Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

7/2002 Legea, abenduaren 12koa, osasun arloko aurretiazko borondateena

2002-12-12

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2002/12/30, 248. zk.; EAO, 2011/12/3, 291. zk.

 

§ 249. 7/2002 LEGEA, ABENDUAREN 12KOA, OSASUN ARLOKO AURRETIAZKO BORONDATEENA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Biologiaren eta Medikuntzaren aplikazioen aurrean giza eskubideak eta gizakiaren duintasuna babesteko hitzarmenak, Oviedoko Hitzarmena izenekoak (1997.eko apirilaren 4an Oviedon egin eta Europako Kontseiluko estatu kideek, beste estatu batzuek eta Europako Erkidegoak sinatu zuten), gaixoaren baimenaren gaiaz dihardu II. kapituluan. Arau orokor batekin hasten da kapitulu hori, eta, haren arabera, osasun arloko esku-hartzeren bat gauzatzekotan, esku-hartze horrek eragindako pertsonak bere baimena eman beharko du, askatasunez eta beharrezko informazioa jaso ondoren; esku-hartze horren xede eta izaeraren zein arrisku eta ondorioen gaineko informazio hori aldez aurretik eman beharko zaio, eta egokia izan beharko du. Kapituluaren amaieran, bestalde, hau ezartzen du: gaixoak medikuaren esku-hartze baten gainean adierazten dituen nahiak aintzat hartuko dira, esku-hartze hori gauzatzeko unean bere nahia adierazteko moduan ez badago ere. Horrela, bada, gaixo batek esku-hartze kliniko baten aurrean aldez aurretik adierazitako nahiak informazioan oinarritutako baimena delakoaren zati dira.

 

Informazioan oinarritutako baimena delakoak bazeukan dagoeneko arauen babesa, Oviedoko Hitzarmena sinatu aurretik ere; Osasunari buruzko Lege Orokorraren 10. artikuluan, Osakidetzako Gaixo eta Erabiltzaileen Eskubide eta Obligazioen Kartan (uztailaren 18ko 175/1989 Dekretuak onartu zuen) eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 10.1 artikuluan honako eskubide hauek babestuta zeuden dagoeneko: herritarrek beren osasun-prozesuez informazioa jasotzeko eskubidea, mediku arduradunak emandako aukeren artean askatasunez hautatzeko eskubidea -edozein esku-hartze gauzatzeko aldez aurretik idatzizko baimena emanez- eta zenbait kasutan tratamendua hartzeari uko egitekoa. Eskubide horiek guztiak pertsonaren autonomiaren printzipioaren isla dira; azkenaldian osasuneko profesionalen eta gaixoen arteko harremanetan behar-beharrezko balio bihurtu da printzipio hori.

 

Alabaina, gaixoek beren borondatea aldez aurretik agertzeko aukera, bizi-testamentu, aldez aurreko gidalerro, aldez aurreko jarraibide edo aurretiazko borondate deitutakoa, oraindik berariaz onartu gabe zegoen Estatuko antolamendu juridikoan, nahiz eta azken hamarkadan gure kultur inguruneko herrialde batzuetan arautzen hasita zeuden. Horrexegatik, Oviedoko Hitzarmena berretsita, bidea ireki behar da autonomia-erkidegoek arautu ahal izan dezaten.

 

Lege hau ematen da, hain zuzen ere, herritarrek berei eragiten dieten erabaki klinikoen aurrean beren borondatea aldez aurretik agertzeko duten eskubidea gauzatzerik izan dezaten; eta legea emateko, Autonomia Estatutuaren 18. artikuluak barne-osasuneko gaietan Estatuaren oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearazteko Autonomia Erkidegoari ematen dizkion eskumenak erabili dira.

 

Gaixoen autonomia errespetatu eta sustatzean dago oinarrituta legea, eta, laburra izanagatik ere, aurretiazko borondateen zein haiek jaso behar dituen agiriaren alderdirik garrantzitsuenak zehazten ditu. Beste autonomia-erkidego batzuek irekitako ildotik ez da gehiegi aldentzen, eta zuzenbidearen doktrinan gai honen inguruan agertzen hasi diren ekarpenak aintzat hartzen ditu.

 

Lehen-lehenik esan behar da aukeratu den aurretiazko borondateen ereduak ahalik eta edukirik zabalena duela, bere baitan aukera hauek guztiak hartzeko modukoa: norberaren bizi-helburuak eta balioak agertzea; onartu edo baztertuko diren tratamenduen inguruko jarraibide zehatzak edo ez hain zehatzak ematea; behar balitz, medikuaren edo osasun-taldearen solaskide izango den ordezkaria edo ordezkariak izendatzea; bai eta bizitzaren amaierarekin zerikusia duten bestelako agindu batzuk ematea ere, hala nola organoak edo norberaren gorputza dohainik ematearen gainekoak zein autopsia kliniko edo antzekoen gainekoak. Uste izatekoa denez, aurretiazko borondateen agiriaren edukia ere horixe berori da, pertsonei aitortzen zaizkien eskubideen katalogo baten gisa adierazi bada ere, zuzenean agiriaren beraren edukitzat agertu ordez.

 

Zuzenki arautu da, ordea, agiriaren formalizazioari dagokiona; benetakotasuna ziurtatzeko ahalik eta bermerik sendoenak emateko ahalegina egin da. Horrexegatik, bada, egilearen beraren nahierara, notario baten aurrean, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren ardura duen funtzionarioaren aurrean edo hiru lekukoren aurrean egin behar da agiria, erregistroan inskribatu zein ez. Orobat, agiriaren eraginkortasuna arautzen da, bai eta haren aldaketa, ordezkapena edo ezeztapena ere.

 

Azkenik, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortzea aurreikusten da; hor, aurretiazko borondateen agiriak sartuko dira, agiri-egileek berek nahi badute. Oso tresna baliagarria izango da osasun arloko langileentzat zein gaixoentzat, aldez aurretik agertutako borondaterik badagoen edo ez jakiteko aukera emango dielako, beharrezko denean. Baliagarria izango da, batez ere, erregistro hau beste lurralde batzuetako gisa bereko erregistroekin lotzen bada, dagoeneko badaudenekin edo gerora sortzen direnekin.

 

1. Artikulua - Legearen xedea

 

Hau da lege honen xedea: pertsonek medikuntzako zenbait esku-hartzeren aurrean beren borondatea aldez aurretik agertzeko duten eskubidea gauzatzeko bidea ematea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, horretarako, osasun arloko aurretiazko borondateen agiria arautzea.

 

2. Artikulua - Borondatea aldez aurretik agertzeko eskubidearen edukia osasun arloan

 

1.- Adinez nagusi den pertsona orok, epai bidez gaitasuna kendu ez bazaio eta askatasunez ari bada, eskubidea du bere bizi-helburuak eta balioak nahiz medikuntzako tratamenduen inguruko jarraibideak adierazteko, bere nahia adierazi ezineko egoera batean dagoenean, bera artatzen duen medikuak edo osasun-taldeak errespeta diezazkion.

 

2.- Norberaren bizi-helburu eta balioak adierazteak xede hau du: jarraibideak interpretatzen laguntzea eta gida gisa baliatu ahal izatea, unea iristen denean erabaki klinikoak hartzeko.

 

3.- Eskubidea du, orobat, ordezkari bat edo batzuk izendatzeko, medikuaren edo osasun-taldearen solaskide baliozko izan daitezen, eta ordezkari horri edo horiei bere balio eta jarraibideak interpretatzeko gaitasuna emateko.

 

a) Adinez nagusi den pertsona oro izan daiteke ordezkari, legezko gaitasuna kendu ez bazaio, honako pertsona hauek izan ezik:

- Notarioa.

- Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren ardura duen funtzionarioa edo langile publikoa.

- Agiria egiteko aukeratu diren lekukoak.

- Aurretiazko borondateak aplikatu behar dituzten osasun arloko langileak.

- Agiriaren egilearen osasun-zainketa finantzatzen duten erakundeetako langileak.

b) Ordezkaritzat aurretiazko borondateen agiria egin duenaren ezkontidea edo izatezko bikote-kidea izendatu bada, ordezkaritza hori amaitu egingo da ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa eskatzeko demanda jartzen den unean bertan, edo izatezko bikotea edo elkartze librea era formalean desegiten den unean bertan. Izendapenak indarrik gal ez dezan, epaileak horretarako emandako ebazpenean hala adierazi behar da, ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa gertatuz gero. Izatezko bikotea edo elkartze librea era formalean desegiten bada, agiri berri batean berariaz adierazi beharko da.

 

4.- Tratamenduaren gaineko jarraibideak berdin izan daitezke aurretiazko borondateen agiria egiten duen pertsonak dagoeneko badaukan eritasun edo lesio baten ingurukoak zein gero izan ditzakeenen ingurukoak, eta, orobat, aurreikuspen hauek har ditzakete beren baitan: praktika kliniko egokiarekin bat datozen medikuntzako esku-hartzeetatik zeintzuk onartuko lituzkeen, zeintzuk ez, eta bizitzaren amaierarekin zerikusia duten beste gai batzuen inguruko aurreikuspenak.

 

3. Artikulua - Aurretiazko borondateen agiria

 

1.- Aurreko artikuluan aitortutako eskubideak gauzatzeko bitartekoa da osasun arloko aurretiazko borondateen agiria.

 

2.- Agiria idatziz formalizatuko da, eta agiria egiten duen pertsonaren esku dago ondoko prozeduretako zein erabili behar den erabakitzea:

 

a) Notarioaren aurrean.

b) Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren ardura duen funtzionarioaren edo langile publikoaren aurrean.

c) Hiru lekukoren aurrean.

 

3.- Lekukoek adinez nagusi izan behar dute, jarduteko gaitasun osoa dutenak, eta ezin dute izan aurretiazko borondateen agiria egiten duenarekin ezkontza edo elkartze libre zein izatezko bikote-kidearen bidezko loturarik, ezta bigarren mailako odol- edo ezkontza-ahaidetasunik ere, eta ondare-harremanik ere ez.

 

4. Artikulua - Agiria aldatu, ordezkatu edo ezeztatzea

 

1.- Aurretiazko borondateen agiria egin duen pertsonak edozein unetan alda, ordezka edo ezezta dezake agiri hori, baldin eta jarduteko gaitasuna edukitzen jarraitzen badu, lege honen 2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta askatasunez jarduten badu.

 

2.- Agiriaren aldaketa, ordezkapena edo ezeztapena 3.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera formalizatuko da.

 

5. Artikulua - Eraginkortasuna

 

1.- Aurretiazko borondateen agiria egin duen pertsonak gaitasuna (lege honen 2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera), jarduteko askatasuna eta adierazpenak egiteko modua eduki dauzkan artean, edozein esku-hartze klinikoren aurrean bere borondatea lehenago izango da agirian jarritako jarraibideak baino.

 

2.- Aurretiazko borondateen agiria aldatu, ordezkatu edo ezeztatu egin bada, egiten den azken agiriaren edukia hartuko da kontuan.

 

3.- Aurretiazko borondateen agiriko jarraibideak aplikatzerakoan antolamendu juridikoaren aurkakoak direla ikusten bada, edo agiria egiterakoan egileak aurreikusi zituen baldintzekin bat ez datozela, jarraibide horiek ez direla jarri joko da.

 

4.- Orobat, hartu nahi lituzkeen medikuntzako tratamenduen gainean egindako jarraibideak desegokiak badira jasaten duen patologiarako, jarraibide horiek ez direla jarri joko da. Desegokitasun horiek gaixoaren historia klinikoan aipatu eta arrazoitu beharko dira.

 

6. Artikulua - Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa

 

1.- Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortuko da, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari atxikia, osasun arloko aurretiazko borondateen agiria egiten duten pertsonek, nahi badute, agiria bera edo haren aldaketa, ordezkapena edo ezeztapena inskribatu ahal izan dezaten.

 

2.- Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak printzipio hauen arabera jardungo du:

 

a) Erregistratutako agiriak isilpean gordeko dira, osasun arloko araudian eta datu pertsonalen babeserako araudian aurreikusten diren baldintzen arabera.

b) Aurretiazko borondateen edo aurretiazko jarraibideen beste erregistro batzuekin lotuta egongo da, bai eta osasun-laguntza ematea edo eskueran jartzea helburu duten beste erregistro batzuekin ere.

 

3.- Aurreko idatz-zatian aurreikusitako erregistroen arteko lotura horren xede bakarra da agiri horiek egiten dituzten pertsonen aurretiazko borondateak benetan gauzatzeko bidea ematea; erregistroen artean datuak komunikatzeko ez da beharko pertsona horien baimenik.

 

7. Artikulua - Osasun-zentroari aurretiazko borondateak jakinaraztea

 

1.- Aurretiazko borondateen agiria ez bada inskribatu Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan, agiri hori egileari osasun-arta ematen zaion osasun-zentroan utzi beharko da.

 

2.- Aurretiazko borondateen agiria Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskribatu bada, nahierakoa izango da agiri hori egileari osasun-arta ematen zaion osasun-zentroan uztea.

 

3.- Aurretiazko borondateen agiriaren egileari dagokio agiria osasun-zentroan uztea. Berak ezin badu, haren senitartekoek egin beharko dute, edo legezko ordezkariak nahiz agirian bertan izendatutako ordezkariak, edo, agiria inskribatuta badago, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak berak.

 

Xedapen indargabetzailea

 

Indargabeturik geratzen dira lege honetan xedatutakoaren kontra dauden arau guztiak, bai eta lege honetan xedatutakoarekin bateraezinak direnak ere.

 

Azken xedapenak

 

Lehena

 

Eusko Jaurlaritzak hamar hilabeteko epearen barruan sortuko du Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa.

 

Bigarrena

 

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra