Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

6/1998 Legea, martxoaren 13koa, itsas arrantzari buruzkoa.

1998-03-13

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1998/4/1, 60. zk.; EAO, 2011/12/23, 308. zk.

§ 212. 6/1998 LEGEA, MARTXOAREN 13KOA, ITSAS ARRANTZARI BURUZKOA

ZIOEN AZALPENA

Euskal Autonomi Elkartearen itsasbazterrean barne-uretako arrantza, itsaski-bilketa eta itsas hazkuntzak antolatzea, eta, bestetik, arau-hauste edo urratzeak eta urratze horiei dagozkien zehapenak ezartzea da lege honen helburua.

Hala, itsas baliabideak babestu eta artatzea, baliabide horiek neurriz aprobetxatzea, eta jarduna guztion ondasun honen gozamenerako antolatzea da legearen xedea. Hortaz, Eusko Jaurlaritzaren betebeharra da -ondasun honen bermatzaile baita- itsas baliabideen ustiapen egoki eta arrazoizkorako jardun-irizpideak ezartzea eta jardunari buruzko arauak betetzen direla bermatzea.

Lege honek tresna egokia jarriko du Euskal Herriko Administrazioaren esku, aipaturiko helburuak bere eskumen-eremuaren barruan gauza ditzan. Eta arrantza-tokiak artatu eta berreskuratzeko helburuak bete ahal izateko, beharrezkoa da irizpide eta arrantza-politika berberak konpartitzea herri-administrazio guztien eragin-eremuetan. Horrez gain, arau honek aukera emango du arrantzan jardutean egiten diren urratzeak eraginkortasunez jazartzeko eta lege-hausteak zehatzeko.

Europako Batasuneko arrantza-politika ere bat dator baliabideak babestu eta artatu gurarekin.

Euskal Herriak orain arte ez du eduki baliabideak artatzeko eta arrantzan aritzeko politikaren gidalerroak bil zitzakeen lege-markorik, eta, beraz, unean-unean sortzen izan diren arazoei erantzun besterik ez du egiten izan. Administrazioarentzat, baina, behar-beharrezkoa da lege-marko egokia izatea, arrantza antolatzeko eta emankortasun handi eta iraunkorra lortzera eta arrain-populazioen stockak berreskuratzera bideratzeko. Eta, hain zuzen ere, behar horri erantzuteko eratu da honako arau hau, zeinen oinarrizko helburua baita itsas baliabide eta ekosistemak artatzea.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak, 10. atalaren 10. idazatian, ezartzen du Euskal Herriak eskumen esklusiboa daukala barne-uretako arrantzan, itsaski- bilketan eta arrain-hazkuntzan. Era berean, 11.1.c) atalean ezartzen da Euskal Autonomi Elkartearen eskumena dela, beraren barrutian, Euskal Herriko arrantza-sektorea antolatzeko lege-garapena eta garapen horren emaitza betearaztea. Eta eskumen-marko horren ondorioz ezarri da lege hau.

Legea lau idazpurutan egituratu da:

I. idazpuruaren lehenengo atalburuan xedapen orokorrak ezartzen dira, eta legearen helburu eta xedeak finkatzen dira. Bigarren atalburuan zenbait definizio ezartzen dira, eta haien artetik ustiapen egoki eta arrazoizkoaren kontzeptua nabarmendu behar da, erabiltzen diren legezko eskuarteak itsas baliabideen artapenerako egokiak izan behar direla inplikatzen baitu.

II. idazpuruak, bestalde, arrantza, itsaski-bilketa eta itsas hazkuntzen antolamendurako abiaburuak finkatzen ditu, baliabideen babesean eta jardueraren garapen erazkoan oinarriturik. Halatan, arrantza profesionalean jarduteko arauak ezartzen dira lehenengo kapituluko lehenengo sekzioan; jolas-arrantzan jarduteko irizpideak finkatzen dira bigarren sekzioan, eta Untzien Erregistroari buruzko arauak jasotzen dira hirugarren sekzioan.

Bigarren atalburuan itsaski-bilketarako irizpideak finkatzen dira, eta bereizi egiten dira, batetik, itsasoan era profesionalean burutzen den jarduera, eta, bestetik, itsasbazterrean edo itsasadarretan burutzen dena.

Hirugarren atalburuan, lehenengo sekzioan, itsas hazlekuak ezartzeko modua definitu eta arautzen da. Eta bigarren sekzioan, algak eta askatutako algak hazi eta biltzeko modua definitu eta arautzen da.

Legearen III. idazpuruaren lehenengo atalburuan, urratze eta zehapenak arautu eta beraien sailkapena ezartzen da (arinak, astunak eta oso astunak) babestu nahi den ondasun juridikoan duten eraginaren arabera. Bigarren atalburuan zehapenak ezartzen dira, eta, horrez gain, zehapen bat baino gehiago metatzeko aukera, betiere urratutako arauaren garrantziaren arabera.

IV. idazpuruaren lehenengo eta bigarren atalburuetan, zehatzeko prozedura eta eskumena arautzen dira; eta hirugarren atalburuan, pertsonen erantzukizuna eta erantzukizunaren iraungipena ezartzen dira.

Azkenez, legeak lau xedapen gehigarri ditu, aldibaterako bi xedapen, indargabetze-xedapen bat eta bi azken xedapen.

I IDAZPURUA

I ATALBURUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. Atala

1.- Euskal Autonomi Elkartearen itsasbazterrean barne-uretako arrantza, itsaski-bilketa eta itsas hazkuntzak antolatzea, eta, bestetik, urratzeak eta urratzeei dagozkien zehapenak ezartzea da lege honen helburua.

2.- Hala, itsas baliabideak babestu eta artatzea, baliabide horiek neurriz aprobetxatzea, eta jarduna guztion ondasun honen gozamenerako antolatzea da legearen xedea.

2. Atala

Eusko Jaurlaritzak -ondasun honen bermatzaile baita- itsas baliabideen ustiapen egoki eta arrazoizkorako jardun-irizpideak ezarriko ditu, jardunari buruzko arauak betetzen direla bermatuko duelarik.

3. Atala

1.- Arrantza-arloan eskuduna den Saileko organoak eman beharreko lizentzia, baimen edo emakiden menpean egongo dira itsas arrantza, itsaski-bilketa, itsas hazkuntzak, algen edo askatutako algen hazkuntza edo bilketa eta angula-arrantza; horrek ez du esan nahi, ordea, herri-jabari lehortar eta itsasokoa okupatzeagatik Administrazio eskudunari dagozkionak baztertzekoak direnik.

2.- Lizentzia, baimen edo emakidek jardueraren garapenarako egokitzat hartzen diren neurriak bildu ahal izango dituzte.

4. Atala

Eusko Jaurlaritzak deklaratutako erreserba biologiko, geben-leku, uharri-leku, edo babes bereziko aldeei dagokienez, zein bere arau erregulatzailearen arabera eraenduko da.

II ATALBURUA

DEFINIZIOAK

5. Atala

Lege honi dagokionez, itsas baliabide berriztakorrak hauek izango dira: ziklo biologikoaren edozein fasetan barne-uretan edota itsasoko zein itsasadarretako urbazterretan bizi diren eta bizi-prozesuren baten bitartez berriztatzen diren organismo bizidunak.

6. Atala

Ustiapen egoki eta arrazoizkoa da jardueraren errentagarritasun ekonomikoaren eta, bestetik, itsas baliabide eta ekosistemen babes eta artapenaren arteko oreka jarraitua bermatzen duen eta legez baimendutako eskuarte edo tresnez egiten den ustiapena.

7. Atala

Zenbait definizio:

a) Lizentzia: arrantza dagokion modalitatean egiteko, edo itsaskiak biltzeko, edota algak eta askatutako algak biltzeko eta angula-arrantzarako, ematen den baimena.

b) Emakida: herri-jabariko guneak aldi baterako, bakarrean eta esklusibotasunez okupatu, erabili edo aprobetxatzeko eskubidea ematea, itsas baliabideak, itsaski-hazlekuak edo bestelako itsas hazlekuak, edota algak eta askatutako algak haztekoak, jarri edo ustiatzeko.

c) Baimena: itsasoko zein itsasadarretako urbazterretan edo jabetza pribatuan itsaski-hazlekua edo bestelako itsas hazlekua jarri eta ustiatzeko ematen den baiezkoa.

8. Atala

1.- Emakidak epe jakin baterako emango dira, tituluan adieraziko den eperako, alegia, betiere indarreko arauekin bat etorriz.

2.- Itsasoko zein itsasadarretako urbazterretarako baimenak 10 urterako emango dira, eta, interesatuak eskatuz gero, beste horrenbesteko luzapenak eman ahal izango dira, betiere 30 urteko muga gainditu gabe. Baimenak ezeztatu ahal izango dira ezinbesteko arrazoiren batengatik, herri-onurarengatik eta gizarte-interesarengatik.

3.- Jabari pribatuko aldeetarako baimenek indarrean iraungo dute harik eta bidezko arrazoirik gabe jarduera gelditu arte edo baimena emateko baldintzak urratu arte.

4.- Aipaturiko epe horiek zenbatzeko, administrazio-emakida edo -baimena ematen deneko eguna hartuko da kontutan.

9. Atala

Itsas arrantzarako, itsaskiak biltzeko, algak ateratzeko edo askatutako algak biltzeko eta angula-arrantzarako ematen diren lizentzien iraupena arau erregulatzailean ezarriko da, zein berean.

II IDAZPURUA

ARRANTZAREN, ITSASKI BILKETAREN ETA ITSAS HAZKUNTZEN ANTOLAMENDU ETA ARAUPEKETA

I ATALBURUA

I SEKZIOA

ARRANTZA

10. Atala

Arrantza antolatu eta araupetzeko hartzen diren neurriek -oinarri arrazoizko batetik abiaturik- itsas baliabideak eta itsasaldeko komunitateen garapena babestu eta mantentzera joko dute.

11. Atala

1.- Aurreko atalean xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak neurriak har ditzake arrantzan jardun dezaketen untzien kopurua edukiera eta potentziaren arabera finkatzeko, arrantzako tresna, aparailu eta ekipoen erabilera arautzeko, edota arrantzarako epealdiak, gebenak eta espezieen gutxienezko neurriak ezartzeko. Horrez gain, baliabideak babestu eta mantentzera jotzen duen beste edozein neurri ere har dezake.

2.- Nolanahi ere, debekatuta geratzen da arrasteko sareen bidez barne-uretan arrantzan egitea.

12. Atala

Arrantza-arloan eskuduna den Saileko Untzi Erregistroan eta Untzien Matrikula Erregistroko Hirugarren Zerrendan dauden untziei aitortzen zaie arrantzan edo itsaski-bilketan jarduteko eskubidea.

13. Atala

Arrantzan jardun ahal izateko, beharrezko idatz-agiri guztiak eduki behar dituzte untziek, eta, gainera, Administrazioak ezarritako baldintzak bete behar dituzte.

14. Atala

1.- Untziek zentsu edo arrantza-modalitate jakin baterako daukate administrazio-baimena, eta horren arabera emango zaizkie aurreko atalean aipatutako idatz-agiriak.

2.- Modalitatea aldatu ahal izateko, beharrezkoa da arrantza-arloan eskuduna den Sailaren baimena.

15. Atala

Arrantzuntzi berberak ezin ditu arrantza-tresna ezberdinak aldi berean erabili, horretarako administrazio-baimena eduki ezik.

16. Atala

Legez aurkakoa izango da arrantza-arlorako Sail eskudunak arautu, homologatu edo baimendu ez duen edozein arrantza-tresna, aparailu edo ekipo erabiltzea Euskal Autonomi Elkartearen eskumeneko uretan.

17. Atala

Itsasbazterrean, eskudun agintariak bainurako behar bezala mugatutako zonetan, debekatuta dago arrantza. Baita beste hauetan ere: portuetan, untziak sartu eta ateratzeko maniobrak egiten ari diren bitartean; nabigazio-kanaletan, untziak igarotzen diren bitartean; erreserba biologikoetan; geben-lekuetan; uharri-leku artifizialetan; babes bereziko aldeetan, arau erregulatzaileek horrela ezartzen dutenean, eta araudi bidez adierazten diren alde guztietan.

II SEKZIOA

JOLAS-ARRANTZA

18. Atala

Jolas-arrantza da entretenimendu, kirol edo zaletasun hutsagatik egiten dena, inolako irabazi-asmorik gabe. Ez da zilegi, beraz, arrantzatutakoarekin inolako salerosketa edo transakziorik egitea.

19. Atala

1.- Jolas-arrantzak bi modalitatetakoak izan daiteke: ur-azaleko arrantza eta urpekoa.

2.- Ur-azaleko jolas-arrantza lehorretik edo untzi batetik egin daiteke.

3.- Urpeko jolas-arrantzan, birika hutsekin egin behar da igeri urpean.

20. Atala

1.- Ur-azaleko jolas-arrantzarako baimendutako tresna haria edo amu-aparailua da, hots, untzi bati lotutako edo eskuaz zein arrantzarako kanabera baten laguntzaz oratutako edozein hari, gehienez ere hamar amu dituela lizentziako. Xedapen honi dagokionez, koraina izeneko aparailua eta arrain edo beita artifizialak amu-aparailutzat hartuko dira. Korainaren kasuan, gehienez ere lau hari erabili ahal izango dira lizentziako

2.- Ezin erabil daitezke arrantzako tresna edo aparailuok: sare-mailak, tretza, otarreak eta gainerako tresna finko edo deribakoak, ezta administrazio-baimenik ez dutenak ere.

21. Atala

Urpeko jolas-arrantzan erabil daitezkeen eskuzko tresnen edo tresna mekanikoen propultsio-indarra ezin etor daiteke bitarteko elektrikoetatik edo nahastura detonatzaile edo lehergarrietatik. Horrez gain, debekatuta dago tresna hidroirristakorrak erabiltzea, baita gai toxikoak, narkotikoak, pozoitsuak, detonatzaileak, lehergarriak, korrosiboak edo itsas ingurunea kutsatzen dutenak erabiltzea ere.

22. Atala

1.- Itsabazterrean, arrantza profesionala arauz egiten den tokietan eta, bainatzeko edo beste edozein ur-kiroletan aritzeko, eskudun agintariak behar bezala mugatutako aldeetan, debekatuta dago jolas-arrantza; era berean, debekatuta dago portuetan arrantzan jardutea untziak sartu edo ateratzeko maniobrak egiten ari diren bitartean; edota nabigazio-kanaletan, untziak igarotzen diren bitartean. Eta debekatuta dago jolas-arrantza erreserba biologikoetan, geben-lekuetan, uharri-leku artifizialetan, edo babes bereziko aldeetan, arau erregulatzaileek horrela ezartzen dutenean.

2.- Baldin eta leku eta aldi berean arrantza profesionaleko eta jolas-arrantzako untziak legezko arrantzan ari badira, untzi profesionalek izango dute erabateko lehentasuna. Jolas-untziek ez diete trabarik egingo eta zailtasunik jarriko profesionalen untziei, eta leku eta une horretan debekatuta geratuko da jolas-arrantza. Horretarako, profesionalek nahikoa identifikatuta egon beharko dute bai untziari berari dagokionez eta bai tresnei, buiei eta beste edonolako balizajeei dagokienez, indarrean dauden arauei jarraiki.

3.- Araudi bidez zehaztuko da itsasbazterrean, arrantza profesionala edo bainua zein beste edozein ur-kirol egiten den tokietan, jolas-arrantzan jarduteko gutxieneko distantzia.

23. Atala

Aurreko atalean adierazitako aldeez gain, jolas-arrantza debekatuta dago araudi bidez horrela adierazten den lekuetan.

24. Atala

Eusko Jaurlaritzak jolas-arrantza arautuko du, eta ondoko kontu hauek finkatuko ditu: lizentziaren titularrek bete behar dituzten baldintzak, ordutegiak eta arrantzan jarduteko modua, distantziak, harrapaketen bolumena eta kopurua, espezieak, neurriak, tresnak, kirol-lehiaketak, eta jolas-arrantzan aritzeko beharrezkotzat hartzen diren gainerako kontu guztiak.

III SEKZIOA

UNTZIEN ERREGISTROA

25. Atala

Arrantza-arloan eskuduna den Sailak erregistro bat eratuko du, eta bertan inskribatu beharra izango dute Euskal Autonomi Elkartearen itsasbazterreko barne-uretan arrantzan, itsaski-bilketan, algak ateratzen eta biltzen edo angula-arrantzan diharduten untzi guztiek.

26. Atala

1.- Erregistroa honela antolatuko da; batetik, orrialdeak zenbakiturik eta zigilaturik dituzten bi liburu eduki behar dira, eta, bestetik, artxibo bat, inskribatu behar diren agiri guztiak gordetzeko. Halaber, baliabide informatikoak erabil daitezke, baina bermatu behar da, betiere, idatzitakoa ezin ezaba daitekeela.

2.- Lehenengo liburuan, arrantzan -era profesionalean-, itsaski-bilketan, algak eta askatutako algak ateratzen eta biltzen edo angula-arrantzan aritzen diren untziak, beraien titulartasuna, ezaugarriak, modalitatea eta egoitza-portua inskribatu behar dira.

3.- Bigarren liburuan, jolas-arrantzan arituko diren untziak, beraien ezaugarriak eta titulartasuna inskribatuko dira.

27. Atala

Erregistroko arduradunak ziurtagiriak luzatu ahal izango ditu, epai- eta administrazio-agintariek horrela eskaturik, edota partikular batek eskaturik, aldez aurretik zuzenbidean funtsatutako eskaria eginez gero.

II ATALBURUA

ITSASKI BILKETA

28. Atala

Oskoldunak eta moluskuak kala naturaletan biltzeko, itsaski-bilketari buruzko arauak gorde behar dira.

29. Atala

1.- Lege honi dagokionez, merkatura daitekeen edozein itsas animalia ornogabe hartuko da itsaskitzat.

2.- Ustia eta merkatura daitekeen edozein itsaski-espezie -garapenaren edozein fasetan dagoela- berez kokatzen den tokia da kala naturala.

30. Atala

1.- Jarduneko Arrantzuntziteriaren Zentsuan eta untzien erregistroan inskribatutako arrantzuntzietatik eta araututako arrantza-tresna erabiliz bakarrik harrapatu edo bil daitezke itsaskiak itsasoan, bilketa hori azterketa- edo ikerketa-helburuekin egin ezik.

2.- Aurreko idazatian ezarritakoa gorabehera, kirol-arrantzaleek zenbait molusku edo oskoldun harrapatu ahal izango dituzte beita gisa erabiltzeko, kopuruari, pisuari edo tresnei dagokienez araudi bidez ezarriko diren mugapenak izango dituztela.

31. Atala

1.- Arrantza-arloan eskuduna den Sailak luzatuko du itsas eremuan itsaski-bilketan jarduteko ahalmena ematen duen lizentzia, eta arrantza-enpresa edo -untzien izenean jarriko du.

2.- Itsaskiak itsasoko edo itsasadarretako urbazterretan biltzeko, beharrezkoa izango da lizentzia pertsonal eta banakatua edukitzea, 30.2 atalean aurreikusitakoa salbu.

III ATALBURUA

I SEKZIOA

ITSAS HAZKUNTZAK; ITSAS ESPEZIEAK SARTU ETA ZIRKULATZEKO ARAUAK

32. Atala

Itsas flora eta faunako espezieak -hazieraren edozein fasetan daudelarik- ugaldu edo garatzera jotzen duten ekintzak hartuko dira itsas hazkuntzatzat.

33. Atala

1.- Itsas hazlekuak nagusiak edo osagarriak izan daitezke.

2.- Hazleku nagusiak hauek dira: herri-jabariko edo jabari publikoko aldeetan kokaturik dauden eta, baliabide tekniko eta zientifikoak erabiliz, itsas flora eta faunako espezieak ugaltzera edo espezie horien garapenaren faseak kontrolatzera dedikatzen direnak, betiere ikuspuntu ekonomiko edo zientifikotik emaitza errentagarriak lortzeko helburuaz.

3.- Hazleku osagarriak hauek dira: herri-jabariko edo jabari publikoko aldeetan kokaturik, aurrekoen jarduna osatzen dutenak edo merkataritza-kontuak arautzeko helburua dutenak.

4.- Eusko Jaurlaritzari dagokio itsas hazlekuen motak eta beraiek ezarri eta ustiatzeko baldintzak sailkatu eta arautzea.

34. Atala

Itsas hazkuntzara dedikatutako establezimendu bat jarri edo ustiatzeko baimena lortzeko, beharrezkoa da jarduera horretan aritzeko eskatzen diren txosten, baldintza eta administrazio-tituluak aldez aurretik bete eta eskuratzea.

35. Atala

1.- Baimena emateko, beharrezkoa da jarduerarako exigitzen diren baldintza teknikoak eta osasun- zein ingurugiro-baldintzak aldez aurretik betetzea.

2.- Hasiera batean baimendutakoa ez den beste espezie bat hazteko, beharrezkoa da horretarako beste administrazio-baimen bat eskuratzea.

3.- Baimenak ezeztatu ahal izango dira ezinbesteko arrazoiren batengatik, herri-onurarengatik edo gizarte-interesarengatik.

36. Atala

Herri-jabariko ondasunak aprobetxatu edo ustiatzeko emakidak gainontzeko inoren edo lehendik diren eskubideen kalterik gabe emango dira, eta desjabetu ahal izango dira ezinbesteko arrazoiren batengatik, herri-onurarengatik edo gizarte-interesarengatik, Derrigorrezko Desjabetzapenari buruzko Legean ezarritako balorazio-arauekin bat etorriz.

37. Atala

Itsas espezie jakin batzuen hazkuntza garatzeko babes bereziko zenbait alde deklara ditzake Eusko Jaurlaritzak, eta, horretarako, alde horiek bete behar dituzten osasun- eta ingurugiro-baldintzak ezarri behar ditu.

38. Atala

Itsas baliabide edo hazlekuak ustiatzeko emakida eta baimenak ondoko kasu hauetan iraungiko dira:

a) Emandako epearen mugaeguna iritsitakoan.

b) Interesatuak emakida edo baimenari uko egin eta Administrazioak onartuz gero.

c) Administrazioak eta esleipendunak elkarren adostasunez horrela erabakiz gero.

d) Administrazioak emakida edo baimena ezeztatuz gero, ondoko inguruabarretako baten bat gertatzen denean:

- Egindako txostenetatik ondorioztatzen denean ingurugiroan espezieen garapenari edo itsas ekosistemari kalte egin diezaiokeen aldaketaren bat egon dela.

- Instalazioarengatik edo haren funtzionamenduarengatik osasun publikoarentzako kalteak, nabigaziorako kalteak edo antzerakoak gertatzen direnean.

- Emakida edo baimenaren titulua arautzen duten baldintzak urratzen direnean, edota legez edo araudi bidez eska daitekeen beste edozein betebehar betetzen ez denean.

e) Emakida edo baimena iraungitakoan.

f) Ludiketa gauzatuz gero.

39. Atala

1.- Administrazioak, administrazio-espedientea hasi ondoren, iraungipena deklaratuko du ondoko kasu hauetan:

a) Obrak tituluaren baldintzetan ezarritako epean hasten ezbadira, edo eteten badira edo esandako epean bukatzen ez badira, bidezko arrazoirik egon ezik.

b) Jarduera bidezko arrazoirik gabe eteten bada urtebetetik gorako epean zehar.

c) Bete beharreko beste edozein baldintza betetzen ez bada, betiere ez-betetze horri dagokion zehapena iraungipena denean.

2.- Espedientea, interesatuari entzunda, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko Legearen arabera tramitatuko da.

40. Atala

1.- Itsas espezierik itsasoan sartu ahal izateko, beharrezkoa da arrantza-arloan eskuduna den Sailaren baimena.

2.- Baimena eman baino lehen, espeziearen jatorrizko tokiko erakunde eskudunak luzatutako jatorri- eta osasun-ziurtagiria egiaztatu behar da.

3.- Hala ere, arrantzaarloan eskuduna den Sailak baimena uka dezake, sartu nahi diren espezieek aldaketarik edo desoreka ekologikorik eragin ahal badute itsas ekosistemako flora edo faunan.

41. Atala

1.- Ezarritako gutxienezko neurritik beherako animalia, arrautza edo esporak merkaturatzeko edo horien zirkulaziorako, edo animalia, arrautza edo esporak gebenaldian merkaturatzeko edo horien zirkulaziorako, beharrezkoa da administrazio-baimena.

2.- Hazkuntza-, ikerketa- edo esperimetazio-helburuekin erabiltzeko ez bada, ez da inolako baimenik emango gutxienezko neurritik beherako aleak merkaturatzeko edo horien zirkulaziorako.

3.- Gebenaldian egon arren, administrazio-baimena ez da beharrezkoa izango legezko neurriko espezieak azken kontsumorako merkaturatzeko, baldin eta espezie horiek jatorri- eta zirkulazio-agiria badute eta agiri horrek egiaztatzen badu espezieak itsas hazleku batetik edo zonalde aske batetik datozela.

II SEKZIOA

ALGAK ETA ASKATUTAKO ALGAK

42. Atala

1.- Algak dira itsas ingurunean bizi diren landare talofito biziak, zelulabakarrak zein zelulanitzak.

2.- Askatutako algak dira substratutik askatu eta, olatuen edo beste zenbait inguruabar naturalen ondorioz, hondartzan eta itsasbazterreko beste toki batzuetan metatzen diren algak.

43. Atala

1.- Itsasoan, behar bezala baimendutako eta Untzien Erregistroko Lehen Liburuan izena emana duten untzietatik jardungo da algak eta askatutako algak ateratzen edo biltzen.

2.- Itsasoko eta itsasadarretako uzbazterretan, ingurugiroa lardaskatzen ez duen edozein baliabide edo tresna erabil daiteke algak eta askatutako algak biltzeko.

3.- Arrantza-arloan eskuduna den Sailak zehaztuko du zein tresna erabil daitekeen eta jarduera honetarako toki eta epeak zein diren, baita gainerako baldintzak ere.

44. Atala

Algak hazi edo ateratzeko, beharrezkoa izango da jarduera garatzeko plan edo proiektu bat eratzea. Plan edo proiektu horrek ondoko kontu hauek jorratuko ditu, besteak beste: algak hazi edo ateratzeko metodoa, itsasbazterreko aldea, erabili beharreko giza baliabide eta baliabide materialak, burutzeko epea, ekoiztu edo aterako diren alga-kopuruak, eta jarduerak itsas ekosisteman eduki dezakeen eragina.

45. Atala

Algak eta askatutako algak garraiatzen direnean, arrantza-arloan eskuduna den Sailak luzatutako zirkulazio-agiria eraman behar da haiekin batera.

46. Atala

Araudi bidez ezarriko dira algak eta askatutako algak atera eta biltzeko arauak, jarduerarako epeak, merkaturatzeko arauak eta zeregin honetan jarduteko exigitzen diren gainerako betekizunak.

III IDAZPURUA

URRATZEAK ETA ZEHAPENAK

I ATALBURUA

URRATZEAK

47. Atala

Arrantzari, itsaski-bilketari, itsas hazkuntzei eta algen eta askatutako algen bilketa edo merkaturatzeari eta angula-arrantzari dagokienez, administrazio-urratzea hau izango da: lege honetan halakotzat hartzen den edozein egite edo ez egite.

48. Atala

Arrantzaren, itsaski-bilketaren, itsas hazkuntzen eta alga edo askatutako algen eta angula-arrantzaren arloan Euskal Autonomi Elkartearen eskumen-eremuan egiten diren administrazio-urratze guztiei ezarriko zaie honako lege hau.

49. Atala

Administrazio-urratzeak arinak, astunak edota oso astunak izan daitezke.

50. Atala

Barne-uretako arrantza profesionalari eta untzitik egindako itsaski-bilketari eta angula-arrantzari dagokienez, hauek hartuko dira urratze arintzat:

1.- Untzian ez izatea legezko arauek exigitutako lizentziak, baimenak, ziurtagiriak, tituluak, planoak, kaierak, liburuak edo gainerako beste edozein agiri administratibo.

2.- Legezko arauek arrantzari, harrapaketei eta hondoei buruzko informazio-daturik eskatuz gero, halakoak atzerapenez ematea.

3.- Untziko motoreen potentzia baimendutako gehienezkoa baino handiagoa izatea, edota arauzko argi guztiak erabili gabe edo jarduerarako arauak urratuz nabigatzea edo arrantzatzea.

4.- Portutik atera edo portura sartzeko ezarritako ordutegiak ez betetzea.

5.- Zamaketarako ezarrita dauden toki eta portuetatik kanpo zamatzea arrantzako produktuak.

6.- Halaber, urratze arintzat joko da urratze astun edo oso astuntzat tipifikatu gabe dagoen ez-betetze oro.

51. Atala

Algen eta askatutako algen ustiaketari, itsasoko eta itsasadarretako urbazterreko itsaski-bilketari, itsas hazkuntzei eta oinez ibiliz egiten den angula-arrantzari dagokienez, ondoko kontu hauei buruzko arauak ez betetzea hartuko da urratze arintzat:

1.- Algak eta askatutako algak eduki, bildu edo garraiatzea lizentziarik edo zirkulazio-agiri egokirik eduki gabe.

2.- Angulak, oskoldun edo moluskuak lizentziarik gabe biltzea.

3.- Legez ezarritako gutxienezko neurritik beherako itsas espezieak edukitzea, edo baimendutako kopuruak gainditzea.

4.- Algak eta askatutako algak bildu, atera edo hazteko, arrainak eta itsaskiak bildu edo harrapatzeko, itsaski-hazlekuak ezartzeko eta oinez ibiliz egiten den angula-arrantzarako administrazio-lizentzia, -baimen edo -emakidetan ezarritako baldintzetarik edozein ez betetzea, urratze astun edo oso astuntzat hartzen ez bada.

52. Atala

Barne-uretako arrantza profesionalari eta untzitik egindako itsaski-bilketari dagokienez, hauek hartuko dira urratze astuntzat:

1.- Debekatutako leku edo hondoetan, edo gebendutako garaietan jardutea arrantzan edo itsaskiak biltzen, edota jarduerarako ezarrita dauden ordutegi edo epeak ez gordetzea.

2.- Debekatuta dauden edo baimendu edo homologatuta ez dauden tresna, ekipo, lanabes, artefaktu edo aparailuak untzian erabili edo edukitzea, eta arrantza-modalitateei eta baimendutako tresna-kopuruari buruz indarrean dauden arauak ez betetzea.

3.- Buien erabilerari, tresnen balizajeari eta tresnen arteko gutxienezko distantziari buruzko arauak ez betetzea, arrantzarako eta itsaski-bilketarako baimenduta ez dauden argiak erabiltzea, untziaren matrikula edo folioa ikusteko moduan ez seinalatzea, edota matrikula edo folioa ezkutatu edo manipulatzea.

4.- Arauzko neurritik beherako arrantza-produktuak, edota debekatutako, gebendutako edo baimendu gabeko espezieak harrapatzea, halakoak untzian gordetzea, biltegiratzea, garraiatzea, eraldatzea edo merkaturatzea.

5.- Untzi eta egun bakoitzeko ezarrita dauden gehienezko kupoak gainditzea.

6.- Arrantzako produktuak deskargatu, untzi batetik beste batera aldatu edo saltzea, horretarako ezarritako portu edo lonjetatik kanpo edo legezko arauak urratuz egiten denean.

7.- Lizentzia edo arrantza-planen datuak aldatu edo ez betetzea, eta harrapaketei, hondoei eta araudi bidez eska daitezkeen gainerako betekizunei buruzko informaziorako eta haien kontrolerako arauak ez betetzea.

8.- Untziko langileen gaikuntza eta erroldaketari eta untziaren idatz-agiriei buruzko arauak ez betetzea eta egoitza-portua administrazio-baimenik gabe aldatzea.

9.- Agintari edo jagotzako agenteen ikuskapen-lana oztopatzea, untziei, arrantzarako tresna edo lanabesei, edota arrantzan zein itsaski-bilketan jarduteko behar diren agiriei dagokien guztian; patroiak uko egitea gelditzeari, maniobratzeari edota agintari edo agente horiek untzira sartzeko modua errazteko beste ekintza batzuk egiteari; arrantzarako legez aurkako tresna, lanabes, ekipo edo aparailuak ez entregatzea, edo legez aurkako ekintza batean erabilitako legezko tresnak edota harrapatutako espezieak ez entregatzea.

10.- Itsabazterrean, bainua edo beste edozein kirol nautiko egiten den tokietan debekatuta dago arrantzan jardutea; era berean, eskudun agintariak behar bezala mugatutako aldeetan; portuetan, untziak sartu edo ateratzeko maniobrak egiten ari diren bitartean; nabigazio-kanaletan, untziak igarotzen diren bitartean; erreserba biologikoetan; geben-lekuetan; uharri-leku artifizialetan; babes bereziko aldeetan, arau erregulatzaileek horrela ezartzen dutenean, eta araudi bidez adierazten diren alde guztietan.

53. Atala

Algen, askatutako algen, itsasoko eta itsasadarretako urbazterreko itsaski-bilketaren, itsas hazkuntzen eta oinez ibiliz egiten den angula-arrantzaren arloan, urratze astuntzat joko da ondorengoei buruzko arauak ez betetzea:

1.- Algak debekatuta dagoen aldeetan edo baimenduta ez dauden kopuru edo aldeetan hazi edo ateratzea.

2.- Itsas baliabideen artapenaren aurkako jarduerak egitea; itsas flora eta faunako espezieak administrazio-baimenik gabe sartzea, hala hazkuntzarako nola birpopulaketarako.

3.- Itsas hazlekuak ezartzea eduki beharreko emakida edo baimena eduki gabe.

4.- Bai itsas hazlekuak, bai algak eta askatutako algak ateratzeko erabilitako untziak, bai landare horiek gordetzeko biltegi edo tokiak kontrolatu eta ikuskatzeko lanak oztopatzea.

5.- Euskal Autonomi Elkarteko itsas hazleku batetik baimendutakoa baino neurri txikiagoko espezieak ateratzea horretarako administrazio-agiri edo -baimenik izan gabe.

6.- Debekatutako lekuan edo gebendutako garaian angula-arrantzan aritzea eta oskoldunak edo moluskuak biltzea, edo baimenduta ez dauden tresna, aparailu, artefaktu edo lanabesak erabiltzea.

54. Atala

Barne-uretako arrantza profesionalri, itsaski-bilketari, itsas hazkuntzei eta alga edo askatutako algei eta angula-arrantzari dagokienez, hauek hartuko dira urratze oso astuntzat:

1.- Arrantzarako, itsaski-bilketarako edo algen ekoizpenerako interes berezia duten aldeak beharrezko idatz-agiriak ez dituzten untzietatik kaltetu, aldatu edo suntsitzen dituzten jarduerak egitea.

2.- Lehergaiak, gai toxikoak, pozoitsuak, geldiarazgarriak, loeragingarriak edo korrosiboak erabiltzea edo untzian edukitzea.

3.- Arrantzan, itsaskiak biltzen, itsas hazkuntzan edo algak ateratzen jarduteko eskubidea eragoztea helburu duten jardueretan aritzea, baldin eta eragotzi nahi diren jarduerek indarrean dagoen legeria betetzen badute.

4.- Jagotzako agintari edo agenteei untzien, itsas establezimenduen eta alga eta askatutako algen ikuskapena eragoztea.

5.- Debekatutako prozedura edo gaiak erabiltzea hazitako espezieak garatzeko prozesuetan.

6.- Arrasteko sareekin arrantzan aritzea.

55. Atala

1.- Jolas-arrantzari buruzkoan ondoko hauek hartuko dira urratze arintzat: lizentziarik gabe edo debekatutako hondo eta aldeetan arrantzatzea, hoben edo urratze astuna ez denean; ezarritako ordutegia edo gutxienezko distantziak ez gordetzea; urpeko arrantzan buia-baliza ez erabiltzea; debekatutako erakargarri edo argiak erabiltzea; baimendutakoak baino kopuru handiagoak edo debekatutako espezieak harrapatu, eduki edo garraiatzea; harrapatutako espezieak saltzea edo beraiekin transakzioak egitea, eta administrazio-baimenik izan gabe kirol-lehiaketak egitea.

2.- Ondoko hauek urratze astuntzat hartuko dira: erreserba biologikoetan, biotopoetan, babes bereziko aldeetan edo uharri-leku artifizialetan aritzea jolas-arrantzan, horretarako baimenik izan gabe; baimenduta ez dauden arrantzarako tresna, aparailu, lanabes eta ekipoak untzian izatea edo erabiltzea; patroiak uko egitea gelditzeari, maniobratzeari edota arrantza-ikuskatzaileak untzira sartzeko modua erraztera zuzendutako beste ekintza batzuk egiteari; patroiak uko egitea untzia portura ekartzeari, arauz kontra arrantzatzeagatik jagotzako agintari edo agenteek hala agintzen dutenean, eta urpeko arrantzan jardutea bainurako aldeetan, beren-beregi debekatutako aldeetan, edota ur-kirol edo kirol-lehiaketarik egiten den bitartean.

3.- Eta, bestetik, ondoko hauek oso astuntzat hartuko dira: arrantzan tresna elektrikoak erabiltzea, edo lehergaiak, gai toxikoak, pozoitsuak, geldiarazgarriak, loeragingarriak edo korrosiboak erabiltzea.

II ATALBURUA

ZEHAPENAK

56. Atala

1.- Lege honetan aurreikusitako urratzeak egiteagatik ondoko zehapen hauek ezar daitezke:

a) Ohartarazpena.

b) Isuna.

c) Arrantzako tresna, aparailu edo lanabesak bahitzea.

d) Produktu edo ondasunak dekomisatzea.

e) Jardueretan aritzeko gaitasuna kentzea, gehienez bost urteko eperako.

f) Baimenak aldi baterako edo behin betiko ez berritzea.

g) Lizentzia aldi baterako edo behin betiko kentzea.

h) Itsas hazlekua aldi baterako edo behin betiko ixtea.

2.- Zehapen horiek metatu daitezke lege honetan ezarritakoaren arabera.

3.- Zehapenak mailakatzeko, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 131. atalean aurreikusitako irizpideak eta proportzionaltasunaren abiaburua hartuko dira kontutan.

4.- 70.1 atalean aurreikusitako epeen barruan, urratze arintzat tipifikatutako ekintzetan berrerortzea urratze astun gisa zigortuko da; urratze astunean berrerortzea urratze oso astun gisa zigortuko da, eta urratze oso astunaren kasuan, aurreikusitako zigorrik handiena jarriko da eta, gainera, egindako legez kontrako ekintzen larritasunaren arabera, egoki izan daitezen osagarrizko neurriak hartuko dira.

57. Atala

1.- Barne-uretako arrantza profesionalari, itsaski-bilketari, algak eta askatutako algak ateratzeari edo biltzeari eta itsas-hazkuntzari eta angula-arrantzari dagozkien urratzeengatiko isunen zenbatekoa hau izango da:

a) Urratze arinak ohartarazpenarekin edo 10.000 pezetatik 50.000ra bitarteko isunarekin zehatuko dira.

b) Urratze astunak 50.001 pezetatik 1.000.000ra bitarteko isunarekin zehatuko dira.

c) Urratze oso astunak 1.000.001 pezetatik 10.000.000ra bitarteko isunarekin zehatuko dira.

2.- Barne-uretako arrantza profesionalari, itsaski-bilketari, algak eta askatutako algak ateratzeari edo biltzeari eta itsas-hazkuntzari eta angula-arrantzari dagozkien urratze astunei, dagozkien isunez gainera, zehapen osagarri bat edo gehiago ezar dakieke, urratze-motaren arabera:

a) Arrantzako tresna, aparailu edo lanabesen bahitura, 52. atalaren 1, 2 edo 4. idazatietako urratzeetarako, eta 53. atalaren 6. idazatiko urratzeetarako.

b) Espezieen eta produktuen dekomisoa, 52. atalaren 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 10. idazatietako urratzeetarako, eta 53. atalaren 1, 3, 5 eta 6. idazatietako urratzeetarako.

c) Lizentzia egun batetik 30eko aldirako kentzea, 52. atalaren 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 9 eta 10. idazatietako, eta 53. atalaren 1 eta 6. idazatietako urratzeetarako.

d) Itsas hazlekuak aldi baterako ixtea -hilabeterako, gutxienez, eta 6 hilabeterako gehienez-, 53. atalaren 2, 3, 4 eta 6. idazatietako urratzeetarako.

e) Produktu edo ondasunen dekomisoa, 53. atalaren 1, 3 eta 5. idazatietakoko urratzeetarako.

3.- Barne-uretako arrantza profesionalari, itsaski-bilketari, algak eta askatutako algak ateratzeari edo biltzeari eta itsas-hazkuntzari eta angula-arrantzari dagozkien urratze oso astunei, dagozkien isunez gainera, zehapen osagarri bat edo gehiago ezar dakieke, urratze-motaren arabera:

a) Arrantzako tresna, aparailu edo lanabesen bahitura, 54. atalaren 1. idazatiko urratzeetarako.

b) Espezieen eta produktuen dekomisoa, 54. atalaren 1, 2 eta 5. idazatietako urratzeetarako.

c) Jardueretan aritzeko gaitasuna kentzea, gehienez 5 urteko eperako 54. atalaren 1, 2, 3 eta 5. idazatietako urratzeetarako.

d) Baimenak aldi baterako -gehienez urtebeterako- edo behin betiko ez berritzea 54. atalaren 4 eta 5. idazatietako urratzeetarako.

e) Lizentzia aldi baterako -gehienez 3 hilabeterako- edo behin betiko kentzea 54. atalaren 2, 3 eta 4. idazatietako urratzeetarako.

f) Itsas hazlekua aldi baterako -gehienez 3 hilabeterako- edo behin betiko ixtea 54. atalaren 4 eta 5. idazatietako urratzeetarako.

4.- Isuna inoiz ez da arau-urratzaileak lortu duela uste den eta/edo lortu duen onura baino txikiagoa izango.

58. Atala

1.- Barne-uretako jolas-arrantzaren arloko urratzeengatikako isunen zenbatekoa ondorengoa izango da:

a) Urratze arinak ohartarazpenarekin edo 25.000 pezetarainoko isunarekin zehatuko dira.

b) Urratze astunak 25.001 pezetatik 100.000ra bitarteko isunarekin zehatuko dira.

c) Urratze oso astunak 100.001 pezetatik 1.000.000ra bitarteko isunarekin zehatuko dira.

2.- Jolas-arrantzaren arloko urratze astunei, dagozkien isunez gain, honako zehapen hauek ezar dakizkieke: tresna, aparailu edo lanabesak bahitzea eta eskuratutako produktu edo ondasunak dekomisatzea.

3.- Jolas-arrantzaren arloko urratze astunak, dagokien isunaz gain, 56.1 c), d) eta g) atalean jasota dauden zehapenetako batekin edo gehiagorekin zigortuko dira.

4.- Harrapatutako espezieak saldu edo haiekin transakziorik eginez gero, harrapatutakoaren balioa besteko gehikuntza izango du zehapenak. Lege honi dagokionez, lizentzia bakoitzeko, 80.000 pezetatik gora egiten duten espezieak harrapatzea parekatuko da salmenta edo transakzioarekin, baimendutako harrapaketa-muga gainditzen denean.

59. Atala

1.- Legez aurkako tresna, aparailu edo lanabesak suntsitu egingo dira.

2.- Legezkoak izan arren, debekatutako hondo edo aldeetan, geben-lekuetan edo arauzko ordutegi edo epeetatik kanpo jarrita egoteagatik, jarrita dauden tokietatik kentzen diren arrantzarako tresna, aparailu edo lanabesak -baldin eta jabeak erreklamatzen ez baditu hogeita hamar eguneko epearen barruan- arrantzaleen kofradiei eman dakizkieke enkante publikoan saltzeko, eta, kasu horretan, emaitza kofradien helburu sozialetarako erabiliko da. Hondatuta egon badaitez, suntsitu egingo dira.

3.- Dekomisatutako produktu edo ondasunak enkantean jarriko dira, edo erakunde ongile bati emango zaizkio, edo, bestela, suntsitu egingo dira.

4.- Aurreko jarduketa horiek guztiak akta batean jasoko dira.

IV IDAZPURUA

PROZEDURA ETA ESKUMENA

I ATALBURUA

PROZEDURA

60. Atala

Zehatzeko ahalgoa erabiltzeko, beharrezkoa da administrazio-espedientea hasi eta instruitzea, eta, tramitazio eta gorabeherei dagokienez, nola Estatuaren oinarrizko legerian hala Euskal Herriko herri-administrazioen zehapen-ahalgoa arautuko duen legerian ezarritakoari lotzea.

61. Atala

Lege honen konplimendua jagoteaz arduratzen diren agintari eta agenteek, ziurtasunez dakitenean urratzeren bat egin dela, urratzeak, urratzeen erantzuleak eta inguruabar guztiak jasoko dituzte akta batean, eta organo eskudunen esku jarriko dituzte bahitutako untzi, tresna, aparailu, ekipo edo lanabesak eta egindako dekomisoak. Horrez gain, bahitutakoak eta dekomisatutakoak zaindu eta aseguratzeko behar diren neurriak hartuko dituzte.

Bahitutakoak eta dekomisatutakoak zaindu eta aseguratzeko gastuak urratzailearen kontura ordainduko dira.

62. Atala

Arrantza-arloan eskuduna den Saileko Arrantza zuzendariari dagokio zehapen-prozedurari hasiera ematea. Zehapen-prozedura hasteak beharrezkoak diren kautelazko neurriak hartzea ekar dezake, hala prozeduraren amaiera ona eta emaitzaren eraginkortasuna bermatzeko nola pertsonei gaitzik eta itsas ingurugiro edo baliabideei kalterik ekar diezaieketen inguruabar edo egoerak manten daitezen eragozteko.

63. Atala

1.- Urratze oso astunak egin direlako zantzu nahikoak daudenean eta lege honetan aurreikusitako zehapenen eraginkortasunarentzako arrisku larri eta berehalakoak daudenean bakarrik atzeman daiteke harako untzi bat kautelazko neurri legez, eta ez beste inoiz.

2.- Salbuespenez, interesatuak fidantza jartzeari edo agintari eskudunak ezarritako beste edozein berme jartzeari uko eginez gero, kautelazko atzematea erabaki daiteke, izan litekeen zehapenaren edo bestelako ondorio ekonomikoen zenbatekoa kobratuko dela bermatzeko. Exigitutako fidantzaren zenbatekoak hartu den kautelazko neurriaren barruan egon beharko du.

3.- Fidantza hiru hilabeteko epearen barruan aurkeztu behar da, eta beste horrenbesteko luzapena eman daiteke.

4.- Ezarritako epea fidantzarik jarri gabe igaroz gero, arrantza-arloan eskuduna den Sailaren esku geratuko da untzia, eta Sail horrek erabakiko du, indarrean dagoen legeriari jarraiki ematen den ebazpenaren arabera, untziaren destinoa zein izango den.

5.- Presa edo beharrizanagatik, aipaturiko kautelazko neurria jagotzako agintari edo agenteek hartu ahal izango dute; kasu horretan, organo eskudunak berretsi behar du neurria hiru eguneko epearen barruan.

64. Atala

Organo eskudunak agintari jakin bat izendatuko du prozedurari hasiera emateko, eta agintari horrek beteko ditu instrukzio-eginkizunak, edo, bestela, administrazio-unitateak osatzen dituztenen artean izendatuko duen funtzionarioak beteko ditu.

II ATALBURUA

ESKUMENA

65. Atala

1.- Urratzearen astuntasunaren arabera erabakiko da lege honetan aurreikusitako zehapenak ezartzeko organo eskuduna zein den, betiere sailkapen hau gogoan izanik:

a) Arrantza-arloan eskuduna den Saileko Arrantza zuzendaria, urratze arin edo astunen kasuan.

b) Arrantza-arloan eskuduna den sailburua, urratze oso astunen kasuan.

2.- Administrazioaren arioz edo instruktorearen proposamenez, erantzukizuna ezin exigi daitekeelako adierazpena edo prozeduraren largespena planteatzen denean, Arrantza zuzendaria izango da organo eskuduna.

66. Atala

1.- Administrazio-urratze bat delitu edo hoben izan baledi, espedientea ebazteko administrazio-organo eskudunak zigor-jurisdikzioari ezagutaraziko dizkio gertatutakoak, eta zehapen-prozedura etengo du epailearen ebazpen irmoa egon arte; bitartean, preskripzio-epeak ere eten egingo dira.

2.- Epai-agintaritzak kondena ezartzen badu, eta egilea, egitateak eta funtsak berberak direla somatzen bada, administrazio-zehapena baztertu egingo da.

3.- Erruztatuak zigor-erantzukizunik ez duelako epai-adierazpen irmoak ez dio eragozten Administrazioari zehapen-espediente administratiboa jarraitzea, betiere adierazpenean frogatutako egitateak oinarritzat hartuta.

4.- Administrazioko organo eskudunak hartutako kautelazko neurriek indarrean iraungo dute baldin eta baterakorrak badira zigor-jurisdikzioko organoek erabakitakoekin.

67. Atala

1.- Administrazio-erabakia irmoa denez geroztik, lege honetan araututako arloetan ezarritako zehapenak betearazi beharrekoak izango dira.

2.- Hala ere, organo zehatzaileak -bere arioz edo alderdietako baten batek eskaturik- zehapenaren betearazpena etetea erabaki dezake, baldin eta errekurtsorik jartzen bada azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 111.2 atalean ezarritakoaren arabera.

3.- Zehapena eteteko, nahitaezko baldintza izan daiteke herri-interesaren babesa eta inpugnaturiko erabakiaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren kautelazko neurriak betetzea.

III ATALBURUA

ERANTZUKIZUNA ETA ERANTZUKIZUNAREN IRAUNGIPENA

68. Atala

1.- Lege honetan aurreikusitako urratzeen erantzuleak hauek dira: legean ezarritako xedapenak egitez edo ez egitez urratzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, elkarteak eta ondasun-erkidegoak barne direlarik.

2.- Urratze berberaren ondorioz subjektu bati baino gehiagori ezarritako zehapenak independienteak izango dira.

3.- Momentu bakoitzean aplikatu beharreko zehapen-arauteria orokorrean ezarrita dauden erantzunkidetasun-kasuak aplikatuko dira.

4.- Lege honetan aurreikusitako zehapenak ezartzeak ez du esan nahi erantzuleak izan dezakeen zigor-erantzukizuna edo erantzukizun zibila baztertu behar denik, ezta itsas flora, fauna edo ekosisteman eragindako kalte-galerengatik administrazio-bidetik eska lekizkiokeen kalteordainak baztertu behar direnik ere.

69. Atala

Zehapena ordaindu edo bete izanagatik edota preskripzioagatik iraungitzen da urratze baten ondoriozko erantzukizuna.

70. Atala

1.- Urratze oso astunek lau urteren buruan preskribitzen dute, astunek bi urteren buruan, eta arinek urtebetearen buruan.

2.- Urratzea egiten den egunetik beretik hasiko da preskribitzeko epea kontatzen. Interesatua jakinaren gainean dagoelarik, zehapen-prozedura hasten denean, preskripzio-epea eten egingo da, eta berriz hasiko da baldin eta zehapen-espedientea geldi badago hilabete baino gehiago ustezko erantzuleari ezin egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

71. Atala

1.- Urratze oso astunengatik ezarritako zehapenek lau urteren buruan preskribituko dute, urratze astunengatik ezarritakoek bi urteren buruan, eta urratze arinengatik ezarritakoek urtebetearen buruan.

2.- Zehapena ezartzen duen erabakia irmoa den egunaren biharamunetik hasiko da zehapenen preskripzio-epea kontatzen.

Interesatua jakinaren gainean dagoelarik, betearazpen-prozedura hasten denean, preskripzio-epea etengo da, eta berriz hasiko da baldin eta prozedura geldi badago hilabete baino gehiago urratzaileari ezin egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

Xedapen Gehigarriak

Lehenengoa

Ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari, dagokion eskumen-eremuaren barruan, angularen arrantza arautu dezan.

Bigarrena

Urtebeteko epearen barruan Eusko Jaurlaritzak arrantzarako tresna, ekipo, lanabes eta aparailuak arautuko ditu; jolas-arrantzari, itsaski-bilketari, itsas hazkuntzei eta alga edo askatutako algei buruzko arauak ezarri edo egokituko ditu; gebenaldiak eta baimendutako gutxienezko neurriak finkatuko ditu; arrantza-ahalegina erregulatuko du, eta arrantza-baliabideak berreskuratu edo mantentzera jotzen duen beste edozein neurri hartuko du.

Hirugarrena

Arau honetan aurreikusten ez den guztian, uztailaren 13ko 53/1982 Legeak, bera ordezten duten xedapenek eta azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako abiaburuek ezartzen dituzten urratze eta zehapenak aplikatuko dira.

Laugarrena

Eusko Legebiltzarrak arlo honetan ematen dituen arauekin baterakorrak diren neurrian aplikatuko dira lege honek prozedurari buruz eta Administrazioko Zehapen Zuzenbidearen funtsezko alderdi orokorrei buruz xedatutakoak.

Aldibaterako Xedapenak

Lehenengoa

Arrantzarako tresna, ekipo, lanabes edo aparailuak arautu arte, arrantza-arloan eskuduna den sailburuak baimena eman dezake tresna jakin batzuk erabiltzeko Euskal Autonomi Elkartearen itsasbazterrean. Eta baimen horretan finkatuko dira tresnen ezaugarriak eta arrantzan jarduteko gainerako baldintzak.

Bigarrena

Jolas-arrantzan jarduteko gutxieneko distantziei buruzko araudia egin arte, ez da aritzerik izango arrantza profesionalean diharduten untziak eta/edo urperatutako tresna finkoak dauden tokitik 100 metrora baino hurbilago, ezta inguraketako tresnez arrantzan ari diren untzietatik 300 metrora baino hurbilago ere, eta ezta kanaberaz -horren modalitate ezberdinez- hegaluzeen arrantzan arin direnengandik 500 metrora baino hurbilago ere.

Indargabetze Xedapena

Indargabetuta gelditzen dira lege honen lerrun berekoak edo beheragokoak diren eta lege honetan ezarritakoaren aurka dauden xedapen guztiak.

Azken Xedapenak

Lehenengoa

Lege honetan aurreikusitako zehapenak eguneratzeari ekingo dio Eusko Jaurlaritzak.

Bigarrena

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunen buruan jarriko da indarrrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra