Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoa.

1993-12-21

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1994/1/7, 4. zk.; EAO, 2012/2/10, 35. zk.

§ 150. 7/1993 LEGEA, ABENDUAREN 21EKOA, OSALAN-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEA SORTZEKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

I

      Konstituzioaren 40.2 atalak laneko segurtasuna eta higienea zaintzeko agindua ematen die herri-aginteei. 43.1 atalak osasuna babesteko eskubidea aitortzen die guztiei. Atal horretako 2. puntuan herri-aginteei aitortzen zaie, behar diren aurre hartzeko neurriez eta zerbitzuez baliatuz, osasun publikoa antolatzeko eta zaintzeko aginpidea.

      Lanaren Nazioarteko Erakundearen 155. Itunak, langileen segurtasun eta osasunari eta laneko ingurugiroari buruzkoak, langileen segurtasun eta osasunaren eta laneko ingurugiroaren arloan politika egokia antolatu beharra ezartzen du. Itun horretan, lanean ari diren guztiak, herri-lanariak barne, dira langile. 161. Itunak ere, laneko osasun-zerbitzuei buruzkoak, jasotzen ditu zenbait arau eta jarraipide (ez baita oraindik berretsi); eta bertan jasotakoa ezinbestez kontuan hartu beharrekoa da Euskal Autonomi Elkartean laneko segurtasun eta osasunari buruzko politika kudeatuko duen erakundea eratzeko.

      Kontseiluaren 1989ko ekainaren 12ko 89/391/EEE arteztarauean, langileen laneko segurtasuna eta osasuna hobetzeko baldintzak ezartzen dira. Arteztarau horren ondoren eman direnetan laneko arriskuei aurre hartzeko eta lantokietan segurtasuna eta osasuna zaintzeko eta arrisku bereziez babesteko arau orokorrak finkatu izan dira. Aipatutako arau horiek denak nahitaez begiratu beharrekoak izan dira lege hau finkatzeko.

      Estatuko legediari dagokionez, Langileen Araudian langile guztiei aitortzen zaie gorputz-osotasuna eta segurtasun eta higienearen arloan behar bezala babestuta izateko eskubidea. Eskubide horren garapena maila txikiko Konstituzio aurreko arauetan dago banatuta. Bestalde, Osasunaren Lege Orokorrak, Euskal Autonomi Elkarteko herri-aginteen araugintza mugatzeko oinarrizko arauak jasotzen ditu laneko osasunaren arloari dagokionez.

II

      Euskal Autonomi Elkarteko Autonomi Estatutuaren 9. ataleko 2. puntuko b) idazatian ezartzen denez, euskal herri-aginteek bizitzako eta laneko baldintzak hobetzeko politika sustatuko dute. Bestalde, Euskal Autonomi Elkarteak, Estatutuaren 18. ataleko 1. puntuak dioenez, barruko osasunari buruzko legeak garatu eta gauzatzeko aginpidea du. Lege horretako 12. ataleko 2. puntuan ezarritakoaren arabera, Autonomi Elkarteari dagokio laneko legedia gauzatzea; 10.23 atalean jasota dagoenez, aginpide osoa du koperatiben arloan, eta 10.4 atalean ezarritakoari jarraiki, Euskal Autonomi Elkarteko funtzionarien eta toki-administraziokoen estatutuari buruzko legeak egiteko eta gauzatzeko aginpidea du.

      Esku arteko lege honek aipaturiko arau guztiak hartzen ditu oinarritzat, banatu ezin diren lan- eta osasungaiak, hau da, alderdi askotariko arazoa aztertzen baitu. Lege-egitasmo honen bitartez sortuko den erakundea, langileen osasuna eta segurtasuna sustatzeko eta arriskuei aurre hartzeko egitekoetan arituko da, Langileen Araudiak arautzen dituen lan-harremanen esparruan. Horretaz gain, lege honen bidez edukiz jantzi nahi da euskal herri-administrazioetako funtzionariek, lankide-koperatibetako koperatiba-bazkideek eta gainerako koperatibetako lan-bazkideek lanean segurtasun- eta osasun-baldintzetan iharduteko duten eskubidea.

III

      Euskal Autonomi Elkarteak laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan dituen egitekoak deszentralizatzeko asmoa hiru ikuspuntutatik hartuta arrazoitu daiteke.

      Lege-egitasmoa onartuz gero eratuko den zerbitzua administrazioko autonomiadun erakundea izango da. Horrela, laneko segurtasuna eta osasuna ulertzeko modu berrien aurka joanez orain arte Lan eta Osasun Sailen artean banatuta zeuden egitekoak baterabildu egingo dira. Banaketa hori oraindik ere indarrean egotea ez dator bat, inola ere, laneko segurtasunaren eta osasunaren ikusmolde berriekin; orain, errealitate bakar baten osagaitzat hartzen baitira biak. Era berean, Lanaren Nazioarteko Erakundearen itunetan emandako arau eta jarraipideen aurka doa. Itun horietan langileen segurtasun eta osasunaren arloan politika egokia antolatu beharra ezartzen da.

      Bada deszentralizazio hori arrazoitzeko beste alderdi bat. Baztertu egin nahi da, ahal den neurrian behintzat, autonomi administrazioak laneko segurtasun eta osasunaren arloan duen polizi ahalmena. OSALAN funtsean zerbitzu-emaile izango da, lan-emaileen eta langileen arteko lankidetza lortzeko zerbitzua hain zuzen, lantokietan laneko segurtasun eta osasunaren mailak hobetzeari begira ihardungo duena. Argi dago ezin duela erabat baztertu eta ahaztu zigor-alderdia, baina arlo horretan teknikari edo profesional baten moduan ihardun behar du. Erakunde horretan arituko diren langileen ospeak, kualifikazioak eta alderdikeriarik gabe iharduteak izugarrizko eragina izango du egintzen nondik-norakoa zehazteko orduan. Polizi iharduna lan-agintarien esku geratuko da.

      Azkenik, zerbitzu pertsonifikatua izateak erraztu egingo du gizarte-sailek bertan parte hartzea, eta hala erakundearen iharduna eraginkorragoa izango da eta onarpen zabalagoa izango du gizartean.

IV

      Lege-egitasmo honetan ematen diren arauak bat datoz nazioarteko erakundeek eta legedi berrienek ematen dituzten artezpideekin. Osotasunean hartzen ditu laneko segurtasuna eta osasuna, orain artean administrazioaren erantzukizunpeko bi arlotan banatuta agertzen baitziren. Bata osasun-arloari zegokion eta bestea lan-arloari. Banaketa horrek, garbi ikusi daitekeenez, ondorio kaltegarriak ekarri ditu.

      Sortuko den autonomiadun erakundean laneko osasun-unitatea eratuko da. Ihardunean Osasun Sailaren menpe egongo da, osasun-agintariek arlo horretan duten aginpidea bermatzeko. Gaur egungo laneko osasun-unitate berak jarraituko du aurrerantzean. Hala ere, laneko osasun-unitatearen iharduna unitate bakar batean bilduko da. Egitura mailan erakundearen barruan egongo da, Kontseilu Nagusiaren zaintza, babesa eta kontrola izango du, eta zuzendaritza nagusi bakar baten pean egongo da.

      Antolaketari dagokionez, gizarte-sailek parte hartzeko organoa eratuko da, baina oso kide gutxiko organoa, bizkor eta eraginkor ihardun dezan. Gaur egunerarte, tankera horretako organoetan kide ugari bildu izan da, eta, hain zuzen ere, horixe da baztertu nahi izan dena, jakina baita kide asko izateak ez dakarrela berez eta besterik gabe partehartze handiagoa; gehienetan, kontrakoa gertatu ohi da: zenbat eta kide ugariago izan, orduan eta okerrago ihardun organoak eta eraginkortasun txikiagoa izan.

      Organo horren bidez sarbidea emango zaie sindikatuei, duten ordezkaritzaren arabera, eta ordezkarien kopurua zehazteko, gainerako hauteskundeetan hautetsien kopurua izendatzeko erabiltzen den sistema proposatuko da. Sistema hori orain arte erabilitakoak baino argiagoa da eta bete-betean errespetatzen du ordezkapen-araua.

      Bestalde, "Confederación Empresarial Vasca"ren bitartez, lan-emaileek parte hartuko dute Kontseilu Nagusian.

      Koperatiben Kontseilu Nagusiko ordezkari bat ere izango da, koperatiben munduan garrantzi izugarria izango duen erabakia jasotzen baitu legeak, hau da, besteren konturako langileen laneko segurtasun eta osasunari buruzko arauak koperatibetan ere betetzekoak dira. Era berean, Eusko Jaurlaritzako ordezkaria ere bertan egongo da, euskal herri-administrazioetako herri-lanariak ere aipatutako arauen ihardute-eremuan sartzen direnez.

V

      Lege honetan, bestalde, koperatibetarako eta euskal herri-administrazioetarako propio egindako arauak ematen dira. Hain zuzen ere, laugarren erabaki gehigarriak bi eremu horietara zabaltzen ditu besteren konturako langileentzat indarrean dauden laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko arauak, horrek, inondik inora, gizarte-segurantzarekin duten jaurpide-moduarekikoan inolako aldaketarik ez dakarrela, arau horiek ezartzeko behar diren erabakiak emateko gaitasuna Jaurlaritzari aitortuz. Dena den, sei hilabeteko epea ematen zaie koperatibei eta administrazioei arau horiek dakartzaten beharretara egokitzeko.

I ATALBURUA

HELBURUA ETA EGITEKOAK

Lehenengo Atala

      OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzen da administrazioko autonomiadun erakunde modura. Lege-nortasuna izango du eta iharduteko gaitasun osoa. Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikiko zaio. Euskal Autonomi Elkarteko herri-aginteek, laneko ingurugiroak berez dituen arriskuen arrazoiak jatorrian ezabatu edo gutxitzeko asmotan, laneko segurtasun, higiene, ingurugiro eta osasunaren arloari buruz ezarriko dituzten arauak kudeatzea izango da erakunde horren helburua.

2. Atala

      1.-     OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak langilerik duten ekonomia-ihardunbide guztiak izango ditu ihardute-eremu, herri-administrazioak barne. Era berean, lankide-koperatibak eta gainerako koperatibak ere izango ditu ihardute-eremu, lan-bazkideei dagokienez.

      2.-     OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak beregaineko langileek izan ditzaketen arriskuei aurre hartzeko ekintzak sustatuko ditu.

3. Atala

      OSALANek bere helburuak lortzeko:

a)   Iharduketa-egitarauen bidez oinarrituta kudeatuko ditu dagozkion zerbitzuak.

b)   Aholkuak emango dizkie enpresei, langileei, enpresarien elkarteei, sindikatuei eta herri-administrazioei.

c)   Laneko segurtasun eta osasunaren arloan aurre hartzeko eta teknikazko iharduketen jarraipena eta ebaluazioa egingo du.

d)   Aurre hartzeko behar diren neurriak sustatuko ditu.

e)   Eskatuz gero, erizpenak emango dizkie agintari aginpidedunei.

f)    Lan Harremanetarako Kontseiluak eta Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak hala eskatuta, txostenak egingo ditu bere ardurapeko gaietan.

4. Atala

      1.-     Hona hemen, besteak beste, OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak izango dituen egitekoak:

a)   Laneko istripuak eta gaixotasunak izateko arrazoiak eta faktoreak aztertu eta ikertuko ditu, aurre hartzeko azterketak eginez eta zuzentzeko neurriak proposatuz. Lan-agintariei egindakoaren berri emango zaie. Industri segurtasunari buruzko erizpenak emango ditu, aginpidedun agintariek eskatuz gero.

b)   Laneko ezbeharren gaineko argibideak eta estatistikako datuak aztertu, landu eta bilduko ditu, Euskal Autonomi Elkarteko Estatistika Legean ezarritakoaren arabera, estatistikak egin, aztertu eta baloratuko dituela Autonomi Elkartean. Era berean, Estatuan eta Europako Elkartean laneko segurtasun eta osasunaren arloan datuak biltzeko eratzen diren bat egindako informatika-egitarauak garatzen eta prestatzen lagunduko du.

c)   Lanean sortutako gaixotasunak eta langileen osasunean laneko eta arriskuko faktoreek izan dezaketen eragina ikertzeko epidemia-zaintzarako sistema ezarriko du, Osasun Sailak osasun-informaziorako emandako norabideen arabera.

d)   Laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko metodoak eta teknikak ikertzeko egitarauak egin, sustatu eta garatuko ditu.

e)   Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, laneko segurtasun eta higieneari eta metodo ergonomikoei buruzko arauak, araubidea teknika aldetik aldatzeko ikerketak, txostenak eta proposamenak aurkeztuko dizkie administrazioei, eta ikastunen, adineko langileen eta haurdunaldian edo ugatzaldian dauden emakumeen lan-baldintzei buruzko gomendioak emango ditu.

f)    Langileen osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen neurrian, lanpostuen, lokalen, lantokien, lehengaien, tarteko eta azken gaien inguruko azterketak eta txostenak egin eta aholkuak emango ditu.

g)   Indarrean dauden arauekin bat etorriz, lanen baldintza teknikoei, kontzentrazioen kopuruei, onartu litezkeen kutsatzaile-mugei eta horiek denak baloratzeko moduei buruzko azterketak, ikerketak, txostenak eta proposamenak aurkeztuko dizkie Lan eta Gizarte Segurantza Sailari eta, hala badagokio, industriako segurtasunaren ardura duten agintariei.

h)   Laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko planak eta prestakuntza-ikastaroak programatu, antolatu eta bideratuko ditu.

i)    Laneko arriskuei aurre hartzeko eta osasuna sustatzeko ezagupenak eta arau praktikoak jakinaraziko dizkie lan-emaileei eta langileei.

j)    Enpresetako segurtasun eta higienearen mailei buruzko kontrol orokorrak eta arlokakoak programatu eta garatuko ditu, maila horiek igotzeko egin behar diren zuzenketetarako aholkuak emanez enpresetako legezko ordezkariei eta langileei.

k)   Laguntza eta aholku teknikoa emango die enpresei, langileei, langile-elkarteei eta herri-agintariei.

l)    Enpresek edo horien soldatapekoek norbanakoaren osasunerako zein gorputz osotasunerako galgarri izan daitezkeen lanbide-arriskuei aurre hartzeko arauak larriki zein behin eta berriro urratzen dituztenean, lan-agintaritza jakinaren gainean jartzea.

m)  Enpresetako organo teknikoei aholkuak eman eta horien iharduna ebaluatuko du, laneko segurtasun, higiene eta osasunaren arloari dagokionez.

n)   Laneko materialen eta erabiltzaileen arteko lotura aztertuko du.

ñ)   Makineria, tresneria, lan-orduak eta lanaren antolaketa langileen gaitasun fisiko, sumameneko eta mentaletara egokitzeari buruzko azterketak egingo ditu.

o)   Ekoizpeneko eragiketak eta prozesuak eta lan-erritmoak edo iharduketa-mailak langileen gaitasun fisiko, sumameneko eta mentaletara egokitzeari buruzko azterketak egin eta erizpenak emango ditu.

p)   Emakume langileen haurdunaldian eta ugatzaldian kaltegarriak eta osasungaitzak izan daitezkeen lan-baldintzak aztertu eta zainduko ditu, hala behar izanez gero, emakumeen lana epealdi horietako beharretara egokitzeko.

q)   Langileen osasunerako ondorio kaltegarriak ekar ditzaketen lan-mikroklimaren faktoreak zehaztuko ditu eta horiei aurre hartuko.

r)    Osasun-agintariek emandako norabideekin edo egitarauekin bat etorriz, langileen osasuna zainduko du, horien osasunean eraginik izan dezaketen arrisku- eta kalte-faktoreak aldez aurretik aurkitu eta banakatzeko.

s)    Osasun-agintariek emandako norabideen edo egitarauekin bat etorriz, aurrehartze -politikaren plangintza egiteko tresna izango den lan-arriskuen mapa egingo du.

t)    Enpresetako mediku-zerbitzuen osasun-baimen, -ikuskapen eta -kontroleko aginpideak erabiliko ditu.

u)   Sorgorgarriek, bai eta alkoholak eta tabakoak ere, laneko segurtasun eta osasunean duten eraginari buruzko azterlan eta txostenak eginez, lan-arloko drogamenpekotasunak zainduko ditu.

v)    Laneko segurtasun, higiene eta osasunaren arloan aurre hartzeko eta sustatzeko helburuak betetzeko behar diren gainerako egiteko guztiak izango dituzte.

      2.-     Atal honetan adierazitako egitekoak osasun-agintaritzarekin, lan-agintaritzarekin eta lan, segurtasun eta higienearen baldintzak ikuskatzeko eta kontrolatzeko organoekin lankidetzan gauzatuko ditu. Halaber, Euskadiko Droga gaietarako Idazkaritza Nagusiaren txostenak ere kontuan izango dira lan-arloari dagozkionetan.

      3.-     Egiteko horietan OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko langileak agintaritza publikoaren eskuduntzat joko dira, eta lantokietako titularrek bertara sartzen utzi beharko diete, inolako trabarik jarri gabe. Enpresariek eta langileek lagundu egin beharko diete OSALANeko langileek ondo burutu ditzaten beren egitekoak.

      4.-     Berariazko ikerketa eta azterketak egiteko zientzia eta teknikako batzordeak sortu ahal izango dira, Kontseilu Nagusiak erabakitzen dituen ezaugarri bereziei begira.

II ATALBURUA

ANTOLAKETA ETA LEGE JAURBIDEA

5. Atala

      OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko organoak Kontseilu Nagusia eta Zuzendaritza Nagusia izango dira.

6. Atala

      1.-     Kontseilu Nagusia izango da gizarte-sailek OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundean parte hartzeko organoa. Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea izango da lehendakari, gaia dela eta berak baitu aginpidea; lehendakariorde, berriz, Osasun Saileko sailburuordea izango da, berak duenez aginpidea gai horretan.

      2.-     Honako kide hauek izango ditu: langileen aldetik, sindikatuetako lau ordezkari, erakundeek finkatutako zenbatzeko epean sindikatuen hauteskundeetan lortutako ordezkaritzaren arabera; lan-emaileen aldetik, Autonomi Elkartearen eremuan ordezkatuta dauden enpresari-elkarteetako bi kide, Koperatiben Kontseilu Nagusiko kide bat eta Eusko Jaurlaritzak, udalei eta foru-aldundiei entzun ondoren, izendatutako beste bat.

      3.-     Gaian aginpidea dutenez, Osasun Saileko bi ordezkari Kontseilu Nagusiko kide izango dira, horietako bat lehendakariorde izango dela. Lan eta Gizarte Segurantza Sailak ere bi ordezkari izango ditu.

      4.-     Kontseiluko idazkariaren egitekoak kontseiluak berak izendatutako lagun batek beteko ditu, Kontseiluko kide izan daitekeela ala ez. Izendatutako idazkaria Kontseilu Nagusiko kide ez bada, hizpidea bakarrik izango du.

      5.-     Zuzendari nagusia Kontseilu Nagusiko bilkuretan izango da, eta hizpidea izango du baina ez botorik.

      6.-     Kontseilu Nagusia hiru hilabetez behin bilduko da gutxienez, edo kideen laurdenak eskatzen duenean, lehendakariak deituta.

      7.-     Kontseilu Nagusiko kideak, dagokion erakundeak eta administrazioak proposatuta, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aginduz izendatu eta kenduko dira.

7. Atala

      Hona Kontseilu Nagusiaren egitekoak:

a)   Segurtasun eta higienearen arloan Zuzendaritza Nagusiak egin ditzan egitarauak eta ekintza-planak onartzea.

b)   Osasun Sailak laneko osasunaren arloan proposatutako ekintza-egitarauari buruzko erizpidea ematea.

c)   Laneko segurtasun eta osasunaren arloko prestakuntzarako ekintza-egitaraua onartzea.

d)   OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak dituen plangintza eta egitaraugintzako ekintzak bultzatzea.

e)   Egitarauak gauzatzeari eta zerbitzuen kudeaketari buruzko kontrola eta zaintza; Zuzendaritza Nagusiak behar diren argibide guztiak emango dizkio egiteko hori burutzeko.

f)    OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen aurrekontuaren aurregitasmoa proposatzea Lan eta Gizarte Segurantza Sailari.

g)   Urteko txostena onartzea, urteko lehen hiruhilabetekoan Lan eta Gizarte Segurantza Sailari bidaltzeko.

h)   Proposamenak eta eskariak Lan eta Gizarte Segurantza Sailari eta Osasun Sailari aurkeztea.

i)    Barne-iharduerari buruzko araudia onartzea.

8. Atala

      Kontseilu Nagusiak bere egitekoak ondo betetzeko egokitzat jo ditzan batzorde bereziak eratu ahal izango ditu.

9. Atala

      1.-     OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia Eusko Jaurlaritzaren dekretuz izendatuko da eta, hala badagokio, kenduko. Horretarako proposamena Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak egingo du, Kontseilu Nagusian ordezkaririk duten erakundeei iritzia eskatu ondoren.

      2.-     Zuzendari Nagusiaren erabakiek amaiera emango diote administrazio-bideari.

10. Atala

      Hona OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren egitekoak:

a)   Zerbitzuen zuzendaritza eta langileen buru izatea.

b)   Aurrekontuaren aurregitasmoa egitea eta idaztea, Kontseilu Nagusiari eta Lan eta Gizarte Segurantza Sailari aurkezteko.

c)   OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen gastuak baimentzea eta ordainketak agintzea, bai eta erakundearen ekonomia-eskubideak administratzea, kudeatzea eta gauzatzea ere dagozkion arauetan ezarritakoaren arabera.

d)   OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen legezko ordezkaritza.

e)   Kontseilu Nagusiari nahitaez erizpena eskatuta, hitzarmenak eta akordioak izenpetzea erakunde publiko eta/edo pribatuekin, OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen egitarauak betetzeko, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren eremuan ezarritako arau orokorren esparruan.

f)    Ekintzen urteko txostena gauzatzea, urteko lehen hiruhilabetekoan Kontseilu Nagusiari bidaltzeko.

g)   Lan eta Gizarte Segurantza Sailari, Osasun Sailari eta Kontseilu Nagusiari beren egitekoak betetzeko behar dituzten argibide guztiak ematea.

h)   Autonomiadun erakundeari jarritako helburuak izan eta beste erakunderen batek aitortuta ez dituenak betetzeko aginpideak gauzatzea.

11. Atala

      1.-     Zuzendaritza Nagusiaren egitura eta zerbitzuak, eta zerbitzuok zeinen menpean ihardungo duten, araudi bidez erabakiko dira.

      2.-     Nolanahi ere, Laneko Osasun Unitate bat eratuko da, eta egituraren aldetik OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen menpeko izango bada ere, iharduerari dagokionez Osasun Sailaren menpe egongo da. Indarrean dagoen legedian ezarritakoaren ondorioetarako, osasun-agintaritza izango da.

      3.-     Osasun Sailak, urteko lehen lauhilabetekoan, laneko segurtasunari buruzko ihardueren egitaraua egin eta aurkeztuko dio OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Kontseilu Nagusiari, hurrengo urtean gauzatzeko.

      OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateak ezin badu egitarau hori osorik atera aurrera, Osasun Saileko zerbitzuei eskatuko zaie laguntza beste inori baino lehen. Hala egokituz gero, hitzarmena egiteko proposamena aurkeztuko da.

      4.-     Bestalde, laneko osasuneko egitaraua betetzeko, zenbait zerbitzu itundu ahal izango da laneko istripu eta gaixotasunetarako Gizarte Segurantzako taramekin -babes-organoek baimena emanez gero- eta koperatiben arloan diharduten helburu bereko beste erakunde batzuekin.

      5.-     Osasun Sailak proposatutako laneko osasunari buruzko ihardueren egitaraua eta, hala badagokio, hitzarmena, zuzendari nagusiak onartuko ditu, aurkeztu eta hurrengo bi hilabeteen barruan, Kontseilu Nagusiak erizpena eman ondoren. Onartu ezean, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari bidaliko dizkio egitaraua, edo hitzarmena, eta erizpen-txostena, Jaurlaritzari aurkezteko. Jaurlaritzak dagokion erabakia hartuko du.

      6.-     Laneko Osasun Unitateak enpresako mediku-zerbitzuen eta laneko istripu eta gaixotasunetarako Gizarte Segurantzako taramen laguntza-zerbitzuei buruzkoan euskal administrazioari aitortutako laneko osasun-alorreko aginpideak erabiliko ditu, ezarri beharreko arauekin bat etorriz, eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin elkarlanean.

12. Atala

      OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen ogasunak eta baliabideak honako hauek izango dira:

a)   Euskal Autonomi Elkartearen aurrekontu orokorretan izendatutako dirua.

b)   OSALANen izenean dauden edo berari atxikitako ondasunak eta eskubideak, eta horien etekinak.

c)   Ikerketa, teknika edo prestakuntzako iharduerak gauzatzerakoan, baimendutako zerbitzuetatik eratorritakoak.

d)   Aitortu dakiokeen beste edozein baliabide.

Erabaki Gehigarriak

Lehenengoa

      OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari atxikiko zaizkio, abenduaren 18ko 2.557/85 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomi Elkarteari eskualdatutako Laneko Segurtasun eta Higienerako Probintziako Kabinete Teknikoen ogasunak eta zerbitzuak.

Bigarrena

      Lege hau indarrean jartzerakoan Segurtasun eta Higienerako Kabineteetan diharduten Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioko langileak OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari atxikiko zaizkio. OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari atxikiko zaizkio, halaber, lege honen bidez Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari aitortutako egitekoetan ari diren Lan eta Gizarte Segurantza Saileko, Osasun Saileko eta Osakidetzako langileak.

Hirugarrena

      1.-     Lege hau indarrean jartzen denetik hasita, lankide-koperatibetako lan-bazkideei eta gainerako koperatibetako lan-bazkideei besteren konturako langileak dituzten enpresetan indarrean dagoen laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko legedia ezarriko zaie.

      2.-     Lege hau indarrean jartzen denetik hasita, halaber, besteren konturako langileak dituzten enpresetan indarrean dagoen laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko legedia ezarriko zaie euskal herri-administrazioetako herri-lanariei.

Laugarrena

      1.-     Kontseilu Nagusia osatzeko, enpresetako langileen eta herri-administrazioetako herri-lanarien ordezkapen-organoetarako hauteskundeetako emaitzei begiratuko zaie. Emaitzen aldarrikapen ofiziala egin eta bi hilabeteko epean osatuko da kontseilua.

      Era berean, Kontseilu Nagusiak eratu ditzakeen batzorde bereziak osatu, dagokion lurralde edo arloko hauteskundeetako emaitzei egokituz osatuko dira.

      2.-     Aurreko lerroaldian ezarritakoaren ondorioetarako, hurrengo arauen arabera lortutako ordezkari-kopuruari begira izendatuko dira kideak:

a)   Ateratako ordezkari-kopuruaren araberako hurrenkeran jarriko dira sindikatuak.

b)   Sindikatu bakoitzak ateratako ordezkarien kopurua zati bat, bi, hiru eta lau egingo da.

c)   Zatiketa eginda emaitzarik altuenak dituzten sindikatuetako ordezkariak izendatuko dira kide.

Aldi Baterako Erabakiak

Lehenengoa

      1.-     Lankide-koperatibek eta euskal herri-administrazioek sei hilabete izango dituzte, lege hau indarrean jartzen denetik hasita, hirugarren erabaki gehigarrian adierazitakoaren arabera ezarri beharreko legediaren aginduetara egokitzeko.

      2.-     Agindu horietara egokitzeko eragozpen berezirik izanez gero, eta lan-agintaritzak zailtasun horiek behar bezala egiaztatzen baditu, urtebeteko epea eman ahal izango da, erakundearen ezaugarriak kontuan hartuta.

Bigarrena

      1.-     OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren aginduz hasiko da ihardunean, lege hau indarrean jarri eta hamabi hilabeteko epean luze jota.

      Ihardunean hasi bitartean, orain arteko zuzendaritzek eta zerbitzuek jarraituko dute erakundearen egitekoak betetzen.

      2.-     OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea ihardunean hasiko den ekonomia-urtealdiko aurrekontua Jaurlaritza Kontseiluak onartuko du, eta hamabost eguneko epean Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Herriogasun eta Diruegitamuen batzordeari jakinaraziko dio. Ekonomia eta Ogasun Sailak behar diren aldaketak egingo ditu aurrekontu hori osatzeko, baina ezin izango du, inoiz, lege hau indarrean jartzen den urtealdiko aurrekontu orokorretako ukitutako diru-izendapenen guztizko zenbatekoa gehiagotu.

Indargabetzeko Erabakia

      Indargabeturik geratzen da Osakidetzari buruzko maiatzaren 19ko 10/83 Legearen 2 c) atala.

Azken Erabakiak

Lehenengoa

      Lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen egitura eta iharduerako araudia onartuko du Jaurlaritzak, Kontseilu Nagusiak adostasuna erakutsi ondoren.

Bigarrena

      Esku ematen zaio Jaurlaritzari, Osasunaren Plan Estrategikoan adierazitako osasun-sistemaren antolaketa berriaren ondorioz, OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari aitortu diezazkion lan-ezintasunen kontrola, zaintza eta ebaluazioa gauzatzeko aginpideak eta egitekoak, eta horretarako baliabideak.

Hirugarrena

      Jaurlaritzak behar diren erabakiak emango ditu lan-arloko arau-hausteei eta zigorrei buruzko legedian ezarritako zigor-ihardunbidea koperatibei eta euskal herri-administrazioei egokitzeko. Ikuskaritza eta zigor-proposamenak OSALANeko zerbitzuek egingo dituzte, eta erabakia Lan Sailak edo Eusko Jaurlaritzak emango du, zigorren zenbatekoa kontuan hartuta.

Laugarrena

      Esku ematen zaio Jaurlaritzari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean indarrean jarriko den lege hau garatu eta gauzatzeko behar diren erabakiak emateko.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra