Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

6/2012 Legea, martxoaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren gehiengoko partaidetza edo finantziazioa daukaten erakundeak arautze aldera, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legea eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Legea aldatzekoa

2012-03-01

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2012/3/12, 51. zk.; EAO, 2012/4/3, 80. zk.

§ 337. 6/2012 LEGEA, MARTXOAREN 1EKOA, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren gehiengoko partaidetza edo finantziazioa daukaten erakundeak arautze aldera, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legea eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Legea aldatzekoA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta erkidego horretako arlo publikoa osatzen duten Administrazio Zuzenbideko gainontzeko erakundeen jarduna aurrera eramateko, askotan Zuzenbide pribatuaren menpe dauden erakundeen bidea baliatzen da. Horren inguruan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 7.4 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoa zein erakundek osatzen duten zehazten da. Hauek dira: Administrazio orokorra, erakunde autonomoak eta Zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, eta merkataritzako sozietate eta partzuergo batzuk, baldin eta azken horiek baldintza jakin batzuk betetzen badituzte; esate baterako, horien kapital sozialaren gehiengoak edo zuzendaritza organoetako gehiengoak erakustea erakunde horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontrol politikoaren menpe daudela azkenean; hori dela eta, gorago aipatutako testu bateginak eta Euskadiko Ogasun Nagusia arautzen duten beste lege batzuek zehazten dute erakunde horiek zein erregimen bete beharko duten aurrekontuak egin, onartu eta aldatzeko orduan, edo zorpetzerakoan edo barne-kontrola egin behar denean. Bestalde, ekainaren 30eko 14/1994 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzkoak, esaten du laguntzen eta diru-laguntzen onuradunek ekonomia- eta finantza-arloko kontrolak izango dituztela, nahiz eta kontrol horren norainokoa laguntza horiek behar bezala erabili ote diren eta zuten helburura bideratu ote diren jakiteko izango dela zehaztu. Jarraian azalduko dugunez, aginte publikoek bi jardun modu horiek sarri-sarri erabiltzen dituzte, eta, horregatik, arau honen bidez, bi erregulazio horiek osatu egin nahi ditugu, bi jardun modu horiek jaso; hartara, garbiago jardun dezaten. Hala behar baitu.

 

       Jarduteko lehenengo modua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa beste administrazio batzuekin lankidetzan aritzea da, denen interesekoak diren proiektu edo jardueretan, baina administrazio horietako bakoitzak parte hartze txikia izanda sortuko den pertsona juridiko berrian; hala ere, administrazio horiek, denek batera, erakundea kontrolatzeko gaitasuna dute. Parte hartzen duten administrazioetako bakoitzak, bere aldetik ez duenez kontrolatzeko behar den gehiengoa, eta hori izaten denez administrazio horietakoren baten ogasun-arloko kontrola ezartzeko modua, erakunde horiek, askotan, beren ezaugarri berezietara egokitutako legezko erregimen egokirik gabe geratzen dira praktikan, zurtz, nahiz eta erakunde horien parte-hartzea eta helburua, zalantzarik gabe, publikoak izan. Batzuetan, anomia horren ondorioz, publiko izatea bera kudeaketa pribatuaren ondorioz lausoturik geratzen da, eta ahaztu egiten da aginte publikoek berez Zuzenbide pribatukoak diren forma juridikoak erabiltzea asmo jakin bat duen teknika bat dela, interes orokorrekoak diren helburu batzuk lortu ahal izateko, eta, ondorioz, helburu horiek berak dituen beste edozein erakundek bete beharreko printzipioak bete behar direla.

 

       Jarduteko bigarren modua beste erakunde batzuek interes publiko edo soziala duten jardueretan egindako lanaren ondoriozko gastu gehiena Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoak ordaintzea da, laguntza edo diru-laguntzen bidez. Sarritan, finantzazioa denboran asko luzatzen da, eta diru-laguntza izendun jarraituen bidez bideratzen da. Orokorrean, era horretako laguntzak erakundearen edo erakundeak aurrera eramandako jardueraren ezaugarri berezien ondorioa dira, edo estrategikotzat jotzen den proiektu bati emaniko babes publikoaren ondorioa, eta beraz, 14/1994 Legean gaur egun ezarritakoaren arabera ekonomia- eta finantza-arloko kontrolak laguntza edo diru-laguntza zertarako erabiliko den kontrolatzeko baino ez duenez eskatzen, gerta liteke kontrol hori nahikoa ez izatea.

 

       Hainbat administraziok elkarrekin kontrolatzen dituzten erakundeen ezaugarri eta helburuekin bat datorren erregimena ahal den neurrian zehazteko asmoz, legeak aurreikusten du parte hartzen duten administrazioek erabakiko dutela dena delako erakundeak zein erregimen bete beharko duen Ogasunaren arloan; hain zuzen ere, akordio hori izenpetzea aldez aurretiko baldintza izan daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kasuan, parte hartzeko. Era berean, parte hartzeko erabakia hartzeari buruzko gutxieneko baldintzak arautzen dira, merezi duela eta ondo hartutako erabakia dela bermatzeko. Era berean, laguntzen eta diru-laguntzen helburua eta garrantzi erlatiboa kontuan izanda, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoa denean finantziazioaren zati handiena jartzen duena, komeni da zehaztea ekonomia, finantza eta kudeaketaren arloko kontrola areagotu egingo dela, hain zuzen ere, erakundearen jardun ekonomiko osora iritsi ahal izateko. Kontrola areagotu, jakina, neurriz areagotu beharko da, eta muga izango da, beti, tartean den interes orokorra babesteko behar adinakoa. Gainera, barne-kontrola aldatzen den heinean, kanpoko kontrola ere, hau da, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten duena, aldatu egingo da, koherentziaz.

 

       Bukatzeko, egoki ikusten da legegintzarako eskuordetza ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategin bat idazteko.

 

Lehen artikulua. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren idazketa berria.

 

       Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsiari, xedapen gehigarri bakar bat eransten zaio, eta hauxe dio:

 

"Xedapen gehigarri bakarra. Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren parte-hartzea duten erakundeak.

 

1.  Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra eta Erkidegoko Administrazio instituzionaleko erakundeak saiatuko dira hitzarmenak egiten beste administrazio parte-hartzaileekin, Administrazio orokorraren eta aipaturiko beste administrazioen arlo publikoan ez dauden eta Zuzenbidearen arabera sortu diren bestelako pertsona juridikoen erregimen ekonomiko eta finantzarioa adosteko, baldin eta pertsona juridiko horiek gutxienez baldintza hauetako bat betetzen badute:

 

a)  Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta gainontzeko administrazio publikoek kapital-sozietateen kapital sozialean duten parte-hartzea, zuzenean edo zeharka, gehiengoa izatea, osotasuna hartuta, edo erabakiak hartzeko ahalmena edukitzeko bestekoa izatea.

b)  Administrazio publiko horiek administrazio-organoetan, kudeaketa-organoetan eta zaintza-organoetan elkarrekin duten zuzeneko edo zeharkako parte-hartzea gehiengoa izatea, edo erabakiak hartzeko ahalmena edukitzeko adinakoa.

c)  Zuzenean edo zeharka, nagusiki administrazio horietatik datozen baliabideekin finantzatzea, edo administrazio horiek diru, ondasun edo industriaren zati nagusia jartzea, edo eraketa-momentuan, administrazio horiek agindu izatea beraiek finantzatuko dutela nagusiki; betiere, pertsona juridikoaren jarduna, zuzenean ala zeharka, finantzaketa jarri duten administrazio horiek elkarrekin erabakitzeko duten ahalmenaren mende baldin badago. Erregelamendu bidez zehaztuko da zein epetan eta nola bete behar den baldintza hau.

 

2.  Aurreko paragrafoan aipatzen diren hitzarmenak sinatzeko, aldeko txostena eman beharko du aurrekontuen eta kontrol ekonomiko eta kontabilitateko eskumenak dituen sailak, eta beharrezkoa bada, edukia dena delako erakundearen estatutu sozialetan jasotzea egongo da. Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren parte-hartze edo finantzazioa gainontzeko administrazio bakoitzaren parte-hartzearen berdina edo handiagoa baldin bada, gorago aipaturiko hitzarmena izenpetzea beharrezko baldintza izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoak erakunde horiek finantzatu edo horietan parte hartu ahal izateko.

 

     Halaber, hitzarmen horiek arautuko dute lehenengo paragrafoan aipatzen diren pertsona juridikoek edozelako pertsona juridiko berriak sortzeko eta haietan parte hartzeko daukaten ahalmena.

 

3.  Araudi bidez zehaztu beharko da zein betekizun eta baldintza bete behar dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoko erakundeek xedapen honen 1. paragrafoan aipatzen diren erakundeak finantzatzea edo haietan parte-hartzea erabakitzeko prozesuak; eta beste horrenbeste egin beharko da 1. paragrafoan aipatzen ez diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren barruan ez dauden beste erakunde batzuetan parte hartu behar bada. Dena den, ondorengo kontuen berri behintzat eman beharko da:

 

a)  Zein interes publiko dagoen tartean, eta zein den erakundearen helburua.

b)  Zein diren parte hartzen duten administrazioek dituzten eskumenak.

c)  Zein den aurreikusitako jarduera-plana.

d)  Zergatik den onena erabiltzen den formula, eraginkortasunaren eta efizientziaren ikuspegitik; beste antolaketa-modu batzuk bazterrean uzteko arrazoiak zein diren ere azaldu beharko da.

e)  Eman nahi diren baliabideak egokiak izatea.

f)   Erakundea nola finantzatzea aurreikusten den.

 

4.  Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bategineko 61. artikuluan adierazten den dokumentazioaren barruan –erantsi beharrekoan–, informazioa emate aldera, honako hauek jasoko dira:

 

a)  Xedapen honen lehendabiziko paragrafoan adierazten diren erakundeen zerrenda eta izenpetu dituzten hitzarmenak.

b)  Aurreko letran jasotzen ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoko erakundeek parte hartzen duten erakundeen zerrenda.

c)  Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikokoak ez diren eta kontabilitate nazionalean alor horrekin bateratzen diren erakundeen zerrenda.

 

5.  Aurrekontuen eta kontrol ekonomikoaren alorrean eskumena duen sailak urtero bidaliko dizkio Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari xedapen honen lehen paragrafoan adierazten diren erakundeen urteko kontuak".

 

Bigarren artikulua. Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 4. artikulua aldatzea ("Kontrol Ekonomikoko Bulegoa").

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 4. artikuluari 5. paragrafoa eransten zaio, eta honela idatzita geratzen da:

 

"5. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrean aipatzen diren erakundeen gainean Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen –egin behar baldin badu– kontrolak kasuan kasuko hitzarmenetan esaten dena bete beharko du".

 

Hirugarren artikulua. Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 17. artikuluaren 2 paragrafoa aldatzea ("Irispidea eta Xedea").

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 17. artikuluaren 2. paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

 

"2.   Orokorrean edo zehazkiago ezarriko den moduan, edozein erakunde edo enpresa publiko edo pribatu nahiz norbanako kontrolatu ahal izango da, ekonomia, finantza eta kudeaketaren arloan, baldin eta edozein laguntza jaso badu Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren edo Batasuneko funtsen kontura. Era berean, kontrol horrek laguntzak kudeatzen administrazioarekin lankidetzan aritzen diren erakundeak ere hartu ahal izango ditu bere baitan. Kontrola esatean, laguntzak modu egokian erabili eta zuten helburura bideratu direla kontrolatzea esan nahi da, baina dena delako laguntza onuradunaren finantziazio-bide nagusia denean, jarduera ekonomiko osoa kontrolatu ahal izango da. Aipatzen ari garen ondorioetarako, hauek joko dira laguntzatzat: diru-laguntzak, zergak ordaindu behar izatetik salbuestea edo zergetan onurak eskaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoak utziriko ondasunak edo industria, eta emaniko kredituak, abalak edo bestelako bermeak, merkatuko prezioan baino merkeago edo dohainik ematen direnean".

 

Laugarren artikulua. Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainarem 30eko 14/1994 Legearen 6. artikulua aldatzea ("Kontabilitate-sistemak eta menpekoak").

 

      Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 6. artikuluari 3 bis paragrafoa eransten zaio, ondorengo testuarekin:

 

"3 bis.   Sektore publikoaren fundazioen kontabilitaterako eta barne-kontrolerako erregimena sozietate publikoak arautzen dituen erregimen bera izango da".

 

Bosgarren artikulua. Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 6. artikulua aldatzea ("Kontabilitate-sistemak eta menpekoak").

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 6. artikuluari 3 ter paragrafoa eransten zaio, ondorengo testuarekin:

 

"3 ter. Sektore publikoaren partzuergoen kontabilitaterako eta barne-kontrolerako erregimena organismo autonomo administratiboak arautzen dituen erregimen bera izango da".

 

Seigarren artikulua. Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 2. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzea ("Kontrolaren esparrua eta hedapena").

 

       Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzko otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 2. artikuluaren 1. paragrafoa aldatu egin da, eta honela idatzita geratu da:

 

"2. artikulua. Kontrolaren esparrua eta hedapena

 

1.  Kontuen Epaitegiari esleitutako eskumenei kalterik egin gabe, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak kontrolatuko du:

 

a)  Euskal arlo publikoaren jarduna, lege honen ondorioetarako honako hauek osatua:

- Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) definituta dagoen moduan.

- Lurralde historiko bakoitzeko batzar nagusiek eta foru-aldundiek eta haien mendeko erakunde instituzionalek eta sozietate publikoek.

- Toki-erakundeek eta haien mendeko erakunde instituzionalek eta sozietate publikoek, Ekonomia Itunaren Legean ezarritako erregimen ekonomiko-finantzarioaren berezitasunak direla eta.

- Zuzenbidean onartutako edozein moduri jarraituz sortutako pertsona juridiko orok, euskal arlo publikoko erakundeen parte-hartzea edo finantzazioa baldin bada nagusi, zuzenean edo zeharka, edo parte-hartze edo finantzazio minoritarioa batuta, ente berean, parte-hartzearen edo finantzaketaren gehiengoa badute.

- Lehen esandako erakundeetatik etortzen diren ondasun edo efektu publikoak administratzen edo erabiltzen dituzten entitate guztiek.

b)  Euskal arlo publikoaren ekonomia- edo finantza-laguntzak jasotzen dituen eta aurreko idatz-zatian sartzen ez den edozein pertsona fisiko edo juridikoren jarduera. Laguntza horiek behar bezala erabili ote diren eta zuten helburura bideratu ote diren jakiteko egingo da kontrola.

c)  Hauek joko dira laguntzatzat: diru-laguntzak, zergak ordaindu behar izatetik salbuestea edo zergetan onurak eskaintzea, euskal arlo publikoak jarri edo utziriko ondasunak edo industria, eta emaniko kredituak, abalak edo bestelako bermeak, merkatuko prezioan baino merkeago edo dohainik ematen direnean".

 

Xedapen Iragankorra

 

       Lege hau indarrean sartu eta urtebete igaro baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak parte hartzen duten gainontzeko administrazioei kasuan kasuko hitzarmenak izenpetzeko proposatuko die; hau da, legea indarrean sartu aurretik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren xedapen gehigarri bakarraren 1. paragrafoan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten erakundeei buruzko hitzarmenak. Dena dela, xedapen horretako bigarren paragrafo azken tartekian xedaturik dagoena ez da aplikatu beharrik izango.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa. Baimena ematen zaio Gobernuari testu bakar batean bategin ditzala, lege hau indarrean sartzen denetik lau hilabete igaro baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legea eta ondorengoko beste lege batzuek lege horretan sartutako aldaketak. Testu bategina honetara mugatuko da: legeak testu bakarrean biltzera eta artikuluak, kapituluak eta xedapenak behar den neurrian berriro zenbakitzera, bai eta testu bakarrean bildu beharreko legeen barne-bidalketak zenbakera berriari egokitzera.

 

Bigarrena. Jaurlaritzari baimena ematen zaio, onartzen denetik sei hilabete pasatakoan, lege hau erregelamendu bidez arautzea.

 

Hirugarrena. Lege hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra