Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

6/2006 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen bigarren aldaketarena.

2006-12-01

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2006/12/15, 238. zk.; EAO, 2011/11/4, 266. zk.

§ 279. 6/2006 LEGEA, ABENDUAREN 1EKOA, EUSKAL HERRIKO POLIZIARI BURUZKO LEGEAREN BIGARREN ALDAKETARENA

 

ZIOEN AZALPENA

 

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 17. artikuluan ezarritako eskumena erabiliz eman zen Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea. Lege horren bidez, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak zehazteko ordezkaritza eta partaidetzaren araudia ezarri zen. Araudi horrek funtsezko ezberdintasunak ditu Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoei arlo honetan aplikatzen zaien araudiarekin konparatuz gero.

 

Euskal Herriko Poliziaren Legeak, 103. artikuluan, organo bat ezarri du, eta organo horretan, lan-baldintzak ezartzeko parte-hartzeaz haratago, lan-baldintzei buruzko benetako negoziazioa egiten da Administrazioaren eta arlo honetako erakunde ordezkarien artean.

 

Era berean, Ertzaintzako kideei aitortzen die bakoitzak aukeratzen dituen sindikatu, federazio edo konfederazio sindikaletan afiliatzeko eskubidea, nork bere interes profesional, ekonomiko eta sozialak ordezkatu, defendatu eta sustatzeko bidea izan dezan.

 

Testuinguru horretan, Euskal Herriko Poliziaren Legeak erakunde sindikalei aukera ematen die, atalak sortzen dituztenean, ordezkariak izenda ditzaten atal horietarako, eta, horrezaz gainera, hautatutako ordezkarien bermeen eta eskubideen erregimen bera erabiltzeko aukera ematen zaio ordezkariak lortu dituzten erakunde sindikalek izendatutako ordezkari kopuru jakin bati. Kasu bakoitzean egiaztaturiko afiliazio-mailaren arabera banatuko da kopuru hori, martxoaren 16ko 50/1993 Dekretuaren zortzigarren kapituluan ezarritako prozeduraren arabera. Ertzaintzako funtzionarioen ordezkari sindikalen hauteskundeak, Ertzaintzaren Kontseiluaren osaera eta erakunde sindikalei dagozkien ordezkariak hautatzeko bidea arautu ziren aipatutako dekretu horren bitartez.

 

Esleipen-sistema eta ordezkari sindikalen kopurua aldatzea, horiexek dira, hain zuzen ere, lege-aldaketa honen xede. Adierazi denez, orain arte indarrean egon den sisteman ordezkari-kopurua sindikatuen ezarpen-mailaren araberakoa zen, erakunde sindikal bakoitzak zuen afiliazio-maila aintzakotzat hartuta. Afiliazio-maila hori egiaztatzeko, prozedura bat erabiltzen zen ahalik eta ondoen uztartuta egon zitezen, batetik, objektibotasuna eta inpartzialtasuna, eta, bestetik, afiliazio sindikalaren datuen pribatutasuna gordetzeko betekizuna. Lan Harremanen Kontseiluak proposaturik izendatutako hiru pertsonak osatzen zuten batzorde bati ematen zitzaion eginkizun hori.

 

Legeak eta aipaturiko dekretuak eraturiko sistema egokia eta zuzena dela erakusten da erabaki judizialetan eta bestelako adierazpenetan, baina, hala ere, egia da, dekretu horretatik hona hamahiru urte igaro badira ere, ezin izan dela ordezkari sindikalen esleipen eta izendapenerako afiliazioa ziurtatzeko mekanismoa praktikan jarri, zailtasun eta eragozpen praktikoak agertzen baitira argi eta garbi, erakunde sindikaletako bakoitzak dituen afiliazio-datuak egiazkoak diren ikusteko orduan.

 

Testuinguru horretan, eta egoera hori jarduera sindikalaren garapen normalerako oztopoa izan ez zedin, horixe baita helburu bakarra, ordezkari sindikalen kopurua hauteskunde-audientziaren arabera esleitzea erabaki zuen bien bitartean Herrizaingo Sailak. Horixe da, hain zuzen ere, gaur egun oraindik dugun egoera, eta erakunde sindikalek ez dute jokabide horretan oztoporik jarri.

 

Aldaketa honen bidez, bien bitarteko egoera hori amaitzen da, eta behin betiko finkatzen da ordezkari sindikalen kopurua esleitzeko sistema. Horrela, hauteskunde-barruti bakoitzari dagokionez, ordezkariren bat lortu duten erakunde sindikalei dagokie izendapena, betiere hauteskundeetan eskuratutako emaitzan oinarriturik, ez beste ezertan.

 

Artikulu bakarra - Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 100. artikulua honela idatzita geratu da:

 

"1. Erakunde sindikalek, sindikatu-atalak sortzen dituztenean, ordezkariak izenda ditzakete atal horietarako.

 

2. Eskubide horri kalterik egin gabe, eta lege honen 101. artikuluan ezarritako berme eta eskubideen erregimenaren aplikazioaz baliatzeko bakar-bakarrik, hauteskunde-barrutiei dagokienez ordezkariak lortu dituzten sindikatuek, aurreko artikuluak jarritakoaren arabera, ordezkari-kopuru jakin bat izango dute hauteskunde-barrutietako bakoitzean, alegia, 250 funtzionarioko bina ordezkari, eta, hala badagokio, beste ordezkari bat ere bai, geratzen den hondarrei dagokienez.

 

3. Ordezkaritza proportzionalaren sistema erabilita, erakunde sindikal bakoitzari hauteskunde-barruti bakoitzean dagokion ordezkari-kopurua esleituko zaio, ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetan hautagai-zerrenda bakoitzak hauteskunde-barruti bakoitzean eskuratutako boto-kopurua kontuan hartuta, eta ondoko eragiketaren arabera: ordezkariak lortu dituzten erakunde sindikalek barrutian eskuratutako boto guztien kopurua zati izendatu beharreko ordezkarien kopurua. Sobera geratutako postuak, halakorik egonez gero, erakunde sindikalei esleituko zaizkie, handienetik txikienerako hurrenkeran, bakoitzak lorturiko gainerako botoen arabera.

 

4. Ordezkariak aukeratzeko hauteskundeen emaitzen iragarpenaren berri jendaurrean jakinarazten den egunetik hasita, ondorengo hogeita hamar egunetan izendatu beharko dituzte erakunde sindikalek ordezkariak; ondoko hauek izan daitezke ordezkariak: kidegokoak izan eta zerbitzu-egoeran edo bigarren jarduerako egoeran ari diren karrerako funtzionarioak, edo, bestela, prestakuntza-ikastaroa gainditu eta praktika-aldian ari diren funtzionarioak".

 

Xedapen Iragankorra

 

Baldin eta lege hau indarrean jartzen den egunerako sindikatuen ordezkariak ez badira izendatu ordezkariak aukeratzeko egindako azken hauteskundeen emaitzen iragarpena jendaurrean jakinarazi zen egunean indarrean zegoen prozeduraren arabera, lege honetan ezarritakoaren arabera zehaztuko da sindikatuen ordezkarien kopurua eta izendapena.

 

Xedapen Indargabetzailea

 

Honen bidez, martxoaren 16ko 50/1993 Dekretuaren (urriaren 11ko 392/1994 Dekretuak aldatua) VIII. kapitulua indargabetuko da, dekretu horretan baitaude araututa bai Ertzaintzako funtzionarioen ordezkari sindikalen hauteskundeak, bai Ertzaintzako Kontseiluaren osaera, bai eta erakunde sindikalei dagozkien ordezkariak hautatzeko prozedura ere.

 

Azken Xedapena

 

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra