Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

7/1998 Legea, martxoaren 13koa, Energiaren Euskal Erakundea sortu zuen Legea aldatzekoa.

1998-03-13

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1998/4/2, 63. zk.; EAO, 2011/12/23, 308. zk.

 

§ 213. 7/1998 LEGEA, MARTXOAREN 13KOA, ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA SORTU ZUEN LEGEA ALDATZEKOA

 

ZIOEN AZALPENA

      Energiaren Euskal Erakundea 1982. urtean sortu zen, azaroaren 24ko 9/1982 Legearen bidez, energiaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jarduerak planifikatzeko, koordinatzeko eta kontrolatzeko zegoen beharrari erantzuteko asmoz. Beste administrazio publiko batzuetan bezalaxe, eremu horretan aritzeko tresnarik egokiena, izaera publikokoa izanagatik batez ere zuzenbide pribatuaren menpe egongo zen erakundea izango zela pentsatu zen.

      Harrezkero, Energiaren Euskal Erakundeak eta bere menpe dauden elkarte publikoek egindako lanek energiaren alorrean hainbat eta hainbat alderdiri erantzun diote, aipatzekoa delarik gas naturalaren sektorean izan duten parte-hartzea.

      Energiaren Euskal Erakundea, bai egitura aldetik bai berari dagozkion funtzioen aldetik, energi sektorearen garapenerako zeuden baldintzak eta, oro har, administrazio publikoek jarduera ekonomikoan parte hartzen zuten modua bera ere oso bestelakoak ziren garai batekoa da.

      Europako Elkartean, edo gaur egun Europar Batasuna den horretan sartzeak energiaren erregimen juridikoaren aldaketa fase bati ekitea ekarri zuen; ordurarte merkatua eskaintzaren ikuspuntutik baino ez zen ikusten, monopolio izaerako agenteak zituen eta, bere arauen arabera, jatorrizko itunetan bermatutako askatasun ekonomikoak ez zegoen indarrean jartzerik, batez ere merkantziak batetik bestera askatasun osoz mugitzeaz nahiz nonbait geratzeko askatasunaz zihardutenak.

      Energiaren eremu guztietan gertatzen ari diren aldaketengatik, arautegien egunetik egunerako liberalizazio handiagoagatik, lehen estatuan edo herrialde mailan geratzen ziren merkatu horiek etengabe nazioartera zabaltzen doazelako, eta aipatu ditugun aldaketa horien eraginez, hain zuzen, administrazio publikoen jarduteko modua bera ere aldatzen ari delako, Energiaren Euskal Erakundea sortu zuen legea aldatzea komenigarria eta beharrezkoa da, bere jarduteko modua eta estatutua, estatuan eta nazioartean dauden antzerako beste batzuenekin berdintzeko asmoz. Era berean, Energiaren Euskal Erakundearen jarduteko modua aldatzerakoan beste alde garrantzitsu bat jaso behar da, hau da, energiaren ingurura mugatuta dituen ekintzak, horietatik sortutako sinergiak aprobetxatuz, beste ekintza ordezkatzaile batzuen bitartez osatzea beharrezkoa da.

      Hala, bada, aipatu dugun gai horri buruz Industri Politikaren Planak, 1996ko otsailaren 12an Eusko Legebiltzarrak berretsi eta 1996-1999 aldirako jarduera eremu orokorra ezartzen zuenak, dioenez, industri politikak energi sistemetako aldaketa orokorrak bultzatu behar ditu, mendebaldeko herrialdeetan eta bereziki Europar Batasunean sektore horiek jasaten ari diren joera liberalizatzaileen ildo beretik; energien salneurriak murrizteko bide gisa, lehia sartzea proposatzen dute joera horiek. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoaren energi politika estatukoarekin eta elkartekoarekin bateragarria izan beharko dela eta politika hori eraginkorragoa izango bada, ekimen pribatua kontutan hartu beharko dela ere aipatzen da plan horretan.

      Munduko ekonomia sisteman gertatzen ari diren aldaketek, hots, merkatuen egunetik egunerako liberalizazio handiagoaren ildotik doazenek, jarrera kontinuista eta isolazionista baztertzea eskatzen dute, errealitate berria onartzea eta aldaketa kontrolatzea, alegia. Halaber, beste herrialde batzuetan gertatzen ari den bezala, energiaren merkatuan lehia sartzeak berekin ekarriko ditu beste hainbat jarduera sinergiko, esate baterako, uren banaketen edo telekomunikabideen sektorean zerbitzua ematea.

      Esandakoari dagokionez, Industri Politikaren Planak, energiaren alorreko jarduerak gauzatzeko eta kudeatzeko, Energiaren Euskal Erakundea eta bere taldeko elkarteak jotzen ditu gai horretan politika publikoaren gauzatzaile nagusitzat, eta, zehazteko orduan, berriz, 3E-2005 Planak (Euskadiko estrategia energetikoaren azterketa) ezarritako ildoari lotzen zaio. Agiri estrategiko horretan Energiaren Euskal Erakundea (EEE) Taldeari eman nahi zaion norabide berria agertzen da: oinarrizko beste zenbait printzipioren artean, nabarmentzekoak dira energi azpiegiturak gauzatzerakoan enpresarekiko lehiakortasun-ikuspuntua aintzat hartzea, merkatu librearen eta lehiaren printzipioak baloratzea burutu beharreko ekimen eta proiektuetan, ideia horrekin oinarrizko ekintzak gehiagotzeak zer-nolako garrantzia duen adierazi nahi delarik.

      Horregatik, bada, industri eremurako orokorrean, eta bereziki energiaren eremurako, diseinatu den sektore plangintzaren ondorioz, Energiaren Euskal Erakundeak aurrerantzean izango duen jardunaren orientabide berriak ez dauka zertan, zuzenbide pribatuko erakunde publiko modura, erakundearen pertsonifikazio juridikoaren aldaketa suposatu. Izan ere, aipatutako plangintzak egozten dizkion funtzioen izaerak berak justifikatzen baitu konfigurazio hori. Dena den, Erakunde Administrazioak berak jardungo duen eremua zehazten duten lege aginduetara egokitu behar duenez derrigor bere jarduna, beharrezko da bera sortu zuen arauan aldaketa egotea: alde batetik, orientabide estrategiko berriarekin bat etorriz, bere jarduera eremua zabal dadila, eta, beste alde batetik, erakunde publikoak bere jarduerak garatzeko dituen enpresak elkarte publikoak izan beharra deuseztatu egin dadila, azken baldintza horrek gehiegi mugatzen baititu jarduteko dituen aukerak.

Lehenengo atala

      Energiaren Euskal Erakundea sortu zuen azaroaren 24ko 9/1982 Legearen 4. atala aldatu eta ondoren adierazi bezala geratu da idatzita:

"Energiaren Euskal Erakundeari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak, energiaren eremuan, gaur egun edo aurrerantzean burutuko dituen jarduerak planifikatzea, koordinatzea eta kontrolatzea, eta bidenabar energiaren alorreko beste zenbait eremu sinergikotan, esate baterako urarenean eta telekomunikabideenean, zerbitzuak kudeatzen, eta, hala balegokio, ematen parte hartzea, bere aginpideen barruan, Gobernuaren norabideen arabera".

2. Atala

      Energiaren Euskal Erakundea sortu zuen azaroaren 24ko 9/1982 Legearen 6. atalaren 2. lerroaldia deuseztaturik geratzen da.

Azken Xedapena

      Honako lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra