Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

6/1993 Legea, urriaren 29koa, animaliak babestekoa.

1993-10-29

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1993/11/15, 220. zk.; EAO, 2012/2/10, 35. zk.

§ 149. 6/1993 LEGEA, URRIAREN 29KOA, ANIMALIAK BABESTEKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

       Gure inguruko gizarteen ekonomia-garapenak gizarte eta kulturaren garapen handiagoa ekarri du berekin. Era berean, animalien mundua osatzen duten izakienganako gero eta errespetu-eskari handiagoa ikusten da, batez ere gizakiarengandik hurbilago dauden eta gizakiarekin batera bizi diren animalienganakoa.

 

       Europako Elkartea oso jabeturik dago animalienganako errespetu eta babes beharraz, eta hala ikus daiteke araubidezko erabakietan, hala nola 86/609/EEE Arteztarauean, saiakuntzarako eta zientziazko helburuetarako erabilitako animalien babesari buruzkoan; 90/18/EEE Arteztarauean, laborategiko ihardunen egokitasuna ikuskatzeari eta egiaztatzeari buruzkoan; 91/628/EEE Arteztarauean, animaliak garraiatzean babesteari buruzkoan, bai eta animaliak hiltzean babesteari buruzko Kontseiluaren araudi-proposamenean (EEE) ere.

 

       Euskadiko gizartearentzat gauza jakina eta ezaguna da animaliak errespetatu, defendatu eta babesteko oinarriak aitortzeko kontzientziazio-ekimena. Eta horrek, nazioarteko hitzarmen eta itunekin bat etorriz, lege-esparru egokia aldarrikatzea eskatzen du, orain arte ez da horrelakorik izan eta; lege-esparruak aipatutako oinarriak jaso, bermatu eta bultzatuko ditu, animalien jabeen edo edukitzaileen betebeharrak ezarriz, debekatu beharreko jarrerak zernolakotuz eta kasu bakoitzean ezarri behar diren zigorrak ohartemanez.

 

       Are gehiago, lege honek gure gizartean dagoen kontzientziazioa areagotu nahi du, hain zuzen ere, jokabide gizatiarragoak eta gizarte modernorako egokiagoak diren jarrerak hartzera bultzatuko duen heziketarako oinarriak ezarriz.

 

       Legearen I. idazpuruak izaera orokorreko erabakiak ezartzen ditu animalien elikaduraz, higieneaz, tratuaz, garraioaz eta salmentaz. Hala ere, lege honen esparrutik kanpo geratzen da basa fauna bere ingurunean babestea eta zaintzea, bai eta ehiza eta arrantzazko ekintzak ere, horiek, oso konplexuak eta zabalak izanik, legedi berezia eskatzen dute eta.

 

       II. idazpurua lege honek hartzen dituen animaliak edukitzeari eta identifikatzeari -horiek izatea hiri handietan nahikoa zabaldua baitago- eta higiene eta osasunezko zenbait baldintza betetzeari buruzkoa da. Animaliak etxebizitzetan edukitzeko joerak beste arazo bat sortarazi du, edukitzaileek animaliak bazter uztea hain zuzen, etxean edukitzeari komenigarria erizten ez diotenean; ekintza horrek zigor zorrotzak izango ditu eta animalia-biltegiak arau daitezen eskatuko da, sor litzaketen osasunezko arazoak ekidinez horrela. Laguntzako animalien haztegiek, salmenta-tokiek eta aldi batez edukitzeko tokiek izan behar dituzten baldintzak ere ezartzen dira.

 

       III. idazpuruak animaliak babestu eta aldezteko elkarteez eta horiek administrazioarekin izan behar dituzten harremanez dihardu.

 

       IV. eta V. idazpuruek erroldatzeko, ikuskatzeko eta zaintzeko neurriak ezartzen dituzte eta legeak xedatutakoaren hauspenak zernolakotu eta hauspen bakoitzari dagokion zigorra arautzen.

 

I IDAZPURUA

ERABAKI OROKORRAK

 

Lehenengo Atala

 

       Lege honen helburua Euskal Autonomi Elkarteko lurraldean dauden etxeko animaliak, etxekotuak eta basati gatibuak babesteko arauak ezartzea da, elkarte honetan erroldatuak egon ala ez, eta animalien jabeen edo edukitzaileen bizilekua edozein dela ere.

 

2. Atala

 

       1.-   Lege honen ondorioetarako, bizi ahal izateko gizakiaren laguntza behar dutenak jotzen dira etxeko animaliatzat.

 

       2.-   Etxekotutako animaliak, basati eta jare jaioak izanik gizakia ikustera eta horren lagun izatera ohitu diren eta, bizirik iraun ahal izateko, behin betiko gizakiaren menpe daudenak dira.

 

       3.-   Animalia basati gatibuak, basati jaioak izanik gatibu bizitzera behartuta egon arren etxekotzeko hezibiderik izan ez dutenak dira.

 

3. Atala

 

       1.-   Lege honen esparrutik kanpo geratzen dira eta araubide berezia izango dute honako hauek:

 

a)  Ehizak.

b)  Arrantzak.

c)  Basa fauna berezko ingurunean babesteak eta zaintzeak.

d)  Zezenek.

e)  Animaliak saiakuntzarako eta beste helburu zientifikoetarako erabiltzeak.

 

       2.-   Hala ere, basoko animalia gatibuei edo jatorrizko ingurunera itzultzeko xedearekin hazi dituzten animaliei ezarri ahal izango zaizkie lege honetako 4.1 eta 2 ataleko erabakiak eta, oro har, osasun-izaerakoak eta bazter uzteari, jasotzeari, barneratzeari, isolatzeari eta hiltzeari buruzkoak.

 

4. Atala

 

       1.-   Animaliaren bat duenak higiene eta osasunezko baldintza egokietan eduki beharko du, aterperako leku egokia jarriz, janaria eta edaria emanez, albaitaritza-sorospena eta gorputz-ariketak egiteko aukera eskainiz eta bere espezie eta arrazaren behar fisiologiko eta etologikoei dagokien moduko arreta eskainiz.

 

       2.-   Dena den, debekatua dago:

 

a)  Animaliei tratu txarra ematea edo arrazoirik gabeko oinaze edo mina eta larritasuna sor diezaiekeen edozer gauza egitea.

b)  Bazter uztea.

c)  Bizi ahal izateko behar duten janaria ez ematea eta/edo higiene eta osasunaren ikuspuntutik egokiak ez diren tokietan edukitzea.

d)  Animaliei mozketak egitea, albaitarien ardurapean ezinbesteko arrazoiengatik, funtzionaltasunagatik edo arrazaren ezaugarriei eusteko, egiten direnak izan ezik.

e)  Alkohola, drogak edo farmakoak ematea, edo kalte fisikoak edo psikikoak sor diezazkieketen edonolako manaiu artifizialak egitea, lehiaketaren batean emaitza hobeak lortzeko izan arren.

f)   Animaliei ez dagozkien edo tratu iraingarria suposatzen duten jokabide eta jarrerak indarrez ezartzea.

g)  Zakur eta oilar borrokak.

h)  Kalean animaliak hiltzea, behar-beharrezko edo ezinbesteko izan ezik.

 

       3.-   Foru-aldundietako horretarako gai diren sailek tiroko elkarteei, bakoitzaren federazioaren artapean, usakume-tiraketako lehiaketak egiteko baimena eman ahal izango diete.

 

       4.-   Animaliak osasunezko arrazoiengatik edo hiltegian hil behar direnean, konortea berehala galtzea dakarten eta oinazerik sortarazten ez duten metodoak erabiliko dira.

 

       5.-   Euskal kirol-ospakizunak egiteko oinarritzat etxeko animaliak erabili behar direnean, Eusko Jaurlaritzak, dekretu baten bidez, araudiz zehaztuko ditu bete behar diren baldintzak eta betebeharrak. Dena dela, idazpuru honetan zehaztu diren higiene, osasun eta elikadurazko baldintza berberak bete beharko dira, batez ere atal honetako 2.e) idazatian xedatutakoa.

 

       6.-   Herri ikuskizun eta jaietan animaliek parte hartu ahal izateko administrazioaren baimena beharko da, Eusko Jaurlaritzak emango duen araudiari jarraiki.

 

       7.-   Eusko Jaurlaritzak araudi bidez debekatu ahal izango du zakur-arraza jakin batzuk, hauen arriskugarritasuna dela eta, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko lurren mugartean haztea.

 

5. Atala

 

       Debekatua dago, halaber:

 

a)  14 urtez beherakoei edo ezinduei animaliak saltzea, ematea edo uztea, haien guraso-agintea edo zaintza duen pertsonaren baimenik gabe.

b)  Animalien kalez kaleko salmenta, baimenduak dauden merkatu edo azoketatik kanpo.

c)  Animaliak laborategiei edo klinikei saltzea administrazioaren kontrolik gabe.

d)  Animaliak salmentak bultzatzeko sari edo ordain gisa ematea, animalien ordainbidezko eskualdaketaren ondorio diren negozio juridikoak salbu.

 

6. Atala

 

       1.-   Animaliek, batetik bestera eramaterakoan, nahikoa toki izan beharko dute. Garraiabideek edo estalkiek animaliak babesteko eta eguraldi-aldaketa handietatik begiratzeko prestatuak egon beharko dute, eta estalkietan adierazi egin beharko da barruan animalia biziak daudela. Garraioa beharrezko diren segurtasun-neurriekin egingo da.

 

       2.-   Garraiatzerakoan animaliei begiratu egin beharko zaie eta janari egokia emango zaie egokitzen zaien orduetan.

 

       3.-   Animaliak garraiatzeko tokiak higiene eta osasunezko baldintza egokiak izan beharko ditu, eta intsektuz eta infekzio-bidez behar bezala gabetua egon beharko du.

 

       4.-   Nolanahi ere, Europako Elkarteko arauak eta nazioarteko itunetan gai horri buruz aipatzen dena bete beharko da.

 

7. Atala

 

       Edozein motatako komunikazio-euskarritan animalien irudi ankerrak, tratu txarra ematen zaienekoak edo oinazea adierazten dutenak fotografiatu, filmatu edo grabatzeko, autonomi administrazioko organo aginpidedunari alde aurrez eman beharko zaio jakitera, ematen zaiela itxuratzen den mina benetan itxura hutsean geratzen dela egiaztatu ahal izateko.

 

8. Atala

 

       1.-   Animaliaren edukitzailea izango da animaliak sortzen dituen kalte, hondamen eta enbarazoen erantzule, Kode Zibilaren 1.905. atalean ezarritakoaren arabera.

 

       2.-   Animaliaren edukitzaileak neurri egokiak hartu beharko ditu kaleetan eta leku publikoetan gorotzik geratzea eragozteko.

 

       3.-   Animaliaren edukitzaileak, edo honen baimena duenak, hala gertatuz gero, animalia galdu zaiolako salaketa egin beharko du.

 

II IDAZPURUA

ETXEKO ANIMALIAK, ETXEKOTUTAKOAK ETA BASATI GATIBUAK

 

I ATALBURUA

ARAU OROKORRAK

 

9. Atala

 

       1.-   Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Osasun Sailak lege honetan esaten diren animaliei txertoak ipintzea, nahitaezko tratamenduak eta hilketa behartu ahal izango dituzte, animalien osasun edo osasun publikoko arrazoiak direla eta.

 

       2.-   Albaitariek, beren lanbideko ihardunean, nahitaezko tratamenduak jartzen badizkiete animaliei, artxiboa eduki beharko dute tratatutako animalia bakoitzaren fitxa klinikoarekin, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Osasun Sailak araudiz zehazten duten modura; artxibo hori foru-organo aginpidedunaren eta toki mailako eta osasun-agintarien esku egongo da.

 

10. Atala

 

       1.-   Batagatik edo besteagatik txakurrak dituztenek erroldatu egin beharko dituzte ohizko bizilekuetako udaletan, hilabeteko epean, animalia jaio edo erosi zenetik hasita. Animaliak derrigorrez eta beti eraman beharko du errolda-identifikazioa. Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Osasun Sailak laguntzako beste animalia batzuei ere zabaldu ahal izango diete atal honetan ezartzen dena, egoki eritziz gero.

 

       2.-   Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Osasun Sailak araudiz ezarriko dute nola egin behar diren identifikazioa eta errolda, animalia bazter uzten bada edo galtzen bada ahalik eta azkarren jakiteko nongoa den.

 

11. Atala

 

       1.-   Euskal Autonomi Elkarteko udalek eta osasun publikoari edo animalien osasunari buruzko aginpidea duten agintariek animaliak barneratzeko edo isolatzeko aginduko dute, gizakiari edo gainerako animaliei kutsa diezazkieketen gaitzak diagnostikatu edo sintomak somatzen bazaizkie, bai sendatzeko tratamendua emateko edo baita, beharrezkoa bada, hiltzeko ere.

 

       2.-   Gizakiari eraso egin dioten animaliak barneratzeko eta/edo isolatzeko agindua ere eman ahal izango dute animalia aztertzeko eta, beharrezkoa bada, aurreko atalean aurrikusten diren neurriak hartzeko.

 

12. Atala

 

       Udalak ahaleginduko dira herriko lorategietan eta parkeetan txakurrak paseatzeko eta txakurren aisialdirako leku egokiak eta behar bezala seinaleztatuak prestatzen.

 

13. Atala

 

       Indarrean dagoen osasun-araubideak ezarriko du, janariak egin, saldu, bildu, garraiatu edo erabiltzen diren lokaletan, ikuskizun publikoetan, igeritokietan eta antzeko lekuetan animaliak sartu, egon eta herri-garraioetan eraman daitezkeen ala ez.

 

II ATALBURUA

ANIMALIAK BAZTER UZTEA ETA ANIMALIA-BILTEGIAK

 

14. Atala

 

       Bazter utzitako animaliatzat joko da jatorriaren eta jabearen identifikaziorik ez daramana eta bakarrik dabilena, bai eta, identifikaziorik eraman arren, jabeak edo arduradunak galdu egin dela jakinarazi ez duena ere.

 

15. Atala

 

       1.-   Udalen eta foru-aldundietako sail aginpidedunen egitekoa izango da bazter utzitako animaliak eta, identifikazioa eraman arren, edukitzailearen laguntzarik gabe noraezean dabiltzanak jasotzea, berreskuratu, jabe berri bati eman edo hil ditzaten arte.

 

       2.-   Horretarako, udalek langileak eta toki egokiak izan beharko dituzte edo, eduki ezean, administrazioarekin elkarlanean ari diren animaliak babesteko eta aldezteko elkarteekin, udalen gainetik dauden erakundeekin edo foru-aldundietako organo aginpidedunekin hitzarmenak egin beharko dituzte zerbitzu horiek izateko.

 

16. Atala

 

       1.-   Identifikaziorik gabeko animalia bat jasota edukitzeko epea hogeita hamar egunekoa izango da gutxienez. Epe hori igaro ondoren inork erreklamatzen ez badu, animalia eskuratu, jabe berri bati eman edo hil egin ahal izango da.

 

       2.-   Animaliak identifikazioa baldin badarama, jabeari animalia jasota dagoela sinistarazte-indarrez jakinaraziko zaio eta 7 laneguneko epea emango zaio berreskuratzeko, animaliak biltegian sortarazitako gastuak ordaindu beharko dituela eraman aurretik. Epe hori igaro ondoren jabeak berreskuratzen ez badu, aurreko atalean aipatu dena egingo da animaliarekin.

 

17. Atala

 

       1.-   Dagokion araubidean adierazten diren osasun-arrazoiak direnean izan ezik, edukitzaile pribatu bat aurkitzeko arrazoizkoa den guztia egin eta ezer lortu ez eta animalia-biltegietan denbora luzeagoz edukitzea ezinezkoa denean bakarrik erabakiko da herri-administrazioen esku dauden animaliak hiltzea.

 

       2.-   Animalia bat hil beharra baldin badago, konortea berehala galtzea dakarten eta oinazerik sortarazten ez duten metodoak erabiliko dira.

 

       3.-   Animalia albaitariaren kontrolpean eta erantzukizunpean hil beharko da.

 

       4.-   Eusko Jaurlaritzak, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Osasun Sailak elkar hartuta proposamena egin ondoren, araudi bidez ezarriko ditu hiltzeko erabili behar diren metodoak, Europako Elkarteko araubideari jarraiki.

 

18. Atala

 

       1.-   Animalia-biltegiek, direla udalarenak, udal mailaz gainekoak, foru-aldundienak edo animaliak babesteko eta aldezteko elkarteen jabegokoak, foru-organoen menpe dauden albaitaritza-zerbitzuen kontrolpean egon beharko dute. Nolanahi ere, baldintza hauek bete beharko dituzte:

 

a)  Foru-aldundietako errejistroan izena emanda edukitzea.

b)  Errolda-liburua izatea eta behar bezala betetzea; animaliak noiz sartu eta atera diren adierazi beharko da liburu horretan, bai eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak araudi bidez ezar ditzan gainerako zehaztasunak ere.

c)  Jarritako helburuak lortu ahal izateko higiene eta osasunezko baldintza egokiak izan beharko ditu biltegiak.

d)  Behar bezalako albaitaritza-laguntza izan beharko du.

 

       2.-   Biltegi horietan neurri zorrotzak hartu beharko dira dauden animalien artean kutsapenik gerta ez dadin.

 

III ATALBURUA

HAZTEGIAK, SALMENTARAKO TOKIAK ETA ANIMALIAK ALDI BATEZ EDUKITZEKO TOKIAK

 

19. Atala

 

       Animaliak hazi edo saltzen dituzten tokiek, animalia-egoitzek, trebakuntza-zentroek eta animaliak aldi batez edukitzeko tokiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, gainerako erabakietan ezarri dakizkiekeenen kaltetan gabe:

 

a)  Egoitza edo zentroa dagoen lurralde historikoko foru-organo aginpidedunaren baimena izatea.

b)  Errolda-liburua izatea eta liburu hori administrazio aginpidedunen eskueran egotea; liburuan adieraziko dira dauden animalien datuak eta Nekazaritza eta Arrantza Sailak, araudi bidez, egoitza, zentro eta animalientzat ezartzen dituen kontrolak.

c)  Higiene eta osasunezko baldintza egokiak izatea eta bertan dauden animalien behar fisiologikoetarako lokal egokiak izatea.

Animalia-mota bakoitzarentzat gutxieneko neurri eta antolabideak araudiz zehaztuko dira, gai horri buruz Europako Elkartean indarrean dagoen araubidearen arabera.

d)  Albaitaritza-zerbitzuaren laguntza izatea.

e)  Zakurrak trebatzeko era bateko eta besteko moduei buruzkoan, trebakuntza-zentroa dagoen lurralde historikoko foru-organo aginpidedunaren baimena izatea.

 

20. Atala

 

       Animalia-egoitzek, trebakuntza-zentroek eta laguntzako animaliak aldi batez edukitzeko tokiek, honako baldintza hauek bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoaz gainera:

 

a)  Animalia sartzen denetik zentroko albaitaritza-zerbitzuak animaliaren egoerari buruzko iritzia eman arte, isolatuta edukitzeko egoitza egokiak izatea.

b)  Animaliak jabeei behar bezalako osasun-bermeekin itzultzea.

c)  Animalia zaintzeko, horretarako baimena duen toki batean utz dezan jabeak, honekin harremanetan jartzea ezinezko litzatekeenerako, animaliari bizirik eusteko presaz egitea beharrezko litzatekeen albaiteriaren edozein eskuhartzetarako baimena behar bezala emanda utziko du.

 

21. Atala

 

       1.-   Animalien haztegiek edo salmenta-tokiek 18. atalean aipatu dugun errolda-liburuan adierazi beharko dituzte animalien sarrerak eta irteerak. Bestalde, hiru hilabetero, saldu dituzten animalien zerrenda, animaliak nondik datozen, zein espezie eta arrazatakoak diren eta erosleak nortzuk diren adierazi beharko diete dagokien udalei.

 

       2.-   Horrezaz gain, haztegiek erroldan jaso beharko dituzte erditzeen kopurua, erritmoa eta egindako umeak.

 

IV ATALBURUA

TRADIZIOZKO ZEZENKETAK

 

22. Atala

 

       1.-   Lege honen ondorioetarako tradiziozko zezenketatzat joko dira entzierroak, ganadua jare uztea, larre-behiak, sokamuturrak eta animaliei odolezko zauririk egitea xede ez duten gisa bereko guztiak.

 

       2.-   Tradiziozko zezenketak egin ahal izateko, administrazio-baimena lortu beharko da, Eusko Jaurlaritzak horretarako ezarriko duen arautegiari jarraiki.

 

       3.-   Ganadua zauritua, kolpatua eta gaizki tratatua den ikuskizunik egiteko ez da inola ere baimenik emango.

 

       4.-   Ikuskizunetan kontrol-lanaren ardura duten funtzionariak aurreko txatalean agindutakoa nabarmen hausten dela ohartzen badira, jokaera horiek izan ditzaketen zigorrak ahaztu gabe, etenarazi egingo dute ikuskizuna.

 

III IDAZPURUA

ANIMALIAK BABESTEKO ETA ALDEZTEKO ELKARTEAK

 

23. Atala

 

       Lege honen arabera, animaliak babesteko eta aldezteko elkarte izango dira helburu nagusitzat animaliak aldeztea eta babestea duten elkarteak, legez eratuak eta irabazi-asmorik gabeak badira.

 

24. Atala

 

       1.-   Eusko Jaurlaritzak araudi bidez zehaztutako baldintzak betetzen dituzten elkarteak administrazioarekiko lankidetzako erakunde izendatuko dituzte foru-organoek.

 

       2.-   Osasun Sailak, foru-organoek eta, hala balegokio, udal-batzek animaliak babesteko eta aldezteko iharduerak itundu ahal izango dituzte lankidetza-erakundeekin. Hona iharduerak:

 

a)  Noraezean dabiltzan edo galdutako nahiz bazter utzitako animaliak, edo jabeek emandakoak, jasotzea.

b)  Bazter utzitako, jaberik gabeko, administrazioak bahitutako edo osasunketa-arrazoiak direla eta isolatuak egon behar duten animaliak eduki, zaindu eta tratatzeko tokiak erabiltzea.

c)  Animalia beste jabe bati emateko kudeaketa-lanak egitea edo animalia hiltzea lege honetan ezartzen denaren arabera.

d)  Etxeko animaliak, etxekotutakoak edo basatiak izanik gatibu daudenentzako tokiak ikuskatzea eta, beharrezkoa balitz, salaketak egitea agintari aginpidedunari, dagokion zigor-espedientea izapidatu ahal izateko.

e)  Dagokien administrazioei animaliak eraginkortasun handiagoz babesteko eta aldezteko egokientzat dituzten neurriak hartzeko proposatzea.

 

IV IDAZPURUA

ERROLDA, ZAINTZA ETA IKUSKARITZA

 

25. Atala

 

       Udalen eginkizuna izango da Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak araudi bidez zehazten dituen etxeko animalien espezieen errolda ezartzea.

 

26. Atala

 

       Udalek eta foru-organo aginpidedunek, bakoitzari dagokion esparruan, animalien haztegiak, salmenta-tokiak edo aldi batez edukitzeko tokiak, bai eta bazter utzitako animalien biltegiak ere, zaindu eta ikuskatu egingo dituzte.

 

V IDAZPURUA

ZIGOR-JAURBIDEA

 

I ATALBURUA

ARAU-HAUSTEAK

 

27. Atala

 

       Lege honen ondorioetarako hausteak hiru motatakoak izango dira: arinak, larriak eta oso larriak.

 

       1.-   Arau-hauste arintzat joko dira:

 

a)  Laguntzako animaliak erroldako identifikaziorik gabe edukitzea, eraman beharrekoa dutenean.

b)  Animaliak garraiatzea lege honen 6. atalean edo hori garatu dezaten arauetan ezartzen dena bete gabe.

c)  Animaliak behar adinako arreta eta zainketa jaso ezin duten lekuetan edukitzea.

d)  Animaliei tratu iraingarria ematea edo haien izaerari ez dagozkion jokaerak edo jarrerak edukiaraztea.

 

       2.-   Arau-hauste larriak honako hauek dira:

 

a)  Animaliak behar beste ez elikatzea edo higiene eta osasunaren ikuspuntutik egokiak ez diren tokietan edukitzea.

b)  Antzutzea, mozketak eta hilketak albaitariaren kontrolik gabe edo lege honek ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak alde batera utziz egitea.

c)  Txertoak edo derrigorrezko tratamenduak ez ematea.

d)  Animaliak baimenik gabe saltzea.

e)  Lege honetan edo legea garatzeko egin daitezen arauetan lege honen gai diren animaliak aldi batez edukitzeko tokietarako, haztegietarako edo salmenta-tokietarako ezarritako baldintzak eta betebeharrak ez betetzea.

f)   Animaliei tratu txarra ematea edo erasotzea, beharrezkoak ez diren oinazeak, kalteak edo mozketak eginez.

g)  Animaliei beharrezkoak ez diren oinaze edo kalteak sortarazi diezazkieten sustantziak ematea, zuzenean edo janarien bidez.

h)  Kalterik egin dezaketen animaliak zaintzen eta gordetzen behar hainbateko arretarik ez izatea.

i)   Animaliek nabariak eta larriak diren gaitzak eta minak izan eta albaitaritza-sorospen egokirik ez ematea.

j)   Beharrezko administrazio-baimenik ez duten ikuskizunetan animaliei parte harraraztea.

k)  Sendetsitako erabaki bidezko zigorra jaso duten hiru arau-hauste arin eginak izatea, zigor-espedientea hasi aurreko bi urteetan.

 

       3.-   Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

 

a)  Animaliak erasoen bidez edo sustantzia toxikoak emanez hiltzea.

b)  Laguntzako edo etxeko animalia bazter uztea.

c)  Itxurak egin beharrean, krudelkeria, tratu txarra edo oinazea erakusten dituzten benetako eszenak grabatzea zinemarako edo telebistarako.

d)  Baimendutako ikuskizunetan parte hartzen duten animaliei anestesiak, drogak edo bestelako gaiak ematea animalien otzantasuna, errendimendu fisiko handiagoa edo berezkoa ez duen beste edozein jokabide lortzearren.

e)  Zakur-arraza arriskutsuak haztea edo nahastea.

f)   Janari pozoituak bide eta leku publikoetan uztea.

g)  Debekatutako ikuskizunetan animaliei parte harraraztea.

h)  Sendetsitako erabaki bidez zigorra jaso duten hiru arau-hauste larri eginak izatea, zigor-espedientea hasi aurreko bi urteetan.

 

II ATALBURUA

ZIGORRAK

 

28. Atala

 

       1.-   Aipatutako arau-hausteei ezarriko zaizkien zigorrak 5.000tik 2.500.000 pezetara bitarteko isunak izango dira, mailakaketa honen arabera:

 

a)  Arau-hauste arinak: 5.000tik 50.000 pezetara bitarteko isunak.

b)  Arau-hauste larriak: 50.001etik 250.000 pezetara bitarteko isunak.

c)  Arau-hauste oso larriak: 250.001etik 2.500.000 pezetara bitarteko isunak.

 

       2.-   Lege honetan jarritako zigorren zenbatekoak urtero eta berez eta besterik gabe gaurkotuak izango dira jendearentzako salneurrien erakuskariaren arabera, hori aurreko urteko zigorraren zenbatekoari ezarriko zaiola.

 

29. Atala

 

       1.-   Zigor-erabakian, arau-haustearen gai izan diren animalien bahiketa aginduko da, animaliaren gorputz-osotasuna bermatzeko beharrezkoa baldin bada.

 

       Bahitutako animaliak horretarako prestatutako tokietan zainduko dira eta, ahal baldin bada, beste jabe bati emango zaizkio; jabe berririk aurkitzen ez bada hil egingo dira, 16. atalean ezarritakoaren arabera.

 

       2.-   27.2 eta 3 atalean adierazten diren arau-hausteak eginez gero, egoitzak, lokalak edo tokiak aldi baterako ixteko agindua eman ahal izango da; bi urterako gehienez ere arau-hauste larrien kasuan, eta lau urterako gehienez ere arau-hauste oso larrienean; animalia gehiago erosteko debekua ere ezarri ahal izango da, gehienez ere lau urtez.

 

       3.-   Oso larritzat jotako eta zigortutako arau-hausteetan hiru urte pasa baino lehen berriro eroriz gero, lege honen 19. atalean xedaturiko administrazio-baimena behin betiko galduko da.

 

30. Atala

 

       1.-   Isunen zenbatekoa neurtzeko eta aurreko ataleko 2. idazatian jasotzen diren zigorren iraupena zehazteko, gorabehera hauek hartuko dira kontutan:

 

a)  Egindako arau-hausteak gizarte edo osasun mailan izan duen garrantzia eta sortu dituen kalteak.

b)  Legez kanpoko irabazi-asmoa eta arau-haustea egindakoan lortutako ondasunen zenbatekoa.

c)  Arau-hausteak behin eta berriro egitea.

     Arau-haustea behin eta berriro egin dela esaten da administrazio-bideko sendetsitako erabakiz, lege honetan aurrikusten den zigorren bat aurretik ezarri denean, zigor-espedientea hasi aurreko bost urteetan.

d)  Arau-haustea arintzeko zein astuntzeko eraginik izan dezakeen beste edozein gorabehera. Horretarako, bereziki kontuan hartuko dira umeen edo adimen-gaitasunik gabekoen aurrean egindako animalien kontrako indarkeria-ekintzak.

 

       2.-   Ahal den neurrian eta administrazio-arloaren berezitasunak eskatzen dituen ñabardurekin eta egokitzapenekin, antijuridikotasuna eta erruduntasuna kanpo uzteari buruzko zigor-arauak analogiaz ezarriko dira, eragin berak dituzten arlo horretako beste zenbait gorabehera nabarmeni arreta eskaintzearen kaltetan gabe.

 

       3.-   Ekintza berak arau desberdinetan zehaztuta dauden administrazioarekiko arau-hauste bi edo gehiago osatzen dituztenak izan daitezenean, kopururik handieneko zigorra jarriko da, espedienteari hasiera eman eta horri buruzko erabakia hartzeko gaitasunduna zigorra jartzeko ahalmenaren jabe den organoa izango dela.

 

III ATALBURUA

IHARDUNBIDEA ETA AGINPIDEA

 

31. Atala

 

       1.-   Lege honetan aurrikusten den zigor-ahalmena erabiltzeko, dagokion administrazio-espedientea hasi eta izapidatu beharko da, atalburu honetan eta administrazioaren zigor-ihardunbidea arautzen duten legezko edo arauzko erabakietan ezartzen denaren arabera.

 

       2.-   Udalek izapidatuko dituzte zigor-espedienteak eta, gero, ahalmena duen administrazio-aginteari emango dizkiote erabakiak hartzeko, hala egokitzen bada.

 

       3.-   Udal-agintariek zigor-espedienteak izapidatuko ez balituzte, foru-organo aginpidedunek, beren ekimenez nahiz doakionak eskatuta, beren gain hartuko dituzte izapidatze-egitekoak, kasuan kasuko zigorrak ezarriz.

 

32. Atala

 

       1.-   Arau-hausteetarako aurrikusitako zigorrak ezartzea hauei dagokie:

 

a)  Alkateei, arau-hausteak arinak direnean.

b)  Udal-batzari, arau-hausteak larriak direnenan.

c)  Foru-organo aginpidedunari, arau-hausteak oso larriak direnean.

 

       2.-   Udalak foru-organoak erabaki behar dituen zigor-espedienteak izapidatuz gero, izapideak egin dituen udalak beretzat hartuko du ezarritako zigorraren diru-kopurua.

 

33. Atala

 

       Lege honetan aurrikusten den zigorren bat ezartzeak ez du salbuesten zigortutakoaren erantzukizun zibila.

 

34. Atala

 

       1.-   Arau-hausteak delitutzat edo hutsegitetzat jo daitezen kasuetan, zigorra ezartzeko administrazio-organo aginpidedunak ekintzen berri emango dio zigor-legemendeari, eta zigor-ihardunbideari jarraitzeari uko egingo dio epaileak sendetsitako erabakia eman arte, indargaltzeko epea etenda geratuko dela ordurarte.

 

       2.-   Epailearen zigorrik izanez gero, ez da administrazio-zigorrik ezarriko.

 

       3.-   Zigor-legemendeak sendetsitako erabaki bidez erabakitzen badu errua egotzi zaionak zigor-legezko erantzukizunik ez duela, administrazioak zigor-espedientearekin jarraitu ahal izango du, frogatuta dituen ekintzak oinarritzat hartuz.

 

       4.-   Epaileak parte hartu baino lehen administrazio-espedienteak izapidatzen dituzten agintariek hartutako bermezko neurriak indarrean izango dira epaileak horri buruz ezer esan arte.

 

35. Atala

 

       1.-   Zigor-espedientea hasi ondoren, eta beste arau-hausterik izan ez dadin, espedientea izapidatzen duen administrazio-agintariak honako bermezko neurri hauek hartu ahal izango ditu:

 

a)  Animaliaren batek lege honek debekatu duen ekintzaren bat jasan duen susmorik izanez gero, animalia badaezpada bahitzea eta, animalia-biltegi batean sartu ondoren, zaintzea.

b)  Egoitzak, lokalak edo tokiak badaezpada ixtea.

 

       2.-   Aurreko b) idazatiarekin bat etorriz hartu diren bermezko neurriek sendetsitako erabakia hartu arte iraungo dute; nolanahi ere, ezingo dute iraun lege honetako 29.2 atalak zigorretarako aipatzen duen epearen erdia baino gehiago.

 

36. Atala

 

       Lege honen helburu diren gaietan ezarritako zigorrak bete beharrekoak izango dira erabakiak administrazio-bideari amaiera ezartzen dionean.

 

37. Atala

 

       1.-   Lege honetan aurrikusten diren arau-hausteek lau hilabetera galduko dute indarra arinak direnean, urtebetera larriak direnean eta bi urtera oso larriak direnean.

 

       2.-   Zigorrek bost urtera galduko dute indarra 500.000 pezetakoak edo gehiagokoak direnean, eta urtebetera zenbateko hori baino gutxiagokoak direnean.

 

Erabaki Gehigarria

 

       Urtebeteko epean, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek lege honen edukia Euskal Autonomi Elkarteko ikasleen eta biztanleen artean zabaltzeko ekimenak antolatu beharko dituzte, bai eta animalienganako errespetua bultzatzen duten neurriak hartu eta lege hau gizartean zabaldu eta sustatu ere, animaliak babesteko eta aldezteko elkarteekin elkarlanean.

 

Aldi Baterako Erabakia

 

       Laguntzako animalien haztegiek edo salmenta-tokiek, animalia-egoitzek, trebakuntza-zentroek, bazter utzitako animalientzako biltegiek eta helburutzat laguntzako animaliak aldi batez edukitzea duten gainerako instalakuntzek, lege hau argitaratzen den egunean bertan ezarriko diren baldintzak betetzen ez badituzte, urtebeteko epea izango dute baldintzak betetzera heltzeko.

 

Azken Erabakiak

 

Lehenengoa

 

       Eusko Jaurlaritzak, urtebeteko epean lege honen araudia emango duelarik, ahalmena izango du hau garatzeko eta betetzeko beste edozein erabaki emateko.

 

Bigarrena

 

       Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean lege hau.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra