Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

7/1992 Legea, abenduaren 21ekoa, Alde Ureztagarriei, Hobekuntzarako Eskualde-Planei eta Eraldatzeko Plan Orokorrei buruzko alderdi batzuk araupetzen dituena.

1992-12-21

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1993/1/18, 10. zk.; EAO, 2012/2/15, 39. zk.

§ 142. 7/1992 LEGEA, ABENDUAREN 21EKOA, ALDE UREZTAGARRIEI, HOBEKUNTZARAKO ESKUALDE-PLANEI ETA ERALDATZEKO PLAN OROKORREI BURUZKO ALDERDI BATZUK ARAUPETZEN DITUENA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Nekazaritzaren teknika eta ekonomi mailako bilakaerak ustiategiak eraldatu beharra dakar, ureztatze-sistema egokiak ezarriz. Eraldaketa horrek behar diren errentagarritasun-baldintzak jarriko ditu, nekazaritza-aldeen oinarrizko ekonomi ihardunari eutsiko dio, ur-baliabideei loturiko berezko eskuarte eta sistemak ekoizteko eta zaintzeko antolaketa taiuzkoagoa izateko bide emango du eta Autonomi Elkarteko hainbat alderen ekologi sistemei bere onean eusteko bereziki balio duten landareak eta lurraren ohizko erabilerak gordetzen lagunduko du.

 

Baserrialdeko Plangintza-Ekintzabide Orokorrak, nekazaritza-egituren hobekuntzaren barruan, Araban ureztatze-eremua handiagotzeko behar diren produkzio-egiturak egokitzea du bere helburuetako bat. Ureztagai bihurtzekoak diren aldeen inguruko aurre-azterketek hamabost mila miloi pezetatik gorako diruezarketa dakarte Kondaira-Lurralde horretan; guztira, hogeita hamasei mila hektarea inguru ureztatzeko.

 

Administrazioak gauzatutako hobekuntza-planak bideratzeko ezinbesteko da derrigorrez jabetza kentzeaz baliatzea; bide hori eskutan ez bada ez dago planak garatzerik, jabe batek ezezkoa emanez gero eraldaketa-asmoak aldatu beharra eta diru-kostu handia izaten baita. Gehienetan ez da ondasun osoaren jabetza kendu beharrik izango, banaketa- eta osasunbide-sarea egiteko ezinbesteko diren zerbitzu-zorrak ezartzeko behar diren eskubideen jabetza kentzearekin nahikoa izango da.

 

Toki-Jaurpideari buruzko legedian, toki mailako lan eta zerbitzuen planetan sartutako lanak herri-onurakotzat eta derrigorrez jabetza kentzeko hartu beharrekotzat aldarrikatzen dira. Hala ere, ureztatze-obrak direnez gero, administrazio-batzordeei, udalei eta aldundiei ez dago lan horien titulartasuna izendatzerik. Uraren Lege berriak dioenez, ura lurrak ureztatzeko bada, emakidaren titularrak ureztatzeko diren lurren jabea izan behar du, erabiltzaile-elkarteei emandako eta izendatu dakizkien emakiden kaltetan gabe. Enpresa edo partikularrei izendatu ahal izango zaizkie, halaber, emakidak zerbitzu publikoko jaurpidepean, nahiz eta ureztatuko diren lurren jabe ez izan, eskatzaileak, aldez aurretik, lur horien azaleraren erdia osatzen duten lurren jabeen adostasuna duela egiaztatzen badu.

 

Hori horrela, nekazaritza eraberritzeko eta garatzeko eta ureztatzeko lurrei buruzko arauak osatu egin behar dira, eta Autonomi Elkartearen nekazaritza arloko aginpide-banaketari eta administrazio-antolaketari egokitu.

 

Lehenengo Atala - Eremua

 

Lurraz eta uraz hobeto baliatzeko behar diren lanen bidez gauzatuko den ekonomi eta gizarte mailako eraldaketa eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko nekazaritza-ustiategien eraketa nahiz hobekuntza, lege honetan erabakitakoaz arautuko dira, Nekazaritza Eraberritzeko eta Garatzeko legearen III. liburuan ezarritakoaren ondorioetarako.

 

2. Atala - Aginpideak

 

Liburu horretan jasotako jardueraren bat erabakitzeko dekretuak onesteko aginpidea, aldea dagoeneko lurraldeko Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak du. Eskualde edo alde batek Kondaira-Lurralde bateko baino gehiagoko lurrak hartuz gero, Autonomi Elkarteko Jaurlaritzaren Kontseiluak izango du aginpidea, dagozkien Foru Aldundietako Diputatuen Kontseiluek proposamena elkar hartuta aurkeztu ondoren.

 

3. Atala - Alde ureztagarriak

 

1.- Foru dekretu bidez edo, Kondaira-Lurralde bat baino gehiago hartzen baditu, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez aldarrikatuko dira "alde ureztagarriak". Dagokion dekretuan, Kondaira-Lurraldearentzat edo Autonomi Elkartearentzat alde hori eraldatzeak duen interesa aitortuko da, behar diren ondasunen eta eskubideen jabetza derrigorrez kendu ahal izatearren.

 

2.- Alde ureztagarria Eraldatzeko Plan Orokorra dagokien Foru-Sailek gertatuko dute, eta herri-argipidetara aterako da hogeita hamar egunez.

 

3.- Planari behin-betiko onespena foru dekretu bidez edo, Kondaira-Lurralde bat baino gehiago hartzen baditu, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez emango zaio.

 

4. Atala - Herri-onurakotzat eta hartu beharrekotzat aldarrikatzea

 

1.- Alde ureztagarriak Eraldatzeko Plan Orokorretako lanek lurzoruak herri-onurakotzat eta hartu beharrekotzat aldarrikatzea eta lurrez eta eskubideez jabetu beharra bere baitan ekarriko dute, horiek egiteratzeko jabetza derrigorrez kentzea beharrezko denekotarako.

 

Lurrez eta eskubideez jabetzea lanak egiteko eta beharrezko izan daitezen zerbitzu-zorrak ezartzeko ezinbesteko direnetara soilik mugatuko da.

 

2.- Erabiltzaile-elkarteek, funtsen jabeek edo nekazaritza-ustiategien titularrek sustatutako ihardunek herri-onurakotzat aldarrikatzeak berekin dakartzan onurak eduki ahal izango dituzte, beti ere, ureztatze-lur bilakatzeko beharrezko badira eta iharduera horiek Eraldatzeko Plan Orokorrean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

 

3.- Aukera horretaz baliatzeko eskabidea dagokion Foru Aldundiari aurkeztuko zaio, edo Eusko Jaurlaritzari, ihardunak Kondaira-Lurralde bat baino gehiago hartzen baditu. Gero, hilabete batez, herri-argipidetara aterako da eta interesdunei entzungo zaie.

 

4.- Eskabidearen gai diren ihardunak Eraldatzeko Plan Orokorrari egokitzen ote zaizkion, Nekazaritza Sailaren foru agindu bidez edo, hala badagokio, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantzu Sailburuaren agindu bidez jakinaraziko da.

 

5. Atala - Hobekuntzarako Eskualde-planak

 

1.- Hobekuntzarako Eskualde-planak foru dekretuz edo, planak lurralde bat baino gehiagoko lurrak hartzen baditu, Autonomi Elkarteko Jaurlaritzaren Kontseiluaren dekretuz onetsiko dira, dagozkien Foru Aldundietako Diputatuen Kontseiluek proposamena elkar hartuta aurkeztu ondoren. Beti ere, onetsi aurretik, hogeita hamar egunez herri-argipidetara aterako dira.

 

2.- Ordezkaritza haundieneko nekazaritza-erakundeen eritzia entzunda, Autonomi Elkarte osorako erakundeetan edo Kondaira-Lurraldeetan aginpidea duten organoek gertatuko dituzte plan horiek eta dagozkien Foru Aldundietako Diputatuen Kontseiluei edo, hala badagokio, Autonomi Elkarteko Jaurlaritzaren Kontseiluari proposatuko dizkiete.

 

3.- Hobekuntzarako Eskualde-Plana onartzeak plan hori gauzatzeko lanetarako ezinbesteko diren ondasunak herri-onurakotzat aldarrikatzea eta ondasun horiek hartu beharra aitortzea ekarriko du.

 

4.- Halaber, Foru Aldundiek edo, hala badagokio, Autonomi Elkarteko Jaurlaritzaren Kontseiluak derrigorrez kendu dezakete plan horietako eta baliatzaile-elkarteek sustatutako lanek barne hartzen dituzten lurren nahiz eskubideen jabetza eta ureztatzaile-elkarteen esku jarri.

 

6. Atala

 

Eraldatzeko Plan Orokorrak edo Hobekuntzarako Eskualde-Planak onetsi ondoren, Euskal Autonomi Elkarteak edo Foru Aldundiek, nori dagokion ikusita, kendu behar diren jabetzak finkatu eta gauzatuko dituzte, Derrigorrez Jabetza Kentzeari buruzko legean ezarritako ihardunbide orokorrari eta lege bereko 52. atalean ohartemandako presazko ihardunbiderako aldaketei lotuz.

 

Azken Erabakiak

 

Lehenengoa

 

Lege honetako 2. atalean agindutakoaren arabera, Autonomi Elkarteko Jaurlaritzaren Kontseiluari edo Kondaira-Lurraldeetako foru organoei dagokie lege honetan erabakitakoa garatzea eta ezartzea.

 

Bigarrena

 

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin egunaren biharamonean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra