Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

7/2003 Legea, abenduaren 22koa, Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoa Sortzekoa.

2003-12-22

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2003/12/30, 254. zk.; EAO, 2011/11/25, 284. zk.

§ 257. 7/2003 LEGEA, ABENDUAREN 22KOA, GIZARTE HEZITZAILEEN EUSKADIKO ELKARGOA SORTZEKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Autonomia Estatutuko 10.22 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari profesionalen elkargoen arloan eta tituludun lanbideetan jardutearenean, Konstituzioko 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoaren kalterik gabe. Estatutuko artikulu horri jarraiki onartu zen 18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa. Eta, lege horrek 29. artikuluan dioenez, profesionalen elkargo berriak sortzeko, Eusko Legebiltzarraren lege bat beharko da. Lege hori interesa duten profesionalek berek eskatu beharko dute, eta eskariak haiek ordezkatzeko nahikoa indar eduki beharko du eta behar bezala egiaztaturik egon beharko du.

 

"Gizaberri" Euskadiko gizarte-hezitzaileen lanbide-elkarteak Gizarte Hezitzaileen Elkargoa sortzeko eskatu zuen. Segidan, eskaria arrazoizkoa ote zen eta legezko baldintzak betetzen ote ziren egiaztatzeko izapideei ekin zitzaien, eta bete beharreko baldintza nagusietako bat honako hau zen: herri-intereseko nahikoa arrazoirik ba ote zegoen lanbide horretako elkargo bat sortzeko.

 

Gizarte Heziketako ikasketak unibertsitateko ikasketa ofizial bihurtu ziren abuztuaren 30eko 1420/1991 Errege Dekretuaren bitartez: beraren bitartez sortu zen Gizarte Heziketako Diplomatuaren unibertsitate-titulu ofiziala. Gizarte Heziketako Diplomatuaren titulu ofiziala eskuratzeko ikasketen xedea da honako arlo hauetan hezitzaileak prestatzea: heziketa ez-formala, helduen heziketa ez-formala, pertsona moldakaitzen eta ezinduen gizarteratzea eta gizarte-heziketako ekintzak. Hortaz, nahikoa egiaztaturik dago tituluaren beharra, alegia, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeko 23. artikuluan ezarrita dagoen baldintza.

 

Gizarte-heziketak geroz eta garrantzi handiagoa dauka gaurko gizartean, eta gizarte-heziketa hori behar bezala kontrolatzeko eta erabiltzeko ardura duten profesionalek ere bai. Horregatik, elkargo ofizial bat sortzeko premia dago, gizartearen interes orokorrak eta profesional horien interes bereziak modu eraginkor batez babesteko. Bestalde, badago beharrizana lanbide hori zuzen antolatzeko eta lanbide horren deontologia-arauketa gizartearen zerbitzura jartzeko, eta hori, herri-interesaren aldetik, nahikoa arrazoi da beharrizan horri erantzuteko tresna gisako erakundearen modura lanbide-elkargo bat sortzeko.

 

1. Artikulua - Sorrera

 

1.- Honen bidez, Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoa sortzen da. Zuzenbide publikoko korporazioa izango da, berezko nortasun juridikoarekin eta bere helburuak eta eginkizunak legearen pean betetzeko gaitasun osorekin.

 

2.- Lege honetan ezarritakoari jarraituz gobernu-organoak osatzen direnetik aurrera izango ditu elkargoak nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa.

 

2. Artikulua - Lurralde-eremua

 

Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoaren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa izango da.

 

3. Artikulua - Elkargoan kide izan daitezkeenak

 

Gizarte-heziketako unibertsitate-diploma -abuztuaren 30eko 1420/1991 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera eskuratua- duten profesionalak edo eskumena duen agintaritzak homologaturiko beste edozein titulu dutenak sar daitezke Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoan, bai eta bigarren xedapen iragankorrean ageri diren kasuetakoren batean aurkitzen direnak ere, egin beharreko gaitzea egin ondoren, denak ere baldintza berdinetan.

 

4. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarekiko harremanak

 

Azaroaren 21eko 18/1997 Legeko 56.1 artikuluak xedatutakoaren kalterik gabe (lanbideari buruzko gai orokorretan, erakunde arteko gaietan eta elkargoei buruzko gaietan harremanak izateko eskumena duen administrazio-organoari buruz dihardu), Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoak, bere lanbidearen edukiekin zerikusia duten gaien gainean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarekin harremanak izateko, gizarte-gaietan eskumenak dituen sailera joko du.

 

XEDAPEN IRAGANKORRAK

 

Lehenengoa - Estatutuak

 

1.- Batzorde batek egingo ditu eta behin-behinean onartuko elkargoaren estatutuak, lege hau indarrean sartu eta hamabi hilabeteko epearen barruan. Batzordeak kide hauek izango ditu: "Gizaberri" Euskadiko gizarte-hezitzaileen lanbide-elkarteak izendatutako lau kide eta Euskal Herriko eta Deustuko unibertsitateetako lau kide (unibertsitate bakoitzeko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bina izendatuko ditu), eta "Gizaberri"ren lehendakaritzapean jardungo du. Lehendakariak batzordearen lanak antolatu eta bultzatuko ditu, eta boto erabakigarria izango du. Batzorde estatutugilearen lanak ez dira inolaz ere ordainduak izango.

 

2.- Nolanahi ere, behin-behineko estatutuek arautu beharra daukate batzar eratzailearentzako bilera-deia egiteko prozedura. Deialdiak ahalik zabalkunderik handiena izango duela bermatu beharra dago, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta hedapenik handieneko egunkarietan argitara emanez.

 

3.- Behin betiko estatutuak, onartutakoan, batzar eratzailearen aktaren ziurtagiriarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari bidali behar zaizkio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, legearen arabera eginda dauden egiaztatu dezan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindu dezan.

 

Bigarrena - Elkargoan izena emateko epea

 

1.- Estatutuak argitaratu ondoren, ohiz kanpoko gaitzea egiteko eta elkargoan izena emateko bederatzi hilabeteko prozesu bat zabalduko da, xedapen honetan ageri diren kasuetakoren batean aurkitzen diren pertsona guztientzat. Prozesu horren eta dagokion prozeduraren hasiera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, bai eta, gutxienez, Autonomia Erkidegoan hedapen handiena duten bi egunkarietan ere.

 

2.- Prozesu hori hasi baino lehen, gaitze-batzorde bat eratuko da. Batzordeak kide hauek izango ditu: "Gizaberri" Euskadiko gizarte-hezitzaileen lanbide-elkarteko bi kide, Deustuko Unibertsitateak izendatutako bi kide eta Euskal Herriko Unibertsitateak izendatutako beste bi kide (izendapen horiek Gizarte Hezkuntzako diplomaturarekin zerikusia duten pertsonen artean egingo dira). Gaitze-batzordeko lehendakaritza Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkarietako batek hartuko du. Lehendakariak batzordearen lanak antolatu eta bultzatuko ditu, eta boto erabakigarria izango du.

 

3.- Batzorde horrek eman edo ukatu egingo du gaitasuna. Nolanahi ere, ukoa arrazoitua izango da eta interesatuari jakinarazi egingo zaio. Gaitze-batzordeko lehendakariak batzordearen lanak antolatu eta bultzatuko ditu, eta boto erabakigarria izango du. Gaitze-batzordearen lanak ez dira inolaz ere ordainduak izango.

 

4.- Honako hauek dira gaitzeari dagokionez gerta daitezkeen kasuak:

 

Lehenengo kasua.

 

Ikasketak 93-94 ikasturtea baino lehen hasi eta unibertsitate-titulazioa (lizentziatura edo diplomatura) duten profesionalak. Hiru urteko dedikazioa edo esperientzia egiaztatu beharko dute gizarte-hezkuntzaren esparruko lanetan elkargoaren legea indarrean jarri aurreko hamar urteetan.

 

Bigarren kasua.

 

Ikasketak 93-94 ikasturtea baino lehen hasi eta bigarren mailako Lanbide Heziketan gizarte-hezkuntzaren esparruan ikasketa berezituak burutu dituzten profesionalak. Lau urteko dedikazioa edo esperientzia egiaztatu beharko dute gizarte-hezkuntzaren esparruko lanetan elkargoaren legea indarrean jarri aurreko hamar urteetan.

 

Hirugarren kasua.

 

Ikasketak 93-94 ikasturtean hasi eta Eusko Jaurlaritzak onartutako gizarte-hezkuntzaren esparruan ikastaro berezituak burutu dituzten profesionalak. Bost urteko dedikazioa edo esperientzia egiaztatu beharko dute gizarte-hezkuntzaren esparruko lanetan elkargoaren legea indarrean jarri aurreko hamar urteetan.

 

Laugarren kasua.

 

Gizarte-hezkuntzaren esparruan, elkargoaren legea indarrean jarri aurreko hamabost urteetan hamar urteko dedikazioa edo esperientzia egiaztatzen duten profesionalak. Nolanahi ere, lan horietan 1993ko urria baino lehen hasiak beharko dute izan.

 

5.- Gaitzearen bidez elkargoko kide bihurtuko dira titulazio akademikorik ez duten profesionalak. Lege honek aipatzen eta arautzen duen gaitzeak elkargoko kide egiteari buruzko ondorioak sortuko ditu eta ez besterik, eta ez du inolaz ere Gizarte Hezkuntzako tituludunen eskubide akademikoekiko parekotasunik sorraraziko.

 

Hirugarrena - Gobernu-organoak eratzea

 

Elkargoan izena emateko epea amaitu ondoren, elkargoak osoko bilkura baterako deia egin beharko du, gobernu-organoak osatuko dituzten kideak aukeratzeko. Gobernu-organoen eraketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

 

AZKEN XEDAPENA

 

Bakarra - Indarraldia

 

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da indarra izaten.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra