Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

6/2002 Legea, urriaren 4koa, Baliabideen Banaketarako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko Foru Aldundien Ekarpenak zehazteko metodologiaren Legea, 2002-2006 urteetako aldiari aplikatzeko.

2002-10-04

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2002/10/11, 194. zk.; EAO, 2011/12/3, 291. zk.

 

§ 248. 6/2002 LEGEA, URRIAREN 4KOA, BALIABIDEEN BANAKETARAKO ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN AURREKONTUAK FINANTZATZEKO FORU-ALDUNDIEN EKARPENAK ZEHAZTEKO 2002-2006 ALDIAN APLIKATUKO DEN METODOLOGIAREN

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 22. artikuluko zortzigarren puntuak dioenez, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak ontzat emango du baliabideak banatzeko eta lurralde historiko bakoitzak Autonomia Erkidegoaren aurrekontu-gastuetarako egin beharreko ekarpenak zehazteko hiru ekonomia-urtetarako gutxienez indarrean egongo den metodologia, salbu Kontseiluaren iritziz indarraldi hori urtebetera edo bi urtetara mugatzea aholkugarri egin dezaten zer-nolakoak izatea gertatzen bada. Jaurlaritzak, lehen esandako eta Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak ontzat emandako metodologia jasoko duen lege-egitasmoa bidaliko dio Legebiltzarrari, onar dezan.

 

Hala, 2002. urtean sartu dira indarrean Ekonomia Itunaren Lege berria eta bost aurrekontu-ekitaldirako Kupoaren Lege berria. Egoera horretan, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak baliabideen banaketarako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundien ekarpenak zehazteko metodologia onartu du 2002, 2003, 2004, 2005 eta 2006 ekonomia-urteetarako.

 

Metodologia berria aurrekoen ildo berekoa da, zeren, hamasei urtetan aplikatu eta gero, egonkortasun handia eman baitiote baliabideen banaketarako barruko sistemari. Zentzu horretan, oinarrizko printzipio berberak errespetatzen ditu, eta eskarmentuak eta denboraren joan-etorriak aholkatutako aldaketak baino ez ditu egiten.

 

Horrela, besteak beste, koefiziente bertikala aldatzen da aurreko bosturtekoan indarrean egondako koefizienteari Ertzaintza eta Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileak finantzatzeko moduan sortutako aldaketak gehitu eta batean biltzeko, lehen Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusitik hartzen zen finantzaketa bertan sartu delako, 1997-2001 bosturtekoan eskualdatutako eskumen berriak balioetsi direlako, eta iraungitako probintzia-zergak zirela-eta foru-aldundiek jasotzen zituzten konpentsazioak ezabatu direlako; aldatu egiten da Elkartasun-Funtsaren gehieneko muga, kopurua handiagotu delako; mugatu egiten da foru-aldundien ekarpena beren diru-bilketa erlatiboa beren ekarpen-koefizientearen %99 eta %99,25 artean dagoen kasuetarako; kendu egiten da Euskadiren ekonomia-garapenerako proiektu garrantzitsuetarako baliabideak izendatzeko kopuru-muga, eta, azkenik, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluari agintzen zaio Euskadiko erakunde publikoen aurrekontuen egonkortasuna xede duten helburuak erabakitzea, Ekonomia Ituneko 62. artikuluan aurreikusitakoa betetzeko onartu behar diren heinean.

 

Azaroaren 25eko 27/1983 Legean agindutakoa betetzeko, lege honen eranskin moduan sartzen da esandako metodologia hori.

 

Artikulu bakarra

 

Onartu egin da Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren ondoko akordioa, eta lege honen eranskin moduan jaso da; baliabideen banaketarako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundien ekarpenak zehazteko metodologia ezarri da bertan 2002-2006 aldirako, baita foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuetako gastuetarako egin beharreko ekarpenen koefizienteak finkatu ere bosturteko horretarako.

 

ERANSKINA

 

HERRI-DIRUBIDEEN EUSKAL KONTSEILUAREN AKORDIOA, BALIABIDEEN BANAKETARAKO ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN AURREKONTUAK FINANTZATZEKO FORU-ALDUNDIEN EKARPENAK ZEHAZTEKO 2002-2006 ALDIAN APLIKATUKO DEN METODOLOGIA EZARTZEN DUENA, ETA FORU-ALDUNDIEK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN AURREKONTUETAKO GASTUETARAKO EGIN BEHARREKO EKARPENEN KOEFIZIENTEAK ALDI BERERAKO FINKATZEN DITUENA

 

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak, 2002ko uztailaren 22an egindako bilkuran, bertako kide guztien adostasunarekin,

 

ERABAKI DU

 

BALIABIDEEN BANAKETARAKO ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN AURREKONTUAK FINANTZATZEKO FORU-ALDUNDIEN EKARPENAK ZEHAZTEKO 2002-2006 ALDIAN APLIKATUKO DEN METODOLOGIA

 

I. KAPITULUA

BANAKETA BERTIKALAREN EREDUA

 

1. Artikulua - Banaketa-gai diren diru-sarrerak

 

Honako hauek dira foru-aldundiek Ekonomia Itunaren gainean egindako kudeaketatik sortutako diru-sarreretatik azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 20. artikuluan aurreikusitako banaketaren gai direnak:

 

1.- Zerga itunduak direla-eta, betetzen ari den ekitaldian bildutakoetatik etorritakoak, zerga horiek beste urte batean sortu izan arren.

 

Zerga itunduen bilketatik sortutako diru-sarrerak hemendik datoz:

 

a) Zuzeneko zerga itunduetatik.

b) Zeharkako zerga itunduetatik.

c) Ausazko konbinazioen eta jokoaren gaineko tasa fiskaletatik.

d) Premiamenduzko gainordainetatik, epez kanpo aurkeztearren ezarritako gainordainetatik, berandutzeagatiko interesetatik, eta zerga itunduei dagozkien zergapeko egitateengatik sartutako diru-zehapenetatik.

 

2.- Ekitaldi bakoitzean diru-sarrera fiskal itunduak direla-eta, foru-aldundien alde sortutako interes likidoak.

 

Interes horien kopurua aurreikusteko, hurrengo 4. artikuluan aipatutako egokitzapen-indizea aplikatuko zaio aurreko urterako aurreikusitakoari. Kopuru hori haztatu egin behar da, dena delako ekitaldirako Erkidegoko finantza-erakundeek eta Autonomia Erkidegoko Administrazioak itundutako interes-tasa gordinaren aurreikuspenaren eta aurre-aurreko ekitaldirako aurreikuspenaren zatiduraren indizearekin.

 

2. Artikulua - Kupoaren metodologiatik sortutako kenkariak

 

1.- Ekonomia Itunaren kudeaketatik sortu eta banaketa-gai diren diru-sarrerei hau kenduko zaie:

 

a) Estatuari kupo likido moduan ordaindu beharreko kopurua, eta, hala dagokionean, 2002-2006 bosturtekorako kupoa zehazteko metodologiaren lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitako konpentsazioak direla-eta Estatuaren alderako den zenbatekoa.

b) Zeinu negatiboarekin, 2002-2006 bosturtekorako kupoa zehazteko metodologiaren 6.2 artikuluko konpentsazioen zenbatekoa eta, hala badagokio, aipatutako metodologiaren lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitako konpentsazioak direla-eta Euskal Herriaren alderako den zenbatekoa.

c) Ertzaintzaren plantilla handitzeko, 2002-2006 bosturtekorako kupoa zehazteko metodologiaren bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusitako finantzaketaren zenbatekoa.

 

2.- 2002-2006 bosturtekorako Euskadiko Kupoa zehazteko metodologian xedatutakoa ekitaldi bakoitzean behin-behinean aplikatzetik sortutakoak izango dira kopuru horiek.

 

3.- Artikulu honetan zehaztutako kenkarien behin betiko likidaziotik sortutako kopuruak, era berean, likidazio hori zein ekitalditan egin den kontuan hartuta, ekitaldi horretan kontatuko dira.

 

3. Artikulua - Kenkari berezia

 

1.- Ekonomia Itunaren kudeaketatik sortu eta banaketa-gai diren diru-sarrerei kenkari berezi bat ezarriko zaie, Jaurlaritzak egindako lanengatik, bai ekonomiaren plangintza-, sustapen- eta garapen-politikak egiteagatik eta bai, 27/1983 Legeko 22. artikuluko hirugarren puntua betetze aldera, Autonomia Erkidegoaren politikaren eta ekonomiaren egonkortasuna bermatzeko neurriak hartzeagatik.

 

2.- Kopuru hori lortzeko, hurrengo 4. artikuluan aipatutako egokitzapen-indizea aplikatuko zaio aurreko ekitaldirako aurreikuspenari.

 

3.- Jaurlaritzaren proposamenez, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak kopuru hori metodologia honetako hirugarren xedapen gehigarrian aipatutako proiektuak finantzatzeko jartzea erabaki lezake.

 

4. Artikulua - Egokitzapen-indizea

 

Aurreko 1 eta 3. artikuluetan aipatutako egokitzapen-indizea zera izango da: dena delako ekitaldirako Autonomia Erkidegoko zerga itunduen bilketaren aurreikuspenaren, zehazki 1.1 artikuluan aipatutakoen bilketaren aurreikuspenaren, eta aurre-aurreko ekitaldirako bilketa-aurreikuspenaren zatidura.

 

5. Artikulua - Banatu beharreko baliabideak

 

Eredu bertikalean, banatu beharreko baliabideak (RD) hauek dira: 1. artikuluan zehaztutako banaketa-gai diren diru-sarreren eta aurreko 2 eta 3. artikuluetako kenkarien arteko kendura. Hauxe da formula:

 

RD = R - (D + P)

 

hor:

 

- R, Ekonomia Itunaren kudeaketatik sortu eta banaketa-gai diren diru-sarrerak dira.

- D, kupoaren metodologiatik sortutako kenkariak dira (D).

- P, kenkari berezia da.

 

6. Artikulua - Banaketa bertikalerako koefizientea

 

2002-2006 bosturtekorako indarrean egongo den banaketa bertikalerako koefizientea %70,44 izango da. Bertoko I. eranskinean jasotzen da koefizientea zehazteko erabilitako metodologia.

 

Hori indarrean dagoen aldian zerbitzuak eskualdatzen badira Estatuko Administrazio Nagusiaren eta Autonomia Erkidegoaren artean, zein Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta foru-aldundien artean, hurrengo 9 eta 10. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

 

7. Artikulua - Ekarpen orokorra

 

Foru-aldundiek Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen zama orokorrei eusteko egin beharreko ekarpena kalkulatzeko, 6. artikuluan zehaztutako banaketa bertikalerako koefizientea aplikatuko zaie 5. artikuluan zehaztutako banatu beharreko baliabideei. Hauxe da formula:

 

%70,44 RD

 

8. Artikulua - Ekarpen bereziak

 

Aurreko artikuluan aipatutako ekarpen orokorraz gain, foru-aldundiek ekarpen bereziak egingo dizkiete Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei kontzeptu hauek direla eta:

 

a) Ertzaintza handitzea finantzatzeko, 2.1.c) artikuluan zehaztutako kenkariaren kopuruarekin.

b) Lehen aipatutako 27/1983 Legeko 22. artikuluko hirugarren puntuan jasotako politikak eta funtzioak Jaurlaritzak egin ditzan laguntzeko, 3. artikuluan zehaztutako kenkariaren zenbateko berberarekin.

 

9. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoari beste zerbitzu batzuk eskualdatzea

 

1.- Metodologia hau indarrean dagoen aldian Estatuko Administrazio Nagusiak beste zerbitzu batzuk eskualdatzen badizkio Autonomia Erkidegoari, 2. artikuluan zehaztutako kenkariei beste kenkari gehigarri bat egingo zaie, dena delako ekitaldiko aurrekontuetan Estatuari ordaindu beharreko kupoan egin behar den gutxitzearen besteko zenbatekokoa.

 

2.- Eskualdaketa berriak finantzatu ahal izateko, foru-aldundiek ekarpen berezi osagarri bat egin beharko diote Euskadiko Ogasun Nagusiari, egindako kenkariaren besteko kopurukoa. Baina, eskualdaketa horiek foru-aldundiei eskualdatzen bazaizkie, 27/1983 Legeko lehenengo aldi baterako xedapeneko 2. paragrafoan aipatutako bitariko batzordeek horretarako akordioa lortu eta gero, ez da bidezkoa izango dena delako kopuruko ekarpen berezi osagarria ordaintzea.

 

3.- Bosturtekoaren hurrengo aurrekontu-ekitaldietan, halakorik balego, eguneratu egingo dira kenkariaren urteko zenbatekoa eta bidezkoa den ekarpen berezi osagarria, Estatuari ordaindu beharreko kupo likidoa eguneratzeko erabilitako eguneratze-indize bera aplikatuz, 2002-2006 bosturtekorako kupoa zehazteko metodologian jasotzen den moduan.

 

Baldin eta eskualdaketa egiten denean bere eragina ez bada dena delako ekitaldiko urtarrilaren batekoa, hurrengo ekitaldietako aurrekontuetan eguneratu egin behar da kenkariaren zenbatekoa, bidezko egokitzapenak egin eta gero urte osoko moduan hartu ahal izateko.

 

10. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen artean beste zerbitzu batzuk eskualdatzea

 

1.- Aurrekontu-ekitaldiren batean Autonomia Erkidegoko erakunde erkideetatik foru-aldundiei zerbitzuak eskualdatzen bazaizkie, metodologia hau onartu aurretik Estatuko Administraziotik Autonomia Erkidegoari zerbitzuak eskualdatu zaizkiolako, gutxitu egingo da 7. artikuluan araututako ekarpen orokorra, 6. artikuluan koefiziente bertikalerako zehaztutako kalkuluan zerbitzu horiek direla-eta sartutako balioespenari hurrengo 2. paragrafoan zehaztutako egokitzapen-indizea aplikatuta ateratako zenbatekoarekin.

 

Eskualdaketa berriaren eraginkortasuna ekitaldi horretako urtarrilaren batean hasten ez bada, zerbitzu horien balioespena hainbana hartuko da foru-organoek eskumenok eskuratu dituzten urte-zatiaren arabera, baina horren eragina eskualdaketa gertatu den ekitaldirako izango da bakarrik.

 

Hainbanako murrizketa horrek gastu arrunten benetako aldizkakotasuna hartuko du kontuan, baita inbertsioak benetan zein mailatan gauzatu diren ere.

 

2.- Eskualdaketen balioespenerako egokitzapen-indizea zatidura bat izango da, dena delako urtean banatu beharreko baliabideen artean eta 2002. urtean banatu beharreko baliabideen artean zatiketa eginda, bien kalkuluan ere irizpide homogeneoak erabilita.

 

3.- Bosturtekoaren hurrengo aurrekontu-ekitaldietan, halakorik balego, aurreko paragrafoan zehaztutako egokitzapen-indizea aplikatuz egokituko da bidezkoa den gutxitzearen urteko zenbatekoa.

 

4.- Alderantzizko eragiketa egingo da foru-organoek egiten badiete eskualdaketa Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei.

 

11. Artikulua - Ertzaintzaren finantzaketarako aldaketak

 

Estatuko Administrazioarekin urte bakoitzeko kupoaren kalkuluan Ertzaintza handitzeko kostuak akordioz sartu eta gero, edozein aldaketa gertatzen bada, 2.1.c) artikuluan aipatutako kenkariaren balioespena egin behar da, baita 8.a) artikuluan aipatutako ekarpen bereziarena ere, Estatuari ordaindu beharreko kupoan kontuan hartu beharreko kopuru berberean.

 

12. Artikulua - Kupoaren eta konpentsazioen behin betiko likidazioetatik sortutako aldaketak

 

Estatuari ordaindu beharreko kupoaren eta 2002-2006 bosturtekorako kupoa zehazteko metodologiako 6.bi artikuluan eta lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitako konpentsazioen behin betiko likidazioa egin ondoren, 2.1 artikuluan zehaztutako kenkarien barruan sartuko dira likidazio horren emaitzak, eta 8. artikuluan aipatutako ekarpen bereziak ere aldatu egingo dira, bidezkoa den moduan.

 

II. KAPITULUA

BANAKETA HORIZONTALAREN EREDUA

 

13. Artikulua - Koefiziente horizontalak

 

1.- Lurralde historiko bakoitzak Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei egin beharreko ekarpenei erantzuteko koefizienteak, 2002, 2003, 2004, 2005 eta 2006ko ekitaldietan indarrean egoteko, irizpide hauen arabera aterako dira:

 

a) Ekarpenei erantzuteko koefizientearen ehuneko 70 lurralde historiko bakoitzaren errenta erlatiboaren arabera aterako da zuzenean.

b) Ekarpenei erantzuteko koefizientearen ehuneko 30a lurralde historiko bakoitzaren zerga-ahalegin erlatiboaren alderantzizkoaren arabera aterako da zuzenean, lurralde bakoitzak diru-bilketarako duen gaitasunarekin ahalegin hori haztatuta.

 

2.- Irizpide horien adierazpen matematikoa ekuazio-formula honekin azaltzen da:

 

[Ekuazio-formula ikusteko jo jatorrizko argitalpenera edo argitalpen elektronikora]

 

hor:

 

Ai = Lurralde historiko bakoitzak ekarpenei erantzuteko duen koefizientea da, ekarpen osoaren ehunekoaren arabera.

Yi = i lurraldearen errenta da.

Y = Euskal Autonomia Erkidegoaren errenta da.

Ti = i lurraldearen diru-bilketa da.

T = Hiru lurraldeen diru-bilketa osoa da.

Cri = i lurraldeak diru-bilketarako duen gaitasuna da.

 

3.- Lurralde historiko bakoitzak ekarpenei erantzuteko koefizienteak ekitaldi bakoitzerako kalkulatu ondoren ez dira aldatuko ekitaldian zehar, eta horiek aplikatuko dira ekitaldiko ekarpenen likidazioa amaitu arte.

 

14. Artikulua - Koefiziente horizontalak kalkulatzeko erabili beharreko aldagaiak

 

1.- Aurreko artikuluko ekarpen-irizpideak aplikatu ahal izateko, definizio hauetara egokitu behar dira erabiliko diren aldagaiak:

 

a) Errentarako, lurralde historiko bakoitzaren barne-produktu gordina hartuko da, merkatu-prezioetan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren guztizkoarekin erkatuta; eta Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako azken lau urteetako datuen pisu erlatiboen batez besteko aritmetikoa hartuko da.

b) Ahalegin fiskala, 27/983 Legearekin bat etorriz, honela definitzen da: zerga-kontzeptu guztiak direla-eta urteko diru-bilketaren zenbatekoaren eta errentaren artean dagoen erlazioa da, udalen zuzeneko ordainarazpeneko zergak diru-bilketaren barne hartuta. Aipatutako zerga-kontzeptuak foru-aldundietako eta udaletako aurrekontuetako I eta II. kapituluetan jasotakoak dira.

 

Amaitutako azken ekitaldikoak izan behar dute erabilitako diru-bilketako datuek.

 

Zerga-ahalegina kalkulatzeko aplikatuko diren errentako datuek eta diru-bilketakoek urte berekoak izan behar dute. Horretarako, lurralde historiko bakoitzaren barne-produktu gordinaren azken datuaren proiekzioa egingo da, merkatu-prezioetan, Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutakoaren arabera, eta kasuan kasuko ekitaldietan Euskal Autonomia Erkidegoan magnitude horrek dirutan izan dituen hazkunde-tasak aplikatuko zaizkio.

 

Zerga-ahaleginaren alderantzizkoa nahitaez lotu behar da multiplikazioz lurralde bakoitzaren diru-bilketarako gaitasunarekin.

 

Euskal Autonomia Erkidego osoaren diru-bilketarako egituratik abiatuta egingo da diru-bilketarako gaitasunaren kalkulua, II. eranskinean jasotako zerga-kontzeptuei dagokienez, eta zerga-kontzeptu bakoitzari diru-bilketa osoan duen ehuneko partea egotziko zaio. Diru-bilketako kontzeptu bakoitzari eta lurralde historiko bakoitzari zergak ordaindu beharra sorrarazten duen ekonomia-adierazle egokia lotuko zaio, Euskal Autonomia Erkidego osoarekiko ehunekoetan. Osagai bi horietatik abiatuta eta lehenengoarekin bigarrena haztatuta kalkulatuko da lurralde historiko bakoitzerako adierazle bakoitzaren diru-bilketa teorikoa edo diru-bilketarako batez besteko gaitasuna, guztizkoarekiko ehunekoetan.

 

Adierazle bakoitzerako lortutako emaitzen batuketak adieraziko du lurralde historiko bakoitzaren diru-bilketarako gaitasuna.

 

II. eranskinean zehazten dira diru-bilketako kontzeptu bakoitzerako erabili beharreko ekonomia-adierazleak. Adierazle horiek aldatu behar diren bakoitzean Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak onartu beharko ditu.

 

2.- Adierazleetarako eta kalkuluetarako erabiliko diren datuek Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako azkenak izan beharko dute. Argitaratutako daturik ez badago, Euskal Estatistika Erakundeak horretarako egindako zenbatespenak erabiliko dira, edo Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak egokien iritzitako estatistika-iturrietan erabilgarri dauden azken datuak.

 

15. Artikulua - Lurralde historiko bakoitzaren ekarpenaren kalkulua

 

Lurralde historiko bakoitzak Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei egin beharreko ekarpena lortzeko, aurreko 13 eta 14. artikuluen arabera kalkulatutako lurralde historiko bakoitzaren koefiziente horizontala aplikatu behar zaio aurreko I. kapituluan zehaztutako ekarpen orokorraren eta berezien zenbatekoari.

 

16. Artikulua - Erakundeen arteko beste finantza-emari batzuk

 

1.- Estatuari ordaindu beharreko kupo likidorako lurralde historiko bakoitzaren ekarpena eta 2002-2006 bosturtekorako kupoa zehazteko metodologian aurreikusita dauden konpentsazioetako parte-hartzea finkatzeko, dagokion koefiziente horizontala aplikatuko da lurralde bakoitzaren zenbatekoen gainean.

 

2.- Balio erantsiaren gaineko zergaren diru-bilketarako egokitzapena lurralde historikoen artean banatzeko, eta Ekonomia Ituneko 53 eta 54. artikuluetan aurreikusitako fabrikazio-zerga berezien diru-bilketarako egokitzapenak banatzeko, lurralde bakoitzaren koefiziente horizontalen ehunekoaren arabera egingo da.

 

3.- Aurreko 1 eta 2. idatz-zatietan erabili beharreko koefiziente horizontalak finantza-emari bakoitza egiten den ekitaldiari dagozkionak izango dira.

 

4.- Fabrikazio-zerga berezi bakoitzaren eta hidrokarburoen txikizkako salmenten zergaren benetako diru-bilketatik eratorritako diru-sarrerak foru-aldundi bakoitzaren kasura egokitzeko, kenketa bat egin behar da, sortu zireneko urtea kontuan hartu gabe; horretarako, aipatutako zerga-kontzeptu bakoitzarengatik Euskal Autonomia Erkidego osoak lortutako benetako diru-bilketari lurralde historikoaren dena delako ekitaldirako koefiziente horizontala aplikatuta lortutako emaitza hartu, eta zerga-kontzeptu berbera dela-eta lortutako benetako diru-bilketari kendu behar zaio, eta kenduraren arabera egokituko dira.

 

III. KAPITULUA

ELKARTASUN-FUNTSA

 

17. Artikulua - Definizioa eta xedea

 

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak Elkartasun-Funts bat eratuko du urtero, eta erakunde erkideek eta hiru foru-aldundiek egingo dituzte bertarako ekarpenak; xedea bikoitza izango da: batetik, arauen artean edo kudeaketa egiteko moduan dauden ezberdintasunetatik sortutako arrazoiak salbu, eta funtsera egin beharreko ekarpena kendu ondoren, lurralde historiko bakoitzak Euskadiko diru-bilketa osoan izango duen parte-hartze erlatiboa bere koefiziente horizontalaren %99ra iritsiko dela bermatzea, eta, bestetik, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren iritziz funts horrekin erantzun behar den ohiz kanpoko beste edozein gorabeherari erantzutea.

 

18. Artikulua - Zenbatekoa, ekarpena eta banaketa

 

Funts horren zenbatekoa eta erakundeen arteko banaketa, bai beren behin-behineko zein behin betiko kalkulua egiteko, ondorengo arauen arabera zehaztuko dira:

 

1.- Elkartasun-Funtsaren zenbatekoa.

 

Elkartasun-Funtsaren zenbatekoa zatiketa honen araberako zatidura izango da:

 

- batetik, koefiziente horizontalaren %99aren eta lurralde historiko bakoitzak Euskadiko diru-bilketa osoan daukan parte-hartze erlatiboaren arteko diferentzia 1.1 artikuluan zehaztutako moduan banaketa-gai den diru-bilketari aplikatuta ateratako zeinu positiboko zenbateko guztien batuketa hartuko da; eta

- bestetik, erakunde erkideen eta foru-aldundien koefiziente bertikalen batuketa, baldin eta ekarpen-koefizientearen %99tik gora badago bakoitzaren diru-bilketa erlatiboa.

 

Ondorio horietarako, lurralde historiko bakoitzari dagokion koefiziente bertikala zehazteko, bakoitzaren koefiziente horizontala aplikatu behar zaio erakunde erkideen koefiziente bertikalaren osagarriari.

 

Elkartasun-Funtsaren gehienezko zenbatekoak ezin izango du gainditu 5. artikuluan zehaztutako moduan banatu beharreko baliabideen %0,75.

 

2.- Elkartasun-Funtserako ekarpena.

 

a) Erakunde erkideek Elkartasun-Funtsari egingo dioten ekarpena metodologia honen 6. artikuluan aipatutako banaketa bertikaleko koefizientea funtsaren zenbateko osoari aplikatuta ateratzen dena izango da, baldin eta zenbateko horrekin bera koefiziente bertikalaren %99,25aren eta banatzeko baliabide haietan duten benetako parte-hartzearen arteko diferentzia banatzeko baliabideei aplikatuta lortzen den balio absolutuetako zenbatekoa gainditzen ez bada, kasu horretan %99,25 joko du eta.

b) Gainerakoa foru-aldundiei egokituko zaie, bakoitzari bere koefiziente horizontalaren arabera. Foru-aldundien ekarpenak, bakoitzaren diru-bilketa erlatiboa bere koefiziente horizontalaren %99tik gora badago, balio absolutuetan ez du gaindituko koefiziente bertikalaren %99,25aren eta banatzeko baliabide haietan duen benetako parte-hartzearen arteko diferentzia banatzeko baliabideei aplikatuta lortzen den zenbatekoa (delako parte-hartze hori metodologia honetan jasotako eredua aplikatzetik sortua da).

 

3.- Elkartasun-Funtsaren banaketa.

 

Baldin eta, bi lurralde historikoren diru-bilketa bakoitzaren koefiziente horizontalaren %99tik beherakoa delako, Elkartasun-Funtsaren zenbateko osoa nahikoa ez bada bermatutako ehunekoa bi lurraldeok lor dezaten, funtsaren banaketa aipatutako lurraldeon ekarpena kenduta, esandako %99a lortzeko horietako bakoitzak behar duen besteko proportzioan egingo da.

 

4.- Aurreko 1. paragrafoan jasotako muga aplikatuta ezin bada lurralde historiko guztietarako koefiziente horizontalaren %99ko diru-bilketa erlatiboa bermatu, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak, azken emaitzak ikusita eta txostena egin ondoren, ebazten badu ezen, delako lurralde historikoak edo direlako lurralde historikoek Euskadiko diru-bilketa osoan duten parte-hartze erlatiboa bakoitzaren koefiziente horizontalaren %99tik behera gelditu bada, emaitza hori ez dela izan beste lurralde historikoen aldean beren arauak edo kudeaketa diferenteak izan direlako, egokitu egingo du Elkartasun-Funtsaren zenbatekoa, artikulu honetako 2. paragrafoan erakunde bakoitzaren ekarpenerako ezarritako mugak errespetatuz.

 

IV. KAPITULUA

ERAGIKETA-ARAUAK ETA EMAN BEHARREKO INFORMAZIOA

 

19. Artikulua - Ekarpenen aurreikuspena eta ekarpenak ordaintzeko epeak

 

1.- Foru-aldundiek erakunde erkideei dena delako aurrekontu-ekitaldian egin beharreko ekarpen orokor eta bereziak kalkulatzeko, 1. artikuluan aipatu eta Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak egindako diru-sarreren aurreikuspena aplikatuko da, baita I. kapituluan zehaztutako gainerako mekanismoak ere, hain zuzen Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek ekitaldi horretako aurrekontuak egin ahal izan ditzaten.

 

2.- Foru-aldundiek, 27/1983 Legeko 25. artikuluan zehaztutako epeetan, sei emanaldi berdin egingo dituzte, aurreko paragrafoa aplikatuz ateratako aurreikuspeneko zenbateko osoa bete arte.

 

20. Artikulua - Ekarpenak aldatzea

 

Aurreko 9, 10, 11 eta 12. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera ekarpenak aldatzen badira, zati berdinetan banatuko dira 27/1983 Legeko 25. artikuluan aipatu eta oraindik bete gabe dauden epeetan.

 

21. Artikulua - Ekarpenen aurre-likidazioa

 

Azken emanaldia egiten den unean aurre-likidazioko egokitzapen bat egingo da, 1. artikuluan zehaztu eta Ekonomia Itunaren kudeaketatik sortutako diru-sarreren likidaziorako aurreikuspenak oinarri hartuta, hauek ekitaldi bakoitzeko urriaren hamabosta baino lehenago Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak onartu ondoren.

 

22. Artikulua - Ekarpenak likidatzea

 

1.- Hurrengo ekitaldiko otsailaren lehenengo hamabostaldian egingo du Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak ekarpenen likidazioa.

 

2.- Likidazio hori egiteko, 1.1 artikuluan aipatutako zerga itunduen diru-bilketatik dirutan egindako diru-sarrerei buruzko benetako datuak hartuko dira oinarri, foru-aldundiek horretarako emandako ziurtagirietan adierazitako datuen arabera.

 

Borondatezko aldian ondasunak eta eskubideak emanez zerga-zorra ordaintzea onartzen bada, emanaldi horiekin ekitaldi bakoitzean kitatutako zorraren zenbatekoa foru-aldundiek egiaztatuko dute. Zenbateko hori aurreko lerroaldean aipatutako ziurtagirietako datuei gehituko zaie, ekarpenen likidazioa egiteko.

 

Ondasunak edo eskubideak eskuratuta premiamendu-bidez zerga-zorrak kitatzen direnean, ondasun-eskubideok besterendu edo behin betiko esleitzen diren ekitaldiko banaketa-gai diren diru-sarrerei gehituko zaie horien balioespena, ekarpenen likidazioa egin ahal izateko. Kasu horietan, gehitu behar den zenbatekoa Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak ondasun-eskubideon gainean onartutako balioespenetik ateratakoa izango da; Kontseiluak egoki irizten dionean, alditan banatu ahal izango du esandako zenbatekoa sartzeko epea, hainbat aurrekontu-ekitalditan zehar.

 

3.- Goiko 1.2 artikuluan aipatutako interesak eta 3. artikuluan aipatutako kenkari berezia likidatzeko zenbatekoa zehaztu ahal izateko, aurreikuspenez finkatutako zenbatekoak aztertuko dira, metodologia honetako 1.1 artikuluan aipatzen diren zerga itunduen bidez Autonomia Erkidego osoan benetan bildutako diruetatik sortutako azterketa-indizearen arabera, eta hasiera batean aurreikusitakoekin erkatuko dira. Interesen kasuan, lehengoez gain, haztatu egingo da horrela lortutako emaitza, Autonomia Erkidegoko Administrazioak Erkidegoko finantza-erakundeekin dena delako ekitaldirako itundutako benetako interes-tasa gordinaren artean eta hasiera batean aurreikusitako interes-tasaren artean zatidura eginez.

 

4.- Likidazioan zenbatzeko izan eta 2.1 artikuluan aipatutako kenkariak, bestalde, benetan ordaindutako behin-behineko kupotik eta ekitaldian zehar benetan egindako behin-behineko konpentsazioetatik sortutakoak izango dira.

 

23. Artikulua - Foru-aldundien arteko egokitzapenen aurreikuspena eta likidazioa

 

1.- Foru-aldundiek ekitaldiko aurrekontuak egin ahal izan ditzaten, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak fabrikazio-zerga bereziak eta hidrokarburoen txikizkako salmenten zerga direla-eta egindako diru-sarreren aurreikuspenari foru-aldundi bakoitzaren ekarpen-koefizientea aplikatuz lortuko da zerga horien gaineko diru-bilketaren aurreikuspena.

 

2.- Fabrikazio-zerga bereziak eta hidrokarburoen txikizkako salmenten zerga direla-eta ekitaldian zehar foru-aldundiek egokitzapenak gauzatzeko, hau da, egokitzapenon zehaztasuna, forma eta epeak ezartzeko, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak onartutako prozeduraren arabera jokatuko da.

 

3.- Hurrengo ekitaldiko urtarrilaren lehenengo hamabostaldian egingo da egokitzapenen likidazioa. Ekitaldi bateko egokitzapenen emaitza ekitaldi horretako benetako diru-sarreretan edo ordainketetan kontabilizatuko dute foru-aldundiek.

 

24. Artikulua - Elkartasun-Funtsaren behin-behineko kalkulua eta likidazioa

 

1.- Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak aurrekontuen aurreikuspenen arabera zehaztuko du Elkartasun-Funtsaren behin-behineko zenbatekoa, eta erakunde bakoitzak berari dagokion behin-behineko zuzkidurak jarriko ditu. Behin-behineko funtsaren bi heren ekainean aplikatuko dira, ekarpenaren ordainketa-egunean bertan.

 

2.- Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak ekarpenen likidazioa egitearekin batera Elkartasun-Funtsaren behin betiko likidazioa egitea erabakiko du. Horretarako, txostena egin ondoren, ebatzia izan beharko du ezen, delako lurralde historikoak edo direlako lurralde historikoek Euskadiko diru-bilketa osoan duten parte-hartze erlatiboa bakoitzaren koefiziente horizontalaren %99tik behera gelditu bada, emaitza hori ez dela izan beste lurralde historikoen aldean beren arauak edo kudeaketa diferenteak izan direlako.

 

25. Artikulua - Eman beharreko informazioa

 

1.- Ondoren zehazten den informazioa eman behar diote Eusko Jaurlaritzari foru-aldundiek:

 

- Banaketa-gai diren (R) diru-sarrera kontzeptuen bidez lortutako diru-sarreren ziurtagiria, dagokion hilaren hurrengoaren lehenengo hamabost egunen barruan, eta Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren baitan onartutako ereduekin bat etorriz.

- Aipatutako R multzoko banaketa-gai diren diru-sarreren bilakaerari eragin diezaioketen gorabeherei buruzko konparazioko eta azalpeneko analisien gaineko informazioa; hori ere, dagokion hilaren hurrengoaren lehenengo hamabost egunen barruan, eta Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren baitan onartutako ereduekin bat etorriz.

- Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak zehaztutako eduki eta aldizkakotasunez, zerga-estatistikak.

- Zerga itunduak direla-eta diru-bilketa gauzatzeko jasotako ondasunen eta eskubideen gaineko informazioa, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren baitan onartutako ereduekin eta epeekin bat etorriz. Informazio hori izango da zerga itunduen diru-bilketa dela-eta lortutako ondasun eta eskubide guztien erregistro bateratua.

 

2.- Era berean, IV. kapitulu honetan aipatutako kalkuluak egiteko beharrezko datu guztien ziurtagiria jarriko dute foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzaren eskueran.

 

Eusko Jaurlaritzak foru-aldundien eskueran jarriko du metodologia hau eta hortik sortutako finantza-emariak zuzen aplikatzeko beharrezko informazio guztia.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehenengoa

 

Baldin eta Ekonomia Itunean edo zerga-sisteman sartutako aldaketengatik edo ekonomiak edo salbuespeneko beste gorabeheraren batek eragindakoengatik baliabideen banaketa-ereduan eta ekarpenak zehazteko ereduan ere funtsezko aldakuntzak sartu behar badira, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak aldakuntzak proposatu ahal izango ditu metodologian eta kalkuluetan. Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari bidaliko dio proposatutako aldakuntzak jasoko dituen lege-egitasmoa, onar dezan.

 

Bigarrena

 

1.- Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak erabakiko ditu Euskadiko herri-erakundeen aurrekontuen egonkortasunari buruzko helburuak, Ekonomia Ituneko 62. artikuluan aurreikusitakoa aplikatzeko Euskal Autonomia Erkidegorako onartutako konpromisoen esparruaren baitan.

 

2.- Azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 14.2 eta 27.4 artikuluetan aurreikusitakoa bete ahal izateko, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluari dagokio Euskadiko Ogasun Nagusiko eta lurralde historikoetako ogasunen zorpetze-politika eta, orokorrean, finantza-jarduera koordinatu eta harmonizatzea.

 

Era berean, azaroaren 25eko 27/1983 Legeko bigarren xedapen gehigarriko 3.2 paragrafoan aurreikusitakoak betetze aldera, toki-erakundeek itundu nahi dituzten urtebetetik gorako kreditu-eragiketak lurralde historikoenekin eta Autonomia Erkidegoaren zorpetze-politikarekin koordinatu eta harmonizatuko dira, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren baitan.

 

3.- Jarraipenerako eta kontrolerako mekanismoak arautuko dira, aurrekontu-politikari eta finantza-politikari buruz agindutako jarraibideak noraino bete diren balioesteko.

 

Hirugarrena

 

1.- Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak aho batez zehaztuko du zenbait proiektu burutzeko zenbatekoak finantzatzeko modua, bai Estatuko Administrazioaren eskumenetan eragina dutelako, bai Euskadiren sustapenerako eta ekonomia-garapenerako berebiziko garrantzia dutelako, garrantzi handiko baliabide-izendapenak behar badituzte eta erakunde guztietan eragina badute.

 

2.- Xedapen gehigarri honen babespean onartutako proiektuen finantzaketa banaketa bertikaleko ereduaren kenkari berezi moduan hartzen bada, metodologia honetako 3 eta 8. artikuluetan ezarritakoaren arabera jokatuko da, eta Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak zehaztutakoak izango dira hasierako eta amaierako zenbatekoak.

 

Horretarako, geroko lankidetza-proiektuak onartu ahal izateko, hiru erakunde-mailen borondatezko atxikimenduaren irizpidea ezarriko da. Nolanahi ere, errespetatu egin beharko dira metodologia hau indarrean sartzean Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak onartutako zenbatekoak.

 

Laugarrena

 

1.- Lurralde historikoetako foru-erakundeak, Ekonomia Itunean eta azaroaren 25eko 27/1983 Legean onartuta dituzten eskumenak ere baztertu gabe, arrisku partekatuaren irizpideaz baliatuko dira lurralde historikoei dagozkien zerga itunduetan toki-erakundeen parte-hartzea urtero ezartzeko garaian.

 

2.- Era berean, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak gomendioa egiten die lurralde historikoetako foru-organoei ondorengo adierazpenaren emaitzaren %53 gutxienez erabil dezaten beren menpeko toki-erakundeentzat, finantzaketa orokorraren bidez eta inbertsio-plan berezien bidez, zerga itunduekin egindako diru-bilketan parte izan dezaten:

 

RDi - DFi

 

hor:

 

- RDi lurralde historikoaren baliabide erabilgarriak dira, honela zehaztuta:

 

RDi = (Ri - Di - Pi - AGi - Ti ± FSi)

 

Ri Ekonomia Itunaren kudeaketatik sortu eta banaketa-gai diren diru-sarrerak dira: zerga itunduak direla-eta egindako diru-bilketa, eta zerga itunduak direla-eta sortutako interes likidoak.

 

Di kupoaren metodologiatik sortutako egokitzapenak dira: Estatuari ordaintzeko kupo likidoa, kupoaren metodologiaren konpentsazioak, Ertzaintza handitzea eta Euskadiri eskumen berriak eskualdatzea.

 

AGi erakunde erkideentzako ekarpen orokorra da.

 

Pi kenkari bereziak dira.

 

Ti erakunde erkideek foru-organoei egin eta metodologia honetako 10. artikuluan aipatutako eskualdaketa berrien balioespena da.

 

FSi Elkartasun-Funts garbia da

 

- DFi ondorengo kenkarien batuketa da:

 

· Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileei lotutako eskualdaketak finantzatzeko kenkaria, eskumen hori baliatzea foru-erakundeei dagokienean.

· Joan zen 1997-2001 bosturtekoan foru-organoei eskualdatutako eskumenak finantzatzeko kenkaria.

· BEZarekin ordezkatu diren probintziako diru-sarreren konpentsazioko kenkaria.

 

Kenkari horiek ekitaldi bakoitzerako eguneratuko dira indize hau aplikatuta:

 

Eguneratzeko indizea =

 

Hor, RDti t ekitaldian i lurraldeko baliabide erabilgarriak dira, eta RD0i 2002 oinarriko urtean.

 

Horko i azpi-indizeak adierazten du kontzeptu bakoitzaren zenbatekoa lurralde historiko bakoitzari benetan dagokiona izango dela.

 

3.- Aurreko metodologiaren arabera ekitaldi bakoitzerako ateratako zenbatekoak, lurralde historiko bakoitzeko toki-erakundeen eskura jarrita daudela, ekitaldiaren amaieran likidatu egin behar dira, metodologia honetako 22 eta 24. artikuluetan aurreikusitako likidazioa egin eta gero.

 

Likidazio hori egiteko, honela likidatuko dira ekitaldirako hasieran kalkulatutako DFi kenkariak: ekitaldi horretan lurraldeko baliabide erabilgarri likidatuen eta hasierako baliabide erabilgarrien arteko zatiduratik ateratako indizea aplikatuta.

 

Bosgarrena

 

Europako Erkidegoetako egitura-funtsetatik etorritako eskualdaketak Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen titularitateko diru-sarrerak izango dira.

 

Seigarrena

 

Metodologia hau indarrean dagoen artean ekitaldi bakoitza amaitzean foru-erakunderen baten edo batzuetan ekonomiako eta finantzetako desorekak agertzen badira, erakundeotako bakoitzak baliabideen banaketa-ereduan duen pisu espezifikoaren eraginez, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak hori zuzentzeko beharrezko neurriak hartuko ditu, bidezkoak diren txostenak egin ondoren.

 

Zazpigarrena

 

Abenduaren 19ko 261/2000, 263/2000 eta 265/2000 dekretuetan aurreikusitakoa bete ahal izateko, egun indarrean dagoen emakida-kontratua amaitu arte, 5. artikuluan araututako ekarpen orokorrari gehitu egin behar zaio Kantaurikoko A-8 autobidearen emakidadunean Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren eginkizunak betetzeagatik Euskal Autonomia Erkidegoak urtean duen kostu osoaren balioespena.

 

Zortzigarrena

 

Goiko 2.1 artikuluan zehaztutako kenkariei kenkari gehigarri bat egingo zaie 2002ko ekitaldian Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileei lotutako eskualdaketak finantzatzeko likidazioei dagozkien zenbatekoen bestekoa, Estatuari ordaintzeko kupo likidoaren 2001eko likidazioaren kalkuluan zenbatuta.

 

Kenkari horrek ekarpen berezi osagarri bat sorraraziko du, egindako kenkariaren bestekoa, eskumen hori erakunde erkideena denean.

 

Azken Xedapenak Bakarra

 

Salbuespenez, metodologia honen indarraldia amaitu eta gero, hurrengo ekitaldietarako baliabideen banaketarako eta ekarpenak zehazteko beste lege arautzaile berririk oraindik aldarrikatu ez bada, metodologia hau berau aplikatuko da oso-osorik 2007ko eta hurrengo ekitaldietan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

I. ERANSKINA

 

KOEFIZIENTE BERTIKALAREN KALKULUA

 

2002an finantzatu beharreko gastuak, 2002ko martxoaren 6ko Kupoaren Bitariko Batzordearen eta 2001eko kupoaren likidazioaren akordioak oinarri direla aztertuta

 

milaka eurotan

 

 

FORU-ALDUNDIAK

EUSKO JAURLARITZA

GUZTIRA

1.- ITUNAREN KUDEAKETATIK SORTUTAKO DIRU-SARREREKIN FINANTZATU BEHARREKO GASTUAK

 

8.622.196,55

5.420.628,10

14.042.824,65

2.- KENKARIAK

 

-6.360.160,68

-30.881,64

-6.391.042,32

. Estatuari ordaindu beharreko 2002ko kupo likidoa eta konpentsazioak

 

-980.996,36

 

 

. 2001eko kupoaren likidazioa eta konpentsazioak

 

36.887,18

 

 

. 2001eko kupoaren likidazioko egokitzapena Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileengatik

4.576,61

-13.202,30

 

. EAErako ekarpenak

-5.420.628,10

 

 

. Lurralde Historikoen Legeko 22.3 artikuluko politikak

 

-17.679,34

 

3.- FINANTZATU BEHARREKO GASTUAK

2.262.035,87

5.389.746,46

7.651.782,33

ATERATZEN DEN KOEFIZIENTEA

29,56%

70,44%

 

 

 

II. ERANSKINA

DIRU-BILKETARAKO GAITASUNA: DIRU-BILKETAKO KONTZEPTUAK ETA EKONOMIAREN ADIERAZLEAK

 

KONTZEPTUA

ADIERAZLEA

 

Bakoitzaren lanagatiko atxikipenak

 

PFEZaren kuota diferentziala

 

Kapitalaren atxikipenak, ordainketa zatikatuak eta sozietateak

 

BEZ, bakoitzaren kudeaketa

 

 

 

 

BEZ, egokitzapena

 

Garraiobideen gaineko zerga berezia

 

Fabrikazioko zerga berezien guztizkoa (bakoitzaren kudeaketa + egokitzapenak)

 

Hidrokarburoen txikizkako salmentaren zerga

 

 

Lansariak eta soldatak

 

(1)

 

Ustiaketaren gaindikin garbia

 

 

BEGd merkatu-preziotan - Enpresaren kapital-eraketa gordina KEG -

Energiakoak ez diren esportazioak + Energiakoak ez diren erkidego barruko eskuraketak

 

Ekarpen-indizea

 

Matrikulatutako beribil-kopurua

 

Ekarpen-indizea

 

 

Ekarpen-indizea

 

 

 

(1) PFEZaren kuota diferentzial garbiari dagokion zenbatekoa proportzioan egotziko zaio zerga horren bilketako osagarri bakoitzari.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra