpostua eta lan-izendapena gorde egingo zaizkie, eta egoera horretan eman dezaten denbora gradu, hirurteko eta gozamensaritarako kontutan hartuko zaie.

      Nolanahi ere, bete dezaten benetako lanpostu edo karguko lansariak jasoko dituzte, funtzionari direnez aitortuak dituzten hirurtekoak jasotzearen kaltetan gabe.

      3.-     Eusko Legebiltzarreko, Kondaira-Lurraldeetako edo gainerako Autonomi Elkarteetako Legebiltzarretako Diputatu, Senadore eta kide izan eta Legebiltzar horiek ezabatu edo agintaldia amaitu delako egoera hori gal dezatenean, zerbitzu berezien egoeran jarrai dezakete Legebiltzar berria eratu arte.

      4.-     Zerbitzu berezietan zihardutela aldarrikatzeko erabili zen baldintza gal dezatenek, jarduneko zerbitzura itzultzeko eskea hogeita hamar eguneko epearen barruan egin beharko dute, hori egin ezean, eta horretarako lege honetan eskatutakoak beteko balituzte, norbere zuduagatikako borondatezko lan-utzialdiko egoeran sartuko liratekeela.

V SAILA

DERRIGORREZKO LAN-UTZIALDIA

63. Atala

      1.-     Euskal Administrazio Publikoetako funtzionariak honako hauetan sartuko dira derrigorrezko lan-utzialdiko egoeran:

a)   funtzionariak betetzen duen lanpostua kendu eta beste lan-izendapenik eskaintzerik ez dagoenean, eta

b)   egitekoez gabeturik egondako aldia igaro edo seme-alabaren batez arduratzeko borondatezko lan-utzialdia amaitu ondoren, funtzionariak itzultzeko eskatu eta lanpostu hutsik ez izateagatik lortu ezin duenean.

      2.-     Oinarrizko lansariak eta famili laguntza jasotzeko eskubidea izango du derrigorrezko lan-utzialdikoak, eta egoera horretako iraun-aldia hirurtekoak, gozamen-sariak eta norbere gradua sendotzeko, kontatzekoa izango da.

      3.-     Derrigorrezko lan-utzialdian dagoen funtzionariak bere Kidego edo Eskalako lanpostuak betetzeko hots egindako lehiketa guztietan hartu beharko du parte. Dena dela, aurrekontuetan diruz hornitutako lanpostu hutsik sortzean, jarduneko zerbitzura derrigorrez itzultzeko agindu dezake dagokion Administrazioak.

      Lehiaketetan parte hartu ez edo hogeita hamar eguneko epearen barruan jarduneko zerbitzura itzuli ez daitezenak, Administrazioak derrigorrez horrela agindu dezanean, eta horretako lege honetan eskatutakoak beteko balituzte, norbere zuduagatikako borondatezko lan-utzialdian sartuko lirateke.

VI SAILA

EGITEKOEZ GABETZEA

64. Atala

      Egitekoez gabetzea behin-behingoa edo behin-betikoa izan daiteke, eta horrek dirauen bitartean, funtzionaria bere egitekoez eta bere izaerari datxezkon eskubideez aldi baterako gabetuta geldituko da, 65. atalean agindutakoaren kaltetan gabe.

65. Atala

      1.-     Egitekoez behin-behingoz gabetzea, badaezbada, zentzabide-prozedura bideak egiten ari den bitartean erabaki dezake espedienteari hasiera eman zion agintaritzak, herri-interesaren babesak, salbuespen gisa, hala eska dezanean.

      2.-     Egitekoez behin-behingo gabetze-aldiak ezingo du zentzabide-espedientea ebazteko legez finkatutakoaz gorakoa izan, atzerapena, horri lotuta dagoen funtzionariari eragoztekoa izan ez balitz behintzat.

      3.-     Oinarrizko lansariak eta famili laguntza jasotzeko eskubidea izango du, egoera horretan iraun dezan bitartean, behin-behingo gabetuak, ez agertzea edo berorri eragotz dakiokeen espedientearen izapideketa luzatzea gertatu ezik, horiek edozein lansari jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko bait dute.

      4.-     Espedientea ebatzi ondoren, egitekoz gabetzea sendetsiko ez balitz, funtzionariak lehenbaitlehen itzuli beharko du bere lanpostura, jaso ez dituen lansari guztiak ordainduko zaizkio eta egitekoez behin-behingoz gabetutako egoeran emandako denbora jarduneko zerbitzutzat hartuko.

66. Atala

      1.-     Egitekoez gabetzea lege-haustezko gaitzespenaren edo zentzapide-zigorraren indarrez ezar dadinean sendetsia izango da. Horren iraupena sei hilabetetik goragokoa izan dadinean lanpostua galtzea ekarriko du.

      2.-     Zentzabide-zigorraren ondoriozko egitekoez gabetze sendetsiak ez du lau urte baino gehiago irauterik izango eta, hori betetzeko, egitekoez behin-behingoz gabetzea kontutan hartuko da.

      3.-     Epaile-epaiaren ondorioz emandako egitekoez gabetze sendetsia dagoeneantxe ezarriko da.

      4.-     Zigorra bete ondoren, jarduneko zerbitzura itzultzeko eskabidea hogeita hamar eguneko epearen barruan egin beharko du funtzionariak, horrela egingo ez balu, norbere zudugatikako borondatezko lan-utzialdian sartuko litzateteke, horretarako lege honetan eskatutakoak beteko balitu. Egitekoez gabetzea sei hilabetetik gorakoa ez balitz, besterik gabe itzuliko litzateke aurretik izandako lanpostura.

VII SAILA

GAINERAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAN BETETAKO ZERBITZUA

67. Atala

      Lehiaketazko edo izendapen jarez beste Administrazio publikoetan lanpostuak bete ditzaten funtzionariak sartuko dira gainerako Administrazio Publikoetako zerbitzu-egoeran.

VIII SAILA

JARDUNEKO ZERBITZURA ITZULTZEA

68. Atala

      1.-     Lanpostu eta lan-izendapena gorde gabe dituzten funtzionariak aurrekontuetan diruz hornitutako lanpostu hutsik izanez gero itzuliko dira jarduneko zerbitzura, honako lehentasun-hurrenkera honen arabera:

a)   derrigorrezko lan-utzialdikoak

b)   egitekoez gabetuak, eta

c)   borondatezko lan-utzialdikoak.

      Bere Kidego edo Eskalako lanpostu hutsa behin-behingoz betetzeari atxikiko zaio funtzionaria, lehiaketaz edo izendapen jarez behin-betiko lan-izendapena lortu arte.

      2.-     Beste Administrazio publikoen zerbitzuan diharduten funtzionariak, lehiaketaz edo izendapen jarez lanpostuak betetzeko deietan parte hartuz itzuliko dira. Derrigorrezko edo borondatezko lan-utzialdian egon daitezenak ere, modu berean itzuli ahal izango dira jarduneko zerbitzura.

      3.-     Norbere zuduagatik borondatezko lan-utzialdian izanik, jarduneko zerbitzura itzultzeko eskabidea egin eta, aurrekontuetan diruz hornitutako lanpostu hutsik ez izateagatik, hori lortuko ez luketen funtzionariek hutsunea sortu arte jarraituko lukete egoera horretan.

VI ATALBURUA

FUNTZIONARIEN ESKUBIDEAK ETA EGINKIZUNAK

I SAILA

ESKUBIDEAK, OROHAR

69. Atala

      1.-     Euskal Administrazio Publikoek funtzionariei hauek egitekoak betetzean beharrezko duten babesa eskainiko diete eta lege honetan jasotzen diren eta funtzionariei dagozkien eskubideak bermatuko dituzte.

      2.-     Funtzionariek honako hauetarako izango dute eskubide:

a)   karguan eta beren lanpostuan eta lan-izendapenekoan jarraitzeko, lege honetan ohartematen diren mugen eta baldintzen barruan,

b)   duten lanpostuari eta dagokien gizarte-emendioko errejimenarekiko lansaria jasotzeko,

c)   administrazio-karrerarako eta barne-mailatan gora egiteko,

d)   etenik gabeko lanbide-gaikuntzarako,

e)   horretako jarritako prozedurak erabiliz, sindikaritza-erakundeen eta ordezkotza-sailen bidez, informazioa jasotzeko, laneko baldintzak zehazteko, eta horietan parte hartzeko,

f)    lan-izendapena duteneko administrazio-alorraren helburu, eraketa eta iharduerarekiko informazioa gertueneko agintari ierarkikoarengandik jasotzeko,

g)   onartu daitezen osasun-sorospena eta gizarte-laguntzak hartzeko eta baita laneko segurtasun eta higienea izateko ere,

h)   bere espedientea nahi bezala ezagutu eta ikusteko, eta

i)    sindikatu-eskubide eta askatasunak erabiltzeko.

II SAILA

OPORRAK ETA BAIMENAK

70. Atala

      1.-     Funtzionariek, gutxienez ere, hilabeteko oporrak hartzeko eskubidea izango dute zerbitzuan egindako urte bakoitzagatik edo lan egin duteneko aldia txikiagoa balitz, horren heinean dagozkien egunetakoa. Zerbitzuko beharrek esango dute oporraldi hori noiz gozatu.

      2.-     Behar bezala zuritutako honako zio hauegatik emango dira baimenak:

a)   seme-alabaren bat jaio edo seme-alabatzakoren bat hartzeagatik, edo familiakoren baten heriotza edo gaisotasun larriagatik, senide edo ahaidetasun-mailako bigarren gradura arte,

b)   etxebizitzaz aldatzeagatik,

c)   ikastetxe ofizialetan azken-azterketak egitera joateko, horiek diren egunetan,

d)   norbere edo herri-mailako utzi ezineko betebeharrengatik, horiek betetzeko behar den aldirako,

e)   sindikatu-mailako egitekoak betetzeko, sindikaritza-gaikuntzarako edo langilegoaren ordezkotza egiteko,

f)    haurdunaldi eta erditzeagatik,

g)   egitekoa behar bezala betetzea eragozten duen gaisotasunagatik, eta

h)   ezkontzeagatik.

      3.-     Atal honetan aipatzen diren baimenak ordaindu egingo dira eta gozatze-aldia, ondorio guztitarako, jarduneko zerbitzutzat joko da. Araudiz zehaztuko dira iraupen-epeak eta horietaz baliatzeko bete beharreko baldintzak.

      4.-     Euskal Administrazio Publikoek, bakoitzak bere eremuan, atal honetako bigarren idazatian jasotzen ez diren kasuetarako, funtzionarien ordezkariekin honako erabaki hauek hartu ahal izango dituzte: lansari eta guztiko baimenak eman eta, hala balegokio, baimen hauentzako araudiz ezarritakoak baino aldi luzeagoak, edo horietaz baliatzeko baldintza hobeak ezartzea.

71. Atala

      Honako baldintza hauek betez gero eta horien arabera eman ahal izango dira baimenak:

a)   funtzionaria kide deneko eta Kidego edo Eskalari dagozkion egitekoekin artezko lotura duten gaiei buruzko ikasketak egiteko. Baimen hau, ondorio guztietarako, iharduneko zerbitzutzat joko da eta, Administrazioaren probetxurako emana bada, ordaindua izango da,

b)   norbere gauzetarako, inolako ordainketarik gabe. Baimen hau ematea, zerbitzuaren beharren menpe geldituko da, eta horren iraupena, bateratuta, bi urteko, ez da hiru hilabatetik gorakoa izango,

c)   Administrazioaren beraren edo beste batzuren Kidego edo Eskaletan sartzeko jarritako ikastaro berezietan edo praktika-aldietan parte hartzeko. Ikastaroak eta praktika-aldiak iraun dezaten aldirako emango da baimen hau eta ez da ordainduko.

72. Atala

      1.-     Hamar hilabatetik beherako haurrik duen funtzionariak hura zaintzeko ordubetez lana uzteko eskubidea izango du. Aldi hau bi zatitan banatu edo lanorduak orduerdi gutxitu ahal izango dira. Aitak eta amak etxetik kanpo lan egin dezatenean, bietako batek bakarrik izango du eskubide horretaz baliatzerik.

      2.-     Sei urte baino gutxiagoko haurrik edo irabazbidedun lanik egiten ez duen gorputz edo adimen-mailako ezindurik, legez zaindu beharrez, bere ardurapean duen funtzionariak, lan-egunaren herena edo erdia gutxitzeko eskubidea izango du, ordainketa guztiak, hirurtekoak barne, hein berean beheratuko zaizkiola. Legez zaindu beharra dela eta, lan-orduak gutxitzeko baimena eta, gutxitutako ordutegiaren barruan, lansaridun edo lansaririk gabeko beste lanen bat egitea, bateraezinak izango dira.

      3.-     Behar bezala zuritutako kasuetan, funtzionariarekin bizi den ezkontidearen, aitaren edo amaren gorputzeko edo adimeneko ezina dela eta, lanorduak gutxitzeko baimena eman ahal izango da aurreko idazatian zehaztutako baldintzak betez gero.

III SAILA

EGINKIZUNAK

73. Atala

      1.-     Funtzionariek eginkizun hauek dituzte:

a)   betebeharretan aritzean indarrean dauden legeak betetzea,

b)   izendatuak dituzten betebeharrak ongi burutu eta guztien interesak inpartzial eta objetiboki zerbitzea,

c)   nagusiekiko errespetoa eta horiek emandako oharrak betetzea,

d)   beren lankideekiko eta menpekoekiko lankidetza eta horiekiko harremanetan behar den bezalako errespetoa, hauei lanak egin eta eginbeharrak betetzea erraztuz,

e)   Administraziora jotzen dutenekiko tratu egokia, Administrazioaren aurrean egin behar dituzten izapideak kudeatzeko laguntzarik oparoena eskainiz,

f)    beren egitekoak direla eta, ezagutu ditzaketen gaiak doakien neurrian isilpean gordetzea eta, bereziki, legez isilpeko edo erreserbatutzat aldarrikaturiko gaiei dagozkienetan,

g)   Administrazioak bere zerbitzuko langilegoarentzako jarri ditzan baliabideez baliatuz, profesional mailan goreneko gaitasuna lortzen ahalegintzea,

h)   ezarrita dauden lanorduak eta ordutegia zorrotz betetzea, eta

i)    nagusiak, lankideak edo menpekoak hor ez izatea gerta baledi, zerbitzuak ongi jarrai dezan ahaleginak egitea.

IV SAILA

BATERAEZINEKOAK

74. Atala

      1.-     Funtzionariek indarrean dauden legeetan jarritako bateraezineko errejimena zorrotz bete eta euskal Administrazio Publikoek hori bete dadin eskatu beharko dute.

      2.-     Sektore publikoan edo pribatuan beste lan edo ihardunen baten aritu ahal izateko, berarizko egokitasun-baimena eman beharko da beti aurretik eta hori, indarrean dauden legeek hori ohartemandako kasuetan bakarrik eta arauz ezarriko den prozeduraren arabera emango da.

V SAILA

ERANTZUKIZUNAK

75. Atala

      Eman zaizkien eginbeharren erantzukizuna izango dute funtzionariek, agintari ierarkikoei legokiekeenaren kaltetan gabe, horiei zerbitzuan nabaritu ditzaketen akatsen berri eman beharko bait diete beti.

76. Atala

      Funtzionariek zerbitzu publikoen ihardunean duten erantzukizunaren eta egindako kalteak ordaindu beharraren kaltetan gabe, euskal Administrazio Publikoek, funtzionariaren erru larria edo zuritu ezineko ezjakina dela eta, Administrazioaren zerbitzua hartzen dutenei edo Administrazioaren ondasun eta eskubideei kalterik egin dien funtzionariaren aurka jo ahal izango dute, dagokion espedienteari hasiera emanez eta doakionari entzun ondoren.

VII ATALBURUA

LANSARIAK

77. Atala

      1.-     Lege honetan jarritako lansari-gaiegatik bakarrik jaso ditzakete lansariak euskal Administrazio Publikoetako funtzionariek.

      2.-     Oinarrizkoak eta osagarrizkoak dira funtzionarien lansariak.

78. Atala

      Honako hauek dira oinarrizko lansariak:

a)   lege honetako 43. atalean aipatzen diren taldeetako bakoitzari dagokion soldata. A taldeko funtzionarien soldata-zenbatekoa ez da E taldekoentzat ezarrita dagoena baino hiru halakotik gorakoa izango,

b)   hirurtekoak, hiru urtez behingo zerbitzuengatik talde bakoitzari izendatzen zaion zenbateko berdina, eta

c)   urtean bi, horietako bakoitzak hilabeteko soldata eta hirurtekoak gutxienez izango dituzten ordainsari bereziak ekainean eta abenduan jasoko dira.

79. Atala

      Honako hauek dira lansari osagarriak:

a)   betetzen den lanpostu-mailari dagokion lan-izendapenarekiko osagarria, horren zenbatekoa urtero Autonomi Elkarteko aurrekontu nagusietan finkatuko dela,

b)   berarizko osagarriak, izendatua duen lanpostu bakoitzarentzat bakarra izango bait da, teknika-zailtasun bereziak, iharduna, erantzukizunak, arriskuak edo nekeak dituzten egoerak sarituko ditu,

c)   emankortasun-osagarria, etekin berezia, ohiz kanpoko iharduna eta funtzionariak bere lanpostuan jartzen duen ardura eta ekina ordaintzeko jarria.

      Gastu-egitarau bakoitzean eta bere osoan hartuta finkatuko da horren zenbatekoa, bakoitzarekiko zenbatekoak zehaztea eta hori jasotzea merezi duten funtzionariak izendatzea, ezar daitezen erizpideen arabera eta lanarigoaren ordezkotza duen Sailak txostena egin ondoren, gai den sailari dagokiola, eta

d)   agizko lanorduez kanpo egindako zerbitzuegatiko gain sariak, hauei dagozkien zenbatekoak ez dira izango jakinekoak ez eta aldizkakoak ere. Berarizko osagarria zehazteko, ihardun berezia haztatu deneko lanpostuetan gain sariak jasotzea ez da bidezko izango.

      2.-     Zerbitzua dela eta, egin daitezen gastuen ordainak jasotzeko eskubidea izango dute funtzionariek, araudiz zehaztu daitezen zenbateko eta baldintzetan.

      3.-     Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluak eman dezan txostena aztertu ondoren, araudiz ezarriko ditu Jaurlaritzak berarizko eta emankortasun-osagarriak zehazteko erizpide nagusiak.

      4.-     Lansari osagarriez baliatzeak ez du funtzionarien aldeko sendetsitako eskubiderik sortuko, sendotutako graduari begira legokiokeen lan-izendapenaren osagarri-maila izan ezik.

80. Atala

      Administrazio bakoitzaren zerbitzuko diren langile guztiek eta sindikatuetako ordezkariek ezagutu ahal izango dituzte lege honetan ohartemandako kontzeptuegatik funtzionari bakoitzak jaso ditzan zenbatekoak.

81. Atala

      1.-     Hil osoa amaitu ondoren sortuko dira lansariak jasotzeko eskubideak eta ordainduko, dagokion hileko lehenengo lan-egunekoarekiko funtzionariak dituen egoera eta eskubideen arabera, honako kasuetan izan ezik, hauetan egunka egingo bait da ordainketa:

a)   iharduneko zerbitzuan hasi edo horra itzuli, ordainketa-eskubiderik gabeko baimena amaitu dela eta sartu edo beste lanpostu bati benetan atxikitzea gerta dadin hilean, atxikipen honen eta lehengoaren artean lansari-ezberdintasunik baldin bada,

b)   ordain-eskubiderik gabeko baimenaz baliatzeari ekin eta iharduneko zerbitzu-egoeratik bestelako administrazio-egoerara benetan igaro dadin hilean, eta

c)   iharduneko zerbitzua utzi dadin hilean, eskubidea sortu zeneko hurrengo hilaren lehenengo egunetik hasi eta hila amaitu ondoren jasotzen diren pentsio publikoen menpe dagoen funtzionaria hil edo jubilatu izan ezik.

      2.-     Ordainsari berezia jaso dadin egunera arte egindako zerbitzu-aldiak, ekainaren edo abenduaren aurreko sei hilabete osoak hartzen ez baditu, ordainsari horren zenbatekoa dagokion heinean gutxituko da. Honetarako, ordainketa-eskubiderik gabeko baimenen iraupena ez da egindako zerbitzu-alditzat hartuko.

      3.-     Hirurtekoa burutzean, funtzionaria partaide deneko Kidegoko edo Eskalako Taldeari dagokion balioa dutela sortuko dira hirurtekoak jasotzeko eskubideak eta ordainduko.

VIII ATALBURUA

FUNTZIONARIEN ZENTZAPIDE-ERREJIMENA

I SAILA

HUTSEGITEAK

82. Atala

      Funtzionariek dituzten eginbeharrak eta eginkizunak ez betetzea hutsegite izango da eta lege honetan ohartematen diren zigorrak ezartzea ekarriko du.

      Hutsegiteak oso larri, larri eta arinetan sailkatzen dira.

83. Atala

      Honako hauek dira hutsegite oso larriak:

a)   funtzio publikoan aritzean Konstituzioarekiko edo Autonomi Estatutuarekiko zintzotasun-eginkizuna ez betetzea,

b)   arraza, seksu, erlijio, hizkuntza, eritzi, jaioleku edo bizileku edo beste edozein izakera edo norbere edo gizarte-egoera dela eta, bereizkeriarik ekar dezakeen edozein ekintza,

c)   zerbitzua uztea,

d)   Administrazioari edo biztanlegoari kalte haundiak ekar diezazkieten eta argi eta garbi legez kontrako diren erabakiak edo akordioak hartzea,

e)   legez isilpe ofizialekozat aldarrikatu edo horrelakotzat sailkatuak izan direnak argitaratzea edo horietaz behar ez bezala baliatzea,

f)    emandako lanak albora utziz, etekinik eza nabaria izatea,

g)   eman zaizkion aginteak edozein mota eta eremutako hauteskunde-aldietan eragina izateko erabiliz, politika mailako alderdi-gabetasun edo menpekotasunik eza haustea.

h)   elkartuezinei buruzko arauak ez betetzea,

i)    herri-askatasunez eta sindikatu-eskubideez baliatzeari oztopoak jartzea,

j)    grebarako eskubidea nahi bezala erabiltzeari eragoztera doazen ekintzak burutzea,

k)   legez argi eta garbi debekatua dutenek grebetan parte hartzea,

l)    greba-garaian, beharrezko zerbitzuak bete beharra izan eta ez betetzea,

m)  pentsakera, ideiak eta eritziak nahi bezala azaltzeari mugak jartzeko ekintzak burutzea, eta

n)   urtebeteren barruan hiru hutsegite larri egin dituelako, zigortua izatea.

84. Atala

      Honako hauek dira hutsegite larriak:

a)   agintariek zerbitzuari buruz emandako agindu edo oharrak ez betetzea,

b)   administratuak aintzakotzat ez hartzeagatikako hutsegite larria,

c)   zerbitzuetako tegi, gai edo agirietan, zabarkeriaz edo asmo txarrez, kalte handiak egitea,

d)   lantegietan iskanbilaren bat sortu edo parte hartzea,

e)   lanpostua dela eta, ezagutu daitezen gaiekiko duen lanbide-mailako isiltasun-obligazioa ez betetzea, Administrazioarentzako kalteko izan edo norbere onerako erabili daitezenean,

f)    agintariek, menpekoek egin ditzaten hutsegiteei amor-ematea,

g)   agintari, lankide edo menpekoekiko errespeto-falta larria,

h)   argi eta garbi legez kontrako diren txostenak egin eta akordioak hartzea, Administrazioaren edo herritarren kalterako eta oso hutsegite larriak izan ez daitezenean,

i)    elkartuezinen arloan, epeak eta prozedurei buruzko beste arau batzuk ez betetzea, honek elkartuezineko egoerari eustea ekar ez dezanean,

j)    zerbitzuen agizko iharduerari eragiten dion etekinik eza, oso hutsegite larria izan ez dadinean,

k)   legez jarritako abstentzio-arrazoirik ba denean, Administrazio-bidean parte hartzea,

l)    lanorduak zuritu gabe ez betetzea, guztiak batera hileko hamar ordu gutxienez izan daitezenean,

m)  agintekeria, lanpostuan aritzean,

n)   ordu-artarako sistemei ihes egitea edo, zuritu gabe betetzeke utzitako lanorduak jakitea eragozteko jarritako ekintzak edo omisioak,

ñ)   hiru hilabeteko epe-barruan, zuritu gabe lanera joan gabeko hirugarren hutsegitea, aurreko biak hutsegite arinagatik zigortu direnean,

o)   gaisotasun edo istripuren bat dela eta, hartu diren bajen zaintza eta artari buruzko arauak ez betetzea,

p)   gaiso edo istripu-itxurak eginez lanera ez joatea, eta

q)   eguneko lanorduen barruan, zuritu gabe, lanpostutik aldegitea.

85. Atala

      Honako hauek dira hutsegite arinak:

a)   hutsegite larria izan ez dadinean, lanorduak zuritu gabe ez betetzea,

b)   zuripiderik gabe, egun batez lanera ez joatea,

c)   jende, agintari, lankide edo menpekoekiko errespeto-falta txikia,

d)   egitekoak betetzekoan atzerapena, zabarkeria edo nagikeria,

e)   hutsegite larria izan gabe, zerbitzuko tegi, gai eta agiriak zaintzen izandako zabarkeria, eta

f)    funtzionariaren eginkizunak eta obligazioak ez betetzea, oso hutsegite larritzat edo larritzat jo beharrekoak izan ez daitezenean.

86. Atala

      1.-     Hutsegite baten astuna neurtzeko eta ezarri beharreko zigorraren maila jartzeko, honako erizpide hauek hartuko dira kontutan:

a)   asmoa,

b)   zerbitzuan sortutako nahasmena,

c)   Administrazioari edo administratuei egindako kalteak,

d)   berriro hutsegitea, eta

e)   eskuhartze-maila.

      2.-     Hutsegite larri edo oso larriegatik ezin ezarriko da zigorrik, horretarako egindako espedientearen indarrez izan ezik. Hutsegite arinegatik zigorrak ezartzeko, aurrez espedientea egitea ez da beharrezko izango, errudunari entzuteko pausoa ematea izan ezik.

      3.-     Zigor-espedienteei hasera ematearen eta bai horiei ebazpena ematearen berri ere, langilego-ordezkaritzako organuei eman beharko zaie.

      4.-     Araudiz arautuko da zigortze-prozedura.

II SAILA

ZIGORRAK

87. Atala

      1.-     Honako zigor hauek ezarri ahal izango dira funtzionariek egindako hutsegiteengatik:

a)   zerbitzutik aldentzea,

b)   kargutik kentzea,

c)   egitekoez gabetzea,

d)   egoitzaz aldatuzko leku-aldaketa,

e)   lansariak heinean kentzea, eta

f)    ohartaraztea.

      2.-     Nazio mailako gaitasuna duten funtzionariei bakarrik ezarriko zaie kargutik kentze-zigorra, eta hutsegite larri edo oso larriengatik bakarrik ezarriko da.

      3.-     Oso hutsegite larriak egiteagatik bakarrik ezarriko da zerbitzutik behin-betiko aldentze-zigorra.

      4.-     Egoitza aldatuzko leku-aldaketa eta egitekoak aldi baterako kentzea barne izanezko zigorrak oso hutsegite larriak edo larriak eman daitezenean bakarrik ezarri ahal izango dira. Oso hutsegite larriagatik, egitekoak aldi baterako kentzea ekarriko duen zigorra ez da lau urtetik gorakoa izango, ez bi urte baino gutxiagokoa ere eta, hutsegite larriagatik ezartzen baldin bada, ez da bi urtetik gorakoa izango.

      5.-     Hutsegite arinak ohartaraziz eta lansariak heinean kenduz bakarrik zigortu ahal izango dira.

      6.-     Lanorduak ez betetzea eta lanera ez joatea hutsegite arinak izan daitezenean, lansariak heinean kenduz zigortuko dira.

88. Atala

      1.-     Zigor-auzian, zigor-epaia duten ekintzengatik, ez da zentzapide-erantzukizunik eskatzerik izango.

      2.-     Dagokion agintemendearen aurrean zigor-auziaren zain leudekeen ekintzak direla eta, ezin hasiko da zentzapide-espedienterik, hura bertan behera utziz edo barkatze-epaia emanez amaitu arte. Espedienteari hasera eman ondoren, zigor-auziari ekingo balitzaio, lehenengoa bertan behera geldiaraziko da.

      3.-     Zigor-auzian emandako epaiz egiaztatutzat aldarrikatutako ekintzak, zentzapide-ahalmenaz baliatzean ere, egiaztatutzat joko dira.

89. Atala

      1.-     Zentzapide-erantzukizuna, zigorra betez, hilez gero, hutsegite edo zigorrak indarra galduz gero, edo zigorra barkatuz edo amnistia emanez ezabatuko da.

      2.-     Oso hutsegite larriek sei urtera galduko dute indarra, larriek, bi urtera eta, arinek, hilabetera.

      3.-     Oso hutsegite larriengatik jarritako zigorrek sei urtera galduko dute indarra, larriengatikoek, bi urtera eta arinengatikoek, hilabetera.

      4.-     Zentzapide-zigorrak, langilegoaren erroldean erasota utziko dira. Ohar horiek ofizioz edo doakionak eskatuta, indarra galtzen dueneko epearen adinako aldia igaro ondoren eta, aldi horren barruan beste zigorrik jaarri ez baldin bada, kendu ahal izango dira.

90. Atala

      Zentzapide-zigorrak, horiek ezarri daitezeneko erabakiak agintzen duenaren arabera eta gehienez ere hiru hilabeteko epearen barruan beteko dira. Horiek horrela izanik ere, organu zigor-jartzaileak, doakionaren adostasuna jaso ondoren, zigorraren indar-aldirako legez jarritakoaz goragoko ez den aldirako, betetzea atzeratu ahal izango du.

IV IDAZPURUA

BITARTEKO FUNTZIONARIEZ, LANITUNEPEKO ETA BEHIN-BEHINGO LANGILEEZ

I ATALBURUA

BITARTEKO FUNTZIONARIAK

91. Atala

      1.-     Izendapenez eta presako arrazoiengatik, zerrendako lanpostu hutsak karrerako funtzionariz bete arte edo, horiek ez dauden kasuetan, horien ordezkotza egiteko sar daitezenak dira bitarteko funtzionari.

      2.-     Bitarteko funtzionari gisa lan egin izanak ez du funtzionari bilakatzeko edo lan-itunepeko langile finko izateko inolako lehentasun-eskubiderik ekarriko.

92. Atala

      1.-     Lanpostua karrerako funtzionari batek bete edo ordezkatua berriz laneratu eta, dena dela, izendapenaren zio izan ziren presakotasun edo behar-arrazoiak ezabatzean galduko du bere egoera bitarteko funtzionariak.

      2.-     Bitarteko funtzionariek betetako lanpostuak onartuko den enplegurako lehenengo eskaintza publikoan sartu beharko dira, horien izendapena, lanpostua gorderik duten funtzionariak ordezkatzeko egin ez balitz behintzat. Obligazio hori ez betetzeak, lanpostua besterik gabe ezabatuaraziko du eta, ondorioz, bitartean betetzen zuena kenduko.

93. Atala

      Funtzionarien estatutu-errejimena ezarriko zaie bitarteko langileei, hauen lotura-egoerak horretarako bide ematean eta, dena dela, bitarteko langileak betetzen duen lanpostuari izendatutako lansari osagarriak eta horren titulazio-taldeari dagozkion oinarrizkoak jasoko ditu.

II ATALBURUA

LAN-ITUNEPEKO LANGILEGOA

94. Atala

      1.-     Finkoak eta aldi baterakoak dira lan-itunepeko langileak.

      2.-     Lan-itunepeko akurapenez, lanpostu-zerrendetan lan-itunepekoentzat gordetako lanpostuak betetzen dituztenak dira lan-itunepeko langile finkoak.

      3.-     Lan-legeetan indarrean dauden ereduei atxikiz eta iraupen jakineko lanak egiteko akuratutakoak dira aldi baterako lan-itunepeko langileak.

      4.-     Atal honetan esaten diren akuraketak idatziz egingo dira beti.

95. Atala

      1.-     Ez da enplegu-eskaintzan sartzen ez diren lanpostuak betetzeko epe-mugarik gabeko lan-akurapenik egiterik izango, ez eta lege honek ezartzen dituen prozeduren arabera aukeratu ez diren langileekin ere.

      2.-     Lan-itunepeko langileek ez dute funtzionarientzat gordetako lanposturik betetzerik izango.

III ATALBURUA

BEHIN-BEHINGO LANGILEAK

96. Atala

      1.-     Izendatuak izanagatik, ez karrerako funtzionarientzat ez eta lan-itunepeko langile finkoentzat ere gordeta ez dauden konfiantzazko edo aholkularitza berezikotzat joak izan, eta lanpostu-zerrendetan halakotzat jasota egon, eta aurrekontuetan diruz hornitutako lanpostuak betetzen dituztenak dira behin-behingo langile.

      2.-     Lanposturako nahi bezala izendatu eta bertatik aldendu ahal izango dira behin-behingo langileak eta, dena dela eta beste gabe, lanpostutik kanpo geldituko dira horien izendapena egin zuen agintariak bere kargua uztean.

      3.-     Eusko Jaurlaritzak eta euskal Administrazio Publikoetako jaurtze-erakundeek, bakoitzak bere aginte-eremuan, behin-behingo langilegoari gordetako lanpostu-kopurua, horien zernolakoak eta lansariak zehaztuko dituzte.

      4.-     Behin-behingo lanpostuetan zerbitzu egitea ez da Funtzio Publikoan sartzeko edo barne-mailatan gora egiteko merezimendu izango.

V IDAZPURUA

HIZKUNTZ NORMALKUNTZA

97. Atala

      1.-     Euskera eta gaztelera dira euskal Administrazio Publikoetako hizkuntza ofizialak, eta bi hizkuntzok erabiltzea bermatu beharko dute Administrazio horiek bere barneko zein kanpoko harremanetan.

      2.-     Gorago esandakoetarako, Administrazioetan dauden lanpostuetako bakoitzak bere hizkuntz eskakizuna jarria izango du. Hizkuntz-eskakizunak zehaztuko ditu lanpostua betetzeko eta hor lan egiteko beharrezko diren euskerazko hizkuntz gaitasun-mailak. Hizkuntz eskakizuna aginduzko ez den artean, euskeraz jakiteari, bai lanpostuak betetzeko eta kanpoko aukeraketak egiteko, merezimendu gisa eman beharko zaion balioa zehazteko soilik izango da.

      3.-     Hizkuntz eskakizuna aginduzko izaten hasten den egunetik aurrera, lanpostu bakoitzera iritsi eta hori betetzeko ezinbestekoa izango da hizkuntz eskakizuna betetzea. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntz Politikako Idazkaritza Nagusiak proposatuta, salbuespenez eta direneantxe soma daitezkeen inguruabarretan, lanpostu bateko titularra lanpostu horretarako ezarritako hizkuntz eskakizunetik jare uzteko baldintzak araudiz ezarriko ditu.

      4.-     Eusko Jaurlaritzak Hizkuntz Politikako Idazkaritza Nagusiak proposatuta zehaztuko ditu hizkuntz eskakizunak, baita, aldizka, lanpostu bakoitzari ezarri beharreko erizpideak ere.

      5.-     Euskal Administrazio Publikoetan dauden lanpostuetako bakoitzari dagokion hizkuntz eskakizuna, baita hori aginduzko egiteko eguna ere, Hizkuntz Politikako Idazkaritza Nagusiak txostena egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak horretarako zehaztuko dituen erizpideen arauera, bakoitzeko jaurtze-erakundeak jarriko ditu.

      6.-     Bai hizkuntz-eskakizuna eta bai, hala behar izanez gero, hori indarrean jartzeko eguna ere, lanpostu-zerrendetan nahitaez azaldu beharko luketen berarizkotasunen artean sartu beharko dira.

      7.-     Hizkuntz eskakizunak nahitaez ezartzeko erizpideek Administrazio bakoitzean dauden lanpostuetarako berdintasunez eta heintasunez jokatzea izango dute xede, horko egitekoari dagokion titulazioko Kidego, Eskala, maila edo Taldea dela eta, inolako bereizkuntzarik egin gabe.

      8.-     Euskal Administrazio Publikoak, horretarako beharrezko diren neurriak hartuz, beren zerbitzuko langileek behar bezalako hizkuntz gaikuntza izan dezaten saiatuko dira.

98. Atala

      1.-     Euskal Administrazio Publikoen zerbitzuan sartzeko baztertze-indarreko saiotarako deietako edukia berritan sartutako langilez bete beharreko lanpostuei izendatutako hizkuntz eskakizunei egokituko zaie.

      2.-     Gorago esandakoetarako, lantoki baterako deia izatearen arrazoia hizkuntz eskakizuna nahitaezkoa duen lanpostua bada, sartzeko bete beharrekoa izango da hori. Hizkuntz eskakizuna, deiaren oinarri-arauetan zehazten denez, hautaketa-saioetan hori egiaztatuz, edo funtzionari izatera iritsi aurretiko gaitze-ikastaroak eta praktika-aldiak dirauen bitartean bete dadin eskatu ahal izango da.

      3.-     Aurreko idazatian ohartemandakoaren arabera, hizkuntz eskakizuna gaitze-ikastaroen bidez burutu beharko litzatekeen kasuetan, hori bete beharra bai deia egiteko egunean hori nahitaezkoa izango litzatekeeneko lanpostuak betetzeko, baita aginduzko egiteko eguna gaitze-ikastaroa eta praktika-aldia bukatu baino lehenagokoa denetakoak betetzeko ere izan daiteke. Hauetan sartzeko, aurrez, baztertze-indarreko saioen bidez, lanpostua betetzeko eskatutako hizkuntz eskakizuna baino bi maila beheragokoa egiaztatua izan beharko da. Lanpostuari dagokion eskakizuna euskera gutxiago jakitea adierazizko bietako bat denetan, baztertze-indarreko saioetan euskerari merezimendu-balioa emango zaio.

      4.-     Baztertze-indarreko saioetan inolako hizkuntz eskakizunik bete beharrik izango ez balitz, euskeraz jakitea merezimendutzat hartuko da. Horren balioa lanpostuaren Kidego edo Eskalak bete beharreko lanpostuei izendatutakoen artean nagusi den hizkuntz eskakizunaren eretzean neurtuko da, eta horren heinekoa ez da inoiz ere aukeraketa-aldi guztian lortu daitekeen gehienerako puntuazioaren ehuneko bostetik beherakoa, ez eta ehuneko hogeitik gorakoa ere izango.

      Lanpostua betetzeko euskeraz jakitea merezimendutzat hartu beharko litzatekeen kasutan, aurreko lerroaldian jarritako irizpideari jarraituko zaio.

99. Atala

      1.-     Hizkuntz eskakizun ezberdinak bete direla egiaztatzeko, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak erabakiko ditu kasu bakoitzean beharrezko izango den euskeraren jakintza haztatzeko saioen edukia eta nolakoa, eta horiek euskal Administrazio Publiko guztientzat berdinak eta guztiek ezarri beharrekoak izango dira.

      2.-     Euskal Administrazio Publikoetan sartzeko aukeraketa-aldietako epaimahaietan Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagokion ordezkotzaren kaltetan gabe, Erakunde horretako ordezkari bat izango da epaimahaikide deian eskatutako hezkuntz eskakizuna egiaztatzeko saioetan. Lanpostuak betetzeko lehiaketak epaitzeko batzordeen osaketan ere, ordezkotza hori, ondorio beretako, beharrezko izango da.

VI IDAZPURUA

ORDEZKARITZA ETA PARTAIDETZA, LAN-BALDINTZAK ZEHAZTEKOAN

100. Atala

      1.-     Euskal Administrazio Publikoetako funtzionariek ordezkaritza-organuak aukeratzeko eta lan-baldintzak zehazten parte hartzeko eskubidea izango dute.

      2.-     Idazpuru honetan jartzen diren ondorioetarako, zerbitzuak administrazio edo estatutu mailako loturaz egiten dituen langilegoa hartuko da funtzionaritzat.

101. Atala

      Langilegoaren Ordezkariak eta Langilegoaren Batzordeak dira euskal Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarien ordezkari-organuak. Horretan ezarri beharreko izan daitezen berarizko araupidez zuzenduko dira horien eraketa, aginte-aldia, iharduera, aginteak, bermeak eta eskubideak.

102. Atala

      1.-     Horretako eratuko diren negoziazio-mahaien bidez gauzatuko da funtzionariek bere lan-baldintzak erabakitzekoan izango duten partaidetza eta, horietan, dagokion Administrazio Publikoaren eta, Estatuaren eta Autonomi Elkartearen mailan indarrean dauden legeen arauera ordezkotzarik haundienekotzat jotzen diren sindikatuen ordezkariak izango dira, eta baita ordezkariak eta langilego-Batzordeak aukeratzeko hauteskundeetan, bakoitzak bere eremuan, ehuneko hamarra edo gehiago lortu duten sindikatuak ere.

      2.-     Aurreko idazatian aipatzen diren euskal Administrazio Publikoen eta sindikaritza-erakundeen eta sindikatuen ordezkariek bere zerbitzura dauden funtzionarien lan-baldintzak erabakitzeko akordio eta ituneak egin ahal izango dituzte.

      3.-     Izenpetzen duen organuaren aginte-eremuari estu-estu dagozkion gaiez egingo dira Ituneak eta horiek partaideak zuzenki lotuko dituzte.

      Eusko Jaurlaritzaren edo toki-erakundeen edo foru Administrazioko dagokion organuaren osoko bilkuraren aginteen gaiei buruz izango dira akordioak eta, baliozko eta eraginkorrak izan daitezen, beroiek eraz eta berariz bakoitzak bere eremuan onartu eta horiek Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian eta foru Diputazioei edo toki-erakundeei dagozkienean edo Kondaira-Lurraldekoan argitaratzea beharrezkoa izango da.

103. Atala

      Euskal Administrazio Publikoek eta ordezkotzarik haundieneko sindikaritza-erakundeek horretarako izenpetutako akordioz jarri ahal izango dituzte funtzionarien lan-baldintzak finkatzekoan sortutako auziak edo itune edo akordioak bete izanak ebazteko bitartekotza-prozedurak.

Erabaki Gehigarriak

Lehenengoa

      1.-     Autonomi Elkarteko Administrazioko funtzionariak, 43. atalean agindutakoari jarraiki, sortzen diren ondorengo Kidego hauetan bilduko dira, jarraian adierazten diren Talde hauetan sartuta:

      A       TALDEA

               A-1 Administrazioko Goi mailako Kidegoa. A-2 Goi mailako Kidego Gaitasunduna.

      B       TALDEA

               B-1 Administrazio-Kudeaketarako Kidegoa. B-2 Erdi mailako Teknikoen Kidegoa.

      C      TALDEA

               C-1 Administrazioko Kidegoa. C-2 Laguntzaile Teknikoen Kidegoa.

      D       TALDEA

               D-1 Administrazio-Laguntzaileen Kidegoa.

      E       TALDEA

               E-1 Menpeko lanarien Kidegoa.

      2.-     Honako hauek dira Kidego ezberdinei dagozkien oinarrizko egitekoak.

a)   Administrazioko goi mailako Kidegoari, administrazio-ihardun osoak egitaraugintza, kudeatze, gauzatze, ikuskatze edo zaintze-arloetan dituen goi mailako azterlan eta proposamenak egitea.

      Kidegoan sartzeko, 43. atalean A Talderako jarritako titulua izatea eskatuko da.

b)   Kudeaketako Kidegoari goragoko mailakoekin elkar-laneko egitekoak betetzea, bai eta, araupidea ezartzea, araututako espedienteetako erabaki-saloak eta goragoko mailari ez dagozkion azterlan eta txostenak egitea ere.

      Kidegoan sartzeko, 43. atalean B Talderako jarritako titulua izatea eskatuko da.

c)   Administrazio-Kidegoari, goragoko mailakoak gertatzeko elkar-lanak edo haietatikakoak egitea, agiriak egiaztatzea eta, horien nahasia dela bide, goi mailako Kidegoenak ez direnak gertatzea, mekanografi, esku edo kalkulu-lanak, eta jendeari argibideak ematea eta hura atenditzea.

      Kidegoan sartzeko, 43. atalean C Talderako jarritako titulua izatea eskatuko da.

d)   Administrazio-Kidego Laguntzaileari, administrazio-iharduneko alorretan laguntze-lanak egitea, mekanografi eta posta-lanak egitea, kalkulu erraza, agiriak birridaztea, artxibategia, sailkaketa eta erroldea, fitxategia eta jendea hartzea edo antzekoak dagozkio.

      Kidegoan sartzeko, 43. atalean D Talderako jarritako titulua izatea eskatuko da.

e)   Menpeko-Kidegoari, herri-ondasunak zaindu eta gordetzea, herri-bulego edo etxeetara doan jendearen arta, tegien kokalekuari buruzko argibideak, gai, altzari eta antolapideak zaintzea, posta sailkatu eta banatzea, aldakigintza-makinak erabiltzea, agiri eta espedienteak garraiatzea, jakinerazpenak ematea eta, orohar, zaintzaile edo mandatari-lanak dagozkio.

      Kidegoan sartzeko, 43. atalean E Talderako jarritako titulua izatea eskatuko da.

f)    Goi mailako gaitasundunen, gradu ertaineko Teknikarien eta Laguntzaile teknikoen Kidegoei -lanbidean iharduteko Kidegora sartzeko eskatzen den tituluak gai egiten bait du-, lanbide horrek bere dituen lanak egitea eta, ikasketa-gaikuntza zehatzaren ezagutza berezi eta berarizkoak eskatzen dituzten egitekoak betetzea dagozkie.

      Goi mailako gaitasundunen, gradu ertaineko Teknikarien eta Laguntzaile teknikoen Kidegokoei dagozkien lanpostuetan sartzeko, hurrenez-hurren, 43. atalean jarritako A, B eta C Taldeetako tituluak eskatuko dira. Aipatu Kidegoei dagozkien aurrekontuetan diruz hornitutako zerrendek, titulu jakin bati edo, hala izanez gero, batzuri dagozkien lanpostuen horniketa adieraziko dute.

      3.-     Nolanahi ere, titulu berak eskatzen dituzten lanpostuen horniketa, bateratutako deialdiz eta baztertze-indarreko saio orokorrez egingo da.

      4.-     Sortzen diren Kidegoen berenezko egitekoek inoiz ez dute horientzat lantoki jakinak gordeko direnik adierazi nahiko.

Bigarrena

      Transferentzi bidez euskal Administrazio Publikoetara sartu diren edo sar daitezen beste Administrazio Publikoetako funtzionariak, jatorrizko Kidegoaren eta izendatutako egitekoen arabera, lan-izendapeneko Administrazioko Kidego edo Eskaletan sartuko dira.

Hirugarrena

      1.-     Autonomi Elkarteko Administrazioan sartu-berri diren funtzionariei Gizarte Segurantzako errejimen orokorra jarriko zaie.

      2.-     Transferentzien bidez, edo lekuz aldatzeko legez jarritako bideak erabiliz euskal Administrazio Publikoetara sar daitezen funtzionariek jatorrizkoan zuten gizarte-emendioko errejimenari eutsiko diote.

      3.-     Euskal Administrazio Publikoak horietako funtzionarien osasun-sorozpidetza herri-osasuneko sistemaren bidez ematen saiatuko dira, bakoitzaren gizarte-emendioko errejimena kontutan izanik hori ahal bada behintzat.

Laugarrena

      Kidego eta Eskalei buruz lege honetan dauden aipamenak, foru Diputazio eta Udalbatzarren eremuan, bertan dauden Eskala eta Subeskalei egindakotzat hartuko dira.

Boskarrena

      Eusko Legebiltzarrak lege honetan agindutakoari egokituko dizkio bere zerbitzuko langilegoaren Estatutoak.

Seigarrena

      Grebarako eskubideaz balia daitezen funtzionariek ez dute egoera horretan egondako aldiko lansaririk jasoko, hala ere, egin dadin diru-kenketa ez da inoiz zentzapidezko zigor izango, ez eta gizarte-zerbitzuei dagokien errejimenari ere ez dio eragingo.

Zazpigarrena

      Ermaindunak, euskal Administrazio Publikoen zerbitzura sartzeko, egitekoak betetzeko gaitasun-baldintzak betetzen badituzte, gainerako funtzionari nahikoen aukera beraz onartuko dira.

      Langile ermaindunek egiteko beharrezko liratekeen denbora eta baliabide egokiak jarriko dira baztertze-indarreko saioetan, horrela, saioaren edukia ez indargabetzez gainera, saioan eskatu beharreko gaitasun-maila ere gutxitzen edo murrizten ez bada behintzat.

      Enplegu publikoaren eskaintzetan, euskal Administrazio Publikoek, horretarako jarritako lanpostu hutsen ehuneko hiru baino gutxiagokoa ez den kupoa ehuneko hogeita hamahiruko edo haundiagoko ermaintasun-maila duen langilegoz betetzeko gordeko dute, horri dagokion Administrazioko giza-baliabide guztien ehuneko bi bete arte eta hori, baztertze-indarreko saioak gainditu eta, horien ermaintasun-maila eta dagozkien lanak eta egitekoak betetzeko duten egokitasuna, araudiz ezar dadinean, bere garaian bermatzen badute.

Zortzigarrena

      Lege hau indarrean jarri aurretik izendatutako behin-behingo langilegoa, lege honetan bertan langilego horri ezarri behar zaizkion manuen menpe geldituko da, bere kasuan, izendatzeko erabilitako araupideen esanera, bidezko izan dakizkion eskubideak errespetatuz.

Bederatzigarrena

      Dagozkien aginte-eremuen esparruan eta horietako bakoitzak bere-bereak dituen ezaugarriei begirune izatearen kaltetan gabe, Euskal Administrazio Publikoek beren zerbitzuko langilegoaren lan-baldintzen eta lansarien kidekaketa ordezkotzarik haundieneko sindikaritza-erakundeak partaide izanez bilatuko dute.

Hamargarrena

      Herrizaingo-Saileko Ertzaintzaren Teknikazko Talde Laguntzailearen lanpostuak, lan-itunepeko langilegoarentzat gordetakotzat sailkatzen dira.

Hamaikagarrena

      Euskal Autonomi-Ertzaintzako funtzionariek lege honetako I Idazpuruko I eta II Atalburuetan; II Idazpuruko V Atalburuan; III Idazpuruko I, II eta VII Atalburuetan eta V Idazpuruan agindutakoa izango dute jaurpide, eta, horietan oharteman gabekoetan, lege honetan ematen diren sortarauei begirune izanez eta Euskal Herrirako Autonomi Estatutuan eta ezarri beharreko gainerako legeetan ohartemandakoaren arauera, Eusko Legebiltzarrak egin dezan ertzain-egitekoaren egitura eta beharrekin bat etorrizko legea.

Hamabigarrena

      1.-     Mediku langilegoaren Estatutu juridikoan, Gizarte Segurantzako osasun-erakundeetako medikuez besteko osasun-langilegoaren Estatutoan, Gizarte Segurantzako osasun-erakundeen zerbitzura diharduen osasun-langilegoaz bestekoaren Estatutuan, baita abuztuaren 2ko 30/1984 Legeko Hamaseigarren Gehigarrizko Erabakiak dioen mediku aholkularien osasun-Kidego eta Eskaletakoan araututako Gizarte Segurantzako langilegoa ere, apirilaren 25eko 14/1986 Legean ohartemandakoen arauera eta honetan adierazitako printzipioen esparruan, Eusko Legebiltzarraren Legez zuzenduko da. Bien bitartean, aipatu langilego hori, lege honetako II, IV, V eta VI Idazpuruetan eta bakoitzari dagokion Estatutuan dauden oinarrizko erabakietan agindutakoak zuzenduko du.

      2.-     Erabaki honek dioen langilegoak, lanpostuen zerrendetan erabaki dadinaren arauera bete ahal izango ditu osasun-Administrazioko lanpostuak.

      3.-     Toki-osasunaren zerbitzurako osasun-Kidego Teknikoetako langilegoak, lehen-sorosketako ekipoetan sartu arte, bere berarizko lansari-errejimenari eutsiko dio.

Hamahirugarrena

      1.-     Lege honen II. Idazpuruko IV. Atalburuan eta III. Idazpuruko III. eta IV. Atalburuetan agintzen dena ez zaie irakaskuntzako funtzio publikoa eratzen deneko Kidego eta Eskaletako funtzionariei ezarriko.

      Unibertsitatekoaz besteko irakaskuntzako funtzio publikoan sartzea, lanbidean eta barne-mailan gora egitea, eta haren Kidegoen eta Eskalen birreraketa, abuztuaren 2ko 30/1984 Legeko Gehigarrizko Erabakietako Hamaboskarrenaren 10. idazatian ohartematen denez arautuko da, eta lege honetan ezarritako erizpideen barruan, hezkuntza-sistemaren egitura eta beharrizanei egokituko zaien Eusko Legebiltzarreko legez. Bitartean, Kidegook eta Eskalok, Eusko Jaurlaritzako dekretuz horretarako finka dadin lan-izendapenaren osagarri-maila izendatua izango dute, eta erabaki honetako eta alor bakoitzari buruz indarrean dauden gainerako erabakietako arauak ere ezarriko zaizkie.

      2.-     Irakaskuntzako lanpostuak, lanpostuen zerrendetan zehaztutakoaren arabera, irakaskuntzako Kidego eta Eskaletako funtzionariek beteko dituzte. Salbuespen gisa, bere izaera dela eta, jakineko ikasketa-heziketari egokitzen ez zaizkion eta egon dauden Kidego edo Eskalatakoren bati izendatzekoak ez diren izaera bereziko lanpostuak lan-itunepeko langileentzat gorde ahal izango dira.

      3.-     Doktor, lizentziadun, arkitekto edo injeniari-titulua duten irakaskuntzako Kidego eta Eskaletako funtzionariak arituko dira hezkuntz ikuskaritzan.

      Hezkuntz ikuskaritzako lanpostuak lehiaketaz beteko dira eta, hala behar izanez gero, araudiz finka daitezen espezializaketa-ikastaroak egingo dira ondoren. Hasera batetan hiru urtez arituko dira lanpostuan, aldia beste hiru urtez luza daitekeelarik. Ikuskaritza-egitekoari atxikitako hiru edo sei urteko aldiak amaitu ondoren, dagozkion lehiaketetan parte hartuz sartuko dira Kidego horretako lanpostuetan, aipatu lehiaketotan, irakasle gisa azken lan-izendapena izan duten herrian lanpostuaz jabetzeko lehentasun-eskubidea behin bakarrik izango dutela.

      Ikuskaritza-egitekoan etengabe sei urtez jardun ondoren, araudiz finka daitezen erizpideei eta prozedurei jarraiki burututako lanpostuaren baloraketak bidezko egingo du egiteko horretako lanpostuetan epe-mugarik gabe jardutea, hala ere, euren irakaskuntza-lanpostuetara agizko horniketa-lehiaketen bidez borondatez itzuli ahal izango direla.

      4.-     Irakaskuntzako funtzionariek, lan-zerrendetan zehaztutako kasu eta baldintzetan bete ahal izango dituzte hezkuntz Administrazioko lanpostuak, horietango iraupen-aldia ez bait da norbere gradua sendotzeko kontatzerik izango.

      5.-     Irakaskuntzako funtzionariek 65 urte bete dituzteneko ikasturtearen amaieran hartu ahal izango dute, nahi badute, jubilazioa.

      6.-     Irakaskuntzako funtzio publikoa birrantolatzetik ateratako Kidego eta Eskalentzat gordetako lanpostuak bitartekotzan bete ditzaten langileek, han horretako jarri daitezen manuen arabera, Aldi baterako Laugarren Erabakian ohartemandako eran, lanpostu horietara iritsi ahal izango dute.

      7.-     Ekainaren 29ko 10/1988 Legean ohartemandako bidea eginez, herri-eskolan sar daitezen ikastolen zerbitzuko irakaskuntza-langileek irakaskuntzako funtzio publikoa birrantolatzetik ateratako Kidego eta Eskaletan sartu ahal izango dute. Erabaki honetako lehenengo lerroaldian esaten den araupidetza-esparruan horretako kontutan izan beharko diren neurriak edukiz Aldi baterako Seigarren Erabakian ohartemandakoen antzekoak izango dira, sartzen diren Kidego edo Eskalan dagokien eduki eta norainokoari buruzkoan eskuratutako eskubideen inolako murriztapenik gabe. Bitartean, langilego horrek lege-aldetik hasierako egoeran jarraituko du eta, nolanahi ere, funtzionari izatera iristen ez bada, horri eutsiko dio. Aintzin-oharpide hauek, Autonomi Elkarteko Administrazioari lege hau indarrean jarri baino lehenagotik eskuratutako, ikastolen zerbitzuko langileei ere ezarri beharrekoak izango dira.

Hamalaugarrena

      Lege hau nazio mailako gaitasuna duten funtzionariei, hauek dagokion Udalbatzarrarekiko duten iharduneko harremanetik sortzen diren alderdiei buruzkoan ezartzen zaiela ulertuko da, eta Estatuko Administrazioarekin duten harreman-zerbitzuari darizkion arloetan ezarri beharreko berarizko arauen kaltetan gabe eta hauek kontutan izanik.

Hamaboskarrena

      Lege honetan ohartemandakoetarako, lizentziaturako hiru ikasturte gaindituta izatea unibertsitate-diplomadun tituluaren baliokide izango da.

Aldi Baterako Erabakiak

Lehenengoa

      Autonomi Elkarteko Administrazioak, lege hau indarrean jartze-egunetik urtebeteko epearen barruan eta horretan ezarritako manuen arauera, administrazio nagusiko bere lanpostuen egitekoak aztertu eta sailkatuko ditu, funtzionariei, lan-itunepekoei eta behin-behingo langilegoari dagozkienak zehaztuz; lanpostu-zerrendak eratu eta onartuko ditu, horietako bakoitzari izendatutako lan-izendapeneko osagarriaren maila eta, hala badagokio, berarizko osagarri gisa dagokion zenbatekoa adieraziz; eta, horien arauera, lan-itunepeko Kidego guztien aurrekontu-zerrendak ezarriko ditu eta tokiz aldatutako lantoki-zerrendak horietan sarturik geldituko dira.

Bigarrena

      Jaurlaritzak, aurreko erabakian adierazitako epearen barruan, Autonomi Elkarteko eta horren Erakunde Burujabeetako Administrazio Nagusian beren zerbitzuak betetzen ihardun eta horra trasferentzi bidez heldu direnak dagokien Kidegoan sartzea erabakiko du. Funtzionari horiek, betetzen ari diren lanpostuetako izendaturik jarraituko dute eta sartu direneko Kidegoari dagokion Taldeko oinarrizko lansariak eta betetzen duten lanpostuari izendatutako osagarriak jasoko dituzte. Lan-izendapenagatiko osagarrizko maila haien graduari dagokiona baino apalagoa baldin bada, nolanahi ere, norbere graduari dagokiona jasoko dute.

Hirugarrena

      1.-     Abuztuaren 2ko 30/1984 Legeko Aldi baterako Seigarren Erabakiko laugarren idazatian agindutakoaren eta Euskal Autonomi Elkarteak administrazio-langilegoa akuratzeari buruzko apirilaren 6ko 72/1983 Dekretuaren babespean, administrazio horren zerbitzura, euskal Funtzio Publikora sartzeko zain dagoen aldarteko lankidetzarako administrazio-kontratua duen langilegoak, bere egitekoak nola sailkatu diren kontutan harturik, funtzionari edo lan-itunepeko langilego finko izatera iritsi ahal izango du, horretako egin daitezen osagarrizko saioen bidez, dagokion Kidego edo Eskala edo lanbide kategorian sartuz.

      2.-     Aurreko idazatian ohartemandako ondorioetarako eta lanpostu-zerrendak onartuak izan ondoren, Autonomi Elkarteko Administrazioak merezimendu-lehiaketarako deia egingo du eta honetan, iharduneko zerbitzuan dihardutenek hartu ahal izango dute parte, baita borondatezko lan-utzialdia edo zerbitzu berezien kideko egoera aitortu zaienek ere. Honetan parte hartzeko gai zein langilego den adierazi beharko du deiak, kasu bakoitzean zein Kidego edo lanbide-kategoriatan sar daitekeen zehaztuz.

      A edo B Taldeetako Kidegoetakoren batera sartutakoek Talde bereko beste Kidegoan sartzea eskatu ahal izango dute, eta hori eman, aurrekontuetan diruz hornitutako lanpostu hutsik baldin bada eta doakionak hor sartzeko eskatzen diren eskakizunak betetzen baditu emango zaie. Aukera hori, lan-tokiaz jabetzeko egunaren biharamonetik kontatzen hasi eta gehienera hiru urteko epearen barruan behin bakarrik erabili ahal izango da.

      Aukeraketa-aldian parte ez hartzeak edo hori ez gainditzeak, besterik gabe, akurapenezko harremanaren ezabapena ekarriko du eta hori, nolanahi ere, lehiaketa ebatzi ondorengo hiru hilabeteren barruan gauzatu beharko da. Hala ere, horren eraginpeko langilegoak funtzio publikoan sartzeko, gero izango diren deietan parte hartu ahal izango du eta, Aldi baterako Laugarren erabakian sartzen den lanarigoarentzat hor ohartemandako modu eta norainoko beraz baloratuko zaizkio egindako zerbitzuak.

      3.-     Egindako lehiaketaren ondorioz funtzionari edo lan-itunepeko izatera iritsi daitezen izan nahikoek izendatuak lituzketen lanpostuak betetzen jarraituko dute.

      4.-     Aurreko idazatietan agindutakoa bete artekoan aldarteko lankidetza-akurapena duen langilegoak gaurregun duen zerbitzu-harremanari eutsiko dio, betetzen ari den lanpostuetan, horien izaera dena dela, iraungo du eta bere lansariak lege honetan adierazitako errejimenari egokituko dizkio.

Laugarrena

      1.-     Lege hau indarrean jartzean, Autonomi Elkarteko Administrazioan bitarteko edo aldi baterako lankidetzako administrazio-akurapenezko den langilegoak, honen egitekoek izan duten sailkapenaren arauera, funtzionari edo itunepeko langilego-izaera hartu ahal izango du norgehiagoka-lehiaketa jarez, eta lehiaketa horretan, langilego horrek edozein Administrazio publikotan betetako zerbitzuei, norgehiagoka-aldian lor daitekeen gehienera ehuneko berrogeita bosteko puntuazioaren balioa emango zaie.

      Baloraketa hori, lege hau indarrean jarri ondoren gerta daitezen enplegu publikorako lehenengo hiru eskaintzetatik datozen deietan erabiliko da.

      Aurreko lerroaldian esaten diren deiak egin ondoren, funtzionari edo lan-itunepeko izatera iritsi ez daitezenek gehienera horietatik azkenekoa ebatzi ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan utziko dute Autonomi Elkarteko Administrazioaren zerbitzua.

      2.-     Aurreko idazatian agindutakoa bete arte, aldi baterako lankidetzarako den bitarteko eta akuratutako langilegoak gaurregungo bere zerbitzu-harremanari eutsiko dio, betetzen ari den lanpostuetan iraun egingo du eta bere lansariak lege honetan ohartemandako errejimenari egokituko dizkio. Funtzionari edo lan-itunepeko izatera iritsi ondoren, lehenagotik izendatuak dituzten lanpostuei atxikirik geldituko dira.

Boskarrena

      1.-     Lege haun indarrean jarri ondorengo urtebeteko epearen barruan, gainerako euskal Administrazio Publikoek, funtzionari eta lan-itunepeko langilegoari dagozkion lanpostuak zehaztuz, beren lanpostuak sailkatuko dituzte; beren osagarrizko lansariak finkatuz, horien lanpostu-zerrendak eratu eta onartuko dituzte; zerrenda horiek haiek kontutan izanez hornituko dituzte diruz aurrekontuetan; eta, langilegoaren lansari-errejimena lege honetan agindutakoari egokituko diote.

      2.-     Trasferentzien ondorioz foru Diputazioetako zerbitzuetan sartu diren funtzionariak, lege honetan ezarritakoari atxikiz, beren jaurtze-erakundeek erabaki ditzaten Eskala eta Subeskaletan sartuko dituzte Diputazio horiek.

      3.-     Lege hau indarrean jartzean, azaroaren 25eko 27/1983 Legea betez burutu diren trasferentzien ondorioz, foru Diputazioetan zerbitzu egiten ari diren aldarteko lankidetzako administrazio-akurapenezko langileek eta bitarteko eta aldi baterako lankidetzako administrazio-akurapenezkoek, Aldi baterako Hirugarren eta Laugarren erabakiei atxikiz, bakoitzari dagokion foru administrazioan funtzionari edo lan-itunepeko izatera iritsi ahal izango dira.

Seigarrena

      1.-     Euskal Administrazio Publikoetako funtzionari eta lan-itunepeko langile finko izanik, bere zerbitzu-harremanari dagokionaz bestelako izaerakotzat sailkatutako lanpostuak dituztenek hurrenez-hurren, eta beti ere horretako eskatutako baldintzak betetzen badituzte, lanbide-zerrendan sartu edo, salbuespen gisa eta behin bakarrik, dagozkien Administrazioek jarri ahal izango dituzten baztertze-indarreko eta mugatutako saioen bidez, dagokien Kidegoko funtzionari izatera iritsi ahal izango dute.

      Lanpostu-zerrenda onartu ondorengo sei hilabeteen barruan egingo da deia eta, hor, betetako zerbitzuak eta izan nahikoaren gaitasun edo egokitasuna erabakitzera bideratutako beste edozein merezimendu balioztatuko da eta, hori, beharrezkotzat jo daitezen ezagutzak ziurtatzeko diren beste saioen kaltetan izan gabe.

      Lehiaketa-bide horretan parte har ez dezatenek edo hori gainditu ez dezatenek, zuten harremanarekin jarraituko dute Administrazioaren zerbitzuan, horren lanpostuak kendu beharrekotzat hartuz.

      2.-     Aurreko idazatian aipatutako lehiaketaren ondorioz funtzionari edo lan-itunepeko izatera iristeak, besterik gabe, lanpostu hutsaren aldaketa ekarriko du eta Kidegoaren zerrendarenetan edo, hala gertatuz gero, lanitunepeko zerrendarenean sartuko dira.

Zazpigarrena

      1.-     Autonomi Elkarteko Aurrekontuen legeek hori erabaki arte, lan-izendapeneko osagarrizkoaren maila bakoitzari dagozkion hasierako diru-zenbatekoak Jaurlaritzak araudiz erabakiko ditu.

      2.-     79. ataleko 3. idazatian ohartemandakoa bete arte, berarizko osagarrizko gisa lanpostu bati izenda dakion diru-zenbatekoak, ez du berorri dagokion lan-izendapeneko osagarrizkoaren mailari dagokiona gainditzerik izango.

Zortzigarrena

      Aldi baterako Erabaki hauen babespean funtzionari edo lan-itunepeko izatera iritsi dadin langilegoari, hirurteko edo antzinatasunaren ondorioetarako, edozein Administrazio publikotan egindako zerbitzuak aitortuko zaizkio.

Bederatzigarrena

      Lege honetan ohartemandako lansari-sistema dela eta, jasotzen ari diren lansari finko eta aldizkakoekiko murrizketaren bat gertatuko balitz, horren eraginpeko langilegoak diru-aldeagatik norbere eta behin-behingo osagarria jasotzeko eskubidea izango du, osagarri hori bere baitagarria izango dela.

Hamargarrena

      1.-     Norbere gradua lortzeko beharrezko den aldia, 1985.eko urtarrilaren lehen-egunetik eta, nolanahi ere, funtzionari bilakatzen denetik hasiko da kontatzen.

      Horretako, egun horretatik betetzen ari dadin lanpostuari dagokion Administrazioak izendatzen dion lan-izendapeneko osagarrizkoaren maila kontatuko da. Lanpostu-zerrenda onartzearen ondorioz, lanpostuari izendatutako maila aldatzen bada, 45. ataleko 5. idazatian ezarritako arauari atxikiko zaio.

      2.-     Lanpostu-zerrenda onartzetik bi urte igaro arte, lanpostuak hornitzeko prozedurak inolako gradurik kontutan hartu gabe erabakiko dira.

Hamaikagarrena

      10. ataleko 2. idazatian aipatutako prozedura-arauak araudiz erabakitzen ez diren artean, haren lehenengo idazatian emandako ahalmenen erabilera Autonomi Elkarteko Administrazioan indarrean dauden prozedurei egokituko zaie.

Hamabigarrena

      Hamaikagarren Erabaki Gehigarriaren lehenengo idazatian ohartemandako berarizko legea eman arte eta hor erabaki dadinaren kaltetan gabe eta horren baitan, Osakidetza/Euskal Osasun-Zerbitzuaren menpe dauden irekitako edo itxitako Osasun-Erakundeetako lanpostuak, horretan iharduteko eskatzen diren betebeharrak bete ditzatenean, horietako izendatutako langilegoak bete ahal izango ditu aukeran.

Hamahirugarrena

      Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jartzen den urtearen barruan, berarizkotasunez eta behin bakarrik, Autonomi Elkartearen Administraziorako enplegu publikorako ohizkoaz besteko eskaintza egin, eta hor sartzen diren lanpostuak lehenbaitlehen betetzeko deia egin ahal izango du. Dei horietan, 55. atalean jarritakoaren arabera, Aldi baterako Bigarren Erabakian esaten diren funtzionariek, beharrezko lanpostuak gordez eta beti ere horretako beharrezko diren titulazio-baldintzak betetzen badituzte, barne-mailatan gora egitea ahalbideratuko du.

Hamalaugarrena

      Lege hau indarrean jarri ondorengo hogeita hamar egunen barruan, Lehendakaritza, Zuzentza eta Autonomi Garapeneko Sailburuak Diputatu Nagusiei, euskal toki-erakundeetako elkarte edo federakuntzei eta sindikaritza-erakundeei Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluko ordezkariak hautatzeko eskea egingo die, eta hori, horretako eskea egiten zaienean kontatzen hasiko den hogeita hamar eguneko epearen barruan egin beharko da. Hautaketa egin, edo horretako jarritako epea amaitu ondoren, Lehendakaritza, Zuzentza eta Autonomi Garapeneko Sailburuak Kontseiluaren lehenengo bilkurarako deia egingo du.

Hamaboskarrena

      Hamaikagarren Erabaki Gehigarrian ohartemandako legea egin artean, Autonomi Ertzaintzako funtzionariek, lege honetan oharteman gabekoetarako, ezarri beharko litzaiekeen araupidetza izango dute jaurpide.

Indargabetzeko Erabakia

      Lege honetan jarritakoaren aurkako lerrun bereko edo beheragoko erabaki guztiak indargabeturik gelditzen dira.

Azken Erabakiak

Lehenengoa

      Lege hau garatzeko beharrezko izan daitezen erabaki guztiak emateko baimena ematen zaio Jaurlaritzari.

Bigarrena

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritza-Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamonean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra